Errezel berdeak - 01
Errezel berdeak
JEXUXMARI ZALAKAIN GARAIKOETXEA
EUSKAL ERREPRESALIATU POLITIKOEN
LITERATURA KOADERNOAK
1
EGILEA
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
1947, Tolosa
Jexuxmari Zalakain 18/98 auzian epaitu zuten
Egin egunkariko administrazio-kontseiluko kide
izateagatik. 2007ko azaroaren 30ean espetxeratu
zuten 8 urteko espetxe zigorra betetzeko. Espetxealdia,
ia osorik, Palentziako Dueñas espetxean egin zuen.
2015eko irailaren 27an irten zen kalera.
Kartzelan egindako beste lan batzuk ere argitaratu ditu:
• Kartzelako Kronikak, (Ataramiñe, 2016).
• Katalanetik euskaratua, Azken Patriarka,
Najat El Hachmi (Txalaparta, 2016).
• Katalanetik euskaratua, Kale estua, Josep Pla (Igela, 2017).
AZALEKO IRUDIA
Mikel Zarrabe Elkoroibide
1959, Eibar
copyleft
Publikazio hau copyleft erakoa da. Beraz, bere edukiak zabaldu, aipatu eta hitzez hitz kopiatu daitezke, osorik zein zatika, edozein medio erabiliz eta edozein helburu lortzeko, ohar hau mantentzen eta jatorria aipatzen den bitartean.
ISBN: 978-84-947954-3-5
Lege gordailua. Depósito legal. Dépot légal
SS-1289-2017
Errezel
berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
EUSKAL ERREPRESALIATU POLITIKOEN
LITERATURA KOADERNOAK
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
- Hitzaurrea -
Liburu hau ez da biografia bat. Halaxe dirudien arren, datu
biografikoak ere badituelarik eta batzuk oso xeheak, ez da
zehatz-mehatz biografia bat. Horretarako beste hainbat datutan luzatu beharko nintzatekeen. Eta gainera ez dut uste biografia oso bat idazteko adina meritu dudanik (are gutxiago
nik neuk nire buruaz idatzita), ez bainaiz ezertan bereziki nabarmendu Euskal Herriko historia gauza askotan buru-belarri
ibili arren.
Liburu hau inmersio bat da, nire bizitzako itsasoan unerik
zakarrenean egindako inmersio zintzoaren emaitza. Kartzelan nengoela (2007-2015) zurrunbiloaren begian murgilduta,
nire baitarako bidaia askatzailea egiteko premia sentitu nuen
erraietan, eta idatziz leundu nituen bidaia horren unerik garratzenak, min zorrotz eta erabakitzailea. Krisia esaten zaio gure
kulturan antzeko une bati, eta halaxe da; bere adiera zuzenean
krisia erabakitzeko unea baita.
Bizitzako astinaldi batzuen eraginez ahul samar iritsi nintzen
Soto del Realera, gau malapartatu batean. Hamabost urteko
borroka luzea egin ondoren UPVko atarian pankarta erreibindikatzaile bati eutsiz Irakasle Propioa erdietsi nahirik, geletara
itzuli nintzen, baina ordurako Damoklesen ezpata buru gainean ez, bihotzean sartuta neukan zorrotz asko, eta gelatan
egon gabe hainbeste denbora pasata, nire aldarteak jokaldi
itsusia egin zidan, eta hasi orduko utzi egin behar izan nituen
eskolak. Hain urte luze eta zalapartsuetan amestutako itzulera
5
korapilo bihurtu zitzaidan ezustean: nik banekien kondenatuta nengoela, bederatzi urteko kartzelaldia nuela zain, baina
eguna heldu bitartean eskolak prestatu beharra neukan, asignatura berri bati ekin behar nion zerotik hasita eta ez nekien
garbi zein zen nire zeregina, pare bat hilabeterako zerbait arin
prestatu edota, kartzelara joateko eguna noiz iritsi zain egon
ordez, eskuartean neukan lanari ekitea. Kontuak kontu, ez
nuen eustea asmatu eta psikiatrarenean amaitu nuen. Zainketa
amaitu baino lehen geratu ninduten maderoek nire Santutxuko kalean bertan, eta gauez iritsi ginen kartzelaldiaren hasierako bizitoki izango nuen Soto del Realera. Forro polarreko
patriketan ondo lo egiten saiatzeko pilulak neramatzan, ordea.
