Ekaitza - 3
baten joera motza ikusten da jokabide hontan Duela
berrogei ta hamar urte nekaritzatik bizi zen erriko jendea. Oletako langile bakarrak oinez joaten ziren, zortzi hamar kilometroan zegoen lantegira. Oso aberatsak bakarrik zuten orduan beribilla. Beren izen eta
haundikeria guziekin aipatzen dira, orai bertan ere,
lehenbiziko autoak Nafarroan erosi zituzten gizonak.
Aho zabalik gelditzen zen herriko jendea erremendu
haiei begira.
Bi txirrikako ahuntza den bizikeleta sartu zen lehenik Udargin. Eta zorionekoa erosi zezakeana. Indar
haundia hartu zuen; herri txikienetan ere bazen tresna ahul honen errementaria. Ongi joan zitzaien une
batzuetan. Goma erre bat izaten zen orduan, eta baztarretik arrailtzen zen azala, errotaren inguru guzian.
Gutxi irauten zuten eta asko zulatzen. Berriz hasia da,
adar haundiagoekin, erdi hila zen tresna honen hazia
ugaritzen.
Ankekin lagundu beharrik ez zuen zaldioa etorri
zen gero. Baziren errota txikiko motorrak eta haundiak, gure herriko gazte guzien amesgarri. Etxe gehienetan bazen. Hamar-hamabi urteko erregetza izan da
motorrena herritan. Hasieran zaharrarekin balin bada
ere, lau zangoren gainean ibili nahi du gizonak. Goi
maila., Inguruko aberatsek egazki bana ekartzen ez
duten bitartean, beren abiona alegia, beribilla izango
da herri xehearen helburua. Txikiak, ordea, haundia
eskatzen du; eta igazkoak, azken atera berria. Hori da
saltzaileak erein nahi duen kezka, eta sosa iresteko
gose amorratua duen zizare-soka.
Bitartean, bideak ez dira hainbeste autorendako
eginak. Goizeko ordubiak, beste alde garai txarra da
festatik etortzeko, eta dantza-gelatik zetozen kaskari-
nen auto txikia ez zapaltzeagatik jo dute gaur, aurrezaurre, bi kamioiek. Festa, dantza ta bizi nahia; astelehena, pozoin lurruna, heriotza... goizeko ordu bietan
elkarrekin oztopoka.
Hori bai; axaletik gauzak ikusita, Udargi-n auto
asko da eta oso onak. Etxe faltan, zeru sapai izardunak. Uda gozoa.
Denbora berritako lasterka eta ezin egon guziak
baztartu ez dituzten gauzak badira bizian. Piper poto
eta untzi zaharrekin jeiki dira, argitu orduko, Udargiko
haurrak. Zulo txiki batzuk egin zolatik eta lorraki luzea
ezartzen diote goiko ertzean. San Joan bezpera da ta
atsaldean sua eramateko prestatzen ari dira, ihaz
bezala, eta zaharrenak diotenez, herrian beti ezagutu
den eran. San Joan festaren ikurrina sua da.
Ilun nabarrean hasten dira ezkilak jotzen elizan
eta gauerdi arte ariko dira. Mutilak berak astintzen
dituzte, gauza haundia bezala, San Joanen poza adierazi nahi duten burnizko mihiak. Txiki eta haundi,
anken gainean egoteko on den guziak egiten du gau
hontan suaren legea. Eta haur txikiak ere bai, amaren
altzoan.
Eskolako mutil koskorrendako luzeegia da egun
guziko epea, eta bazkaldu orduko hasten dira pototan
sua biltzen. Garai bateko ubal-harria bezala dute
besoarekin itzulikatzen. Sua ez hiltzeko, noski. Beste
batzuk basora joanak izango dira egurra eske.
Ihazko belar bedeinkatuekin piztu du edozein
amatxik lehenbiziko sua. Frango argi da oraindik, eta
arto jorratik denbora baino lehen heldu dira, ezkilen-
gatik, gizonak etxerak Nunbait sakristauak ez du guk
hainbat lan arto jorran, esan du nagusi zaharrak. Ongi
bete dugu eguna, erantzun dio ilobak. –Bai; bazen
gehiagorendako tare. –Bai, noski mutil ona! Gu joanda ere beti izango da lana.
