Eneko Bizkai eta Maria Lorka - 1

Telesforo Monzon

ENEKO BIZKAI
ETA MARIA LORKA
Hiru zatitan

NORTZUEK ZER
GAZETA SALTZAILEA: Paris-dar bat.
ENERO BIZKAI: Jakintsun asmatzaile erroa. 26 urte.
MARTA: Eneko-ren izeba, 55 urte.
MARIA LORKA: Olerkaria. 22 urte.
GANTZARAIN-GO ERRETORA: 55 urte.
MONTEFLORIDO: Espainiako Anbasadorea.
MARTXIAL ARRATIBEL: Bide-egile. 60 urte.
JOXE MARI: Paris-en bizi euskaldun zahar arlote bat.
XANPIER: Baxenapar mutiko bat. Paris-en bizi.
GAZTE BAT: 26 urte. Nor den... Gero ikusiko.
MONSIEUR ROBERT: Paris-dar langile bat.
Bozak, arrabotsak, muxika eta bertze...

Ekintza Paris-en, 1970-garren urtean.

AINTZIN SOLAS
Jaun andereak:
Komedi hau amets bat da. Gau zahar batez, aizeegoak egileari egin arazitako ametsa.
Gure gaizo egileak, amets hori zuen egitzat hartu.
Eta goizean goizik esnatzean, paperean ezarri zuen,
ahantziko zitzaion beldur. Horra nola sortua den
antzerki hau!
Errana diogu egileari: Euskal Herriak ez duela
ameslari beharrik. Harek, aldiz, hola dio: Amets egin
gabe dagozen Herriek ez dutela salbamendurik.
Zuek jujatuko, jaun andereak. Eta komedi huntan
sobera errokeri eta bitxikeri atxematen badituzute,
pentsa Aize Egoak ekarriak direla. Hola aixeago barkatuko gaituzute. Aize Egoa etxeko alaba baita eta etxeko alaban behar bai zaio barkatu zer nahi!

LEHEN ZATIA
Pariseko ikasle baten ganbera xinplea.
Ogea, mahaina, liburutegi bat, jarleku
batzu... eta pianoa.
Mahainaren gainean, paper eta liburuak
nahas mahas. Telefona eta kafe-ontzia
ere bere katiloarekin. Zigarreta buztanak
nunahi.
Buruz buru atea eta leihoa. Leihotik
Paris-ko teilatuak ageri. Ezker aldean ere
ateska bat: sukalderakoa.
Goizeko zortziak dire. Udaberria...
Mahainaren gibelean –ileak nahas,
begiak gorri, eskuan luma– Eneko Bizkai
lanean ari. Ez du lorik egin gau osoan.
Ogera ere ibili gabe dago. Kanpotik
heldu bitez oihuak: «Les Nouvelles de
Paris» édition du matin! Achetez «Les
Nouvelles de Paris»! Derniére édition!
Avec les derniéres nouvelles! Sensationnelles découvertes du jeune savant basque! Achetez...

I. AGERRALDIA
Eneko eta Gazetaria
GAZETARIA: Tiens! Voilá ton journal. Mon p'tit! Tu liras

ton nom, comme toujours, á la premiére page!
Il commence á devenir éminent notre p'tit
savant basque, h? (Ogeari begira.) Hooo! Gaixoa! Gaur ere... zuk... ez lo? Hori ona... laister...
«singlatzeko»! Nik jakin euskeraz, pittat...
Udan, Donibane'n nik saldu «Nouvelles de
Paris». Gero, neguan, ni hemen, Paris-en. Zuk
ez maite Paris? Zu beti... séparatiste! Hooo...
aprés tout tu as bien raison mon vieux! C'est ce
que je dis á ma blonde, moi quand je pars pour
Saint-Jean-de-Luz: «Ne pleure pas, ma p'tite!
Dans la vie pour bien vouloir s'unir, il faut avoir
été séparé... Zuk ez nahi mintza frantxes...! Beti
euskeraz! Eta beti ikas! Des numéros... Zuk laister gu ereman... á Vénus! Behazu hemen (Egunkaria zabaltzen du: «Sensationnelles découver-

tes du jeune savant basque. Eneko Bizkai se
refuse á toute déclaration. «Je ne parlerai qu'en
basque», nous dit-il.) C'est bien ça! Ça facilite
les choses, quoi! Neri ere: pas de déclaration?
Beti ixil? Bon! Ago hola-hola! Tu vois? En Espagne on dirait olé olé! Mais nous les Basques, on
dit hola hola! Parce qu'en est une nation différente, nous! Bon! Segi hol-hola... avec les
numéros... Nola erraiten Vénus en basque? Oh
je sais bien, tu as la célébrité, toi! Tu vas bientót visiter les étoiles! Mais on t'envie pas, eh!
On aime mieux courir les filies icibas que d'aller
faire le pantin lá? Pas mal, eh! Je lui al fait
comme á Saint-Jean-de-Luz «Adi gaixoa!» Pas
de réponse non plus!... Des numéros! Eh bien,
mon p'tit, pour des numéros... nous on n'en fait
pas matis... on en connait, eh!! (Eta badoa oihuka): «Les Nouvelles de Paris», édition du
matin!... Achetez...