Behin barruan instalatuta, eta bigarren graduan sailkatua, nire
kartzelaldi osoko unibertsoa izango zen Palentziako Dueñasera destinatuta, aise lortu nuen arren egoerari buelta ematea,
barrura begirako bidaia egitea erabaki nuen, ez dakit denbora
hobeto baliatzeko terapia modura, behingoz nire burua hobeto ezagutzeko asmoz, edo bietarako. Bidaia horren emaitza
duzu liburu hau.
Pudore handiarekin egindako strip-teasea da, irakurtzeko pazientzia hartzen baduzu konturatuko zarenez. Behar bada
liburu hau niretzat gorde beharko nukeen, baina zer arraio,
unerik txarrenean krisiak nola gainditzen diren (nik nola gainditu nuen, bederen) azaldu beharra sentitu dut eta, hemen
dago atrebentzia ez bada, Ataramiñe argitaletxeak argitaratuta.
Bi zatitan ebaki dut liburua. Lehenengoan, Matazaren hari ezkutuen peskizan izenekoan, umetatik hasi eta hogeita lau urte
6
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
bitartean bizi izandako bizikizunen errepasoa egin dut, gerora korapilo bihurtuta, nola askatu ez nekiela desesperaturik,
gertakarien hari-muturrak non demontre ote zeuden bila ibili
bainintzen errukirik gabe, ahalik eta argirik zorrotzena proiektatuz bizitzaren zoko-mokoetan. Horrek azaltzen du zergatik
den bigarrena baino aise luzeagoa.
Bigarrenean, Zurrunbiloaren begian izenekoan hain juxtu, nire
bizitza publikoan nik neuk izandako sentsazio transferiezinak
eman ditut; ez ditut Egineko urteak zehatz-mehatz arakatu, ez
Euskaldunon Egunkaria sortu aurreko lanaldiak edota Irakaslego Propioaren borrokaldian bizi izandakoak UPV-EHUn.
Gauza horiek denak, ia denak, kontatuta daude, eta ez dut
ezer errepikatzeko premiarik ikusi, ez eta nire begietatik begiratuta ere; beraz, alor horietan denetan nik neuk, eta nik neuk
soilik, pentsatu eta esperimentatutakoa ekarri dut orriotara.
Eta hori, ez historiaren hutsuneak betetzen laguntzeko, baizik
kartzela-garaian bizi izandako krisia esplikatzeko egoki iritzi
diodan neurrian soilik. Badira gainera espresuki kontatu nahi
izan ez ditudan gauzak, inori kalterik ez egiteko edota euren
bizipenak agerian ez jartzeko, ez baitaukat eskubiderik inorenean baimenik gabe sartzeko.
Barka bezate, beraz, hainbat kontu ilunpean utzi ditudala uste
dutenek edo, aukera-aukeran, nahi baino laburrago idatzi dudala irizten diotenek.
Errezel berdeak liburu honek badu beste maila bat, niretzat oso
kuttuna eta testu osoa zeharkatzen duena, kartzelako bizipenak hain zuzen. Testu-zati horretan zortzi urtetan nik neuk
7
neuretzako idatzi nuen egutegi bateko zatiak eman ditut, mamitsuenak iruditu zaizkidanak, besteak bazterrean utziz testua
gehiegi ez luzatzearren batzuetan, gaiarekin zerikusirik ez dutela iritzita beste batzuetan. Ataraminek argitaratu zidan Kartzelako kronikak deritzan liburuxkan jasota daude gehiago.
Kartzela espektakulu bat da, ikuskizun hitsa, tristea, gordina,
literatura gustukoa dugunontzat gai agorrezina. Preso arruntak edo sozialak deritzogunekin harreman zintzoa edukitzen
saiatu izan naiz barruko urteetan, gauza asko gordetzen ditut, beraz, nire golkorako. Edozein moduz han ezagututako
hainbat lagun, adiskide ez baina oso hurbileko izan ditut, eta
ahantzezinak zaizkit. Zoritxarrez euren bizitzak isilean gordeta daude kontzertinez hesitutako harresien barruko aldean,
eta han bidegabekeria handiak gertatzen dira testigurik gabe.
Niri dagokidanez ere beude oraingoz isilean.
Santutxu, 2017ko udazkenean
Jexuxmari Zalakain
8
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
9
10
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
Lehenengo zatia
Matazaren hari
ezkutuen peskizan
11
12
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
-I-
Mutiko politta zen. Hola gogoratzen du, esaten ziotela, eta berak ere
hala onartzen zuela. Mutiko ile horia eta begi urdinduna. Argala eta
dotorea.
