Bokazionea - 08

dituela gaxtaginak kalte frangoren egitera, ez da
gutiago egia gaztigatzen ere dituela.
Gerthakari huntarik ageriko da.

San Benuatek hamabi komenta altxatu zituen
Zubiaka mendian, eta guziak ederki zohatzin. Hainitz
bokazione; erregelan jarraikitasun khartsua; janari eta
edari arrunta; ixiltasun hertsia eta bertze garraztasun
frango; hitz batez, bizitze miresgarri bat zabilaten.
Komentu saindu horien omena jadanik hedatua zen
Erroman gaindi eta Italia guzian.
Bainan nola diteke holako ongia trabarik gabe?
Hantik edo hementik, debruak bere ostikoa eman
behar du Jainkoaren lanari. Eta bethi badire jende
khexu, jende bekhaizti, jende atrebitu asko, ez baitute berzerik nahi baizik ere bazterrak nahastea eta
makhurtzea. Jende mota horiek debruaren egiazko
langileak dire. Gaxtakeriako bethi suhar eta kopetadun, ez dute Jainkoaren ez infernuaren beldurrik. Ongi
egile guzien puxulu eta traba dira.
Beren hutsak utzirik,
Khexu bertzenez,
Mihiak xorrotxirik
Daude auhenez
Heien obenez;
Nihor ez da garbirik
Hoien erranez

Kanpoz ez barnez;
Zonbat hoik ausikirik
Dagozin minez!
Hemen Jaun gaxto batek egin behar zuen debruaren lana. Jaun horrek Florenzio zuen izena, eta zagon
egoitzaz auzo herri batean. Ez zezaken jasan komenturik, are gutiago komentu egilerik. Ai! Judas horrek
merke salduko zituela San Benuat eta harren dizipuluak, bai-eta, ederki pagatuz hantxeharat guziak igorriko!
San Benuaten aldetik oro dorpe zitzaizkon, eta
hura galdu beharrez, ez zuen sosegurik. Ala gezurrez,
ala zer-nahi ahopaldi zarrez, ala egitate borthitzenez,
ahal zituen bide makhur guziez, San Benuaten larrutzerat eta galtzerat ari zen.
Norbait heldu zena bai San Benuaten eta hamabi
komentuen ikhustera; harrek larderiatuko zuen eta
gibelaraziko. Zerbait emaitza, zerbait laguntza nahi
ziotena egin; harrek hoztuko zituen erasiaka, baiziketa Benuatek eta harren komentuek ez zutela deusen
beharrik, hobe zutela segur berentzat atxikitzea ezenez hekieri emaitea.

Gaxtakeria horiek ez zioten kalte handirik egiten
San Benuati eta haren komentueri. Bai bokazioneak,
bai jenden amodioa emendatuz zohatzin. Beilarat
bezala heldu ziren herri osoak San Benuaten mintzatzera eta komentuen ikhustera.
Hortik are gehiago phizten eta errabiatzen ari zen
Florenzio. Azkenean, hainbertzetaraino itsutu eta sorhaiotu zen, non ogi phozoindatu bat igorri baitzion San
Benuati.
Ba othe diteke zarkeria beltzagorik? Ezen, amodioaren agergailua, amodioaren ezagutkaria zer da jenden artean? Hura da elgarri emaitzak egitea, estekamenduzko irakaspenak igortzea. Eta horra non jaun
gaxto horrek ongia gaizkirat itzultzen duen. Adixkidantzaren itxuraz beztitzen da San Benuaten hobeki
galtzeko. Hilarazteko zelata hedatzen dion denboran,
heldu zaio, Judas iduri, agur egitera, musu emaitera,
jatekoaren eskeintzera. Kanpoz on eta barnez gaxto,
kanpoz aingeru eta barnez debru, ez daiteke holako
jendea bezain hastiagarri!
San Benuatek esker onekin hartu zuen ogi phozoindatua. Eta ez balu Jainkoak argitu, janen zuen.
Bainan Jainko maiteak ezagutarazi zion phozoindatua
zela ogi hori, eta ez zuen hunkitu.

