Erakusaldiak-III - 08

Bekatuaren bide, eta perill urkoa, batzuetan da
borondatearen kontrakoa, esan nai det, nai ta ere ezin
batek utzi dezakeana, beintzat kalte andi gabe. Badijoa bat itsasoan, eta onzian arkitzen du bere burua
seigarren Mandamentua autsitzeko bide, eta perill
urkoan: deitzen zayo bide, eta perill oni borondatearen kontrakoa, zeren naita ere ezin aldegin dezakean
onzian dijoanak. Au bera gerta diteke karzelan dagoan batekin. Gertatzen da batzuetan bekaturako bidea

utzi litekeana izatea, baña kalte andiarekin, edo
onran, edo beste ondasunetan. Onelako bide, eta perillari ere borondatearen kontrakoaren izena eman oi
zayo, utzita etorriko lirakean kalteakgatik. Demagun
Erretore batentzat bekaturako bide, eta perill andia
dala duan kargua: utzi lezake kargu au; baña uzten
badu geratu bearra da zerekin bizi ez duala: bekaturako bide, eta perill au borondatearen kontrakoa da,
kalte andi gabe eziñ utzi ditekealako. Zer egin bear du
onelako bekatariak? Alako neurriak artu bear ditu
bekatuan ez erortzeko, non garaitu dezakean duan
perilla Jaunaren lagunzarekin: eta ezin badu, aldegin
bear du perill artatik, datorrena datorrela, naiz galdu
ditezela ondasun guziak, naiz bizitza: kalte oek baño
andiagoa da alabaña anima galtzea betiko.
Gerta diteke, gauza bat berez gaiztoa ez izatea,
eta alaere askorentzat bekaturako bide, eta perill
urkoa izatea. Eguzkiaren, eta izarren edertasuna ez da
gauza gaiztoa, baizik ona: alaere anziñako denboran
askorentzat izan zan idolatriarako bidea. Ona da
ezkonza, errietako kargudun izatea: baña askorentzat
dira anima galtzeko bidea. Orregatik aldegin bear
dezu, zuretzat bekaturako bide, eta perilla dakarten
gauzetatik, berenez gauza gaiztoak ez izan arren:

aldegin bear dezu arako lagun, etxe, jolas, itzegite eta
festa aetatik, baldin zuretzat bekaturako bidea badakarte. Ez dezazula osan, askok osan oi duen bezala:
bezteak badiioaz, zergatik joango ez naiz ni? bada aek
ez due bear bada zuk dezun adiña perill, edo ez due
igerritzen: eta nolanai: zu beartua zaude zuretzat
bekaturako bide, eta perrilla diran gauzetatik aldegitera. Añ gauza bearra da au, non bekaturako bide, eta
perill urkoan borondatez jartze utsa bekatu dan, perillari dagokan bekatu ura egitea zerbaitek eragotziko
balu ere. Demagun, zuretzat jai egunetan ostatura,
edo edaria saltzen dan etxera joatea dala orditzeko,
edo beste bekatuetan erortzeko bide, eta perill urkoa:
bazoaz jai batean, eta biurtzen zera etxera ardorik
ukitu gabe, zeren aitu dan. Etzera ordi, eta alaere ordi
baziña bezala bekatu egin dezu, zeren zere nayez
artarako bidean jarri zeran.
Bekaturako bide, eta perilla urkoa izateko ez da
sarritan bekatuan erori bearrik, baldin era danean
erortzen bada bat. Urtean beñ izan oi da iñuteria, eta
urtean beñ erri bakoitzeko festak: alaere askorentzat
egun oriek dira bekaturako bide, eta perill urkoa,
zeren erortzen diran edo gogoz, edo itzez, keñadaz,

edo bestela. Baña nork ezertan artzen ditu bekaturako perill oek?
Atzenean bekaturako bide, eta perilla izan diteke
urkoa; bekatuan erori baño lenago ere, baldin alde
guzietara begiraturik, erortzeko perill andia bada. Jose
anziñakoa, Jakoben seme ederra, etzan bere etxekoandrearekin bekatuan erori, baña orpoz-orpo zerraikion emakume gaiztoa, eta aren atzaparretan utzirik
kapa iges egin zuan etxetik. Nork eztakus, bekaturako
bide, eta perill urkoa izango zala Joserentzat etxe
artan aurrera egotea? Au bera gerta diteke serbitzen
dabiltzan zenbaitekin. Suerteak ematen dio bati nagusi ollakoi, edo txoraska bat guzia dastatu nai duana:
ekiten dio beñ, ta berriz, eta askotan gaizki dirudien
moduakin: ayenatzen eta botatzen du beregandik
ordu gaiztoan, eta ez dio beregan bekatuari lekurik
eman. Alaere alako etxean, eta alako nagusiarekin
bizitzea izango litzake gizon jakintsu askoren iritzian,
bekaturako bide, eta perill andi, eta urkoa. Orra, Kristaua, zer, eta zenbat gisatara izan oi dan bekaturako
bide, eta perilla. Dakuskun oraiñ, zeñ gauza bearra
dan bekatuaren bideetatik aldegitea.
***

