Haurgintza minetan - 2
Txalo hots itzala, esku-zarta etengabea. Isiltzeko,
mesedez, eskatzen die bizartsu batek. Eta isildu egiten dira. Orduan, zutitu egiten da betaurreko beltzdun
bat eta bertso batekin erantzuten dio hizlariari.
«Paradisua mundu honetan
egiteko ahalegina:
konsolagarri liteke, hizlari,
gizasemeak ez bagina.
Zer da bizitza? Zer da gizona?
Ez ahal da alperreko grina...?
Ezti izango dugulakotan
beti edaten ozpina...
Nortzuk gara gu? Zertzuk gara gu?
Ez ahal gara amets ezina?»
Bertsolari eskolatua hauxe! Buruz ikasitako bertsoren bat izango da, Ekidazuko esistentzialistaren
batek asmatutakoa edo. Dena dela, eztabaida sortu
du. Hizlaria eta bertsolaria ari dira eztabaidaka. Ez,
biak bakarrik ez; entzuleek ere parte hartzen dute
orain, eta geroago ta biziago, beroago, gogorrago,
zaratatsuago egiten da eztabaida.
–Baina zer dala ta hori...?
–Ez duzu arrazoirik!
–Gezurra da hori!
–Egia da!
–Zera da!
–Ba da!
–Ez da!
–Zerak dio...
Halako batean, isiltzeko agintzen die sasoiko
morrosko batek. Eta jabeak isiltzeko agindu dion txakur zaunkalaria bezela, isildu egiten dira. Eta hitzaldi
bat egiten hasten da morrosko hau ere.
–Baina zergaitik ari gara eztabaidaka alperrik? Ez
ahal dakizue zuok hau: Sena haundi, buruausteak
haundi? Edo beste hau: Jakintza asko, atsekabea ere
ugari? Eguzkipean egiten den guztia aztertu dut, eta
hara: dena huts eta gogoaren dordoa; okerra ezin
zuzendu eta hutsa ezin zenbatu. Zer izan zen? Izango
dena bera. Zer egin zen? Egingo dena bera. Eguzkipean berririk ezer ere ez da...
–Zu, ondo dago hori ta egia izango da; baina lehen
ere sermoirik asko entzunak gara –ihardesten dio
entzule batek eta eten egiten dio hitzaldia.
–Parkatu. Baina entzun, mesedez. Zapaltzaileen
eskuetan dago indarra, ahalmena, eta zapalduak
poztu ditzakenik gabe, zer egin eta zertarako urduritu,
estutu? Eguzkipean dana egiten da bere aldian. Jaiotzeko eta hiltzeko aldia dagoz. Landatzeko aroa eta
landareak biltzeko eguna. Erahiltzeko ordua eta sendatzeko aldia. Iraultzeko garaia eta eraikitzeko aukera. Negar eguna eta parre eguna. Erosta aldia eta dantza aldia. Laztan giroa eta laztanak uztekoa. Bila ibiltzeko mugona eta galtzeko zoritxarra. Zaintzeko denpora eta jaurtikitzeko denpora; urratzeko eta josteko,
isilik egoteko eta mintzatzeko, maite izateko eta
gorrotatzeko. Gudarako aldia eta pakerako aldia... Eta
orain, Urteberri egun honetan, jateko eta edateko
aldia dugu, elkar maitatzeko aldia, kantatzeko aldia.
Hitz bitan esanda, jolaserako aldia. Jan ta edan dezagun, bada, bihar hilgo gara ta. Gora gu ta gutarrak!
–Gora!!!
–Gora gure eskubideak!
–Gora!!!
«...gizonak daduzkan
eskubide hoiek
kunplitu ditezen,
bihotzez abestu.
Ez noa inoren kontra,
egia maite dut.
egia maite dut».
Bukatu ziren eztabaidak. Motxilak zabaldu, ta
janariak eta edariak ateratzen dituzte haietatik:
mahats-pasak, intxaurrak, urrak, turroiak, koinaka,
«whisky», eta ez dakit nik zer, gauza asko, drogaren
batzuk ere bai agian.
Berehalaxe, mutil ta neska, bikoteka jartzen dira,
eta jaten, edaten ta maitekiro ta laztankiro txerak egiten diardue.
Beharbada ez nuen ongi ulertuko baina (hain
zuzen ere, hizkuntza asko ditut buruan baina, bat
bihotzean), greziatarren liburu batean irakurri nuen
behinola hasieran ez zegoela munduan gizonezkorik
ez andrazkorik, bien izatea batean zuten zer batzuk
edo nor batzuk baizik. Lur eta Eguzkiren semealabak
ziren gizandreok, eta ahal haundikoak omen ziren.