Jaio orduko hasi zen sufritzen, oinaze hartaz gogoratzen ez den
arren. Amak azaldu ziolako daki, berari gertatu zitzaiola. Edozein
ume bezala mutiko politta negarrez jaio zen, baina, itxuraz luzaroan
jarraitu zuen negarrez, etsi gabe. Zer zela eta zer ote zen, lorik ez
omen zuen egiten, amari berea eragotziz. Gaitzaren jatorria ezezagun, mutikoak ez zuen sendabiderik. “Hau har ezan”, “hau emaion”,
mutikoak negar batean jarraitu zuen hilabetetan, beti amaren magalean, biluzik, bere larru gorrituak ez baitzuen ezein arroparik edo
oihalen ukiturik bakean jasaten.
Horrela, asteak eta asteak eman omen zituen amak, mutikoa altzoan
hartuta, oheratu gabe, harik eta noizbait medikua ez zen norbaitek
azaleko gaitza, lehenago arintzen eta gero desagertzen, asmatu zuen
arte. Emakume baserritar bat izan omen zen, izenez Graziosa, amari
esan ziona: “aizan, ezagutzen dinat ukendu bat gaitz horretarako
aproposa; emaion egunean hiruzpalau aldiz, igurtzi, eta ez garbitu.
Utzi ukenduari bere lana egiten eta sendatuko zain haurra”. Amak
ez omen zuen halako belar-mantarretan federik, baina ordurako
gutxiago medikuengan, beraz, hain zegoen nekatuta eta abailduta,
hain zituen mutikoaren negarrak eta zotinak burmuinean iltzatuta,
hainbesterainokoa zen asteetako logalearen zama, onartu egin zuen
azkenean andrearen erremedioa.
13
Etorri zen baserritarra etxera, eman zion lehen igurtzia bere esku laztuekin, antzeman zuen amak haurtxoaren lehen atsegin-keinua, eta
sinesten hasi zen badaezpada. Itzuli zen atsoa bere baserrira, jarraitu
zuen amak belar-ukendu hura mutikoaren gorputzean zabaltzen, eta
egun batzuen buruan, mutikoak ez zuen negarrik egiten, onartzen
zituen jantziak, ahal zen zapitan bildua izatea, eta amak behingoz
bere ohantzean etzatea lortu zuen. “Igurtzi haren eraginez, halako
batean, azaleko oskola erori zitzaizun, eta berriro jaio izan bazina
bezala izan zen. Txuri-txuri atera zinen zolda haren azpitik, ordura
arte begiak eta beste zuloak baino ez baitzenituen agerian, eta kitto
azaleko madarikazioa eta negarrak”, esan ohi zion amak urte batzuk
geroago, mutikoa gizonduta.
Auskalo nolakoak izan ziren amaren burutazioak egun luze eta gau
luzeago haietan guztietan. Otoitz egingo zuen, seguru, zertan ote
zen errudun galdetuko zion bere buruari, aurretik bi neska puska
arazorik gabe ekarri ondoren zer arraio egiten ari zen gaizki pentsatuko zuen, mutikoa magaletik erortzeko arriskuaren beldur begiak
bildu ezinik. Mutiko polittak dakiena da —amak esanda, jakina—
amak zerbait agindu ziola Lezoko Santokristori, alegia, haurra sendatuz gero ahuspez jarriko zela haren oinetan, graziagatik eskerrak
emanez, edo antzeko zerbait. Mutikoak ez dakiena da, ez du sekula
garbi jakin, amak agintzari hura betetzerik izan zuenetz, irudipena
du inoiz aitortu ziola amak baietz joan zela, eta halako zerbait susmatzen du orain oroimenaren tolesetan itsatsita, biriketan mukiak
nola, baina, bestalde, apustu egingo luke ezetz, ez zuela betetzerik
izan bere hitza. Izan ere, aitarik gabe ama ez zen inora mugitzen,
eta aita ez zen urrutira joan zale, Lezo berriz, etxetik urrun samar
zegoen garai hartan. Ez zela joango uste du mutiko polittak egiatan, zeren, amak beste inoiz kontatu zionez, Arantzazura joateko
gutizia izan zuen betidanik; aitak baietz, igoko zuela esan omen
14
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
zion behin, besoetan hartuta: “elkarrekin joango gaitun, tuntuna,
ez kezkatu, Amabirjinari otoitz egingo zionagu eta Goiko Bentan
bazkalduko dinagu goxo-goxo…”. Baina maitasunaren garretan eta
gerora hainbat aldiz errepikatutako hitzak ezerezean gelditu ziren.
