Haurgintza minetan - 5

dakidala, baina zuek ez dakizue ez dakizuena ez dakizuela ezer ere ez dakizuela.
–Aiko, Sokrates! Ez genekien bizirik zegoenik...
Danak egin nahi dute hitz orain. Epaimahaikoak
zutundu egin dira, ta alde egin gura dute. Oholtza gaztez bete da. Hau da nahastea!
–Ya le decía yo a Usted, Madre, que aquí íbamos a
tener follón –moja batek beste bati.
–¿Pero qué palabrotas dices, hija? –moja amak
moja alabari.
–Ezer ulertzen ahal duk? –Felix Astok Martzel Izkori.
–Mikrofonoaren aurren egon den aker itxurako
gazte hori, ez ahal da izan Tabernaberriko Karmentxuren nobioa? Baietz uste dut –Josepak Pantxikeri.
–Zer ikusi behar ote dugu...? –gaztaina saltzaile
batek.

Ni isilik nago, ikusten, entzuten eta idazten. Oraingo abesti berri bat kantatzen hasi da neska-mutil
talde bat.
«Herri bat, hizkuntza bat,
euskara batua da
oraingo eztabaida
bizi;
herri bat, hizkuntza bat,
euskara batua da
gazteen bultzakada
berri.
Hil egiten zaigu,
hil egiten dugu,
hil gure herri;
gure euskara
egin da
mila zati,
euskaldun gazteen
lotsagarri!
Bat euskal berriak,
bat euskalkiak,

bat danok beti,
batu dezagun
euskara
ta ikasi,
berritu dezagun
Euskalerri».
Nahaspila ta iskanbila izugarria sortu da bitartean.
Hemen eztabaidaka, han burrukan; hogei azpian,
hogei gainean, hauek negarrez, haiek kantatzen; neskak irrintzika, mutilak arrantzaka; andrak garraxika,
gizonak orroaka; atsoak aitarenka, agurak onezkoak
egiten..., ta haurrak geldi, isilik, harrixurik. Ele makur,
irain hitzak, laidozko berbak, nonnahi entzuten dira;
nonnahi sastarkeria, zirikeria, zorakeria, zentzungabekeria, gangarkeria, ergelkeria, astakeria..., esan behar
ez diren «keria» guztiak. (Babel gogoratu zait). Gure
hizkuntza irakiten dago buruetan, bihotzetan, eta
mihinetan.
–Aurrera! Hala Jainkoa!
–Afa!
–Jau!
–Atzera! Halajaina!
–Aufa!

–Uf!
–Ba da, ba da, ba da, ba da...!
–Ez da, ez da, ez da, ez da...!
–Ez?
–Ez horixe! Ezelan ere ez!
–Bai?
–Bai horixe! Edozelan!
–Et, et, et...!
–Ep, ep, ep...!
–Op, op, op...!
–Denganinoa! Madarikatua! Barrabasa!
–Jesus, Jaingoiko laztana!
–Zer?
–Ezer ere ez.
–E?
–A!
–Ujuju!
–Aupa!
–Puf!
–Kaka!
–Zoaz popatik hartzera!
–Zer popa ta popa ondoko?
–Zera...!
–Kalabaza errea!

–Txut!
–Ai!
–Oi!
–Ei!
–Arraiopola!
–Aitearen...!
–Tira!
–Utikan!
–Mau mau!
–Bost!
–Ja ja!
–Ondikotz...!
–Ostera...!
–Gero...!
–Pzzzzzz...z!
–Tzzzzzzz...z!
–Beeeeeeee...e!
–Purrrrrrrr... a!
–Trin cas de tri la tro lli lopus se an dosi can de
losde pon des trin pas...
Halako batean, mikrofonora doa gazte bat arineketan. Eta oihuka hasten da.
–Geldi! Geldi, mesedez! Entzun! Entzun, otoi! Isilik! Isilik, arren..., isilik, faborez! Begira: Jopu hil egin

omen dute, ta Don Trifonen txakurrak amorratu, amikatu, egin omen dira, ta honera omen datoz. Oraintxe
etorri da autoan, iheska, haren serbitzari bat. Besterik
gabe, bada, bakoitzak berak jakingo du orain zer
egin...
Egia ote da gazte horrek diona? Dena dela, egiatzat hartu du hemen dagoen jendetzak. Bai, horixe
bai. Bat batean, presaka, lehiaka, tarrapataka, arrapaladan, ba doaz, ba doaz guztiak (Don Trifonen serbitzariak ere bai) nonbaitera. Autobusetara, tabernetara, etxeetara, ahal duten lekuetara sartzen dira behingoan. Plaza inguruko zuhaitzetara ere igo dira gazte
batzuk. Etxeetako ta autobusetako leiho guztiak buruz
bete dira.
Bakar bakarrik gelditu naiz plazan. Huts hutsik
dago hau orain; huts hutsik jendez, baina txapel, erloju, oinetako, gaztaina erre ta gordin, programa, belarrietako..., ta horrelakoz beterik. Eliza goienean dagozen ijitoek balekite hau...!
Tiro hotsa da. Ba datoz txakurrok, antza.
–Ikusten ahal duzu zuk ezer hortik? Ba ahal datoz
txakurrok –galdetzen dio Bartolok Basiliori, beheko
leiho batetik goirengo leiho batera.

