Errezel berdeak - 09
bidali zuten apaiz abertzale bati hitz hauekin egin zion agurra orduko errektoreak: “Hemen ez dugu politikarik onartzen, hemen denak gara karlistak”. Ez zuen gaia ondo kontrolatzen baina, edozein
moduz, landu beharreko kontua begitantzen zitzaion. Herri ukatuak
ere —ukazio harengatik— pobreak direla azaldu zioten; pobretasun
bakarra ez dela, alegia, norbanakoen pobrezia materiala zein morala, biziguran ari diren herrien miseria eta ezina ere alor hartakotzat
kontsideratu behar direla; beraz, auskalo zergatik, familiaren historiarekin ez bere hezkuntzarekin batere loturarik ez zeukan unibertso
batera iristen ari zen emeki-emeki mutiko politta.
133
Gogoeta haietara kateatuta zebilela eskutitz bat jaso zuen atzerritik.
Ez zen espero zuena, baina gustura irakurri zuen air-mailez etorritako gutun-azala: Jim West zen. Eskutitzean zioen, behin ikasketak
burututa urte beteko egonaldia egin behar zuela, nahita nahi ez,
Frantzian titulua eskuratzeko, eta zeuzkan aukerak aztertuta Orthez
hautatu zuela hurrengo urterako, Euskal Herritik hurbilen zegoen
tokia izanik erraz ikus zezaketela elkar. Zein ondo, pentsatu zuen
mutiko polittak komentuko gelaren leihotik urrunera begira. Zein
ondo, Jim West.
Euskara salbu ikusi arte...
Jim West neska eskoziar zoragarria zen. Gorputzez ttikia, bi masailak eta sudur-buelta oriztaz josita zeuzkan, eta aurpegia, berriz, beti
irribarrez loratuta izan ohi zuen. Ez zen Gesuina bezain dotorea, nolanahi ere maitagarria eta adiskide fina zirudien. Mutiko polittak estimu handitan zeukan, behintzat. Ia-ia ahopeka mintzatzen zen beti;
hitz egiten zuenean, ohiz isilik eta behatuz egotea baitzuen laketago.
Frantses-ikasketak, filologia-motaren bat seguru asko, egiten ziharduen bere jaioterrian, horregatik topo egin zuten Caenen. Inoiz, edo
ia inoiz ez, ez zen Sheilarengandik apartatzen, huraxe ausartago eta
bihurriagoa baitzen. Biek bazekiten mutiko politta Gesuinarengan
zituela begiak, baina badaezpada ere Sheilaren itzalean ibiltzen zen
beti Jim Wesst, amua botatzen-edo. Ilunabar batean party bat antolatu zuten nesken egoitzan, eta bertan egon ziren mutil gehienak,
baten edo besteren gelan, taldeka sakabanaturik. Amaieran, ezohiko
ausardiak eraginda, bere gelara gonbidatu zuen Jimek mutiko politta. Goizaldera arte jardun zuten hizketan, berriketan, inoren testigantzarik eta trabarik gabe elkarren berri izaten. Orthezen hilabete
134
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
batzuk eginda, Aguraingo errota zaharraren atarian agertu zen Jim
West eskoziarra, bakar-bakarrik berriro.
Besoak zabalik hartu zuen mutiko polittak eta, idatzi gabeko komentuko arauak hautsirik, gelaraino igo zuen, nola bizi zen ikus zezan,
bihotza non zeukan pertsonalki uler zezan, adiskide bat bazuela etxe
hartan, apaizgai adiskidea. Ohi bezala apal eta irribarrez ezagutu zituen neskatilak mutiko polittaren inguruabarrak oro, iruzkin batzuk
egin eta funtsezko zenbaiti galdera pausatuz. “Orain ulertzen dut
dena”, esan zion agurrean aurpegia lepoaren kontra tinkatuta. Hala
ere, Orthezeko ikastaroa bukatuta berriz etorri zen Euskal Herrira,
Donostiara, Santa Maria karrikan ostatu hartuz beste neska eskoziar
batekin. “Gesuinarekin zer moduz?”, jakin nahi zuen, betiko alde
egin baino lehen. Mutiko polittak egia esan zion ostera, ez zekiela
ezer, idatzi zion arren ez ziola sekula erantzun, edozein moduz...
Lasai joaten sumatu zuen neska, eta joan aurretik eskoziar abertzaleen txapa —bi begizta urdin hondo horian— laga zizkion oroigarri.
