Garoa - 07

Maleni ertetzeko.
—Ez alda berdin txartela geuk eramatea? —
galdetu zion Josek.
—Ez, neskatxaren eskuetan bertan utzitzeko
agindu dit.

—Utziko diozu, gizona, utziko diozu; baña
neuk ikusi nai nuke lenago, gañetik bada ere.
Eman zadazu apur baten.
—Ez, ez.
—Baño zergatik ez? Zer galtzen dek nik estalkia begiratzeaz?
—Eztetala nai, eztetala nai. Potolori itz eman
diot Malentxok bestek eztuala ikusiko ta eztiola
ikutuko.
Onetan zebiltzala, erten zuan Malenek zurrumurrura, ta azkenengo itzak entzun zituanean:
—Zeñentzat dezu txartela? —galdetu zion
Odolkiri.
—Zuretzat.
—Bada neretzat izan ezkero, neuk bakarrik
artu bear det.
Aurreratu zan gure neskatxa ederra, kendu
zion eskutitza mutilzarrari, ta geiagoko gabe,
sartu zan sukaldera patxada osoan.
Larrañekoak aoa bete ortzekin gelditu ziran,
itz bat atera ezinda.

IX.
ITXAROMENDI
Jaungoikoak jarri zuan Bizkaian Urkiolako
mendia, Arabaren ondoan, Gipuzkoatik urre
samar, ta mendi orren gañean ipiñi zuten euskaldun siñistetsuak Antonio Donearen elizetxea,
zorion guztien itxaropenerako.
Mendi orretara joaten dira sarri Bizkaikoak,
Arabarrak eta Gipuzkoa eder onetan jaioak;
mendi orretara joaten dira, donerik errukior,
miragillerik andien ta sendatzallerik onenaren
jauregira bezela, uri andi gizaditsuetatik eta
baserri txiki padutarretik, aberatsak eta txiroak,
gizon zindoak eta osasungabeak, indarge jaiotakoak eta ezurren bat ausi dutenak; errenak eta
itxuak, ankokerrak eta besomotxak, gorrak eta
zauriz beteak, totelak eta zanpatuak; buruko
txorabio, zuldar, legen, eztul, berako, minbizi,
anditsudunak: etsita daudenak, bizi nai lutekenak, irabazbidea idorotzen dabiltzanak, euri edo
eguzkiaren bearrean arkitzen diran lurjabeak,
Ameriketan semeren bat daukaten gurasoak,

gudara joan bear duanaren aideak, ikastolatik
etxeratutako mutillak eta ezkontzeagatik mototsa salduko luteken neskatxak: itz gutxitan
amaitzegatik, gogo, estutasun, samin edo premiaren baten arkitzen diran euskaldun guztiak,
osasun billa, argi eske, laguntasuna itxaroaz,
zoriona irrikitzen edo eskerrak ematen; eta bertan, Urkiolan, egin oidituzte benetako arrenak
eta bertan utzi, beren oparitzat, egurrezko
makuloak, argizarizko anka ta besoak, zillarrezko biotzak, ille txirikordak, ontziak eta soñekoak,
izenak eta kondairak, samin, aje ta neke askorekin batera.
Beti dago norbait Urkiolan meza bat eskeintzen, argitxo bat ipintzen, bederatziurrena egiten; beti dijoa mendi artatik zeruraño euskaldun
batzuen eskaria, Antonio Donearen bitartez.
Baño batez ere Garagarrillaren amairuan izan
oida billerarik ospatsuena. Egun artan Urkiolako
mendiak erririk andienaren itxurak artzen ditu.
Goizean goizetik azaltzen da eliza barrua
argiz ta gizadiz betea, ta eliz-ataria liburu, bederatziurren, errosario, kutun, gurutze ta Antonio
donearen irudi saltzallez ornitua; laster agertzen

dira, mendi egian, maitxo banatan edanontzi
garbiak eta mai azpian sulla-pedarrak dituztela,
ur gozatuaren emale txukunak, eta beren
aurrean, urez ezin ase diran mutiko ta emakumeren batzuk; zelaien erdian, egun baterako
tajutu dituzten sukalde apalak, eltze, tupi, zartagi, plater, pitxar, antosin, kiatilluz inguraturik,
eta suaren urrean, mendi-ostatuak, oialezko
txosnak, ogi, ardo, aragi, bakallao, arrai, piper,
egazti, arrautza ta gizon jatunez ugariegi bezela;
txosna ostean, opil gozodun mendarotarra, balasaskia lurrean zabalduta, erosle gozozaleak noiz
agertuko zai patxadarik andienean ixil ixillik;
zuaitz ondoan, era guztietara eskale arrotz zirpiltsuak, anka ta beso igarrak erakutsiaz, ingurukoen biotzak biguntzeagatik Santa Lucía le guarde!
ta San Antonio le ampare! erdi negarrez oiuka:
tokirik txokoenetan, atso zimurrak eta agure ad
deadarrez, orratz, orrazi, aiubet, ispillu, labana ,
txilibitu, paper, luma, jostallu, eraztun, belarritakoak eskeñika. Edonun ta edonoiz ikusi litezke
euskaluri danetako gizaseme ta andrazkoak,
banaka, biñaka edo samaldaka, oni ta besteari,
aurreko ta albokoari bultza egiñaz, gallurrean ta

