Euskalerritik zerura - 1

Pedro Migel Urruzuno

EUSKALERRITIK
ZERURA
ETA
BESTE IPUI BATZUK

EUSKAL-ERRITIK ZERURA
—I—
Egun tristeak eldu zitzaizkan Bentura gaixoari. ainbeste maite zuan amona, beretzat amaraik
onena izandu zana, ainbeste laztan gozo eman
zizkana, zerurako bidea aiñ ondo erakutsi ziona,
ill zan larogei ta amaika urterekiñ, gelditzen zala
bera ogei urtekoa lurrean, jabe gabe.
Atsekabe guzien artian bazuan atsegiñ bat.
Berak egiñ zion al guzia amona gaixoari, ta ala ill
zan kristau on bat bezela, ta gañera aterako zizkan al zituan Mezak, lenbailen zerura zediñ,
lenagotikan ezpazegoan ere, ta amona gaixoak
zerutik lagunduko zion.
Andre Errosa etzan aztu Benturaz; bere jauregira ekarri ta alabatzat artua zeukala zirudian.
Esan bearrik eztago, zeiñ ondo erantzuten zion
Benturak bere ongilleari.
Neguko arrats batean, errosaio santua esan,
eguneko santuaren bizitza irakurri, ta lotaratzeko artian goiztxo zan, ta esan zion Andre Errosak
Benturari:

—Bai al dakizu ipuiren bat?
—Ipuirik eztakit, baña bai ipuiaren antzeko
beste gauza bat.
—Zer ote da ba?
—Amets bat.
—Zedorrek egiña?
—Bai, andria.
—Polita al da?
—Nere iritzian oso polita.
—Esango al didazu?
—Bai, andria, ta oso pozik bedorrek nai badu.
—Aditu dezagun ba —esan zuan Andre Errosak, ta Bentura asi zan esaten onela:
—Gau baten asi nintzan ametsetan, lo nengoala.
—Bai alegia, lo egongo ziñala —esan zion
Andre Errosak—. Esna dagoala eztu iñork ametsik egiten.
—Barka beza —erantzun zion Benturak—,
esna nagoala’re egiñ oi det nik amets.
—Benetan?
—Bai, andria, bai, bene-benetan.
—Beraz bi amets, bat lotan ta bestea esna
egiñ dituzu.

—Alaxe da, andria.
—Gaur esan zaiguzu ba lenengoa, au da,
lotan egiña, ta bigar esango dezu bestia.
—Astera noa lenengoa esaten. Len asi naizen
bezela, esaten diot berriz ere: lo nengoala agertu zitzaidan aingeru oso eder bat. Bi ego txikitxoak zekarzkian eskuetan.
—Emakumea —esan zion Andre Errosak—,
eskuetan eguak?
—Bai, andria —erantzun zion Benturak—,
baña oiek zekartzkian, bere ego andiaz gañera.
Ezarri ziztan nere sorburuetan bi ego txikitxuok, eta esan zidan: «atoz nerekiñ», asi giñan
biok egaka, ta laster eldu giñan illargia, eguzkia
ta izarrak baño’re gorago.
—Eta begira —esan zion Andre Errosak—, ez
al zenduten arkitu bidean oraingo aeroplano oietakorik?
—Batzuek bai, andria; an zebiltzan, saguzarrak ziruditela, beiñ ara, beiñ ona, mozkorturik
ibilli oi diran gizonak bezela, baña ez giñen jaramon andirik egiñ.
—Eta gero? —galdetu zion Andre Errosak.

—Gero —erantzun zion Benturak—, bereala
eldu giñan zerura. An zer ikusi, zer aditu ta zer
sentitu nuan, nik eziñ esan nezake. Iruritzen
zitzaidan, edertasun gozo ta atsegiñ guziaz egindako itxaso bat zala, ta itxaso onen erdian nengoala. Goien-goienian ageri zan jargoi, izan diteken ederren bat, emakume bat, an jarria, aingeruak baño’re askoz ederragoa, ta aingeruz inguratua. Nola enekiala, ega egiñ nuan bere oñetara, muñ egiñ naian, baña «ez» esan zidan. Artu
ninduan bere besoetan, ta eman zidan laztan
andi bat nere bekokiaren erdi-erdian. Zer zan
ura! Arren gozotasunak pozaren pozaz ler eragiñ
bear zidan, ta esnatu nintzan; nekez konturatu
nintzan, nun arkitzen nintzan.
—Pena izango zenduan ba gero —esan zion
Andre Errosak.
—Ez ba alaña’re —erantzun zion Benturak—,
amets ori oraindik egi biurtuko dalako esperantzan gelditu nintzan, ta Jaungoikoak ala izan
dezala.