Amonen sua, su txikia izaten da; belar bedeinkatuena. Arrisku gutxiko gauza. Beren neurrikoa. Baina,
ez du utziko bizi den bitartean; besterik ezin badu,
gona luzearen ertza pasatuko du, anka punta agiri
duela, suaren gainean. Hiru aldiz bera, eta beste hiruz
iloba txikia. Inguruko jendeak, halare, ez dio gauzak
nahi bezala egiten uzten. Beste atari batzutara joan
delarik jendea, ondar pindarrekin trebe da bera, eta
orduantxe dizkio sarna guzien kontrako kemenak biltzen, erdi hila den suari. San Joan gaua, gau haundia
eta indarrez betia.
Mutilen suak belar gutxi eta egur asko izaten du.
Lanik aski ibiltzen dute aurreko egunetan sugaia biltzen. Gurdi zahar eta alki baldar, berdin mahai eta
oheak elkarren gaineka metatzen dira, ihaz baino
gutxiago behintzat ez izan nahian. Garraren muga,
inguruko etxe teilatutan dago. Keiarena, zeruan;
baina hori ez da kondatzen. Garrak du balio.
Suaren haundien haundienean han sartzea da
koxka. Egur meta erortzen hasi arte ezin da gaintik
jauzi egin: goregi. Gero ere, garrak estaltzen du gizona eta aho zabalik gelditzen dira, une batez, begiraleak. Behin baino gehiagotan gertatu da aurrez aurre
bi, mutilek suaren erdian elkar jotzea ere: bekain
ertza ideki bat gora behera erredurak du orduan lanik
haundiena ematen. Norbaitek bizia galdu duenik ez
dut inoiz entzuna.
Azken une hauetan, kamioi zaharren txirrika
gomak erretzen hasia da jendea. Zahar berritzeko sua
balin bazen uda sarrerakoa, ez da gaizki goma zaharrak erretzea. Belartegitako ondar zaharrak, eta oraiko goma azalak, bi garaitako errebusak ohitura beraren iraupenean. Argi baino ilundura gehiago banatzen
du erremendu hoien salda egoskorrak. Beltza zelakoan gaua, beltzaren itzala dirudi zerua jotzen duen
kedar abeak. Zer gauza itsusia!
Harri txabal bat ezartzen zuten gure aurreko zaharrek su hilaren gainean, eta han, aizturrak eta orraxia.
Biharamonean San Juanen buruko txumeak egon ohi
omen ziren, txoriak pika mukian bezala arrapatuak.
Burnizko hariz borobildutako koroi osoa jaso lezake
gaur, txirrika beltzen arima ikustera joan nahi duenak.
Aurreramenduak. Makurrena, nunbaiteko emakume
baten elizako liburuan ezin sartua izango litzake. Ez
da, beraz, elizkoia. Deabrurena ote?
Iruzkiaren erregetza da uda denbora; eguna luze
bere itzulia geldiki, patxadan, ematen joateko. Beroa
dakar, edo ekarri beharko luke behintzat, iruzkiarekin
udak; eta beroarekin uzta. Ondasun guzien iturri izan
da antzinako gizonarentzat iruzkia. Ekaineko festak
egin izan zaizkio urteko egunik luzeenetan; eta neguko ekialdean, berritzera dijoan urte berriari, ongi etorria. Gertakizun hontatik du San Joan egunak bere iturria.
Suak garrantzi haundia zuen antzinako denboretan eta festa buru gehienetan erabili ohi zen. Grezia
aldean su bizkor batekin ospatzen zen ardantzetako
Bako-ren jaia. Lastargiekin ateratzen ziren erromatarrak uztako garien festan. Zeres, ama nahigabetatuaren oroigarritzat zeukaten, alaba Proserpinaren bilan
erreak bai zituen harek bereak. Palas-en jaialditan
hiru jauzi egin ohi zuten agotzarekin egindako suaren
gainean. Servio Tulio, Erromako agintari nagusiak, Italiako hiritan ereintza aroan jai egun bat egitea agindua zuen, eta agotz metarekin sua egin behar zuten.
Ez dakigu San Joan sua noiztik datorkion Euskal
Herriari. Oso zaharra izan liteke, eta berdin erromatarrek ekarria. Baina, gau erdiko suen ohitura bazen
aspaldi gure artean. Estrabon eta beste historigile
batzuk diotenez, ilargi egunetan inguratzen ziren
gauaz dantzatzera. Udaberriko ilargi berrian izan zitekeen, berez; eta berdin ekaineko jai buruan.
Erromatarrak, gainera, sua elizan sartua zuten.
Hiltzen utzi gabe iraunarazteko, Vesta-ren aldare
aurrean esate baterako, zuriz jantzitako neskatxa gazteak baziren. Ohore haundikotzat zeukaten eginkizun
han. Agintaritzaren iraupena adierazten zuen, Vestaren elizan beti pizturik zegoen garrak.
