Biotz-begietan - 1

Xabier Lizardi

BIOTZ-BEGIETAN

Opari:
Maite: bion aur, il ta bizien, oroiz
BIOTZ-BEGIETAN zatzaidate sortu:
biotzenago batzuek; besteak
betsein-betseñotan... Biotz-gabe ta itsu,
nork, izan ere, bil olerti-loreak?...

YAUN ERRUKIORRA
Amalaukoa.
(Egilleak gazteleraz idatz
eta gero berak euskeratua.)
Txerrenek lardaskatuzko loidi iguingarrian
narras dut gogoa: zere iduriz sorturiko
anima garbia: zere eskuek yantziriko
soiñeko zuria... Yauna, ogen egin nuan!
Lor-atsekabe larriak sortu zitun nigan
ogenak; miñago baita, eztizkoa baiño.
Beldurrez ninduzun, Yauna, banekialako
tximist-ortzirien yabe zu zeundela goian.
Ta, zure zigorbidezko oiñaztarri larria
usterik, yo dizut begiz ortzia, izu-izuan...
Etzenidan, Yainko on orrek, eguzkia yaurti!
Etzenidan uka ere berorren argia!
Errukizko izpia zeneriodan, artean,
ezin-agortuzko Maitasun-Iturri bizi!...
1917

OIA
Neke-sendalaria,
buru-argitzaillea,
lanaren saria...
Arnestegi guria,
naigabeen azkaia,
nagien nausia.
Bitez agur nereak,
afalonduon beintzat,
guztiak zuretzat.
Ta «aita-gure» bat ere
biyoa, zu asmatu
zinduanarentzat.
Baiña... Lasatu nadin
orain, «aita-gure»-ka
eraso baiño leen,
yaun zintzo orren baimenaz,
mordoka datozkidan
neurtitzok esaten...

***
Afaldu det oparo.
Betazalok, otoika,
eskatzen zaudate.
Aurrean zu, zabalik,
elurra ainbat zuria,
begiok zakuste.
Sartu ditzadan leenen
estalkiok azpitik,
dagokion neurriz;
oiñik irten eztaidan
gaberdian —oi baitu!—
lotsagabekeriz.
Apatx, orain!... Biyoaz
oiñetakuok gora,
abea yo arte:
nere pozaren berri
auzo goi eta beekoak
ikasi bezate!

Txamarra kendu,
bota galtzok ere: ez atseden...
Orrenbeste neke!...
Zuurragoak izanak
dituk ene guraso
Adan eta Ebe!...
Noizbait! Gerturik nago.
«Aitaren» egin eta
yo dezadan murkil.
Bat, bi, iru, lau... aguro!
negu-gauaren otzak
ez nazan bertan il.
***
Orra barruan, yaunok,
maindire leun artean
bilduta, buru-oin.
Sarrerako otz-ikara,
baiñan, samurtu arte,
arren, pixkat itxoin.

Orainue, ba, muturra
zerbait atera daiket,
berriketa-yarrai.
Zu goratzen, maitea,
logurak autsi arte
ez dut ixildu nai.
Ai, nolako zoroak
gauez kalerik-kale
ibil oi-diranak!
Arkiko aal-dituzte
asun miñez beterik
iñoiz beren oiak!...
Atean aize latza
dabil, aserre... Noski!
oirik ezpaitauka...
Leioan txingor-otsa da,
neri loa, nonbait,
galerazi-billa.

Lan gaitza, gaitzik bada.
Ateko giro txarra
lotarako onena;
seaska ustu genduan
aur samur-azitxuon
llo-llo biguiñena.
Biar?... Gogapen txarrok
urrun! Egun banari
gau bat darraikio
egiñaz atsartzeko,
ez eginkizunarren,
orde, kezkatzeko.
Ta... irakurle maitea,
laburrerako oraintxe
berriketan nuzu...
Begiak itxi zaizkit,
burutzar au moteldu...
arnasa... ba... kan... du...

... Ames dagit, basoan
il nauela, parreaz,
maitagarri batek,
ta, gozorik, illeta
abesten didatela
berreun milla lorek...
... Ames dagit nautela
tximirritek eortzi
abaraska baten,
ta illobia, lasaki
ia ixilka, ari naizela
parra-parra yaten...
... Ames... Baiña, zer dantzut?
Irakurle guztiok
zurrungaka lorik?
Nere neurtzitzok orren
lo-erazle bizkorrak
uste ez nun ziranik!

