Credo edo Sinhesten dut esplikatua - 14

urrun da; hainitz badire bere giristino izena,
bekatuan biziz, desohoratzen eta aphaltzen
dutenak.
Hargatik, Elizaren sinhestean eta galtzarrean
bizi direño, zilhegi zaiote, gehiago erranen dut,
errex zaiote, nahi bezin bekatore handiak izan
ditezen, Elizaren merezimenduetan partalier
izaitea. Bekatuan direlarik ere, bertzen othoitz
eta obra sainduak ez dire alfer hekientzat, ez
dituzteño hautsi eta trenkatu, Elizari estekatzen
dituzten lokarriak.
171 Erranen dugu laburzki, zoin diren Elizaren merezimenduetan parte ez dutenak.
1ik Erran gabe doha, Elizaz kanpo direla,
lehenik, bathaiatuak izan ez direnak, nola baitire
Paganoak, Juduak, Mahometanoak. Hek ez dute,

ez dezakete den gutieneko ariarik izan Elizarekin. Jesu-Kristoren Elizaren athea, bathaioa da.
2ik Elizaz kanpo dire ere giristino arnegatuak
deitzen ditugunak, erran nahi da, Fede katolikoa
ezagutu eta pratikatu ondoan, sahetserat utzi
eta arbuiatu dutenak. Horiek, berak eman dire
Elizaz kanpo, eta hekien gainerat erortzen da
Jesusen hitz garratz hau: «Norbeitek ni arnegatzen balinbanau, nik hura argenatuko dut ene
Aitaren aintzinean» (Qui autem negaverit me
coram hominibus, negabo et ego eum coram
Patre meo. (Matth. X, 33).).
3ik Elizaz kanpo dire ere Eretikoak. Hek dire
giristino bathaiatuak, egia da; bainan bere izpiritueri eta sentimendueri jarraikiz, Fedezko egien
artean hautatzen dutenak, batzuek onhetsiz eta
bertzeak ez. Ez ditezke hek Elizaren haurrak
izan, Fedezko egia guziak Jainkozko erakaspen
beraren gainean finkatuak direnaz geroztik. Ez
gare hargatik hemen mintzo, nahi tzarrekoez
baizen, eta ez, argi eta jakitate eskasez, uste
gabean eta fede onean errebelatzen direnez.
4ik Xismatikoak: Elizaren sinhestea, baitezpada arnegatu nahi izan gabe, Eliza Katolikoa

bere Amatzat, eta Aita Saindua buruzagitzat
ezagutu nahi ez dutenak. Gure sinhestea, bere
ustez bederen, atxiki nahi dutelarik, trenkatzen
dute, Elizaren buruzagi den Aita Sainduarekin
juntatzen gaituen esteka beharra eta baitezpadakoa. Burutik berexiak, ez ditezke Elizaren
gorphutzeko menbro izan.
Ezti zaiku erraitea, urrikalmendu handiak izanen dituela Jainkoak bai Eretiko bai Xizmatiko
fede onean bizi direnentzat. Horietarik hainitz
onak izan ditezke. Ordutik, gorago erran dugun
bezala, nahiz bere ethorkiak gezurrezko erlijione
batean sorarazi dituen, bihotzez eta gutiziaz, Elizako arimaren menbro izan ditezke.
5ik Eskomunikoz joak. Hek dire, zerbeit bekatu edo krima handien gatik, Elizak bere galtzarretik kanpo eman dituenak. Bekatu berean
direino edo hobeki erraiteko, eskomunikazioneko pena Elizaz altxatua ez deino, hek, zerbeit
huts handien gatik, etxetik kanporat emanak
izan diren haur batzuen pare dire. Bainan errex
zaiote Elizaren galtzarrean sartzea. Umilki, urrikiekin barkamendu eska dezatela; Eliza, Ama

Saindu eta amultsuak bere besoetan errezibituko ditu, eta Jainkoak barkatuko diote.
Sainduen partaliertasun eder horrek, non
othe ditu bere mugarriak? Non baratzen da?
Gure eta zeruko Sainduen artean, ba othe da
batasunik, eta guk, gure aldetik, deus egiten
ahal othe dugu, othoitzez eta obra onez, purgatoriotako lezetan pairatzen duten arima gaxoentzat?
172 Ah! bai; Sainduen partaliertasunak
besarkatzen ditu zerua, lurra eta purgatorioa.
Guziek bat egiten dugu Jesu-Kristo baitan:
guduan oraino lur hunen gainean garenek, purgatoriotan, bere hutsen azken zorrak pagatzen
hari direnek, eta ere, zeruan jadanik bere sariaz
eta zorionaz gozatzen direnek.
Pentsamendu eder eta kontsolagarria! Bai
gure eta Eliza guziaren sinhestea da, zeruko
sainduak gutaz orhoitzen direla, guretzat othoitz
egiten dutela eta gutaz artha hartzen. Hori izan
da, mende guzietako Elizako Aiten, eta katoliko
guzien sinhestea. Horra zertako zeruko Sainduak
bethi othoiztu izan diren Jainkoaren adixkide
bezala.

