Euskalerriko ipuñak - 5

santzo errimeari, beste santzo batek erantzun
eutsan.
Angurreta-ko mutilla santzo zolia entzutean,
ikaraz geldota jarri zan, bere kolkorako ixil-ixillean iñoala: «Ordu onetan, ¿nor izan daitekek
emen? Emakume-abotsa dala esango neukek.

Baiña, gau baltz onetan eta ordu onetan, olakorik ezin izan daitekek...»
Bururapenok ebazala, Angurreta-ko mutillak,
astiro izanda be, bidean aurrera egiten eban
beti.
Alako baten, Oxinburu-ko zugatz-artetik
emakume bat, argiontzi gorri bat eskuetan eukala agertu yakon. Emakumea, argala ta luzea zan.
Bere soiña koloreetako jantzi dotoreaz estaltzen
eban; eta buruan eban ule luze ta gorrizkea,
lepotik beera apainkiro jausten yakon.
Mutilla, alako emakumea ikustean, ezin-geiago geldotu zan. Eta, zer edo nor izango ete-zeitekean jakingureak jota, ben-ben itandu eutsan:
—Emakume ezezagun ori: ¿onez ala txarrez
zatoz?
—Onez naiatok, mutil —erantzun eutsan
emakumeak irribarrez—. Ni iretzat ezezaguna
ba-nok be, i niretzat ondo ezaguna az, Angurreta-ko etxagunaren semerik zaarrena az-ta. ¿Ez
dok olan?
—Bai, Angurreta-koa naz. Baiña, ordu onetan, ¿ze asmok ekarri zaitu, ba, nire ondora?

—Ik bildurrez jaurti dokan santzoak ekarri
naiok, mutil. Gaba illuna yagok-eta, illargiaren
ordez, eskuetan argiontzi oneaz iri bideak argitzera etorri nok. ¿Bidelagun ez nok gura, ala?
—Egin-egiñean be, bide illun eta lakar au
ondo igaroteko argi on baten bearra ba-dot,
bai... Beraz, bidelagun ona izan ezkero, argiontzi
orren argitan, bide-zidor eta mendiak poz-pozik
zearkatuko neukez...
Eta Angurreta-ko mutilla eta emakume agertua, argiontzi gorriak bideak ederto argitzen
ebazala, Angurreta basetxerantz jo eben.
Emakumeak, bidean yoiazala, iñon diran
barriketak eginda, mutil gaisoa itsututa zer esan
be ez ekiala izten eban. Eta emakumeak, olan
barriketan ziarduala, alako baten, zerurantz
begiratuta, auxe esan eban:
—Gau illun-illun onetan, zerua zoragarri
yagok, ba..., izar politez iñoiz baiño orniduago
yagok-eta. Begira Mugarra-aldeko zeruan jausigurarik dingilizka dagoan izar gorrizkea. Ederragorik ikusteko be!
—Alantxe izan be... Eder-ederra da, gero!
Ipar-aizearen indar leunak batera ta bestera era-

ginda, kolorerik politenak eta dirdira arrigarriak
egiñez, ikusgarriro dago, egon be...
—Bai, izar zoragarri orrek, bere kiñu-ikara
politakaz maite-maite nabela agertzen yok. Eta,
bere berbots ixil-eztitsuaz belarrika ots gozoa
egiñik, beraganatzeko diraustak. ¿Joango etenok? Baiña... bide bakarti onetan, i bertan-beera
bakarrik izteak errime tamaltzen naiok.
—Ene, olakorik! ¿Zelan arrano igoko zara ara
goraiño?
—¿Igoko ez nok, ba, aizearen umea izan-eta?
—¿Aizearen umea? Egundo entzun ez dodana
orixe. Oraindiño andiagoak entzun bear izango
doguz...
—Ez ago ez dan gauzarik entzuten: beiñola,
ipar-aize gozoak eta ego-aize bigunak Usobil-ko
landan sortu eben lora ederretik etorria nok-eta.
Orregaitik, odei eta izarretaraiño igoteko egobearrik ez yoat, non gura ta antxe nagok-eta.
Orrelako gauza bakanak entzutean, mutilla
ule-zutik jarri zan, berekautan iñoala: «¿Zer etedok au? Beronegaz, ¿onez ala txarrez etenoak...?»

