Burdin Elorri Arantzetan - 1
JOSEBA ARREGI EROSTARBE
JOSEBA ARREGI EROSTARBE
1946. Arantzazu (Oñati).
1992. urtean atxilotu zuten
estatu frantsesean eta 2000.
urtean estraditatu zuten Espainiara. Egun Jaengo espetxean daukate. Hainbat
erakusketa egin ditu areto ezberdinetan Frantzian
preso zegoelarik. Oraingoa
bere irudiak hitzez lagunduko ditu.
ARGAZKIAK KARLA ABARZUZA
DISEINUA MADDI ORCAJO
ISBN: 977-84-942777-5-8
LEGE GORDAILUA: SS 1388-2015
EUSKAL HERRIA 2015
EUSKAL ERREPRESALIATU POLITIKOEN
LITERATURA ETA ARTE KOADERNOAK
Nire mundua labirinto bat da. Ehundaka ate ehundaka sarraila, ehundaka kamera,
dozenaka alarma eta mila ertz, mila izkina, mila txoko. Iluntasun ugari, ekiaren zeru
gutxi eta naturarik deus ez! Labirintoan sartzen dena galdu egiten da, desorekatu. Hemengo labirintoan ez. Badakizu nora mugitu behar duzun 8:30ean, berriro itzultzeko.
Erietxera joateko zazpi ate irekiko dizkizute banan banan, beste hiru ate han barnean,
eta beste hainbeste itzultzean. Gero, 10:30ean, kiroldegira; berriro laberintoan itzulika, arropaz edo zapatilaz aldatua. Ordu bat eskasera, berriro itzuli! Labirintoko ertz,
izkin, espazio, txoko, alde guztiak markatuak daude. Kontrolatuak gaude gu ere, gure
burua eta memoria izan ezik. Tarte bat irekitzen delarik, zeru zati bat agertzen da, ideia
bat, ilusio punttua… Leiho bat agertzean, norbait ikusten dugu; nor ote da? Pentsamendua lanean ari da. Hori ezaguna da! Hori berria da! Hori, hor, takillan dagoena,
simpa da. Bestea, sasikumea…
Gure labirintoa puzzle bat da. Mila zati ditu, denak ezberdinak dira, eta ez zara galtzen. Oraingo aldian nagoen bunker honek baditu ehun metroko pasilloak; labirinto,
modulu, ingreso, lokutorio, kiroldegi, futbol zelai, zine areto, kulturgune, erietxe, sukalde, mantenu eta segurtasun edo isolamendurako bidean; eta, erdi erdian, dorre erraldoi begiluzea! Pasillo horiek gure ikusmena engainatzeko eginak daude. Dotore mantentzen dituzte, preso sozial bolondresei esker, olibondo, pinu, larrosa, iturri, landare,
lore, labanda, ezki, hortentsia, belardi, ezkai, krabelin eta bestez jantzitako lorategi
eder bat bailiran…
Baina ez dago denborarik horretaz pentsatu eta jardinaz disfrutatzeko, ziztu bizian igarotzen ditugu pasillo horiek. Labirintoaren zati dira. Gu engainatzeko eginak. Alboetako hormak, kanpoko kaleak eta mendiak bezala margotuta daude. Ilusio faltsua
eskaintzen dute horma horiek. Pasillo horietan urdinak daude, aingeru zaindariak, “kaleko trafikoa” gidatzen: “¿De qué módulo viene usted? ¿A qué modulo va usted?
¿Cómo se llama usted? ¿Qué módulo tiene usted? ¡Un parte por coger una rosa!”.
Donostiako kaleetan ere, 1960an, jendearen trafikoa zaintzen zuten: “¡A usted le pongo una multa por pasar el semáforo en rojo!”.
Labirintoa da nire mundua. Puzzleak, ertzak, bazterrak, txokoak, dena dago bistan.
Dena dago kontrolpean. Urtez urte bildutako esperientzia dute gainean, labirintoan
inor galdu ez dadin, inor aspertu ez dadin. Estiloa aldatu diote. Itxura ere hobea du
lehen baino. Arauak, ordea, aldatu egin dituzte, eta gaur egun bizirik irauten badugu,
kondena guztia bete arte ez dugu askatasunik izango.
JOSEBA ARREGI EROSTARBE
aurkibidea
10
BURDIN ELORRI ARANTZETAN
13 Hitzaurrea. Jokin Urain.
17 Aurre hitza. Joseba Arregi Erostarbe
19 Kide askatu berriei gutuna
21 Gartzela
22 Frantzia
33 Espainia
61 Gartzelako leihotik
75 Oroimenaren Kaxoia
88 Sinboloak. Esan nahia eta esan beharra.
97 Epilogoa
“Gauz ilunak
edo beltzak,
eta zikinak daudenean
batez ere: Beldurra sortzen dute.
