Gero - 05
erraiten da Spiritu Sainduaren kontrako bekhatua dela (S. Thom. 2, 2 lib. 2 q. 28 art. 6). Zeren
hartaraz gero maliziazkoa baita. Eta nola flakotasunez egiten den bekhatua, erraiten baita Aitaren kontra dela; eta iakin gabez eta inoranziaz
egiten dena Semearen kontra dela: hala maliziaz
egiten dena ere erraiten da Spiritu Sainduaren
kontra dela. Zein baita hain perilosa, non galdegiten baitu San Tomasek: An sit remissibile? Ea
bakhakizun denz? Barkha ahal ditekeienz? (Vide
S. Thom. 2 2ae q. 4 et seq. et q. 14 art. 3). Eta
ihardesten du lehenbizikorik: behintzat merezitzeaz denaz bezanbatean, eztuela barkhamendurik merezi, zeren maliziazkoa baita. Bigarrena
ihardesten du, maliziazkoa denaz geroz eztela
bere egitez barkhatzekoetarik. Zeren nola baitira eritasun batzuk, hain handiak, gorputz guztia
flakatua, benzutua, eta ezindua ibentzen dutenak, eta eriari hain iauntzen zaitzanak, non bere
izanez, eta egitez ezpaitute erremediorik, ezpaitira sendakizun; hala ostinatuaren, gogortuaren,
itsutuaren, eta ezansiatuaren bekhatua, eta eritasuna ere hain da handia, non berenez ezpaita
sendakizun, eta ez barkhakizun. Zeren sendatzeko, eta barkhatzeko behar diren erremedioak,
berak bere faltaz eta bere maliziaz, bere plazerera eta iakiara, utzten baititu probetxatu gabe
iragaitera eta galtzera. Eta halatan halako bekhatuagatik, zein baita Spiritu Sainduaren kontrakoa, erraiten du San Mateok: Non remittetur in
hoc saeculo nec in futuro (Mt. 12). Eztela barkhatuko mundu hunetan eta ez bertzean ere.
Egia da ordea nola Iainkoaren miserikordia
baita guztien gaiñekoa, gerthatzen da halako
bekhatuetarik ere zenbaiten barkhatzera. Ordea
San Tomasek dioen bezala, ez maiz, gutitan, eta
mirakuilluz bezala. Per misericordiam Dei ali-
quando tales quasi miraculose sanantur (S.
Thom. ubi supra). Eta erraiten denean, eztela
halako bekhatua barkhatuko, aditzen da, eztela
barkhatuko, ez zeren Iainkoak ezin barkha dezakeien edo eztuen zenbait barkhatzen: baiña
zeren bataz gutitan barkhaatzen baitu: eta bertzeaz zeren gaitz baita: eta finean, zeren nola
maliziazkoa baita eta ez flakotasunezkoa, ezpaitu halakoak bere egitez barkhamendurik merezi.
§1
69 Galdegiten dute teologoek ea zer arrazoiñez, edo zergatik deitzen diren bekhatore
batzuk, bertzeren artetik ostinatuak, gogortuak,
itsutuak eta Iainkoak berak ere utziak? Eta Iainkoaren aldetik denaz bezan batean, ezta erraz
iakiten, ezta erraz arrazoinaren eta diferenziaren
emaiten eta edireiten. Zeren Iainkoak hala bekhatutan gogortuei, nola gaiñerako bertze bekhatore guztiei emaiten deraue, mundu hunetan
direiño, salbatzeko, eta bekhatuetarik ilkitzeko,
asko duten bezain bertze garazia, laguntza eta
fabore. Haren aldetik bada behar dena, ezta
handik deusen faltarik, eta ez eskasik. Hark iguzkiak bezala egiten du, onei eta gaixtoei guztiei
argitzen deraue. Solem suum oriri facit super
bonos et malos. (Mt. 5). Eta Iondone Paulok
dioen bezala, Iainkoak nahi du guztiak salba
ditezin. Qui vult omnes homines salvos fieri (2
Thim. 2). Eta halaber guztien athei dagote, guztietan deitzen du, ideki baliazote nahiz. Ego sto
ad ostium et pulso (Apoc. 3).
Ordea guztiarekin ere nola anhitz lekhutan,
erraiten baitu Skritura Sainduak, bekhatore
batzuk, bertzeen artetik direla gogortuak, itsutuak, eta Iainkoak ere utziak, eta are Iainkoak
berak itsutzen, eta gogortzen dituela: badirudi
behar lizatekeiela Iainkoaren aldetik ere bilhatu,
eta eman zenbait kausa, arrazoin, eta diferentzia
(Ego indurabo cor Pharaonis: Ex. 4. Quem vult
indurat: Rom. 9. Exceca cor populi huius: Is. 6).