–Ez dut ezer ikusten, ez. Ez dira ageri. Baina laister agertuko dira tiro hotsa da ta; zaunka hotsa ere
bai.
Egia dio Basiliok. Bai, zaunka hotsa da. Txakur
kontu hori kontu bat izango zelakoan nengoen ni
baina...!
–Au! Au! Auu...u!
–Ba datoz!
–Bai, ba datoz!
–Ba datoz...! Ba datoz...! Ba datoz...!
Oihartzun ibiltari bat bezala, leihorik leiho doa
deiadar estu ta larria, ta irakiten dagoen marmara ta
iskanbilan itotzen da.
Zaunka hotsa eta tiro hotsa entzuten da; baina
auto hotsa ta algara hotsa ere bai.
–Au! Au! Danba, danba! Kar kar kar! Au! Au! Au! Ja
ja ja! Auuuuuuu...u! Kir kir kir! Auuuuuuuuuuu...u!
Auto bi agertzen dira. Arin datoz. Baina autoetan
ote datoz, ba, txakurrok? Bai zera! Ez dira txakurrak;
neska mutil batzuk dira, txifa txakurren mozorroz jantzirik. Ba nengoen, ba, ni...!
Tiroka ta biraoka hartu dituzte ekidazuarrek.
Baina aurrera doaz gazte zorook. Eta kalerik kale, ari-

neketan, hiru lau buelta egin ondoren, ihesari ematen
diote Botxoarantz.
–Gezurra izan da txifa txakurrena!
–Jakina!
–Holakorik!
–Haundiagorik...!
–Zer garala uste dute, ba? Haurrak?
–Adarra jo digute hoiek ederki!
–Aluok halakook!
–Beren aita ta amari parre egiten joan daitezala,
gezur jario engainatzaile hoiek!
–Ikusten ba ditut ikusi ikusiko dute...!
–Ez ahal dago agintaririk herri honetan?
–Zintzilikatu holakoak!
–Zintzilikatu ez baina...

–10–
Ordubietako trena ba doa.
Ilundu egin du pizka bat. Negarrez hasiko ote
zaigu, bada, berriz ere, eguzkia?
Zigarro bat biztu du Simon Berritsuk. Ez da egon
hitz sinonimuen sariketan. Gezalara joan beharra izan
du, hango estazioko jefearekin egotera. Ez daki ezer.
Obeki esanda, oraintxe bertan esan dio Enekoneko
Andresak zer jazo den.
–Bai zera? Ez dot ezer jakin, Andresa. Oraintxe
etorri naiz etorri ere Gezalatik eta... Gazte batzuk izan
direla diozu? Zoro gaztea beti! Gure Finiri ere beti esaten diot nabarmena ez izateko baina, alperrik da...
Mantsotuko dira hemendik urte batzutara, berez, bai
horixe! Biaje bat egiteko trena lakorik ez dagoela esaten dot nik beti baina, gaur aspertu naiz trenean gazte
gogaikarri batzukin. Jesus! Haiek izan dira izatekoak...! Pizkatxo bat ongi dago baina, hainbeste ere...
Neskak izan dira gehienak, gainera. Oso nabarmen
jantzirik (modara jantzirik ez joatea izango da laister
moda), kantuka etorri dira. Pop, camp, folk, in, maxi,
mini..., ez dakit nik zer esaten izan duten, erdiak ere

