Gero - 07
Non sic est Deus misericors, ut sit iniustus, dio
San Augustinek (August. in Ps. 39). Ezta Iainkoa
halako moldez miserikordios, non iustiziari bide
gaberik egin diazon.
95 Badio halaber San Agustinek: Puniamus nostra peccata si quaerimus misericordiam Dei. Non
potest Deus misereri omnium operantium iniqui-
tatem, quasi blandiens peccatis et non erradicans peccata (August. in Ps. 58). Gaztiga ditzagun geure bekhatuak, dagigun hetzaz penitenzia, baldin nahi badugu erdietsi Iainkoaren miserikordia. Zeren Iainkoak ezin barkha diazaio bekhatoreari, bekhatutan dagoeiño, hetan atsegin
hartzen dueiño, hetarik apartatzera delibera
arteiño. Ezta Iainkoaren miserikordia hain aitzina
heltzen, eta ez hedatzen. Eta ez hedatze haur,
gauzaren ezinkizunetik heldu da, eta ez miserikordiaren eskastasunetik. Ezta erraiten miserikordios dela Iainkoa, zeren bekhatutan debillanari, hala dabillaino, eta ibiltzeko gogo dueiño,
lausengatzen eta barkhatzen dioen: Baiña erraiten da miserikordios dela, zeren bere bekhatuak
behar den bidean utzirik, behar den bidean
ethortzen zaikanari, eta bere ahala egiten duenari, ezpaitio faltatzen, eta ez barkhamendurik
ukhatzen. Eta asko da haur eta hunela egitea
miserikordios izaiteko.
Enzuten duzunean, bihotz bera eta miserikordios dela Iainkoa, atsegin hartzen duzu, eta
enzunagatik gaitz, gogor eta iustiziati ere badela, eztuzu konturik egiten. Bada Eskritura Sainduan, Iainkoak prometatzen dituen fabore handi,
ezti, gozo, miserikordiazko hek, iustuentzat,
ongi, artez, eta presturik bizitzen direnentzat
dira: eta mehatxuak, kheiñadurak, iustiziaren
garratztasunak eta gaztiguak gaixtoentzat, zure
eta zu bezalakoentzat. Zer erhokeria da bada
haur, zuretzat diren mehatxuez, eta gaztiguez
eztagizun konturik, eta zuretzat eztiren miserikordiazko solhasez har dezazun atsegin? Miserikordia iustuei, zu ez bezalakoei dagote. Eztuzu
zuk bekhatutan zaudeiño hartan parterik, eta ez
ikhuskizunik: eztuzu orduan Iainkoa miserikordios dela enzunagatik, zer bozturik. Zeren
orduan, iustizia bai, baiña miserikordia ezta
zurekin mintzo, ezta orduan zure. Aparta zaite
bekhatutik eta izanen da zure: aparta zaite bekhatutik eta izanen duzu parte. Baiña anarteraiño, bitartean, iustizia edukazu zeuretzat, eta
utzazu miserikordia, bere bekhatuetarik apartatzen direnentzat. Zeren bertzela debekuan nahi
ditutzu eskuak sarthu, bertzeren zuzena nahi
duzu zeuretu eta goratu.
§4
96 Erranen duzu, bethi dela on esperantza, beti
behar dela eduki fidantzia. Eta ongi diozu, egia
da, hala da. Ordea noiz, eta nola bethi? Bekhatu
eginez gero, baiña ez egiterakoan.
Ezta Iainkoaren miserikordian fidaturik bekhaturik egin behar. Susana emazte saindu hark
nahiago zuen, iende gaixto batzuen eskuetan
erori, Iainkoaren miserikordiaren menean baiño.
Melius est mihi incidere in manus hominum absque peccato, quam peccare in conspectu Domini
(Dan. 13). Baiña Errege Davitek nahiago zuen,
iendeekin baiño, Iainkoarekin iharduki, nahiago
zituen bere ongaitzak harekin iragan. Melius est
ut incidam in manus Domini, quam in manus
hominum (2 Rg. 24). Eta biek, hala Davitek nola
Susanak, zeramaten kontu ona. Zeren Susana
zen bekhatu egingabea, eta Davit bekhatu
egina. Eta bekhatu eginez gero, Iainkoarekin
behar da iharduki, hara laster, han fida, haren
miserikordiatik behar da erremedio. Nola Zesarek kondenatua, apelatu baitzen Zesar beragana, Zesar haserretuaganik ez haserretuagana:
hala bekhatoreak ere behar du apelatu, Iainkoaganik Iainkoagana: Iainko iustiziazkoaganik Iainko miserikordiazkoagana. Bekhatu eginez gero,
ezta bertze biderik, ezta bertze erremediorik.
