Ekaitza - 6

Nortasun haundiko neska da Ioar hau. Mutilak
baino askoz aurrerago dijoa erabaki zorrotzak hartzeko garaian. Lokarri beharra izaten du batzuetan.
Baina, berak esandakora dijoaz denak, azkenean.
–Itsas-ontzi haundi bat ikustera eraman nau lehenik. Liberiako ikurrina zuen. Zer gauza ederra! Donostiako txalupak ikusita, itsasoko berri banekien nere
ustez. Bai, bai!! Gizajo batzuk besterik ez gara.
–Aizak! Itsas-ontzi bat ikusteko deitu al zian Bilbora? esan dio Xabierrek. Lehenik gosaldu behintzat!
–Hi ere latza, gizona! nere modura. Egun guzia
egongo nituan ni jan gabe hura ikusten. Gosaldu,
etxean ere egiten diagu.
Zerbait hartuko duten galdegin diet. Ioar, Patxi eta
Gorkak ardo gorria. Xabierrek ura eskatu du.
–Hori merkeena, esan dio neskak, pipa belarra
ateratzen duela.

–Bizioa besterik ez dira jende hauek! erantzun dio
erdi barrez. Honen amari esan behar, garai batez,
bere alaba gau-erdi aldera mutilekin ardo edaten eta
ikazkina bezala erretzen lasai ibiliko zela! Buruzpide
ona! Goazen, goazen harira; behar ez direnak aterako
dira ta bestela.
–Gizon txiki beltzaran batzuk bakarrik ikusten
ziren portuko lanetan. Haien kopeta iluna! Inun argi
izpi bat somatu ez duten begiak zirela, esango nuke
nik. Bihotza zimurturik gelditu zitzaidan.
–Ioar etorri behar zuen, Ioar, hau ikustera!, bota
ziden aurpegira. Muxarra bezala, beti zokoan sartuta!!! Denondako da on, munduan zer gertatzen den
jakitea.
Hotz zen. Gu biok baizik, inor ez itsas-ertzean.
Iosuneri begiraka ez ziren atertzen gizon txikiak. Atozkit, bihotza!, esan zion batek nunbaiteko doinuarekin.
Grua horren puntan egin nezake biontzat kafi bat,
maitasun zimiko bat zuregandik hartzeagatik. Iosunek
irriño bat egin eta pozik gelditu zen.
Ez al-duzu entzuten, esan zidan gero, langile
hauen intzira hestua? Nor oroitzen da goiztegi hotzetan portuko gizonez? Zortzi egunetik behin jango balute bezain beltz jartzen zizkidan Iosunek gauzak. Zinez,

lan txarra iduritu zitzaidan portukoa. Baina, nekazariak ere baditu egun gogorrak. Bere aita ikusi behar
bisutsarekin mendian; artzainaren bizia edozeinena
bezain latza da neguan. Ez nion hitzik erantzun
–Sinfonia hau guzia zertara heldu zen jakin nahi
diat nik, esan dio Xabierrek.
–Laster ikasiko duk: hi heure lantegian burgesa
haiz; eta ni ere bai. Ez omen zekagu mundu zabaleko
langileriaren berri; eta jakin nahi ere.
–Gu burgesak bagaituk, bera zer ote duk? erantzun dio Xabierrek. Jaio zenetik liburutan ari duk eta
ez ziok aitari soro lanetan inoiz esku bat botatzen.
Bere kideko neskak aspaldi lanean hasiak dituk
herrian. Ez al da hala, Ioar?
–Noski! Ikasten ari da eta ez diot ezer kentzen;
baina, bera da gure lagun guzietan, aitaren kontu bizi
den bakarra. Besteok geure lanetik bizi gara, Xabierrek dioen bezala.
–Eta gure burgeskeria egunoro goizeko zortzietan
lanera joatea izango da, erantzun dio Gorkak. Halakorik!
Patxi ixilik egona da; nik ere ez diet orai arte ezer
haundirik erantzun. Halare, zerbait esatekotan, burges izatea zer den galdetu nahi nuen.

