Bi Saindu Hescualdunen Bizia - 8

gogor eta herrebes. Hainbertze denbora bazuen
zeruko erresumaz mintzo zitzaiotela, eta banaka
batzuek baizik ez ziren haren oinetarat erortzen.
Heien gogortasunak eta itsumenduak atsekabez
bethetzen zioten bihotza. Egun batez, paganoer
alferretan mintzatu ondoan, su garretan bezala
jartzen da haren begithartea, eta nigarra dariola
Jainkoari erraiten dio:
«Jauna! bihotz guziak zure eskuan dire; gogorrenak guri ditzazketzu. Jauna, zure seme dibino-

aren odolaz othoizten zaitut, mirakulu hori egin
dezazun egun gure artean.»
Itzultzen da gero paganoetarat, eta erraiten
diote:
«Ez duzue ene hitza sinhetsi nahi? sinhesteko zer behar duzue? zer nahi duzue? Atzo gizon
bat ehortzi duzue hemen nonbait. Zohazte haren
hobirat, ikherrazue hil ala bizi den, eta hila balinbada, ekharradazue.»
Multzoan badohatzi; gorphutza hobitik atheratzen dute, eta Franzizkori badakharrote, diotelarik:
«Bai, bai, hila da; usaindua ere da!»
Franzizko belhaunikatzen da; aphur bat
badago othoitzean; jeikitzen da gero, eta batere
durduzatu gabe, hilari erraiten dio:
«Jainko bizi denaren izenean, phitz badi; eta
hire phizteak erran dezala, nik predikatzen
dudan hitza Jainkoaren beraren hitza dela.»
Hila phizten da, eta osagarriz eta indarrez
bethea jeikitzen.
Paganoak, beren bozkalentzian, batzu nigarrez hasten dire, bertzeak khantuz; guziak Franzizkoren oinetarat erortzen dire eta bathaioa gal-

datzen diote, goraki aithortuz bertze Jainkorik ez
dela aita handiaren Jainkoa baizik.

IV.
Trabankoreko erresumatik Meliapurrerat juan
zen, San Thomasen thonbarat, San Thomasen
arartekotasunaz jakiteko Jainkoak norat deitzen
othe zuen. Meliapurre guziak famaz ezagutzen
zuen aita handia. Heldu zela entzutearekin,
jende oste bat juan zitzaion biderat. Apostolua
berheala lothu zen lanari, zer egin bazela iduriturik. Haren hitzak bekhatorosik handienak hunkitu zituen eta beren hutsen aithortzerat erakharri. Errankizun bat bazen, Franzizkori ihardokitzen zuten guziek heriotze gaxtoa egiten zutela,
eta etsenplurik ikharagarrienak erakhartzen
zituzten errankizun horren alde. Hortarakotz,
gutiak ziren, hura entzunez geroz, bekhatuan
gogortzen zirenak; baziren hatik bakhartto
batzu, eta Jazinto Portugues aberats bat, Franzizkoren ezagun xahar bat, hetarik bat zen.

Eguerdi batez, bazkariterat juaiten zaio Franzizko. Jateko artetik, elhe eta elhe emaiten dio
Jazintori; xoratua atxikitzen du bere solhas maithagarriez, bere atheraldi arrai eta izpiritutsuez;
bainan bere egitekorik handienaz, bere arimaren
salbamenduaz, ez dio hitzik aiphatu.
Franzizkok gisa hortan uztearekin, gogoetatzen da Jazinto:
«Ez zait Franzizko salbamenduaz mintzatu...
zerentzat ez? Ah! naski, ez baitu nitarik deus
onik igurikatzen! naski, ene arima galdua baitagoka!»
Phentsaketa horrek izitzen du, lazten du,
harritzen du. Gogo guzia deboilatua, badoha
Franzizkoren ganat:
«Ene Aita, izitu nau zure ixiltasunak; nitaz
etsitu otheduzu?»
«Ez, Jazinto maitea, ez; zertarik iduritu zaizu
etsitu dudala?»
«Ene Aita, ene etxerat ethorri zare, eta ene
arima dohakabeaz hitzik ez darotazu erran.»
«Deus irabaziko othe nuen? Entzunen othe
ninduzun? Uste ukhan dut ixilik egoitea nuela
hoberena.»

