Hau mundu arrano hau - 4

Jagi zen Triperre ohetik eta han ebilen katiluak garbitu, eskaratza itsuskitu eta abar egiten.
Zortzietan jagi zen Petornille ohetik eta jesarleku
handi batean jesarri zen, eta han egoan abaniko
bategaz haize eta haize: «ekartzu txokolatea»
inotsan senarrari. Bien bitartean han ebilen gizajoa, esnea erazten joan eta sua amatatu jakon.
Esnea egosten ipinita joan zen txarriari jaten
emoteko uretan eta han doa esnea gainez. Taloa
erreten ipinita badoa abereei jaten emoten, eta
talo hori kakarraldoa baino baltzago. Bat be ez
eban gosaldu, eta han doa bedar ebaten eta etorri zenean, atsoak oraindino txokolatea eta txokolatea eskatzen eutsan.
«Bai? Oraintxe ikusiko dozu eginda», gorosti
adakiaz emon-ahalak emon eutsozan. «Neuk
aterako deutsudaz zuri señorakeriak» inotsan.
Eta jipoia bero-bero egin ondoren, beretzat gosaria ipini eragin.
Horixe egiten ez badeuste neuri be apurtxu
bat bizkortuteko, ez jakiat, idazkiak egiten ahaztutera edo joat-eta.

DURBAN-GO EKANDUAK
1914ko uztailean
Behin joan ginen Afrikako Durban deritzon
herrira be. Ontziak atxurrak hondoratuta gero
heldu jatan ship chandler portugaldar bat eta
badinost ia herrira joan-etorri bat egin nahi
neban. Baietz esan neutsan, eta han goaz itsasontziño batean sei baltz arraunlarigaz. Ia nasara heldu ginenean hasten naiz adi, bazen han
zarata, eta nire lagunak inostanez, neuri deiadarrez ebiltzan.
Ni heldu eta behingoan batak kendu eustan
otzara, beste batek hartzen nau arrelepo eta han
naroa burdira. Joten nau ni arretxiko naroana
musturretan beste batek, eta hartzen nau gero
lepoan eta banaroa bere burdira. Han nenbilen
ni burdi batetik bestera, eta guztiz nengoen ikaraz hainbeste baltzen artean. Hau igarri eban
ingeles agintari batek han egoanak, eta berehala deitu eutsan bere ezagun burdidun bati, eta
harexegaz azkenean be joan nintzen.

Irakurle askok esango dau beharbada: «a
zelako gauza egingo zenduan burdian joateaz».
Ba ez uste han zaldiekin dabiltzanik burdiak,
oker egongo zarie-eta. Han zaldi orde gizonak
ibilten dira aurretik, eta norberari emoten deutsie eskura latigoa atzetik di-da emoteko arin
egiten ez dabenean.
Ni baninoan neure burdian azokara, eta ez
nintzen heltzen. Nire albotik igaro zen frantses
ontzi bateko hornikaria oinestua baino arinago,
eta neure zaldiari itaundu neutsan ia zergatik ez
doan ha legez, eta erantzun eustan emoteko sei
penny gehiago, eta gero aske utziko deustala
latigoa erabilten.
Bai? Eutsok ba… Hasten naiz emoten, nongo
frantsesa? Laster geratu zen atzetik, baina ha ez
zen abiada. Oinestua baino arinago ginoazen.
Heltzen gara plazara, erosten doguz janari
batzuk, zamatuten dogu burdi hori goraino, jarri
zen zaldia aurretik, hartzen dot uhala… Nork
ikusi gu? Ez dago automobilik munduan gu beste
ibilteko.
Heltzen naiz neure aza eta abarrekin nasara,
eta han egozan txaneleko sei baltzok gertu.

Sartu eta jesarten naiz txanelean… baina ibili?
Hareek euken galbana!
Handik gerotxuago hara non ikusten dodan
herrirantz etorrela ontziburua beste sei baltzekin, baina tximista baizen arin. Begiratuten dot
ondo, eta upielako zapladak eragoion emoten
ezker-eskumatara. Arraietan! Hemen be latigoa
behar da? Hasten naiz zartadaka eta beldurrezedo han joak baltz bat uretara. Gura naben
atera, baina besteok esan eusten uzteko, ondo
dagoela eta ez zela itoko. Arin heldu nintzen
ontzira.
Ikarateko herria da ha, gizonak soinekoekin
ibili beharrean, gorputzak pintatuta daukiez
hainbat koloregaz, eta emakumeek barriz lepoen
gainetik emon ohi deutsiee umeei bularra, eta
gehienak ibili ohi dira bilutsik, sudur mintzetan
uztai handiak sartuta dabezela, gure aldeko idisko gaiztoen antzera. Etxeak euki beharrean
zuhaitz abarrezko eskepeak daukiez, eta frutekin eta gauza gordinekin elikatu ohi dira.
Noizik noizera puskat harrotuta zeozertan
hasten badira ingelesen aurka, berehala jaurti-