Beraz, gabon, gazteok...
Baiña... nere buru au,
yas...! nola burutu?...
Oi-asmatzaillearen
onez agindutako
«Aita-gurea» aaztu!
Gizagaxoa..., noski,
on-utsa bide-zanez,
zeruan aal-dago!
Nere «aita-gureen»
bearrik, beraz, ez du,
alegia, izango.
Gauzok ala dirala,
laga dezaket «aitagurea» biarko...
Atean euri-otsa...
aize-zotin luzeak...
Agur... Da... gi... dan lo... o... o...
1919

MENDI-GAIÑA
Maite ditut gaillurrak
argiak ez beste...
Ai, egaztia banintz
gaiñik-gain nenbilke!
***
Oi, udaberri-goizez
mendiaren gaillurra!...
Oi, aren ametsezko
zorakortasuna!.
Zein ezkutuzko indarrez,
zein atseden-egarriz,
zein gorago-yoranez
narakark igana?...
Egiz, maitagarriak
dituk ire basotan?...
egiz duk arnaskai bat
ezilkortzen duna?...

egiz, eguzkiaren
leendabiziko muiñaz
sortzen duk zorunaren
lore ezezaguna?....
Nik amestan bezela
ote-aiz, mendi-gaiña?
Goi-yauregiko mailla?
Gotzonen urbilgo?...
Egiz, Yaungoikoaren
esku ta aunditasuna
ote-dituk or goitik
sumatzen bertago?...
Ire goi urdiñaren
urre lanotsupean
beeko txikerkerion
azkaia balegok,
arren, adiskide urruna,
otoi, mendi maitea,
negar-aran beltz oni
kendu nazakiok!

***
Maite ditut gaillurrak
argiak ez beste...
Ai, egaztia banintz
gaiñik-gain nenbilke!
1920

ZERU-AZPIA
Frantzeratik itzulia, mamiz.
(BESSE DE L.)

I
Esan amatxo: aingerutxoak
egoa urrezko badute,
zeru urdiñean urre-dirdira
nik nola ikusten ez-ote?...
Parre gozo bat amak eginda,
aurrari ala diotsa:
—Beetik dakusgun urdiña zeruazpia baizik ezpaita.
—Ene, ba!... azpia —mutillak dio—
orren ederra dalarik,
nolakoxea ote-da, gero,
zerua goi-alderditik!...

II
Gautu zanean, ortzi zabala
bare-ozkarbi zegoen,
ta izar argien zillar-begiak
aurrari par-zegioten.
Aur-kezka oro amets eztitsu
biur oi-diran garaian,
aurrak, amaren biotz-alboan,
berriro onela ziotsan:
—Zerua azpitik orren ederra
dalarik, amatxo maite,
ai nere poza, zeru-gainkia
ikustera aal-baningoke!...

III
Aurraren naia zeruratu zan,
(alatsu otoitz garbia),
ta aingerutxoak eska zioten
Yaunari lagun berria.

Eguzkiaren urrezko yaia
berriro izeki zaneko,
begia itxirik zeukan aurtxoak
zeru-azpia lkusteko.
Seaska-aldean ama gaxoak
otoi-zegian, negarrez,
semea igoa baitzun, zeruko
goikia ikusi-bearrez.
1925

ALDAKERI
Maitezko ipui minkatza

I
Leioa. Kaiola, bertan.
Urrezko ariz
lotuta, pozik, txoria:
ez margo, ez eztarria:
ederrik gaxoa nekez ezertan...
Itzalgarri matsondoa.
Ikusgai, berriz,
ibai, mendi, baso, zelai,
ta udaren urrea non-nai...
Bazun zerk aska-zaletu gogoa!
Maaitiar zitun txolarre
biurriak, maiz;
iñarak aiskide, berriz;
ta irraka yoan-etorriz,
illuntzeak ditun sorbeltzak ere.
Txolarreak diotsana:
«Oi, ene lagun
gaxoa! Lotu-gaberik,
»eure mai gizen bera nik!...
»Oi, zein maite dudan askatasuna!...»;

Iñarak: «Ene laguna,
»errukarri aiz;
ezpaituk iñon kabirik
te ume laztanek beterik!...
»Oi, zein maite dudan askatasuna!...»
Sorbeltzak: «Ez duk biguna
»ire zoria;
begitu nazak, emen-or,
»laister bai zabalak mozkor!...
»Oi, zein maite dudan askatasuna!...»
Txoriak: «Ez zuen ele
»maitekorrak, ez
emendiko ikuskizurtok
»iñork ez ezerk, lagunok,
»ezin naute egiñen askatu-zale».
***
Leiora, bat-batean, nor?...
«Eder-ametsik
eziñena, aragituta!»
Neskatxak: «Ega», dio, ta
kaiola zabalduz: «maiteñoa, ator»...

