Buruxkak - 5
horra zer daukan gehienik.
«Hitz batek badauka, hots, ene erasiaren
funts guzia: ez denik ez dela mundu zabalean.
«Bainan aski oraikotz! Etzaretea leporaino
aseak ondoriorik deus ez dakarketen solas lizun
alfer hoitaz? Goazin itsas hegira, han gozatzeko
gogoak bat bederari emanen daukun bezala,
bertzela alabainan ez baititeke...
«Ez nuke nahi zuetarik nehor bere egitekoetarik aldaratu. Ikusten dut potikarioak uztekotan
gaituela, lilittoer jarraikitzeko. Notariak baduke
behar bada norapeit galdea. Zorionezkoak
horrek bezala izarra kopetan duten gizonak!...
Medikuak aldiz itsasoan nahiko du sarthu, eta
zafratu bere odola, ur gaziak eman dezon gerokotzat etxean amesten duen familia handi haren
hazteko indarra. Nik aldiz, aithortzen dautzuet
lañoki, luzesko mintzatu nizalakotz edo bertzela,
zintzurra idortua dut; eta etzaut iduritzen deus
beharragorik baduketala orainxe, nola bock bat.
Nahuzue nik bezala egin? Gogotik orori bedera
dopatzuetr... Goazin.
CANADAKO BERRIAK
—I—
British Columbian 1907ko abendoaren hemeretzian egina
Aneia maitia,
Negu minean sarthuak gituk. Haize hotz,
horma, elhur, badiuk orotarik. Ez nik uste bezenbat haatik oraino: Alberta eta Columbiako hegal
hau bere heinean epelxagoa omen duk. Balitz
ere den baino hotzagoa, ez nikek bertzela beldurrik: soineko beroekin zabilak hemen jendea, nor
nahi izan dadin.
Oinetan, caoutxuzko zapata lodi batzu, barnetik ilearekilakoak, elhurra ez baitzeie lotzen
eta zangoa baitaukate bethi idorrik; buruan,
lenazko estalgi bat edo biga, —kaskoa, beharriak, lepoa, kokotsa dauzkatenak, kasketa batek
gainetik tinki atxikitzen dituelarik; caoutxuzko
edo larruzko mapulisa; eskuak ere ilez eta larruz
gorderik.
Hoinbertze puskarekin dantza jauzietako ez
ginintazkek hanbat; laneko, aldiz, bagituk... doidoia.
Nola, dakikan bezala, oihanen erdian bizi bainiz, su ederrik ere ikusten diat. Zerbeit duk, hori
ere, suaren ikustea: bihotza berotzen daik.
Hastapeneko lagun berekin nagok: lau
Angles, hiru Nortamerikano, bi Indio, Finlandes
bat gaitza eta Chino kurlo bat, debruak berekin
ditiena. Oro anglesez mintzo. Bahaki nihauk ere
zoin polliki murdukatzen hasia dutan! Frantses
bakarra nuk orainokoan. Ene izen eskualduna
hortzen artean ezin xehatuz, arabez, bethi erraiten zaitaie Franchich: Franchich hunat, Franchich harat!
Batzu arbola mozten ari gituk, bertzeak heien
eremaiten segerialat. Segerian ere baituk, nausiarekin, guk ekarriak lantzen dituztenak eta taulatzen.
Hamabi libera emaiten zaiztaian hastapenean nausiak eguneko, eta jana. Hogoi ta lau
orenetarik zortzi edo bederatzi laneko: bethi arizan behar haatik ephe hortan, erran nahi deat
egin ahala eta ixilik. Eskual-herrian laket diuk
zenbeit elhe eta irri artetan, baratzea ere ba
noiztenka zigarreta baten estakuruan; hemen,
Manex, ez diat bada uste holakorik haizu den!...
Jan nasaia, bainan ditaken higuingarriena, dena
sukrea delakotz. Oraino ezin jarriz nagok! Anglesek gatzaren orde bethi sukria die. Lur-sagarrak
berak sukriarekin emaiten zaizkuie! Ez dik iduri
dakitela badenetz ere biperrik. Zioie sukria azkar
dela barnekotzat: ez nian oraino holakorik
entzun.
Janaz bertzalde, nausiak emaiten ere zaukuk
atherbia. Aditu duk? Atherbia. Nausi batek bere
langileer zor omen dik jornala, jana ere batzutan,
bai eta atherbia; bainan oherik edo ohearen idurikorik, ez. Atherbia bakarrik. Hola ziok gure
Anglesak. Hortakotz taularen gainian etzan nuk
zenbeit egunez, ez baita batere goxo. Orai baitiat erosiak estalgi batzu, azpiko eta gaineko,
baitut heien beharra, gure taulazko etxearen
arteketarik xixtuz haize hotza sartzen ohi zaukulakotz.