ten dabez han dagozen gudontziek hiru edo lau
putz, hil baltz pilo bat, eta gero dena isil-isilik.
Hango errege Ingalaterra da. Baltzei lana
ziper eragin eta ezebez bat ordaindu, eta dirua
nahikoa ipini eurek Londresko banketxeetan.
Inork ez leuke sinestuko zelan bizi den han
jendea. Ikusten dozuez txakurrak zelan joan ohi
diren denak elkarren gainera hazur bat edo
beste baten batek jaurtiz gero, ba halantxe joan
ohi dira hango beharginak be ontziaren albotik
ogi-hondakintxu bat inork botaten dauenean.
Hareek bai direla errukarriak!

NIRE LEHENENGOZ
BUENOS AIRES-ERA JOATEA
1914ko abuztuan
Ni lehenengoz Amerikara joan nintzenean,
ontzian euskaldunik lau edo bost genbiltzan
bakarrik: bat Txapel ibarrangeluarra, izan daitekeen gizonik kirtenena eta bekaiztiena, beti uste
eban beratzaz esan ahalak esaten egozela. Begibakarra zen, eta behin Liverpoolen txapela ahaztu jakolako garagardotegi batean Txapel ezizena
ezarri eutsen.
Ontzia zama hartzen egoan, eta hainbat
ingeles egozan barriketan han egoan eliza zahar
bat dela eta ez dela. Ingeleraz elizari chapel
esan ohi deutsie, ia jausian egoan legez ha eliza,
eurek esaten jarduen txarto egoala eta hau eta
bestea. Txapel eskaratz aurrean egoan, joten
azpila eskuan ebala eta zuhur ia beratzaz esaten
ebiltzan hareek hizketan. Eliza edo chapel-az bai
eragoien morroiak txarra zela esaten, eta hau
adierazten dabe very bad hitzekin. Chapel eta
very bad entzun ebazan ondo Txapelek, eta joan

zen behingoan Paskasi bigarren agintariarengana itaunduten ia zer esan gura daben hitz
hareek. Eta honek, zirikatzearren badinotso
«Txapelek begi bat» daukala esan dabela.
Emon ebazan zartadekin eskua zulatu jakon
Txapeli, eta ontziburuak bidali ninduen osagile
batengana ia ireki ahal eutsan. Sartu ginen
osagi-gelan eta han gengozan itxaroten. Halako
batean badator osagilea eta, hau ikusiz batera,
hasten da Txapel alarauka. Baina gizona, oraindik ez badeutsu oratu? Halako batean oratu
eutsan gaineko zapia kentzeko, baina Txapelen
zaratekin uste eikean txarriren bat hilten egoala,
eta hau ikusirik eta zaratara hurreratuta hainbat
jende atean egoala, osagileak ireki barik etxetik
atera ginduzen.
Han ginoazen eta bidean topo egin genduen
zaldun bat hiru bizitzako kapelagaz. Ha atzerritarrak ginela ezaguturik, begiagaz keinu egin euskun. Ikusten dau Txapelek, joten dau kapelan
eta sartu eutsan belarrietaraino. Badatoz beste
hiru edo lau eta denekin ebilen ukabilka. Ederto
ireki jakon eskua, baita espetxera eroan be, eta

han egon zen harik eta ontziburua bere bila joan
arte.
Hogeita hamar egunean heldu ginen Argentinara. Ikatzaren bila be joan ginen San Vicente
deritzon portugaldarren herrira. Inoiz ez dot ikusi
herri ha baino txiroagorik. Bertako biztanleak
baltzak dira eta gehienak biluzik dabiltza. Uhartea da zuhaitz bat bakoa, bedar bat be ez da
ageri, ez dago urik be, hau beste uharte batetik
ekarten dabe berarizko ontzi batean. Dena da
txirotasuna, dena gosea. Zazpi edo zortzi ingelesen eskuetan dago hango saleroste guztia.
Argentina! herri zabal handia. Egun inon ez
dot ikusi han beste gosekil, euskaldunak be zenbait. Neure otzariagaz herrira urten baino ez
neban egin, hainbat ezagun ikusi nebazan. Errukarriak! Euretariko batzuk egozan hainbat egunean gauza berorik irentsi barik. Berehala bik
eskatu eusten ia jateko pixka baten bila etorriko
ziren. Baietz esan neutsen, eta etorri ziren ontzi
barrura. Errukarria zen hareen historia: bata Kortezubikoa zen eta bestea Lekeitiokoa. Honeek
esan eutsien euren lagunei nire ontzian jaten
ebela, eta hurrengo egunean han datoz lau