Guk aldiz, laguntzen ahal ditugu gure anaia
purgatoriotan direnak. «Pentsamendu saindu
eta salbagarria da, dio Izpiritu Sainduak, hilentzat othoitz egitea, izan ditezen bere bekatuetarik libratuak» (Sancta ergo et salubris est cogitatio pro defunctis exorare, ut a peccatis solvantur.
(II Machab. XII, 46).).
Horra nola, elgarren anaiak garen guziak
Jesu-Kristo eta Eliza baitan. Familia berekoak
guziak, Jainko Aita beraren eta Eliza Ama beraren haurrak. Zeruko anaiek eskua hedatzen daukute, othoitz egiten dute guretzat, eta guk, purgatoriotan pairatzen dutenentzat. Gure obra
onak, gure merezimenduak baliatzen zaizkote.
Hirur Eliza hautako menbro guziek, bat eginez elgarrekin eta Jesu-Kristorekin, baten laguntza galdegiten dugularik, eta bertzeari gurea
emaiten, merezi dezagun, zeruko on eternalen
partaliertasun oso eta perfeta, bethi-ereko
batean eta zorionean.

HAMAR-GARREN KAPITULUA
Bekatuen barkamendua
173 Gizona erorkor eta bekatoros da.
Gutarik bakotxak erran behar du Dabid Erregeak zioena: «Ecce enim in iniquitatibus conceptus sum». Huna non bekatuan kontzebitua izan
naizen. Eta oraino, Errege Profeta berarekin:
Miserere mei Deus, secundum magnam misericordiam tuam: Urrikal zakizkit, Jauna, zure urrikalmendu handiaren arabera.
Bekatuan kontzebituak izan gare guziak,
salbo Andre dena Maria, Jainko-Gizonaren Ama
Saindua. Bainan geroztik, gutarik gehienetan,
adimendua ethorri zaikun ondoan, zenbat bertze
bekatu, gure flakezaz eta gure nahiz eginak!
Badakigu, bekatuak gizona Jainkoaren ganik
urruntzen, eta haren etsai egiten duela. Ezen,
bekatua Jainkoaren kontrako errebolta bat da.
Bainan gogor eta hasarre egonen othe da
Jainkoa, urrikitan sartzen den bekatorearentzat?
Ez othe da harentzat izanen barkamendurik, eta
Jainkoarekin baketzerik?

Bai; Jainkoa ona da eta urrikalmenduz bethea: Misericors et miserator Dominus. Eta bekatore penitentzia egiten duteneri, barkamendua
merezitu diote Jesu-Kristok bere heriotzeaz.
Kurutzearen gainerat igan baino lehen, zoin eztiki, gure gogoak eta bihotzak preparatzen dituen!
Zoin ungi, Ebanjelio Sainduan agertzen zaikun,
amodioz eta urrikalmenduz bethea den Salbatzaile bat bezala! Horra Samaritanoa! horra
Maria Madalena; horra bekatu itsusian aurkitua
izan den emazte ahalkatu eta umiliatua: barkatuak, eta bere bekatuetarik garbituak altxatzen
dire haren oinetarik.
Jainkoaren Semea gizon egin aintzinean, ez
da nihor izan bekatuen barkatzeko botherea
beretu nahi izan duenik. Hori da gauza bat Jainkoak xoilki egin dezakena. S. Agustinek erraiten
du, inpio batetarik justu bat egitea, gauza miragarriagoa dela, ezen ez, zerua eta lurra ez deusetarik ilkiaraztea.
Mundu huntan zelarik, bekatuak barkatzen
zituenean Jesu-Kristok, Jainkozko eta osoki Jainkozko obra bat egiten zuen.