Horrez aparte tristezia handia
ematen digute, baino ez luke
hola izan behar.
Zergatik ikaratu eta
apaldu behar gera
errealitateak
esaten
duen
egiaren
aurrean?”
HITZAURREA
Joseba Arregi Erostarbe, marrazkiz marrazki.
Batzuek ikasketak egiten dituzte, beste batzuek kirola, irakurri… Ikasketak burutzea preso askoren ekimen diziplinatua da kartzelan, eta kaleratzen garenerako prestatzea izan daiteke helburu. Kalean ere etorkizun den gerorako prestatzea izaten baita ikasketak egitea. Baina kasu gehienetan urruti xamar ikusten den egun horretarako
prestatzea baino helburu hurbilagoa betetzen dute preso gehienentzat. Eta ikasketak
egiteak bezala eskulanak egiteak, margotzeak berak.
Lehen ere egina dago Josebaren hainbat marrazkiren azterketa, “Kartzelako Leihotik”
(Ataramiñe) liburuan, marrazkiaren azalpenak ere hor daude kasu askotan, eta beste
liburu bat beharko litzateke hor agertzen ez diren margolan guztiak aztertzeko edo
bakoitzari komentariotxo bat egiteko. Marrazki hauek kate-begiz kate-begi osatzen
duten historia narratiboaz harago, bada Josebaren marrazkigintzan nabarmena iruditzen zaidan aspektu bat: bere ingurua margotzen du: inguru afektiboa, inguru geografikoa, inguru kulturala… Inguru hori margotuz eraikitzen ditu bere zutabeak, bere
sostengarriak, hasiera batean agian inkontzientean zerabilen eta bizi beharrak eta
bizinahiak erakusten zion iparrorratzari jarraituz.
BURDIN ELORRI ARANTZETAN
Kartzelan nola bizitzen ote den, nola irauten den… ez dakit zenbatek ez ote didan galdetu. “Eta ondo atera haiz, gainera” esan izan dit zenbaitek, harridura zintzoz seguru
asko, eta niri bezala galdetu eta esango zieten beste hainbati. Ez dakit modu zientifikoan azaltzen kartzelari zelan egiten zaion aurre, zelan irauten den urteak eta urteak.
Dakidana eta ikasi dudana da bakoitzak bere moduak dauzkala egunerokoan aurrera egiteko, ez erotzeko eta ez erortzeko. “Noizbaiten askatzen nautenerako” baino,
“gaurko” eta “biharko” plan txikiak egunero egitea eta horretan konstantzia izatea
da, esango nuke, kartzelak berak irents ez zaitzan metodoa.
Margotzea, adierazpide piktorikoa alegia, Josebaren bidea egiteko modua
da, espetxea eta berak suposatzen duen guztiari aurre egiteko modua. Bere ariketa
piktorikoa ez da garatzen soilik helburu artistiko baten bila, ez doa koadro perfektuaren bila. Badu funtzio gauzagarriago bat, koadroz koadro, marrazkiz marrazki lortzen
duen funtzio bat: traba eta muga guztien gainetik bere bidea urratuz, edozein gizakirentzat orokorrean, eta frantziar edo espainiar espetxeetan gatibatua den euskal
militante batentzat batik bat, egoera horrek suposatzen duena gainditu eta irabazle
– espiritualki bere burua berrosatu eta kartzela ia abstrakzioraino gutxietsi - sentitzea.
13
Oroimineko geografia oso presente dago Josebaren marrazkigintzan. Behin eta
berriz jotzen du bere herriko, etxeko, bere oroimenean oso kuttun eta hurbileko zaizkion motiboetara. Hortxe ageri dira jaiotetxea eta etxekoak, auzoak eta auzotarrak.
Horiek margotuz berpiztu egiten du, presentera ekarri eta nolabait erreal bihurtu alegia, urruti eta faltan duena; gogoan duen espaziora joaten da marraztean. Espazio
horretan aurkitzen ditu mendi edo ibaiak, zelaiak, herriak, baserriko ataria, zakurra,
artaldea… Eta udazken-neguko koloreen artean usoak eta oilagorrak nola ez topatu!
Baina paisaiak ez dira etxe ingurukoak soilik; hortxe daude etxetik ihes egin behar izan
zuenetik ezagutu, miretsi eta bere ingurutzat hartu dituenak ere. Esan liteke folioa edo
lientzoa urratuz doala, arian-arian memorian duen paisaia azaltzen zaion arte.
