Garoa - 02

geiegirekin, naskatzeko bezela, billatu oizuan.
Etzekiten da. Jaio egin bear orretarako ere.
Baña biotz ederraren jabea zan gure etxekoandre zarra, garbia, beartsuentzat oso emankorra, etxekoentzat eutsia, batzuetan eutsiegia.
Ala zioten beintzat Zabaletako aita semeak, eta
aiek bazekiten.
—Jolas andiak izaten dira gurean —esan
oizuan Jose Ramonek— zerbait erosi bear degunean. Amak gordetzen du katu-larrua, ta ezin
izaten zaio askatu erazi.
Beti aigera:
—Ama, dirua bear degu ba orain ere.
—Dirua? Beti dirua? Zertarako?
—Manueltxori praka batzuk eta abarketak
erosteko.
—Ama Kataliñek egingo dizka prakak eure
batzuekin.
—Jai egunetarako ere bai?

—Baita. Ondo ederrak dauzkak jantzi naiezta
ganbarako aga zarrean. Ederrak, ama, atze ta
aurre arabakiz beteak daudeta?
—Ezta ajola.
—Ta abarketak?
—Eztauka oraindik ain zarrak.
—Zarrak eztauzkala?
—Ator Manuel, begiratu beio, ama, nola biatzak agiri dituan.
—Josiko dizkat biarko.
—Biatzak?
—Ara beste... argi-iturri.
—Txapelare bear du.
—Zer? Txapela? Aita ta semea...! Noiz erosi
nion nik azkenengoa?
—Orain bi urte.
—Orain bi urte ta ostera txapel berria? Ondatuko zenduteke zuek Drotxillen aberastasunare.
—Ez berorren eskuetan balego.
Azkenerako, Manueltxok berak esaten zion,
negar muxinga:
—Erosi beit, amona. Zazpikiñeko mutillak
berri berria dauka, ta nik zar zarra. Erosiko aldit?
—Ez, ez, eztiak erosiko: alperrik abil.

Baña erosten zion bai. Ez erosi bear, alajaña,
bere illoba bakarrari!
Ta nork esango zukean, etxekoentzat onelakoa izanda, agertzen ziran beartsu guztiai ematen ziena baño geiago eman naian zebillela beti?
Bazekiten ondo inguruetako eskaleak. Amaika
eskaleri eskupekoa emanda gaiñera bete zien
urdalla Ana Josepak Zabaletako sukaldean, ta
baita lo ederra eragin ere aldemeneko guk ezagutzen degun sapai artan!
Bazezakean. Etxejauntzako semea zan Joanes. Berea zuan baserria, bereak lurrak, berea
basoa Lan gogorrean bizi izanagatik artara oitua
ta berez gogotsua zalako, etzeukan ogi gabe gelditzeko bildurrik. Pedro Antonek esaten zuanez,
Andre Ana Josepak bazeukan urre mordoxkaren
bat norbaiti emanda ere, edo non edo non ondo
gordeta.
Pedro Anton etxeko morroi zar maitea zuten,
etxeko seme bezela. Etzan ezagun Zabaletan
zein zan seme ta zein morroi. Mai baten jaten
zuten guztiak, guztiak berdin lo egin, danak
egun osoan lanean jardun, danak berdin samarrean jantzi ta bear zan orduan alkarri lagundu.

Etxe artan zarrenak ziran nagusi, ta beste danak
anaiarreba kristau paketsu ta zorionekoak.
Gurutzearen itzalpean zegoan Zabaleta
baserria. An zeukaten gurutzea, sarrerako ate
gañean, egiazko anaitasuna erakusten. Eztegu
nai ukatu an ere bazirala argaltasun ta griña
batzuek. Non ez? Baña Jaunaren legea zan Zabaletako argaltasunen sendatzalle ta griña gaiztoen lokarri, euskal basetxe geienetan bezela.
A! Zer izango litzake gure baserrietan Jaunaren legeko esi biguna urratuko balitz?

III.
BAKOITZA BERE ALDETIK
Iritzi bat gure buruan ernetzen bada, berealaxe biraltzen ditu sustraiak biotzeraño, lurrean
landareak baño askozaz errezago ta sakonago,
ta ezin izaten da, gero, dagoan tokitik atera. Lur
ona billatzen du gure animan norbere iritziak.
Zabaletako gure mutil sendoai uste bat sortu
ta erne zitzaien: bakoitza beregain jartzea, ta
uste ori ernetzen asi zan ezkero etzeuden ondo
beren jaiotetxean.
Bazekiten: andiak ziran baserri artan utzi
bear zituzten lanak, baño billatuko zuten gurasoak nork lan egiña; eltze betea zeukaten bertako
sukaldean, baño beste baserrietan ere zerbait
jango zan, eta, bear bada, eltze gozoagoa, Ana
Josepak uste izan ezarren. Beti izan oida gozoagoa auzoko janaria.
Gañera berriz eztu janak bakarrik asetzen
gizona. Bakoitzak bere gose ta egarriak ditu biotzean: ongi baizen obeto izateko asmoa, lokarri

