Bokazionea - 11

Oi beraz, Aita-Amak orhoit ditezela egoiteaz hortan atzarriak eta garratz, ezen berzela beren arimak
berme izanen dituzte Jainkoaren aintzinean. Oraidanik
ere ez dute beren haurreri primantza hoberik uzten
ahal, nola baita eskola girixtinoetan ikhasten den jakitate eta bizi-molde ona. Fraidetan edo Seroretan hartu
urrats onak baliatzen dire berdin denborako ala eternitateko.
Haurrak behar litezke eskola girixtino horietarat
jarraikarazi goizik, gaztedanik. Jendea baithan deus ez
da hobeki finkatzen nola lehenbiziko jarkiak eta hazturak. Bihotza gazte, guri, eta ibil-errex duelarik, ohidura onak emaiten badire haur ttipiari, gero ere orhoituko da; eginik ere zerbait eroriko, altxatuko da laster.
Bainan haste-hastetik emaiten badiozkozu itzuli
herrebesak, ai gero ere bide berari jarraikiko da;
gehienetan holako haurretik atherako da gizon eta
girixtino sordies bat.
Jendeak arbola iduri du. Haritz ondoa gazte deno,
izanik ere makhur, xuxen diteke. Bainan bere makhurrarekin handitzera uzten baduzu, handiago eta neke-

zago xuxenduren duzu. Eta hein batetara helduz
geroz, alferretan entsegatuko zare. Hola-hola da jendeaz.
Berdin oraino, landare sorthu berria errotik athera
diteke; bainan bego erroen egitera: zure indar guziak
ez dire geroztik aski izanen, lurrean tieso egonen
zauzu. Orobat da gaizkia haurraren bihotzean: Gazte
deno khentzen ahal errexki, bainan zahartzearekin
hazkartzen eta borthizten.
Haurrak beraz goizik igor eskola girixtinoetarat.
Eta bestalde, behin abiatuz geroztik, jarraikaraz ongi.
Ez egin asko Aita-Amek bezala, egun batez igor, bertze bi egunez etxean atxik; bi egunez eskolan eta
lauez kanpo-lanetan; horrek ez du khararik, ikhas
bezenbat ahanzten dute haurrek.
Eskolatik hola gibelatuz huna zer gerthatuko den.
Lan pozi baten estakuruan, othoitzik ez kateximarik ez
ikhasten; urtheak emendatzearekin, gaxtakeria ere
handitzen; gaxtakeriarekin burua gogortzen eta bihotza ez ontzen. Eta ordutik zer-nahi ikhusi behar hek
ezin moldatuz. Aitaso bezain handi eginak eta oraino
ez jakin komuniatzeko gauzarik premiatsuenak. Mahin
saindura joan behar arima garbi batekin, eta jadanik
asko zarkerietan trebatuak!

Bertze phundu bat oraino. Haurrek lehen komunionea egin dutea bai, asko Burasoek uste dute debalde dela eskolarat gehiago igortzea. Eta bizkitartean
zonbat haur ez dire komuniatu dutenak, frango uzkur
eta tonto direlarik kateximan eta othoitzetan? Oi zer
probetxua liteken haur horientzat, Fraiden edo Seroren eskolarat jarraikitzea zonbait denboraz!
Ba bainan handituak dire, muthil gazte eta neska
gazte eginak dire! Zer erran nahi du horrek? Gaztetasuna bertze haurtasun suerte bat da; haur handiek
egiten dituzte haurkeria handiak. Gaztek ez dute oraino burua aski asentatua; adinak berak eta berotasun
erho batek zoratzen eta itsutzen dituzte. Eta sekulan
izaitekotz, orduan behar dute norbait bidari eta argizaile, orduan behar dute zaintzaile indartsua, orduan
behar dire eremu onetan atxiki. Bertzela, adineko
suak makhurra frango eginaraziko diote.
Bai, komuniatu ondoan ere, haurrek on dute Fraideterat eta Seroretarat zonbait denboraz jarraikitzea.