II. AGERRALDIA
Eneko eta Marta
MARTA: (Gozariarekin heldu, ogeari begira gelditu da).

Aitaren eta Semearen! Gaur ere ez haiz ogean
sartu? Lo egin gabe ago gaur ere? Laugarren
gaua duk hola, Eneko. Eta osagileak garbiki
erran: hola segitzekotan...
ENEKO: Zer?
MARTA: Burutik nahasiko haizela arras, edo hilen. Orai
hik hauta. Utzi itzak numero tzar hoiek bere
gisa, iloba, eta sar adi ogean. Jesus! Kafe-ontzia
ustua duk gau osoan deus jan gabe! Tira zak.
Hemen duk gozaria. Ogia gorritua diat, maite
dukan bezela. Jan zak beroa delarik. Eta sar adi
ogean gero. Leihoak etxiko dizkiat nik. Tira,
mogi adi.
ENEKO: Bakarrik egon nahi dut. Munduaren geroa ibilki dut eskutan.
MARTA: Munduaren geroa? Errak: zer egin behar dik
gure Jainko maiteak, hik hartzen baduk orai
haren plaza? Eneko! Ator berriz pulliki hire baitarat. Biok bakarrik gaituk munduan. Aitarik ez

duk, amarik ere ez. Ni nauk hemen: Hire aita
zenaren arreba bakarra, mutxurdina. Gauza
handirik ez nauk baina... hoberik ez zaik munduan gelditzen eta... emanatik bizitzen ikasi
beharko duk hik ere, bertzeek bezela. Gernikatik segitu nian Gantzarain-erat, suari igesi amak
sabelean Baxenaparra-rat ekarri hinduela. Gantzarain-etik ere, legundu hinduen Paris-erat.
Eta... ez zekiat batere ongi gaizki egin nian,
horra.
ENEKO: Nik bakardadea behar dut, eta ixiltasuna.
MARTA: Ezker-gaitza duk hik merkeegi saltzen, haurra.

Jakin izan banian...
ENEKO:

Behazu, izeba. Ahantxu dut. Ez dut oraino

arras atxemana baina, bidean naiz nik uste.
Beha-zu (Papera erakusten dio).
MARTA: Zer dituk zirrimarra zarapartari hauek? Izarre-

tarainoko bideak? Iduripena ta fantasiaz baino,
behartuagoak gindazke gu orai ere... sosaz,
Eneko. Esneketaria asia zaik kexatzen. Atzo
ere...
ENEKO: Ez zaidazula neri otoi, izeba, sosik aipa! Eta

utzi zaidazu amets egiten.

MARTA: Ze ba! Ametsez gizenduko gaituk urrik! Eta

ametsik ez bada ere, arrokeria beti hor izanen
baita... (Marta gela txukuntzen ari dela, telefonak deituko du) Har zak telefona. Ni ahalgetzen
bai nauk.
ENEKO: Nor da? Nor? Nor den, bai nor den? Edo, Parisen ez dut euskeraz mintzatzeko eskubiderik? Ni
naiz bai, ni: Eneko Bizkai, odolez bizkaitarra,
sortxez baxenaparra. Gantzarain-en bataiatua
eta eskolan! Zergatik ez ninduzuten utzi, Gantzarain-go mendietan ni ere, ene ardiekin
bakean? Nor zaitut zu? Zer behar nauzu? Mintza
zite!
MARTA: Jainko maitea! (Ixilka) Ari adi eztixeago,
Eneko. Denekin xamurtuko bai gaituk. (Bere
baitan) Preso altxatzen ez bagaituzte gu, azkenean!
ENEKO: Zer? Erdaraz egiteko? Nik? (Irriz lotzen da)
Aski duzu zehaurrek euskeraz egitea. Beingoz,
ni bai naiz hemen nagusi. Eta zuek ene meneko, ene mutil, ene serbitzari... Zer? Nor? Nor
zerala? Hooo! Monsieur le Ministre de la recherche scientifique! Eta bon... hemen Eneko Bizkai,
Prix Nobel 1970. Enekin hitzegin nahi duenak,

