Haurgintza minetan - 1
Mikel Zarate
HAURGINTZA
MINETAN
«Haurgintza minetan eta intzirika
dagoz izaki guztiak; gu ere bai...»
(San Paulok)
Euskara batuago baterantz
bultzatu nauten guztiei:
esker mila ta mila esker.
Hitzaurrea ala hitzatzea?
Neuk baneki...!
Izan hitzaurrea da, baina hitzatzearen ordeazko
hitzaurrea.
Nobela hau irakurri ta gero ala aurretik irakurtzekoa...?
Dena dela, hitz egin beharra dut. Bai. Irabazi egin
dut postura (gero jakingo duzu zein den), eta ehun
mahats aihen eta hogei ta bost musker kolkoratu, ta
hamar botila ardo indartsu sabeleratu ditudanez gero,
hitz egin beharra dut, aurretik edo atzetik. Kantatu
beharra ere bai.
«Pipa hartu ta txoratzen naiz,
ardo edan ta mozkortzen naiz,
mozkortu eta erortzen naiz...
Nola demontre biziko naiz?
Tra le ra le ra...».
Oraintxe lehentxoago, postura irabazi ondoren,
Urde ta Urruxa ta beste iratxo lagun batzuek, Erdikaleko hostatuan egon gara, nire poztasuna ospatzen.
Janari ta edari mahaian ugari, ta gero jakina, danak
kantari, danak dantzari. Eta nik:
«Hamar botila txankraturik,
azken basua klikaturik,
azken txirrista irentsirik,
boltsa deraukat turrindurik.
Tra le ra le ra...».
Halako batean, eta bat batean, jo egin naute nonbaitetik agertu diren bik, edo hiruk. Nire iratxo lagunak, ikaraturik, alde egin dute berehalaxe. Eta bakar
bakarrik utzi naute. Hostalariak urreratu zaizkit
orduan.
«Urrundu zaizkit aixdideak,
eta urbildu hostalerak...».
Egia esan, ez didate min haundirik egin ni jotzera
etorri direnak, erdi mozkorturik edo erdi zoraturik
egon direlako, nire antzera.
Baina zer dela ta etorri ote dira nire aurka txakur
amorratuak bezala? Era askotariko mozkorrak dagoz
baina...
Kanpora atera naizenean, hostatu aurrean aurkitu
ditut, berriz ere, mozkortiok. Eta izugarrizko burrukaldi bat egin dugu mozkorti guztiok. Eta negar ta parre,
adisdide ta haserre, errebesatzen, gonbitetzen, goitika, goraka, okeka, hondatu hondatu egin dugu elkar.
Azkenean, zorionez, burrukaldia besarkaldi bihurtu da. Eta, kanta kantari, etxerantz jo dugu. Zein etxetarantz? Ez dakit.
«Bazter guztiak inguruka,
bideak ere inarroska.
Munduak zer du? Hau da hinka?
Goazen etxerantz andarkoka...».
Mutiko gazte bat ikusi dugu bidean (bat ala bi izan
dira?), eta ez du parrerik egin gu ikusi gaituenean.
Harriturik gelditu da. Hauxe abestu diot nik, orduan,
hari:
«Mutiko gazte ta leiala:
konseju onak ar zaitzula;
otoi, bizian ez zaitela
sekulan mozkor ni bezala».
Ekidazuko iratxoak
–1–
Gaueko hamabiak dira telebisioko erlojuan.
Gabonzahar eguna da ta, bestetan ez lako erlojua
ikusten da: Madrilgo Eguzkiaren Ateko erlojua.
–«...y suenan ya, señoras y señores, las doce campanadas del reloj de la Puerta del Sol de Madrid...».
Eguzkiaren Ate aurrean, mila eguzkitxoren argitan, gizatalde ikaragarria ageri da. Goraka, txaloka,
dantzan, kantuka..., jolasean ari dira.
Nire herrian ere, Ekidazun, aupadaka, dantzan eta
kantuka ari dira, jaioparri dagoen urteari agurka.
Kantuka dabiltza ekidazuarrak, eta oraingo haurtxoen abesti berriak kantatzen dituzte, telebisioan ikasitako abesti berriak.
«Juventud, alegría,
con el champán Hordía».
«Ropas interiores Gerripe,
en Confecciones Felipe».
«Mantas Logura:
iQue hermosura!».
«Flan Goso:
iDelicioso!».
Bost minutu daramatzite horretan. Izan ere, bost
minutu lehenago jaiotzen da urte berria Ekidazun.
Lanera, trenera, elizara, jolasera..., edonora garaiz
heltzeko, bost minutu aurreago ibiltzen dira hemengo
erlojurik gehienak. Nirea ez, ez bai dut erlojurik. Erlojua? Zertarako? Ekidazuko argiaren argitan eta ilunaren ilunetan bizi naiz ni, izadiaren erloju uts-ezinaren
argitan era ilunetan.