VII – KAPITULUA
Eskoletan bezala, ospitaletan ere
komentuek laguntza handiak egiten dituzte
Jesu-Kristok erientzat irakatsi izan du bethi amodio
berezi-berezi bat.
Ekhartzen ziozkoten osteka eta sendotzen zituen.
Bai eta bazohan bera hekien etxetaraino.
Bere eri maiteentzat deusik ez zitzaion sobera, ez
elhe onak, ez akhidurak, ez eta mirakuluak.
Jondoni Betiri apostoluaren amagin-arreba eritzen
da, helgaitzek borthizki hartzen dute. Berehala Jesus
etxera joaiten zaio eta sendotzen du.
Herodesen gortheko aintzindari bat heldu zaio,
erranez: Oi Jauna, ene semea eri dut, hiltzera doha;
othoi zato eta sendo zazu. Eta Jesusek: zoaz, zure
semea ongi da.
Gizon legenez oro zakhartu bat, erdi usteldua,
heldu zaio oihuz: Oi Jauna, nahi baduzu, garbi nezakezu! Eta Jesus onak eskuz hunkitzen du, diolarik: Bai
nahi dut, garbi zaite. Eta betbetan garbitua da.

Lau gizonek ekhartzen diote hagetan eri ezindu
bat. Jesusek erraiten dio: Xuti zaite, har zazu zure
ohea eta joan zure etxera.
Hargin batek bere lanean mesklaatzen du besoa
eta eihartzen zaio. Badoha Jesusengana: Othoi, Jauna,
sendo nezazu, ezen eske nabila, ezin lanean ariz.
Orduan Jesusek: Heda zazu zure besoa. Eta berehala
sendoturik hedatzen du.
Soldado aintzindari batek bere muthila eri du, eta
galdatzen dio Jesusi othoi sendo dezan. Hunkitua da
Jesus, eta ordu berean sendotzen du muthil eria.
Emazte bat, oro andeatua dago hamabi urthe
hetan odol galtze batekin. Badoha Jesusengana, soinekoa hunkitzen dio, eta betbetan agortzen zaio bere
odol ithurria.
Gizon bat mutua eta elkhorra ekhartzen diote.
Bere eskuez hunkitzen du Jesusek, ernearazten diozka
beharriak eta mihia deslotzen.
Bi itsu abiatzen zaizko oihuz: Othoi urrikal zaite
gutaz! Jesus onak berehala argitzen diozkote begiak
eta ikhusten dute.
Bidera ethortzen zaizko hamar legentsu, zakharrez estaliak, eta abiatzen zaizko oihuka: Oi Jesus,

gure nausia, othoi urrikal guri! Eta hamarrak sendotzen ditu.
Horra Jesusek nola maite zituen eriak.
Amodio horren primantza Eliza katolikoak ondorioz bildu izan du. Mendez mende, Eliza katolikoaren
hedadura guzian, eriak bethi arthatuak izan dire lehiarik handienarekin.
Hiri gehienetan eriek badituzte erregek bezain
egoitza ederrak, ospitaleak. Eta oro kasik komentuar
Fraide eta Seroren eskuetan dire.
Herri ttipietan ere berdin Fraidek eta Serorek
dituzte gehienik ikhusten eriak.
Non-nahi, ala gorphutzeko ala arimako beharorduetan, hek diozkote emaiten laguntza hoberenak.
Jaun Aphezen ondotik, Elizako aintzindarien baimenari bethi jarraikiz, Jesus beraren ordainak dire eri
gaixoeri buruz; hekien egiazko aita eta amak dire.
Deus espanturik gabe, ixilik eta eztiki, erien ondoan iragaiten dituzte egunak eta gauak.
Bethidanik hola izan da. Eliza katolikoaren lehen
mendetan komentuek biltzen zituzten limosnak ospitalen altxatzeko.

Guy, Montpelieko aintzindari Jaunak, hamabigarren mendean egin zuen Ordena berezi bat erien arthatzeko. Ordena hura zen Izpiritu-sainduaren Ordena.
Erromako hirian berean altxatu zuen ospitale bat
hain handia, non ganbera bakhotxak baitzerauzkan
mila ohetan, mila eri.
Eriez bestalde, Ospitale hortan baziren bi mila
haur gazte, umazurtzak, eta guziak urririk. Noiz-ere
ezkontzeko adinetara helduak baitziren, emaiten zioten bakotxari ehun luisen dotea.
Denbora hetan beretan (1119) agertu izan zen
bertze Ordena miresgarri bat. Hura zen San Lazaroen
Ordena. Ordena hortako fraidek bizi guzia zeramaten
eri legentsuekin edo lepradunekin.
Legena, lepra, eritasun guzietarik ikharagarriena,
ezin ikhus ere diteke. Usteltzen du gizonaren gorphutza, haragi ustelduak puskaka erortzen dire; ikhusteak
berak izitzen du.
Hortakotz, zorigaitzezko eri gaixo horiek zauden
jendetarik urrun. Beren ahidek ere ez zituzten ikhusi
nahi. Nonbait bizi ziren, bortuetan, basabereak bezala, debalde utziak.
Bainan horra non agertu den Ordena berri hori,
San Lazaroen Ordena. Fraidek, beren ospitalera bil-