«Ah! ene aita maitea! ixiltasun hori zait, hori,
gaitzitu! horrek dait, horrek, barne guzia nahasi.
Zurekin bazkalduz geroz, ez da enetzat sosegurik, ez da enetzat bizitzerik, ez da nihon ene zorigaitzaren parekorik. Ene aita maitea! oraino asti
balinbada, othoi urrikal nakizu!»
«Jazinto maitea, asti zinduke oraino, bazinduke oraino Jainkoaren ganat itzultzeko denbora;
bainan sakrifizio handirik behar zinuke egin.»
«Ene aita maitea, zer nahi eginen dut; salbatzekotan, zuk erranak oro eginen ditut.»
Bizi guziko kofesioa eginarazten dio Franzizkok, eta Jazinto, bertze gizon bat bilhakatua,
berthute guzien pratikan bizitzen da.
Mirakulu egiteko dohainak ez zuen nihoiz
uzten.
Benedito Kabralek orhoitzapen bat galdatzen
dio, itsasoan sartzerakoan.
«Deus ere ez dut, ihardesten dio Franzizkok,
ez dezakezut eman arrosario hauk baizik; ukhazu hautan sinheste, eta ez zare gaizki helduko.»
Itsasoan sartzen da Benedito. Harroka
batzuen kontra phorrokatzen da untzia, mariñel
guziak ithotzen dire. Benedito, arrosarioak

eskuan, gomendatzen da Andre dena Mariari;
ezagutza galtzen du, eta berak ez dakiela nola,
bere burua hatzemaiten du Negapataneko
hirian.
Mendoza, bertze Portugues bat, Franzizkori
heldu zaio untzi bat galdu duela.
«Ene izaite guzia untzi bat nuen, eta ohoinek
ebatsi darotate Komorineko hegian. Itsasorat
jauzi egin dut heriotzearen beldurrez, eta igerika
athera naiz Meliapurrerat. Ene aita ona! ikhusten
duzu zoin urrikaltzekoa naizen!»
«Pobre hutsa naiz ihardesten dio Apostoluak.
Ah! balinbanu zerbait! zoin gogotik eman nezaikezun! Bainan, ez esperantza gal, zabalduko da
zuretzat Jainkoaren eskua.»
Eta sakelak ikhertzen ditu; kornadorik ez du
hatzemaiten. Jainkoari bihotz altxatze bat egiten
dio eta sakelak berriz ikhertzen ditu, eta eskuak
diruz betheak, Mendozari erraiten dio:
«Jaun maitea, horiek zuretzat, zeruak igortzen darozkitzu.»
Berrogoi eta hamar urhe pheza baziren.
Meliapurretik izkiribatu zuen Jesusen Konpainiari:

«Hiri hau uzten dut, Malaka alderat juaiteko;
harat deitzen nau Jainkoak. Ez badut untzirik,
taula baten gainean noha; Jainkoa da ene untzia,
Jainkoa ene izarra. Jainkoaren ondotik, zuer
nago, anaia maiteak.»
Malakan sarthu zen Buruilaren hogoi eta bortzian 1545an. Girixtino hiria zen Malaka, bainan
lazotasunik handienean eroria, berthuteari
aspaldian ukho egina. Entzun duten bezain laster aita handia ethorri dela, ospitalerat jautsia
dela, jendez bethetzen da ospitaleko plaza,
jende guzia aita handiaren galdez, aita handia
behar dutela ikhusi, aita handiaren ahotik hitz
bat edo bertze behar dutela entzun. Agertzen da
aita handia, eta haren hitz zonbaitek nigarrez
hasarazten dute jende guzia. Sartzen da gero
haurren artean, izenik galdatu gabe, bakhotxa
deitzen du bere izen egiazkoaz, phestatzen ditu
eta benedikatzen. Haurrek ere beren moldean
erakusten diote beren amodio; bulharrekoek,
amen besoetarik haren besoetarat jauzi eginez;
ttarrotuek, sotana hegalean edo eskuetan musu
emanez. Ikhusgarri horren aitzinean, plaza guzia

nigarrez dago, bozkarioz. Ospitalerat itzultzean,
alde guzietarik oihu egiten diote:
«Aita handia! aita handia! othoi benedika gaitzazu!»
Eta aita handiak benedikatzen ditu, eta
othoizten ahal bezain nonbre handian bil diten
haren predikurat.
Biharamunetik beretik abiatu ziren. Jendea
elizetan ezin kokatuz, kanpoan predikatzen zuen
apostoluak. Haren predikuez argituak eta hunkituak, bekhatorosak haren oinetarat erortzen
ziren, bulharrak joiten zituztela eta bekhatuak
nigarretan deithoratzen. Arrainik larrienak gibel
egon ziren hastean; bainan hek ere bere asmu
sainduez bildu zituen Franzizkok, eta hetarik bati
entzuten zioten:
«Hiri huntako buruzagi aita Franzizko da; ezik
bere ditu bihotz guziak.»
Malakan bezenbat mirakulu nihon ez zuen
egin. Eri bati, hitz altxagarri zonbait erran ondoan, eskua hartzen dio, eta horra eria sendatua.
Berheala berria barreatzen da, aita handiaren
hunkitzea aski dela, zer nahi gaitzetarik sendatua izaiteko. Orduan, arrangurarik duten guziek