Bainan, ez zen Jesus bethi lurraren gainean
egotekoa, eta zerurat igan baino lehen, nahi izan
du Elizan utzi bekatuen barkatzeko botherea.
Huna zer erran zion Jaun Doni Petriri: «Emanen dauzkitzut zeruko gakoak... Lurrean barkatzen ditutzun guziak, zeruan ere barkatuak izanen dire» (Et tibi dabo claves regni coelorum. Et
quodcumque ligaveris super terram erit ligatum
et in coelis, et quodcumque solveris super
terram erit solutum et in coelis. (Matth. XVI,
19).). Eta zerurat igan aintzinean, erran zioten
oraino bere Apostolu guzieri, elgarrekin bilduak
zirelarik: «Nik egortzen zaituztet, ene Aitak ni
egorri nauen bezala; errezibi zazue Izpiritu Saindua; bekatuak barkatuak izanen dire, nori eta
ere zuek barkatuko baititutzue, eta ez dire barkatuak izanen, nori eta ere ez baititutzue barkatuko» (Quorum remiseritis peccata, remittuntur
eis; et quorum retinueritis, retenta sunt. (Joan.
XX, 23).).
174 Erraiten baliote bezala: «Ni, ezarria izan
naiz ene Aitaz, gizon guzien juie soberano; bada,
nik egortzen zaituztet munduaren salbatzera eta
juiatzera, ene Aitak ni egorri nauen bezala; ene

Aitak eman dautan botherea, eta Jainko bezala
ene baitarik dudana, emaiten dautzuet; ene urrikalmenduaren minixtroak egiten zaituztet; barka
zatzue bekatuak: barkatuak izanen dire, zuek
barkatzen ditutzueneri.
Bothere handia eta mirestekoa! Ez, gizon
batzuen urguluarentzat emana, jakin dezagun
ungi, bainan bekatore guzien onarentzat. Jainkoaren amodioaren eta urrikalmenduaren obra da.
Eta ez da hemen izari, ez neurririk. Bekatu
guziak, nahi bezin handiak, barkatuak izan ditezke. Jesusen hitzak, ez du nihor ez deus, kanpo
uzten: «Bekatuak barkatuak izanen dire, zuek
barkatzen ditutzueneri».
Elizari utzi dio beraz Jesu-Kristok bekatuen
barkatzeko botherea. Bainan, guk gure aldetik,
ez othe dugu deus egiteko, nahi badugu barkamendua izan?
Egia da Jainkoa barkatzera ekharria dela. Bainan ere, bihotzeko asko disposizione galdegiten
ditu; guzien gainetik, bekatuaren herra, eta hartarik urruntzeko xede zina.
Bihotzak egin du bekatu; bihotza urrundu da
Jainkoa ganik, kreaturari estekatzeko. Barka-

menduaren izaiteko, bihotzak behar du beraz,
kreaturen ganik urrunduz, berritz Jainkoa ganat
itzuli. Bekatuaren herra, eta bekatuarentzateko
urruntasun hori gabe ez daiteke izan barkamendurik.
Gauza hori agerian da. Nahi bezin ona eman
dezagun eta izan dadien Jainkoa, ez dezake barkamendua eman eta bere adixkidantza bihur,
bekatuan, eta beraz, debruaren zerbitzari egon
nahi denari. Hori da ez daiteken gauza bat. Ez
detzazke nihork bi nausi zerbitza, eta bereziki
Jainkoa eta debrua: Nemo potest duobus dominis servire. Ona eta urrikalmendutsua da Jainkoa, bainan ere, zuzena eta justua. Haren amodioa berritz kobratu nahi duten bekatoreeri, galdegiten du bekatuaren herra. Justu eta zuzen da.
175 Bainan, zoin da, bekatuen barkamenduarentzat, Jesu-Kristok establitu duen moldea?
Hura da penitentziako sakramendua.
Sakramendu horren minixtroak izan dire
lehenik Apostoluak, eta hekien ondotik, Aphezak. Hekieri errana izan zaiote: Bekatuak barkatuak izanen dire, zuek barkatu ditutzueneri, eta
ez, barkatu ez ditutzueneri. Gauza hau finkatzen

dute S. Anbrosiok eta S. Krisostomok erraiten
dutenean, Aphezak direla bekatuen barkatzeko
botherea dutenak.
Sartu gabe hemen xehetasun handietan
(Gure xedea da, bertze liburu bat egitea geroxago sakramenduez.) erran dezagun, Penitentziako sakramenduaren baitezpadako kondizione
bat dela, bere bekatuen kofesioa edo aithorra.
Jesu-Kristoren hitza dudan ezin emanezkoa da:
«Errezibi zazue Izpiritu Saindua; bekatuak barkatuak izanen dire, zuek barkatzen ditutzueneri,
eta ez dire barkatuak izanen zuek barkatzen ez
ditutzueneri» (Joan. XX, 23.) .
Ageri da hitz horietarik, bai Apostoluak, bai
hekien ondoko Aphezak, arimen juie Jesu-Kristok
egin dituela. Bada, behar du jakin juie batek,
nork duen barkamendua merezi, eta nork ez.
Behar du jakin zeren gainean behar duen ekharri bere juiamendua. Hortarik ageri da, behar
duela bekatoreak bere bihotza aphezari ideki,
eta bere bekatuaren aithorra egin. Hori gabe,
itsua laiteke aphezaren juiamendua. Ez duke
hori nahi izan Jesu-Kristok. Eta horra zertako,
Penitentziako sakramenduan, Aphezak juie eta