aski du euskeraz ikastea. Nahikoa trufatu zaite
denak ene Herriaz. Orai, nere beharra bai duzute, beharko diozute errespetua ekarri. Barkatu
jauna. Lanpetua naiz. Ondoko egunak arte...!
MARTA: Bon! Enekin segitzekotan, nahikoa. Entzun
duk? Bertzela, aski duk emaztea hartzea. Edo
neskatoa. Nik ez diat erroak zaintzen ibiltzeko
gutiziarik. Frantzia-ko ministru bati hitzegin araziko diok hik euskeraz? Nun duk hik errespetua?
ENEKO: Zergatik ez? Berek ez ahal digute guri, orai
arte, nahiko hitzegin arazi erderaz? Nun zuten
errespetua berek?
MARTA: Izarrak ukitu behar ditukala! Eta «Zazpirak
bat» egin. Gaizoa! Biak bat ezin diagu egin eta,
zazpirak bat eginen dituk hik, aixe! Bon! Behar
duk jan, bai ala ez? Behar duk ala ez duk lo egin
behar?
ENEKO: Nahiago dut, izeba... pianoa jo!
MARTA: Ze ba! Merkeena hori duk!: tripa utsik, soinu
egiten ibiltzea.
(Eta badoa. Eneko emanen da pianoan.
Hartan ari delarik, Eneko-k ikusi gabe,
sartuko Maria Lorka.)

III. AGERRALDIA
Eneko eta Maria
ENEKO: (Golpez ohartuz) Zer? Zu hemen?
MARIA: Ez nauzu ikusi ere sartzen.

Maria! Jakinen bazenu, artzain-mutil hunek
zure ikusteaz hartzen duen poza! (Papera erakusten dio) Behazu, Maria! Ahantxu dut, nik
uste.
MARIA: Zergatik erakusten dauzkidazu neri numero
hauek, Eneko?
ENEKO: Egia. Zuk ez dakizu numerotan. Beharrik! Zu
goragotik ibilki zare, Maria. Zu olerkaria zera.
Paris-ek egun duen poetarik haundiena, beharbada: Maria Lorka!
MARIA: Ene eskolan ere ez da zutaz bertzerik mintzatzen. Denek agoan zaitue. Zuk atxeman duzun
indar berri horrek ereman behar omen gaitu
laister izarretarat. Munduaren geroari ere, bertze itxura bat ekarriko omen diozu zuk. Eta penENEKO:

tsa: denek neri goresmenak emaiten. Errana
diotet: Zergatik neri goresmenak?
ENEKO:

Zergatik? Nere adiskiderik oberena zu bai

zera, Maria. Eta numeroak egiten ere, zure poesiaz ez bai nauzu gutxi lagundua.
MARIA: Hori bai naiz ni zuretako... Adiskide on bat!
ENEKO: Ez da gutti, Maria.
MARIA: Enetzat ez aski ere, Eneko.
ENEKO: Munduko bozkario eta atsegin haundienetarik

batto, adiskidantza duzu, Maria.
MARIA: Badituzu ederragoak ere, Eneko.
ENEKO: Nik ez ezagutzen.
MARIA: Nik bai. Eta obe ezagutuko ez banitu.
ENEKO: Amodioa?
MARIA: Eneko! Ez zaitut gehiago ikusi nahi. Sobera

sufritzen dut.
ENEKO: Baina... maite banauzu, behar zindake nere

ikusteaz alegeratu!
MARIA: Egarrituak ere maite dizu iturria. Zertako itu-

rriari begira egon, edaterik ez baduzu?
ENEKO: Nola? Olerkari batek erraiten hori? Zu bezala-

ko poeta batek? Iturriak badaki gogoa freskatzen ere, Maria. Ez gorputza bakarrik.

MARIA: Eneko! Nik ez zaitut olerkari gisa maite. Ene

baitan, ez zaitu poetak bakarrik maite. Emaztekiak ere maite zaitu.
ENEKO: Nik aldiz, ditudanak oro emanen nizkizuke,
Maria. Oro! Bainan amodioa nola emanen, ezagutzen ez bai dut!
MARIA: Munduan utzi litazken denak utziak ditut zuregatik: Nere Espainia, etxea, burasoak, lagunak,
besotan ibiltzen nuen nere anai gazteena ere.
Bada hiru urte ez naizela Andaluzia-rat itzuli.
Lirainja usain hura ere ahantxu ahantzia dut. Ez
nauzu, hiru urte hauetan, zaldi gainean zezenen
ondotik ibili. Karmen, etxeko sehi zaharrenak,
idazten dit tarteka eta gordezka. Bertze nihork
ez. Jakin duzu, gure aita izan berria dela hemen,
Paris-en?
ENEKO: Ez nizun erran nahi baina, jakin dut bai.
MARIA: Ez dit dei egin ere. Ene burasoentzat hila naiz.
ENEKO: Heientzat, debrua bai naiz ni! Eta zu beraz,
Maria, Paris-en debruarekin ibilki.
MARIA: Oroitzen zera, Eneko, orai hiru urte, Louvre-ko
Museoan, nola ezagutu genuen elgar lehen
aldiz? Biak ikasterat etorriak ginen Paris-erat. Ni
Andaluzia-tik, zu Baxenaparratik... Ez da gauza