Gauzen iturrira joko bagenu, askoz zaharrago den
beste ohitura baten ondorea baizik ez dela esan
beharko genuke, erromatarrena. Herrialde askotako
joera izan da, arbasoen oroigarri bezala, etxean beti
argia pizturik eukitzea. Hildakoen argi, eta familia
guziaren lokarri. Heriotzak ez zuen irensten arima.
Gorputz hautsian ez zegokoena, sularda inguruan
uste zuten. Etxea, bizitegi eta eliza izan ohi zen. Lanbideagatik, ala biziak eraginda etxetik alde egin behar
izaten zuen gazteak, pizturik zeraman berekin sortetxeko sua. Bere odoleko bizien eta hilen batasun
iraunkorrean sartua eta txertatua zegoelako agiria
zen.
San Joan bezperako suari gorputzeko gaitzak sendatzeko indar berexia omen dario. Ezkabia, hatza eta
larru azaleko gaitzak, sarna fuera esatean lekutuak
dira.
Sua garbitzale da. Kabalak bordaz aldatu aurretik,
pertz ala beste edozein untzitan sua hartuta, hutsik
egon den barneari itzulia ematen saio. Berdin, gero,
kanpoko paretei. Gaitz, mamutza eta sorginkeria
guzietatik garbitzen omen du suak. Oilarrak ordua
baino lehen jotzen badu, sorginak etxe inguruan dabiltzelako omen da eta, hiru gatz bikor suari botatzera
jeiki behar. Horrek hausten omen du sorginkeria. Sagu
bat erori den bakoitzean suan pasatu ta jartzen da
artea; bestela ez dira joaten saguak. Artaldetik otsoa
lekutzeko sua bezalakorik ez dela diote artzainek;
azkonarrak eta basurdeak kalterik ez egiteko ere sua
piztu ohi dute arto alorretan nekazariek.
Belar gaizto ta ekaitz beltzak kentzeko ere balio
du, nunbait suak. San Joan bezperako ilitiak sutan hartuta, lau bost aldetara botatzen zituzten baserritarrak
ezagutu ditut; soro ala larre bakoitzari berea. Gauerdi
garaian elkarrekin inguratuta, beste egitekorik gabe
joaten ziren euren garitara emakumeak: orai artean
belar ta hemendik aurrera gari! jakinarazten zioten
burutzeko zegoen gari alorrari. San Joan gaueko miraria.
Su printzak hauts azpian gordetzen ditu amatxi
xaharrak, ez dadin hil gauaz, eta ez heda. Bestela,
nola erre bat-bateko sorginen gatz bikorrak! Etxearen
arima sua omen da...
Suaren gauzetan beroturik zebilen nere burua,
esneketariaren burrunba senditzean. Nun da otsoa, ta
azkonarra? Nun, San Joan bezperako ezkilak? Zer egin
da mutilen garra haundiko sua? Ohe gainean nago,
estalki guziak lurrean. Haize hegoa dabil kanpoan.
Ametsetan berritu dut, noizbait entzundako guzia.
Goizeko seiak.
Nere haurtzaroan etxean ezagututakoak nituen
bagien aurrean: beti pizturik egoten zen purgatorioko
animen argia, erdiraino urez betetako edontzi kristalezkoan. Paperezko sugaia olioaren gainean, itsas
untzi bat bezain gauza ikusgarria izaten zen neretzat.
Neguan, batez ere, eulitxak erortzen ziren hegoak
erreta. Ikutzen hasten nintzen orduko hila zen errekeitua. Onaren aurpegiarekin amatxo, esaten nion, hila
da Jesusitoren argia. Zure anaia txikiaren lana izango
da, esaten zidan berak. Gero, lan guziak utzi eta piztu
egiten zuen berak. Amatxo hiltzean galdu zen gure
etxean argia pizturik eukitzeko ohitura. Txiki denborako Jesusen Bihotzaren gela ikusten nuen gaur ametsetan. Errainuarekin dantzan zebiltzen mahai eta alki
guzien egurrak; batzutan erdi hila, argi oriz betetzen
zuen noiznahi barnea.
Leihora atera naiz eta animarik ez zen kanpoan.
Esneketariarengana etorri direnen mintzoak ixilduak.
«Txutxo» esne arrasto batzuk lurrean milikatzen. Auto
hotsa irrutian. Egun berria.