bekatuen barkatzaile egiten dituelarik, galdegiten duen bekatoreeri bere bekatuen aithorra.
Kapitulu hunen hitz guzietarik ageri zaiku, ez
duela Jainkoak bekatorea barkamenduaren
esperantza gabe utzi. Urrikalmendutsua da Jainkoa, eta bekatore handiena bera nahi du salbatu.
Bekatoreak, zohazte beraz haren ganat; eta
non aurkituko duzue segurki? Penitentziako
sakramenduan; kofesio on eta laño batean.

HAMEKA-GARREN KAPITULUA
Haragiaren phiztea
176 Garen guziak hiltzeko sortzen gare. Adameren bekatuaz geroztik, guzientzat ekharria da
lege dorphea: Guziek hil behar duzue: Statutum
est hominibus semel mori.
Bainan ez gare osoki hiltzen. Gorphutzetik
ilkitzearekin, arima sartzen da eternitatean.
Arima ez da hiltzen.
Erran daiteke, heriotzea dela, gorphutzarentzat ere, denbora batetako lo bat bezala. Badoha
lurrerat; lurrean hartua izan zen Jainkoaz hastapenean. Bainan ez doha lurrerat bethikotzat.
Zenbat nahi zathitan barraiatua izan dadien, ilkiko da egun batez lurretik, eta, bere bizian laguntzat izan duen arimari juntatua izanen da. Hori
da Elizaren sinhestea: Credo in resurrectionem
mortuorum: sinhesten dut hilen phiztean.
Erlijione eta fede gabekoeri, garratz eta dorphe zaiote erakaspen hau. On litzaiokete, jaidura
tzar guzien zerbitzari bizi ondoan, ez balitz bertze bizirik; gorphutza lurrari bihurtu ondoan, oro

hortan akabo balire. Juiamenduak, bethi-ereko
biziak, ikhara eta nahasmendu handitan emaiten
ditu.
Bainan alferretan; hekien uste faltso eta nahi
guziak, amets batzuek izanen dire. Arima ez da
hiltzen, eta gorphutza bera, ez da denbora
batentzat baizen izanen lurraren barnean.
Huna zer zion Jainkoak bere populuari Profeta baten ahoz: «Phiztuko dire zuen hilak» (Vivent
mortui tui, interfecti mei resurgent. (Isaias. XXVI,
19).).
Nor ez da orhoitzen Job, gizon sainduaren
ixtorioaz? Jainkoaren nahiaz, eta gizon saindu
horren bertute eder eta handia agerian emaitea
gatik, zilegi izan zen debruari, molde guziz haren
tentatzea, gaizkirat lerarazteko. Garrazki joa
izan zen bere izaite eta aberastasunetan, bere
familian eta haurretan.
Gehiago dena, haren gorphutza zauri itsusi
eta izigarri bat egina zen. Desmasia eta zorigaitz
hoikien guzien erdian, huna zerk sustatzen zuen,
eta altxatzen zioen bihotza: «Badakit, zioen, ene
Salbatzailea eta Erostailea bizi dela, eta azken
egunean, ni ere phiztuko naizela; beztitua izanen

naiz berritz ere ene haragiaz eta begi haukiekin
berekin, ikusiko dut ene Salbatzailea... sinheste
eta esperantza hori ene bihotzean dakarzket»
(Scio enim quod Redemptor meus vivit, et in
novissimo die de terra surrecturus sum: et rursum circumdabor pelle mea, et in carne mea
videbo Deum meum... reposita est haec spes
mea in sinu meo. (Job, XIX, 25-26-27).).
Zoin den argia Testamentu berriaren erakaspena, haragiaren phiztearen gainean!
Huna lehenik, zer dion Jesu-Kristok berak:
«Heldu da orena, zointan, hobien zolan direnek
entzunen baitute Jainkoaren Semearen boza,
eta, ungia egin dutenak, altxatuko dire, bizirat
phizteko, eta aldiz, gaizkia egin dutenak, juiatuak izaiteko» (Venit hora in qua omnes qui in
monumentis sunt, audient vocem Filii Dei. Et
procedent qui bona fecerunt, in resurrectionem
vitae; qui vero mala fecerunt, in resurrectionem
judicii. (Joan. V, 28-29).).
Gisa berean mintzo zaiku Jaun Doni Paulo:
«Hilak phiztuko dire, gehiago ez hiltzeko».
177 Adimenduak berak erraiten dauku, zoin
zuzen den, gorphutza berritz arimari juntatua

