Garoa - 05
Ara emen aitak Juan Andresi, bakarrik arrapatu zuanean, esan zizkon itzak:
—Ez aiz mendikoa, eztidurik gutarra, joan
zaizkik emengo garo usaiak.
—Zergatik? Erderaz dakitelako?
—Erderaz jakitea ona dek, euskeraren kaltean ezpada.
—Gaztelerrian adiskideak dauzkatalako?
—Kristauak edonun bear ditu adiskideak,
obeto esango det, edonun dauzka bere anaiak.
—Zergatik, bada?
—Eure baserrira, eure gurasoakana, gogorik
gabe etorri aizalako Igartzen diat: ez ago i ondo
emen; eure etxe barruan atzerritarra dirudik,
jazkera ta izkeragatik baño buru ta gogoagatik
geiago, bada ire buru ta gogoa erdalerriko irabazian dauzkak.
—Nork eztauzka? Baño nik alderdi guztietan
goratu det Euskalerria.
—Eure burua goratzeagatik, apika. Ik eta
beste askok, aoan Euskalerria, Euskalerria; biotzean norbera, norbera! Ta norbera esatean,
dirua esaten diat iri. Ezagutze aut: gaztelar ta
prantzezak beratzeko gaizki esaten dek, baño
aien diruagatik eure sorterria salduko eukalata
nago.
—Aita!
—Bai. Ta i bezelako euskaldunak badira
makiña bat.
—Ezbeza orrelakorik esan, Aita.
—Ez adi orrelakoa izan, seme.
Ana Josepak ostera, betondoa zimurtuta,
betiko aserre itxuran:
—Mutil, gauza batekin natxiok arrituta. Zer
ekarri dek or, ezpain gañean?
—Orixen da galdera. Bibotea.
—Bibotea? Kendu izak bizar oiek ainbat lasterren, gurean eztek orrelako zikinkeririk beñere
izan ta.
—Bai zera kendu! (Beatzez igortziaz). Ondo
egoki dauzkat.
—Egoki? Zertarako egoki? Sudurreko urentzat malatua egiteko? Kendu bearko dituk laster,
edo ta bestela...
Semeak etzituan kendu, baño Ana Josepak
egin zion egitekoa. Juan Andres lotan zegoan
txolartean, guraiza zorrotzez, trist, trast, moztu
zizkion goi-ezpañeko bizarrak. Ze demontre!
Fuera bizarrez! Zabaletan etzan bear biboterik.
Gertaera parregarria zan ura, ta parre andiak
egin zizkioten orduan lagunak gure mutillari,
baño berak etzuan batere parrerik egin. Zapuztuta, minberatuta, muturtuta, igaro zituan egun
batzuek etxean; baño laster, amak egin zionagatik, edo aitak esan ziona egia zalako, edo eztakit
zergatik, benik bein aspertu zan Oñati aldean,
gogait eragin zion bere baserrriak, eta gurasoen
damuzko itz ta egiazko maitetasunaren eskariak
entzun nai ezik, artu zuan berriro erdalerrirako
bidea. Gertatua da.
Etzuan orratik beste zartara bat eramangabe
Gipuzkoako lurra utzi. Zumarragara ia eldu
zanean, zaldizko batek, Patxiko sendatzalleak,
soro tartetik:
—Jeup! deitu zion.
—Ola, Don Prantzisko!
—Astia detanean, prantzez mintzatu bear
diagu.
—Ezta ba onezkero errez izango.
—Zer ba?
—Kanpora nua.
—Nora?
—Trosuetara.
—Ez altziok atxurrik Zabaletan? Baño beste
leku batean dauzkat nik nere lanak.
—Papa moskas il aldek?
—Beti unore onian berori.
—Ez, alajaña. Ziñez galdetu diat. Papa Moskas il badek eskatu zak arren tokia iretzat. Berebizikoa aiz. Ez aserratu egia esan diatalako.
Agur, astokillo, ikusi arte.
Bidaztiak etzuan ezer erantzun. Kopeta goibeldurik eta ezpañak dardar zituala, lepoa eman
zion sendakiñari.
—Petral, zikin, urde arraioa! Mooño! ... —
esan zuan bere artean.
Ta Patxikok, zaldia zigorrez joaz:
—Je, je! Igesi dijoan zakurrari buztanean su
eman diot.
Andik aurrera Juan Andresen albiste gutxi izaten zuten Zabaletakoak. Orratik ere, noiz edo
noiz etorri oi zan eskutitz bat edo beste, etxekoak egindakoenaren erantzueran, gaur Billadiegotik, biar Palenziatik, orain Medinatik, gero Zamoratik, bein Orensetik eta Braganzatik urrengoan:
baño beti elkor ta laburra, zeregin asko ta gogo
gutxiko gizonak egin oiduten bezela. «Ondo
nabil», «Astudillora goaz», «Katapaz jarri naiz».
