Buruxkak - 4

Emazteer dago, aldiz, lili bakhanen biltzea,
hala nola violette, tubéreuse, cassie, jasmin derizatenen. Buruan ekartzen dauzkitzute hirirat,
zare edo saskiak betherik, biziki ederrago baita
eta emanago orgetan baino.
Lantegietan neskato gazteek egiten dute
gero berezkuntza. Mota berekoak doazila elgarrekin, atze eta ahaideak berak bazterrerat utziz.
Balin bada galtzen edo pirtxiltzen hasirik, doazi-

la hek gibelerat, jin bidez, ez baitira alabainan on
ongarritako baizik. Xoragarri da berexleen ikustea, berak ere lore batzu baitira lore heien
artean, eta ez itsusienak.
Nola ken, orai, mota bakotxari, daukan usain
ona?
Bada ara bat baino gehiago, mota guzientzat
ez bailoake bera. Batzuek errexki uzten dute,
kasik gogotik; Uzterrak dira eta ahulak; bertzeek, aldiz, tinki daukate.
Arrosari duzu bil errexenik. Alde orotarik
hetsiak diren bertz handi batzuetarat aurdikitzen
dute, koka ahala bethe artio; gero, tuta batzuetarik igortzen dute bertz heien barnerat ur irakituaren lanhoa.
Izialdura zerbeitek hartzen duenetz orduan
arrosa lilia, ala lanho bero harek izertarazten
kexaturik,... bethi, hau gertatzen da: bertzaren
zolarat xortaka erortzen baita haren olio ezin
gehiago garbi eta sudurrarendako goxoa, berinazko ttutta mehe batek bertzaren azpian dagon
untzi batetarat deramana, nigar xirripaño bat
iduri. Gaixo arrosa!...

Bainan badira mutiriagoak, debrua ikusi baituke gizonak heien arima nola bil ikasteko.
Heientzat badituzte ezarriak berinazko
mahain zabal batzu, hok urin gatz bagez estaliak
bi erhi trebes lodi. Urinezko ohe hartan dauzkitzute etzaten aiphatu lore berekoiak.
Zer elhe tetele zuriak atheratzen othe ditu
orduan urinak? Zer perekak egiten? Izigarria izan
behar da, hasteko, haren maltzurkeria; ezen,
zenbeit orduren buruko, ez baitzeie lili maiteer
galtzekorik gelditzen deus...
Baderamatzate hilik eskorgetan, gorotz egiteko; bertze andana bat ohe beraren gainerat
heien ordain igaiten direlarik. Hok ere ezin iharduk, ezin beren burua begira; laster kendu behar
dituzte, bertze batzuen berriz ekartzeko: ezen
urina, behin hasiz geroz, iduri du ez ditakela ase.
Noizbeit, bizkitartean, baduela aski adiarazten du: hiru ilhabetheren buruan, egun guziez lili
andana bat buluzi eta hil ondoan. Hantua da
usain onez; ez dezake gehiago har.
Karrakatuz kentzen dute orduan handik, eta
nola uste duzu biltzen dakotela —haren aldi
baita orai, alabainan— bere ontasuna?

Mozkortuz, ori: arno izpirituan gesalduz eta
ithoz. Urinak alkoolean du behar suntsitu, beretzat hainbertze atxiki nahi zuken lilien orhoitzapenaren uztekotz. Beharrik du alkoola laket: bertzenaz nork edo zerk kenduko zakon? Horra zer
den edale izaitea: galtzen zitu edariak.
Alkoolak dauka beraz orai lilien usaina: baso
baten betheak bizpahiru orgatararena.
Nahi duzu jakin zer diru egiten duken pintaka? Beha hunat: absinthe, 95 libera; angélique,
150; patxouly, 150; zardina, 35; verveine, 60;
lavande, 25; camomille bleue, 250; marjolaine,
24; menthe, 115; violette, 60; serpolet, 18; anis,
30; arrosa, 1000; iris, 100.
Hortarik ageri baita zendako guk, soldado
gaizoek, ez ginuen ekartzen etxerakoan, Grasseko hirian egon orhoitzapentzat, untzi ñimiñiño
bat usain on baizik, dena ere mota bakar batetarik.
Lurrak dauzkan hiri guzietarat badoatzi handik usain onak, gathelutaraka, ditaretaraka.
Hotarik har bizpahiru xorta, nahas pinta bat urekin, eta horra nun duzun egina ur usain ona,
emaztekiak derabiltzan hetarik.