—II—
Bigaramon gabian ere, beti bezela, errosario
santua esan, eguneko santuaren bizitza irakurri,
ta esan zion Andre Errosak Benturari:
—Ia nola esaten diguzun orain bigarren ametsa.
—Esna nengoala egiña, edo maiz egiten
dedana?
—Bai.
—Berealaxe —erantzun zion Benturak—.
Nere amona maiteak, ill bear zuan aurretxoan,
eman ziztan esonde edo konsejuen artian, bat
gelditu zitzaidan biotzian oso itsatsia. «Eztezazula beñere Euskal erritik irten; Euskal erritik zerura; Euskal erritik zerura»; Euskal erritik zerura.
Iru alditaraño esan zidan, eta nik badarabilt
buruan asmo bat, esonde edo konseju ori egiteko, baña amets bat bezela.
—Eta jakiñ dezaket nik asmo edo burutazio
ori zer dan? —galdetu zion andre Errosak.
—Bai, andria, bai —erantzun zion Benturak—
. Berealaxe esango diot: mojen Elizan sartzen
naizen bakoitzian, esaten det nere artian: «ni or

barruan biziko banintz, juango nintzake Euskal
erritik zerura...».
—Eta juango ziñake moja? (Andre Errosak).
—Bai, andria; baña...
—Eta berak, au da, mojak, etzinduzteke artuko?
—Bai, andria; baña...
—Zer esan nai dute bi baña oiek?
—Lenengoak esan nai du, diru edo doterik
eztedala.
—Eta bigarrenak?
—Bedorren borondatea’re bear dedala.
—Eta dirua izanta’re, nere borondate gabe
etziñake juango?
—Ez, andria.
—Zergatik ez?
—Asko ta asko zor diodalako, ta gañera lotsaren bat ematen badit ere esateak, esango diot;
asko ta geiago ta esan eziñ ainbat bedori maite
dedalako.
—Eta nik nai izan ez arren, Jaungoikuak deitzen badizu?
—Jaungoikoak nai du, ongilleai esker onez
erantzutea: ta nik erregutuko nioke, bedorri

borondatea mudatzeko, neri baimena eman
degidan, ta iritxiko nuke mesede au: ala uste
det.
—Iritxia daukazu gaixo orrek —zion Andre
Errosak bere biotzian; negar-malkoak asi ziran
azaltzen bere begietan, ta Benturak igarri etzegion—.
Bai, bai, bigar itzegingo degu —esan ta juan zan
Andre Errosa—, gabon —esanik, bere gelara;
baita Bentura’re berera.
Andre Errosa bere gelan sartu beziñ laster
negar ugari egiñ eta asi zan bakarrizketan onela:
—Ai Bentura, Bentura! Eztakizu oraindik, zenbat nai dizudan; aingeru bat zera, zure amona
zanak esan oi zuan bezela, ta aingeruentzako
bizi-lekua lurrian, zuk begiz jo dezun etxe santu
orixe da. Zartu naiz, eta laister ill bear det;
zugandik aldentzeak bizia laburtuko dit, baña
ezagutzen det ondo, gaztearentzat gaur arrisku
aundiak daudela, bakarrik gelditu ezkero. Zure
amonak deitzen dizu «Euskal erritik zerura», ta
biderik zuzenena berak gogoan jarri dizu; ni
berriz pozik illko naiz; leku aiñ onian zu uzten

zaitudalarik, nere animaz ere zu oroituko zerala
gogoratzean.
—III—
Eztitut gogaitu nai nere irakurleak: alik laburren amaitzera nua.
Ama Birjiña Karmengoaren eguna izandu zan
zorionekua ta gogoangarria Benturarentzat.
Egun onetan egiñ zuan sarrera komentuan
Andre Errosak lagundurik. Azkeneko laztana
ematean Benturak bere ama-ordeko andre Errosari, esan zion: «Laztan au da, laster zeruan betikotasun guzian emango diodan laztan gozo aren
asiera...».
Denbora gutxiko sartu zan Bentura komentuan. Amasei illabete zeramazkian, ta gaixoturik,
sendakiñak lenengo egunetik emen zion epai
txarra. Bere gaitza biriteria zan, bere ama zanarena bezela.
Oso triste zeuden mojak, baña ezagutzen
zuten, Bentura aingeru bat zala, ta aingeruen
lekua zerua zala. Gaixoa berriz gaitzaren indarraz eta zerura lenbailen juateko egarriaz, ondo
prestatu ta eriotzara urreratuaz zijuan.