Eta edireiteko, iakin behar duzue ezen, ikhusten
duenean gure Iainkoak, nola gauden bekhatutan
sarthuak, anhitz enseiu, eta pensu egiten duela,
gure bekhatu hetarik atheratzeko. Anhitz maiñaz, eta trazaz usatsen duela, gure bide onean
ibentzeko. Nola geure borondatea geure eskuko
baitugu, nola nahi badugu baietz, eta nahi ezpadugu ezetz erraiteko libre baikara: gure borundate libre hunen araubaz, deusetan ere bortxatu
gabe, deitzen, eta thiratzen gaitu Iainkoak beregana. Eta komunzki lehenbiziko aldian, ezkaitu
ozentki, eta bortitzki deitzen Iondone Paulo bat
deitu zuen bezala. Baiña deitzen gaitu aphur
bana, emeki, eztiki, maiñaz, konzientzia alhatuz,
eritasunak emanez, bere predikarien erranez,
eta anhitz bertze moldez. Eta hunela lehenbiziko
deitzen eta thiratzen gaituenean ihardesten
badiogu, hurbiltzen bagatzaitza, gero bigarrenean, bizikiago, eta sendokiago deitzen eta thiratzen gaitu: eta hala, hala hirurgarrenean, eta
aitzinat ere. Halako moldez, non azkenean osoki,
eta konplituki, kanpotik eta barrenetik deiturik,
eta faboraturik, bere garazian, eta adiskidetasunean, bekhatu guztiak barkhaturik ibentzen baikaitu. Ordea lehenbiziko deitze, thiratze eta
fabore ezti komun hetzaz konturik egiten eztugunean, hetzaz probetxatzen ezkarenean, hek
errezibitzen eztitugunean, bihurtzen bada ere,
oraiño berriz, leheneko fabore hetara beretara,
eta oraiño orduan ere deitzen bagaitu ere, asko
den bezain bertze: eta aitzinerat ere prestik
badago ere, molde berean, lehen bezala deitzeko eta faboratzeko: ez ordea orduan, ezta
komunzki aitzinago iraigaten. Erran nahi dut,
lehen bezala bai, baiña ezkaituela orduan, lehen
baiño bortizkiago, eta sendokiago deitzen, eta
faboratzen. Eta haur geure faltaz. Hala erraiten
du ene eskola-nabusi batek: Obstinati excaecati,
ob suam culpam vix aut numquam utuntur bene
prioribus auxiliis, atque ita non accipiunt posteriora illa auxilia, quae reliquis peccatoribus
saepe donantur (Zumel). Ezterauzkigu emainten
fabore bere gaiñezkoak, abantaillezkoak, eta
emendailluzkoak, zeren ezpaititugu errezibitzen
komunak eta ardurakoak. Edekitzen derauzkigu
bigarrenak, zeren gaizki usatzen baitugu lehenbizikoez. Zeren baldin gauza ttipian,eta aphu-
rrean leial dena, arrazoin bada, handiagoan ere
enplega dadin: Quia in pauca fuisti fidelis, supra
multa te constituam (Mt. 25). Badirudi bertze
aldera, leial eztenari, emanen zeikana ere edeki
behar zaikala. Ongi da, eta merezia da aitzineko
fabore ttipiez konturik egiten eztuenari, eztakitzan eman handiak. Gureak dira faltak.
70 Zeren San Augustinek dioen bezala: Numquam prius Deus deserit hominem, nisi prius ab
homine deseratur (Aug. serm. 88 de tempore
tom. 10). Eztu behin ere Iainkoak utzten gizona,
baldin gizonak lehenik utz ezpadeza Iainkoa.
Fabore komunak, ardurakoak, eta asko diren
bezain bertzekoak, emaiten derauzte gogortuei
eta ostinatuei ere, ez ordea beregaiñezkoak, eta
abantaillezkoak. Eta ageri da ezetz. Zeren nola
anhitz baitoha garaziatik garaziara, laguntzatik
laguntzara, eta faboretik faborera, fabore beregaiñezkoak, ardurakoak baiño handiagoak dituztenak, berehala lehenbiziko ukitzean sentikortzen dira, bide onean iartzen dira. Ad cuius tactum, commota sunt viscera eius (Cantic. 5). Edo
behintzat badute bere baithan barrena, atsekabe bat, konzientziaren alhadura eta minberadura handi bat: hain handia, non ezin ongi bere
bekhatuetan iar baititezke eta ez sosega. Baiña
fabore beregaiñezkorik, komunak eta ardurakoak baiño handiagorik izaiten eztutenek, eztute
konzientziaren halako alhadura handirik eta beldurtasunik izaiten. Aitzitik sosegatuki, presuna
seguratuak bezala daude, eta hala egoitea da
heken loria. Hala erraiten du halakoez mintzo
dela Spiritu Sainduak: Laetantur cum male fecerint et exultant in rebus pessimis (Prov. 2). Gaizki egitean, eta egin ondoan, guztietan atsegin
hartzen dute, hartan loriatzen dira. Impius cum
in profundum malorum venerit, contemnit.
