🕥 30-minute read
Gero - 11
Total number of words is 3863
Total number of unique words is 1599
28.3 of words are in the 2000 most common words
39.8 of words are in the 5000 most common words
46.3 of words are in the 8000 most common words
erraiten duzu: Neure onak neurk nahi ditut goza-
tu eta manaiatu, eztut oraiño gabetu nahi: eztut
ohera gabe biluzi nahi. Baiña gero, neure azken
ordenuan eta testamentean, manatuko dut
neure ondokoa, neure onekin utziko dudana,
egin ditzala ene deskargu guztiak. Eta are gehiago, abisatuko dut suma bat, seiñalatuko baitiot
suma hura probetara parti dezala. Eta benturan
purgatorioetaratzen banaiz ere (zeren gaixtoeneko kontuan guztiok purgatorioetara uste
dugu) berehala handik atheratzeko, hunenbat
meza eta trentena eman arazi diatzadala, eta
bertzerik ere anhitz obra on ene izenean, ene
onetarik dagiela.
Hunela diozu eginen duzula. Zure ongi guztiak, bertzek, zure ondokoak, eta zeurk ez bat
ere.
Bada etzatekeien hobe obra on horion guztion zerorrek bizi zinela, zeure eskuz egitea, eta
horien bidez, purgatorioetara ioan gabe egoitea,
ezen ez gero haratzen zareneko erremedioen
egitea? Preso zareneko erremedioak bilhatzeintuzu eta ez preso sartzetik begiratzekoak.
158 Are gehiago, erremusinen eta bertze obra
onen ondokoetara utzteaz, emaiten duzu aditzera gibeletik eta urruititik nahi duzula argi diazazuten. Zer zenerrake, baldin gau ilhunean, pausu
hertsi, gaitz, perilos batean iragan behar duenak, erran baliaze bere muthilei, daudela gibelat, eta gibeleti eta urruititik dagiotela argi? Hala
dira bada bere erremusina eta bertze obra miserikordiazkoak bereek bere eskuz egin ahal ditzaketelarik, bere ondotik, urruititik, eta hillez gero,
bertzeren eskuz, bertzeri eragiteko gogo dutenak ere. Hura da, hurran hurran erran komuna
den bezala: usoak ioan, sareak heda.
Eta badio San Basiliok ere: Nemo post vitam,
pietatis laudem, praemiumve capiet. Eztu
nehork, hil ondoko erremusinaz, erremusinalari
izan delako, laudoriorik izanen. Hobeki zeneidike, eta segurkiago ioka zindezke, baldin gero,
bertzeren eskuz egin gogo duzuna, orai zeurez,
zeurk ikhusten duzula, egin bazeneza. Zeren
oraiño San Basiliok dioen bezala: Quis exitus tui
tempus nuntiabit? Quis de mortis genere spon-
sor? Quot vides repentino ac vi casuve extingui,
qui prae doloris et spiritus angustia, ne vocem
quidem emittere potuerunt? Quot etiam febris, a
sensu alienos fecit? Quid igitur, expectas tempus, in quo, saepe, rationis tuae compos non
eris? (Basil. orat. 14 de mor. et Hom. 7 in divites
avaros). Zuk baitiozu, ezen hiltzerakoan, zeure
on guztiak, edo parte bat, probei ordenatuko
deraztezula, orduan ongi handiak eginen ditutzula. Erradazu, nondik iakinen duzu, edo nork
abisatuko zaitu noiz edo zer moldez hillen zaren?
Nor duzu hartako fiadore? Zenbat ikhusten ditugu ustekabean, laburzki kolpez edo estropuz,
mintzatu ere gabe, finatzen direla? Eta bai halaber sukharrak nahasirik, bere testamentak hasi,
eta akhabatu gabe gelditzen direla? Zergatik
bada nahi duzu zuk ere benturaz zeure adimenduan egonen etzaren denborako, eta astirik ere
izanen eztuzuneko, zeure egitekoa eduki eta
luzatu?
§1
159 Goazin aitzinago. Oraiño orduan, hiltzerako aitzinean, adimendu, memorio, eta asti
bazendu ere, erran nezake zure orduko erremusinak deus guti balio duela. Zeren baitirudi ezen
bortxazkoa dela, eta ez borondatezkoa: guztiz
ere lehen ahal zeneidikeielarik, beraziaz, anarteraiño luzatu duzunean. Zeren orai zeure onak
eztitutzu gutitu nahi, ezin delibera dezakezu,
hartara; bada badirudi ezen gero ere, hil uste
ezpazendu, etzenezakeiela delibera, edo ez
hetarik eman.
