🕥 30-minute read

Errezel berdeak - 13

Total number of words is 3860
Total number of unique words is 2085
29.5 of words are in the 2000 most common words
44.4 of words are in the 5000 most common words
51.2 of words are in the 8000 most common words
Each bar represents the percentage of words per 1000 most common words.
  madero batek, kaleko jantziz, sartu eta bira egiten zidan soinaren
  inguruan, aurretik pasatzean begietara begiratu, eta saihetsean kolpetxo batzuk emanez esan zidan. “Lasai, guk ez ditugu reverendoak
  torturatzen”. Ez ninduten ukitu. Galdetzaileak, jesarrita eta oinak
  mahaian bermatuta eskatu zidan: “Esan dakizuna”. “Zertaz, ordea?,
  nik. Eta berak, nire isiltasunaren aurrean zakar: “Ezer ez daukazuenak zarete okerrenak”.
  197
  
  Etxera ekarri ninduten. Ondo idatzi dut: autoan sartu eta etxe-atarian laga ninduten, “egun on” opatuz. Sekula ez dut jakin zergatik
  eraman ninduten, zer bilatzen zuten, zeren peskizan zebiltzan. Ustez
  ez nintzen inon nabarmentzen garai hartan, alabaina norbaitek bazekien zerbait nitaz. Orduko hartan alferrik saiatu nintzen asmatzen
  zer bilatzen zuten nire etxean. Auzoko okinak esan zidan: “Azken
  boladan tipo susmagarri bat zebilen espaloi honetan, eta zuen pisuko leihoetara begiratu ohi zuen. Jadanik desagertu da”. Nirekin
  bizi zirenetako bi ere eraman zituzten Gordonizera, beste auto batean. Galdera guztiak nitaz zirela aitortu zidaten irteeran. Handik
  aldi batera doi, Bilboko Plaza Zirkularrean semaforoa gurutzatzen
  ari nintzela, Nafarroa kalearen goiko partean, torturarena aipatu zidan madero berbera sumatu nuen nire alboan, semaforo berbera
  gurutzatzen-edo. Orain nagoen tokian egonda, detenitu nindutenek
  dagoeneko esango zuten: “Ez genbiltzan oso oker, ez mutilak?”.
  Gordonizeko komisaldegitik bertatik atera naiz Soto del Realera hogeita hamar bat urte geroago.
  
  198
  
  Errezel berdeak
  
  Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
  
  Kartzelako-txokoan, beti erne (9)
  Igor etxera joan da, sei urte ordainduta. Pozik eta urduri, bere neska-lagunaren bila, gurasoen besoetara. Laster, lehen egunak edo asteak pasata, lanera. Zortekoa da mutila: emaztea, etxea eta lana. Dena borobiltzeko, bidean dagoen haurra. Borobila. Merezi du. “Faltan hartuko zaitut”, esan diot besarkatuz. “Nik ere bai”, erantzun dit, “plazer bat izan
  da”. Urtebete egon gara elkarrekin, “izatezko bikote” ia, agintariek hola
  erabakita. Bikain konpondu gara. Bi belaunaldi, bi izaera, bi historia;
  kartzelaldi berbera, ordea, elkarren ondoan bizitzeko aukera emanez. Bi
  egun baino ez dira pasa. Arantzaren ondoan esnatuko da, eta nik, faltan
  hartzen dut, inbidia diot: berak badaki zergatik. (…)
  Nola esaten zaio lokutoriora datorkizun lagunari lasai egoteko? “Berehala kalera, luze baino lehen ez dugu etorri beharrik izango”, esan
  dizu, eta zu poker aurpegiarekin: a bai? “Telebistan esan dute etxera
  etortzea eskatu duzuela”, eta zuk: “Egia da bai, guk ere entzun dugu, batzuk guk-geuk baino lehenago enteratzen dira”. “Ba… kanpoan uste dugu
  iritsi dela kalera ateratzeko unea”. ”Ondo, oso ondo egiten duzue. Hori
  da bidea, baina hartu lasai. Lehenengo gaixoak, gero kartzelaldia beteta
  daukatenak, ondoren 3/4ekoak, eta hala. Ez da irteera masiborik begitantzen”. Eta zu ohartzen zara lagunaren ilusioari ur-parrastada hotza
  bota diozula: deseroso sentitzen zara. “Egon lasai eta saiatu”, jarraitzen
  duzu, baina lagunak galdu du hasierako garra. Nola esaten zaio lagun
  minari oraindik itxaron beharko dugula? (…)
  Gaizki hasi da guretzat udaberria. Auzitegi Konstituzionalak legezko jo
  du Parot deritzan doktrina. Zenbat amorru pilatu omen da egunotan
  guraso eta senideengan, zenbat kidek ito behar izan ote ditu malkoak
  izaren artean. Luxiano Izagirre zendu da Cuban. Tristuraz lepo geundelarik, albiste onak: hiru kide kalera, eta gure Txomin bi aste barru
  199
  