gehiago, eta honetara egunik egunera gehitzen
joan gosekil kopurua, eta azkenean hainbati ezin
emonik, denekin haserretu eta ontzitik atera
genduzan.
Bertan egun batean aurkitu neban Lankara
eritzon adiskide bat, neugaz ibiliriko agintaria.
Nik entzutea neukan ontziburu han ebilela, baina
zelakoa izan zen nire ikara goseak hilik eta
zorrizturik ikusi nebanean. «Batxi, errukitu zakidaz» inostan, eta bere negarrak ikusirik hartu
neban morroitzat ontzi barruan, eta ekarri genduen honantz nik aberastuta egoala uste neban
Lankara. Urtebetean ibili zen kanpoan lo egiten,
eta ontzietatik jaurtitzen eben jatekoa hartzen,
arranokeriak be noizik noizera egiten ebazan
espetxera eroan eien, baina han be jatekorik
emon barik atzera ateratzen eben.
Euskaldunak, ez egin hara joateko biderik, ha
galduta dagoelako turkiarrei bideak edegi deutsieezenetik hona. Argentina guztia bete da
honelako jendemoduz, ezer txarrik egiten dabenean, idiskoak basoan legez atrapetan dabez
lazoaz fabriketako ateetan. Goizetan kaleak garbitzeko ur-mangaz uxatu behar izaten dabez,

eta edozein bazterretan lo egiten dabe, eta edozein sarigatik behar.
Argentinako huriak galduta dagoz. Han ez da
erlijiorik ezagutzen, han ez da inor ezkontzen elizaz, eta errukarriak hara otsein izateko doazen
neskatilak!
Horratio hantxe be guk euskotarrok badaukagu etxea, gure ekanduen usaina sumatzen dena,
hemengo neskatoak etxe honetara bidaltzen
dabezena, hemengo dantza garbiak egiten direna eta hemengo abestiak entzuten direna. Berau
da Euzko-Gaztedija deritzon etxea Venezuela
kalean.
Hemengo jendea be berehala ohitu ohi da
bertako ekanduekin, batez be emakumeak;
mate-ontzia ezpainean beti dabela alfer-alferrak
egin ohi dira hara doazenak.

MIDDLESBROUGH-ETIK
1914ko irailaren 11 eta 13an
Hilaren zazpian heldu ginen Ushant deritzon
Frantziako uhartera, frantziar gudontzi handi
batek gelditu ginduenean gure agiriak eta abar
ikusteko. Berak adierazi euskun egun bat lehenago ingeles gudontzi handi bat joan zela alemaniarrek ipiniriko mina bat jota: hirurehun baino
gehiago ito ziren. Goian begoz errukarriok.
Lehengo egun batean ingelesek gelditu eben
alemaniar arrantzuko ontzi bat frantziar ikurrina
adarkian jarrita ipar itsasoan ebilena minak ipinten: 300 baino gehiago dira eurak jaurti dabezen
minak eta salerosle-ontziak guztizko arrisku handietan dabiltza. Ontzi guztiak itsaskatuten dabe
txanelak gertuta badaezpada. Negargarria da
itsasoan ibiltzea.
Itsasertzetako argi guztiak dagoz amatatuta
eta bakarrik egunez itsaskatzen dogu. Ingalaterrako arrantzuko ontzirik gehienak dabiltza atzetik sare handiak dandarrez dabezela minak atra-