Urte bete geroago ezkondu egin zen Jim West diplomatiko batekin,
eta Berlinera aldatu ziren. Ezkon-tartaren zatitxoa bidali zion dotore
bildutako paketetxoan, eta betiko desagertu zen, beti bezain zuhur,
beti bezain zintzo.
Aguraingo udak zinema ikasten erabiltzen zituen mutiko polittak.
Salamancan egondako donostiar batek jakinarazi zion hiru udatan
ikas zitekeen oso programa egokia zutela Valladolideko Unibertsitatean, Letretako Fakultatean, Carlos Staëlin jesuita alemanaren gidaritzapean. Hura burutzean txosten bat aurkeztuz gero, Diploma
bat libratzen zuten. Baimenak hartuta bertan matrikulatu ziren lau
lagun, lehenengo urtea alokatutako etxe batean eta hurrengo bietan
jesuiten egoitza batean; Andaluziatik igotako beste teologo klaretar batzuekin. Bidebatez, uda parrokia hits batean mezako orduak
135
irakurtzen pasatzeko zigorra baztertzen zuen... Aspaldikoa zuen
zinema-zaletasuna mutiko polittak, Santo Domingoko garaietatik
zetorkion, kazetaritza deskubritu zuenetik, hain zuzen. Han zinema ikusterik ez zegoenez —lau urtean bi film ikusi zituzten: Poliana
eta Gigante— zinema-kritikari buruzko aldizkari bat —Reseña, jesuitena hura ere— jarraitzen zuen hurbiletik. Erroman, berriz, ikastaro sistematikoa egin zuen Nazareno Taddei jesuitarekin, eta han
ikasi zuen filmak xehetzen, zati-zati egin —batzuetan fotogramaz
fotograma— eta haien egitura aztertzen, ondoren edukiari buruzko
interpretazio globala erdiesteko. Metodo estrukturalista omen zen.
Haren kariaz pelikula asko ikusi zituen, ikastaroko zine-klubean ez
ezik Erromako aretoetan. Bestela ikustera arriskatuko ez zen pelikulak ikusi zituen, era guztietako giza harremanetan —haragi-korapiloetan ere bai— sakonduz. Gogo estetiko hutsa baino hagitzez
harago zihoan zaletasun hura, izan ere bekatuaren debekua gainditzeko modua ere bazen mutiko polittarentzat; ez, ordea, zalantza
mingarririk gabe, noski.
Ikastaro haietako baten amaieran Madril ezagutzea erabaki zuten lau
kideek, Euskal Herrira itzuli baino lehen. Preciados kaletik behera
Sol plazarantz zihoazela hara non Antonio osaba legoa, inpentsan,
azaltzen den kontrako bidean, Preciados kalean gora hain juxtu.
Agurrak eta aurkezpenak eginda urduri sumatu zuen osaba, taldearen janzteko moduagatik-edo harriturik. Mutiko polittak hilabeteko
bizar horaila zeraman, soinean amak erositako praka urdin argiak
eta alkandora arrosa; oinetan, berriz, zapatila urdin ilunak. Gainerakoek, halatsu. Bueltan gurasoen etxeko atea jota, aitak ireki eta,
goitik behera begiratuz, muturraren aurrean itxi zion, danba, zakar,
apenas hitzik esan gabe. Hura marka! Bera baino lehen iritsiz nonbait osabaren dei artega jaso zuten: ”Gaizkile-itxurarekin ikusi dut
Madrilen“ (facineroso hitza erabili zuen, prezeski), gurasoak asaldatuz.
136
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
Handik urte batzuetara aitari telefonoz abisatu zionean, “bizarra
kentzea pentsatu dut”, “etzak horrelakorik egin”, ihardetsi zion aitak berak denborarekin semearen bizarrarekin ohituta. Teologia-ikasketak bukatuta, meza emateko asmorik bazuen galdegin zioten
erkidegoko arduradunek. Baietz, mutiko polittak, baina “ez euskara
txukun menderatu baino lehen”.