Ekidazu irakiten dago gaur. Janariaren eta edariaren eta adiskidetasunaren eta poztasunaren suak
piztu egin ditu ekidazuarren bihotzak.
Ekidazu irakiten dago gaur, pozaren pozez. Baina
kezkak, tristurak, elkar ikusi-ezinak, gorrotoak eta era
askotariko erdiminak ere hantxe dagoz, pozaren borbor biziaren muinean, bigundu barik, egosi barik
oraindino.
Olazaharko Koldoren oinetan dagoen katarrak,
ostera, ez du erdiminik, ez gorrotorik, ez...; katuen
zeruan dago, erdi lotan, adimen gabeko askatasunezko zeruan.
Erdi lotan dago Olazaharko familia ere, sukaldean,
telebisioa ikusten. Ez du jolaserako gogorik, antza.
–iViva 1968! –irakurtzen du Klaudiok telebisioan,
ezpain erorian zintzilik duen txokor mutxikinari dantzan eraginez.
Ekidazuko familiarik zaharrenetakoa da Olazaharkoa. Eta olazahartar asko dago oraindino Ekidazun
baina, Olabarrira ezkondu diralako batzuk, Gaztelara
joan diralako beste batzuk, eta hil egin diralako beste
asko, olazahartarren familia eskastu, murriztu, egin
da aspaldiko urteotan. Olazaharko baserrian ere ogeiren bat lagun bizi izaten ziren lehenago; baina orain
zortzi bakarrik bizi dira: sei neba-arreba ta hauen aita
ta amona: Klaudio, Kelemente, Kosme, Kaxinto, Koldo,
Amaia, Juan eta Eskolastika: bost mutilzahar, neskazahar bat, gizon zahar bat, eta andre zahar-zahar bat.
Aita ta amona kantatzen hasi dira.
«Urte berri,
txerri belarri
daukanak eztaukanari;
nik eztaukat eta niri...».
Auto baten bozina hotsa da kanpoan. Koldoren
lagunak dira. Botxoako jolastoki batera doaz.
Koldo gazteena da Olazaharko familian, etxeko
seina, kutuna. Hogei ta hamar urte ditu, baina eman
berrogei ematen ditu. Ezkaratzeko horma batean
dagoen egutegiko Jesukristoren antza du Koldok, bere
ile ta bizar luzearekin. Odolgorria dugu, azkarra lanerako; baina etxean dago espaldikn lanik gabe.
Abrigu urdin eder bat jantzi, karatula bat besapean hartu, ta alde egiten du Olazaharko mutil mardo
beltzeranak.
–Haundia da, gero, gaurko gazteen kontua! Hau
da egonezina...! Gure denboran a... –dio amona zaharrak, Eskolastikak, bere iloba gazteena alde egiten
ikustean– Gu, Gabonzahar arratsaldeetan, herriko plazan biltzen ginen, neska ta mutil, eta aurresku ta dantzak egiten genituen... Bai, haiek ziren Gabonzaharrak
haiek! Urteberriz, agilandoa ematen ziguten gizonek;
Erregenez, berriz, geuk ematen genien. Ez ahal duzue
entzun inoiz orduan kantatzen genduen kantua? Ez?
Hara:
«Agilando de montaña,
hiru intxaur ta lau gaztaiña;
haren gainean lau sagar,
nik bai altzoa zabal-zabal».
Bere bizkar okertuaren gainean larogei ta hamabost urte dituelarik, bazter batean dago amona,
ximel-ximel eginda, ezur ta azal, ilotz bizi. Bazter
batean dago amona, baztertuta, sorgin irudi, lehenaren kronista. Eta errekatxo bateko ura bezala, etengabeko jardunean, murmurrean, ari da, bakar bakarrik.
«Baga, higa, higa, laga, boga, sega, zahi, zohi,
bele, arma, xixpa, tiro, punp...!».
–Egon isilik apur batean, amona, telebisioa entzuteko. Bestelan... –esaten dio Kaxintok.
Baina isilik egon Eskolastika? Bai zera! Bakarrik
dagoenean ere ez, agin barik egon arren eta eztarria
guztiz motelduta euki aurren.
–«Bat, Patxi Parrat; bi, Patxi ipurdi; hiru, Patxik ba
du diru; lau, atsoak agurea nahi du; bost, klosk eta
klosk; sei etxe bete behi; zazpi, etxea bete zapi; zortzi, etxea bete zorri; bederatzi, etxea bete baratxuri;
hamar, txakurrak marmar; hamaika, txakur zaharrak
lukainka; hamabi, bota itzak platerera begi bi».