Are gehiago, zure orduko, azken oreneko
onen emaite eta errepartitze hark, badirudi,
deus guti balio duela zuretzat.
Zeren zure onetarik, eta zure izenean egiten
bada ere errepartitze hura, ordea anhitzetan
ere, ezpaituzu zeurk egiten. Herioa hurbiltzen
zaitzunean, nola athaka hertsian, eta pausu gaitzean iragan behar baituzu: eta bitarteko doloreak ere handiak baitira, orduan zeure onez
kontu guti egiten duzu: zeren handiagoak ahantzarazitzen baiterauzkitzu. Orduan zeure ondokoei, eta han presentean edireiten direnei, zer
ere nahi baitute, eta nola behar dela ikhusiko
baitute, hala dagitela utzten derauezu. Hain
nekez eta penaz bildu zinituen onak eta onhasunak, eta hain zuhurtki eta maiteki begiratzen
zinituenak gero, hain laxoki eta antsikabeki largatzeintuzu: lehen zein hertsi eta itxekin baitzinen, gero hain franko eta liberal egiten zara.
Orduan nork zer erraiten baiteratzu, hura laudatzen duzu: eta anhitzetan ere, zer erraiten duzun
eztakizula, baietz erraiten duzu. Neure mendean
anhitz ikhusi dut halakorik. Eta hala badiruri
ezen, orduan egiten duzun guztia bertzek egiten
duela; eta ez zuk. Ikhusazu bada ea zer probetxu
eta merezimendu ahal dukezun, bertzek egiten
duen ongiaz. Arrazoiñekin erraiten du Spiritu
Sainduak: Ante mortem bene fac amico tuo, et
secundum vires tuas exporrigens da pauperi
(Eccli. 14). Heriotzera baiño lehen egiozu ongi
zeure adiskideari, eta duzun indarraren arauaz
heda iazozu zeure eskua probeari.
160 Egun batez egin zioen othoitz Santa Luziak
bere amari, gero egin gogo zuena, geroko begira egon gabe, egun beretik egin zezala, eritasunaren eta heriotzearen hersturan iarri gabe,
sendo zela berak bere eskuz bere onak probei
parti ziatzela.
Baiña ihardetsi zioen amak, orai usatzen den
bezala:
Ene alaba, igurikazu oraiño aphur bat, ni
zahartu naiz, sarri hilen naiz, eta orduan guztiak
zerorri geldituko baitzaizkitzu, zerrorek eginen
duzu plazer duzuna. Errepuesta haur bere amak
eman zeraukanean, lehiatu zeikan berriz alaba,
erraiten zioela:
Non est admodum gratum, o mater, Deo
munus quod qui offert, ideo offert, quia illius
usum suprema interdicit dies (Suri. tom. 10 die
13 septemb. in vita Stae Luciae). Ene ama maitea, badirudi ezen etzaikala Iainkoari eder eta ez
plazent, presunak, berak ezin goza dezakeien
gauzaren emaitea eta presentatzea.
Da dum sana es, ne si moriens dederis, invita dedisse arguaris. Emazu beraz, ama, sendo
zarela, eztiagizuten eranzute, edo erran eztiazazuten, hiltzerakoan emaiten duzuna, bortxaz
emaiten duzula.
Arrazoin hauk aditu zituenean amak, egin
zuen alabak nahi zuen guztia: eta berehala,
geroko begira egon gabe, berak bere eskuz partitu zituen bere onak probetara.
Orai hemen benturaz erranen du zenbaitek:
beraz hunelatan, eriek bere eritasunetan, eta
azken ordenuetan egiten ditutzten legatek,
emaitzek, eskentzek, erremusinek eta bertze
obra miserikordiazkoek eztute deus balio.
161 Bada ordea, ordukoek ere balio dute.
Ordea lehenekoek gehiago. Hala erraiten du San
Krisostomok: Melius quidem fuerit, multumque
afferens fiduciae, dum adhuc vivis, paupertati
egentium succurrere. Si vero istud nolueris vel
moriendo generosum quid facies; id enim, licet
non multum habeat dilectionis, aliqua tamen est
dilectio (Chrys. hom. 10 in cap. 81 ad Doma.
tom. 4). Hobeago, merituago, eta bihotz esportzagarriago bazatekeien ere, zerorrek zeure
eskuz bizi zinela eta sendo zinela probearen
faboratzea; ordea guztiarekin ere, lehen faltatu
baduzu ere, eztezazula, hiltzerakoan bedere
falta, egizu orduan zenbait liberaltasun. Zeren
orduan egiten denak ere, ez anhitz, baiña zerbait
balioko du. Iainkoaz orhoitzen zarela aditzera
emanen du. Gehienik osasuna duguiño, eta
geure eskuz, baiña gero ondotik ere, eta bertzeren eskuz ere, dagigun ahal dagiguna. Mundu
haur bideazkoen ostatua da, iragaitzaz gare
hemen.