gabe bizitzeko gogoa, maitetasun berriak billatu
naia ta beste ainbat.
«Andia da lurbira —gogoratzen zitzaion Juan
Andresi— Euskalerritik ostean zer ikusi asko dira
ta irabazpide onak ere bai naikoa, norbera zerbait azkarra ta langillea izan ezkero. Zergatik,
bada, nik irabazi bear eztet, al badet? Dirua irabaztea ta gordetzea baño gauza oberik bai aldago?»
Iñazio Marik berriz, berekiko: «Ezingo naiz
mutil zar gelditu —esan oizuan—. Nere eltzeari
bakarrik su eman bear diot, nere lapikoan sartu
bear det neuk irabazitako urdai zatia, ta lukainka muturra ere bai, nai detanean. Ni mutil zar
gelditzea, janariz betetako mai baten aurrean
etxeko-jauna goseak egotea litzake, edo erriko
agintaria jarleku gabe gelditzea, udaletxean.
Eztago iñor, erri onetan, ezkontzeko nik aña
aukera daukan gizasemeri».
Ta egia zion arroxko arrek. Soraluzeko neskatxak, Askontegi, Arzubi, Goienetxe, Balzategi,
Eroztegi, Txope, Urtiaga, Aingeru ta Azkarragakoak, danak nai zuten berentzat gure mutil hau.
Ta ez gertukoak bakarrik, baita ere Araoz, Olaba-

rrieta, Urrejola, Zubillaga, Garibai, Zañartu, ta
beste auzotegietakoak, bada alderdi guztietan
zekiten Zabaletako Iñazio Mari mutil eder, ospetsu ta etxe onekoa zana. Amaika neska gaztek
begiratu zion samurkiro, iñoizko aizkora jokoan,
enparantzako buru ta agintari txeratua bezela
ikusi zutenean!
Baño etzekian mutill orrek ainbesteren
artean beretzat nor aukeratu. Zalla da aukera
dagoanean aukeratzea. Zein izango zan neskatxarik onena? Onena, onena... Ezta erraz jakiten.
Ezkongei daudenean, emakume guztiak onak;
ezkonduta gero, erdiak balira! Ezkondu artean,
neskatxa danak gordeta idukitzen omen dituzte
beren gogo, griña, utsune ta orañak, bear eztan
orduetan agertzeko. Ta orduan ordukoak. Baña
estali gabe idukita ere, giza-seme gazteak eztakite neska ezkongeiaren txaldankeri, seta gaizto
ta alderdi txarrik ezagutzen ta, begiak zabalik
erabilliarren, itxu itxuan ezkontzen dira geientsuak. Nola ez? Batzuk emakumien edertasunari
begira itsutzen dira; beste batzuk, esan dezagun
obeto, beste askok, neskatxen diru zorroari begiratzen diote; gutxik buru ta biotzari. Ta ille arro-

en azpian zentzun gabeko txepetxburu asko izan
oida, ta jantzi apañaren barruan bada-ezpadako
biotz aldakor txakillak ugari.
«Ba, ba! —esan zuan Iñazio Marik orrelako
gauzak gogoratzean—. Neuk iñorekin adiskidetasun berorik eztaukatan ezkero, amak neurtuko
ditu neskatxa ezagunen menduak, amaren begi
biziak ikusiko dute garbiro zein dan bere semearentzat emaztegairik egokiena».
Orretan zebillen Ana Josepa semeak uste
zuan baño lenagotik eta
berak aukeratu zuan azkenean ere onek bear
zuan emakumea.
Jai egun baten Zabaletako etxekoandrea ta
Azkarragako Mari Batista
jaztetxean bat eginda, onela izketatu ziran andre
biak:
—Zure alabarekin etorri naiz bidean... Ondo
neska ederra dago bera.
—Gure! Mikalla? Bai orixe. Aren garaian gu
ere bagiñan zerbait baña...
—Zenbat urte dauzka?
—Datorren ilbeltzean ogeta iru.
—Ona dirudi.

