Gero - 15

gaitzetsi zuten eta saldu zuten. Eta nola gero
halaber denboraren buruan, guti usterik, bere

anaia salduaren beharrera eta menera ethorri
ziren, herstura handian iarri ziren: hain handian,
ezen gero bere Aita Iakob hil zeienean, hasi baitziren elkhargana bildurik, elkharri erraiten: zer
izanen da bada orai gutzaz? Hil da gure aita
prestua, ona eta saindua: eta hura bizi zeiño
ongi ginen, segur ginen, zeren haren amoreakgatik, geure anaiak barkhatzen zerakun.
Baiña orai, nor baliatuko zaiku? Norgatik
baliatuko deraku? Gogoeta handi zuten bere
baithan. Eta gogoetak, gogoeta eragiten zerauela, erran zioten elkharri: Lehen geure aitaren
amoreakgatik barkhatu zerakun geure anaiak:
bada orai ere, harengatik beragatik, barkhatu
behar deraku. Eta hartarakotzat ioan behar
gatzaitza aitaren partez minzatzera, eta erran
behar diogu harketz molde hunetan: Pater tuus
praecepit nobis antequam moreretur, ut haec
tibi verbis diceremus: obsecro ut obliviscaris sceleris fratrum tuorum et peccati atque militiae
quam exercuerunt in te. Nos quoque oramus, ut
servo Dei, patri tuo, dimittas iniquitatem hanc.

Quibus auditis, flevit Ioseph (Gen. ult.). Iauna,
erraiten diote Iosephi bere anaiek, badakizu zure
eta gure aita prestua hil dela, eta hil ere ongi eta
sainduki, bizi bezala hil ere. Hiltzerakoan zure
galdegin zuen, eta hats-beherapen handi bat
egiñik, erran zuen: Non da Ioseph ene seme
maite hura? Errozue haren ikhus min handi batekin hiltzen naizela, eta neure benedizionea
badiodala. Errozue halaber, orainokoan seme
onak bezala, bethi ene borondatea egin duela,
eta orai ere egin behar duela. Eta ene borondatea, ene azken adioa eta othoitza dela, eztadin
orhoit zuek egin zinioten bidegabeaz, eta maliziaz, baiña nahi deratzuen barkhatu, eta halakorik iragan ezpailliz bezala, anaiatasun on bat
eduki eta erakutsi: haur gomendatzen diodala,
eta ez bertzerik: haur dela ene azken adioa, eta
hark ene amoreakgatik egin behar duena. Hunela bere aitaren partez bere anaiak Iosephi, mintzatu zeitzanean, begiak busti zeitzan, nigarra
iauzi zeikan: eta nola mendekatuko zen, ezen
besarka bere anaiei lothu zeien, erraiten zeraue-

la: aitak manatzen nau barkha diazazuedala:
bada halako aitaren manua, eta halako puntadan eta denboran, arimak egiterakoan emana,
nork eztu konplituko? Konplitu zuen, guztiei
barkhatu zerauen.

219 Hala bada guri ere Iainkoak, bere azken
finean, hiltzeko denbora hurbildu zeikanean,
erran zerakun: Iende onak, badakusazue nola
nagoen neure azken pontuaren bezperan, nola
bihar hil behar dudan: bada baldin orainokoan
bat ere ontasunik egin baderatzuet, baldin deusetan ere ene alderakotzat zordun edireiten
badidutzue zeuen buruok, gauza bat egin behar
duzue enegatik, eta hartzaz kitatzen zaituztet.
Ha Iauna, errazu zer, zeren bihotz gogorra eta
ezagutza gutitakoa izanen da, zu bezalako aitaren manua, eta pontu horretan emana konplituko eztuena. Zer? Elkhar onhets dezazuela etsaiari ene amoreakgatik barkha diazozuela. Haur da
ene azken borondatea, eta guztien gaiñetik
gomendatzen deratzuedana.

Beraz ezta ezetz erraiterik, barkhatu behar
diogu geure etsaiari, egin ongi eta eduki amorio.
Zeren hala manatu baikatu geure Iaungoikoak,
eta manatu ere ez noiz nahi den, baiña bere
azken finean, bat bederari, den hitzik ttipiena
ere, bihotzean barrena sarthu behar litzaikaion
denboran.