egalean, elizan ta zelaian bear aña leku idoro
eziñik; or daude Durango, Elorrio ta Ermutar elizkoiak, an dabiltz Billarreal ta Otxandioko langille
irmeak, arutzago Bilbotar apañak eta Bergara,
Tolosa, Azpeiti-azkoitiar atsegiñak; emen Bermeo, Lekeitio, Mutriku, Ondarroako arrantzaleak; aldean Zeanuri, Billaro, Dima ta Larrabetsuko nekazariak... Jaungoikoak daki zein ez ta
nongoa ez, erritar, ezagun, adiskideak alkarri
eutsika, kaixioka, galdezka ta agurka, egundañoko izots, zurrumurru lazka zaratarik bizienean.
Ta batzuk elizatik erten orduko, beste batzuk
sartzen dira gogozko arrenetara; egarbera zeudenak alde egiten, egarri daudenak inguratzen
dituzte urzalien maiak; ase ta beteak txostenetatik ertetzean, salobre ta goseztoak jartzen dira
aien tokietan; opil edo jostallu saltzalleak erosle
bat aurretik kendu baño len, aurrean dituzte iru
edo lau ikusle urduri; goiztarrak edo urrutikoak,
gizadizko erreken antzera, etxeruntz dijoazenean, urrekoak edo berandutarrak badatoz mendira txindurriak txindurtegira bezela, oñez edo
zalpurdietan, manaz edo neketsu, aberien indarrez edo norbere adorez, arpegia aizemalez egu-

rastuaz edo aurren bat lepoan dutela izerdi
patsetan; dana batera esateko, eguzkia jaikitzen
danetik lotara dijoan arteraño alderdi guztietan
ikusi ta entzun litezke, naspillaturik, nagusi jaunak, maizter txikiak, etxeko andreak, neska gazteak, mutil eroak, lurbarrukoak, itxasgizonak;
usaibelarrak eta eliz-kandelak, krabelin sortak
eta opil mordoak, eskeak eta eskeintzeak, algarak eta txilioak, otoitzak eta irrintziak, arrenak
eta aurreskoak, tuntuna, panderoa, gitarra ta
filarmonika.
Bai, gitarra ere bai, filarmonika ere bai. Egun
orretan eztira danak Urkiolara Doneagatik joaten: gazte asko jan edanaren usaiak eta jolasaren durundiak jasotzen ditu mendiraño, ta orrelakoak Donearen oroimenik eztaukate. Jaia da
oientzat ere Garagarrillaren amairugarrena,
baño urdall-jaia, jantzi berriak eta buru arroak
erakusteko ereti ona, jaikika trisketan egiteko
aroa, txorakeri, nasaikeri, astakerietan ibiltzeko
egunik egokiena. Orrelakoentzat jotzen dituzte
gitarra-filarmonikak, txorakerien laguntzarako,
astakerien indargarritzat.

Lenago esan ditugun gertaeretatik laster,
Urkiolan dakusgu, Antonio Donearen egunean,
gure antziñetako adiskide on batzuek: Joanes,
Malentxo ta Jose. Eliz atarian daude: bata, txapelpean pipea piztu eziñik; bestea, anpolai zurigorria baño ezkoago, eliz-oiala tolestatzen; irugarrena, zurbil samarra, pardeltxo bat eskuetan
duala, Malentxori maitero begira.
Aurretiaz erakutsi zuan Joanesek, etxean,
Urkiolarako gogoa, onenean Jaungoikoak gerriko
miña Donearen bitartez kenduko ziolata; aurretiaz aukeratu zituan juan etorri orretarako lagunak: Malen, etxetik iñora beñere ertetzen etzualako; Jose, mutil gizagaixoari atsegin eman nai
ziolako.
Goizaldeko ordubietan erten dute Zabaletatik, eta lasterbidean zear etorri dira, oñez, jakiña
ba, Meza nagusitarako.
Eztaude ain nekatuak: elizkizunak amaitu
ondorean, aitonak pipa piztu ta gero, jo batera ta
jo bestera dabiltz bazterrik bazter, aldrarik aldra,
txosnarik txosna, gauza guztiai begira, nun jarriko, zer jango, zer erosiko.