petan, eta sarritan eurak atrapatu ohi dabez tramankulu itzel horreek.
Hasi Dover-en eta harik eta Middlesbrougheraino, erreskadan dagoz berrogei gudontzi baino
gehiago, denak bata besteen hur samartxu, eta
gertu su egiteko, behar balitzake igarotzen diren
ontzi guztiei agiriak eskatzen deutsieezela.
Azukrea, koipea eta beste gauza asko, Ingalaterrara inondik ekarri behar dabezenak, guztiz
dagoz garesti: inork ezin leikie oratu. Baina,
barriz, patata eta beste gauzak, berton dagozenak inoiz baino merkeago.
Kale guztiak dagoz ikurrinez beterik eta ez
dago ingelesik txartesaren alozan orratzik ez
dabilenik lehen esan dodazan koloreekin. Denda
guztiak dagoz ateak ikurrinez beterik, eta kalerik
kale dabiltza mutil txikiak errege, gudontzi eta
guda-agintarien irudiak saltzen. Lehen esan
dodan dendetan zer edo zer erosiz gero, idazkiazalak emoten dabez Ingalaterraren oroigarritzat erosleak euki daizan.
Lantegiek behar egiten dabe, ontziak badabiltza, salerostea bere bidean dabil, baina begiratzen badeutsozu edozein ingelesi aurpegira,

berehala igarriko deutsozu bere bihotzaren
barru-barruan daukan samintasuna.
Ingalaterrak badauka itxaropena, baina Ingalaterra itun dago. Eta egoteko be bada, hainbat
seme ederren odola ibaiak legez jausten ikusita.
ABERTZALETASUNA
Antzoki guztietan gauero egiten diren antzezkietan eta zine, music-hall, eta beste enparauetan, ez da besterik ikusten Ingalaterran dagoen
abertzaletasun zintzoa baino. Antzezki guztiak
dira aberkoiak, eta eurok amaitukeran erregearen irudia agertuta God save the King abestukeran igarten da Ingalaterrako gizasemeen zintzotasuna.
GOMUTAGARRIA
Ingelesak God save the King abestukeran
zutunik eta txapelak kenduta, gogoko begiak
bihurtuta zerurantz eta euren bihotzak aberrirantz, gomutatu naiz neure urruneko anaiekin,
zeuekin euskal abertzale laztanokin, Euzko
Abendaren Ereserkija abestu ohi dozuenean bardin egoten zarielako.

ZER DINOEN
Itaundurik hemengo edonori albiste onak ala
txarrak daukiezen, beti dinoe albisteak onak
direla.
Egunkari guztiek ez dabe egiten besterik
Ingalaterra goratu baino.
Itxaropen handia dabe garaipena eurena
izango dela.
Denek dinoe oraingoan alemaniar bat be ez
dela geldituko bizirik.
GURUTZE GORRIKOAK
Honeek atzo egin eben bilketa bat, txakur
bategatik saltzen eben ikurrin txikitxu bat, alde
batetik God save the King eta bestetik estatukoloreak eukezana.
Hainbat batu eben, eta txanponok ziren
gudako zaurituak osatzeko.
GAUZAK ALDATUTA
Lehenago itsastarrak noiz edo noiz Espainiako ogerleko bat nahi gendunean trukatu, bertoko diruagatik ez euskuen emon nahi txilin bi eta

hamaika penny baino. Baina orain pozik emoten
dabez lau txilin eta penny bi be. Orain horko
txanponagaz gabiltzanean esan daikegu dirua
daukagula sakelean be.
Harro gagoz.

CARGO FLECT-ETIK
1914ko irailaren 15ean
Atzo guztiz ikaratu nintzen gauza bategaz.
Antzoki guztietan antzerki aberkoiak egiten
dabez eta, jakina!, zati bakoitzaren amaitzean
erregearen irudia edo ingeles ikurrina edo holakoren bat erakutsi ohi dabe, aberriaganako sua
edo garra ikusleoi sartzeko. Eta nork esango
leuke!, erregearen irudia bakarrik denean, sendo
txalokatzen dabe, eta barriz, guda-koloretako
Ingalaterrako ikurrin berarizkoa erakusten badabe, zirkiluren bateko erdikirtenen batek baino ez
dau txalotzen. Hauxe zergatik ete den gogoratu
ezinik egon naiz. Eta zuen iritzian utzi arren be,
neurea baztertxu esango deutsuet.
Empire antzokian atzo egin eben antzezkizun
aberkoi polita. Amaitutean, neska-mutilok dantza ederrak egin ebezen. Ingalaterran ikurrin bi
erabili ohi dabe: bata salerosterako eta bestea
gudarako. Gudarakoak ziren mutil-neskak erabilezenak. Eurok dantzarik onenak egiten jarduenean agertu ziren beste lau neskatil, Errusia,
Frantzia, Belgika eta Serbiako ikurrin banagaz,