BIGARREN ARRAZOIÑA,
ZERGATIK BEHAR DIOGUN
GEURE ETSAIARI BARKHATU, DA,
ZEREN MENDEKATZEA BERETZAT
BEGIRATZEN BAITU IAINKOAK

KAP. XXIX

220 Nehork bidegabe bat egiten deratzunean,
eztu nahi Iainkoak zuk ordaiñik bihur diazozun:
berak hartzen du bere gaiñera mendekatzea eta
iustizia egitea. Mea est ultio et ego retribuam eis
in tempore (Dt. 32; Rom. 12). Etsaiak gaizki bat
egiten deratzunean, zuri baiño gehiago egiten
dio Iainkoari, zeren hartan haren manua hausten
baitu. Ordea eztu hargatik Iainkoak berehala
gaztigatzen, igurikitzen dio, eta igurikiagatik
eztu desohorerik. Beraz eztuzu zuk ere desohorerik izanen, bertze munduraiño igurikitzeaz,
hareraiño ez mendekatzeaz. Baldin orai pazientzia baduzu, Iainkoari berari, berak dagiela utzten badiozu, zaren segur, berak berari, egin zaikan bidegabea, eta zuri ere egin deratzutena,

kolpe batez, eskas gabe, eta merezi bezala gaztigatuko dituela, eta behar den deskargua
etsaiari eraginen deraukala.
Zerori zeure eskuz mendekatu nahi bazara,
penatu behar zara, eta anhitzetan ere deus ezin
eginez gelditu behar zara. Zeren benturaz etsaia
izanen baita, zu baiño indartsuago eta botheretsuago. Eta Liviok dioen bezala, Vana sine viribus ira (Livius dec. 1, lib. 1). Indar gabeko kolera, haserrea eta mendekatzeko desira, parrik
ezin iragan dezakeienarena, bano da, alfer eta
guti balio. Eta erraiten du Senekak ere: Ergo ab
ira abstinendum est sive par est qui lacessendus
est, sive superior sive inferior. Nam cum pari
contendere anceps, cum superiori furiosum, et
cum inferiori sordidum (Senec. lib. 2 de ira cap.
34). Nola nahi den dela, begiratu behar da ihardukitzetik eta etsaiaren akometatzetik, nahiz
dela etsai hura zure berdin, nahiz handiago, eta
nahiz ttipiago. Zeren berdinarekin ihardukitzea
dudos da eta perilos, andiagoarekin erhokeria,
eta ttipiagoarekin itsusi eta dosohore. Eta guz-

tiarekin ere haur hunela delarik eta dela dakizularik ere, iharduki nahiz zabiltza, desira gaixtoz
bethea zaude, eztiozu etsaiari barkhatu nahi. Eta
hartan zeure burua galtzen duzu. Zeren hartan
zeure buruari, etsaiari baiño kalte gehiago egiten baitiozu. Hala emaiten du aditzera errege
Davitek erraiten duenean: Circumdederunt me
sicut apes (Ps. 117).
Inguratu nenduten etsaiek, erlek bezala.
Erleak nehor autsikitzen duenean, autsikitzenago du bere burua. Zeren bere eztena eta bizia
han utzten baititu. Hala gerthatzen zaitzu bada
zuri ere, etsaiari autsiki egiten diozunean, barkhatu nahi eztiozunean, eta bidegaberik egiten
diozunean, gehiago egiten diozu zeure buruari.
221 Eta pontu hunen gaiñean gauza bat erran
nai deratzut: iakin behar duzu ezen zuk zeure
etsaiari ez barkhatuagatik, eztela handik segitzen, baldin hark bere aldetik bere eginbidea
egiten badu, eztioela hari Iainkoak barkhatuko.
Orduan ez barkhatzeaz, zeure buruari egiten
diozu kalte, eta ez zeure etsaiari.

Eta hala bethiere bai, baiña guztiz ere zerori
ezin mendeka zaitezkeienean, konsola zaite eta
iakizu ezen, Iainkoa mendekatuko dela. Eta hark
eztuela utzten, eta ez utziko ere, faltarik, gaztigatu gabe: eta zuk zerorrek eginen zinituen
baiño, zintkiago, eta fintkiago gaztigatuko dituela. Eta nola anhitzetan ere, aita batek bere
semea zehatu duenean, zathitzen baitu zigorra
eta egotzten sura: hala zure etsaia, zure zehatzaillea, eta penatzaillea ere zathituko du Iainkoak, eta azkenean egotziko ifernuko sura.
Beraz hunelatan presuna batek, bidegabe
bat egiten, erraiten edo pensatzen deratzunean,
erran behar diozu Iainkoari: Iauna, badakusazu
zertan naizen, eta zer egin derautan: eta zuri,
niri baiño gehiago egin deratzu. Eta zuk badakizu, nik baiño hobeki, zer gaztigu eta zenbat
merezi duen. Ezta beraz arrazoin, zu zaren lekhuan, nik eskurik har dezadan. Eta hala, arrazoin
den bezala, eta manatzen duzun bezala, zerorri
utzten deratzut, zeurk egizu iustizia. Eta hunein
bertzez, zeren fida bainaiz eginen duzula, orai-

danik mendekatutzat dadukat neure burua, eta
gelditzen naiz neure baithan sosegatua, eta
etsaiari barkhatzera deliberatua.