Espiritu Santuak esaten digu, perrilla nai duana
perillean bukatuko da: Qui amal periculum, in illo peribit (Eclesiastici 3º v. 27): esan nai du, perillean eroriko dala. Ala gertatu da beti, eta aurrera ere gertatuko
da. Zer gertatu zitzayon Ebari? Bazebillen Paradisuko
berjera zoragarrian: etsai galgarria asi zitzayon galdeka, zergatik jakiundearen arbolatik jaten etzuen ?
Eranzun zion: Paradisuan diran arbolen frutatik jaten
degu; baña agindu digu Jaunak, ez dezagula jan Paradisuaren erdian dagoan arbola baten fruta, eta ez
dezagula ukitu ere, ill ez gaitezen. Esan zion etsayak:
etzerate ez illko orregatik; badaki alabaña Jaungoikoak, arbola aren fruta jaten dezuen bezala, idikiko dirala zuen begiak, eta izango zeratela, bera bezala, onaren, eta gaitzaren, eta gauza guzien ezaguera dezuenak. Ezagutu zezakean Ebak, etsayak ematen ziola
Jaunaren aginte ausitzeko bidea, eta aldegin bear
zuala artarako perilletik. Ez ordea ori egin: eta ala egin
lekuan joan zan arbola zegoan tokira, jarri zan begira,
eta zeritzan, txit ona izango zala jateko, eta zaletu
zan: beste aldetik arbola bere frutakin añ ederra zegoan, non llilluratu, eta txora zezakean: Pulchrum oculis,
aspectuque delectabile. Zer gerta al zitekean onetara

ezkero? Zer, bere nayez perillean jartzen danari gertatzen zayona baizik? Artu zuan sagar bat, eta jan
zuan: artu zuan beste bat, eta eman zion Adani, eta
onek ere jan zuan, eta onela galdu zuen mundu guzia
(Genes. 3). Zer gertatu zitzayon Dabidi? Bazkal ondo
batean, lo eginda, bere jauregiaren gañeko ibiltokian
zebillela, ekusi zuan Betsabe, Uriasen emazte ederra,
bañuan, edo urean bere burua garbitzen ari zala. Igerri zezakean Dabidek, zer gertatuko zitzayon, kentzen
ezpazituan begiak perill artatik; baña zabartu zan, eta
erori bekatuan, eta illerazo zuan Urias. Zer gertatu
zitzayon Salomoni ? Ezkondu zan, Jaungoiko gezurrezkoak adoratzen zituen, emakume goi mallakoakin, eta
gizon añ jakitsua amildu zan idolatrian. Orra nola perilla nai duana perillean eroriko dan. Qui amat periculum, in illo peribit. Baña zer diot nik eroriko dala? Bere
borondatez perillean dagoana, egoera utsarekin eroria dago, eta eroriaz dijoa ala dagoan bitartean. Orregatik esaten digu Jesusek: zure eskuyeko begia zuretzat bekaturako bidea bada, atera eta bota ezazu
zeregandik: eta eskuyeko eskuak ematen badizu
bekaturako bidea, ebaki, eta bota ezazu zeregandik:
esan nai du, kendu, edo utzi bear dala bekaturako
bidea, begia, edo eskua bezeñ bearra baliz ere: Si ocu-

lus tuuns dexter scandalizat te, erue eum, et projice
abs te... et si dextera manus tua scandalizat te, abscinde eam, el projice abs te (Math. 5).
Ekusten dezu, Kristaua, zeñ gauza bearra dan
bekatuaren bideetatik aldegitea? Baña nola aldegingo
dezu gogortuaz bazoaz bekatuan? Nola aldegingo
dezu, utzi badezu zure Jaun, eta Jaungoikoa? eta beragana biurtzeko biotzik ezpadezu? Aldegin bearrean,
zalbiltzan erri, eta tokietan eoko dituzu sare berriak,
eta nonnai nastuko zera bekaturako biskan. Etzaitezela engañatu: deitzen dizu etsayak betiko su, eta
garren artera, eta ara eramateko zorian zauzka, eta
ari jarraitu nai diozu? Deitzen dizu zure Aita Zerukoak,
eta ez dezu adituko beraren dei gozoa? Ea, biurtu
zaite beragana, onela iristeko zure bekatuen barkazioa, eta gero betiko bizitza doatsua. Amen.