eta berehala hasi ziren abesti aberkoiak egiten.
Hau ikusita, hiru edo lau espainiar ontzi-agintarien jesarlekuetan jarrita egozanak txaloka hasi
ziren. Barriz, ingelesek txalo bat be ez eben
egin. Ez zen entzun antzoki guztian halako isil
edo motela baino, zirkiluren bat izan ezik.
Amaitu zen hori eta berehala agertu zen
George-ren irudia, eta orduan ingelesen bihotzak, berotasun handian, abestu eben God save
the King. Zer deritzozue horri?
Hara nire iritzia. Nik uste dot hemengo
semeek ez dabela nahi gudarik. Bakea eginda
belego, nahiago leukie. Eta ezagutzen dabe ez
dela euren erregea hainbat odol galtze horren
erruduna.
Ingelesak gizon baketsuak, salerostetsuak,
bihotz ondunak dira, nonahi ogia zabaltzen
dabenak, lana egiten dauenari alogera ona emoten deutsienak, atzerritar beharginari edozein
bizimodu lortuten lagun egiten deutsienak, inoiz
zirikatu eta atzipetuten ez dakienak. Baina ez
dira gudatiak, ez odolzaleak, ezta be maurotxinarrak legez gudara doazenak.
Hahor ba, nire ustea.

MIDDLESBROUGH-ETIK
1914ko irailaren 18 eta 22an
Lehengo eguastenean joan nintzen marketera. Hartu mutil bi, oiloak erosteko ustean, eta
merke egoan legez kaja bi eta gehiago bete
nebazan.
Atzo baserrirantz ninoan kaja biak euren jaubeari emoteko inorenak zirelako, eta bide erdian
gelditua izan nintzen. Gudari batzuek eroan ninduen Police Court-era eta ordu bi igaro ostean
askatu ninduen igarri ebenean alemaniarra ez
nintzela. Konta neutsan neure ontziburuari zer
jazo jatan, eta esan eustan hurrengoan inora
noanean agiri edo dokumentuak aldean eroateko. Halan beharrean be: gaur Newcastlera joan
behar izan dot, eta urten naizenean oraindino
goiz izan den legez, nire ontziburua lo egoan, eta
hor noa neu «Jaungoikoak gura dauena izan
bedi» esanda. Harantz inork jaramonik be ez,
baina honantz, Tyne Dock-eko ateetan, han gelditu nau policeman batek.
— Agiriak badaukazuz?

— Ez, jauna.
— Ba orduan gelditua zara.
Alferrik izan dira nire ahaleginak harik eta
neure ezagun bat handik igaro artean. Utzi nabe
aske, baina heldu naizenean geltokira, zaust!,
ostera be oratuten nabe policemanek.
— Nongoa zara? Nondik zatoz? Badaukazu
agiririk?
Ezetz esan deutsedanean espetxera naroe.
Krin-kron egin giltza handi bati eta han sartzen
nabe.
— Baina gizona, ni naiz ontzietako hornikaria!
Hemen badaukadaz gauzak erosita barruan jateko, eta hemen agiriak zein dendatan erosi eta
ordaindu dodazan!
Bai zera... inork ezer ez deust adituten. Halakoren batean han dator policemana, neu gelditu
nauena. Ordurako joan dira ordu bi eta gehiago;
han naroe Customs House-ra, karabineroen
etxera. Han topo egiten dot beste ezagun bategaz, Shields-ko bateleroa bera. Handik gerotxuagoan emon deuste baimena eta etorri naiz ontzira. Egun guztia galduta atzera eta aurrera.

Aurrerantzean ez jat jazoko hortarikorik, neure
agiri eta abar neugaz eroango dodaz-eta.
***
Ipar Itsasoan, eta Hull eta West Hardpool
bitartean dago herri handi hau, Tess ibaia igaroten da erditik, merkatari bideak zabal mundu
guztiarentzat. Saleroste gehiena da meatza
Espainia, Suedia eta Greziatik, eta lingotea bertotik harantz.
Ibai hasieran dago South Bank deritzon herritxua, labe garai handi bat dago bertan,
lagun baino gehiago bizi direla bertako lanagaz.
Jarraitu aurrerantz eta aurkituten da Normanby
Wart fabrika. Ez dot uste munduan handiagorik
egongo denik. Ibaiaren ezkerretik dago Normanby, eta eskumatik barriz dago beste fabrika
bat. Ikaragarria!
Jarraitu ibaian zehar ontzi artetik eta dago
Middlesbrough herria, Bilbao baino birritan handiagoa, burdinazko zubi eskegia erdian duela,
dena lan!