HIRURGARREN ARRAZOINA, ETA
ORAIKOTZ AZKENA: BARKHATU
BEHAR DIOGULA GEURE
ETSAIATI, IAINKOAK GURI
BARKHA DIAZAGUN
AMOREAKGATIK

KAP. XXX
222 Behar diogu geure etsaiari barkhatu, guri
ere geure Iainkoak barkha diazagungatik. Zeren
Iainkoak berak errana da, ezen baldin barkhatzen baderaukagu guk geure etsaiari, barkhatuko derakula hark ere guri, baiña ez bertzela (Mt.
6). Eta ezkara gaizki, guk geure etsaiari barkhatzeaz, Iainkoak guri barkhatzen derakunean:
ezin erran diteke, zein irabazi handia egiten
dugun hunetan. Zeren nola gauza aphurra baita
guri egiten zaikun bidegabea, baiña handia, eta
aldez infinituki handia, guk Iainkoari egiten dioguna, gure barkhamendua ezta deus Iainkoarenarekin konparaturik.

Badira gauza batzuk, berak bakharrik, bere
egitez gaitz baitira, baiña bertze batekin iuntaturik eta elkhar harturik erraz dira. Odol atheratzea, kopatzea, purga uher baten, edari min
baten edatea gaitz da, penos da, baiña osasunarekin iuntaturik erraz da. Sendatzeagatik, gogotik errezibitzen eta pairatzen dira. Hala etsaiari
ere egiten derauzkitzun falten barkhatzea, bera
bakharrik bere egitez, gaitz da. Ordea iunta
ezazu, hargatik zuri Iainkoak egiten derautzatzunak barkhatzearekin, eta errax idurituko zaitzu.
Erraxki barkhatuko diozu zeure etsaiari, Iainkoak
zuri barkha diazazungatik. Eta hala iende galduak eta adimendu gabeak izanen gara, baldin
geure probetxuagatik bedere, geure etsaiari
barkhatzen ezpadiogu.
223 Egizu kontu, ea zenbat ea zenbat bekhatu
egin ditutzun orainokoan, eta zein handiak, eta
nahi baduzu zuk barkha diatzatzun hek zuri
zeure Iaungoikoak, barkha iatzotzu zuk ere
zeure etsaiari, egiten derauzkitzunak. Presuna
batek bidegabe bat egiten deratzunean, erraiten

duzu eztiozula barkhatu nahi, ez behintzat hain
fite. Zeren desohore ere badela, berehala barkhatzea. Hori da blasfemia handia, Iainkoaren
kontra minzatzea. Zeren hori da Iainkoaren
manuaren konplitzea, desohore dela erraitea.
Barkhatu behar diozu beraz zeure etsaiari, eta
barkhatu ere, ez edozein moldez, ez hitzez, itxurapenez, kanpotik eta edergaillu: baiña zin zinez
eta gogotik, barrenetik eta bihotzetik. Zeren iakizu ezen bertzela ezteratzula Iainkoak barkhatuko. Kofesa ahal zaitezke, gorputz saindua errezibi, barur, orazinotan egon, eta duzun guztia probei eman, baiña hek guztiak etzaizkitzu deus
baliatuko, baldin barrenean nehori herratik,
hegigoarik, gorroturik edo borondate gaixtorik
badiadukozu.
Eztikete zauria senda, elhorria barrenean
deiño, eztiteke bekhatua barkha borondate gaixtoak diraueiño. Barberek buruko zaurietan, lehenik haragia aldaratzen dute, eta hezur kroskoa
agertzen, bitarten odol ustelik geldi eztadin.
Zeren baldin geldi baledi, hark midizinari eta

ezartzen den erremedioari, indarra flaka liazaio,
eta berthutea edeki: hala arimako zauri hunetan
ere lehenik behar da barreneko odol ustela, eta
etsaigoaren uhertasuna athera eta garbitu.
Zeren bertzela ezta sendatzerik, eta ez emaiten
diren midizinek, eta egiten diren erremusinek,
barurek, orazinoek eta bertze obra onek on egiterik.