Bideak eta mendiak igarota, alako baten
Agurreta-ko basetxe-ingurura eldu ziran. Eta
etxe-ondoan une baten berbetan jardunda gero,
emakumeak, gomutagarri bat emoten eutsala
esanez, mutillari gerriko gorri-dotore bat ipiñi
eutsan. Mutillak, bere gerrian gerriko gorria ikusi
ebanean, dardaraka baten asi zan: bere bidelaguna «Zirtzil» lamiñea zala orduantxe jakin
eban, baita arek emoniko bezuza be «zoritxargerrikoa» zala igarri eban.
Eta, bere bidelagunari, lamiñeari, berba geiago egiteko adorerik arean be ez ebala, arinka
baten etxerantz abiatu zan.
Eta etxeratzeaz batera, sutondoan egoan
aita zaarrari, «Gabon, aita», esan eutsan.
—Baita euri be, gabon, gau ona ba-dakak,
beintzat... —erantzun eutsan aitak ben-ben—.
Beste domeketan baiño askozaz beranduago
etxeratu az gaur. ¿Zer jazo yak, baiña?
Orduan, semeak, gerrian eban gerrikoa erakutsi eutsan. Agurea, gerriko gorria ikustean,
negar baten asi zan; eta ordu luzeetan negarrari ekinda gero, agura gaisoak bere semeari berbots tamaltsuz esan eutsan:

—Galdua az, mutil! «Zirtzil»-lamiñearen
«zoritxar-gerrikoa» daukak aldean-eta... Orain,
ori dala-ta, lamiñatzar ori, eugaz ezkondu gurarik, ementxe etxe-inguruan ibiliko dok beti. Eta
bere asmoa beteten ez ba-yok, iñon diran erasoak egiñaz, zoritxarreko egingo au betiko... Orra,
zelako etorkizun baltza daukoan, alde bietara
galduta ago-ta!
Olako berba bildurgarriak entzunda, mutilla
geisotu egin zan. Eta, iru edo lau egun barru,
tamalez beterik il zan. Ilda biaramonean, auzoetako lagunak, gorpua lurperatzera eroan eben.
Eta, orretan ziarduela, «Zirtzil» lamiñea, negarrez eta uluka, lagun-artean sartu zan, deadar
andiz iñoala: «Ori neurea da, ori neurea da!» Eta
illobiraiño olan deadarka lagunduta gero, lamiñea Oxinburu-ko koban garrasi baten asi zan.
Ori ikusita, ganeko egun baten, «Landaluze»
eta «Agerre» basetxeetako mutillak, lamiñearen
billa joan ziran; eta, ibiliak eginda gero, basoan
aurkitu ebenean, arrika ta makillaka il egin eben;
eta gero gorpua Arranaitz-gaillurretik beera jaurtita, zati-zati egin eben. «Zoritxar-gerrikoa»,

barriz, ota-abarrakaz eta su andi-andia eginda,
bertan erre-erre egin eben.
Egun aretan, «Zirtzil»en eriotza zala-ta, Aldebaraietan jai izan zan; eta ujuju eta santzo askoren artean, begi-begiko erromeria egin eben.

25. ORRATZONTZIKO
SORGIÑAK
Leenagoko urteetan, « Bizkarra» izeneko
basetxean abade bat bere arreba bategaz bizi
zan. Abade arek, bere etxeko kutxa zaar baten,
orratzontzi bat ondo gordeta eukiten eban; eta
berak, orrazontzi ari iñortxok be iñoiz ez egiola
ikutu ta abar, esaten ziarduan sarri be sarritan.
A zala-ta, etxeko ta auzokoak —emakumeak
batez be— orratzontzi miragarri aretan zer egon
ete-zeitekean, buru-austez beterik ebizan.
Egun baten, abadeak bere arrebeari auxe
esan eutsan:
—Gaur Urkiola-ra noa, eta etxeko egitekoak
ondo egiñaz, ea etxea ondo baiño obeto zaintzen
dozun. Kortako abelgorriai be lantzean bein
begiratu. Eta ni etxetik at nazan artean, or kutxa
zaarrean gordeta dagoan orratzontziari ez egin,
gero, ikuturik..., goizetik gabera zoritxar gorriren
bat leporatu ez dagizun be... Kontuz!
Eta beste bagarik, abadea Urkiola-gabera
joan zan. Eta nebeak atzea emon orduko, arre-

bea kutxara begira jarri zan, bere kolkorako esaten ebala: «Orratzontzi ori dala-ta, gure nebeak
darabizan buru-austeak ez dira txikiak gero!
Orrenbeste ardura ta buru-auste, ¿zer dala-ta,
baiña? Urrea, zidarra, ala arribitxi dirdiratsuren
batzuk ete-dagoz bertan? Ontzi bakan orretan
zer dagoan, berak bakarrik daki; ori, barriz, olan
ez litzake izan bear: etxean zer dagoan, etxeko
guztiak jakin bear leukee-ta: etxean bizi danak,
gizonak naiz emakumeak, etxean zer dagoan
jakitea gauzarik bidezkoena da-ta. Beti aiko-maikoetan ibili bagarik, kutxa zaar ori, giltz andi
oneaz edegi be egingo neuke..., eta bertan zer
dagoan ikusi be bai. Baiña, baiña... gure abadea
zuur-zuurra da-ta, jazorikoaren barri bereala
jakingo leuke, bearbada; besterik ezean, zer izan
dan igarri egingo leuke-ta... Ene! ¿Zer egin?
Dana dala, onako buru-austerik geiago ezin
eroan daiket nik; nire osasuna zerbait maite badot beintzat, miñutu baten be geiago ezin itxaron daiket.»
Eta ori esanda, neska jakingureak, kutxea
zabalduta, orratzontzia eskuan artu eban. Eta