Aspaldiko urtetan ez da maatz arbolarik ezartzen
herrian. Gau bateko lana berekin zuen txara menditik
lorrean ekartzeak. Idi pare hoberenak behar izaten
ziren-eta, zortzi hamar txintxarriko larru uztaiak jazten zizkieten, lepoan. Bidean galtzen zueri azala eta
legun leguna gelditzen zen egurra. Katagorria bezain
biguina izan behar zuen goraino igo nahi zuena.
Garai bateko lizarrak ere galdu dira. Etxe inguru
guziak betetzen ziren hostajez, eta irak botatzen
lurrean. Urteko festarik alaiena bezala jotzen zuten
San Joan eguna. Senargaien kontu zen maitearen etxe
aurrea jaztea; eta neskatxa askoren loa, urteko arinena. Leiho zirritu gehienak begiz josiak izaten ziren goiz
aldera. Gero, egunaz, esames haundiak baztarretan,
Maitale askoren lehenbiziko agerpena. Hori ere, abantxu galdua.
Elorri txuria ozpingarri ta oinaztura guzien babesgarri bezala ezartzen dute etxetan. Iruzkia atera
aurretik bildu behar izaten da eta, goizean goiz, josi
atal buruan. Egurrezko gurutze txikiak ere ikusten dira
bordetan. Berdinn laurel-orri bedeinkatu eta iruzki
belarrak.
Hobekienik gorde zaiguna, belar onen bedeinkazioa da. Elizkizunarengatik izan liteke. Gaitz askoren
sendagarri, goiko ganbaran edo egatz azpian egoten
dira urte guzian. Behien erro-sagar mina, nahiz txerrien gernu-oinazea dela, San Joan belarrak egosten
dira. Eta besterik ez bada, bigarren urtean sua pizteko erabiltzen.
Urteko egunik luzeena dela-ta, hau esaten da gure
herrian: etxe guzitan ahuntzak baziren garai batez.
Ahuntzak gastu gutxi du eta laguntza ona. Gose asko
arindu du ahuntzak munduan. Goizeko zazpitan eramaten zituen ahuntzainak basora eta ilun nabarrean
ekarri.
San Joan eguna seinale, iturri ondoan inguratu
omen ziren, oso goizik, emakume bi. Ari dira biak ges-
tora hizketan eta, halako batez: «Tuuuu!!!», ahuntzainaren deia.
–Oi! Eta nik ahuntzak deizteko...
Ahal zuen bezala, tarrapatan, ahuntz hoiek prestatu ditu eta badaramazki lasterka herritik aurrera:
–Eee! Zuuu! Ahuntzaina! !, garrasika. Espeatzeko!
Banihuala!
Azkenean entzun dio. Pixka bat egon eta hartu dizkio ahuntzak.
Berriz iturri ondoan, beste emakume batekin topo.
Hasi dira, hasi, hizketan, eta gustora ari ere, ezin
sinesturikako zorion goxoan.
Ordua joan eta ordua etorri, iruzkia gain behera
eta, biak han goizean bezain fresko kalakan. Noizbait,
konortatuz bezala:
–Neska! Ahuntzak heldu ditun! esaten dio batek
besteari.
–Hago ixilik! Atsaldeko zazpiak ote ditun! Bai,
eta... ahuntzak!
–Adizan: gaurkoa joan dun, baina eguna luzeren
luzeena den garaian egin behar dinagu beste bat
halakoa.
Udargi-n deiak euskeraz egiten ditu herriko-mutilak. Aspaldiko ohitura zaharra, hiru tutu aldirekin adierazten da agintarien oharra; arrain saltzale eta galdutako gauzen berri, birekin. Behin baino gehiagotan
manetofoian hartzeko eskatua didate. Irrutian hirukoa
entzun eta, Madrileko gizonaz oroitu naiz. Gure etxe
ingurura etorri orduko prest-presta nuen nere erremendua. Geldi, astiro, ohean daudenei leihora ateratzeko denbora ematen duela, soinu-adarraren hiru
deiak lehenik. Goizeko bederatziak:
Beko-basuen txerri gaitza dagola! Hogei ta
lau ordu baino lehen azienda guzia erretiratzeko eta txakurrei etxetik ateratzen ez
uzteko. Agindu hau betetzen ez duenari
gerta laikenaren kontu eskatuko zaiola!!!
Txerri hazitzeari eman dio, azken urte hauetan,
jendeak. Beiak baino Jan gutxiago du eta irabazbide
hobea. Arriskua ere, ez hain haundia. Soldata batetik
bizi denarentzat laguntza ona da txerriak dakarrena.
Gaurko erabakiak itzal beltza sartuko du baztarretan.