tzen dituzte ehunka eta milaka legentsu guziak. Gorphutz usteldu horiek besarkatzen eta arthatzen dituzte
amodiorik handienarekin. Gehienak kotsutzen dire,
lepraren usteldurak hartzen ditu, eta bai eriak bai
Fraide arthatzaileak gaitz berarekin hiltzen dire.
Geroztik oraino emendatuz dobazi halako Fraide
eta Seroren ordenak. Pauloko San Bixintxoren kongregazioneak berak baditu hogoi eta bost mila Serora
eriekin daudenak ospitaletan.
Azken denbora hotan, mila zortzi ehun eta hogoi
eta hemezortzian, agertu izan da bertze Kongregazione eder bat. Izena dute Serorek: Erromesen serora
xumeak.
Eta jadanik ospitaleak badituzte hiri gehienetan.
Biltzen dituzte, hazten eta arthatzen jende xahar,
jende ezindu, jende herrebes guziak.
Eta nola uste duzu ihardokitzen dutela holako lan
handiari? Ez diru-kapitalak metatuz ez, bainan bakharrik egunean eguneko limosnak etxez etxe bilduz.
Ez dute hartzen kapitalik. Jainkoaren eskutara
uzten dute ethorkizuna. Eta gogoetatu gabe geroaz,
eske dabiltza egun guziez, egun hartako hazkurriaren
bilha. Eta berak ez dire jatera abiatuko non ez dituz-

ten jadanik ase beren erromes maiteak. Pobrek utzi
undarretarik bizi dire.
Eta bertze zonbat behar-ordutan ez dituzte
komentuek laguntzen herriak eta populuak! Asko
komentuek badituzte etxe bereziak itsuen altxatzeko;
eta itsu gaixo hekieri irakasten diote liburutan irakurtzen. Hartzen dituzte mutuak eta mintzarazten dituzte, gu bezain trebeki eta ederki.
Horiek egia garbiak dire, ez da hor deus espanturik.
Jesu-Kristoz bezala, komentuez ere erran diteke
ongi handiak egiten dituztela populuen artean.

VIII – KAPITULUA
Ospitaletan bezala, komentuetan ere
egiten dela karitate frango
Errromesen ihes-lekuak dire komentuak. Bi gerthakari hotarik ageriko da.
Bortz ehun eta hogoiean, izurrite gaitz batek xahutu zuen Italiako herrialde bat, Kanpania. San Benuatek
erieri eman zituen komentuko sos, bihi, eta jaki guzia.
Ez zen jateko pilik gelditu.
Nonbaitik bizkitartean bildu behar zuten egunean
egunekoa! Bazterrak khexu ziren. Erran zaharra:
Gabeak hatsa karats! Eta komentuan bazen beltzuri
frango.
Sukalde zokoan botoil bat olio gelditu zen. Ez zion
san Benuatek utzi khiesteko edo kharratzeko denbora
luzerik.
Aphez-gai erromes bat, Agapite, eske heldu da,
othoi eman dezakoten olio xorta bat. Nola guphidets?
nola igor esku-hutsik eskale gaixo hori?
Benuatek manatzen du eman dezakoten berehala
azken olio xorta. Bainan sukaldeko fraide aintzinda-

riak ez baitu beharri hortarik entzun nahi, ihardesten
dio ezetz ez, ez ditekela eman olio hori, komentuak
ere baduela zerbaiten beharra.
Orduan finki samurtzen da San Benuat. Fraide bat
igortzen du har dezala sukaldeko botoil hura, eta
leihotik mendiari behera aurthik dezala bere olio
guziarekin.
Holaxet gaztigatu nahi zuen koziner bihurriaren
gogortasuna.
Botoil hura zer egin othe zen? Dudarik ez, mila
pusketan hautsi. Bazen-eta zukaldeko leiho-pean leize
ikharagarri bat, harroka puntaz oro zorroztua.
Harroka hetan kiski-kaska olio botoila erortzen da
zolaraino. Bainan Jainkoak indar handia du, botoila ez
da demendrenik hausten.
Komentuko jendeak espantitzen dire. Zer gerthatu
den bidaltzen diote berehala Sainduari. Hunek igortzen ditu fraideak ekhar dezaten leize zolatik olio
botoila eta eman dezaten eskaleari den bezala, betherik.
Ez da aski. San Benuatek biltzen du komentu
guzia, eta ororen bixtan koziner nausiari egiten dio
prediku garratz bat. Demendren olio xortarik gabe,