Hau irakurtu duken andre sudur mehe zenbeitek galdeginen daut orobat zoin den, hinbertze usain onen artean, hoberena, atseginik biziena barneari emaiten diona. Galde nekea hori,
nehon balin bada... Ez ditugula alabainan bakotxak geure aho, begi, sudurrak? Huni on zakona
ez zakoia hari maiz gaitzi?
Othoiztu banindu aithor nezon zoin zautan
nihauri laketeneik, hola nunbait hor... Ihardetsi
nioken jasmin zautala. Ez baitezpada hauta zautalakotz, usnatzetik ezin utzia; bainan hainbertze usain on baita gizonek batere lilirik gabe egiten dituztenak, guziz Alemanian, behinere ez
baitira oraino heldu ahal izan jasmin delakoarenaren osatzera.
Bederen, hartarik duzunean aurdiki mokanes
kantailerat, erran dezakezu lore pollit baten
usaina dariozula; bertzenaz ez.
Zer den haatik usna! Ez du iduri baitezpadako dela gu baithan; urrin zerbeit duketenen ahotik ala sudurretik urruntarazteko baizik ez dugula, du iduri. Eta bizkitartean usain on bat hautemaitearekin zer gozoa dakargun! Gozorik xoragarriena, egiazki. Sudurrik ez baginu aire hartze-

ko eta jan edan tzarretarik begiratzeko baizen,
zer luke balio, erradazut, gure biziak?...

AMODIOA
Egun hartan, eskolako lagun andana Biarritzen elgarretarat bildurik, eskualdun eta mendien bi alderdietarikako erdaldun —notari, mediku, abokat, potikario, ingañadore, eta eskoletxe
handi batetako irakasle zenbeit— goxoki bazkalduak ginen denak mahain beraren inguruan,
leihoak zabaldurik, itsas hegiari dauden ostatuetarik batean.
Ez, baitezpada, phesta egiteko harat joanik,
baizik ere elgar ikusteko.
Eskoletan guti edo aski burua alhatu dutenek
ez dakite gehiago phesta zer den: ohartuago
gizona, eta beldurtiago duzu jan-edan soberatik
kalte har; herabeago ere lagunentzat, hok
nakaizturik gaitzi daizkion; elheketa gogoaren
erabiltzeak dakolarik oroz gainetik apurtzen aho
ala sabeleko gozoa.
Bainan zer atsegina elgarretaratze hartan!
Zer begitarte arraia batzuek bertzeer! Zer esku
tinkatzeak! Ezpainek erran aitzinean, begiek
urrunerat salhatzen: «Ba, hemen nuk! Nolaiz?

Ehintuan, ez, ahantzia! Badea lan, zien ezkualdian?» eta ondarrik gezurño hau, niniak uste
gabetarik klixk ilhuntzen zauzkitzula: «Ehiz izpirik ere zahartzen, mutikoa!»
Eta gero, jarririk, zer mintzaldi lañoak!...
Bihotza ager, zabaldurik, hutsak eta oro aithortzerainokoan; herri ttipiko nahigabe aiherkunde,
herra, han iretsi eta pairatu, laido aphalak irakur,
hiri handian lehenago iragan egun eder aberatsez artetan orhoituz; jakintsunen asmuak xuriturik ezar, bipildurik, bizitzeak bat bederari
eman dautzueken irakaspenekin; Pariseko, Bordaleko, Tolosako xoko maiteetan gogoz elgarrekin berriz ibil, harat-hunat ahalgerik gabe edozer
aipha: jastatu duenak baizik ez dezake erran
mihiz, adixkideen artekoa baino minagoa baita
ezen, eskolako lagunek beren biltzarretan elgarri
dematen zorion hori.
Bazkal ondo ginauden beraz egun hartan,
jateko lekutik pipatzekorat aldatuak, hemen alki
guri batzuetan jarririk errara; hunek atheraldi,
harek zirto, bertzeek irri, itsas haize gaziak xixtaka perekatzen ginintuela.
Gutarik batek zuen ipizta emana, ziolarik:

«—Badakizieia zer ginduken orai beharrenik
orok?»
Eta denak so baiginaudezkon, harek zartalahara:
«Urrixa bedera»
Hoin ausarki mintzo zitzaukuna ofizioz potikarioa zen eta, potikario gehienak bezala, arrunta.
Irriño bat egin ginakon, doidoi: bainan, ez
baitzitzakon arabez ahopaldi hura aski, aitzina
bazerasan:
«—Zer da, bazkari on batetarik lekora, emaztearekin gozatzeaz hoberik? Hazkurriak odola
berritu dautzu: edarien indarra zainetan badabilkizu, bero bezain erne. Ez duzu amodioa baizik
gogoan.
«Bazakiten hori gure aitzinekoek, guk ahantzia balin badugu ere, edo zorokeriaz utzia.
Lurraren gainean hedaturik zauzkaten estalgietarat lerratzen ohi ziren azken ahamenarekin,
soinekoak laxaturik, han ihalozkatzeko beren
hauturala. Menpeko batzuek xirula joiten zeieten
edo xirribinka, etzitzaten adi batzuek bertzeen
intzira, auhen, hasperenak; gain behera, sare

batetarik erortzen zeiezten arrosa liliak, haukien
usain eztiarekin ondarra elgarren besoetan hordi
ziten...»
«—Bazkari onaren ondotik, eta musikan, eta
arrosa lilizko uhar goxoa gainera hartuz baizik ez
balin bazitazken joka gure arbasoak, ez niz den
gutienik hetaz bekaizti», zuen artetik athera
gutarik batek, maltzurkeria zariola.
Ez adituarena egin zakon lehenik hasia
zenak, erraiten zaungula oraino bere hoberenean:
«—Amodioa, haragiaren irrits bat da dena,
eta haragiak berak asetzen du. Ni, hasteko, hortako niz. Eta ez dut uste baden emazterik ezetz
ihardetsiko dautanik... Zoroak dauzkat bertzela
iduritzen zeienak. Beude othoi ametsak bazterrerat gure begiz ikus eta eskuz hunki dezakegunari gaudelarik!
«Ez dugu aski behatzen kabaler. So egoiten
baginitzeie, irakaspen ederrik eman lezagukete.
Hek ez dira gu bezala nekatzen gogoeta. Lehia
heldu zeien ber, jazar: ez dute bertze legerik.
Edozoin edozoinekin, berdin zeie. Eder, itsusi,
gizen, mehe, tonto, erne, oso, markets, ez dute

axolarik. Ea ara hortarik gizona baino gaizkiago
heltzen diren? Nor zuetarik bihurtuko zaut, erranez ez direla gu bezenbat gozatzen? Behinik
behin, begiratzen ditugula hek bezain luzaz gure
ahalak?... Gutiago maite dituztea beren
umeak?... Badea heien artean, aiphu dugun buru
hortarik, eritasun gehiago, makur, ixtripu, heriotze?... Elgarren ondotik ibiltzeak ahantzarazten
deiea, guri bezala, hazkurriaren bilhatzeak
manatzen diozkaten urhatsak?... Nere baithan
sartzen nizalarik bitxi zaut, egiazki, nola adimendua delako zerak amodioa bilharatzen dakon
gizonari ez ditaken lekuan, dakizuen bide makurrez.»
Hitz hok aditzearekin, zigarreta leihotik firrindan aurdiki zuen notariak, ziolarik bizi bizia:
«—Ago ixilik, othoi, mutikoa! Ez dakik zer
derasakan. Ez banintzauk bazkaritean beha
egon, ikusten nuela zoin guti huen edaten, banikek ustea arnoaren kheak harrotzen ari daukala
kapeta. Ezen nahasi dauzkiguk denak, eta ixtilean: gizon, emazte, kabala, haragi, izpiritu, jaidura eta amodio. Etzakiat zer gibelondo ukanen

duen ene solasak, bainan xuxendu gogo hit, baituk beharrak.»
Denek beharria atxiki ginakon mintzazale
berriari, behatzera ez ginitzaizkolarik ausartatzen, ezen bethi danik apur bat azpitik ginauzkan. Española zen: mutiko liraina; dohainez ihaurri; aberatsa.
Orok baginakien hamar urte hartako haren
berri, nahiz bere buruaren ahal bezain guti agertzera lehiatzen zen. Xixtez han edo hemen hartako doia ikusia baiginuen ordean, eta gero, zer
ez da jakiten oraiko egunian?... Etzitzkon bizkitartean iduri, ja! hain ontsa ezagutzen ginintuela haren izaite ala hurat-hunatak.
Bordales andere bere adintsuko batekin adixkidetua zen. Hau, ditaken emazte ederrenetarik:
ile nasai hori, begi urdin zabal ezti, ahoko elhurra bezain xuri, golko jori, esku legun, oin-lepo
mehar, larru xuri-gorri, etzuen itxuraz deusen
eskasik. Gogorki argitua bertzalde, eta jendea.
Ardura elgarretaratzen ziren itsas bazterrean, Biarritzetik Donostiarateko hegia burdinbidez urtetik urtera xehekiago ikertzen zutelarik.
Etzitaken amets mutiko, neskatxa, hain bat ber-