—Oso da ona, etxekoia ta maratza. Ez neurea
dalako, baña eztago bera bezelako beste bat Uribarrin.
—Zer ezkontsari emango ziñoke?
—Ja jai! Orixe da galdera polita, Ana Josepa.
—Ia ba, nik ere ezkongaiak dauzkat eta...
—Bai, bai, guraso geran aldetik gure umien
onari begiratu bear diogu, ta... Baña gurean
eztago zuenean beste diru. Mutil on baten bearra bai: aurten ere ler egin degu garia jotzen ta
iñaurkiñak ekartzen. Bai ba, zartu egin gera ta.
Gure Antonek ere, onezkero, irurogeta bostenbat urte izango ditu, senar emazteak eta alabatxo bi bakarrik gaude, ta lanak dira emen.
—Orduan elitzake gaizki etorriko zuentzat
gure Iñazio Mari.
—Ez orixe, ez Ana Josepa, ta biok ulertuko
bagiña...
—Uler gaitezen. Tira, zenbat emango diozute
zuen alabari?
—Baña gure etxerako.
—Bai ba, zuenerako. Zenbat?
—Eztakit ba nik ba. Bosteun dukat edo.

—Zer diozu, emakumea? Bosteun dukat
Azkarragako alaba zarrenari? Ikatzagakoak ere
badu orrenbeste, maizterrak dirala gero.
—Ia ba, besteak ere, ezkontzen danean, zerbait izan bearko du ta. Zeuek zenbat emango
diozute mutillari?
—Guk zortzireun dukat eta bi etxe-bizitza.
—Ezkabiltz ondo, Ana Josepa. Zabaletako
mutillak nai lituke, gutxienaz, milla dukat eta
berak ikazkintzan irabazitakoak, bi etxe bizitza,
bi bei, ogei bat ardi, gurdi bat...
—Ezin ulertu geinkez, Mari Batista.
—Ezaldezu nai?
—Nai izatearekin zer daukagu? Milla dukat
eta eztakit zenbat ondasun gañera eman bear
guk, eta zuek bosteuntxo? Izango du Iñazio
Marik milla dukatekoa, berak zortzireun eramanda ere.
—Eztaba zuentzat gauza aundia milla
dukat... Ara, zuek milla ta guk zazpireun. Gero
ere, zuen mutil ori Azkarragara badator, etxean
geldituko dira gure puskak. Eztago geiago zer
esanik.

—Zer esanik ez, ostera? Bai, Mari Batista, bai.
Au ezta asiera baño besterik. Eskribauak gure
paperak egin orduko zer esan andiak emango
dizkigu gaur asi degun autuak. Gañera gure Joanesek ondo jakin, ondo ikusi ta ondo neurtu nai
izaten ditu seme-alaben goraberako gauzak. Ni
naiz Zabaletako etxekoandre, baña nere senarra
beti etxeko jaun, ta berari dagokio Zabaletako
gauza guztiak erabakitzea.
—Ba, Joanesek, zenzunezko gizona da ta
milla dukat emango dizka semeari.
—Berriz ere? Gogoan artu dezu zeure eskabidea; baña alperrik zabiltz nerea aztutzen bazaitzu.
—Guk aldegun aña, aldegun guzia emango
diogu, orra.
—Eztago gaizki esana. Zer Meza entzungo
dezu datorren igandean?
—Zortziretakoa nik.
—Emen izango naiz ba, ni ere, Jaungoikoak
nai badu, ta agur iganderarte.
— Agur.

Andretxo biak gogamen batekin aldendu
ziran: egun artan asi zuten leloari nola bukaera
on bat emango zioten.
«Ezta gaitz izango —esaten zuan beretzat
Mari Batistak—. Ana Josepak nai du, igarri diot,
eta orrek nai duana egingo da Zabaletan. Baño
askatu bearko du ziskua, bai, Jaungoikoak laguntzen badit. Urre gorritan ekarri bearko ditu mutillak ezkontza diruak, oiek urre borobil asko omen
dauzketa. Noizko dituzte ontzako zarrak? Esandako gauzen gañera, nai litzake beste zertxobait.
Atxur batzuen bearrean gaude, ondo etorriko
litzaizkigu lai berriak... Ikusiko det etxean zeren
premia daukagun... Urbiako zelai zatitxo bat
emango baliguteke... Eskatu beintzat lenbizi, ta
gero, ezin bada, gogorrean badaude, utziko zaio.
Jaungoiko maitea! Sitsak jandako abe ustelak
geunden Azkarraga jaso eziñik, baña abe zindo
berria datorkigu etxea erori eztedin.
Iñazio Mari, zeruak zakark, geurea zera, eztirazu igesik egingo».
«Urteak ere aurrera dijoazkio ta —zion bere
artean Ana Josepak, Zabaletarontz zijoala —non-