orduan izan ziran izan ziranak, eta jazo ziran jazo
ziranak!
Beste bagarik, orratzontzitik, sorgiñak takataka urteten asi ziran. Eta «zer eingu ta zer
eingu» esanez, sorgin batzuek neskeari oiñetatik
oratu eutsoen, beste batzuek eskuetatik eta
beste batzuek samara zart egin eutsoen. Orduan
neskea estutu egin zan; eta, negarrez asita,
auxe esan eutsan:
—Lan egin gura ba-dozue, zoaze solora, eta
beientzako bedarra ekarri egidazue, ba...
Eta sorgiñak, bereala soloratuta, bedar guztiak beingo baten etxeratu ebezan.
Eta barriro be, neskearen inguruan ikotika
asita, «zer eingu ta zer eingu» esaten ziarduen;
eta bakea izango ba-zan izan, arbiak ekartera
solora bialdu bear izan ebazan, eta, miñutu
batzuk barru, inguruetako arbi guztiak etxeko
atartera ekarri ebezan. Eta orduan be «zer eingu
ta zer eingu» esaten asi ziran.
Neska gaisoa, olako esturaldian negarrez eta
uluka asi zan, bere inguruan ikotika ebizan sorgiñai zer agindu be ez ekiala. Alako baten, alan

bearrez, bere zorionerako gauza bakan bat agintzea otu yakon.
—Zoaze errekara —esan eutsan—, eta
etxean bear dodan ura galbae onetan ekarri egidazue: gure etxean ur tantarik be ez dago-ta...
Eta sorgiñak, galbaea artuta, errekara joan
ziran, eta ur-ekarten zintzo-zintzo asi. Baiña,
areik orretarako egiten eben guztia, alper-alperrik zan: artzen eben ur guztia, lau oinkada emon
orduko, galbaearen zuloetatik urtenda, lurrera
yoakien-eta. Barriro be errekara joan, eta barriro
be axe bera jazo yaken: ezelan be urik ezin ekarri.
Orretan ziarduela, abadea, Urkiola-ganean
eguna ederto eginda, tapa-tapa etxean sartu
zan; eta bere arrebea negar baten aurkitu eban.
Zer jazo yakon itandu eutsanean, neskeak
auxe erantzun eutsan:
—Orratzontzikoak sakabanatu egin dira...,
eta orain larri ta barregarri narabille. Ene...!
Eta jazoriko guztia azaldu eutsan. Entzunikoaz, abadea asarratu egin zan, eta betozko illunez
auxe esan eutsan:

—Jakingura petralak alakook! Orratzontzi
orreaz arduraz ibilteko, ¿ez dautsut esaten ba
beti? Zuek lakoakaz, baiña, alperrik da... Eskerrak galbaeaz ura ekarten jarri dozuzalako; bestela, zure galdua: or zintzazan orratzontzian
eurakaz batera...
Gero, abadea, orratzontzia arturik, errekara
joan zan; eta bertan «latiñaro» bat esanda beste
bagarik, sorgin guztiak beingo baten orratzontzian sartu ziran, kanpoko argitan bat bera be
geratzen ez zala.

26. URREZKO LARAKOA
Izarrak dantzan ziarduen eta illargia barreka
egoan gau zoragarri baten, «Usua» lamiña liraiña, Mugarra-atxean Kataxuri-ko armokil andiaren ganean, aparteko dantzak egiten asi zan. Eta
illargi mosu-zabalari adi-adi zala, besoak gora ta
ankai bizkor eragiñez, aizearen otsean dantzan
etenbagarik egiten eban.
Baiña orretan ziarduala, alako baten, lamiñeak oiñak ezarrita eukazan armokilla, bere
lekutik bat-batean urtenda, mendian-beera bilinbolaka keea ta lantarra eriola abiatu zan, «Inpernuko-erreka»ra —Aldebaraieta-ko errekara—
eldu arte.
Eta orduan, «Ilinti» lamiña nagusiak, Usua
liraiñari begirakune zorrotza egiñaz, asarrebitsetan esan eutsan:
Neskato! Jausi ba-don jausi,
oa atzetik igesi,
gura ez ba-don gatxik ikusi...