Gehienek beren etxetan dauzkate txerritegiak eta
bi ilabetetan saldu ohi dituzte. Hori da dirurik garbiena. Hortik aurrera gastu haundia dute egunen. Basora
botatzen dituztenak hiru lau famili baizik ez dira;
baina, denendako itxiko da orai plaza. Aztopo haundia.
Biramonean, jatzi txuriekin ikusi ditut gizonak.
Auto itxi batekin joan etorrika dabiltz? Berrogei buru
jo dute etxe batean, eta erre. Gehiago galdu duena
ere izan behar du herrian. Urteko irabazia pikutan.
Ondoko egunetan ez da beste berri txarrik entzun.
Goiz eguerdi guziz botikekin zuritutako urez mainatzen dute hildako txerrien etxe ingurua. Ankatakotan
zabaldu omen liteke izurra. Afrikako txerri gaitza esaten zaio; baina, aurte behintzat ez da Afrikatik etorri;
gertuago dira gaitzaren iturriak. Denek badakite eta
urtero berritzen da. Gauzak.
Gaitza nundik datorren jakinik, aurrez kentzea ez
ote zen hobe? Saguak eta azeriak ere lotuko al dituzte? Eta euliak zer? «Txutxo-ren» bat edo beste bada,
jaberik gabe, munduan; nun lotu eta nork erantzun
egin dezaketen kalteaz?
Hain zuzen, bidez bide jeisten ikusi nuen askaturik
zebilen txakur bakarra: «Txutxo» nere adiskidea. Ez
nekien, baso guzia beretako zuelako pozik zegoen, ala
ez. Bere lagun guziak baino hobeki zegoela iduritzen
zitzaidan, barne askotako txakur negarrak entzun
kanpo bizitzeak ere, noizean behin, bere
alderdi ona ba du, esan nuen nerkilako. Zuhaitz ondo,
belar eta bideko auto guzien txirrikak usaituz zijoan.
Harrituta bezala, ez zuen bururik itzultzen: zahar
gazte guzien arraztina galdua. Txakurrik ez herrian.
Lurra gorriturik eta harria jana zen bideberri ondora ailegatu ta, burua sartzeko moduko zuloak ikustean, haruntz dijoa. Kamioien pozoin urak egina. Usaitu ta, urrats bieko jauzia egin du atzeraka. Sudurrak
minberatu dizkio. Ez da halako txakur usainik munduan; gizon zikinen gauzak, dio berak.
Bertantxe zegoen STOP baten burnizko tentekari,
esaten ez den gauza bat eginik, asarre antzean sartu
da bideberri baztarreko erreka zuloan. Delako usain
txarra han ere. Zer debrukeria da! Nungo urde ustelak
ote du hain gernu bizia? Ez nuke berarekin etzan
nahi...
Bideberria pasatzea arrisku haundiko gauza da;
atertu gabe datoz autoak. Bi edo hirutan abiatu ondorean, azkenean joan da. Ez du lehenbiziko aldia; kotxe
txikiei bildur gehiago die kamioi haundiei baino, eta
hori biziak erakutsi dio. Nik uste hotsetik antza ematen dion. Irrutixeago zetorren kamioiak nahiko denbora utziagatik burrunba itsusiko marruma atera du.
«Txutxo» ikaratu egin da eta lasterrari eman. Gaizki
aurreratu nahi zion norbaitendako zela uste dut.
Alde batetik lagunik ez, eta gibela murtxikatzen
duen usain bizia aski ez dela, bideberria eta fabrikak.
Ez da txerri gaitza ta lepoko soka beharrik lokarritan
sartzeko bizia; nahiko sartua da.
Beheko basorra joaten hasi da. Txerri gaitza badela esango nion; tiroz botako dutela... Hala bizi baino
hobe lukeela hilik, erantzungo zidan bildurrez, utzi
egin diot joaten. Haritz azpi gehienak autoz eta, kolore guzitako oihal-txabolez beteak dira. Bidez bide jo
du berak; bide baztarreko belar ertzetik. Bi neska
mutil datozkio, aurrez aurre, gerritik harturik. Elkarri
begiratuta, aingeru irriño batekin itxi ditu begiak neskak, maitasun hutsezko musuaren epela ezpainetan
hartzen duela. Garai batez estali egiten ziren muxarrak bezala, pentsatu du txakurrak. Eta azkenean zer?
Ez al da amodioa jainkoen janaria! Pixka bat geldirik
egon ondorean, burua apaldu eta baztartu egin da
txakurra. Ez du muga gabeko zeru garbian itzala izan
nahi. Gazteak ez dira konturatu ere.