(Prov. 18). Gaiztoak bekhatuen hosinean sarthuz
gero eta hetan luzaro usatuz gero, eztu antsiarik, eztaduka konturik, gaiñerakoak sentitu gabe
egiteintu. Eta badio Iobek ere: Bibunt iniquitatem sicut aquam (Job. 15). Presuna egarriak ur
hotza bezala, edaten dituzte bekhatuak. Erran
nahi du: erraxki eta hartan atsegin hartzen dute-
la. Halakoei nola Iainkoarekin etsai baitira, eta
etsai ere barrena, ezterauzte emaiten bere adiskidei, edo gutiago etsai direnei emaiten derauzten ernetasun, iratzarpentasun, barreneko berotasun eta bertze fabore handi ixil batzuk. Eta hek
ez emanez gero, berak bere faltaz itsutzen,
gogortzen, eta ez ansiatzen dira. Hala erraiten
du San Agustinek Faraonez mintzo dela: Quid est
quod dixit: ego indurabo cor Pharaonis, nisi cum
abfuerit gratia mea, obduret illum nequitia sua?
(Aug. serm. 88 de temp. qui est primus de Pharao, tom. 10). Iainkoak bekhatorearen utztea,
itsutzea, eta gogortzea ezta ez Iainkoak berak
itsutasun haren eta gogortasunaren emaitea eta
ibentzea. Baiña hura da, Iainkoak ez argitzea, ez
beratzea, fabore bizi handi beregaiñezko heken,
bekhatoreak berak, hala kausaturik, ez emaitea:
eta handik itsutzera eta gogortzera utztea.
Hunela aditu behar da, eta haur da, Iainkoaren
aldetik eman ahal ditekeien arrazoiña, zergatik
erraiten den, bekhatore batzuk, bertzen artetik,
direla itsutuak, eta gogortuak, eta Iainkoak itsu-
tzen eta gogortzen dituela. Erran nahi du: bigarren fabore handiak bere faltaz ezterauztela
emaiten, eta itsu eta gogor ditezin permititzen
duela.
§2
71 Zergatik erraiten den bekhatore batzuk, bertzeen artetik direla itsutuak, gogortuak eta Iainkoak ere utziak, bada gure aldetik ere arrazoin
bat, are klaragoa eta aditzeko errazagoa, zein
baita usantza, segientza, denbora luzeaz bekhatutan egoitea. Handik, hala egoitetik, itsutzen
eta gogortzen da bekhatorea: handik ontasunera baiño gaixtatasunera eroriagoa, isuriagoa, eta
emanagoa gelditzen da. Handik erroak egiteintu.
Finean handik, bekhatua beretakotzen, eta natural bezala errendatzen du, ian eta edan gabe
baiño gehiago, bekhaturik egin gabe ere ezin
dagokeiela, iduritzen baitzaika.
Egiten duzu egun bekhatu bat eta bekhatu
hartzaz orhoitzen zara arratsean, alhatzen zaitzu
zeure konzientzia. Egiten duzu bihar bertze bat,
eta orduan ere orhoitzen zara. Ordea egun
baiño, bihar gutiago orhoitzen zara. Lehenbizian
sentikor, eta gero gutiago. Lenhenbizirik bekhatu egiten duzunean, beldur zara, bigarrenean
ere bai, ordea lehenbizikoan baiño gutiago. Eta
hanbat uzatzen duzu bekhatu egitea, hanbat
segitzen duzu, non alde guztiz beldurra galtzen
baituzu; usatuari bezala, hetan laketzen baitzaitzu: eta handik harat batere ezpaitzendu baiño
gehiago, ezpaituzu konturik egiten. Bekhatu bat
baizen eztuena, minbera da, sentikor da, beldur
da, ezin sosega diteke, baiña ehun dituenak,
bekhatua bekhatuari iratxekirik, bekhatuz betherik dagoenak, eztu antsiarik, eztu sentitzen,
eztaduka konturik. Zeren usantzarekin batean
itsutua, gogortua, ezansiatua eta erroak eginik,
bekhatutan barrena sarthua baitago.