bainan bipher ausarkittorekin, larderiatzen du biphilbiphila bere fede eskasaz eta bere gogo bihurriaz.
Denbona bertsu hetan gosete handi batek andeatu zituen Kazineko herrialdeak. Urthe hartan lurrek ez
zuten deusik eman, ez ogirik, ez arthorik, ez-eta bertze demendren bizitzeko ahalik.
Eskualdunak dio hobe dela zahi hutsa ezenez aho
hutsa. Hortik zer-nahi gauza okhastagarri jaten zuten
jende gaixoek, ala ezkur, ala hosto, ala zuhaitz-erro
eta azal.
Emaitza handiak egin zituen San Benuatek jende
beharreri. Eta sobera khenduz hustu zen azkenekotz
selaurua; bihi pikor bat ez zen gelditu. Ogi errea ere
oro jana; ez zen ageri gehiago ophil ondar bat beizik.
Komentuko jendea histu zen. Alainan bada, zer
egin? Jan behar eta jatekorik ez!
Ohartzen da Benuat bazterrak khexu direla.
Komentuko fraideak eta Aitak biltzen ditu, erraiten
diote ez dela sekulan Benedikano bat lotsatu behar;
nonbaitik ere Jainkoa bethi heltzen dela bere haurreri;
egin dezatela othoitz eta egon ditezela deskantsuan.
Luzeki mintzatu-eta, azkenik agintza hau egiten
diote: Ez izit zuen ogi eskasaz, izanen duzue nasaiki
bihar beretik.

Erran bezala gerthatu zen. Biharamunetik, goizaldera, ehun bat unga ogi kausitu zuten athe-aintzinean. Zakuetan estekatua zen bihia eta nihork sekulan, ez du jakin nondik jin ziteken.
Zer-nahi izanik, phesta zen komentuan. Zahar
gaztek eskerrak bihurtu zituzten Jainko onari; eta
guziek hitzeman zuten ez zirela handik goiti sekulan
lotsatuko.
Jaun aiphatu batek dio: Huna zer egiten duten
Komentuetako fraidek; idiak bezala jokhatzen dire:
ogi-lastoa berentzat atxikitzen eta ogi-bihia bertzeri
emaiten.
Berentzat lanak eta oinhazeak, berzeentzat probetxuak eta ongi suerte guziak.

IX – KAPITULUA
Komentuak, laboriaren eta
jende xehearen adiskide
Esku-lana Jesu-Kristok eta Eliza sainduak irakatsia
da.
Jesu-Kristok egun batez predikatu zioten Nazareteko jende bere herritareri, eta hekien eriak sendotu
zituen. Nazaretarrak espantitu ziren, asaldatu zen hiriko jende guzia, ez zioten sinets Jesusek egin zezakela
holako mirakulurik eta hoin prediku ederrik.
Elgarri galdeka zauden: Nondik heldu zaizko huni
holako jakitateak eta indarrak? Hori ez othe da, guk
dakigun zurgin, Mariaren semea?
Zurgina zen beraz Jesu-Kristo; esku lanean ari zen,
hala-nola ari baita edozoin bernuzer, maextru, edo
segari.
San Justinek erraiten du: Bere eskuez ari zen
lanean Jesu-Kristo; goldeak eta uztarriak egiten
zituen.
San Basilek dio, komentuarrentzat egin duen erregelan: Gogo onez jokha zaitezte esku-lanari, ezen

Jesusek zer egin du hanbat urthez, baizik ere bere ahidekin esku-lanetan akhitu eta izertu?
Apostoluek berdin esku-lanaz irabazi dute beren
bizia. Eta hori, ez xoilki apostolu izan baino lehen, bainan geroztik ere, Jesu-Kristo bizi zelarik, bai-eta JesuKristo zerurat iraganez geroztik.
Huna zer erraiten zioten Jondoni Paulok orduko
girixtinoeri:
Orhoit ahal zarete, anaiak, nola gure lanaz eta
nekeaz irabazi dugun bizitzekoa; ez gare sekulan
nihoren behargarri izan; predikatu dugu Ebanjelioa,
nihoren alderat zorrik egin gabe, gau eta egun eskulanetan ariz.
Geroztik oraino, Kartageko laugarren Konzilioak
nahi zuen aphezek beren esku-lanaz irabaz zezaten
bizitzekoa. Eta hori, ez xoilki aphez ardurako aphalek,
bainan berdin jakintsunek eta kargudunek.
Konzilio berak dio bestalde: Aphezak bere jana eta
bere beztia athera detzala laborantzatik edo bertze
zerbait esku-lan gisa denetik.
Eliza sainduaren abiaduratik, esku-lana zen
komentuetako eginbide premiatsuenetarik bat.
San Jeromek dio Egiptoko komentu guziek eskulana manatzen zutela; ez zutela nihor fraidetzat ones-