Gure sekulako ostatua, herria eta etxea, bertze munduan da. Eta nehork bere herrira, eta
bethiereko behar duen etxera igortzen ohi du
aitzinetik ahal dagiena, eta bai gero deus gelditzen bazaika, bera dohanean, berekin ere eramaiten.
Hala egin behar dugu bada guk ere. Orai
sendo gareiño gehienik, baiña gero eritasunean,
eta hiltzerakoan ere, egin behar dugu ahal dagiguna. Igor dezagun aitzinetik, eta daramagun
geurekin ere.
Baiña erremusinak, eta bertze obra on miserikordiazkoak, eta borondatezkoak utzirik, zeren
ezpaita hetan hanbat peril, mintza gaitezin
hurreneko kapituluan obra iustiziazkoez, eta
obligazinozkoez, eta dakusagun nola guztien
gaiñetik heken geure eskuz egitera, ondokoetara utzi gabe, garen obligatu.
NOLA OBRA OBLIGAZINOZKOAK,
KONZIENTZIAZ ZOR
DITUTZUNAK, ONDOKOETARA
UTZI GABE, ZERORREK EGIN
BEHAR DITUTZUN
KAP. XVIII
162 Baldin obra miserikordiazkoak, nola baitira
probeen faboratzea, biluzen beztitzea, gose, eta
egarri denari, iatera, eta edatera emaitea, bat
bederak berak bere eskuz, bizi dela, irabazi handirik egitekotz, egin behar baditu: zenbatenaz
berak bere eskuz ondokoetara utzi gabe, egin
beharkoitu obra obligazinozkoak, iustiziazkoak,
eta konzientziaz zor dituenak? Nola baitira ebatsien bihurtzea, zorren pagatzea, erauzi dituen
falso testimonioen satisfatzea, eta eragin dituen
kaltèn, eta gaixtakerien erremediatzea?
Baldin obra miserikordiazkoak zerorrek zeure
eskuz egiten ezpadituzu, eta ez bertzeri ere eragiten, egia da, eztuzu orduan merezimendurik
izanen, baiña ez bekhatu mortalik ere. Zeren
obra miserikordiazkoak, hargatik deitzen dira
miserikordiazkoak, eta ez iustiziazkoak, zeren
zenbait behar ordu herstutan, eta premiazkotan
baizen, ezpaikara obligatu heken egitera. Baiña
obra iustiziazkoetan, diferentki mintzatu behar
dugu. Zeren heken konplitzera obligatu gara
bekhatu mortalen penan.
Eta eztuzu ez pensatu behar, ondokoetara
utzteaz konplitzen duzula. Ez eta ondoko hei,
zertzaz paga esleiturik, berezirik: eta seinalaturik utzten baderauezu ere. Zeren nola erran
komuna den bezala, otsoak ian baitezake ardi
kontatuetarik: hala zure ondokoak ere geldi
dezake beretzat, zuk bertzerentazt seiñalatuetarik. Eta zertako ibili behar zara seiñalatzeketan,
eta bertzeri kargu emanketan? Paga ezazu zerorrek, zeurk zor duzunaz geroztik.
163 Erranen duzu: Eztut ordea zertzaz paga.
Baldin ezpaduzu, ezinak eztu legerik. Orduan
etzara obligatu pagatzera, pagatzeko ahala
dukezun arteiño. Ez eta etzara obligatu pagatze-
ra, baldin hartzeko dunak berak kitatzen bazaitu
edo barkhatzen baderatzu. Are gehiago, hartzeko dunak, ez ezin bertzez edo bortxaz, baiña
bere nahiz eta borondatez, igurikitzen deratzunean, eta emaiten ephe, olrduan luza dezakezu
pagamendua ephe hartaraiño, baiña ez gehiago.
Paga ahal dezakezula, pagatu gabe, iabearen
borondatearen kontra, onaren edukitzea, bekhatu da.
Eta haur hain ongi aditzen da zor iakinaz, eta
aithortuaz, nola gauza ebatsiaz, eta ixilik eramanaz. Hain ongi pagatu behar da bata nola bertzea.