ez bai dizkiet ulertzen gaurko gazteei. Buruko mina
ematen dit, Andresa, gogoratzeak bakarrik ere. Haiek
erabili dute kantuaren kantua...! Zera..., ba ahal dakizu Botxoakoa? Ez? Lehentxoago esan omen du irratiak, ba! Jakina: orain, telebisioa dagoenetik, inork ere
ez du entzuten irratia ta... Ba, Andoni Botxoan atxilotu dute, baina Jopu ez da agertu oraindino. Ekidazun
ere nahaspila edo iskanbila haundia sortu dela diozu
baina, hangoa ere izugarria izan omen da. Zirritokiko
Don Gregorio ere atxilotu egin dutela entzun dut;
baina laister libratuko dutela diote. Koldo ta ere beste
nonbaitera eraman dituzte. Nire adiskide batek ikusi
ditu daramatzitela..., era ezin kendu izan omen diote
mozorrorik... Itxaron, itxaron, oraintxe joango zara,
Andresa. Esan, mesedez, zuen Pedrori fulboleko postura lehengotan dagoela, ba daki berak. Ez ahal zenekien partidua telebisatzen dutenik? Neuk ere ikusi
nahi nuke baina, ba dakizu, behin ardura bat leporatu
ezkero... Finik ez zuela jokatuko esan zuten atzo,
baina jokatzen omen du. Fini esan dut? Barka esaidazu, Andresa. Fini, nire alabaren izena da; Tini esan
nahi izan dut. Zerak zera zertu duela ere hor zereko
zerean... Agur, Andresa, gero arte.

Egia ote da Botxoakoa? Joan egingo naiz, badaezpada, Botxoara.

Botxoara joatekotan nengoelarik, Urruxa, Urderen
arreba etorri zait.
Hiru mahats orri berdez jantzirik, oso majarik etorri da. Kontutatu barik, nire mahats orria okertuta euki
dut eta, zuzendu egin dut berehalaxe.
–Kaixo, iratxo!
–Urruxa, aspaldiko! Zer moduz?
–Ongi, iratxo. Ta hi?
–Hemen negon, lan ta lan.
–Beti bezala.
–Ez...
–Ba zekiat. Urdek esan zidak zertan ari haizan.
Hire bila ibili nauk, baina kosta zeidak hi aurkitzea.
–Hemen egon naun. Zer nahi dun, ba?
–Hiri lagundu.
–Zertan?
–Idazten.
–Idazten?
–Bai. Hi eskuz idazten ari haiz baina...
–Baina zer...?

–Obe duk makinaz idaztea. Argiago, errezago ta
arinago idatzi dezakek honelan.
–Ez dinat uste. Ba dinat idazteko makina bat, eta
argiago, bai, idazten dinat harekin, baina errezago ta
arinago ez; nik ez, behinik behin.
–Baina ez ahal duk ezagutzen Ximist, oraintsu
agertutako makina berria?
–Nolakoa dun makina berri hori, ba?
–Berez idazten duna.
–Berez...?
–Bai; hik esan ta harek idatzi.
–Ta non zegon makina zoragarri hori?
–Botxoan.
–Oraintxe bertan nengonan haraxe joatekotan.
–Ba, hator. Neure egazkin berrian joango gaituk.
–Ea, ba.
Esan ta izan, ba goaz Botxoarantz Urruxa ta ni.
Ostikada bateaz apurtutako txindurri pilo bat ematen
du goitik Ekidazuk. Eta oraindino han dagozan edo
oraintxe handik doazan autobusak txindurri arrautzak
dirudite. Hemendik irten, han sartu, batera ta bestera
dabiltza txindurriak. Ez dut jakin nahi nolakoa izan den
hango nahastea!

Geroa ta txikiago egiten da Ekidazu. Neska gazte
baten jantzi nabarmen bihurtu da. Mosaiko baldosa
txiki bat. Laino.
Laino tartetik doa nire ama ere, lau zaldiko gurdi
batean. Eate ta Hodei daramatzi bere ondoan, ekaitzak, harri erauntsiak eta euri jasak beren eskuetan
dituztelarik. Agur egiten digute, ta trumoi hots izugarria entzuten da.
Halako batean, aireko erraldoi bat agertzen da
gure aurrean burrunbadaka. «Boeing 727» bat da, eta
tiburoi bat bezala dator gureganantz.
–Kontuz, Urruxa! Joko gaitin...
–Ez hadi ikaratu. Ikusten diat. Ez goitik joko. Gora
jo du, orduan, Urruxak, eta eguzkitara atera gara.
Hauxe bista zoragarria, benetan: aitzinean, eguzkia
irriparreka; elurra bezalako laino matazak gure oinetan, laino zurizko itsaso bare bat; erreaktore bat
goian, abiada ikaragarrian bere sudur zorrotzaz haize
ta soinu-ezia urratzen, ta atzetik darion ke zuriaz
mozorroak egiten, gure Mari-k lurpeko jauregietan
dituen antzekoak; eta goi goian, zabal zabalaren
zabalean, inor ageri ez den neurrigabetasunean:
hutsaren huts hutsa.
–Liluragarria dun hau, Urruxa.