aita handiaren ganat nahi lukete heldu, eta
eskua ez badezokete, bederen sotana hunkitu.
Zorion hori duten guziak, sendatuak itzultzen
dire. Bidearen erdian baratzen dute, eriak ekhartzen diotzate, othoi hunki ditzan, othoi benedika
ditzan; eta heien othoitzez eta nigarrez hunkitua, eriak hunkitzen ditu, benedikatzen ditu, eta
gaitz guzietarik sendatzen. Eria kanporat ezin
ekharria denean, aita handia barnerat sarrarazten dute. Aita handiak erier manatzen du jeiki
diten, ibil diten, eta eriak jeikitzen dire, ibiltzen
dire.
Egun batez, ama bat heldu zaio, alaba galdurik nigar marrasketan.
«Ama dohatsua, erraiten dio apostoluak,
zohazi, zure alaba bizi da.»
«Ene aita! hirur egun badu ehortzia dela!»
«Zohazi, idekazu hobia, eta zure alaba bizirik
hatzemanen duzu.»
Laster egiten du ilherrirat, idekitzen du hobia
eta bere alaba bizi eta azkar hatzemaiten.
Anboinen, Ternaten, Monoian ez zuen Zabierek, ez gutiago lan erabili, ez gutiago ongi egin.
Paganoen izpirituak bere hitzaz eta mirakuluez

joiten zituen, eta bihotzak bere saindutasunaz
irabazten. Jainkoaren semearen izenean eta Jainko semeak bezala, naturaleza guziari manatzen
zion. Eriak sendatzen zituen, hilak phizten, haizeak jabaltzen, itsasoa ematzen. Arrainek berek
haren muthil zirela iduri zuten. Fausto Rodrigesek huna zer dion:
Anboinetik Baranurerat juaitean, denbora
oiestu zitzaioten, itsasoa samurtu, eta untzia
galtzeko hirriskuan jarri; etsitu zuten mariñelek.
Franzizkok eskuan hartu zuen bere khurutzefika,
eta, itsaso samurrean sartzerat zeramalarik,
itsasoak ereman zion. Franzizkoren nigarrak
khurutzefika hura galdurik! Bere mirakuluen
obratzailea, bere bidetako laguna, bere bihotz
altxagarria, bere ontasun guzia, khurutzefika
hura zuen. Halere, haizea eta itsasoa nolezpait
garhaiturik, osorik sarthu ziren Baranuren.
Leihorrerat denean, lagun bat hartzen du
Franzizkok, eta Talamorat abiatzen da, itsas bazterrez. Berrehun bat urhats egin duteneko, ihizi
bat badakusate itsasotik atheratzen. Zer dakharre astaparretan? Franzizkoren khurutzefika.
Franzizkori buruz heldu da, xuxen xuxena haren

ganat doha, haren oinetan baratzen da. Franzizko belhaunikatzen da bere khurutzearen hartzeko, adoratzen du, amodiorekin besarkatzen du,
eta ihizia, bere lana eginik, itsasorat itzultzen da.

V.
Bethi lan gose zen aita handia. Arimen salbatzeko sua bethi amatuz zohan haren bihotzean.
Entzunik Jesu-Kristoren izena ezagutzekoa
zela oraino Japoneko erresuman, Japonerat hartu
zuen. untzi batek heldu zuen Kangozinako hirirat, zoina baitzen Sazumaren peko. Sazumako
buruzagiak, aita handiaren aiphamena entzunik,
baimena eman zion haren peko ziren herri guzietan fedearen predikatzeko. Kangozinako hirian,
gehienek ezagutu zuten eta besarkatu fedea.
Fedearen frogak begien aitzinean zituzten.
Itsas hegian dabilan batez, arrantzari batzuer
so baratzen da Franzizko. Arrantza txarra dute;
sarea hamarretan aurthikitzen dute urerat, eta
hamarretan hutsa altxatzen. Etxerat hutsik
dohatzilarik, Franzizkok erraiten diote:

«Zerentzat etsitu duzue, haur maiteak?»
«Aita maitea, ez da egun arrain aro. Bertzalde, arrain guti da itsaso huntan, eta ez dugu
lehen aldia hutsik gohazila.»
«Hots, ene haurrak, berriz aurthikazue
sarea.»
«Bainan, Aita maitea, hainbertze aldiz aurthiki dugu, eta bethi alferretan.»
«Ez etsi, ez etsi; harrazue Jainkoa baithan
konfidantza, eta aurthikazue sare hori urerat.»
Urerat aurthikitzen dute sarea, eta trenkatu
hurrana altxatzen, hain da arrainez bethea.
Biharamunean, ondoko egunetan, gauza bera
gerthatzen zaiote. Handik harat, guzia arrain zen
Kangozinako ura.
Alaba galdurik heiagoraz dagon pagano bati,
hitz hautaz bihurtzen dio bere alaba:
«Zohazi, zure alaba bizi da.»
Badoha paganoa, bainan hasarre Franzizkoren kontra, ustez burlatu duen Franzizkok; ez
baitu egundaino hil phizterik entzun. Etxerakoan, hor heldu zaio alaba, eta besarka lothurik:
«Ene Aita, erraiten dio, bazindaki zer gerthatu zaitan. Hila nintzen; bi debruk suzko leze

batetarat ninderamaten, noiz eta begitharte ezti
eta ederreko gizon batek athera bainau heien
aztaparretik, eta zure besoetarat ekharri.»
«Ene alaba! ene alaba! bai hila hintzen. Bainan girixtinoen aphezak phiztu hau, bere Jainkoaren izenean. Haren Jainkoak ditin holako indarrak. Guazen, ene alaba, guazen eskerren bihurtzerat.»
Eta aita alabak apostoluaren ganat badohatzi. Apostolua ikhustean, nexkatoa oihuz hasten
da:
«Horra, horra, ni debruen eskutik athera
nauena! Hori da! hori da!»
Eta aita alabak apostoluaren oinetarat erortzen dire, eta apostoluak, fedezko egiez argitu
dituenean, bier emaiten diote bathaioko ura.
Prediku baten ondotik, pagano bat karrika
bethean jazartzen zaio, mehatxua eta elhe tzarra dariola.
«Ai zure mihia!» egiten dio apostoluak, nigarra begian; eta mihia harrez estaltzen zaio, eta
usteldua erortzen.
Firandoko eta Amanguxiko erresumek apostoluaren hitza hartu zuten, lur agortu batek euri

gozo bat bezala. Handiek eta xumek, pobrek eta
aberatsek, lehia bera zuten fedeaz argituak izaiteko. Dohain bat hain ederra, hain aberatsa,
zagokaten fedea, non, bertze dohain guzientzat,
biziarentzat berarentzat ere, esker guti baitzuten haren aldean. Denborak erran zuen, heien
fedea zoin zen bizia, zoin zen borthitza, jazarri
zitzaizkotenean burreboen tresna lazgarriak.
Girixtino berri eta kharsu heien erditik izkiribatzen zuen Franzizkok Aita Iñaziori:
«Jainkoaren eta Elizaren haur bilhakatzen
direnak, hastean ehunka khondatzen nituen, eta
orai milaka. Lanez lehertua naiz; ene gorphutza
izerdi uharretan da, eta ene bihotza atsegin uharretan.»
Franzizkok, Jesuista Heskualdun bat bazuen
berekin, Fernandez deitzen zena. Egun batez,
Fernandez jende oste bati mintzo delarik, giza
txar bat hurbiltzen zaio, eta begitharterat thu
egiten dio. Fernandezek hartzen du mokanesa,
xukhatzen du begithartea, eta aitzina minzatzen
da, giza txarrari beltzuri bat ere egin gabe.
Fernandezen berthutea handizki miretsi
zuten paganoek, aitoron seme batek bereziki,

zoina berheala girixtino bilhakatu baitzen, eta
geroago Jesusen konpainian sarthu.
Denbora hartan, letra bat jin zitzaion Zabieri,
othoi Goarat itzul dadin, asko gauzen xuxentzeko bazutela han haren beharra. Bere lan handiak
utzirik, Goarat juaiteko xedetan ethorria zen
Figenerat, noiz eta Bungoko erregeak bere gortheko Jaun batekin mezutzen baitio, haren ikhusteko gutizia handitan dela, eta atsegin hori egin
nahi balinbadio, Fuxeoko palazioan igurikatuko
duela. Zabierek ihardesten dio, atsegin hori
biharamunean berean eginen diola. Figenen
diren Portugesek ez dute Zabier bakharrik juaiterat utzi nahi; hek ere harekin behar omen dute
juan; ohore handitan behar omen dute lagundu;
paganoer behar omen diote erakatsi, zer errespetua, zer amodioa, zor zaizkoten girixtinoen
aphezer... Portugesen prestamuek ikharatzen
dute Zabieren umiltasuna; bakharrik nahi luke
juan; bainan nahi badu eta ez badu, erdian hartzen dute Portugesek, eta bi lerrotan jarririk,
guziak buru has, jaunzturarik aberatsenetan,
urhe eta zilharra dariotela, airerik ederrenaz joz,