Ordea nehor bekhatu egin gabea denean, nola
baitzen Susana, hobe da egitekoen alde hunetarik egitea, hobe da gizonekin ihardukitzea, eta
hetarik ethor ahal dakidikaion kalteari igurikitzea, ezen ez Iainkoa baithan, eta haren miserikordian fidaturik, bekhatu egitea.
Baiña guk kontrara egiten dugu. Zer izanen
baita ere ethorkizunaz, gero Iainkoaren miserikordiara ihes eginen badugu ere, orai eskuen
gaiñean, presentean, eztugu, bekhaturik ez egiteagatik, plazerik utzi nahi, eta ez penarik hartu:
nahiago gaitzaitza ethorkizuneko peril handiari,
eta gaitz bortitzari iarri, presenteko trabaillu
aphurrari baiño. Eta zerk egiten du haur? Fida-
tzeak, kontu egiteak, berdin gero Iainko miserikordiosak guztiak barkhatuko derauzkigula, eta
erremediatuko. Kontuaren gaixtoa, fidantziaren
erhoa.
97 Fidatzen zara, bekhatu eginez gerozko kalteak erremediatuko dituela Iainkoak, eta etzara
fidatzen eta ez orhoitzen, erremedia ahal ditzakeiela halaber, bekhaturik ez egiteagatik, ethor
ahal dakidizketzun atsekabeak eta egitekoak.
Behar eztenean fidatzen zara eta ez behar
denean. Behar eztenean iduritzen zaitzu Iainkoaren miserikordia handi, eta ez behar denean.
Hamar ezkuturen behar zarenean edo bertze
premia bat eta eskastasun bat duzunean, etzara
fidatzen, eztuzu esperantzarik, prestuki bizitzen
zarela eta bekhaturik egin gabe egoiten zarela,
zeure premia eta eskastasuna estal ahal diazaizula Iainkoak. Eta hala zeure esperantza gabearekin egiten duzu bekhatu, ebatsten duzu, egiten duzu ohoinkeria bat. Eta egiten duzu ohoinkeria hura esperantzaz, gero berdin Iainko miserikordiosak barkhatuko deratzula hartako bekha-
tua. Itsutasunaren handia. Orai Iainkoarekin
adiskide zarenean, bekhaturik gabe zaudenean,
eztuzu esperantzarik Iainkoak zuregatik deus
daidikeiela; zure premia estal dezakeiela: eta
gero etsai zarenean, eta bekhatuz bethea zaudenean, duzu fidantzia, guztiak barkhaturik, bere
garazia eta loria, hain gauza handiak, baliosak,
eta erdiesteko gaitzak, emanen derauzkitzula.
Gauza errazean etzara fidatzen eta bai gaitzean.
Bekhatu egiten duenarentzat dadukazu Iainkoa
handi, zabal, franko, liberal; eta bekhaturik egin
gabe, prestuki bizitzen denarentzat, estimatzen
duzu dela hertsi, mehar, eskas eta abarizios.
Guztietan zabiltza eta gabiltza nahasiak, errebelatuak eta huts eginak.
§5
98 Ez huts egiteko, behar bezala esperantza
eta fidantzia izaiteko, zer egin behar da? Ihardesten du Errege Davitek: Sacrificate sacrificium
iustitiae et sperate in Domino (Ps. 4). Erran nahi
du: egizue ongi, ahalez obra onetan enplega zai-
tezte, eta gero orduan euzue Iauna baithan
esperantza. Zeren bertzelako esperantzak deus
guti balio du.
Egun batez ethorri zeitzan Fray Gil Sainduari
kardenal batzuk bisitatzera. Eta bere bisita akhabaturik partitzerakoan, erran zioten, arren zegiola Iainkoari hetzaz othoitz. Ihardetsi zerauen
Fray Gilek: —Aitzitik, Iaunak, zuek egiozue
nitzaz. Zeren nik baiño zuek sinheste eta esperantza gehiago duzue.
—Ordean nolatan ahal dateke hori horrela?,
diotsate kardenalek. Zeren gu gabiltza munduan
barrena sarthuak, aberatstasunez betheak, atseginez eta plazerez gaiñez egiñak, eta zu penitenziatan, obra onetan, munduko egitekoetarik kanpoan, eta guztiarekin ere diozu sinheste eta
esperantza gehiago dugula zuk baiño?