Eta ori esanda, Ilinti-k, gau aretan bertan
armokilla barriro Kataxuri-ra ekarri egiala agindu
eutsan.
Usua lamiñea, barriz, bere nagusiaren esana
egitearren, «Inpernu-erreka»ra ariñeketan joanda, armokilla uretatik ataraten asi zan. Guztia
alperrik, baiña; orretarako egiñaalak eginda be,
armokillari ikaratxo bat be ezin eragin izan
eutsan.
Eta, bere guraria iñondik iñora be ezin bete
ebala konturatu zanean, Usua lamiñea, mendian
ardi zuriak zaintzen ziarduan artzain mutillagana
joan zan, laguntza-eske.
—Artzain, eure bear nok! «Inpernu-erreka»ra
jausi yakun armokilla jasoteko, eure bear nok,
mutil... Orretan lagun egingo daustak, ¿eztok?
Bestela... nire galdua! «Ilinti» ankerraren zigorra
neure lepoan legokek...
—Lagun egingo dautsut, bai... eta pozik
lagundu be. Estualdian dagoanen bat poztean,
nire biotzak atsegin andia artzen dau-ta...
Eta beste bagarik, lamiñeagaz batera «Inpernuerreka»ra joanda, bertako armokilla ataraten
asi zan; eta aalegiñak-aalegin eginda gero, ure-

tan egoan armokil andia, bizkar-ganean Kataxuri-ko txuntxurrera beingo baten jaso eban.
Orduan, bai, lamiñearen poza!
—On egiñaren saritzat, ¿orain zer eskatzen
dok euk? —itandu eutsan Usua liraiñak artzain
mutil gazteari, berbots gozo-gozoz.
—Nik, ezebez (ezer bere ez)... —erantzun
eutsan mutillak—. Batak besteari orrenbeste on
egiteko beti gagoz gu.
—Tirok, ba, mutil; tirok, ba... Eskerrik asko,
mutil.
Eta bere eskerrona agertzeko, beste au be
esan eutsan:
—Alako baten, ba... esturaldiren baten-edo,
gaurko on-egiña zelan-alan esku-zabalez ordaindu bear izango dauat, bai... Negar egin dagikanean-edo...
Artzain-mutillak, azkenengo berbok entzutean, bere begiak «Arriaga» basetxera zuzenduta, ben-ben esan eban:
—Negar sarritan egin bear izaten dot, bai...!

Beste egun baten be, Usua lamiñea artzain
mutillagana joan zan. Egun aretan, artzain gazteak bere artaldeko ardi ederrak, eguraldi txarraren bildurrez, txabolarantz eroaten ziarduan.
Arazo orretan ziarduala, Usua lamiñeak, mutillari dei eginda, samurkiro esan eutsan:
—Mutil, itzi egizak mendian ire ardiak, orain
be eure laguntza-bearrean aurkitzen nok-eta.
Gure auntz zuria, Mugarra-ko auntzik ederrena,
atzo goizean, nora be ez dakigula aldendu
yakuan. Esne gozo-gozoa emoten euskun gure
auntz kutun-kutuna galdu!... Eta gau osoan aren
billa mendirik-mendi eta basorik-baso ibili izan
nazanarren, auntzik ez aren aztarrenik be ezin
aurkitu... Gure tamala! Onetan be, euk egin bear
izango daustak lagun, mutil. Lagun egingo daustak, ¿eztok?
—Bai orixe! Gaur be lagun egingo dautsut,
bai... —erantzun eutsan mutillak gogo onez—.
Nire ardiak txakurraren ardurapean itzirik, ortikzear mendirik-mendi auntzaren billa joango
gara.
Eta beste bagarik, Usua ta mutilla, mendirikmendi auntzaren billa joan ziran.

Ibiliak ibili eginda gero, Mugarra-ko auntz
zuria Arranaitz-ko labar baten erdian egoala
ikusi eben. Eta orduan, leku bildurgarri aretatik
auntza atara egiala erregutu eutsan lamiñeak
mutillari. Mutilla, baiña, aren esana egiteko
muker: bertako jauskera bildurgarriak burua
zorabiatuta, beeko trokara jausi zeitekeala-ta...
Lamiñeak, barriz, olako bildurrik arean be ez
egiala izan, esan eutsan. Eta Usua-k, artzain
mutillari bildurra kentzearren, begi biak zapi
gorri bataz estaldu eutsazan, ixil mixilka belarrira esaten eutsala: «Begi-begitxu, ez ago itsu,
jatsi adi labarra-beera, eta ekarri egik, buru ta
anka, nire auntz kutuna: gatxik arean be ez dok
izango-ta...»
Usua-ren esana egitearren, gure artzain
mutilla, begi biak estalduta ebazala, labarrabeera jatsi zen; eta labarraren erdian, «begibegitxu, ez ago itsu» deadar andiz esanda, auntz
zuri ederra beingo baten gaillurreratu eban.
Usua, auntza esku-artean ikustean, pozez
zoratu bearrean egoan. Eta mutillari, pozarren
begirakune gozoa egiñik, auxe esan eutsan:

—I lako mutillik ez yagok... Ire egintzak arrigarriak dozak... Adoretsua az. Biotzak arabil...
Eta gerotxoago:
—Eta... egiñiko mesedeakaitik, ¿orain zer
eskatzen dok?
—Ezebez... —erantzun eutsan mutillak—.
Negar egin dagidanean poztea baiño ez dautsut
eskatzen...

Ganeko egun baten, artzain mutil gazteak,
bere ardi zuriai begiraturik, arto-garauak lakoxe
negar-malkoak isuriz, mendian negar eta negar
egiten eban.
Mutilla olan egoala, Usua lamiñea bertatik
igaro zan. Eta, mutilla alan negarrez ikustean,
berari be biotzean ikutu eutsan. Eta, negar-egite
a zegaitik ete-zeitekean jakin-gurarik, samursamur esan eutsan:
—Ori dok negar-egitea! Orrenbeste malko
isurteko, ¿zer dok, mutil? ¿Zer jazoten yak?
—Arriaga basetxeko alaba bakarragaz ezkondu gura dot, eta...

—Ene!, ori baiño ez ba-dok... Ezkondu adi
beragaz, eta kitu...
—Bai, baiña... Arriaga-ko etxagunak, bere
alabeagaz ni ezkontzea ezetara be ez dau gura.
—¿Zegaitik ez yok gura, ba?
—Lugintzan ezertxo be ez dakidalako... Bai,
ba; txiki-txikitatik artzaintzan bakarrik nozu
oitua-ta... Arriaga etxaguntza ederrean, barriz,
nekazari ona bear ei-da. Ni, barriz, orretarako
gauza ez... Orra, ba, nire negar-egite au.
Mutillaren zoritxarra ikusita, Usua saminduago jarri zan; eta leen berari ainbeste mesede
egin eutsan mutilla zelanbait pozteko aalegiñetan asi zan.
—Ez adi estutu, mutil, ez adi estutu —esan
eutsan—. Oraintxe emongo dauadan bitxi eder
batek zorioneko egingo au-ta...
Ori esateaz batera, kolkotik atarata, «urrezko
larakoa» eskuratu eutsan.
—Ona emen nekazari on-ona egingo auan
larako miragarria —esan eutsan irribarrez—.
Berau aldean dokala, «larako, larako, egin lan
eta lan asko» esan ezkero, edozein lugintzalanari ondo baiño obeto ekiteko laguntza aparte-

koa izango dok. Olan dala, emen inguruetako
nekazaririk onena eu izango az. Eta orduan...
Arriaga-ko alaba bakarragaz ezkontzeko zoriona
bertatik izango dok.
Mutilla, lamiñearen eskutik arturiko urrezko
larakoaz, ezti-bitsetan jarri zan, Usua-ren esanak
zeatz-meatz beteko ziralakotan.
Eta geiago bagarik, Arriaga basetxera arin
joanda, ango soloetan lanean asi zan.
Leenengo egunean, urrezko larakoa aldean
ebala, «larako, larako, egin lan eta lan asko»
esanez, atxurketan asi zan; gero, barriz, laietan,
bedar-ebaten, burdiñaraketan, eta abar.
Egun bi ta erdian olan jardunda, Arriaga
basetxeko soloak, ertzetik ertzera, ederto landuta, sekulako edertoen itzi ebazan. Ikusgarri geratu ziran!
Aren lan-egitearen ederra ikusita, Arriaga-ko
aita-alabak arrituta geratu ziran. Leen orretan
ezertxo be ez ekian mutilla, nekazaririk onena
eginda ikusita, poztu be poztu egin ziran. Eta
nekazaririk onena bera zala-ta, artzain mutilla
Arriaga-ko alaba bakarragaz ezkontzea erabagi
eben.

Eta egun batzuk barru, eztegu andi bat gertatuta, neska-mutil gazte biak poz-pozik ezkondu ziran. Eta aurrerantzean zoriontsu be zoriontsu bizi izan ziran...