Eta, ezta ez asko, aithorraren emaitea, eta ez
gero zeure ordenuan, eta hiltzerakoan, bihurtzeko eta pagatzeko, gogo eta borondate izaitea
ere. Baldin ahal badezazu, zerorrek bizi zarela,
eta ahalik eta fitetzena pagatu behar duzu zeure
zorra, eta bai bihurtu ere gauza ebatsia, eta
gaizki eramana. Ezta asko ondokoei, kargu utztea. Hala emaiten du aditzera doktor Navarrok:
Decedentes et vita, cum possint et non resti-
tuunt, sed legant in testamento, non secure
decedunt (Navar. in Manuali de restitut. cap. 17,
num. 69) . Hiltzerakoan, berek paga ahal dezaketelarik, pagatzen eztutenek, baiña bere testamenteretara, ordeneretara, eta ondokoetara
utzten dutenek, eztute ongi egiten, eztira halakoak bere konzientzietan mundu hunetarik
segur partitzen. Gehiago dio Doktor Navarrok
lekhu berean:
Qui alienum iniuste retinet, et scit, illud se
debere, si expectat donec condemnetur per iustitiam, peccat mortaliter. Zordun dela dakienak
eta iustiziaz kondena dezaketen arteiño, pagatu
nahi eztuenak, bekhatu mortal egiten du.
164 Batzuek bekhatu badaritzate ere, gauza
ebatsien pagatu gabe edukitzea, ez ordea eztaritzate bekhatu, zor iakinari eta aithortuari luzatzea.
Erraiten dute: Badakit, eta badaki zor dudala,
aithortzen diot, eztiot ukhatzen, eta badut pagatzeko gogo, eta borondate. Iduritzen zaitzu ezen
baldin aithorra emaiten baduzu, eta pagatzeko
gogo baduzu, hain bertzez konplitzen duzula.
Baiña enganatzen zara. Zeren bataz gogoa
bera ezta asko, eta ez aithorra ere. Zeren zure
gogoaz eta aithorraz ere probetxu guti du hartzeko duenak, pagamendurik eztenean. Eta
berriz bertzea, sendo dela pagamendua egin
ahal dezakeielarik, eri arteiño egin nahi eztuenak, emaiten du aditzera, baldin eritasunik ezpaliz, eta eritasunak ondorerik ezpalu, kontu guti
leidikeiela. Eta hala frogatzen da halakoetan:
zeren eritasunetik eskapatzen direnean, iduritzen zaie ezen aldi hartakotz, berriz eri arteiño
segur direla eta kito.
§1
165 Nahi duzu zuk ezen egin behar zenduen
deskargua eta egin eztuzuna zure ondokoak
egin dezan. Bada uste duzu, zure dirua edo
hazienda zuk zeure ondokoari, zeure zorraren
eta obligazionearen pagatzeko utzten diozuna,
etzaikala zure ondoko hari ere zuri bezain on,
gozo eta eder idurituko? Eztuzu uste? Eztuzu
pensatzen, zuk bezala, hark ere bere denboran
gozatu nahiko duela? Eta erranen ere bai bere
baithan: Niri neure aitzinekoak utzi derautan
hazienda haur, nabaski, gaizki, eta bide gabeki
beretakotua zuen, eta guztiarekin ere etzuen
satisfatu, eta ez bihurtu. Bethi berekin eduki
zuen. Bada ez naiz ni, hura baiño obligatuago.
Egia da, hark, nola haren ondokoa bainaiz,
manatzen nau bihur dezadala: hala bada manatuko dut nik ere neure ondokoa. Baiña bitartean
ene aitzinekoak bezala, gozatu nahi dut nik ere,
eta eduki neure denboran. Ikhusazu nola batak
bertzeagana utziz, ezten deskargurik egiten. Eta
nola halaber handik eta halatan zuk zeure burua
galtzen duzun, eta zeure ondokoa ere galtzeko
periletan ibentzen duzun. Zeren peril baita, zuk
baiño gehiago eztuen hark ere deskargurik eginen. Ha zenbat trentena, zenbat arima-kari, zenbat deskargu dagoen egin gabe, batak bertzeaga utziz, eta guztiek utziz.
166 Ezta pontu hunetara gaizki heldu Pierres
Damiano daritzan doktor batek kontatzen
duena. Dio doktor hunek ezen behin gizon saindu batek ikhusi zuela bere espirituan, ametsetan
bezala, ifernuko suaren erdian eskalera bat: eta
eskalera haren lehen pausuan eta maillean
zegoela konde bat, iaun handi bat. Eta gero ikhusi zituela halaber zazpi konde, ethorki berekoak,
bata bertzearen ondoan, eskalera hartan berean
zeudezilla. Zeren bata bertzearen heredero,
ondoko, eta elkharren onen primu eta iabe izan
baitziren. Eta lehenbizikoak gaizki eta bidegabeki beretakotu zuena, eta safisfatu gabe utzi; hala
bigarrenak, hirurgarrenak, eta zazpigarrenak ere
utzi baitzuen, ezpaitzuen batek ere deskargurik
egin: eta halatan guztiak bata bertzeari zerraitzala kondenatu ziren (Petrus D. ep. 5 cap. 8 et
refertur a S. Antonino 2 p. sum. cap. 1 § 5).