Huna zer egin zuen ogi hortaz.
Jateko tenorean, bele bat heldu zitzaion bethi
oihanetik, eta San Benuatek bere eskuz emaiten zion
jatera. Egun hartan ere ethorri zen. Sainduak aurthiki
zion Florenzioren ogi phozoindatua, erranez: Jesu-Kristoren izenean har zak ogi hori eta eremak hemendik
urrun, nihor helduko ahal ez den toki bazter batetarat.
Belea abiatzen da inguruka, hegalak eta mokoa
zabal-zabala idekirik, lothu nahi eta ezin loth.
Orduan berriz erre San Benuatek: har zak ogi hori
eta habil urrun aurthikitzera. Eta belea berdin khexu,
ezin lothuz.
Azkenean ausartatzen da; mokoz eta haztaparrez
hartzen du, eta bortuari gora eremaiten. Bere lana
eginik itzultzen da hirur orenen buruan: Eta nola ez
baitzuen izan oraino usaiako janaria, Benuatek asetzera emaiten dio.
Egitate zar hortaz baino gehiago San Benuat
orhoitu zen Florenzioren arimaz. Othoitz eta nigar egin
zuen; errekeritu zuen Jainko ona, hunki zezan Jaun
hori eta onerat alda zezan.
Florenzio ez zen kanbiatu; are gehiago sumindu
eta borthiztu zen.

Bai, sumindu eta borthiztu, eta orai jazarriko da,
ez gorphutzeko biziari, bainan arimen biziari. Eta baldin alferretan jo badu komentuko aita eta buruzagia,
hanbatenaz bihurturen zaiote dizipulueri, hanbatenaz
da hekien baitan mendekatuko.
Eta huna zer moldegaitzkeriaren bidez.
Zazpi neskatxa gazte igortzen ditu San Benuaten
komentuko baratzera. Eta han neskatxa sorhaio atrebitu horiek zernahi itsuskeria ibiltzen dute, galdu
nahiz fraide gazteak. Bainan hok ez diote behatzen
ere.
San Benuatek bakharrik ikhusten ditu. Ai bihotz
guzia goibeltzen zaio, ezen izigarrikeria hortarik ageri
da Florenziok ez duela gehiago onerat itzultzeko deus
molderik.
Beldurtzen ere da, bera denez othe Jaun gaxto
horren gal-bide; eta gogora heldu zaio, hobeki eginen
duela menturaz bertze norapait joaitea. Dudan eta
dilindan dago zonbait egunez. Ai ez zaio errex bere
haur maitetarik urruntzea! Badaki ordean ez dela
sakrifizio sobraniorik arima baten salbatzeko; eta hortakotz Zubiakotik atheratzeko xedea hartzen du.

Komentu bakhotxari buruzagi bat emaiten dio;
San Mauro ezartzen du guzien aintzindari; eta zonbait
dizipulu berekin harturik, herriz aldaratzen da.
San Benuat ihesi joan delako berria jakiten du laster Florenziok. Ez dauke orduan bozkarioz, xoratzen
da. Oi zer balentriak eta irriak, nola trufatzen den gure
Sainduaz! Erasiaka dago, nausitu dela bai azkenean,
ez duela gehiago bere etsaia begien bixtan ikhusiko.
Bainan Jainkoak ez dio uzten espantu egiteko denbora luzerik. Balentriaka ari dela irri karkailaz, atheratzen da Florenzio etxe aintzineko galeriara. Han dea
bai, galeria murrutik deslotzen da eta lurrerat erortzen! Gorphutz guzia xehatzen zaio espantu egileari;
hats baten arterik gabe xahutua da!
Florenzioren hil berria jakin dueneko, San Maurok
laster egiten du San Benuaten ondotik. Lau orenen
bidean hatzemaiten du eta erraiten dio: Ene aita,
othoi Zubiakorat itzul zaite, ezen hil da zure etsaia.
San Benuatek larderiatzen du, heia bada hola mintzatu behar den? heia bozkaria diteken etsai baten
heriotzeaz? Eta gero nigar egiten du, ikhustearekin
zoin ikharagarri den Jaun horren heriotzea, nolako
ondorio garratzak dituzken Jainkoaren aintzinean, zer

eternitate dorphea jazan beharko duen Florenziok
iduri guzien arabera.
Nork ez du hor ikhusten Jainkoaren justizia?
Borthitza da bai ukhaldi hori, bainan, ez othe da
zuzena? Gu baithako gogoak berak ez deraukuia erraiten gaizkiari zor zaiola gaztigua? Non ere ikhusten baitugu zarkeria, han ikhusi nahi dugu zigor-kolpea, eta
baldin gaxtagin bat edo bertze agertzen bada dohatsu, gure barnea arranguratzen da, zerbaitek erraiten
derauku ez dela hori zuzen, gaxtagin horrek noizbait
jasanen duela zor zaion gaztigua, eta Jainkoak goiz
edo berant joko duela.
Egia da bai, askotan ikhusten ditugula gaxtaginak
dohatsu, ontasunez oro gizenduak, ohorez hanpatuak
eta goretsiak gorphutzeko guritasun eta lizunkeriez
aseak, atsegin guzietan igerika galduak. Ba bainan ez
baita hortan akhabo! Makhur horiek beharko baitire
xuxendu! Jainkoak segur emanen baitio gaxtaginari
zor zaion gaztigua!
Eta noiz igorriko dio Jainkoak gaxtaginari bere gaztigu hori! Askotan mundu huntarik beretik. Huna zer
dioten liburu sainduek:
Atzo gaxtagina