Gizon koixkor bizartsu bat ikustren dute mai
baten gañean garraxika. Zolia du mingaña,
azkarrak dauzka beso ta biatzak. Bai arranietan!
Berebiziko itz iturri naro ausarta dario etengabe,
paper batzuek egan botatzen ditu ta eskura joaten zaizka berriro, mutiko bati txanponak ateratzen dizka musutik, belarrietatik, nai duan lekutik, edozeñen gogarteak asmatuko omen lituzke.
Pamerialen adiskidea zan iñolaz ere! Baserritar
kaiku pilla andia dago gizontxoari begira. Aoa
zabalik daude geienak. Onik onenean, jolasari
utzita.
—«Ni naiz, —esaten du erderaz— ni naiz
Rosinak sendatzalle izendatua. Lagun urkoari on
egiteagatik lurbira guztiko erri ta itxasoak igaro
ditut, liburu guztiak aztertu ditut, jakintsu guztiekin itz egin det, sendagarri guztien indarra neurtzen gau ta egun ibilli naiz eta min oiñaze danak
osatzeko gauza bat asmatu det. Zer da bera?
Ara, jaunak, emen daukazute; artzaren koipea
da, leoien koipez nastua. Koipe onezaz igortxitxo
bat min dan tokian eman ezkero, min guztiak
beti betiko joaten dira. Eztago gaurtik aurrera ez
buruko miñik, ez gerriko miñik, ez beso, iztar,

belaunetako miñik geiago. Nik sendatu ditut
Paris, Londres, Berlin ta Bienan eri zeuden gizadiak. Ta zenbatean da koipe ori? esango dezute.
Zer diru bear da koipe ori erosteko? Utsa, baterez, txanpon erdoitu batzuek, peseta bat, orra.
Peseta batean ematen det lagun urkoai on egiteagatik. Oso gutxi dauzkat. Biar, gero, emendik
ordu batera eskean bazatozte, eznauzute ni
billatuko. Ni banua, laster nua emendik, eta
eznator ni onuntz geiago. Nork eskatzen du
beste bat?»
Eta baserritar geldotzarrak, eskuak luzatuta,
beren biatzetan makur txuriak erakusten dizkiote itzontziari.
Baziran orratik onela itz egiten zutenak:
—Zertarako du baña dirua, musutik ateratzen badaki?
—Dirua musutik atera ta alkondara zikiña
jantzi? Amari esaiok.
—Gizon prestua izateko ipurdia lurretik
urrean zeukak orrek.
—Aitona —galdetu zion Josek Joanesi— ez
aldu orrelako koiperik erosi bear?

—Nik? Zertarako? Jaungoikoak nai badu, sendatuko naiz; Arrek nai ezpadu, gizontxoaren koipea gora bera, eznaiz sendatuko. Egin det nere
eskabidea, Antonio Donearen bitartez.
Gure ezagunok, koipedunagandik laster, nunbaiteko bibolin jotzalle itxua idorotzen dute.
Lagun argia dauka itxuak aldemenean, mutil
sostor bat, eta lagun orrek eun-oiala darabil
makilla batean jasota, itxuragabe ta zirriborroan
egindako gizirudiz betea. Horroroso crimen! jartzen du oialean, ta noiz itxua, noiz mutil sostorra
onela mintzatzen dira: «Txanponean sartzen
degu Toledoko urian gertatu dan oben likitsaren
albistea Paper onetan adierazten da nola Eujenio
Barelak bere amagiarrebari arrigarrizko eriotza
eman zion, emaztearen amak alperra deitu ziolata beste gabe. Amazazpi aldiz sartu zion labana zorrotza lepo, bular ta erraietatik zear ta,
odola ixurtzez nekatu zanean, gibela ta giltzurriñak jan zizkon, sutan erreta. Oialaren alderdi
batean daukazute gizon erallea emakume kupidagarriari eriotza ematen eta bestean urkamendira igotzen, bere ornia nai ta naiez artzera. Nork
eskatzen du beste papertxo bat?» Eta oiturazko