–Hala duk.
–Baina ezin bizi hemen.
–Ez, egia duk hori ere.
–Ametsezkoa dun hau.
–Bai. Zeruetan edo lurpetan, ametsetan bizi gaituk
gu gehienetan.
Berriz ere, laino tartera sartu, eta berehalaxe jatsi
gara Botxoara.
Simon Gezurrek esan duena gezurra izango zen.
Bai. Ez dut uste nobedaderik dagoenik Botxoan.
Denda batera eraman nau Urruxak. Dendako ateburuan Idaz-Mak irakurri dut. Idazteko makina mordo bat
erakutsi dizkit, zein baino zein ederragoak. Eta, azkenez, Ximist hura erakutsi dit. Ikusgarria, benetan!
Hain zuzen ere, magnetofono batek hitzaldi bat hartzen duen bezala, Ximist -ek hartu ta idatzi egiten du,
gainera, hitzaldia.
Pozaren pozez, jauzika hasi naiz, eta bi musu
eman dizkiot Urruxari.
–Goazen, Urruxa, kopau bat hartzera. Hori baino
gehiago ere merezi dun hik baina... Ximist hartu
besartean, ta, denda hartatik irten baino lehen, azkonarraren erpa bat utzi du Urruxak, haren ordez, hura
egon den lekuan.

Arri-Uri tabernara joan gara kopau bana hartzera.
Igel bina jan ditugu, ta Bilboko ur kopa bana edan.
–Ba ahal dakik Arri-Uri izen horrek zer esan nahi
dikan?
–Jakingo ez dinat, ba! Harriz egindako uri bat esan
nahi din Arri-Uri-k.
–Ez, ba!
–Ez?
–Deitura biren bidez asmatutako ta atondutako
izen bat duk hori, taberna honen jabeen deiturekin.
Arrizabalaga Kepa ta Uriarte Iñaki ditut jabe bi hoiek.
Ulertzen ahal duk?
–Bai, bai.
Bilboko ura (txanpana esaten diote Ekidazun)
beste iri batzutakoa baino indartsuagoa omen da
(farolak ere argitsuagoak dira). Dena dela, txoro
morotu, txolindu egin gaitu. Eta, jakina, ezkonberri
batzuk bezala ibili gara Urruxa ta ni Botxoako kaleetan zehar paseatzen.
Eguberri usaia ematen izan du iriak. Ordubiak eta
hogei izan dira Madmonen elizako erlojuan. Eta eliza
haren aurreko enparantzan dagoen Eguberri-Zuhaitza
negarrez egon da, lehentxoago egin duen euri zapa-

rradagaitik, eta negar malkoak dizdizka jausten izan
zaizkio bere azpiko ispilura.
Izar haundi bat agertu zaigu kale ertz batean, bere
buztan luze ta guzti. «Calzados Pepe» jarri du norbaitek, letra gorriz, izarraren erdi erdian.
Arno kalea txikiteruz gainezka egon da: edan eta
txiza egin, txiza egin eta edan..., eta bien bitartean:
fulbola, andrak, jornala, politika, fulbola, andrak, jornala, politika, fulbola...
Arno kalea ezeze, beste kaleak ere gainezka egon
dira autoz eta jendez. Autoa hemendik, autoa handik,
norako ote du hainbeste presa jendeak? Jendea
hemen, jendea han, jendea, jendea, jendea... Eta
herria?
«Hor dago, hor dabil
jendea:
artalde,
uholde
nortasun gabea.
Hor dago, hor dabil
herria:
gizarte,
elkarte

nortasun zalea;
herria,
zurea,
nirea,
gurea...
Berriketak
eta berrikeriak,
esloganak
eta azalkeriak:
jendearen amets
ta gidariak.
Magnetofonoa,
tximino zoroa,
dirudi jendeak.
Elkar hizketak,
ikastola berriak,
errefranak
ta zaharren egiak:
herriaren maisu
ta gurariak.
Pertsonen gogoa,
nortasun sendoa

nahi du herriak».
Ekidazura itzuli orduko ia hiru t'erdiak egin zaizkigu. Bazkal ordua.
Basamortu bat bezala egon da herria. Lagun gutxi
ageri izan da kanpoan. Haurrak bakarrik, Ekidazuko
haurrak: neguko loreak, etorkizunaren egun sentia,
bihar etziko gizon ta andren landareak, mintegia...
Izadia lozorroan egon da, bazkal ondoko lo kuluskada egiten, neguaren gelan.
Bat batean, neguari deika, araoka, atarraldika,
hasi da Urruxa.
–Negu! Negu! Negu mingarri ta beldurgarri hori,
non hago? Zertan hago? Itzartu hadi. Udaberri hire
zain zegok, hire sabel ezkutuan, hik noiz askatuko. Zer
diok? Ezetz? Zapaltzaile zantarra...! Ba, hik nahi ez
arren, neuk askatuko diat Udaberri. Bai. Ikusiko duk
laister. Astindu, inarrosi egingo haut, eta sabela lehertu egingo zaik nire bultzadaz. Estu ta larri egongo haiz
erditzaren oinazetan, eta hire errai ilunetatik Udaberri
jaioko duk, gazte ta libre, hazi berriz, lore berriz, ta
itxaropen ta poztasun berriz apaindurik.