Pena horrekin hil zen ama, gazterik, hirurogeita hiru urte baino ez
zituela, Arantzazura joaterik izan ez zuelarik. Beraz, atera kontuak,
aitak bere hitza betetzeko gauza izan ez bazen, hagitzez gaitzagoa
izango zitzaion amarena kitatzea.
Gurasoak baserritarrak izan zituen mutiko polittak, euskaldun peto-petoak. Familia ugariko haurrak biak —zazpi mutil eta bi neska
aitaren aldetik; zazpi neska eta bi mutil amarenetik—, ez zuten baserrian geratzerik izan. Ama gazterik jaitsi zen hirigunera, markesaren
etxera, haren zerbitzura, hamalau urte baizik ez zituela. Asko ikasi
zuela zioen amak. Sukaldari iaio atera zen ama aitarekin ezkontzeko, etxeko lanetan ezin trebeago. Markesarenean —mutikoak inoiz
ezagutu zuen etxalde hura, hirigintzaren premietara bota eta dorreak
altxatu baino lehen—, den-dena eskuz egin beharra zegoen. “Goiz
hasten ginen lanean, egunsentiarekin: oheak egin, janaria prestatu,
loreak zaindu, arropak garbitu, lisatu eta almidoitu; eta zailenetan
zailena, egurrezko zoruak ezkoztatzea zen, bizkarra makurtuta, belauniko, ezkoari eta trapuari eragin eta eragin, korridore luzeak, gela
ugariak eta eskailera handiak distiratsu utzi arte”.
Politt-politta izan zen amatxo, gogoan du mutikoak, senideen artean
polittena behar bada. Ezkontza aurreko argazkiren bat edo beste ikusiak ditu, urtetan gorde ere bai lagunei harro asko erakusteko, eta haren arabera pertxenta izan zen ama gaztetan, oso hazpegi lirainekoa,
gorputzean emetasunaren leuna zeukana. Hamalau urterekin, kasik
umea izango zen, begirada urdin hezea, pixkatxo bat tristea lekuko.
15
Aitak gehiago iraun zuen baserrian, soroan artajorran, belarra ontzen, ganadua gobernatzen eta gaztaina biltzen mendi-basoetan, beti
aitaren aginduetara. Kontatzen zuen garai hartan bazegoela baserrian denontzako adina janari, eta beraz, ez zutela goserik pasatu,
bederatzi haur izan ziren arren. Bazkalorduan, nonbait gurasoen inguruan denak mahaiaren bueltan eserita, ontzi bakarretik jaten omen
zuten koilara babarrunetan edo zernahi lekaritan sartu-irten. Hala
ere, agudo ibili behar izaten omen zen, halabeharrez, zeren aitak
—aitonak, alegia— txandaka upategira bidali ohi baitzuen seme bat,
sagardo botilaren bila. Sukaldetik upategira eta upategitik sukaldera
bidean, eltzekariz hustuta geratzen baitzen lapikoa, joandakoaren
partea beste guztien artan irentsita. Beraz, janaria ordezkatu beharra
zegoen, galdetzen zitzaion bakoitzean aitak barrez azaltzen zuenez,
eta hala, upategira jaitsitakoak bazekienez gorakoan mokadurik gabe
geratuko zela, jaitsi baino lehen egundoko koilarakadak ahoratuz,
eta jaitsita pitxar bat sagardo barruratuz moldatzen zen; mokadu
mardulik ezean, gutxienez tragoa. Hura omen zen senideen legea!