baiten sartu bear nuan nere semea. Etxe ona ta
andre obea izango dituala deritzot Aspaldietan
neukan nik begiz jota Azkarragako neskatxa
zarrena; eztet beraganakoa gaur goizeko amesa.
Ta nola erantzun dit Mari Batistak! Bigunago
zegoan sasiko masustarik elduena baño. Ba! Iñazio Mari bezelako mutillik ezta soro bazterrean
billatzen. Joko zalea ezpalitz... Arantzazuko
Amari Salbe bat, jokorako griña kendu daion:
Jaungoikoak salba zaitzala Erregiña, erruki biziaren Ama, gure bizitza, gozotasun ta itxaropena...
Damu det zerbait geiago eskatu eza, baño ezta
oraindik berandu... Zuri deiez gaude Ebaren ume
erbestetuok... Eta ondo garbi ipiñi bearko da
paperetan beste alabari zer agintzen dion, biar
edo etzi nasterik izan eztaigun... Zuganako zuzpirioz ta negarrez gaude...
Bi ama oiek buruauste gogorrean jardun
zuten egun aietan. Batak eta besteak, alderdi
guztietako aztarnak ondo artuta, jakin zuten
norañokoa zan auzokoen ondasuna, ta estaldu
zuten norberea oso amarruki; biak, gonadun
Meternik batzuek bezela egin zituzten egiñalak
gaitasunik andienarekin, alkar zuritzen ta zilibo-

katzen; biak galanki eskatu ta labur eskeñi
zuten, bakoitzak bereari gogor eutsiaz; biak ibilli
ziran jatorduan ta lotorduan, egunez ta gabaz,
esna ta amesetan, ixiltzake, beti gauza bati eragiñaz; onenbeste koltsoi, orrenbeste maindira,
orko beia, ango moxala, goiko zelaia, beko iñaurkiña; eziñeike, badezakezu, eztaukagula, badezutela, eztanean ezta, nai danean aida; nondik
baña, zenbat bada, geuk zer jango, nola biziko,
besteai zer emango; aserre ta adiskide, azkor ta
makal, ezetz ta baietz, atzera ta aurrera, gora ta
bera; baño, azkenean ere, bein edo bein, Joanes
ta Antonek alkar arturik erabaki ta korapillatu
zan Mikalla ta Iñazio Mariren ezkontza.
Gurasoak lanbide ori zerabillen bitartean,
gure gazteak ia etzuten alkar ikusi. Geienez ere,
ustegabe iñon topoz-topo egin bazuten, bata
bestearentzat egokiak zirala irudituaz ta zerbaiten berri bazekitela aditzen emateko, parra-irri
gozoz agurtu ziran, edo itz lotsati erdikaren
batzuk esan zizkion mutillak neskatxari.
Onelako gertaerak ikustean, esan dezake
norbaitek eztala ondo seme-alaben ezkontzak
gurasoen artean egitea, aien berri gabe askotan.

Izan leike: neuk ere esan det lenago beste nunbaiten, guraso batzuek, berekorregiak eta diruzalegiak diranean, erraz dala zorigaiztoko elkarteak egitea; baño aitortu bear det gaur, egiaren
aide, badakitela gurasoak, onelako zeregiñetan,
etxea jasotzen, ez bakarrik seme alaben kalte
gabe, baita ere aien zorionari begiratuaz; sarri
ikusten dutela ezkongaia nolakoa dan gazteak
baño askozaz obeto, ta eztirala beti txarrenak
izaten gurasoak korapillatu dituzten ezkontzak.
Eta, dana dala, Iñazio Mari ta Mikalla ezkondu ziran beintzat eta ezkonduak gelditu ziran
betiko.
Jorrail ederreko asteazken baten, goizeko
amaikak aldean, Zabaletatik Azkarragara dagoan gurdi bidetik bera zijoazen, baso-tuntuna
aurretik zutela, neskamutil pilla batzuk, oso
apain, txit alai, guziz urduri, egundokorik txoroen, deadar lekaio paregarriak egiñaz ta dantzan
ezin asperturik. Apur bat atzerago zeramazkiten
gizon soñekoz, oe-jantziz ta etxe ta lanerako
tresnaz ongi zamatutako gurditxo bi, irrintzi
bezelako, negar itxurako edo kurrixkaren antzeko soñu luze, ezti edo latz, atsegin edo minga-