Ai! Arnasa estua dauka gaixoak, izardi larretan dago; itzik egiten eztu.
An dagokio Prai Juan ondo illtzen laguntzen...
«Idiki bitez zeruak,... betor Gaoiaingeru Migel
santua... betoz zure bidera Aingeru guziak, zerura eraman zaitzaten» esaten zuan Prai Juanek,
eta gaixoak, begiak zabal-zabal egiñik, irriparrezko arpegiarekiñ izketa asirik dio: «Ai, au
aingeru-talde ederra, ai, auek kantu alaiak! Veni
sponsa Christi; atoz Kristoren esposa, kantatzen
dutela datoz, atoz Kristoren esposa».
—Banatorkizue bai —erantzuten du gaixoak.
Moja guziak negarrez zeuden bere inguruan,
ta beren buru egiten zuanak galdetu zion: Nora
zuaz gaixo ori?
—Nora? —erantzun zion Benturak—. Euskal
erritik zerura...
Auek izan ziran bere azkeneko itzak.

—IV—
Komentuko illerrian ageri da oraindik zurezko
gurutze zartxo bat ondorengo idazki onekiñ:

Ementxen dago obiraturik
aizpa txit maite Bentura,
aingeru baten antzera beti
bizi izandu zan ura;
baña aingeru bat bizitzeko
diña ez izanik lurra,
gorputza illik anima juan da
Euskal-erritik zerura.
Euskal-Erria, 1914

IJITUAK
—I—
—Ai Pauliñ! Guriak egin du.
—Zer egin?
—Juan giñan gu txakurraren salara.
—Zergaitik?
—Zergatik! Astotxo bat ere eztegu izango
mozteko eta gure irabaziak juan ziran pikutara.
—Eta zergatik eztegu izango astorik mozteko?
—Oraingo tren eta automobillekin, ezta asto
eta mando bearrik. A Kataliñ gaixoa! munduko
berri oraindik eztakizu.
—Zergatik diozu ori?
—Sekulan aditu eztiran astakeriak, orain aditzen diralako.
—Zer astakeri?
—Egunero paperetan irakurtzen degu: automobil bat berreun milla puska egin dala; eta an
zijoazenak ill edo zauritu egin dirala; lasto baten
goraberagatik duelora, au da, alkar iltzera dijoazela, pistolaren kañoian edo ezpataren puntan

arrazoia balego bezela, ta beste orrelako milla
astakeri.
—Oiek gure modukoen kontuak izango dira...
—Ez, emakumea, ez; markes edo kondiak
dira aurrenekoak.
—Beraz anka biko astoak, ezta ala Pauliñ?
—Orixe da. Oietako pare bat moztutzearekin,
naikoa degu urtean.
—Bai, eta zuk moztuko dituzu?
—Bai, bai; ardura andi gabe.
—Naizu apostu bat ezetz?
—Baietz, famili guziaren bazkaria, nere egunerako.
—Ollo ta guzikoa?
—Bai ta txanpan ere.
—Egiña dago.
—II—
—Ikusi al dezu Pauliñ ijitoaren ollarra?
—Ikusi bear: erri guziak aotan darabill ta...
—Bai, oraindik geiago adituko degu.
—Zer ba?
—Arrautzak egiten omen ditu. Or dabiltza
arrautz oien ondoren andizki guziak; bañuak

artzera etorri diran andizkiak ere arrautz oien
kontu geiago omen dute bañuena baño.
—Eztakit ezer ere.
—Txorabil jente guziak eztu nunbait beste
egitekorik.
Eta egiaz, Markes de Txoriburuk eskeñi ziozkan ollarrari bi milla peseta; Konde Kirtenesek
iru milla, eta oni eman zion Pauliñek.
Damutxo zuan Txoriburuk lau milla ez eskeñia, eta Pauliñek jakitean, esan zion lau milla
pesetan ura baiño ollar obia inguratuko ziola.
Pozik eman zituan Txoriburuk lau milla peseta
eta beregandu zuan ollar guziz panparroia.
Biak kontuan jarri zituan, ollarrari egingo
ziela nobedaderen bat leku aldatzeak, eta illebetetxo batean etzutela arrautzik egingo, mika aldi
izango zutela, baiña gero izango zirala egunak bi
ere egingo zituztenak. Sinistu zuten eta bapo
(Pauliñ).
—III—
Egun gutxi barru kimeratu ziran markexa ta
kondea.