Bazkaltzeko konbite egin diot Urruxari, baina bere
etxera joan da. Ni ere, Ximist besartean harturik neure
etxerantz joan naiz bazkaltzera.
Simon Berritsu bazkalduta egon da ordurako, hiru
t'erdietako trenaren zain, esku artean euki duen txistuaz kurkuluxetan jokatuz. Sei zortzi gizon ta lau bost
andre izan ditu bere inguruan, eta arretaz entzuten
izan dute haren bakar hizketa.
–Hitz sariketaren antolatzaileak haserre omen
dagoz. Arrazoia dute. Hizkuntzaindira bidaltzeko karta
bat idazten ari omen dira, orain, tabernaren baten.
Ekidazuko taberneruak ere haserre dagoz ta kristorenak esan dituzte. Bai ba! Botxoan atxilotu omen dituzte gazte adar-jotzaile ganorabako haiek... Baina haundiena Andonirena ta Jopurena izan da. Ez ahal duzue
ezer entzun? Ba, hau egia da: Andoni ta Jopu hilda
agertu dira, biak bai, Gezalako hondartzan. Ez dakite
nor izan den hiltzailea..., edo hiltzaileak, bat baino
gehiago izango ziren, beharbada, ta. Tiroka hil omen
dute Jopu. Andoni ez, Andonik ez omen du tiro seinalerik. Gizajoa! Haren aita ere oso gaizki omen dago, ta
ama ta arreba erdi zoraturik... Ez duela ezer jakin nahi
ta ohera sartu dela Don Trifon esan dute, ta giltzatu
egin duela bere gelako atea. Baina oraindino haundia-

goa ere entzun dut. Entzun hau, eta zeuei bakarrik
esango dizuet, eta ez dezala, mesedez, beste inork
jakin, hara: Olazaharko Amaiak bere sabelean daukan
umea Andonirena omen da. Zer deritzaiozute? Haundia da gero! Ez, zihur-zihur ez dakit baina... Nork daki
zihur, ba? Dena dela, Andonik ez du ikusiko Amaiaren
semerik. Zer egingo dugu, ba? Mundu hau holaxe da
ta... Demetria! Demetriaaa...a! Gortu egin zara ala?
Ba dator trena...! Katarrotu egin da ta, gortu ere bai,
antza; Fini, ostera, Jainkoari eskerrak, oso ongi dabil;
gazte egon ere ta... Arratoi bat arrapatu du, gaur goizean, gure katu beltzak... Behia hil zaio Brauliori... Fulboleko partidua bostetan hasiko da... Irratian entzun
dut... Telebisioan ikusi dut... Periodikuan irakurri dut...
Jendeak dio... Urliak... Sandiak... Berendiak...
Ba datoz Simonen hitzak. Ba doaz Simonen hitzak.
Ba dator trena Ekidazurantz. Ba doa trena Gezalarantz.
Ba datoz antzarrak laino artetik. Ba doaz antzarrak
laino artetik.
Aeroplano bat dator mendi oste batetik, aeroplano
burrunbari bat. Ba doa aeroplanoa mendi osterantz.
Ba datoz lainoak. Ba doa eguzkia.
Ba dator denbora. Ba doa denbora.

Ba dator negua. Ba doa negua.
Ba datoz gazteak. Ba doaz zaharrak.
Ba datoz... Ba doaz...
Dana dator, etorri dator; ni ere ba nator.
Dana doa, joan doa; ni ere ba noa.

–11–
Hanka jokoari daragoio telebisioak. Inoizkorik ondoen omen dago Espainako ekipoa. Laister ikusiko dugu.
Buruzehur elkarteak bostetan egiten izan du
(aspaldiko urteotan bai behinik behin) urteroko bilera
nagusia. Baina aurten aurreratu egin du, gero fulboleko partidua lasai ikusteko.
Kanposantu ondoko bidegurutze batean bildu dira
elkartekideak. Batzar gutxi egiten dituzte Buruhezur
elkartekoek. Honetan molde zaharrekoak dira. Izan
ere, molde berrikoak balira, batzar asko egingo lituzkete.
–Gerrikagoitia Serafin.
–Bai!
–Manterola Enrike.
–Aurrera!
–Lopetegi Felisa.
–Hemen nago.
–Egiluz Ziriako.
–Eup.
–Agirrebengoa Maria Elena.
–Bai...