rrian, beti ere juiim jim jim... juim jim jim... grrast
grrast ardatzari eragiñaz Soñu ori, baserritarrentzat, ezti leun ta atsegingarria izan oida, ta erritarrentzat, asunarekin lepoan ikutzea bezela.
Egun alaia zan. Zerua, batere odei gabe,
osoro urdin zegoan; mendi gallurrak, elur-estalki
ta laño-txapelak kendurik, garbi garbiro agiri
ziran, ardi zuri otzanez ornituak; zelaiak, ezko,
naro ta loretsu zeuden; zuaitz batzuek osto berri
makalez jantziak, eta beste batzuk, jantzi naian,
lertu-bearreko orri-buru berdez beteak; baratzetako baba landarak, elorriaren loreak eta sasietako arrosak usai on bigun biguna zabaltzen
zuten; gari sail ederrak, aizetxoarekin jolasean
bezela zabunean zebiltzan, beren buruakin alkarri mun egiñaz; txenara pizkor eguzki-zaleak,
zeru aldean, iñoiz baño gorago ta azkarrago, txirrio txirrioka; txoriandra ego-txabalak, belardietan janari billa, noizean bein buruak jasoaz, ernai
zaudela adierazi nairik; tarin, kardantxulo, txirriskillo ta berderoiak, bata bestearen atzetik
jira-bira bizibizian, iñon ere gelditu ezinda; lenbiziko tximeletak, bada-ezpadako ibillera laburretan, egaka ikasten, sasitik zelaira ta zelaitik zuai-

tzera, nagi nagi, ta motel motel; ta erle pitin langilleak, lantegi billa edo lore gozuen kolkoan sartuta, bakartadean, ixillik eta arlotsu, beren arazoari ezergatik utzi nai ezta.
Tuntuna ta gurdien soñua aditzean, sorolanetan zeuden auzoetako nekazariak, gizon ta emakume, beren besoak atxur kertenaren gañean
tolestatuta, eztaietakoai begira gelditu ziran
danak, urruti aldetik; batzuk zer gizadi zijoan
ikusi naian, beste norbaitzuk, batez ere neskatxak, ondamuz eztaietakoakgatik zerbait esateko gogo andiarekin.
Sorotik sorora asi zuten izketartea, deadarka:
—Jas! Ori gizadiz dijoa!
—Larogei baño geiago omendira bazkaitan.
—Eztaramate iskanbilla makala! Oiek parre
algarak!
—Zein da, an aurrean, besoak zabalik eta
bira-biraka, goru-ardatzaren irudira dabillen ura?
—Zein izango da? Peru Odolki.
—Ai, alper, trakets, ardozalea! Billatuko du
bai orrek ardoa ta jolasa non dagoan.
—Bai, bai: orregatik ere esan dezakegu lenagokoagatik ziotena:

Ankak ariñak eta
Burua ariñago,
Dantzan obeto daki
Artajorran baño.
—Ixo, ixo. Ikusten aldezute arrioa, bi gurditan?
—Ufa! Zenbat gauza eder! Daukanak agertzen du bear danean.
—Min artuko zuan ba Zabaletako atso zimurrak, baña eman egin bear Azkarragara semea
sartuko bazan.
—Eztu ez Ana Josepak toki txarrera bota
begia. Mikalla bezelakoak gutxi.
Talo itxurako arpegi zabal borobil ta matralla
gizen gorridun atxur neska batek:
—Mikallak dirua ugari, dirua. Dirua kendu
ezkero, ura besteko neskatxak badira.
Aldameneko agure zar alargun batek, parrez
ta ixil antzean:__—Zeu bat, ezta Luisa?
—Zeu bat. Naigabetan zaude, gaixori, eztaietara deitu eztizutelako; baña zu ta ni ezkontzen
geranean, geuk ere eztiegu deituko.

Urreko atso guztiak.
—Ja jaiii! Orixen da unoria!
Urrutiagokoak, aoa zabalik:
—Zer dio Pedrok, zer dio?
—Luixarekin ezkontzen danean, eztiotela
Azkarragakoai eztaietara deituko.
—Ijijiji! Baña guri bai, Pedro, guri bai.
Luisak, aserre, suak arturik eta sokorra joaz:
—Jolaserako gogoan bizarra daukazute.
Pedrok:
—Ez aldeitzazu ondo?
Luisak:
—Ezkon zaite Anbotoko sorgiñarekin, nai
badezu.
Eztaietakoen oiu ta santzoak mendi-oiarzun
guztiak esnatu ta inguruko gizadien biotzak pizkortzen dakite; egun eder argiak, gosari onak
lanik-ezak eta tuntunaren soñuak indar andi
dute gogamen naigabetsuak kendu ta ankarik
astunenak astintzeko; baño, ala ere, etzijoan
gure Joanes oso pozik bere semearen eztaietara.
Zer ote zuan? Aditu dezagun Iñazio Marikin zeraman jarduna.

