Euskal ipuinak - 13

bihotza erdi erria, gatzik gabe.
Egiten dituzte besta ederrak. Ematen dute
bihotz hura aita haren aintzinian. Pika arazten
diote berari eta hañitz damutu zen hortaz eta
erran zuen bere semeak:
—Horren beira nagoen.
Erraten dio:
—Ai aita gaixua! ahantzi duzu ote nola erran
zinduen, Tartarua libratu zuenaren bihotza janen

zinduela erdi errerik eta gatzik gabe ere. Ez da
hori nere bihotza. Ardi batena da. Iñ dut hori zuri
oroitarazteko zer erran zinduen eta nere burubaren ezagut arazteko.
Besarkatzen dute elkar. Kondatzen diozkate
elkarri beren berriak eta zer zerbitzuak egiñ ziozkan Tartaruak. Aita hura erretiratu zen kontent
bere etxerat eta Petit Jorge bizi izan zen arras
urus bere andre gaztearen eta erregeren etxean.
Ez zuten deusen eskasik izatu bethi han beitzuten Tartarua beren zerbitzuko.
(Laurentine)

EZKABI FIDELA
Asko munduan diren bezala eta garen bezala
baziren ama seme batzuek. Arras pobreak ziren.
Seme harek gan nahi du norapeit, obekiago
atheratuko dela, ez dela bizitze bat hala. Amak
pena du bañian zer in? Obekiago izateko bere
semea uzten du gaterat. Badoha gan, gan, gan,
Oian batean ikhusten du jaun bat. Galdetzen dio
non dabillan. Erraten dio etxean banion obekiago izan nahiz hilki dela zerbeiten iteko. Erraten
dio jaun harek iyan nahi duen haren mutil gan.
Erraten du baietz. Badohazi beraz eta arribatzen
dire toki eder baterat. Han sartu eta jaunak ematen diozka etxeko gako guziak, behar duela gan
biaia batean. Ikhus dezan etxea, guzia. Atzemanen dituela behar dituen guziak jateko eta harta
detzan haren zaldiak estaulian.
Badoha jauna. Gure muthikoak etxe guzia
ikhusi ondoan badoha estaulirat. Bazen zaldi
hanitz eta denen erdian bazen behor xuri bat.
Erraten dio:

—Ai ai Fidel! Libra nazak othoi hemendik eta
kanporat eman. Ez zaik urrikituko.
Fidel badago nondik heldu den boza hura.
Istant baten buruan erraten du behor xuriak:
—Urbil zaite behor xuri hunen ondorat. Hura
mintzo zaitzu.
Urbiltzen da Fidel eta erraten dio ezin libra
dezakela. Nausiak ez dioela bertze lanikan eman
iterat eta ez duela segurki holako lanik egiñen.
Behorrak erraten dio:
—Hua goiti eta ekharrak kasola bat eta nik
piza iten dutenean garbituko haiz eskubak eta
buruba.
Fidelek iten du behor xuriak erran bezala eta
harritua da ikhustia bere eskuak hala distiratzen.
Erraten dio ez duela nahi hala bizi bañian buruba gordetu eta atxikiko zuela. Behorrak erraten
dio garbi detzala eskuak urian eta izanen dituela
lehen bezala.
Denbora hanitz pasatzen da hola. Ez da sekulan heldu nausia eta behorrak erraten dio egun
batez:
—Fidel badakik zenbat denbora den hemen
haizela?

Erraten dio:
—Ez dakit. Sei hilabete naski.
Erraten dio behorrak badirela sei urthe pasatuak eta nausia ethortzen balin bada zazpi urte
pasatu eta hura ere eskantatua izanen dela,
hekiek diren bezala eta nausi hura debrua dela.
Hoik guziak aditu onduan, Fidel izitzen da eta
iten du obe duela iñ behor xuriak erraten duen
bezala, haren bizkarrerat hizatu eta gan ihesi
handik. Badohazi beraz biak. Bide puska bat iñ
eta behorrak erraten dio iyan ez duen deusik
ikhusten gibelean. Erraten dio baietz. Ikhusten
duela gauza izigarri bat, banian edoietan. Izigarria dela. Behorrak ematen dio lurrari ostiko bat
bere zangoekin eta erraten dio:
—Lurra! Hire medioz, hori den tokian bruma
bat izigarria forma dadiela!
Badohazi aintzineat orainion. Erraten dio
berritz ere behorrak:
—Beira zak iyan ez dukan deusikan ikhusten.
Fidelek erraten dio:
—Bai! Ikhusten dut orainion gauza izigarri
hura gure ondotikan laster heldu da. Atzemanen
gaitu.