Hala gerthatzen da bada, egungo egunean
ere iende batzuen artean. Egiten ditutzu ohoinkeriak, goraturik eta bortxaturik dadutzatzu bertzeren onak: eta zuk, edo eztuzu kasurik egiten,
edo utzten ditutzu pagatu gabe zeure ondokoaren esperantzan, eta bai hark ere berzerenean,
eta hala hala bertzeak ere: eta handik, eta halatan, batak bertzeagana utziz, eta guztiek utziz,
utzten dira deskarguak egin gabe. Etzuen hala
egiten Zakeo aberats hark erraiten zuenean:
Ecce dimidium bonorum meorum do pauperibus,
et si aliquem defraudavi reddo quadruplum (Lc.
15). Neure onen erdiak emaiten derauztet probei, eta baldin nehor enganatu badut, bihurtzen
dut laur doble. Eztu erraiten dabo, emanen dut,
ezta geroko mintzo, presentean erraiten du, do,
emaiten dut. Eta baldin deus gaizki eramaitera
gerthatu bazait, hura ere neure eskuz, bizi naizela, eritu baiño lehen, neure ordeneretara eta
ondokoetara utzi gabe, reddo, neurk bihurtzen
dut. Hala borondatezko obrak nola obligazinozkoak berak bere eskuz egiten zituen. Eta hala
egin behar ditu, nork ere nahi baitu merezimendu handirik erdietsi, eta bere konzientzia segurki seguratu.
167 Irakurtu izatu dut, ezen behin gizon batek
zituela hirur aztore onak, eta famatuak. Eta bere
azken finean, hetarik bata utzi zuela, zor bat baitzuen, haren pagatzeko; bigarrena, seme bat
baitzuen, harendako; eta hirurgarrena, arimakari, mezatan enplegatzeko. Eta gero handik
fite, aztore hetarik bata ioan baitzen airaturik
eta ez gehiago bihurtu: erran zuen semeak, ioan
zen aztore hura zela, haren aitak arima-kari utzi
zuena. Etzuen erran berarentzat utzi zuena zela.
Etzaitezilla zeure ondokoaren esperanzan eta
hark eginen duen deskarguan fida. Zeren baldin
zerorrek bizi zarela zeure arimaz orai konturik
egiten ezpadazu, eta zeurk egin duzun falta,
zeurk erremediatzen ezpaduzu, eztezazula,
pensa, eztakizula iduri, gero zure ondotik zure
ondokoak, zuk zerorrek baiño hobeki eginen
duela.
Guztiok nahi dugu salbatu, guztiok nahi dugu
ioan parabisura, eta guztiok dugu esperantza.
Baiña esperantza banoa, alferra, eta iduriz probetxu gutitakoa du, deskarguak egiteko dituela-
rik, eta berak egin ahal ditzakeielarik, egin gabe,
ondokoetara utzten dituenak.
Bat dugunean, bia nahi ditugu; bia ditugunean, hirur. Ongi edo gaizki, zuzen edo makhur,
plazer zaiku hartzea, eta berretzea, baiña gaitz,
eta gaitzi gutitzea, eta bihurtzea: hartan min
hartzen da.
Bada min hartuko bada ere, bihurtu behar
da, satisfatu behar da. Eta hobe da batekin zoazin parabisura, hamarrekin ifernura baino.
Eta hobe da halaber utz diazozun zeure
umeari edo ondokoari guti, eta on, ezen ez
anhitz eta gaixto. Guti hek, ongi irabazi hek, deskarguak eginik, eta nori berea errendaturik geldituko zaitzan aphur hek, sumatuko dira, berretuko dira, gurenduko dira: baiña bertze guztiek
fin gaitz eginen dute: hetarik hirurgarren belhaunekoek guti gozatuko dute.
Ikhusazu bada, egizu gogoeta, ea, zorrik edo
bertzeren onik, gaizki eramanik, baduzunz: eta
hek obligazinozkoak baitira eta ez borondatezkoak, hek guztien gaiñetik, zerorrek bizi zarela,
zeure eskuz, bertzeren peskizan, eta esperantzan utzi gabe, paga itzatzu, iraungitzatzu.