Behin batean, (zergaitik ez dut uste zekarrenik libu-
ruak), arpegi eman eta aurka egin zieten Zeus eta
beronen menpeko jainkotxoei, gogor egin ere. Baina
behingo batean azpiratu zituen Zeusek. Eta, orduan,
haserrez eta beldurrez, gizandreok erdibitzeko agindu
zien Zeus indartsuak bere serbitzari zintzoei, eta erdibitu ondoren, nahastu ta sakabanatzeko. Eta, esan ta
egin, laister bete zuten jainkotxoek nagusiaren esana.
Haatik, harrezkero, erdi bakoitza berari dagokion
beste erdiaren bila dabil. Ipui polite, benetan.
Ekidazuko sorgin-koban ere, erdi bakoitza berari
dagokion beste erdiaren bila dabil. Batzuek aurkitu
dute falta izan zaien erdia. Edaria hartu dute beste
batzuek erditzat. Bazter batean kantatzen ari den
«Sanyo» ederrak ez du maitasun irritsik, baina maitasun giroa sortzen ari da.
«Gazte geralako
maitasun batean
bizi nahi genduke...».
Herio sartu da. Zer nahi ote du hemen? Begirabegira pizka batean egon ondoren, maitekeriaren
munduan dagoen gazte talde honi jaramonik egin
gabe, ba doa bere bidean, nonbaitera. Ea nora doan...
Saltoka ta parre algaraka doa, arin joan ere. Olazaharrera ote doa? Bai, haraxe doa, zuzen-zuzen.
Gauhontza uluka ari da etxe osteko arboladian.
Olazaharko katua arpegia garbitzen sukaldean.
Don Jose apaiza ta Don Julian medikua Olazaharren dagoz. Juan errementaria bizirik dago oraindino,
baina oso txarto.
Sudurrean azkura dute Kelementek eta Kaxintok.
Heriok, ostera, ez du azkurarik.
Hirurak hogei ta bost gutxiago dira Don Julianen
eskumuturreko erlojuan. Don Joseren poltsikuko erlojuan hirurak hogei gutxiago dira.
–3–
Basabilbeitiko etxejaunak Luis du izena; baina
Begioker esaten diote ekidazuarrek (eta haserrez jartzen da Luis horregaitik). Goikoetxeko etxekoandreak
Baldomera du izena; baina Txepetxa esaten diote (eta
ez da haserretzen). Agarreko Agustini Santuerdi esaten diote (bere emazteak ere bai); Hormetxeko Mariari Maripurtzil (ongi ezarritako ezizena, benetan); Dendaberriko Juani Lukurreru; Don Julian medikuari Matasanos; Don Jose zaharrari, apaizari, Finisita; Don German alkateari Sasiendore...
Izenak ezeze, abizenak ere aldatu egiten dituzte
ekidazuarrek. Felix Larrauriri Felix Asto esaten diote
(astakirten galanta da izan ere ta); Santi Meaberi
Santi Indianoa (Ameriketan urte asko egin zituelako);
Martzelino Gabilondori Martzel Izko (izko motelagoak
egongo dira, batean bestean, bat baino gehiago); Alejandro Manterolari Alejandro Zatorra; Enrike Duori
Enrike Piper; Pedro Zabalondori Pedro Talo...
Areago: etxeen izenak ere aldatu egiten dituzte
ekidazuarrek. Usategiri Lejarrene esaten diote (Lejarra Errementaria bizi izan zelako han lehenago);
«Gure kabi», herriko taberna zaharrari, Batzoki (bizkaitarren batzartokia izan zelako lehenago); «Peluqueria Chomin»-i Zorriztone (jabearen ezizena Zorrizto delako). Eta abar eta abar.
Haatik, Botxoako «Alaska Club» zoragarriari ere
Zirritoki esaten diote ekidazuarrek.
Botxoaren bihotzean dago Zirritoki jolastokia,
kalerik zabalenaren eta ederrenaren erdian. Argi eta
poster nabarmenez beterik izaten ditu kanpoko aldeko paretak, eta argi gorri, zuri ta berdez idatzi dute
jolastokiaren izena: Alaska Club. Eta igande ta jaiegunetan, oraingo dantza bat egiten ibiltzen da izen hori,
musikarik gabe.
Gazte asko joaten da Ekidazutik ere Botxoako
jolastoki horretara. Izan ere, ordu laurenean egiten da
autoz, Ekidazutik Botxoara hamar kilometro bai
dagoz, gutxi gora-behera.
Ekidazuarra da, gainera, Zirritokiren ugazaba: Don
Gregorio.