Gizon batek, bere herritik kanpora Indietara
edo bertze lekhu urrun batetara partitzen
denean, eta oraiño bere herriko agerrian, komarketan eta terminoetan denean, maiz behatzen
du gibelat, bere herriko mendietarat. Baiña aitzi-
na iraganez gero, bere herria eta herriko lurrak
bistatik galduz gero, itzultzen da bertze alderat,
ioan behar duen eta dohan lekhu hartarat: eta
han aldiz, bere begiak, eta gogoa ere ibentzentu. Bada haur beror gerthatzen zaika, lehen iustu
izanik, zenbait denboraz bekhaturik gabe egonik, bekhatu egitera partitzen eta abiatzen denari ere. Abiatu berri hartan, maiz behatzen du
gibelat, utzi duen bizitze presturat: eta hartzaz
orhoiturik, egiten du zenbait hatsbeherapen,
errezibitzen du bere baithan zenbait tristura.
Baiña bekhatutan aitzina iraganez gero, leheneko aztura onak eta berthuteak, begi bistatik galduz gero, gogotik utziz gero, ibentzen du aldiz
bere gogoa, eta bihotz guztia, eskuen artean
darabiltzan bekhatuetan eta plazeretan. Eta
handik harat, eztu leheneko herriaz eta bizitzeaz
konturik egiten, urrundu da, presentekoak darama guztia.
§3
72 Bekhatu bat egiten duzunean, eritzen da
arima: bia egiten ditutzunean eritzenago da: eta
anhitz eginez usantza koberatzen duzunean eta
usantza koberaturik, usatuari bezala, hetan laketzen zaitzunean, are eritzenago da, orduan
hurrantzen da arima. Eta halakoak, ez konseillu
onez, ez predikarien erranez, ez bere lagunak
hiltzen zaitzala ikhusteaz, eta ez hunelako bertze gauzaz, eztu konturik egiten, eta ez probetxurik atheratzen, kalterik baizen.
Halakoari gertatzen zaika Iainkoarekin, eri
bati midikuarekin egiten zaikana. Midikuak emaiten dio eriari edari bat, purga bat, bere egitez
ona, eta eritasunari dagokana. Ordea purga ona
izanagatik, eritasuna hain da handia eta bortitza,
eria hain dago ahitua eta usteldua, ezen ezpaitio
purgak batere onik egiten, gaitzik baizen. Midikuak eta midizinak eztute faltarik. Nork du bada
falta? Barreneko eritasunak, barreneko usteltasunak. Bada molde hunetan berean, gure Iaun-
goikoak ere, zeruko midikuak, emaiten derautza
bekhatore eriari edariak, midizinak, abisuak,
konseilluak, eta anhitz erremedio. Baiña guztiarekin ere ezta sendatzen. Aitzitik orduan eritzenago, orduan hurrantzenago da. Eta nork du
falta? Ez midikuak, ez Iainkoak. Nork bada? Eriak
berak, bekhatoreak: alde guztiz galdua, narriatua, arrazatua, eta erroak eginik, bekhatuz eta
aztura gaixtoz bethea baitago. Iguzkiak beratzen
du ezkoa, eta gogortzen lurra. Eta zertarik heldu
da haur? Ez iguzkia beraganik. Zeren hark biak
orobat berotzeintu. Baiña heldu da ezkoaren eta
lurraren arteko diferenziatik eta naturalezatik.
Iondone Petrik, eta Iudasek biek egin zuten bekhatu, eta biak deitu zituen Iainkoak, biei eman
zerauen anhitz midizina eta erremedio. Eta guztiarekin ere sendatu zen bata eta ez bertzea..
Sendatu zen Iondone Petri Iainkoaren garaziaz,
eta gelditu zen sendatu gabe Iudas, bere faltaz
eta maliziaz.
73 Iainkoak begira zaitzala, bekhatuak ez sentitzera ethortzetik, zeren halakoei erraiten
deraue Iainkoak berak: In peccato vestro moriemini (Jo. 8). Zeuen bekhatuan hillen zarete,
zeren hartan gogortuak eta ezansiatuak baitzaudete. Cor durum male habetit in novissimo
(Eccli. 3). Bihotz gogorra gaizki izanen da bere
azken finean.