27. ERIOTZAREN SAGARRA
Bein, sagutxu bizkor bat, ganbarako leiotik
kalera begira egoala, etxe-ondoko bide-ertzean
itxura oneko sagar bat egoala konturatu zan. Eta
ariñeketan bertaratu ta sagarraz jabetu zalakotan, pozez beterik auxe esan eban:
—Onako sagarrik ikusteko be! Orain berau,
neuk artu dodan ezkero, neure-neurea dok!
Ori esatean, baiña, etxeko katu baltzak, arrapaladan jatsita, sagutxuari bere erpe zorrotzakaz zauri mingarriak egiñaz, sagarra beingo
baten kendu eutsan. Eta katuak be, sagarraz
jabetu zalakotan, pozez esan eban:
—Au dok gauzearen ederra! Orain berau neurea dok! Gerotxoago, barriz, katuari, erpeetan
laztankiro eukan sagarra, itzulipurdika agertu
zan tximiñoak kendu eutsan. Eta tximiñoak be,
musturraz kiñuka ziarduan artean, zugatz-erpiñera igota, igaliari [1] begira auxe esan eutsan:
—Ze sagu ta ze katu! Indarra beti nagusi!
Sagar eder ori, orain neurea az!

Orretan, odei-artetik arrano andi bat egozabalez jatsi zan. Eta arrano andi arek be, ikusiriko igalia gura izan eban ezkero, bere moko ta
erpe zorrotzakaz tximiñoari gogorkiro eginda,
aitaturiko sagarra indarrez kendu eutsan. Arranoa be igaliagaz pozik egoan; eta, labar-ganean
bere lumak arro-arro igitzen ebazan artean,
auxe esan eban:
—Neure ago-zabal eta moko ta erpe zorrotzai
esker, sagar eder-eder au neure-neurea baiño ez
dok...
Andik geroago, baiña, mendian-zear joan zan
eiztari batek, pozaren pozez zabar-ganean
egoan Arranoa, iskilloaren bidez, bat-batean
erail eban. Eta arranoaren erpeetan egoan sagarra laztankiro kolkoan sartuta, mendi-gaillurreko
laudara ezti-bitsetan joan zan. Eta, landatxo aretan tente egoala, arro-arro auxe esan eban:
«Sagar eder eta atsegingarri onen billa amaikatxo bidar ibili nok! Baiña ibiliak ibili ta aalegiñak
aalegiñarren, gaur arte ezin lortu izan yoat.
Gaur, barriz, zoriak onela naita, igali oneaz
neure agoa gozotu eta nire biotza poztu aal izan-

go yoadaz. Au dok poza!, eta neurea dok. Indarra beti nagusi!»
Eta ori esanda, sagarra, une aretan agoratzeko asmoz, aizto zorrotz bataz erdibitu egin eban.
Barruko arra, andia ta ikatza lakoxe baltz-baltza
zan.
Eta ar bildurgarri arek, abots latz eta itzelez,
auxe esan eutsan:
—Sagarra eurea ba-dok, neu be eurea nok!
Ori entzunik, gizona estutu egin zan, zurbilduta [2] geratu zan; eta ikarearen ikaraz, lurrera
zerraldo [3] jausi zan.
Sagar-barrutik urten zan arra, eriotzaren arra
izan zan...
[1] Igali: fruta.
[2] Zurbildu: palidecer.
[3] Zerraldo: de bruces.

28. BASA-KOIPATSU
Gure Aberriko baserrietan «txitxi-burduntzi»
gozoa basoan jateko, urte oro egun berezi bat
izaten zan. Egun berezi ori, barriz, aratuzteaurreko domekea izaten zan beti.
Eta domeka ori, Arratia-aldean, «kanpo-martxo» izenaz ezagutzen zan; Durango-aldeko
errietan, ostera, «basakoipatsu» izen politaz.
Ikusi daikegunez, bigarren izen ori leenengoa
baiño politagoa ta orretarako egokiagoa da.
Berba batetik bestera alde galanta dago, egon
be! Leenengoa, erderakada andia da; bigarrena,
barriz, euskera uts-utsa.
Aitaturiko domeka ori, Garizumearen gorabeeretan egoten zan ezkero, urte batzuetan
goiztxoago eta beste batzuetan belutxoago
eltzen zan. Orregaitik, gure erritxoko ume ta
gaztetxoak, urtarrillak bere azken-agurra egin
orduko, zorioneko egun ori noiz izango ete-zan
jakingura latzez egoten ziran, une orotan itauntzen ebela: «¿Noiz da basakoipatsu? ¿Noiz jango
ete dogu txitxi-burduntzi gozoa?»