Jarrai aurrera eta aurkituten da Newport
izena dauen herria labe garai ikaragarriagaz eta
nasa handiagaz meadun ontziak hustuteko.
Oraindino aurrerago dago Stockton on Tees,
Middlesbrough lakoxe herri handia, nasa ederragaz ontzientzat eta bertako ontziginak direla
Ingalaterran entzute handia dabenak. Hemen
eguastenetan egiten da feria bat, eta hasi abelgorriak eta etxeko ohe, mahai zahar eta jesarlekuak be saltzen dira. Ez dago han saltzen ez den
gauzarik. Itsaskarientzat hemen amaitzen da
ibai hau, baina oraindino askozaz aurrerago
egon ohi dira motorbako ontzi zapalak.
Ene! Ez deutsuet esan matxinsaltoak baino
salto handiagoekin Middlesbrough eta albo
herrien izakera. Bai ba! Hasi banintz zertzelada
guztiak esaten, idazkia egin beharrean barrabaskeria egin beharko nebalako.
Ingalaterran be herritik herrira guztizko gorabeherak daude jendearekin. Cardiff aldetik guztizko troskuak dira, eta horrez gainera, handik
huri handietan lapurretak eta abar hemen baino
gehiago ikusi ohi dira. Barriz hemen, jendea da
guztiz leuna, merkatariak guztiz ondraduak. Car-

diff aldeko aurpegikerak dira hemengoak baino
itsusiagoak, hemengoak barriz guztiz galantak.
Londresen egin zen ‘concurso de belleza’
erdaldunek esaten dabena, hamarretik hamalau
urteko neskatilekin, eta Sunderland-eko neskatila txiro batek ipini eban The Times egunkariaren
saria 100 esterlina.
Middlesbrougheko udaletxeak idegita dauka
orain be beste lau urtetik beherako umeentzako
sariketa bat, eta ikusgarriak dira bertan erakusgarri dagozen ume irudiak.
Huri honetan hainbat eliza dagoz, eta hainbat
koloretakoak. Katolikoak be ez gagoz txarto, ba
esan deustenez, katedral bat ederra eta hiru
eliza txikiagoak daukaguzelako. Ontzitik urtenda
bide-bidean dago Ama Birjina zaindari dauena,
eta aurrean idatzita daukaz hitz honeek: «Urrunetik zatozen itsastar atzerritarra: deiez daukazue Josu. Ikertu eizue egiazko erlijio bakarra erakusten den etxe santu hau».
Agur abertzaleak. Arrisku handietan gabiltza
itsastarrok, ba ez dago egunik ontziren bat hondora ez doanik, alemaniarrek ipiniriko mina

batek jota. Otoi eizue ba Ama Birjinari itsasoan
gabiltzan gizon txiroen aldez.

LISBOA-TIK
1914ko urriaren 10ean
ALBISTE TXARRAK
Gaur heldu gara kai honetara eta berehala
jaitsi gara ontziburua eta neu lurrera, geure eta
besteen sendiei gaztigatzeko telefonoz heldu
garela, eta bide batez hark bere arazoak eta nik
neureak egiteko. Heldu gara huri barrura eta, zer
izan da gure ikara daunbada handi-handia
entzun dogunean? Geure hurrean berehala ikusi
doguz arin-arinka hainbat lagun eta suhiltzaleek
txilin-hots garratzak joten izan dabez bidea aske
utzi daien.
Hurreratu gara eta su eta garra baino ez da
ageri izan hemengo gas-fabrikan. Bertako gasontzirik handienak eztanda egin dau. Hur samartxu egon diren pertsona denak hil dira, eta
urruntxuago egon direnak, batzuk begirik gabe,
eskurik gabe, oinik gabe, eta holan asko lotu
dira. Samingarria!
Une hartan igarorik tranbia bat bertatik, gainean joiazen denak, bat ezik, hilda gelditu dira.

Kalerik kale dabiltza emakumeak umeak lepoan
dabezela, bihotza hautsi eragiteko beste negar
egiten. Asko gelditu dira senar, seme edo seniderik gabe.
ONTZI ALEMANAK
Hogeita hamabi ontzi aleman dagoz kai
honetan, gudagatik lotuta, itsasora urtenez gero
ingelesek eskua ezarriko leuskiee-eta. Kalerik
kale ez da ikusten besterik alemaniar ontziburua
baino.
AZOKA MERKEA
Hauxe bai dela azoka merkea! Okela dago
garestitxu, osterantzean arraina, barazkiak eta
zirripa, ia dubarik. Kirikiño: ikusiko bezenduz hiru
laurlekotan nik gaur erosi dodazan sei lebatzak,
ikaratuta, harrituta lotuko zintzakez.
EUSKAL IDAZLEEN BAZKARIRAKO
Berrogeita hamar puru Isabela Filipinetakoak
daukadaz gordeta. Egon ardura barik, laster naiz
hor. Neuk gaztigatuko deutsuet egun hori.