Aren begikun gozoa!...
Burni-tartetik
giltzape beltzean sartzen,
askatasun-egunaren
urratzea ez dan bezelakoa...
Txoriaren poz-ikara!
Ur-ontzitxoan
murgildu ta astinduz-gero
maitetasunarren ero,
badoa dei-dion ao gorrira.
«Ega adi, maiteñoa, arin,
»neri biraka;
eskuaz bainegok erne
»Laisterrago! Orrelaxe! Ene!
»Ukaldia yaurti, ta atzitu ezin!»
«Gaiztoa! Geldirik! Ator!...
»Nerea aiz noizbait! Laztan bat: orain bestea;
»yan nai aut, ene maitea!...
»Orra, gaurkoz, neri berreun musu zor...»
***

Leio-gaiñeko iñarari
ona zein oar
zioskan, ezin obeak,
txolarre lotsagabeak,
biurki eragiñik begiari:
«Ikus dun ori, laguna?...
»Ez din, orratik,
orretxek yaso makala,
»ederrez ain motza dala...»
(Zozoak beleari... dakiguna).

II
Uda yoan da.
Marduldu zaizka mordoak
matsondoari. Beiñola
—egari mozkorra— yo du kaiola
gazteenik ildako ostoak.
Agur, iñarok...
Ai, zuen kabi goxoa
berriz beterik daneko!...
Ai, zeiñen luze zuen urreneko
maitaldiaren beroa!...

Egunak iges,
ta goiz bat, zuriz yantzia,
dar-dar yaio zan... Negua.
Zertan ago, gogo miñak puztua,
zer dala-ta itun, txoria?...
Oar, baiña, non
datorren ire maitea!
Ene!... zerk, ordea, zimur
eragin ezpañei?... Ene!... nork lapur
begien irriparrea?...
Leio-kaiolak
zabaldu ditu, bat-bana
Sartu du Neguak sudur
ozpeldu-zorrotza. Txoria, beldur,
ega da maiteagana...
Ai, aren esku,
laztankor igaz izana.
Lore-orria arantz biur!...
Leengoa ditekek, zakarki elurpera egotzi auena?
Negargarria!
Leio-ostean itzalia
bizitz-bizitza uan garra!...
Ire eguzkiaren illunabarra!
Betiko il argi guztia!...

Ega, bai, ega!
Oro zegok otz, bai bakar;
oro, bai, ene!, zuria!...
Non yana, ta aterperik non, txoria,
billa arren adarrik-adar?.

***
Gose-nekeak
aldurik, elur-gaiñean
etzin da; ta arin, geldiak
deituta, gogapen negargarriak
egotzi zaizka taldean.
Iñoiz ikusi
dezute tximirritarik
iltzeko yausitakoan,
xomorroek yana nola dagoen
azkenak egin eziñik?
Bero gozoa!
Yantoki alez betea!
Laztan eztiak goizean!
Agur, agur!... Oi! Eriotz-aurrean
etsipenaren nekea!

Iñoiz kabirik
egin-gabeko gaxoa!
Elurretan, or, txoria,
epelak ogetuta, ire kabia...
leenen bai azkenengoa!...
Elur ta elur:
elurra, eten-gabean:
illuntze beldurgarria!
Astindu nai... Ega nai... Ai, txoria!,
elurra beti soiñean!
Aleak une,
diardu, nagiz, Aldiak
yalkitzen artaburua...
Agurea baita, dar-dar eskua,
logura, berriz, begiak...
***
Il nai, ezin il...Gauaren azkengabea!
***
Eguna?... Bai, nekezkoa;
ur-esnea baiño motelagoa...
Eguna noizbait, ordea!

Il-aurreko indar-ondarrak zuzpertu?... Beintzat
txoria leioruntz doa,
mozkorki —alatsu udazken-ostoa—
egun nekez yaioaz bat.
Mokoz bai egoz
otoikor astindu ditu
leiarki lausoz beteak...
Ai, beiñere ezpalu zorigabeak
begiaz laiñoa urratu!
Margoz, bikaiña;
eztarriz, abeslaria;
bigunki, barru gozoan,
zatarretsiaren kaiolatxoan,
lo dago beste txoria...
Errukarria!
Bein eta berriz, alena!
Nondiko gezi zorrotza
bat-batez eldu zaik egan, biotza
yosteko guztiz zuzena?...

***

Leio-arrian
yausi zan,— lauso begiak,
zutiturik errotxoak:
beatzak biurri, zabal egoak,
arroturik egakiak...
1925

XABIERTXOREN ERIOTZA
(Nere leenengo Xabiertxo’ren
eriotz-egunean:
1925gko. Lotazillaren 24g.)

