🕥 30-minute read
Garoa - 01
Total number of words is 3904
Total number of unique words is 2073
31.4 of words are in the 2000 most common words
44.6 of words are in the 5000 most common words
52.3 of words are in the 8000 most common words
Domingo Agirre
GAROA
IRAKURLEARI
Egun on ta berri on, adiskide.
Garoa naiz, Kresalaren anai gaztea; baño
menditarra, Gipuzkoako izkeraz jantzia.
Nere anaiari abegi ona egin zioten euskaldunak.
Gaurko egunean edozeri jotzen zaizka ta,
Euskalerrian azi zalako, txalo batzuek jo emen
zizkaten.
Baño ni eznator txalo billa. Nere aitak esan
dit buruauste gogorren erdian sortu naizala,
zeregin askoren tartean, txolartietan, atalga ta
pitinga; arantzapeko lore gaixoa diruditala,
eguzki gutxiko landare maxkarra.
Bai, nere aitak dionez, Kresala ta ni almen
gabeko gizonaren egintzak gera, zazpikiak, eta
gure aitak ondo ezagutzen gaitu.
Ni jaio baño len zerbait izango nintzala uste
omen zuan, baña jaio ta gero, zelaira naramala,
begira begira egon zait eta utsune agiriak idoro
dizkit azalean, ustegabeko erkintasuna erraimamiñean.
Ala ere, arrera txarrik ezaldirazu egingo. Apalari etzaio iñon gaizki begiratzen.
Ta gañera, nai degunik eztegu, irakurle, ta
aldeguna bearko. Gaur eztago aukerarik.
Erneko aldira euskeraz irakurgai gozo, ugari,
ta mardulak. Betoz ordu onean, betoz ainbat lasterren.
Nork daki, ni ain kaxkarra ikustean, liburu
eder bat zeuk asmatuko ezpadezu?
Baño bitartean, ara ni naizen bezela. Tira,
ikusi zazu Joanes artzaia, ireki zaiozu atea, irauli
zadazu orria.
I.
JOANES ARTZAIA
Ura zan gizona, ura!
Zazpi oin ta erdi bai luze, makal zugatzaren
irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte
gogorra bezela trinko, gorosti ezearen antzera
zimel.
Orrela zan Joanes nik ezagutu nuanean.
Sendoak zeuden oraindik artzai zarraren
beso zaintsuak, txit azkarrak bere oñak, zindoak
bere bular-auspoak.
Irurogeta amabi aldiz ikusi zuan, Aloña mendiko ariztietan, ostro berdea berriz jaiotzen;
baña etzion eramango emeretzi urteko mutil
batek ez aizkora jolasean, ez burni astuna jaurtitzen, ez mendietan gora edo ibarretan zear laisterka.
Kaiko andi bat esne goizean jan, azpantarrez
izterrak estaldu ta makilla bat eskuan artu ezkero, prest zegoan egun osoan, zein ariñago bezela, beorren atzetik ibiltzeko edo, neke askorik
gabe, ardi galdu gaixoaren billa gau guztia igarotzeko.
Argiak ziran Joanesen begi gozoak. Oitua
zegoan Joanes zerura ta lurrera, gabaz ta egunez, arreta andiz begiratzen; ta iñok baño lenago ikusiko zuan, goi aldetik, odei tarteko arranoaren ibillera apaña edo ia gizon danentzat estaldurik zegoan izarraren kiñua, ta lur aldean,
lokatz bigunetako abere oñatza, bide ondotik
joan ziran eperren aztarna, sasi mardularen
ertzeko erbi-oi zapala, arkaitz zuloetako egazti
arraparien kabia, ta an bebeian agiri zan urlia
erriko orduari zar ta illun samarra.
Ernaiak ziran Joanesen belarriak. Oso egiña
zegoan Joanes mendi-oiarzun guztietara. Milla
aldiz bai entzun zituan, bakartasunaren erdian
jarrita zegoala, urrutiko trumoiaren orrua, ekaitz
aizearen durundia, artzaiaren deadar luzea,
egurgillearen aizkorakada neurtua; basaurdearen arnasotsa, otsoaren alaraua, azeriaren zaunka, beorren irritzia, mozoloaren oiua, basauntz
bildurtiaren zalaparta; abere arranen dulunduluna, ardien bee negartia, suge zarraren txistua, belien garraxi latza, sosoatren txortxorra,
txori kantari askoten txiotxo alaia, errekastoen
poll-polla, zugatz ostroen pir-pir biguna, eltxo
gogaikarrien zunburruntxoa... itz gutxitan esateko, izakiak berez dituan ta mendi basoetan diran
abere, pizti ta sortutako gauza guztien amaigabeko soñu txiki ta andi, ixil ta bizi, garratz ta
gozo, mingarri ta eztitsu, pozkor ta ikaragarrizko
danak. Berialaxe antzematen zion Joanesek nondik zetorren soñua, ta baita ere esango zukean
garbiro ta zuzen zer zan ta non zegoan soñu
bakoitzaren jatorri ezkutua.