«Atzo artean eztet nik ezer jakin Juan Andresen aotik. Garai onean oroitu zaio bideak egitera
joatea, garai onean, zuk etxetik erten bear
dezun egunetan! Atzerri otsoerri esan oida, ta
ala gertatzen da geienetan, bada erbestekoari
etzaio iñon ere ain ondo begiratzen, ezagutu
artean beiñik-bein. Nik badakit beltz guztiak eztirala ikatzak eta zuri guztiak iriñak ere ez, nik
badakit, Gastelerrian ere gizadi onak badirala,
gure artean gaiztoren batzuk diraden bezela;
baño ezin asmatu neike zeintzuekin batuko dan
gure Juan Andres. Nola nai ere Burgos aldean
eztu euskerarik billatuko beintzat, eta euskerari
utzitzen badio, euskalduntasuna ere or nunbait
ibilliko da euskerarekin batean. Gordeko aldu
gure euskera maitea bere biotzaren erdian, Aita
gurea, esateko bada ere. Ezaldu galduko etxetik
daraman garo usaia! Ona izango alda dabillen
tokian!»
«Baita zu ere, ona izango altzera, seme. Adi
zazu aitaren esana nere mendetik zoazkitan
orduan. Gaurtik aurrera lan berriak izango dituzu
ta orain artean baño lan andiagoak, baña ez ika-

ratu. Bildur bat bakarra izan bear du gizonak:
Jaungoikoarena Itxaropen bat: Jaungoikoagan».
«Zarrak eta nekatuak billatuko dituzu Azkarragako nagusi-etxekoandreak. Begiratu zaiezute guraso bezela, gorde zaiezute ille zuriai zor
zaieten begirunea. Goiz guztiak dute beren arratsaldea. Zartuko zera zu ere, bizi bazera, ta egintzazu orain gaurko zarrakin zure buruari ordurako opa diozuna».
«Izan zaite etxearen zaintzalle, argalen
indargarri, emaztearen lagun zintzo. Emazte ona
artu dezu, baño ez uste izan akats gabekoa dala.
Danok dauzkagu geureak eta orrek ere bereak
izango ditu; baño dana leuntzen du maitetasunak... Naita naiezkoa da gurutzea jasotzea. Naigaberen bat, ezbearren bat datorkizunean, artu
zazu patxadan, alperrikako aserre gabe. Aserrearekin gauza on gutxi egin oida, patxadarekin
bear dan guztia bear bezela».
«Jaungoikoak seme-alabarik ematen badizu,
azi zazuz bere maitetasunean edo egintzazu
orretarako alegiña. Gero, beren erruz okertzen
badira, zuk eztezu zer erantzunik izango».

Entzun ote zuan Iñazio Marik aitaren jarduna?
Entzun bai, entzun bakarrik, zorionaren atarian
gazte zoroak gizon argi naigabetsuaren illeta
illun gogaikarria entzun lezakean irudira...
Azkarragara gure aita-semeak iritxi ziraneko,
an zeuden beste bazkaltar guztiak etxe aurreko
larrañean, oidan bezela, jolasak utzita, Iñazio
Marin etxe-bizitzea ikusten. Jostuna ta Ana Josepa ziran erakusle. Biak zeuden arazoaz gorri
gorri eginda, baño Ana Josepa batez ere, buruko
zapiaren azpitik, belarrondotik zear, ille motz
zuri batzuek ertetzen ziotela. Eztakit nik etxeko
andre au zerk zeukan ain kiriotsua ta urduria:
edo Juan Andresi laster agur egin bearrak edo
lagun, aide ta auzoko askoren aurrean Zabaletakoen esku zabal, emankor, ioritsua erakutsi
naiak. Nik ziur dakitana da naiago zukeala Ana
Josepak Gipuzkoako andre danak Azkarragako
larrañean egon baziran orduantxe. Bai, ipuiak
esaten ziran beragatik, baña ondo egingo zituan
arrek bere gauzak. Ikusi zezatela. Ara laiak, iru
itai, lau atxur ta basorako bi aizkora. Erabilliak
daude, baña onak dira: lengo astean zorroztu
ditu Manel Motzak... Ara bi lo-mai, Jose Martiñi