§1

224 Bere etsaiari barkatu nahi ezteraukanak,
eztu edirenen bere behar orduan arartekorik, eta
ez othoitz egillerik. Zeren Spiritu Sainduak dioen
bezala: In hominem sibi similem non habet misericordiam, quis exorabit pro peccatis illius?
(Eccli. 29). Bere lagunaz, bera bezalakoaz, eztu
miserikordiarik, eta ez urrikalmendurik, nork eginen du bada othoitz halakoaren bekhatuakgatik?
Ez sainduk, ez aingiruk, eta ez are miserikordiaren amak ere. Zeren Iondone Iakuek dioen bezala: Iudicium sine misericordia, illi qui non facit
misericordiam. (Jac. 2). Miserikordia gabeko ius-

tizia egin behar zaika miserikordiarik egiten
eztuenari. Etzaika barkhatu behar, barkhatu nahi
eztuenari. Eta halakoak eztu berak ere nahi
barkha diazoten. Zeren, Pater noster erraiten
duen guztian, egiten dio Iainkoari othoitz erraiten duela:
Dimitte nobis debita nostra, sicut et nos dimittimus debitoribus nostris. (Mt. 6). Iauna, barkha
iatzagutzu geure zorrak, guk guregana zordun
direnei barkhatzen derauztegun bezala. Erran
nahi du: Iainko Iauna, barkha iatzagutzu zure
alderakotzat egiten ditugun faltak, eta bekhatuak, guk geure etsaiei, gure alderakotzat egiten
dituzten hutsak eta gaizkiak barkhatzen derauztegun bezala. Eta alabaiña ezterauztetzu zuk
barkhatu nahi, zeure etsaiei egiten derauzkitzutenak, beraz eztuzu nahi barkha diatzatzun zuri
ere zeure Iainkoak, egiten derautzatzunak.
Zeren nola egiten baituzu zuk zeure etsaiarekin,
hala egiten diozu Iainkoari othoitz, dagiela zurekin.

Falta bat nehork egiten deratzunean, erraiten
duzu duzun bothere guztiaz: Nik haur hari barkha, lehen bizia gal nezake. Eta eztuzu konsideratzen, eta ez pensatzen, zuk Iainkoari falta handiagoak eginagatik, nahi duzula guztiarekin ere,
hark zuri guztiak barkha diatzazun.
225 Konsidera ezazu bada zuk, zeure etsaiari
barkhatu nahi ezteraukazuna, barkhatu zerauela
Iainkoak, bizia edeki zeraukaten etsaiei, eta are
gehiago egin zeraukala bere aithari, hekengatik
othoitz, eta oraiño zeure etsaiek ezteratzutela
halako minik eta ximikorik egin. Konsidera ezazu
halaber, zer erraiten duen Spiritu Sainduak:
Memento novissimorum et desine inimicari
(Eccli. 28). Orhoit zaitezi zeure azken fineko egitekoez, heriotzeko pontuaz, arimaren ilkitzeko
denbora perilos hartzaz, eta orduan eman beharko duzun kontuaz, eta hetzaz orhoiturik, utzkitzu
etsaigoak. Orhoit zaitezi nola nahiko duzun zuk
orduan, azken oren hartan egin dezan Iainkoak
zurekin: egizu bada zuk ere orai hala zeure
etsaiarekin. Zeren haur da Iainkoaren manua;

haur da hark nahi duena: haur da bethiere, eta
guztiz ere bere azken finean gomendatu derakuna.
Bihoa beraz etsaigoa, aparta bedi egun beretik, geroko luzatu gabe, mendekatzeko desira
desordenatua. Zeren halatan izanen gara ezagun, eta seiñale, Iesu Kristoren eskolan ikhasiak
garela, haren diszipuluak garela. Eta biziko gara
bihotz ukhaldirik, asaldurik, eta ikhararik gabe;
bakean dagoen bat, mendekurik gogoan eztuen
bat, eta guztiekin adiskide, arronter, eta solhasturi den bat, bizitzen den bezala.