EMEZORTZIGARREN
ERAKUSALDIA
ETA BEKATURAKO BIDEEN GAÑEAN
BIGARRENA
Adirazten da lenengo lekuan, nolako aitzakiak billatzen dituan bekatuaren bideetan nasturik bizidanak,
andik ez irteteko.
Adirazten da urrena: zeñ negargarriak diran, emendik bekatariari etorri oi zaizkan ondorenak.
Dereliquisti Dominum Deum tuum...
Scito, et vide, quia malum, et amarum est
reliquisse te Dominum Deum tuum, Jerem. 2.

Utzi dezu zure Jaun, eta Jaungoikoa, eta añ eskergabea zera zure Aita onarentzat, non, biurtu etzeran
beragana, aditu dituzun ainbeste egia gozorekin ere.
Jakizu bada, esaten dizu Jeremiasek; jakizu, eta ekusi
ezazu gauza gaizto, eta samiña dala zuk zure Jaun,
eta Jaungoikoa utzi dezun eran utzitzea: Scito, et vide,
quia malum, et amarum est reliquisse te Dominum
Deum tuum. Egia au ongiena ezagutzen da bearbada,

bekatuak berekin dakartzian, ondoren gaizto, eta
samiñai begiraturik, eta oen artean irugarren lekuan
aitatu genduan bekatuaren bide, eta perilletan anima
nastua, eta katrabillatua geratzea. Azkeneko aldian
aditzera eman nizun, Kristaua, zer, eta zenbat gisatara izan oi dan bekaturako bidea, eta zeñ gauza bearra
dan bekaturako bideetatik aldegitea. Gaur ekusi bear
degu, lenengo lekuan, nolako aitzakiak asmatzen, edo
billatzen dituan bekatariak, bekatuaren bideak ez
uzteko. Urrena, zeñ negargarriak diran, bekatariari
emendik etorri oi zaizkan ondorenak. Enzun arretarekin.
***
Anima bat, bekatuaren sare, eta bideetan nasturik
bizi danean, alde batetik arkitzen da gerokoaren ar
ozkariarekin, eta bestetik sorra dago bear lukeana
egiteko, eta billatzen ditu al dituan aitzakiak, bekatuaren bideak ez uzteko. Ara aitzakia oetatik batzuek.
Lenengoa: ez det ukatzen, urlia nere etxean egotea, edo onara etorri oi dan bezala etortzea, neretzat
dala bekaturako bide, eta perill andia; baña ez daukat
nik eskurik ura etxetik botatzeko, edo aren etorrerak

eragozteko. Zer nai du nik egitea? Aitzakia onek ez
dizu ezer balioko Jaunaren aurrean; eta badakizu, ezin
bekatuari lekurik eman degiokezula, ez munduaren
beldurrez, ez bizitza ez galtzeagatik ere. A tozea, zu
iltzera baletor urlia ori, zer egingo zenduke? Etzenduke iges egingo? Ala bear izatea, etzenduke deadar
egingo? Egizu bada ori bera, animaren bizitza kendu
ez degizun. Iges egizu, al badezu: eziñ iges egin badezu, egizu deadar. Atzenean pakerik eman nai ezpadizu, esan zayozu, aditzera emango diozula gurasoari
gertatzen dana. Jauna, gurasoari esaten badiot, galduko du urliak bere onra, eta izen ona, eta ekusi naiko ez
du gurasoak. Galduko du bere onra, eta izen ona,
gurasoari esanda? Noren kulpa izango da? Berarena;
bada zuk aditzera eman ziñukan, gurasoari esango
zeniola, uzten ezpazizun pakean. Baña asko ote dira
au leyalki egingo duenak? Ez noaski, eta gertatuko
dana da bekaturako bide, eta perilla bere oñean geratzea, eta gero? Betiko su, eta garren artean erortzea,
ezpadira garai onean zentzatzen.
Bigarren aitzakia: aitortzen det, oraindaño bizitu
naizala bekaturako bideetan, eta egin ditudala ezin
konta al bekatu. Denbora puska batean jai arrasaldeetan joan oi nintzan etxe batera; biltzen giñan mutillak,