–Isilik egoteko, ba! –Klaudiok.
–Ba zara, gero, zu ere...! –Kelementek–.
–Isilik egongo ez dena jakinik, zertan ekin, ba?
–Amaiak.
–Hori, ba –Juanek.
–«Bat eta biga, ihauterietan gira; hiru eta laur, ni
alegere gaur; laur eta bortz, ni zutaz agradoz; sei eta
zazpi, zu ere bai naski; zortzi ta bederatzi, etzaitzula
gaizki; hamar hameka, ohera laisterka; hamabi
hamairu, haurño bat baginu; hamalau hamabortz,
adios aurtengotz; hamasei hamazazpi, atsoa dugu eri
gaizki; hemezortzi hemeretzi, eta hil behar naski;
hogoi hogoi ta... bat..., atsoa... ton... ba... lat...»
Magnetofonoa isildu da. Loak hartu du, eta momia
bihurtu da.
–Dena doa gorantz, baina andren lotsa beherantz
–dio bere artean Juanek, telebisioan agertu den emakume bat ikusirik.
«Herioren dantza» egiten ari da Artza ta Gurbitxaren Baleta. Dantza zoragarria eta negargarria, benetan!
Olazaharkoak ezeze, Enekonekoak eta Agarrekoak ere, telebisioaren aurrean dagoz orain. Baita Goikoetxekoak, Ibarrakoak, Bolukoak, Dendarinekoak,
Markonekoak eta Errotabarrikoak ere. Nortzuk ez?
Kaletarrak eta baserritarrak, zaharrak eta gazteak,
haundiak eta txikiak..., telebisioa ikusten dagoz orain
gehienak. Ni ez.
Nik ez dut nahi holako telebisiorik, holako denbora eramangarririk. Ez dut nahi holako droga berririk,
holako alienaziorik, herria jendetu, masatu egiten
duen tramankulu ganorabakorik.
Ni idazten ari naiz, idazten jo ta ke. (Funtsgabeko
nobela bat? Ipui parregarri bat? Olerki ta kantu txorta
bat? Herri baten gorabeherak? Neure gorabeherak?
Benetakoak? Asmatutakoak...? Laister ikusiko duzu).
Apostu bat egin dut eta nobela bat idatzi nahi
nuke, zorro bat bete. Hain zuzen ere, zorro bat da
nobela, edozer gauza edozein eratara hartzen duen
zorroa.
Nor naizen? Ekidazuko iratxo bat. Bai, Ekidazuko
iratxo bat naiz; Ekidazun jaio nintzen orain dela... ez
dakit zenbat urte; Ekidazun hazi ta hezi ninduten; eta
Ekidazun hazi ta hezi nintzen. Ekidazukoa eta ekidazuarra naiz. Ezagutuko nauzu..., baina goazen harira.
Hamabiak eta ogei dira Olazaharko ezkaratzeko
erlojuan. Urteberria negarrez dago.
Lo kuluxka bat egin ondoren, ohera doa Eskolastika. Juan ez da konturatu bere ama oherantz joan
denik, lo bai dago. Igerri gabe, telebisioko kantu ta
dantzen kulunkaz loak hartu du.
«O zein haizen eder loa:
heriotzaren anaitzakoa,
bizitzazko urloa...!».
Txapela okertu egin zaio Juani, eta honen buru
zabaleko ile batzuek ezkutatu egiten diote ximurrez
josita duen kopeta. Juanen begi txiki ta bizkor ta urdinek ez dute orain deus ere ikusten. Sudurra ta okotza,
luzengak biak, elkarri mun eman nahirik ditu. Gaurko
periodikua du bere esku troskoetan. Lo zurrunga
batzuk egiten ditu noizpeinka.
Zahar egin da Juan ere; gaixorik dabil, gainera,
aspaldion. Lehenago izan balitz..., lo Juan Gabonzaharrez? Ez horixe. Izan ere, erne, bizkor egotekoa dugu
Juan. Lehenago izan balitz..., dantzan, bertsotan, kartatan, kantatzen edo ipui kontatzen ibiliko zen. Bai
horixe.
Lehenagoko gizon ospetsua da Juan; aipagarria,
famatua. Nork ez du ezagutzen Ekidazun Juan erre-
mentaria? Gizon xelebreagorik...! Bere ateraldi zorrotz
ta parregarriak ipui bihurtu dira.
Kasildak, bere emazte izan zenak, beregandu nahi
izan zuen senarra, «onbideratu»; baina alperrik (alperrik da Juan makilatua, berez ez bada bedeinkatua).