Jendeak, pertsonek, leku handia dute Josebaren espazio piktorikoan. Etxekoak
eta auzokoak, burkide eroriak, lagunak, espetxean kide dituenak, behin eta berriz
ageri dira. Zentzu horretan, norbanakoz norbanako, gizarte oso bat margotzen du,
bere-berea duen gizartea, hurbil-hurbilekoa sentimentalki. Espetxeetan ikusi duen gizartea ere margotu du, euskal presoetatik haratago drogaren eta endekamenduaren
izurritean bizi direnen gizartea.
Baina esango nuke margotzen dituen pertsonen artean leku oso nabarmena eta berebizikoa dutela emakumeek. Hor daude ama, neska-laguna, lagunak… Arestiren
aitaren etxearen metaforari, amaren suaren metafora gehitzen zion euskal pentsalari
batek, amaren su hori delako etxeari zutik eta bizirik eusten diona. Eta iruditzen zait bete-betean esan litekeela horixe Josebaren etxe afektiboari dagokionean. Ama margotzen duenean, etxeko emakumeak edo lagunak margotzen dituenean, bere margoetan neska-laguna (bera ere ama; seme alabarik izan ez arren emakume guztiak
baitira nolabait ama) behin eta berriz presente dagoenean, bere mundu afektibo
hori hauspotzen ari da, etxeko suari indar ematen ari da. Bere etxe afektiboaren sua,
bihotza eta zutabe nagusia ere bada ama.
Espetxea bera da Josebaren beste motibo piktorikoetako bat, nahiko errekurrentea
gainera. Batzuetan kanpotik begiratuko dio espetxeari, bestetan patioa agertuko da,
ziega, galeria… Eta xehetasun txikiak ere bai, horma gainetako txarrantxak edo ateetako sarrailak, esku-burdinak, jangelako mahaiak eta bandejak… “Geografia” hori
margotzeak badu zerikusia lekukotzarekin, ikusten duen horren testigantza uztearekin;
salaketa ere badago kartzelako drogazaleak eta miseriaren atzaparretan eroriak margotzen dituenean. Hala ere, kartzela, bai eraikuntza orokorra eta bai kartzelaren barrunbeak – munstroaren, izuen gordelekuaren erraiak -, margotzen dituenean, kartzela
eta kartzelak suposatzen duena desegite saioan ari da etengabe. Margotuz desegiten du kartzela, ingurua ixten dion eraikin zatar hori. Behin eta berriz margotu-desegin beharreko espazioa du espetxea, goizero ekin beharreko zeregina du, ezin utzia;
14
munstroa hortxe ageri zaiolako goizero, egunero, gauero; ziega margotuz desegiten
du ziega, hormak edo txarrantxak margotuz eraisten ditu itxiturak, barroteak margotuz
irekitzen ditu leihoak, sarrailak margotuz zabaltzen ditu ateak.
Izuen gordelekuan konstantzia nekagaitzean arituz munstroa gainditu duenaren keinua eskaintzen digu Josebak margo hauetan.
Hau guztia esanda ere, ez dugu agian asko esan, batzuentzat gehiegi igual
esan dugu baina. Begiraleek ikusiko dute eta esan beharko dute zer ageri den euren
iritziz.
Jokin Urain, 2015eko urria.
AURRE HITZA
Gaur egungo teknologiaz egindako liburu eder batean bildu dituzte nik urteetan zehar gutunetan bidalitako marrazkiak, katalogo-liburua ederra iruditzen zait.
Marrazkiak baina, eskasak, inperfektuak, itsusiak. Lopez eskultore eta pintoreak dio
gizon azkarrak margolan perfektuak eta osatuak egiten dituela; gizon ahulak, berriz,
ahal duena egiten duela. Ni naiz ahal duena egiten duen horietako bat.
Marrazkien esanahia azaltzea ere nahiko erraza da niretzat. Neuk eginak dira. Neure
bizitzan eta inguruan gertatuak, sufrituak edo sentituak dira, gutxienez bizitzaren zatitxo bat direlako. Bizitzan ordea, badira une zail eta gordin ugari, publikoki agertzerik
nahi ez ditugunak, marrazkietan harrapa ezin direnak.