eta neskatxak, eta gertatzen ziran jotas, eta ibillera
lotsagarriak, ala bertan, nola etxerako bi dean: eta
beste onenbeste gertatu oi zitzatan iñuterian eta festa
denboran. Onenbeste urtez gutxi gora bera bizitu naiz
lagun gaiztoen modu, eta ibillerai jarraituaz, naiz
gabaz, naiz egunaz. Berandu etxeratzen giñan, eta
naigabetzen ziran gurasoak: elkar artzen genduan
urlia, sandia, ta berendia bekatuan amilderazteko, eta
gero elkarri esan oi giñuzkan igarotzen ziran gauzak.
Onenbeste denboran izan det adiskidetasun gaiztoa
urlia batekin: era izan ezkero, gertatu oi ziran bekatu
mota guziak, eta oraindaño iraundu, eta badirau perill
onek. Askotan agindu didee Konfesoreak, utzi ditzadala nere lagun gaiztoak: utzi ditzadala arako etxe aek,
non bildu oi diran mutill, eta neskatxak: utzi ditzadala
adiskidetasun limuri oek; baña beren oñean daude
batzuek beintzat. Atozea, eta eztakizu, oriek utzitzea
dala zuretzat, Jaungoikoagana biurtzeko lenengo
lana? Ongi esaten dit, eta erabaki det sendoro, ori egitea; baña gaur absoluzioa eman bear dit. Zer diozu,
bekataria? Lenago utzi bear dituzu bekaturako bide
oriek: gero presta zaite gaizki bizitu zeran denborako
konfesio guziak berritzeko, eta orduan egongo zera
absoluzioa artzeko sasoi onean, baña arteraño ez.

Jauna: egingo det ori guzia; baña gaur Komunio Santua artu bear det: bestela zer esango litzake nizaz?
Komunio Santua artuko dezu, sasoi onean jartzen
zeranean: eta etzaitezela leyatu gai onetan. Jauna, zer
esango due? diozu. Ezer ez, zeren bakoitzak badu
bere buruarekin zer egin, zuri begira egongabe ere.
Gañera egun oro berritzen dira konfesioak, eta gauzak
ongi bukatu artean uzten da Komunioa: eta ez du
orregatik ezerere galtzen bekatariak. Utzi itzatzu bada
aitzakia oriek, eta egizu bear dana.
Irugarren aitzakia: joango naiz arako etxe artara,
arako lagun aetara, baña ez det ezergatik bekaturik
egingo lenago lepoa eman. Atozea, oraindaño etxe,
eta lagun oriek ez dira zuretzat izan bekatuan erortzeko bide, eta perill andiak, edo gogoz, edo itzez, edo
bestela? Eta alaere diozu, joango zerala perill orietara,
eta ez dezula bekaturik egingo? Ez dezu ekusten, ori
dala, bekaturako bide eta perill urkoak uzteko, biotzik
ez izatea? Zuk nai zenduke bi gauza, denbora batean
ezin elkarrekin izan ditezkeanak, oek dira bekaturako
bide urkoan borondatez egotea, edo jartzea, eta bekaturik ez egitea. Eztakizu, orrelako perillean egote, edo
jartze utsa bekatu dala? Perilla nai duana, perillean
eroriko, edo galduko da, dio Espiritu Santuak: Qui

amat periculum, in illo peribit. Zu bezala dabillenari
gertatu oi zayo mitxirrikari, edo ingumari gertatzen
zayona. Badabil mitxirrika argiaren inguruan: begiratzen dio, eta llilluratzen, eta txoratzen du argiaren
edertasunak: alderatzen zayo, eta erretzen zayo egoa
baten erza: badijoa berriz, eta erretzen zayo zanko
txar bat. Alaere ez da zentzatzen, eta atzenean iltzen
da txoraska argiari darraikala. Ay! zu gizon, edo emakume inguma, edo mitxirrika guziak baño txoroago
biurtu zerana! Zenbat bider esan zatzu, utzi bear dirala bekaturako bide, eta perillak, bekatuan ez erortzea
nai badegu? Alaere joango naiz, diozu, eta ez det
bekaturik egingo: itsumenaren andia!
Laugarren aitzakia: joango naiz etxe artara: joango naiz lagun gaizto aetara, baña uste det, Jaunak
emango didala bekatuan ez erortzeko lagunza; ala
eskatu diot benaz Birjiña txit Santari. Bekatari zentzugabea: au da bekaturako bidea utzi nai ez izatea, eta
Jainkoaren laguntza, eta Birjiña txit Santaren bitartekotasuna zure bekatuen estalkiñ ipintzea. Uste det
diozu, Jaunak emango didala bekatuan ez erortzeko
laguntza: engañatzen zera; Jaungoikoak alabaña ematen dizkigu, bekatuaren bideetatik aldegiteko laguntzak, baña ez, geren nayez bekaturako perillean jarri