Erraten du behorrak horrekin batean lurrari
ostiko bat ematean:
—Hura den tokian in dezala arria eta barazuza jauts ahala.
Badohazi urrunago eta erraten dio behorrak
orainion:
—Beirazak iyan ez dukan deusik ikhusten.
Erraten du:
—Bai! Hemen da orai ere mustro izigarri
hura. Bañian akabo gare orai. Ezin eskapatuko
gare. Arras urbil da eta laster egiten du.
Jotzen du behorrak bere zangoz lurra eta
erraten du:
—Horren aintzinian forma dadiela arribera
bat eta hor ito dadiela sekulakotz. Eta ikhusten
dute itotzen.
Behorrak erraten dio:
—Orai ganen haiz holako tokitarat. Han duk
errege. Galdetuko duk iyan behar duten baratzezainik. Erranen haute baietz. Han egoenen haiz
deusikan ari gabe. Berak iñen dituk lanak. Egun
guziez sortuko beitire hiru lore eder baratze hartan, eremanen dituk erregeren hiru alaberi.
Banian emanen diok bethi gaztenari ederrena.

Usaia zen baratzezainari bazkaria erematea
eta erregeren alaba gaztenak erematen zioen
egun guziez. Lehenbiziko egunetik gustatzen
zitzaioen andre gazte hari. Erraten dio egun
batez harekin behar duela ezkondu. Mutikoak
erraten dio ez ditakela holako mutiko ez deus
batekin. Ez duela behar pentsatu ezkontzia; ez
geihago holako ametsik egiteko.
Eritzen da andre gazte hori. Aitak ekhar arazten du mirikua zeniak erraten beitu poltsua billatu eta ez dioela deus eritasunik atzematen eta
amoren miña duela. Mirikua badoha erraterat
erregeri. Aita badoha bere alabarenganat eta
erraten dio mirikuak erran dioela ez dela eri
handi. Erraten dio alabak haren sendatzeko
behar dela ekhar arazi baratzezaina eta harek
emanez salda sendatuko dela. Aitak ekhar arazten du berehala, garbi arazten eta beztitzen ungi
eta erematen dio salda.
Bazen korte hartan amaño zahar zahar bat.
Sorgina zen eta beitzakien zer erran zuen mirikuak, badoha andre gazte eriaren gelarat eta
han gorde zen baratzezaina ethorri bañion lehenago, aditzeko zer erraten zuten. Andre gazteak

erraten dio, bai, eta harekin bertzeik ez dela
ezkonduko. Harek errana gatik mutikoak erraten
dio ezetz, ezetz, ez duela nahi aipatzia ere. Amañok aditu zuen nola pasatu zen eta kondatzen du
berehala erregeri.
Andre gaztea sendatzen da eta badoha erematerat Fideli bere bazkaria. Usaia zuen Fidelek
lehenbiziko kullida zopa ematea potzuari. Ematen dio egun hartan ere eta jan orduko, potzua
erortzen da hil gogorra. Andre gazteak, hori
ikhusi eta badoha bere aitari erraterat. Aitak
ekhar arazten du zakur handi bat. Ematen dio
zopa hartarik eta jan orduko erortzen da hilla.
Pentsa azue andre gazte haren kolera! Har arazten du amaño zahar hura eta erre arazten.
Badoha Fidelen ganat, baratze zolan zen etxe
ttiki baterat eta han ikhusten du buruhas; iduzkiak bezala distiratzen zuen. Soratua zen. Erraten dio andre gazte harek ezkondu behar duela
harekin. Bakia ez beitzioen uzten, aitak erraten
dio harekin nahi balin badu ezkondu iñ dadiela
bañian ez dioela deusikan emanen. Gan beharko
duela mendi zoko baterat bere senharrarekin.
Han baduela etxe bat eta han egonen direla