«Ogetamar gizonen burutzat nago», «Lau illabeteko lana daukagu emen», «Poliki irabazten
degu», ta orrela urte askotan; arau batean ta
murrizki.
—Ez aldu ezer geiago ipintzen? —galdetu
oizuan amak—. Noiz etorri bear duanik ere ez?
Ainbeste illabetean zai egonda... Orixen bai dala
itzak zenbatuta bialtzea, ontzurreak balira bezela. Gaitzerdi poliki irabazten badu. Ara, Joanes,
poliki, baserritarren mintzoeran, asko esatea
beste da, ta asko irabaziko du gure mutillak Ikusiko dezu, aberastuta etorriko zaigu semea.
—Urruneko eltzea urrez, etxerat orduko
lurrez.
—Bai beste batena, baño Juan Andresena? Ez
siñistu. Arrek eztu dirurik eralgiko, lengoa bada.
Txanpon bat bakarra etziran eman errira etorri
zanean ere! Non gordetzen ote ditu diruak?
—Zure sakelean ez beintzat. Orregatik dio:
etxera orduko lurrez.
—Non leuzkake obeto? Ta badauzka nonbaiten, bai, nai ta nai ez iduki bear.
—Zenbat daukan baño naiago nuke jakin
nolako bizikera darabillen.
—Zuzena izango alda mutilla, geurea data.
Andia da orratik ezer ez geiago adieraztea!
Bere gurasoak etzekiten, baño nik badakit
nolako bizitza zeraman Gaztelerrian Zabaletako
semeak: beste ango adiskidien bizitza berbera,
zeken zikoitz diruzalien bizitza. Alderdi askotako
gizonak zebiltzan alkarrekin; baño, zerbaiten
agintea zutenak beintzat, berdin samarrak ziran,
kristau otzak, asmo ta gogamen bakarrekoak:
nondik eta nortara lortu zitezkean txanponak
errezago ta oparoago Aien artean etzegoan ez
Jaungoikoaren agindurik, ez otoitz, ez oitura
onik, ez izkuntza garbirik. Iñork etzuan gurutze
bat kopetan egiten edo Aita gure bat esaten,
kristau oroipenik etzualako edo lagunen bildurrez; denak utzitzen zuten jai egunetako Meza,
elizetatik urruti zeudelako edo alkarren lotsaz;
denak egiten zuten lanik gogor ta neketsuena,
igandietan ere, nagusiekikoa idukitzeagatik edo
besteak baño gutxiago ez irabazteagatik.
Denak esan ezkero esana dago, Juan Andresek ere bai. bizikera orrek, egia da, min ematen
zion lenbizi biotzean ta osoro illuntzen zion
anima; baño laster ito ta estaldu zituan biotzeko
arrak eta animaren kezkak. Lagunak bezela ez
izatea etzan itxurazkoa, bere ustez; iñork ez aña
indar ta gaitasun iduki ta besteak baño geiago
ez irabaztea etzegoan ongi. Parre ere egingo zioten. Parre! Naiago zukean ukabilkada bat artu,
bere burua gizonen parregarritzat erabilli baño.
Ez, jakin zezatela zenbaterañokoa zan menditarra. Izketan ta berriketan eramango zioten, baño
ez lanean, ez orixe.
Iritzi oker aien zirikadak lañotu zioten adimena Juan Andresi, gogortu zioten errai-barrua ezin
geiagoan, ta aztu zitzaizkon euskal mendiak,
euskal oiturak, aideak, gurasoak, sinisteak, oroi-
penak eta baita ere Jaungoiko Altsu Donearen
aginduak.
—«Ba! —jardun oizion bere buruari, zerbaitez
gogoratzean— Zer dijoakit Euskalerrira biurtzeaz
edo ez biurtzeaz? Utsa. Eztit ajola emen edo an
bizi, euskeraz edo gaztelarrez itz egin, arto lizuna edo ogi legorra jan, baburrunez edo barbantzuz ase, ardo beltza edo sagardo gorria edan.
Ardoa obea baño ezta indarra emateko... Zer
ateratzen det otoitz egiñaz ta Mezatara joanaz?