Ez dut ofizioez jardungo. Eskolan ondo landutako ofizioak “Akademiaren” ildokoak
dira, lan perfektuak. Agian, Lopezek dioen bezela, gizon azkarrak dira lan “perfektuak” egiten dituztenak. Bere buruaz ari da…
Badira arrakasta lortzen duten “artistak” ere. Nola lortzen den arrakasta… konpara
nezake zenbait politiko eta enpresa gizonen arrakastarekin. Lehendabizi, lotsagabea
izan behar da. Txarlatana. Panazko txaketa aldatzeko prest. Lapur lepo txurien lagun,
zenbait artistek berdin egiten dute. Gizartean arrakasta lortzeko, lotsagabea, egoista
eta harroputza izanda, mezenas bat alboan jarri... eta lortu du arrakasta! Gero, ongiaren eta gaizkiaren gainetik jarriko dira. Horrela sortzen dira “jainko ttipiak”, ukitu ezin
direnak…
Mundu horretatik eta Akademiatik urrun nago. Marrazkien bildumak herren geratu ohi
dira gutunen zutikairik gabe, eta hauek zientoka gutun dira, harat-honat hedatuak,
marrazkiak barne. Gutun eta marrazki hauetako bakoitzak nire lekukotasuna, egoera
animikoa, zoritxarra, itxaropena eta osasuna adierazten ditu. Ez egia osorik, egia erdizka baizik: zentsuratua bizi izan naiz dozenaka urtetan zehar, eta gaur egun ere gainean ditugu, putreak bezala eta une oro, zentsoreok.
Mila aldiz idazten hasi eta utzi egin diot, egia osoa esan ezin den erresuman idazteak
duen arriskuak hotzikara sortzen zidalako larruazalean. Egunen batean, agian, konturatu egingo dira egia osoaz, Egiazko Askatasuna izaten dugunean.
KIDE ASKATU BERRIEI GUTUNA
2013ko abendua
Gutuna kide askatu berriei
Zelan hortik?
BURDIN ELORRI ARANTZETAN
Suposatzen dut zuen urduritasuna eta poza baretzen joango dela, eta honezkero
hankak lurrean ipiniko zenituztela. Gu ere kezkaz eta adi egon gara azaro eta abenduko egun hauetan, etsaien mehatxuengatik eta agintari politikoek zer jarrera hartuko
ote zuten. Baina baita pozik ere, Euskal Herriak eta lagunek atseginez hartu zaituztelako.
Barru-barruko poza da gurea: zuen askatasuna geurea balitz bezala sentitu dugu. Badakigu urte batzuk gorabehera denok lortuko dugula askatasun hori. Bitartean, guk geure
aldetik, beti bezala segituko dugu: goiari eutsi eta beti horra begira; Euskal Herrira, noski.
Galdera batzuk ere egingo nizkizueke… Asko aldatu al da? Ezagutu al duzue Euskal
Herria? Autobide, saihesbide, zubi, zeharbide, tunel, bidegorri, errotonda, Abiadura Handiko Trena... Zer itxura du?
Jendea ziztu bizian al dabil? Entzuten al da kalean euskara? Euskal poliziek eta aguazilek
euskaraz egiten al dute? Lanik aurkitu al duzue? Egia al da irteerako urte bateko laguntza kendu dizuela barne-ministroak?, zuek ere beste gizakiok bezala jan beharko duzue,
ezta?
Ikusten al da 230.000 pertsona langabetuen haserrea? Nola bizi dira biztanleen % 17
langabe horiek? Nork gobernatzen ditu? Ez dute haserretzeko asmorik ala? Bai, gauza
serioak dira horiek, baina baditut beste mila galdera goxoago, eta espero dut neure
gabezian mila aldiz amets egin dudan gauzekin gozatuko duzuela: lagunartea, familia,
loba-bilobak, pintxo-poteo batzuk, mendi-irtenaldiak, afariak, Arrano elkarteko giroa,
itsaso zabalera so eginez ikusmena askatzea, oskorriaren infinitoa, gaueko oskarbiko
izarren hautsa, Urbixa eta Degurixako lasaitasuna, Aizkorrira igotzeko ahalegina, dozenaka urtetan enkistatua dugun korapiloa askatzea… Naturaren harmonia, txorien kantuak isiltasunean entzutea… Hori guztia eta gehiago duzue hor Euskal Herrian edo etxe
ondoan, eta ondo antolatzeko eskarmentua duzuenez, asko disfruta ezazue naturaz eta
herri giroaz mozkortu arte.
Zuen gozamenak gu ere animatu egiten gaitu eta.
Horixe dut sentitzen, eta hoberena opa dizuet kide guztioi, kikildu barik, erne, tente eta
aske! Nor zareten gorde gabe.
Beti izango zaituztet gogoan.
