Donostia - 4
ta adorearekin, ajol aundiko zeregiñetan gogoz
sartzen ziran. España-ko erregeak izandako
ontzitalde-buru entzute aundienekoak, euskaldunak ziran. Ta oien artean Okendo donostiarra,
orain irudi bat egin nai liotekena. Gora Okendo!
Ondo irabazitako oroigallua luke. Arrizkoa baño
brontzezkoa obe. Bego zutik Donostia-tik itsaso
zabalari begira. Ur irristagarria, oñarri trinkoa
zitzaion borrokalari nekatu-eziñari! Kristau otoi-
tzalea! Amaika jazarretan garailari! Ingeles ta
holandar ontzi asko ta askoz inguratuta, gerriko
bat lertuko balitz bezela ebain-ebain egin zien
gizona!
»Nere itzalditik batez ere —asnasa lasaituaz
esan zuan— asmo au nai nuke izan dezazuten:
Donostia-ko erriak Okendo-ri irudi bat eskeintzea. Uste oso-osoa daukat ala izango dala.
Ondo dagoana, bego. Bukatu det.»
Liburutegiko batek «ordago» bota ta batbateko esku-tarta ikaragarria nabaritu zan an
ondoko gela zabalean. Txomin gazteak orduantxe bukatu bere itzaldia. Jaiki ziran azkarrik jokoan ari ziranak eta bizkarrak ormari lotuta gela
nagusi aldera asi ziran. An besteekin bat egin
zuten.
Txalokak asko iraun zuan. Guztiek nai zioten
eskua estutu Don Jose-ren semeari. Nekezko lanbidea! Tokia betea ta iñor joaten ez. Izarditu gindezkean an. Lengo lagun zarrak, besteko zar
lagunak, lagun ez ziranak, «La Fraternal»-en bildutako jende guztia bereganatu zitzaion izlari
yayoari. An zebillen larri-larri Kurrutako. Txitxigabea zanez argalean sendo ba-zan, orain bular-
bizkarrak bat egiteko aukeran zegoan. Baita ere
Xanti begi zorrotza, an zan. Eta beste asko.
Txomin-en itzaldiak «itzal» aundia
egin zuan. Donostia-n egun batzuetan
itzaldiaren jakia izan zuten. Kaietarren
lagunaren ospea arrabete igo zan. Ona La
Galerna asterokoak, «semanario satírico
donostiarra» zeritzanak, zein itz erabilli
zituan:
«...el joven donostiarra don Domingo
de Lasurtegui, hijo del conocido procurador don José, nuestro respetable convecino... hizo del vascuence vehículo superior
de ideas e instrumento de ideas superiores... hombre capacitado para grandes
empeños... quedó ampliamente demostrada la maravillosa ductilidad del lenguaje de Euskalerria.»
X
Donostian Donosti
Plaza Berria! Ortxen izan ziran Prim-en eta
O’Donell-en sarrerak; ortxen Urbiztondo-ri arrera
ederra; ortxen Isabel IIgarrenaren aldezko
matxinada; ortxen agurtu zituzten Aprika-rako
soldaruak (Joxe ta Antton zirala); ortxen Campillo-ren matxinada ere; ortxen 18, 33, 45, 50, 57,
66garren urteetako Iñauteri-artzaigo ospetsuak... Eta aurtengoak ere!
Donostian Donosti, gorostian gorosti.
«La Fraternal», «Unión Artesana», «La Euterpe»...
Illabetez aurretik asi ziran «La Fraternal» eta
«Unión Artesana»-koak urte onetan Iñauteri
gogorrak egin bear zituztela. Ain gogorrak ere;
azkenik biak alkarrekin jaiak antolatzea erabaki
zuten. «La Euterpe»-ko musikariak saiatu zitezkean.
Lenbiziko, San Telmo-ko ingeles-soldaruak
utzitako tramankulu luzeak, bitan ebaki ta Bur-
gos-era bidaldu, larru berriak jarri ta atabal egokiak egin.
«Donostiarrak oi dira beti
Umore onian oitubak
Iñauteriyan ageri dute
Bertako kanta soñuak.
Penak utzi eta
Maite polita
Atoz zu nere ondora».
Donostia-ko Iñauteriak ospe aundikoak izaten ziran, aspaldidanik; baño aurtengoak lengoen marrak autsiko dituzte. Zalduniote-goizean
ba’ziran Donostia-n 6.000 kanpotar, prantzes
asko ta Pau ta Biarritz-tik etorritako ingeles
naiko, burnibidea ba’zegoan ba’sasoi artan Prantzi-tik etortzeko. Ordea, Zarautz-aldetik lengo
zalgurdi zarra zebillen orain ere. Artantxe egin
zuan Santa Cruz-ek Donoti-rakoa Aramayona-tik
itzuli-berrian; artantxe etorri ziran Anton Zurrut
eta Joxe Ogi Plaza Zarrera, Aprikako lurraldea
utzita, moro-jantzian.