Hamazortzi urte zituelarik, bere aitaren adiskide
baten jolastira joan zen Don Gregorio kamareru (Gregorio zen aldi hartan). Hantxe ibili zen hamar urte
inguruan (Gregorio zen orduan). Gero, bere aitaren
pinudiak egindako diruaz ta berak aurreratu zuenaz,
Zirritoki erosi zuen, ta aberastu egin zen (harrezkero
Don Gregorio da).
Zorri hil biztua da Don Gregorio (lehen bezela,
Harro esaten diote orain ere ekidazuarrek). Eta zorri
hil biztua baino pistia txarragorik ez dago, nire adiskide batek esaten duenez. Aberats berria, herri-filosofo
zakarra ta harroa, sasi-jakituna dugu, eta mundu
haundiko gizona dela esaten du berak, Frantziatik, Italiatik, Alemaniatik eta Alaskatik ere ibilia delako (eskoletan egoten dira batzutan mandoeuliak ere, baina ez
dute ezer ikasten). Politikaz liberala dela esaten du,
baina bere antzeko beste askoren antzera, gerritik
behera bakarrik da liberala; haren politika: eguzkia
nora, zapiak hara. Erlijioz, jakina, katolikua da izenez
(Ekidazuko Don Jose zaharrak bateatu zuen eta);
baina izanez katilukoa. Haren ustez, mundu hau tripak
eta tripapekoak darabilte.
Ezkontzeko era asko izan ditu baina, ez du nahi
ezkontzarik. Mutilzahartzen hasita zegoela ta, ea zergaitik ez zen ezkontzen galdetu zion lehengo batean
bere adiskide batek.
–Ezkondu? Taxiak dagozen artean, zertarako
autoa erosi?
–Bai baina...
–«Bai baina», zer? Aspertu, gogaitu egiten da bat
egun guzti-guztietan jateko berdina jaten. Angulak eta
kabiarrak eta txanpanak ere iguina ematen dute egun
oro janez gero...
–Baina beti ez zara gazte egongo. Zahar egin zaitezenean..., orduan zer?
–Dirua euki ezkero, dirubako zahar ezkonduak
baino obeto orduan ere. Eta zahar egin artean edo
ahal dudan artean: ondo jan ta ondo ibili, «lo bailau,
bailau», gero gerokoak.
Eguberrietan, Gabonzahar egunez (gauez) batez
ere, jendez gainezka egoten da Zirritoki. Ete hango,
soinu, kantu, dantza, edari, parre-algara, esku-zarta,
eupada, zirri ta mila kolorezko argi, jantzi ta sugepaperak ez dute azkenik izaten. Hantxe egoten da
gure gaurko gazteria ere, gazteria berrizalea.
«Herri ta herrixka, baserri, kale,
aldatuz doaz urterik urte;
baina gaztedi berrizalea
zabarra denik inork ez uste...».
Olazaharko Koldo ta beronen lagunak ere Zirritokira joan dira lehen.
Larrabeheko Pedro Mariren auto berrian joan dira.
Eta hara heldutean, jolastoki inguruko kaleak autoz
beterik egon dira. Eta handik ehun metrora dagoen
kale estu batean aurkitu dute aparkatzeko lekua.
Aparkatzean, aurreko autoa jo du Pedro Marik, eta
haren barruan bat eginda zegoen bikotea banatu egin
da. Koldo ta ez dira konturatu baina, Paulin Enekonekoa izan da mutila; neska..., batek ba daki!
Koldo ta autotik jatsi direneko, nola ta nondik ez
dakitela, hamarren bat gizon agertu zaizkie; Don Trifonen serbitzariak izan dira haiek ere.
–Tar ma la de, cal al de la sa go?
–Dapon Jopu res, caba lalo quin con?
–Dosi musa troso con de la que con?
Ez diete ezer ihardetsi Koldok eta.
Inauteriak ez direla te, arpegietako karatulak kentzeko agindu die mutiloi, orduan, haietako batek.
Baina Koldok, Pedro Marik, Patxik eta Santik ez dute
mogimenturik egin; geldi ta mutu egon dira mozorrak
kendu gabe.
Mozorroak nahi ta nahi ez kendu gura izan dizkiete, gero, haiek. Baina bati ere ezin kendu izan diote.
Berak nahi izan ezik ez da erreza, izan ere, bati mozorroa kentzea.
Orduan, berehala, esposatu egin dituzte mutilok
(emakumerik gabe, jakina), eta auto beltz itsusi batera sartu, ta nonbaitera eraman dituzte, arineketan.
