🕙 29-minute read
Errezel berdeak - 02
Total number of words is 3720
Total number of unique words is 2020
27.1 of words are in the 2000 most common words
40.4 of words are in the 5000 most common words
46.4 of words are in the 8000 most common words
Mutiko polittaren kalkuluen arabera, urtebete eskas egingo zuten
aitaren baserrian, agian eskola-urte bat doi. Berak inoiz ulertu ez dituen arrazoiak tarteko —egia esan, galdetu ere ez ditu egin—, amarenean ziren konturatu orduko. Hirigunea eta baserrietxea lotzen
zituen autobusean mugituko zen ostera familia osoa —berriro erromes— zortzi bat kilometro gorago. Aitak paper fabrikan lan egiten jarraitzen zuen —amak baserrian lagunduko zuen, noski—, eta
haurrak beste eskola txiki batean hasi ziren, aurrekoaren baldintza
bertsuetan, haur baserritar peto-petoekin gaztelania hutsean, beste
maistra baten aginduetara. Elizan, aldiz —elizako ganbaran, zehatza
izateko—, euskaraz jardun zuten kristau-ikasbidean trebatzen.
Amonaren baserrian aitona-amona, bertan geratutako osaba premuaren familia, beste izeba ezkongabe bat eta morroia bizi ziren. Baserri
zabalagoa zen hura, lur- eta mendi-sail handiak zituena. Litekeena da
aberatsagoa izatea —eta beraz, aiseago ekingo zioten sei senide berri
elikatzeari—. Ukuilua aberez betea zeukan: behiak, bigantxaketa zekorrak; txerriak, oiloak, astoa, zaldia eta idi-pare ikusgarria (Gorri eta
Moro) soroak goldatzeko, goiko mendietatik belarra jaisteko, etab.
Ganbara alez mukuru eta sabaia belar onduz lepo zeuden beti. Aroztegi bat ere bazen han goian, osabak trebe erabiltzen zuena, baserriko
lanetarako tresneria konpondu eta maiz egiteko.
24
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
Herri-kaskotik urrun samar zegoen amaren jaiotetxea, muino batean kokatuta herriguneari begira, aurrez-aurre, kilometro batera
doi. Elizarako eta eskolarako bidezidor lokaztuari jarraitu behar zitzaion, oinez, garai hartan autorik ez baitzegoen baserrietan. Aldamenean beste baserri bat zegoen, auzo bakar, amarena baino aise
xumeagoa, askoz ere zabarragoa. Hango nagusiak etxekoak baino
hagitzez xaharragoak ziruditen, eta gutxienez bi seme gazte kankailu
bizi ziren bertan, adinagatik edo dirua fabrikan irabazten zutelako,
gurasoekin beti sesioan aritzen zirenak, etxeko lanei muzin egingo
ziotelako-edo. Haietako batek, zaharrenak, Vespa edo Lambretta bat
zeukan eta gau beranduan iristen zen maiz ttar-ttar-ttar bidezidorrean gora, txakurrak asaldatuz. Mutil gazteena, berriz, mutiko polittaren arreba batekin zaletuta zebilen, neska ikustean haren barretxo
jostaria lekuko; arrakasta handirik gabe, egia esateko.
Agian beste urtebete edo ikasturte egongo ziren baserri hartan, harik eta hirigunean etxebizitza alokairuan hartuta, bertara aldatu ziren
arte; beraz, sei urtetan lau etxe ezagutu zituen mutiko politak, patuak
harat-honat erromesaldira bultzatuta, kokatzen zail. Markatuta itzuli
zen, ordea, mutiko politta, baserrietxe hura zinez bere-beretzat betiko itsatsita, senean eta gogoan: orduak ematen zituen sukaldeko
leiho txikiaren aurrean herriko baserriak zenbatzen eta haien izenak
baitaratuz, buruz ikasten tematuta. Orixe irakurriz jakin zuen geroago haietako batean jaioa zela Santa Krutz apaiza.
Bihotzean eta hunkiduran ez ezik gorputzean ere markatuta utzi
zuen mutiko polittak baserri hura kalera bidean. Bihurri samarra izaki, alegia, ez zuen bada kopetaz jo eta txikitu leiho txikiaren kristala!