  egongo da libre, 19 urte osatu ondoren. (…) Txominen malkoak. Gordina da mutila baina sentibera ere bai, eta oso latza egin zaio guri jakinaraztea, gu barruan utzita. Ulertu dugu arrangura, baina handiagoa da
  bere askatasunak ematen digun poza. Gutxienez badugu motiboa Aberri Eguna igandean ospatzeko. (…)
  Osasuna desorekatu zait: kolesterola eta triglizeridoak deskonpentsatu
  zaizkit. (…) Urteko probak egiteko unea iritsita, ospitalera eraman naute
  pikoloen kanguroko kaiola estuetan, eskuak lotuta. Mugitu da autobusa,
  kanpora begiratzen duzu, txoferraren astinduekin burua txaparen kontra lehertzeko arriskuan. Leihoa sare trinkoa da, asko jota eguzkiaren
  distira pasatzen uzten du. Gaur suertea egon da, hiru lagun baino ez
  gara etorri. Neroni atera naute lehena: pikoloa aurrean, pikoloa atzean,
  pikoloa aldamenean, eskailerak, aszensorea, korridorea, itxarongela,
  kontsulta, arnasa-probak, X izpiak. Eskubilurrak kentzeko eskatu du
  medikuak, pikoloak baietz; doktore andereak fonendoa pasatzeko kortina bota du, pikoloak ezetz, irekita behar duela. Bukatu denean, ostera
  autobusera. Garondoan, pazienteen begirada. Pikolo batek besteari, niri
  buruz: “a chiqueros, no?”. Alua!! (…)
  Esan didatenez, atzo aurkeztu zuten guri buruzko pelikula dokumentala: “Barrura begiratzeko leihoak”. Kideak George Clooney deitzen
  hasi zaizkit. Tolosako Leidorren egindako emankizuneko txartela gorde
  dut: hunkigarria, zoragarria, ederra, dotorea omen da. “Nola hitz egin
  duzu?”, galdetu dit ilobak. Telefonoz, maitia. Hortik aurrera Enararen
  trebezia montajea egiteko. Kalean egon arte ez dut ba ikusiko! (…)
  Mikel eta biok bakarrik gaude eskolan. Ramadanaren bigarren eguna
  da eta musulmanak tokia hartzen hasi dira. Ahmed begiak liburutik
  altxatu gabe dago, Noori Korana irakurtzen buruan zapi koadroduna
  ipinita. Korana nirea da, baina bereak baino letra handiago duenez,
  200
  
  Errezel berdeak
  
  Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
  
  eskatu egin dit mesedez. Hamaikak aldera dozena bat gizaseme sartu
  dira, gehienak mahai zabalaren bueltan jesarri dira, bakar batzuk alfonbretan. Gidaria sartu denean, Mimoun, abiadan eta erabakimenez
  predikua egiten hasi da. Deus ezdiot ulertzen, arabieraz ari baita. Gero
  eta sendoago hitz egiten du, eta ezinezkoa egiten zait Martin Arbezuren
  abenturei jarraitzea. Errespetuz entzutea erabaki dut. Sarri aipatzen du
  profeta eta Ala, erretolikaren murmurioan nabaritzen baitzaio. Gaztelaniaz hasi da neskatilei buruz hitz egiten, ahal dutenaz eta ez dutenaz.
  Alde egin dut, badaezpada, odola bor-bor sentitzen baitut. Hobe eguzki pixka bat hartzea. Ordubete egon dira. Abu Bekr adiskideak esan dit
  bera zoriontsu dela Ramadanean. Albaniarra da, hango askapen-gerran
  ibilia. Bizar luzea darama, esaten dit gaitzetik babesteko dela, babes horrekin errazago dela bekatu-tokietan ez agertzea. Sotana-garaiak gogoratu dizkit. Ramadana bukatuta, sei eguneko baraualdia egingo duela
  gaztigatu dit. Mohamed profetak halaxe egiten zuelako. (…)
  Ez dakit nor den. Ez dut ezagutzen. Aurpegia ere ez diot ikusi. Egunero,
  goiz eta arrats, bazterrean botata pasatzen du denbora. Jaiki orduko eskailerak jaitsi eta patioko hormaren kontra etzaten da. Ez dagoela ondo,
  diote musulmanek. Saiatu direla baina ez duela inoren laguntzarik
  onartzen. Ez du inorekin hitz egiten. Orduak eta orduak ematen ditu
  etzanda, hormigoiaren gainean: praka argiak lohiturik, sudadera urdina soinean, kapusaia aurpegian okotzeraino. Aldamenetik igarotzean ez
  da mugitzen, eguzki galdatan. Batzuetan eskuak luzatzen ditu, hatzak
  higitzen. Zer egiten du gazte honek hemen? Zergatik jokatzen du horrela? Normala al da gazte bat inorekin mintzatu gabe bizitzea? (…)
  Bitartean Josu Uribetxebarriak ospitalean jarraitzen du, fiskala tematu
  delako haren askatasuna berandutzen. Bi ospitaletan diagnostikatu diote metastasia; gure kartzeleroentzat indicios leves. Txapeoa egin dugu,
  baina ez gara oso fin ibili. Hurrengoan hobeto.
  