arras. Ethorriko direla zortzitik egun baten pasatzerat.
Andre gazte hari, denak igual zitzaiozkan eta
badohazi. Dirurikan ez beitzioten erregek eman,
Fidelen ille puzka baten saltzerat gaten zen noiztenka eta zillargiñak erraten zioen haren etxean
ez litakela aski diru, harek ekhartzen zuen urrearen pagatzeko. Eta bizi ziren hala, arras urus.
Egun batez aditu zuen Fidelek erregek bazuela gerla handi bat egiteko eta erraten dio bere
andreari, duala bere aitarenganat, erraterat gan
nahi dela hura ere gerla hartarat. Badoha andre
gazte hura aitari erraterat bere senharraren
mandatua. Bañian aitak erraten dio zertako
duen halako gizona. Harek ez zuela sekulan lurpekorikan bertzerikan hil eta badaukela bere
etxean. Alabak erraten dio hura ere haren suia
dela. Aitak erraten dio:
—Datorla beraz holako egunetako.
Fidel badoha erran bezala. Galdetzen dio
erregeri zaldi bat eta ezpata bat. Ematen dio
erregek zaldi oker eta maingu bat. Ez zen kontent Fidel. Bañian hasten da gan nahiz. Bide
piska bat iñ orduko sartzen zaio zaldia basan eta

nihondikan ezin athera zezaken. Hala ari zelarik
heldu zaio bere behor zuria. Ematen dio zaldi
eder bat, ezpata bat eta lantza bat eta erraten
dio ikhusiko zituela bere koñiatak kanpatuak,
hiriz kanpo, ez hekiekin arrastatzeko, gateko
zuzen hirirat. Atheak zarratuak izanen zirela,
bañian bere lantzaz ukitu orduko porroskatuak
izanen zirela eta galdetuko ziotela bakia.
Iten du erran bezala. Badoha hirirat zimiztaren pare zaldiaren ganean eman orduko, kasurik
egin gabe bere koñateri eta bere ezpataz ukitu
orduko, atheak puskatzen dira. Sartzen da hirirat
eta mundu guzia atheratzen zaio eta iten milla
besta. Erraten diote ez dutela nahi gerla geihago, emanen diotela tresoreko gakoak eta paper
guziak. Eta badoha handik ohore guziekin.
Heldu delarik gibelerat erraten diote bere
koñateri badoazkela gibelerat, gerla fini dela.
Eta badoha oraiñon aintzinerat. Arrastatzen da
bere zaldi zaharra utzi tokian. Egortzen du bere
zaldi ederra bere puskekin eta Fidel badago han
bere zaldia ezin atheratuz basa hartarik pasatzen direnian bere koñatak. Trufatzen dire hartaz
iyan han pasatu duen denbora guzia. Erraten du

baietz. Bertzeak badohazi aintzinerat eta noizpeit hura ere arribatzen da erregeren etxerat.
Uzten du han zaldi zahar hura eta badoha bere
etxerat. Ez dio erraten bere emazteari zer pasatu den eta bizi ziren bere zilloan.
Errege zahartzen ari zen eta bista galtzen du
arras. Norbeitek aditu arazi zioen bazela ur bat
gaztetzen zuena eta beste bat bista ematen.
Erraten diote hori bere suieri eta erraten diote
behar luketela gan. Hola ez duela hanitz iraunen.
Eta badohazi biak. Beren emazteek gatean ematen diote sagar urre bana. Badohazi urrun
banian deus ez dute atzematen. Unatu eta arrastatzen dire hiri eder batean. Hartzen dute emazte bana eta bizi ziren arras beren gusturat.
Fidelek ikhusi ondoan bere koñatak ez zirela
heldu gibelerat erraten du bere emazteari gan
behar duela iyan harek obekiago atzemanen
duen haren aitak behar dituen urak. Badoha
erregeri deusik erran gabe. Badoha urrun urrun.
Atzematen du emazteki xahar xahar bat. Erraten
dio non dabillan. Erraten dio nola nahi lukeen ur
itsuen argitzekoa eta zahar gaztetzekoa. Hekiek
atzeman arte ez dela ganen bere etxerat.

Atso harek erraten dio:
—Ikhusiko dituzu zureganik urbil bi alimale
kolpeka eta belar hilla piztuko duena bilduko
duzu eta egos araziko eta ur hura gardatuko
duzu zuretzat.
Mutiko hura badoha piska bat eta ikhusten
ditu bi sumandil kolpeka ari direla hain finki non
batek bertzea hiltzen baitu. Bizi zenak hartzen
du belar izpi bat, ukitzen hilla dena eta pizten
du. Biltzen du Fidelek belar hartarik eta badoha
atso harenganat. Ematen dio atso harek bi anpolla erraten dioelarik hekiek direla itsuen argitzekoa eta zaharren gaztetzeko urak. Ez dituela
hekiek behar saldu dirutan, bañian iñ trukada bi
sagar urretan. Hiri hartan berean dituela bere
koñatak eta hekieri emanen dioela ur hura.
Badoha Fidel hirirat eta sartu orduko ari da
oihuka:
—Nork nahi du ur itsua argitzen duena eta
zaharrak gaztetzen?
Bere bi koñatak agertzen dire eta erraten
diote behar luketela ur hekietarik. Galdetzen
diote zenbatetan salduko dituen. Erraten diote
ez dituela saltzen bañan bakarrik ematen sagar