izan dadien, elgarrekin saristatuak edo gaztigatuak izaiteko. Hainitz aldiz, arima gorphutzaz
zerbitzatu izan da, ongiaren egiteko; justu eta
zuzen da, gorphutza izan dadien arimarekin
sariztatua. Hala nola ere, hainitz gaizki egiten
baitu arimak gorphutzaren medioz, eta gorphutzeko jaidura tzarrak direlakotz, zuzen baita,
parte izan dezan gorphutzak gaztiguan, nola
izan baitu bekatuan.
«Eta nahi baduzue eman dezadan arrazoin
bat oraino handiagoa, eta Salbatzailearen
majestateari hobeki dohakona, erranen dautzuet, Jainkoaren Semeak, arima bat bezin ungi,
gorphutz bat hartu duela; gisa hortan, gizona,
den bezala eta oso osoa, juntatu izan du bere
Jainkozko presunari; zuzen zen beraz, haren botherea heda zadien gorphutzari, arimari bezala,
eta gizona, den guzia, haren juiamenduari sumetitua izan zadien». Horra nola mintzo den Bossuet handia, azken juiamenduko predikuan.
Hori dohako egiazki, Jainkoaren justiziari.
Bainan, Jainkoaren justiziak gorphutzen phiztea galdegiten badu, erranen dut ere, gauza
bera galdegiten duela haren amodioak.

Zer bada? Gorphutz hau, Jainkoak bere
eskuez moldatu, eta bere hatsaz bizirat eman
duena; gorphutz hau, bathaiako uraz eta konfirmazioneko olioaz kontsekratua; gehiago dena,
Komunione Sainduan, Jesusen gorphutzaz eta
odolaz hazia, ustelduraren bazka izanen dela
bethikotz? Hori ez daiteke.
Beraz, phiztuko gare; Jainkoaren justiziak eta
amodioak higual galdegiten dute.
Jainkoak, xoilki, ezagutzen dituen eguna eta
orena ethorriko direnean, boza bat entzunen da,
Jainko Semearen ahotik ilkitzen, erranen duena:
Hezur ihartuak! Entzun zazue Jainkoaren hitza
(Ossa arida, audite verbum Domini. (Ezech. XXXVII, 4).).
178 Hitz botheretsu hori entzunen denean,
munduaren laur bazterretan, hilen hezur ihartuak, herrauts bilhakatuak, elgarretarat bilduko
dire; lurraren erraiak, itsaso zabaleko lezeak,
bizizko haize batez bezala mugituak izanen dire.
Aspaldiko urthe eta mendeetan gordetzen zuten
bazka, bihurtuko dute eta berritz argitan emanen: Jainkoaren izpirituak bilduko ditu gorphutz
hilen ondarrak, eta bizitze berri bat emanen

diote; arimak izanen dire lehen zituzten gorphutz bereri juntatuak: Adamen arraza guzia aurkituren da betbetan phiztua, eta juiamenduaren
entzuteko bildua.
Inpioek, fede gabekoek erranen dautet: Nola
daiteke, hainbertze mila eta mila zathitan, gure
gorphutza barraiatua izan den ondoan, berritz
gorphutz bera bilhaka dadien? Lurreko harren
eta itsasoko arrainen bazka, landareen hazkurri,
mila ganbiantza jasanak, nola, leheneko gorphutz bera molda daiteke?
«Zer diozu? dio Tertulianok, Jainkoaren bothereaz nahi zare dudatu? Ez deusetarik gure
gorphutzak egin dituenak, ez detzazkela, bere
gai berarekin berritz molda?»
Hori da mirakuilu bat, nahi dut; bainan kreazioneko mirakuilua baino ttipiagoa. Eta bertzalde, nor da, Jainkoaren bothereari izariak eta
mugarriak eman nahi lituzkena?
Nahi duzue ikusi, zuen inguruetan, zuen
begien aintzinean, gure gorphutzen phiztearen
itxura bat? Nola, heriotzetik ilkitzen den bizia?
Kontsidera zatzue arbolak eta landareak;
neguan, elhurpean, hilak dute iduri; ferdetzen