Irak lerden datoz elorri txurien inguruan. Zoragarri
da basoari kima guzitatik datorkion bizi berriaren aberastasun ugaria. Berde da pagadia eta, berde samin,
behereko gaztain ta harizdia. Bere hezurren jabe ez
dela dabilen txakurrak, halako itzal luze bat darama
belar guzien gainean arrastaka; bakardadea. Zeruko
ihintza dario, bere barnean, maitale bien irudi baketsuak. Usapalak datozkio gogora. Beretako ez bada
ere, poztu egin da zorion izpiren bat bazela ikustean.
Artalde baten joale hotsak. Ez du iduri oso urruti
dagoenik. Burua jaso eta adi-belarri gelditu da Txutxo.
Ez du ezer ikusi, bainan sumatu bai zerbait. Txakur
bat ikusi du gero, aspaldiko partez. Bere biziko poza
hartu du.
Txutxok ez dakiena, zer lagun ospetsua duen
hura! Artzain txakur txapelketan buru gelditua.
«Txiki», anaia balu bezala maite du bere nagusi gazteak. Egunkariak asko goratu zuten txakurraren lana.
Argazki ederrik ere eman zuten, ahoa zabalik, bere
nagusiaren anketan jarririk.
Urrutira dute elkar ikusi. Begiratu bana bota eta
gelditu dira. Oraikoz ezin!, iduri esan diola ardiekin
dabilenak. Izan ere, lana badu orai: bidetik baztartu
behar du artaldea. Gero, beharbada...
Udargin basoa saldua da eta egun hauetan ateratzen ari dira. Kamioi ori haundiak dabiltz egurketan.
Bide ona dute ta ez dira beti geldi ibiltzen. 'Txiki' ahalegindu da bere lana ongi egiten; baztartu du bidetik
artaldea eta, dudan gelditu da lagunarengana joan ala
ez joan. Azkenean, erabaki du; bainan berandu. Abiada bizian zetorren kamioiak lehertu du.
Buztanari eraginez deia egiten zion Txutxok eta ez
zuen halakorik uste. Zaparretatik aurrera joan da
negarrez. Lagunaren odolak hortzak erretzen dizkio
dardara bizian. Zertako hotsegin ote dion, galdetzen
dio bere buruari. Berriz ere bakarrik basoan.
Itsu mutura sartu da baso barnean eta, ia muturrez jo du haur txiki bati baztartu zaion pilota arina.
–Aita, aita! esan du haurrak. Txakurra!
Gurasoak ikaratu egin dira haren itxura txarra
ikustean, eta ez joateko agindu diote. Itzuli egin da
«Txutxo» baina, esan ezin duen zerbait ikusi du haur
txikiaren begitan. Ez da ikaratu aita amak bezala eta
begira-begira gelditu da. Pilota utzi eta joaten hasi ere
bai.
–Atoz, atoz; ez joan! esan dio aitak. Gaiztoa da eta
hozka egingo dizu.
Bihotz ondoko txarra sartu dio «Txutxori» aitaren
esanak. Txikiari bildurra sartzeagatik esan duela
badaki; eta halare ezin du irentsi. Berak ez dio inori
kalterik egin. Bakarrik gelditu bada munduan, hortan
ez du hobenik.
Haurtxoa pilota hartzera itzuli da lehenik, eta
gero:
–Aitatxo; gosea daukalako egiten al du hozka?
–Goseak amurraturik dago.
–Jatera eman behar diot, orduan! erantzun dio txikiak.
–Ez da gurea; eman dezaiola nagusiak. Hortarako
dauka.
–Neri nahigabe haundia ematen dit eta ogia eman
behar diot.
–Entzuten duzu, Iasone? Bihotz oneko seme bat...
–Arrazoi du mutikoak. Zortzi eguneko gosea gainean darama.
Txakurraren barnea kilika gorrian jarri da, ahoan
ura egiten hasi zaio eta buztana ezin daukake geldirik.
Aspaldiko partez zertxoren bat janen du... haurrari
esker.
Txorizo azal, ahurraren bi zerrendaño ikutu gabe,
ogi zuri gozoa eta bazkal aurreko beste hondarrak
eman dizkiote paper puska batean inguratuta.
–Aita, begira zoin gustora jaten duen!
Hala, hondarrak garbitzen lan gutxiago...
Hezur asko eman diote gero. Gorkak ez du behar
duenik jan; beti txakurrar begira egon da. Ixilean,
ahora ereman beharrean. «Txutxo-rendako» zituen
haragi puska hoberenak.