Hala Donostiara bidali zuten euskaraz alfabetatzeaz gain hango
ikastetxean edota parrokian lagun zezan. Ordea, ikastetxea eta parrokia oso bigarren mailako kontuak ziren beretzat; izan ere, berak
bide berri bat urratu nahi zuen, garaiekin lotuagoa eta bere aldartearekin egokiagoa. Ez zuen bere burua zeregin tradizionaletan ikusten —meza ematen, jendea aitortzen, etab.—. Kazetari izan nahi
zuen, zegozkion baimenak behingoz eskuratuta. Hala ere bidezkoa
iruditu zitzaion ikastetxean edo parrokian ari zirenei laguntzea, azken finean elkarte berean bizi ziren eta zeregin batzuk konpartitzea
komeni zen guztion hobebeharrez. Erlijio-eskolak ematen zituen
goizean Zurriola ertzeko ikastetxean eta euskaraz trebatzeari ekiten zion ilunabarretan. Oso lekuz kanpo sentitu zen eskola haiek
ematen, iruditzen zitzaion gela ez zela lekurik aproposena erlijioa
irakasteko, ez bazen haren historia eta eduki kulturala. Deserosotasun hura asaskatzeko beta eman zion patuak, gazteen artean ardurak
hartzen lehen aldiz; izan ere, boy-scouts taldeko kapilaua Madrilera jo
zuen bere burua pittin bat egurastera, eta mutiko polittari eskaini
zioten plaza. Hezkuntza ezarautua zen hura, denbora librekoa, hango neska-mutilak euren kabuz eta borondatez ari ziren taldean, eta
kapilauaren zeregina bere esku zegoen erabat, arauetatik eta tradizio
zaharkituetatik askeago. Monitore gazte-helduek oso gustura hartu
zuten mutiko politta euren artean. Arazo bakarra oraindik apaiztu
gabea zela, eta beraz, ezin zien meza eman. Paraliturgia aproposak
egokituz gainditu zuen egoera hura, Huub Oosterhuis-en otoitzak
137
proposatuz, eta eztabaida luze-sakonagoetarako Katixima Holandarra erabiliz. Euskarari zegokionez ez zebiltzan oso trebe gazte haiek;
eliz instituzioari egurra ematen, ordea, bikain.
Euskara zen, ordea, mutiko polittaren ahalegin-alor behinena.
EUTGn matrikulatu zen, alfabetatze-hobetze ikastaroan. Talde txikia osatzen zuten bere mailakoek. Bi irakasle ezin jatorragoak suertatu zitzaizkion, zein baino zein egokiagoa bere helburuak betetzeko. Erritmo bizia ezartzen zioten eskolari, ariketa asko eta praktika
ugari egiten zituzten eta, gainera, giro bikaina sortzen arduratzen
ziren. Azkar jarri zen mutiko politta euskara-molde hartara —batua
esaten zioten— Patxi Altuna eta Koldo Mitxelenaren testuak lagun.
Txillardegik atondutako aditz- eta deklinabide-sistemak —Euskara
batua zertan den— ez zizkion Zabala-Aranak sortu zizkion buruhausteak sortzen. Bide zuzenean zebilen, alafede, geroak ongi frogatuko
zionez, eta etengabeko formakuntzan, herrian lotsarik gabe jarduteko asmoz. Donostian bizi zenez inoiz baino errazago zeukan gurasoengana joatea eta, bisita haietako batean honela mintzatu zitzaion
ama: “Tú eres muy vasco, no; seme?”. Zur eta lur geratu zen inoiz
erdaraz hitzik egin ez zion amak erdaraz horrela mintzatzean. Ama
ez zebilen hizkuntzari buruz mintzatzen; amak, galdetu gabe ere,
seguruenik bazekien semearen nondik-norakoa. Eta badaezpada ere
hortxe utzi zion gogoeta.
Eta egia esan, ama ez zebilen oso erratuta. Erroman ereindako hazia uzta ematen ari zen eta Euskal Herria bete-betean topatu zuen
Donostian mutiko polittak. Konturatu zen gatazka hark bazuela
zerikusia elizarekin, eta ez nolanahikoa, eta elizkideen artean alde
batekoak eta bestekoak zeudela, alegia Euskal Herriari bere eskubideak ukatzen zizkiotenak eta haiek aitortzeagatik bere askatasuna
eta bizia arriskuan jartzen zutenak. ETAn ere baziren apaizak edo
138
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
apaiz izandakoak... Urte haietan sona handiko ekimen batean parte hartu zuen mutiko polittak. Zamorako espetxe konkordatorioan
hainbat apaiz euskaldun zeuzkaten preso: Nikola Telleria, Alberto
Gabikagogeaskoa, Jesus Naberan, Julen Kaltzada, Martin Orbe,
Xabier Amuriza, etab. eliza pobrea eta euskalduna exijitzeagatik ez
ezik herriari zegozkion gauzetan modu pertsonalean inplikatzeagatik. Istiluak gertatu omen ziren Zamoran, eta apaizak matxinaturik
zebiltzan, hain urruti. Gertakari haien karietara itxialdi bat antolatu
zuten Donostiako seminarioan, eta hara joan zen mutiko politta.