bera! Ikusi ordu maitatu zindudan. Eta geroztik
ez nauzu bizi izan zuretako baizik. Zu norat, ni
harat. Zuk zer behar, nik hura nahi. Zuk zer
pentsa, nik hura sinets. Ene Aberriari uko egin
nion, zurea hartzeagatik. Udan, Gantzarain-erat
lagundu zaitut, hiru urtez. Eta egun, euskera
duzu nere mintzaira ere. Ene pertsuak euskeraz
egiten ditut. Eta ahagatik... Federico Garcia
Lorca zenaren hiloba bat, Guadalquivir ibaiaren
egian sortua den neskatxa, uste duzu sekulan
egiazko euskeldun alaba bat izan litakenik?
Paris-en, zure lagunak dire nereak ere. Bertzela, bakarrik naiz. Zer nindake beraz ni gaur
munduan zu gabe? Ardi galdu bat, besterik ez.
ENEKO: Zer zindaken? Zer zeran? Euskal-Herriak sekulan ukan duen olerkaririk haundiena, Maria,
denek diotenez. Har zazu gogoan: Grezia ez
zutela bertako seme alabek bakarrik egin.
(Pausa) Zure liburu berri hori, Maria, zertan
duzu?
MARIA: Gaur bururatua dizut. Ez da goizegi. Egunaz
lan, gauaz amets, aspaldi huntan ez bai dut, nik
ere, lo aunitz eginik. Horra. (Eskuan ekarria
duen kaierra ematen dio).

ENEKO: (Lorietan irakurtuz) «Gantzarain eta ni. Maria

Lorka-ren poema berriak.» Nork argitarazi
behar dauzkitzu?
MARIA: Hartaz ez nauzu kexu. Paris-ko inprimatzaile

haundienak ene ondotik ditut. Bakarrik...
ENEKO: Zer?
MARIA: Denek gauza bera galdetzen...
ENEKO: Zer?
MARIA: Hunen ondoko liburua, bederen, erderaz egin

ararzi nahi didate.
ENEKO: Eta zuk zer erantzun?
MARIA: Ez dakit ba...
ENEKO: Ez dakizu, beraz? Nik bai, badakit! Badakit zer

ihardetsiko diezun: zure poesiari hatu nahiko
dionak bere egiazko atsa, beharko duela eukeraz ikasi. Ala bertzela, itzulpenak irakur. Maria
Lorka-k ezpaitu sekulan, entzun duzu? sekulan
idatziko euskeraz baizik.
MARIA: (Hilun)

Nor zaitut zu, neri hola manatzeko?

Norenak dira pertsu hoiek, zureak ala nereak?
ENEKO: Eta zu zer zaitugu? Jakin dezagun beingoz:

euskelduna ala arrotza? Gure lagun ala gure
etsai? Mintza zaite garbiki!

Nola? Zer...? Zer entzun dut...? Zuk neri,
Eneko, hori galdetzen... (Lotzen da ixilka negarrez)
ENEKO: (Haren oinetan belkaunikaturik) Barka nazazu,
Maria. Erroa naiz. Ez nauzu ene buruaren jabe.
Aize zakar batek erabilki nau, ostoa bezela.
Barka nazazu. ez nazazula utzi bakarrik.
MARIA: (Haren burua ferekatuz) Gaizo Eneko! Eta
gaizo Maria! Zergatik ez gaituzu, jauna, bertzeak bezela egin gu ere!
ENEKO: Erroa naiz, Maria!
MARIA: Erroago nauzu ni, Eneko. Amodioak itxuturik,
maite ez nauen gizon erro baten eskutan
emana bai dut osorik, ene izaitea!
ENEKO: Aize egoak erabilki nau. Aize ego beltzak.
MARIA: Zu baino sei urtez gazteago nauzu, Eneko. Eta
alare, ez dut zure baitan gizona bakarrik maite.
Maite dut, eta nola, zaren haurra ere. Dena su!
Dena amets! Dena emaitza! Zuk ez dituzu, nik
bezela, bertsoak egiten. Alare, ni baino poeta
haundiagoa zera zu mila aldiz! Mila aldiz, ba..
(Telefonak jotzen du)
ENEKO: Nor da?... Bai, hemen da... Emanen zaizu
(Maria-ri) Zuretzat da, Maria.
MARIA:

MARIA: Nor da?... Ah, c'est vous, Monsieur de Chantal?
ENEKO: (Berriz ere hilun) Zergatik ez diozu egiten eus-

keraz?
MARIA: Otoi, Eneko! Utz nazazu enetik emaiten! Oui,

oui, je vous apporte mon manuscrit ce matin,
vous pouvez commencer à l'imprimer tout de
suite... Por plus tard...? En espagnol ou en
français? Oh non! Aucun espoir...! Maris Lorka
n'ecris que dans sa langue, en basque...
ENEKO: Gora zu, Maria!
MARIA: Miguel de Unamuno avait écrit en espagnol...?
Et bien, voyez-vous, Maria Lorka écrit aujourd'hui en basque... Cela est peut-être la vengeance d'un vieux peuple qui se sent suffisamment
jeune pour faire des farces... Vous ne m'en voulez pas, Monsieur de Chantal? Merci! Je vous
exprime toute mon amitié... A tout à l'heure...
ENEKO: Maria! Nola estimatuko nizuke nik...
MARIA: Estimatu? Izar berak argitzen gaitu, Eneko.
ENEKO: Begira zer hartu dutan egun!
MARIA: (Irakurtuz) «Euskal Herriko gazteak zuen baitan dute bere esperantza». Emazu soinutik!
ENEKO: Eta zuk irakur zazu zure poema bat!
MARIA: Zoin?