Don Trifonen serbitzarien autoak alde egin duenean, iges egin du Enekoneko Paulinek ere, neska bertanbera utzita.
Holako edo halako mozorroz jantzirik ibiltzen gara
gehienok baina, inori parre egitea errezena da ta, Koldori ta beronen lagunei parre egiten diete mozorroekin ibiltzen direlako; gaizki esan ere bai batzuek.
Baina, hala ere, esamesei jaramonik egin gabe, Koldo
ta mozorroz jantzita ateratzen dira nonbaitera doazenean.
–Moda kontuak! –esaten dute batzuek.
–Moda kontuak? Ibili beharra –erantzuten du Koldok.
Zirritokikoek ez dakite zer gertatu zaien Ekidazuko
mutiloi. Ez dira konturatu, eta gaztetasunak, musikak
eta edariak eraginik, dantzan ari dira, naiz ta goizaldeko hirurak izan; eta ahal balute, luzatu egingo lukete
gaua. Don Gregorio bera ere dantzan dabil hiru-lau
neska gangarren erdian.
Koldo, Pedro Mari, Patxi ta Santi ere, honezkero,
dantzan ibiliko dira ilunaren eta beldurraren jolastokiren batean.
«Itziarren semea:
hori duk mutila...».
Herio ere dantzan ari da Olazaharko etxe aurrean.
Errege-koroi bat du buruan, liburu bat eskuan, eta
«Ukabilkarien dantza» egiten ari da, burrukarako
prestamenak egiten.
«Eriotza, bizitzaren
maisu jakintsua,
munduko nagusi zaharra,
errege ahaltsua».
Herio pozik dago Olazaharko Juan hil aginean
dagoelako. Izan ere, ez du luzarorako bizirik Olazaharko etxejaunak. Koldok behintzat ez du bizirik ikusiko
bere aita; hilda ere ez, agian.
Gauean Zirritokira zihoala esan zionean Koldok
Juani, atzo arratsaldean, bekokia astun ipini zion
honek hari.
–Holako egun batean ez da inork ere etxetik kanpora joaten; ordu horretan gainera.
–Gabon egunez ez da inor ere joaten, aita, baina
Gabonzahar egunez beterik egoten da Zirritoki.
–Berdin da. Ganorabakokeriak baino besterik ez
da ikasten holako toki ganorabakoetan.
–Zuk zer dakizu, ba, aita?
–Jakin? Jakinda dago hori. Joan behar haundiren
bat izan ezik, ez dakit nik zertarako...
–Larrabeheko Pedro Mari, Alekerriko Patxi ta Basabilbasoko Santi, laurok goaz.
–Bai, joan, ibili, ikusi, ekin...
–Hori, ba! Gaurko gazteok o..., eskola haundia,
dirua parra-parra, lujua, banketa banketaren gainean
eta ez dakit nik zer; baina... –esan zuen albotik Eskolastikak isilik egon ezinda.
–Zu, ama, zagoz isilik, mesedez! –esan zion Juanek.
–Gauak begiak beltz, egunak argi. Gaueko lana,
egunez ageri. Gaua lo egiteko da; bestela: ibiltari
gauean, logura goizean –berriz Eskolastikak.
–Zuen gazte denborarik hona euri asko egin du,
aita.
–Euria ta elurra ere bai baina, gizona beti gizon.
Begira, Koldo: Jainkoak egin balitu herramienta hoiek
etxean uzteko bai, orduan bai; baina aldean eraman
behar dira, ta...
Benetan ibili arren ere, parregarrikeriaren bat esan
gabe ezin egon Juan. Baina orain ez du gizajoak zelebrekeriarik esateko edo egiteko gogorik.
–Anitz zelebrekeria esan ta egin du beronen bizitzan baina... –dio bere artean Don Jose zaharrak, erdi
zabalik euki duen sotana tximurtsua ta ugertsua estutuz.
Juanen ohe adarrean eserita dago Don Jose, eta
haren zelebrekeria bat datorkio gogora:
«Ekidazuko eliza barriztatu zenean izan zen. Pulpitua alperreko traste zahar bat zela ta, kendu egin
behar zela ta, eztabaidaka ibili ondoren, botatzea erabaki zen.
–Bota baino lehen, Juan Errementariak egin dezala azkenengo sermoia pulpitutik –esan zuen, halako
batean han zegoen batek.
–Bai, bai! Hori, hori! –erantzun zioten pozik besteek, Juanek parregarrikeriaren bat egingo zuela jakinik.
– Berorrek utziko balit, egin ere igual nik –esan
zion, orduan, Juanek Don Jose zaharreri, Finisitari.