Leihoaren aldamenean jesartzen zen familia erromesa otorduetarako, eta halako batean, aulki gainean zutik txorakeriak eta imintzioak
egiten zebilelarik, aitak egindako esku-keinuari itzuri, burua saihetsi
25
eta kristala birrindu zuen kopetarekin. Hango garrasi eta zalaparta
sei urteko umemokoa odoletan blai ikusirik. Aitonak konortea galdu
omen zuen biloba itsu geratuko ote zen beldurrez eta, nola edo hala
odol-emaria moztuta, medikuaren zain geratu ziren baserrian, aita
zurbil eta damu haurraren erreakzioa asmatu ez izanagatik. Mutiko
polittaren oroimenak medikuarena zen motor baten zarata eta haren
abiaduraren ziztua errepidean behera zetorrela dakarzkio orain ere.
Hari beltzez josiko zion medikuak kopeta irekia, edo aluminiozko
grapekin azala hartu, kontua da ez zuela lan txukunegia egin berrogeita hamabost urte geroago nabarmen baitago oraindik haren
arrastoa kopetaren eskuineko aldean. Jaio ere markatuta jaio zen,
ezkerreko masailean orin-orbainez hornituta; beraz, gazte-gaztetatik
anitzez markatuta dator mutiko politta, edozeinentzat igarri-erraz.
Beste behin morroiarekin batera, asto gainean abiatu zen baserri
aurreko bidetik auskalo nora. Astoa trostan jarrita, ordea, aberea
pipertu eta putinka hasi zelarik, hara non mutikoa bere jesarlekutik eta morroiaren besoetatik askatu, aberearen buru gainetik hegan
atera eta bidean ziplo geratu zen, gainean astoa eta astoaren gainean morroia, barrez lehertzen alua! Mutiko polittari ez zion grazia handirik egin, noski, belaunaren atzean oraindik igarri daitekeen
ebakia lekuko, gako baten alanbreak ebakia. Aurreko bi markak gutxi iritzita nonbait, eskumuturra bihurritu zitzaion, arba batzuetan
irrist eginda, harriko hormatxo baten gainetik salto eginik pasatzen
saiatzean. Abagune hartan ezagutu zuen mutiko polittak petrikiloa
zer den. Bazkalostean iritsi zen baserriko sukaldera. Gizon zabal,
irribarretsu eta borobila zen, Aiherrako Mattin nola, brusa beltz luzea jantzita zetorren. Aurrean jesarrita —mutikoa hormaren kontra
eta gizonaren hanka artean ihesbiderik gabe—, eskua eskatu zion,
bihurritutako eskumuturra artatzeko. Benda askatzen zion bitartean
solas gozoarekin bereganaturik umea, di-da batean manipulatu zion
26
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
eskumuturra —kri-kra—, sekulako oihua —bat eta bakarra— jaurtiaraziz mutiko polittari. “Kitto” baizik ez zuen esan petrikiloak,
mutikoak bi negar-anpolai borobil-borobilak isurtzen zituela... Eskumuturrak ez du inoiz beste artarik behar izan.
Bizitzan zehar ahal izan duen bakoitzean igo izan da mutiko politta
baserri hartara —sustrai-etxera?— umezaroko pasarteak oroitzera,
bertako usainak berpiztera: ukuiluko simaurra, upategiko hezetasuna zirin-sunda eta urdaiazpikoen gatza, mandioko belar ondua, iluntzean segaz mozturiko bibelarraren lurruna, sukaldeko egur-enbor
kiskalien epela, sagarren garraztasuna, gari-jotzearen hautsa; soinuak berrentzutera: gela-azpiko iturriaren tanta-hots etengabea siesta-orduan, ganaduaren burukadak eta arnaskera astuna; baserriko
atarien joan-etorriak eta haietako bakoitzaren existentzia kokatzen
zuten etxe-argien distira gau ilunean berrikustera.
Gurasoek hirigunean topatu zuten etxea ordurarte bizileku izandakoak ezbezalakoa zen. Hasteko, solairutan banatutako etxe altua
zen, eta azken-aurrenean kokatu zen familia, ezezagunen artean
—beheko pisu batean amaren neba kamioilaria bizi zen bere familiarekin—. Etxeak hiru logela, egongela, sukaldea eta komuna zituen
—dutxarik eta bainurik gabea—. Tartean, korridore laburra. Zorua,
egurrezkoa, zeinaren begietan kristalezko puztarri koloretsuak pausatzen zituen mutiko polittak. Gurasoak ez ziren gehiago handik
mugitu; haurrak, bai, ordea, ezkontzeko, eta mutiko politta ere bai,
berehala eta betiko. Hantxe jaio zen anaia gazteena, bosgarrena, ospitalean munduratzeko aukera izan zuen bakarra, gainerakoak Txatoneko sukaldean atera baitziren amaren sabeletik, emaginaren laguntzaz. Ordurarte mendiko etxeetan bizi izandako familia kaletartu
egin zen, beraz, haurren heziketarako aukera hobeak erdietsiz, eta
edozein moduz, behingoz bereburu bizitzen jarraitzeko ere bai.