Bainan igandeak dituk hemen hitsak! Hirixka
baten aldean girelarik, han ez izanki elizarik; elizarik hurbilena hiruetan hogoi ta hamar kilome-
tretan aurkitzen. Harma harturik, bagoazik
denak ihizirat. Hiltzen diuk zer nahi xori mota;
hemen ez denik ez bide duk. Akitu girelarik, irakurtzen, izkiriatzen bagaudek, ez girenean joaiten hirirat. Gogotik bazeramaiat, burutik buru,
hitzemaiten deiat, igande guziez igortzen dautakan Eskualdun Ona, nahiz hunarat orduko bere
berriñoak irinduxeak dituen. Ah! mutikoa, sorherriko orhoitzapenek atsegin zerakarguie zoko
hotan!
Nerraian oixtian zer jornal emaiten zaundan
lehenbizian nausiak. Ederki zuan. Hanbatenaz
ere ederkiago non, etzelarik laneko arorik, jornal
hori kenduz uzten baitzaungun jana eta... atherbia. Bainan, duela hamabortz bat egun, ttipitu
zaukuk irabazpidea, erditaratu kasik. Aditu
dukek nola Etats-Unisetako bankoak hetsi diren
eta ehun libera paperrendako ez ditaken hor
hogoi ta bortz libera urre baizik eskura. Gure
makurra hortarik jin zaukuk, Canada delako
leihorrari jarraikitzen baita orotan. Eta noiz
xuxenduko diren bazterrak, nehork ez jakin; laster eginen direlako ustea edo nahikaria ukanki
ba, denek.
Bertzalde, Presidentaren izendatzeak salerospen guziak baratzen ditik. Hemen nahiago
likeie hauta baledi Taft jauna, gutartekoarentzat
oraikoa bezain ona omen bailiteke. Bainan hirietako langileek bertze batendako omen zauzkaie
beren bozak, harek agindurik itsas leihorretako
sarkuraren idekitzea ardietsiko deiela, bizitzeko
behar dituzten guziak horrela ukan ditzaten
gatik nasaiki eta merke. Geroak erranen nork
eginen duen amor.
Badiuk oraino bertze errangura bat: Japones
madarikatu hoik ea bakean utziko gituztenez.
Rusoak erhautsiz geroztik, nehon etzauzkek;
hortzak xorrrotx, sabela huts, kexu gogoa, nork
daki ez zaizkigunez bermatuko lur zati zenbeiten
jokotriaz edo indarrez edekitzera?
Holako berriak, to, hemen. Ez arras onak, ez
gaixtoak, ikusten dukan bezala. Bierarte. Eta
hor? Zer diozie Frantzia xoko hortan? Ni baratzen bainiz orai, hire aldi: igor laster dazkikanak.
Eta izan ontsa. Goraintzi etxekoer; ez ditela
errangura nitaz.
—II—
British Columbian 1909ko urtarrilaren bortzian egina.
Aneia maitia,
Aldi huntan Canadako berriak Canadakoak
bezenbat edo gehiago Etats-Unisetakoak bidaltzen daizteiat. Leihorrez bezala sal-erospenez
hauier josia duk hura; eskuz esku zabiltzak;
baten ona bertzearen on; urte xarrek biak hunkitzen eta mehatzen, araberan; urte joriek biak
jende arau neurri berean leguntzen.
Xarra ginian bada ondar hau, zinez, auzoan
xarra zelakotz!
Nola abiatu ziren patarra beheiti auzo hoik,
zeren gatik, xuxen ez nakikek. Zaukaiat urreak
jende xeheari uste gabetarik huts egin dakon.
Zernahi lan bururatu, dela burdin-bide, hiri, urerreka, dela itsas-untzi, eskoletxe, mekanika,
bainan paperra dirutzat ibiliz, azkenekotz gertatu duk hauxe: aberatsek, buruzagiek beren eskurat bildua baitzuten urre guzia, hau begiratu die
gorderik, paperra urrearen berdinerat igaitera
etzutelarik uzten emeki emeki baizik.
Arte hortan, jabe ziren urreak zer eman
deien, habil hi! Beren herrian alfer idukitzeko
orde, iduri zautak alabainan auzo erresumetan
bederen alharazi dutela, eta ez guti.
Banko gehienak paperrari hetsiak egon tuk
urte bat hurran. Zenbeit bakar zituan hartzen
zutenik, hiruendako biga emanez dirutan, garaitikoa gerokotzat aginduz.