—Bai, ihardesten deraue. Zeren zuek bizitzen
zareten bezala, bizitzen zaretelarik ere, alegeraki, deusen beldur gabe, salbatzeko esperantza,
eta esportzu handi batekin zabiltzate. Baiña ni
beldur naizela, ikhara dirakidala, zeren bekhato-
re bainaiz. Beraz hunelatan zuek nik baiño esperantza eta sinheste gehiago duzue.
99 Ikhusiko duzu, iende thaillu batzuek, maliziarik eta enganamendurik baizen eztirenek, den
sainduenak baiño buruak gogorrago dituztela,
eta salbatzeko esperantza gehiago dutela: halako moldez, ezen ethortzen zarenean halakoekin
minzatzera, erranen baiteratzute, eztezaketela
bere esperantza, zurearekin truka: eztadukatela
nehor ere bere buruak baiño sainduago, eta ez
prestuago: nor nahi den bezain ongi Iainkoari
gomendatzen zaitzala. Eta bitartean beharrietaraiño bekhatutan barrena sarthuak egon. Itsutasunaren handia, deabruaren enganamendua.
Uste baitute eta uste baituzu, bekhatutan zaudela, parabisua emanen zaitzula, miserikordia eginen zaitzula. Hori da Iainkoaz, eta Iainkoaren
miserikordiaz eskarniatzea: hori da esperantza,
esperantza gabea, fidantzia erhoa, gaiñez egina,
soberaniazkoa. Eta ezta ez hori fidantzia ere.
Baiña hori da, ausartzia, presunzionea, nahi
erhoa, eta miserikordia heltzen den baiño aitzi-
nago zure desiraren hedatzea. Are gehiago, hori
da Spiritu Sainduaren kontra diren bekhatuetarik
bat. Eta hala miserikordiaren esperantzan bekhatu egiten duenak, eztu miserikordiarik merezi,
zeren halakoa, miserikordiaren beraren kontra
baitabilla.
Hala emaiten du aditzera San Basiliok, penitenziaz mintzo dela: Qui spe poenitentiae male
agit, modum habet maleficentiae et poenitentia
privatus est (Basil. Tom. 25 de Poenit.) Penitenziaren esperantzan bekhatu egiten duenak, eztu
bide ona hartzen, eztu penitenziarik balia dakion
merezi. Eta molde berean erran ahal diteke
miserikordiaren esperantzan bekhatu egiten
duenaz ere, eztu hark ere miserikordiarik merezi.
100 Nahi badugu urrikal gakitzan geure Iainkoari, enzun gaitzan, lagun dakigun, eta eduki
dezan gutzaz miserikordia, enseia gaitezin gu
ere geure aldetik, geure egin bidearen egitera,
bekhatuetarik apartatzera, eta manamendu
sainduen begiratzera. Zeren halatan bai, baiña
bertzela, bertzelako esperantza guztiak, eztira
esperantza, alfer dira, erhokeriak dira.
Beraz hunelatan, eztugu miserikordiaren
esperantzan bekhaturik egin behar, eta ez fidantzia hartan penitentzia egitea, eta aztura gaixtoen utztea, geroko luzatu behar. Aitzitik, zeren
Iainkoa den hain on, bihotz bera eta miserikordios. Zeren hain maite gaituen: zeren bekhatu
egin eta berehala ezkaituen gaztigatzen, zeren
igurikitzen derakun; eta finean, zeren hanbat
ongi eta ontasun egiten derakun, hargatik beragatik ere, hartarik okhasino harturik, behar genduke, are bertzela eginen genduen baiño hobekiago, haren borondatearen egitera enseiatu;
eta zerere bekhatu, eta gaixtakeria oraiñokoan
erabili baitugu, hek guztiak utzirik, prestutasun
batean iartzera deliberatu: eta halako moldez,
thailluz, eta suertez aitzinerat gobernatu, non
azken finean, Iainkoaren miserikordiarekin
batean erdiets dezagun guretzat ordenaturik eta
prestaturik dagoen bozkarioa, zein baita zeruko
loria.
NOLA GEROTIK GERORA
IBILTZEAZ GALTZEN DUGUN
DENBORA
KAP. XII
101
Gerotik gerora zabiltza; urthe hunetan
gaixto izanik, dathorkeienean onduko, eta prestutuko zarela diozu. Bada biz hala, zuk diozun
bezala, eta gogoan darabillazun bezala, gertha
dakizun, eta urthe hunetan gaixto, izanik, zure
gero horretan, ethorkizunean prestu zaitezin.
