Bi Saindu Hescualdunen Bizia - 1

Franzisko Laphitz

BI SAINDU
HESKUALDUNEN
BIZIA

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola,
1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

Egileari buruzko informazioa:

BI SAINDU HESKUALDUNEN
BIZIA:
SAN INAZIO LOIOLAKOARENA
ETA
SAN FRANZIZKO
ZABIEREKOARENA
Non quœras quis hoc dixerit;
sed quid dicatur attende.
(IMIT., CAP. V. 2.)
Ez galda nor den errailea;
bainan errana har ongi gogoan.
BAYONAN,
LAMAIGNÈRE ALHARGUNAREN INPRIMERIAN,
Xegarayko karrikan, 39 numeroan.
1867.

BI HITZ
Liburu hunen geiak bilduak izan dire Ribadeneiraren, Buhursen, Rorbakren, eta gehienik
Doriñaken obretan. Bortz pharte ditu:
Lehen Phartean:
San Iñazio mundutar eta gerlari.
Bigarrenean:
San Iñazio eskale eta peregrin.
Hirurgarrenean:
San Iñazio ikhasle eta erakutsle.
Laugarrenean:
San Iñazio Jesusen Konpainiaren altxazaile.
San Franzizko Zabieren konbersionea.
Bortzgarrenean:
San Iñazio Jesusen konpainiaren buruzagi.
San Franzizko Zabieren lanak.
Ikhustearekin bi Heskualdun, mundua,
debrua, eta beren burua garhaiturik, lorios zerurat igaiten, zonbat Heskualdun lehiatuko othe

gare heier jarraikitzerat? Agian anhitz! Agian
guziak!

LEHEN PHARTEA
San Iñazio gerlari
eta mundutar
I.
Don Beltramo Oñez Loiolako Jaunak Bizkaitarra zuen Andrea doña Marina Saez de Likona,
etxe handi batetako alaba.
Zazpi seme eta hirur alaba bazituzten, sorthu
zitzaiotenean Iñazio 1491an Loiolako jauregian.
Zortzi garren seme batez erdi zela ilkhustearekin, doña Marinak zerurat altxatu zituen begiak,
gero bere senharrari behatzen ziola erran zion:
«Seme hau ez da agian bertze semeak bezala gerla-gizon atherako, eta bere amarekin agian
lakhetu zaio.
«Hunek behar bada, ihardetsi zion senharrak,
eskolako gustua elkharriko du.
«Amen othoi!, egin zuen andreak; badut
hatik beldurra bertzeak iduria atherako den.»

Haurra bathaiatu zuten Azpeitiako Eliza nausian, Iñazio eman zioten izena.
Amak beldurra zuen bezala, haur haurretik su
gehiago zakarren Iñaziok harmetako liburuetako
baino. Gerlariak entzuten zituenean gerlaz mintzatzen, phizten zitzaion odola eta orduan haren
ametsa zen armadetan egun batez lorioski agertzea.
Don Beltramoren ahaide hurbil batek, Naierako dukiak itsutuki maite zuen Iñazio; haren baithan oro maite zituen, haren begi ernea, haren
kopeta arraia, haren izpiritu idekia, haren bihotz
suharra. Haren aldarte gaxtoentzat berentzat
maiz bazuen laudorio bat, bethi estakuru bat.
«Biba zu! egiten zion iloba ttipiari. Espainia
guzian ez da zu bezalako gerla-gizonik izanen.
«Oi! ihardesten zion tristeki doña Marinak;
zerentzat hola harrotzen duzu haur horren
burua? Hoinbertze semetarik ez othe dut bada
batto neurekin atxikiko? Premua jadanik gerlan
da eta bertze seme guziak gerlarat abian!»
«Nigar egiteko arrazoin ere baduzu, zioen
senharrak; bainan andre maitea, Frantzian bai

eta Espainian ere aitoron seme batek odola zor
du herriari.»
Doña Marinak mundu hau utzi zuen Iñazio zer
bilhakatuko zen ikhusi gabe.
Haur hori ezarri zuten Abilako ondoan, izeba
baten eskuetan zoinak altxatu baitzuen ama
baten artharekin.
Zoinbait urtheren buruan Naierako dukiak
sarrarazi zuen erregeren gortheko eskolan.
Ferdinan erregeari anhitz agradatzen zitzaion
Iñazio. Gorthe guziaren aitzinean laudorio egiten
zion bere jite onaz, bere izpirituaz, bere edertasunaz. Erregeren adixkidantza handizki prezatzen zuen Iñaziok; bere buruaren aski jabe zen
hatik adixkidantza hortaz balentriarik ez egiteko
eta horrela bekhaiztienak berak ixilik zagozkan.
Eskolak akhabatu eta Iñazio gorthean gelditu
zen, Noizetik noiz gerlarat bazohan osebaren
lagun; bainan laster itzultzen zen gortherat eta
azkenean han finkatu zen.
Norbaitekilakoa bazagokan gorthean. Norbait
hura erregeren odoleko andre bat zen, Iñaziori
begi onez behatzen ziona. Iñaziok bere aldetik ez
zion begi gaxtoz behatzen eta andre harren kon-