Hanbatenaz tinkiago atxiki die aberatsek
beren urre-moltsa non bozkatzeer buruz jende
xehearen beldur baitziren, hok Bryan beren gizona presidentgorat hel zezaten.
Badakika noiz ideki duten sakela eta bihotza
noiz zeien jabaldu? Taft, beren aldekoa, nausi
gelditu delarik. Niri, hasteko, etzautak gogoak
bertzerik emaiten.
Dena den, urte xarrago guti dikee jastatu
lanetik bizi direnek. Etzuan eta lanik! Tegiak oro
lo zaudeian, hutsik. Bideak bakarrik betheak...
eskalez. Gizon hiltze hanitz herrietan: lehengo
batentzat hamar! Gezurra, herra, jazarkundea,
tzarkeria, ohointza bazter guzietan nausituak.
Goseak garait etzezazkenak eritasunak lehertzen.
Mendietako artzainak berak hatzeman tik
urte xarrak, nahiz ez bertzeak bezenbat. Ileak
etzian joaiterik: sei sosetarat jautsia izan duk,
goititzeko haatik laster hamabietaraino. Hogoi ta
bortz liberetan erosi ardiak hamabortzetan ezin
sal, tokiaren gainean bederen. Bazazkiat Nevadan artzainak, beren arthaldeak ezin kenduz
treinean sarthu dituztenak eta Frantzia bezalako
hiru eremu heiekin iragan, Chicagoko merkatu
handian eginen zutelakoan zerbeit; eta hemen
hamasei, hamazazpi liberetan doidoia saltzerat
heldu.
Californian mutilen soldatak lekutan ttipitu
tie; mutilak ere ba gutitu. Urrian, ondarrik, bazituan San Franciscoko hiru ostatutan 150 Eskualdun gazte, jin berri eta zahar, lanik gabe: bi nigar
ixuririk baitaude hanxe gaizoak beren hain ontsa
ziren sor-lekuaz orhoituz...
Bainan aro txarraren ondotik iguzkia, garizumatik lekora Pazko.
Etats-Unisak gaizki abiatu zirelarik gelditu
baizitzaukun lana Canadan, galdegin nakoian
ene nausi dakikan Anglesari zertarat ginoatzin.
Hunek, burua inharrosiz eta hits, ihardesten zautak:
—Deus onik ez dezaket igurik. Diamanta
New-Yorken arrunt erori da.
Handik bi hilabetheren ondotik, nola kazetaren irakurtzen ikusten bainien, nik berriz ere
galde bera. Harek, hitzez hitz, egundaino bezala:
—Deus onik ez da. Diamantak New-Yorken ez
du erostunik.
Egun osoak banagok eremanik, zer erran
nahi zukeen ezin asmatuz gogoeta.
Azkenean, dituela bizpahiru hilabethe, eta
nahiz ez nintzan gehiago zorigaitzez haren
meneko, hurbiltzen nitzakok hirugarren aldikotz,
galde bera
ahoan. Arraidu zitzakoian begitartea, erraiten
zaundalarik, bere behako hotz urdina gain behera landatuz:
—Berri onak, puttil, berri onak! Diamanta
goiti doa!... Zuri, gaztea baitzira, erakutsiko dautzut: batere sosik sakelaren zolan haztatzen
duen ordutik gizonak eta guziz emaztekiak,
edergailu edo ergelkerietan du lehenbizikorik
xahutzen. Diamantarenean da erresuma edozoinen gorabehera...
Ordu zian, bertzela, goiti zadin... diamantak!
Urte huntan ahal bezala ginabiltzaian Canadan.
Erdietan janean truk lana, bataren edo bertzearen etxian. Ene lur poxia ez banu ukan eta ene
etxolañoa, etzakiat zer ikusi behar nien, egiazki.
Ezen Anglesek ez die urrikalmendurik.
Negu izpi hau diuk orai iragaiteko. Hotza duk,
egia erran dezadan, behinere izan den hotzenerik. Neurriak emaiten dik: 30 degrés au-dessous
de zéro, —zien horko hotz handienak hamabortzetarat ez direlarik heltzen! Eskoletan haur ttipiak nigar marrumaz zaudek, su ondorat hurbiltzeko beren aldiaren aiduru. Niri aldiz etzautak
minik egiten, ez eta ere xixtatzen larrua. Hotz
idorra delakotz, langileak ez dik hautemaiten,
guziz oihanetako langileak, ni nizan bezala. Bustia balitz, hezurretan barna sar litzagukek,
nehork ez bailezake orduan eskualde hotan
iraun, otsoek baizik.