Ikhusi dut igana
Zedro berez gorago,
Hurren hedoietaraino;
Ordean iragan
Naizeneko,
Nihor ez zen han
Gehiago;
Izan zen ere
Ez zen seinale batere.
Bainan hau da ikharagarri, Jainkoak askotan ez
baitu oraidanik gaxtagina joiten, bainan hil-ondoan.
Oraidanik gaztigatua denak badu konbertitzeko denbora eta bidea, ezen zigor-kolpe hortan berean ihatzar
eta xuti diteke. Bainan hilez geroztik akhabo da. Bekhatuan hil denarentzat ez da eternitatea beizik, bethiereko gaztigu guziekin,
Jinen da makhur hoien
Xuxentzaile gaitza:
Hark du lanho beltzaren
Leizetako giltza:
Jadanik maiz airean
Ximistak dabiltza,

Ihurtzuria ere
Laster daite mintza.

XVI – KAPITULUA
Komentuetako bizi kurutzefikatu hortarik
probetxu frango gu-guzientzat
Bizitze kurutzefikatu hortan, komentuarrek aurkhitzen dute, ez xoilki beren probetxua, bainan oraino
bertzeri ere ongi handiak egiteko grazia.
Jesu-Kristok erran zuen:
Eta nik, kurutxerat iraganen naizenean, oro bilduren ditut enegana. Eta nola komentuarrak kurutzerat
iraganik baitaude beren bizi-molde sainduaz, ahal
handiak badituzte arimen salbatzeko.
Ezinbertzea da: Nork ere nahi baititu obra handiak
egin arimentzat eta Jainkoarentzat, harrek ikas dezala
atsekabearen jasaiten.
Gure alhorretan, gure landetan, ogi bihiak ez
dezake uztarik ekhar baldin ez bada lehenik usteltzen
eta lurpean hiltzen. Noiz-ere aski denboraz egon baita
ehortzirik, orduan sortzen da, orduan lur-axala zilhatzen du eta agertzen iguzkirat. Eta laster hazi bakhar
hortarik jinen dire ehunka bihi berriak. Jesus beraren
errana da.

Bainan Jesus ez zen mintzo bakharrik ogi landez.
Bertzerik bazuen gogoan.
Eliza katolikoa da Jainkoaren egiazko ogi-alhorra.
Elizako bere landa hortan, Jainkoak mendez mende
ereiten ditu arimak, hala-nola laboriak ogi-hazia bere
bazterretan.
Arima hek ez badire mortifikazioneaz lur-pera
jausten, ez badire kurutzetan eta nahigabetan beratzen, uztertzen eta hiltzen, ai hetarik deus guti atherako da. Belharra edo hiraka bai; ez ordean ogi-uzta
ederrik.
Bainan girixtino bihotzdun hazkar batek, nola baitire komentuarrak, besarka dezala zinez kurutzea,
jasan detzala amodioz bere oinazeak, o! harrek salbatuko ditu herri osoak, zer-nahi obra handi eginen ditu;
harrek uzta ederrak eta aberatzak emanen ditu Jainkoarentzat eta arimentzat.
Komentuan egun guzietako ohidura da mortifikatzea, Jainkoarentzat asko sakrifizioren egitea. Hortik
komentuar arima sutan dago bethi; atsekabek ez dute
izitzen; ordoki zaizko bide patar gaxtoenak; errexki
eta beroki doha lan eta obra handienetarat. Eta Jesusekin dagoelakotz hola kurutze-gainean iraganik eta
itzaturik, nasaiki eta ausarki biltzen ditu arimak, altxa-