Baldin utz bazeneza harri handi bath eskuetarik, norat othe lihoake, goiti ala beheiti? Segur
da beheiti lihoakeiela. Bada arima galdua hanbat
urthez, harria bezala bakhatutan urthatua dagoena eta egon dena, norako da bere azken finean,
Iainkoak bere eskutik utz dezanean? Ezta zer
galdeginik. Erhokeria handia da, harria beheiti
bezala, bekhatutan dagoena ere, eztela ifernura
eroriko uste izaitea. Zeren harria zein pisu den,
are bekhatua baita pisuago.
Bada zuk iragan diren urthe guztiotan, behin
ere ongi kofesatu gabe, bekhatutan gogorturik
eta ezansiaturik zaudezinorrek, zertan baratu
uste duzu? Nolatan duzu esperantza salbatzeko?
Eztakusazu mundu hunetako aldia dagizunean,
ifernua zuretzat dagoeta? Zu bezalakoez errai-
ten da: Descenderunt in profundum quasi lapis.
Erori ziren harria bezala, hondarrera.
Beraz hunelatan, ezta gerotik gerora ibili
behar. Ezta denbora luzeaz bekhatutan egon
behar. Zeren egoite hura da gure galgarria. Handik sortzen da usantza: usantzatik ederestea,
ederestetik ezansaitzea: ezansiatzetik ez sentitzea, ez sentitzetik itsutzea, gogortzea, eta azkenean, ahalkea galdurik hartzaz prezatzea, loriatzea eta sendagailla eriztea. Eta handik harat,
hartaraz gero, eztagizula hartzaz konturik, gaizki da, hurran da, hillaren pare egiten da.
NOLA GEROTIK GERORA
GABILTZALA BETHA
DITEKEIEN BEKHATUEN
NEURRIA, ETA OSA KONTUA
KAP. IX
74 Erraiten du Salomonek, Iainkoarekin mintzo
dela: Omnia in mensura et numero et pondere
disposuisti (Sap. 11). Iauna, zure gobernua eta
ordenamendua, hain da handia, eta hain aitzina
heltzen eta hedatzen da, non munduko gauza
guztiak kontuan, pisuan eta neurrian egiten baitituzu. Pondus et statera iudicia Domini (Prov.
16). Pisua eta balantza dira Iaunaren iulgamenduak eta sentenziak. Ezta gutitzerik eta ez berretzerik: ezta soberaniarik eta ez eskasiarik: ezta
inorantziarik eta ez ez nuen usterik. Guztiak
dakuski, guztiak dakizki eta guztiak berak bere
eskuz, bere ordenamenduaren arauaz, behar
bezala kidatzeintu. Hain xehero, bat banaka,
beregainki, eta bereziki daki Iainkoak gauza guz-
tien berri, non gure buruko illeak ere, kontatuak
baitadutza eta ezpaitzaiku batere haren iakin
gabe galtzen eta ez erortzen. Are badaki zenbat
parabisurako diren, eta bai zenbat ifernurako
diren ere (Lc. 12 et 21). Eta hark berak daki eta
ez bertzek. Badu guztien kontua, eta kontu segura eta gerthua. Hala erraiten du San Tomasek:
Numerus praedestinatorum in superna felicitate
locandus, est certus et soli Deo cognitus (S.
Thom. 1 p. q. 2 art. 7).
Bekhatuak, eta bekhatuzko obrak, baititugu
geure geureak eta gerok eginak. Halako moldez,
ezen erraiten baitu Iainkoak berak Oseas profeta
baithan: Perditio tua ex te Israel, tantummodo in
me, auxilium tuum (Oseae 13). Israel, giristinoa,
galtzea zeureganik, erremediatzea duzu eneganik. Bekhatua zurea da, barkhamendua da enea.
75 Ordea guztiarekin ere badaki Iainkoak gure
bekhatu guztien berria eta kontua: badaki zenbat eginen ditugun, eta bai zenbatetaraiño igurikiko zaikun ere. Hala erraiten du San Agustinek:
Sed hoc magis sentire nos convenit, tamdiu
unumquemque Dei patientia sustentari, quamdiu nondum peccatorum suorum terminum
finemque compleverit: quo completo, eum illico
percuti, nec illi ullam veniam iam reservari
(August. lib. de vita christiana, tom. 9). Iakin
dezagun gauza bat, sentitzekoa baita: igurikitzen dioela bat bederari Iainkoaren pazientziak,
bere bekhatuen neurria betha arteiño, kontua
konpli arteiño: eta hura konplituz gero eztela
gehiago igurikitzerik, eta ez barkhamendu
erdiesterik. Badaki Iainkoak kontua, zenbat bekhatu eginen ditugun, eta bai zein handiak eta
nolakoak ere. Eta utzten gaitu kontu haren konplitzera, neurriaren bethatzera eta mukurutzera.