Berehala eman zion baimena Finisitak. Nola ez,
bada! Eta pulpitura igo ta predikatzen hasi zen Ekidazuko sermolari berria.
–Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Amen. Nire entzule bihotz-bihotzekook: Sikubita, finisita..., finisita. Nolako bizitza, halako eriotza.
Pekatari haundi batzuk zarete zuok, eta damurik ez ba
duzue, inpernura joango zarete zuok. Ai, zuok pekatariok, pekatari errukarriok! Galduak zarete zuok. Zuok
pekatariok, zuok, zuok...».
Herio sartu da Juanen gelara. Aitzinez aitzin du,
orain, Juanek hura, eta ezagutu ere laister ezagutu du,
eta inoiz ez lako ikara haundi bat sartu zaio noiz geldituko duen bihotzera. Baina derrigorrak eraginda,
gela hertsi txiki batean erasoka darabilten kantu
batek bezala, hortzak eta ukabilak estuturik, arpegi
eman ta gogor egiten dio Heriori.
Lehenbizi, ohetik jaiki egiten da, eta Heriorengana
doa zuzen; eta Jesus ta amen esan orduko kentzen
dizkio soingainekoak hari; errege-koroia ta liburua ere
bai. Gero, agudo, dozena erdi ukabilkada ematen dizkio sahietz hezurretan, ta behera botatzen du.
Hezur-hots izugarria entzuten da.
Orduan, buztana atzeko hanka bien erdian sarturik igesari ematen dion txakurra bezala, ohepera sartzen da Herio maltzurra. Juan ere bai.
Ohepean ari dira, burrukan orain, eta altxatu egiten dute ohea, ta dantzan hasten da hau: «Txalupadantza» egiten.
Azpiratu du ia Herio Juanek. Baina honek sudur
zuloetan sartzen dizkio hari esku ezkerreko behatzak,
eta ahoan eskuiko ukabila. Ezin du arnasarik hartu
Juanek, ta estu ta larri dago, ito aginean; indarka
batean ari da baina, galdu ditu indarrak; nekatuta
dago eta dardarazko keinuak egiten ditu; arpegia
gorritu ta hazi egin zaio, begiak irten nahirik ditu,
sudur zuloetatik odola dariola dago.
Juan azpiratu du, orain, Heriok, eta haren sudur
zuloetatik eta ahotik eskuak kendu, ta muturreko
haundi bat ematen dio hari.
Eskuak eta hankak izoztu egin zaizkio Juani. Arnasarik gabe dago, hilotz. Hil da Juan Errementaria: Balbeak jo du.
Narraz ateratzen du Heriok Juanen gorpua ohepetik, eta ohe gainera jaurtikitzen du. Eta kar kar kar eta
kir kir kir, dantzan hasten da. Baina berehalaxe uxatzen du Don Josek.
«Ustelkar hau, gordin ta hilkor hau, bizkor bihurtutakoan, berriz, orduan beteko da idatzitako hau: "Eriotza garaipenak irentsu du. Non duk, Herio, hire garaipena? Non, Herio, hire eztena?"».
–Guztiok ditugu geure zertxoak baina, gizon ona
izan da Juan benetan. Jainkoak zeruetan euki dezala!
–dio bere baitan Enekoneko Pedrok.
–Aita! Aita! –esaten dio deiadarka Amaiak bere
aitaren gorpuari, begi eder biak bi iturri dituelarik.
–Gizajoa! –dio Klaudiok.
–Hiltzea nahi ta nahiezkoa dugu ta... –dio hauzoko
Mariak.
–Ekidazuko gizon zelebre ta on bat hil zaigu. Agur,
Juan, Juan parregarri. Otoitz bat eta gero arte –egiten
du Don Jose apaizak.
–Si hubiese tenido más cultura, Juan habría sido
un gran hombre. Es una pena –dio Don Julian medikuak.
–Gure aita zeruetan zarana... –erresatzen du Eskolastikak.
Juanek berak zer ote dio? Aingeruekin dantzan ibiliko da seguru asko.
Dantzan ibiliko dira Zirritokin ere oraindino, dudarik gabe. Dantzan sorginak ere Iguriako errotan.
«Iguriako errotan,
ehundaka sorgin gauean;
Iguriako errotan,
dantza-dantzari kantetan».
Dantzan ibiliko dira nonbaiten Koldo, Pedro Mari,
Patxi ta Santi. Dantzan dabil Amaiaren sabeleko umea
ere.
Dantzan ari da haizea kanpoan, eta lehioetako
kristalak ere dantzan jartzen ditu noizean behin.
Zenbat dantza ezberdin!