Etzan Joanes jakituri andikoa, baña bai asko
ikusia, ta asko ikusi duan gizonak beti daki zerbait, eta sarri jakintsu usteko askok baño geiago.
Bazekian non ta noiz jaiotzen ziran gibelurdiñik gozoenak eta zein tokitan zeuden kamamilla,
belatxeta, karraskilla ta beste orrelako belar
mota gizonarentzat osasungarriak.
Bazekian non idoroko zituan artaldearentzat
bear ziran janaririk on ta egokienak.
Bazekian nola sendatu bear ziran beor, bei ta
ardien zauri ta gaixotasun ezagutuenak.
Bazekizkian baso guztietako laster bideak
eta bost ordu bide inguruko arkaitz zulo ta aterpe denak.
Bazekizkian zer leku zeuzkaten goi urdiñean
izarrik nagusienak eta artizarrak batez ere.
Eguzkian bertan ikusten zituan, geienbat, egunaren orduak; illargiaren jiran, aizeak zeraman
bidean ta laño ta odeien egoetan irakurtzen
zuan urrengo egunerako girona edo giro txarra.
Bazekian, gañera, ta au zeukan gauzarik
onentzat, guraso zarrak erakutsi zioten Eleizaren
legea ta Jesu-Kristok lurrean erabilli zuan bizitza
samurra, ta lege ta bizitza oiezaz bakartadean
gogoraturik, ikasi zuan, dana Jaungoikoari zor
zion gizonak txit apala bear zukeala izan, bere
nekietan patxada andikoa ta lagun urkoaren naigabietan egiazko onginaiz betea.
Kristoren legea zan Joanesen argia ta argi
orretan ikusten zituan, kupidaz, gizonen argaltasun ta ibilpide okerrak.
Oroitzen naiz nola ezagutu nuan nik Joanes
artzaia ta nere jakinai bizian zenbat galdera egin
nizkion.
Bagiñazen bein mendian gora lagun batzuek,
orain urte asko dala, udako bero galdatan, izerditsu, arnasestuka, oso nekaturik, Aitzgorriko goi
gallurrera igotzeko asmoetan, ta Urbiako zelai
ederra igarota laster, aurrez aurre billatu genduan gure artzai zintzoa, kerizpean, zugatz andi
baten sustraian jarrita, artillezko galtzerdia egiñaz ta an aurrean zebiltzan ardiai begira.
Aldamenean zeukan zakurrak, sumatu genduzanean, ongi-etorri gaiztoa emateko itxurak
artu zituan.
—Ona, Txuri, —deitu zion artzai zarrak—
geldi emen. Jum!
—Egun on —oles egin giñon Joanesi— egun
on, adiskidea.
—Baita zueri ere, —erantzun zigun, gozoro
irribarrez.
—Jarleku ona billatu dezu.
—Beste asko dauzkat basoan, ta danak ezagutzen naute igaroko urtietan.
—Urteak dira noski emen zabiltzala?
—Berrogetamarretik gora onezkero.
—Ta beti mendian zaude, bakarrik? Nun biziko naiz paketsuago ta obeto?
—Ain ondo bizi alzera?
— Bai, ta nola ez? Nai detan aña jaten det,
nai detan aña edan, ta nai detana agindu. Nere
ustea da —jarraitu zuan parre antzean— nere
ustea da emengo legea, ta nere aginduaren
aurrean eztu iñork ezetzik erantzuten. Inguruetako jabe ta jaun bezela bizi naiz.
—Ezta gaizki, ez; baña esan zaiguzu, galdera
okerra ezpada gurea. Zer jaten dezu?
—Taloa ta gaztaia batzuetan, taloa ta esnea
geienean ta ongarritxoren bat astia izan ezkero,
gaur bezela.
—Zer ongarri?
—Baba beltz ederra, urdai apur batekin.
—Ta edan?
—Arkaitz iturriko ur garbi garbia.
—Baña eztezu emendik iñora ertetzen?