eresaldi bat egin ondorean: «Baita ere badakarzkit Kandelasen lapurreta burutsuak eta Jose
Maria ta Diego Korrientesen egitada okerrak.
Baita ere badauzkat Santa Jenobebaren bizitza,
Bertoldo ta Bertoldinoren liburua, Santa Ritaren
bederatziurrena, Santa Klara, Santa Katalina,
San Jose, San Pranzizko, San Antoniorenak,
Begoña, Iziar, Aranzazu ta Karmengo Amarenak.
Nork nai du beste bat?»
Eta baserritar zentzugabeak, erallearen irudiari begira begira egonda gero, Toledoko gaiztakeria goiz artan igaroa balitz bezela, Elorrion
gertatua balitz bezela entzuten egonda gero,
obendunaren berriak zekarzkian papera eskatzen zioten itxuari, eztakit zertarako.
Itxua baño oinkada batzuk aurrerago, eztarri
garbiko euskaldun alai bat arkitzen da oiulari:
Bertso berriak —ots egiten du noizean bein—
Senpelarrek jarriak! Eztauka biboliñik; eztarria
du bibolin-gitarra jardunaren jardunez, ekiñaren
ekiñez saltzen ditu bere paperak.
—Bai aldaukazu Gernikako Arbola?
—Gernikako Arbola Gernikan ziok, motel, ta
astunegia dek nik onaño ekartzeko.

—Ta San Iñazioren martxa?
—Ez, maite; datorren illean kantatuko degu
ederki, Loiolan.
—Zuk eztakartzu ezer, gizona.
—Nik eztakartala ezer? Senpelarren bertsoak, berri berriak, Prantziako pelotariai ateriak.
Amalau españoletan
Mateo prantzeza a
Partidu onetantxe
Izanda trabesa a.
Lau lautara
Ziran asi
Altzuenak
irabasi...
Bertsodunaren urre samar neska-mutil buru
ariñak alkarren aurrean dabiltz, triskatzen,
antxume zoroen antzera, akitika, bira biraka,
irrintzika. Zabaletakoak aiei begiratzeko astirik
eztute artzen.
Txosna baten alboan gizapilla iskanbillatsuak
ibilpidea galerazitzen diote. Zer ote da? Borroka-

ren bat? Ezta borroka, ezta aserrea: jan baietz ta
ezezko auzia darabilte kankallu bik.
—Arkume osoa.
—Bai.
—Lau librako ogia gañera.
—Bai.
—Bi pitxar ardorekin.
—Irurekin naiago.
—Bueno, irurekin.
—Amar duro, ezetz.
—Amar, baietz.
—Jango dik.
—Eztik.
—Bai, jango dik, idiak baño urdall obea zeukak eta.
Gure oñatiarrak, era oietako ikuskizunez
aspertuta, gizartetik alde batera eginda, ezarri
dira nonbaiten; zerbait jatera dijoaz.
Artzai zarrak arrautzopil puska bat beatzetan
duala:
—Samingarri da! —esaten du—. Amaika
bidar egin det Zabaletatik onaño dagoan ostera!
Amaika bidar jan det emen, gozoro, nere baserrian erretako taloa, ta orain arrautzopilla ta ogi

zuria ezin irentsi! Dana dago latza, dana badaezpadakoa: janaria, gizonak eta lurra bera. Bai,
lurra ere bai. Zenbat aldiz ikusi ditut emendik
agiri diran gure mendiak! Ederragoak ziran len,
milla bidar ederragoak. Ezta irudipena: azpietatik zulatu dituzte alderdi batetik besteraño;
beren egaletatik tontorretara bide zabalak egin
dituzte; beren arrizko ta burnizko erraiak eguzkitara ateratzen aidira, ta gure umeak mendi zuloetatik zear dijoazkigu, eztakit nora, bide zabaletatik datorzkigu eztakit nongoak geure gallurretaraño. Benetan, lur guztia egin du Jaungoikoak
bere semientzat eta denok gera bere semeak,
denok: gureak ere badabiltz nonbaiten ta betoz
Euskalerrira etorri nai duten arrotzak, betoz
zorionean; baño eztezatela gaiztakeririk onuntz
ekarri. Len ere naiko gaizto gera gu, on itxuretan.
—Aitona, ez bedi orrela betillundu. Jan beza.
Baiño aitonak eztu ia ezer jaten. Malenek
urdaiazpiko zatia ipintzen dio ogi gañean, baño
Joanesek eskura zer eman dioten eztaki. Gogamen astunak dauzka iñolaz ere.