Gero gerra etorri zen, eta akabo komeriak! Fusila hartu eta frontera
joan behar izan zuen aitak soldadu izateko adinik gabe, beste anaia
zaharragoen atzetik, nora eta zergatik ez zekiela, reketean hala ere,
herri bereko beste batzuen kontra tiro egitera, berea ez zen gerra
batera, berak aukeratu gabeko aldera. Edozein moduz osorik itzuli
zen halako batean, gerra bukatu arren beste bi urtez derrigorrezko
soldaduska burutu ondoren. Anaia zaharrenak baino suerte hobea
izan zuen inondik ere. Mutikoak sakon josita gorde du beti osabari
gertatutakoa. Aitak kontatuta daki osaba Arrasate aldean zebilela gudan, eta halako batean amonak, etxeko sukaldean harrikoa egiten ari
zelarik, esan omen zuen: “Luis hil dute”. Hurrengo egunean, egunsentiarekin, baserriko ate nagusitik sartu zuten premua zerraldo,
konpainiako hainbat gaztek bizkar hartuta. Irratirik ez zuten base-
16
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
rrian, aitzitik amonak bazekien seme zaharrenari gertatutakoa, nola
jakin zuen misterioaren lausoan geratu den arren. Otoitz egin omen
zuen amona Eleuteriak, eskuak amantalean xukatuz.
Gerra bitarteko permisoren batean ezagutu zuen aitak ama. Dantzaldiren batean edo kaletik paseatuz ezagutuko zuten elkar, auskalo.
Aita gazte segaila zen, mutil zardaia, itxura onekoa, apala eta lanari
emana bizitzen zekiena. Arma-kontuak bukatu ahala ezkondu ziren.
Kalera ezkondu ere baserrian ez baitzegoen guztientzat lekurik. Aita
elektrikaria izan zen beti; hasieran inoren babesean han-hemenka
lardaskatzen, gero paper-fabrikan, eta hantxe hartu zuen erretiroa,
bere garaian, bost seme-alaba hazita. Ama, jakina, etxekoandre izan
zen, hil artean. Eta eri, lehen alaba izanez geroztik, flebitis gaiztoak
jota.
Kalera ezkondu zirela esan dugu, baserria utzi zutela biek alegia,
baina bizitzeko eta umeak egiteko aukeratutako etxea ez zen ez kalekoetxe ez baserrietxe; ez bata, ez bestea. Aitaren baserritik hurbil
zegoen, hori bai; Tolosa eta Anoeta arteko muga-mugan, ez bateko
eta ez besteko. Hantxe jaio zen mutiko politta, eta hiru arrebak ere
bai. Bi izen zituen etxeak. Batzuek Txatone esaten zioten, baina Vista
Alegre ere ba omen zen. Gurasoentzat eta haien sendian zein mutiko
polittaren gomutan beti Txatone izan da.
Etxea bi etxebizitzakoa zen. Goikoan jaio zen mutiko politta, familia
euskaldunean: behekoan familia kastellanoa bizi zen. Mutikoa ez da
gogoratzen nolakoak ziren behekoak, haien izenak ere ez ditu gorde, neska-mutilik ba ote zen ere ez; agian, agian, gona baten firfira
datorkio aldian behin burura. Ez daki familien artean harreman ona
ala txarra zegoen. Oso abagune dramatikoan utzi behar izan zuten
etxea, beherago azalduko denez. Edozein moduz, mutiko polittak
17
dio jaiotetxearen muga-izaera, bi hizkuntzen kontraesana, jatorriko
bitasun hura dagoela bere izaera zalantzatiaren abiaburuan. Eta baliteke, nola ez!
Goiko familian, familia euskaldunean, lau haur jaio ziren. Mutiko
politta hirugarrena zen, hiru nesken artean; bi aurretik, eta beste
bat ondoren. Bost urte egin zituen bertan, menditik barrena ihes
egin behar izan zuen arte, baina, hala ere, dituen oroitzapenak onak
dira, zoriontsuak. Orain ez litzateke gauza izango etxe hura barrutik
deskribatzeko, eta jada existitzen ez denez, inoiz behea jo zuelako,
ez dago hura egiteko modurik. Etxea bakar-bakarrik zegoen mendimazelan, arboladi baten alboan. Inguruan ez zegoen beste etxerik.
Leihoetatik errepidea ikusten zen, beherago etxearekin lotura egiten
zuen estrata baten amaieran; eta errepidetik harago, erreka, zeruarekin muga egiten zuten mendixka batzuen oinetan. Etxearen bestaldean, goiko aldean, mendia, inoiz igo gabeko aldapa. Etxearen alde
batean zeharrartan esan ohi zitzaion bidezidorra, hari jarraituz gero
aitona-amonaren baserriraino zeramana. Urteak eman ditu mutiko
polittak konbentziturik zehar hartan hura bidezidorra izendatzeko
modua zela, sinonimoa.