tra hitz bat edo bertze nabaditzen zuenean gaizki-errailea ezpatarat deitzen zuen barkhurik
gabe.
Denbora hartan Karlos bortzgarrena jarri zen
Ferdinan zenaren ordain. Erresumaz kanpo asko
lekhuetan bazuen gerla eta erresuman berean
ere asko herri baziren libertate zaharra harmak
eskuan galdatzen zutenak. Zuhurtziak manatzen
zion beraz Karlosi tropa segurrak han hemen
atxik zitzan aitzindari segurren pian.
Naierako dukia tropa hetarik baten aitzindari
zen. Egun batez gortherat heldu dire Napleseko
armadaren berriak eta jakiten dute Loiolako
semek han indar handiak egiten dituztela. Iñazio
orduan bere bizi funtsgabekoaz ahalgetzen da
eta bere oseba Naierako dukia othoizten du zonbait soldado eman ditzon gerlarat heiekin juaiteko. Gerlarat juanez, gerlan bere indarra erakutsiz nahi luke Iñaziok maite duenaren bihotza
hobelki hatzeman. Oseba Jaunak kargu handi bat
emaiten dio bere armadan eta Iñazio urruntzen
da gorthetik garhaitzari itzultzekotan. Hogoi eta
sei urthe zituen.

Egun hetan, Kastillanoak Bizkaian sarthurik
Naieraz nagusitzen dire. Ondotik badohakote
Naierako dukia eta Naiera setiuan ezartzen du.
Berekin du Iñazio. Kastillanoek ez dire nihoren
beldur; jan edana badute ausarki; luze juan
behar du setioak.
Zer gizon den han du erakusten Iñaziok. Egun
guzietako gudu eta guduxketan Iñazio bethi
barne, Iñazio bethi buruan. Armada guzian ez da
nihor ezpata hark bezala dabilanik; nihor ez da
kuraiez, jakitatez, indarrez hari hurbiltzeko
denik. Azkenean, soldadoer erraiten diote ethorri dela hirian sartzeko orena. Bere hitzaz berotzen ditu, sutatzen ditu, badoha bera aitzin aitzinean, murrailer gora lehen igaiten da eta hiria
hartzen du. Bitoriari darraikon saria uzten du
bere soldadoer eta armada guziak miresten du
haren borthiztasuna guduan, haren jenerostasuna bitorian. Iñazio Loiolakoari ez zitzaizkon guti
eder gerlari lagunetarik ukhaiten zituen laudorioak. Gauza batez zen bakharrik khexu; bere
bitoriaren kopletan ezartzeaz maite zuenari igortzeko. Hala egiten ohi zuten denbora hartako
gerlariek.

Kastillan bakeak egin eta Iñazio zonbait egunen itzuli zen gortherat non ez baitzuen orotarik
agurrik eta agurrik baizik ukhan.

II.
1521an, Maiatzeko egun batez, ximixtaren
pare iragaiten da zaldidun bat Iruñako karriketan
eta gobernadorearen etxean sartzen. Zaldidunaren ahotik non zer berri den jakin duenean,
gobernadoreak xixtu batez ekharrarazten du
muthil bat, mezu batzu emaiten diotza eta erraiten dio:
«Ez othoi denborarik gal»
eta kadera batean jartzen da, ukhondoak
mahain baten gainean, eskuak buruari lothuak,
buruan mila gogoeta. Horrela dagoelarik, norbaitek emeki emeki idekitzen du ganbarako athea,
ganbaran sartzen da eta aitzinatzen gobernadorearen ondoraino. Gobernadorea bethi bere
buruari lothua zagon eta nihorri ez zen ohartzen.
«Jauna, erraiten dio Iñaziok, deithu nauzu,
huna ni.