I
Gabon-egun-goizean
Yaun Aita pozik
yaiki, ta aingerutxoak
orra non bildu ditun,
esanik:
Poztu, ene txikiok,
gaur, arratsean,
aurtxorik ederrena
yaiotzekoa baita
lurrean.

Apaindu, ta zoazte
guztiok beera
berri ona zabalduz,
zuen Yaungoikotxoa
gurtzera.
Zenbat zerate, baiña?
Bat, bi, iru, amar,
ogei, eun, milla... Gutxi!
Yai ontako, geiago
nik bear!
Entzun: ega lurreko
seasketara,
ta aur zoragarrienak,
ene maiteok, bertan
aukera.
Masaillean laztan bat,
eztiz betea:
eskutik ar, ta abia...
orrela ugalduz zuen
taldea.

Ta, lurbira guztia
egin-ondoren,
yaiez yantziz biotzok
bildu, iñularrerako,
Belenen.
***
Zalaparta bizian,
txalo yo ta yo,
Yainko zaarrari oro
baranoan egatu
zaizkio.
Ta, aruntz lagun-eginda
puska batean,
emen datoz berriro,
ega-iraulka pozaren
pozean.
***

Yaunaren baratzako
iturrietan
murgildu, ta ari dira
beren buruon ederlanetan.
Gertu-ta-gero, urrezko
txilibitoak
aoratu, ta abia
ziran, zabala arrotuz,
egoak.
Non dira?... Antxe, urdiñaren
sakonean,
ezer ez duzu ikusten
argizko auts-irakinantzean?...
Noratsu?... Iñon ez. Oro
leengoraturik,
begiak ez du yotzen
urdin baztergabea
besterik.

II
Gabon-egun-goizean,
seaskatxoan,
Xabiertxo gaxoa
gaitzak ito-zorian
zegoan.
—Zer duk, eguzki orrek,
gure ederrena?
Nork min egin, esaidak,
biotz biren zatirik
maitena?...
Itxon! Ustez, arnasa
baretu zaio:
parre-antx gozo batek
ezpaintxoak argitu
dizkio...

—Iñoren itz emeak
entzuten ago,
geldi-geldirik eta
bular eztian baiño
pozago?...
Ene! Beldur! Ez il, ez,
arren, txikia!
Ez yoan, gure poza,
ez, gure biziaren
argia!!
Ene! Gure biotzon
erdibitzea!
Nekez arteraiñoan,
itotako negarra
lertzea!.
Ene! Amen begien
negar-obiak
ondoa yo-eziñak
egin ote-ditu Yaun
aundiak?...

Bular yoritik ez aut,
ene!, ikusiko
zalapartan edaten,
gosea aserik baituk
betiko!...
Eguzkiak inguma
bezin maitea;
ala, maiteminduak,
maite-ezpaiñek ukitu
lorea!...
Igan ipiñitako
amesak, baiña,
auskorrak ote-ziran,
inguma ta loreak
ez aiña?...

III
—Berandu? —Bai, maitea;
illuntzea den...
Atsekabeak ez din
astiaren neurtzea
yakiten.

—Ixo... Nortzu ditezkek
atarikuok?...
Nor zetorkek, algaraz,
miñagotzera gure
malkuok?
***
(Ataritik)
Etxeko-andre ona:
kantatzerik nai?
yaiotzadunak gera,
begirunez beteak
zure zai...
***
—Nortzuk dituk?... Esaiek
alde-egiteko!
—Gorriz argitutako
yaiotzaz, dun sorta bat
mutiko...

***
(Ataritik)
Etxeko-andre ona:
kantatzerik nai?
Belen-zaleak gera,
sari-ustez beteak
zure zai...
***
—Biyoaz! —Ez, maitea;
begira zaien...
Gurea iñoiz, azita,
oiek bezela ibiltze
aal-uken!
***

(Ataritik)
Etxeko-andre ona:
abesterik nai?
Gabon-zaleak gera,
ezin-etsiz beteak
zure zai

***
—Zuzen diok. Aur Onak
onetsi bitza!
Sartu, muttil ederrok,
seaska-alderaturik
yaiotza.
Sartu, ta yo, beldurrik
gabe. Gaxoa
lotan dezute, baiñan
otsak astindu-gaitza
du loa...