Ezer ez. Lan orduak eta txanponak galdu. Ezkaude gaur orretarako. Gero ere, zartzaroan, izango
det bai astia naikoa Mezak entzuteko ta otoitzak
egiteko. Irabazi, irabazi: ori da gizonak gazte
dagoan bitartean egin bear duana. Ta ementxe,
Gaztelerrian daukat irabazbidea, geroago ta
ugariago, geroago ta areago, bada langilleai
agintzea ta arretaz begiratzea da nere zeregiñik
andiena Irabazbidea ta gizon andien adiskidetasuna gañera. Burni bideko nagusi ta agintariak
beti zarabilzkit nere atzetik deiezka: “Juan, etzaite emendik aldendu, ta ikusi ezkerraldeko langille oiek zer egiten duten”. “Juan, ia gurdi auek
azkartxo biraltzen dituzun”. “Juan, zeuk asi bear-
ko dezu orko edo ango arrobia”. “Juan, emengo
lanak bukatzean, gurekin etorri bearko dezu
onelako edo alako errira”. Astokillo esan ziran
neri Don Prantzisko sendatzailleak, baña ez
nauka ni emen iñork astokillotzat. Bera da ura
astokillo, berritsu, ergel, ziztriña. Irri egin bear
iñori, urtean amar milla erreal doi doi irabazten
dituan gizonak».
Ezin ukatu genezake Juan Andresek arlo
andiak zeuzkala zegoan tokian; berez ta jatorriz
trebe, zintzo ta langille ona zalako, nagusiak
ongi begiratzen ziotela, gogoz aitortzen degu;
baño, balarrondora ta erdi lotsaz bada ere, beste
ipuitxo bat agertu bearrean gaude.
Bazebillen an norbait, burutik okozperako
zapiduna, gona motz ori lodiz jazten zana, bularrean gurutzeturiko oial zirpiltzuz lotua, gerri
zabal, mokor astun, ibilbaldarreko emakumea;
bazebillen gau ta egun, goiz ta arratsalde, euskaldun gizasemeaz amesetan, morrosko sendoa
non ikusiko, bere barruko itxaropen ta bildurrak
mutillari nolatan esango. Dionisia Gomez Jundeiro zeritzaion, langillien arteko galizitar erari saltzallea zan, Antonio Gomez Moreno katapazaren
alaba. Arretxek zekizkian ondo Juan Andresen
albisteak, bera zan geienbat gure menditarrak
Gaztelerrian egoteko zeukan zioa, bera Zabaletako gaztearen lika ta lakio, jabe ta etxekoandre.
Bai, Zabaletakoak pozik emango zizkon begi
biak Dionisiari, onek eskatu ezkero, bere biotza
oso osorik emanda zeukan bezela. Alkarrekin
ezkontzeko zeuden neska mutillak!
A! Ta galizitar emakumea etzan ez eder, ez
garbi, ez aberats. Naikeriak edertzen ditu gauza
itxusiak. Gezurra dirudi, baño gezur irudiko egi
asko gertatzen dira ezkontzako gauzetan. Irakurleak badaki.
Noizbaiten bada ere, aditzen eman zion zer
asmo zerabillen Juan Andresek aitari. Ai onen
samiña orduan! Ai Ana Joseparen zotiñak! oroi
zezala antxiñakoen esakera jakintsua: urrutira
dijoana ezkontzera, edo da engañatua edo dijoa
engañatzera. Alperrik... Esan zioten, Jaungoikoaren izenean! etor zedilla etxeruntz ainbat lasterren, bazirala Euskalerrian neskatxa onak,
ezkonsaria ero ero emango ziotela. Alperrik...
Esan zioten ezin zitezkela gurasoak urrutietara
joan; etzan itxura, erbestean, edozeñekin! aide
ta guraso gabe, sasiko baten irudian senartzea.
Alperrik... Esan zioten negarrez zeudela aitamak,
anaiak, illobatxoak. Alper alperrik: sua itzaltzeko, labe gori gartsuan isurtzea malko batzuek
bezela.
Juan Andres emaztegaiaz itxutua zegoan:
Dionisiak, paparrean ezartzen zaigun musker
baten antzera eutsi zion senargaiari, ta etzion
utziko zazpi errietako kanpaiak jota ere.
Euskaldun basetxetarra ezkondu zan Gaztelerrian ta gaztelarren taiuan. Zer egingo zaio!
Bakoitza bere zoroak bizi du. Utzi daiogun
pakean, ta goazen beste Zabaletakoak nola
zebiltzan jakitera...
.....................................................................
Iñazio Marik luzaroan jarraitu zion bere kolkorako seta gaiztoari. Egun batean galdu ta bestean irabazi, orain gañeko ta geroxeago galtzalle, Jose Domingorekin gora bera andiak erabillita, Abadiñotarra menderatu zuanetik aurrera,
urtietan iduki zuan Euskalerriko aizkolarien
nagusitza; baña nola betiko illargi beterik eztagoan, Beizamatar gazte indartsu batek azpiratu
zuan bein, geiago ez nagusitzara jaikitzeko adu
txarrean, ta beste batzuek baztertu zuten ostera
azkenengo aizkolarien zingo ta mugetaraño.