—Eztet ondo itz egin —jarraitzen du. Gizonak
berarekin eraman oiditu bere oiturak, onak edo
txarrak. Geugan dago iñoren oitura txarrik ez
ikastea; bai, geugan. Gugana datorren ikazkiñak
ezkaitu beltzituko, geuk nai ezpadegu... Badantzuzute auspo soñularia, filarmonika? Nik eztakit
Euskalerrira zeñek ekarri duan, baño badakit
zeintzuk jotzen dute: euskaldunak, menditarrak...
Bazkaritxo amaitu da. Malenek eskale bati
ematen dizka enparatuak. Josek biotzaren jakia
nai luke: maitetasuna. Joanes urrutira begira
dago, gaztetako egunetara.
Aguratxo bat jarri zaiote aurrean begira,
makil buruan esku biak eta eskuen gañean okotza ipiñita.
—Adiskidea —galdetzen du— barkazioz, oñatiarra altzera?
—Bai.
—Zabaletakoa?
—Bai.
—Joanes?
—Bai.
—Antzeman dizut orratik.

—Eznaiz ba zuzaz oroitzen.
—Orain dala ogetamar urte alkarrekin jan
genduan arako zoko artan.
—Izan leiteke.
—Ala da. Bergarako azokan esne-bei eder bat
saldu ziazun, ederra alare, ta bei diruak artzera
etorri ziñan.
—A, bai! Aingeru jaola! Austin zera zu, elgetarra!
—Elgetan jaioa, iragoko larogei urte auetan
Arriolan bizi naizena.
—Aspaldiko Austin! Urteak dira ba alkar ikusi
eztegula.
—Esan det: ogetamar.
—Ez algera geiago iñun ikusi?
—Nik etzaitut geroztik begiz jo. Lenago bai,
lenago sarritxo ikusi oigiñan, bata besteaz artueman asko erabilli oigenduan, alkarri ondo
lagundu oigiñon.
—Bai orixe, bai anbat; zuk eta nik, Azurtzako
Militonek eta Irigoiengo Kaisparrek alkar billatzen bagenkian. Zer egin zuten adiskide aiek?
—Il ziran.
—Il ziran?

—Bai, antziñatxo. Baita Zezeagako Turubio
ta Eguzkitzako Txomin ere.
—Gizon zintzoak, gizon maitegarriak.
—Gaurko egunean gutxi bezelakoak, Joanes.
—Gaurkoak ere gure ondorengoak dira, Austin.
—Bai, baño gugandik etenak. Zuaitzetik ebakitako adarrak dirudite, adar igarrak. Galeran
dijoaz euskaldunak eta Urkiola bera galeran dijoala deritzot. Goizean etorri naiz, Aramaion
ezkonduta bizi dan seme batek ekarri nau, ta
bereala gogait egin det emengo alderdiak ikusten. Eztago emen adiskide on bat. Ezagun
batzuek ikusi ditut, baño ezpañetatik ezpañetarako izketarte otza izan degu alkarrentzat: biotzetik biotzera itz egiteko, egiazko adiskidea
bear da, antziñetako lagun zarra Nere aita zanak
esan oizuan: urdaia ta ardoa urtekoa; adiskidea
urtetakoa. Orregatik poz andi bat artu det zu
ikustean.
—Eskerrikasko. Zu ikusi baño lenxeago zerbait gogoratzen ainitzan, ta zure itzak nere
ustien oiartzuna dirudi. Ala ere zalantza pixkaren
bat badaukat. Gu zarrak gera, Austin; naigabe-

tuak gaude, ta biotz naigabeak itz garratzegiak
oiditu. Gure gazteriko egun alaiak joan zitzaizkigun, ta egun aientzat gordetzen degu oraindik
animetako maitetasuna. Nork daki, bada, gure
ustea zuzena ta ziurra dan ala ez?
—Neuk dakit, zeuk jakin bear zenduke. Oraingo Urkiola ta gure gaztetakoa eztira berdiñak, ta
ordukoa obea zan.
—Oraingo eguzkia ta nere umetakoa berdiñak dira, gaurko lorea ta ordukoa berdiñak,
orduko ta oraingo arrautzak era berekoak; baño
gaurko eguzkiak ezin poztu nau, gaurko liliari
eztiot usairik artzen, arrautzopilla txarra dagola
iruditu zait. Geu gaude gu alperrik galduak, Austin.
—Joanes, edo eznaiz zure oiarzuna, edo ni
txurikatzeagatik, zure iritziaren atalen bat
barruan gordetzen dezu. Nik badakit gure zentzunak alperrik galduta daudela, baño ez gure
animak Aitortzen det lengoak dirala eguzkia,
loreak... eta arrautzak, baño ezin ukatuko dezu
au eztala lengo Urkiola. Len euskal-usaia, garo
usaia zegoan emen; gaur, mendiko egurats garbia oso kirastua dago.