Egia esateko, etzuten gauz andirik bear ortarako; bere izenen jabe ziran. Erri guzian jakin zan
bi ollarrak (ez markesak) peliara, au da, burrukara zijoazela eta trabesak ere ondotxo egin ziran.
(Etzuten zer egin andirik).
Pauliñen eguna zan baña onek etzuan biotzik
bere ollarrak burrukan ikusteko; eta erdi negarrez aldendu zan erritik.
—IV—
Bazkaria
Bazan Soroetako zelaian jendea. Ijito arraza
guzia an zan. Bazan antxen erlearen burrundara.
Etzegoan ollarraren errukirik.
—Baiña, Pauliñ, nola engañatu dituzu markesa ta kondia?
—Iriburuko atxuak ekartzen zizkidan ixillik
antzarren arrautzak erreal banan, eta gañerakoa
badakizute.
—Eta zazpi milla peseta atera diztezu?
—Bai, bai; ona emen nun dauden.
—Merezi luke ba orretxek bertso bat.
—Emen dijoa ba:

Emazteari nion
egin nik apostu
anka biko asto bi
aurten baietz moztu;
zazpi milla pesetaz
egiñik kastuak,
orra bi asto oiek
ederki moztuak.
Argia

PRAKA BERRIAK
Billa ezazute lenengo Jaungoikoaren
erreinua, eta beste gauza guziak
geigarritzat emango zaizkizute.
—Manuela, izan al zera elizan?
—Bai ba, Martolo, izandu naiz.
—Zer eman dizute?
—Ematekorik asko ematen digu Jaungoikoak.
—Zer ba?
—Eguneroko ogia.
—Bai, nik nekez irabazita.
—Eta illabeteko uelga egin dezutenian, nork
eman digu?
—Ori... nik eztakit.
—Nik bai, ordea. Zuk ezer ekarri ezagatik,
maian beti jarri dizut eguneroko ogia.
—Beraz...
—Beraz... beraz, nagia pizkortzen ezta erraz.
—Bapo. Enekian bertsolaria ziñanik; baña
goazen lenera. Ni elizara juango nintzake ba,
zerbait atera al banezake.

—Otoitz egizu eta iritxiko dezu nai dezuna.
—Orain praka berri batzuek palta egiten dirate ta...
—Zere eskuan daukazu iristea.
—Nola?
—Egiozu bederatziurren bat San Antoniori.
—Bai! Onik onenian sitsak jandako praka
zarren batzuek...
—Ez, gizona, ez.
—Ondo da; baña iristen ezpadet, eztet geiago errezatuko.
—Eztezu ba len baño gutxiago’re egingo. Eta
alegia; iristen badituzu praka berriak, zer egingo
dezu?
—Jantzi.
—Eta errezatu?
—Baita errosarioa ere.
—Izena jakitea’re ezta gutxi.
—Zuk baño len ikasi nuan nik errosarioa errezatzen.
—Bai aztu’re neri baño len.
—Nik ba, egingo det beñepeiñ bederatziurrena.
—Eta gero errosarioa errezatu ere bai?

—Praka berriak iristen baditut, bai.
—Itz ematen didazu?
—Baita milla itz ere.
Martolok itz eman du
egingo duela,
baña alare ezta
pio Manuela.
—II—
Askotxo kosta zitzaion Martolo’ri Aitagurea
ikastea; «eguneroko ogia» eskatu bearrean, beti
eskatzen zituan praka-berriak.
Ametsetan ere beti bere praka berriak zebilzkian burutan.
Anbrux maleta zarrak
esaten duanez,
gose danak artua
egiten du amets.
—III—
—Zer modu, Manuela?
—Ondo, ta bedori?

—Oso ondo Jaunari eskerrak.
—Konde jaunaren berririk bai al du?
—Bai; Habanatik bialdu dit eskutitza, eta dio,
etorriko dala amabost egun barru.
—Asko poztutzen naiz eta errezatuko diot
ondo etorri dedin.
—Eskarrik asko. Eta Martolo?
Esan zion Manuela’k kondesari gertatzen
zitzaion guzia. Kondesak erantzun zion, an zeuzkala bazterturik, kondiak utzitako erropa
batzuek, eta juan zedilla arratsaldian txokolatia
artuaz, nai zituan erropak aukeratzera.
Etzuan izan kondesak bi aldiz esan bearrik.
Txokolatia artu,
erropak ekarri,
Martolo’k eztu bear
izan errukarri.
—IV—
—Aizazu, Manuela.
—Zer degu, Martolo?
—Praka berrien berririk ezta?
—Zenbat egun daramazkizu bederatziurrenean?