–Beren ustez garbi dago: geure kezkak alde batera utzi eta Andaluzia, Irlanda edo Viet-Nam aldean
gertatzen direnetaz arduratzea. Egin dezakegun lana
galerazi eta ezin dezakegunekin burua berotu ta erretzea, dio Gorkak.
–Andaluzia ez zegok hain irruti. Zergatik ez duk
alderdi hartara joan eta jende haiekin lanean hasten?
esan du Patxik.
–Hangoei bertako problemaz mintzatzea burgesa
izatea bai duk?!
–Zer nahi dute orduan hoiek? galdegin du Ioar-ek.
–Iraultza, indar guziak sakabanatzea da. Egoera
hau berritu ez baino, porrokatu egin behar omen da,
beste bat sortzeko. Bide guziak on omen dira hortarako.
–Orai ikusten diat, esan du Xabierrek. Aisa gaituk
burgesak geure egunoroko izerditik bizi garenok! Lantokiari beharko zioagu su eman eta erraustu, beren
lorategian gure izenak sartzen hasteko. Gero ahoak
josi eta jan gabe bizi!
Talde txiki hau berotzen hasia da. Elizako erlojuan
gauerdi. Elkarren berri jakitea zein beharrezko den
ikusi ondorean, Gorkaren Bilbo-ko harira itzuli dira.

–Eguerdian, esan du berak, Iosune ta bere lagunekin bazkaldu nuen. Iraultzaren atzetik etorriko litzakeen agintariatza, herriarena izan beharko luke.
–Hori, hori gurea! Hi lehendakari ta ni lehenbiziko
ministro! dio irriz Xabierrek.
–Baina, orduan ere norbaitek ari beharko likek portuko lanetan, grua haundien azpian; Eta trenen gidari
gauazko bide itsutan, beste batzuk gustora jarrita joateko. Ala ez diagu trenik behar? Aurreramendu kazkarra izango diagu bestela; Eta beste burubide bat heldu
zaidak bat batean: bide luzetarako ez al diagu ohedun
trenik izango? Eta oherik balin bada nork lo egiteko?
Udateko jende arrotzen zer esanagatik besterik ez izanik ere, Paris-tik Lisboa-ra dijoazenak behintzat bidaliko ditiagu beren bidez. Eta gauza onak izanki geuk
ezin balia? Ala izango dituk herri agintaritza hortan
ere dirudunak!
Gorkaren arrazoibidea amaiturik, Ioar mintzatu
da:
–Agintaritza hortan sartzerik izango dudan ez
dakit. Eta nere ustez herria naiz! Xabier eta Gorka
aurreratu zaizkit behintzat! Bada, ez bada, eta nola
agintzen den ikasten joateko, galdera bat egiteko
gura dut. Nola joan ote zaie iraultza hori aspaldi egin

zuten herriei? Eta agintarien mailara heltzerik ez banu
ere ikasten joateko, bigarren galdemodua: gu baino
hobeki bizi al da han aza jaten duen herri apala?
–Egia esateko, dio Gorkak, garai batez nahiko
beroturik ibilia naiz zuen burubide hauekin; eta hain
zuzen galdegintza beta egin nion udan Iosuneri. Ez
zidan erantzun garbirik eman. Dirutzakerian, kapitalismoan erori omen dira gehienak. Beste zerbait izango
omen litzake, beraz, gure iraultzaren ondorea. Inun ez
bezalakoa; berria.
–Hortan al gara orai? Eta alferrenak buru!!
–Ez; ez da dena hutsune gertatu, moztu du Patxik.
Batean ez bada gauza ondo joan; beste nunbait giro
ona bada. Neri hala esan didate.
–Mintza hadi garbi eta esan nun diren hobekienik
Joan.
–Mao-ren zuzendaritza-pean.
–Eta nola ez dituk kidekoak elkarrekin konpontzen
lehenik?
–Galdera musikala esaten diot nik horri: fistuz hasten zaizkit beti.
Atsaldean, itxura gaiztoko mikrobus txiki urdinean
sartu zirela Iosune ta biak esan du Gorkak. Zaharra
eta zikina iduritu zitzaion. Gidaria, hitz gutxiko gizon