Deliberatua daduka anarteraiño igurikitzeko.
Permititzen du ehun edo berrehun bekhatu egin
ditzagun, edo gutiago edo gehiago, berak daki
zenbat, xedea ibenia daduka; eta eztu nahi hartarik aitzinago iragan gaitezin. Cirdumdedi illud
terminis meis, et posui vectem et ostia; et dixi
usque huc venies, et hic confringes tumentes
fluctus tuos (Job. 38). Inguratu nuen itsasoa
neure mugez eta mugarriez, ibeni nerautzan
athe sarraillak: eta erran nioen: huneraiño, kostaraiño etorriko zara, eta ez aitzinago, hemen
geldituko zara, hemen hautsikoituzu zeure uhinak eta hola hantu urguilluak. Itsasoak haserre
denean, bere gaitzaldiak dituenean, badirudi iretsi behar duela mundua. Orduan halako moldez
irakitzen du, non baldin bridarik ezpalu, manatua
ezpalego, lur guztia estal baillezake. Ordea Ieremias profetak dioen bezala: Posui arenam terminum mari, praeceptum sempiternum, quod non
praeteribit, commovebuntur et non poterunt et
intumescent fluctus ejus et non transibunt illud
(Jer. 5.) Badu itsasoak bere xedea, bere marra,
bere mugarria eta zedarri iakina, zein baita
kosta eta kostako sablea, harea eta legarra. Han
hautsten da, han baratzen da, han gaitzago eta
urguilluago bada ere, ematzen eta sosegatzen
da.
76 Bada itsasoari bezala ibeni derauka Iainkoak
gizonari ere, bere arauaz bere zedarria, seiñalatu dio noreraiño hel, bere xedea, bere mugarria
eta marra. Eta nahiago badu ere, eztiteke marra
hartarik aitzinago iragan. Enseia ahal diteke,
desira ahal dezake, baiña alferrik. Zeren gizonak
libertatea nahi badu ongi eta nahi badu gaizki
egiteko izanagatik ere, ezta ez handik segitzen,
bai bekhatuak libreki eta bere nahiz egiten
dituela, baina ez nahi duen bezanbat bekhatu
egin dezakeiela, eta ez libertate hari nahi duen
bezanbat, iraun arazi ahal diazaiola. Zeren libertate haren gaiñeko eta nabusi da Iainkoa. Hark
libertate hari eta haren iraupenari, gutien uste
duenean, bortxarik egin gabe, utz arazi diazaio,
herts eta traba, daraman bide gaixtoa. Aski
esten du edo sobera esten du, bere batez aitzinago. Eta hala ikhusikoituzu iendethaillu batzuk,
neurriaren bethatzeaz kontu guti eginik, abiadura handi batekin, bekhatu gehiago egitera abiatzen, eta erdutzen direla: eta hain zinez, eta deliberatuki, non iduritzen baitzaie, ezen ia han direla, eta deusek ere hara heltzetik ezin gibela
ditzakeiela. Ordea ikhusiko ditutzu halaber, noiz
eta gogoa zinezenik, hartan ibenia baitadukate,
eta lasterrenik baitoazi, orduan berean, edo eritasunez edo inkontruz, edo estropuz, edo heriotzeak atrapatuz bere bekhatu egiteko gogoarekin, bidatz-erditan gelditzen direla. Hala gerthatu zeikan errege Faraoni, Israeleko semeen kontra egundaiño baiño deliberamendu handiagoarekin zihoanean, erraiten zuela: Persequar et
comprehendam, dividam spolia, implebitur
anima mea, evaginabo gladium meum, interficiet eos manus mea. (Ex. 5). Erdietsikoitut, atrapatukoitut, aspertuko natzaie, guztiak ezpataren
ahotik iraganeintut. Bada orduan berean, hunela
mintzo zenean, eta zihoanean, neurria bethe zeikan, kontua osatu, eta konplitu zeikan, eta beruna bezala itsas-ondarrera eroririk, bere egunak
akhabatu zeitzan.
§1
77
Itsasoko untziak, barkha handiak, anhitz
daduka, karga handia iasaiten du. Erditaraiño
betheagatik itsas gaiñean dago. Hirur laurdenak
betheagatik ere badabilla, oraiño ageri da. Guz-
tia betha dadinean, hondatzen, eta ondoratzen
da, orduan estaltzen da. Zeren ezta, soberaniak
gaiñez eragin eztiazaionik, ezta bere neurria
baiño gehiago dadukaionik. Bada haur beror
gerthatzen zaitzu, zeure bekhatuen kargarekin,
zuri ere. Egiten ditutzu hogoi bekhatu mortal,
eta oraiño bizi zara, igurikitzen deratzu Iainkoak.