Ekinaren ekinaz, horraitio (ekina okerra da ta, andrazkoena batez ere), beregandu zuen apur bat (zelakoa
Mari, halakoa Peru), eta hitzak neurtu ta landu egiten
zituen Juanek Kasildaren aurrean, ta ateraldi gordinak
ta usai txarrekoak egokitu. Baina, hala ere (ekina okerra da baina, ezina okerrago), hain etorri haundia zuenez, batzutan, konturatuta edo konturatu barik, naiz
ta Kasilda haserretu, oso-osorik botatzen zituen.
–Ipurdian eta mihinean duzue indarra zuok
androk, eta ipurdikoa galtzen duzuenean, beldurgarria izaten da zuen mihina.
–Jesus, Maria ta Jose! Juan, Juan...! –esaten zion
Kasildak– Ba zara, gero! Gordinkeriaren bat esan gabe
ezin egon.
Juanen ateraldi zorrotz ta parregarriak ipui bihurtu
dira Ekidazun, bai.
Behin batean, asto gainean zihoan Juan. Belar
pizka bat ekartzera zihoan. Halako batean, adar-
jotzaile bat topatu zuen Olazahar barreneko bidegurutzean.
–Egunon, Juan! Nora zoazte biok?
–Hirurontzat belarretan.
Beste behin...
Itzartu egin da Juan. Bere praka barrenetan buztana garbitu duen katuak iratzarri du.
Klaudio, Kelemente, Kosme ta Kaxinto telebisiora
begira dagoz. Hau dute emaztegai berri.
Kantatzen ari den emakume gazte ta ederra irentsi egin du Kaxintok begiz. Lehenago, aberastu aurretik, jantzi zahar nabarmenez jantzita, protesta-kantuak kantatzen zituen mundu guztian entzute haundia
duen abeslari horrek; orain ez du holakorik kantatzen.
Paiaso batzuk ikusi nahi lituzke Kosmek. Kelementek malabaristak. Klaudiok ohea, ia lo dago ta.
Hamabi t'erdiak jo dute egongelako erloju zaharrean. Bost minutu aurrerago dabil, jakina.
«Siempre a su disposición:
Camisería Egunon».
«Gurdi, Gurdi, Gurdi:
Este es su coche.
Gurdi, Gurdi, Gurdi:
El coche que le hará feliz.
Gurdi, Gurdi, Gurdi, Gurdi, Gurdi...».
Mutilzahar taldeak zigarroak biztu ditu. Amaiari
ere eskeini dio Kaxintok.
–Ba dakizu ez dudana erretzen.
–Erre bat gaur. Bategaitik...
–Ez, hola nagoelarik bat ere ez.
Izan ere, haurdun dago Amaia. Ezkondu gabe
egon arren, haurdun dago. Eta inork ere ez omen daki
laister jaiotzeko duen haur horren aita edo sortzailea
nor den. Jakina, Amaiak berak ba daki, baina ez du
nahi agertzerik.
Joanak joan ta gero gerokoak, lasai dago orain
Amaia, erdi lotan. Baina estu ta larri ibili zen orain lau
ilebete, ta estu ta larri ibili ziren etxeko guztiak ere,
goiak jo ta beheak jo, haserrez.
–Holako lotsagarririk...!
–Gazte bat izan balitz ere...!
–Baina...
Etxetik kanpora bota nahi zuten mutilzaharrok.
Azkenean aitak baretu zituen.
Olazaharkoak estu ta larri ibili ziren Amaiarena
jakin zenean. Ekidazuarrak, ordea, txutxumutxuka,
eztabaidaka; pozik batzuk, poztasun maltzurrez; tristeturik beste batzuk, tristetasun saminez. Lehendarrak eta oraindarrak, eskuitarrak eta ezkertarrak,
atzelariak eta aurrelariak, zuriak eta gorriak, aberatsak eta pobreak, zaharrak eta gazteak, haundiak eta
txikiak, txutxumutxuka eta eztabaidaka ibili ziren ekidazuarrak Amaia izorra zegoela entzun zutenean;
baina gutxi joan ziren Olazarrera honi laguntzera; jakina: inoren ardura pago adarrean.
«Giputxa» esaten diote Amaiari ekidazuarrek,
han, Gipuzkoan, jaio zelako gerrate denboretan; han,
bere osaba baten etxean bizi izan zelako urte askotan,
eta emeki-emeki hitz egiten duelako.
Ezkontzeko era asko izan ditu Amaiak baina, gurasoekaitik edo beragaitik, honegaitik edo horregaitik,
dena dela, ezkondu gabe geratu zen, ta honezkero...
Izan ere, hogei ta emeretzi urte ditu.