—Bai, bai; udea da emen igarotzen detana,
nere baserrian lan andirik ezpadago, Epailletik
asi ta Azaroraño. Ala ere, morroia badatorkit,
larunbatetan jaixten naiz Zabaletara, nere emazte, seme, illoba ta bazterrak ikusiaz, barruko jantzi garbiak ipiñi ta tabakorri piskabat artzera; ta
igandetan igotzen naiz berriz, Aranzazuko elei-
zan Meza entzun da gero. Morroia larunbatean
ezpadator, jai egunean bertan joaten naiz Aranzazura, ta an izaten da ordurako etxekoren bat
tabakorri ta jantzi garbiarekin.
—Zortzian bein ikusten dituzu beraz etxekoak?
—Basetxean lan askorik ezpada bai; baña
gure Zabaleta orretan eginbear estuak badaude,
eguzki goiztarra baño goiztxoago jaiki, beti bezela, ardi guztiak jetxi ta zelaira eraman, esne
ontziak lepoan artu ta an izaten naiz laster, zazpiretako bai. Bertan dago Zabaleta, or Gogordo
azpian: ordu biko bidea geienez emendik ara.
—Ta lanera joaten altzera?
—Zetara ba? Atxurrera edo laietara edo bear
danera, eguzkia gorde artean beintzat. Eta illunabarrean, aldapari arpegia eman da, goruntz
ostera, kankarroak lepoan ditutala.
—Eztezu lotarako gogoa makala ekarriko.
—Zerbait bai; baña eznaiz beti berealakoan
lotara joaten. Ardiak batu bear izaten dira eskortaldera lenbizi, ta pozik bat edo beste galdu
ezpazait Orduan izaten dira istilluak, arren billa
gaberdiraño edo bear dan artean...
—Ori bizitza daramazu, gizona, dauzkazun
urteakin!
—Ona nik, Jaungoikoari eskerrak. Nere
semeak esaten dirate, zarra naizalata, jetxi nedilla Zabaletara betiko, berak edo morroiak egingo
dituela emengo eginkizunak, baño eztet nai.
Danok baño geiago naiz mendiko gauzetan, ta
ezta arrotasuna egia baizik. Aiek eztaude ni
añan oituak.
—Eta ezaldezu ostaturik emen urrean?
—Zertarako ostatua? Ara or non daukatan
nere jauregia, atozte zein polita dan ikustera.
Atozte, emango dizutet esne pixka bat egarria
kentzeko.
Joan giñan artzaiaren atzetik eta ikusi genduan Joanesen txabola.
Jauregi ura jasotzeko, arri batzuek alkarren
gañean tolestatu ta aien buruan aga bat, lau
ostro ta lasta pilla batzuek tellatutzat jartzea
baño beste lanik etzuten egin. Etzan txabola
zazpi oin zabal, amar ez luze, gorutz etzituan
zortzi. A! Baño bazuan ate zar bat eta gauza
anditzat erakutsi zigun artzaiak.
Lurrean, alde batera, txillarra ta garoa zeuden zapaldurik; ura zan Joanesen oia.
Beste aldean, egur batzuk sutan, ta egurren
erdian baba-eltzetxoa gargar; ura zan Joanesen
sukaldea ta asti egunetako janari ona.
Su ondoan, artiriñaren zorrotxoa, lurrezko
katillu andia ta zurezko kollarea agiri ziran.
Etzegoan beste gauzarik: ez mairik, ez jarlekurik, ez beste osterantzeko etxe-tresnarik.
—Eztezu gauza asko bear bizi izateko —esan
giñon artzaiari.
—Beste edozeñek aña bear det, —erantzun
zigun— baña gutxitan artzen det bear baño geiago.
—Emen jaten dezu?
—Emen jatekoa egin; zelaian jan, girona
bada.
—Ta emen lo?
—Ederki.
—Sartuko zaitzu aizea galanki irriñarte oietatik.
—Aizea ona da, udaldean batez ere.
—Ta etzera bildurtzen gabaz, bakarrik?
—Zeren bildur izan bear det Jaungoikoarekin
ondo banago? Gaiztoak or bealdean bizi dira,
diotenez; zenbat eta berago, gaiztoagoak; zenbat eta erri andiago, okerragoak eta ugariagoak.
Eztakit nik nola dan, baña gizon txarrak gutxitan
oidira mendizale.
Arren egin giñon Joanesi lagun zaigula Aitzgorri gañeraño, astirik bazuan, ta lagundu zigun.
—Ura gizona! esan bear det berriz ere. Beti
aurretik zijoan, izerdi tantorik gabe, geti parre
antzean, jolasean bezela, ta guk, ogei urteko
mutillak, izerditan urtutzen ta biriak aotik
boteaz, ezin giñon jarraitu.