Etxebizitzan sartzeko maldatxo bat igo eta, gero, eskailera batzuk
igo behar ziren, ateraino. Ate aurrean lorategi apaina zegoen beti,
arrosaz beterik. Teilaturik gabeko etxea zen. Haren ordez, terraza
bat, non trizikloz ibiltzen ziren haurrak. Ez zaio erraz ahaztuko mutiko polittari nola bigarren arrebari oinak pedaletan lotu zizkion eta
nola bultzadaren eraginez terrazaren ertz-ertzean geratu zen neskatila goitik behera jausi gabe. Oraindik entzuten ditu bihotzaren
taupadak belarri ondoan...
18
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
Etxea ia mendiaren kontra zegoen eraikita, bidexka bat tarteko, eta
mendi-magalean gereziondo joria altxatzen zen. Zuhaitz hori geratu
zaio mutiko polittari oroimenean ezer baino nabarmenago, haren
fruitu goxoak, anpulu distiratsuak iduri. Haurrek ez baina gurasoek
terrazatik har zitzaketen gereziak, zuhaitzera igotzen ibili beharrik
gabe. Hura ere bota zuten ba noizbait, ordea!.
Etxez etxe alderrai
Tupustean dena aldatu zen Txatonen. Ohikoak ziren euri-jasak, bai,
baina 1953ko urte hartan gainezka egin zuen Oria ibaiak, inguru
guztia gupidarik gabe inarrosiz. Haren burrunba bortitza ez zaio
erraz ahaztuko. Haren zarata ez zen jada ibaia, betiko ur-korronte
bizi eta xumea; uholde bortitza zen, olatu eta guzti orroka zetorrena,
zuhaitz-enborrak, upelak, abereak, etxeko tresnak eta beste herrestan zekartzana, bazterretan kolpeka lehertuz. Umeak ziren anartean,
eta ez daki zer gertatu zen doi. Ibaiak ez zeukan etxea irensterik ez
harrapatzerik emaritik aski urrun baitzegoen, baina euriteak luizia
egin zuen nonbait, eta mendi-mazelan eraikitako etxe hark ez zituen
zimentarriak oso-oso sendoak izango. Zioten, beheko familiaren
sukaldean zorua arrakalatu egin zela, eta goikoei abisu eman zietenez, zerbait erabaki beharra izan zuten gurasoek. Ez ditu gogoan
zalapartak, ezbairik gabe egongo zirenak. Kontua da gurasoek etxea
hustea hobetsi zutela, behekoek ez bezala. Haiek bertan geratu ziren
urtetan, etxea berez erori zen arte.
Aitonaren baserria ez zegoen zinez urruti; beraz, gurdia ekarri zuten
idi-pareak tiratuta. Etxeko puska guztiak lastari-zorroetan bildu eta
19
alde egin zuen familia osoak euripean: aurretik hiru haur zaharrenak
—tartean mutiko politta, bost urterekin zaharra!—, gero gurdia, aitak gidatuta, eta azkena ama, alaba txikiena besoetan hartuta. Azkar
iritsi ziren hiru haurrak baserrira, zehar hartan barrena, idiak baino arinago, alabaina ez zuten onik izan ama heldu arte. Oinez iritsi
zen ama, lokatzetan, buruan patatak biltzeko zaku marroi sareztatua
txano edo kapusai gisara ipinita, beso batean laugarren haurtxoa eta
bestean kriseilua, etxe-atarian zintzilik egon ohi zena. Figura hura
—ama lokatzetan baserrira iristen— exodo biblikoaren irudia begitandu izan zaio beti mutiko polittari, exodoaz aritzean beti ama
ikusi baitu begien parean. Gainera, mutikoak hogei bat aldiz aldatu
du etxea, bat utzi, beste hartu, ia beti patuak hartara behartuta, gaur
arte; eta auskalo oraindik...
Bat-batean, bost lagun gehiago batu ziren baserrian. Seme bakarra
geratzen zen aitaren etxean, bertara ezkonduta, bere familia aurrera
ateraz etxaldeari jarraipena emateko, ordurako gainerakoak etxetik
aterata baitzeuden, zein bere bidean, baserria utzi eta aldameneko
hirigunera. Alabaren bat ere geratuko zen, gazteena behintzat bai,
anartean nerabe. Bi seme gazteenak, berriz, fraide joanak ziren, eta
beraz, haiek ez zuten lanik ematen, Jainkoaren esku zirelarik.