  201
  
  -III-
  
  Orain zer? Orain hotz egiten du, eta barruan min. Bizitza osoa talde
  baten altzoan egin duenak ez du debalde uzten babestokia. Niretzat
  beharrezkoa izan da nire burua hobeto ezagutzeko, eta kartzelako
  bakardadea, isiltasuna, zer esanik ez. Gezurra dirudi kartzelari alde
  ona aurkitu ahal zaionik, baina halaxe suertatu zait niri.
  Kongregazioan bazegoen promesa kontsolagarria zeritzan sekretutxo
  familiarra, alegia, Amabirjinak Claret fundatzaileari jakinarazi omen
  zion, ezen elkarte barruan hildako guztiak salbatuko zirela, hots,
  zendu ondoren, betiko atsedenean biziko zirela. Txatxukeria izan
  daiteke, noski, baina horretan sinetsi duenarengan arrastoa uzten
  du. Politta zen horretan sinestea, bizitzan gertatuak gertatu, zintzo
  jokatuz gero, azkenean esku leunak jasoko zaituela, nola ez dakizula
  baina ziur gertatuz. Ai egia balitz! Nago bizitzak toki gutxiago uzten
  diola fantasiari.
  Nik ez dakit nola iritsi naizen egungo egoera honetara. Dakidana
  kontatu dizut. Merkea dirudi “Gizaki bat besterik ez naiz” esatea,
  baina nik garesti ordaindu dut, izan ere bizitzako gauzarik sinpleenak baitira ulertzen zailenak: adibidez bakarrik gaudela, eta ez garela
  inoren mezulari. Inork ez gaituela bidali, alegia. Behingoan heldu
  naizela ondoriozta daiteke idatzitako guztiaz, utzi diodala meneko
  izateari, horixe besterik ez dela gu guztion patua. Bada bai, neurri
  batean halaxe da. Baina soilik zentzu batean. Izan ere herri bateko
  semea ere banaiz, eta nire alea jarri nahi nuke berorren askapen-prozesuaren ildo irekietan, noizbait loratu dadin. Alde horretatik ez naiz
  erabat bakarrik sentitzen, beste askoren kide baizik, proiektu berbe-
  
  202
  
  Errezel berdeak
  
  Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
  
  rean nahastuta, nolabait eta erraz esatearren. Aitor dezadan sendo,
  ausart eta eraginkor sentitzen naizela proiektu komunean, izan ere
  norberaren zalantzak korronte komunean uzten dira eta ur-laster askoren arteko erauntsian disolbatzen. Proiektua pertsonala, eta soilik pertsonala denean, aldiz, ez daukazu non bermatu, ez daukazu
  besteenganako konfiantzaz jokatzerik, apustu huts eta irenskorrean
  jokatzen duzu den-dena, eta hor herbal, ezindu, zalantzakor eta galdu samarturik sentitu izan naiz beti. Deseroso. Elkarlana eta norberaren esparru propioa jorratzen konfiantza ikasi beharra daukat, ez
  omen dira-eta gauza bera. Bi alor ezberdin horietan aise mugitzen
  ez dakit, eta gainera galdera potolo batek estutzen nau sarri. Non
  geratzen da orain, non estekatzen da, besteen —eta herriaren ala
  norbanakoren baten— alde bizitza bera emateko aukera: hots, besteen kausa, norberaren aurretik jartzeko aukera?
  Kosta egiten zait sentimenduak eta pentsamenduak bereiztea, teorian erraza den arren —sentimenduak, natura; pentsamendua, kultura—. Eta hori ere ikasi beharra daukat. Itzuli berri dudan eleberrigile katalan ospetsuetariko Josep Plak dio: “Gure adimenak beti
  konspiratzen du gustukoa dugun eta menderatzen gaituenaren alde”.
  Norbaitek adierazi du bizitzaren txarrena dela konturatzea zerbait
  ikastean beti berandu gabiltzala. Nago halako zerbait gertatzen ote
  zaidan! Urrats bat eman dut eta ez da ttikia; alegia, sentimenduei
  bide eman behar zaiela usaindu dut. Nire betiko irizpideak arriskuan
  jarri ohi zituzten ideiak uxatzen ibili naiz, eta hala jardun dut hamarkadatan, kontsideratu ere egin gabe hainbat gauza, bide zuzenetik,
  hartutako ibilbidetik, bazter ninduketelakoan alboratuz, zapalduz,
  erreprimituz. Orain nire barne-uretan haiek lasai ibiltzen uzten hasi
  naizenean, kosta egiten zait nire-niretzat hartzea. Arrotz, igartzen
  ditut. Sentimenduak ezin dira erauzi, ezin dira ukatu, alferrik delako
  eta beti itzultzen direlako: daude edo ez daude, eta baldin badaude
  