«Ontsa da, ihardesten dio Naierako dukiak, lo
dorphe batetarik atheratzen balitz bezala.
«Gauza batzu baditut zuri erran beharrak. Jar
zaite aphur bat, iloba maitea. Badakizu gure
erregeak Noionen zer hitzeman zuen. Hitzeman
zuen Nafarroa sei ilhabeteren buruan itzuliko
zuela bere nausi zuzenari Henri Albretekoari.
Gure erregeak hitza jan du. Bainan ene iloba
maitea, gure jendekiak erregerentzat ixurtzen
du odola errege makhur ala zuzen dabilan behatu gabe. Orena huna ethorria Espainiari, Frantziari, eta erregeri erakusteko zure arbasoen
odolekoa zarela.
«Jauna, erraiten dio bizi bizia Iñaziok, ez dut
bertze gogorik erregeren zerbitzatzea baizik.
«Zure ahotik hori nahi nuen entzun, iloba
maitea; doidoia berria ukhan dut Frantses armada hurbiltzen ari dela Kunde Lesparre aitzindari.
Henri Albretekoak Jakinik Nafarroko tropak oraino Kastillan direla, armada bat igortzen du gure
kontra bere ondoriotasunean sartzeko. Bada
huna nola iduritu zaitan behar dugula jokhatu. Ni
Kastillarat juanen naiz sokhorri bilha. Arte huntan gazteluko gakhoak zuri uzten darozkitzut;

gazteluko eta hiriko aitzindariek elgar adituko
duzue; heier ere erranen diotet gauzak nola
diren. Burgoserat Juanen naiz, don Frederiki hartuko diotzat bere troparik hoberenak eta denborarik galdu gabe hunat ekharriko. Orai beraz,
iloba maitea, zuri nago, eta esperantza dut Naieran izan zarena izanen zarela Iruñen.
«Oseba Jauna, Naieran ez nuen egin egin
behar nuena baizik, orobat eginen dut Iruñen eta
ezpata eskuan dudano ez naute Frantsesek
urhats batez gibelaraziko.»
Oseba ilobak horrela mintzo direlarik, muthil
batek mezutzen dio Gobernadoreari hiriko Jaunek sala handian igurikatzen dutela. Gobernadorea sartzen da salan, Iñazio eskutik. Biltzarreari
erraiten dio etsaia nola hurbiltzen ari den eta
etsaiaren kontra zer xede hartu duen. Hitz hautaz akhabatzen du:
«Jaunak, fida naiz Iñazioz egin dudan hautua
ez duzuela gaitzetsiko.»
Biltzarre guziak ihardesten dio:
«Gobernadore Jauna, ez zinezaken hautu
hoberik egin.»

Handik bi oren gabe Gobernadorea Burgoseko bidean zen.

III.
Bazakien Iñaziok Nafartarren berri. Bazakien
anaia batzu bezala igurikatzen zituztela Frantsesak eta beldur zen haren soldadoak, gehienak
Nafartarrak, Frantsesen alde itzul ziten. Ikhusten
zuen galdua zela Frantsesek oseba aintzintzen
balinbazuten. Bainan zer nahi gertha zadin
buruan ontsa sartua zuen etsaiari ez zuela amorrik eginen.
Iñaziok beldurra zuen bezala Frantses armada bozkariorekin hartu zuten Nafartarrek. Bide
guzian ez zuten Frantsesek egitate onik baizik
ukhan. Mendekoste bezperako Iruñepean ziren
eta berheala setioan ezarri zuten hiria.
Ikhustearekin nihondik ez zaiola sokhorririk
heldu hiriko Jaunek Iñazio othoizten dute sartzerat utz ditzan Frantsesak, ez dela indarretan
Frantses armadari ihardokitzeko. Tropetako
aitzindariek erraiten diote:

«Zure oseba Jauna ez diteke tenoreko ethor.
Zerentzat behar du odolak alferretan ixuri?»
Populuak dio:
«Henri Albretekoa da gure erregea! Bakea,
bakea Frantsesekin! idek, idek atheak kunde
Lesparri!
«Biba Henri Albretekoa! diote Nafartar soldadoek. Biba Nefarroko erregea! biba Frantses
armada!»
Gazteluko buruzagiak ere solhas berak ditu.
Iñazio da bakharrik ideia kontrako dena. Grinarekin ikhusten ditu hiriko atheak Frantseser idekiak. Badoha orduan gaztelurat; han nahi du
etsaia igurikatu, han bere indarra etsaiari erakutsi. Iñazio bero bezain gazteluko buruzagia hotz.
Hau tropetako aitzindari zaharrenekin jausten da
Frantsesetarat, Frantsesekin hautsi-mautsi
baten egiteko. Iñazio ere jausten da. Nahi du
ikhusi Frantsesek zer kondizionetan eskainiko
duten bakea. Kunde Lesparre ez bide zabilan
ahamen ttipiaren ondotik. Halere bakearen gatik
oro on hartzen ditu gazteluko buruzagiak. Iñazio
orduan koleran altxatzen da. Gazteluko buruzagia eta Kunde Lesparre behatze batez erdiratzen