Hotarik ikusten diuk zenbeit bakar, hor ziek
basurdiak bezala, edo gehixago. Bainan etzitazkek gizonari oldar; ihes zoazik.
Halere, urte txar, gosete, hotz ala otso, arras
laketua nuk toki huntan. Ederragorik hanbat
baditaken etzautak iduri. Hemen oraino emaitekoa dik gizonak bere ahal guzia; Frantzian, aldiz,
xahartu ziezte, higatu.
Deusek baino gehiago haatik mintzaian trebatzeak nik laketarazi. Mintzai bat duk bitxia: lur
gainean egundainotik aditu diren hitz guziak bilduak zauzkak, buru buztanak anglesak emanik.
Hain duk ezazol eta jori bere hizkuntzan non
Angles garbiek berek hunat jitearekin ikasi behar
baitute, bertzek bezala. Deitzen diuk: amerikanoa. Auko begira: lurrak dauzkan eremuak laster
beretuko ditik.
Orai gauden primaderari beha. Diamanta
Etats-Unisetan goititu denaz geroztik, Canadan
lothu behar diuk nahi eta ez lanari erleen kharrarekin. Ja hiriak ernatzen hasiak zauzkuk.
Bizkitartean, ezagutzen balin baduk eskualde
hoitan nor edo nor Nortamerikarat etorri nahi
denik, errokok: xuhurra badu, ez dadiela etxetik
higi, aitzinetik hemen bere lekua egin gabe.
Goraintzi etxekoer, herritarrer, orori. Besoa
luzatuz, luzatuz, emaiten deiat esku.
MEDIKU XAHARRAK
GAZTEARI
Mediku xaharra eri gaizki baitzen, ikustera
joana zitzakon auzotik gaztea, azken orena
hurrandua ahal zuela, agian, poxelu harek.
Etzen batere sumindu xaharra. Bere lagunari
ohartu zitzakoneko, irri hits mehe bainan goxo
batek ideki zaizkon ezpainak:
«—Hor hiza?... Jar hadi horxe, nitarik ahal
bezain hurbil. Atsegin diat jin baihiz. Ni, banihak.
Haldamaldaka hasia zautak ja bihotza. To, ez
baita orobat gutarik hil ondoan deus gelditzen
ohartu gitzaizkioten eta bertzeer erakutsi dioztegun egia bakarrak baizen, dazkitan lehenbizikoak erran gogo daizteat hiri. Barkatuko daitak
gure ofozioari eratxikitzen badira denak:
—Eriekin, elhe guti. Emeetek hanitz sendagailu. Ez die sinesterik erremedio ausarkietan
baizik. Bitxiago bertzalde, eta hobeago zaizkoie.
—Sendatzea hitzemak bethi. Ez baduk heltzea uste, eta aithortzera lerratzen bahiz, nundik
nahi duk ukan dezaten sinesterik hi baithan? Ez
zaitak halako astorik, nola baita eriaren aitzinean bere jakitateaz odol hotzean durduzatzen
den medikua.
—Sendagailuak baino nahiago die oraino
esku lana. Ez zakie gaixoek zer derabilkan buru
barnean, badakikanez zerbeit ala deus ez, asmatzen dukanez zer duten gaitza edo bat ere baduten. Ikertu ondoan, gogoan dauzkakala batzuetan egun guzia, etzezakeie amets; heien eretzean erabil dezakekan barne kexuari ez die
eskerrik. Nahiago hite ikusi eta haztatu, oinhazerik minenak behar gabetarik jasanikan ere. Erabilzkik beraz aztaparrak! Loth hitzeie nunbaitik,
ahalaz tresnekin! Badakika zendako jendeak
medikuari baino jauspen gehiago dakarran potikarioari? Hunek, elhe ederraz bertzalde, emaiten
dakolakotz zerbeit bere begiz ikus eta bere
eskuez hunki dezakena.
Jakitatea ez duk deus; jendearekilakoa duk
guzia.
—Etzaikala gaitzi hire bihotz guziaz arthatu
dituzkanek ardura uzten bahite, hiriko medikuen
ganat joaiteko, eman dezagun Baionarat. Baionesak berdin bazoazik Bordalerat, Bordalesak
Pariserat, Paristarrak Berlinerat, Berlinekoek
aldiz Parisen dauzkatelarik beren jainkoak.
«Herri ttipian hagolakotz, etzauk nehor etorriko, zorigaitzez, ihes zoazkikan heien ordain.
Bainan ez dik famak egiten, ez diruak ere, gizonaren zoriona.