Yo, bai, gaur baita Aur Ona
yaiotzekoa!
Yaiki, biotz autsia,
pozezko yaia baituk
gaurkoa!
Yaiki, gure maiteena
Belenen baita,
ortzi izartuan zear
ego bigun arroek
bultzata!...
Oska baitago, urrezko
txilibitoaz,
zeuen Gabon-abesti
berberok Belenen
yo ta yoaz!
Yo. bai, maiteñoaren
oroiz, muttillok.
Gurtu gatzaion Yainko
aurtxoari biziok
eta illok...

***
Aintza goian Yaunari
askigabea;
ta, bere naia ontzat
etsitako lurtarroi...
pakea!
1926

NESKATX URDIN-YANTZIA
Udaberri, uste-ezik,
arki dut basoan.
Neskatxa da, ta urdiñez
yantzita ziyoan.
Urdiña yazkia, ta
begia areago:
alakorik itsaso
barean ez dago.
Begi eder-goseok,
ase zakidate!,
iñon ezpaiditake
ederrik, au beste.
Mamia du naasian
oretua, iñolaz,
Loreil-laiño goiztar ta
marrubi-odolaz.
Arbazta igarrarena
bezin su zolia
Egun’ek biztu dio
yorik illedia.

Aren oiñek ikutzen
ote dute lurra?
Ezetz diot: ezpaita
melgutu belarra.
Billuzik zan basoa
negu-ondarrean,
neskatx urdin yantzia
bertara danean.
Zebillela, ats epel bat,
usaiez yoria,
dama; ta adar beltzetan
erne da bizia.
Orriz-orri yazten da
basoa, gozoro...
Bakan-bakanka, leenen...
Sarri-sarri, gero.
Eguzki itzulberriak
(maitari goiztarrak)
munkatu du basoa,
(munkatu senarrak)
Emazte ezkonberria
dala uste basoa...
Aren dardar emea
Aren par gozoa!

Ustez, buru gaiñean
gaua dut, argia,
amaika izar urdiñen
dirdirak yosia...
Ustez, ur orlegiak
nituan oiñean,
izarrok ziralarik
islatzen urean...
Gezur amesgarria,
lillurak sortua!
Goien urdiña nuan,
ostoak xeetua;
beean, berriz, urrezko
yarioz argiak
belarrean oi-ditun
begibil zoliak.
Marmarra dabil goien,
ezin daikezuna
ots ezti dan igerri,
ala ixiltasuna.
Bat-batez, eun txoriek
eztarriak eten,
ta aberaski zabala
bitxiz yantzi zuten...

Egun-eunez yantzia
berrikusi-naiez,
bira ditut begiak,
bira, baiña... iñon ez!
Non da, non da sorgiña,
basoak maitea?
Begiaz dut, alperrik,
yo aren bidea.
Yoana zan... Yoana,
neri, biotzean,
kezka beldur-eztia
yosi-ondorean...
Maitetasun-azia:
ene udaberria:
neskatx-tankerakoa
ta urdiñez yantzia!...
1927

BULTZI-LEIOTIK
Oi, lur, oi lur!
Oi, ene lur nerea!
oi, goiz eme, parre gozoz ernea!...
Arto musker,
mendi, baserri zaarrak;
ale gorriz
abaildutako sagarrak:
oro laiño
mee batek estalia,
urrez oro
eguzkiak yantzia...
Nekazari,
gizandi bat iduri
soroan zut:
beyondeizula zuri!...
Zure bazter,
gurazko aberria,
doa zoro ta
(bertan ni) bultzia...

Oi, ene lur,
baninduzu zerea,
zu landu, ta zure
sariz asea!...
Baiñan... ezin:
beeko bear goriak
narama... Agur
soro, sagar, mendiak!...
1929 - Dagonilla

PARISKO TXOLARREA
Txalarretxo, txolarre,
Paris-erdikoa:
Bourse’ko iskanbilla
(gizon zoro batzarre)
ez ote naikoa
i izutzeko, axolakabe biribilla?
Farol itzali baten
txapel-gaillurrera
etorri aiz xuxen
apur ostu bat yaten:
batetik bestera,
txapelaren muturrak arin dituk gaintzen.
Salto banakin, begi
ernaiak lurrera:
ez aiz i makala:
begiraldi luzeegi
gabe, baátor beera:
ez, alearen ordez, yasotzera azala.

Kafetxean bainago
astiaren yabe,
zer egin oberik,
(ezer ez gogarago)
muiñak urtu gabe,
zerbait, alarik ere, gogo-yolas baizik?
Leioak lauso dira,
eguraldiaren
antzo. Barrenean,
giroaren arira,
loxustak egiten
morroi mantal-zuriak daude bazterrean.
Begira, beetik gora,
berriz txolarrea.
Keiñuka begiak,
irentsi du, gerora
luzatzeka, alea.
Esku —(?)— peko guri bat boteaz... an’tziak!