Eta gogo biziz itxaroten genduan egun ori.
Bere ordua etorten zanean, bakotxak gura ebanez, ume ta gastetxo, nagusi ta zaar, adiskidelagunakaz batera, askari-pardeltxoak eskuetan
genduzala, baso-mendietara ezti-bitsetan joaten
gintzazan; eta, ekandu zaarrari jarraituaz, askaritzat urdai, lukainka, solomo eta abar, txarriki
utsa bakarrik eroaten genduan.
Mendiratu ta bereala, zugatz-adar ezoakaz,
txarrikia erreteko burduntziak egiten genduzan;
eta gero, or-emen egurrak batuta, su andi bat
egiteko gertatu. Eta orduan, sua nok iziotu erabagiteko, zozketa egiten genduan, eta zozketearen zoriak musturrean joten ebanak, bere agoko
aizea baiño orretarako beste ausporik ez ebela,
putz eta putz kee-areean negarrez zala, sua egin
bear izaten eban. Suaren garbizia gorantz igoten
zan unean, barriz, urdai ta lukainkak burduntzierpiñean jasota, guztiok batera abots zoliz esaten genduan:
Urdai eta lukainka,
txitxi ta burduntzi,
ardaotxo gozoaz:
guztiak iruntsi.

Eta ori kantatzean, burduntziak txingar-ganeratuaz txarriki-koipez bustiriko ogia gogo-gogorik joten genduan. Gauzearen gozoa! Gerotxoago, urdai ta lukainkak be ezpanak miazketan
barruratzen genduzan.
Olan zala, arratsaldeko lauretan-edo, gure
aitz eta mendietan sutzar andiak agertzen ziran,
eta ordu orretatik aurrera, Mañari-erritxoan,
ujuju ta santzo zolien durundi alaiak berarizko
poztasuna sorrerazoten eben. Une aretan aitzmendiak emoten eben poza, iñortxok be ez eban
kolkoan gordeten.
Eta arratsalde osoa alan atsegiñez eginda,
gabaren illuntasunak egunaren argia uxatu bear
eban une-unean, abesti ta santzoz basabideak
bizkor-bizkor igarota, pozez beterik etxeratzen
gintzazan, urrengo urtean be bardin-bardin egiteko asmoa geure buruan genduala.
Orra, ba, Euzkadi-ko erri txikietako ekandu
zaar bat laburkiro azalduta. Ekandu ori, antxinantxiñakoa ei-da. Eta leengo urte baten Urkiolako aldatzean aguratxo batek esan eustanez, leenagoko Garizumetan aragi-izteak eta barauak

ugari egin bear izaten ziran ezkero, «basa-koipatsu» eguna okeleari ta umore alaiari Pazkoetararte agur egiteko izan zan jarria.

29. ARTZAIÑA TA
BASAJAUNA
(Lapurdi-ko ipuiña)
Beiñola, illuntze baten, Martin artzain gaztea
Larrungo txabolatik Askain-go ardanetxe batera
etorri zan, bere lagunakaz musean jokatzeko
asmoz. Martin, artzain errimea ta talogin entzutetsua zan; Larrun-inguruko erritxoetan, berak
egiñiko taloak baiño gozoagorik ez ebala iñortxok iñoiz jan, guztiak ago batez esaten eben.
Olan, ba, Martini, ardanetxera eldu zanean,
bere lagunak auxe esan eutsoen:
—Martin: gauza bati beti ekitea itxura on ez
dokan ezkero, gaur mus-jokoa alde batera itzita,
taloak jan bear yoaguz. Beraz, oraintxe berton
taloak egin bear dozak; beti lez, azal biren erdian
mamin gozo-gozoa jarrita... Ire taloak ogi zuri
piña baiño be askozaz gozoagoak dozak izan beta.
—Ez; gaur zuen asmoa ezin bete neikek, talopalea Larrun-go txabolan itzi yoat-eta —erantzun eutsoen Martinek irribarrez—. Orain gabez,

barriz, zera yoak ango txuntxurrera talo-palearen eske...
—Gabez ibilteko, ¿orreneste bildur? Guzurra
yirudik! Illargi mosu-zabalak eguerdiko eguzkiak
baiño argi geiagoaz baztarrak argitzen dauzala,
¿ez al-dok ikusten euk? Oa, oa, ba, beingoan,
Martin, eta talo-pala ori ekarri egik arin —esan
eutsoen lagunak arrenka.
Eta artzain gaztea, lagunen esana egitearren, Larrungo txabolara tapa-tapa joan zan; eta,
ara eltzean, gizon ezezagun bat sutondoan jesarrita egoala ikusi eban. Gizona luze-luzea ta
baltz-baltza zan, eta gerriraiñoko bizarrak ebazan.
Itxura orretako gizona ikusita, gure mutilla
ikaratu egin zan, eta, gizonak bere oiñak txingar
gori-artean sartuta eukazala ikustean, orduan
eta geiago ikaratu zan. «Oiñak txingar goriartean eukiteko, gizon au ze deabru ete-dok!»,
esan eban berekautan.
Eta gogapen illun ori buruan ebala,
—¿Nor zara zu? —itandu eutsan jakin-min
latzez.