Orain ere Plaza Zarrean egiten zuan geldialdia Zarautz-ko zalgurdi aundiak. Zalgurdiaren
goiak eta beak bete-betean zeuden jendez. Bealdean amabi lagunentzako tokia ba’zan: iru
aurre-aldean, sei barren-aldean eta beste iru
atze-aldean. Gañean, berriz, lau lagun joan zitezkean. Zortzi zaldi! Dantzategi artatik nekez ateratzen ziran, zankoak ezin luzaturik, autsez zurizuri egin eta, udara ez izanarren, naiko berotuta
ere.
Beintzat, Zalduniote-goizeko amaiketan,
Ondarreta-n danba batez dios Momo ba’zetorrela gaztigatu zutenean, kaieko jendetza aundiak
ulu ikaragarria atera zuan eta inguruko itsasontziskak iñolazko motazko txistu biziakin urratu
zuten aidea; batzuek txalo egiten zuten. Kaiaurreko etxe-zuloak jendez beterik zeuden eta
beeko zenbaitzueri nekezko zitzaien ertzeertzean egon eta iñoren bultzakarekin uretara ez
eroritzea. Beraz, Txubillo-ren oñean zegoan
Ondarreta-tik, dios Momo egin zuteneko lantegitik berau atera ta itsasoz, Santa Klara-ren atzetik, kaiean legorreratu jende asko ekarri zuan
zalduneriak pasa bear zuaneko kaleetara, aurreko tokiak arrapatzera.
Antxe zegokion zai, kaiean, zalduneria dios
Momo-ri, areri laguntzearren, eta berau gero ta
bertago zetorrela, zaldiak eta gurdiak gertutzen
azkarrik zebiltzan. Santa Klara-ko atera pasata,
oraintxe urduri zebillen jendea. Errizaiak lan
gogorra zerabilkiten jaia era onez egingo ba-zan.
Azkenik txaloka ikaragarria jo zuten «dios
Momo» bertaratu ta legorrera asi zanean. Lanak
izan zituzten! Onekin batean beste gizon asko —
zaldi ta gurdiz gañera— etorri zirala bide, kaia
bete-betea zegoan; ain betea ere, amar urteko
mutil koxkorra putzura erori zala; ordea, batbatean, esku batez zankotik eldu ta buruz beera
atera zuten uretatik. Orra ba’alaitasunaren jainkoizunari arrera berebizikoa.
Ta txingurritegi artatik txingurri geiago eroriko zan uretara baldin zaldi, zaldun eta zalgurdiak
noizbait abian asi ez ba-ziran. Ikus bitza irakurleak Donostia-ko Iñauteri ospetsuak.
Lenengo tokian iru aurrelari zijoazen zaldizkoak buruko gorriekin; gorontza gorria ta ikurdi
urdiñak bular-bizkarretan; gona motz urdiñak
ere, urrezko siztatuekin; luma txuria burukoan
eta oñetako aundi ederrak. Erdiko aurrelariak
auxe zeukan jarria bandera batean: Carnaval de
1878 — La Fraternal — Unión Artesana; aldameneko bi aurrelariak turuta bana zeramaten eta,
tarteka, turutari aize ematen zioten.
Bi soziedade oriek ederki alkartuta azaltzen
ziran eta arpegia onela erakusten zuten; egia da
ere bat baño geiago asi zala esaten «Unión Artesana»-k egindakoa geiago ta obea zala «La Fraternidad»-ena baño.
Urrena erriko danbolin-jotzaleak apain-jantzian.
Gero bi erraldoi edo gizandi ta lau buruaundi:
Alkatea, bi errizai ta beste txinel bat, itxurazkoak.
Orien atzetik Estudiantina Euskalduna, berrogei laguneko taldea, beltzez jantziak, eztarriko
ta eskumuturretako egalun txuriekin, galtza
motzak, zapata luzeak eta ginbail zabala kolore
askotako lumaekin. Aurreko tokian bandera bat
zeramaten onela jartzen zuala: Estudiantina euskalduna de la Universidad de Valladolid.
Bostgarrenez, Carroza de nigrománticos. An
zijoan Xanti, gure ezaguna. Zerua ikusteko
etxearen antza zeukan gurdikote arek. Tramankulu aundia ere ba’zan zeruko izarrak miatzeko.