Mutiko polittak apenas gogoratzen du aitona Joxantonio: gizon
garaia zen, argal-argala, zuztar hutsa, baserrian zaildua. Arrueren
koadroetan antzeman du inoiz haren antzekorik. Gerora jakin du
baserrigune hartako alkate izana zela, hiriguneko kondearen lorezain
ibilia zela, eta handik zetorkiola familiari konde goitizena. Txatonetik baserrira iritsi zenerako aitona makal gaixorik zegoen, eta ez du
zutik ezagutu, ohean etzanik baizik. Amona, berriz, andre zabala
zen, lodi-sendoa, denetara iristen zen horietakoa. Urteak aurrera,
hirigunera eraman zuten amona, seme nagusiarengana, bertan hil
arte. Atsekabe izugarria du oraindik mutiko polittak, hura hiltzean
20
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
baimenik eman ez ziotelako haren hiletan presente egoteko. Baina
horiek geroko kontuak dira.
Ez ziren luze egon baserrian. Hala ere hainbat gauza gorde ditu barru-barrun mutikoak: lehen-lehenik behien buruak ganbeletan belar-janean ate nagusia gurutzatu orduko; behin egurrezko eskailerak
igota sukalde aurreko atari zabala, logelaz inguratua; handik goragoko ganbara misteriotsua —sagarrak, mizpirak, patatak, piperrak,
gaztainak, txorien habiak eta zirin-sunda, zapore eta usain ugariz betea; etxe atzeko aska, non izenak soroko barazkiak garbitzen zituen
arratsaldero, hurrengo egunean azokan saldu ahal izateko txukun
prestatuz; eta eskola.
Orduantxe eskolatu zuten mutiko politta lehen aldiz. Bost urte ondo
beteak zituen, eta arreba nagusiek zazpi eta bederatzi, hala ere eskolarik ez zuten ezagutu. Txatone urrun samar, eta isolaturik, baitzegoen edozein eskolatik. Eskola txikiak deritzan horietako bat izan
zen mutikoaren lehen eskola, baserritik hirurehun bat metrora-edo:
alde batean neskak, bestean mutilak. Mutilek frontoia zeukaten jolaserako; neskak soka-saltoan ibiliko ziren seguru asko. Jaiotza-etxean
eta baserrian euskara hutsez aritzen ziren beti; eskolan, ordea, gaztelania besterik ez zuten ezagutu, hura baitzen, nonbait, eskolatuentzako hizkuntza unibertsal bakarra. Bake eta gatazka gabe, modu
naturalean alegia, egin zuen mutikoak hizkuntza batetik besterako
trantsizio behartua. Lehen eskola hartatik ez du oroitzapen txarrik;
onik ere ez, egia esan. Beraz, gutxienez ez zen oso bortitza izango trantsizio hura. Maistra gogoratzen du, señorita alegia. Hainbat
hari-mutur elkar lotuz gerora jakin du karlista hutsa zela andereño
mutxurdin hura, eta guraso zein aitona-amonekin ez zela gaizki konpontzen, izan ere urteak aurrera, behin erabat kaletartuta, hari bisita
egitera bidaltzen baitzuen aitak noizean behin kartilla batzuk tarteko.
Xahar eta ezindurik, abegikor hartzen zuen haurra, ia-ia etxekotzat.
21
Aitaren baserriko egonaldi hartan geroko hainbat gauza azaltzeko
balio dezakeen gertakari bitxia bizi izan zuen mutiko polittak eta
familia osoak. Baserriko bi osaba gazteenak —adinagatik gerrara
joan behar izan ez zutenak— fraide joanak ziren. Haietako bat apaiz
izatera iritsi zen; bestea, aldiz, lego geratu zen. Ez bestea baino baldarragoa zelako, baizik hamabi-hamahiru urte zituelarik metro bat
laurogei eta hamar zentimetro altu hazi, eta garai haietan —gerraondoan, alegia— seminarioan jateko aski ez zegoenez, ia beti gaixo eta
makal egon zelako, eta ondorioz, latina eta bestelako gaiak ikasteko
ezgauza, ondoezik eta abailduta. Hura ere mutil atsegina eta prestua izanik eta fraidetzarako ondo moldatua antza denez, agintariek
lego jarraitzeko aukera hobetsi zioten eta, berak ongi iritzita, apaiz
izateko gogoa baztertu behar izan zuen. Euskal Herria utzi eta oso
gazterik bidali zuten, nora eta Erromara, bertan txofertza ikasi eta
Oteizako Larraona kardinal nafarraren zerbitzura egokituz. Osabak
berak gerora mutiko polittari konfiantzaz azaldu zionez, kardinalak
ez omen zuen hegazkinez bidaiatzen, nahiago izan ohi zuen legoarekin autoan ibili, harat-honat, Europan zehar, Erromatik Lisboara,
Lisboatik Parisera, handik Stockholmera edo Moskura zein Balkanetara, eta buelta Erromara. Osaba gidari zebilela errepideetan barna,
kardinala lo joaten omen zen gehientsuenetan, lego gaztearekin hitz
egin ordez; ilunabarretan, berriz, errosarioa errezatzea zuen gustuko, eta orduan osabak, gidatzeaz gain, errosarioa ere errezatu behar
omen zuen, harik eta kardinala ostera lozorroan, osaba aintzazko
eta oinazezko misterioak laga eta bidean kontzentratzen zen arte,
helmugara onik eta garaiz heltzeko.