trionfan baderamate Fuxeoko palaziorat. Fuxeon
sartzean:
«Horra! horra! diote mila botzek, horra aita
Franzizko! Horra Indietako aita handia!»
Karrikak, atheak, leihoak, teilatuak, jendez
betheak dire, guziak bozkalentzietan aita handiaren ikhusteaz.
Erregeren palaziorat ethorri denean, erregek
hirur agur egiten diotza Franzizkori, Franzizkok
hirur agur erregeri. Gero erregek, eskutik harturik, bere tronuan jarrarazten du, eta, gorthe
guziaren aitzinean, egiazko Jainkoaz mintzarazten. Bazkariteko, bere aldean ezartzen du, eta
haren solhasez xoratua eraiten dio:
«Zeruan ere gero, elgarren ondoan behar
dugu guk biek jarri, eternitate guzian gauza eder
hautaz mintza giten.»
Palazioko athean berean hasten da populuari
mintzatzen, eta populuak lehia eta bozkariorekin
entzuten du haren hitza. Jenden ospetik pagano
aphez bat atheratzen da, girixtinoen apheza
behar duela gezurrean hatzeman. Haren galdeitza guzier hain garbiki, hain zuzenki, hain bitorioski ihardesten du Franzizkok, non aphez paga-

noa mundu guziaren aitzinean Franzizkoren
oinetarat erortzen baita, egiari aithor emanez,
eta orai artean sinhetsi eta erakatsi dituen gezurrak deithoratuz.
Beren aphezaren aithormenaz argituak, bortz
ehun paganok berheala galdatzen dute bathaioa.
Bozkario handia apostoluarentzat! Hura arimen egarri bezain, arimak haren hitzaren egarri.
Egun guziez Elizari sortzen zaizko populu
berriak, beren ama berriarentzat ezagutzaz eta
amodioz betheak. Zeruko aitaren landan handiak dire lanak, bainan lan handietako sorthua
da Zabier; gauak egun eginez, lan guzier ihardokitzen du berak, lan guziak garhaitzen ditu
berak.
Fuxeoko hiriari deusek ere ez zezoken hainbertze atsekabe eman, nola Franzizko galdu
behar zuelako berriak. Goarat abian zela jakitearekin, girixtino berriak, errege buruan, milaka
juan zitzaizkon, agian beren othoitzez eta nigarrez atxikiko zutela. Aita handiak adiarazi zioten,
Jainkoaren borondatea zela Goarat itzul zadin,
bainan izpirituz eta bihotzez bethi heiekin ego-

nen zela, eta arte laburrik barnean igorriko ziotzatela konpainiako zonbait aphez.

VI.
Franzizko sarthu zen untziak San Migel zuen
izena, eta untzi kapitainak Eduard de Gama.
Sei egunen buruan denbora khanbiatzen da,
itsasoa samurtzen, zerua belzten; egunak ez du
iguzkirik, ez gauak izarrik. Tenpestaren erdian,
ilhunben erdian, aitzina badoha San Migel,
emeki bada emeki, nekhez bada nekhez, noiz
eta ere haize zirimola batek bidea hautsarazten
baitio eta galarazten. Xalupa urean da hamabortz gizonekin, kapitainaren iloba hamabortzgarren. Gau minean, uhin batek trenkatzen diotza lokharriak, eta hosto bat bezala baderama
untzitik urrun. Hamabortz gizonen deihadarra
entzutearekin, kapitainak oihu egiten du: Sokhorri!! sokhorri!! eta bera sokhorri beharretan,
badoha bertzer sokhorri emaiterat. Betbetan
itsas zolatik atheratzen da ur mendoi bat, botheretsu eta muthiri, eta orro ikharagarri batekin