tzen ditu bekhatutik berthuterat eta lurretik zerurat.
Goraxago aiphatu dutan Jesusen hitz bera da: Eta nik,
lurretik kurutzera goratua izanen naizenean, oro bilduren ditut eneganat.
Bai, kurutzea, bere buruaren sakrifikatzea Jainkoarentzat eta arimentzat, horra zer manatzen dion
Komentuarrari bere bokazioneak.
Ez da beraz espantitzeko, baldin oraiko denboretan ere, komentuarrak badire gehienik hedatzen
Misionest bezala, munduko toki salbaienetan. Ordena
guzietarik badire. Huna azken urtheko khonduak edo
andanak: mila kaputxin, Indietan eta Indi-itsasoko
isletan; bi mila eta bortz ehun Franzizkano, Maroken,
Xinan, eta Ameriketan; hirur ehun Oblate, Jaffnan,
Natalen eta Zeilanen; hamabortz ehun Jesuista, Guyane Anglesean, Armenian eta Madagazkarren;
berrehun Lazarista, Persan, Abizinian eta Kian-Sin;
bortz ehun Dominikano, Filipinean eta Tonkine barnean; Eta bertze asko, bertze hainitz, zer-nahi bazterretan: ezin konda ditezke.
Eskualdun batek zion berriki: «Deusek ere ez ditu
lotsatzen. Jesu-Kristoren soldado miragarri horiek, ez
akhidurek, ez zer-nahi gisetako pribazionek, ez martirioak. Zenbat eder den, mendiz mendi, desertuz

desertu, gauez gau, biderik gabe; bide guziak on baitire arimetarat heltzeko; – zenbat eder zautan misionest gaztea, Afrikan edo Auztralian, Tonkinen edo
Xinan!
»Bazuen bihotz harenbeste non, ezagutzen ez
zituen jendeak, maite baitzituen harren urrun, eta
heietarat, heien salbatzeagatik, laster egin baitu.
»Gazte zen, ezik gazte eta hazkar izan behar da,
hola abiatzeko; bazuen jakitate, holako bihotzari Jainkoak eman du bethi zor zaion izpiritua.
»Bihotz handi horrekin sekulakotz adio erran du
bere Aita eta Amari.
»Gaztetasun horrek, bere sor lekhuan, agertzen
ahal zakon bide luze eta ederra utzi du.
»Bere izpirituak hitzemaiten zazkon kargu gorak;
mezprezatu ditu, eta zertako? Salbai zenbaiten salbatzeko, hekier lehenik Jainkoaz mintzatzeko, gero Frantziaz, eta gero?... Gero dudarik gabe zerbait ohore
ukanen du? Kurutzea? obra handi egiler emaiten dutena?... Bai kurutzea, bainan kurutzea, Salbai etsaiek
landatua, zoinaren gainean estekatuko baitute, zurezko lantza batez erdiratzeko.» (Eskualdun Almanaka
1885)

Bestalde badire zazpi ehun aphez, Pariseko misionesten seminariotik, Malesian, Korean, Tonkinen.
Orotara beraz sei mila eta zazpi ehun misionest
aurkhitzen dire jendaia pagano basen artean. Gaizki
diot erranez orotara, ezen bertze frango badire
komentuar misionestak, herri salbaietan hedatuak.
Luzegi liteke nonbre guzien emaitea, eta aski badut
erranik irakasteko, nola beren bizi-moldeak akhulatzen eta sustatzen dituen komentuarrak lan handienetara eta obra ederrenetara.

IV – ZATHIA
Bat-bederak komentuan
goza dezazken probetxuak

I – KAPITULUA
Komentuan saindukiago bizitzen da
Munduko gaitzbidetarik urrun, arimak traba guti
du komentuan.
Eta gero, zer laguntzak!
Ala othoitzetan, ala sakramenduetan, ala aintzindarien argietan, ala lagunen irakaspen onetan, ala
erregela sainduan, baditu arimak zer-nahi goragailu,
zer-nahi ernaratzaile.
Jainkoarenganat oro atzarria eta lehiatua dago.
Ezin lokhar diteke nagikerian edo epheltasunean, are
gutiago bekhatuan.
Bethi akhulatua detakotz, badoha bethi aintzinatuz, bethi goratuz.
Erran dut arima komentuarrak badituela laguntza
bereziak aintzindarien aldetik. Eta zinez hola da.
Buruzagi batek guzieri behatzen diote; akhulatzen
ditu nagiak, gaztigatzen ditu obendunak; oro atzartasunekin zaintzen ditu eta bide onari jarraikarazten.

