Beribilez - 2
dute barnerat, zer guzier behaka; sudurraz hunkitzen gituzte kasik.
Irri egiten diotet gozoki, orhoiturik gaztean
hek bezalako batzuek zoin jakinki eta gogotik
zautaten erakutsi, behin bat edo biez, hiria.
Beribilaren aldean xut, huna haatik hamasei
urthetako muthiko egin bat, beldurtzen nauena;
zamar urdina soinean, galtzak histuxeak, espartin zabal batzuetan oinak biluz, larrua horail lodi
du eta behakoa beltz, dirdira leunekoa, beribilbarnerat ikherkan derabilana begiak guti igituz.
Soa gu-ganat itzuli ere gabe segurtatzen gitu,
mintzo ezti batekin, beribila nahiko dugun
bezain luzaz zainduko daukula harek.
Jausten gira, besoez baztertuz xeheria ausarta. Muthiko txarrak aiher baitzitzaizkon azkarki,
gibeleko beribilaren jabea ohartzen niz ari dela
bereari athe guzien hesten gakoz.
***
Kathedrale-sahetseko mailer gora bagoazi,
Baionan egiten ohi dugun bezala.
Omen handiko eliza da hau. Jakintsuek diote,
Carlos hirugarrena eta haren emazte Leonor
Castillakoa zirelarik Nabarreko buruzagi, hamalaugarren mendearen ondarrerat zutela Eskualdunek eraiki, ordukotz Parisen asmatua izana
zen ara berrian. Huna nola:
Bazter-harresiak guneka beheretik gaineraino gogorki lodi; harri lantuz eginikako estalgi
arkatu xutaren jasaile, harresi hek; harresi hek
berak teilatuaren jasaiteko, teilatu bat behar baitzen alabainan harrizko estalgiaren euritik beiratzekotz: hegatz-alde, beraz, teilatuko gapirioak
bazter-harresietako gain-hegietan pausatuak;
leihoak gora bezain zabal, tenteño batzuez petik
goiti zatituak, eta gain-alderat ahoa xorrotx.
Ordutik haste, ara hortara zituzten egin elizak, aitzineko mendetan baino hanitzez luzeago
eta zabalgo egin beharrez, doi argirekin orozbat.
Biziki zabal nahi zutelarik leihorra, barnetik
zango azkar batzuen gainean eraikitzen zituzten
bertzalde, soailuraino, bi harresi lodi, erran
dugun harrizko estalgi dorpea etzadin eror, eta
harekin batean teilatua.
Hiru barne-zerranga bazauzkan geroztik elizak, erdikoa gorenik, eta hiru soailu.
Soailu bakotxean, begiaren gozagarritzat,
azkarrago izan zadin ere estalgia, harri lantu
batzu lerroan ezartzen zituzten, zorro biribil konkor bederarekin gain-beheiti. Lerro bakotxak
iduri zuen, ordu beretik, gapirio arkatu bat.
Harrizko gako azkar batzuetarat heltzen ziren
gaineko muthurraz gapirio hek, soailuaren ardierdirat, batzu zeiharka, bertzeak trebesean
xuxen.
Horra zer moldetan egina izan zen, bertze
asko bezala, Iruñako kathedralea.
Denik ere, bazter-harresiak hain lodi egin
zaizkoten non harrizko arku arin batzu ez baitziotzaten ostikoan eratxiki kanpotik, Baionakoari
bezala. Hunen araberalat haatik, badauzka barnean hiru egoitegi luze, erdikoa gorenik, zabalenik ere ba, Baionakoarena baino zabalago.
Jakintsuek kausitzen diote bizkitartean akatz
bat: aitzinaldea, bere ezkila-dorre lau hegiekilako apalskoekin bazterretan, eta, erdian, sarguiako bere atherbeñoarekin —hau harrizko zango
batzuen gainean xut— hanitzez berantago egina
izan omen du aitznalde hura, dena ere ez garaitikoari eman zen molde beretan. Garbiki erraiteko, badu eite kotsua theatre batenarekin.
***
Sartu orduko, sakristaua han dugu edergailuen erakusle.
Ohartzen gira aldare-aitzina hetsia dela burdin-ziri gora batzuez, burdina ingudian jorik eginak. Bainan bitxikeria hau duzu: kalonjeen jaralkiek eta elizako kantoreak jendeen aitzin-aitzineko jar-tokiak hartzen dituzte, haletan non
mezatiarrek ez baitezakete ikus aldarea!
Kantore eta apezen jar-alki, zurezko kaiola
handi bat bezala dauzute egiten, gainetik eta
aitzinetik idekia, elizaren trebeseko bideak aldare-aitzineko grillatik berexten duena.
Ikusgarriak dira haatik zureriari datxizkon
esku-lanak. Damurik da eliza ilhunskoa: ezin
ditazke xeheki ikus, ez ditzazkete ere begiek gai
litazken bezala ikher aldarearen gibeleko erretaula handiaren zati margoztatuak.