Hori horrela baliz ere, non da bataz, urthe, hunetan egin ahal zendukeien irabazia eta aitzinamendua? Zeren giristino onek, urthe batez
anhitz obra on egiten dute, eta bai meritu ere
erdiesten: giristino onak urthe batez, aitzinatzen
dira, baiña zu nola aitzinatuko zaren ezen gibelatzen zara, anhitz bekhatu eta gaixtakeria egiten duzula. Eta berriz bertzea, non da halaber
bitartean, urthe hunetan zure Gero horretara hel
arterainokoan galtzen duzun denbora? Fili, con-
serva tempus (Eccli 4). Ene seme, begira ezazu
denbora, dio Espiritu Sainduak. Aitzinean duzuiño, zakitza. Zeren behin ioanez gero, ezta bihurtzerik, eta ez erdiesterik.
Fronte capillata est, et post occasio calva
(Auson.) Okhasinoa kopetan, belarrean, aitzin
aldean, illetsu da, eta xerlotsu, baiña garhaitean,
garzetan, gibel aldean, motz, soil, garbal, karsoil, eta ille gabe. Aitzinean badu nondik lot,
baiña ez gibelean. Beraz aitzinean duzuiño, probetxa zakitza. Zeren gibeleraz gero, eztu eskutokirik, eta ez lotzeko girthainik. Bada okhasinoa
bezala da denbora ere. Beraz hunelatan: Quodcumque potest facere manus tua instanter operare. Quia nec opus, nec ratio, nec sapientia, erit
apud inferos quo tu properas (Eccl. 9). Orai, denbora aitzinean, duzuiño, egizu ahal dagizuna: eta
orai ere, Instanter, fite, presenteon. Zeren iakin
behar duzu ezen eztela gero, zuk ioan behar
duzun lekhu hartan, arrazoin alegatzerik, eta ez
iakintasunaz probetxatzerik izanen. Utzten
baduzu, nola eztakizula, orai eskuen artean
duzun denbora iragaitera, egin da, galdu da,
ezta gehiago bihurtzerik. Hargatik erraiten du
Iondone Paulok: Dum tempus habemus operemur bonum (Gal. 6). Denbora duguiño dagigun
ongi.
102 Erran beza Aristotelek nahi duena denboraz («Tempus est numerus motus, secundum
prius et posterius». Arist. 4 Physic.). Baiña gure
kontuko, denbora da lehen, orai eta gero, gauzeen ibiltzea, iragaitea eta iragaitearekin batean
higatzea eta akhabatzea. Denbora bethi doha.
Neque quod futurum est meum neque quod fuit,
dio Senekak (Senec. lib. 6 Natur. quaest.). Iragana, eta ethorkizuna eztira gure. Ioana ioan,
ethorkizuna ethorkizun, presentekoa da gure,
eta ez bertzerik.
Eta presenteko haur, hain da guti ezen erraiten baitu San Tomasek: De tempore nihil est
accipere in actu, nisi nunc (S. Thom. 1 p. q. 66
art. ad 4 et 5). Denboratik eztugu deus ere, orai
bat baizen, iraute aphurra, pontutsu bat, eta ez
gehiago. Egia da ordea, nola pontutsu hunek,
orai hunek iuntatzen eta iosten bezala baititu
elkharrekin iragana eta ethorkizuna, ioste hunek
orhoitzen gaitu iraganaz eta ethorkizunaz ere
esperantza emaiten. Eta halatan orhoitze hunekin, eta esperantza hunekin batean, iragana, eta
ethorkizuna presentekoarekin lothurik, eta bat
eginik, etzaiku presentekoa hain labur iduritzen.
Zeren guztiak elkharrekin bezala, eta bat baillira
bezala hartzen baititugu. Hala erraiten du Senekak: Longam illi facit vitam, omnium temporum
in unum collatio (Senec. de brevitate vitae. cap.
13).
Ordea den bezala, eta behar den bezala denboraren hartzera, edirenen dugu, deus guti dela,
mehar dela eta labur. Presentekoa goza dezakegu, ethorkizunekoa desira, eta iragana lauda edo
auhen eta deithora. Iraganak eztu erremediorik,
hura ioan da: ethorkizunekoa eztakigu emanen
zaikunz: presentekoa hain da guti, labur eta ez
deus, ezen orai ere, bigarren hitza hasi dudaneko, iragan baitateke lehenbizikoa, eta lehenbizikoaren denbora.
103 Izatu da erran duenik denbora eztela deus,
hartzaz orhoitzapenik eta pensatzerik eztenean.