Paris’ko txolarrea:
zertan aiz berezi
nere erriko batez?
Azalez, soin-arrea;
barrenez, biurri;
kideago zaitezten... eztakik prantzesez!
Kanpantorre xaarrean
bata bezin lasai,
bestea da maiztar
Tuileri goitarrean.
Egingo nuke, bai,
angoa lotsa ezetz onuntza banekar.
Nun-naitar izan-miñez,
ostera, gizona
bai txori baldarra!
Alegiñak egiñez
bebil andik onaa:
etxez kanpora beti duk baserritarra.

Labur: nere burua
Paris’en ikusiz
ain lotu ta arlote,
otoi nizun zerua,
zeatz adiraziz
gizon baiño naiago nukela txolarre.
1930

OTARTXO UTSA
(Alaba bakar zuenari,
aita-alargunak)

Zumezko otartxoa,
bazterrean utsik...
Noizdanik, gaixoa,
ez duzu lorerik?
Udaberriero
baizenkustan ikus
lore-ontzi naro,
zergatik gaur ain uts?...
Mendian ari da
kukua kantari;
Basoa ta Itzala
elkarren maitari;

mitxeletak, ilkorezik beren ustez,
badabiltza an ta or
lur apaindu gainez...
Zumezko otarñoa:
udaberria izan
ta, nola, gaixoa,
zaude baxterrean?
Yun baita, betiko
yun, aitaren poza!
Loreak biltzeko
ez izaki gauza!
Beso biguin aiek
gogortu baitziran,
ta itzali begiek
gau etengabean!...
Zumezko otartxoa,
erraidazu, arren,
uts duzun ondoa.
Ez ote, bederen,

loreño bat aaztu
zure sabelean,
aita dadin poztu
bere negarrean?
Ondar ximelenik
gabe zen otarra...
Yaso dut geldirik...
Ari dut negarra...
Geroztik, iñoizka,
urbiltzen natzaio;
begira nagoka,
begira, luzaro
Ta sarri (gogoan
iduritu bizi)
lore bat, ondoan,
eginik du mami.
Lore bat, gorria,
mardul, eze, beti;
erts-ezin zauria
odolezko iduri...

Oroitzezko lore,
laztan biotzeko,
itzali den nere
izarrarentzako.
1930

AGUR!
Adiskide kuttun, lagun zorigabe,
azpildu-gabeko biotzaren yabe,
onerako zabal, ederrak su-bera:
atorkit, Onuzki, gaur oroimenera!
Elkar-ordaiñaren ezti berdiñaka
bein ta berriz uka maitasunak baitik,
t’ez eskein bizitzak beazuna baizik
(ala baita mikatz sagar bat elduka),
aldegiña aiz urrun, lagun biotz-bera,
adi-mugaz aruntz-erbeste itzalera.
Adiskide laztan, eun bider gaxoa:
gogapenak elkar bil-ari meeñoa
beiñola zaik eten... Adi-yauregia!
yabe dituk, geroz, gaua ta naasia.
Irudimena uan giarra, yoria;
baiñan, ega-baldar baitabil txoria
lurrera-bearka zauri doanean,
orren antzo zian ark oi, maizenean.

Odol eri batek ezetua iduri,
beltz-ikusbera uan, izukoi, urduri...
***
Gaberik gabeen-gaupean bai’ago
gaztetzaro-ogitik yakide ninduken
onen onginaia ezpaituk siñisten;
ai, nik aal-banezaik, nik aal (eztiago
loak ar-basoan illargia baiño)
ene oiu au sar biotz illeraiño!
Ene oiu au sar ta biotza biztu,
ia itzal-yauregian giz-argia izetu!
Ezin aal-baledi, Yaun errukiorra,
barkatu zaiozu zizukean zorra;
ta Argi-Aberrian ikus aal-nezake
lauso-eziñezko adiaren yabe;
ta aal-bezat, Yaun, otoi, besarka negarrez,
beste iñon ez ainbat: negarra dan emez!
1930

BIOTZEAN MIN DUT
(ILLETA-ERESI)
(Amona zanaren eortz-egunean).
Biotzean min dut, min etsia,
negar ixilla darion miña.
Amonatxo bat nun: gaur, enarak
etorri-garaiez, aldegiña.
***
Eguzkirik ez dute
leiotan zapiak;
aur-yolasik ez dago
gaur zure kalean.
Odeiek lits urratu;
itsasoak orro.
Gizadi bat geldirik;
gero, bat-batean:
Ots!
Ots,
bizion oiñok...