Bidaia sarri haietako bat izango zen, noski. Osaba baserritik gertu pasatuko zen gaztigua jaso zuten aitona-amonek, kardinalarekin,
auskalo norako bidean. Baserria errepide nagusitik bostehun metrora zegoen arren, errepidera jaitsi behar izan zuten bertako de-
22
Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
nek —mutiko politta ere bai, hantxe egon zen gainerako senideekin,
kamino-etxe ondoan, osaba noiz iritsiko eta, bidebatez, ezagutzeko
—nonbait denborarik gabe estu zetozen Erromako bidaiariak—;
osabari txandaka musu eman —gizon luzea zen osaba, sotana beltzez jantzita zetorren, ilea motx-motxa, segaila, aitonaren irudiko
—, eta etxerako bueltan, komentario garratz berbera zeukaten nagusi guztiek, euren solasean: ”baserriraino igotzea besterik ez zuten, bada, harainoko bidea txukun asko dago... baina etxea xumea
nonbait gurea, elizako printze batentzat; hainbeste denbora etxetik
kanpo egon eta gero bost minutu ziztrin ez sukaldean pixka bat lasai
egoteko, aita-amak errepidera jaistera behartzen ibili gabe, dedio”.
Hala izango zen, segurutik, alegia kardinalari grazia gutxi egingo
baitzion baserria ezagutzea, simaur-usainez kutsatzeko beldur behar
bada, eta goikoen ohiturei jarraituz, nahikoa izango zela iritziko zion
behekoei bedeinkapen-pare bat ematea, eta agian errosario batzuk
banatuta. Baina osaba bera ere ez zen gehiegi saiatuko jaiotetxera
igotzen, hura ere ohituegia baitzegokeen Erromako eliz jauregietara.
Urte batzuk geroago frogatu ahal izan zuen mutiko polittak etxeko jende nagusiaren susmoak ez zirela irudipen hutsak. Ordurako
Erroma utzi eta Parisen bizi zen osaba Espainiako emigranteen parrokietxe batean. Etxean hizkuntza gehien zekiena zen —gaztelaniaz aparte, italianoa eta frantsesa bai, behintzat—, eta halako prestigio lauso bat ere bazeukan osabak senideen artean, urruntze haren prezioa euskara ia erabat galtzea izan zen arren unibertsaltasun
merkearen izenean. Etorri zen, bada, herrira halako batean —kalean
bizi zen arrebarenean ostatu hartuta—, eta bertoko Amabirjinaren
baselizara igo nahi izan zuen. Autoa hartu eta, mutiko polittaren
arreba zaharrena lagun, gorako bideari ekin zion. Gainkalde hartatik
osabaren baserria ikusten zen, beheko zuloan txuri-txuri, eta arrebak
kontatzen zuen zur eta lur utzi zuela osaba ospetsuaren ateraldiak:
23
“Ez esan frantsesari beheko etxe horretan jaio nintzela”. Frantsesa, osabarekin bidaian etorritako laguna zen –emigranteen alaba—
eta, itxura denez, ez zion aitortu nahi baserritarren semea zela, etxe
xumeko haur, maizter-kumea. Hizkuntza eta jaiotetxea gutxietsiak;
hara osabaren zerga! Edozein moduz, mutiko politta beti zorretan
egongo da osabarekin; areago, bizitzaren une batzuetan euskarri bilakatu zitzaion osaba, beherago azalduko denez, eta aspaldi barkatu
dio jarrera itsusi hura gizajoari.