GARTZELA
FRANTZIA
Fresnes Presondegia. Hango egiazko iluntasuna.
Gauez ikusten denean (ez da askotan ikusten), ilargia ederra da benetan; hori sentitzen nuen. Amets
eginarazten zidan, eta lagun izan nuen ametsezko
ihesaldi batean. Maitaleari poemak idazten ere laguntzen zidan ilargiak.
Fresnesen amesgaizto ugari ere egiten nituen. Han
tragedia ugari gertatu dira, preso sozialekin eta
preso euskaldunekin ere bai. Fresnesen historian
zenbat hildako ote daude?, zenbat jipoi?...
Ziega. Fresnes. Frantziako presondegi gogorrenetarikoa da Fresnes. Ziega handi geratzen zitzaidan
hirurentzat egina zelako. Bakarrik, heze, hotz, eri,
ilun, zikin… Askoz txarragoa zen isolamenduko ziega: lau horma, iluna, lehio gabea; paper zati bat
eta arkatza ziren genuen guztia.
Clairvauxko kartzela. Frantziako segurtasun-neurri handienak dituen horietakoa da. Han edukitzen dituzte kriminalik handienak, eta haiekin batera egon gara urtetan euskal gudariok ere. Euskal Herritik urrutien daudenetako kartzela. Bisitara joateko zailtasun ugari, bide luze horretan
istripuak eta gorabeherak sortzen direlako. Ordea, kartzelak segurtasunmaila gogorrena izanik ere, posible da barruan besteetan baino erosoago bizitzea. Hobeto hornitua dago: kiroldegia eta tailerrak ditu, zuhaitz
eta txoriak patioan, jatekoak hobeak... Errepresio moduen aldetik nahiko
kontrajarriak dira Frantziako kartzelak. Maison Central direlakoak kondenak betetzeko tokiak dira: Fleury, Fresnes, La Santé eta beste. Ezin dira
Espainiakoekin konparatu.
Fresneseko Presoen egoerari eginiko marrazkia.
Garrasia!
Frantzian. Fleury. Leihotik lehiora soka edo hari luze batekin gauzak pasatzeari pasar el carro esaten zaio. Preso sozialen entretenimendua izaten
da karroa botatzea, kafea, porrua, zigarroa, azukrea eta metxeroa izaten
dira, besteak beste, txapatuta daudenean eskatzen dituztenak.
Clairvaux, neguan. Askatasunaz amets, natura begi
bistan, satorraren lana gogoan. Hertsidura, horma,
serpentina, begiluze eta alarma guztien gainetik,
gure arima askatasun bila zebilen.
Clairvaux, neguan. Gizona, ertzean. Itxaropena,
lorean. Ateak, ordea, itxita. Ateak beti itxita.
Leiho-traparen detailea. Kanpotik itxura hori zuen. Barnean
zegoen kidearen silueta ere ez zen ondo ikusten.
Fleuryko isolamendua. Astean behin dutxara eramaten gintuzten, bi
bokik “eskoltatuta”. Neguko zapatilekin dutxatu nintzen, txankleta
gabe nengoen eta oinutsik egiteko oso zikina zegoen dena. Gero,
lehortzerako, egunak igaro ziren. Saguak ere barre eginen zidan, harrituta.
Fleury, Frantzia. Isolamenduko irudi bat. Kolektiboko kideontzat, gure borroka, plante, txapeo,
gose greba, uko edo kexa guztien ondorioa izaten
zen isolamenduko bakardadea (mitard). Gauetan
liburu zikin bat ematen ziguten, besterik ez!
ESPAINIA
Patioa. Jaengo patioaren izkina batean, isolamenduko txokoan, txakurtegia zegoen. Hor egoten ziren hiru edo sei boki gu zaintzen. Neguan,
isiltasuna eta hotza; udan, beroa eta euliak nagusitzen ziren. Txoko hori
pilotan egiteko baliatzen genuen, baina txakurtegia ezin genuen ukitu. Pilotak, kanka, eta zarata hori zela-eta bokiek askotan debekatzen
ziguten jolastea
Jaengo kartzelan urte sorta pasatzea egokitu zitzaidan. Urte makurrak izan genituen han, bokiek tensio handia sortzen ziguten. Hala ere, kideok, eguneroko bizitzan,
bakoitza bere eginkizunetan murgiltzen ginen. Patio orduetan bat kirola egiten, beste bat arropak garbitzen, beste bat paseatzen, txantxetan edo adarra jotzen. Umorea oso garrantzitsua zen, eta, noski, neurrian erabili beharrekoa.