—Zortzi.
—Ba, egiñ ezazu bederatzigarrena eta
orduan, eta ondo egiten badezu, prakak eta
beste zerbait geiago’re espero dezazuke. «Billa
ezazute lenengo Jaungoikoaren erreinua eta
bere justizia, eta beste gauza guziak emango
zaizkizute geigarritzat» dio Jaungoikoak.
—Zedorrek aditu diozu?
—Utzi egiezu kontu oiei eta egizu ondo bederatziurrena.
Gaberdira arte Manuela an aritu zan erropak
moldatzen, eta gero ixill-ixillik utzi zituan silla
batian, senarraren gelako ate aurrean.
Zer esango ote du
Martolo’k goizian
gelatik irten eta
sila topatzian ?
—IV—
San Antonioren egunian jaiki zan goizian goiz
Martolo, eta gelatik irtetzean illunetan, jo zuan
belaunarekin silla eta esan zuan: «Praka berriak
iritxi baño len apurtuko ditut nik zarrak». Idiki
zuan leioa eta ikaraturik gelditu zan arkitzean

praka berriak, txalekoa, gabana ta alkandora
plantxatua, eta esan zuan: «Edo sorgiñak edo
San Antonio dabill emen».
Onetan arkitu zuan erropa artian San Antonio’ren iduri edo estanpa bat idazti onekiñ:
Entzun ditut zerutik
zure otoitzak,
sinistuko didazu
nik ala deritzat.
Orra praka berriak
jan gabiak sitzak,
eta gañera ere
zerbait geigarritzat,
eta kunpli itzazu
emandako itzak.
POSDATAN. Martolo gizajoa, apainduta an emen dabill, ispillura begira, atzera
ta aurrera, bere burua ezagutu eziñez
Martolo ote dan edo ez.
Euskal-Esnalea, 1917

AOTIK-AORA
—I—
—Pedro Mari.
—Zer degu, Patxi?
—Bai omen dator Lontzio.
—Ala diote.
—Ondo samar etorriko da?
—Ala bear luke; ogei ta amar urte badaramazki Amerikan ta...
—II—
—Zer berri, Patxi?
—Larteietako Lontzio omen dator Amerikatik.
—Ze demontre!
—Bai, ala esan du bere anaiak, eta oso ondo
datorrela.
—Beraz erosi naiko du Larteieta.
—Bai, ta eztu izan bear orixe oraingoxe ametsa.
—Jabia’re saldu naian ote dabillen nago.
—Ba, laster izango du merkataria nere ustez.

—Baliteke onuzkero zerbait elkarri eskutitzez
adierazirik egotea.
—Naiko ditu ba jabeak iru milla duro.
—Lau millan ere eztet uste lagako duanik
artu gabe Lontziok.
—III—
—Zer berri, Andres?
—Oraintxe aditu det ba, Lontzio Larteietako
datorrela Amerikatik oso aberats, bere jaiotetxea erosteko asmoetan; eskutitzen bat egin
diola jabeari, lau milla duro bear baditu’re,
emango dizkala.
—Beraz panparroi dator.
—Ala diruri. Len ere panparroi-samarra zan
eta orain berriz zer esanik eztago.
—IV—
—Aditu al dezu Joxepantoni, Lontzio Larteietako datorrenik?
—Aditu det.
—Ezagutuko zenduan.
—Ez naiz ba oroitzen, noiz juan zan; ni artian
umetxoa nintzan ta...

—Zer ari dira ba esaten, zuk zaitu zenduala
ura umea zanian ta...?
—Ez, enetxoa, nik oraindik umea izan bear
nuan ura juan zanian, jaioa banintzan ere...
(neska zarraren gaitza beti gaztetu eziña).
—V—
—Zer gertatzen da Larteietan?
—Eztakit.
—Gabero or dijuaz tertuliara errian diran
emakume ezkongai edo ezkon-nairik dauden
guziak ezpada’re...
—Geienak?
—Geienak ezpada’re...
—Gazteenak?
—Gazteenak ezpada’re...
—Ederrenak?
—Beren usteetan.
—Ezta izango ba Larteietako atsuaren edertasunagatik.
—Eztakit, baña batak ollaskuak, bestiak usakumiak, bestiak bildotsa, besteak belarritakoak
eta nik eztakit zenbat gauza, erregalo egiten
omen dizkaten atsuari tertuliako jende orrek.