—Bai ote?
—Makilla eskuetan daukatan bezela.
—Zeñek kirastu du?
—Zeñek? Gaitz da erantzuten... Uri andietako
aizeak, baserritarren griñak, gizon batzuen siñiste otzak, askoren nasaikeriak; arrotzak eta euskaldunak, etsaiak eta geuk, danak et danok. Zu
pekataria esaten badakit, baño Ni pekataria
etzait aztu.
—Ederki mintzatu zera, adiskidea. Jarri zaite
nere ondoan gauza oiek obeto argitaratu ditzagun, pipakada bana erreaz. Zuek, gazteak,
etzaudete ondo gure illetak entzuten; zoazte,
bada, orrutz zerbat ikustera.
—Ondo gaude, aitona.
—Ez, zoazte; erosi itzatzue gozo batzuk etxerako.
—Illobak aldituzu, Joanes?
—Illobak.
—Landare onak! Garo artean artu dezatela
lurra, Aloñatik urrean.
—Amen.
Adiskide zar biak beren erabakiak ematen
dabiltzan bitartean, gure gazteok, gizartetik zear

dijoaz alkarren lotsaz, batak besteari begiratu
gabe, ezertan arretarik ipiñi ezinda. Zer egiten
duan eztakiala, ainbeste opil erosi ditu Josek,
kopeta illuna darabil Malenek, biotz gabeko
neska mutillak dirudite biak, aserratuta daudela
esan leiteke.
Bat batera:
—Jesus! —dio neskatxak—. Gauza lotsagarriagorik.
—Zer da?
—Osaba Iñazio Mari dantzaurrea egiten.
Egia zan. Giza-uztai baten barruan, tanboliñaren aldemenean, Zabaletako aizkolari ospetsua, Azkarragako Paula ta Martiñen aita obeto
esateko, birbiztuta, ardoak berotuta, esku baten
txapela zuala, paparra agirian ta gerriko txistana
atzeko aldean dindilizka, besoak zabalik zebillen
goragoraka, alzituan gaitasunak erakusten, baño
zabulunak neurtu eziñik eta oso parregarri.
—Peru Odolki atzezko!
—Sokan dauden guztiak dira oñatiarrak,
Moxolo Potolota.

—Jas! Ez lotsatzea osaba, orrelako gizonakin
bere burua bat eginda! Aldendu gaitezen, geu
iñork ikusi baño lenago.
—Arritzen aiz.
—Zergatik baña?
—Moxolo emen eukita iges egiten dezulako.
—Nik eztaukat Moxoloren bearrik.
—Benetan?
—Eznaiz gezur zalea. Goazen aitonagana.
—Ez apur baten, Malentxo; ez, Jaungoikoaren
izenean. Izketan asi geran ezkero, gauzatxo bat
esan nai neukizu.
—Zuk?
—Bai. Aspaldian daukat nik zuri agertzeko
uste bat, ames bat...
—Zaude ixillik.
—Ixilli, beti ixillik! Ito egin bear det beraz
nere gogoa.
—Badakit zer esan nai zendukean... Badakit
maite nazuna, baño ez itxaron nigandik ezer.
—A! Zure itzala izateko eznaiz duin!
—Ezta orregatik!

—Bai, biotzak adierazten zidan: utsa naiz,
oinpean darabiltzun autsa bezela naiz, Zabaletako morroia!
—Ezta ori. Zabaletan morroirik eztago. Zu ta
ni anai-arrebak gera... Jakin zazu bein, zure
barruko arra kentzeko. Iñorekin izatekotan, zurekin izango naiz; baño ez itxaron, Jose, ez alperrik
itxaron. Billatu zazu beste bat, zure idekoa. Neskatxa on bat opa dizut, ni baño obea opa dizut.
Eta orrela itz egitean, txit bigun begiratzen
dio mutillari, errukizko begi ederrak erakusten
dizka.
—O Malentxo!
—Ixo. Naikua esan dezu, geiegi erantzun det.
Guazen azkar.
............................................................................
.......
Aitona biak, oso samurturik, agur egin diote
alkarri.
—Agur Austin.
—Agur, Joanes, lagun zarra.
—Noiz arte?
—Josapateko zelaira arte.