untziaren aldean lehertzen da. Untzia hordi bat
bezala dabilalarik, ez eroriko bai eroriko, bertze
uhin batek erraietan joiten du, eta erroz gora
aurthikitzen. Mariñelek, nigar marrasketan, adio
diote untziari, adio biziari.
«Ez lotsa, untzia!... Franzizko dakharrek!»
Ordu artean ez da agertu Franzizko; orduan
agertzen da eta othoitz hau egiten du:
«Jesus, gizonen salbatzailea! Jesus, ene arimaren amodioa! Zure zauri adoragarrien izenean, hel zakizkigu!»
Untzia ordukotz urpe egina, goiti heldu da,
bera eta bere gizon guziak oso. Uhinak eztitzen
dire, hedoiak barreatzen, zeru xaharra agertzen.
Untziak badaki orai zer aurkhintzetan den, eta
beldurrik gabe badohake bere bidean.
«Zer egin othe da xalupa?» dio noizpait kapitainak.
Mariñelak khorder gora igaiten dire, behatzen dute, deus ez da nihon ageri.
Triste da kapitaina, iloba galdurik; triste
jende guzia, batzuek beren jendeak, bertzek
beren adixkideak galdurik.

Franzizko hurbiltzen zaio kapitainari, eta
erraiten dio: «Ez nigarrik egin, Eduard maitea,
ethorriko da xalupa.»
«Oh! ene Aita! akhabo da, akhabo! haren
ethortzea mirakulu liteke!» Othoitzean hasten
da Franzizko. Bi orenen buruan kapitainari erraiten dio.
«Ageri da deus, Eduard maitea?»
«Ez, ene Aita, ez da deus ageri.»
Othoitzerat itzultzen da. Arratsalde aphalean
kapitainari erraiten dio: «Ageri da deus, Eduard
maitea?»
Khorder gora igaiten da kapitaina; behatzen
du, luzaz behatzen du, begiak akhitu artean
behatzen du, eta, etsitu duenean, jausten da,
diolarik:
«Ene Aita, ez da deus ageri, gainean zerua
baizik, beherean itsasoa baizik.»
Arrats irian kapitainari erraiten dio:
«Hea bada, ez denez deus ageri?»
Kapitaina igaiten da berriz ere, ez zerbaiten
ikhusteko esperantzan, ezik esperantza guzia
galdua du, bainan Franzizkori atsegin egitea
gatik. Kapitainarekin batean igaiten dire mariñe-

lak; untziaren kaxko kaxkorat igaiten dire; nihon
ez dute deus ikhusten ura baizik, eta bethi ura.
Etsiturik jautsi direnean, haurtto batek oihu
egiten du:
«Xalupa!!... Xalupa!!...
Xalupakoek eta untzikoek elgar besarkatzen
dute, nigarrez daude elgarren besoetan. Betan
mintzo dire guziak, batzu bertzeak baino gorago;
ezin erranezkoa da heien bozkarioa...
Orduan kapitainak erraiten diote:
«Utzazue ene iloba bakharrik mintza dadin;
eta zuk, ene iloba, erraguzu nola athera zareten
bizirik.»
«Nola athera garen, oseba Jauna? Bainan ez
dugu den gutieneko hirriskurik ukhan. Gurekin
ginuen Zabier, eta untzirat hark ekharri gaitu.»
«Aiei!! Aiei!! dio kapitainak oihu samin batekin; ene iloba burutik aldaratu da, tenpestak
burua jo dio.»
«Zer diozu, ene oseba? Zerentzat diozu burutik juan naizela?»
«Bainan, ene iloba maitea, Zabier ez zen
xalupan, untzian zen, gurekin zen.»

«Gurekin zen! gurekin zen! diote botz batez
xalupan zirenek, hari zor diogu bizia! hari zor
dugu zuen hatzemaitea!»
Untzian diren guziek juramentu egiten dute
Zabier heiekin zela, eta Zabierek salbatu dituela;
xalupan ziren guziek ere juramentu egiten dute
Zabier heiekin zela, eta Zabierek salbatu dituela.
Beren ezagutzan, guziek goresten dute Jainko
guziz botheretsua eta guziz urrikalmendutsua,
zoinak nahi izan baitu Zabier denbora berean
aurkhi zadin xalupan eta untzian, batean eta
bertzean zirenen salbatzeko.
Arte hortan othoitzean zagon Zabier, ganbara gorde batean. Agertu zenean, oinetarat erori
zitzaizkon guziak, eskerrik handienak bihurtzen
ziotzatela. Zabierek erran zioten: «Eskerrak ez
eni, bainan Jainkoari, zoina baita bakharrik ongi
guzien egilea.»