Jaen, patioko txokoan txakurtegia agertzen da, baita gure “frontoia” ere.
Asko estimatzen genuen txoko hori. Frontoi honetako pilota, paleta, erraketa eta jolas lehiaketan, zenbat kolpe, zauri eta erorketa ez dugu izan? Erori
eta odoletan hasi, anteojuak apurtu, erlojua ere bai...
Bai. Isolamendukoen plaza zen guretzat, txakurtegiaren aurrean. Ez dakit
zenbat aldiz marraztu ote dudan txoko hori, beti desberdin marrazten dut;
ordea, txakurrak betikoak dira, berdin egiten dute hozka.
Jaengo isolamenduko zuloaren eskema da. Istorio eta komeria asko
gertatu ziren zigor gela horietan: borroka, txapeo, gose greba, barau
edo uko. Tartean egoten ziren zenbait preso sozial zigorra ordaintzen.
Haien arazo eta gabezia zirela medio, makina bat gaupasa egina
dugu ateak joka, iturriaz, komunaz edo irratiaz egiten zuten arrabotsa
zela eta. Horrelako giroan ez da erraza burua orekatzea eta hotz mantentzea.
BURDIN ELORRI ARANTZETAN
37
Jaengo patio bazterrean,
txakurtegiaren
“epelera”
hurbiltzen zen lotara txolarre
multzo bat, neguko hotzari
ihes egin nahian. Arratsaren
ilunak ekartzen zituen, tokia
hartzeko borrokatzen ziren,
eta guk haiei so: Aske zaudete, baina ez duzue berogailurik!
Isolamenduko porlanezko mahaitxoa. Hor izaten nituen, karta, arkatz, paper, zinta,
irrati, postal, liburu, gatzontzi, lima-lija, flexo… Nire gela, nire sukaldea zen, nire tailerra,
nire kiroldegia, nire etxea, nire espazioa, baina eguzkia falta.
Jaen IIko patio ziztrina. Txikia, estua, zikina, kiratsa dator
estoldatik. Bi alde: batean txakurtegia, bestean iparraldeko azken horma. Hormak, lau, beti altuak. Alanbreak
zorrotz. Kutxiladun alanbre kizkiak. Gu, pentsakor…
Jaen II. Patioa. Badirudi satelite batetik
egin argazkia dela. Lau kide paseoan.
Eguneroko errutina. Paseoa, korrikaldia,
pilota, kafea, dutxa moduko bat ere
bai, eta, noski, telefono deia! Garrantzitsuena!
Jaen II. Isolamenduko galeria. Hogei ziega erabilgarri. Bat, trasteroa. Beste bat, pakete eta motxilen almazena. Beste bat, ordenantzena. Beste
bat, torturatzekoa, larruzko lau lokarri eta gerrikoaz. Galeria hori sarreratik
ikusten da. Altzairuzko armairu erraldoia dela dirudi, dena metalezkoa.
Hiru ate daude pasillotik hara: lehen atea automatikoa da, bigarrenak
bi morraila du, klin-klan, hirugarrenak beste bi eta giltzarrapoa. Gaueko
ordu txikietan, boki bat edo bi edo zortzi… zertarako datozen. Etortzen
zirenean, bagenekien non zetozen, orain lehen atea, orain bigarrena,
eta tropa osoa dator, joder!, zafarrantxoa dago! Haien arnas hotsaz eta
pauso hotsez bagenekien zenbat zetozen.
Valdemoro. Txakurtegi aurreko aretoan egiten genuen planto! Kartzelako
Frontean beti izan gara aktore; leku desberdinetan, gidoi berbera, programa desberdinak, kide desberdinak, klima desberdinak, baina errepresio berbera: zigorra!
Valdemoro. 2. moduluko patioa. Urtaro batzuetan zikoinak ikusten dira,
pagausoak, untxiak, labezomorroak, zimitzak, txolarreak, arabazozoak... Baina dorre erraldoia da egunero ikusten dena.
Jaengo patioa. Boki bat guri begira, kide bat luzaketak egiten. Beste kide
bat, soka ipini eta toallak zintzilikatu ondoren, estoldako kiratsari buruz haserre. Batzuetan, egunkari paperekin estaltzen genituen, busti, eta horrela mozten genuen kaka usaina.
Piszina. Igerilekua. Espainiako kartzela berrien antolakuntzan, igerilekua ere eraiki
zuten. Nik Navalcarneron eta Alicante IIn ezagutu ditut. Laurogeita hamarreko
hamarkadan kartzelak kiroldegia, futbol zelaia eta zine aretoa zituen, eta orain igerilekua. Presoari bere “bergizarteratze” bilakaeran “laguntzeko” igerilekua.