27
Bi akademiatan ibili ondoren, monjetan hasi ziren neskak, eta fraideetan mutiko politta, erdara hutsean berriro ere, euskara etxerako
eta senitarteko solaserako utziz. Bi sailetan banatuta zegoen fraideen ikastetxea: libreak, arratsaldean eskola-orduak bukatuta etxera joaten zirenak, eta bijilatuak, ikastetxean bertan geratzen zirenak
debereak egiten, hango irakasle sotanadunen begiradapean. Azken
horiek hiriguneko familia ahaldunen semeak ziren —alabak monjetan zebiltzan, jakina, haientzako ez zen gorengo eskolarako esperantzarik—, eskola gaindituta bertoko eskola teknikoetan eta, gutxi
batzuek kanpoko unibertsitateetan. Mutiko politta libreetan aritu
zen —besteak beste dohainik zelako—. Hiru irakasle ditu gogoan:
bi laiko, maisu zeritzanak, jatorrak eta arduratsuak, biak Kantabriakoak, Don Adolfo eta Don Alfredo, ikasleei Santanderreko abestiak
irakasten jarduten zutenak (Santander, bella tierruca, viva Santander);
eta apaiz bat, mutikoaren izen berbera zeramana, sotanaduna garaiek hala behartuta, oso gizon bortitza, jenio bizikoa, astakilo hutsa, berotzen zenean haurrak zigorka ibiltzen zituena, zumitz berdea
astinduz, borradorea burura jaurtiz, etab. Mutikoak dastatu zituen
inoizko zaplaztada ezusteko eta basatiak. Misioetara bidali omen
zuten gerora apaiz hura, beltzak edo indioak bezatzera nonbait. Azkar samarra zenez, arazorik gabe gainditzen zituen mutiko polittak
eskolak eta mailak, ohartuz, ordea, zenbakiak ez zetozela bat bere
aldarte eta zaletasunekin.
28
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
Familia kaletartuta
Han, eskolapioetan, egin zuen bere lehen jaunartzea, zazpi urterekin
(Cantad oh puros niños, cantad hoy al Señor, de gratitud un himno de gratitud
y amor...), zuriz jantzita. Bere aldamenean desfilatu zuen hiriguneko kaleetan zehar prozesio hunkigarrian, herriko musika-banda eta
guzti, inguruko familia aberatsenetako baten seme gazteenak —txalet izugarri ederrean bizi zen hura, besteengandik aldendurik—, jaunartzeak gutxienez egun baterako denak berdinduz. Hala ere, beste
fraide-klase batzuen elizan, korazonistetan, hasi eta jardun zuen meza-mutil, eta goiz-goiz jaiki behar izaten zuen lehen meza laguntzeko, goizeko seietan... Poz-pozik, antza.
Inoiz ahaztu ez zaion istripu galanta jasan zuen mutiko polittak garai hartan, zortzi urte zituela. Bazkaldu orduko korrika batean joan
ohi zen ostera ikastetxera, hango ateak zabaldu aurretik puxtarritan
jolasteko. Errepidea zeharkatzean, bi aldeetara begiratu arren distantziak gaizki kalkulatuta, auto batek harrapatu zuen gurpilen artean.
Zorionez mediku bat zen gidaria, eta bere klinikara eraman zuen
umea arrapaladan. Ez zitzaion ezer larririk gertatu, kolpe astun bat
baino ez. Esnatu zenean, etxeko ohean eserita topatu zuen medikua
aurpegira so. Amarekin mintzo zen, eta ordura arte entzun gabeko
hitz bat erregistratu du bere garunean: escarmiento. Istripuaren hotsera bildutako beste mutikoek esan zioten, alegia, kolpearen ondoren
gurpilen albo-alboan geratu zela, haiek azpian hartu gabe, eta “nire
zapata” oihukatu zuela, autoaren talka jaso eta konortea galdu aurretik, nonbait oinetakoa galdurik. Berak hobeto gogoratzen ditu
klinikako eskailera zuriak, nondik moja bat jaisten ari zen, abituaren
alde batera, zintzilik, guraize handi bat eta giltza-mordoa zekartzana.