dire berritz primaderan, ostoz eta lorez estaltzen. Hazi bat emaiten dugu lurraren barnean:
han, zenbeit egunen buruan usteltzen da. Nork
erran lezake, hazi usteldu hartarik ilkiko dela laster, landare xut, ferde eta lerden bat, lorez lehenik, eta laster frutuz kargatuko dena?
Erran dezagun, akabatzean, Job Patriarkarekin: Oi ene Jainkoaren botherea! Badakit, sinhesten dut, phiztuko nauzula! Badakit, sinhesten
dut, berritz ere, azken egunean, ene arimak eta
gorphutzak bat eginen dutela! Oi ene Jainkoa eta
ene Salbatzailea! Ene begi hautaz, berritz ikusiko zaitut! Hori da ene sinhestea, eta hori da ene
esperantza!

HAMABI-GARREN KAPITULUA
Juiamendu jenerala
179 Hilak phiztuko dire egun batez, Jainkoaren bothereaz. Arimak juntatuak izanen dire
bere gorphutzeri. Ez da deus zuzenagorik. Arimak eta gorphutzak, ungia edo gaizkia, elgarrekin egin dutenaz geroztik, zuzen da, elgarrekin
izan ditezen sariztatuak edo gaztigatuak.
Gizon guziak phiztu diren ondoan, izanen da
juiamendu jenerala eta publikoa.
Jesu-Kristo agertuko da bere Jainkozko bothere eta majestatean. Kontzientziak, arimak agerian emanak izanen dire. Gizon guzien begietarat emana izanen da liburua, zointan baitire
izkribatuak bakotxaren egite on eta tzarrak. Ez
da izanen obra bat, hitz bat, pentsu bat gordea
egonen denik.
Zertako bada juiamendu publiko hori, gizon
bakotxa jadan, heriotzeko mementoan juiatua
izan denaz geroztik, eta haren bethiereko zortea
finkatua?

Jainkoaren Probidentziak eta justiziak berdin
galdegiten dute juiamendu hori. Zoin ardura
ikusten dugun mundu huntan, Jainkoaren Probidentzia blasfematua, eta haren justizia, iduriz
bederen itzalia!
Ez othe da zuzen, ager ditezen egun batez,
bere argi osoan, eta guzien begietan?
Zoin ardura ikusten den ere justua, aphaldua,
mezprezatua, oinen pean emana, eta askotan,
gaxtagintzat atxikia, Jesu-Kristo bera izan zen
bezala! Zenbat obra on, Jainkoaz eta aingeruz
xoilki ikusiak, saririk izan ez dutenak bizi huntan!
Zenbat gaxtagin ere aski amarrutsu eta ausartak, bere gaxtakeriak gordez, ohoreak, karguak
menturaz, eta bere lagunen estimua ebasten
dutenak?
Jesusek bere bizia eraman zuen, ongia egiten
zuelarik: Pertransiit benefaciendo, eta bi ohoinen
erdian hiltzera kondenatua izan zen. Zenbat
arima on eta justu, bere ongi egin guzientzat, laidoa eta mezprezioa biltzen dutenak! Zuzen da,
egun batez, guzien aintzinean, bakotxa ikusia
izan dadien merezi duen bezala; justua ohoratua, gaxtoa aphaldua.

Bainan, bertze arrazoin handi eta eder bat
ikusten dut oraino, juiamendu jeneralaren beharra esplikatzen daukuna. Jesu-Kristo, Jainkoaren
Semea, Berbo Dibinoa, gizon egin da guretzat,
guretzat aphaldu da. Kurutzean, gaxtagin bat
bezala, bi ohoinen erdian emana izan da. Ez othe
da zuzen, amodioz ez bada, bortxaz, errezibi
dezan zor zaion ohorea eta adorazionea?
180 Lurrerat ethorriko denean, bi-garren
aldian, gizonen juiatzera, belhaun guziak
orduan, haren aintzinean aphalduko dire, eta
agertuko da egiazki dena. Gizon eta Jainko, zerulurren adorazione guziak merezi dituena.
Orduan izanen da hautsia, guzien begietan,
Pilatusen juiamendu zuzen kontrakoa. Orduan,
pasioneko oren ilhunetan ikusi izan zen arphegi
desegin hura, agertuko da bere distiadura
guzian, eta Jainkozko edertasunean. Orduan
egiazki, kurutze adoragarria, onen kontsolagarri,
gaxtoen kondenazione izanen da; zeruak eta
lurrak kantatuko dute laudoriozko kantika:
Hosannah gloriazkoa, eternitate guzian, handik
harat, ixilduko ez dena.