Atzean ez gelditzeagatik egiñalak egin genduzan, baña alperrik. Azkenerako, Joanesek,
gure neke ta larria ikusi zuanean, errukituta,
kendu zizkigun berotasuna baizen besterik ematen etziguten geure jakak eta goian zerbait
artzeko geramakigun janari-otarratxoa. Lotsatzekoa zan, baña ezkiñan lotsatu: arritu egin
giñan.
Aitzgorriko bizkarretik ikusten dana ezta
beste iñondik gure Euskalerrian ikusten. Mendiak, mendi anaiak lenbizi: Ernio ta Izarraitz, Ara-
lar ta Gorbea, Arno ta Atxu, Oiz ta Anboto, Mendoegi, Etxalar, Oiluz ta beste asko, egundaño
ikusi eztiran gisan, lur ta errien gañetik beren
buruak jasoaz alkarri begira, uri andi bateko
eleiz-torreak alkarri begiratzen dioten antzera;
baso andi zugatzez beteak gero: Usturre, Otsabio, San Adrian, Elgea, Zaraia, Sollube, Bizkargi,
Andia, Belate ta nik eztakit zenbat geiago, denak
ostro berde berriak zeruruntz jasoaz, Jaungoikoari eskeintzen zitzaizkion lorontzi eder batzuk
ziruditela; belardiak eta soro landuak urrengo,
zatika zatika, aldapa ta ibartxoetan zabaldurik
zeuden zapi lodi mardul batzuen itxuran; euskal
uri jakiñak oso beian, geure oñetan batzuek,
Kantauri ertzean beste batzuk, lur-barruan askotxo, denak koxkor ta kaxkar, andienak ere urri ta
txiki, gizonen kabiak alkarri erantsita zeukazkitela eta kabi oien burualdeak gorri gorri, zeru goi
urdifiaren anditasun ta apainduriak ikustean txit
lotsaturik baleude bezela; ibai ta erreka garbiak
nonai, mendi naroak urietara biraltzen dituen
opari onak, baso tartean bera murmurrean ta
ibarretan zear dizdizka, ispillu bizi ibilkorren irudira; bideak, alde askotan, indarraren indarrez
gizonak uri batetik bestera egin dituan bideak,
or gorde ta emen agertu, an oker ta arutzago
zuzen, beti estu estu, danean zuri zuri, norbaiti
arilletik erori zaion ari albañu luze baten taiuan;
ta azkenez, gizonaren jakituri ta alizatearen erakutsirik andienetakoa, suburdi beltza bere burni
lerrotik barruan laisterka, txistuka ta zarraparrean, arrotasunaren agerpena bezela ke mataza lodi zikin bat kopeta gañean arro arro daramala.
Guk ikusi genduan suburdiak bere atzetik
utzi zuan keia, apurtxo batean goietan egonda
bereala, zabaldu zan, makaldu zan, urratu zan,
gutxitu zan, utseratu zan, gizonik andienen izen
ta entzutea laster asko utsera etortzen dan era
berean.
Benetan! Aitzgorri gañetik begiratu ezkero,
be aldeko gauza guztiak ume jolasak dirudite.
Mendiak bakarrik dirade andi, mendiak eta
beren Egille Jaungoiko altsua.
Ta ala ere an zegoan, Aitzgorri gañeko elizatxoan, Jesus Jaungoikoaren irudi maitagarria,
kurutzean josirik eta apal, oso apal, gizon arroai
apaltasuna erakutsi naian.
Baseliz artara eraman genduzan Joanesek,
antxen erakutsi zigun bere anima ederreko siñismen bero ta itxaropen eztia, antxen irabazi zidan
osoro nere biotza.
Etzait geiago aztu, nere bizitza guztian, Joanes artzaia.
II.
BASERRIA
Geroago ezagutu nituan, Joanesen oroimen
gozoak artara eramanda, gizon bikain orren etxe
ta ondorengoak.
Gogordopeko zelaitxo baten, garometa andi
batzuen urrean, soro eder narotuz inguraturik,
bene benetako patxadan zegoan Zabaleta baserria. Bere alboetan, amari gonetatik eutsika dauden aurtxoak bezela, etxe nagusiari lotuta, bestetxo bi agiri ziran: bata ogi edo artoa erretzeko
labea, bestea abere janariak gordetzeko lekua;
ta auekandik ez urruti, zerbait mendi aldera ta
beregain, neguan ardiak idukitzeko ellorra. Etxe
nagusiaren arpegi aldetik, sarrerako ate gañean,
lore ta usai gozodun belarrez egindako bi sorta
legor ikusi nituan, oitura zarrari jarraituaz. Done
Joane goizean ipiñiak, esan ziratenez; atearen
erdi erdian erantsita, argizarizko gurutze txiki
zapal bat, etxekoen kristautasuna erakutsi
naian.