  203
  
  kudeatzen jakin behar da (sentimendu elaboratuak, egokituak?), hori
  besterik ez zaigu geratzen. Arriskutzat hartzeko ohitura dut, nire
  oreka galarazten didatelako-edo, baina zer egin? Baldin badaude zer
  adierazi nahi didaten entzun eta aztertu beharko da. Galdera asko
  ditut eta erantzun gutxi. Egoera lazgarria, betidanik erantzun ziurra
  aurkitu duen batentzat. Bere hartan utziko dut oraingoz. Izan ere
  liburu hau ez da tratatu bat, bizipen batzuen kontaera baizik ez.
  Kide preso batek On Ibrahim Tormentatua deitzen nau bere korrespondentzian, eta berak uste baino arrazoi gehiago dauka. Berak
  ez dakiena da gaztetan irakurri nuen lehen liburu serioa “Beldurra
  eta Dardara” izan zela, eta Sören Kierkegaarden liburu hark dezente
  markatu nauela: Jainkoak Abrahami bere seme Isaak hiltzeko eman
  zion agindu absurdoa, patriarka handiaren —hiru erlijio monoteista
  handien patriarka nagusiaren— sinismena neurtzeko agindu absurdoa. Absurdoaren lilura! Goragoko orrietan ere esan dut, nik-neuk
  sintesi xinplearen ardatzean funtzionatu dut: sinestea konprometitzea da, eta konprometitzea maitatzea, hots maitatuaren alde —dela
  pertsona bat, herri bat, egoera bat, izate bat— kokatzea. Kitto. Ez
  beste bueltarik eman. Gaztetan, 70eko hamarkadan hiruzpalau aldiz igo nintzen Lyon ondoko Taizé herrixkan kokatutako monasterio multikonfesionalera: sinesmena era berrituan bizitzeko asmoz,
  mundu osoko gazteria konprometitua ezagutzeko eta bide batez
  bidaiatzeko. Halako batean Roger Schultz abatearekin hitz egitea eskatu nuen, baraualdia egin ondoren (kanpin-denda batean lautada
  elurtuan). Haren ezinean Anaia Eric eskaini zidaten, eta berak San
  Agustinen esaldi ospetsua adieraziz uxatu zizkidan garai hartako zalantzak: “Maitatu, eta gero egin nahi duzuna”.
  Maitasuna, ordea —errealitatera jaitsita, eta nire bizitzan maitasunarekin kateatu ditudan beste hainbat elementu kontuan hartuz— aise
  