Errezka bi gizonek
argizai oriak;
gorputza lau billobok;
atzetik andreak.
Ai, ene lor arin au
zein dudan larria!
Besoek ez lan arren,
biotzak nekeak...
Ots!
Ots!
bizion oiñok...
Mendea ia betea,
ta ain illaun,
gorputz xaar!
Bezak gogoa goien
i beziun ariña,
ta bezat-nik nerea,
dei nazatenean,
ezin-itzal-Argiruntz
egatzeko diña!

Ots!
Ots!
bizion oiñok...
Orain larogei urte,
kale poz-gabeok
eguzkiak zitun ta,
zure aur-yolasak
alaitzen. Gaur, arriak
ere baitira itzal...
nork lekuskez, ikusi,
urte urdin igesak!
Ots!
Ots!
bizion oiñok...
Egun zaarrak yoan ta
berriak etorri,
gaur poz biar oiñaze,
noiz burni noiz zillar,
zenbaitek ondamendi
baituten katea

lore-sorta bekizu
goi-muñoak zear!
Ots!
Ots!
bizion oiñok
***
Bat-batean eten da
bizion ots ori.
Gorputza laga dugu
nunbait. Al-dakit nun!
Bultza naute barrura...
ñir-ñir aunitz argi...
ordia-antzo sar nazu,
begi-lauso ta urgun.
Ots!
Ots!
enegan, biotz!

Amonatxo! Bakarrik
zagoku atean,
otz ta gogor, entzuten
zure azken-Meza!
Zerraldo-olen artetik
(negu-gaua iduri)
ez al-datortzu, uluka,
aize erruki-eza?
Ots!
Ots!
enegan, biotz!
Begiok ero ditut,
noranai doazkit;
dantza naasi bat dabilt
irudimenean.
Goruntz egik, biotza:
otoika lasa adi!
Ixilla sor badadi
ire barrenean!
Ots!
Ots!
enegan, biotz...

Ordu bete luzea
Igaro zan. Noizbait,
berriro lor illauna
besoek... Urrena,
muño baten gaiñean
uri ixil bat: arki.. —
Poz-oiñaze-kateak
emen dik etena.
Ots!
Ots!
bizion oiñok...
***
Ol bat yaso ta ikusi
dut musu ximela:
parre-antxa, bizirik
balirau bezela:
(Ots!
Ots!
ler adi, biotz!)

ordun, ixar bat biztu
du nere gau beltzak.
Begioi malko ixil bat
dardarka darite.
Noizbait itxaro-kabi
biur dan biotzak:
(Ots!
Ots!
yauzika, biotz!)
«Agur! (oiuka dio)
»gorputz ximur maite!
»Agur, amonatxoa!
»Egun Aundirarte!...»
***
Biotzean min dut,
min etsia,
zotiñik-gabeko negar-miña.
Alatsu txoriak, uda-ondoz,
negua du galazi-eziña.
1930

ZUAITZ ETZANA
Zuaitz bat, urtezua, lurrera botea...
Zaarra izanagatik bazun ark osasun betea!
Ondoan orra agiri, zomak ezotua,
aizkora ankerraren ebaki sarri-berritua.
Erorkoa bigundu-bearrez autsiak,
adarretarik zenbait lur urratuan yosiak.
Goruntz, luze-luzerik, gaiñerontzekoak,
otoi erruki bekiela zeruko Yainkoak.
Zuaitz lagunak begira agozkik ixilik,
erroak dardarati, adaburua geldirik.
Lurra naigabez zegok, aizea zinkuruz;
txoriak urrun aldegiñik, izuaren izuz.
***
Arbaso pakezale agurgarri orrek
iñorentzat onginaia besterik izan ez dek.
Betidanik, eskale labur, emale eder:
ire bizi guztian, txarkeri bat al-duk ager?

Eskatu?... Aizeari, laztan bat oxkiro.
Txoriari, kanta zezala goizetan eztiro.
Andre lurrari, zertxo? Ezegai-ttanto bat.
Zer-eskaturik ez uan, soilki... gizonarentzat.
Eman, ordea?... Txoriari, abaroa;
aize adiskideari, ots eztirik nun-yoa;
lurrari, bustibide ta zimaurkigaia;
ar berberak arki ditek igan babes alaia.
Ta gizonari?... Geien orretxek iri zor:
ari ainbat ik emanik etzegok iñun iñor.
Ire itzala, ire egurra, ire edergarria,
ta arnaririk artu-ala, gizonaren zatia.
Azpian duk ikusi aren gorabera:
aurtzaroan yolasti, mutilletan amets-bera;
lan-izerdiak eta ondo-atsedena;
ille-urdinue ta aguretzea; ta azkenik... azkena.
Bitartean, zuraren biribilkietan,
ainbat mende esku sendoaz idazten iardukan.
Amaika aldiz lurpera gizonek gizonak...
Zuaitza bizkor beti ere zedukan Yaun onak.