Toki aien barruan zer zegoan jakin bearrik bai
alda? Basetxetakoak badakite, baño ez itxastarrak: ezta, bada, ain gaizki etorriko auentzat
emen zerbait jartzea. Labaldean etzan gauza
andirik: abar batzuk, ia erdi erretako pala zatar
bi, ta labeoia garbitzeko ipizkia. Janari etxean,
lastoa ta belar-ondoa ugari, sapaian; atxur,
eskobare, sarda, txardango, golde, periki, besabe, gurdi, gurtesi, orrazi, kabilla ta uztarriak lurgañean. Etxe nagusian, sartuta bereala, sukaldea, lasai samarra, euskal baserri guztikoen irudira, etxebizitzarako ta lur-langintzarako bear
ziran tresnaz betea. Bertan zeuden, su-aurrean,
zumitzezko jarleku apalak eta keak eta urteak
leundu zuten txisillu galanta, ta zapaldetan,
sulla, morko ta beste urontzi batzuek, lurrezko
txali zabalak, erretillu andi sakonak, zurezko
kollara belztuak, eta ogi, tremes edo artoa idukitzeko otarratxoa; antxen arkitzen ziran, ormetatik bera esekita, eltze, tupin, padel, talo-burni,
burruntzi, burruntzali, tanbolin ta kresalluak;
antxen, bazter baten, beste atxur, lai, ortzbiko,
sega ta itariak su egur, azpantar, abarka ta soka
zarren laguntasunean; ta antxen egon oiziran
askotan, ke zulo azpian, lurruntsu, labatzetik
bera zinzilika, zeziñaren itxuran, baserri artakoen azkiñiko busti ta basaz loituak.
Ta zer geiago? Onezkero dena ipiñi bearko
degula uste det, guretzat eman diguen etxeko
bazterrak ikusten gabiltzala esan badeiteke ere.
Sukalde ondoko gelatxo batean zeuzkaten, oremai, legami, artirin, galbai ta arrazkoa, ta gela
ortatik atea bitarte, ukulluan, esne-bei, biantx ta
txekor gorri lodiak, belar gozoa mauska mauska
jaten, txerritxo bi beren esi barruan etzanda ta
ollo batzuek zitzetan azterka.
Auek danak bealdean zeuden. Goian berriz,
gizategia, bost edo sei lo-gela, estutxoak, argi
gutxikoak, baña garbiak oso, ur bedeinkatu
ontziz ta Ama Maria ta beste done batzuen irudiz
naikoa poliki apainduak;eta gorago, etxearen
gallur ondoan, ganbara andi bat, mandio bezela,
gari, arto, baburrun ta sagar umatuk gordetzeko.
Etxe orretan jaio zan gure artzaia, etxe orretan sortu ziran bere gurasoak eta gurasoen gurasoak, etxe orretara ekarri zuan, bear izan zan
egunean, Garibaiko Ana Josepa, emakume
maratz, pixkor ta begiratua, besterik iñor Garibain bazan.
Sei seme alaba eman zizkon Joanesi Ana
Josepak, baña etxadi au guk ezagutu genduanean, iru bakarrik zeuden bizirik, semeak irurak.
Lenbizikoa, Jose Ramon, nekazaritzari jarraitzeko
etxera ezkondua, Manueltxoren aita, Araozko
neskatxa on batekin senartua zegoan. Bigarrena, Inazio Mari, aizkolari trebea, ezkongaia oraindik, ikazkintzan ibilli oi zan luzaro Aralargo mendietan. Gaztienak, Juan Andres arri zulatzalle
ospetsuak, Oñati ondoko arrobi baten zeukan
irabazbidea, etxean lan andirik etzegoan eretietan.
Irurak ziran morrosko eder sendoak Oñati
aldeko baserrietan etzegoan Zabaletako semeak
bezelako mutillik. Zazpi arroa bazan bakoitza;
andi, lodikote, bulartsuak zeuden; ingurukoen
artean ta batez ere beurikoen ondoan, Erkules
batzuk ziruditen; baña etzan iñor beren aita izan
zan beste.
—Bigunegi azi zaituztet —jardun oi zien
arrek— edo etzerate aitaren semeak. Nik egun
berean egin izan det beti emendik Bitorirako
joan-etorria, oñez, ta zuek berriz zalpurdia bear
dezute Bergara edo Zumarragaraño joateko.