erosiak... Ara sei esertoki. Bitoriatik ekarri ditugu, ta ez merke merke... Jetxi zadazute kutxa ori
gurditik... Astuna dagola? Bai ba, bete betea
dakarguta. Begira zer datorren barruan. Bat, bi,
iru, lau: lau galtza urdin astegunetan jazteko.
Beste lau jaka, oiei dagokizkoenak. Beste bi galtza ta bi amilla neuk irutako eunez egiñak, soro
ta basorako. Azokan erosten diranak baño geiago iraungo dute oiek, bai... Beste bi galtza ta bi
amilla, oial lodizkoak, jai egunetarako; ta gaur
jantzita dauzkanak gañera... Ara elizkizunetarako soin-gain luzea, kapa: ezta gaurkoa, neure
aitarena zan, baño eztio sitsak ikutu oraindik...
Bat, bi iru... ogetalau sudur-zapi, berri berriak.
Amabi alkondara, urdin ta gorri, algadoizkoak.
Artillezko kalzerdiak amar pare, aitaren eskuetatik erten duen egintzarik onenak. Beste sei pare,
ille bigunagoz errañak antolatuak. Bost pare
abarka, lau lanerako ta bat jaietarako. Bost pare
abarketa, Zapatak pare bat, eta soñekoak gañera.
Billerako geienak erdian artuta zeukaten
Zabaletako etxekoandrea. Emakumeak, jantziai
ikutuka, nolakoak ziran ta nola josiak zeuden

begira zebiltzen; gizonezkoak, beren beatz
lodiak aizkora-itaien aoetan erabilliaz, atxurrez
zelaia joaz edo laiakaz lurra jasotzeko itxurak
egiñaz. Mikalla, etxera sartu zan, zerbait aldatzera; an barruan zebillen Mari Batista ere, beste
emakume batzuekin, maiak jazten, noizean bein
larrañekoai begiratzea utzi gabe; Iñazio Mari,
Antonekin batean, beiai jana ematen zegoan,
ukulloan; Joanes, ate ondoko jarlekuan exerita,
pipa erreaz, naigabetsu, antziñetako gauzak
gogoratzen; Joan Andres, Azkarragako leio nagusitik etorkizunari gozoro begira.
Ana Josepak, joandako edo etor-bearreko
gauzak gogoan zituan eztakit, baña ajola andia
zerabillen eskuarteko zeregiñean.
—Ekarri orain beste gurdi ortakoak —agintzen zuan—. Ara emen sei oe-bigungarri, ondo
beteak;sei buruazpiko, sei berogarri, bi berriak
eta lau zarrak, danetara bearda ta... Araza-kutxa
orretan datoz gauza zuriak. Bat, bi iru... ogetalau
maindira, eun lodizkoak; ogetalau burkozorro,
danak berdiñak; amabi alkondara, kirruzkoak;
sei oestalki, zuri, me ta garbiak; zamau andi bat
sei txikirekin, ta sei legorki, batere erabilli

gabeak... Atoz onera, Mari Batista, etxeko lanak
nork egiña badaukazuta. Begira zazu: auek dira
paperean ipiñita daudenak. Auek eta zortzireun
dukat urretan eta gurdi bat bei birekin. Naikoa
dala uste det baserritar batentzat. Baño beste
oparitxo batzuek ere badakarzkigu: nere senarrak orrako eliz-oiala, manteliña, amarauna baño
meiagoa; Jose Ramonek urbedeinkatu-ontzia,
aingeru ta guzti; Kataliñek sei pare kaltzerdi,
arizkoak; Juan Andresek pertz oria, esnea egosteko; Pedro Antonek Aranzazuko Amaren irudia,
eta nik gorua ta gorutxapela, zillarrezko ariz
Santanako mojak apaindua. Gorutxapel au baño
politagorik eztezute ikusi.
Azkenez, «orain dirua eman da kito» —esanaz— sartu zuan bularrean eskua, atera zuan
sudur-zapi urdin zimur bat, pelota bezala biribildua, askatu zizkion korapilloak, jarri zuan kutxa
gañean, eta agertu ziran urre gorri zarrak: ogei
ontzako, amar eun errealeko, bost larogeiko ta
berrogeiko bat. Estutu zan gizadizko esia kutxaren jiran. Danak ikusi ta ukutu bear zituzten
urreak. Mari Batistak banan banan eskuetan
artu, bat edo bat buruko illean igortzi, besteren

bat arri gañean jo, iru edo lau aldiz zenbatetu ta
lengo sudur-zapian berriz lotu bitartean, etziran,
aldemenekoak ixildu:
—Lenago ere naikoa igortzi artuak daude.
—Onak dira, bai. Asko bageunzka...
—Ederrak. Gure astoaren arranak baño soñu
obea dute.
—Zenbat ardo edan leiteke diru oiekin!
Ana Josepak amaitu zuan ainbeste lan eman
zion arloa, jarri zan Bitoriatik ekarritako eserleku
baten, erabilli zituan inguru guztian bere begi
nabarrak, atsegiñez, zer deritzozue? galdetuko
balu bezela, ta gero, buruko zapia askatu, belarrondoko illetxoak beatzakin jaso ta lotu zuan
ostera zapi ori, txiztanak, belarrixo biren irudira,
tente ta lerden jarriaz.
Orduantxe atera zituzten billerakoak ezkonberrientzat zekarzkiten eskindeak. Onek, urre
itxurazko belarritakoak, itxurazkoak bakarrik,
bost errealean etzegoan oberik eta; arek, errirako esku-atorra; besteak, Mezatarako liburua;
urrengoak, euri-estalpetxoa, urlia izebak azpirako gona gorria, sandia lengusuk sukalderako