***
Izadiari zizkiok kendu-alak ken...
Aren irentsi-bearra ez dik ezerk asetzen.
Larreko zezena, oianeko basauntza,
40 odeietako txoriak... Oro gizonak eiza...
Azkenik, beartu duk zuaitz zaarraz ere,
yauregi bat eraikitzeko zutikako ta abe...
Belarpeko txuloa kilkerrak bai eder,
baiña gizontxoa —alegia!— ez izaki kilker.
Ta an datorkik beiñola, eskuan aizkorez:
zitalak nai au eratxi, burruka koIdar-bidez!
Ark yo ta ik eán baituk burua geriza,
amildu aiz goitik, atereaz lertu-ots gaitza.
***
Idiak or. Kate bat lotu dik itzaiak.
Zerrak, ozen, urrundik, irrika dizkik erraiak...
Lurra ta biok elkarri munka zaudate:
ain adiskide zaarrek azken-agurra bai neke!

***
Ba’aramakete, eraman!, zuaitz eroria...
Errukia garaituz, betor nerekoikeria.
Ba’aramakete, eraman!, bestela, mendia
ezpainikek geiago begiaren pozgarria.
1930

URTE-GIROAK ENE BEGIAN
I — BIZIA LO
Otsail-erdi
Egur ezearen kea
goiak du kolore:
egunaren atariruntz
zauri bat, gordiña,
odol-bearrean urre.
Sakoneko laiñoz gora
tontorrak elurrez:
itsasoa iduri,
ametsezko ontziez.
Bide-ertzean, ez marrubi
ez belar gizenik.
Otalorea, bakanka,
goiztxo karraxika,
Udaberriari deika.
Or pago bat, lerden-aski
igazko apaingarriak
(gaur orbel gorriak)

oso yaregin nai-ezik,
nola baituten oi
neskazar ezin-etsiak.
Ostobakandu-sasian
kabi bat, uts, urratua...
Arru-beetik errekak ots,
euriteak bulartua...
Basora naiz. An-or,
goldiozko ogean,
yoan-elurte gaitzaren
ondarrak nabari;
kabidun usoak, ala
emazte zuurraren
zapiak iduri.
Aritzak, eundaka,
aier zazkio goiari,
argi-leenenkia
egarri baitute,
arako urrezko zauria
izanik iturri.
Orregatik daude
luze-luze egiñik,
artean oiñak illunik,

azken-arbazta-begiez
udaberrirako
ornitzen biziez.
O, zein aizen eder loa:
eriotzaren anaitzakoa:
bizitzazko urloa!...

II — Sagar-lore
Loreil-bete
Anitz egunez, ez gera alaitu
lurtarrok. Goien sar egin baitu
Euri’k Eguzki giltzapean;
yaun orail eder, legorteen aita,
katez loturik egona baita
odei bustien sabelean.
Gaur, orra agiri, tarteka, urdiña...
Sor zait barruan larrera-miña;
ta, aspaldi ez-ta, mendi-aldi.
Bete ditzadan argiz begiok;
eten zain-giar lotuegiok;
bularra asetuz noan geldi.

Badut zalantza zein giro izaki;
otzaren aala danentz ebaki;
ikus ezpaitut Udaberri...
Baiña, bat-batez, gain-beera, maldan,
moltso zuri bat... Elur ez al-dan,
loreak ote... aal igerri!
Ari beltz oker naasi sareak
eundaka atzitu ditu... loreak?
elur-malutak?, mitxeletak?...
ltxon: txori bat, zear, egaka
dabil, kabigai-lorrez, esaka:
—Gaur dira gure maite-bestak!
Sagasti berri, sagasti zuri,
inguma-atsegintokia iduri,
elurte arian geldia!
Ezin urtuzko txingor ugari,
azpi gizenean duk nabari
zelai-bitxizko loredia...

Zertan udalen dan igertzeko
begi bear diot bide-ertzeko
pago pertxenta gazteari,
ta ikus orbelez dan erantzia
ta apaingarri berriez yantzia,
baso zabalen aitzindari?
Zertan bear dut yakin Itzala,
pagadiaren ume yaukala,
neska-kozkortzen ari al-dan?...
Kilker olerkari arloteak
neurtitz ozenak ditun boteak