29
Aita elektrikaria, ama etxekoandre, nahikoa lan bazuten guraso haiek
bost haur hazteko. Gurasoen anaiak eta arrebak, denak, baserrian
geratutakoak eta fraide joandakoak izan ezik, inguruan bizi ziren, eta
oro har, giro lasaia ezagutu zuen, gerora, urteekin, jakin duen arren,
bazirela liskar isilak euren artean, ezinikusi gordeak, ez oso larriak,
bestalde, oinordekotzari eta beste kontu batzuei atxikiak. Beti harreman gehiago eta hobea izan zuen amaren aldeko izeba-osabekin;
edozein moduz denekin ondo konpontzeko, eta aldian-aldian dendenei bisita egiteko gomendioa egin zitzaion beti etxean. Eta halaxe
saiatu da mutiko politta bere bizitzan zehar.
Aita futbolzalea zen, eta bosgarren haurra, bigarren mutila, artean
jaio gabe, futbol-zelaira joaten ziren hamabostean behin elkarrekin
aita eta mutiko politta, herriko taldea jokatzen ikustera. Igandeetako
irteera hark bazuen bere errituala: etxetik atera eta taberna jakin batera joan ohi ziren biak; aitak kafea eta kopa hartzen zuen beste lagunekin, eta faria errez abiatzen ziren estadiorantz. Mutikoak bidean
hartzen zuen asteroko oparia: barkileroarenean erruletari eragin, eta
indarraren arabera lor zitekeen barkilu batzuk, piruli bat edota, suerte pixka batekin, karamelu gorriko txalupatxoa.
Bestelakoetan, mutikoaren etxean ez zegoen aukera apartekorik ez
zaletasun markaturik. Futbolarien kromoak biltzen eta albuma osatzen —behin futbolean arauzkoak ziren larruzko baloia eskuratu
zuen: gorri-gorria—, aldameneko beste mutil batekin kartatan jolasten, edo etxeko korridore laburrean puxtarriz edo plastiko gogorreko indio eta bakeroen artean ezinezko batailak antolatzen ematen
zuen denbora librea. Arreba nagusiak, hiruzpalau urte zaharragoak,
dantzak ikasten saiatzen ziren sukaldean amaren doinura.
Behin bizikleta urdin bat ekarri zuen aitak etxera —komunean gako
batetik zintzilik gordetzen zuen—, eta hiru zaharrenei bederen ibil30
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
tzen irakasten saiatu zen arren, ez zuen arrakasta handirik izan, mutiko polittak bederen ez zuen ikasi eta, ausartegia ez zenez, lotsa
izaten zuen tramankulu hartan ibiltzen ikasteko baldarra zela adierazteko eta, trebeegia ere ez nonbait, ez zen ikasten tematu.
Diru handirik ez zegoen etxe hartan —nola egongo zen!—, hala
ere beti egon ohi zen opariren bat Erregetan —artean ez baitzen
Olentzerorik ezagutzen, gabon-kantetan izan ezik—. Opari xumeak
ziren, bai, baina batzuk ez ditu ahaztu mutiko polittak: egurrezko
txantxo bat, harietatik tiratuz hankak mugitu eta tiradizoaren eraginez esku banatan zeuzkan platertxoak jotzen zituena; pandero bat,
kartoizko esku-soinua; Errealaren ikurra eta jokalaria margotuta
zeuzkan gorbata urdina, goma batez lepoa inguraturik janzten zena;
mazapanezko sugea eta bestelako gozoki batzuk.
Haurtzaro labur hura erlatiboki zoriontsua izan zen mutiko polittarentzat. Etxean giro ona egon zen beti, auzo atseginak izan zituzten —orduz geroztik atsegin ditu platanoak, auzo-andreak ahal zuen
guztietan ekartzen baitzion amari platano-sorta ederra bere biltegitik—, eta oro har arazo handirik gabe joan ziren urteak. Estutasunak
gurasoek ezagutuko zituzten.
Gurasoen artean, bestalde, ez zen iskanbila handirik izango urte
haietan, izatekotan gogoratuko baitzituen. Adibidez, ondo-ondo josita dauka gogoan euren arteko liskar txiki bat. Amaren urtebetetzea
zen, eta aitak amantal bat, marra txuri-urdinduna ekarri zion. Amak
ez zuen abegi onez hartu: espero ez zuelako, urduri samar eta artega
zebilelako egun haietan edo, besterik gabe plastikozko amantal hura
lanarekin lotu eta ezegokitzat joko zuelako oparitarako, batek daki.