ten, non ez zen gogo onez lotzen esku-lanari: eta huna
zertako: ez gehienik irabaziaren beharrez, bainan arimak salbatu nahiz.
San Bernatek erraiten du:
Esku-lana, ixiltasuna eta probrezia, horra nondik
heldu diren komentuetako ospe eta goratasun egiazkoak.
Ez espanti beraz, baldin Ordena gehienetako
asentazailek eta lehenbiziko buruzagiek esku-lana
manatu badiote beren haurreri. Aiphatu hitzetarik
ageri da bazutela hortakotz arrazoina frango.
Bestalde hanbat ondorio miresgarrietarik berdin
ageri da. Komentuetako esku-lanetik athera dire, bai
Europako aberastasuna, bai hainitz arimen salbamendua.
Sainduen bizian ikhusten dugu, Aitoronsemeak
eta jende handienak berak nahi izan direla esku-lanetan saindutu.
Huna zer egin zuten senar-emazte aberats
batzuek.
Hamekagarren mendean, aitoronseme gazte bat,
Raoul d'Osmond, eritu zen Tournayko hirian. Bizi bar-

heiatu bat ibili zuen orduarte. Eritasunak hautsi zion
bihotza eta nahi izan zen konbertitu.
Sendotu-eta joan zen bere koinat Benedikano
batengana, galdegin zion nola jokatu behar zen atheratzeko bere galbidetarik.
Koinat hori gizon argitua eta jakina zen. Zuhurki
eta emeki, behar zen denbora hartuz, ongi mihatu
zuen aitoronseme gaztearen bihotza; xehetasunekin
galdegin ziozkan bizi guziko goiti-beherak; eta osoki
ezagutu zuenean, erran zion garbiki:
Ez zaiteke salba mundutik atheratuz beizik, behar
zare komentu batean sarthu.
Ba bainan, dio aitoronsemeak, badakizu zure arrebarekin ezkondua naizela.
Badakit hori, ardiesten du Benedikanoak; eta hargatik, ez da gutiago egia, ez duzula zure arima galdu
behar, maite duzulakotz ene arreba eta zure esposa.
Galdegikozu bere baimena eta emanen derauzu.
Orduan deus trabarik gabe, joanen ahal zare komenturat.
Hitz horietan, aitoronsemea bere jauregirat itzuli
zen eta nigarrez abiatu bere espos maitearen aintzinean.
Ez zituen hunek oraino hogoi eta lau urthe beizik.

Senarrari galdegin zion zer zuken bada bere
bihotzmina? Senarrak ez dio abiaduran deusik erran
nahi; azkenean largatzen da, aithortzen dio zer hersturetan den.
Eta orduan andre girixtino horrek: Ez zaitela ez
lotsa; nik ere, zuk bezala eginen dut; gurekin eremanen ditugu haurrak, zuk muthikoak eta nik neskatokoak.
Erran bezala egin zuten.
Hirur urthez bere komentuko bazterretan, aitoronseme handi horrek egiten zituen lanik arruntenak,
hala-nola ur ekhartzea, egur xehatzea, barrukien garbitzea. Othoitzetako denboraz kanpo, bethi lan borthitz horietan ari zen.
Jaun miresgarri horren andrea ez zen gibelerat
egon, eta senarrak bezain bihotz hazkarra irakatsi
zuen. Benediktinen komentuan sarthuz geroztik, khar
handienarekin eman zen saindutasunari.
Ez da harrek egiten ez zuen lan arrunt edo borthitzik: ala irute, ala ehaite, ala bokhata xuritze, orotarat
ekharria zen. Eta holaxet akhitu ondoan, bazohan
egun guziez eske, etxez etxe bere jatekoaren bilha.

Senar-emazte saindu horien bizitik ikhusten dugu
zer premia handitan zeraukaten komentuek eskulana. Esku-lana bethidanik izan da hekien eginbide
sainduenetarik bat, ezen Jainkoarenganat dohazi, ez
xoilki othoitzaren bidez, bai-oraino beren akhit-izerdiez. Edo hobeki erraiteko, hekien esku-lanak egiazko
othoitz baliosak dire. Esku-lanetako akhiduretan Jainkoarengana berdin altxatzen dire, nola othoitzean eta
elizako ofizioetan, zeren-eta egiten baitituzte surnaturalki, Jesu-Kristorekin batasunean.
Hamekagarren mendeko izkribatzaile batek dio:
Komentuetan ikhusten ditugu jenderik handienak,
armadetako aintzindariak, aitoronseme aberatsak,
bai-eta Erregen odoleko handi-mandiak, ari direla
edozoin lan arruntetan, batzu okhintzan, berzeak kozinan, asko abere-zain, gehienak laborantzan.