Nik ez dut dantzarako gogorik. Izan ere, mutilzahartu ezkero, parkatu, iratxozahartu ezkero, hebaindu
egiten da dantzarako zaletasuna, grina, eta trebetasuna ere bai. Eta ni iratxozahartuta nago aspaldidanik.
Ezkondu nahi izan nuen baina, ez zidaten utzi nire
anaiek.
Iratxozahar izateak ba ditu bere alde onak ere
izan, esate baterako: askatasuna. Baina emazte baten
adiskidetasuna eta seme-alaben adiskidetasuna ere
gauza ederra izango dela uste dut gure maitasun egarria pizka bat asetzeko. Bai? Dena dela, nolako edo
halako adiskidetasuna preminazkoa dugu eta bizi-poz
haundi bat ematen digu baina, gure izatearen eta nortasunaren muinera jo ezkero, bakarrik bizi gara adiskideen artean.
Nik ez dut, ba, dantzarako gogorik. Ni idatzen ari
naiz, idazten eta kantatzen gau ilunaren isiltasunean
eta bakardadean.
«Ai, gaua, zer duzu,
zer duzu isiltasunean?
Triste jartzen duzu bihotza,
iluntzen dizkiguzu begiak bakardadean.
Haizeak negar egiten du,
itsasoa mutu gelditzen da zu etortzean...
Ai, gaua, zer duzu,
zer duzu isiltasunean?
Zuk oroiarazten duzu
gu bizi garan mundu hau ere iluna dela.
Beldur, gorroto, gaiztakeria,
ta injustizia triste asko, bai, ba direla...
Ai, gaua...».
–4–
Kixmi etorri zenean galdu ginela gu esan ohi da. Eta
egia da, hainbat iratxo galdu bai ziren orduan. Baina
Kixmirenganatu ta kixmitar egin ginenok ez ginen
galdu.
Iskiloetako arma-fabrikak egin zituztenean hil gintuztela ere esan ohi da. Baita basoak garbitu zirenean
suntsitu ginela ere.
Dena dela, kixmitarrok eta kixmitar ez direnak,
bizirik gagoz oraindino iratxook. Bizirik gagoz, bai, eta
bizirik egongo gara urte askotan oraindino. Ni bizi naizen artean bai behintzat.
Egaztiak garela esaten dute batzuek. Besteek,
suzkoak ditugula gorputzak. Txerri txikien antzekoak
ere egingo gaituzte zenbaitzuek. Zuk zer?
Berdin zait, eta naiz ta gure zertasuna ta nortasuna zein den jakin nahiean gelditu zu, gauza bat esango dizut: Ez garela gaizkile. Jendea ikaratzea da gure
gaitzik okerrena, eta ikaratiak direnak ikaratzen ditugu batez ere.
Idazten ari naizela esan dizut lehen. Eta esango
didazu: «Idazten iratxo bat...? Ez nekien idazten zeki-
tenik». Ez zagoz oker. Hain zuzen ere, analfabetoak
izaten dira iratxorik gehienak, ez bai dute ikastolarik.
Baina ni autodidakta bat naiz.
Egia esan, gaztetan irakatsi zidaten zertxobait;
baina gainerakoa bakar-bakarrik ikasi dut.
Fumalari amorratua naiz, nire aita izan zenaren
antzera, eta idaztiari utzi ta zigarro bat, basamahats
aihen bat, erre dut atseden pizka bat hartzeko ta erne
egoteko. Izan ere, ordu askotan itzarrik egon beharra
dut gaur. Zergaitik? Begira: burrukalari izatea, teman
ibiltzea, trabesak egitea, geure odolean daramagu
guk iratxook eta, apostu bat egin nuen atzo nire adiskide batekin; Nobela bat hogei ta lau orduan baietz
idatzi.
Nire aita zenak sarri esaten zidan hiru gauza egin
behar nituela iratxo jator bat izateko: Landare bat landatu, liburu bat idatzi ta seme bat izan. Ba, landare
bat baino gehiago landatu ditut (nire koba zuloaren
aitzinean dagozen haritz tantaiak neuk landatutakoak
dira); baina libururik ez dut idatzi oraindino (laister
idatziko dut bat), eta semerik ere ez dut izan (baina
izan nahi nuke).
Ez dut libururik idatzi oso alperra naizelako ta
idazten erreztasunik ez dudalako. Eta nire alperkeria
ta erreztasunik eza niregandik jaurtikitzeko, postura
hori egin nuen, bultzagarri izan zekidan. Ehun basamahats ahien sorta irabazi edo galduko ditut. Galdu
ez, irabazi egingo ditut. Bai horixe!