Kontua da, aitak sekulako etsia harrapatu zuela eta elkarri hitzik egin
gabe egon ziren egun batzuk. Mutiko polittak ez zuen ongi ulertzen
gertatzen ari zena baina, lehen aldiz bizitzan, erabakitzeko premia
31
nabaritu zuen bere baitan, gordin-gordin. Aita eta ama banantzekotan norekin geratu, alegia. Bataren eta bestearen alde zein kontrako
arrazoiak pilatzen jardun zuen, norekin geratu ez baitzen erabakitzen samurra, erabakiak gurasoetako batekin geratu eta bestearekin
moztea baitzekarren. Zorionez berehala egin zituzten bakeak, eta
mutiko polittak ez zuen ezer erabaki beharrik izan. Eskerrak...
Ezin esan lagun handirik egin zituenik garai hartan, hainbeste urte
joanda gero apenas gogoratzen du inoren izenik: Josetxo, Jose Luis,
Migelmari —begien parean duen argazki sepiari begira jarri, eta
apaiz basatiaren aldamenean azaltzen diren umeak berarekin gelan
ibilitakoak direla bai, baina izenak ere ez ditu gogoan—; inoiz edo
behin herrira itzuli eta kaleetan zehar dabilenean erabat arrotz sentitzen da haurtzaroko kale estuetan, hazpegi batek edo bestek baizik erakartzen ez diolarik garai urrun haietako gogorapen zehatzik.
Holakoetan senideren bati galdetu behar izaten dio, hori zein da?.
Etsairik ere ez zituen egingo, izan ere horren arrastorik ez baitu gorde. Aldiz neskatila polit-polit bat du gogoan oraindik, ezabaezin;
hura bai. Apenas hitz egin zuten elkarrekin. Etxe oneko alaba zen
hura mutikoaren iritziz, eta kontuz ibili beharra zegoen. Haren trentza airosoak, sudurtxo kuttunak, aurpegi guri-guriak, ibilera lirainak
eta haren seriotasun zintzoak... hortxe diraute, gailen. Gazteegia zen
inguruan gertatzen zenaz jabetzeko, alabaina aski zorrotza konturatzeko mutil zaharragoek ahopeka ziotena, alegia mutil eta neska
batzuk txiki-txaka ibiltzen zirela, non eta etxe-atari ilunetan.
Fraide artean egin zituen, beraz, urte haiek mutiko polittak; batzuekin ikasi, beste batzuekin meza-laguntzaile eta beste hirugarren
fraide-klase batzuengana jotzen zuen aitortza egitera, izan ere etxe
ondo-ondoan baitzegoen fraide arantzazutarren komentua, eta haietako bat izan ohi zen auzoko neska-mutil gehientsuenen aitorlea,
32
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
ezpainetan beti irri, ahotsean goxotasun, kapa arrea umeen babesle.
Liburuetan ikasi zuen geroko geroan, euskal literaturan norbait izandakoa zela fraide amultsu hura, Aita Garate.
Fraide batzuen edo besteen eragina izango zen, seguruen, auskalo, kontua da batzuekin eta besteekin probatu zuela, atsegin handiz
koska eginda haien amua irentsiz. Bizitzaren misterioak, mutiko politta kartusiar izan nahi zuela esaten hasi zen gazte-gaztetatik, hamar
urte ez zituela, ordura arte kartusiarrik ikusi gabe —hamazortzi urte
zituela ikusi zuen lehenengo aldiz kartusiar bat Burgosko Mirafloresen—. Kartusiar ez kartusiar, San Inazio Loiolakoaren biografia
irakurtzeko tema izan zuen luzaroan. Auto-istripua izan zuenean
lortu zuen gurasoek erostea zorioneko biografia hura, baina ez dirudi osorik irakurri zuenik, lehorregia iritziz.
Meza-mutil egiten zuen elizan bazegoen fraide arratiar bat, Eugenio
Undurraga, Txinan misiolari ibilitakoa, zeinak arratsaldeko funtzioa
bukatu ostean —funtzioa esaten zioten ilunabarreko elizkizunari—meza-mutil guztiak bere inguruan bildu eta Txinako pasadizoak
kontu-kontari jarduten zuen, bidebatez tartetxo hura asteko lanagatik sos batzuk banatzeko baliatuz. Atsegin zituen istorio haiek denak
mutikoak, hala ere —erabaki aski harrigarriz edo ez hainbeste– fraide eskolapioek eraman zuten lehenik eurekin probatzera, eurentzako balioko ote zuen peskizan. Haiekin ikasi zituen lehen aldiz errege
bisigodoen izenak, eta huno barbaroen zerrendak —mutikoen memoria probatzeko erabiltzen zituzten izen arraro haiek fraideek—.