ditu eta ondo hartan diren aitoron seme batzuer
erraiten diote:
«Jaunak! gaztelua behar badut ere bakharrik
begiratu bakharrik begiratuko dut. Zerentzat
dakharregu ezpata gerrian? Nork nahi du niri
jarraiki?
«Nik nik! diote betan asko aitoron semek.
«Ontsa hola! dio Iñaziok. Gerla gerla etsaiari!
guazen gaztelurat eta erakuts dezagun ez garela hiltzearen beldur. Biba Espainiako erregea!
«Biba Loiola! biba gure erregea! diote Iñaziori darraizkonek.
Iñazio soldado bakhar horiekin sartzen da
gazteluan eta etsaia han igurikatzen du. Aphez
baten eskasian gerlako lagun bati kofesatzen da,
hiltzerat baloha bezala. Frantsesek suia hasten
dute biharamun goizean, argi urratzean. Bihotzdunenak abiatzen dire murrailer gora. Iñazioren
ezpata han khausitzen dute murrailak baino
borthitzago. Artilleriak murrailak joiten ditu arrabots ikharagarri batekin. Ez da ikharatzen Iñazio
eta bere ezpataz jin guziak garbitzen ditu. Frantses armadako aitzindariek miresten dute hoin-

bertze kuraie eta holako gerlaria zeren ez den
Frantsesa deithoratzen dute.
Artilleriak noizbait gazteluko murrailla zilhatzen du; harri batek kolpatzen dio Iñaziori ezkerreko zangoa eta bonba batek hausten dio eskuinekoa. Lorioski erortzen da bere lagunen erdian.
Iñazioren lagunak Iñaziorekin zerbait, Iñazio
gabe gauza guti, lotsatzen dire. Harmak uzten
dituzte eta gazteluko gakhoak Frantseser emaiten.
Frantsesek arthatzen dute Iñazio haren kolpeari eta izenari dohakoten bezala. Kunde Lesparre ikhusterat juaiten zaio eta laudorio handiak egiten diotza haren kontra egin dituen indarrez.
«Jauna, erraiten dio Iñaziok, zure eskuko naiz
eta halere uzten darotazu ezpata.
«Zu bezalako gizon bat, ihardesten dio Kunde
Lesparrek, ez da sekulan garhaitua; libro zare
eta guk ez zaitugu atxikiko zure kolpeak galdatzen duen denbora baizik. Arte huntan emaiten
darotzut ene adixkidantza eta galdatzen zurea.

«Arras gogotik, dio kolpatuak Kunde Lesparri
eskua tinkatzen diola, eta ene alderat hoin ona
zarenaz geroz grazia bat nahi nezaikezu galdatu.
«Mintza zaite Jaun maitea! Ahal dudan guzia
eginen dut zuretzat.
«Nafarroko Gobernadorea ene oseba da.
Iruñe bidean da zuen gudukatzerat heldu.
Othoizten zaitut jakinaraz dezozun hiria eta gaztelua galdu baditut ere ohorezki galdu ditudala.
«Bai segur ohorezki galdu ditutzu»
eta kolpatu maitea amodiorekin besarkatzen du.
Zonbait egunen buruan, barberrer iduritu
zitzaiotenean hirrisku handirik gabe lekhuz aldara zitekela, Kunde Lesparrek erran zion:
«Gerlako lagun maitea, orai adio behar dugu
elgarri erran. Loiolako jauregian hobeki arthatuko zaituzte. Aithor darotzut zure uzteak bihotza
hausten darotala eta ez nukela nahi gure ezpatak berriz elgarrekin khurutza diten.»
«Nik ere ez nuke nahi, Kunde Lesparre; bainan gure erregen arteko makhurrek hala ekhartzen balute, ez nezake nik entzun ohorearen eta
eginbidearen botza baizik.

«Atheraldi ederra hori, Loiola maitea. Ez dut
nik ere ahantziko Frantziako erregen atheraldi
hau: Egizak egin behar dukana; gerokoak gero.»
Bi gerlariek elgar besarkatu zuten eta aphur
baten buruan Loiolarat zeramaten Iñazio ohe
baten gainean.