X – KAPITULUA
Laborantza komentuek dutela
gehienik ederretsi eta maitatu
Benedikanoak izan dire lehenik eta hobekienik
laborantzari eman direnak.
San Benuat agertu aintzinean, gure Europako
eremu gehienak oihan eta larre ziren. Erromanoek
zerga hain soberanioak galdegiten zituzten, non laboraria ez baitziteken bere lanetik bizi. Hobe zuen bere
ontasunak debalde uztea, zeren-eta lanthuz ez baitzuen galtzerik baizen. Eta holaxet, emeki-emeki,
herri aberatsak eta jendetsuak hustu ziren, egin ziren
bortu; eta, gizonen orde, nausitu ziren basabereak.
Geroztik ere zer desmasiak ez ziren izan?
Ipharreko aldetik elemeniaka ethorri ziren jendakia borthitzak, eta kalte handiak egin zituzten. Suaz
eta ezpataz xahutu zituzten herrialde osoak. Eta azkenean bazterrak gelditu ziren jenderik gabe.
Goraxago erran dutan bezala, eskualde gehienak
oihan eta larre joanak ziren, zonbait hiri bakhar salbu.

San Benuatek ez zuen beraz ustegabean erraiten
langile bati: Zohazi lanera eta gogo onez jokha zaite.
Huna zer gerthakariz erran zuen san Benuatek hitz
hori.
San Benuaten komentuan fraide bat bazen agota.
Buru eskas aire bat bazuen, bainan hargatik onetsi
zuen san Benuatek, eta bere komenturat hartu. Ezen
Saindu horrek ez zuen nihor guphidesten baldin irakhasten bazuen perfetasunari jokhatzeko xede zina.
Egun batez San Benuatek lanerat igorri zuen fraide hori. Ari behar zuen sasi eta elhorri phikatzen,
behar zuen larre puska bandi bat aihotzarekin garbitu,
eta gero baratze bezala lanthu.
Larre hori zen uretik hurbil.
Ur hegira joan zen beraz fraidea bere aihotzarekin
eta brauki lothu zen lanari. Ez baitzen errex sasi eta
elhorri zahar hekien khentzea, ari zen indarka, jo
harat eta jo hunat, izerdi-uretan.
Bainan izari bat badute gauza guziek, bai eta
hoberenek. Eskualdunak dio lehia soberanioa berantgarri dela eta tresna hazkarrenak ere hausten direla
sobera bortxatuz.

Hola gerthatu zitzaion gure fraide agotari. Joitearen bortxaz aihotzaren burdina deslothu zen giderretik eta besainka jauzi uraren erdirat.
Akhabo beraz laneko tresna! Urak hain barna dire
non ez baititeke burdin hura niholaere hatzeman.
Ai orduan ikharatu zen fraidea! Joan zen San Maurorengana eta bere gerthakuntza aithortu zion.
San Maurok bidali zion aita Benuati.
Demendrenik khexatu gabe, ethorri zen San
Benuat, fraideari eskutik hartu zion aihotz-giderra eta
urean erdizkaxe sarthu. Ordu berean, osin-beheretik
altxatu zen burdina, bere giderrari lothu, eta sekulan
baino hobeki josirik jarri.
Irri gozo batekin San Benuatek fraide agotari
eman zion osorik bere aihotza. Erran zion:
Horra non duzun zure aihotza, zoazi berriz lanera
eta gogo onez jokha zaite.
Elhe balios hori entzun dute eta zinez atxiki San
Benuaten haurrek. Hek dute Europako lurra berriz
lanthu eta bereiz aberastu. Oraiko mendetan miresten
ditugun hiri eta kanpo ederrak, Benedikanoen izerdietarik sorthu dire. Bai Frantziako, bai Angleterrako, bai
Alemaniako herrialde gehienak athera dire Benedikanoen lanetik.