Odol-zurbila da. Bihotz oneko neska, baina otza
eta isila; zentzunduna, gibel eta arte haundikoa, baina
xoxonga samarra. Amatara eman duela esaten zuten
ekidazuarrek lehen; orain, seindun gelditu ondoren,
aitatara ere eman duela esaten dute. Lehenagoko
gorputz bihurkorra, aukerako gorputz lerdena, neurrigabetu egin zaio, eta edertasun berri bat hartu du:
ama izateko dagoenaren edertasun ederra. Ile gorri
ugaria txori urdin batekin lotu du. Ixur banaka batzuk
agertu dira bere bekoki zabal leunean. Begi ilun ederrak itsu ta estalita ditu orain. Bere aitaren antzera,
sudur luzenga du. Oreinez bete zaizkio masaila kolorgak. Kukuka eta dizdizka ari da urrezko agin bat
ezpain eder arrakalduen bitartetik.
Sabelean saltoka dabilkion haurrak eraginik, dardarakada batzuk egiten ditu, noizean behin, lo dagoen bitartean. Ametsetan ari da.
«Batzar batean dago, Aitzarteko fraileen komentuko egongela haundi batean. Zahar ta gazte, gizonezko eta andrazko, ekidazuar mordoa bildu da bere
ondoan.
Elkar-izketan ari dira ekidazuarrok, elkar-izketan
garraxika, deiadarka, oihuka, orroaka, irrintzika,
arrantzaka...
Halako batean, burrukan hasten dira, ukabilka.
Eta belarriondokoa doa, belarriondokoa dator; iraina
doa, iraina dator.
–Gora!
–Behera!
–Harantza zu!
–Honantza ni!
–Ni, zu, gu...!
–Gu, zu, ni...!
–Barrura!
–Kanpora!
–Hatxe!
–Atxe!
–Bai!
–Ez!
–Atzera!
–Aurrera!
–Ez!
–Bai!
Danen erdian battu, ta estutu egiten dute Amaia.
Izerdi patsetan dago, sasi artean, biloizik, eztulka,
usinga, arnasoska... Haur jaioparri bat du bere besartean. Zazpiki bat dirudi. Odoletan dago, ta odolez
zikintzen ditu inguru guztikoak. Hil nahi dute, antza,
batzuek.
–Kanpora bota! Hil sasiko hori!
Karlistada gerrateko burrukaldi bihurtu da batzarra, biltzarra, bilgunea, bilkorra, bilkuntza, bilera,
batzakuntza..., ba... bil... ba... ba... bil... ba... Trapu
zahar bat bezala darabilkite umea. Ene! Zazpi anka
ditu...!
Gizon bizartsu koxkor batek hartzen du bete
besartean, ta apa goxo bat ematen dio. Haurra bizirik
dago, negarrez bai dago...».
–Zertan zagozte hor lo? Zoazte ohera! –esaten die
Klaudiok Juani ta Amaiari.
Auto baten hotsa da.
Bizkor, Olazaharko txakurra, zaunka hasi da, etxe
aurreko bere txabolatxoan.
Otz dago ta oso ilun kanpoan. Euria da, zarrazarra. Ordu bata izan arren, argi asko dagoz biztuta
oraindino Ekidazun. Gaur ez dira logura ekidazuarrak.
Umore txarrik ere ez dute. Noizik behin, pilak gastatuta dituzten transistoren antzera, kanta-hots indarga
batzuk heltzen dira Olazaharrera.
«Ez, ez dut nahi
horrelako zibilizaziorik...».
«Agur, agur, agur,
ilargira noa».
Bizkor zaunka ari da, etengabe, katea apurtu aginean. Katuren bat edo arratoiren bat edo ikusiko du,
nonbait eta... Ez; pausu hotsa da. Norbait dator. Itzarrik eta erne dagoz orain Olazaharkoak.
–Nor ote da? –galdetzen du Amaiak.
–Gazte talderen bat? –Juanek.
–Zoaz, Kosme, nor den ikustera –Klaudiok. Etxe
aurreko argia biztu, ta atea zabaltzera doa Kosme.
Sei gizon datoz Olazaharrera. Ekidazuko txakur
granjako Don Trifonen serbitzariak dira. Bizkorrek ez
ditu adiskide, antza.
Kosme harrituta gelditzen da haiek ikustern.
–Su tu le depupa Coldo pedeladi de le di de le loa
poletu? –galdetzen dio batek.
–O lo de bodo Coldo, Coldo sopomo to lo no? –galdetzen dio beste batek.
Kosmek ez die ezer ulertzen. Ez erantzuten. Estatua bizi mutu bat da.
Orduan, baimenik eskatu gabe, barrura sartzen
dira gizonok, arrapaladan. Etxea arakatzen asten dira
hiru. Beste hirurek galdera asko egiten diete Olazaharkoei.