nai badegu. Atozea, zere nayez sartzen bazera karobi
erazeki batean, naiko, edo usteko dezu, Jaunak gordeko zaituala mirari andi batekin, erretzen etzerala? Ez
dezu ekusten, au izango litzakeala zentzu,gabekeri
andi bat? Gañera esana dago, bere nayez bat bekaturako bide, eta perill urkoan egote, eta jartze utsa
bekatu dala. Eskatu diot benaz, diozu, Birjiña txit Santari, gorde nazala bekatutik Au da beste zenzugabekeri andia. Atozea, zere nayez joan nai badezu bekaturako bidera, eta joatea bera bekatu bada, nola bekatutik gordeko zaitu Birjiña txit Santak?
Bostgarren aitzakia: Joaten naiz ni urliaren etxiera,
baña ez gauza gaiztorik egitera: besteak ere joan oi
dira nai duen lekura. Au da ematen dituzun esanmesak kentzeko biotzik ez izatea. Demagun, etzoazela
ara gauza gaiztotara, baizik errosarioa esatera: baña
munduak badaki, urlia dala ergel bat, eta zu zerala
Jaunaren beldur gutxikoa: munduak ekusten zaitu ara
zoazela gauaz, eta egunaz, eta ezagutzen du, ez
dezula an egitekorik batere: emendik badaraus zure
ibilleraren gañean, eta dio: Oriei orrela utzi bear zate?
Ez da Alkaterik, ez Erretorerik? Jauna, besteak ere
joan oi dira nai duen lekura. Ongi: demagun, besteak
ez duela ongi egiten: eta zeren besteak gaizki egiten

duen, zuk ere egin bear dezu? Munduak badaki zure
berri, eta mirua dabillen toki guzian miru dala: eta
oker edo zuzen badaraus zure kontra: besteaz ori bera
egingo du, miruak dirala igerritzen duanean. Orregatik beartua zaude jayera ori utzitzera; S. Paulok dio
alabaña, utzi bear ditugula, gauza gaiztoak ezezik
gaiztoen anza duenak ere: Ab omni specie mala abstinete vos (1 ad Thesal. 5).
Seigarren aitzakia: urliaren etxera joaten naiz, edo
sandiarekin egoten naiz, baña aspaldi ez da gauz
andirik gertatu. Au da beartua, eta artarako bidea
gañtxuritzea, leneko perillean geratzeagatik. Atozea,
eta urliarekin zaudenean, ez oi dira gertatu izketa lizunak? keñada lotsagarriak, musu, eta laztanak? Oriek
bai, Jauna; eta alaere gauz andirik ez da gertatu diozu,
eta orietan erortzeko perill urkoan iraun nai dezu?
Badira bekatari batzuek añ leundugabeak, basati, eta
moldakabeak, non, araurreneko bekatuak baizik,
ezertan artzen ez dituen.
Zazpigarren aitzakia: al banu utziko nuke bekaturako bide, eta perill au, baña zertan nago ni urliarekikoa galtzen badet? Au da munduaren, edo mundukoen beldurrez bekatuan, eta bekaturako bidean bizi nai
izatea. Atozea, etzenduan batayoko egunean Jaungoi-

koa gauza guzian gañetik amatzeko itza eman? Ez
dezu dotrinan esaten, Jaungoikoa gauza guzien
gañean amatzea dala guziak galtzea nayago izatea
bera ofenditzea baño? Zertan nago ni, diozu, eta zertan zaude, zere anima galtzen badezu betiko? Zer aterako dezu, mundu guzia irabazita ere, galtzen badezu
zere anima, esaten dizu Jesu-Kristok: Quid prodest
homini, si mundum universum lucretur, animae vero
suae detrimentum patiatur?
Zortzigarren aitzakia: zer esango due etxe onetatik irteten banaiz, edo etxe artara joaten ezpanaiz? Au
ere bekaturako bidean geratu nai izatea da geyenetan. Atozea, badakie auzoan, eta inguruetan zure bizitza gaiztoaren berri? Ezpadakie, ez due ezer esateko
biderik batere, zeren etxe batetik irteteko, edo baste
batera ez joateko non nai izan oi dira milla modu, eta
ez da orregatik ezer esateko biderik. Baña baldin
badakie auzoan, eta inguruan, poztuko dira dakienak,
bekaturako bidetik aldegiten dezula, dakustenean.
Eta uste dezu, ez dakiela? Galde giezu iturriai, labeaurreai: galde sukaldeetako laratzai, eta oek esango
dizue, nola zure bizitzaren gañean itzegin dan.
Bederatzigarren aitzakia: Jauna, bekaturako bide,
eta perill urkoa utzitzea aiñ gauza bearra bada esan-