—Eztute ba izan bear aiñ esku-zabalak.
—Ez; zimelditartxoak izan bear dute; baña
orain bere seme Lontzio omen datorkio Ameriketatik eta...
—Larteietako atsuari?
—Bai, eztezu entzun?
—Ezta, dan gutxienik ere. Oraiñ ulertzen
(entenditzen) det nik zerbait ere.
—VI—
Lontzio ezkondurik ala ezkongai ote zetorren
jakin-naia’re bazegoan ba, baña nor atrebitu galdetzen? Aztiyagana juateko gogoak ere bati
eman zion, baña ez.
—VII—
—Andre Joxepa.
—Zer da, Joxepantoni?
—Norabuenako dago.
—Zergatik ba?
—Semeak andre oso aberatsa omen dakar.
—Nik baiño geiago dakizu. Bi illabetez onuztik ezkondu ezpada bañepein, oraindik ezkongai

dago. Antziñatxo baten esaten zidan, ia bera
zetorreneko, bat edo bat begiz jotzen ote nuan.
—(Orixe jakin nai nuan). Bai, jendeak, zer
atera-eraziko esaten ditu orrelako gauzak... (jendea, bera, Joxepantoni zan noski).
—VIII—
Beñére baño apaiñago zijoan gau artan tertuliako jendia. Joxepantoni zijoan apaiñena ta tokatu ere alaxe egiten zitzaion, zaarrena ezpazan
ere, beñepein beste guziak bera baño gazteago
ziran ta.
Gau artan eldu bear zuan etxera Lontziok
Santandertik bere anai Pedro Marirekiñ.
Zalpurdi (coche) bat gelditu zan etxeko atarian, eta andre Joxepa jetxi zan lasterka, bere
semea laztantzera. An ziran ondoren beste emakumeak ere.
Jatxi zan Pedro Mari zalpurditik, eta onek
besotik artu ta jetxi zuan Lontzio. Amari, laztandu ondoan, esan zion: «Bai ama; eztizut atsekaberik eman nai izan nere eskutitzetan, baña iru
urte igaro ditut gaixotegian (ospitalean) beti gaixorik; aitu zaizkit diruak, eta lagunak limosnaz

eman dirate, etxera etortzeko bear izan dedana,
eta ezurrak uztera nator nere etxera».
Bere amaren eta anaiaren laguntzaz nekez
igo zuan, arnasaz bete eziñik, tertuliako salara
eta iñortxo’re etzan arkitzen bertan. Nora joan
ziran ba ango emakumiak? Eztakigu. Mozorrotek
esan zuanez, konjuroren bat, eta ez makala, egiñ
bear izan zan sala artan, bada etzan atera emakume aien aztarranik.
Gazte naikoak ziran
izan arren zarrak,
baña gañerakoan
etziran ai txarrak;
bildu dizkate beren
buruai larrak,
eraman eziñikan
jendearen farrak.
Euskal-Esnalea, 1913

PRAILLEA TA DON BURNO
IPUIA
—I—
Don Burno, bere ustez, gizon arrazoizkoa
zan, antiklerikaltxoa bai, baña orretan ere bazituan bere arrazoiak.
Prailleak noizean beiñ eskatu oi zion mandoa
Don Burnori, eta, gogo onez ezpazan ere, ematen zion ibillaldiren bat egiteko.
«Prailleak itz onak baña»... au zan Don Burnok beti bere aoan zeukan esaera, eta erri
guziak ikasi zion.
Jaun onek agindu zion egun batean bere
morroiari, praille-jantzita, eman zegiola manduari astiñaldi on bat makillaz, prailleaganako gorrotoa manduari sartzeko; ala egin zuan morroiak.
Egun batean, Prai Manuel, lego gizajoa, juan
zan mandoren eske, beti bezela, eta Don Burnok
agindu zion, okullotik artu zezala. Bazijuan artzera, baña mandua, praillea ikusteaz bat, asi zan
ostikoka, urreratzen ere utzi gabe Prailleari, eta
mando gabe biurtu zan etxera, esanaz, Don Burnok mandua antiklerikaldu zuala.

—II—
Don Burno bazijoan guziz apaiñ bere mandoaren gañean, eta praille-etxearen aurrean igarotzean, atera zan Praille bat komentutik, eta ura
ikustean, mandua oso izutu, eta asi zan laisterka
ta saltoka, jo bazter bat eta jo bestea, txapela
kaleko parol baten katiatu zitzaion, estalkia edo
kapotia urtara, pipa, betaurrekoak (anteojos),
euritakoa (paraguas) or emen banatu, ate-buru
bat buruaz jo, eta azkenik lurrera eroririk, korde
gabe gelditu zan.
—III—
Jaso zuten komentura eta Prai Manuel an ari
zitzaion, Ebanjelioko Samaritarraren antzera,
ardo ta olioaz bere zauriak garbitu ta gozatzen;
jendea’re bildu zan, eta sumatu zuten, Prai
Manuel’ek zerbait ere mur... mur... mur...
aopean esaten zuala. Oleazio Santua ote zan?
Baña nola, Prai Manuel Legoa da ta? Beste otoitzen bat izango da. Bai; ara zer esaten zuan:
«Prailleak itz onak baña... Prailleak itz onak
baña... Prailleak itz onak baña...».