–Lupulu le de ti tu ke do?
–Esacademosu solodemion?
–Seesquesavadetrosvono?
–Notuquiesaladonesavacademusolodemion?
Ez dakite zer erantzun Olazaharkoek. Zurbilduta
dagoz danak, geldi-geldi.
Itauzura, ostera, txalaparta jotzen ari da; trumoia
eta aizea eresi bat kantatzen; eta tximistak, han, hor
eta hemen, «Argazkarien-dantza» egiten.
Dirudienez, norbaiten edo zerbaiten bila dabiltza
Don Trifonen serbitzariok gora ta behera, batera eta
bestera, behaztopaka, eztabaidaka, biraoka...
–Zer? Nor da? Nor dabil hor? Amaia! Amaia...! –dio
Eskolastikak ohetik, abots gozakaitzez, gizon ezezagun bi bere gelara sartzen ikustean.
–Tran la tros de trava mecauen si es de prin la
golue.
–Tella caja vie!
–Zer gertatu da? Nortzuk dira gizonok, Amaia? Zer
nahi dute?
–Ezer ere ez, amona. Egin lo lasai...
–Baina...
–Ixxxxi!
–E...! Nortzuk zarete zuok, bada? Noren bila edo
zeren bila zabiltzate, bada...?
–Raqueque taes!
–Se no.
–Amona! Ixxxxxxx...i!
–Baina...
Etxe guztia errekistatu ta gero, alarauka asten
dira Don Trifonen serbitzariok. Ez omen dute aurkitu
nahi izan dutenik. Beste etxeren batean egongo da,
beharbada. Berehalaxe ateratzen dira, arineketan;
Olazahar ta olazaharkoak dardaraz gelditzen dira.
–Zer gertatu ote da? –dio Juanek, hortzak, bihotza
ta belaunak dardarakadaka dituelarik.
–Nork jakin? Ez bai diegu ezer konprenitu –egiten
du bere baitan Kelementek.
–Koldo aipatu du batek –dio Amaiak.
–Bai –Klaudiok.
–Bai –Kaxintok.
–Koldoren bila etorri ote dira, bada? –galdetzen du
Kosmek.
–Ba liteke –Amaiak.
–Zer dala ta orain? –Klaudiok.
–Ba dakizu: Don Trifonek... –Amaiak.
–Don Trifonek zer? –Kelementek.
–Zer egin dio hari Koldok, ba? –Kaxintok.
–Zertarako etorri dira, orduan, gizonok...? –Kosmek.
Galderen erantzuna mututasunean ito da.
Haize gorri zakar bihurria marrumaka dabil orain
Olazaharko lehio ta ateetako irrikituetan, barrura
sartu nahirik; eta euria zurrunbiloka haren kolkoan.
Trumoia ere orroaka dabil orain, zauritutako basurdearen antzera. Tximistek ez dute bukatu araindino
«Argazkarien-dantza», eta, txitean-pitean, gaua egun
bihurtzen dute.
Halako batean, ustegabeko hodei-garraska durundiotsu bat entzuten da, eta Olazahar ilun-ilunetan gelditzen da bat-batean; ilun-ilunetan kanpotik eta barrutik, argia joan egin da ta.
Otoitz bat murduskatzen du Amaiak.
«Santa Barbara, santa Kruz!
Jauna, balia zakiguz.
Inozenteen ogia:
Jauna, miserikordia».
–Itzali telebisioa, Kaxinto, ta ekarri, Klaudio, pozpoloak, kandela bedeinkatu bat ekarri ta irazegi dezadan.
Hauzoko Tomasek ez du holakorik egingo. Ostosketan ari denean, kartak aidean bota behar direla esaten du, ostotsak infernukoaren astruziak diralako.
Don Julian medikuak, ordea, ez du izaten infernukoaren astruzien beldurrik, tximistorratza duelako
bere etxeko teilatuan.
Bizkorrek ba du beldurra. Isilik eta dardarakadaka
egon da apur batean bere txabolatxoan sakon sartuta. Baina zaunka asi da berriz ere. Txau! eta txau!,
iguina ematen dit. Haren ondoan ari naiz idazten eta,
ausika diarduen bitartean, ezin dut ezer ganoraz idatzi. Euriak eta haizeak ez naute nekarazten. Izan ere,
eskuetan ditudan orriak ahate lumazkoak dira ta ez
ditu bustitzen euriak, ezta haizeak eraman ere arbel
orrieten josi ditudalako. Ezten bat da nire luma, ta ez
dut tintarik erabiltzen.
Isilik egoteko esaten diot Bizkorri. Baina alperrik.
Lehen baino gogotsuago ari da orain zaunka.