Eta halatan lo datzanari, etzaikala orduko denbora deus iduritzen, eztuela sentitzen, ezpailliz
bezala iragaiten zaikala. Zeren orduan ezpaitu
hartan pensatzen, eta ez gogorik edukitzen.
Urarekin nahi nuke konparatu denbora.
Zeren denborak eta urak elkharren idurika handi
baitute. Ura bethi doha, bata bertzeari darraika.
Iragana aitzina da, ethorkizunekoa gibela dago,
eta aitzinekoak aitzinean guti irauten du. Eztu
nehork iragan den uretik hartzen, eta ez ethortzeko dagoenetik ere: aitzinekotik, iragaitean,
presentean denean behar da atrapatu. Hala da,
bada, eta hala egin behar da denboraz ere, presentekoari lot zakitza, hari probetxa zakitza.
Zeren bertzela, haize ona denean, bela egin
gabe gelditzen den untzia bezala, geldi ahal zindezke zu ere.
104 Denboratik gauza aphurra, orai haur dugu,
eta ez bertzerik. Ordea nork erranen du zenbat
balio duen orai hunek? Iraute, iraupe, eta bitarte
ttipi, aphur, labur hunek? Hanbat balio du, non
baldin orai ifernuan dagoen bati, eman balekio
hautatzera, ea zein lukeien nahiago bere eskuko, ala mundu haur guztior, bere on guztiekin,
ala oren baten denbora, eta bitartea? Segur da
ez oren baten denbora, baiña are begien goiti
ailtxatxeko asko lukeien bitartea ere, lehen
hauta lezakeiela, nahiago lukeiela, eta bai
hobeago ere, mundu guztia baiño.
Zeren denbora aphur hura, den aphurrena
ere, ongi enplegatzen duela, asko bailluke anarteraiñoko falta guztien erremediatzeko, eta zeruko loriaren erdiesteko.
Erraiten da, gauza bat preziatua dela, hartarik puska ttipia, bertzetarik handiak baiño gehiago balio duenean, eta halatan erraiten da gauza
preziatua dela urrea. Beraz zinez da gauza preziatua, eta baliosa denbora. Zeren den gutiena,
bihotzezko urrikimendu batekin, asko baita salbamenduaren egiteko. Eta ezpere galdegiozu,
bere azken orenean, hain laburzki parabisua irabazi zuen ohoiñari, ea zer iduri zaikan denboraz?
Ea gauza estimatzekoa, eta ezertan edukitzekoa
denz? Eta hark, frogatuak bezala, erranen deratzu baietz, ezertan edukitzekoa dela, baliosa
dela, eztuela munduan bere parerik.
105 Hain da gauza handia, eta aberatsa, orai
eskuen artean dugun denboraren orai haur, ezen
purgatorioetako penak, mundu hunetako pena
guztiak elkharri iratxekirik baiño handiagoak
direlarik, guztiarekin ere erraiten baitu doktor
batek: Plus valet hic in patientia dies unus, quam
in purgatorio annus (Lodolphus ex Saxonia 1 p.
cap. 20). Gehiago balio du eta gehiago egiten
du, orai hemen egun batez obra onetan enplegatzeak, gero purgatorioetan urthe batez penatzen
egoiteak baiño. Oraiko egunak balioko du urthea. Hala emaiten du aditzera Ezekiel profetak:
Diem pro anno dedi tibi (Ez. 4). Eman neratzun
eguna urthetzat. Erran nahia du: eman deratzut,
eta emaiten deratzut anhitz egun, hain aberatsik, baliosik, eta prezio handitakorik, non hetarik batek balio baitu, eta balioko baitu urthe bat.
Zeren gero urthe batez egin ditekeiena eta egi-
nen dena, egin baititeke orai egun batez. Eta
arrazoiña. Zeren gero izanen eztena, orai baita
merezitzeko eta ontasunean aitzinatzeko ahala,
indarra eta libertatea. Eta halaber, zeren bi pena
suerte baitira, bata da, poena inflicta (Vide Dion.
Chartus. De iudicio animae cap. 15). Bertzek
emaiten derakuna, bertzetarik heldu zaikuna,
nola baita purgatorioetako pena, eritasun batetakoa.
Bertzea da, poena assumpta, gerok geure
borondatez hartzen duguna, nola baita egiten
dugun penitenzia, barurtzea, orazinotan egoitea,
erromerian ibiltzea. Eta pena hark, gerok geure
borondatez hartzen dugunak, eramaiten dio
aitzin aldea bertze penari, bertzek emaiten derakunari, pazientki errezibitua izanagatik ere.