Orrez gañera, an zijoazen lau lagunek urrutira
ikusteko bana zuten txikiagoak. Arekin Xanti-k
iduri-oneko neska guztieri begiratzen zien; urrena mutur estua aboan sartu ta bertatik itzeginda
zurikatzen zituan. Beñolakoan, neska polita irudituta, aboko bustia begiari erantzi zionean,
berealakoan okertu zuan beste aldera: Kontxexi
Araneder zan.
Seigarren tokian Musica japonesa zeritzatena
zijoan, «La Euterpe»-ko musikari yayoak japondar jantzian, beren lastozko ginbail zabalakin eta
soñekoan iñolazko letra ta marrak, berek eta txinatarrak oi dituzten bezelakoak.
Dios Momo-ren bi aurrelariak Injente-kaleko
parean zijoazen, aurrera bai-zijoan zalduneria.
Batzuek kale-ertzean jarrita geldirik ikusten
zuten; besteak zalduneriaren ondotik arekin
batean joan. Ta dios Momo bera Kale Nagusian
sartu baño lentxeago, ate bateri bizkarra erantzita zeuden «Txardin-berri»-ko ama-alabak:
—Agur, don Amalio —esan zioten Kurrutako
mutil zarrari. Irria ezpañetan ikaragarrizko sonbrero-kentzea egin zien.
Ikus dezagun dios Momo orain. Danetan gurdikoterik aundiena zan. Amaseigarren gizaldiko
Venezi-tar ontziaren itxura zeukan, bi aldeetako
arraun errenkadakin. Arraunlarien ordez musikariak zijoazen. Dios Momo tokirik agirienean, oial
zabal baten itzalpean. Gurditzar au koxkabilloz
ta txilintxaz josia zegoan eta zebillela, musikarien soñuarekin belarribarrenen atsegin egiten
zuan. Sei mandok zeramaten gurdia; auek
mitxeleta-egoekin zeuden edertuak.
Gero Praxku-talde bat, gure erriko jantzian,
eta atzerago, Carro de Ceres, goroldioakin
antzemana. Garia, artoa ta lurrak ematen dituan
beste aliak lantzeko lanabasak. Orrez gañera ate
batzuk ibilli añako ur-ontzi aundia, ate ta guzti.
Urrena Batallón de Kaka-jarios, aspaldiko
urteetan Zelaian izandako burrukaekin zer-ikusia
zeukana.
Eta onelaxe, geiegi ez luzatzearren: Carroza
infantil, Carro de Marte, El moro Muza y su séquito, Carro de Mercurio, El robo de Elena, Carroza
de Vulcano, Concha de Neptuno, Escolta de
carabineros de Offembach, Primer regimiento
montado de jeringuería.
Ta azkenez, eun erromatar zaldizkoak... ollargañern exeriak, musika ta tutuekin.
Zalduneriaren buruan txantxo ta mozorro
ba’zijoazen kalekoak.
Azkenik, Kale Nagusia pasata, Portu-kaletik
barrena, Plaza Berrian sartu ziran guzti-guztiak.
Ta tankera onean jarrita zeudenean, Donostia-k
esan zezakean:
«Iñork nai ba-du belar onikan
Naiz dala lore, aziya,
Gure baratzan arkituko du
Asma diteken guziya».
Baratz uta ederra zan bada. Plaza Berriko
tellatuetan ere jendea ba’zala esango genuke.
Jarraigo luze arek bira guztian artzen zuan enparantza. Barren-aldean, sokaz ertzatuta, erruz zan
jendea; oñak ezin ibilli-ala. Baita arkupetako ibiltokian. Aietako uztai baten azpian zeuden Kandi
ta beste iru lagun alkarri besotik elduta, lepoak
luzatu ta iñoren bultzakari arpegi goxoa jartzen.
Noizean bein aldeetara begiratzen zuan atzekoa
ikusteko.
—Ori poliki! —ari zan— Zer diyo dios Momoren kurpilleta? La Fra-ter-nal (buruari eragiñaz),
U-nión Ar-te-sa-na. Zeñen ederki! Otra Xanti! Zer
dute jantziyetan marreztuta? Kokotzaren azpiyan eguzkiyaren antza ta gero oin eta eskumuturretaraño izarrez josiyak. Oyek ate politak uretan!
Une batean ixildu zan besteak ere bere artan
ari zirala. Andik pixka batera jarraitu zuan:
—San Tomas-egunean bezelako lanabasak
daramazkite or lurra lantzekuak. Ara, zerbait
erori da balkoi artatik...!
—...San Tomas-en bezela —itzegin zuan
atzean zegoan Txomin-ek— eta barkatu, Kandi
zeralako neska polit orrek, ez det uste nere arrebaren sudur-zapiya jaso zenduelako eskerrak
eman nizkitzunik ere.