Han ezagutu zituen hainbat apaiz gipuzkoar, abertzale, Herri Gaztedikoak, HOAC-JOCekoak eta beste batzuk. Gogor mugimenduaren
berri izan zuen, apaiz haien eta Setien gotzainaren arteko ika-mika
eta tira-birak kontenplatu zituen zuzenean; bidebatez, eliz agintarien
mugak zeintzuk ziren harritu samarturik nabarmendu zituen, kasu
hartan, Setienenak ez ezik aurrekoenenak: Berreziartua, Argaia, Zirarda, Mendez eta beste batzuenak. Asteburuan elizetara jaitsi eta
bertan irakurtzen zituzten asanbladako dokumentuak meza orduan.
Dokumentu haietako batzuk mutiko polittak berak erredaktatu zituen Andu Lertxundirekin batera. Haren guztiaren kariaz gatazka
politikoaren zipriztin batzuk lohitu zuten ezinbestean. Kontuz ibiltzeko, jesuita ezagun batek ohartarazi zion polizia galdezka zebilela
Atotxako Frantziskotarrenean egindako paraliturgia baten kariaz.
Harreman estu-estua zuen kaputxino bat kartzelara eraman zuten
urtetarako, eta aldamen-aldamenean eduki zuen erbesterako bidea
hartu behar izan zuen gasteiztar gazte bat... Beste eliza bat, beste
kristau-olde bat, Euskal Herri osoki aitortuan, huraxe izan zen mutiko polittak topatu zuena Donostian, maitatzen ikasi zuen, eta prest
zegoen haren alde bizia emateko.
Beste behin bizitza laburrean erantzunik gabe utzi behar izan zuen
emakume baten gonbita: haren begi eder eta ile-adats beltz-beltzak,
139
haren ezpain bete dardartiak, haren jarrera abegikorra, haren gorputz epela ez ziren aski izan gotorlekua eraisteko, sentimenduei men
ez egiteko blindatuta jarraitzen zuen mutiko polittak; hala ere, nonbait, oso sakonean, erraiek zioten pittin bat saiatuz gero, hura bai,
hura izan zitekeela bere bihotzaren asegarri, baina ez zen izan: beste
behin, gupidarik gabe erre zituen bere, eta emakumearen, sentimendu erneberriak sakrifizioaren aldarean...
Heriotzak oztopatu ezean gauzak heltzen direnez, mutiko polittari
ere heldu zitzaion bere ordua; apaiz egitekoa, kasu hartan. Donostian edandako ur osasuntsuarekin ez zeukan zalantzarik: apaiz izango zen zurrunbiloz eta ur-lasterrez betetako Euskal Herri hartan
parte hartzeko gogoz, berak zekien modu bakarrean. Agian horrexegatik “herriko apaiza” ipini zuen meza berriko oroigarrian. Amak
nahiko zukeena kontuan hartu gabe, ez zuen amore eman holakoetan estanpetan ateratzen zen argazkiari zegokionez: apaiz gazte
berria kaliza eskuetan, edo ogi sagaratua altxatzen. Bere oroigarria
kartulina urdin xumea izan zen: “hel esperantzari” zioen, alfabetatu
berriko euskal adiera zapore gabekoan. Setien gotzainaren oinetan
etzanda eta hari eskua emanda, meneko izango zitzaiola aginduz,
sagaratu zuten apaiz, umetan meza-mutil izandako eliz berberean.
Zakar samar aritu zen bere lehen predikuan: “Zer etorri zarete ikustera?”, San Joan Bataiatzailearen hitza gordinak familia hunkituaren
eta eliztar saiatu errugabeen artera jaurtiz. Egun hartan ez zeuden
denak elizan, bat falta zen.
140
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
Kartzela-txokoan, beti erne (7)
Bide berri bati ekin diodan arren, eta gogotsu gainera, batzuetan abailduta-edo sentitzen naiz, ideia ergelen batek erasoa: gaur bertan horren
aurrean zer egiten ez dakidala eta tristaturik, hara zer irakurri diodan
Josune Bereziartua eskalatzaile ataundarrari: “[horma zail batean zintzilik zaudela] zure burua baino ez duzu entzuten (…); une horretan,
zure helbururako balio ez duzun oro baztertzen duzu, zama arinduz
(…). Eta distraitzen bazara, pasatzen uzten duzu, ez duzu ideia edo
emozio horren kontra ere egiten, pasatzen uzten duzu, hodei bat balitz
bezala, eguzkia estaltzen du une batez, baina joan egiten da. Orduantxe
esan dezakezu ‘forman nago’”. Eder-ederra iruditu zait. Zergatik ideia
negatiboen kontra saiatu, emozioak estaltzen tematu. Hor daude, pasako
dira. Tematuz gero finkatu egiten dira, iltzatu, eta min izugarria eragin.