ZENBAT KALTE EGITEN DUEN
HARAGIAREN BEKHATUAK.
LEHENBIZIKORIK ITSUTZEN
DUELA ADIMENDUA, ETA NOLA
BEHAR DEN HARTAN SARTZETIK
BEGIRATU, ETA SARTHUZ GERO
ERE, LEHEN BAIÑO LEHEN
ILKITZERA, ENSEIATU

KAP. XXXI
226 Baldin bertze bekhatuetan hanbat kalte
egiten badu luzamendutan ibiltzeak, erremedioaren geroko utzteak, zer eginen du emaztètako
bekhatuan? Haragiari hain plazer zaikan plazerean? Bat bederak naturalki desiratzen duenean? Eta baldin erroen egitera utz badadi, atheratzeko, eta kanporatzeko hain gaitz denean?
Baiña zeren materia haur baita hain handia,
eta luzea, perilosa, eta linburkorra; ditzagun
lehenik egiten dituen kalteak, eta emaiten
dituen egitekoak konsidera, eta konta: eta gero

halaber eman behar zaitzan purgak, eta erremedioak bilha, eman eta ordena.
Eta itsas hondar gabe hunetan sartzen naizela, eztut uste dela eztakienik gure arimaren
etsaiak direla hirur: Mundua, deabrua, eta haragia. Eta hirur hautarik gaixtoena, perilosena, eta
barrenkorrena dela haragia. Haur da etxeko
ohoiña, barreneko etsaia, bethiere gurekin dagoena. Zurari pipia, oihalari zerrena, urdaiari zedena, eta haragiari harra bezala, gau eta egun alha
zaikuna; tentatzen, eta narritatzen gaituena,
geureganik ezin egotz dezakeguna. Halako moldez ezen erraxago baita hartzaz minzatzea eta
begiratu behar dela erraitea, begiratzea baiño.
Hala erraiten du Valeriok: Luxuriam accusare
facilius est quam vitare (Val. Max. lib. 9 cap. 1).
Flako da haragia eta sendo. Flako defendatzeko, sendo tentatzeko, eta killikatzeko. Anhitz
habe, fabore, eta sostengu behar du, on edukitzeko, erori gabe egoiteko, eta asko du deus
guti, okhasino ttipi bat, linburtzeko, behaztopatzeko, eta erortzeko. Hargatik erran zuen San

Agustinek: Inter omnia christianorum certamina
sola duriora sunt proelia castitatis, ubi quotidiana est pugna et rara victoria (Aug. serm. 250 de
temp. Tom. 10). Giristinoen arteko gerlarik handienak, eta gogorrenak, kastitatearen gerlak
dira. Zeren han baita gudua, eta konbata egunoro, eta biktoria, eta garaitia, bakhan, eta gutitan.
Halatan da San Agustinek berak errana: Nullo tot
diabolus animas rete capit quod laqueo pessimarum mulierum (Aug. epist. 206 T. 2). Deabruak
anhitz sare badu ere arimen atzemaiteko, eztu
batez ere hanbat atrapatzen, nola emazte gaixtoez, eta hek hedatzen, eta paratzen dituzten
artèz, sarèz, laxioez, eta segadez.

§1

227

Handiak dira haragiak, eta haragiaren
amorio desordenatuak egiten dituen kalteak. Eta
kalte pinzipalenetarik bat, prinzipalena ezpada
ere, da adimenduaren goibeltzea, ilhuntzea, etra
itsutzea. Presuna amurusak eztakusa, eztaki zer
hari den: bere gogo guztia haragian daduka:

iatean, edatean, ohean datzanean, hartan pensatzen du: bere solhasak, eta ametsak ere, hartzaz egiteintu: eztu nahi bertze gauzaz nehor
mintza ere dakion: itsu da, erho da, zentzutik
kanpoan da. Halatan lehenagoko poetek pintatzen zuten Kupido, amurusiaren Iainkoa, haur,
eta itsu. Itsu, zeren ezpaitu ikhusten. Haur,
zeren, ezpaitu adimendurik. Eta badio Plutarkok
ere gaitz dela amurus izatea, eta zentzuan egoitea (Plutar. in Aphoth.).
Halakoa ez desohoreak, ez iendèn erraiteak,
ez onen gastatzeak, ez fama gaixtoan iartzeak,
ez Ioaren galtzeak, finean deusek ere eztu gibelatzen. Onager assuetus in solitudine, in desiderio animae suae, attraxit ventum amoris sui;
nullus avertet eam (Jer. 2). Basa-asto amurusa
bezala, begiak itsuturik, ihiztarien artetik iragaiten da: edozein periletan sartzen da. Bere amorio desordenatuaz bai, bere amurusiaz bai, baiña
gaiñerakoaz eztu konturik egiten.
228 Usoa bezala da halakoa. Usoak eztu, bertze hegaztinek bezala, edatean burua goiti ail-