Beste neskak, «Unión Artesana»-k geiago
egin ba-zuan ala gutxiago —esamesak entzunda
ari zirala— «neska polit orrek» itzak belarriratu
zitzaizkienean, ari ura utzi ta Txomin-en aldera
jarri ziran begira.
—Baietz uste det —erantzun zion Kandi-k
ikara joanda gero.
—Ez det uste (gezurretan ari zan Txomin).
—Etzan zer eman ere. Beraz aztu ziñan?
—Eta gogoratu naiz. Aztu izatia gogoratu. Zer
ote da, buru txarra ala buru ona izatia?
—Itzaldiyak egiteko buru ona biarko dezute,
noski.
Par gozoa egin zion Txomin-ek.
—Nolakoak diran.
—Gain-gañekuak ala...
—...nolanaikuak.
—Zoriyonak zuri, berandutxo ba-da ere.
—Eskarrik asko.
—Ia urrengo batian eskerrak ematia aztu
zerala gogoratzen zeran.
Neskak irria zuten ezpañean.
—San Tomas-egunarekin bezela nun eta
beste zerbaitek Iñauteriyak burura ez ba-dakazkigun...
Txomin-ek aitzekia zekarren, baño Kandi-k
San Tomas-eguna aipatu. Txomin-en erantzuna
alde txarrera artu zitekean, baño ez zan orrelakorik gertatu.
Ordurako iru musikari-taldeak batera bildu
ziran ta dios Momo bera ere erdi-aldera ekarri
zuten jendearen artetik egizko Jainkoak dakian
bezela. Momo zutik jarrita agerkai bat irakurtzen
asi zan. Aren jolasa esan bitartean, Txomin-eri
ondarreko letrak burutaratu zitzaizkion. Aspaldian kezka ura ezin aienaturik zebillen. Berekikoz neskaren bat bear zuan izan, ango oin-atz
txikieri antzemanda. Eta ura ez ba-zan, nor izan
zitekean?
Momo-k bukatu zuan:
«Artu jende maitiak
Donostiyakuak
Oroipen aitormenak
Biyotz gurekuak».
Iru musikari-taldeakkanta bat jo zuten eta
onen urren, etorri bezela, jarraigoa asi zan Plaza
Berritik Portu-kalera, Kale Nagusitik Lasala-enparantzara. Ementxen zan zalduneriaren gordetokia.
Plaza Berritik atera baño len, Txomin-ek
ondarretik ikusi zuala Momo-ren etorrera esan
zion Kandi-ri. Kandi, ixilik. Urrena itsasbeera
zegoala-ta, bertago egon eta ondo ikusi zuala
ondarretik. Kandi-k beste nonbaitetik ikusi zuala
erantzun. Eta Txomin-ek neskak agurtu zituan.
Ondo egin omen zuan ez geiago esatea.
Berak zer ikusirik ez zuan izango ondarreko kontuarekin. Ala zion Txomin-ek beintzat. Beste esanak gogoratu zitzaizkion. Zein polita zegoan
neska polit ura!
Kaleetan jende asko zebillen. Arrotzak nora
etorri ondo jakin.
Arratsaldeko ordu bata joa zan.
Lauak ezkeroztik Plaza Berrian ezin bukatu
alako musika zan. Donostia-ko mozorro ta txantxo guztiak antxen bildu ziran. Mutil koxkorrak
txantxoen atzetik bixiga edo maskuriakin jo ta jo
ari zitzaizkien. Bein edo bein listaria autsi ta
pelota bezela joaten zitzaien maskuria. Batzuen
ondotik joanda ardo-usaia galanki aitzen
zitzaien. Zurrunbillo artan geienak karraxika ari
ziran. Baño txistulariak ezta ere gelditu.
Antxen zebiltzan Erri-etxeko ate-ondoan Joxe
Ogi ta Anton Zurrut, beren diña zeramatela. Ibiltzen asmatzen ez zutenak, trebeak ziran dantzan. Jende asko zegokien begira.
Joxe emakume-jantzian zegoan, gorriz goitik
beera, ginbail beltz luze batekin. Arpegian ere
zirrimar gorriak; begiak, ikaragarriak; gerri estua
ta lurrerañoko gona zabalak.
Antton emakume-jantzian ere. Gonak, maindire batekin egiñak; bularrak, sendo; buruan,
txapela; arpegi-ordeko mozorroa ta, emakumegisan zegoalarik, mozorroaren aboko zulotik,
xigarroa. Dantzan egiteko baztar batean jarri
zuan zerabilkian kaiola; barrenen, sardin-zarra
txori. Onoko txantxoak orain ere ikusten dira
arrantzaleen artean.