Edozoin! Lehena... «Gantzarain-go itzala»...
(Eneko emaiten da pianoan eta Maria erraiten.
Hartan direla, sartuko jaun Erretora. Eneko ez
da ohartuko ere)
MARIA: «Gantzarain-go itzala, Goizean goizetik, hilerrian duzu bel beltzez jantzia... Noren alargun
den ez nizuke esango, hilobi denetan baita ibilia... Gerezi ondoaren alaba omen duzu, eta
Iduzkiaren andregaia izana... Noren alargun den
ez nizuke esango, hilobi denetan ibilia baita...»
ENEKO:

IV. AGERRALDIA
Eneko, Maria eta jaun Erretora. Gero
Marta
JAUN ERRETORA: (Atetik sar eta kanpora begira) Miles-

ker, milesker Xanpier! Bai, bai, orai salbo nauk.
Antolatuko nauk bakarrik! Beharrik arkitu haut,
gaizoa! Zer egin behar nian nik, Parisko karriketan bakarrik! Etxerako nahi duk zerbait? Emanen ziozkatek, hire izenean, bigar bertan! Agur

Xanpier! Izan ontsa! Pesta berriko agertu haiz,
usain bezela? Ederki, ederki! Agur, gaizoa! Pardon, Mademoiselle! Monsieur Bizkai, Eneko,
c'est ici qu'il habite?
MARIA:

Nola? Gantzarain-go jaun Erretorak ez nau

gehiago ezagutzen?
ERRETORA: Hori! Maria! Maria Lorka! Zuk erran! Ez zin-

duen ezagutu ere! Gantzarain-en, udan, ez baizera hola jantzita ibiltzen! Paris-erat heldua
nauzu goizeko trenean. Geroztik errotua nauzu.
Ez dakit nun ibilki naizen ere. Ba...! Zu hemen
ikusirik, pentsatzen dut Eneko ez duzula urrun
izanen. Eneko Bizkai... Gure gizon haundi hori,
hemen nonbait bizi zaigu noski?
MARIA: Eneko? Pianoa jotzen duzu, jaun Erretora! Gan-

tzarain-go organu pulit hura ez paitu hemen. Ez
duzu ezagutu? Bera duzu! Urbil zaite!
ERRETORA: Hori! Ez nuen piano soinurik aditzen ere.

Arras errotua nauzu gaixoa, ene zangoak Paris
huntan ezarri ditudan punttutik. Nola bizitzen
ahal zaizte zuek hemen? Zaude. Puska zahar
hauek behar nizkizuke nunbaiten ezarri.
MARIA: Pausatuko dizkizut nik, jaun Erretora.

ERRETORA: Tira ba. Arras errotua nauzu, arras. Gozaria

egina dizut bidean. Bazkaria eta afaria hementxet ezarriak dizkidate. Utz-azu hau hantxet.
Edo ez, hortxet, hortxet. Eta emazu hura hor.
Hola, hola. Hemen ezarriak bai dizkidate, nik
uste, mukanexak ere. Arras izerditua naiz.
Behazu... Jesus! Heldu gera noizpaiten! Ezin
sinetsia dut. Ezpaita goizegi, gaizoa. Bego!
Urbilduko natzaio puliki. Behar baidugu ikusiko
mutiko tzar horrek, ni ikusteaz, ze jautsiak egiten dituen (Puliki puliki, pianoari urbilduz) Iupi!
ENEKO: (Erretoraz ohartuz) Zer? Nor? Nun? Zer zera?

Nun nago?
ERRETORA: Zaude deskantsuan, mutikoa! Aski nahasia

nauk ni ere!
ENEKO: Zer? Gure herriko jaun Erretora Paris-en? Zer

da? Munduaren akabantza?
ERRETORA: Ez, ez. Hik emanen diok nik baino aixeago

munduari akabantza. Hire asmakizun eta
debrukeriekin...
ENEKO: Zer galdu zaizu zuri Paris-en, jaun Erretora?

Telebistan pasatzerat etorria zare?