(…)
Joxe Arregi frantsizkotarraren erabakia irakurri dut Berrian: fraidetza
utzi du, Ordeneko anaien artean “liskarra ekiditeko”, eta batik bat bere
egiak, bere uste eta iritziak “askatasunez” esan ahal izateko, isilik baina
seguru, meneko baina babesturik jarraitu ordez. Hunkitu egin nau bere
determinazioak, lur ezegonkorrera jauzi egiteko prestutasuna, bere penak Ordena utzi beharra bizitzeagatik, eta bere zalantzak eta beldurrak
bulartsu asumitzeagatik. Nola ulertzen dudan! Hala ere nik ez daukadan segurtasunak bizi du Joxe: “Noan tokira noala, Jainkoa nirekin
etorriko da”. Ni bakardadearen mina eta urradura bizitzen ari naiz,
eta hor ez dago Jainkorik… nik dakidala. Bakardadea “adiskide min eta
leiala” dela dio George Moustakik bere La solitude abestian, baina orain,
bizitzan lehen aldiz ohekide dudalarik, ez nago hain seguru. Garratza
irizten diot haren isiltasunari, hitsa bere aurpegiari, izotzezko begiradari. Aldatz gora egiten zait bizitza, baina joan banoa. Aupa ni! (…)
141
Heriotza berriro sartu da gure galerian. Motos ijitoaren txanda izan
da, oraingoan. Ezustean izan den ez dakit seguru. Zurrumurruek diote
pilula bat eman ziotela bart, eta goizean zendu da. Beste batzuek diote
hiru egun zeramatzala ondoezik, erizaindegira joatea eskatu eta ukatu
egin ziotela. Joan denean, bertan geratzea agindu zioten arren ez zuela
nahi izan, eta goizean zerraldo agertu da. Nik dakidana hauxe da, besterik ez: gosaltzera jaisterakoan balantzaka ikusi nuen atzo, kide batek
lagunduta eskailerak jaisten. Mozkortuta dagoela iritzi diot, eta halaxe komentatu diot Igorri. Nor zen Motos? Ez dakit, ez neukan feeling
berezirik berarekin. Oso zakarra zen, hezigabea. Urte asko zeramatzan
kartzelan. Norbait akabatu omen zuen. Arazoak omen zeuzkan emazte
ohiarekin. Hala ere gutxi falta zitzaion ateratzeko. Omen. Hemen zurrumurrua da nagusi, radiomakuto.
Zigortuta nago. Hogei eguneko zigorra eman didate kide gaixoen alde
borroka egiteagatik. Txaboloan jesarri naiz bizkarra komunaren eta
ohearen arteko horman bermatuta… Aulkiak oso txarrak dira eta ez dago
luze irauterik. Begiak altxatzean leihoko kristaletatik barrena —errezela berdeak alde banatan bilduta daude, bigiztaz eutsita— bederatzigarren moduluko eraikina dut parez pare. Eraikin guztiak berdin-berdinak dira, biluziak, karratuak, tarteka leihotxoak hagin-zulo hutsak
bailiran. Ekialdera ematen du nire txaboloak. Oskar Wilderen Dorian
Greyren erretratua irakurri dut. Aldika, begiak jasota, kristalak uzten
didaten hormigoi-zatiari eta zeru-puskari erreparatu ohi diet. Bostak
aldera bete-betean jotzen du eguzkiak eraikinean. Horizta, ia laranjakoloreko bihurtzen da, argitasunak piztuta, erabat sutu gabe. Minutu
batzuk pasata, malba kolorea hartzen du, argia pittin bat urrunago eta
hodeien islaren eraginez. Ondoren, berriz, urdin-griskara, teilatuen
txapa gris urdinduna bezala, kolore hori nagusituz. Liburuaren kapituluak hostokatu ahala betiko krema-kolorea hartu du beste behin, eguzkia
mendebalderantz ezkutaturik. Konturatu orduko patioan argiak piztu
142
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
dituzte, burezur zurbilak bailiran, eta iluntasunak irentsi du eraikina,
arriskutsuenen modulua. Apenas ikusten da deus. (…)
Sekulako euri-jasak bota ditu egunotan. Gau eta egun zirri-zarra. Ez
dugu patioan ibiltzerik izan. Aski ernegarria da euria espetxean. Erabat
blokatuta geratzen zara. Virginia Woolfen Una habitación propia irakurri ondoren, Ramón Senderrekin hasi naiz. Arratsaldean pittin bat
berandutu naiz ohean, siesta astuna izan baitut. Ez daukat katalana
ikasteko gogorik. Egunotako bustialdiaren ondoren, berdetu dira soroak.