Ta dantza gogorrean ari zirala, non beste
mozkor bat etorri ta irurak alkarrekin asten diran
—au eguneroko jantzian etorri zan—. Ogi-ri ginballa erori ta etorriberriari txapela kendu. Zurrutek ginballa lurretik artu ta ezagutzen ez zutenari jarri. Ta onelaxe, bat erori, bestea altxa, urre-
na jendearen gañera joan ala alkarren gainka ibilli. Noizbait bukatu zan amaitu eziñeko dantza
ura. Kaiolak-eta eman zizkieten eta an joan ziran
irurak alkarrekin, bi alargunak eta bestea, izarditan, zakur bat atzetik zaunka.
Urrengo goiza arte ibilli ziran ezagutzen ez
zuten ideko arekin. Antton-ek ez zeukan ez txapelik, ez mozorrorik, ez kaiolik.
Asma, besteak.
XI
Asteleniote. Zanpanzart
Joxe ta Antton-en adiskide berria, Iñigokalean zegoan astelen-arratsaldez.
«Kilimax» goitizeneko beste mozkor batek
zesaion:
—Moskortzeko dirua ba’aukak, poxpoluak
erosteko es.
Bestea lengo tankeran geldik, Kilimax-eri
begira.
Urrutixeagotik biurtu ta oraindik ere:
—Moskorra arrapatzeko dirua esan dek, es al
eunkaken poxpoluak erosteko?
Bestea betiko tankeran eta begira berriz itzik
atera gabe.
Lengoak berriz ere, gero ta urrutiago:
—Moskortzeko dirua isan dek ba’, sergatik es
dituk poxpoluak erosi?
Ez dakigu geiagotan atzera biurtu ote zan.
Geldik zegoana, aspertuta, ez bein-beingoan,
noizbait ibiltzeko asi zan eta beatz-tartean zeu-
kan xigarro-puntta erdeñuz bota zuan. Ezta itzik
ere.
Arratseko zortziak baño geiago izango ziran
La Fraternal ta Unión Artesana soziedadeak eratutako zalduneria Lasala-enparantzatik atera
zanean. Gutxi gora-beera Zaldunioteko jarraigo
bera zan.
Ibilli zituan Lasala-enparantza, Iniente-kalea,
Plaza Zarra, Ureta-kalea, Esnategi-kalea, Iñigo
ta, amarrak aldean, Plaza Berrian sartu zan.
Bideko kale ta plazak, jendez beteak.
Bai Plaza Berrian ere, geiago ezin artu alako
jendea zebillen. Zuzi ta argi-ontzi kolore askotakoekin argitua zegoana-ta, lilluragarria zegoan
Donostia-ko txulo maitagarri ura.
Leku geiago eman dezaiogun Zanpanzartarratseko jaiari. Orduan izaten zan Txardiñaren
lurperatzea ta, azkena azken, neurriak autsita
ibiltzen ziran Irutxulo-ko erritar alaiak. Donostia,
amabost urteko neska buru ariña soñeko berriarekin zebillen egun aietan.
Nork esan 1813garren urteko erria zala ura!
Urte artako Dagonillaren 31ean, erria prantzesen menpean zegoan. Ingelesak eta portugesak
alkartuta, aurrean zeukaten errian sartu nairik.
Zenbait egunean egiñaalean arituta, azkenean,
Urumea-ibaiak ur estua zekarrela, aldez beste
egin eta, Brecha izena jarritako tokitik, errian
sartu ziran soldaru amorratuak. Nai aña gaiztakeri ta lizunkeri egin eta arrats artan bertan su
eman zioten erri gaxo areri. Seireun etxe zituala
ogeitamasei bakarrik gelditu zitzaizkion zutik. Ta
urrengo urtean, 1814garrenean, Iñauteri jatorrak egin omen zituzten, alajañetan! Zarraren
gañean erri berria agidanean.
Lengo eguneko garai berean atera zan Zanpanzart-arratseko jarraigoa. Lasala-enparantzatik atera, Azakalezarratik sartu ta Esnategi ta
Iñigo-n barrena, beatziak doi-doi, zorioneko
Plaza Berrian sartu zan orain ere.
Bosteun mamu maindire txuritan bilduak.
Bakoitza kandel bana bi zerrenda luzeetan. Noizpeinka tarteko bat azaltzen zan argi polit bat
eskuan.
Bigarrenez, Cazadores de Gerolstein, bakoitza kolore politazko argi banakin.
Gran banda de tambores, eun kantari atzetik
eta txinatar musikariak. Nasteka, Il Trovatore-ko
miserere jo, Andre Marika tronpeta jo ta nai
bezelako kantak jotzen zituzten.
Beste eun baño geiagoko txurizko-taldea.