Enekoneko Pedro dator Olazaharrera. Zertan ote
dator ordu honetan? Urduri ta arnasoska dator. Afrontuagaitik, guardasolari esku biekin obeki eusteko,
ahoan dakar esku-argia. Atzerantz datorren ipurtagi
bat dirudi. Bizkor zoratu egin da.
Guardasola hertsi, ate ondoan utzi, ta ate-joka
hasten da Pedro. Berehalaxe irekitzen du atea Kosmek.
–Gabon, Kosme!
–Gabon, Pedro!
–Ohean egongo zinetela uste izan dut baina...
–Oraintxe egon gara joatekotan. Zer? Bakez
zatoz?
–Bakez edo...
–Sar zaite barrura. Argia joan zaigu ta erdi ilunetan
gagoz.
Pafaka ari da Pedro. Arnasa bete ezinik dago, ta
izerditan. Toteldu egin da gainera.
–Gabon guztioi! Ba..., zera..., ni ohean egon naiz,
eta... Gure Paulin... Ikusi ditut Don Trifonen serbitzariak. Ba..., zera... Koldo zuena ta... berarekin egon
diren lagunak atxilotu egin dituzte...
–Atxilotu?
–Bai. Don Trifonen serbitzariak...
–Baina atxilotu zer dala ta egin dituzte, bada?
–Ez dakit. Gure Paulin etorri zaigu oraintxe bertan,
ta hark esan digu. Bera ere estu ta larri ibili omen da.
Mintzo ezina du Pedrok, baina egin egiten du hitz.
Olazaharkoen mihinak, ostera, lotu egin dira.
Amaiak negarrari ematen dio, eta sabelean daraman umeak salto batzuk egiten ditu. Bat-batean, Juanen bihotza karraskadaka hasten da, makina zahar
baten antzera. Ibili ba dabil baina... Gelditu egin da
apur batean...
Aratinik jausten da Juan eta Kaxintok eta Kosmek
hartzen dute besartean. Eta ohera daramate berehalaxe.
Konorterik gabe dago Olazaharko etxaguna, eta
alboko horma baino zuriago du arpegia. Oztaz-oztaz
hartzen du arnasa ere. Bere bihotzaren taupadak oso
motelak dira.
–Aita! Aita! Aita! –deika dabilkio Amaia. Aitak ez
dio ezer erantzuten.
–Zoaz, Pedro, mesedez, medikuarengana –eskatzen dio Klaudiok.
–Apaizari ere, badaezpada, abisatu beharko zaio
–dio Amaiak.
–2–
Ordubietarantz doa.
Enekoneko Pedro ere ba doa, medikuari ta apaizari abisatzera.
Azkenengo sorgin banakek ere oraintxe doaz akelarrera arineketan, berandu doaz ta.
Ekidazuko Sorgin-koban elkartu dira gaur sorginak. Baina hemen ez dira elkartzen beti. Zugarramurdiko leizetan, Larrun mendian, Ataungo Mandobitako
zubipean, Orozkoko Garaigortako aitzean, Dimako
Petralanda zelaian, Aezkoako Petiberren, eta beste
toki askotan biltzen dira.
Ostiraletan biltzen dira, hau omen da akelarreak
egiteko egunik egokiena ta, ostiraletik larunbatera
bitarteko gaua. «Ilunezkilan atera ta argiezkilan
sartu».
Akelarreetara joan aurretik, gantzu bereziz gantzutzen dira sorginak, sorginkeria hau sorginkiro esanez: «Hodei guztien aspitik, sasi guztien gainetik».
Sorgin talde haundia bildu da gaui Ekidazuko Sorgin-koban. «Ez garala ta ba garala, mila ta bostehun
hemen garala».
Oraintxe heldu dira kobara azkenengo sorginak.
«Ekidazuko sorgin-koban,
aker bat dago erdian.
Atso errenak dabilz
bere aurrean dantzan.
Goazen, goazen, goazen
haiei laguntzen,
mendi ta arkaitz artean
ujuju egiten».
Bakarleku batean dago Ekidazuko Sorgin-koba,
Olazahartik kilometro batera edo hola, Aitzmendiko
artadian. Sarrerako ate hutsa estu samarra du; baina
barrura sartutakoan, mila lagun lasai egoteko lekua
du. Santuz beterik dagoen eliza bat dirudi barrutik.
Izan ere, urak eta kareak eta aizeak landutako sorginimajinaz beterik ditu alboetako hormak, eta aitz-negarrak egindako orratzez apainduta goia, sabaia; ur
bedeinkatu ontzi itzal baten antzeko aitz mokor bat
ageri da bazter batean, eta ur beltz otz zikin geldia lo
dago aren altzoan. Toki iluna eta iluna da, benetan,
eta larria hemengo pakea.