Ilusio batek bizitza oso bat zutik iraun ahal du, eta azkenean ohartzen
zara ilusio hura dela daukazun bakarra. Zer egin, ordea, ilusioa iraungitzen denean, erabat biluzik eta argal utzirik? (…)
Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelainoan? irakurriz nire umetako heroe batekin egin dut topo: Charles de Foucault eremita. Moro
batek hil zuen, ustez haien ongizatea eta salbazioa baino nahi ez zuen
gizon umila. Orain arte ez dut jakin touaregen hizkuntza eta poesia bildu zuela, eta horrek lehendik neukan haren soslaia handitu baino ez dit
egin. Baina inork ez zidan azaldu ez eta ere frantses militarrekin iritsi
zela desertura, eta haren iritziz, musulmanek kristau eta aldi berean
frantses bilakatu behar zutela; hots ideologia kolonizatzailea zuela funtsean. Hori ez omen dago ezkutatzerik gizon ona, zintzoa izate hutsarekin. Pertsonak oro daukagula, alegia, geure alde iluna edo ifrentzua.(…)
Fukushimako zentral nuklearra lehertu da, lurrikara eta tsunamia eraginez. Muturka dabiltza nuklearren aldekoak eta kontrakoak (…) Giza
eskubideen aldeko amorratuenek Bin Laden akabatu eta orain Libia
bonbardatu nahi dute. ETAk armak ixildu dituen egun berean garbitu
dute Gadaffi. Biolentzia zilegi omen da kasu honetan.
143
144
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
Bigarren zatia
Zurrunbiloaren
begian
145
146
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
-I-
Mutiko polittaren historia nirea da, jakina. Heldu arteko ingurumariak xehetzen ditu, gerokoaren azalgarri-edo. Seminarioan idazten
hasi nintzenean ezin igar nezakeen zaletasun hark espetxera eramango ninduenik. Ez da erabat horrela izan, baina badu zerikusirik. Eskolako lanak idazten hasi nintzen, beste edozein bezala, eta berehala
ohartarazi zidaten irakasleek banuela ezpala, eta horrek animatu egin
ninduen. Ez dut sekula gauza mardulik idatzi, ez naiz pasatuko literaturaren historiara. Eskolan agindutako deskribapen, narrazio eta
saiakera laburrak ez ezik goiz hasi nintzen nire egunerokoa idazten.
Zoritxarrez, koadereno-pila ederra beteta nuela, behin, auskalo zer
haize-boladak jota, dena jaurti nuen zakarrontzira. Erruz egokitu
zait bizitokia aldatzea, eta kokoteraino nengoen boligrafoz zirrimarratutako koaderno haiek denak garraiatzen. Beti izan dut arropa
gutxi eta liburu asko, nire hezkuntza-garaian hala irakatsita, eta aipatutako koaderno haien eta liburuen artean, liburuak gordetzea hobetsi nuen beti, seguru asko oker, orain behintzat damu naiz; izan ere
liburuak berriro eros daitezke, eta nire bizitzako lehen zertzelada,
pasarte eta sentimenduak jasotzen zituen koaderno-sail hura betiko
joan zen zaramara. Eskerrak gizakiok badugula ordenagailu zentral
bat non irarrita geratzen diren gauza gehienak —modu aleatorioan
selekzionatuta, hori bai—, bizipenak eta bizikizunak, sentimenduak
eta gogo-nahiak. Batzuetan gure zoritxarrerako, ahazten saiatu arren
hor baitaude betiko. Nolanahi ere bizi izana bizitua, norberaren ondarea da; ikasteko erabiliz gero, ongi etorria izango dena, eta bestela, urteak bihotzean egiten duten arrastoa salatzeko, beti hor. Bota
nituen bota nire lehen testu baldar haiek, eta orain, heldutasunera
iritsita, errezel berdez hornitutako ziegan idazten dut, lehen gazta-
147
roan ernetako idazle-senaz bizitzak sei hamarkadatan eman duenaz
gogoeta egiteko asmoz.