go diot urliari, bukatu dirala gure kontuak, egin dezala konfesio on bat. Atozea, eta onenbesterekin geratu
nai dezu bekaturako bidean? eta uste dezu, zuk ori
esatearekin onduko dala urlia? Demagun, itotzeko
zorian iduki duela otsoak ardiren bat. Andik laster
badijoa ardi txoroa otsoagana, eta esaten dio: Otso
Jauna, gauza bat zuri esan bearrean nago: etzaitezela
izan oraindaño bezeñ ardikoya: gaizki itzegiten da
zuzaz, ondu zaite. Uste dezu, orrenbesterekin onduko
dala otsoa? Ondu bearrean, ortzak egotziko diozka
airdi txoroari, eta arzaz egingo du nai duana. Au bera
gertatuko zatzu zuri ere, bekataria, aitzaki oekin geratzen bazera bekaturako bidean. Orra, nolako aitzakiak
billatzen dituan bekatariak, bekatuaren bideak ez
uzteko. Dakuskun oraiñ zeñ negargarriak diran emendik etorri oi zaizkan ondorenak.
***
Lenengo ondorena da, Jaunak ukatzea, bekatuan
ez erortzeko bear dituan, Zeruko lagunzak. Ez dizu
Jaunak agintzen, bekataria, Zeruko indar, eta lagunza
bekatuan ez erortzeko, zere nayez jartzen bazera, edo
bazaude bekaturako bidean. S. Pedro bere nayez jarri

zan izketan, eta surtan berotzen Jesusen etsayakin,
eta erori zan bekatuan, ukatzen zuala iru aldiz bere
Maisua, eta S. Pedrori utzi bazion Jaunak bekatuan
erortzen, zeren bere nayez perillean jarri zan, zer
gerta al diteke besteakin?
Bigarren ondorena: Sakramentuak, eta Jesu-Kristok gure onerako ixuri zuan odol preziosua bere animaren puzoi biurtzea; bekatuaren bide, eta perill
urkoan bere nayez dagoanak alabaña ezin artu dezake absoluziorik, eta artzen badu, izango du bere kaltean, eta au bera gertatuko zayo beste Sakramentuakin.
Irugarren ondorena: geyenetan eriotza negargarria: zeren edo batetan, edo prestaera txarrarekin ill oi
diran onelakoak. Ala gertatu zitzayon Toledoko inguruan ezkutari bati; izan zuan noizbait Birjiña txit Santaren jayera andia; baña adiñean zerbait sartu
zanean, oitu zan gaiztakerietara, eta bizitu zan bekaturako bidea bere etxean zuala. Bazan erri artan
anima birtutetsu bat, eta egun batean otoiz, edo orazioan zegoala, agertu zitzaizkan Jesu-Kristo Birjiña txit
Santa, eta Aingeru asko. Asi ziran ezkutariaren
gañean itzegiten, eta JesuKristok eman zuan batetan
bizia kentzeko sentenzia; baña Amaren erreguz utzi

zion ogei, ta amar egunean. Birjiña txit Santak esan
zion begira zegoan anima birtutetsuari zijoala onelako
erlijiosogana, eta aditzera eman zegiola ekusi, eta
aditu zuana. Ala egin zuan ark, baña erlijiosoak etzion
sinistu. Anima on ark lenengo aldian ekusi zuana bera
ekusi zuan berriz, eta irugarren aldian ere. Orduan
sinistu zuan Erlijiosoak, eta onek aditzera eman zion
ezkutariari gertatzen zana. Ezkutariak aitortu zuan
bere bizitza gaiztoa: prestatu zan konfesio on bat egiteko, eta egin ere zuan damu andiarekin. Baña etxapean arkitzen zan urlia, eta ezkutariak etzuan eskurik
au botatzeko. Agindu zion, alda zedilla beste gela
batera, eta barrendik itxi zezala atea, eta ala egin
zuan. Urliak eragin zuan gitza berri bat: idiki zuan
atea, eta kuturtu zuan ezkutaria bekatura. Berriro
konfesatu zan, eta konfesoreak agindu zion, atea
barrendik itxitzen zuanean, atean bertan utzi zezala
giltza; baña urlia gaiztoak, idikirik atea, eta eragin
zion nai zuana. Konfesatu zan irugarren aldian, eta
konfesoreak eman ziozkan penitenzia sendo, eta
samiñak: aspertu zan oekin, eta esan zion konfesoreari, utzi zegiola pakean: atsoen ipuyakin zebillela. Etorri zan ogei, ta amar garren eguna, eta gau erdian
otsegin zioen konfesoreari. Joan zan lasterka, eta arki-