ERRETORA: Ago trankil! Ez nauk berriz aixe jinen. Hire-

kin mintzatzerat etorria nauk doi-doia. Eta ez
luzaroko. Hori! Nun utzia diat nik ene paisola?
ENEKO: Gure Mattantta ikusia duzu, jaun Erretora?
ERRETORA: Ez zekiat mutikoa, ikusi diatan ere. Ago.
Trenetik jaustean, ezkerreko basoan hartuak
nizkian puskak. Paisola beraz...
ENEKO: (Sukaldeko atetik) Izeba! Behazu pittat nor
duzun hemen!
ERRETORA: Badut belarrietan ikara bat! Zerk egiten
hori? Hemengo arrabotsak, nik uste?.
MARTA: Aitaren eta Semearen! Zer ari zera zu Parisen, jaun Erretora?
ERRETORA: Horra bertzea! Bego. Itzultzeko orenak
behar dizkiat ikusi lehen lehenik. Zarpan diat
papera, nik uste.
MARIA: Zer? Gaur bertan itzuli?
MARTA: Zaude hemen gurekin zonbeit egun, deskantsuan!
ERRETORA: Ez andrea. Larraldia-ko mutxurdin zaharra
gorputz utzia etorria nauzute ta, bigar dugu
haren enderramendua. Zuen ikusteaz kontent
naiz baina, Paris huntan badut tristura bat!
Mihia idortua zait arras. Zerk egiten du hori?

Hemengo errauts hunek, nik uste? (Papera miatuz) Bego! Gare d'Austerlitz 21 h. 45. Beraz,
trankil ibiltzeko, Eneko, ttaka ttaka, seirak
aldean, freskuran, aterako gaituk etxetik.
ENEKO: Zaude ixilik, jaun Erretora! Hiru oren hemen-

dik...
MARIA: Galdua ibili bai zera zu, goizean, jaun Erretora.
MARTA: Nun eta nola ibili ote zaigu hau...
ERRETORA: Plaza animali batean, ez dakit ze plaza ere

zen, bi besoak kargaturik, norat jo ez nekiela,
golpez rau!!! goiko ostatuko semea, Xanpier, ez
zait ba begien aintzinean agertu? Gaizoa! Hura
ikusi eta, begiak bete zaizkit nigarrez! A ze bi
muxu eman diozkatan! Gaizoa! Harek ekarria
nau gero hunat. Bertzela...
MARTA: Paris gauza ederra duzu, jaun Erretora. Beha-

zu pittat lehio huntarik...
ERRETORA: Ez, ez, ez, ez, ez... Lehen ere badut aski

ikusia. Nahiago dizuet hiluntzia arte, hementxet, zuekin, etxe barnean egon. Ekatzu zigarreta bat, Eneko. Behar diagu pipatu. Zuen konpainian asia bai naiz loriatzen.

MARTA: Jesus!

Paris-i holako beldurra! (Enekogatik)
Hau ere hola bizi zaigu: bere Gantzarain-ekin
ametsetan!
MARIA: Ene gau guzietariko ametsa, hura dut nik ere,
jaun Erretora: Gantzarain-go eliza, hilerria...
MARTA: Ametsak ongi pagatuak balire, aspaldi aberastuak bai gindazke gu etxe huntan, jaun Erretora! Hemengo gora-beharak bazekizkizu! (Badoa
sukalderat)
MARIA: Marta-k iges egin digu eta nik ere utzi beharko
zaituztet. Bertzela...
ERRETORA: Zaude deskantsuan, Maria. Nik huni erran
beharrak entzuten ahal dituzu zuk ere.
MARIA: Deskantsuan? Hitz eder hori Gantzarainko haurra duzu, jaun Erretora. Paris-en ez da deskantsurik.
ERRETORA: Bistan da! Zuek, gainera, jende haundiak
bai zaizte orai! Eneko Bizkai!!! Nork erran behar
neri, ardiak mendian utzirik kauximara jiten
zitzaidan mutiko tzar hura... Zu, Maria, ez zindudan haur denboran ezagutu. Baina gogoan dut,
uda batez, Eneko-rekin, lehen aldiz Gantzarainen nola agertu zinen. Gero, goiz guziz, hilerriko
gerezi-ondoaren itzal-azpi hartan jarririk, per-

tsuak egiten ikusten zindudan, mendieri begira... Ez nizun agurrik egiten ere! Ametsetan ari
den olerkari bat esnatzea, pekatua dela erran
ahal daiteke? Nork erran behar, neskatxa gazte
ixil, uzkur hura egungo Maria Lorka bilakatu
behar zenik!
MARTA: (Sukaldeko atetik) Kafe pittat aterako bereala,
jaun Erretora. Zato zu ere gero, Maria. Gurekin
bazkalduko zera. Horrek bezin bat numero egiten ibili izan gabe, ikasia bai naiz ni hemen, jaun
Erretora, bi lukainkaz lau eta bortz egiten ere...
ERRETORA: Hori! Zaude, Marta. Udaberria heldua baita
Gantzarain-erat ere, hor nunbait ezarriak dauzkidate, zuentzat, gure baratzeko lusagar berri
hoietarik zonbait. Gantzarain-go lurrari gustoa
hartzeko doi-doia...
ENEKO: Gantzarain-go lurraren gustoa!
ERRETORA: Zaude. Nun ditut nik... Hemen, hemen.
MARIA: Gantzarain-go lurrak egin ninduen olerkari,
jaun Erretora!
ENEKO: Egosi itzazu hol-hola, izeba, lurra kendu gabe!
MARTA: Ze ba! Parisko biftekak ezpaitigu on egiten,
Gantzarain-go lurrak asetuko gaitu aixe!
(Badoa.)