tzearen neurrikorik, halako toki miragarrietan
besoz beso ibilki. Lehen aldikotz hek ikusi ginintuenak ihesari eman ginen, gure ohartzea ez
zitzeiela behar herabetzeko zer bat. Hain maite
zuten elgar eta hain da bakhan ara hartako amodioa, non gaixtakeria baitzauguken heiekin
bidean buruz buru egitea.
Geroztik gogoan ginintuen biak. Ez ginintzeien hargatik bekaizti. Atsegin ginuen orok,
behin bederen ikusirik gizon eta emazte bat hain
osoki parekatzen.
Bada, gure laguna hunelaxe mintzatu zen
potikario sorjesari:
«—Amodioaz dugunaz geroz solasa, hartan
gauden, bertze nehorat zeiharkatu gabe. Ez
giten ilki gure hatzetik.
«Daukat, nik, bere izaite guziko lehiarik
minena emaztearen alderat baizik ez dezakela
erakuts gizonak. diot: bere izaite guziko lehia.
Gorputzeko irrits aphalen asetzea bakarrik, izpirituaren deiik gorener elkor egonez, badakizieia
zer zautan? Osoaren ondotik ibilki, eta erdiaren
jabe gelditzea.

«Irrits heier dagon gizona aberearen heinetik
ez da hanbat goititzen.
«Eta erdiaz on baratu dela athera bazait,
sobera diot hori bera, ezen bi izpirituen batasunak dakarran zoriona, hanitzez, hanitzez errotikakoagoa da, ezen ez gorputzetarikoak.
«Zeure baitharik edo gauzen ganik heldu
zauzkitzun gogoeta guzien andre eder sendo
batekin ihardukitzea: huni agertzea zeure barnea den bezala, zure asmu, jaidura, amodio,
nahikunde, aiherkunde, janiza, herrak, zure bihotzaren zolan pulunpatzen diren itsuskeria ala izigarrikerietaraino: ordainez, harenen jakitea eta,
jakin arau, zuhaurenen hetaz itzaltzea edo
gogortzea; ibiltzea harekin gure buruko dohainek eman dezaguketen alhapide guzietan, lurazalaren goiti-beheiti, harri mota, landareen
itxura, kabalen harat-hunat hain gurenen iduriko, itsasoetako leize dena ilhunbe, zeruetako
berri hainbertze jakin tirrian gaudeienak, gizonaren urhats, aztura, ikertzeko khar, ohartze apur,
musika, thindu, neurthitz, laxo, lehen gertatuen
xuritze, esku-lan, sineste, bizipide; hotien guzien
eta hoik idurikoenen mihian erabiltzea maitiaren

sahetsean, zure biziko egun laburrak baderamatzazularik maitatzen eta beha Munduaren itzulikari, erradazue, erradazue baditekenez gutarik
bakotxarentzat amets xoragarriagorik?
«Othoi ez niri aipha haurrik! Bere laguna
egiazki maite duenak ez dezake onets bertze
batzuetarat, hok umeak izanik ere, bere amodioaren barreatzerik. Haurrek ez dezakete ken baizik gizonari emaztearen alderat zaukanetik.
Emazteari biltzen dakote haurrek gizonarekilakoa; biak ordutik haurretarat ixurtzen baitira,
elgarrentzat epeltzen direlarik,... batek bertzea
arrunt ahanzten ez dutenean.
«Amodio osoak bibita du manatzen.
«Aitamek, aitamatu direnetik, ez dakite
gehiago zer den amodioa.»
Ez niz baitezpada elheek iziturik gogoetatuak
jartzen diren gizon hetarik, bainan aithor dut
notariaren azken solasak aditzearekin ezin egon
batek hartu ninduela. Erran nakon, hitzhartu sailetik uste baino biziki gehiago zeiharkatzen nintzalarik bizkitartean:
«—Bazitakek, baizitakek egian hizan. Bainan
hik diokan bezala egin balezate denek, lurrak