Egiten ditutzu berrogoi, eta oraiño ere utzten
zaitu. Egiten ditutzu hirurogoi, eta guztiarekin
ere badu pazientzia, pairatzen derauzkitzu. Egiten ditutzu lauretan hogoi, eta orduan bethatzen
da neurria, orduan mukurutzen da, orduan gainez eginik, untzia ondara bezala, zu ere, infernuko zolara erortzen zara.
Ordea eztut ez, hunetan erran nai, igurikitzen
duela bethi Iainkoak, lauretan hogoi bekhatu
egin arteiño: eztut erran nahi, eztela anarteraiño
neurria bethatzen
eta ez orduan ere, orduan bethatzen dela. Aitzitik nola asko baita bekhatu mortal bat infernura
ioaiteko, benturaz bada zenbait, bekhatu bat
beragatik ifernuan dagoenik, bekhatu batez neu-
rria bethe duenik. Ohoin batzuk, anhitz ohoinkeriaren buruan urkhatzeintuzte, eta berriz bertze
batzuk berehala lehenbizikoan dira atrapatuak.
Hala gerthazen zaie bada bekhatu anhitzekin
edo gutirekin ifernura ioaiten direnei ere.
Batzuei igurikitzen deraue Iainkoak luzaro, eta
bertze batzuei ez hanbat. Eta zergatik ez? Den
bekhatu mortalik ttipienaren ere egitera, beldur
garen amoreakgatik, hartzaz neurria betha ditekeienaz geroztik. Eta hala erraiten dudanean
lauretan hogoigarren bekhatuaz neurria bethazen dela, orobat, derraket, lehenbizikoaz, bigarrenaz edo hirurgarrenaz betha ditekeiela. Zeren
nik konparazino hunetan erran nahi dudana da,
badela bekhatuetan neurri bat, badela ez aitzinago iragaiteko marra bat eta kontu bat. Eta
lehenbiziko bekhatuaren egitera ere bai, baiña
guztiz ere handik harat, hurrenekoaren egitera
behar dugula izan beldur, zeren hartzaz, lehenaz
egin eztena, neurria betha baititeke.
Eta hunetarik athera ahal dezakegu, eta
ikhas anhitz gauza. Lehenbizikoa, zinez gatzai-
tzala, zu eta ni ere zordun geure Iaungoikoari.
Zeren benturaz anhitz baitago orai ifertuan, guk
oraiñokoan egin dugun baiño bekhatu gutiagorekin; eta guk geureak oraiño, gehiago balira ere,
Iainkoarekin batean, erremedia baititzakegu.
Halaber, bigarrena, ikhas ahal dezakegu hunetarik, bethi ere behar dugula izan beldur, eta herabe bekhatu egitera, zeren ezpaitakigu zeiñez
zerratzen den kontua, lehenbiziko egiten dugunaz ala bigarrenaz. Eta guztien buruan ikhas
ahal dezakegu eta athera hunetarik, erhokeria
handia dela, guk geure buruan daramaguna, eta
erraiten duguna, bekhatuen utzten eta obra
onen egiten gero hasiko garela. Zeren pensatu
behar genduke, badela bekhatuetan neurri bat,
kontu iakin bat, eta guk destatzen, eta ordenatzen dugun gero hartara heldu gabe, kontu hura
konpli ditekeiela, eta neurria betha.
§2
78 Erraiten du Aristotelek eta hari iarraikitzen
zaitza bertze filosofo guztiak ere: Omnia viven-
tia, quae dicuntur natura constantia, habent certum limitem suae quantitatis (Arist. 2 ex anima
cap. 4 tex. 41). Bizitzen diren gauza guztiek,
badute bere neurria bere handitasunean, eta bai
ttipitasunean ere. Gizona ezin dateke zigarra
bezain ttipi, eta ez zigarra ere, gizona bezain
handi. Eta nola bizitzen diren gauza guztiek baitute bere handitasunean, eta ttipitasunean bere
pontua eta neurria, hala dute iraupenean ere
bere denbora. Denbora batetaraiño, iraun ahal
dezateke, eta ez gehiago: handik harat guztiak
dohazi beheitituaz, ahituaz, eta bere indarrean
flakatuaz. Animalia batzuek gehiago irauten
dute, bertze batzuek baiño, eta bai zuhaitzek
ere. Ordea guztiek dute ber denbora iakin bat,
eta neurri bat. Hala dute bada bekhatuek, eta
bekhatoreek ere bere arauaz bere neurria eta
kontua zenbatetaraiño hel, eta bai denbora ere
noizarteraiño iraun. Eta denbora hura konplituz
gero, neurria bethez gero, eztu Iainkoak gehiago
igurikitzen. Hala emaiten du aditzera Eskritura
Sainduak, erraiten duenean: Vade et interroga
mulierem praegnantem, si quando impleverit
novem menses suos, adhuc poterit matrix ejus
retinere partum in semetipsa? (Esdrae 4 cap. 4).