Ekidazuko jakintsu taldea ere batzarrean dago.
Atzo ere batzarrean egon zan; bihar ere batzarrean
egongo da. Molde berriko elkarte denez gero, batzar
asko egiten dituzte jakintsuok. Katalin kafetxeko gela
batean dagoz orain. Zigarro kondoz beterik dituzte
hautsontziak. Kopak, ordea, hutsik.
–Aurrerapide haundiak egin ditugu aspaldion egin.
–Baina, hala ere, planifikazio on baten premian
gagoz.
–Bai, egia da.
–Irakurri ahal duzue Cunningham-en liburua: Western Civilization in its Economic Aspects? Oso interesgarria da. Erreza, gainera, irakurtzeko.
–Ni Récréations et passétemps irakurtzen ari naiz.
–Norena da hori?
–Zerana: d'Allemagne-rena.
–Nik Feldhaus-ena erosi nuen lehengo batean
Munich-en.
–Zein?
–Lexicon der Erfindungen und Entdeckungen auf
den Gebieten der naturwissenschaften und Technik.
Konsulta liburu ona, benetan.

–Bai, ezagutzen dut. Liburu ederra. Orain dela
hamar urte erosi nuen nik hori New York-ko liburutegi
zahar batean.
–Ongi ahal dakizu zuk alemanez hitz egiten?
–Ongi hitz egitea ez da erreza. Baina irakurri ta
idatzi itxura batean egiten ditut.
–Ikasteko errezena inglesa da.
–Gaur ikusiko ditugu inglesok partiduan.
–Pitxik jokatzen ahal dau?
–Ez dut uste.
–Baietz esan du, ba, telebisioak!
–Esango zuen baina...
–Esan gauza asko esaten dira ta...
Batzarrean dago, bai, Ekidazuko intelektual taldea, batzarrean mundu konpontzen.
«Gure herriko jakintsua,
intelektuala,
hitz politen jaun ta jabea,
beti goitik behera
begira zaudena,
baina behin ere lurra
ikuitzen ez duzuna,
gauza onak eta txarrak

ezagutzen dituzuna,
herri maitale paregabea,
tertulia bakoitzean
mundu bat konpontzen duzuna:
zure bultzaren zai dagoen herria
ez ote da aspertuko
zuri begira?»
Gezalako haundikiak ere batzarrean egongo dira.
(Txikikiak ez dute izaten, sarri askotan, batzarretarako astirik). Botxoako haundikiak ere bai. Ekidazuko
hitz sinonimuen sariketara etorri diren hizkuntzalari
batzuk ere bai, Botxoako barren batean. Baita hitz
sariketaren antolatzaileak ere Tabernaberriko jantokian.
Molde zaharrekoak dira baina, txakurrak ere
batzarrean dagoz Don Julian medikuaren etxe inguruan, txakur eme bat du harek eta.
Urteberri eguna izan arren, beste asko ere, beste
toki askotan, batzarretan egongo dira, dudarik gabe,
zertarako edo hartarako, batzarrak egitea premiazkoa, derrigorrezkoa, nahi ta nahi ezkoa baita gaur.
Batzar bat ez egiteko ere batzarra egin behar; batzar
bati boikota egiteko ere batzarra egin behar.

«Atzo batzarra,
gaur beste bat;
bihar batzarra
berriz daukat.
Batzarra hemen,
batzarra han:
beti nago ni
batzarrean».
Batzar gizaldia dugu, izan ere, oraingoa. Batzarra
hemen, batzarra hor, batzarra han. Batzarra egin genduen, batzarra egiten gagoz, batzarra egingo dugu.
Gaurko batzarra atontzeko bildu ginen atzo. Biharkoa
atontzeko bildu gara gaur.
Batzarra batzarraren gainean! Eta, jakina, ez du
inork ezertarako astirik, batzarrak berak egiteko ere
ez. Bai ba! Hainbeste batzarrekin, ezin danetan egon.
Gainera, batzar bat nola egiten den ere ez da jakiten
azkenean, ahaztu egiten da.
Batzar asko egin dira ta egingo dira Urteberri egun
honetan. Baina gaurko batzarrik inportanteenak telebisioaren aitzinean egingo dira, eta telebisioa bera