txatzen. Edan gogo duena, abreak bezala, hatsik
hartu gabe, burua goratu gabe, kolpe batez edaten du. Bertze hegaztinek edateko kurka guztietan, ahatara bakhotxean, burua goiti ailtxatzen
dute. Eta badirudi ezen naturalezak berak erakutsirik egiten dutela hala. Zeren nola orduan baitute perilik gehiena, zeren orduan baitaude geldienik urera beha: eta orduan baitira ihiztariez
ere zelatatuak, barrendatuak, eta guardiatuak,
halatan daude hek ere iratzarriak orduan: eta
edaten duten ur-xorta guztietan ingurunera
behatzen dute, eta burua goiti, guardia egiteko
bezala ailtxatzen dute. Baiña usoak eztu halakorik egiten, ahoz-pez dago, ase arteiño, eztu
bitartean bururik ailtxatzen, eta ez ingurunera
behatzen. Eta hartan da ageri usoaren inozentzia eta ergelkeria, perilik gehien duenean baita
erhoenik eta antsikabenik. Hala da bada bere
gogo guztia emaztètan ibenia dadukana ere.
Etsaia zelatan dagokanean, perilik gehien duenean, da galduenik eta erhoenik. Zeren bere

edate hartzaz, eta plazeraz baizen, ezpaitu deusez ere bertzez, konturik egiten.
Zyro enperadore handi hura, hain itsutu eta
ergeldu zuen Apama bere amoranteak, non hartzaz nahi zuen guztia egiten baitzuen (Ioseph de
Antiq. lib. 11. cap. 3). Alde batetik, eta bertzetik
beharondoka hari zeikan, batean bizarra, bertzean beharrik thiratzen zerautzan: haur batekin
bezala, harekin dostatzen zen. Eta guztietan
enperadore erhoa, hortzak hirriturik, irriz, beha
zegokan: miraillean bezala hartan miratzen zen,
haren alegeratzeaz alegeratzen zen, eta tristetzeaz tristetzen. Eta emazte gaixtoak batzutan
bere burua, berariaz haserre iduri egiten zuen:
eta orduan enperadore zoroak, ahal ziren
asmuak eta enseiuak balakatzeko eta baketzeko
egiten zituen. Amorantea zen nabusi: no zen tho;
emaztea gizon, oilloa oillar. Erran behar da esku
handia hartzen duela emazteak amurus itsutuaren gaiñean, halako enperadore bat, ema-eztheus batek, hala errendatzen duenean.

§2

229 Gizona delarik ordenatua, emaztearen
iaun eta nabusi izaiteko, guztiarekin ere, amorio
itsuak, haragiaren aphetitu desordenatuak,
hausten du ordenantza haur: gizona egiten du
emaztearen muthil eta azpiko. Ezta gauza preziatuagorik libertatea eta nabusitasauna den
baiño. Bada hala bata nola bertzea galtzeintu
amurus itsuak, emaztearen hitz ederrei, eta maiñei behatzen zaienak. Hala galdu zituen bere
libertatea, nabusitasuna, eta bai azkenean bizia
ere Asirioen errege batek, Semiramis, izen hunetako bigarren emazte eder famatu hura zela
kausa. Eta izan zen kasua Eliano Greziako eskiribatzaille batek kontatzen duen bezala (Aelian.
de varia hist. lib. 7). Enzun zuenean errege hark
Semiramis haren edertasunaren fama, kilikatu
zen, gutiziatu zen: erakharri zuen: ikhusi zuen,
eta ikhusi zuen bezain fite, atzeman zen, sua
pitztu zen, eta amorio bero itsu batez onhetsi
zuen. Eta noiz, eta amorio hura baitzegoen

gorèn pontuan, eta graduan, iduriturik ezen
orduan zela okhasinorik eta paradarik hoberena
nahi zuenaren egiteko, egin zioen emazte gaixtoak othoitz erregeri arren denbora aphur batez,
bortz egunez, eman ziazola bere zuen eskua, eta
botherea, bitartean utz zezala erresuman manatzera. Erregek aitzin gibel guti behaturik, eta
Salomonen konseilluaz ere kontu guti eginik, zeiñek erraiten baitu: Non des mulieri potestatem
animae tuae, ne ingrediatur in virtute tua et confundaris (Eccl. 9). Eztemozula emazteari zeure
duzun eskua eta botherea, nahi ezpaduzu zeure
burua ahalketan ikhusi. Baiña maliziarik edo
enganamendurik ahal zatekeienz gogora ere
gabe erran zioen deblauki erregek, baietz, deusetan ere dudatu gabe: eta are berak lehenik
agur egin zioen; berak bere eskuz koroa buruan
ibeni zioen: eta manatu zuen, biziaren penan,
hurreneko bortz egunetan Semiramis hark
manatzen zuen guztia egin zedilla. Eta hain aitzina iragan zen egitekoa, non ikhusi zuenean
emazte gaixtoak, nola zen obeditua, manatu bai-