—¿Nor izango nok, ba? «Nazana-nazana»
basajauna berbera nok —erantzun eutsan gizonak, bere bizar andiari ezkerreko eskuaz eragiñaz.
Erantzun orreaz mutillaren burua naastuago
jarri zan, «Nazana-nazana»-ren entzuterik
orduan arte iñoiz be ez eban izan-eta. «¿Ze pisti
ete-dok berau?», iñoan, buruko matazea aritikmarira arildu guraz. Eta pentsakor egoala, ixilune luzetxo baten ostean auxe esan eutsan:
—Txingar-artean dozuzan oiñak, ¿ez yatzuz
erreten? ¿Ez dozu miñik artzen?
—Bein ondo erretakorik, barriro ez dala erreten ez al-dakik ik? —esan eban basajaunak berbots lakarrez.
Ori entzunik, Martin lauorrian jarri eta, izuikara larriz, aterantzako bidean jarri zan. Atera
eldu baiño leen, baiña, sutondoko gizonak, basajaunak, deadar egin eutsan orroka:
—Geldi or, mutil! Ire burua zerbait maite badok maite, iru egia andi oraintxe esan bagarik,
ez adi emendik urten!
Orduan, mutilla ezin-geiago estutu zan; ikarearen ikaraz lurrera jausteko zorian egon zan.

Eta, estualdi orretan zala, totelka-motelka auxe
esan eban:
—Iru egiarik andienak... oraintxe... oraintxe
esango dodaz, ba. Leenengoa: taloa, ogi zuri
piña baiño gozoagoa dala esaten dabe; nik, ostera, ogi zuri piña taloa baiño askozaz obeagotzat
daukat...
—Egia andia diñok, mutil —esan eutsan basajaunak, txingar pilloa kolkoan sartuaz—. Ogi
zuria taloa baiño gozoagoa dok, izan be... Ea
beste egia bat orain.
—Illargiak eguerdiko eguzkiak baiño argi
geiago egiten dauala uste dabe batzuek; nik,
ostera, illargia baiño eguzkia milla bidar argiagoa dala diñot...
—Euk diñokanez dok, izan be: eguzkia lako
illargirik ez yagok egon be-ta... Orain irugarrena
esan egin, eta kitu...
—Irugarrena..., irugarrena... «Nazana-nazana» emen dagoala jakin ba-neu jakin, ez nintzala ona etorriko onen bizkor eta arin... —esan
eban mutillak, basajaunagana begi-zearka begiratuaz.

Irugarren egia entzutean, basajauna batbatean zutundu zan; eta, arrausi andi ta luze bat
eginda gero, mutillari irribarrez auxe esan
eutsan:
—Ire azkenengo berbakaz bertsolari-samarra
agertu azan ezkero, orain, neure kolkotik aizetaratuko diran bertsoak zeatz-meatz ikasi bear
izango dozak. Eta, bertsook ondo ikasita gero,
ardanetxera joanda, ango ire lagunari berrogei
bidar esan bear izango dautsezak. Ona emen:
Istorio misterio latz
eun zorri ta berreun bartz,
orreik guztiok bizkarrean dauzanak
izango dau non egin atz.
Esan eta esan, Martin-ek, bertsoak, basajaunak nai ebanez, aritik-marira ederto baten ikasi
ebazan. Eta bereala, ariñeketan ardanetxera
joanda, ikasiriko guztia bere lagunen artean
berrogei bidar esan ebazan.
Azkenez, esan eta esan eta entzun eta
entzun eginda, ardanetxeko lagun guztiak, Martin erdi-erdian zala, zorri ta bartz pilloak gorpu-

tzean bai-lebezan, atz eta atz asita, somatzen
eben azkurea jasan ezinda, erri guztiaren barregarri ibili ziran; eta, erriko abadeak bedeinkapen
sendo batzuk emon arteko aldi guztian, alantxe
ibili-bearra izan ei-eben...

30. ARRIZABAL-GO JAUNA
ETA BIDAZTIA
Antxiña-antxiñako aldietan, mendi jagi ta
eder baten txuntxurrean, orma sendoko gaztelu
bat egoan. Gaztelu eder ori «Arrizabal» izenez
ezagutzen zan, eta an gizon aberats bat andikiro
ta nasaikiro bizi zan. Aberats okitu [1] arek,
barriz, bere gaztelua apaintzen urtero-urtero
diru-pillo andiak eralgiten ebazan. Bitartean,
bere inguruko txiroak (beartsuak) ogia jan eziñik