  204
  
  Errezel berdeak
  
  Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
  
  korapilatu zait. “Agindu berri bat eman nahi dizuet. Maite ezazuela
  elkar nik maitatu izan zaituztedan bezala”. Horiek dira Jesusen hitz
  ederrenak eta horiek betetzen saiatu naiz, alafede, indar, gogo eta
  erabakimen osoz. Baina nago... literalkiegi hartu ote ditudan, alegia,
  agindu bat bezala, hots, betebeharra bailitzan. Jakina, gauzak hola
  hartzearen erantzukizuna, eta beharbada errua, nirea da, ez beste
  inorena. Seguru aski estuegia naiz nire buruarekin eta ziur nago maitasuna sentimendua ere izan dela nire bizitzan eta jardunean, baina beharrizana oroz gain (agindu berri bat). Drewermann psikiatra
  eta fraide redentorista alemanaren liburua (Clérigos) irakurriz piztu
  zitzaidan argi bortitz eta gupidagabea, artean pankartan nengoela,
  UPVko atarian. Orduz geroztik haren labana zorrotzak ebaki ditu
  nire barruko ehunak banan-banan gaurdaino. Irakaspen gordinegia
  niretzat, neke eta oinazetan irentsi dudan botika garratza, baina irakaspena azken buru. Ez al da alferrik izango!
  Zoriona. Nik ez dut sekula nire zoriona bilatu, uste izan baitut zoriona esplizituki bilatzen ibiltzeak galbidera daramala. Zoriona emaitza da, bizitzaren eta zintzotasunaren hondarra, betiko geratzen den
  zaporea. Halaxe uste dut orain ere, nahiz eta, ikusiak ikusi, batzuetan oldartzen naizen ondorio horren aurka. Ze demontre! Sintesi
  berritua eginez, esango nuke ezen bizitza duinki bizitzeko besteen
  —pertsona izan zein proiektu— alde jokatu beharra dagoela, pertsona duina izatekotan; zure arima, kontzientzia, saldu gabe ordea.
  Besteekiko erantzukizuna eta norberarekiko askatasuna. Biak batera.
  Horrelaxe laburbiltzen da nire oraingo ustea: alegia pertsona duina
  da, hurkoa —hurko kolektiboa ere bai— erdigunean ipintzen duena, nork bere burua ukatu gabe. Sakonean etika horrek kristautasunarekin zerikusirik ez duela esatea gehiegitxo litzateke, hala ere.
  Nik orain holaxe dakust. Zoriona, etorri behar badu etorriko da.
  Erabat ezezaguna ez zait, edozein moduz. Horrek ez du ezabatzen
  
  205
  
  agindua; aldea da agindu hori, egotekotan, norberaren baitatik datorrela, ez kanpotik. Norbaitek esango du kontzientziak ere agintzen
  duela, Jainkoak baino bortitzago sarri. Jakina, kontzientziak agintzen
  du, eta kontzientzia hezi egiten da, norberaren bizipenen eta esperientziaren materialekin. Nola daukazun moldatuta halaxe jokatuko
  duzu, zintzo izatekotan...
  “Barrura begiratzeko leihoak” dokumentalean honelaxe utzi dut esanda: “Ez dakit zer gehiago utzi beharko dudan behingoz neureburu
  sentitzeko. Askatasuna prozesu iraunkorra da, ez dago puntu batean
  eta horrek bizitza osoa hartzen du”. Beraz, geroak erranen...
  
  206
  
  Errezel berdeak
  
  Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
  
  Kartzelako-txokoan, beti erne (10)
  Boki bati ez zaio gustatu H2000Eko irudi bat. Aleak irakurrita eskolan
  uzten ditut, eta oraingoan norbaitek kontrazala moztu eta kortxoan eseki du.
  Bokia sartu eta kendu egin du eta niregana hurbildu da. “No lo quitará porque
  le molesta”, esan diot. ”Molestar no es la palabra”, berak. “Qué es lo que no le
  gusta de esa hoja”, nik. “No le molestará el de la derecha?” (Uribetxebarriaren
  eskuinean Galindo ageri da). “La verdad es que me molesta más el otro” (Josu).
  “Pues no hay ni comparación”. Zorrotz eutsi dio irribarre behartuaz. “De
  todas formas, parece que quiere culparme de colgar esa foto”, nik. “Pues porque
  ninguno de estos dos habrá sido”, nirekin zeuden beste biak seinalatuz. “Pues le
  aseguro que yo no ando pegando papeles”. “Usted o alguno de sus compañeros”.
  “Si es capaz de creerme, le aseguro que no”. Ahots apalez eta lasai joan da
  dena. Ondo eutsi diogu erronkari. “Los papeles no delinquen y si alguien ha
  considerado que esas fotos conviene verlas.... Además se trata de una revista que
  ha sido intervenida previamente”. “También entran cosas ilegales y pasan todos
  los controles, ud. lo sabe.” “En eso tiene razón”, onartu diot, “pero no es el caso;
  tendrá que ascender a controlador”. Horri ere dotore eutsi dio, beharbada gehiegi
  arriskatu naiz. Kontrazala tolestu eta eraman egin du. Gaurko niri buruzko
  txostenean ipiniko du.
  Aspaldiko partez Landerrekin nago. Mikel joan da etxera. Oier beste
  modulu batera eraman dute, eta biok bakarrik gaude aspaldiko partez.
  Azkeneko bi urte hauetan behin eta berriro aldatu gaituzte: ziega batetik
  bestera, goiko solairutik behera, behetik gora, 47tik 22ra, 22tik 31era,
  31etik 46ra. “Por motivos de seguridad”. Seguridad, eta gure artean aldatzen gaituzue? Barre egin du bokiak. “Cosas de Madrid”. Ondo halere, de Madrid!! (…) Ez da berdin beheko pisuan ala goikoan egotea.
  Behekoan aurreko moduluaren horma ikusten duzu leihoa zabaltzean;
  goikoan, eguzkia, mendixkak eta soroak. Alde ederra. Aldaketa hauek gu
  izorratzea eta desorekatzea beste helbururik ez daukate: gauza guztiak
  