izango dute batzar buru. Zenbat miloiren batzar buru?
Batek ba daki!
Juan, Andoni, Koldo, Don Trifon, Jopu ta gainerakoak bertan behera utziko dituzte ekidazuarrek ordu
pare batean.
Ia bostak dira, eta biztuta dagoz telebisinoak etxe
guztietan. Ez, etxe guztietan ez. Oxinan eta Zabalan
ez dituzte biztu, ez bait dute oraindino telebisiorik
(haundia da!). Olazaharkoek ba dute izan, baina itzalita dute, eta biztu ere ez dute egingo denboraldi
batean beren aita izan zenagaitik.
Hasi diran batzarrak.
–Señoras, señores, ¡muy buenas tardes! –dio telebisioak.
–¡Buenas tardes! –erantzuten dio Don Julian medikuaren emazteak.
–Lehenengo gola Espainak sartuko balu...! –dio
bere baitan Enekoneko Paulinek.
–«Montecristo» bat ekarzu –eskatzen dio Santi
indianoak bere emazte gazteari.
–«Montezier» bat ekarzu –eskatzen dio Martzel
Izkok bere emazte zaharrari.
–Tráeme un «voltigeur» –Don Julian medikuak
emazteari.

–Zagozte isilik, ba! Ezer entzuten ere ez duzue
uzten zuok! Egon isilik edo joan kanpora! Ez duzue
entzun ala? –deiadarrez Pinuetako Faustinok bere
seme-alabei.
–Ilunegi dago hori. Argitu ezazu pizka bat. Ez, ez,
hainbeste ez..., hortxe! Hori da ta! Oraintxe bai ikusten da ondo –Ibargureneko Serafinek, butaka zabal ta
apatz batean erdi etzanda dagoelarik.
–Hasi ahal da? –Simonek Demetriari gelditokiko
telefonotik.
–Ez, oraindino ez, baina laister hasiko da –Demetriak.
–Ene! Pitxik ere jokatzen dau –askok.
–¿Qué nos hará hoy España? –galdetzen dio Don
Julian medikuari bere alaba gazteenak.
–Ganar –erantzuten dio Don Julianek.
–Zer egingo egingo du gaur Espainak, aita –galdetzen dio Belarrinagako Kandidori bere seme gazteenak.
–Galdu –erantzuten dio Kandidok.
Felix Astok ez dio ezer. Mututu egin da, ta urduri,
ezinegonez, dago. Txokor bat eta lau zigarro erre ditu
segituan. Obeki esanda, erre ez, jan baizik.

Hamaika ta hamaika, jokalariak aurrez aur dagoz,
prest jokatzen hasteko. Haien inguruan dagozanak
(ehun mila aldera) txaloka, txistuka, orroaka, irrintzika ari dira.
Hasi da partidua. Ikusleak isildu egin dira berehalaxe. Ederki jokatzen du Espainak. Bai, hasiera ona
eman die espainatarrek. Erdiko aurrelariak du baloia
orain. Ingles ile luze bat doakio arineketan. Baina
espainatarrak ezkerretarantz jaurtikitzen du indartsu
baloia, inglesa hurbildu baino lehen. Han dago ezkerreko aurrelaria zain, ta ederki hartzen du baloia bere
paparrean; ta, berealaxe, baloia hanka tartean eta
inglesen atzelari bat alboan daramatzilarik, arineketan hasten da. Tximista bezala doa aurrerantz, fulboleko kanparen ertz ertzetik. Korner ondora ailegatu, ta
gelditu egin da bat batean. Hiru lau keinu ikusgarri
egiten dizkio atzelariari, ta driblatu egiten du azkenean, eta erdirantz, inglesen porteriaren aurreko alderantz, jaurtiki baloia bere hanka, ezkerraz. Bost espainatar eta zortzi ingles dagoz han, porteriaren aurrean.
Eta, baloia hartzean, bultzakada bat eman eta lurrera
botatzen du ingles batek espainatar bat.
Jendea txistuka hasi da. Baina arbitroak ez omen
du ezer ikusi, edo ez ikusi egin du.

Azkenez, baloia kanpora joan da.
–Penalti izan duk hori! –batek.
–Bai, bai, penalti izan da! –besteek.
–Ez dago deretxorik horretarako –gehienak.
–Penalti! Penalti! Penalti! –guztiek.
–Nor da penalti? –Josepak.
–Me parece que a este «arbitrucho» lo han comprado los ingleses. Lo demás no me explico cómo ha
podido hacer la vista gorda. No hay derecho a eso
–Don Julianek.
Hasiera ona eman dio, bai, Espainak. Gero izango
dira kontuak.
Neskamea datorkio Don Juliani errekaduren hatekin.
–Señor, le llaman por teléfono.
–¿A mi?
–Sí, señor.
–¿Has preguntado quién es?
–Sí, señor. Es Nicasio el de Bolu.
–¿Qué quiere Nicasio?
–Dice que su padre se ha puesto malo.
–¡Vaya, hombre! A algunos se les ocurre ponerse
enfermos precisamente a la hora del partido...