IV.
Iñaziori bihotzik amultsuena erakatsi zion
bere anaia Garziak, Loiolako premu Jaunak.
Herriko barberrek, kolpeak ikhusi eta erran
zuten eskuineko zangoa gaizki lothua zela.
«Hola utziz, diote, zango hortan bethi oinhaze ukhanen du eta maingu geldituko da.
«Eta maingu ez gelditzeko, zer egin behar
dut? dio Iñaziok. «Jauna, maingu ez gelditzeko
zauri hetsia behar liteke berriz ideki, hezurra
aldaratu, haragiak hezurrari berriz josi eta lothura erreberritu.
«Hola balinbada, dio gerlariak, horra ene zangoa; berheala has zaitezte, ez dut maingu gelditu nahi.»

Hasten dire. Oinhazerik minenak jasaiten ditu
auhen bat aurthiki gabe. Bainan biharamunean
sukharrak erretzen ari zuen eta sukharra oren
guziez borthiztuz zitzohakon.
«Jauna, erraiten dio eriak barber bati, arras
gaizki eta nahi nuke girixtino on gisa hil. Zer
diozu?
«Jauna zure adinean ez da berheala etsitu
behar.»
Eriak badu entzunik aski. Munduko gauzak
utzirik bazterrerat, Eternitateari buruz jartzen
da.
Izitua bere anaiaren hoin aphal ikhusteaz,
Garziak barberrari erraiten dio:
«Zer diozu ene anaiaz?
«Ah Jauna deus onik ez. Ez badu berheala
onerat emaiten, ez dut uste bihar artio iraunen
duen.»
«Egun da Jondoni Petri eta Jondoni Pauloren
bezpera, dio Garziak nigarrez, galda diozegun
Iñazioren sendatzea. Iragan urthean Iñaziok
kopla batzu ezarri zituen Jondoni Petriren ohoretan. Agian orai orhoituko zaio!»

Arrats irian sakramenduak hartu zituen Iñaziok ahaide adixkiden nigar auhenen erdian.
Gau erditan, azken hatsa noiz aurthikiko
zuen beha zaudelarik, gozoki lokhartu zen eta
ametsetan ikhusi Jondoni Petri sendatzerat heldu
zitzaiola.
Atzartu zenean hirriskuz kanpo zen. Sukharrak uztearekin eta indarrak itzultzearekin khendu zioten zangoko lothura. Orduan ohartu ziren
hezur hautsiaren phuskak makhurtu zirela, bat
bertzearen gainean jarri zirela eta zainak hainbertzetaraino bildu non zango hura bertzea
baino anhitz laburrago gelditzen baitzen. Harritu
ziren guziak. Iñazio Loiolakoa, gizon ederra!
Gortheko Andren Jaioa! Armadako lorea! Maingu! Zer lastima!!!
«Belhaunaren pean ez dut nahi trunpilorik,
dio Iñaziok barberrer. Trunpilo horrekin zer itxura nukena! Phika zazue haragia hezurreraino eta
hezurretik khen ezazue behar den guzia.»
«Iñazio Jauna! Ezin jasanak dire holako oinhazeak. Hezurrak behar luke tresnez phikatu.»
«Phikatu behar badu phika zazue.»

«Bainan Jauna orai artean jasan dituzunak
deusere ez dire jasan behar zinuzkenen aldean.»
«Hori ene egitekoa da; zuen egitekoa da niri
trunpilo horren nolezpait ekhentzea. Tresna bat
egizue zango hori bertzearen heinerat ekharriko
duena; ez dut maingu gelditu nahi.»
«Jauna badakigu ez zarela beldurti; bainan
galdatzen darokuzuna martiriozko tresna bat da.
Othoi, othoi Jauna.......
«Jaunak, berriz ere diotzuet ez dudala maingu guelditu nahi. Non tutzue tresnak? Zuek
balinbazarete, ni banaiz.»
Garziak bere egin ahalak egin zituen lan hortarik Iñazioren gibelatzeko.
«Premu Jauna, premuari zor dudan errespetu
guziarekin erranen darotzut ez dela errex hogoi
eta hamar urthetan ukho egitea gortheari, armadari, munduko atsegin guzier.»
«Iñazio maitea zaude gurekin; gurekin ontsa
biziko zare.»
«Ene adinean! ez premu Jauna. Hartu dudan
urhatsari sobera atxikitzen dut. Jasan behar ditudan oinhazeak balire ere miletan borthitzago,