Etxetik irteten zen lehen hamabostaldia izan zen, ia-ia kanpaldi baten antzekoa, eta inoiz ahaztu izan ez duen beste gertakari bat bizi
izan zuen Lizarran, arima eri utzi ziona betiko. Ibaira eraman ohi
zituzten mutikoak aldian behin, arratsalde-pasa. Bainualdia bukatu
eta gero inguruko soro batera alde egin zuen behin beste mutiko
33
helduagoekin —helduagoak zirenez ohituagoak ere bai, antza— eta
madari-jasotzen hasi ziren. Hartu ez hartu ibili zen mutiko politta,
ekintza hura bilketa edo lapurreta ote zen bereizi ezinik, edo okerrago zena, batere jaso ez zuen arren, kolaboratu ote zuenetz zalantzan,
eta ondorioz, hura aitortu behar ote zen edo ez ezbaian. Lehen barne-borroka latza. Udaldia gaindituta etxeratu baino lehen aitorlekutik pasarazi zituzten ume guztiak —ohitura zelako, astean behin—,
eta hor hasi zen mutiko politta aitortu ez aitortu, esandakoa aski
izan ote zen edo ez kezkatuta, erabat garbi jokatu ote zuen arduraturik, gezurra esatea eta egia osoa ezkutatzea gauza bera ote zen,
bekatuaren lehen sentsazio garratza dastatuz: kulpa, errua. Izan ere
ordura arteko aitortza-gaiek —amaren esana ez dut bete, arrebekin
haserretu naiz...— ez baitzuten bekatutik ezer, fraide gozoari astero
esan beharreko letania erraza baizik. Egundo ez zaio ahaztu pasarte
hura, arrasto ezabaezin bilakatu zaio zinez: bere nortasunaren joera
zalantzatiaren abiapuntu edo agerkari, seguru aski. Kontzientziaren,
eta geroko estutasunen piztuera beharbada. Hura bai marka zorrotz
eta goria!
34
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
Kartzela-txokoan, beti erne (1)
Soto del Realen nago. Atzo eguerdian atxilotu ninduten hiru maderok
etxe atarian. Mari agurtu gabe sartu naute autoan, eskuan neraman
ogi-barra alabari ematera lagundu ondoren. Une horretan ez nintzen
gogoratu poltsa bat hartu behar nuela, arropa pixka batekin. Eguerdiko
ordu biak ziren atxilotu nindutenean, eta arratseko bederatziak aldera
atera naute Gordonizeko komisaldegitik 18/98ko kide bilbotar guztiak
atzeman ondoren. Ziztu bizian ekarri naute hiru kaputxatuk, eskubilurrak ipini gabe. Nora naramaten ez didate esan, baina Bilbo eta Burgos
gurutzatu ditugunez, gutxienez Madrileraino, ziur. Bi aldiz geratu gara
bidean; lehenengoz gasolindegi batean, maderoak atera dira kafea hartu
eta autoa gasolinaz kargatzera, eta bakarrik utzi naute, jakinda eskuak
lotu gabe neuzkala, patriketan. Nonbait ez naute oso arriskutsutzat hartzen. Bigarrenez, pixa egitera atera da taldeburu egiten duena, naramaten espetxea galdu dutelako, antza. GPSa ez omen dabil bizkorregi. (…)
Arropa kentzeko esan dit funtzionarioak, eta poltsa batean uzteko. Mangerak ikusi ditudanean galdetu diot ea dutxatu behar dudan. Ezetz,
nahikoa dudala emango didan buzo zuria janztearekin. Jantzi dut eta
auziko kide gehienak zeuden gela amerikarrera gidatu nau. Hango algarak, besarkadak et animoak. “Aupa, hi; hemen gaituk berriro”. Oraingoan luzerako. (…)
Bai, hemen gaude. Lehenengo aldiz txaboloko atea itxi didatenean —
mantso-mantso, zirkuitu zentraletik kontrolatuta—, hilobiko tapa ixten
ari direla iruditu zait. Asteburua baino ez dugu egin berton. Apenas atera gara txabolotik, argazkiak, fitxak betetzera edo medikua ikustera izan
ezik. Familia ikusteko orduan atera gaituzte haien muturren aurrean,
eta Valdemoron sartu naute beste zortzi kiderekin. (...) Hilabete osoa
egin dut Valdemoron. Nire kideak beteranoak dira eta badute kartzela
35
barruko berri, niretzat lehen aldia da eta erabat despistaturik egon naiz,
ohitu bitartean. Gizakien aparkalekua iruditu zait espetxea: iluna, berde-iluna, sotoa, zuina, zuloa. Ez naiz ordea gaizki sentitu gizarterako