Zeren purgatorioetan dagoenak nahi luke handik
libratu, eta bai eriak ere sendatu.
106 Baiña orai gerok geure borondatez egiten
dugun penitenzia, eta hartzen dugun pena, alde
guztiz da borondatezkoa, baliosa, eta Iainkoari
eder zaikana. Eta halatan hunek eramaiten
deraue purgatorioetako penari, eta eritasunekoari ere, urreak, bertze diru guztiei eramaiten
derauen abantailla.
Zeren Iainkoak behatzen badu ere iragaiten
dugun penara, ordea areago behatzen du hartako borondatera. Beraz orai pena, orai barur, zilizioa har. Zeren oraiko pena ttipiak gerok libreki,
geure borondatez hartzen dugunak, gehiago
balioko du, purgatorioetako edo eritasuneko
pena handiak baiño. Eta hala badirudi ezen purgatorioetan daudenek, eztutela deusez ere hanbat damu, eta atsekabe izanen, nola denboraren
galduaz, gaizki enplegatuaz, eta bere buruen
bere borondatez, aphur bat bedere, ez penatuaz.
Arrazoiñekin erraiten du San Krisostomok:
Neque intelligis omnia potius esse amittenda
quam tempus; aurum amittis, potest recuperari;
amissum tempur difficulter. (Chrys. Hom. 57 in
cap. 9 Io. tom. 3). Eztuzu aditzen, bertze gauza
guztiak lehen utzi behar direla galtzera, denbora
baiño. Zeren urrea, eta zilharra kobera ditezke,
galduagatik, baiña ez denbora.
§2
107 Nihil proetiosius tempore et heu nihil eo
vilius invenitur, dio San Bernardok (Bernard. ad
Scolast). Ezta munduan gauza preziatuagorik
denbora baiño, ordea ai, ezta egungo egunean
gauza eztheusagorik edireiten. Eztugu deusez
ere hain kontu guti egiten, nola denboraz.
Quem mihi dabis qui aliquod praetium tempori ponat, qui diem aestimet? Nor emanen
derautazu —galdegiten du Senekak—, denborari
prezio dioenik? Eguna merezi bezala estimatzen
duenik? Fitsaren berdin, ez deusen pare dadukagu denbora. Badirudi trabatzen gaituela anhitzetan ere, ezpagendu nahi gendukeiela: ez iakinez
zertan iragan gabiltzala. Oren batean garenean,
bigarrenean bagina desiratzen dugula. Erran
behar da aberats garela, munduan den gauzarik
aberatsena eta baliosena, hain frankoki derabillagunean. Bada ala zuk eta nik ere, denboraren
galtze hunetzaz, probetxu gabe iragaitera utz-
teaz, kontu hertsia eman beharko baitiogu Iainkoari.
Hirur moldez erran ahal diteke galtzen dela
denbora. Lehenbizikoa, bekhatu egiteaz eta bekhatutan egoiteaz. Bekhatu egiten hari zarela, eta
eginez gero hetan zaudela, iragaiten zaitzun
denbora, emazu galdutzat. Denbora hark eztu
deus balio zuretzat. Aitzitik hartan zeure arima
eta arimako on guztiak, eta komunzki gorputzekoak ere galtzeintutzu, ura behera bezala, egotzteintuzu. Denbora hura da denborarik galduena,
eta galgarriena.
108 Bigarrena, galtzen da denbora, gogoeta
erho, bano, deus balio eztuten batzuetan egoiteaz. Zerori bakharrik alfer, aise, egitekorik
gabe, ongi iana eta hobeki edana zaudenean,
eta guztiz ere ohean loz aserik, ardurarik gabe,
zauntzanean, egiten duzu zeure baithan barrena, milla pensu eta gogoeta, milla dorre eta gaztelu. Egiten zara Aita Saindu, egiten zara Errege,
aberatsten zara, egiten duzu anhitz balentia.
Ethortzen zaitzu ioko eder bat, irabatzen duzu.
Finean, erabiltzeintuzu zeure gogoan, hala balira
nahi zendukeien gauza batzuk. Eta sekulan hala
izanen ezpadira ere, eta eztirela izanen badakizu ere, guztiarekin ere, hala pensatzeaz beraz
ere, gogoeta erho hetan egoiteaz, atsegin hartzen duzu. Eta bitartean eztuzu konsideratzen,
zuk handik atheratzen duzun probetxua denboraren galtzea dela, eta ez bertzerik.