Soldaru-mordo bat, apain-jantzian, izkillu
ederrakin.
Illeta-gurdi aundia, lau zaldizkoa. Zaldiek beltzezkoa zuten bizkar-gañetik eta galdur zuriak.
Erdian, gorputz zegoan dios Momo luze-luze,
itxuraz. Txurizko-pilla batek zaitzen zuan.
Azkenez, il-aztiak edo esandako nigromantes
diralakoak. Kurkurtxoak buru-gañean, zeruan
irakurtzen zuten gizadiaren etorkizuna.
Argi gorrizko zuzien argitan ikaragarrizko
ikustea egiten zuan aren jende aundiak. Plaza
Berria, labe gorria.
Soldaruak eta il-aztiak erdiko olaetan igota,
izugarrizko dantza ta ikotika politak egin zituzten, txurizkoak eta beste gañerako lagun guztiak
inguruan.
Kanta berarizkoarekin gogotik ari zirala,
alako batean ateratzen zaizkie txerren zarrak
olaen azpitik eta, lengoak bidaldurik, asten dituzu bere aldiko izugarrizko ots eta zaratakin dantzan beste musika batekin eta Plaza Berriko guztiak erotu ez ote ziran.
Musika bukatuta txerrenak, zera atzetik zintzilik, ola-barrenean sartu ziran berriro ta berekin batean dios Momo ere ezkutatu zan, aiek
eramanda. Urrena, aidean igotzen diran globo
borobil orietako bat goraka asi zan, jendeak
txalo beroak jo bitartean. Auxe zeukan jarrita:
Farrez dago ama chardiña. Ta Garizuma asi bear
zuala erakutsiz txardin aundi bat zeraman zintzilik ezkata dizdizariakin.
Auxen zan, irakurlea, atzoko Donostia, jolasarako Euskalerrian berdiñik ez zuan erria, euskalbaratzako pinpilinpauxarik jostalariena ta politena. Ori, Donostia maitea, Irutxulo biotzekoa.
Alatsu bukatu ziran urte artako Iñauteriak.
Jaiak, bai; baño arratsa, ez. Jendea lotarako etxealdera kale-muturretan banatzen asi zala, Plaza
Berria usturik, jende mordo aundia gelditu zan
Iñigo-kalean zarata ta asarre bizia zerabilkitela.
Aien ojuak urrutitik entzuten ziran. Ba’dakizu
nortzuk ziran, irakurlea? Unión Artesana ta La
Fraternal-ekoak. Esamesak besterik ez ziranak,
amor eman zuten, aunditu era berean gaizkitu ta
orduantxen istillu gorria jarri zuten.
Aiek ez zutela auek aña egin, auek aiek ainbat eta obeki: besteak, jakin ba-zuten dios Momo
lenago il bear-zuala. «—Baita zuek ere». Ta
orduan, amorraturik, alkarri eltzeko moduan jarri
ziran. Esnea irakiten gero ta geiago arrotzen
dijoan era berean, ango iskanbilla ere goraka
zijoan, alkarri txistuka asteko tankeran. Ta orra
uste gutxienarekin, asmo onez esandako itzak
nola sortu zuten ekaitz beltza.
Gogorregi ari zirala, paketzearren, bateri
alkartasuna eskatzea otu zitzaion eta,
—Viva la unión! —oju egin zuan.
Ai, ama!, esan ba-zuan esan zuan. «Viva la
Unión Artesana» esan nai izan zualakoan, beste
askok, abo batez.
—Viva la Fraternal! —berealakoan erantzun
zioten.
Ta baita besteak ere:
—Viva la Unión Artesana!
—Viva la Fraternal!
—Viva la Unión Artesana!!
—Viva la Fraternal!!
Bi gizon zartakoka asi ziran.
Urrutitik ikaragarrizko ojua egiñaz,
—Viva Ingalatierra!
Anton Zurrut zan edatea edanda.
Lengoak zartakoka ta beste batek «—Muera
la Fraternal» oju egin zuala, ura zan borroka
bikaña ta jatorra. Errizai bat aidean bota zuten.
Mozkorrak nagusi. Sagardotegi bateko eskalleran beera gizon bat erori zan zankoak buruaren
aldetik. Lenbizi batek eta gero bestek, igesari
eman zioten Esnategi-kalearen barrena etsaiak
atzetik zerraikietela. Makilla batekin kaskoan jo
ta puskak kaleko argia itzali zuan. Sagardotegiko
andrea atea itxitzera igo zan okerreko jende
geiago sartu ez zezaion. Min artuta bat baño
geiago asi ziran aioska. Mozkor batek besotik
kosk eginda ez zion nai utzi besteari. Txinelak asi
ziran azaltzen batetik eta bestetik. Asto-kaleko
«bonberua», txardiña urdallean aspaldian oeratu
zana ere, deitu zuten.