gaizkile den jendearen artean. (…)
Biko ziegatan jarri gaituzte, ni Patasekin, eta gero Txema Matanzasekin
ia hiru aste. Txemarekin ikasi ditut kartzela-sistemako lehen gorabeherak. Lagun bikaina eta aditua suertatu zait gelakide, zorionez. Hementxe bete ditut nire lehen hirurogei urteak, eta ez naiz koadrilako zaharrena. Hamaiketakoa egin dugu elkarrekin galerian, eta La Catedral
del mar (Ildefonso Falcón) oparitu didate, denbora-pasa probetxugarria
izateko. Hiruzpalau egunetan irentsi dut. Pixka bat deprimituta sartu
naiz, baina hemen ez dut nabaritu; izan ere hara eta hona ibili gara:
txabolotik patiora, patiotik Audiencia Nacionalera. Lotuta joatea zer
den badakit. Dutxatzeko patiora jaitsi beharra eta ur beroak hamar minutu eskas irauten duela txorrotean. Berandu iritsiz gero gosaririk gabe
geratzen zarela. Epaitegitik bueltatu eta jan gabe oheratzea ere tokatu
zaigu noizbait. Kideen protestak nolakoak izaten diren jabetzen hasita
nago: enkarteladak, txapeoak, funtzionarioekin liskarrak. (...)
Urte berrian sartu orduko sakabanatu gaituzte: Espainiako punta batetik bestera, gora eta behera, ezker, eskuin. Goizean goiz atera gaituzte
Patxo, Isidro eta ni-neu. Nora ote goaz? Auskalo. Furgoi berberean atera
gaituzte. Murga anaiek Burgosera jarraitu dute. Nire destinoa Dueñas
izan da: bizitzaren ironia, ni bakarrik Mariren lurraldean, eta bera bakarrik nirean. Mari, ai Mari, zer gertatuko ote da gurekin? (...)
Dueñaesen bakarrik nago behingoz. Zigortzeko ipinitako neurria, gure
intimitatea gordetzeko era onena bilakatu da. (...) Txaboloa ez dago
gaizki. Dutxa barruan daukat eta ez naiz larri ibiliko dutxa beroa
harrapatzeko korrika, eskaileretan behera. Nire aurretik bizi izan den
36
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
berebereak txukun utzi du dena, eta telebista oparitu dit. Ez fidatzeko
esan didate kideek. Oparia ez dela doan izango. Haren mesedetik esekita geratzea zen prezioa: orain tabakoa, gero Coca Cola, gero kafea edo
garbikariren bat.“Ez, tori, zuretzat; erosiko dut berria”. Eta itzuli egin
diot: ez dut beste menpekotasunik onartuko. Aski badut. “Lagundu bai
baina distantziak gordez”, gomendatu didate Igor eta Oskarrek. Tabakoa
errazegi ematen hasi naiz, baina hori ere laster kontrolatu behar izan
dut. Arrazoia sinplea da, denek azkar ulertu dutena: nik ez dut erretzen, beraz tabakorik ez dut emango. Miseria gorrian dagoen jendearekin nago. Laguntzeko era eraginkorragoak bilatu beharko ditut. (...)
Oso preso arriskutsua omen naiz, FIES; beraz, nire korrespondentzia interbenituta daukat nire gaitasun kriminalagatik, erakunde terroristako
kide omen naizelako eta zentroko segurtasuna arriskuan jar nezakeelako. Hainbesterako ote naiz! (…)
37
-II-
Kantabrian pausaldi txikia eginda —osaba apaizaren ondoan— iritsi
zen mutiko politta Bizkaiko lurretara. Balmaseda hezea zen, euritsua, jaioterria bezalakoa alde horretatik begiratuta. Apaiza izan nahi
zuen. fraide korazonista —Gipuzkoako toki batzuetan korazonista
esaten zioten fraide klaretarrei, Mariaren Bihotzeko seme misiolariei—. Bi osaba zituen elkarte hartan, bai, egia da, baina ez batak, ez
besteak ez zioten sekula esan ikastetxeko fraideak utzi eta eurengana
joateko. Hala uste du orain ere mutiko polittak; edo ez da gogoratzen beharbada gertakari haren —fraide egin nahi izanaren— jatorria non eta nola kokatu behar den, zehatz-mehatz. Esan bezala,
hiru fraide-klase izan zituen gidari hirigunera bizitzera etorri zenetik:
ikastetxekoak (eskolapioak), eliz parrokikoak (klaretarrak) eta etxe
ondokoak (frantziskotarrak).