Munduan zonbat arima, aintzinatu nahiak Jainkoaren bidetan, eta gibela daudenak ez izanez laguntza
funtsezkorik! Hotsemaile zaintsu eta erne baten eskasean, batzu osoki galtzen dire, berzeak epheltzen eta
laxatzen dire, bai-eta hoberenak uzkurtzen.
Errafael aingeruak Tobias gazteari egin zion bezala, buruzagiak ere komentuan bide xuxena irakasten
diote bere menekoeri.
Sainduen bizian ikhusten dugu, Jainkoak argi bereziak emaiten dituela komentuetako buruzagieri; baieta askotan mirakuluzko argiak.
Eta zertako? Nahi baitu buruzagiek ahalik eta
hobeki bida detzaten beren meneko guziak.
Huna nola Jainkoak argitu zuen San Benuat bere
komentuko fraide baten gainean.
Saindu hori, arrastiri batez, afariten ari zen, eta
fraide batek atxikitzen zion argia.
Bere sortzez fraide hori aitoronseme zen. Eta bizkitartean ixil-ixila, argia eskuan, sehi bat iduri xutik
zagon.
Horiek hola, hanpadura zoro batek nahasten dio
burua gure fraide aitoronsemeari.

Debrua barnetik kitzikan ari zaio: Bainan hi, aitoronseme aberatsa, nolaz hago ziri bat bezala landaturik, gizon erromes horren aintzinean? Zer! hi xutik eta
hori jarria! hi argi bat esku-puntan eta hori mahian
guriki!
Eskualdunak dio: Erhoaren sinestea, zuhur ustea.
Fraide gaizoak ere uste du zorokeria horiek oro
zuhurtziak dituela; urguluz hanturik dago.
Kanpotik ez du ez holakorik ageri; geldi-geldia
dago, argia eskuan. Bainan izpiritua alhatzen du,
khexu du barnea, debrua nausitzen ari zaio.
Tinka gaxto hortan San Benuat heltzen da fraideari, erraiten dio bizi-bizia:
Egizu bada kurutzearen seinalea; debru burlariak
zabiltza gogoeta ergel horietan; hots beraz egin laster
kurutzearen seinalea!
San Benuatek gero jinarazten du bertze fraide bat,
atxikarazten dio mahaiko argia, eta oherat igortzen du
aitoronseme hori.
Orai duela dotzena bat urthe bi eskualdun gazte
joan ziren, bat pagano herrietarat misionest, eta bertzea komentu batetarat Dominikano.

Itsasoa hartzearekin, misionestak izkribatu zion
Dominikanoari:
Baderamat nerekin bihotzmin handi bat; eta hura
da, uzten baititut Frantziako lurrean hainbertze
komentu, eta komentu horietan bide segurrez eginen
bainuen ene salbamendua. O! maite dut bai ene bokazionea; ezin egona lothua dut heldu beharrez lehenbait-lehen ene pagano gaixoetarat. Bainan ez da
gutiago egia, bihotz guzia bozten zautala komentuez
orhoitzearekin. Othoi nitaz urrikal zaite, ezen asko
kalapita ibiliko ditut ene paganoekin, zu jarria zaudelarik komentuko geriza segurrean. (Errekart misionestak aita Madreri izkribatua)

II – KAPITULUA
Zer aita onak diren
komentuetako buruzagiak
Azken kapitulan zerbait jadanik aiphatu izan dut
buruzagiez. Bigarren kapitulu huntan ere hetaz nahi
ditut bi hitz erran.
Komentuko buruzagiari erraiten diote, ez Nausia,
ez-eta Jauna, bainan Aita. Eta zertako hori? Irakasteko
harren menean daudela, haurrak aita on baten
menean dauden bezala.
San Benuatek nahi du Abadea orhoit dadien kargutan emana dela, ez gehienik azpikoeri manatzeko,
bainan bai hekien laguntzeko, eta bakhotxari bere
behar-orduetan eztiki eta amultsuki heltzeko: Sciatque sibi oportere prodesse magis quàm praesse.
San Frantses Saleskoak erraiten du: komentuko
buruzagi batek ez du bertze xederik izan behar, baizik
ere arimak perfetasunerat altxatzea. Eta nola JesuKristok amodioz gomidatzen baititu perfetasunerat
komentuetako arima bereziak, berdin egiazko buruzagiak amodioz eta eztitasunez aintzinarazten ditu bere

menekoak. Oi! ez du zeren khexa, baldin zerbait lan
edo griña emaiten badiote.
Nork sekulan ikhusi du oilo bat samurtzen, bere
xitoak hegal-pean zoin gehioka sartzen zaizkolakotz?
Ez, uzten ditu xito maiteak lañoki sartzen golkhoari
barna, eta tinki-tinkia beren gogora ohatzen.
Berdin egin dezala komentuko buruzagiak. Ama
on baten pare, bihotzaren barne-barnean garreia
detzala bethi bere haurrak, eta geroztik ongi handiak
eginen ditu.
Morde Laphitz, Betharrameko misionestak erraiten du San Iñazioren bizian: Bere haurrak bezala
maite zituen Iñaziok konpainiako menbro guziak, eta
guziak hari zagotzin beren aitari bezala. (p. 234)
Jan-Batista de la Sala dohatsuaren bizian ikhusten
dugu zer amodio handia zuen bere menekoentzat.
Aitoronseme aberatsa zelarik, bai-eta kalonje bezala
kargu handitara altxatua zelarik, jautsi zen Fraide
eskola-emailen heineraino. Hekien bizi ber-beraz bizi
izan da. Jasan ditu hekien nekeak, hekien beharorduak, hekien aphaltasun eta gabetasun guziak. Eta