Haurra, esan dio amak; jan ala irentsi egin duzu
okela? Bizkarrari eragin dio berak. Amak zer aurpegi
jartzen zion ikusteko, burua jaso egin du txakurrak.
Buztanari eragin, eta jaten jarraitu du. Bada jende
onik munduan, pentsatu du gure «Txutxok».
Bazkal ondoan lo kuluxka egin du nagusiak. Ama
ontziak gerbitzen ari zen bitartean txakurrarekin jostetan hasi da Gorka:
Nik pilota botako diat, esaten zion haurrak; eta hik
gelditu, portero bahintz bezala.
Bi besoak batean jasota bultzatzen zuen «Txutxok» pilota. Irrutira eramaten zion eta berriz itzultzen.
–Hala ez! esaten Zion txikiak. Hi bakarrik jostatzen
haiz eta ni batere ez! Biok ibili behar diagu...
Nekatu ta jarri egin da Gorka. Ora ez diat ibili nahi;
jostatu hadi bakarrik... nahi balin baduk.
Pilota utzi eta mutikoarengana dator txakurra.
Elkarren ondoan daude biak aspaldiko adiskide izan
balira bezala. Ankatxoak milikatzen dizkio «Txutxok»
eta, azkenean, jarri egin da haurrari begira.
–Aitak esan du gaiztoa zarela, dio begiekin Gorka
txikiak; hozka egiten duzula eta ez kasorik egiteko.
–Zure aitak ez nau ezagutzen; nor naizen ere ez
daki. Nola esan lezake hori?
–Hori bera esaten dut nik. Ez; zuk ez duzu hain
gaiztoa iduri. Lagunak izan behar dugu biok.
Pozaren pozez, txakurrak zer egin ez daki. Luze
luzea etzan eta burua mutikoaren ankatxotan bota du,
atzaparrekin eskuak hartzen dizkiola. Haurrak bere
eskutxoak luzatu ta bildu egiten dizkio, «ezetz harrapatu» esanez bezala.
–Haurra nun dugu? galdetu du aitak esnatu
denean. Lagunarekin dagoela ez esateagatik.
–Atoz eta ikusi –erantzun dio emazteak–. zuk
utzi!
–Beste horrenbeste poza eman dion jostailurik ez
diogu, zuk eta nik, inoiz ekarri.
–Gaitzen bat harrapa lezake eta hil.
–Beste haur batzuk ere txakurrekin jostatzen dira
eta, horrengatik behintzat ez dira hiltzen.
–Zertako dugu hori? Oraiko txakur eder hoietako
bat izan balitz... Zoaz nungo artzain-txakurren kasta
izango den!
–Aukera ezinik ibili bagina ere, hori esateko! Bera
etorri da eta hor duzu haurrarekin lagun. Kentzekotan,
zuk kendu...
–Edozein txaboletan biak artzain jarriko ditugu.
Hoberena izango da.
–Artzain txakurren artean hazia naiz, eta inoiz zure
atzetik ibili gabe, zinen zu gure atzetik abiatu. Gure
mendietako txakurrez lotsatzekotan, orduan behar
zinen lotsatu.
–Txakur zahar bat gora behera haserratu behar
ote dugu.
–Txakurra esatean beste zerbaitetan ikutzen
nauzu...
–Barkatu. Goazen uretara.
Igarika-lekua hesiz itxia da. Irrutitik ikusi ditu Txutxok hiruak sartzen. Ijili-ajala dago jendea barnean.
Mutil batzuk pilotari ostikoka; neska gehienak etzanik,
gerria ageri dutela iruzkitan. Oso gutxi da orai emaku-
meak lotsaz inori estaltzen diona. Baina, hor bakoitzaren gauza da. Denbora berrien aurpegi laztana.
«Txutxo» ez da lehengoa. Maitasun izpi baten ikutua darama bihotzean. Semeak –zorioneko haurren
garbitasuna–, hozkaren bildurrik gabe eman dio jatera. Amak ez du gaizki ikusi haurtxoarekin jostatzen;
asko da etxe batean amaren babesa. Aita ez da gure
mendi zabaletako iruzki lorea. Dirua badu; baina, bere
langileen haurrekin ez kutsatzeko, lagunik gabe uzten
du bere seme bakarra. Asperturik bizi da, dagoneko,
bere urrezko kaiolan. Mendira joan eta, inoren lokarri
gabeko artzain txakurrez gustatu da. Zergaitik den ez
daki, txikia da ta; gustatu dela, bakarrik.