Zeren halatan zeure umeak, primuak, eta ondokoak peril handi batetarik atherakoitutzu: eta
zerori ere, aitzinetik deskarguak eginik, aisia
handi batean, eta salbamenduko bidean, oraidanik iarriko zara.
ZENBAT KALTE EGITEN DUEN
IURAMENTUAK, ETA IURAMENTU
EGITEKO USANTZAK, ETA NOLA
BEHAR DEN LEHEN BAIÑO LEHEN
USANTZA HURA UTZI
KAP. XIX
168 Nola gure lehenbiziko aita hark, gure naturaleza haur, bere bekhatuaz narriatu, arrazatu,
eta eritokitu baitzuen, handik gara hain arrenkuratsu, inzirinatsu, eta on behar. Handik gara,
ontasunera baiño gaixtatasunera eroriagoak,
isuriagoak eta emanagoak. Handik dugu adimenduan itsutasuna, borondatean malizia eta
memorian flakotasuna. Handik heldu da halaber,
gezur erraitea, elkharren ez sinhestea, eta fidantzia gabe, bethi gogan behartsu ibiltzea. Zein
baita kalte handia, elkharren artean bizi behar
dutenentzat: hain handia, non gogan behartsu,
idurikortsu, eta fidantzia gabe bizitzea, ezpaita
bizitze. Bada kalte handi hunen erremediatzeko,
ediren zuen Iainkoak bide bat, zein baita iuramentua. Ikhusten duzunean, etzaituztela sinhetsi nahi, eta premia dela sinhets zaitzaten, dagizun orduan iuramentu, dagizun zin, ekhar dezazun zeure erranaren lekhuko Iainkoa, gezurrik
ezin derrakeiena, eta gauza guztien berri dakiena.
Eta halatan lekhuko harekin batean eman
diazazuten zeure erranean fede eta sinheste.
Hunetakotzat erran zuen Iainkoak berak : Dominum Deum tuum timebis, et per nomen eius
iurabis. ( Izanen zara zeure Iainkoaren beldur, eta eginen duzu haren izenaz iuramentu.
Eztuzu eginen iuramenturik Iainko falsoez,
zeren hartan bide gabe ezin ziniazaio egiazko
Iainkoari, hari dagokan ohorearen, bertzeri emaiteaz. Zeren nola iuramentu egiten duzunean,
ekhartzen baituzu Iainkoa zeure erranaren lekhuko (zeren hura da iuramentu egitea: Iurare est
Deum in testem adducere; eta hartan emaiten
baituzu aditzera, Iainko hura dela egiatia, eta
gauza guztien berri dakiena, zein baita ohore
handia Iainkoarentzat); ezta arrazoin eman
dakion ohorerik bertzeri. Eta hala iuramenturik
egitekotz, egiazko Iainkoaz egin behar da, eta ez
bertzela, eta ez bertzez.
169 Egia da, egin diteke iuramentu, Zeruaz,
Iurraz, sainduez, eta bertze kreaturez ere: ez
ordea hei Iainkoari dagokan ohorerik emaiten
zaiela, halako agurrik egiten zaiela, baiña Iainkoaren kreatura bezala eta Iainkoak hetan parte
duen bezala: halatan egin diteke hetzaz iuramentu eta ez bertzela (Vide S. Thom. 2 2ae, q.
89, art. 6 ad 1).
Ordea badirudi ezen orai lege berrion, ezin
egin ditekeiela, neholatan ere, eta nehortzaz ere
iuramenturik. Zeren Iainkoak berak erraiten du.
Ego autem dico vobis non iurare omnino (Mt. 7).
Erran bezate bertzek nahi dutena, baiña nik diotsuet zuei, eztagizuela neholatan ere iuramenturik. Hunen arauaz erraiten du Iondone Iakue
apostoluak ere: Ante omnia autem, fratres mei,
nolite iurare, neque per caelum neque per
terram, nec aliud quodcumque iuramentum. Sit
autem sermo vester est est, non non (Jac. 7).
Guztien gaiñetik gomendatzen deratzuet, neure
anaia maiteak, eztagizuen batere iuramenturik,
ez zeruaz, ez lurraz, eta ez bertzez: baiña biz
zuen hitzkuntza, solhasa, eta mintzaia: ez, ez,
bai, bai. Beraz hunelatan, badirudi, eztela bat
ere, eta neholatan ere iuramenturik egin behar.