guziak jasan nitzazke. Ez nau oinhazeak izitzen,
maingu gelditzeak nau izitzen.»
Iñazioren nahirat erori behar ukhan zuten.
Lanaren errexkiago egiteko barberrak Iñazioren
estekatzen hasi ziren.
«Ni esteka! ni esteka erho bat edo haur bat
bezala! Ez dut ez geldirik egoiteko esteka beharrik.»
Hezurraren phikatzen abiatzean kolorez
khanbiatzen da barberra.
«Harrazu kuraie, diotso Iñaziok, emazu hor
gorphutz hil baten gainean ari bazine bezala.»
Luze iraun zuen lanak eta luze martirioak.
Halere oihu bat ez zuen egin Iñaziok; kolorez
xoilki ez zen khanbiatu.
Lana akhabatu zenean Garziak erran Iñaziori:
«Zer bihotzaren jabe zarena, anaia maitea.
Zure hezurra phikatzen ikhusi duzu bertze batena izan balitz bezala. Nindagon neure buruarekin
ez othe nuen zuk baino gehiago sofritzen.»
«Premu Jauna, handitxu hura nahi nuen baitezpada khendu; ez nuen harekin hanbat argituko gorthean.»

Lan horren ondotik barberrek burdinezko
tresna bat ezarri zioten zangoaren luzatzeko.
Tresna hori luzaz behar zuen geldi geldia atxiki.
Ohe zeruari so, gorthea zabilan gogoan eta
gorthean utzi zuen andrea, zoinari agradatzeko
hainbertze pairatzen baitzuen. Iduritzen zitzaion
gorthean zabilala, hatz-behatzak oso, gorthe
guziaz goraiphatua eta maithatua. Hatik denbora bazohan eta ohean eneatzen hasi zen.
Zerbaitetan behar duela denbora iragan,
muthil bati manatzen dio gerlaz eta amodioz
mintzo den liburu zerbait ekhar dezon.
Muthila heldu zaio bi liburuekin.
«Jauna horra zer hatzeman dudan.»
«Zer? nik jostagailu bat galdatu eta elizako
liburu batekin heldu zaizkit? Burutik juan zare?»
«Jauna! bertzerik ez da.»
«Zohazi, bertze zerbait galdezozu premu Jaunari; errozu nik egorri zaitudala.»
«Jauna galdatu diot; bertzerik ez omen du.»
Liburu hek ziren Jesu-Kristoren bizia eta Sainduen lorea.
«Bertzerik ez bada, dio Iñaziok, hauk irakur
ditzagun.»

V.
Iñazioren ganbaran sartzen zen guziez, Garziak liburutan khausitzen zuen Iñazio.
«Sainduen bizia agradatzen zaizu beraz,
anaia maitea?»
«Bai Jauna. Gerlariek egundaino egin ez
dituzten gauzak khausitzen ditut sainduen
bizian. Hatsarrean ez nintzan bero bero, bainan
orai gogotik irakurtzen dut.
«Hobe anaia maitea; zuretzat ontsa eneagarri zen deus ere egin gabe egoitea.»
«Liburutan hasiz geroz ez naiz hainbertze
eneatzen. Behazazu hatik, premu Jauna; nik oinhaze hauk jasaiten ditut gortheko andren begietan deus gal beldurrez, eta sainduek hoinbertze
eta gehiago jasan dute Jainkoaren amoreagatik.
Beren penitentziez sekulako zoriona irabazi
dute. Eta ene irabazia zer izanen da? Adixkide
zonbaiten laudorioak, andre zonbaiten behatze
eztiak. Eta andre hek atxotu direnean? Eta ni
xahartu naizenean zer geldituko zait?»

«Mundua hola dabila bethi, Iñazio maitea.
Zure egitekoa da ez saindu bilhakatzea liburu
hortako sainduak bezala, bainan bethi ohorezki
bizitzea zure odolari eman zaion bezala.»
«Ideia bereko gare, premu Jauna. Ez nago
segur mundua uztekotan. Ni saindu bilhaka!
Nola nahi duzu nitarik saindu bat athera dadin?»
Sainduen bizia irakurriago eta ederrago zitzohakon. Heien obra handiak bi hiruretan irakurtzen zituen eta izkiribuz ezartzen. Artetan hau
erraiten zuen bere buruari:
«Zerentzat ez dut eginen sainduek egin dutena? Sainduen nonbrean asko badire ni bezain
familia handikoak; badire ere erregen odolekoak
eta erregeak berak. Zerentzat ez dut bilhatuko
hek bilhatu dutena? Orai gozatzen dute munduak eman ez dezaken zorion bat, zorion haren
galtzeko beldurrik gabe. Zorion hura ardietsi
dute munduari ukho eginez, othoitzean eta penitentzian biziz. Nik maite ditudan gauzak hastiatu
dituzte, nik hastio ditudanak maithatu. Nork othe
du arrazoin? Hogoi eta hamar urthetan naiz,
aitoron seme handi, munduan aitzinatzeko
behar diren guziak baditut... bainan ene zangoa