Zabaletakoak ekin diote etxerako bideari,
danak ixillik, barruko ames ta etsipenai begira
danak.
Urkiolako alaitasuna ezker eskui asi da zatitzen: algaraka dijoa, algaraka ta lekaio luzean
egiñaz bide, baso ta ibarretan zear; urrutiko
baserrietatik tuntun ots berria dator gure bidaztien belarrietara aizetxoaren egoetan.
Ta ots bigun arrek gizonak poztu edo samintzeko eskubidea izan bear du; tuntun arrek, norbera ixillik dagoanean, bakoitzari barruko amesa
zirikatzen dio, bakoitzari norberak nai duan
bezela itz egiten daki.
Ara Joseri zer esaten dion: «Iñorekin izatekotan zurekin izango da. Ta bat edo batekin izan
bear. Au egun ederra!»
Ara zer Maleni: «Agertu bear zitzaiona agertu
zaio. Nere biotzetik astuntasun andia kendu det.
Au pakea!»
Ara zer Joanesi: «Zureak egin zuan. Au
larria!»
Aiton-illobak badabiltz Oñatiruntz, egun argitan dabiltz; baño anima, gerora begira, lañotan

bezela daramate. Usteak uste dirala, nork daki
etorkizunak zer gordetzen digun?
............................................................................
.......
Biaramon goizean Peru Odolki, tronpolloz
apaindua, ezkerreko begia estaldurik zuala, sendakiñaren galdezka zebillen Oñatin.
—Zer dek, Peru? —esan zioten.
—Atzo Urkiolan izan giñan da...
—Moskorra galanta, e?
—Iñoiz bestekoa ez ba.
—Borroka egin aldek?
—Ez, Moxolo Potolok jo ninduan.
—Zer zalata?
—Malentxo izan omen zan Urkiolan, ta nik
esan bear omenion Moxolori. Nik zer dakit ba nor
nun dabillen?
—Orregatik aserratu alzan?
—Aserratu? Gizon beroagorik eztet iñoiz
ikusi. Pitsa zeriola, arao ta birao, ekin zion ukabilka, ta ni artzeko.
—Beti bezela. Txanpaña ere artzen omen diozuta.

—Bein bakarrik txanpaña, geiagotan ostikadea.
—Ez astoakana joan, ta egin lana gogotik.
—Lana, lana! Lan egitea ere naikoa astakeri
da ba.

X.
AULERIA
Urkiolan ikusi genduanetik urrengo neguan
guztiz aunatua idorotzen zan gure Joanes.
Orduan bai zarra gizagaixoa, orduan bai aula!
Burua, Abenduan Aralar gaña bezela zuri,
zillarrezko ari albañu luzez jantzia ikusten
zitzaion; kopet andi zabala, itxas ertzeko ondarraren antzera, lerroz ta zimurrez betea agiri
zuan; besoak txito adoregabeak zeuzkan; ankak
zerbait indarge ta sorrak; belarriak naikua gor ta
motelak; soin guztia makilla baten gañean eroria
zerabillen. Nekez ta laburrak ziran Joanesen oinkadak, gutxi entzuten zuan, ia etzuan ezer ikusten. Pipiak jotako abea zirudian, zedenak jandako zura. Bai, urtien pipiak eta lanaren zedenak
jango eztuan gauzarik ezta jaio.
Elurte baten galdu zan geiena. Azaroaren
erdi aldera, uste baño lenago agertu zan negua,
ta Zabaleta baserrikoak, done Zizilli goizean,
Oñati alde guztia elurrez txotildurik arkitu zuten
Lurrik etzan iñon agiri: bide lerroak, bete betean

ostenduak zeuden; zelaiak, koska ta utsune
gabe, aspaldikorik laban, guri ta bikañenak:
soroak, naiz ta beren jantzi garbia txotx, printza,
mallasto buruz or ta emen urratua iduki, gutxitan bezela lau ta txukunak; sasidi ta otariak,
estalki lodi azpian zearo gordeak; urki, gorosti,
txillar ta isatsak, geiegizko zamapean nai ta
naiez auspezturik, eta pago, arte, aritz, gaztañak, zein baño zein naroago, adar bakoitzean,
kima bakoitzean, elur zerrenda samur kizkurrez
arro arro apainduak. Dana zegoan zuri, eder,
leun ta limuri, bada eder ta leuntzallea da beti
elurra: etxeaurreko osintxoa, soro-arteko luebakia ta errekastoen aria bakarrik ikusten ziran
illun ta itxusi, iñoiz baño beltzago ta itxusiago.
Ta elur erortzea etzan bukatu. Oinbete lodi
bazegoan, ta mara mara zetorren zeru goibeletik
bera, aldeka, okerka ta astiro, mitxeletazko euri
bigun ikusgarriaren itxuretan.
Aizan elurra galanki, gelditu gabe aizan, ta
mendian zeuden oraindik ardiak eta moxalak,
Joseren agindupean.