dauzkan gizon eta emazte guziak jar balite elgarri so, elgarren koi, ondoriorik uzteko axola izpirik gabe, laster gure motakorik ez litakek ageri
nehon nehor? Gure mota ezezta litakek?
«Amodioz litakek ezezta! zaundan ihardetsi
bipilik. Zer hiz, beldur lurrak, gu bezalakorik hazteko gehiago ez ukanez, itxura hitsagoa lukela?
Batezpadako gauzkak Munduaren edertasunarendako? Uste duk Mundua ez litaken berdin
itzulika gu gatik?
Ez nakon ihardetsi. Ohartua nintzan ene
sahetseko laguna ezin egonak harturik zaukala
bere alkian, iduri kukusoz ausikia alde orotarik.
Mediku zen Lapurdin; mutiko langile zuzen bat.
Etzuen, harek, ohaiderik. Urrun, mendixka
batzuen artean, bazabilan gau eta egun bere
zaldi zaharrarekin eri batetarik bertzera, sos biltzen. Begitarteari aski zitzakon behatzea, ikusteko aita familiako on baten gei zagola. Ez ginuen
denek bertze asmurik, baizik egun batez haur
andanaren buruzagi izanen zela, emazte lakrikun baten jabe orobat, eta orai zabilan bezain
nekatua bere egitekoetan ibilki.
Hunelaxe mintzatu zitzaukun:

«—Bazkal ondo baikira, beharrik, eta nehork
ez baigitu barrandantzen! Bertzenaz, bitxia laike
gure solasa, nahiz adin batean, guziz argitua
delarik, ez luken gizonak zeren izi atheraldirik
zorrotzenez. Guziak aipha daizke eta xeha...
mihia neurrian atxikiz. Bizkitartean, ez dut uste
baden mintzai bakar bat eskuara bezain minbera denik, derabiltzagunen erraiteko; lotsa da;
nahiago luke egon ixilik. Eskualdunak, izan
dadien gizon ala emazte, badu halako herabe
bat amodiozko zerez mintzatzeko. Bakhan adiarazten ditu, erdi hitzez orduan ere, ardurenik ez
jakinarena egiten duelarik. Hortan, goraki diot
eta atseginekin, gizonago da Frantsesa baino.»
Potikarioak, besoa inharrosiz, berehala hautsi
zakon hoin gurbilki abiatua zuen hitzaldia. Notariak oixtian zapatuz geroztik, egosirik zagon
larruaren barnean, noiz hartu ahalko zuen ordaina. Egotzi zuen:
«—Eskuara hoin uzkur balin bada eta kilika,
apezek dute hortaratua. Ez noa aski barna: hortaratua dute Galileako zurgin seme pedoilaren
irakaspenek.»

«—Xo! xo, mihi tzarra! zakon ihardetsi medikuak. Ez deiat ukhatuko zenbat bitxi zautan,
nihauri ere, erlisione finkazale guziek, Mahometek salbu, higuin ukan baitute emaztearen
kutsua, eta hotarik urrun iragan beren bizia,eragiten zuten haziak etzuelarik bizkitartean emaztea baino lur hoberik behar geroan. Bainan
etzautak iduritzen hortaz esku har dezakekala,
orai artean bere laguna gehienik maitatu duen
gizon-jainkoari irain egiteko.
«Nahiz hire ahopaldiek nekez beltz dezaketen...»
«—Beltz edo xuri..., zakon berriz ere lothu
potikarioa, ez nuk debekatuko erraitetik: eskuara hoin beratz eta thoil balin badago, apezek
daukatela emalditurik. Ah! zer gizaldea zitaken
beihala Eskualdunena, erlisionearen irakasteko
estakuruan nausi hoik sarthuak etzitueno! Lañokiago zerabilkean bere gogoa. Etzikean, ahoa
ideki behar zuen aldi bakotx, elizako orhoitzapen
zurruburruez mihia trabatua!»
Ez samurtzea gatik eta, bertzalde, hastapeneko solaserat itzuli nahia baitzen, utzi zuen

oraino medikuak nahi zuenaren erastera, gero
bereari alderat jarraikitzeko:
«—Amodioa zer den?... Galdegiozue haragiak
dakarzkon irrits guziak, adimenduak zuhurtzian
dagoeno asma ditzozken gurak bere lagunarekin
asetzen dituen gizon ala emazte horri?
«Hau duzue adituko bat ala bertzeraren
ezpainetarik: Amodioa da gizon eta emaztearen
arteko batasun osoa.
«Bainan gizonak ez dezake eman emaiten
ahal duen guzia emazteari, emazteak ez dezake
suntsi bere izaitea gizonarenaren baithan, bakarrik daudeno elgarrekin eta beren arteko atseginak baizik ez derabiltzatelarik gogoan.
«Beren odoletik sortzen dituzten haurrek
deiete bakarrik emaiten gizon eta emazteari, —
ala gorputzez, ala gogoz, ala bihotzez bat egiteari darraion gozo neurririk gabea.
«Jende xeheak, adimenduak manatzen dakonari gu ez bezala jarraikitzen ohi baita, halaber
guk baino xuxenkiago badaki egia hori. Zori onez
badaki eta jarraikitzen zako! Bertzenaz, zer atsegin luke lur hunek harentzat? Nola lagozke bertzela xutik erresumak?