Gehienen ustea da, azken juiamendu hori
mundu huntan berean eginen dela. Hola dio iduriz Credo edo sinhesten dutek: Inde venturus est
judicare vivos et mortuos. Handik, erran nahi da,
zerutik, ethorriko da bizien eta hilen juiatzera.
Eta egiazki, ez du iduri, erreprobatuek eta damnatuek zerurat igan behar dutela, bere juiamenduaren entzutera; bertze buru batetik, ez othe
da zuzen, sariek eta gaztiguek bere hastapena
izan dezaten, non eta ere merezitu izan baitire,
erran nahi da, lur hunen gainean? Erran dezagun
ere, gure ustearen arabera, zuzen dela, JesuKristo juiatzaile izan dadien, non eta ere bera
juiatua izan baita: altxatua izan dadien, non izan
baita aphaldua.
Uste izaiteko da beraz, Josafateko arana izanen dela, gizon guzien juiamenduaren lekua.
Jerusalemen eta Olibetako mendiaren artean da,
Kalbarioko eta Jesus zerurat altxatu izan zen
mendieri hurbil. Iduri luke egiazki, leku hori osoki
hortakoa laitekela, justuak partalier sar ditezen,
Jesusen pasionearen frutuetan; eta ere, JainkoGizon egina, ohoratua eta Jainkotzat guziez eza-

gutua izan dadien, non eta ere izan baita umiliatua eta aphaldua.
Gure arimen onarentzat, entseia gaitezen
ikustera, zer den gertaturen, juiamenduko egun
handi hortan. Behar dugu guziek egun hortaz
orhoitu, eta orhoitu arthoski.
Han izanen dire, juiamenduan, gizon guziak
phiztuak eta elgarren ganat bilduak. Alde batetik, justuak, bere gorphutz distiaduraz eta gloriaz
beztituekin; bertzetik, gaxtoak, bekatuak egin
diozkaten gorphutz itsusi eta izigarriekin.
181 Huna non, betbetan, ikusten den Jainkoaren Semea, argiz egina eta inguratua den tronu
baten gainean jarria, zeru goratik jausten, ezin
erranezko gloria eta majestate batez beztitua.
Haren aintzinean dathor Kurutze adoragarria,
justuen kontsolazionea eta salbamendua, gaxtoen kondenazione ikharagarria. Aingeru oste
handi batek inguratzen dute, gorte egiteko
haren Jainkotasunari, eta justuak sar-arazteko
zeruan, arima eta gorphutz.
Han dire debruak Jainko-Gizonaren oinetan
(Egredietur diabolus ante pedes ejus. (Habacuc,
III, 5).), bortxaz haren Jainkotasunaren ezagutze-

ko. Bainan ere, orenari beha dagozi, zointan,
bere bazka ifernuko lezetarat herrestatuko baitute.
Ez da bilhatze luzen beharrik izanen. Betbetan, egintza eta pentsu guziak, urthez urthe,
egunez egun, orenez oren, argitan emanak izanen dire. Gutarik batbederaren bizia izkribatua
den liburua, idekia izanen da: Liber scriptus proferetur, in quo totum continetur, unde mundus
judicetur. Gauza gordeenak agerian emanak izanen dire: Quidquid latet apparebit; zer ahalkea
orduan, bere bizitze galdua, hainbertze artharekin, gorde izan duten bekatoreentzat!
Mundu huntan bizi zirelarik, izan dire menturaz, bere itxura enganakorra zelakotz, ohoratuak, ongi ikusiak, eta horra non agertzen diren
orai egiazki ziren bezala: hobi, kanpotik xurituak,
eta barnean ustelduraz betheak: Quidquid latet
apparebit.
Eta nihorat ez, ihes biderik. Jainkoaren argia
sartuko da arimen zolaraino, guziak agerian
emaiten dituela, onen kontsolazionearentzat eta
gloriarentzat, tzarren ahalkearentzat. Eta entzunen da gero Jesu-Kristo Juie Soberanoaren boza:

Zatozte, erranen diote justueri, amodiozko arphegi ezti batekin, zatozte, ene Aitaren adixkide
maiteak; zatozte, munduaren hastapenetik preparatua zaitzun erresumaz gozatzera. Bihotz
garbi eta zuzenak, huna non ethorria den zuentzat, ene justizia amultsuaren egun handia; segi
nazazue, ene heriotzeaz ideki dautzuetan zorionezko Parabisurat. Ene guduetan izan zarete;
izan zaiztela ene gloria eta trionfan.
182 Bainan ere, zoin ikharagarria izanen den
Jesusen arphegia, bere justizia garratzian itzuliko
denean erreprobatuen alderat, erraiten diotelarik: Zorigaitz zueri! ikus zazue Bihotz hau, zuen
ihes leku izaiteko zilhatua izan zena; ikus zatzue
oin eta esku hauk, zuentzat kurutzeari itzatuak!
Bilhatu zaituztet, eta zenbat amodioekin, eta
ene amodioari ihes ibili zarete. Ene gonbidu
eztiez, ene odolaz, ene heriotzeaz, zer egin
duzue? Salbatu nahi zintuztedan; nahi izan
duzue galdu. Zohazte beraz, zuek berek hautatu
nahi izan duzuen bethi-ereko zorigaitzerat;
zohazte ene begietarik urrun, madarikatuak,
bethiko su lametarat: Ite, maledicti, in ignem
aeternum.