auspoa, auzoko lagun batek titare ta jostorratz
ontzia...
—Gutxi da baña barkatu —zioten eskintzalle
danak— eta guztiai parkatu zioten ta baita eskerrak eman ere zekardena zekardelako. Artu,
artu, artuak ematen du ogia ta.
Badira emakume batzuek bidean billatzen
dituzten txotx guztiak etxera eramaten dituztenak, naiz eta etxean gurdikada egurrak saltzeko
euki. Oietakoak ziran Ana Josepa ta Mari Batista.
Etxekoandre bi oiek Azkarraga ta Zabaletako
ganbaretan gordeta zeuzkaten tresnak nolakoak
ziran ezin siñistu liteke, ikusi gabe: galtza ta
abarka zarrak; atorra ta gona zatiak; kaltzerdi,
jipoi ta gorontz erdikak; ondorik etzuten tupin,
pertza ta paelak; mutur, kerten ta belarri gabeko pitxar ta bonbillak; katillu ausiak, burni zatiak,
piper potoak... zer ez? Dana biltzen zuten arretaz, dana omen zan zerbaiterako, ta ez omen
zan ezertxo ere alperrik galdu bear, ezta ari
albañu bat ere.
Baño ez orregatik uste izan, irakurlea, garai
danean, eztizutela emango gure baserrietan
zure gosea asetzeko aña, ta zerbait geiago. O!

Garai danean, eztago iñun euskal-etxekoandrea
bezelakorik jan-edana ugari jartzen, ezeren erruki gabe.
Azkarragako eztaietan Mari Batistak ipiñi
zuan janari guztia iñork eztaki zenbateraño izan
zan: ogiak, anegaka; barbantzoak, imiñaka;
urdai-lukainkak, arroaka; azatan, baratzatxo bat;
ukulluko txekorrik andiena oso osorik; arkumetan, artalde polita; ollotan, lau edo bost etxetakoak; esne ta arrautzatan, inguruko guztiak;
ardo-sagardotan, errotarri bat erabiltzeko beste.
Gutxik eramango dio euskaldunari jaten da edaten, baña Azkarragako eztaietan danak ziran
euskaldunak eta ezin geinke jakin zeñek geiago
egin zuan. Guztiak bete zuten urdalla galanki,
guztiak lasaitu zuten larrua ezin geiagoan, ia
estanda eragin artean, baño etzan iñor lertu. Ez,
etzuten oker andirik izan: gizonen batzuk, iñoiz
baño geiago ta adiskidetasun andiagoan itz egin
bearra, lenbizi; dantzan egiteko gogoa edo
ezkonberrien alde itz neurtuak esan naia, urrengo; toteltasun apur bat geroxeago; zuzen ibilli
eziña illunabarrean: neurriak gañez egitea, etxerako bidean; ta lo ederra, azkenez, oia arrapatu

zutenak oian, ta Peru Odolki Goienetxe aldeko
soro ertzean.
Bazan gizon bat, ala ere, gau artan lo andirik
egin etzuana: Joanes. Jarkar, nakar ta zurbil igaro
zuan egun guztia gizagaixoak; ardoa bakarrik
artu zuan, ardo pixka bat, bere animako mikaztasuna itotzeagatik; baña etzitzaion ito, azalean
zebilkion, igarian bezela, biotzaren erdian atzamarka egiñaz. Oi eder garbia jarri zioten Joanesi
Azkarragan bertan, baño ezin zuan ezertara lorik
erakarri: esna zegoan, esna ta larri, bero ta kixkal, beingotik beingora buru, anka ta besoak
aruntz ta onuntz aldatuaz, eta beti ere gogamen
bat zetorkion biotzetik aora:
—Mutillaren burubidea! Nora ta Burgos aldera!

IV.
LANDARE BERRIAK
Manueltxo zan Zabaletako giza-landare
berria, ta txit maite zuten etxe artako denak.
Landare berriari beti begiratzen zaio zarrari
baño pozago ta arreta geiagorekin. Zarrak zer
eman duan jakiten da, baño ez gazteak zer
eman dezakean. Zarra gogorra izan oida, sustraitsua, edertasun gabea, bere oiturari eutsia,
txertatzen gaiztoa. Gaztea berriz ezea, polita,