  207
  
  bildu, bizkarrean hartu eta eskaileran gora edo behera eraman, txabolo berrian sartu, txukuntzen hasi, atondu, berriro kokatu, hurrengora
  arte.” (…)
  Egun handia. Estrasbourgek atzera bota du “doktrina”. Ahal izan dugun bezala ospatu dugu: gazta, txorizoa, urdaiazpikoa, alkoholik gabeko
  garagardoa, Landerrek egindako tarta.(…) Apustu eginda neukan hau
  behintzat irabaziko genuela. Zailago ikusten dut kondenak ordaindu
  gabe ateratzea. EHan jende asko dago pozik, barruan zer esanik ez.
  Merezi genuen garaipen hau. Indarrez eta ausardiaz irabazi egiten dira
  erronkak, batzuetan. Legeak beti dauzka zirrikituak borondatea dagoenean. (…) Kideak banan-banan edo multzoka ateratzen ikusten ditugu
  telebistan. Zerrenda osoa daukat eta gorriz markatzen ditut irtendakoak: Raul, Jokin, Kitxu… Onerako edo txarrerako bide luzean sartu
  gara, aldebakartasunekoan, orain ezin dugu negoziazio-klabean pentsatu, epe motxean bederen. (…)
  Nelson Mandela hil da. Dena da gorazarre. Bere garaian bizi izan balira atxilotu, torturatu eta betiko barrura sartuko zutenak ere gorazarrez
  lepo. Nazka pixka bat ematen du. Edozein moduz, agur Madiba betikoa! Hark idatzitako testu bat daukat begien aurrean: “Mendi handi
  batera igo eta gero, igotzeko beste mendi asko daudela aurkituko duzu.”
  Ni zer nabil: mendi berrira igo nahi gabe ala justu zein mendi igo behar
  dudan erabaki ezinik? Agian zuk uste duzun mendia ez baita igo behar
  duzuna. Orain arte dena gertatu zait nik asmatu ez bezala. Beraz, lasai. (…) Errematerako Arkaitz Bellon elorriotarra hil zaigu Puerto IIIko
  espetxean, bihotzekoak jota, ustez osasun-arazorik gabe egonda. Zelako duintasuna eta dotorezia neska lagunak! Nik nire bihotza danbaka sentitzen dut azken asteotan, azkarregi doakit. Harry Thompsonen
  This think of Darkness irakurtzen ari naiz. Beagleko eskifaia, batik bat
  
  208
  
  Errezel berdeak
  
  Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
  
  FitzRoy kapitaina eta Charles Darwin, aurkitu dut abenturan. Ni ez
  noa ordea Patagonia, Tierra de Fuego edo Galapagoetara. Ni nire baitara noa, oxigenorik gabe.(…)
  “Curiosa cosa, un diario: lo que se calla es más importante que lo que se
  anota”, dio Simone de Beauvoirrek La mujer rota liburuko pasarte batean. Azken urte eta erdian dozena bat orri baino ez ditut idatzi, eta
  pasa… pasa dira gauzak nire baitan. Sorginak emakumeak! Virginia
  Woolfe-ren hitz hauek ekarriko ditut hona, irakurri ditudan bezalaxe, gaztelanaiz: “Sólo se me ocurre decir, breve y prosaicamente, que es
  mucho más importante ser uno mismo que cualquier otra cosa. No soñéis
  con influenciar a otra gente, os diría si supiera hacerlo, vibrar con exaltación. Pensad en las cosas en sí… Y su éxito dependía de que saltara vallas
  sin mirar a la derecha y a la izquierda. Si te paras para maldecir estás
  perdida, le dije; lo mismo si te paras para reir. Piensa en el salto, le imploré, como si hubiera apostado en ella todo mi dinero; y salvó el obstáculo
  como una gacela. Pero había otra valla después de estay después otra. De
  si tenía la resistencia suficiente no estaba muy segura, pues las palmadas y
  los gritos ponían los nervios de punta. Pero hizo lo que pudo”. (…)
  Nire irteera-data irailaren 27a da. Espetxeko zuzendariordeak baietsi
  dit zuzenean. Hilabete batzuk aurreratu dizkidate, sartu aurretik jarritako neurri kautelarrak kontuan hartuta. Krutwigen memoriak eta
  Cervantesen El Quijote de la Mancha irakurriz pasa ditut azken asteak.
  “Laster hasiko zara urduri jartzen”, abisatu dit Landerrek. Sarrik eman
  dit azken aholkua: “Mundua aldatzeko ez da derrigorrez mundu osoa
  aldatu behar. Nahikoa da puntu txiki bat, eta mundua aldatzea posible
  dela obserbatuko duzu puntu horretan”.
  