Egia da, hala dirudi, eta hala da. Ezta bat ere
iuramenturik egin behar, premiarik eztenean,
eta egia bertzela froga ahal ditekeienean. Baiña
premia denean, eta egiaren frogatzeko bertze
biderik eztenean, egin diteke eta egin behar da
iuramentu. Zeren iuramentua bere ethorkiz,
naturaz eta izanez Iainkoaren ohoratzeko; eta
bere finez, eta intenzionez, egiaren balia arazitzeko eta hauzien eta diferentzien iraungitzeko
eta erabakitzeko ordenatua da. Halatan erraiten
du errege Davitek: Laudabuntur omnes qui
iurant in eo (Ps. 62). Laudatuak izanen dira Iainkoaz iuramentu egiten dutenak. Eta badio Iondone Paulok ere: Homines per maiorem sui iurant,
et omnis controversiae eorum finis, ad confirma-
tionem, est iuramentum (Hebr. 6). Gizonék,
berak baiño handiagoaz egiten dute iuramentu,
eta heken diferentzia guztien fina, eta akhabatzea, iuramentua da. Zeren iuramentura emanez
gero, zin eraginez gero, ezin dateke, gehiago
hauzirik.
Eta hala gauza ona, saindua, eta Iainkoak
berak ordenatua da iuramentua. Ordea hargatik
egin diteke bai iuramentuan bekhatu. Zeren
gauza ona eta saindua da gorputz sainduaren
errezibitzea ere, ordea aditzen da ongi eta sainduki errezibitzen denean, eta ez bertzela. Hala
da bada gauza saindua, eta ona, iuramentua
ere, ongi egiten denean.
§1
170 Iuramentuak ongi, zuzentki eta behar den
bidean egina izaiteko, behar ditu hirur gauza,
hirur lagun eta sostengu: egia, premia eta zuzena. Hala erraiten du Ieremias profetak: Iurabis
vivit Dominus, in veritate, et in iudicio et iustitia
(Jer. 4). Lehenbizikorik, iuramentua behar da
egin, egiaz, eta segurki egiaz, eta ez dudan.
Zeren bertzela egiten den iuramentua, den gauzarik eztheusenaren gainean izanagatik ere,
bekhatu mortal izanen da.
Gezurrez iuramentu baten egitea, munduak
hala ezpadaduka ere, bekhatu handiagoa da,
lagunaren onaren ebastea baiño, eta bai edozein
emazterekin parte izaitea baiño ere, zeren iuramentuak Iainkoa bera bere presunan utkitzen
du, baiña bertze bekhatu hauk, eztiote hain
arras emaiten, etzaitza hala hurbiltzen. Iben
baleza Errege batek legea, eztioela nehork ere
biziaren penan nehori behar-ondokorik emanen,
eta guztiarekin ere gertha balekio zenbaiti,
emaitera zenbaiti, halakoak bide gabe liazaio
Erregeri, zeren haren lege, eta manamendu hautsi baitu. Baiña areago egin liazaio, baldin Errege berari bere presunan eman baliazo. Hala da
bada gezurrez iuramentu egitea: hartan Iainkoa
bera bere presunan ukitzen da. Zeren Iainkoa
izendatuki, gezurraren aithor eta lekhuto ekhartzen baita: zein baita bekhatu handia eta itsusia.
Beraz hunelatan iuramentu egiten duzunean,
lehenbiziko gauza behar duzu egin, ez gezurrez
eta ez dudan ere, baiña ustez bedere egiaz, eta
egiaren gaiñean.
171 Bigarrena, egiaz, eta egiaren gaiñean ere,
ezta ez berehala banoan, premia gabe, eta
aitzin-gibel behatu gabe egin behar iuramentua.
Usatu behar da iuramentuaz, purgaz bezala.
Purga ezin bertzez, eri zarenean, premia duzunean hartzen duzu: eta orduan ere ahalik eta
gutiena, eta berantena: eta baldin gabe, iragan
albazindezi, ez luke hark bere parerik, are hura
hobeago. Hala egin behar da bada iuramentua
ere, are hura hobeago. Hala egin behar da bada
iuramentua ere, ezin bertzez, premiaz, zeure
ohoreaz dihoatzunean, eta iustiziak hartara
zuzentki behartzen, eta errekeritzen zaituenean.
Zeren bertzela, baldin ez eta bai asko den lekhuan, egiten baduzu iuramentu, egiaren gainean
izanagatik ere, bekhatu benial bedere eginen
duzu. Ezta edireiten egin zuela egundaiño Iondone Paulok iuramenturik eskiribuz baizen. (Ita S.
Thom. 2-2ae q. 89 art. ad 1). Zeren eskiribatzen
den gauza, hobeki pensatzen eta konsideratzen
baita, berehala solhasean erraiten dena baiño:
eta bai halaber, halatan huts ere gutiago egiten.