«Behazue Eskualdunen artean zer agitzen
den. Mutiko, neskatoak goizik ezkontzen dire,
haur danik hautaturik elgar, beren baitharikako
bat bertzearen alderat zaukaten su hartan. Ez
dautzuet deusik erranen elgarretaratzeko hartzen dituzten bideez: auzapeza ezarriz ararteko,
haren aitzinean zin eginez, halaber apezaren
oinetan, hunen othoitzen gerizan orozbat jartzen
direlarik, emaiten diote sartzera doazin sailari
halako zerbeit garbi eta azkar, bertze deusek
eman ez lezokena.
«So egon zaizkiote. Horra nun lothuak diren,
bi biak, etxeño berean, ontasuntzat ez dutelarik
maiz beren amodioa baizik eta beren besoetako
indarra, emeki emeki higatuz heriotzeraino eremanen dituen bideari.
«Zer da batasun ederragorik? Amets dezakeguia bi gazte heien arteko bekoz bekoa baino
osoagorik, dela bihotz, dela gorputz, dela buru,
dela ontasun?
«Egiaren den bezala erraiteko, ez dira bizkitartean arrunt adimenduz berdintzen. Hurriagoa
da, gizonarena; emazteak, agertu gabe, bidatzen du maiz lanetako goiti-beheitian, sal-eros-

penetan, auzoekilako urhats minberetan, argitzen, xuxentzen, hezten lagun oiesa. Izpirituaren
orozbat xorrotx eta malguak badauko, emazteari, gorputzeko ahularen ordaina.
«Familia heldu zeie: bat, bi hiru, bortz, zortzi
haur, ardura gehiago. Zenbat aho asetzeko!
Zenbat larru estaltzeko! Zenbat buru emeki
emeki gizontasunerat heldu behar direnak!
«Ez dira senhar emazteak lotsatzen. Ez dute
ukho eginen guduari. Beharra handiago, handiagoa izanen da heien lana, hertsiagoa elgarri
dakarten amodiozko laguntza. Gauak egun eginez, igandeak astelegun, phesta egunak ortzirale, aztaparrez, jeinuz, xuhurtziaz bilduko dute,
beren burua gabe atxikiko badute ere maiz,
umeen hazteko ala altxatzeko doia.
«Nahi duten bezain hertsiak izan bite ongiaren zedarriak, atherako dire hek ohorezki.
«Othoi irririk ez egin!... Badakit oraiko egunean gauza guziak, eta oroz gainetik sainduenak
trufatzen ez dituen gizona ez dela gizontzat ezagutua, bainan etzazuela zuen burua hein hortaraino aphal!... Zenbat gizonago ez ginintazke
denak, gure elhe onez bederen gorets baginintza

aitama familiako gaixoak, elhe onez bertzerik
zor ginioketelarik bizkitartean; ez ginezakelarik
gure eginbidea heien alderat osoki bethe, behar
orduan direlarik bakotxak gure ahalaren arabera
esku emanez baizik. Agian noizbeit helduko dire
huntarat Gobernamenduak!...
«Beharrik badute zerbeit, lausengu eta
laguntza guziak baino azkarrago dauzkana:
fedea elgarren baithan, guduak emaiten deien
gemen geroago handiagoa, bihotzeko gozo, haurren beren idurirat altxatzeko atsegin, eta... eta,
barkatuko dautazieiea zart erraiten badut? norbeitek, nunbait, hil ondoan, gei diren izarian
saristaturen dituelako uste zinezkoa.»
Zoko guzietarik oldartu ginintzaizkon orduan:
«—Hi, mutikoa, apez behar hintzan... Ez
ginian aspaldi holako predikurik entzun!»
Bainan, mintzatzeak berak berotua baitzuen,
etzezaketen bazterretako elheek izi. Bazarion
aitzina:
«—Ez da oraino goren gorenerat heldua aitama familiako gaixoen batasuna.
«Horra haurrak handituak. Xoriñoak lumaturik ohantzearen uztera doazi. Arrunt beren burua