zertako hori? A! baitzakien buruzagi baten eginbiderik
hertsiena dela bere menekoak zinez maitatzea.
Egia da beraz: Komentuan dire sainduki bizitzeko
laguntzarik hoberenak. Eta laguntza horien artean
baliosena da buruzagien laguntza. Ezen, erran dugun
bezala, Jainkoak argi bereziak emaiten diozkote buruzagieri; bai-eta askotan mirakuluzko argiak.
Hortakotz, dio San Thomas teologoak, Obedientziazko botua da guzietarik aberatsena, berthutean
aintzinatzeko.
San Iñaziok ere Jesuisteri erraiten diote: Jarraik
zaitezte buruzagien manueri, eta ordutik hain gora
atxatuko zarete, non Jainkoarekin zinez bat egin baitzarete, eta nolaz hori? zuen nahikundetik buluzi zaretelakotz.
Baldin holako amodioa badu komentuko buruzagiak bere meneko guzientzat, are handiagoa du erientzat, zaharrentzat eta haurrentzat.
Huna zer dion San Benuatek bere Erregelan:
«Gure eriez behar dugu atxiki artharik handiena,
hala-nola egin baiginezake Jesus-berari buruz. Ezen
Jesusek erran du: Eri nintzen eta ikhuskatu nauzue;

eta egiaz diot, ene anaia xumeenari egin dituzkezuen
ongi guziak, neroni egin derazkidazue.
»Oi beraz gogo onez jasan detzagun eri gaixoen
bizkargoikeria eta makhur guziak, ezen hortik jinen
zauku zeruko saririk ederrena.
»Abadeak har detzala bide hoberenak ez uzteko
erieri deusen eskasik. Eri maite horieri eman behar
zaiote egoitza berezi bat, arthazaile jeinutsu eta
jarraiki bat; mainhuak ere hartuko ahal dituzte, baieta janari gizena. Eta nola Abadeak ez baitezazke
bere eskuez egin lan horiek, ikhusi behar du heia eriarthatzaileak jarraikitzen diren, ba edo ez, beren urratseri, ezen berzela, hekien lazakeriak bere gain lituzke.»
Orai duela berrehun eta berrogoi bat urthe,
(1645an) Frantziako Benedikanoek egin zuten biltzarre handi bat, eta huna zoin hertsiki manatu zioten
Abaderi artharik handiena beren komentuko erien gainean: Baldin lazakeria zerbait agertzen badute Buruzagiek erieri buruz, izan ditezela hazkarki gaztigatuak,
ezen bihotz-gabeak jasan behar du bihotzgabetasuna.

Erientzat bezala, zaharrentzat ere, eta haur gazteentzat, San Benuatek bihotz berdin ona du. Huna
zer dion:
Gu baitharik eta gure jitez ixuriak gare zaharren
eta haurren alderat; hori bera aski behar liteke hekien
maitatzeko eta laguntzeko; bainan nahi dut Abadeak
orhoit ditezen Erregelak ere hola manatzen diotela.
Horrengatik laxatu eta eztitu behar dute hekientzat
Erregelaren borthiztasuna, guziz janaren gainean.
San Iñaziok ere amodiorik handiena irakatsi du
erientzat. Huna zer irakurtzen dugun harren bizian.
«Anaia erientzat neurri gabekoa zen haren amultsutasuna. Ez xoilki bazohan heien ikhusterat, heien
arthatzerat; bainan ezin zagokelakotz bethi heiekin,
heien berriak egun guziez jakiten zituen, xeheki eto
egunean ardura.
«Eritasun funtsezkorik zenean, begia bazagokan
erizainen gainean, eta heien hutsik xumeenak borthizki larderiatzen eta gaztigatzen zituen.
»Bi gizon gazte, komenturat ethorri bezain sarri,
eritasunak hartu zituen. Erizaina Aita Iñaziori joan
zitzaion, eriteia jadanik bethea zela, eta eri berriek
hiriko ospitalerat juan beharko zutela.