ZARRONTZALE-RI
Gure bazkaria euskal idazleena da. Zuk be
ederto idazten dozu euskaraz. Nik atseginez irakurri ohi dodazan legez idazki guztiak euskaraz
izanez gero, horregatik erosi neban zure gramatika bat be. Erdu, erdu! Sendo besarkatuko zaitue zure anaia euskotarrek-eta.

ANBERES
1914ko urriaren 14an
Egunkariek darabile izen hau gora eta behera, bertan Kaiser-aren gudariak sartu direlako.
Hainbat bider egon naiz huri eder horretan eta
baita hainbat adiskide bertan euki dodaz. Gaur
Jaungoikoak bakarrik daki nondik nora ibiliko
diren.
Atzerritik datozen eleetan Anvers, Anversa,
Amberes, eta honelakoak dira bere izenak. Flandieraz eta honen antzekoetan barriz Antwerpen
esaten deutsie.
Bertako gizonak dira guztizko beharginak eta
emakumeak guztizko garbiak. Ikustekoak dira
garbien garbiz hango kale eta etxaurreak. Ibai
eder baten alboan dago, laua edo zelaia dela
guztiz. Eskalda deritzo ibai horri eta gaur munduan dagozen ontzirik handienak ibili daitekez
bertan. Itsasotik Antwerpenera zortzi ordu emoten dira joaten gure ontziekin, eta zortzietatik sei
orduko bidean itsasotik hasita. Holandakoak

ibaiertz biak. Beraz, itsasotik nahiz itsasora joateko Holandatik igaro behar.
Garbiak izan arren estu-estuak dira huri
zaharreko kaleak, baina huri barrikoak dira zabalak eta ederrak. Kaleen izenak ele bietan idatzita dagoz, frantsesez eta flandieraz. Egunkariak
dagoz hiru edo lau frantsesez ekiten deutsienak;
enparau guztiek barriz aberriko elez.
Guztizko zuhurrak dira bertako biztanleak,
eta erraztasun handia daukie atzerriko eleak
ikasteko. Ez dago saleroste, kafetegi edo jatetxe
edo abar daukanik frantsesez, ingelesez eta alemanez ez dakienik bere aberriko hizkeraz gainera; eta ondo jakin be. Gazteleraz be askok eta
askok daki.
Huri honek eukiko ditu bostehun bat mila biztanle, baina guztiak ez dira bertakoak, Frantzia,
Italia, Errusia, Ingalaterra eta Alemaniak euretariko asko dabe han. Kataluniarrak be badira bost
mila inguru. Ez edo dago munduan bere kaia
baino asko ederragorik. Oraindino oraintsu eginda daukaz dock eder handi bi, hamabi kilometro
karratu baino gorago dabezenak; Dock Asia eta
Dock Siberia daukiez izenak. Dock ikaragarrizko

osin handia da, ur handiz beterik egoan, eta
Siberia Dock izena daukan osinaren ondoan hasten da kanoi errestada bat zenbatu ezina. Berarizko horma sendo baten gainean doaz denak.
Hara joaten ez dabe uzten, hormatzar horren
kanpoaldetik ikaragarrizko karkabastoak egozala, lurpetik ateak dabezela, arriskurik egonez
gero berehala urez beteteko (nire ustez).
Nasa ertzetan ontzi-zamak eta abar sartzeko
berarizko biltoki ederrak dagoz, eta guztien gainetik be bideak dagoz, lupetza behetik badago,
pertsonak goitik ibili daitezen.
Eskalda ibaia toki batzuetan estua izan arren
Antwerpen aurrean guztiz da zabala. Bata besteagaz joteko beldur baga ibili leikez ontzirik
handienak atzera eta aurrera.
Urrunetik ageri da eliza ederra, Katedral deritzona, zenbatu ezin leikezan bere dorre txikiekin
eta hiru edo lau handiekin. Bere dorre nagusitik
ikuskizun eder-ederra ageri ei da. Asko igoten
dira horrexegatik bakarrik, eta laurleko bat utzi
behar da igotearren.
Badagoz jauregi eder asko, geltokia, poliziaetxea, itsastarren ikastola eta abar. Parke zuhai-