Ala ere, iñok ezin zuan bere jokoetatik atzeratu. Alde batetik, lenagoetan entzundako txalo
soñuen oroimenak deitzen zion lagun artera; eta
beste aldetik ondo zeritzon, nunbait, jokotik
dirua errez irabazteari, erdi lanean edo alperreri
osoan bizitzeari; bada, Gipuzkoako azoka ta
dema geienetan, etxekoen ixillik edo denak zekitela, saltzalle asmoan edo erosle ustean, jokatu
naian edo erakutsi bearrean, auzoko ariarekin
edo etxeko ollarrarekin, bei zarra eramateagatik
edo txal berria ekartzeagatik, aizkorak edo
palankak autatzea zala, narrarria ikustea edo
zuaitz neurketa zala, ta besterik ezean atxurrak
eta laiak zorroztzeko garaia zala, aitzaki maitzaki, gezur ta abar, non da nere gogoa an da nere
zankoa, Iñazio Mari azalduko zan azoka zelaian,
arro arro, aterako zan dema zalien ondoan, gizonik oituena, aukerakoena, premiazkoena bezela.
Ta jakiña; urte oietan Azkarragak etzuan
batere aurrerapenik izan. Alogerekoen eskuetan
dabillen lurrak irabazi gutxi ematen du, nagusia
begira ezpadauka, ta beti zebillen alogerekoen
eskuetan Azkarragako bazterra, nagusi zar
indargeak ezin begiratu ziotelako ta nagusi
gazte buru-ariñak jolas-demetan zaukalako ainbat zeregin.
Ezagun zuan baserriak. Euri lanbro bat erori
orduko, istilla zeriokeon alderdi guztietatik tanga
tanga; tellatuaren ixurki bat abe ustelduen
gañean larregi etzinda zeukan; etxe-arpegi
zabala, aspaldietan zuritu etzalako, narras ta
loia agiri zan; sukalde ta geletako ormak puskatuak zeuden, asabak tolestutako arrimuturrak
kare urratuaren tartetik erakutsiaz; ganbarako
aleak eta ukulluko eleak urtean baño urtean
geiago urritu ziran, ta soroetan, soro-bidietan,
zelaietan, munoetan, baserriko lur landuen ertz,
egal ta inguru danetan gardo ta belar gaiztoak,
iak eta txillarrak, sasiak eta elorrak, masustak
eta baxakanak elemenian ugaldu. Ezagun zuan
etxe artako nagusi gazteak ere. Etzan guk Mondragoiko enparantzan ezagutu genduan ura:
argala ta larrakitua zegoan, ille banaka batzuek
txuritu zitzaizkion, len baño soñeko maiztuagoak
jazten zituan.
Seme alaba bi zeuzkan, Paula ta Martin; au,
illabete gutxi-geiago, Malentxoren idekoa; ura,
urte ta erdi gazteagoa. Auetakoren bat eskutik
zuala joaten zan noizean bein Zabaletara, Joanes
etxean izan ezik. Etzuan nai bere burua aitaren
aurrean agertu, onen jardunak min ta lotsa ematen ziotelako; baña artzai zarrarekin iñoiz arkitzen bazan, apalkiro entzun oizituan semeak
gurasoaren patxadazko erakuste zuzen ta ongarriak Baita itza eman ere, benetan gero, etzala
iñongo jokotan berriz sartuko, ta lanari eutsiaz
biziko zala bere baserria jasotzen; baña urrengo
beta zetorkionean agur agindu onak, agur asmo
ederrak! beingoa ezer etzala ta, berriz ere berera ta lenera. Animaren etsaiak, bakoitzean bein
baño eztu eskatzen. Arrek jakin bein askok egiten duala beti.
Amaren esanakgatik, zorrotz ta garratzagoak
izanta ere, etzuan ainbeste ajola izaten Iñazio
Marik.
—Ai, tankarra, tankar nagia —asten zitzaion
ura— baator i orain ere zerbaiten billa. Ez altziok
aposturik iñun? Ala jokorako dirurik ezaldaukak?
Gurean etziok ba. Joanari Peru Odolkigana, arrek
emango dik kauka. Amaika bidar jan dik ire
umien ogia, eskallu, sakel, txotxolo, arloteak alakoak. Ire ondoren ikusten detanean, ara, barru
guztia irakiten jartzen zait... Maxkar billatze aut.