—Gomak azantzekin goresten hitener: hek
berek baihite, azpiz jorratuz, gehienik aphaltzen.
—Aiphatzen dituzkalarik hire lagunak, aiphazkik izariz: ezartzen balin badituk goregi, ala
kitzikatzen, ala azpirat emaitera bermatzen
bahitzeie, hire buruari baizik ehiz ariko harrika.
—Jende xehearen alharik laketena: medikuen
arteko aharrak.
—Aithorrak artetan —bakhan haatik— hire
hutsetarik bat, ahalaz handienetarik: noizetik
noizera zafratuak ez balire, etzakiat baluketenez
sinesterik jendeek medikuntza baithan...
—Ez erran behinere eri bati ez duela deusik:
hainbertze baita gutartean eri nahi direnak izan,
edo bederen eritzat hartuak!....
—Halaber, berauk eriari erraitetik xahu dela,
azken hatsetan ikusi dukalarik baizen.
—Ohartua nuk apiriko azpietan ala ithurrietan emazteak egun guziez mintzo tuk hitaz.
Gomak haatik medikuaren orde ez dutenetz
ikusten hitan... gizon gaztea.
Ehakiatala samur horren erraitera ausartatu
banitzauk.»
Mediku xaharrari hatsa bazoakon ahulduz.
Ukan zuen bizkitartean oraino doidoia gemen,
hunen igortzeko:
«—Adituko dut edozoini urrerik ez dela aski,
gizon baten bizia eros dezakenik. Eta bizia begiratu dakokanean, hogoi libera urre haren ganik
ezin bilduz higatuko duk hire burua, galduko
heure bizia.
Atxizkik halere hire eskuak garbi, laño hire
bihotza. Medikuntza duk ofozioetan ederrena.»
Hok izan ziren mediku xaharraren azken
hitzak.
Deusek ez du akitzen gizona nola egiaren
erraiteak.
Bizpalau aldiz ideki zuen ahoa xoriño batek
bezala; lanbro batek hartu zaizkon begiak;
eskuaren emaitera baitzoan bere lagunari, biderdi baratu zitzakon, hotz eta geldi.
Hila zen.
MISIONESTAREN EZTEIAK
Banakien ezteiliarretarik izanen nintzala,
gurar nintzalakotz alde batetik, eta bertzetik
misionestaren etxekoek nahi nindutela adiarazia
baitzautaten. Ezteiak behar zirela, erran gabe
zoan, apez gazte lehen meza berriki eman dutenen karietarat aspaldiko ohitza delakotz hori
Eskual-herrian.
Misionesta Pariseko eskoletxetik athera,
herrirat jin, eta ondoko astean bazkariteko hitzhartuak izan ginen haren ahaide, adixkide, ezagun eta atze zenbeit; hotarik ni.
Orhoitzapen bat behar nakola eman berehala jin zitzautan bururat, eztei guzier aitzinerat
zor den bezala alabainan. Asko gogoeta hortaz
erabilirik; ahal bezain ixilik —hitz-erdika eta
ingururekin— jakin ondoan nere baitharik hautatua nuen emaitza onetsia izanen zela, manatu
nakon Larresohoko killori makila bat mizpira ginharrizkoa, bere burdin gerrenarekin; apez gaztearen izena hitzez hitz zangoan ezar zezon bietan erraiten nakolarik.
Manatu bezala lanthurik killok igorri makila,
banoa hau eskuan mendiari goiti, oraino ezagutzen ez nuen misionestaren ganat, bi egun
ezteien aitzinetik.
Aurkitu nuen etxe aitzinean, xitxuketa ari.
Ikusi nindueneko, hautemaitearekin nor nintaken, jin zitzautan eskuak zabaldurik. Haren irri
eztia! Haren agur gozoak! Jo ninduen zenbat xuri
zen eta mehe, zer bizar beltz ederra jina zitzakon, nolako sotana laburra zerabilan batere
lepo-aitzinekorik gabe, bainan guziz bitxikeria
hunek: aztal beharriak agerian baitzabilan,
espartin xar batzu erdi jauntzirik herrestatuz.
Aithor dut etzaundala berehala gogoak eman,
hala balinbazabilan jadanik, ondoko egunetan
ointhutsik itziltzeari zagola gizagaixoa...
Jarri ginen buruz buru, apezgorat heldua ikusiz zenbat atsegin nuen berehala adiarazten
nakolarik. Erran zaundan Chinarateko zela izendatua. Abiatzeko, manuaren beha omen zagon.