tu zuan bekatari doakabea bizirik. Ay! deadar egiten
zuan: ay! arpoi batekin igaro didee biotza! Egin zuan
konfesoreak alegiña, bekatari ura Jaunagana biurrerazteko; baña alperrik: ill zan damu egiazkoaren siñalerik gabe.
Ekusten dezu, bekataria, zeñ negargarriak diran,
bekatuaren bide, eta perillak ez uztetik datozen ondorenak? Ez du bekatariak biotzik sare oek urratzeko,
eta billatzen ditu milla aitzakia bekatuaren bideak ez
uzteko: eta etsai galgarriak berekin darama betiko su,
eta garren artera. Emendik atera ezazu, Kristaua, zeñ
gauza gaizto, eta samiña dan guk gure Jaungoikoa
utzitzea, eta beragana biurtu nai ez izatea. Bekataria!
eta orain ere ez aditu egingo diezu Jaunaren deiai? Ea
urra itzatzu bekatuaren sare oriek: bizi zaite Jesusen
lege ederrak erakusten digun eran, eta emango dizu
betiko bizitza. Amen.

EMERETZIGARREN
ERAKUSALDIA
Bekatuaren ondoren gaiztoen artean laugarrena izan
oi da Konfesio gaiztoak egitea. Au era askotara gertatzen da, len luzaro aditzera eman izan dedan bezala; baña ez naiz guzien gañean itzegiten geratuko,
asi dedan lana guyegi luzatu ez dedin. Gaur ukituko
dira, bekatuak lotsaz konfesatu gabe utzirik, egiten
diran, konfesio gaiztoak.
Dereliquisti Dominum Deum tuum...
Scito, et vide, quia malum, et amarum est,
reliquisse te Dominum Deum tuum. Jeremiae 2.

Utzi dezu bekataria, zure Jaun, eta Jaungoikoa eta
amairu Erakusalditan egin da alegiña, zu zauden perill
izugarritik ateratzeko; baña alperrik: etzera esnatu
bekatuaren modorra, edo lo astun orretatik. Jakizu
bada esaten dizu Jeremiasek; jakizu, eta ekusi ezazu,
gauza gaizto, eta samiña dala, zuk zure Jaun, eta Jaungoikoa utzi izan dezun eran utzitzea. Scito, et vide,
quia malum, et amarum est reliquisse te Dominum
Deum tuum. Egia au zuri adirazteko, azkeneko Eraku-

saldietan ukitu ditut, bekatuak berekin dakartzian,
ondoren samiñetatik batzuek. Beste ondoren gaiztoa
izan oi da konfesio gaiztoak konfesio gaiztoen gañean
egitea. Au era askotara gertatzen da: baña ez det
guziai ekiteko asmorik, zeren gai onetan luzaro itzegin
izan dedan lenago. Askotan gertatzen da bekatariak
lotsaz, edo beldurrez bekaturen batzuek konfesatu
gabe utzitzea, eta konfesio gaiztoa egitea. Au norekin,
eta nola gertatu oi dan adiraztea izango da gaurko
itzaldia, eta ondoren ukituko det, zeñ gauza gaizto,
eta samiña dan era onetan gure Jaun, eta Jaungoikoa
utzitzea. Enzun, Kristaua, arretarekin.
***
Gure Salbatzalleak batayoko Sakramentuarekin
barkatu zigun bekatu etorkia, jatorrizko, edo orijinala:
au da, arako lenengo gurasoetatik datorkigun bekatu
ura. Apaindu ginduan graziaren soñeko ederrarekin:
ornitu ginduan fede, esperanza, eta karidadearen birtuteakin: eman zizkigun gañera Espiritu Santuaren
doayak. Konfirmazioko Sakramentuarekin indarrez
bete ginduan, beraren gudari, edo soldadu alayak
bezala, animaren etsayak garaitzeko. Aldareko Sakra-