Akerbeltz gurtzen ari dira orain sorginak. Eta,
banan-banan, bata bestearen ondoren, hari ipurdian
mun egitera doaz. Hormetako sorginak ere, Aker beltzarengana joan nahirik edo, atzera-aurreraka dabiltza, kriseiluen argitan.
Sorginen buru den Akerbeltz, haien erdian dago
haundi eta beltz, jainkotxo edo erregetxo bat balitz
bezala.
–Eperrapan zapadapan zaper dupun opor? –galdetzen dio Akerbeltzek sorgin gazte bati auntz-erdaraz.
–Hapari honpedaperrak zupiri ipopurpedipoa garpubiputzepuko –ihardesten dio apalki sorgin gazteak.
Aintzina, gazte ginelarik, maiz joaten ginen Urde
(Gezalako iratxo lagun bat) eta ni sorginen akelarreak
ikustera. Eta, behin batean, (gazte egon ere ta), Akerbeltzi ipurdian mun egitera joan zen Urde ere, zapatarien ezten bat eskuan hartuta. Eta mun egitean, ipurditik sartu zion eztena Akerbeltzi.
–Sorgin berri honek muturreko bizarrak zorrotzak
ditik –esan zuen Akerbeltzek.
Leher egin genduen parrez Urdek eta nik. Bukatu
dute sorginak mun egite hori, eta dantza zoroak egiten hasi dira mozorro nabarmenez jantzita. (Mozorroz
ala zomorroz? Ala bietara? Ahaztu egin ote zait idazten ere, ba...?).
Dantzan eta kantatzen ari dira sorginak.
«Sarian zun zun,
sarian zun zun,
sarian zun zun zena;
laun kirinkun,
laun kirinkun,
laun kirinkun lena».
Isildu eta gelditu egin dira. Izan ere, turuta eta txapligu-hotsa da kanpoan; kantu-hotsa ere bai.
«Gazte gera gazte,
ta ez gaude konforme;
mundu garbiago bat
bizi nahi genduke...».
Gazte talde bat dator sorgin-kobarantz, eskuzuzien argitan.
Akerbeltzek eta sorginak (oso izutiak baitira) igesari ematen die, eta ilunetan galtzen dira.
Heldu da gazte taldea kobara. Berrogei ta hamarren bat izango dira, neska ta mutil. Kolore bizi ta
nabardun arropa zaharrez jantzita dagoz gehienak.
Sasoiko batzuk ere ageri dira haien artean.
Kobara sartu, ta lehenengo ta behin su haundi bat
egiten dute; gero, haren inguruan eseri; eta berehalaxe, ukabilak jasorik, herri-eresi zahar berritu bat abesten dute ozenki.
«Jarri dezagun / erdi-minetan / gure mende;
ikus dezagun / kultura baten / bir-jaiotze.
Urtarrila otza / neguaren bihotza.
Pobrearen oinean / beti arantza.
Lehen hala / orain hola / gero ez jakin nola.
Azerikumea / azeri.
Erroiaren harrautzak / usakumerik ez.
Betiko itoginak / harriari zuloa.
Jarri dezagun...
Usteak / alde erdia ustel.
Balizko olak / burdinarik ez.
Onak on direla / obeak obe.
Etorkizuna / kontakizuna.
Jarri dezagun...».
Berehalaxe, zutitu egiten da gazte bat, hogei ta
hiru urte aldera izango dituen mutil bat, buruhaundi
txatxar bat, eta hitzaldi bat egiten hasten da.
–Eguzkiaren jaiotze egun honetan hemen bildu
zareten adiskideok: Gora gu ta gutarrak!
–Gora! –erantzuten die danak.
–Buruzagiek, haundikiek, jauntxoek, ugazabek,
jabeek, nagusiek, aberatsek eta gainerako boteretsu
guztiak zorabiatu, azpiratu, zapaldu, alienatu, esplotatu, ezereztu egin gaituzte beren aginpidez, indarrez,
diruz, jakituriaz, erlijioz...
Txaloak. Bitartean, ardo pizka bat edaten du hizlariak zato haundi batetik. Gero, aurrera jarraitzen du
hitzaldia egiten.
–Adiskideok: Marioneta batzuk bezala erabiltzen
gaituzte. Ez ahal zarete konturatu? Begira: Obedientzia, apaltasuna, eroapena, otoitza, lana, lana, lana
eskatzen edo esijitzen digute eta, horren ordez, geroko bizitza zoriontsua, zerua, zerua, zerua eskaintzen
digute. Bai: Jaungoikoa guretzat, jaunbehekoak beren-
tzat. Erlijioa herriaren opioa da, lo-erazle bat. Ez gaitezen, bada, gizajo beldurti kokolo batzuk izan...