idorra; txapel koipetsua kopeta erdiraino sarturik, portuko gizon txikien anaia iduri.
–Utzi orai alde batera goizeko itzal beltzak, esan
zidan gure herritarrak. Zorion hutseko argi zurian sartuko gera laster. Dirudunen parabisuan...
Zubi bat iragan eta karrika estutan ibili ondorean
kale nagusian sartu gaitu. Bost baizik ez ginen eta
Corte Ingles delakoaren denda aurrean jetxi gara
denok. Eguberri aurreko egunak. Jende asko eta asko
ikus-mira, ikusgarri harrigarri haien inguruan. Ezin zen
urratsik eman. Zorionak, zion euskeraz, argi mota
guzikoekin atal buruko idazkiak. Sartu gara, sartu,
badakizue nor den Iosune! eta han ibili, gora ta behera txakurrak elizan bezala. Nere biziko lotsa pasatu
nuen etxe hartan. Ehun duro ba ote genuen bion
artean!
–Nork esan, hau ikusi ta, goserik badela munduan!
zion gero Iosunek. Aldeko hau da Bizkaia-ko diruetxea; hortaz ere mintza gintezke. Nunahitik begiraturik hori da hiri guziaren gain ageri. Eta itsasirik dagoen etxe zahar hau, berriz, monja etxea; zoaz zer
milloiak eskeinirik egongo den jakitera!
Ilundurik zegoen gu atera orduko. Askoz ere politago dira kale nagusiak gauaz egunaz baino. Pareta

zaharren beltza ez da ikusten eta hari hesi guzien
ordez apaingarri argitsuak ditugu buru gainean. Etxe
garbitu berria bezala da gauaz hiri zikin pozointsuena.
–Nere neurri apalean eginkizun bat bete dut, esan
zidan etxean gure lagunak.
Zer uste duzue egin zuela? Emakume barneko
arropatxo bati bota zion esku eta paparrean sartu.
Hau da han zegoen politena, zioen gero. Aurten eramaten dena.
–Burgeskeria deritzat hain gauza finari, erantzun
diot.
–Emakume kontua! Baina ez dut horregatik egin.
Dirudunei, diru kontuan, behar zaie izurratu. Denek
hori egingo bagenie...
–Arriskua badu.
–Noski! Denda haundi hoietan beste nunahi baino
gehiago. Jende askotxo delarik baliatu behar. (Zorroan eskua sartuaz): Zutaz ere oroitu naiz, esan dit
gero. Ez duzu esku hutsean etxera joan behar! Galtza
pare bat eman nahi zidan.
–Iosune, ez dut oiturarik. Emazkiozu beste norbaiti.
–Ez zara fraile sartu nahian ibiliko!

–Oraikoz behintzat, ez. Baina, ez dut hain gutxirengatik eskurik zikindu nahi. Hartzekotan, behingoan
aberasteko zerbait.
–Aberastu, aberastu! Burgeskeria.
–Hala izango da; baina, ez dut eskurik zikindu
nahi.
–Iraultzan laguntzen ez duena, aurka dago. Zu
bat.
–Berdin zait. Zu zeure bidez eta ni nerean.
–Ipuin batean bezalaxe eraman duk haria, moztu
du Xabierrek.
–Neure begiz ikusiak! Ez diat ezer asmatu.
Ordu biak, eta ez inork etxera joateko solasik aipatzen. Gustora gaude. Jai bezpera da ta beste nunbait
huts egina du norbaitek. Ioar mintzatu da:
–Zer, Xabier? Dantzara joan gabe? Ikus nahi nuke
nola dagon Maider!
–Gaurkoz hala beharko du. Bihar, bihar muturra!
Jaia ota laino. Panorama! maisuak esaten zigun bezala.
Eta Xabierrek berak, handik geroxeago:
–Ezer garbirik aterako dugun ez dakit; baina, gauzak nahasi behintzat egin ditugu. Nik ez nuen uste

Iosune hala zenik. Euskaldun jator bezala agertu
zaigu, gainera, beti.
–Hemen bai! Zein poliki. Zuek ikusi behar zenuten,
erantzun dio Gorkak, nik ikusi dudana. Bizitegian diren
guziak erderaz hizketan. Zer! esan nien sartzean; euskaldunok moda berrian erderaz? Badakik zer erantzun
zidan Iosunek? Orokarrak zirela haiek; unibersalak.
Beren artean aspaldi utzia zutela euskera.
Pizturik jarri da Ioar:
–Hori ere bai? Etorri dadila neregana; nik astinduko dut.
–Harena ikusirik dago.
Laster goizeko hiruak Oherako garaia. Lehen ere
esana didate gau txoriak direla. Ez nuen uste hainbeste.
Harena ikusirik dago, izan ida azken hitza. Hauena
ere bai. Xabier dute taldean begi zorrotzez gauzen
mamira heltzen dena. Ateraldi onik ere badu eta hizbide erraza. Buru ona Ioar, idekia eta gozoa. Emakume izanik, nortasuna badu mutilen aurrean. Epel giroa
sortzen du taldean. Bihotza. Gorka, jatorra da. Denek
maite dute, eta asko lezake. Taldeko harreman guzien
lokarria. Patxik hitz gutxi egin du; zerbait badakiela

ikusi da, baina ez jakin zein aldetara dagoen. Zalantzako pundua.
–Goazen, jendeak, etxera, esan du berak.
Ilargi bete betea kanpoan. Oskarbi. Izotza ari du.
Ez du adierazten goiztegiak gure herriak barne muinetan darabilen ekaitza.