Zer esanik ez, oso berandu hasi nintzen euskaraz idazten. Gure hezkuntza beti gaztelaniaz izan zen, euskara apenas izan zuen presentziarik bukaera arte, euskarak etxekoekin mintzatzeko balio zigun,
asko jota, ez galtzeko zoria izan genuenoi. Gure etxeko bi osaba
fraideek ia erabat galdu zuten ama-hizkuntza. Haiek bezala asko ikusi ditut, euskaldun sartu eta erdaldun bihurtuta etxera itzultzen edo
bertan geratzen, maingu eta sarri penatuta. Norbait izateko, idazten
saiatzeko, lan intelektuala egiteko gaztelania zen hizkuntz bakarra
gure garaian. Klaretarren seminarioan euskaraz idaztea burutu ere
ez zitzaigun egiten gure belaunaldiko gazteoi. Alferreko saioa zen,
ez baikinen hiztun alfabetatuak, agrafoak ginen, mendeetan zehar
gure arbasoen hizkuntza izan den bezalaxe. Esan dudan bezala nire
ikaskide jatorriz euskaldunak ama hizkuntzan alingue bilakatu ziren
gehienak. Ez zen nire kasua izan.
Eskola-jarduneko hizkuntzak ez ezik —latina, greziera, hebraiera
eta italianoa— beste batzuk ere ikasten hasi ginenean, euskarak ez
zuen kabidarik izan. Hobe frantsesa, ingelesa, alemana, etab. ikasten
saiatzea. Horretara bultzatzen gintuzten eta halaxe egiten genuen,
meneko gazte bihoztunak, obeditzeko heziak, gustura genbiltzanak
kultur giro arroztu hartan. Gure ordena, Misiolari Klaretarrak, ez
zen bereziki arduratsua izan euskarari dagokionez, ez behintzat gerora jakin dudanez frantziskotar, karmeldar eta abarren mailan. Egia
esan nik ez nuen nozitu jazarpen esplizitu nabarmenik; ezkutuagoa
zen gure artean gertatzen zena. Euskara ez zen beharrezkoa eta kitto. Hola antzematen nuen nik bederen garai hartan —1958-1973ra
arte egon nintzen seminarioan, baina batik bat 1970erainoko urtealdia aipatu nahi dut hemen—. Gu ere ez ginen aparteko iraultzaileak,
148
Agurra
Errezel
etaberdeak
Ohorea
Jexuxmari Zalakain
Jokin Urain
Garaikoetxea
Larrañaga
ez horixe. Giroko umeak ginen, besterik gabe. Gizartearekin harremanik ez geneukan, eta parean egokitu zitzaigun apaiz euskaldun ia
denak ez ziren sobera exijenteak izan gurekin alor hartan.
Hirurogeiko hamarkadaren bukaeran hasi ziren lur-zorutik ateratzen batzuk —Iruarrizaga, Agirre, Zabaleta, Mugertza, Etxebarria,
Torrontegi, Barroeta, Zuloaga, Erezkano— urteetako zama astindu eta publikoki praktikatzen. Auskalo zenbat komeriarekin! Begiak
ireki zitzaizkidanean, Vatikano haize-erauntsiari esker, gure
artean euskaldun euskaltzale izandakoak bazirela ohartu nintzen, gorago azaldu dudanez eta nola edo hala haien oinordeko izaten saiatu
nintzen. Nire mintzamena gordetzeko gai izan nintzenez —batere
meriturik gabe, seguru asko— ospe berezia izan nuen beti, eta egiari
zor, nire kide batzuen euskaratzean ere izan nuen arduratxoa.
Nolanahi ere, kazetari izatea zen nire ametsa, eta horretarako hizkuntza landu beharra neukan nahita nahi ez. Azkar konturatu nintzen fikziorako doainik ez nuela. Artikuluak, erreportajeak eta kronikak egiteko hobea nintzen, ordea, eta horri heldu nion gogotsu.
Zaletasuna banuen, jakina, baina baimena falta zen. Ez zegoen ondo
ikusita gutako inor arlo zibiletan jardutea: gure prestakuntza ia erabat erlijiosoa zen eta apaiz izatekotan, teologia, biblia, pastoralgintza
edo morala ziren landu beharreko arloak. Filosofia bera teologiaren zerbitzari gisara ikasi genuen. Pedagogiari eta psikologiari ongi
zeritzen gure nagusiek; lehenengoa, egokia zelako ikastetxeetan eta
seminarioetan hezitzailetza ondo betetzeko; eta bigarrena, jendearen arimara iristeko, aitortzan eta gogo-zuzendaritzan trebe aritzeko.