Hirurgarrena, galtzen da denbora gorputzaren plazeretan ibiltzeaz. Erraiten duzu: dezagun
denbora iragan, gaitezin ioka, gaitezin dantza
eta dosta. Eta etzaitzu gogoratzen bitartean
denbora galtzen duzula. Bada erraiten du San
Bernardok: Omne tempus in quo de Deo non
cogitas, hoc te computes perdidisse (Bernard. in
medit. cap. 6). Iainkoa baithan pensatzen eztuzula, iragan zaitzun denbora guztia, egizu kontu
galdu duzula. Hala erraiten du San Ieronimok
ere: Omne tempus in quo meliorasse non senseris, aestima perdidisse (Hieron. ad Eusthoch.).
Hobetu zarenz sentitu gabe eta zerbait ontasun
egin gabe iragaiten zaitzun denbora, estima
ezazu galdu duzula. Ezta asko gaizkirik ez egitea, ezta asko ez gaixtatzea, baiña ondu behar
da, eta ongi egin behar da; ez aitzinatzea, gibelatzea da. Zeren bitartean bertze kalterik ezpada
ere, denbora galtzen eta probetxatu gabe iragaiten baita.
109 Kontu egizu ezen orai ditutzula berrogoi
urthe. Eta egizu halaber kontu eta gogoeta, zenbat ongi eta obra on egin ditutzun berrogoi urthe
horietan. Eta edirenen duzu, baldin zinzinez, fintki eta debotki manaiatu eta enplegatu bazina,
berrogoi urthe horietan egin ditutzun ongiak,
ontasunak eta obra guztiak, egin zinituzkeiela
urthe batez. Beraz hunelatan galduitutzu bertze
urthe guztiak, berrogoietarik hogoi eta hemeretziak. Zer kontu emanen duzu bada urthe galdu
hetzaz? Hitz alfer guztiez eman behar da kontu,
zer izanen da bada hanbat denbora galduz eta
alfer iraganez? Arrazoiñekin erraiten du Ieremias
profetak Vocavit adversum me tempus (Thren.
1). Deitu zuen ene kontra denbora. Denborak
berak, guk galtzen dugunak, akhusatzen gaitu,
hura bera iaikitzen da gure kontra.
Omnia mi Lucile aliena sunt, tempus autem
nostrum est, dio Senekak (Senec. Epist. 1). Bertze gauza guztiak, bertzerenak dira, baiña ez
denbora, hura gurea da.
Orai eskuen artean dugun denbora, prestatzen deraku geure Iaungoikoak, utzten deraku
geure eskuko. Eta nahi du probetxa gakitzan,
obra onetan enplega dezagun, eta hala enplegaturik ere, eskatuko zaiku kontu: baldin meza
enzun badugu, ea ongi eta hartan pensatzen
dugula, enzun dugunz. Baldin barurtu bagara,
orazinotan egon bagara, probeari erremusina
eman badiogu (hauk obra onak baitira), hautzaz
guztioz eskatuko zaiku kontu, edergaillu, munduagatik, ala Iainkoagatik eta intenzione onez,
banaloriarik gabe egin ditugunz. Hala erraiten du
profeta Davitek Iainkoaren partez mintzo dela:
Cum accepero tempus, ego iustitias iudicabo
(Ps. 74). Denbora neuregana dezadanean, heriotzeko orenean, hain herstuki eskatuko naiz
kontu, non obra onak ere, ea ongi, iustuki eta
behar bezala eginak direnz, examinatuko eta iulgatuko baititut. Obra onak ere baldin ongi, eta
intenzione onez eginak ezpadira, gaixtotzat
emanik kondenatukoitu Iainkoak.
§3
110 Baldin presenteko denbora haur, orai
eskuen artean duguna, enplegatzen ezpadugu
ongi, peril da edeki dakigun ethorkizunekoa. Eta
alabaiña haur da gure erhokeria edo itsutasuna,
uste baitugu geure lehenekoa gaizki enplegatu
guztiarekin ere, aitzinerat ere orobat emanen
zaikula denbora. Baldin merkatari batek eman
baliazo bere semeari diru suma bat bere eskuko,
manaia lezan, enplega lezan, tratuan eta merkatalgoan erabil lezan. Eta halatan, tratua ikhasirik, berak bere buruz zerbait irabaz lezan. Ordea,
baldin seme hark bere aitaren eman hek guztiak,
iokoan, ian edanean eta arloterian gasta balitza,
arrazoiñekin lizateke seme hura beldur, ez liazon
bere aitak aitzinarat gehiago eman eta ez fida.