urretan truk. Jaun hekiek gogotik iten dute trukada. Bañian iñ nahi dute esperientzia kusian.
Ekhartzen dute xakur itsu zahar bat eta berehala gaztetzen da. Pentsazue zeñien kontent ziren.
Beren ur poderosarekin badohazi erregerenganat eta arras ungi ur harek gaztetzen du eta
argitzen. Erregek nahi ditu egin besta ederrak.
Konbidatzen ditu bere adiskide ingurutako
guziak. Fidel arribatu zen bere etxerat. Ez dio
deus erraten bere emazteari.
Aditu duenian bestak egin behar dituela erregek egortzen du bere emaztea galdetzerat erregeri iyan ez lukeen nahi, duazin hek ere. Iñen
dutela laguntza, bata egur pikatzen eta bertzea
mahain zerbitzatzen. Ez zuen batere gan nahi
andre gazte harek. Erraten zioen bere senharrari nahiago zuela ehunetan bere etxean egon baiñan senharrak egortzen du bortxaz, han behar
dutela egun hartan.
Badoha beraz emazte gaxua bere buruaren
kontra. Erraten dio aitari iyan ez luketen hekien
beharrik besta in behar duten egunetan. Aitak
erraten dio ezetz. Badirela aski jende. Jeneral
zahar batek sahetsetik erraten dio:

—Zertako ez duzu uzten ethortzerat?
Orduan erraten dio erregek:
—Zatozte beraz holako egunetan.
Badohazi Fidel eta bere emaztea. Bazkaiten
hari zirelarik jeneral zaharrak erraten dio Fideli
iyan ez dakien bada harek ere zerbeit kondatzeko. Erraten dio baietz, balukela; bañian bat
bañion geihago ez litazkela kontent harek erran
lezakenarekin. Orduan erraten du erregek bere
ezpata mahain ganean pausatu eta:
—Nere ezpataren puntak jakinen du mintzatuko denaren bihotzaren berri.
Hasten da beraz Fidel erraten nola gerlarat
gan zen zaldi zahar maingu eta oker batekin,
bañian hala ere iyan nork ekharri zituen tresoreko gakoak eta paperak. Erregek erraten dio
behin ere ez dituela orainon ikhusi. Bethi beira
dagoela. Fidelek atheratzen ditu paperrak eta
ematen erregeri. Ematen dio ere tresoreko gakoak eta segurtatzen da egiazkoak direla. Kondatzen du igual nola saldu duen bi sagar urretan
truk ur baliosa. Horrekin batean bere emaztea
altxatu eta erraten dio:
—Non dituk hik, sagar urrezkoak?
Lehenbiziko hitza harek erran beitzuen Fidelek hartzen du ezpata erregerena eta botatzen

du bere emaztea hilla. Errege penatua zen hori
ikhustiaz, bañan erraten dio Fidelek:
—Ez hortaz inketa! Kendu diotan bezala bizia
emanen diot berritz.
Hartzen du anpolla hilaren piztekoa eta frotatzen diozka foltsuak eta ethortzen da berehala
bizirat. Mundu guzia espantitua da harek egiten
dituen abileziez eta jadaneko iñ dituenez. Erregek erraten dio irabazia duela jadaneko haren
korua, bañian behar duela sendatu ezkabia izigarri hura. Emaztea altxatzen da eta kentzen dio
zuen mokanesa burutik eta irakusten bere senharraren buru distiranta erraten duelarik:
—Horra nolakoa den nere senharraren ezkabia.
Erregek erraten du haren buruan distiratuko
duela ederki koruak. Badoha billa eta pausatzen
dio buru balios haren ganean. Egortzen ditu bertze bi suiak lehen Fidel zen toki deserturat bere
bi alabekin eta Fidel eta bere andrea bizi izan
ziren hanitz errege zen bañion aberatsago bere
buru baliosa zela medio.
Ungi bizi beitziren, ungi hil ziren.
(Laurentine)