Ordu berean eskaintzen dakot ene makila, astokeria hau mihitik erortzera uzten nuelarik:
—Gizalde horiaren arterat bazoazi beraz? Ah!
ez dakit bilduko duzunez han nehor... Ergela da
jende horia, eta jite xarrekoa... Ori, zure aholku
eta othoitz guzietan baino sineste gehiago banuke nik, hartu nahi bazinaut zuhaukin eremaiteko,
mizpira adar huntan. Ahal duzun guziez emeezute hunekin burutik behera. Deusek ez dezokete
guri bihotza la buruan kaskako zenbeitek.
Makila eskuetan gelditu zuen, irriz, begiak
handiturik behatzen zakola. Ihardetsi zaundan
noizbeit, hil artio ahantziko ez dutan mintzo ezti
sarkor batekin:
—Eskerrik aski, jauna. Zer laguna emaiten
dautazun!... Ba, gogotik erabiliko dut, hango
bide gaixtoetan ez erortzeko. Ez dakit zuk nahi
duzun xedetarat, joiteko, goitituko duanez
behienere; baizik azkar atxikiko dautala bernea,
zu ganik eskualdun orhoitzapen karialat eskuetan ukaiteak.
Ahalgeturik egon nintzan hanxe nere elhe
zoroez, ikusiz zenbat urrun zagon ene bihotza
misionestarenaren gizontasun saindutik. Biharamunagoan bazkariterat jitea baietz eta baietz
hitzemanik, berehala utzi nuen.
Heldu nintzan tenoreko.
Deithuak ginen gehienak etxe aitzinerat bildu
bezain laster, sararazi ginintuzten eta, goiti eremanik (hemen baitzen ezarria, bi gela lerro
luzeen artean, mahaina) eman zaunguten bakotxari geure lekua.
Baginen lauetan hogoien ingurua. Gizonek
buru batetik hartzen zuten mahainaren erdiaz
harat, emaztekiek bertze buruaren muturra doidoi zaukatelarik. Erdi erdian, buruz buru, jarri
ziren misionesta bere aitarekin; hau, hiruetan
hogoi ta bortzpasei urtetako gizon ginharri xut
ile xuri bat. Ni, semearen lerro berean nintzan,
ez bainezaken ikus aitzinerat edo gibelerat
uzkailiz baizik. Bizpahiru auzo herrietako apezak
han ziren, herrikoekin batean. Familiako notaria
ere han, nausiaren ezkerretarik, begiak bipilik.
Garaitikoak, oro etxeko-jaun azkar, amerikano,
ofiziale gori; laborari xume edo nekazalerik,
nehor ez: sukaldean, bere oldez, laneko geldituak baitziren, gizon ala emazte.
Haste hastetik, batere guhauk ez ginakiela,
halako latz batek hartu ginintuen denak: barnea
ilhunxko zenetz, ala apez hek han, ala misionesta gutarik hanitzek azken aldikotz ikusten zutela-
ko beldurra, ala ezkontzarik gabe halako eztei
batzuen bitxikeria,... zer nahi izanik, hits ginauden denak eta ixil. Emeki emeki ginen hasi,
eskuin eta ezker, bakotxa gure lagunekin elheketa, ahapetik.
Nausiari behatzen nakon artetan. Solas guti
zuen, irririk batere; begitartearen akitutik ageri
zen etzela aitzineko gauetan lo handirik egina.
Betespal hegiak gorri zituen.
Emazteki hartako ikasi batzuek zoin zoini
jatekoak zerakarguten sahetsera, untzi erabiliak
besoen artean metaturik zeramatzatela aldi
bakotx, garbiez ordainkatzeko. Jan edan hautak
ginintuen, eta nasaiak; bainan jastatzeko doia
baizik ez ginintzeien lotzen. Ezkont ezteietan
hain jostagailu baitira menditar batzu, jan eta
jan, bi aztaparrak ahorat betan, ardura basoa
huts, begietarik atseginarekin nigarra dariotela,
noizteka irri gozo batez inharrosten dutelarik
etxe guzia, halakorik etzen hainbertze gizonen
artean bat bakarra ezagun.
Oro bat bertzearen haztatzen eta beldurrez,
elgarren herabe ginauden. Mintzatu ziren nor
laborantzaz, nor aroaz, bainan guti. Hau politika-
rat lerratu zen, harek eskual herrietako ondar
bozkatzeak aiphatzen zituela, bainan axal egon
ziren biak eta laster ixildu. Bazterretako berriak
iharduki zituzten zenbeitek, kabala ala jendeen
arteko eritasun, ixtripu, heriotze, ezkontza, ordenu, zor, etxe-saltze, bainan hitz-erdika, deus
barna zilatzetik ahal bezenbatean begiratuz.