VII.
Goako makhurrak xuxentzen ditu Zabierek.
Konpainiako aiten eta anaien erdian horra
Zabier, aita bat bere haurren erdian bezala,

gorphutza hautsia, arphegiak sarthuak, eta
berrogoi eta bortz urthetan ilea xuri xuria egina.
Ez othe luke lana utz ordu? Palabar herriek, Trabankorreko erresumak, Komorinek, Moreko isla
handiak, Molukeko islek, Japoneko erresumek
entzun dute haren botza. Mendiak eta zelhaiak,
itsasoak eta oihanak, hiriak eta bortuak, jendeak
eta ihiziak, zerua eta lurra, heziak atxiki ditu
bere mirakuluez, espantituak bere lan gaitzez.
Ez othe da engoitik lanez ase? Nahiz heskualduna den, haren zangoak ez othe dire engoitik
akhitu?
Zabierek ez du sekulan lan eginari behatzen,
bethi lan egitekoari; sekulan gibelerat, bethi
aitzinerat.
Erresuma bat badakusa ehun miliun pagano
dituena, Xinako erresuma. Xina guzia nahi luke
khurutzearen oinetarat ekharri. Ez dezagun uste
izan orduan ere sasiatua litekela gure apostoluaren khalda; gure apostoluak mundua bezain
zabal du bihotza. Haren ametsa da, Xina konbertitu ondoan, Tartarian barna, Ziberiako elhurretan barna, Rusian barna, Alemanian barna,
guzietan Jainkoaren hitza predikatuz, Pariserat

ethortzea, eta Parisen lagun berriak eginik, munduz mundu arimen ondotik berriz abiatzea.
Aphirilaren hamabortzean, 1552an egin
zituen adioak Goatarrer, eta hazilaren lehentsuan jautsi zen Zanzianerat. Isla bat da Zanziane, Xinatik hurbil. Oh! Franzizkoren bozkarioa
Xinako hegiak ikhustean! Bere ustez eskuan
dagoka jadanik Xina guzia. Iduritzen zaio Xina
guzian Jainkoa ikhusten duela ezagutua, maithatua, goraiphatua; iduritzen zaio mila populu
ikhusten dituela, debruaren gatheak hautsirik,
Elizaren haur bilhakatzen; iduritzen zaio heien
nonbreaz eta berthutez Elizaren bihotza ikhusten duela boztua, Elizaren khorona edertua.
Graziaren orenak ez bide zuen Xinarentzat
oraino jo.
Zabieri sukhar borthitz bat lotzen zaio, hiltzeko sukharra; iphar haize batez hormatua, sukharraz errea, oinhazez josia, eztitasun guzietaz
gabetua, hamahirur egun iragaiten ditu itsas
bazterrean, etxola txar batean. Lurra eta lurreko
amentsak utzirik, gogo guzia zerurat itzultzen
du. Ez da baratzen erraitetik:
«Jesus, Dabiten semea, urrikal nakizu.»

Edo: «O Trinitate guziz saindua!»
Edo: «Zeruko Erregina, orhoit zaite ene ama
zarela!»
Abenduaren bian, ortzirale egun batez,
begiak nigarrez betheak, eta bere khurutzefikaren alderat amodiorekin itzuliak, hitz hauk erraiten ditu:
«Zuri nago Jauna! zuri behaturik ez baitzait
urrikituko.» Eta denbora berean atsegin gozoenak bethetzen dio bihotza, izarra bezala argitzen
du haren begitharteak, eta azken hatsa eztiki
emaiten du. Berrogoi eta sei urthe zituen oraino.
Bizia khentzean ez zion Jainkoak khendu
gizonen laguntzeko indarra. Guziek badakite,
Nafarroan bereziki, zoin den botheretsua San
Franzizko Zabieren arartekotasuna.
Zabiereko jauregian bada zurezko khurutzefika bat, Franzizko hil zen urthean ortzirale guziez
odola ekhartzen zuena, Franzizkoren atsekabeak
salbatzailearen atsekabe izan balire bezala.
Ikhusgarri horrek, denbora hartan, ukhan zuen
hanbat lekhuko, eta bereziki Iruñeko Jaun Aphezpikua eta Iruñeko buruzagi Jaunak, zoinek beren
lekhukotasuna izkiribuz utzi baitarokute.

Haurrean, anhitz atxikia zen Franzizko khurutzefika hari; amak ere atxikitzen zion anhitz; lakhet zuen haren oinetan egoitea, hari bere
semeaz mintzatzea; haren oinetarik bethi azkarrago jeikitzen zen, beretzat eta semearentzat
grazia berriak ardietsirik.
Khurutzefika hura, berinez hetsia dagokate,
ohiko tokian, kapera xaharrean. Orduko odolaren nigarrak ikhus ditzazkezu egun ere, khurutzefikari aldarearen gainetik behatuz.