Zigarroa erretzen nengoelarik, Gezalako nire iratxo laguna, Urde, etorri zait.
–Baina zoratu egin zaik ala?
–Zer, ba?
–Ordu honetan idatzen...?
–Apostu bat egin diat: Nobela bat hogei ta lau
orduan baietz idatzi.
–Baina zenbat orrialdetako nobela?
–Ehun ta berrogei ta hamar orrialde haundi izan
behar ditik gutxienez.
–Ta...?
–Ba...! Orri batzuk idatzi ditiat.
–Baina ba ahal dakik nobela bat idazten? Gauza
zaila omen duk hori.
–Hala duk.
–Nortzuk izan dituk maisu? –Idazle zaharrak eta
herria.
–Aurtengo «Txomin Agirre nobela saria» irabazi
duenaren nobela nabarmen hori irakurri duk?
–Lejarreneko Mikelena?
–Bai.
–Ez, oraindino ez.
–Zein duk hire nobela horren gaia?
–Dana: Ikusten eta entzuten eta sentitzen diatena
kontatu.
–Ba ahal dakik Olazaharko Juanena?
–Bai. Oraintxe idatzi diat.
–Eta Koldorena?
–Bai.
–Eta Gezalakoa?
–Ez; zer gertatu duk han, bada?
–Har itzak luma ta orriak eta hator azkar Gezalara.
–Baina nire egazkina...
–Neure egazkinean joango gaituk.
«Gezala:
mendiska baten egala,
itsasoaren magala.
Gezala:
diruaren ahala,
herri unibersala.
Gezala:
iratxoen etsai zitala...».
Behingo batean helduko gara Gezalara Urde ta ni.
Hain zuzen ere, hamabost kilometro baino ez dagoz
Ekidazutik hara.
–Itsas aldetik sartuko gaituk Gezalara, Urde?
–Bai.
–Mendiren bat jo edo, uretara jausi edo, ez gaitezela egin, behinik behin.
–Ez.
–Kontuz bisutsarekin.
–Bai.
–Eta zera ere...
–Ez.
Txofer doanean, hitz gutxi egiten du Urdek.
Negu beltza ta gau beltza, dana beltza. Baina argi
ona du Urderen egizkinak. Neureak ere izan du lehentxoago arte baina, bateria gastatu edo, ez du argirik
egiten orain.
–Urde!
–Ez hadi ikaratu, iratxo! Ikusten diat mendiska
hori.
Gezalaren goienean dagoen mendiskaren gainetik
goaz; lainozko txapela du ta ia ez da mendia bera
ikusten.
Noizpeinka, elurrezko pinpilinpauxa dantzariz
betetzen da argia. Beherantz goaz orain, itsasorantz,
arin joan ere. Egazkina beherantz eta gu gorantz goazela dirudi; nire gorputzak gorantz egin nahi du,
behintzat. Beldur naiz..., baina Urde gidari trebea da.
Lainozko estalki haundi bat jarri zaio itsasoari ere
gaineko alde guztian, eta lehorpedun estadio batean
nagoela iruditzen zait (sukartuta dago nire irudimena). Baga-zaldi indartsuak, ahoetatik bitsa dariotela,
laisterketa bat egiten ari dira. Oraintxe heldu dira
batzuk metara; baina eraman duten abiadaren abiadaz gelditu ezinik, aurreko aitz irme gogorra jo, ta
birrindu, suntsitu egin dira.
Gezalan gagoz.
–Aiuntamentu aurreko plazan geldituko gaituk,
Urde, ez?
–Bai.
Oraintsu eraikitako herri bat da Gezala, herri berri
liluragarria, paradisu txikitxo bat.
Ekidazuarrek Zazpiki esaten diote Gezalari. Hain
zuzen ere, zazpi kale luze ta zabal, zazpi plaza eder,
zazpi parke apain, zazpi diru-etxe boteretsu, zazpi
jolastoki atsegingarri, zazpi kafe-etxe lasai ta zazpi
hotel ikusgarri ditu herriaren sabelean. Zazpiki bai
baina, haundikien zazpikia da Gezala. Eta, ba dakizu,
txikikien bederatzikiak baino ederragoak, osasuntsuagoak eta majoagoak izaten dira haundikien zazpikiak.
Herri-bihotz ingurua, txalet eta apartamentu ederrez loretuta dago. Harrizkoak dira txaletik gehienak,
baserri itxurakoak, oso politak; eskudo harro bat dute
beren kopetaren erdian; harri dotore hoietan, uste
haundiz gordetzen dute gezalatarrek asaben izen ta
gomuta.
Gezala neguan Gezala izaten da. Udan, berriz,
herri unibersala, turista asko joaten delako hara.