MARIA: Gantzarain-go hilerri hura! Ez dut munduan

toki alegeragorik ezagutu!
ERRETORA: Hartaz mintzatzerat etorria nauzuete ba...
MARIA: Gantzarain-go hilerriaz?
ERRETORA: Hilerriaz, plazaz, elizaz... Ba dut tristura
bat, haurrak, ba dut tristura bat!
ENEKO: Ze duzu, jaun Erretora? Mintza zaite garbiki!
ERRETORA: Ez, ez. Ba dugu astia, gero ere. Mementu
goxo hauek luzatu itzagun ahal bezin bat. Errazute eta... zuen artean... lehen bezela segitzen
duzute...? Ez zaldi eta ez asto...?
MARIA: Erraiozu Eneko-ri, jaun Erretora.
ENEKO: Adiskidetasuna baino gauza ederragorik ba
ote?
ERRETORA: Adiskidetasuna? Zer uste duk? Zorgiñetan
sinesten diatala nik, orai ere?
ENEKO: (Kexu) Gantzarain-go errekak lehen bezin garbiak dituzu orai ere, jaun Erretora!
ERRETORA: Obe, segurki. Ahagatik... behar zizkitek
noizpaiten amorrainak ematen asi ere! Gantzarain-go eliza zueri begira dago. Baina... mugitzen ahal zaizte gazteak. Ez bai dakit noiz arte...
MARIA: Zer? Gantzarain-go eliza...?
ENEKO: Mintza zaite, jaun Erretora!

ERRETORA: Gero, gero! Holako berriak berantago eta

obe. Baina ba dut barnean idor bat, haurrak,
idor bat! Zuek egin, zuen eginbeharrak. Nik
otoitzak egiteko ditut. Mintzatuko gaituzute
gero, luzaz. Ekazkiatzute bosteko hoiek! Gaixoak! Gaixoak! Zuen eskuen beroa senditzen bai
diat orai, ez zait iduritzen Paris-en nagoenik
ere! Zoazte, zoazte gustian. Otoitzak egiteko
ditut eta...
MARIA: Agindu bezela, nere liburu-gaia ereman beha-

rra dut. Lagunduko nauzu, Eneko?
ENEKO: Ez litake neretzat ohore haundiagorik, Maria!
ERRETORA: Kasu aintzineko atetik ateratzeari! Paris-ko

gazetari guziak hor bai dituzute beha, noiz arrapatuko zaituzten! Hola bizitzea ere!
ENEKO: Ez luzaz, jaun Erretora! Deliberatua bai naiz:

Gantzarain-erat noakizu bizitzerat betikotz...
ERRETORA: Eta zer uste duk? Behereko zakur amorra-

tu hoiek Gantzarain-en bakean utziko hautela?
Hi harat urbiltzen ba haiz, akabo Gantzarain-go
bakea. Ba! Bertzela ere...
ENEKO: Zer duzu? Mintza zaite! Zertarat etorria zare

zu, Paris-erat? Zer dakartzu kolkoan?

ERRETORA: Oilarra! Eta harek ez bai zekik bortxaz kan-

tatzen, entzun duk, kantatuko dik bere tenorean! Baina... Gantzarain-go lusagar berri hoiek
bederen, haurrak, jan itzagun goxoki elgarren
konpañian. Tira, zoazte. Mintzatuko gaituzute,
gero. Zoazte...
ENEKO: Nahi duzun bezela, jaun Erretora, baina kexu

naiz. Iñaki Bizkai usaitua bai duzu, aspalditik,
Gantzarain-go jaun Erretoraren begietan zer
nahi irakurtzen. (Telefonak joko du)
ENEKO: Jo, jo! Ez barka, zuek ere! Balia zaitezte! Ez bai

nauzute luzaz zuen atzaparretan atxikiko!!!

V. AGERRALDIA
Lehengoak
ENEKO: (Telefonaz) Nor da ...? Nor ...? Hooo... Mister

Hamilton! Erran, adiskide, erran, so nauzu...
ERRETORA: (Mariari) Nor du?
MARIA: Amerika-ko Anbasadorea!

ERRETORA: Zer? Eta... horri ere... euskeraz egiten dio?