ASTO LARRU
Asko munduan bezala baziren errege bat eta
erregiña bat. Heldu zaiote egun batez neskatxa
bat plazatu nahiz. Galdetzen diote izena. Erraten
du Fidel. Erregek erraten dio:
—Zure izena bezalakoa zare?
Erraten dio baietz. Eta egoten da han zazpi
urte. Nausiak eman ziozkan gako guziak, tresorarentzat ere. Egun batez jaun andreak kanpoan
zirelarik badoha Fidel ithurrirat eta heldu zelarik
ikhusten ditu zazpi ohoin etxetikan ilkitzen. Pentsa azue nola zen neskatxa gaixo hura. Badoha
zuzen tresorerat eta ikhusten du erdia banion
geihago eskas dela. Ez zakien zer billaka. Ikharatua zagoen.
Errege eta bere andrea ethortzen direnian
erraten diote zer pasatzen den. Banian ez dute
nahi siñetsi eta botatzen dute preso. Han badago urthe bat. Erraten zuen bethi ez zela faltadun
banian ez zuten sinesten eta erregek kondenatzen du hiltzerat eta egortzen du lau gizonekin

oianherat hiltzerat, erraten duelarik haren bihotza ekar diotzaten.
Badohazi bañian gizon hekiek pena zuten
neskatxa hura hiltzea; arras pullita zen eta erraten zioten inoxenta zela ohointza hartaz. Erraten
diote gizonek:
—Ez bazine geihago ethortzen gure lurretarat
utz ginzazuke bizia.
Agintzen diote sekulan ez dela agertuko alde
hekietarat. Gizonek ikhusten dute asto bat eta
erraten diote haren bihotza eremanen diotela
erregeri. Neskatxak erraten diote:
—Nihork ez nazan geihago ezagut, larru
zazube othoi asto hori eta ez dut horren larruba
geihago sekulan kenduko soiñetik.
Gizonak badohazi erregerenganat eta neskatxa, gerize bat nahiz badoha ilhunian. Atzematen
du etxe eder bat. Galdetzen du iyan behar duten
antzara zaintzallerik. Erraten diote baietz. Ematen dute antzarekin eta erraten diote egun
guziez hekiekin beharko duela ibilli eta gateko
holako landetarat.
Goizian goiz gaten zen eta arratsean berandu
ethortzen. Erregeren etxe bat zen. Ama semeak

bizi ziren. Bañian asto larruk ez zuen nihor ikhusten erregiña bertzerik.
Denbora hañitzen buruban, agertzen zaio
egun batez atso xahar bat. Iten dio oihu:
—Fidel! In duzu aski penitentzia. Errege
semeak eman behar beititu besta eder batzuek,
gan behar duzu hekietarat. Egun arratsean galdetuko duzu permisioñea andreari eta erranen
diozu emanen diozkatzula hango berriak. Utz
zaitzala gaterat piska bat. Eta horra hur bat. Hortarik atheratuko dire zuk behar dituzun arropak.
Eta hori hautsiko duzu besta den tokirat gatean.
Arratsean galdetzen du beraz andreari permisionia gateko erregek ematen duen bestaren
ikhusterat, istant bat xoilki. Ethorriko dela kusian
erraterat han zer ikhusi duen. Andreak erraten
dio baietz.
Arratsean badoha beraz. Bidean hausten du
bere hurra. Handik atheratzen da arropa zilliarrezko bat. Hura soñian ematen duenian badoha,
eta hura sartu orduko mundu guzia hari beira
soratuba da. Erregeen semeak ez du uzten istant
bat. Ari dire dantzan bethi batean. Bertze andre

gazteri ez du erregek batere kasurikan egiten.
Freskamenduak hartzen dituzte ederki.
Erregeri bere lagun batzuek oihu egin eta
ereman arazten dute eta tarte hartan gure Fidel
eskapatzen da etxerat. Erraten dio erreginari
nola andre gazte bat ethorri den eta mundu
guzia soratu duen eta partikulazki, errege ez
dela hartaz bertzerik okupatu. Banian eskapatu
zaioela.
Heldu denian semea etxerat, amak erraten
dio:
—Eskapatu zaik beraz hire andre gaztea. Ez
zikan aparantziaz hire gutiziarik.
Erraten dio amari:
—Nork erran zaitu hori?
—Astolarruk, ikhusterat nahi izan beitu ethorri.
Errege seme hura badoha Fidel zen tokirat
eta ematen diozka bi ostiko bere pantuflarekin,
erraten dioelarik:
—Geihago ethortzen balin bahaiz, han berian
hillen haut.
Biharamunian badoha Astolarru antzarekin.
Agertzen zaio berritz ere atxoa. Erraten dio gan