ahanzterainokoan heien hazten akitu direlarik,
indarrak ttipitzen hasi zeiezten orduko, burhasoek, balin bazuten edo bildu ahal ukan badute
zerbeit, zatitzen dute izpi hura umeen artean.
Hok eskuin eta ezker barreatzen dire.
«Aitamak orai etxean bakarrik, erdi buluziak;
orhoitzapenez bizi, elgarren artean elgarrentzat,
aneia arreba batzu bezala.
«Larrazken laburra! Indarrak ttipitzearekin,
nahiz gogoa berdin azkar daukaten eta suhar,
baztertzen zeiezte auzoak, ez deiete gehiago irabazpiderik emaiten, beren azken sosñoak uste
gabetarik jaten dituzte. Zahartu direlako estakuruan, nehork ez deie eskerrik.
«Mendi xokoan edo zelhaiaren erdian etxetiar zagoden etxeño hura, hainbertze urtez hain
gogotik bere haurren erdian borrokatu dituzten
lur hek, kabala maite hek, ithurriño hura, oro utzi
behar ukan dituzte, plazan etxe huts baten hartzeko, hemendik auzoetarat lan bide errexagoa
ukanen dutelako ustearekin. Ez dira lotsa: zer
eskukaldiak ez dituzte emanen oraino! Eliza orai
hurbil ukanen baitute, harat ere arduraxago joanez...

«Badakite zorionez auzo goriek nor diren, eta
zenbat nekatuak gazte zirelarik. On direno galdatzen dituzte, egin dezaketena egin. Orotan
begitarte on hatzemaiten dute gaixoek; egun
guzietako irabazirik ez bada ere, bethi laguntza,
lan keinu batean truk.
«Badabiltza holaxet zenbeit urtez, lurrak
bere ganat emeki emeki ukurtzen deielarik gorputza, adimenduz haurtasunerat itzultzen direlarik. Laneko ahalak bethi han dituztela iduri zeie
hargatik; eta maite balin badituzte, beharrez
dituztela maite.
«Artetan haurrak, edo haurren haurrak,
heldu baitzeiezte etxerat zerbeit laguntzaren
eske, ez dute onik ukaiten heien alderat beren
burua ondarra buluzi artio...
«Baderamatzate azkenean, kasik betan, senhar emazte xaharrak hil-herrirat, bere ahal
guziaz bizi izanik eta, berentzat baino gehiago,
bertzeentzat.
«Ehortz eta ere, elgarrekin daude.
«Holakoa dut deitzen, nik, gizon eta emaztearen arteko batasun osoa.

Ixil ixila egon ginen denak bulta bat, gure
lagunaren mintzaldiaz gogoeta. Iduri zuen, huts
zerbeit hatzeman nahi ta, ez ginezokela kausi.
Xutitzera ginoazin aire hartzera joaiteko, amodioaz aski erranik eta aditurik baginuela ustez.
Gutarteko batek berriz hasi zuen ordean solasa,
dena beharri egundaino bezala jarri baiginen.
Mintzazale berria —hogoi ta hamar urtetako
mutiko larri bat —hiri handian zagon, ofiziorik
batere hartu gabe; hau jasta, hura jasta, orotarik
apur bat buruan sartzen zuelarik. Etzen bizkitartean faun, ez arina; herri ttipirat itzultzeak zaukan lotsaturik, ardura hemen gizon eskolatua,
alhapiderik ez ukanez, auzoen ez-jakin eta
nagiaren kutsutik egunetik egunera oiestuz baitoa.
Bere bizar beltz ederrarekin, urrez apaindurikako luneta batzuen gibelean behakoa orozbat
ezti eta hits, iduritzen zaut oraino ikusten dutala.
«Bitxi zaut, zion irriño bat ezpain xokoan ezin
gordez, nola nahasirik zabiltzaten denak, egiaren sahetsetik. Bakotxa zihauren baitharik mintzatu zarete. Nehori etzautzue gogoratu ez dela

gu baithan egia, bai ordean gauzetan; hok ontsa
ikertuz, guziz geure begiz, dezakegula noiztenka
hatzeman hura, bere argi bereziarekin.
«Hainbertze gizon mota, hainbertze amodio
mota, horra egia.
«Hau ere badelarik: zer jaidura ere baitu
gizon batek, ez daukala hura berdin azkar bere
bizi guzian, ez eta ere egun batetik bertzera;
ardura aldatzen ere direla zenbeit gizon bihotzez, hau maitatu ondoan hortarat erortzeko,
azkenean orobat nahikunderik bat ere gabe gelditzen baitira harria bezala.
«Hoinbertze aren artean, zoin da zuzena?
Badirea ere on ta makurrak? Zoin zer diren nola
ezagut ditzazkegu?
«Daukat ez dela gizonik galde hoitarik bakar
bati ihardets dezakenik. Nik, hasteko, ez nakike,
eta utziko zaituztet zoin zihauren sinesteekin.
Ara guziak badira; oro metan hartuz, baginuke
behar bada erraiteko asko bakotxarentzat; gure
mihiak ez luke behin ixiltzerik; bainan zeren gainean finka ditake gure adimendu xumea, meta
guzia ikusten ez duenaz geroztik, jujatzeko hau
xuxena dela, hura makurra, hunek gauzak alde