—Obrak ere bai —erantzun zion alako batian
Don Burnok.
—IV—
Eraman zuten jaun au bere etxera, eta bigamonean nola bait ere esku bat jakaren sakelean
sartzean, arkitu zuan papertxo bat; ona zer zion:
Konsejuren bat eman
baño len iñori,
kontu nola gelditu
zindezken zedori;
etzaitezen kontuan
berandu erori,
gaitz egin diozula
zere buruari.
Guzion begietan
oraiñ da azaldu,
nola mandua dezun
antiklerikaldu;
berriz bota etzaitzan
eta oso galdu,
obe dezu mandua
alik lenen saldu.

Don Burnok saldu zuan mandoa ta erosi zuan
beste bat. Prai Manuelek bere esku zeukan
mando au, eta biak oso adiskide dira. Ala izan
ditezela urte on askoz.
Euskal-Esnalea, 1912

GABON-GAU BATEKO
OROIPENAK
Ai ura eguna eta ura gaba!... Karlos bostgarrenaren guda, edo Karlos kintoren gerratea zan.
Gipuzkoako bigarren batalloeko konpañian
batzuek geunden Lesakan (Naparroan), elurra
kanpoan eta gosea barruan giñuzela.
Agintzen digu kapitanak zortzi soldaduri,
jarraitzeko kabo bati eta aren esana egiteko.
Arratsalde erdian baguaz errekondo batean
aurrera eta aurrera. «Auxe dek auxe —esaten
giñon soldaduak elkarri— gabon gaba, goseak,
oñutsik, elurretan, nora ta zertara goazen eztakigula». Alako batian «alto» egiñ giñon kabuari.
—Zer dezute, mutillak? —galdetu zigun
berak.
—Eztegula oinkada bat ere eman nai, jakiñ
gabe nora eta zertara goazen —erantzun giñon.
—Irungo baserri batean zeudek Muñagorriren
mutill batzuek, eta aiek arrapatzera goazik —
esan zigun kabuak.
—Eta, eztegu ezer jatekorik?

—Nonbait ere zerbait billatuko al diagu.
Sartzen gera lenengo arkitzen degun baserrian eta artiriña beste jatekorik ez genduen arkitu.
Alare talo mordo bat egiñ, jan eta zerbait ase
ta bete giñanean, ez baserri batean, baizik gaztelu batean sartzeko ere prest giñan.
Aurrera ba, mutillak.
Urreratzen gera beste baserri batera, eta
bazan antxe soñu, eresi edo kantu, dantza ta
zarata. Agintzen digu kaboak jartzeko zortzi soldaduok etxe-inguruan, baionetak kalaturik, eta
sartzen da bera etxe-barrura, bada Irundarra ta
ango berri ondo zekiena zan. Laster ixildu ziran
ango soñuak, eta asi zan jendea leioetatik saltaka.
Gau oso illuna illuna zan, eta elurraren zuritasunak zerbait argitzen bazuen ere, etxe inguran
zeuden zugatz edo arbolak naikoa illun egiten
zuten.
Arrapatu giñuzen bi Muñagorritar, baiña
baita ere zauritu edo eritu genduen gerotako
bat, itxumustuan eta illunpetan, arrapataka
artan, Muñagorritarra zalakoan. Eta badakizute
nola eraman bear izan nuen Lesakaraño bi aieta-

ko bat, iru ordu bidean? Lepazamarretik eskuz
oratuta. Ikasle edo estudiantea omen zan, Ituiñdarra, au da, Ituiñ edo Ituren deitzen dan Naparroako erri batekoa; gizaseme gazte asko-asko
ederragorik ikusi ere ezin diteken bezelakoa.
Zeiñ pozik libre utziko nion nere eskuan egon
balitz uztea, alako errukia ematen zidan gizaseme gazte ark! Baiña etzegoen nigan.
Azaldu zan Lesakara emakume ondo jantzi
bat, Ituiñdarraren Ama, egiñ zituen alegiñak
bere semea libratzeko, baiño alperrik.
Andik egun gutxiren buruan, ai! ez nuke esan
nai, baiño, zergatik ez? Ai guda guda, zori gaiztoko guda! Afusilatua izan zan...!
Igaro dira berrogei ta amazazpiren bat urte,
baiño andik onerako gabon gau guztietan oroipen onek ekarri oi dizkit biotzera samintasuna,
begietara malkoak eta mingañera erregu bat
Ituiñdar estudiante aren animagatik.
Martiñek 1894an
—II—
Badator gabon gaba, neretzat gogoangarria.
Karlos bostgarrenaren guda, edo Karlos kintoren gerran, Naparruako amaikagarren batalloian, bagiñan askotxo Yantzitarrak, au da Yan-