Gustora ez baina, telefonora doa Don Julian. Iturriberriko Tomasen behi bat ere oraintxe dago txala egiten. Eta, jakina, haserre da Tomas.
–Sartu ahal du golik Espainak? –galdetzen dio
emazteari.
–Ez, oraindino ez.
Eguzkiari, ordea, bost ardura dio fulbolak. Agurka
ibili da oraintxe puntuan laino montor beltz baten
ostetik, bere izpi epelekin izadia samurkiro laztanduz.
«Eguzkia joan da
bere amagana;
bihar etorriko da
denbora ona bada».
Argi indarra ere joan egin da. Eta ehun mila hegiren aurrean (ehun mila esakera bat da) itzali egiten
dira telebisioak. Besterik ez da falta izan...!
–Hau ere ba da! Aste osoan lanean pozik ibili gero
lasai partidu bat ikusteko..., ta kaka, horixe, kaka!
Berdin beti. Goizaldeko hiruretan, behar ez denean, ez
da joango argirik..., ez, orduan ez, egon seguru. Lotsa
galdukook halakook! Esan dut nik, partidua hasi
aurretik, bai: Partidua osorik ezetz ikusi? Eta esan ta

egin. Beti pasatzen da zer edo zer holako orduan...
Argia, berriz, etorri egingo ote da gero? Ezetz egingo
nuke postura –dio haserrez Felix Astok.
–Itxadon pizka batean, laister etorriko baita berriro argia –dio Pantxikek.
–Hau da itzela! –Martzel Izkok.
–Trumoiagaitik edo kenduko zuten argia –Santi
indianoak.
Besterik ezean, transistorak biztuten dituzte etxerik gehienetan. Ikusi ezin bada partidua, entzun
gutxienez.
«... saca de puerta Atzapar. Lanza el balón muy
lejos. Lo recoge Tini, que se lo pasa rápidamente a
Pitxi, que avanza, dribla a un contrario... Sigue avanzando Pitxi, y sigue driblando contrarios. Se interna en
el área de los ingleses. ¡Atención! Peligro para los
ingleses. Pitxi sortea a un contrario más, y chuta fuerte... ¡Ay! ¡Fuera! Ha salido fuera el balón rozando el
larguero cuando ya en los graderíos se cantaba el gol;
es que, ciertamente, el balón llevaba marchamo de
gol. ¡Qué gran jugada personal de Pitxi, señores radioyentes! ¡Formidable! ¡Increible! El jugador número
doce aplaude a rabiar. Y Txipi..., perdón, queremos

decir Pitxi, levanta su mano derecha en señal de agradecimiento.
Saca de puerta el cancerbero ingles...».
Lehen begiak euki dituzte telebisioan ekidazuarrek. Orain, belarriak transistoretan. Eta gogo-bihotzak partiduan. Bien bitartean, erre ta erre, hautsontziak bete ta hustu egiten dira; edan ta edan, kopak
bete ta hustu.
Egia haundia gure olerkariak diona!
«Hustu gaituzte
tiroz ta fletxaz,
likorez,
putaz,
fulbolez,
zezenez,
boseoz,
Urtainez,
likorez,
putaz.
Hustu gaituzte.
Hustu,
usteldu...
Bizioetan.

Prostituzio berria,
kapitalismo berria,
estranjerutik ekarria.
Hustu gaituzte,
hustu,
usteldu.
Poetak,
iturriak
isildu ziren.
Hil zaigu dana.
Eta poetak
uste
du
ezerk ez duela ezer balio.
Hustu gaituzte».
Egia haundia da hori; baina ez egia osoa. Hustu
gaituxte, baina poeta guztiak ez dituzte hustu. Ez horixe! Ba dagoz, ba dagoz, zorionez, oraindino, poeta
jator eta bete batzuk, herriaren amets, bizi nahi,
bihotz ikara, ta asmoak, zirt edo zart, lau haizetara
iragartzeko; herriaren barne lokartua esnatu ta indartzeko. Ba dagoz, bai, han hor hemen, olerkariak, eta
etorri haundikoak gainera.

«Olerkari txit bizkor,
gau hodeitsu ilunean
oinestarri diztikor.
Herriak lo ameskor,
olerkari kantari
goizeko urretxindor.
Gogo motel garaian
olerkiaren gatzak
min herri bihotzean.
Oi, olerkari sutsu!
zure urre gogoan
maitasunak loratsu».