Bertze asko Ordrek ere laborantza berdin ederretsi eta maite izan dute.
Jainkoak bethi lagundu izan ditu batzu ala bertzeak. Zonbat mirakulu eder eta hunkigarri ez ditu
egin saristatzeko hekien neke-izerdiak? bai-eta irakasteko munduari, lanean ari zirela, ez aberastu beharrez, bainan bakharrik Jainkozko xedez?
Beren lan-akhitzetan Komentuarrek ez dute deus
bertzerik nahi baizik-ere; 1° Jesusen oinazetan parthedun jarri, 2° beren bekhatuez penitentzia egin, 3°
girixtino lagunari eman, ahal dituzten irakaspen eta
laguntza hoberenak. Eta hortakotz, Jainko ona heldu
izan zaiote bethi kanpo-lanetako behar-orduetan;
erran diteke berak xukatu dituela hekien izerdiak eta
arhindu hekien neke dorpheak.
Huna zonbait xehetasun.
San Ebrulpe aitoronseme aberats eta handi zen.
Utzirik ontasunak eta gorapenak, sarthu zen Benedikano komentu batean. Nobiziako denborak egin-eta,
abiatu zen oihan beltz bati barna, behar zituela bortularre hek garbitu eta lanthu. Bainan oihan hura zen
ohoin-zilo ikharagarri bat, ez ziteken nihor han barna
mentura.

San Ebrulpe oihanean sarthu deneko lotzen zaizko
ohoinak, bainan ez diote kalterik egiten. Xoilki erraiten diote: Zertako heldu haiz oihan huntarat? ez duk
hemen ohoinik baizen; ohoinak eta Benedikanoak ez
dituk elgarrekilako eginak; habil beraz hementik
urrun; berzela-ere alde hotako lurrak lur borthitzak
dituk, ez duk ogi bihi bat sekulan bilduko ahal.
Eta bere aldetik Sainduak: Nere bekhatuen garbitzeko heldu naiz hunat, Jainkoaren eskuetan naiz; ez
ohoinek, ez akhitzek, ez naute izitzen. Ageriko da zer
eginen dugun. Bethi nik dakitana hau da: Jainkoak
loretzen dituela mendi-harrokak eta ene hazkurria ere
atherako ahal duela bortu idor hotarik.
Biharamunean ohoin berak ethorri zitzaizkon.
Eskeini ziozkoten hirur ogi eta eltze bat ezti. Horra
nola Jainkoak ohoinen bidez igorri zuen Benedikano
sainduari bere janaria.
Egun gutirik barnean, ohoin hek guziak konbertitu
ziren. Beren eskuez egin zuten komentu berri bat, jarri
ziren San Ebrulperen menean, eta oihaneko eremu
gehiena lanthurik eta ederturik ezarri zuten.
Huna bertze mirakulu bat, komentuar laborarien
laguntzeko Jainkoak berdin egina.

San Kolonban zagon Fontaneko komentuan. Landa
berri batean erein zuen ogia eta abiaduratik uzta eder
bat ekharri zion. Ogi buruak hori-horiak zauden biltzaileari beha. Ba bainan denbora zarrak ari! Gau eta
egun ortzi karraskak, uri tulubioak, haize erauntziak;
eta landan ogia usteltzen abiatua.
Khexu zen Kolonban, bere ogia sarthu nahi eta
ezin sar! Huna azkenean nola jokhatu zen.
Jainkoari othoitz khartsu bat egiten dio, eta
komentu guziari manatzen du ogi-landara joan diten.
Guziak espantitzen dire, bainan ixilik eta lasterrik
erortzen Aita Kolonbanen erranera.
Kalerna uharrak erauntsika jausten direla, badohazi, ihitea eskuan, buruzagiaren ondotik.
Eta huna zer egiten duen saindu handi horrek
Landaren lau bazterretan emaiten ditu komentuko
lau fraide khartsuenak, belhauniko, othoitzean, eta
bera ihitearekin abiatzen da ogi phikatzen.
Lanean hasi deneko, hedoiak urruntzen dire landaren eremutik, iguzki eder bat altxatzen da. Landaren inguruan uria jautsaala ari, eta han demendren
xortarik ez!
Egun hartan berean ogi guzia ebaki zuten eta
komenturat sarthu.