mentu miragarrian geratu zan gurekin bizitzeko, guri
bere ondasunak emateko, eta Zerurako bidean laguntzeko. Gu nor izatera, etzan Konfesioko Sakramentuaren bearrik, baña ekusten zuan Jesus onak, txit gutxi
izango zirala, etsayaren kontra bear bezala peleatuko
ziranak: ekusten zuan alde aldean guziak galduko
zuela graziaren bizitza, eta geratuko zirala bekatuan
illak. Orregatik ipiñi nai izan zuan Konfesioko Sakramentua, batayoa ezkero egindako bekatuak barkatzeko. Zerura igo zan baño lentxeago, sartu zan Apostoluak zeuden tokira eta esan zien: Arrezazue Espiritu
Santua: accipite Spiritum Sanctum: zuek barkatzen
dieztezuen bekatuak barkatuak izango dira, eta oraindanik barkatzen zaizte: Quorum remisseritis peccata,
remittuntur eis: eta zuek barkatu gabe uzten dieztezuenenak barkatu gabe geratuko dira: Et quorum retinueritis retenta sunt (Joan. 20). Baña Sakramentu
onek ez ditu nolanai barkatzen bekatuak, baizik egiten
duala bekatariak bere aldetik egin bear duana: eta
beste gauz askoren artean gauza bearra da bekatariak bekatuak Konfesoreari aitortzea, bere biotzean
arkitzen dituan bezala, larriak beintzat. Ala erakusten
digu gure sinisteak. Baña zer gertatzen da? Bekatariak badu ausardia bekatu egiteko, baña garbiro aitor-

tzeko, edo konfesatzeko txit beldurtia da, eta asko
dira, gizon jakintsuen iritzian, lotsaz, edo beldurrez
bekatuak konfesatu gabe uzten dituenak; emendik
konfesio, eta komunio gaiztoak egitea, eta betiko su,
eta garren artera amiltzeko zorian bizitzea. Eta zu,
aditzen zauden bekataria, ez ote zera oetatik bat? Au
ezagutzeko, begiraldi bat eman degiogun zure bizitzari.
Zuk, Kristaua, gaztetxoa zirala, ikasi zinduan gaiztakeri batzuek, edo senide, edo auzokoren batzuekin:
askotan gogora etorri zaizkitzu dotrinaren bat aditzean, edo konfesioko egunetan; baña lotsaz utzi dituzu konfesatu gabe, zeregan esaten dezula: txikia nintzan orduan. Atozea, eta zenbat urte zinduan orduan
? Jauna, zazpi, zortzi, edo geyago. Atozea, eta etzinaten ezkutatzen gauz oriek egiteko? Bai, Jauna: beldur
naiz bada, gaiztoak izan ote ziran zure konfesioak.
Zuk, amar, amabi, edo geyago urte zinduanean,
egin zinduan ibillera itsusiak: ukitu zinduan zaurian
dotrinaren batek, edo konfesorearen galdeak: konfesio batean aitortu zinduan bekatu oriek, baña, zere
burua edertzeko, esan zenduan: Jauna, artean ez
nituan bost, edo sei urte besterik. Auxe da bekatua
osotoro ukatzea bezala; zeren konfesoreak usteko du

ibillera oriek gertatu zirala, onaren, eta gaitzaren ezaguerarik etzenduan adiñean. Orregatik zure konfesioa
izan zan gaiztoa.
Zu askotan egon zera zeregan garbitasun, edo
kastidadearen kontrako gogorazioetan, len igarotako
gauza gaiztoak gogora ekartzen zinduala: batzuetan
poztutzen ziñan, besteetan goisatzen, orduan bertan
gertatzen balira bezala; besteetan gaitzerako gura
esnatzen zan. Alaere lotsatu ziñan zeregan igaro
zitzatzuna garbiro esateko, eta esan zenduan, etzenduala ezer seigarren Mandamentuaren kontra, edo
esan zenduan etzeniela lekurik eman gogorazio gaiztoai. Au da bekatua gañtxuritzea, eta konfesio gaiztoa
egitea. Gogorazio gaiztoak etortzea naiz fedearen,
naiz karidade, eta garbitasunaren kontra, ez da bekatu, baldin guk, oartzen geranean, bereala egiten
badegu alegiña gogorazio gaiztoak ayenatzeko, dala
pensamentua beste gauzetara aldatuaz, dala esturan
Jesus, Maria, ta Jose esanaz, dala Birjiña txit Santari
biotza altxatuaz; baña askotan gertatzen da bekataria, oartuta ere, llilluraturik eta txoraturik egotea
gogora datorkion gauza gaiztoetan poztutzen edo goisatzen dala, eta askotan Ieku emateko perill andian.

Zuk zere buruarekin, aur denboran ezezik, gero
ere egin dituzu eskuz, edo bestela bekatu itsusiak.
igerritzen zenduan, modu oriek etzirala izango onak,
edo beintzat bazenduan ar bat, esaten zizuna, ez dira
gauz oek ongi dirudienak. Ala ere ez dituzu konfesatu.