Kanpoan, kalean, luxua dela pentsatuko dute presoek igerilekua izatea. Ordea,
igerileku batek higiene neurri zorrotzak eskatzen ditu, edozein herritako igerileku
publiko batean bezala, eta erresuma hauetan ez dago gastu hori egiteko dirurik.
Kartzela modernoak ireki zituztenean, propaganda handia egin zuten: “Que eso
y los vis a vis ayudarían a la reinserción social”. Ordea, igerilekuetan gaitz ugari
kontagiatzen zen, arriskua nabaria zen. Mantentzeko dirurik ez, leku batzuetan urik
ere ez, beste batzuetan (krisia aitzakia) urak zikin, eta gainerakoak itxita. Egia da,
igeri lekuak hor daude, kiroldegien bazterrean, itxita.
Navalcarnero. Jangela. Ehun eta hogei bat preso
jangela bakoitzean. Ehun eta hogei bat preso modulu bakoitzean.
Jaengo isolamenduko ziegaren eskeletoa. Hamar
urtez hor paraitutakoa iltzatua dut.
Jaen, isolamenduan. Bi marrazki hauetan ikusten da isolamenduko ziega
nolako sinplea zen. Ziega burdinazko
armairu batean kokatzen da. Barnean
zementuzko “mahai” modukoa du,
zementuzko apal batzuk nire puskak
apailatzeko, eta, txokoan, komun zikin
bat eta ur txorrota. Ez ispilurik, ez bizarra egitekorik, ez orratzik, ez azazkalak
moztekorik, metalezko ezer ez! Eta leihoa?, kanpotik nolakoa den. Hori “trapa” bat da, ez leihoa. Dena burdinaz
atondutako “trapa”. Horrela, eguzkia,
zeru urdina eta argi naturala ikusteke,
hamar urte igaro ditugu zulo honetan.
Hala ere, estoldetako usain txarra (kiratsa) eta salamankesak sartzen ziren
ziegara. Dozena bat aldiz, bi dozena
aldiz marraztu dut ziega. Eta ez da
izan maite dudalako.
Valdemoroko ziegan. Sotoko apalategian zapatilak, txankletak, komuneko papera, lixiba, ura… puskak atontzeko manerak…
Valdemoro. Ziegako txokoa. Detailea, neure puskak edukitzen nituen manera.
Balde edo kubo bat urez betetzeko muntaia. Eta ispilua. Valdemorora eramaten ninduten aldi bakoitzean ispilua erosten nuen. Bizarra egiteko, aurpegia
ikusteko, neure buruari esateko: Ondo nagok! Oraindik eutsiko zioat!
Ziega guztietan daude plastikozko “ispiluak”, baina horiekin ez da ezer ikusten,
silueta izan ezik; beraz, preso guztiek erosten dute ispilu ertain bat edo bi…
Beste txoko bat. Ziegako angelu ertz batean dago telebista jartzeko apalategia.
Telebista alokatu egiten da nahi izanez gero. Ordainetan, tabakoa edo bost euroko txartel bat astean. Badaude doblea kobratzen duten “artistak” ere, errutina
egiten dutenak, eta mila istorio…
Jaengo kartzelan, 10 urtez, zulo batean egon zirenek ez dute berehala ahantziko hangoa. Marrazki hauetan, patioko bi txoko.
Txoko batean soka jartzen zuen kide batek egunero. Arropa eta toalla
jartzen genituen lehortzeko. Han egiten zuen beroarekin bizkor lehortu
ere…
Beste txokoan, txakurtegia eta frontoia ikusten dira. Frontoia deitzen
diot, marra bat ipini eta pelotan egiten genuelako. Txoko asko, leku
gutxi…
Bero handiak, izerdi patsetan, haizagailuak berak ere aire beroa botatzen zuen.
Valdemoroko ziega. Diligentzietara joaten ginenean, aurkitzen genuen ziega garbitu behar izaten genuen lixiba
eta espartzuz. Batzuetan, gure kide batzuek utzitako ziegetan sartzen gintuzten, eta hori nabarmen ikusten zen
garbitasun eta txukuntasunean. Baina bestelakoak ere
tokatu zaizkigu, labezomorroak eta zimitzez beteak.