tresna huntarik athera eta berriz laburtzen bada,
horra non beharko dudan adio erran gortheari,
adio munduari. Zainetako makhur bat, edo kolpe
bat, edo eritasun bat aski balinbadire munduko
urhatsaren galarazteko, zer ari naiz munduari
jarraikiz.
Gauaz eta egunaz borroka ari zen gogoeta
horiekin eta bertze hauekin:
«Agertzen ez banaiz zer erranen dute gorthean? Usteko dute irriegingarri bilhakatu naizela
eta ahalgeak nagokala gordea; edo usteko dute
Iruñe nik galdu dudala; mendratuko naute, erranen dute ihes nabilala. Aho mihitan horrela ibilia
banintz!»
Orduan bere ezpatari behatuko zion eta gaizki erraileari gerruntzetan barna gogotik sarthuko
zion.
Denbora jin denbora juan, gogoetak jin gogoetak juan. Egun batez bere buruari galdatzen dio
ez othe litekenez ordu harat edo hunat egiteko.
«Ene baitan badire bi borondate; batak ongirat nerama, bertzeak gaizkirat; batak zerurat,
bertzeak ifernurat. Gogoan erabiltzen ditudanean bizitze saindu baten ondorioak, bake gozo

batek bethetzen nau. Gogoa alhatzen dudanean
munduko gauzetan, khexuz ezin nagoke. Zerentzat hoinbertze duda muda? Sainduek egin dutena eginen dut.»
Denbora hartan zangoa hobeki izanez kanporat agertzen hasi zen. Bainan onik ez zuen liburutan eta othoitzean baizik. Gau guziez jeikitzen
zen bildutasun gehiagorekin othoitz egiteko.
Gau batez, bihotz guzia Jainkoaren amodioaz
hartua, belhauniko erortzen da Andre-dena
Maria baten aitzinerat. Andredena Maria othoizten du onets dezan haren Seme dibinoari bere
buruaz egiten dion eskaintza; armadetako mintzairean hitzemaiten dio haren banderari jarraikiko dela, haren erran guzier behatuko dela,
bizian eta hilean semearen eta amaren gizona
izanen dela.
Denbora berean arrabots ikharagarri bat
entzuten da jauregian, jauregia zimenduetaraino
khordokatua da. Iñazioren ganbarako pareta
nahiz arras lodia arrailatzen da. Orduko arraila
ageri da oraino. Ez zen lur ikhara. Arrabotsa jauregian entzun zuten bakharrik, deusere ez zuten
auzoek nabaditu. Bertzerik ezin eta debruak

dudarik gabe nahi izan zuen Iñazio etxearen
pean lehertu. Hala uste dute anhitzek.
Aspaldian ohartua zen Garzia Iñazioren khanbiamenduari. «Iñazio maitea, erraiten dio egun
batez, ene arrangurak behar darozkizut erran.
Zure khanbiamendua hain da handia non ez bainaiz zure gainean beldurrik gabe. Gorthea,
armada, ohoreak, atseginak, oro utzi dituzu, eta
zer egin gogo duzun ez dautazu salatzen. Beldur
naiz zure gogo beroak urrunegi ereman zaitzan.»
«Ez premu Jauna ez, ez nau ene gogoak urrunegi eremanen, ez izan ene gainean holako beldurrik.»
Aphur bat solastatu ziren oraino, bainan Iñaziok bethi hoberenak barnean.
Ondoko gauean, othoitzean zagoelarik,
andredena Maria agertu zitzaion argiz inguratua,
Jesus haurra besoetan. Ez zitzaion mintzatu, bainan ikhuste miragarri horrek bihotza bethe zion
ezin erranezko atsegin batez. Iduritu zitzaion
graziak, garbitu ziola, berritu ziola arima eta
handik harat ez zuen gogoeta lizun bat ere
ukhan.

Iñazio estakuru bilha zabilan Loiola aldebat
uzteko; Loiolan egoitza luzatuz beldur zen
anaiak sobera erran.
«Premu Jauna, erraiten dio egun batez, orai
sendatuxea naiz, eder da denbora, Nabarreterat
nahi nuke juan oseba dukiaren ikhusterat.»
«Enganatzen nauzu, Iñazio! Nabarretez bertzerik baduzu zuk gogoan.»
«Ez anaia maitea, egiaz mintzo nitzaizu,
Nabarreterat noha.»
«Nabarreterat zohazi, bainan handik noretako bidea hartzen duzu? Badakit nihork ez bezalako ideiak dabilzazula buruan. Zerentzat ez
darotazu zure barneko berri erraiten? Maite zaituen anaia bati ez othe dezakezu erran zer
eskualde hartzen duzun? Munduari ukho egin
nahi duzu, badakit. Bainan zure arimaren arthatzeko zer traba khausitzen duzu Loiolan? Jainkoa
ez othe da lekhu guzietan? Sainduen etsenpluek
lilluratu zaituzte. Nahi othe zinduke sainduek
bezala herrestan bizi?
Ixil ixila zagon Iñazio.
«Nik errana hala ez bada, dio Garziak, zerentzat ez dautazu ihardesten?»