dituela, harek kontra? Munduaren goiti-beheitia
xeheki bezala osoan ezagutzen ez duguno, zer
onets dezakegu, zer gaitzets, itsura mintzatuz
baizik? Gutarik argituenaren errana izan ditakea
iduripen baten erakutsiaz bertzerik? Badukea
iduripen batek baino hazta gehiago, edo ahaidetasun egiarekin?
«Jakin zazue beraz ene ganik, lañoki, gizonaren irritsik beroena, gurarik biziena, ez dela baitezpada emaztea; ez eta emaztearena, gizona.
Bertzerik mana dezoke bere jiteak.
«Hau dena mahaina da; ez du asetzeaz bertze xederik; jateaz orhoitzeak berak alde orotarik urina atheratzen dio, atseginarekin. Hura,
jokoko errabiak dauka azpitik; karta ukaldi
batean sal lezake bere burua. Hunen laguna
edariak bildua du arrunt, bide handiz heriotzerat
baderamalarik. Horxeko horri emozue urrea,
urruea oraino, urrea aitzina, urrea bethi; bere
urrearekin ehortzirik nahi luke izan. Joanes bazter ikusi nahiak errerik dabila, lurraren itzulia
hiruetan egina daukalarik. Piarresek lan gosea
du, eta xutik ez dagoke, akituaren akituz...

«Sei gizon horiek berrogoi urtez goiti badute.
Eskua suan eman nezake ez dela bat, urrixaren
alderateko tirriarik ere hauteman duenik.
«Ez dautzuet aiphatzen Manex, adimenduaren alhari bere bizia eman duena. Orduak gogoeta deramatza; ez da deus ohartzen ez denik,
irakurtu ez duenik, ikertu gabe utz dezakenik.
Xoratzen da edozeren itxura guzier beha, aldizka
edo betan; gauzer, elgarren ondoan ezar eta,
eite edo berexkuntza edireiten. Hori da, gizonaren jaiduretan, errorik gaixtoenak egiten dituena. Zorigaitz bere baithan handitzera uzten duenari! Galdua da. Nehork, ez deusek, ez du aldaratu ahalko bere sailetik. Beharrik gutiak dira
gutartean, bakarrak, hein hortaraino beren
buruaren alhaz horditurik daudenak...
«Bainan baditeke zeiharkatzen nizan ezarria
ninduzuen bidetik. Uste dut gogoan duzuen,
amodioa orok deitzen dugun, haragiak daukan
irritsik minena. Ez dea hala?
«Bada, ez duzue nik erraitearen beharrik jakiteko badirela, gizon ala emazte, berek bakartasunean asetzen dutenak. Badira miliunka. Harri,

landare, tresna, esku joko, ez da kitzikagailurik
gozatzeko on etzeienik.
«Zer erranen dautzuet jendearen kabalekilakoaz? Badakizue emaztearen ixuria zakurraren
alderat. Nihau, behin ikusirik nago, bortuan, biarnes bat lau zangotako astaña bati lothua, geroztik hunat ez baita deus baldi nezakenik.
«Ez zautalarik bizkitartean amodio hori hain
bitxia, ez zikina, nola gizona gizonari jarraikarazten duena; ihizi batzuen artean, hala nola ttittarretanr, arrak arrekin ikusten ohi diren bezala,
udako bero handietan...
«Emaztearekin duelarik gizonak bere gozoa,
zenbat ara berezi gizon batetik bertzera eta
gizon beraren baithan, adin arau, aldarte arau,
ahal eta behar ordu arau! Begi ukaldi, behatze,
usna, entzute, musu, jasta, murtxa, milika, ausiki, xurga, hunki, pereka, tinkatze, borroka,
kutsatze bitxi bezain xikin, oro baderamatzagu
bat bertzearen ondotik, egunetik biharrera edo
bakhanago aldizkatzen ditugularik, ardura ara
hoitarik bati edo bier dagolarik gutarik bakotxa.
«Maizenik bizkitartean, egia den bezala erranen dut, emazteak gizona du nahi; bainan ez,

hunek uste duen bezenbat, bere odolaren eztitzeko xedetan. Emazteak laguntza du galdegiten
gizonari: ez, hunek hari bezala, gorputzeko atsegin iragankor likits bat. Emaztearen amodioa
bihotzekoa da: fede, jauspen, urrikalmendu