Bakoitzak bere erara zertxobait eragingo zioten arren, ez du uste
inork modu nabarmenean erakarri zuenik besteen gainetik; isileko
eragina izango zen, inondik ere. Erabakia propioa izan zelakoan
dago, hark etxetik, hots, guraso eta anaia-arrebengandik, urruntzea
zekarkion arren. Familia erlijiosoa zuen, garaiko gehientsuenen erara, baina ez zuten zuzenean bultzatu urrats hura ematera. Onartu,
onartu zuten, atzera eginarazteko ahaleginik ez zuten egin bederen.
Urteekin jakin du arrebek esanda ama atsekabetuak esan ohi zuela:
“Seme bat gutxiago”. Gaurko talaiatik begiratuta nekez uler daiteke
mutiko bat hain gazterik etxetik atera izana, baina halakoxeak ziren
garaiak eta mutiko polittaren kasuan halaxe gertatu zen.
Hamar urte baino ez zituen, eta hantxe bukatu zitzaion haurtzaroa,
1956eko irailean. Behin seminarioan sartuta ez zen etxera itzultzeko
38
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
ohiturarik; urtean hilabete bat baino ez, udan. Haragizko familia utzi
beharra zegoen, beste batean txertatzeko, idealez, ilusioz, etorkizunez, gurariz, promesaz eta errebelazio goitiarraz onduta, aukeratuen
sailera deitua izanez gero.
Mutiko polittak ama eta arrebak zeuzkan etxean; seminarioan, aldiz,
ez zegoen neskarik, ez emakumezkorik, sukaldari xaharra izan ezik.
Mundu femeninoa arrotza zen guztiz gotorleku hartan, erreferente
bakarra Amabirjina izaki, aldi berean ama, emakumea, amorantea
bat-batean eredu eta jarraibide bihurtua. Esan daiteke trauma kontzienterik gabe bizi izan zuela mutiko polittak garai hura: bizi-bizia
zen, azkarra, ikasketetarako erraza, malgua, gaiztakeriarik gabea, ernea eta inozoa. Gainera osabaren iloba zen, eta horrek halako ospe
adierazkorra ematen zion.
Seminarioko hizkuntza gaztelania zen, mutiko polittak ordurako
ederki menderatzen zuena herrietako maistrei eta eskolapioei esker.
Euskara ez zen existitzen, inork ez zuen aipatzen, beraz trastetegian
gordetzeko zera zen garai hartan, inolako baliorik gabekoa. Eta halaxe zenez, hartara egokitu ziren bai mutikoa, bai bestelako kideak.
Euskal jatorriko kide bat baino gehiago bizi zen oilategi hartan, eta
euskaraz mintzo zirenak ez gutxi. Itxuraz zalaparta handirik gabe
bizi izan zuten deserrotze hura. Euskara ez zegoen debekatuta esplizituki; ezertarako ez zen erabiltzen, hura zen dena. Beraz, espanturik gabe moldatu ziren haur euskaldunak gehiengoaren hizkuntzara,
gaztelaniara alegia. Inoiz edo behin txutxu-mutxuka eta ilunpean
erabiltzen zuten batzuek ama-hizkuntza euren artean; mutiko polittak ere bai. Argiak itzalita eta apaiz arduradunaren oin-urratsak
aldentzen zirenean ausarten ziren batzuetan, gutxitan, ohetik ohera,
zerbait gaitzesgarria egiten ote zuten zalantzan, edozein moduz.
39
Hala bizi zuten gehienek egoera tamalgarri hura. Baina ez denek.
Bazen bat —hura ere mutiko politta, horaila eta begi urdinduna—
Arratiatik Enkarterrira ekarria, apaiz izateko presta zedin. Ez zuen,
ordea, gaztelania menderatzen, eta gorriak pasatzen zituen moldatzeko. Patiora jaitsi eta, jolastu ordez, bazterrean etzanda egoten
zen sarri, triste eta malkotan. Jolastera laguntzen zioten arren, etsita
geratzen zen bere bakardadean, luze baino lehen etxerako itzulbidea hartu zuen arte. Mutiko polittaren imaginario urratuan betiko

You have read 1 text from Basque literature.