Gaixorik alago? Ez, ez uste izan; ire kupidarik
eztaukat, ire ume ta emaztearen erruki nauk.
Ezkenduan guk prenda txarra Azkarragara bialdu!
—Ama, erre beit lukainka muturtxo bat, sermoia baño goxoagoa data.
—Lotsagabe lotsagaldukoa, obeto egingo uke
nere itzaldiak ondo entzun ta elizakoetara sarriago joango baintz. (Labana eskuetan zuala lukainka ebakiaz). Martintxorentzat erreko diat, ez iretzat... Paulatxo nola ekarri eztek? Amarekin gelditu alda? Ik añako ikasbideak emango dizka.
Mikalla gaixoa! Esaiok asti aldi batean etorri
dedilla onuntz, urdai zati bat eta lukainka batzuk
eramatera... Bai aldezute baburrunik aurten? Ez
ba, erein ezik... Asto, baldan, alper, ondatzalle...
Buruan jotzeko gogoa ematen diak, orra.
Jose Ramonen ziskotik atera oizuan Iñazio
Marik diru apurren bat, estualdietan.
—Ermano, bost duroko bat eman bear diak.
—E? Bost durokoa? Zer dalata?
—Gizarteko gauzak. Lengo igandean, Moxolo
ta ni asi gaituk, zaragia esku bakarrez jaso
baietz ta ezetz, ta galdu eginian. Ezertako ez
nauk ia, Jose Ramon.
—Baño zertan sartze aiz i orrelako istilluetan?
—Egia diok, egi andia; ez nuke nik sartu bear,
ta ez nauk geiago sartuko. Ondo garbatuta niok,
ondotxo alare. Tira, emaidak oraingoagatik, gaur
eramatekotan gelditu nintzan ta. Aurki biurtuko
diat.
—Bai, aizerik eztan urtean.
—Biar edo etzi...
—Edo etzidamu: Jaungoikoa zartu baño len.
Joanesen mendekoak, bitartean, beren ardurazko bizitzari jarraitzen zioten ederki.
Manueltxo etzan Manueltxo, Manuel baizik.
Asko indartu zan, aukerazko baserri-mutil argi,
bikain ta osasuntsua zegoan, ta soro-mendietako arloetan txit langille ta zentzunez betea zebillen. Ikasiak zeuzkan lurrean azia botatzeko aro
ta giroak, bazekizkian artogariak biltzeko, baratz
landareak aldatzeko ta sagar-udareak txertatzeko era ta garaiak; gutxik eramango zion atxu-
rrean edo laietan; gutxik beiak ongi uztartzen,
bide oker estu koskatsuetan gurdia zuzen eramaten, gaztañak jeisten, aritzak iñausitzen, edo
Gogordo gañeko garo mardula ebakitzen: ta,
Joanesen ondorengo bati zegokion bezela, beste
edozeñen artean, millaka izanta ere, banan
banan ta ziur ziur ezagutzen zituan etxe artaldeko ardi ta arkumeak edo norbere beortegian jaiotako zaldi-moxalak.
Jose umezurtza, Iturraldetik ekarri izanarren,
Zabaletako semetzat zeukaten mutil gaztea,
goiztarra, ernai, biozbera ta eskerduna, beti
zegoan parre antzean, agintzen zizkioten gauza
danak egiteko gertu, naiz urian naiz etxean, nola
soroan ala mendian, orobat egunaz ta berdin
gabaz. Arrentzat etzegoan ez ordu txarrik, ez lan
gogorrik, ez gauza astunik, ez akiakularik. Berak
egiten zituan besteak nai ezta utzitako zeregiñak; bera zegoan neke gabea besteak nekatuta
zeuden orduetan; bera jaikiko zan gaberdian,
truxuaren zaparrada entzun ezkero, euri-osiñak
arekatik zear bialtzera; bera joango zan sarri Aloñara, aitonaren ordez, pagadietako bide itzaletan gora, baso piztien bildurtzake, Jaungoikoaren
bildur ta maitetasuna lagun zaramazkialako.
Euskalerriko gaztientzat eredu andia zan Iturraldeko Jose.
Pedro Anton ta Joanes, urtez bete beteak,
zerbait erori ta ajeatuak zeuden, morroia nagusia baño indarge ta mekoago Ana Josepa egundañorik pixkorrena zebillen. Emakume zimelagorik!
Egiaz: morroi zarra etzan gauza anditarako.
Artoak zuritu, abarkak josi, artillezko sokak egin,
belar pixkabat ekarri, arbastak kimatu, beiai
jaten eman, esnea bitu, ta beste orrelako arazoren batzuk izaten ziran bereak; baño Joanesek
etzien oraindik betiko egin zunai utzi. Gerriko
min apur bat euki edo ez euki, etzuan gizonak
lanetik aldendu bear. Alaz guziz ere, len baño
maiztxoago ta apeta geiagoz etortzen zan Aloñatik etxera, ez bakartadeak izutzen zualako, baizik illobatxoa ikusteko pozak zekarrelako.