behar duela arratsean era balerat. Andreak emanen dioela permisioña.
—Horra heltzaur bat.
Hor izanen duela behar duena beztitzeko eta
erregek galdetuko dioela nola duen izena. Eta
erranen dioela: «Braf le mandufle». Arratsean
galdetzen du permisioñea etxeko andreari. Ematen dio, bainan harritua da. Erraten dio:
—Ez dakin zer erran hauen erregek. Atzematen balin bahau han, hillen abela han berian.
— Ez naiz beldur. Ez nau segurki atzemanen.
—Hua beraz.
Badoha bidean. Hausten du bere heltzaurra.
Atheratzen zaio arropa bat urrezkoa. Sartzen da
errege. Heldu zaio milla konplimendurekin. Erraten dio nola gan zen bada bezperan hari deusik
erran gabe. Ungi penatua izan zela. Ungi jostatzen dire. Erregek ez du begirik harentzat bertzerik, galdetzen dio nola duen izena. Erraten dio
«Braf le mandoufle». Ungi hartzen dituzte freskamenduak eta lagun batzuek oihu iñ eta badoha hekietarat eta eskapatzen da bere andre gaztea.

Astolarru badoha erraterat erregiñari ethorri
zaioela erregeri bezperako andre gaztea, bezperan banion ederrago orainion. Banian eskapatu
zaioela orainion bestaren erditan. Badoha bere
antzaretarat. Heldu da errege etxerat. Amak
erraten dio:
—Ethorri da beraz zuk maite duzun andrea!
Banian harek ez zaitu hanbat maite gan denaz
geroztik funts hortan.
—Nork erran zaitu hori?
—Astolarruk!
Badoha harenganat eta ematen diozka bi
ostiko bere pantuflarekin eta erraten dio, malur
harentzat gaten bada berritz harat, hilen duela
han berian.
Biharamunian badoha bere antzarekin. Heldu
zaio berritz ere emazteki xahar hura. Erraten dio
galde dezan arratseko berritz ere permisioñia,
gan behar duela dantzarat. Ematen dio melokoton bat, han izanen duela behar duena beztitzeko. Badoha beraz andereari galdetzerat iyan
utziko duen bezperan bezala gaterat bestarat.
Erraten dio:

—Ba, ba! Utziko zaitut, bañian ez zare beldur
erregek atzematea. Erran du hilen zaituela gaten
balin bazare.
—Ez naiz izitzen zeren segur naiz ez nauela
atzemanen. Atzo ere billatu nau bañan ez atzeman.
Badoha beraz. Idikitzen du bidean bere melokotoña eta atheratzen du arropa bat deña diamantezkoa. Lehen ederra balin batzen, pentsa
azue orai! Distiratzen zuen iguzkiak bezala. Errege bozkariotan sartu zen hura ikhustearekin.
Soratua zen. Ez zuen hari nahi dantzan. Beren
aisian jarri ziren fotil eder batzuetan; eta freskamenduak aintzinian, mintzuan pasatu zuten
hainbertze denbora. Erregek galdetzen dio eman
diozan ezkontzeko itza. Andre gaztiak ematen
dio bere itza ezkonduko direla elkharrekin eta
erregek ematen dio bere erritik kendu eta bere
erreztun diamanta.
Bere lagunek egiten diote oihu bat, duala laster gauza balios baten ikhusterat. Badoha bere
andre gaztea utzirik eta mementu hartaz baliatzen da eskapatzeko bere etxerat. Badoha etxeko andreari kondatzerat zer pasatu zen, nola