tzi deritzon errikoak, eta beste batzuekiñ batean
andik iges egin eta joan giñan Muñagorrigana
Yantzitar batzuek.
Irungo Lastaolan geunden, eta jaietan joan oi
giñan andik Endarlatzera bitartean zegoan baserri batera, dantza ta jolasean denbora ematera.
Gabon illuntzian ere joan giñan, eta dantzan
aspertu-aldi bat eginta laster etxeratu giñan.
Obe izan genduen bai, orduan etxeratu giñan!
Bada ustez uste gabe karlistak sartu ziran gu
atera giñanetik ordu erdi baño len, eta an arrapatu zuten gure kabo furriela, Ituiñdarra, apaizetarako estudiantia, mutill oso ederra, eta izan ala
ona. Ai zer atsekabea artu genduen! Anairik ere
ez nuen nik aiñ maiterik. Aren amak eun ontzurre eskeintzen omen zituen ura libratzeagatik.
Barkazio edo indultua etorri omen zen, baiño
berandu. Ordu bete lenago etorri balitz, libre zan
mutill gizajoa. Baiño ordurako afusillatu zuten
Lesakan. A gizajo gizajoa!
Geroztik beiñ baiño geiagotan igaro naiz Irundik Endarlatzara arrazkero egindako zalpurdi
edo kotxe bidean; baita ikusirik bidearen gañeko
aldean baserri ura, oroitu ere gau artako gertae-

raz, Jaunari eskerrak emanaz, eriotzako arriskutik atera nindualako, eta erregutuaz Ituindar
nere lagun maitearen animagatik.
Igaro dira irurogei gabon gau, baiño bizirik dago
oraindik nere gogoan Ituindar gizajoa, eta beragatik erregutzen.
Batistak 1898an
—III—
Martiñ ill zala badira iru edo lau urte: Batista
bizi da oraindik 82 urterekin,
eta egunik geienetan berarekin itz egin det.
Bada Lesakan, Ola bat Biurgaraikoa deitzen
dana (bi ur edo bi erreka artzen dituena) eta
andik bertan zelai lau-lau bat Burtsoro deitzen
dana (nonbait bi errekak elkartzen diralako, bi
uren erdian dagoelako; bada bi errekak elkarturik, dijoa alde batetik eta bestetik olako aldapara dijoan ura, eta erdian zelaia edo soroa, bada
guk zelaia deitzen diogunari an deitzen zaio
soroa).
Zelai artan bazan orain berrogei urte, burnizko gurutze bat, gaztaiñ zugatz edo arbola bati
josita. Zenbat aldiz aren aurrean igaro izan nin-

tzan (oraindik mutill gaztetxoa), beldur santu
batekin, txapela erantzi, Aitaren egiñ, eta Aita
gure eta Abe Maria arrendu edo errezatuaz! Bai,
beldur santu batekin! An ill zuten Ituindar estudiantea aiñ ona gizajoa!... Eta aren ama?
Eztakit amagatik ala semeagatik adierazi oi
zuten errukitasun geiago Lesakarrak, gertaera
au kontatzean.
Cuba eta Filipinetako gerratean ill dira mutill
asko eta berakgatik erregutu degu. Ama askok
negar egin dute, eta aurrerakoan eztakigu zer
ikusteko gauden, bada zerua goibeldurik agiri
da... Badator gabon eguna, badator gabon gaba.
Zer egin genezake? Beste erregu bat.
O Jesus, gure Salbatzalle maitea! Belenen
jaio ziñanean, aingeruak erestu edo kantatu
zuten: Gloria zeruan Jaungoikoari eta pakea
lurrean gizonai. Iguzu arren pake ori; pake egiazkoa; pakean eta elkar maitatzen bizi, eta pakean
eta zure amorean ill gaitezen, erestu edo kantatu deiogun: Gloria zeruan Jaungoikoari.
1898ko Lotazillaren 16an
Euskalzale, 1898

IJITOAK LUMERO ZINKOAN
—I—
—Nola dezu izena?
—Nik, Juez Jauna, izen ederra det; nik merezi
baiño obea; ez naiz lotsa esaten, bada guziz
onradua da nere izena.
—Eztizut nik galdetzen izen ona dezun ala
eztezun, baizik nola dezun izena.
—Bedorrek eztit galdetzen izen ona dedan