Zuen sasoian aterako nuan nik ipurditik Anbotoko arkaitza bera ere, ta zuek, indartsuak zeratela, laguna bear dezute zugatz zirzil bat gurdira
jasotzeko. Badakigu esate oiek geiegizkoak zirala, baña, egiaz, bazetorkion nubaitetik benebenetako galera Joanesen jatorri sendoari, bada
berdiñeztasun andi ta agiria zegoan artzai orren
ta bere semien bitartean. Zabaleta baserria
Gogordopean bezela, Joanesen azpian egon bear
izan zuten semeak, indar-auzietan, arrek irurogetamar urte zituan arte. Ta gero ere, oraindik
ere... Jum! Naiago zukean Iñazio Marik bere indarrak aitarekin baño beste edozeñekin neurtu. Ta
ez aitari itzal andia ziolako bakarrik; itzala zion
ta azpiratuko ote zuan bildurra zeukan. Iru
anaiak ziran kristau onak eta... bai, eleizkoiak;
baño ez gurasoak añan. Beraldera zijoazen,
mallaka, mallaka, Jaunaren maitetasunean ta
animako gauzai zor zaien arretan. Jose Ramon
zan kristaurik bero ta zintzoena, gurasoen urrengo. Au, bai, au jaiero izaten zan Meza nagusia
ikusten, askotan bezperak entzuten, naikoa sarri
bere utsegiteak aitortzen. Azoketara geiegi joatea kendu ezkero, etzeukan akatsik Jose Ramonek. Iñazio Mari, noizean bein animako beroaldi
on batzuek izanda ere, askozaz epelagoa zebillen geienetan. Apostu zalea zan mutilla, ta jai
egunean iñon dema edo aposturik bazan, toki
artara joateagatik, erraz utziko zituan Meza
nagusi, bezpera ta beste eleiz-jai guztiak. Mezalabur bat goizean entzun ta kito. Gañera, bere
buruari geiegi zeritzon, arro samarra zan, ta jakiña, arrokeriak biotza betetzen duanean, toki
gutxi izan oi da biotzean gure Jaungoikoarentzat.
Juan Andres... etzan mutil okerra, ori ez, etzuan
ezergatik bere jaiko eleizkizuna utziko, baña ala
ere beste anai biak baño otzagotzat zeukaten
etxeko guztiak Diru amesetan zebillen beti, dirua
nola irabaziko, urrea nondik lortuko. Diru apur
bat egiteagatik gau ta egun jardungo zukean
lanean edo buruausten. Juan Andresek asmatutako dema, ziur ziur zan etxera dirua ekartzekoa.
Ezagutzen zituan aitak, bazekizkian beren
animetako argaltasun guztiak, eta etzuan uzten
beta on bat bakarra bear zana semeai esan ta
erakutsi gabe. Batez ere jai andien aurrean,
menditik etorrita laister abarkak aldatzen zegoala, edo apal ostean, edo ondoen zeritzonean,
asten zan galdezka:
—Azpiak atera aldituzue?
—Bai, jauna.
—Abere jana ekarri?
—Baita ere.
—Ia ba, konpesatzera joan bearko diagu biar
goizean. Jose Ramon, eramanzak eurekin
Manueltxo, bide ona ikasi dezan gizagaixorrek.
Ire, Iñazio, ezingo aiz egon arbi loreak jaio arte.
Joari or Aranzazuko Mendibe A, Prailleagana:
arekin konponduko aiz i... Ta utzizak bein jokorako griña gaiztoa Jokoa ezta errenta, motell. Juan
Andresek eta nik Oñatiko eleiz nagusian daukagu gure Aita. Biok joango gera, seme, alkarrekin,
anima aberastzera, bada animako aberastasuna
obea dek lurrekoa baño, ta iraunkorragoa, gorde
nai badegu. Pedro Antonek igo dezala mendira,
ta emakumeak urrengo baten egingo dute beren
eginkizuna.
Iru anaiak ziran izugarri langilleak, eta bear
ere bazuten. Gauzak nondik eta nolatan begiratzen zaieten iruditzen zaizkigu andi edo txiki, ta
Zabaletako lurrak Arteagatik edo Aloñatik begiratu ezkero uts irudikoak izanarren, txit astunak
ziran bear bezela maneatzeko. Txara, gaztañadi
ta belardiak neurtu gabe, amar golde lur bazeuzkaten lantzeko; ta karobia zala, laia zala, atxurketa zala, zimaurrak eramatea zala, arto ipintze
edo kentzea, gari ebakitze edo jotzea, menditik
orbel, garo edo gaztañak ekartzea, zeregin andia
sortzen zitzaien era batzuetan. Ta berak, etxekoak, egiten zuten dana, batere auzolanik gabe.