andre gazte hura arribatu zen arropa diamant
batekin eta mundu guzia soratua zen haren
edertasunaz.
Ezin beiratu zitzaioen, hala distiratzen zuen.
Erregek ez zakien non zen bozkarioz. Itzak eman
dituzte elkharri ezkontzeko eta erregek eman
dio bere erreztun diamanta, bañian pullitena.
Egun ere ihesi gan zaio.
Heldu da da istantian erregeren seme hori.
Amak erraten dio:
—Ez dik, ez dik hire gutiziarik. Ihesi gan zaik
hire diamantarekin. Norat ganen haiz haren
billa? Ez dakik non egoten den ere. Non galdetuko duk andre gazte bat izena duena «Braf le
mandufle»? Eta eman hau itza ezkontzeko ere,
banian ez dik hire gutiziarik hola egiten duenaz
geroz.
Gure jaun erregek ez zioen galdetu bere
amari nork erran zioen. Oferat gan zen eri zela
eta hala, Astolarruk ez zituen izatu bi ostiko
arrats hartan. Erreginak pena zuen hañitz, bere
seme ikhustea hala eri. Bethi haren buruba billa
zabillan jakiteko nor ahal zitaken. Erraten dio
bere semeari:

—Gure astolarru ote da zure andrea. Horrek
nola jakinen zuen bertzela elkharri emanak ziñatela eta erreztuna ere eman ziñoela? Ungi urbil
behar zuen izan zuen ganik. Ikhusi duk?
Erraten dio ezetz eta badago gogoetan.
Amak erraten dio arras bisaia ederra duela bere
astolarruaren azpian eta amak erraten dio ekhar
arazi behar duela eta ikhusiko duela berak.
Salda harek emanik hartuko duela. Ekhar arazten du astolarru sukalderat. Salda prepara arazten dio bere semearentzat eta astolarruk ematen du ogiaren barnean, erregek eman zioen
erreztuna. Andreak ederki bezti arazi eta badoha
erregeren aintzinerat.
Erregek ikhusi eta dudetan zen orainion eta
edaten zuen bere salda. Ogia eman duenean
agorat atzematen du zerbeit eta ungi harritzen
da atzematearekin bere erreztuna. Ez zen gehiago eri. Badoha lasterka bere amari erraterat
bere bozkarigua, atzeman duela bere andrea.
Berehala nahi du ezkondu.
Ingurutako errege guziak konbidatuak dire.
Egiten dituzte besta eder batzuek eta bazkaiten
ari zirelarik denek erraten zuten zerbeit berri

eder. Erraten diote andre esposari ere iyan ez
dakien bada zerbeit harek ere. Erraten du baietz
banian ezin erran ditazkela harek dakizkienak.
Mahain hartan denak ez litazkela kontent. Bere
senharrak erraten dio mintza dadiela hausarki.
Kentzen du bere ezpata eta erraten du:
—Itz egiten duena ezpata huntaz pasatua
izanen da.
Erraten du beraz nola neskatxa pobre bat
gan zen sehi errege baten etxerat. Nola han
egotu zen zazpi urte. Hañitz maitatu zutela eta
eman konfidentzia guzia tresoretako gakoak
eman artiñon. Egun batez errege eta bere
andrea kanpoan zirelarik ohoñak sartu eta ebatsi zuten kasik tresor guzia. Erregek ez zuen
sinetsi nahikatu ohoñak ethorri zirela. Eman
zuen neskatxa preso urte batez eta denboraren
buruan egorri zuen hiltzerat erraten ziotelarik
bere burreberi ekhartzeko haren bihotza etxerat. Burreba hekiek errege banion obeak izan
ziren. Sinetsi zuten inozent zela, asto bat hil eta
ereman zuten haren bihotza erregeri.
—Eta horra. Ni naiz errege haren sehia.
Erraten du jaun esposak:

—Nor ote da errege hura? Nere osaba hau?
Andreak erraten dio:
—Ez dakit iyan zure osaba den, bañian jaun
hori da.
Jaun esposak hartzen du bere ezpata eta hiltzen du han berean erraten dioelarik bere emazteari ez duela haren beldurrikan izanen geihago.
Bizi ziren hañitz urus. Zenbeit denboraren
buruban izan zituzten bi haur, mutil bat eta
neska bat. Zazpi urte in zituenean zaharrena hil
zen erraten ziotelarik bere aita eta amari zerurat
zuala hekien plaza egiterat. Zortzi egunen
buruan hiltzen zaiote bertze haurra ere eta erraten diote hura ere zerurat duala eta tokia prest
atxikiko diotela hekieri ere. Ethorriko direla laster hekienganat eta erran bezala, urte baten
buruan justu justuba hil ziren jaun andreak eta
gan zerurat jaun andreak.
(Laurentine)