Baina kazetaritza? Oso gai mundanoa zen hura, arrisku bizikoa gutako edonorentzat, oso berandu arte ama kongregazioaren altzoan hezitako haurrontzat. Ikaskideen artean ez nuen nire helburu berbera
zeukan inor ezagutzen, eta era horretara are zailagoa zen agintarien
149
baimena erdiestera iristea. Lehenengo meza eman arte, hau da, kongregazioarekin erabat eta betiko lotu arte, ez nuen aukerarik izan, eta
orduan hogeita lau urte nituen.
Lehenengo pauso baldarrak
Iruñeako Unibertsitatean egin nituen harrera-probak, OPUSenean. Ez nuen gogorik Euskal Herritik ateratzeko, eta nire nagusiek nahiago zuten hurbil edukitzea, era horretara ikasteaz gain gure
obraren batean lagunduko nielakoan. Egokia zen horretarako Iruñea.
OPUSeko unibertsitate-campusaren ertz-ertzean, goiko aldean, Pio
Etorbideko mutur batean, Klinika Unibertsitarioaren pareparean egoitza bikoitza genuen klaretarrok: Ikastetxea eta Egoitza
unibertsitarioa, Larraona ospetsua (osabarekin bidaiatzen zuen kardinal berberaren izena zeramana, hain zuzen), garai hartan izen handikoa eta etorkizun oparoa izateko sortua, batik bat unibertsitarioen
egoitzei zegokienez OPUSi monopolioa kendu zion lehena. Hori
izan zen nire destinoa, horixe nagusiek prestatu zidaten plangintza.
Urte haietan OPUSekoan ez ezik, soilik Bartzelonan eta La Lagunan ikasi ahal zen kazetaritza, eta Katalunia eta Kanariar Irlak urruti
zeuden habiatik ateratako txori urduriarentzat. Beraz, Iruñea. Tira.
Orain asko aldatu dira gauzak, besteak beste seminaristek —geratzen diren apurrek— institutu eta unibertsitateetan ikasten dute,
baina interesatzen zaigunerako, haien ikasketek balio zibila dute gaur
egun, ikasketak homologatuta daudelako. Gure garaian seminariotan
ikasten genuen, gure ikasketek ez zuten balio ofizialik seminariotik
kanpo jarduteko edo jarraitzeko, eta hala hamahiru urteko ikastaldia
PREUkoen pare geratzen zen, estatuaren eta Vatikanoaren arteko
150
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
akordioei esker konbalidatuak zirelarik. Beraz, kasurik onenean,
Unibertsitatearen atarian geratzen zen. OPUSekoa, ordea, pribatua
zen, berezko arauak zeuzkan, eta sarrera-proba egin beharra zegoen.
Hara joan ginen. Egin nituen azterketak oso errazak iruditu zitzaizkidan eta gainditutzat eman nituen: kultura orokorra, erredakzio bat
eta apenas beste ezer. Handik egun gutxira harriduraz jakin nuen ez
nintzela gai instituzio hartan ikasteko. Erreklamatu nuen badaezpada. Alferrik.
—Zer gertatu zait?, galdetu nuen idazkaritzan.
—Ezer ez, ez duzu gainditu.
—Ikus dezaket azterketa?
—Ez; hemen ez dira azterketak erakusten.
Hortxe bukatu zen dena: OPUSekoek ez ninduten nahi. Nik ere ez
haiek. Bingo!
Egia esan dezadan, poztu egin nintzen. Ordurako esnatuxe nenbilen
eta ez ninduen zoriontsu egiten OPUSenean ikasi beharrak, gure seminarioa baino zaharkituagoa begitantzen zitzaidan, eraikin neoklasiko hartan hain jende moñoño eta santujaleekin. Beraz, Madrilera
joateko baimena eskuratu nuen. Complutenseak Kazetaritza Fakultatea ireki berria zuen, eta Madrilen komentuetxe asko geneuzkan
bertan bizitzeko, munduarekin kontaktua egin eta bertara erretiratzeko. Ez zen aukera txarra.
Euskal Herriko klaretarrok pisu bat geneukan Madrilen, Toledo kalean, San Isidro katedralaren aurrean. Etxebizitza zabala zen, zahar
151