tzuen errege berari burua edeki ziazotela. Eta
nik eztakit nola hartu zuen erregek egitekoa,
baiña berehala manua konplitu zen, eta trufan,
burlan burua edeki zioten. Eta gelditu zen Semiramis errege eta erregina: eta errege itsua bere
erresuma eta bizia galdurik desohorezki finatua.
Ikhusazu zer egiten duen emazteak, eta emaztetako amorio desordenatuak, nola gizona itsutzen
duen; nola zer hari den eztakiela, milla eerhokeria egiten duela, eta bere buruaren iaun eta iabe
ezten bezala ibentzen duen.
230 Zaleuko Greziako parte batzuetako erregeak, ikhusirik ezen bekhatu hunek, bat bedera
bere adimenduan barrena itsutzen zuela, kanpoan ere itsutasun hura ager zedin amoreakgatik,
ordenatu zuen eta ezarri legea, nor ere eroriko
baitzen adulterioan, eta nork ere behar etzen
emaztearekin huts eginen baitzuen, halakoari
eta halakoei, hainari eta hainei, hala gizonari
nola emazteari, iustiziak begiak atherako eta iraziko zerauztela: barrenean, kulparen beldur
gabe, itsutu zirenaz gero, kanpoan ere penare-

kin itsu zitezingatik (Alexander ab Alexandro lib.
4 cap. 1). Lege haur ibeni zuen Zaleuko errege
hark. Eta hain herstuki begiratzen zuen, non
ezpaitzen faborerik, ahaiderik eta ez urrerik, eta
ez zilharrik hauts arazi ahal ziazaionik. Huts egiten zuenak ihes ahal zeidikeien al bazegien,
baiña atrapatuz gero, etzuen barkhamendurik,
begiak galdu behar zituen. Errege hunek lege
haur hunein zinez begiratzen zuen denboran,
gerthatu zeikan errege hunen beraren semeari,
legearen haustera, eta behar etzen emaztearekin huts egitera. Erregek bere semearen falta
hau iakin zuenean, Iainkoak daki zenbat damu
harzen zuen: eta nola alde batetik bere aitatasunak, semeagana zedukan amorio naturalak gibelatzen zuen, eskuak lotzen zerautzan; eta etzela
arrazoin aita batek bere semea kondena zezan,
erraiten zioen.
231 Eta berriz bertze aldetik nola iustiziak alegatzen zioen legeak begiratu behar zirela, eta
batari barkhatzeaz bertzeak ausartzia hartuko
zuela. Eta iustiziaren arrazoin haur bortitzago

iduriturik, semea galduko bazuen ere, deliberatu
zuen eta manatu iustizia egin zedilla, bere
semea atzeman ziazotela, eta begiak legearen
arauaz athera ziatzotela. Erresumak iakin zuenean bere erregeren deliberamendua, bildu zen
komun guztia eta ioan zeikan guztia batetan
othoitz egitera arren nahi zioen bere semeari
barkhatu. Zeren lege hura komunagatik egina
zela eta komunak hain errege onaren eta iustuaren amoreakgatik, aldi hartakotz bere zuzena
kitatzen zuela. Komunaren othoitzak, eta semeaganako amorioak anhitz gogoeta eragin zeraukaten, baiña gehiago legearen hautsteak. Zeren
iduritzen zeikan, ezen etzuela bere koroa segur
izanen, baldin ttipientzat bezala, handientzat ere
iustizia egiten ezpazuen. Eta hala anhitz itzul
inguru, pensu, eta gogoeta bere baithan eginik,
azkenean ediren zuen bide bat bere kaltekoa,
baiña semearen gaztiguaren arintzeko ona.
Okher hobe, itsu baiño. Ordenatu zuen ezen
halaz, eta legearen arauaz, halako hutsik egiten
zuenari bi begiak irazi eta athera behar zeitza-

naz geroztik, athera ziazotela aitari berari bere
begietarik bata, eta semeari berètarik bertzea.
Eta halatan bien artean kaltea iasanik, legea
begira zedilla. Eta hala ordenatu bezala konplitu
zen. Aitak eta semeak bere begietarik bana
galdu zuten. Eta gero handik harat gelditu zen
legea konfirmatua, semea gaztigatua, erresuma
guztia ikharatua: eta halako faltatan erortzen
zenarentzat barkhamendu erdiesteko esperanzaren athea hertsia.
Laudatzekoa zen errege hura, eta bai ibeni
zuen legea ere: zeren eritasunari zegokana baitzen. Halatan itsutasunaz itsutasuna, gorputzekoaz arimakoa sendatzeko, eta aitzinerat gehiago eritzetik, eta halakorik gerthatzetik begiratzeko. Zeren haur da haragiaren desira desordenatuak egiten duen lehenbiziko kaltea eta kolpea,
adimenduaren itsutzea, liluratzea, nahastea eta
zoraturik ibentzea.