Karobia izan ezik. Orduan bai, premiazkoa
zan orduan norbaiten laguntasuna. Edonork
daki: lurzulo biribil arriz jantzia izaten da karobia,
arri labea Burua estali gabe idukitzen du, ta
aurretik, be aldean, otea ta egurra sartzeko zulotxo bat, ate bezela. Orretarako egun argi aukeratuetan, zamatzen dute barru guztia kare arriz,
ekartzen dute otea ta egurra gurdika ta gurdika,
sartzen diote ate zulotik, su ematen diote, ta an
egoten dira baserritarrak gau ta egun karobi
aurrean, su-garretan, ke miñetan, gorri gorri,
izerditsu, lukainkari bezela koipea dariotela, beti
ere otea sartu ta sartu, sua makaldu eztedin ta
beren lan guztia galdu eztakioten. Arretaz egin
bear dana da kare erretzea, lan gogorra da, baño
baserritar geienak billatzen dute bigungarri on
bat, an nonbaiten gordeta idukitzen duten ardao
zatoan. Zatoa eskuetan duela ikusiko dituzue,
aoa zabalik, zerura begira sarritxo, euririk egingo ote duan edo ez nonbait, bada euria kaltegarri andia da karobirako. Askotan iruditu zait neri
nekeak eta suak baño zatokoak bero geiago
ematen ez ote dioten. Karea ondo erretzen bada
eztai andiak egiten dituzte, ta eztaietan jan
galanki, edan galankiago, ta gero mosk... Orra,
orraba esan ixillik euki bear nuana.
Zabaletakoak etziran ainbeste ardotara emanak, eta berentzat baño
geiago izan oizuen ardoa auzoetako laguntzallientzat.
Karobikoa baizen lan gaiztoa da gari ebakitzekoa, baño orduan ere etzuten ardo edate
andirik egiten Zabaletan. Lana bai zintzo. Jaikitzen ziran goizean goiz, iruterdietarako bai, lo
aspertu bat egin gabe; joaten ziran, gosari txiki
bat eginda, soroetara, intza zegoan bitartean,
eguzkiak erten baño lenago, belar gaiztoak kentze, azkenengo artajorratze edo beste orrelako
lanen batzuk aurreratzeko asmoan; zazpiterdietatik zortziretara jaten zuten gosari obea —baratzuri zukua ta pertzakada bat arto-esne —; ta
ordurartekoa ezer ezpazuten itxuretan, guztiak
errenkadan jarri, zumea bezela oker egin, beren
buruak ia anketan ipiñi, ta asten ziran biziro ta
jarraitzen zuten gogotsu, rist eta rast, bata bestearen leian, alkarri destañaka, jeupadaka, irrintzika, zeñek geiago iraun, zeñek sail geiago
ebaki, nork gariko geiago lotu, nor nekezago
aspertu, burugañetik eskukada garia azkar jiratuaz, eguzkitan itaiari argi eragiñaz, kopetako
izerdi galanta besoarekin kenduaz, eten gabeko
arlo luze neketsuan eguardiko amabi orduak
Oñatiko eleizan jo arteraño. Aian saingorri,
belaunbelar, barrabasbelar ta orlakoak. Ta bitartean, gosetzen zanari etzitzaion debekatzen ogiamesa, ta egarritzen zanak an izaten zuan urtxangilla arekaren baten, belarrez estalduta,
bertako ur epelari maitero maitero zangada on
bat eman nai bazion.
Eguardiko amabi amabietan gelditzen ziran
lenbiziko atsedena egiten. Jartzen ziran lurrean
zabal zabal, aurretiaz begiz jotako kerizpe
batean, ipintzen zioten zamau zuri garbiaren
gañean janaria, ta iru edo lau Aita gure esan
ondorean, ia mutillak, ura izaten zan jan-ontzitik
aora ta aotik jan-ontzirako joan-etorri gogotsua,
ura irentsi bearra, ura besoak luzatzea, ura ostera bakoitzean altzuen aña ateratzea! Etzan
bidean ezer asko galduko, ez; oso ederki ikasia
zeukaten kutxara zabalaren azpiko aldetik arto
zati andia jartzea. Zer jaten zuten? Ori ere bada
ba jakinaia. Ogi zukua lenbizi, baburrun gorria
edo baba beltza urrengo, urdai azpikoa gero, ta
sagar erreak edo gaztai zati bat azkenean,
sagardoaren laguntasunarekin Etziran oraindik
Zabaletara eldu gaurko baserrietan izaten diran
arrautzopil, aragizerra, tripaki gozo ta beste
orrelako. Ana Joseparen iritziz, geiegizkeriak.
Gauza oiek eta geiago auzoko edo erbestekoak
ziranean; etxekoentzat naikoa zan artoa ta
babea, ugari eman ezkero.