»Ez, ez, ihardetsi zion Aita Iñaziok; ez dut nahi
nihorat joan diten. Jainkoarentzat mundua utzi dutenek, ez othe dute bada, gure etxian atherbe bat khausituko? Bethea balin bada eriteia, har ditzatela gure
ganbarak.
»Bertze behin, Aita eri bati manatua izan zitzaion
erremedio bat kharioa, eta komentua azken sosetan
zen.
»Khario bada, khario, dio Aita Iñaziok, erremedioak behar du ekharri; guk gosea ikhusiko badugu ere,
ez dut nahi gure eriak deuseren eskasian egon diten.
»Gogoetatuak ikhusten zituenean bere eri maiteak, arhintzeko khantu eder bat adiaraziko zioten.
Gogoeta hitsen kontra sineste handia zuen khantu
ederretan.
»Gau-erditan sar athera bat egiten zuen eriteian,
gauzak xuxen othe ziren. Eri batek lothura bat makhurtu zukeelako arrangura bera aski zuen ohetik jeikitzeko».

III – KAPITULUA
Jainkoak berak eman ditu
komentuetako Erregelak
Jende mihi-gaxto batzuek erraiten dute, nahigabe
frango jasaiten dutela komentuarrek, ala beren Erregelaren aldetik, ala beren Buruzagien aldetik.
Eta nik diot bi gezur handi direla horiek.
Komentuarrek Jainkoaren nahia bera dute amodioz besarkatzen Erregela sainduetan; eta Buruzagiak
aita on batzu dire hekientzat.
Ezen komentuetako Erregela sainduak ezdire gizonen eskuetarik; Jainkoak berak ditu irakasten eta moldatzen.
Berdin, komentuetako Buruzagiak ez dire gizon
xoil batzu, bainan bai Jainkoaren egiazko ordainak eta
lekhukoak.
San Pakome gazterik urrundu zen mundutik; eta
egun batez Jesu-Kristo agertu zitzaion eta bekhoz
bekho mintzatu. Huna zer gerthakariz.

Pakome egurketa joana zen Tabeneko oihanera;
lanean eta othoitzean egin-ahala ari zen; eta horra
non zeruko aldetik mintzo zaion norbait. Nor othe diteke? Jesu-Kristo da, eta erraiten dio: Ene haurra, altxa
zazu hemen kontentu bat, ezen jende hainitz ethorriko dire zuganat, eta zuk dituzu ene urratsetan bidatuko.
Bainan, Jauna, dio Pakomek, nola dezazket nik
bertzeak bida, ez naizenaz geroz nihoni itsu bat beizik?
Jesus onak ihardesten dio: Ez lotsa, nihonek emanen derauzkizut Ordena berri hortako erregelak.
Eta denbora berean aingeru bat agertzen da;
ekhartzen dio Pakomeri bere Ordenaren erregela saindua, burdinezko mahi baten gainean izkribaturik.
San Benuaten bizian ere ikhusten dugu Jainkoak
irakatsi ziola bere Ordenako erregela. Ez bakharrik irakatsi, bainan oraino agintzarik ederrenak egin erregela hortan biziko diren jenderi.
Zubiako mendian zen San Benuat, eta egun batez
othoitzean pharatu zen Maraboteko harpetik hurbil.
Othoitz hortan dagolarik, aingeru bat agertzen
zaio, harroka baten gainean xutik. Erraiten dio: Oi

Benuat, ala botheretsuak baitire zure othoitzak! Galda
zaitzu nahi dituzun guziak eta ardietsiren dituzu.
Eta sainduak: Zer galda dezakek nik, ezen aspaldian Jainko maitearen graziek gainditurik naukate.
Aingeruak berriz:
Holakoa denaz geroz zure bihotzeko aphaltasuna,
Jainkoak hanbatenaz nahi zaitu goretsi eta altxatu.
Huna zer agintza ederra egiten derauzun Jainko
handi horrek:
Zure erregela sainduari jarraikiko diren guziak salbatuko dire; eta erregela horrek iraunen du munduaren akhabantzaraino.
Bestalde huna zer dion Duziako konzilioak, zortzi
ehun eta hiruetanhogoi eta hamalauean:
Izpiritu-Sainduak berak moldatu izan du Erregela
hori San Benuaten eskuez: Sanctus Spiritus per B.
Benedictum regutam monachorum edidit (ex Concil.
Duziacensi).
Erromako Aita-Saindu batek, Biktor hirurgarrenak,
erraiten du Moise beraren heineko agertu dela San
Benuat; harrek bezala Jainkoarenganik bekhoz bekho
entzun eta hartu izan duela bere komentuetako legea
edo erregela; eta nola Zinaiko menditik jautsi baitziren legerik baliosenak, berdin Zubiakotik eta Kazinetik