HARAGIAREN AMORIO
DESORDENATUAK EGITEN DUEN
BIGARREN ETA HIRURGARREN
KALTEAZ: EZTUELA DEN
AHAIKOARIK HURKOENAZ ERE
KONTURIK EGITEN, ETA EZ
HARTAKO IURAMENTURIK
KONPLITZEN

KAP. XXXII
232 Haragiaren amorio desordenatua, hain da
gauza itsua eta itsugarria, non halako amorioa
duenak ezpaitu batzutan ahaikoaz ere konturik
egiten.
Ingressus est Absalon ad concubinas patris
sui, coram universo Israel (2 Rg. 6). Sarthu zen
Absalon mundu guztiak zekusala bere aitaren
amorantètara edo emaztètara, eta han hekin
segitu zuen, eta izan parte. Halatan mehatxatu
zituen Iondone Paulok ere Korintiokoak, zeren
bere ugazamarekin etzaten zen bat, bere artean

sostengatzen zuten: Omnino auditur inter vos
fornicatio, qualis nec inter gentes, ita ut uxorem
patris sui aliquis habeat (1 Cor. 5).
Hala erraiten da Neron gaixto hark ere, Erromako andre prestuen erdiak desohoratuz gero,
eta iduri onetako muthil gazte bat ikhusten zuenean, harekin ere naturaleza bera ere narda den
bezala, segituz gero, azkenean bere ama propioaz amurustu zela: bere ama bera, zeiñen sabeletik iltki baitzen, demandatu zuela. Eta hartaraz
gero emaztea ere komunzki airatzen, kilikatzen,
eta gogoetan lurrera beha iartzen da. Zeren
materia hunetako pilotu on batek dioen bezala:
Illa est casta, quam nemo rogavit (Ovid. El. 2).
Nehork orhoitu, eta othoitztu eztuena, da kasta,
garbi eta prestu. Anhitzetan hazteintu osoki
oilloak bere xito guztiak, mirua oldartu gabez.
Anhitz egur eder gelditzen da oihanean ekharlerik gabez. Iarraitunik izan eztuena, mandaturik
edo salhorik egin etzaikana, nehork ernatu,
orhoitu, eta behartu eztuena, erran ahal diteke
segurki bere ohorean dagoela, eztela erori, eta

ez linburtu. Baiña demandatuz gero, oldartuz
gero, bulkhatuz gero, eta gai denak, gai denari,
bere moldean, paradan, okhasinoan, denboran,
eta sekeretuan nabarbentziarik gabe aditzera
emanez gero, peril da baldin xoil gogor ezpada,
bera dadin, linbur dadin, amora dadin: eta
demandatua izaite hura, hartakoa dela, eta ederra dela enzute hura, eder iduri dakion. Bada
Neronek bere amari mandatua egin zioen eta
ama ere etzen munduko emazterik prestuena,
beraz periletan izan ziren. Eta bada erraiten duenik biak karrozan edo kotxean ibili zirela, eta han
bere iokoa iokatu zutela.
233 Hala Henriko, izen hunetako zortzigarren,
Ingalaterrako erregeak ere, bere emazte prestua
utzirik, bere alaba bastarta, bertzeren emazteaganik egina, hartu zuen emazte. Eta handik bere
burua, eta bere erresumako giristinotasun guztia, galdu zituen (Petrus de Ribadeneira. Lib. 1,
Hist. Anglica cap. 7).
Bada bertzerik ere hunelako kasurik, eta
exenplorik anhitz, gaitz baillizateke laurdenen

ere kontatzea. Asko da iakitea, behin behar
ezten amorioa iaunduz gero, eztela legerik begiratzen, eta ez den ahaikoarik hurkoenaz ere,
konturik egiten. Zein baita haragiaren bekhatuak egiten duen bigarren kaltea.
Hirurgarren kaltea da: ezta arnegurik, iuramenturik, eta ez falseriarik, emaztètan itsutua
dagoen batek eztaidikeienik, eta ez gezurrik ere
erran eztezakeienik. Handik harat hala itsutuz
gero, lehen hitz onetako eta egiati zirenak, egiten dira gezurti, arnegari, eta iuramentutsu.