Eta are lehen emanak ere edeki liatzon. Hala
bada, arrazoiñekin izanen gara gu ere beldur
edeki diazagun geure Iaungoikoak ethorkizuneko denbora, iragana hain gaizki enplegatu dugunaz geroztik. Hala Noeren denboran ehun eta
hogoi urthe bizitzeko prometatuz gero, edeki
zerauzten azkeneko hogoiak, zeren leheneko
ehunak gaizki enplegatu baitzituzten. Haur
emaiten du aditzera Errege Davitek ere erraiten
duenean: Viri sanguinum et dolosi non dimidiabunt dies suos (Ps. 54,24). Gizon gaixto, odolisurle, gerlati, maliziati, eta enganatiek eztituzte
bere egunak erdizkatuko, eztira halakoak bertzela biziko zirenaren erdia biziko.
111 Batzuek bere gazte denboran, odola bero
dutenean, bizitzen dira Iainkorik, heriotzerik, edo
kontu errendatzerik ezpailliz bezala, libertate
handian, milla bekhatu, malizia, eta enganamendu egiten dutela: gorputzari ahal bezanbat plazer emaiten diotela. Baiña gero, zahartzean,
odola hotzten hasten zaienean, hasten dira halaber ethorkizunaz orhoitzen, hil behar dutela, eta
hil ondoan kontu errendatu behar dutela ohartzen eta pensatzen. Eta handik harat, hala bere
buruei ohartuz gero, itzultzen dute plama eta
orria bertze aldera: eta lehen gaixto bezain egiten dira gero on eta prestu. Halakoek, dimidiant
dies suos, bere egunak erdizkatzeintuzte, bi erdi
egiteintuzte. Zeren erdi bata, gaztetasuna, gaizki enplegatu bazuten ere, bertze erdia, zahartzea, ongi akhabatu baitzuten. Eta haur da azkenekotz ongi erdizkatzea, gaixtoa utzirik, onaren
hartzea, Iondone Paulo batek bezala egitea.
Baiña berriz bertze batzuk gazten dira on,
prestu eta debozinotsu, eta zahartzean gaixto,
eta maliziatsu. Hastean on, eta akhabatzean
gaixto, Iudas izan zen bezala. Halakoek, dimidiant dies suos, erdizkatzeintuzte bere egunak,
bi erdi egiteintuzte, zeren zahartzean gaixto
badira ere, gaztean on izan baitziren. Ordea hura
da gaizki eta gaixtoki egunen erdizkatzea, zeren
onetik gaixtora aldatzen baitira. Eta hanbatik
hanbatean gaixtoago eta perilosago da zahartzean gaixto izatea, gaztean baiño.
112 Baiña finean berriz bertze batzuek: Non
dimidiant dies suos. Eztituzte
nehoiz ere erdizkatzen bere egunak. Zeren hala
zahartzean nola gaztean, arront baitira bat,
bethi ere baitira maliziaz, eta gaixtakeriaz orobat. Eta halako hek ikhusten dutenean bere egunak laburtu hurran zaiztela, heriotzera hurbiltzen
direla, kontu eman behar dutela: orduan, pagatzaille gaixtoek egiten dutena, eskatuko dira
ephe eta luzamendu gehiago. In die redditionis
postulabit tempus (Eccli. 29). Ordea nola iraganaz kontu xarra eman baitukete, eztira enzunak
izanen: etzaie heken promesei sinhesterik emanen, ezta heken erranetan nehor gehiago fidatuko. Hala erran zuen Aingiruak ere, gaiñekoaz zin
egiñik, etzela izanen gehiago denborarik, akhabatuko zirela geroko gero guztiak. Iuravit per
viventem in saecula, quia non erit tempus (Ap.
10).
Egin ahal dezakegu nahi bezanbat, edo ahal
bezanbat enseiu, eta itzul-inguru, baiña azkenean ere, ezin ihesik daidikegun denborara eta
pontura herstu eta bildu beharko dugu. Hala
kontatzen du San Gregoriok, ezen Krisaorio zeritzan gizon gaixto batek, bere azken orenera
zenean, munduan egin ahal zitzan othoitz guztiak eginagatik, ezin erdietsi zuela, biharamuneko luzamendua. Coepit magnis vocibus clamare,
inducias vel usque mane, inducias vel usque
mane: sed cum clamaret, in istis suis vocibus, de
habitaculo suae carnis evulsus est (Greg. hom.
12 super Evang. et lib. 4 dialog. cap. 38). Herstu
zenean, nahi zukeien aphur bat luzatu, nahi
zukeien biharamun arteraiñoko denbora irabazi:
anhitz hitz eder ahotik athera zuen, anhitz