  209
  
  210
  
  Errezel berdeak
  
  Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
  
  hirugarren zatia
  
  Bizitzaren
  jarioan aurrera
  
  211
  
  Badira bi urte Dueñas utzi nuela. Ohikoa denez, kartzelaldi osoa beteta atera nintzen. Pakete talegero erraldoia arrastatuz atera nintzen,
  funtzionarioak ukatu zidalako gurditxoa erabiltzea. Azken mendeku
  miserablea izan zen, ikusita ezinean nindoala belauna minduta neukalarik. Ez daukat ahazteko irteeran bertan senide eta adiskideek
  egin zidaten ongi-etorri bikaina. Ez ditut hemen izenak aipatuko,
  baina bihotzean daramatzat den-denak. Inpresio berezia egiten du
  zortzi urte osoz barrutik ikusitako espetxea kanpoaldetik ikusteak.
  2015eko Irailaren 27a zen, Gudari Eguna.
  Laster bete genuen Castilla y León-etik Euskal Herrira arteko tartea.
  Herria 2000 Elizako kideek bazkari ederra eta lagunartekoa prestatu zuten Zaitegin (Araba), eta Santutxuraino abiatu ginen auzokoen
  harrerara garaiz iristeko: loreak, musuak, besarkadak, hitz polittak,
  begirada konplizeak eta manifa Herrikoraino, bertan argazkia kendu
  eta txanpainaz bustitako topa. Preso bat gutxiago, euskal herritar bat
  gehiago bere erara bizitzeko, Euskal Herri librea xede. Uste baino
  errazago moldatu naiz kanpoko bizitza-eredura, izan ere ez baita
  zaila barruan baino hobeto ibiltzea. Lagunarte gozoa izan dut egokitzeko, horixe dut ondare. Egokitzapen-arazo ttikiak kenduta, zenbait despiste ubikatzeko orduan edo espazioak neurtzerakoan, nekerik gabe moldatu naiz. Azkar, oso azkar urrundu zaizkit espetxeko
  xehetasunak, eta ez daude batere presente nire eguneroko bizitzan.
  Bizitzak sorpresak ematen dizkigu, eta nik bat potoloa neukan zain,
  zorioneko UPVn. Hango ateetan hamabost urtez bizi izandako borrokaldia nahikoa ez nonbait, eta garesti ordaindu nahi izan zidaten
  sarrera. Kondena beteta eta zor guztiak kitatuta atera nintzen arren,
  inhabilitazioa neukalakoan ukatu zidaten nire lanpostura arazorik
  gabe itzultzea. Bertako agintariek, nire lankideei emandako hitza
  
  212
  
  Errezel berdeak
  
  Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
  
  jan, eta, beste prozesu judizial bati aurre egitea beste aukerarik ez
  zidaten eman.
  Eskuzabal ibili zen Goirizelaiaren taldea niri edozein lanpostu eskaintzeko, oso uzkur eskubidez zegokidana emateko. Erakutsi nizkien epaitegietako paperak, patxadaz aztertu zitzaten, baina nire alde
  ipini ordez, bertako zerbitzu juridikoen jukutriei men egin eta nire
  etorkizuna epaitegietan jokatzera behartu ninduten, beldurtuta. Ez
  ditut hemen epaituko, baina zerbitzu hartako zenbait kideren mendeku-hotsa nabaritu nuen nik ukapen hartan, argi asko, bat baino
  gehiago pankartaldi-garaian gurekin aurrez-aurre ibilitakoak baitira.
  Irabazi nuen epaiketa, zorionez, eta 70 urte bete arteko lana egiten
  hasi nintzen; 2018ko azarora arte, hain zuzen. Ez da samurra 23 urte
  gelatik kanpo egon ondoren berriro eskolak emateari ekitea, baina
  politto nabilela esan dezaket, bai behintzat nire irudiz.
  Hainbeste urte gelatik at egonda banuen kuriositatea belaunaldi berriak nolakoak diren jakiteko. Irakasleen artean galdezka ibili nintzen
  edozer baino lehenago, eta beteranoenek esaten zidaten, ez direla
  “gure garaikoak bezalakoak”: umeago datozela, kontzientzia eskasa
  dutela, kontuz ibiltzeko bada ezpada ere. Laster konturatu nintzen
  ezen, Bolonia guztiak gora behera, irakasteko sistemak gutxi aldatu
  direla, ikasle-irakaslearen arteko ratioak urritu ordez dexente hazi direla, eta ehun bat ikaslerekin egingo nuela topo gela estu samarretan.
  Hala bada sartu naiz egokitu zaidan gelara, powerpointak erakusteko
  tresneria prestatu dut eta 2016ko udan Turkiako gobernuak itxitako
  egunkari prokurdu baten irudia eskaini diet lehen mailako gazteei.
  Ez dute ezagutzen, jakina. “Gauza horiek erregimen diktatorialetan bakarrik gertatzen dira”, esan diet. Hernanin Egin egunkariko ateak zarra-
  