jautsi direla Erregelarik hoberenak: Hoec domus est
similis Sinai sacra jura ferenti, ut lex demonstrat hic
quoe fut edita quondam.
Hamabi ehun eta hogoi eta hirurean, San Frantses
Asisakoa urrundu zen gizonen artetik, mendi batetara
iragan zen eta harpe baten barnean egon berrogoi
egunez, bethi barurean eta othoitzean.
Jesu-Kristo agertu zitzaion eta berak eman ziozkan
Franzizkanoen ordenako Erregela guziak.
Berrogoi egun horien buruan, athera zen Saindua
bere harpetik eta mendiari behera jautsi. Bere laguneri irakatsi zioten zer Erregela miresgarria igortzen zioten Jainkoak berak. Bainan hok arranguratu ziren, baizik-eta borthitzegi zela Erregela hori, ez zutela indarrik aski eginbide hoin hertsieri jarraikitzeko.
Oraino ere San Frantses bere harperat iragan zen
eta bethi bezala othoitzean eta barurean pharatu. Eta
bigarren aldian agertu zitzaion Jesu-Kristo; berriz ere
hitzez hitz Erregela bera eman zion.
Eta nola San Frantses ez baitzen menditik jausten,
dizipuluak joan zitzaizkon harperaino eta errekeritu
zuten othoi ezti zezan Erregela.

Bainan Jesu-Kristo bera agertu zen hedoi baten
gainean, eta ihardetsi zioten:
Ni naiz Erregela horren egilea. Badakit nolakoak
diren gizonaren indarrak, badakit noraino hel ditezken. Ene laguntzarekin batean edozoinek badu indarrik aski Erregela huni jarraikitzeko. Nahi dut beraz
onets dezazuen dena den, eta baldin ez baduzue zuek
indarrik aski, ordainak igorriko ditut, eta hek gogo
onez besarkatuko dute.
Geroztik San Frantsesek erraiten ohi zuen:
Gure Erregela sainduan ez dut deus ni baitharik
ezarri; guziak hitzez hitz hartu ditut Jainkoak eman
bezala.
Egun batez Jesus-Jauna agertu zitzaion santa Brigitari eta erran zion:
Frantsesen Erregelan hitz bat ez da gizonarenik;
oro Jainkoarenganik heldu dire.
Gizon jakintsun eta guziz argitu batzuek, Bolandistek diote:
«San Iñazio Loiolakoak, konbertitu bezain sarri,
izan zuen zerutik bere ordenako Erregelaren ezagutza
eta xehetasun guzia.» Huna zer gerthatu zen.
Mundutik berriki urrundua, Iñazio joana zen Loiolatik ihesi eta Manrezan zagon, Santa Luziako ospita-

lean. Harren ganbara kaperari datxikola zen eta leiho
batetik ikhusten ahal zuen barne guzia.
Ebiakoitz batez othoitzean zagon, tarbenakleari
buruz. Emeki-emeki arima gorphutzetik deslothu
zitzaion eta zeruetan gora altxatu. Gorphutzak iduri
zuen hila: foltsutik ezagutu zuten bizi zela oraino.
Holaxet geldi-geldia egon zen zortzi egunez, arima
Jainkoarekin bekhoz bekho zagolarik.
Buruz buru xoragarri hortan Jesus onak argi
nasaiak eman zaizkon Jesuisten Erregela sainduaren
gainean. Ai orduan errexki ahantzi zituen bere nahigabeak eta nekeak, ezen Manrezerat ethorria zen eritasun dorphe bat jasanik, bere ontasun eta ohore guzieri ukho eginik, bere Eskual-herri maitea utzirik. Bainan
ordainez zer atsegin handia emaiten dion orai Jainkoak! Ethorkizuneko athe ederrak idekitzen diozka eta
erraiten dio, lehenago Abraham patriarkari bezala:
Habil aintzina gogo onez, hire haurrak emendatuko
dituk zeruko izarrak bezala eta itsasoko hariñak bezala, ezen gizon bihotzdunak andanaka jarraiki nahiko
dituk hire ordenako Erregela sainduari.
Iñazio atzarri zenean garaitikako amets hortarik,
abiatu zen ezti-eztia erraiten: Oi Jesus! oi Jesus!

Bertze aldi batez, Iñazio Erromarat ari zen, oinez
eta egunean eguneko ogia eskatuz.