VIII.
Jesusen konpainia egun guziez azkartuz eta
emendatuz zohan. Egun guziez nork edo nork,
eta maiz Aitoren seme batek hela egiten zuen
komentuko athean. Haraz geroz, esku onetan
ziren, Iñaziori aditzen baitzitzaion gizonetan.
Gizon batek zer naturaleza zakharren, eta naturaleza hari nola behar zen jokhatu, behatze
batez ikhusia zuen. Horra zergatik, buruzagi
zuhurrari dagokon bezala, batzuen alderat idor
zen, bertzen alderat ezti; batzuen alderat

garratz, bertzen alderat urrikalmendutsu;
batzuer mehatxua, bertzer balakua; batzuer larderia, bertzer lausengua. Guzier plegu berri bat
emaiten zioten, guziak berthutezko bidean
sarrarazten zituen, eta emeki emeki saindutasunik gorenerat helarazten. Ez mihi gaxtokorik, ez
buru gaxtokorik, ez zuen komentuan ikhusi nahi;
karitatezko eta sentimenduzko lege hori garratzegi khausitzen zutenak, komentutik kanpo
ezartzen zituen, nongo nahiko seme izan ziten.
Gehiago prezatzen zuen obedientzia umiltasuna
baino ere: Hobendun batek belhauniko galdatzen bazion barkhamendu, eta Iñaziok xuti zadin
erran eta, ez bazen berheala xutitzen, han uzten
zuen bere belhaunen gainean, eta handik bazohan, ziolarik:
«Zer du balio umiltasunak, ez balinbada obedientziaren araberakoa?»
Egun batez, Jaun handi batekin solhasean
zagolarik, komentuko anaia bat ethorri zitzaion
mezu batez. Buruaz kheinu egin zion Iñaziok
kadera bat har zezan, bainan bere buruzagiari
eta Jaun arrotzari errespetua gal beldurrez, ez
zen jarri. Iñaziok manatu zion orduan kadera

hura buruaren gainera ezar zezan, eta buruaren
gainean atxik zezan, Jaun arrotza handik juan
artio.
Anaia erientzat neurri gabekoa zen haren
amultsutasuna. Ez xollki bazohan heien ikhusterat, heien arthatzerat, bainan ezin zagokelakotz
bethi heiekin, heien berriak egun guziez jakiten
zituen, xeheki eta egunean ardura. Eritasun funtsezkorik zenean, begia bazagokan erizainen
gainean, eta heien hutsik xumeenak borthizki
larderiatzen eta gaztigatzen zituen.
Bi gizon gazte, komenturat ethorri bezain
sarri, eritasunak hartu zituen. Erizaina Aita Iñaziori juan zitzaion, eriteia iadanik bethea zela,
eta eri berriek hiriko ospitalerat juan beharko
zutela.
«Ez, ez, ihardetsi zion Aita Iñaziok; ez dut
nahi nihorat juan diten. Jainkoarentzat mundua
utzi dutenek, ez othe dute bada, gure etxian,
atherbe bat khausituko? Bethea balinbada eriteia, har ditzatela gure ganbarak.»
Bertze behin, aita eri bati manatua izan
zitzaion erremedio bat kharioa, eta komentua
azken sosetan zen.

«Khario bada, khario, dio Aita Iñaziok, erremedioak behar du ekharri; guk gosea ikhusiko
badugu ere, ez dut nahi gure eriak deuseren
eskasian egon diten.»
Gogoetatuak ikhusten zituenean bere eri
maiteak, arhintzeko khantu eder bat adiaraziko
zioten. Gogoeta hitsen kontra sinheste handia
zuen khantu ederretan.
Gauherditan sar athera bat egiten zuen eriteian, gauzak xuxen othe ziren. Eri batek lothura
bat makhurtu zukeelako arrangura bera, aski
zuen ohetik jeikitzeko.
Bere haurrak bezala maite zituen konpainiako menbro guziak, eta guziak hari zagotzin
beren aitari bezala. Haren manuak, haren erranak, haren nahikundeak berak, sakratuak ziren
heientzat. Zonbaten bihotzak ez zituen hitz
batez argitu eta sosegatu?
Egun batez, Laurentz Maggi juaiten zaio ezin
dagokeela gehiago komentuan, garratzegi zaiola
komentuko bizia:
«Ontsa da, ihardesten dio Iñaziok; xoilki,
gauza bat nahi nuke hitzeman dezadazun.»

«Bai, ene Aita, guziak hitzemanen darozkitzut, salbu komentuan egoitea.»
«Laurentz maitea, ez darozut hori galdatzen;