Ikastolara joan nahi ez duten haurren askatasunez
hitz asko egin da azken aldi hontan. Bost urteko haurra joan zitzaion lehengoan, kezka horrekin andereño
bati:
–Andereño! Lanerako gogorik gabe nator.
–Eta zergatik hori!
–Nahigabe haundi bat badut.
–Jakin al nezake nik?
–Ez. Nere gauza da.
–Aaaa! ! !
–Andereño! Ez nago gustora; joan egin nahi
nuke...
–Zure egitekoa hemen egotea da. Joatea erabakitzen baduzu, halare, eskubide osoa daukazu. Joan.
–Agur! bihar arte.
Etxe aurrean txakurrarekin jostetan ikusi du bere
amak. Kalaka bizian dabil bere horrekin. Entzuten gelditu zaio ama:
–Gaixoa! esaten zion animaliari. Asko senditu
nuen atzokoa. Barnean gelditu besterik ez, eta kanpora bidali zintuen aitak. Hotz egingo zuen ba, kanpoan;
Ez zaitu maite; langileen txakurra omen zara zu,
arrunta, ikusiegia; arraza oneko txakur arrotza behar

omen du berak! Hemen ez den bezalakoa... Neretzat,
berriz, su zara politena! (Muturrean musu bat ematen
hasi zaio, eskua milikatzen zion txakurrari).
–Maider!! garraxi egin dio amak. Zer zabiltz hor?
Haurra ikaratu egin da eta txakurra ere begira gelditu dakio. Etxe aurrera aterata, poliki poliki:
–Ikastolatik ihes egin al duzu, maitea? galdetu dio
alabari.
–Ez, ama! Ez da ihes egin behar! Lana egiteko
gogorik ez neukala esan diot andereñori, eta utzi nau
etortzen.
–Eta zergatik hori?
–Txakurrarekin oroitzen nintzen. Egiten zuen
hotzarekin, zergatik bidali zuen aitak kanpora? Nere
laguna da.
–Eta esan al dizkiozu kontutxo guziak lagunari?
–Bai.
–Goazen, beraz, Ikastolara.
Senarra etxera etortzean denen berri eman dio
amak.
–Haurra ikastolatik kanpo? Eta berak nahi zuelako? Halakorik ez genuen egundaino entzun!
–Antzinako irakaskintza zapalgarrian heziak omen
garata! atzeraturik geundela, esan nahi zuen andere-

ñoak. Mundua beste bide batetik omen dijoa eta haurrak biharko munduari jarkitzeko hezi behar; ez atzera begira...
–Eta bitartean, haurrari gogoan jartzen zaion guzia
egiten utzi? Bere buruz hasiko al da matematikak
ikasten? Lanerako nagitasuna berezkoa du gizonak.
Zer daki geroko komeni zaionaren berri?
–Askatasunean hezi behar omen dira haurrak.
–Mendira bota, orduan. Basapistien askatasuna
ikasiko dute.
–Hoiekin guziekin alaba galtzera botako didaten
bildur naizela esan diot gero.
–Etxean omen du gure haurrak bere biziko prolema, erantzun dit berak. Prolema hitza maite du gure
andereñoak.
–Gure etxean prolema? Nahi duen guzia badu,
berari begira bizi gera zu ta biok. Zer prolema modu
ikusten du emakumeño horrek?
–Gehiegizko erraztasunena. Etxean ez duen laguna herriko haurretan beharko omen luke arkitu. Ez
beti berari begira bizi eta aldian behin ekintza gaietara bultzarazi.
–Nun da beraz askatasunaren neurria? Zer moda
berri dakarkigu?