Noizbait, bai zutik zeuden asko erori ta ez
altxa, bai besteak igesari eman ziotelako, bai
urrenak txinelak ikusi ta alde-egin zutelako,
sagardotegian buruz beera erori zana aipatu
gabe; noizbait borrokalariak gutxitu ta errizaiak
geitu ziran. Batzuk giltzapera eraman, besteak
eritegira, orduantxe ixildu ta ustu zan Iñigokalea, baldin norbait, amildegiaren ertzean
bezela, ate-txokoren batean lo gelditu ez ba-zan.
Anton Zurrut-ek ala zion.
—Eskua sartu didate aboan. Jjj...! Zer nazka!
Au ollasko-kutsua!
XII
Gari-pillako txoria
«La Fraternal»-eko balkoi ta tximenetako
arte artan, lagun pilla ura altxatzeko asi zan
Iñauterien buruz ordubete ta geiago izketan
eginda gero; oso naigabetua zebillen «La Fraternal»-eko jendea egunak joanagatik.
Joan bear zutenak altxata bi bakarrik gelditu
ziran exerita, orduraño alkarri itzik egin ez ziotenak: Xanti ta Kurrutako. Egia esan, ez-ustean
arkitu ziran alkarren aurrean. Orain biek aldegingo zuten bata besteagandik; baño ezin ba’ artaraño suertatu ziranez geroz. Xanti-ri, bere burua
tankera artan ikusita, gogoeta au etorri zitzaion:
baldin agerbide eske asten ba-zitzaion, bi zartako eman eta kito.
Kurrutako-ri, ordea, Kontxexi-ta bien arteko
berri jakiteko naia etorri zitzaion eta bere buruari adiskidetsu aritzea abindu zion. Tximenetaren
gañean martin-arrantzale deritzaion txoria zegoan bizirik gabea, beti alde batera begira, Kurrutako-ren begi arrotza bezela.
Orduan Kurrutako-ri otu zitzaion:
—Abian al zera?
—Ez, egonean.
—Ez dakit bai ote dakizun emengo geienak
batzarra eskatu dutela, Iñauterien zerbaiten
txarki arkitua gure buru diraneri arpegira botatzeko asmotan.
—Egia esan, ez nekian —erantzun zion Xantik—; naiago nuke oker banengo, baño ortatik
gauza onik aterako degunik ez det uste; oso itxura txarra ematen diot «La Fraternal»-eri batez
ere egun artako iskanbilla gogorra ikusita.
Oartu bear degun gauza biak erderaz ari zirala. Kurrutako oso erderazale purrukatua zan,
euskeraz ederki zekialarik. Euskera baserritar
izkera zeritzan, naiz sasoi artan Donostia-n
ontxoenak ere euskeraz egin. Erdera, nonbait,
apain jantziarekin egokiagoa zuan. Ta joera ori
zualako, ta parragarri ibiltzen zalako ta txatxua
zalako, askok nazka zeukakioten.
Euskeraz erderaz baño obeto zekian. Askotan
gain-gañeko gauzetan aritzeagatik, izugarrizko
ukalondo-sartzeak egiten zituan. Bein los rayos
«extra» violetas esango zizun. Beste batean:
Newton, el que inventó el asunto ese de la gravedad. Prantzesez puxka ere ba’zekiala adierazteagatik mille huit cent quatre-vingt «dix» seize
esango zuan. Urrena botako zuan quieres que te
explique el significado de la «sílaba» pemeable?
Ta aparitan ari zaneko egun batean, prantzesporruari tiratzen ziola, onelako gogai burutsua
izan zuan: Todo lo que cría la naturaleza es del
hombre. Ondo berea zuan, beraz, prantzesporrua.
Xanti zerbaitxo arritu zitzaion Kurrutako-ri,
ain maiteki zetorkionez geroz; ez uste orren
adiskide arkituko zuanik.
—Agian uste izan dezu zuk, ari au utzita, —
ekin zion Kurrutako-k— asarre naukakizula lengoan Kontxexi zala ta gu biokin gertatutakoaz.
Xanti-ri bat-batean parra egiteko gogoa etorri zitzaion; baño baita arritu Kurrutako ain ausar
ikusita.