Jende ikasiak ardura mutiri. Zerbeit jakinak,
ez dakit ohartua zirenez, tinkatzen daizko ezpainak gizonari; lagunkina baitzen aitzinean, horra
orai berekoi jarria; golkoan derabiltza bere
errangurak, nehori erakutsi gabe; galdua du bethierekotz gizontasun lañoari darraion idekia.
Bizkitartean arraidu ginen noizbeit ezteiliarrak eta, buru, eskuak harat-hunat ginerabiltzalarik, kasik oro betan mintzatzen hasi, burrunba
puska bat baginatxikila. Apezetarik batek erran
behar ukan bazuela, zenbeit egun lehenago, norbeit bere athetik haizaturik, notariak ihardetsi
makur zerasala: haizatzeko orde etzuenetz haizkatu?
—Haizea bezala igorri dut handik, zion gora
gora apez gaizoak.
—Aizkatu dukezu, aitz edo harri ukaldika zure
agerretik iraizi. Hasteko, ez dut behinere aditu
haizatzen dela, haizeaz bezala urruntzen,gizonik.
Baditeke etzuen erretor puska onak nehor
haizatu, are gutiago aizkatu, bainan hitzek baiterakarzate eskatimarik saminenak, bi gizon hek
hala eztabadan ikustearekin mahain guzia nahasi zen, batzu (alegiaz bederen) apezaren alde,
bertzeak notariaren, bakotxak bere hautua erasia zerbeitez finkatzen zuela, zozoenak kalapitan
piztuenik. Jostatu ginen apur bat. Erdian, buruz
buru, irriz zagoden gogotik, beren lagunekin,
aita semeak.
Hainbertzenarekin ekartzen daukute sehiek
champagne derizan frantses arno xuri harro
Eskualduner ere laket zeiena; eta, tiroa tiroaren
gainean, idekitzen zituztelarik untziak baso
luxeetarat husteko, ixildu ginen denak.
Gure alkiak utzirik trinkatu behar ginuen, bainan etzen higitu nehor. Apez gazte bat, xutiturik,
ja zerbeiten erraitera zoan.
Mintzatu zen erdaraz, heldu zitzakon bezala,
bere lagunaren apezgorat heltzeaz, apeztasuna-
ren handiaz, zenbat ederrago den oraino misionesgorateko deia; zer bihotza duen behar, bere
etxe, aitama, haurride, ahaide, adixkide, ezagun, sor-herri, orai eta geroko ontasunak oro
utzirik, gizalde basa baten arterat bethierekotz
doanak, han, itxura guzien arabera, erlisionearen alderat bere odolaren ixurtzera.
Gelditu zeneko, eskaini zuen bere basoa
misionestari, ziolarik berriz:
—Zure osagarriari, lagun maitea! Etzaitut
gehiago ikusiko, bainan ene othoitzetan egun
oroz aiphatuko zaitut Jainkoari.
Eta biak jarri ziren, gozoarekin behakoak distiatzen zeiela.
Mokanesaz begiak kukuturik, misionestaren
aita nigarrez, ixil ixila.
Bigarren apez bat xutitu zen, elhe bertsuen
erraiteko erdaraz, hala-hulaxe.
Aita gaixoa, bi eskuen artean burua ahal
bezain tinki zaukalarik bizkitartean, hipaka hasi
zen, hasperen bakotxak gorputz guzia inharrosten ziola.
Halako kexu ezin jasan batek hartu ginintuen
denak: zer erhokeria, kenka hartan hala mintza-
tzea, burhaso gaixo heien aitzinean! zenbat
zoroak giren, Frantsesek bezala egitea gatik,
bazkal ondoetan geure buruaren erakusteko!
Ezteiak beren hatzerat ekarri nahiz, notaria
hasi zen aho eta eskuara ederraren omena zuen
gizon gazte bati, othoi zerbeit goxorik eras zezan
arbasoen mintzai zaharrean. Buruz keinu egin
zuen hunek ezetz.
Lehia zadien eman ere zakon norbeitek sista
bat gizon gazte hari berari: ea etzitzaizkonez,
bere mintzoaren adiarazteko, inguruan zituen
entzule hek aski? —Ixilik gelditu ordean hura,
nigarra begietarik zariola, nahirik ere ez baitzezaken kitzikazale ausartari hobeki iharduk.
Azkenean lothu zen notaria bera, erdi eskuara, erdi frantses, gehienak oraiko egunean zorigaitzez mintzo giren bezala gogoan aitzinetik
apaindu gabe badariogularik. Bihotzaren haustekorik etzitzakon bederen athera.