tzetsu eder bat be baegoan hainbat abere arrazagaz. Batez be tximinotan berrehun baino
gehiago dagoz.
Aldi batean Euzkadik hartu-emon handiak
ebazan Anberesegaz. Antzina baziren itsastar
asko han emaztegaiak eukiten ebezanak eta
ezkondu be asko egiten zirenak, eta hau dela eta
ba ezagutu dodaz han euskal abizen asko. Baina
hara joiazen itsastarrik gehienak emaztegaien
aitzakian diru guztiak bertan utzi ohi ebezan eta
Euzkadira heltzen zirenean urteetan atzerrietatik ibilita esan ohi eben: «Anberes, Anberes!»,
eta sakelera begituta: «Hemenberez, Hemenberez!». Beste itsastar askoren artean barriz zabal
zen esakun hau:
Bazoaz Anberesera
Eta hiru zubiak pasa,
Diru zuriak gasta
Eta gero, ez Anberes,
Ez Hemenberez.

BARAKALDON
1914ko azaroaren 10ean
Neure atsoagaz eztabaida aldi bat egin ondoren, bateko non diren nire prakak, besteko jaka,
azkenean be noiz edo noiz jantzi naiz, hartu
luma eta liburua neure sakelean, honez gainera
hiru-lau puru eta hor noa Barakaldora. Sartzen
naiz Batzokian, eta ikaratuta geratzen da bertako kontserjea neu ikusita.
— Batxi! Zu hemendik? Ez zinen joan ba hiru
urterako?
— Bai, joan nintzen eta atzera be etorri naiz;
hiru urterako agur egin neutsun baina bi inguru
da ordutik hona.
— Honeek... zeure sendia izango dira, ezta?
— Bai, neure atso zimela eta Josune txapalduna eta abar.
Jarten naiz aulki bigun-bigunean... Berehala
hasten dira mutilak etorten, eta banan-banan
damoste eskua ezagunek.

Neuk: Mutilak, ba, idazki bat egiteko ustean
natork eta gainera Erandion emon neutsuen
hitza betetearren.
Eurak: Ba, 215 bazkide gara. Urte honetan 53
barri sartu dira eta 23 joan dira, eta gehienak
gaur beste batzoki batzuetako bazkideak dira.
Bakarrik hiru edo lau kirtenek esan dabe: «me
doy de baja». Herrian indar handia daukagun?
Nahikoa. Udaletxean daukaguz lau abertzale zintzo-zintzoak, eta beste zazpi be... badakizu ba...
honeen beste ez baina, nahikoa gure aldez egiten dabenak.
Neuk: ...!
Eurak: Bai, guztizko egia da hori tamalez.
Zorioneko fabrika! Zorioneko ogi barrabana!
Horixe egin ohi deuskue: hauteskundeetan, ogia
esku bategaz erakutsi eta besteagaz txartela,
kandidatura, eta horra!... gu gehienak kontserbadoreengana joan behar nahitaez, goseak hilten geure sendia ikusi nahi ez badogu.
Neuk: Nekatxin zotz!
Eurak: Hemengo kontserbadoreen batzokiko
gehienak dira abertzaleak bihotzez, baina...

Neuk: Bai, mutilak, badakit zer esan nahi
dozuen. Eta erreketeroak?
Eurak: Horreek ezebez.
Honetara hizketan eta puru tokorrak miazketan gagozela sartzen da Jauregizar bikaina.
Eskua damost. Ilun nago, zergatik ez dakidala.
Lo dago nire Josune, eta burukada batean joten
dau nire kopa, eta han doa akilen-buztan pattar
eta guzti. Begiratzen dot hormara eta Sabin maitearen irudia neuri adi dago eta negarrez dagoela iruditzen jat. Begiratu beste aldera eta Pio
irudia be neuri adi dagoela uste dot.
Beste aldean Ama Birjina dakust eta bere aurpegian irribarretxua legez deritzot ikusi dodala.
Pixka batean holan egonda jasoten dot neure
burua eta begiratzen dot atzerantz eta, zer da
nire atsegina!, batzoki guztia bete da neskamutilez eta dena da zarata, denak gaztetasunak
eragiten dauen barre eta poza.
Berehala hasten dira denak euskal abesti
alaiak abestuten. Honen hurrengo, neska txikiak
zeruratzen gaitue euren Txeru, Ai ene ama! eta
horretariko abesti politekin. Gero jesarten da