Erran dugun kalonjeen jar-alkietako ozkalanak ez gitu halere nehor harritzen. Ezagutzen
ditugu guziek St-Bertrand-De-Comminges elizako eskulturak, Luchoneko ondoan, Frantzian ez
nihun ez baita bertze hainbertzekorik, hala nola
harriaren gaineko eskulturentzat ez baitugu uste
baden Chartresko kathedraleari nausi izan ditakenik.
***
Sakristauak bageramatza, orai, sartu ginen
athearen parreko bertze athe batetik harat. Eta
plazaño bat inguratzen dugu kalostrazpiz-kalostrazpi, zabalak hok eta osoki miresgarriak beren
soailu arin xorrotxekin.
Iduri luke harat-hunat irakurtzen ibiltzeko,
edo aire hartzeko bederen, eginak izan direla. Ez
bizkitartean. Ohartzen gira berehala harri handi,
zabal baino luzeago batzuez zolatuak direla;
harri hotarik bakotxak badauzkala ere xixelaz
askaturikako bi marka, noizbait burdinazko bi
erhaztun gotor kokatzen baitzitzaizkioketen han,
altxa-gidertzat.
Erakasten dauku sakristauak Iruña-alderdi
batetako hilak zituztela lehengo mendetan harri
heien azpian ehortzen. Ontsa orhoit baniz gaztean ikusiez, elizaren beraren erdiko egoitegia
halaber zolatua bide da. Eliza bere kalostrazpiekin hilerritako izana da beraz noizbait, elizkizunetakotz bertzalde.
Huna orai bertzerik. Kathedralea, sahetseko
bere plaza kalostrapiz inguratuarekin, San Agustinen ordenako fraide batzuek omen zuten zaintzen, eta arthatzen beren esku-lanaz. Sakristauak erakusten dauku fraideen egoitza: kalostrazpiari lotua, elizaren sahetsari datxiko halaber.
Huna, barnez-barne, fraideen jan-tokia, orai
kaperatzat derabilatena kathedraleko buruzagiek; huna fraideen sukaldea bera. Hamar bat
metra luze, bertze hainbertze zabal, gogorki
gora, soailu arkatu xorrotxaren erdi-erditik khebide luze batekin goiti, soailuaren lau kantoinetarik zirritu batzuekin, khearentzat hok ere arabez!
Zolaren erdi-erdian, lehengo su-tokian, marbrezko mahain bat, sahetsak nola hegiak antze
handirekin lantuak, Carlos errege eta Leonor
erregina zirenen hobia estaltzen duena: mahainaren gainean luze-luzea etzanik senar emazteen marbrezko gizairudiak elgarren ondoan,
batek ala bertzeak bere harrizko korona buruan.
Sukalde bat hilerritua errege eta erregina
batentzat, ez bide da hanbat ikusten nihun holako sukalderik....
***
Sartu ginen athe ederretik bagoazi erdi-lasterka kanporat, ni lehen. Beribilak ikusten ditut
nehor gabe inguruan, haurrek aserik utzi jostagailu batzuen pare. Erna! erna! daiet egiten
mokorki ene laguner: bazkariterat joanak ditugu
gure otoen zaintzale maitagarriñoak; eskupeko
sariaren beha ere ez dute nahi ukan gaixoek
egon!
Abiatzen gira berriz burrunban eta berehala
karrika bethean gelditzen, bi botoila arno onen
erosteko, lauzpabortz ogirekin. Beribiletarat
berriz! lehen bai lehen jaustekotan haatik gure
ahamenaren jateko, ezen ahulduak gira guziak
eta beranta ditake.
Aldeanbertze baderamagu bigarren aldikotz
hiria, ohartzen girelarik xixtez karrika eder,
zuhatz eta loredun bati —Paseo de Valencia ez
othe?— eta heltzen gira musika-joiteko atherbeño bat erdian daukan itzalpe baterat. Zer toki
ona, elgarrekin goxoki bazkariteko! bainan
gazte-andana bat buruz-buru heldu baitzaiku, ez
oro itxuraz gardatsak, eta eskelari soberaren
beldurra baitaukute emaiten, bagoazi zalu munhoari behera, mendeal-alderat. Eguerdi baino
gehiago ez ditake orobat, oren zahar.
Bagoazi, bagoazi bidez-bide, bainan nihun
itzalpe goxorik ez ezagun, han-hemenka zuhatz
argal gazteño batzu baizik ez. Ogi-leku da
hemen ere zelaia; mendixka larrutu batzuek
zaintzen dute ipar-aldetik.
Huna, hogoi bat minutaren buruko, Irurzuneko herri bildu tarroa, Iruña-inguruko abere-merkatu handienetarik bat.