Illobatxoa! Malentxo! Arretxek irabazi zuala
bai galanki! Uraxen bai zegoala benetan maitagarria. Asi, zabaldu, bete, ta guritu zan, baño ez
geiegi. Malentxok etzeukan geiegizko gauzarik,
ez gorputzean, ez animan. Esakeran tolesgabea,
ibilkeran adjutua, begirunean samurra; esnea
bezin zuria, olioa bezin leuna, eztia bezin gozoa;
garbia, txukuna liraña, burutsua, ona ta ederra
beste on ta ederrik iñon bazan, aingeru bat zirudian ta aingerutzat zeukaten, etxekoak, ezagunak eta erritarrak.
Gaitz bat zuan Malentxok, aldi batzuetako
amonaren esanak siñistu nai badira: esku zabalegia izatea. Eltzekondoa bazan, esne beroa
bazan, ogi puska edo geeli zatia, bere atorra edo
amaren gonea, berealaxe jan edo jantzi eragingo zion Malenek atarira zetorren beartsuari.
Zabaletakoak lortu alzuten guztia emango
zukean, utzi ezkero. Neskatxa purtzil nabarmena! Bere buruari ezer opa ez, ta eskalientzat
dana bear: San Blasetan piper-opilla ta Ostegun
Donean garapaio ederra amandreak ekarri, ta
Abe Mariaka zetorren landerrak iruntsi Malenen
piper-opil ta garapaioa! Maitetasuna galtzeko
ere bazan illobaren eskergabekeria.
Ana Joseparen esanak eztira siñistu bear gai
orretan, bada mingaña ta biotza etzebilzkon
batera. Ez, etzitzaien Zabaletakoai Malentxoganako maitetasuna galtzen. Egunean baño egu-
nean geiago maitatzen zuten; eroturik egoten
ziran Katalin ta Jose Ramon alabatxoaren ganora
ta maraztasuna ikustean, txoratzen aiton-amonak illobatxoaren mendu ta zerzeladak nai añan
ezin jasoaz, ta amona bera izaten zan, beste
eraldietako esateak aztuta, Malentxoren goramenik atsegiñenak antolatzen zituana. Garapaio. Amabitxik besoetakoai eman oidien arrautzaz apaindutako opilla.
Baño, batez ere, Joanes ta Malentxo ziran
alkar artuak eta bata bestearen maitale andiak.
Malenek ertetzen zion aitonari larrañera, ura
menditik zetorrenean; Malenek kentzen zizkion
sorbaldetako zorro ta esne ontziak, Malenek
abarka mantar legorrak atera, Malenek barruko
jantzi zuri garbiak oe gañean ipiñi; Malenek, arto
me zeetuz, esne zukurik gogozkoenak egosi;
Malenek, artzaia Urbian zebillela soroetan egindako lanak esan ta uritik etxera ekarritako tresna, oial ta jakiak erakutsi. Joanes, lorea billatu
duan erlea bezela, edo neguko eguzki epela
artzen dagon aguratxoaren gisa gelditu oizan
Malentxoren ondoan.
—Jaungoikoak sortu zinduzan —esan oizion
bakarrik idorotzean— Jaungoikoak sortu zinduzan nere azken egunak alaitzeko. Zuk aztu erazten dizkidatzu nere nekeak, nere samiñak, nere
beaztunak. Zuk urtzen didazu nere animako izotza, zuk ematen didazu indar ta osasun berria,
zuk gaztetzen nazu, enetxoa Zu bezelako illobak
ames egin ditut nik nere ondorengotzat, Euskalerriaren onerako, Jaungoikoari eskeintzeko.
VII.
LOREAK ETA ARANTZAK
Bazan ba beste bat ere ondo biotzetik Malentxo maitatzen zuana.
Etxeko umezurtz gaztea: Jose.
Azal zuri, begi urdin, gorputz iaioko mutilla,
alai ta askatua, aratz ta belatsa, jai egunetan,
soñeko garbiak jantzita, eleizarako gertatzen
zanean, ikustekoa egoten zan Jose. Neskatx
batek baño geiagok egiten zion agur bizia, abegi
esankorra, Oñatirako edo Arantzazurako bidean,
ta bestek baño askozaz obea Azkarragako Paulatxok, mutillaren edertasunaz gañera bere
mendu ta zerzeladak ondo zekizkialako. Baño
Joseren begiak etziran iñongo neskatxetan beñere jarri: etxean zeukan nori begiratu, etxean zeukan Malentxo.