Bertze mirakulu bat oraino, San Leonor Abadeari
gerthatua. Saindu horrek bere komentua altxatu zuen
toki idor eta harritsu batean. Fraide langile frango
ethorri zitzaizkon. Bainan ezin deusik athera lur gaxto
hartarik! Zer-nahi entsegu eta akhitze ibiltzen, eta
guzien buruan probetxurik ez, bizitzekoa nonbaitik
erosi behar!
Egun batez Leonor oro gogotatua zagon, ez jakinez zer egin bere komentuaren hazteko. Jainko onak
lagundu zuen. Hegastin xuri pollit bat ethorri zen Sainduaren oinetara, ogi buru eder bat mokoan. Ageri zen
hortik bazela hurbil ogi-lur ona eta gizena.
Fraide bati manatzen dio jarraik dadien hegastinari.
Oihanaren erditsutan gelditzen da xoria ogi-ondo
batzuen artean. Dudarik ez bazela hor lehenago zerbait herri edo ontasun. Zer-nahi izanik, fraidea ez
dauke atseginez eta bozkarioz, egiten du laster Aita
Leonorrengana eta erraiten dio zer ikhusi duen.
Komentu guzia toki hortarat aldaratzen da; oihan
puska handi bat errotik khentzen dute, lantzen eta
ereiten.

Bainan lan hori lan gaitza eta luzea izan zela diote
liburuek. Behin baino gehiagotan lotsatu ziren fraideak. Bai eta asko joan ziren ihesi. Lastima hortan
othoitz egin zuen san Leonorrek. Eta Jainko ona berehala heldu izan zitzaion. Hamahi oreña hazkar ethorri
ziren oihan barnetik eta uztarrian jarri, idi maltso
batzu bezala. Egun guzia lanean iragan-eta, bazohazin beren egon tokira eta biharamunean lanera berriz
heldu ziren.
Eremu guzia lanthurik eta ereinik ezarri arte jarraiki ziren holaxet bortz astez. Orduan San Leonorrek
benedikatu zituen eta joan ziren bethikotz oihanerat.

XI – KAPITULUA
Eskualdunak agian bethi eta hobeki
jarraikiko dire laborantzari
Huna zer dion izkribatzaile herritar batek Eskualdun laborariari: «Ez gare khexu izan behar zeren Jainkoak ez gaituen sorarazi aitoronseme edo burjes
handi.
»Guzien-buru, burjesa, aitoronsemea eta errege
bera laborariak hazten ditu; eta guziek behartzen
duten ofizioa baino ohoragarriagorik ez daite.
»Laboraria Jainkoaren obretan ari da; ezen Jainkoak egin ditu gizon guziak, eta laborariaren eskutik
hazten ditu. Holetan bizi da laboraria Jainkoaren
begien aspian.
»Zeruko ihintzak eragiten ditu uztak edo errekoltak.
»Horrengatik da laboraria jainkotiar, eta Jainkoak
maite du.
»Gizonen begietako ere laborantza ez da, ez ofizio
aphurra, ez arbuiagarria.

»Gauza jakina da presondegietan eta galeretan
laborari gutiago higatzen dela, ezenetz tratulari, kargudun edo bertze ofiziotako gizonetarik.
»Ongi bizitzekotzat, laborariak ez du baitezpadako
jauntzi ederrik behar. Jan arrunta ere aski zaio, eta ez
dabila hirietako atsegin erho, galgarrien ondotik.
»Laborari gare; ez dezagun har bertze ofizio baten
irritsik. Jainkoak ez daroku eman onthasuntze handi
bat; bainan bizia gozoki iraigaitekotzat, ez da (askok
uste duketen bezala) aberats izan behar.
»Egun oroz ikhusten da aberatsa nahigabez, khexaduraz eta gaitz, eritasunez zaurthua.
»Ezagutzen ditugu berriz hainitz nekhatzale, ontasunik ez dutenak, Jainko onak egunean eguneko ogia
ematen diotenak; eta gogoa arinik iragaiten dute
beren bizia.
»Erran ere badezaket aberatsaren jauregian nigar
gehiago egiten dela beharraren etxolan baino. Aberatsak urgulu gehiago du, gauza ttipiaz damu handia
artzen eta zorigaitza auhenekin jasaiten du.
»Ttipiak ez du hainbertze buruiope, ez dabila erresuma manatu beharrez; egiteko eta eginbide gutiago
du; nahigabe gutiago izaiteko bideak dira harren baithan.

»Ontasun handiak griñak ere halakoak ditu.
»Aski duenak ez du soberakinaren beharrik.
»Ez da ontasunetarik heldu dohatsutasuna, bainan
bai eginbideak ongi bethetzetik, zeren bere eginbidea
ongi bethetzen duen gizon prestua, eroria baitago
bethi Jainkoaren nahira. Eta Jainkoak emaiten dio barneko bakea.» (Duvoisin, Laborantzako liburua).
Bertze herritar izkribatzaile batek ere altxatzen du
eta goresten laborantzako ofizioa. Huna zer dion:
«Zer ziren lehenbiziko Patriarken lan suerteak? –