Ta egiaz Zabaletako mutillak etzuten geiagoren bearrik, betetze on bat eginda bereala, bata
or ta emen bestea, lo kuliska bat egiteko asmoetan, zugatz azpian etzaten ziranean. Laster
asko entzuten zuan aitak, pipa erretzen zegoala,
eltxoen zunburrunarekin batean, semien lozurrunga lodia, ta baita laster deitu ere lengo
lanbideari jarraitzera. Lasterregi, semien ustez.
Kentzen zuten orduan aiek, astiro astiro,
buruko estalkia, nagiak botatzen zituzten,
zorroztzen zituzten dranga dranga aingura
gañean, itaien aoak, jaikitzen ziran noizbait gizonok, eta berriren berriz asten ziran beren lanean;
ez asi bakarrik, asi ta ekin, ekin ta jarraitu, aurrera ta aurrera beti, ez goizean baizen alai ta adoretsu; baña bai ederki oraindik, iñoren aurrean
ez lotsatzeko era oneane ta beste edozein basetxeko mutillek baño geiagoan. Iñork etzukean,
ezergatik, nekatu zala esango; baña arratsalde
erdirako bat edo bati, izerdia kentzen zebillela,
ertetzen zion onelako esakera batek: bero zeok
gaur, arraietan! edo: sail luzea dek au, egun
batean dana egiteko.
—Aspertu altzerate? —esaten zien aitak,
parre antzean —Zaudete pixka bat, nai badezute, nik jarraituko det.
Danak jarraitzen zuten. Nola ez?
Ta siñistu aldezakegu? Orrelako lan gogorrean egun guztia igarota gero, apal ostean, illu-
nabarrean, Joanes zarrak, pipea piztuaz, esneontziak lepoan zituala, artzen zuan mendirako
aldapa latza, bere seme gazteak, oso auldurik,
abereai jana emanda laster, lotarako gertatzen
ziran bitartean.
Ezta orrenbestez amaitzen gariak ematen
duan eginkizuna. Metatu bear dira garikoak;
eguzkitan legortu bear dira oraindik; arrian jo
bear da gogotik galburua, sudur, belarri, ao ta
kolkoa arotzez beteaz; mallatu bear dira iregurrez galondarrak alea galbai edo arrazkoan garbitu bear da, ta nik eztakit beste zenbat lan ematen dituan gariak mandiora sartu orduko.
Berebizikoa ibiltzen zan zeregin andiko egun
oietan Zabaletako Ana Josepa. Ta barkatu, irakurlea, beragatik lenago ezer esan eztizutalako.
Ez beragatik, ez etxe artako beste enparauakgatik. Zabaletakoak ziran, aitatu ditugun gizon oiezaz gañera, Katalin, Jose Ramonen emaztea,
etxekoandre on gazte leiala, ta bere semetxo
Manuel, bederatzi urteko mutil sostor polita.
Orren urrengo izan zituen aurtxoak txarranpiñak
eraman zizkaten zerura.
Ta guazen orain Ana Josepagana. Bere bizikoa, nion, ibiltzen zala lan andi egunetan. Goizeko irurak baño len asten zan deadarka, otoizka
ta aginduka, gauza bat bestearen gañean esaten
ta egiten zuala, aora edo burura zetorkion bezela. Jakiña zan asierea:
—Gurutze santuaren señaleagatik, gure
etsaietatik... —Inxio, jaiki ari, eguna dek eta—
libra gaitzatzu gure Jauna ta Jaungoikoa. —Katalin, piztu zan sua, txierientzat zerbait gerta dezagun. Ta ez aztu akulluko txarkarta ekartzea. —
Aita gurea, zeruetan zaudena, santifikatua izan
bedi zure izena... —Jose Ramon, abereai botaiek
zerbait, gero eztek astirik izango ta... betor
gugana zure erreinoa... Auspoan billa alabill? Ara
non daukan, emakumea... Irurogetasei urte
bazeuzkan ta etzuten soroetara eramaten, baña
bazuan zeri ekin etxe barruan. Berak egiten
zituan oiak, berak txukundu etxea, berak beiak
jetxi, berak gosaria gertatu. Ana Joseparen
ustez, arrek bezelako baratzuri-zuku gozorik egiteko emakumerik etzan oraindik sortu. Ezta sortuko ere. Ta orea berak bezela nork egin? Taloak
zeñek erre? Esnetarako artoa, me me, zeñek
ebaki? Ezin zuan arrek, zion, onelako edo alakoren etxean ezertxore jan: estopaua tipulaz
betea, urdai azpikoa erreigia, arrautzopilla koipe

You have read 1 text from Basque literature.