–Burgesia korronpitu baten burubide ustelak
omen ditugu; hala esan dio aldeko kontxesi-ri.
Etxekoandrea beti erderaz mintzo da senarrarekin. Haurrari egiten diote han entzuten den euskera
pixka. Eta hori, euskera gauzak ongi ikusiak direlako;
ez bihotzetik ateratzen zaien zer bat bezala.
–Neri kasu egin bazenit, esan du emazteak, gure
haurrak ez zuen ikastolan ankarik sartuko. Badira
gure mailako ikastetxe onak! Bost urte baizik ez du
haurrak; ez da berandu... eta gero:
Euskera baino, ingles ikasi balu!
–Askotan entzuna dizut; ikasiko du ingles eta frantzes ere bai.
Artzainen alaba da aberats berri hura. Senarra
berriz ez da euskaldunen semea. Txikitatik ikasia du,
hori bai, euskera eta nahi luke bere alabari erakustea.
–Gaurkoa behintzat, txakurragatik izan da, dio
etxekoandreak; haurrak maite du eta bardakoa oso
barne sartu zaio. Ikusi behar zenuen zer gauzak esaten zizkion! Kupigarri zen. Ez da halako anaiarik...
–Txakurra; beti txakurra. Hori baino egokiago bat
ekarriko diot.
–, ez du honekilako harremanik izango.
–Haurrak denetara jartzen dira.

–Ez dakit zer duzun txakur gizajo horrekin. Hobeagorik gostako zaizu...
–Badakit; onez, oso ona da. Etxea zaintzen du, ez
du lanik ematen eta, auto hotsa senditu orduko, ezagutu eta bidera ateratzen zait. Baina, ez da guretako
egiten dena; nornahi etorri ta, artzai txakur bat
etxean!
–Zertako dira txakurrak!
–Badakit zer esan nahi duzun, dio nagusiak; baina,
arraza oneko txakur arrotz batek asko jazten du jabea.
–Jantzi, bai jantzi! eta alabaren minak axola gutxi.
–Zuk hainbat maite dut nik alaba. Horrexegatik,
hobeago zerbait nahi dut beretzat. Ez diogu, gainera,
hori kenduko; orai arte bezala jatera emango zaio.
–, etxetik kanpo; hortxe, atarian, ahurrak
gehiago sofritzeko. Txakurtegi egokia egina diogu ta...
Amaren hitzekin batera, Maider ikastolatik. Bere
lagunaren atzetik joan zaizkio begiak. Txakurra lo
dago eta ez da konturatzen. Begira, begira egon da
eta, azkenean:
–Gaixoa lo dago, esan du. Bart gaueko hotzarekin
ez bait zuen begirik itxiko! Nere lagunarendako ez da
gure etxean lekurik.
–Maider!! Uuu!, egin dio aitak barnetik.

Txakurra esnatu da eta joan zaio ondora. Biak dijoaz etxe aldera. Txakurra kanpoan gelditu eta Maider
sartu da.
–Aitatxo esan dio orduan alabak. Ikusi zure
eskuak!
–Eskuak erakutsi dizkio eta haurrak bere txikiekin
perekatzen zizkion.
–Aita; eta zure eskuak latzak al dira?
–Ez dakit zer den hori! Zergatik galdetzen duzu?
–Andereñok esan du esku latzena dela mundua.
Bazkal garaian ez da mahaian garrantzizko zer
haundirik ibili, haurra denekin konturatzen hasia zela
jakinik. Maider da gehienik mintzatu. Jale txarra da eta
ez zuen okelarik nahi.
–Ez baduzu jaten, ez zara haundituko, esan dio
amak.
–Eta haunditzen naizenean erderaz mintzatuko al
naiz?
–Erderaz!
–Bai; haundiak bezela. Neri bakarrik egiten didazue euskeraz. Txikia naiz eta...
Atsaldea besterik gabe joan da. Iluntzean bere
auto gorri haundian badator nagusia. Hotsera beti
bezala mugitu da txakurra; baina ez da bidera atera.

Zerbaiten susmoa badu. Batzuen eritzian, gure hitz
guziak ulertzen dituzte txakurrek. Txakur txiki, mutur
itsusi karmañol bat atera zuen autotik. Bere aurreko
guzien agiria eman diote, konde ala printze odoleko
haurtxoa izan balitz bezala. Ipar aldeko txakur kasta
omen da.
Sukaldearen erdian utzi eta ez zen zuti egoteko
gauza. Belarri haundiak, izarak bezala lurrean arrastaka, ezin zen irririk gabe egon emaztea. Zoaz zer gostaia zukeen errekeitu hura!
Artzain txakurra, bitartean, desasosegu haundian
zen. Ikusi du autotik jetxi eta etxean sartzen. Haren
samina! Etxe hartako atariak beti itxirik egon dira
beretzat. Burua apal, eta begiratze ilun batekin sarrera inguruan dabil gizajoa.
–Begira, Maider! Aitak zer ekarri dizun!
Neskattoa bildurrez bezala begira gelditu da. Eta
gero:
–Jaten al du, haundiak bezala.
–Bai, bai.
–Ikusi ere bai? Nun ditu begiak?
–Belarrien azpian gordeta.
–Ez da polita.