—Ene badata! Zer egingo du orain gure
Josek? Emen onenbesteko elurra danean, Urbian
gerrirañokoa bada —zioten emakume izutuak.
—Manuel, deituiok osabari: Jose Ramon,
bituitzak lagun batzuk eta azkar danok Urbiara,
azkar baña —agindu zuan Joanesek.
—Zazpirak aldean erten zuten gizonak Urbiaruntz. Zabaletako nagusiak etxeko larrañetik
ikusi zituan nola zijoazen errenkadan, bein bat
aurretik eta gero bestea, besoen indarrez bideak
idikiaz, ta nola ezkutatu ziran basoan gora, elur
malotan barruna.
—Gauza ez ni oien burutzat joateko —esan
zuan.
Ta Pedro Antonek:
—Guk ere beste orrenbeste bagenkian egiten
lenago. Gaur gaztien txandea da.
—Jaungoikoak lagundu daiotela.
Andreak arrenetan abiatu ziran, ta Joanesek
etzekian zer esan, zer egin ta zer nori agindu.
Luze joan zitzaizkon egunaren orduak Orain ukulluan sartu, orain sukaldean aurkeztu, beti ere
Santa Maria ezpañetan zuala atarira erten, beti

ere alde batetik edo bestetik zeru beltza ikusi,
artega ta kuperea ibilli zan luzaro.
Jo zuten amarrak, jo zuten amabiak, jo zuten
ordubiak, eta etzan mendikoen berririk.
Irurak aldean, artzai zarra, auzora balijoa
bezela, atera zan mendiruntz iñori ezer esan
gabe. Bai zori txarrean. Gogo aña kemen izan
balu, laster elduko zan lagunakana: baño lengo
kemenik etzuan errukarriak, eta elur marduletan
drist eta draust, or txirrist eta emen larrapast,
bisutsetan ia itxuturik, zurrunbilloan arnasarik
artu ezinda, laster unatu zuan nekeak, bereala
etsi zuan aitonak eta ezker-eskui, aurrera ta
atzera begiratu larri bat egiñaz, bide bazterrean
eseri zan eriotzearen zai... Lauterdietan idoro
zuten menditik bera zetozenak, otzituta idoro
zuten, gogortuta, itzik ere gabe, ta arratsalde
artan etzan il Zabaletako jauna eskerrak bere
semien igortziai, eskerrak oe bigunari, ur goriari,
erari on irakiñari, etxeko guztien arreta zindoari.
Baño berotasun andiak igaro zituan, gaixorik
iduki zuten, ta oetik jaikita gero ere, alegin guztiak eginda ere, Joanes etzan geiago lengoa izan
Ordutik auleria.

Baño gorputza lotua ta abaildua gelditu bazitzaion, ez orratik bere anima: anima beñere
baño argiago, biziago ta azkarragoa zeukan. Joanesen oroimenak iñoiz ez bezela gogoratzen
zituan bere gaztetako urte alaiak, Joanesen adimenak egundaño ez bezela ezagutzen zituan
Jaunaren betiko egi sakonak, Joanesen biotzak
beñere baño samurrago ta zintzoago maitatzen
zuan Jaungoiko Egille Altsua...
Sutondoko zizaillu zarrean jarrita, arbasten
gar biziari edo enporra miazkatzen zuan urrezko
su-mingañari begira, bakarrik gelditzen zanean,
o nolako samin gozoz oroitzen zitzaizkon bere
bizitzako gertaera guztiak, ume koskorra izan
zanetik agure mekoa zan arteraño! Lendabiziko
giza-jantzia, lendabiziko errira jeistea, lendabiziko mendira igotzea, arako mutil-jolasak, urte
askotako San Migelak, ezkontza aurreko egun
eztiak, bere semien jaiotorduak, illobatxoen etorrera pozgarria... dena zirudian atzo goizekoa,
dena zeukan bere ondoan, dena zekarkion irudimenak bertara, ekaitz aurreko egoaizeak urrutiko lur ta mendiak guganatzen dituan gisara Izan
ere atzo ta gaur, uda ta negua, gaztetasuna ta

zartzaroa eztaude alkarren urruti; gizonaren goiz
ta illuntzea dirala esan geinke, txanpon baten
arpegi biak bezela zerizkion Joanesi.
O zein garbiro erakusten zion adimenak gizonaren ezereza Jaungoikoaren betikotasuna
gogoratzean! Bera, Joanes, sortu baño len, askozaz lenago, Jaungoikoa bazan, eder, andi, altsu,
zorioneko, gauza guztien egille ta zaintzalle;
bera, Joanes, eriotzara urreratu zanean, Jaungoikoa lengo lengoa gelditzen zan, altsu, andi, eder,
zorioneko. Ta era berean billatuko zuten Joanesen ondorengoak eta era berean utziko zuten,
bada orrela zan ta izango zan, beti altsu, beti
berdin; asierarik gabe asiera guztien iturri; azkenik etzeukala, azken guztien bukaera ta goen.