Zoaz, eta galdegiozu emazte izorrari, ea bederatzi hillabetheak bethez gero, eduki ahal dezakeien haurra sabelean? Ihardetsiko deratzu,
ezetz. Ez eta beraz Iainkoak ere, bekhatuen neurria bethez gero, ezin dadukaio, bere iustiziaren
arauaz, bere kolera agertu gabe. Eta erraiten
badu ere Esaias profetak: Expectat Dominus ut
misereatur nostri (Is. 38): Igurikitzen du Iainkoak
gutzaz miserikordia izaiteko: aditzen da, igurikitzen duela, baldin neurria bethe ezpada, denbora konplitu ezpada. Hala erran eta egin ere zuen
Iainkoak berak Noeren denboran, uholde handi
harzaz mundua hondatu zuenean. Impleta est
terra iniquitate et ego disperdam eos cum terra
(Gen. 6). Bethe da lurra gaixtakeriaz, mukurutu
da maliziaz, ezta beraz zer gehiago igurikirik,
ditzagun guztiak lurrarekin batean gal eta
honda. Eta hala hondatu zituen.
79 Eta lurrarekin batean erraiten du: Disperdamus eos cum terra, zeren lurra gelditu bazen
ere, ordea Glosak dioen bezala: Per salsedinem
aquarum, ipsa terra peiorata est (Glos. lyrana
cap. 6 Gen.). Uholde hartzaz gero lurra ere
mehatua, eta flakatua gelditu zen. Pontu hunetara ezta gaizki heldu San Mateo Ebanjelistak ibentzen duen konparazino bat (Mt. 13), zeiñetzaz
frogatzen baita, bekhatuetan bezala, obra onetan ere, neurria betha arteiño, eta zorhi arteiño,
igurikitzen duela Iainkoak. Eta da konparazinoa:
Gizon batek erein zuen bere landan hazi ona, ogi
bihi garbia, baiña gero zenbait nahastekarik egotzi zuen gaiñetik hazi gaixtoa. Eta denborarekin
batean hasi ziren hazi biak, ona eta gaixtoa,
agertzen. Agertu zirenean, erran zioten bere
muthilek nabusiari: Vis imus et colligimus ea?
Iauna, zuk hazi ona eta garbia erein zenduen
zeure landan eta alhorrean, baiña badakusagu,
on harekin batean sorthu dela gaixtoa ere. Nahi
duzu bada goazin, eta gaixto hura, athera dezagun, bil dezagun? Non. Ez, ihardesten deraue,
eztut nahi. Sinite utraque crescere usque ad
messem. Igurikazue aphur bat, zaudete oraiño,
luza ezazue uztaraiño, utzkitzue hazi biak, ona
eta gaixtoa haztera, handitzera, eta zorhitzera:
eta gero orduan ebakiko ditutzue guztiak; eta
onak ongi bildurik, eta zamaturik, ailtxatuko, eta
gaixtoak ere elkharganarik, sura egotziko ditutzue. Etzuen nahi zorhi arteiño, bere sasoiñera,
eta mugara hel arteiño, nehork utki zitzan ez eta
zorhituz gero ere geldi zitezin.
Hala egiten du bada gure Iainkoak ere, hala
onekin nola gaixtoekin. Igurikitzen deraue guztiei zorhi arteino, bere mugara, sasoiñera, eta
neurrira hel arteiño. Eta gero orduan, onak bere
loriako ailtxatzeintu, eta gaixtoak sekulako
penetara egotzteintu. Fruituak utzten ditutzu
ontzera, umotzera, eta bere sasoiñera heltzera:
hala utzten ditu bada Iainkoak ere onak ontasunean, eta gaixtoak gaixtatasunean zorhitzera,
eta neurriaren bethatzera.
§3
80
Gure Iaungoikoak, ikhusirik iarri zeitzala
gaiztakeriari iendeak, erran zuen bihotz min
handi batekin: Tactus dolore cordis intrinsecus:
zeren berak nahi etzuena, munduko bekhatuek
eragiten baitzeraukaten. Delebo hominem quem