ANDERE USOA ETA
BERE ORRAZIA
Asko munduan bezala baziren ama seme
batzuek. Arras pobreak ziren. Seme harek nahi
izan zuen ama utzirik gan, sobra malurus zirela
hala. Badoha beraz gan, gan, gan. Oihan baten
barnean atzematen du jauregi bat. Sartzen da
han. Galdetzen du behar duten muthilik. Agertzen zaio Tartaro bat eta erraten dio non dabillan, lurreko xinaurria. Erraten dio etxean arras
pobre izan eta nahi zuela lanian hari obekiago
izateko. Tartaruak erraten dio:
—Zeren egia erran dukan uzten haut bizia,
lurreko xinaurria, eta zenbeit egunen buruban
ganen haiz hemendik. Ethorriko dituk hiru andre
gazte nere baratzeko urerat mañatzerat. Hekiek
utziko ditizkek beren uso arropak harri handi
baten gañian eta hartuko duk erdian izanen den
uso larruba. Ilkiko dituk bi andre gazteak uretik
eta hartuko ditizkek bere larrubak. Urean geldituko denak galdetuko hau bere larruba bañian

ez diok emanen agindu arte lagunduko hauela
bethi.
Biharamunian ikhusten du gure muthikoak
andre gazteak urean direla. Badoha eta egiten
du Tartaruak erran bezala. Hartzen du hiru
larruetarik erdikoa. Bi andre gaztek hartzen dute
beren larruba eta hirugarrenak galdetzen dio
eman diozela berea. Mutikoak ez dio eman nahi
haren agintza gabe. Andre gazteak ez dio itz
eman nahi. Erraten dio orduan ez dioela emanen
batere. Andre gazteak erraten dio konda dezala
haren ganean. Ematen dioela bere itza eta
datorla biharamunian haren aitaren etxerat. Hartuko duela mutil. Holako tokitan egoten direla.
Mutilla badoha beraz biharamunian eta atzematen du etxe eder hura bañan oihan baten barnean. Galdetzen dio iyan behar duten mutillik.
Erraten diote baietz bañian lan hañitz iñ beharko
duela. Biharamunian, goizean erraten dio oihan
baterat ereman eta:
—Behar dituzu haritz hauk guziak atheratu
errotarik, xehatu, eman lodiak alde baterat,
mehiak bertzerat eta erruak bertzerat, denak
elkharrekin, bakotxa bakotxarekin. Gero irauliko

duzu, arratuko, ogia erainen, pikatuko eta ekharri beharko nazu egun erditan, talo bat ogi hartaz egina.
Bertzenaz hila izanen dela. Muthikoak erraten dio:
—Ensaiatuko naiz.
Badoha oihanerat eta han zagoen gogoetan.
Hameka orenak ziren. Agertzen zaio andre gaztea. Erraten dio:
—Zertako zaude hola triste. Ez zaitut agindu
lagunduko zaitudala. Begiak itsu zatzu. Bañian
anbat gaixtoago idekitzen balin badituzu.
Botatzen du orraze bat eta erraten du:
—Orrazea! Hire podorez atheratzik haritz
guziak errotik. Pikatzatzik lodiak, eman batean.
Mehiak igual eta erruak ere.
Erran orduko iñak dire. Botatzen du bertze
orraze bat eta erraten du.
—Orrazea hire podorez itzulzak lur hau, arra
eta erain ogia.
Erran orduko iña da. Botatzen du bertze orraze bat eta erraten du:
—Orrazea, hire podorez, ogi hortaz pikatu eta
inzak opil bat.

Gure mutila kurios zen ikhusteko zer pasatzen zen. Bañian erraten dio andre gazteak:
—Malur zuri eta neri idekitzen balin beitutzu.
Ez da deusik iña izanen.
Ez ditu idekitzen eta opilla erria da. Egunerdi
jotzerat zuan. Erraten dio:
—Zoazi laster! Ez duzu denborarik galtzeko.
Badoha mutilla erregerenganat. Erematen
dio opilla. Errege arritzen da mutill abilla dela
hura eta nahi du segurtatu. Leiotik beiratu eta
ikhusi ondoan oihan handi hura atheratua izatu
dela, estonitua da. Egortzen du mutilla eta badoha bere andreari erraterat. Andreak erraten dio
emateko kontu iyan ez den haren alabarekin
akort. Erraten dio jaunak:
—Nola nahi duzu? Ez dute elkar sekulan ikhusi.
Jaun hura debrua zen. Andre gazteak erraten
dio aitak egorriko duela erreztun galdua duen