  213
  
  tzen azaltzen diren poliziak erakutsi dizkiet gero. “Ezagutzen duzue?”,
  nik. Ixiltasuna. Ez, ez dute ezagutzen. Hamazortzi-hemeretzi urteko
  gazteak dira, eta inork ez die azaldu “demokrazia homologatuetan” ere
  egunkariak ixten direla. Euskaldunon Egunkaria itxiari buruzko irudia erakutsi diet azkenik. Norbaitek gogoratzen du zerbait. Gaitz
  erdi. Egineko administrazio-kontseiluan parte hartzeagatik atxilotu
  eta zortzi urte preso eduki gaituztela esateko gogoa eduki dut, harriduraren harriduraz. Baina ez da nire bizitza kontatzen hasteko
  unea. Inpresioa eduki dut gure gauzen transmisioa ez dela behar
  bezala egin. “Kazetaritza, batzuetan, arriskuko ofizioa da”, abisatu diet,
  sarrerak, titularrak, albistearen gorputza, tartekiak zer diren, eta kazetariok nola idatzi behar dugun, azaltzen hasi baino lehen.
  
  Aldaketak, Euskal Herriko politikagintzan
  Beste nonbait idatzita utzi dut, kartzelaldia ez dela parentesi bat. Urtetan zehar harilkatutako proiektu asko mozten ditu errukirik gabe,
  maite gaituztenengandik urruntzen gaitu, baina bizitzak jarraitzen
  du, eta kartzelako urteak bizitza horren zati dira. Asko ikasten da espetxean, batik bat norberari buruz, eta alde horretatik begiratuta eskertzekoa da. Inork ez du kartzelan sartu nahi, baina estatuari aurre
  egin dionarentzat, gure kasuan bestelako prentsa-eredu bat eraikiz,
  espero zitekeen zerbait izan da.
  Kartzelaldiak, besteak beste, politikaz sakon eta patxadaz hausnartzeko aukera ematen du. Sakabanatuta bizi den presoak, ordea, hilabeteak behar izaten ditu bere iritziak kideekin trukatzeko. Joan-etorri harrigarria bezain luzea onartu beharra dauka erantzunak jaso eta
  material berria eskuratzeko. Ohiko gaiak aztertzeaz gain, borroka
  
  214
  
  Errezel berdeak
  
  Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
  
  armatua amaitu eta Euskal Herriaren burujabetasuna beste era batera planteatzeko unea bizi izan genuen guk. Desesperantea izan zela
  esaten badut, labur geratuko naiz: txostenak gora, txostenak behera,
  inork ez zekien garbi zein zen noren ekarpena, harik eta nola edo
  hala sastrakak garbitzen joan ziren. Erantzunak baino zalantza eta
  galdera gehiagorekin, lortu genuen mamiaz jabetzea eta gure iritzia
  azaltzea, azken erabakien zain. Egia esan behar badut niretzat sorpresa izan zen gai hura kalean serioski eta itzulerarik gabe aspalditik
  planteatzen ari zela jakitea. Zerbait banekielakoan!
  Beste gai bat aztertu gabe utzi nuen kartzela; espetxeko lege arrunta
  onartu ala ez, alegia. Bagenekien bazetorrela, eta gogoan dut kideei
  esaten niela: “Ez nuke nahi barruan egon gai hori erabakitzeko unean”.
  Lerro hauek idazten ari naizelarik eztabaida hori itxita dago: presoek
  argi daukate legeak uzten dituen zirrikitu guztiak erabili ahal direla
  kalera ateratzeko, aukera guztiak direla onargarriak damua eta kideak
  salatzea izan ezik. Amaitu da erresistentzia-garaia, eta denak gara
  beharrezkoak Euskal Herri independentea eraikitzeko. Hori esatea
  egikaritzea baino errazagoa da, jakina. Orain arte ez da agerian ikusten erabaki historiko horren emaitzarik. Jendeak kondenak beteta
  ateratzen jarraitzen du, eta laster berrehun bat preso geratuko dira
  
You have read 1 text from Basque literature.