—Arazo ura egun artan bertan bukatu zan
neretzat —jarraitu zuan—. Nik aitortu bear dizut
garbi kendu zenidala; edo ura buru-ariña dalako,
ala zu yayoagoa zeralako, ala bat eta beste. Nik,
nere buruari geiegi opatu gabe, esan nezaizuket
—bene-bene zion— neskak «onla» (beatz-muturrak elkarturik) izan nezazkikeala, jantzi ederrak
neskak lilluratzen bai-ditu, ta nik neronek izan
deten aziera ona urrutitik igartzen. (Xanti larri
zegoan parrari eutsi eziñaz). Ta orretxek mindu
ninduan, neska batek ezetsi izan izatea, ni bestela oituta nagoana. Ta orretxek goratzen zaitu
zu, ni bezelakoari neska kendu izatea. Aspaldian
ikusten zindutan zenbait neska ontxoenakin eta
menderatzaletzat zinduzkatela, orain arte ez
nion antzik eman norañokoa ziñan. Ez daukakizut, bada, iñongo asarrerik.
Ez dakigu bildurrak ala ausardiak gisa artan
itzeginerazten ote zion. Jakin-naiak, beintzat,
galdeerazi zion emeki:
—Eta geroztik zer egin zenuan arekin?
—Arazo ura zuretzat orduan bukatu ba-zan,
neretzat orobat. Ni ezin niteke neska berarekin
luzaroan ibilli; aspertu egiten naiz. Ez nau barrenak agintzen. Egun artakoa, beintzat, aguro utzi
nuan, naiz neska ederra izan. (Kurrutako-k
baietz buruarekin). Agian nere egitekoa txarragoa irudituko zaizu, neska kendu ta laga; alegia
ortarako ez niola iñori kendu bearrik; zuretzat
kalte ta neretzat mezederik ez. Baño egia esan,
ongi pentsatuta, nere barrua miatuta, an ez
nuala nik ezer egiterik ikusi nuan; artean zu
zerorekin nork jakin noraño iritxi zindezketean.
(Kurrutako pozez). Bai, ni, lortu bitartean, oso
zaletuta ibiltzen nozu; baño bein atxituta gero,
bereala aspertu. Ez nuan uste zuk diozun bezelako erakar-indarra ote zenuanik neskaekin;
baño egia esan (gezurra), orduan ikusitakoarekin ez naiz ezertxo arritzen, lana egin bear izan
nuan gogotik.
«Neska polita dezu oso, ta nerekiko berriro
asi bear zenuke. Nik, beintzat, ez dizut kalterik
egingo».
Xanti-ri Kurrutako txaldana ta parragarria
zitzaion. Parrez lertuko zan, baño ez nai min
geiago ematea. Kurrutako-ri, berriz, barrena
alaitzen asi zitzaion; Xanti adiskidea izateak
asko poztutzen zuan; Xanti yayoa zan neskaekin,
aren bearra izan zezakean, ta uralako mutil sendoa etsaia baño, adiskide obe.
—Xanti «adiskidea» —asi zan Kurrutako— ez
zaitez ezertxo ere larritu Kontxexi-rekin gertatutakoaz. Zuk ura neri egin izatea ez deritzat gaiz-
ki, zu gaztea zera «ere» ta neska ez zan nerea.
Egia diozut (gezurra) bera begira ta begira nereganako begitarte ona aspaldian azaltzen asi ez
ba-zitzaidan, nik ez nion jaramonik egingo. Bera
asi, neska askok nai lutekena ain erraz bereganatu ta beste bat, zu, tartetu ziñalako, baztertuko al ninduan ba’! (Xanti-k ezetz buruarekin).
Neri ajola gutxi. Ni, zu bezelako «suertoso»-a
(ala esan zion) ez izanarren, ez al derizkiozu
Kontxexi Araneder baño ederragoa noiz nai
topatu nezakeala? Agian, zeorrek igarriko diozu,
ostera asiko zait nere aldeko; baño don Amaliokin (berak esan) ez du ezertxo egiterik. Ta ez al
dezute geroztik itzegin?
—Itzik ere. Iñauteritan ikusi nuan azkenekoz
ta ezta agur egiterik ere. Ta askotan ala gerta oi
da, zenbat eta destaña geiago egin, orduan eta
zaletasun amorratuago artzen dizute neskak.
Zuk —lenago ere esan dizut— berriro asi bear
zenuke neska orrekin. Ez lizaizuke nekezko lana
izango. Neska ederra, egokia ta ederki jantzia:
oriek guztiek bat jarzen dute. Zuk, zerana zerala, baldin neskak barrengo mamitik ezagutuko
ba-zenitu, errex baño errexago izango lizaizuke.
—Noski, zu ortan ni baño jakiñagoa zera —
Kurrutako-k barrengo pozari ezin eutsirik. Ordurañoko ezkutuak ikasiko al zituan ba’? Kontu
asko jakitekoa zegoan Kurrutako.
—Gizona emakumeagana bezela, emakumea
gizonaren aldera —ta berak uste ez zuala ere,