Ustez bedere egiaz eta premiaz behar duzu egin
iuramentua.
Hirurgarrena; ezta ez asko, egiaz, eta premiaz ere iuramentuaren egitea; baiña egin
behar da gauza onaren eta iustuaren gaiñean,
eta ez gaizki egiteko kontuan. Egiten duzunean
iuramentu hautsi behar diozula presuna bati
burua, edo bertze gaizki bat egin behar diozula,
bekhatu egiten duzu halako iuramentuaren egiteaz, eta are bekhatuago haren konplitzeaz. Eta
baldin uste baduzu edo sinhesten baduzu, obligatu zarela konplitzera, hirurgarren batez kargatzen zara.
Halaber egiten duzunean iuramentu, zenbait
ongiren ez egiteko, probeari ez deus emaiteko,
nehori ez deus prestatzeko, edo elizaz obligatu
zarenean baizen ez barurtzeko, bekhatu egiten
duzu halako iuramentuen egiteaz, benial bedere,
eta etzara obligatu heken konplitzera, eta hobe
ez konplitzea.
Halaber egiten baititutzu bertze iuramentu
batzuk, deus balio eztuten gauza batzuen gaiñean, ezpaita heken hautsteaz kalterik eta ez
konplitzeaz probetxurik, nola baita mahaian iartzean etzarela lehenik iarriko, etxean sartzean,
etzarela aitzinean sarthuko: edatean eztuzula
lehenik edanen.
172 Hunelako iuramentu hauken egiteaz, ezta
bekhaturik, behintzat mortalik, eta ez, ez konplitzeaz ere. Iondone Petrik erran baitzioen zin
zinez iuramentu eginik bezala, bere nabusiari:
Non lavabis mihi pedes in aeternum (Jo. 13).
Ezterauzkidatzu sekulan zuk niri oinak garbituko.
Utzi zerautzan, guztiarekin ere, garbitzera, eta
eztuen hartan bekhaturik egin, zeren hunelako
iuramentu hautan emaiten da aditzera, geure
aldetik denaz bezan batean kortesiaz, hala nahi
gendukeiela. Ordea utz ditzakegu geure buruak,
bekhaturik egin gabe, benzutzera, Iondone
Petrik utzi zuen bezala.
Eta zeren iuramentu batzuk baitira presenteko gauzez, bertze batzuk ethorkizunekoez, guztietan behar da egia. Eta ethorkizunekoak behar
dira egin, gauza onaz, maliziarik gabe, enganamendurik gabe eta konplitzeko borondatearekin:
baldin konplitzeaz, zenbait kalte, nehork lehen
uste etzuenik, sortzen eta agertzen ezpada: nola
agertu baitzen Herodesek egin zuen iuramentuan.
Herodesek, benturaz gogoan gaitzik etzedukala, prometatu zioen, iuramentu eginik neskatxa dantzari bati, emanen zioela eska zedin guztia.
Eta oraino orduan, on zen iuramentua. Ordea
gero eskatu zeikanean Iondone Ioannes Baptistaren buruaren, galdu zuen iuramentuak indarra,
etzen konplitu behar.
Halaber badira bertze iuramentuak, batzuk
mehatxuzkoak, eta bai maradizinozkoak ere,
aita amek bere umei eta nabusiek ere bere
sehiei, egiten deraustezatenak. Hek guztiak dira
bekhatu. Eta anhitzetan ere mehatxuzkoak, kon-
plitzeko borondaterik gabe egiten badituzte ere,
eta maridizioneak ere ez hitzez baizen, zeren
ezpailukete nahi halakorik, guztiz ere heken
umei gertha lekien.
Ordea guztiarekin ere, guztiak dira bekhatu.
Zeren bataz, bertzeak bertze direla, handik
ikhasten dute umek ere maradizino egotzten ete
burho egiten: eta berriz bertzea, zeren burhasoen maradizioneak anhitzetan heltzen zaizte
umei, eta gelditzen dira maradikatuak, Noeren
semetarik bata maradikatua gelditu zen bezala.
§2
173 Iuramentuan den gauzarik gaixtoena, galgarriena eta perilosena da usantza. Premia
gabe, egiaz ala gezurrez mintzo den behatu
gabe, makillaren permatzeko eta pordoinkatzeko urrats guztiaz eskuan bezala iuramentuaren
ere ahoan, hitz guztiaz minzatzeko, erabiltzea.
«Ez» eta «ba»” asko den lekhuan erraiteaz eta
enzuteaz «bai Iainkoaren Pasionea», «ez Iainkoaren Odola», nor ezta ikharatuko? Nori etzaitza

You have read 1 text from Basque literature.