Iñazio bethi ixilik zagon.
«Zure buruaren jabe zare; bainan ene anaia,
ene anaia maitea, ez bazare Nabarretetik itzultzen, beldurra dudan bezala, behingotz uzten
bagaituzu, hitzemadazu Loiolako izena bethi
ohorezki ekharriko duzula eta ez dugula zutaz
ahalgetzekorik ukhanen.
«Premu Jauna, hitzemaiten dauzut ohoreari
bethi hurbildanik behatuko diotala. Egia erran
dauzut, Nabarreterat noha osebaren ikhusterat;
eri nintzalarik ikhusten izan zait; zor diot nik ere
ikhusterat juan nakion.»
«Aski azkar othe zare mendiz mendi holako
bide baten egiteko?»
«Bai premu Jauna bai, ez nau bide horrek izitzen; Nabarreterakoan Oñaten baratuko naiz
arrebaren etxean.»
«Hola denaz geroz arrebaren etxeraino
lagunduko zaitut, eta handik muthilekin juanen
zare osebaren etxerat.»
Biharamunean bi anaiak, muthilak ondotik,
Oñaterat jautsi ziren. Adioak oheratekoan egin
zituzten, Iñaziok goizik behar zuelakotz jeiki.
Gauaz jeiki zen nihor ohartzen ez zelarik eta

gaua iragan zuen Andredena Maria Arrankuzakoaren elizan. Argia gabe Oñaten harat zohan bi
muthilekin.
Loiolatik atheratzean sos bat ez zuen berekin
hartu. Osebaren etxerat zenean, zor batzu bazituela orhoitu zen eta bakhotxari nahi lioke berea
itzuli. Osebaren etxean zordun bati khendu zion
hartze zahar bat, hartze haren pharte batez
estali zituen bere zorrak eta gaineratekoaz erosi
Andredena Maria bat. Andredena Maria hau
berekin ekharriko du bethi; ez baitu hemendik
harat bertze andrerik ukhanen.

BIGARREN PHARTEA
San Iñazio
eskale eta peregrin
I.
Ez zuen Nabarreten denbora handirik eman.
Han erran zioten muthiler:
«Zohazte orai Loiolarat, eta ene anaia Jaunari errozue ez nuela gehiago zuen beharrik.»
Mont-Serrateko bidea hartu zuen bere xede
sainduak behar zituela hango Andredena Mariari
gomendatu. Bidean dohalarik, zaldi ederrean,
aitoren seme jaunzturan, ezpata sahetsean,
puñala gerrian, zaldidun bat hatzemaiten du
erraiten diona:
«Agur Jauna agur! atsegin nuke zurekin bide
egitia.»
«Nik ere bai zurekin, diotso Iñaziok. Mahometanoa ahal zare? hala dio ezik zure arropak.»

«Bai Jauna hala naiz. Girixtinoek bakean
uzten gaituzte orai Aragoneko eta Balentziako
lurretan. Urrun ari zare, Jauna?»
«Igualadarat lehenik eta gero Mont-Serraterat.»
«Ah, naski beilarat zohazi Jesusen amaren
kaperarat?»
Beilarat noha Birjina guziz sainduaren kaperarat» dio bizi bizia Iñaziok.
Orduan ezta bada ukhan zuten elgarren
artean: Mahometanoak Maria ez dela Birjina gelditu haur ukhan ondoan; Iñaziok Maria bethi Birjina egon dela, haur ukhan aitzinean, ukhaitean
ete ondoan. Samurtzeraino hizkatzen dire.
Mahometanoak azken arrazoina hau emaiten
dio:
«Zin egiten dut Jesusen ama ez dela Birjina
gelditu!»
Eta bere zaldiari bi sista emanik aitzina hartzen du. Burro hori entzutean zeinatzen da Iñazio, othoitz labur bat egiten du eta gero hunela
derasa bere buruarekin:
«Atrebitu gaxtoa! nola laidostatu duen ene
Nausi soberanoaren ama! eta ni Andredena

Mariaren soldadoa, nik hori jasan behar dudala!
nik laido hori mendekatu gabe utziko dudala! Ez
ez, Mahometano horri behar nitzaio jarraiki eta,