Noiztikoa zan baña Malentxoganako maitetasuna? Betikoa: beti maitetu zuan Josek Malentxo,
beti era berdiñean izan ezarren Malentxo aurra
zanean, aurrari zurikeriak egiñaz edo ume koskor polit ura elizako aingerua erabiltzen dan
begirunez, lepoan erabilliaz; zizkortu zanean,
ikastetxera neskatoari lagunduaz ta ikaslerik
gogozkoenari bezela Gurutze Santuaren eragin
edo Aita gure ta beste arrenak esaten erakutsiaz; anditxo egin zanean, lenbiziko marrubiak,
masustarik elduenak, sagarrarik zindoenak, gaztañerrerik bigunenak emanaz edo zelaietan jaiotako lorez egindako sortatxoak eskeñiaz.
Malentxok oñez ikasi zuanetik aurrera, alkarren adiskide ta lagun ezagutu genduzan neskatilla ura, Manuel ta Jose. Mai baten jan zuten ainbeste urtean nabasi, etxeko guztien ondoan;
sukalde baten egin zituzten goizeko ta gabeko
eskari bero zintzoak Arantzazuko Amaren irudi
aurrean; bata bestearekin jolastu ziran irurak,
katakumien tajuko ume jolas garbi errugabekoetan; berreun ta geiago aldiz esan zizkioten
Manuelek eta Josek Peru ta Mariaren ipuia,
Amabi lapurrena, Tudelatik zetorren astoarena,
Anbotoko Andrearena, Basojaunarena, gabeko
amabietan lixiba jotzen zuten sorgiñena, ta
beste onelako gezur-ele zar koipatsuak, elizan
entzundako erakusgarri eder batzuekin nastean;
anai-arreba maitale maitegarrien antzera bizi
izandu ziran beti, egundaño apeta gaiztoaren
kutsuak iñori ta iñola ikutu gabe, ta etzitzaien
beñere otu bizitza guztian berdin jarraitu bear
etzutenik; baño Malentxok andre itxurak artu
zituanean, goizetik gabera, neskatoaganako
atzeka ta lotsakor biurtu zan Jose.
Zer zelata? Zer zuan mutillak? Ezta errez
ondo esaten.
Ikusi aldezute, nola, eguzkiak jotzen duan
lurrari, batez ere lur on ta emankorra bada, ernetzen zaion ustekabero usai gozodun lili apaña?
Orrela erne zitzaion Iturraldeko Joseri Malentxoganako jas, lera edo zaletasun berria. Begiratu
aldezute iñoiz, nola, Jorrail aldean, legor itxurako
Makilla landareari ertetzen dion murgil bigun
berdeak, osto, lore ta garaua aurki emateko? Era
berean erten zion Joseri kezka batek, ames
orduetan poza ta esnatzean larritasuna ematen
zion kezka eztiak. Somatu aldezute iñoiz, izateak
bazterren batean ipiñi duan azitik, nola sortzen
dan mamorro narrastia, laster mitxeleta egalari
polita izateko?
Bai, Joserentzat, Malentxoganako maitetasun
berria, batzuetan, anima barruan erne ta narotu-
tako lilia bezela zan, usai gozoz bakarrik kordea
kentzen zion lilia bezela; mamorro bat zirudian
bestietan, errai-alozen erdian atximur egiten
zion mamorro isil gaiztoa; mitxeletaren itxurak
artzen zituan noizean bein, bada irudimen
aurrean zebilkion zilibokatzalle, adarrik adar edo
itxaropenik itxaropen; biotzeko murgil samurra
zan beti, osto, lore, garau mizkeak eman bear
zituzkean kimua.
Baño ai! etzituan emango. Ezin zitekean.
Amesak ziran, Joseren ustez, bere gogamenak,
ganoregabeko mutil ausarditsuaren ames txoroak. O zer zoriona ames aiek gertaera biurtu al
izan ezkero! Nola biziko zan orduan Malentxorekin! Zein apalkiro itz egingo zion! Zein bigunkiro
bizitzen lagundu, nolako pozak eman, nolatan
maitetu! Lurreko zerua izango zukean Malentxorekin, Urbiako txabolan bizi bear izanta ere.
Elikatuko ote zituan Josek, beretzat bakarrik,
gogamen auek, biotzaren jakitzat, animaren jai
orduetarako? O, ez! Indartu egingo zitzaizkon, ta
naikoa indar zeukaten jaiota bereala ere. Lotsagarria zeritzon bera bezelako umezurtz lander
batek etxejauntzako neskatx aberatsa nai iza-
tea. Ta nolako neskatxa! Lurbiran emakumerik
etzan bezelakoa, Egillearen Jauregiko donea
zirudiana.