Jaen, isolamendua. Askotan idatzi izan dut paraje hartatik zerua
ez nuela ikusten. Leihoa ez zela leihoa, “trapa” bat zela. Hiru lerro barrote eta sarea gehi trapa zituela ziegako “leihoak”. Egun
batez otu zitzaidan delako leiho hori, kanpotik nolakoa den marraztea, oso antzekoa egin nuen, kolorea ere. Kanpotik barneko
kidearen silueta ikusten da, ilunetan, bultoa…
Ordea, hamabost edo hogei urte igaro eta gero, errepresioaren
formak “aldatu” zituzten, eta boki batzuk zeozer humanizatu.
Beste garai batean patioko belar txikiena ere kentzen ziguten,
eta 2012an boki bat hasi zen loreontzi batzuetan belar batzuk
ipintzen, beretzat, noski! Guk ziegatik ez genuen ezer ikusten.
Boki hari, parlantxin samarra zenez, esan nion: “¿Por qué no lo
pones en el patio?” Eta hark erantzun: “Ah! eso no, porque podéis esconder pinchos y utilizarlos como armas…”.
Ziega zuloa. Ziegan, zokoak zikinak daudenean, garbitzea
egokitzen zaigu. Baina zoko horiek, karea eta pintura eta hezetasuna dariola daudenean, garbituta ere zikin geratzen
dira. Gero, puskak, gure gauzak, nonbaiten utzi behar, eta
zoko guztiak okupatzen ditut. Une honetan ziegako mahaitxoa ere beteta dago, neure puskekin. Trastez beteta, dena
eskura. Ez da oso txukuna izaten, baina bai praktikoa: dena
eskura! Eta puska guztiak zer diren “grabatua dut”: kartak,
idazteko papera, boliak, arkatzak, anteoju bi pare, azazkalak
moztekoa, agenda, liburua, lima, egutegia, karpeta bat instantziekin, beste bat, bi blok, kartera, erlojua, flexoa, pastillak,
paperezko ahozapiak, orratzak, hariak, argazkiak, postalak,
metxeroa, borragomak, goxokiak, bi kaxa margo, bi kaxa marrazteko arkatz berezi, poto bat azukre koskor eta deskafeinatu
poltsa. Gero, lau poto pentsuarekin: aranpasak, mahaspasak,
intxaurrak, pikuak… beste poto bat harri eta pitxiekin, koilara
jokoa, oihalezko ahozapia. Mahaian tokia dago blok bat ipini
eta idazteko; tokia dago, katilua ipinita, tartinak ogi eta eztiz
egiteko; tokia dago janariaren bandeja jartzeko. Inguru guztia
trastoz, puskaz betea dut. Horrela nago oso eroso. Horrela,
dena eskura. Bakoitzak bere estiloa du nonbait.
Beti dugu begi bat egiten dugunaren zain; ondo, txarto, baldar, txukun, zikin, garbi, haserre, sano, pozik, gaixo, ero… Berdin da, beti daude gure portaera apuntatzen, ez dut nik esan
beharrik.
Alikante II. Patioa. Presoak patioan, atzera eta aurrera, korrika eta
eztabaidan. 2013an gaude. Garaiak aldatu dira. Pausoak eman nahi
ditugu egoera desblokeatzeko… bidali dugu agiria herri mugimenduaz eta prozesuaz bat egiteko. Guk ez dugu oztoporik izan nahi, baina dorre beldurgarria guri so dago, ez digu espazio librerik utzi nahi.
GARTZELAKO LEIHOTIK
61
Andaluzia. Zortzi probintzia eta klima zoragarria. Batzuentzat, noski! Esaten
digute gure borrokan eta ibilbidean gorroto handia diegula espainolei. Ez
da egia. Gorrotoa guri digute. Nortzuek? Eskuin muturreko taldeek, talde
“parapolizialek” eta talde politiko interesatu batzuek. Gorrotoarekin gu jopuntuan jarrita biltzen dituzten botoekin bizimoldea eginez gobernatzen dutenek, horiek digute gorrotoa, guri eta abertzale guztiei.
Nik oso adeitsu begiratzen diet espainolei. Alacantekoei zein andaluzei. Eta,
nola ez! ijitoei ere bai! Eurek guri diguten errespetuarekin tratatzen ditugu.
Munduan dagoen etnia baztertuena da ijitoena, oso zanpatua, mespretxatua. Euren kultura ere berezia da, noski, eta kosta egiten zaie payoekin
nahastea eta haiek ulertzea. Auskalo zenbat ijito dauden preso Andaluzia,
Murtzia, Alacant eta estatuko beste kartzeletan. Andaluzian daude ijito gehien, eta kartzelan pilo bat. Libre doazela esaten didatenean, zera erantzuten diet: Zer? Orduan, oporretara zoaz? Pasatuko dituzu hilabete batzuk