(Lotzen da irriz)
ENEKO: Bai, bai, ingelesez ba dakit bai Baina... erran,
erran zuk euskeraz, izigarri pulliki egiten bai
duzu!
MARIA: (Hilun) Beldur naiz errotzat hartuko gaituen,
jaun Erretora. Errotzat edo...
ERRETORA: (Irriari ezin atxikiz) Gantzarain-go artzain
mutil batek... Amerikako Anbasadoreari... euskeraz egin arazten!
ENEKO: Hola, hola! aterako zaizu pulliki, pulliki...
ERRETORA: Eta egin beharko! Hunek ezpaitio barkatzen. (Irriz leher)
MARIA: (Hilun) Eneko-ren beharrez kausitzen bai dire
gaur denak, jaun Erretora. Baina beldur naiz
egunen batez...
ENEKO: Nola? Ikasten asia zerala serioski? Nik uste!
Ageri duzu! Hola, hola, Mister Hamilton, hola...
Rusia-ko Anbasadorea ere, abiatua zaizu gero
euskeraz izigarri pulliki... Entzungo bazenu...
Rusia-koa bai, zer ba...!
ERRETORA: Egia al da? (Irriz lehertzen)
MARIA: Egia da bai, jaun Erretora. Bainan beldur naiz.
Hoiek ez bai gaitue gero aixe barkatuko!

ENEKO: Alare... Paris-en gaur euskeraz aintzineratue-

na... Txinakoa dugu, nik uste... Ze ba! Txina-ko
Anbasadorea bai... Mao-tse-iu-mi O-no-lu-lu-,
berbera! Ikusiko bazenu, Oxobi zenaren Alegiak
zoin pulliki erraiten dituen!
ERRETORA: Txinakoa ere bai?
MARIA: Zuk irri egiten, jaun Erretora, baina nik ez.
Emaztekiek usma bai dugu. Eta beldur naiz
egungo irri hauek ez diren laister nigar bilakatuko,
ENEKO: Jakin duzu?... Kuba-koek ere ekarria dutela
interpreta, nerekin euskeraz mintzatzeko...?
Zuek ere ba duzutela? Noiztik? Hola, hola...
Erraiozu, otoi, ezarri dadien... beharba ezagutuko bai dugu... Milesker, Anbasadore jauna...
MARIA: Eneko, otoi! Mundu osoak behar zaitu gaur, ba
dakit. Eta eskuak mihikatuko dauzkitzue, arpegian jotzen ba dituzu ere. Baina kasu! Ezurra
ebatsiko bai dizue, ahal badute. Eta orduan
begietarat jautsiko!
ENEKO: Bai, ni naiz, ni... Nor zaitut zu?... Interpreta
berria ba dakit baina, nungoa zeran...? Landibar-ko?
ERRETORA: Hori!!

ENEKO: Landibar-en... zein etxekoa haiz hi?... Iduzki-

tza-ko Anddes?
ERRETORA: Hori! Ene iloba! Gure Kattalin arrebaren
seme zaharrena! Anddes!! Nola ekarri dute hori
hunat? (Eneko-ri) Erraiok hemen nagokala!
ENEKO: Baina... hi ez egoen ba Ameriketan artzain?
Handik ekarria haute, beraz...?
ERRETORA: Erraiok hemen nagokala!
ENEKO: Eta... ardiak nun utziak dituk, mutikoa? Anbasadako baratzean alatzen? Ago, ago... Bertze
norbeit urbilduko bai zaik orai...
ERRETORA: (Telefona harturik) Errak! Ezagutzen nauk?
Gantzarain-go Erretora... Ça te dis quelque
chose...? Errak! Nun utzi duk anaia...? Errak
berriz, ahantziko bai diat nik... (Eneko-ri) Marka
zak: «A Washington... interpréte la langue basque auprés du Pentagone...» Ez diat geiago
deusik konprenitzen, mutikoa. Errotuko nauzute
zuek, denen artean. Ez! Ez! ni joaki nauk gaur
gauean, berriz. Errak! Pesta-Berriko helduko
haiz etxerat? Bon! Amak ez dik nigar eginen!
Ago untsa! (Telefona pasatzen dio Eneko-ri) Je
ne comprends plus rien, moi, rien! Gure Kattalin-en seme tzar hoiek... sortzetik ardi-jesten

usaituak... batto Paris-ko Anbasadan... Bertzea,
Washington-eko Pantagonian... Hori gertatzeko,
ba da munduan zerbeit mogimendu berri, nik
uste!
ENEKO: ...Hire nagusiari zer erran? Hor da bera?
Erraiok, beraz... Gantzarain-en sortu izanagatik,
Gernika-ko harrien azpian utziak dizkiatala, nik
ere, aita eta hiru anai!... Libertatea eder dela,
Herri ttipientzat ere... Eta munduko gidariak
izan nahi dutenek, otsoak gizentzen ibiltzea
baino, obe luketela ardiak zaintzen ikasi! Horrekin badik aski gaurkoz. Agur Anddes. Ondoko
egunak arte (Telefona utzi eta): Zer? Zer dut?