«Eskergabea —deitzen zion bere barruak
Joseri— Orrela ordaintzen dezu emen jandako
ogia? Soñean dauzkazun prakak iñorenak dituzu,
ta Uribarriko gazterik ondasuntsuena nai zenduke? Morroi sartu ziñan, semetzat azi zaituzte, ta
etxeko alaba bakarrarekin ames egiten ausartu
zera? Noiztik ona senartzen dira jauregiko
morroiak erregiñarekin, ipuietan ezpada? Dollorra zu! Eskergabea zu galanta!»
«O, Iturraldeko umezurtza etzan eskergabea.
Berak ausi, galdu ta soilduko zituan animaren
liliak edo biotzaren kimuak; berak itoko zituan
bidegabeko ames ta itxaropenak egiaren itxasoko ur garratzetan Ta ito ezin baziran, iges egingo zuan Zabaletatik edozein lekutara, gordeko
zuan bere burua nunbaiten ta betiko».
Josek, bere gogo ta amesak ezagutu ezkero,
etzuan bururik jasotzen Malentxoren ondoan.
Aisa igarri zuan neskatxak zer gertatzen
zitzaion mutillari, ta onen aurrean osoro illundu
zan. Aserretzake illundu, trumoi gabe goibeldu,
maitero aldendu, bada-ezpadan urrutiratu. Obea
zeritzon bakoitza bere aldetik ibiltzea.
Jose, jangar, zurbil, ta indarge, lumea berritzen dagoan txori baten gisa, zearo mututurik
zebillen. Egonaldi txikiak egiten zituan egunez
etxean, ta gabaz, betiko lanak amaitu ondoren,
goizago esnatu zalata, nekatua zegoalata, aguro
jaikitzen zan sukaldetik lotara. Ezin eraman zuan
Malentxoren illuntasuna, itzik ez egitea, igeska
ibiltzea, berak, Josek, izurria balu bezela.
Egun batean, Joanesi bidera ertenda:
—Aitona —galdetu zion— bai aldaki Juan
Andres zein erritan dagoan?
—Ez, aspaldian eztegu eskutitzik izan. Zergatik galdetzen diak?
—Eztakit ba. Neu ere beragana joateko edo...
—Juan Andresengana joateko? Zentzun obekoa itzala uste nian, Jose. Naikua ogi ez aldaukak?
—Orain artean naikua ta geiago izan det.
—Bigunagoa billatu nai aleuke?
—Eztet nik bigun ta gogozkoagorik idoroko.
—A! Orduan... bai, diru billa joango aiz. Askonaikoa izan i ere.
—Gipuzkoa guztiko diruakgatik enitzake Oñatiraño jetxiko.
—Ba, zer dekan etzekiat; baño, dana dala,
eskergabea arkitze aut.
—Eskergabea ni!
—Andienetakoa, Jose, ta eznuan uste, eznuan
esango.
—Aitona, ni eznaiz eskergabea! Nere zañetako odol guztia eskatu bedit esker onaren agergarritzat eta dena emango diot, dena zor diot eta.
—Mutil, ezin ulertu diat; len baño okerrago
jartzen nauk. Zer darabilk iragoko il bi auetan?
Esazak garbiro, biotza zabaldu zak.
—Esatekoa balitz, edo esan albanuke...
—Oraindaño ez aiz ba motela izan. Tira, asi
ari.
—Ara... zerbait zertzeko ustietan nagota...
—Zerbait zertzeko ustietan? To, to, to!
Andregeia nai al euke? Ta urrutikoa? Ire baldintasunak urrutietan obeto aldakizkite?
—Nik eztakit zer nai detan ere. Orain artean
Euskalerrian bizi ta iltzeko asmoan izandu naiz.
—Ta orain ez? Mutil, ezkondu naia baño besterik ezpadek, etziok Gaztelerrira joan bearrik.
Askotan gogoratu zait urtietan aurrera uala, ta
Manuelek etxera emazteren bat dakarrenerako
iretzat ere aukeratuta neukan norbait.
—Eskerrik asko, aitona, milla ta milla esker;
baña norberak autatzea ez alda obe?
—Bai, beti obe, zentzunezko gaztien artean
gurasoen baimenaz bada; baña nik eznian uste
ik iñor begiz jota eukanik. Gañera, emaztegaia
besteak aukeratu ta eskeintzea, ezta nai ta nai
ez artzeko esatea: ongi badator artu egiten da,
gogozkoa ezpada utzi Alegia, ezluteke danak