Nor ez da ikharatua geldituren pentsamendu
lazgarri hortan? Bekatoros trixteak, egin dezagun oihu, denbora deino, gure Salbatzaile amultsuari, Jesusen Bihotz urrikalmendutsuari.
O Jesus eztia! orhoit zaite, enetzat ethorri
zarela zerutik lurrerat; ez nazazula galtzera utz
azken egunean:
Recordare, Jesu Pie,
Quod sum causa tuae viae,
Ne me perdas illa die.
Ez dute merezi ene othoitzek, zutaz entzunak
izaitea; bainan ona zare. Izan zaite ezti enetzat;
ez nadiela erre, bethi-ereko suan:
Preces meae non sunt dignae:
Sed tu bonus, fac benigne,
Ne perenni cremer igne.
Azken egunean, o Jesus! entzun dezadala
zure boza, zerurat justuekin deituko nauena:
Voca me cum benedictis.

HAMAHIRUR-GARREN
KAPITULUA
Bethi-ereko bizitzeaz
183 Zer bilhakatuko da, juiamendu jenerala
ondoan, gure arima berritz hartu duen gorphutzarekin? Joanen da, edo bethikotz zerurat, edo
bethikotz ifernurat.
Adiarazi dugu jadanik; arima ez da hiltzen.
Haren naturaleza eta izaitea, gorphutzaren naturalezatik osoki bertzerik dire. Gure gorphutza,
hin batean, begiez ikusten ditugun bertze gorphutz guziak bezalakoa da: hala nola baitire animaliak, landareak eta lur hau bera. Horra zertako, galtzen duenean heriotzeaz, arimak emaiten
dion bizia, usteldura bilhakatzen den, bertze
gorphutz guziak bezala, eta, lurrarekin bat egiten duen.
Arimaren bizia, gorputzaren bizitik osoki bertzelakoa da. Baditu bothere edo ahal batzuek,
gorphutzak ez dituenak; arimak nahi du, pentsatzen du, arrazoinatzen du, eta ungia maite du. Ez

da nihor uste izan dezakenik, horiek guziak,
gorphutz xoil batean izan ditezkela.
Izpiritu huts bat denaz geroz arima, ez daiteke bere naturalezaz, gorphutzaren zorte berari
sumetitua izan.
Hortik, fedearekin eta gizon argitu guziekin,
sinhesten dugu ez dela arima hiltzen. Uste dugu,
eta fermuki sinhesten dugu, lur huntan, gorphutz hilkor hunekin daramakan biziaren ondotik,
izanen dela akabantzarik izanen ez duen bertze
bizitze bat; eta, haragiaren phiztearen ondoan,
gorphutza bera, arimarekin partalier izanen dela
bizitze hortan.
Nor da, bethi-ereko bizitze horren asmua,
bere baitan aurkitzen ez duena?
Ezin bethezko leze bat bezala da gure arima,
mundu huntan. Garraiatzen ditu berekin, nahikunde, gutizia, behar, pentsamendu, mundu
hunek sasia eta aphezega ez detzazkenak.
Bertze kreaturek, lur huntan aurkitzen dute,
bere behar eta gutizien bazka, eta kontentazeko
errextasuna. Gizonak, ez. Zenbatenaz ere zorion
baitu, eta hanbatenaz gehiago nahi du. Bere baitan dakarke, kreatzaileak berak eman dion sen-

timendu hau, zorion osoarentzat egina dela, eta
ez du zorion oso hori aurkitzen mundu huntan.
Bilhatzen baditu atseginak, laster asetzen dute;
aberastasunetan igeri bada ere, ez diote aberastasun horiek bere bihotzeko hutsa bethetzen.
184 Zer erran nahi dute horiek? Baizen, Jainko gure egileak eman duela gu baitan, bethiereko zorion oso baten asmua eta gutizia?
Beraz, edo enganatu gaitu Jainkoak, edo, zorion