Hesiari itzulia ematen hasi da txakurra, muturra
nun sarturik ba ote zuen ikusteko; eta nahi ez zuena
ikusi du. Baso barnean. Ioli eta Iurgi. Neska behintzat,
ama onaren alaba.
Auto gorri eder baten atzetik joan da, gero, «Txutxo» gizajoa. Gizonaren ankak gogor zapaltzen zuen,
barre antzean, indar guzien eztena, eta oso atzean
gelditu da txakurra. Txerri gaitza dela bide, etxean
loturik egon dira jai atsaldean bere lagunak. Herriko
mutilak nahi duena esango du; baina, Beheko-basoa
polita data, askatasuna hobea.
UDAZKENA
Udazkena berez ederra da; neguaren bildurra du
txarrena. Santakurutz eta Andra Mari urrikoa dira
herritako jaialdi hondarrak. Ehiztari guzien uzta, usopasakoa. Gero, lertxunak eta elurra.
Udargi inguruan badira feri egunak. Denbora txarra ekartzen omen dute. Eskaletatik ezagutzen ditut
nik feriak. Argitu orduko –orai berandu argitzen du–,
bazen zaldabai eta kriskitin hotsa kaletan. Batek jo ta
biak dantza, sasoi oneko neskak anka aztalerainoko
gonetan. Leiho asko ireki da, han hemenka; zirritutik
begiratu ta berriz bultza. Jituak.
Urteroko kanta. Egaztiak bezala, hauek ere badute beren pasa. Zoaz nundik nora joaten diren; baina,
ferietarako plazan. Hemezortzi bat urte izango du
dantzariak. Motots beltza ta begi zorrotzak, ilundura
pixka baten ikatz sua darioten begiak. Txakurrik ere
ez zaie atera aurten bidera; atari zulotatik egiten diete
zaunka. Belarritako zintzirrin haundiak, ilargiak musuka beltzatutako larru gainean. Herriari itzulia eman
da, egin dute berena; atzetik etorriko dira, haurrak
galtzarpean dituztela, ama haundiak.
Eta aitaren bat edo beste ere bai. Apaizarengana
izana da bezperatik denen aitona. Ilobatxoa bataiatu
nahi luke herrian. Apaizak badaki elizkizun hoien berri
eta aurrerabide haundirik eman gabe eutsi nahi dio.
–Nungoa zara?
–Hungaroa.
–Nun jaio da haurra?
–Santander aldean.
–Zenbat denbora du?
–Ilabetetxo bat...
–Eta ez al duzue bide guzian beste elizarik topatu?
–Herriz-herri gabiltz, badakizu! Beheretik gatoz
eta aitatxi amatxiak ipar-aldetik etortzekoak ziren;
hain zuzen, hementxe dugu barda elkar ikusi. Egun
haundia da guretzat.
Itxura gaiztoko sonbela darama buruan. Iruzki
askoren garrak jana dio, oihal ala larru zer den ere,
berria zeneko antza ta kolore guzia. Koipe legunaren
argia badu, zartain barneak bezala. Bataio aurretik
ikastoroa egin behar izaten dela, adierazi dio apezak;
eta gero, jai egun ala festa bururen bateko mezan
bataiatu. Beraz, denbora behar.
–Gaur hemen eta bihar ez jakin nun, hala da gure
bizia. Nola egon hainbeste denboran! Lehen-baitlehen nahi genuke; bihar baino ere gaur hobe...
Alferrik zela ikusirik, diosola egin eta barnera sartu
da apaiza. Bai gizona ere atzetik. Lan-gelako ataria
ireki orduko nun ikutzen dion besagaina:
–Barkatu! Barne hortan nahi nuke zurekin mintzatu...
Hau dena, atzoko gertakizuna. Gaur jende txikien
aldi da. Lau bost izanak dira atari joka. Zerbait hartu
orduko beren amengana joaten dira lasterka: lursagar, tipula eta tomete gorriren bat edo beste da haien
esku saretan ikusten den guzia. Garai batean ogia
ematen zieten etxetan, baina orai ez dute hain gogotik hartzen. Katilu bat esne nahiago dute.
Apaizari bere gelan sartu zitzaion gizonak duro
ziderrak baino aurpegi gehiago zuen. Zazpi urteko
mutiko begi urdin bat zekarren berekin. Txakur txikia
bezala zetorkion ixilik. Baimena eskatzeko lanik gabe
sartu ta eseri egin zen nere mahai aurrean. Lau hortz
ihaundi, ori bezain makalak, erakusten zituen hitz egitean. Haurra zuti gelditu zen, eta apaiza aurrez aurre