–Oso polita da, Maider! Diru asko balio du eta zure
laguna izan nahi du.
–Hori zuretzat, eta ni haundiarekin geldituko naiz.
Besterik gabe, bere lagunarengana atera da haurra. Atal mugan gelditu zaio hura, sartzeko bildurrez.
Lepotik hartuta sarrarazi du txikiak. Sukaldeko atarian
ezin egonaren pasioz hozkara sartu zaio txakur berriari. Ez du ikutzen lanik izan: ostiko latzez bota du nagusiak atzera. Ai! hestuarekn erantzun du.
Behatz txikiei hozka eginez, harriturik gelditu da
Maider. Negarrari eman dio gero. Amak ez du ezer
esan. Txakurrak itzulia eman eta muturrarekin lurra
jotzen duela atera da etxetik. Ez du urrats bat bestea
baino arinago ematen; astiro, ezertarako pozbiderik
gabe joan da jauregiko aurrean dagoen lorategitik.
Karrabidea hartu du gero, eta pixka pixka galdu.
Maider atera da lehenik eta ttattolan ez zegoen
txakurrik. Lau bost aldiz hotsegin dio; inun erantzunik
ez. Txakurrak ez du entzun, edo bestela ez dio erantzun nahi izan. Hotsetara ama atera delarik «Txutxo»
oso irruti zegoen.
–Gizajoa! esan du amak; ihes dijoa. Berriz bizitzen
hasi behar eta esker txarrak beti. Ez zuen hori merezi! Zer bizi txakurra, txakur honen bizia!

«Txutxo» bideberri nagusira heltzean, barneko
mundu beltzean husturik zegoen-eta, ez du beste
orduz bezala aldetara begiratu. Kamioi luze baten ikutuak lehertu du.

Bide baztarrean gelditu da artzain txakurraren
gorputza. Ez du inork jaso, lurpean sartu; balio gabeko gauzak bezala estali du neguko gau ilunak. Bere
bidez jarraitu du, horregatik, munduak: beribillak argi
ederrekin, prisaka; kamioi haundi txakur-hiltzaleak,
bat bestearen atzetik hotsa eta ke beltza dariotela.
Bihotz gabeko mundua; gozotasun gutxiko bizia.
Ona zen, esan du nagusiak. Baina, ez zen guretako egiten zena. Txakur arrotz itxura gaiztoko batek
beteko du etxekoaren zuloa. Zer daki horrek ardien
berri, ez mendiko biderik! Otso denborako borroka eta
bizirik gordetako ardi galduak ipuin zaharrak dira.
Nunbaiteko aita-ama erromesen agiriak gehiago balio
du, bitxikeria bezala lagunei erakusteko. Alferra da
eta ez du ezer egingo, era horrexegatik hezurren orde
haragi gozoa emango dio. Haur txiki bat bezalaxe,
egunoro dutxatu eta izara txuriz txukatuko dute.
Gero, hede luze batekin lepotik hartu eta berekin
atera. Besteak ez dutena erakusteagatik bakarrik.
Txakur on batek etxea jazten bait du, eta nagusia ohoratzen.
Etxekoandreak bihotzez senditu du txakurrarena.
Joan-etorri guzitan laguntzen zuen eta, garbia zen

urrea bezala. Inork jakin gabe, okel guriak ematen
hasia zen. Lasai zegoen etxean, txakurra beti han zela
jakinik. Denetaz adierazten zion. Gauza bat zuen txarra: merke hartua. Eta bestea, hori bezain txarra: bertakoa izatea. Geuria.
Haurtxoari ez diote gertatua esan. Berriz itzuliko
delakoan dago aingerutxoa. Ez daki munduko maltzurkeriaren berri. Ona izatea hainbat hartzen ez duen
mundua; azalkeria hutsekoa.
Aldaketa haundi bat gertatzen ari da gure egunetan. Mendez mende, eta milaka urtez idatzitako liburu
mardularen azkeneko orria da artzain txakurraren
heriotza. Herri jakintza aberatsa galtzen goaz eta sentipen sakonak hustutzen.
Gure herria ez du inork hilko; baina, utzikeria eta
ez-axolaren barne minez, bere burua urka lezake.