Haren ondotik, hirugarren apez baten aldi.
Eskuaraz arizan zitzaukun hau ere, ez biziki
eskuara garbian, bai ordean hain eztiki, hain
amultsuki, halako gauza xume beratzez, familiaren ospe, herriaren atsegin, basen gizontasune-
rat heltzeko gozo, gizonen beren ganik ikustate
eta Jainkoaren aldetik sari bethiereko,... non
esku zartaka goretsi baiginuen denek, azken
hitza erran zueneko. Hala mintzo bide ziren lehenago, Galilean, Jesus eta haren arraintzari lagunak, jende xeheari lillurarekin lurreko nekeak
ahantzarazten zituztela.
Begitartea arraidurik edaten ari ginelarik,
horra nun xutitzen zaukun apez gazte misionesta. Hari buruz itzuli ginen denak, begiak landatuak, zer atherako zuen.
Frantsesez orduan erran zituen solas bakarrak hunelatsu litazke eskuaraz:
«—Eskerrak, o zinez eskerrak, ene ezteietarat hoinbertze eta hoin bihotz onez etorri zaretener. Atsegin dut ikusten baitzaituztet ene inguruan,... maite nuzuen bezenbat maite zaituztetalakotz.
«Bizkitartean, nahiz galdegin dautazuen
denek, eta guziz orai artean mintzatu direnek,
zenbeit urteren buruko itzul nadien hunat, zuekin zenbeit orenez bederen berriz gozatzeko, ez
dezakezuet holakorik onets. Gibelerat ez jitekotan banoa.
«Pagano basen tokietan da, orai danik, ene
lur huntako egoitza.
«Agian lehen bai lehen ukanen dut, heien
eskuz sarraskiturik, heientzat ene odolaren ixurtzeko zoriona!»
Hitz hok aditzearekin, ja mintzaldiaren erditsutako nigarrez hipaka hasia baitzen aita,
marrumaz xutitu zen gizagaixoa, ezin egonez
gehiago. Sahetsean zituen lagunak, beren lekutik ilkirik hek ere, lothu zitzaizkon beso azpietarik, eror etzadien, eta ttuku ttuku ereman zuten,
bihotza erdiraturik ginaudelarik oro heier beha,
ondoko geletarik baten barnerat.
Ordu berean, nigar batzu aditu ginintuen
mahainaren harateko buruan, —emazteki nigar
nasai, ahal bezain ixil eta gorde, bihotza joan
nahi zuten batzu,— amarenak.
Ukurtu nintzan mahainaren gainerat, itzultzen nuelarik burua misionestaren ganat, —
zeiharka bederen ikusi behar nuela, bekoz beko
ez banezaken ere, semearen begitartea kenka
lazgarri hartan.
Irriz zagoen semea aita itzali zakon atheari
so.
Ez othe zuen erhoek duten irri lele zozo hura,
halako izialdura bat sarthurik ihesari emaiten
baitzaitu, gaixtakeria zerbeiten egitera doatzulako beldurrarekin. —Behatu nakon berriz ere,
gehixago ukurturik. Ez: irri gozoa zen misionestaren irria, begitartea halako eztitasunaz arraitzen zakon, hain argi ziren eta samur haren
begiak non bainindagon ametsetarik ari othe
nintzanetz; ez othe nuenez han ikusten, nere
aitzinean, zerua deitzen duten tokian badirela
dioten saindu edo aingeru hetarik bat?...
Harriturik hartu ginuen kafea denek, gehiagoko solasik gabe. Xutitu ginen gero eta athera,
zoin gure eskualde, emaztekiak ahapetik elheketa xoko batzuetan bazaudelarik, etxe barnean.
Aro goxoa zen, iguzkiaren azken inharrek
urre dirdira bat emaiten zakotelarik bazterrari.
Etxerat joanen ginen oro, ezteiak gehiago luzatu
gabe, ez balitzauku bat bederari besotik lothu
misionesta, othoi pilota partida bat jostatzeko
egin ginezan, goiz zela oraino eta plaza han
berean, esku huskako hauta; gurekin ariko zela
hura ere.
Berehala bildu zituen lagunak: bizpahiru
herritart eta notaria. Hok atorra hastu ziren,
harek goititu zuen apur bat sotana, gerrian tinkatzeko; eta hanxe, bi aldetarik lerroan, ikusi
ginuen partida bat pollitenetarik.
Azkena zuken misionest maiteak, bainan
hain gogotik lotzen zen pilotari, hain zalhu zabilan, halako elhe arraiak egiten zituen behari ala
jokazaleekin, hain irabazi nahia zuen iduri, non