Neguan hizkuntza bat entzuten da: espainola. Udan,
ostera, anitz: frantzesa, alemana, inglesa, italianoa,
holandesa, espainola... Herri paketsua da Gezala
neguan. Udaldian, ordea, hara atseden hartzera joaten direnak ez dute paketan uzten.
Gaur oso paketsu dago, itxura batean. Kaleetan ez
da inor ageri. Aiuntamentu aurreko plaza zabala ere
uts-utsik dago. Laurak eta bost dira hango erlojuan.
Gizon bat dago arkupetan, geldi-geldi ta haserre
itxuraz, gabardina zurizka baten barruan. Txakur
urdin-nabar haundi itsusi bat ageri da haren ondoan
bere mihin luze ta hortz luze ta zorrotzak gorabeheraka dituelarik.
–Jantzi mozorro hau, badaezpada –esaten dit
Urdek, eta zezen-txakurraren irudia duen karatula bat
ematen dit jazteko.
Urdek berak ere berdintsu bat jazten du.
Beste gizon bat dator. Arkupetan dagoen gizonarengana hurbiltzen da.
–Agertu ahal da Jopu? –galdetzen dio.
–Ez –ihardesten dio hark idorki ta garrazki. Gezalako kaleak utsik dagoz, baina argitan. Argitan dagoz
etxeetako lehio guztiak ere.
Txakur zaunka hots izugarria entzuten da, orain,
alde guztietatik. Txakurrok basurderen baten atzetik
dabiltzala dirudi. Berba hotsa entzuten da. Zer jazotzen ote da?
Isiltzeko agindu die txakurrei norbaitek. Berehalaxe isildu dira. Deika diardu, orain, beste norbaitek.
–Jopuuu...u! Jopuuuu...u! Jopuuuuu...u!
–Jopuuu...u! Jopuuuu...u! Jopuuuuu...u! –erantzuten du oihartzunak.
Gezalako jauntxo baten txakurra da Jopu, txakurren erregetxoaren txakurra, Don Trifonen txakurra.
Hondartza luze ta zabalaren goieneko txalet
batean bizi da Don Trifon edo Txarlin (ekidazuarrek
ezarritako gaitzizena). Gezalako bertako andre abe-
rats batekin ezkonduta dago. Ez dute seme-alabarik.
Txakurrak dira haien seme-alaba ordeak.
Ekidazun jaioa da Don Trifon, baina txikitan bere
gurasoekin honera etorria. Berrogei ta hamar urte
inguru da etorri zela. Txakurtxiki asko barik etorri zen;
baina txakurraundi asko irabazi zituen bere txakurrekin, eta gaur guztiz aberastuta dago eta zenbat diruren jabe den ere ez daki.
Medikua da Don Trifon. Baina karrera bukatu ta
berehalaxe utzi zion medikutzari, ta txakurrak hezitzen saiatu zen, bere ametsik haundiena egia bihurrarazten.
Beti izan da txakur zalea Don Trifon. Oraindino
hamar urte ez zituelarik, bezatu, domestikatu egin
zuen arratoi txakur bat: Lau. Lauk eraman ta ekartzen
zizkion eskola-liburuak; Lauk ekartzen zuen egunero
periodikua trenaren estaziotik etxera; errekaduak
Lauk egiten zituen... Fulbolean jokatzen ere irakatsi
zion Don Trifonek Lauri.
Hamar txakur zituen Don Trifonek Gezalara etorri
zenean bizitzera. Hamar bakarrik zituen baina, hogei
ere izango zituen berak nahi izan balu. Izan ere, seme
bakarra zen Trifontxo eta modu haundikoa bere aita;
ta, jakina, semeak hau edo hori eskatu, aitak hau ta
hori ta hura eman.
Mediku karrera amaitu zuenean, ehunen bat txakur zituen. Eta handik urte bira, ezkondu zenean,
berrehun baino gehiago.
Don Trifonen gogo ta lehiarik haundiena hauxe
izan zen: txakurrei hitz egiten irakastea, berba eginaraztea. Eta urteak joan eta urteak etorri, ekin ta ekin,
zerbait lortu zuen.
Lehenengo ta behin, munduko txakur guztiok
erosi zituen eta Ekidazun bere gurasoen lurraldeetan
eraiki zuen granja ikusgarrian sartu. Gero, hara ekarri
zituen munduko albaiteru ta txakur domestikatzailerik
onenak. Eta, behingo batean, mundu guztiko txakur
granjarik haundiena ta onena bihurtu zen Ekidazuko
granja.
Han zegozen munduko txakurrik haundieneak eta