Tipust-tapastean, beribileko ene lagunak
behatzen du goiti, saretik dilindan ikusiren duelakoan zertsu tenore den. Behakoa goiti, eskua
ondotik atzemanka, ikherka..., bainan gathearen
muthurra baizik ez ageri beheiti!
Ikher berriz eta berriz, bainan debaldetan. Ni
ene xokoan, barneak ordukotz erakitzen dautalarik.
Etsiturik azkenean, erraiten daut eztiki, itxuraz odol-hotz:
—Muntra ebatsi dautate... Zilarra baitzen, ez
urrea... Hiru ehun liberaren galtzea badut halere... Goazen aitzinat... Oixtiko muthiko tzar heien
lana ditake...
Ahalgez urtua nago nere alkian. Itsu izan niz
beribilaren ez gakarazteko; haurra baino haurrago, ez ohartzeko lapur xikin batzuen lehia gaixtoari. Beribila bera ebatsirik ereman zezaguketen, okaztagarriek!
Zainhartago zangoa bere khexuarekin, lasterragotzen du oraino ene lagunak motorraren
itzulika. Zonbait ehun metraren buruko, huna
zorionez bidearen ezkerretarik haritz-oihan pollit
bat, bere itzala erregebidearen arditsutaraino
hedatzen duena.
Jausten gira, sartzen oihanean burdin-harien
artetik ixtaklok ukurtuz, jatekoak guahurekin
baderamatzagula. Hemen bederen gure otoak
begien aitzinean idukiko ditugu...
Ez niz sobera fida, haatik: erregebidearen
bertze sahetsari luzatzen da laborari-etxe handisko bat, batere emokatzekoa, eta leihoak idekiak.
IV
BAZKARIA
Hariztegi hunek garbia zuelarik iduri, ez dugu
bizkitartean errexki aurkitzen toki xahu bat nun
bazkariteko jar. Barnasko atzemaiten dugu azkenan behar-bezalakoa, bospasei haritzondoren
artean, erdi-iguzki, erdi-itzal. Sorhopilan hedatzen daukute andretarik biek dafaila, mahaineko
untzi eta tresneria guziarekin, bertze lagunak
bizkarraz zutoier ahal bezain erosoan gaudelarik, elgarri buruz-buru.
Bainan zer jateko urintsu, hotz, usain gozo
gabeko, muthiriak! Pizteko orde, lotsa lezagukete zinez barnea, ez bagine oro gose amikatuak.
Bego nausi etxeko xokoa, eltzetik bafadan athera salda beroarekin.
Urriki dugu Iruñan ez gelditurik, ostatu on
batean. Zer bitxikeria bertzalde, halako hiri
zahar orhoitzapenez hanpatuari ikuska gehiago
ez emanik! Gai zitaken bada, nihun izaitekotz
bat, bere jauregi, museo, udaletxe, liburutegi eta
eliza ederrez. Kathedraleak berak merezi zuken
egon gindizkion astikixago beha; etzaikularik
nehori iduritu Baionakoa bezain arin eta begikoa
barnez, orhoituko gira gure bizian haren gorputz
gaitzaz eta sahetsari datxizkon kalostrazpi miragarriez. Nun da ere, erraiteko, Strasbourgekoan
izan-ezik, Baionako eliza-nausiak daukan erdiko
egoitegia bezain lirainik?
Norbaitek miresten du bertzalde ez dugula
ikusi San Frantses Javierekoaren sor-etxea. Egin
ginuken gogotik, gure bidean izan balitz; bainan,
Iruñako bertzaldean da aurkitzen Javier, urrunsko, iuzpegi-alderat.
Nabar-Goitiko ogi ona lagun, baderamatzagu
kilimiliklik xerriki hotz xeheak eta lotuak gira ja
biperrekilako arroltze-moletari, noiz ere ohartzen baikira gure bi botoila Rioja hautak hustuak
ditugula azken xortaraino. Berrogain bizkarra!
Emazteek berek zoin gogotik hurrupatzen duten
arnoa oihanean!... Ordaintzat, batek eskaintzen
dauku urez betherikako botoila bat, ezin-bertzean hartarik bederen dezagun edan: orok
ezetz, burua inharrosiz urari beltzurika...
Hainbertzenarekin, laborari-etxearen aitzinean agertzen zaiku haur bat, bi begiez guri
beha eta beha, bere zangoñoen gainean tente.
Etxe hunek badauzkazke egoiliarrak, badukete arno xorta bat, ihintz bat sal lezagukete segur
gogotik, dio berehala ene beribileko lagun sakelorenaz gabetuak, eta badoa eskuz-keinuka haurraren ganat.
Ikusten ditugu biak etxean sartzen, aita seme
batzuen arteko trebearekin elgarrentzat.
***
Zonbait minuta iragaiten zaizkigu, aiduru. Ba,
hobendun gira egiazki —derasa oixtiko gure mintzolariak, bere solasari jarraikiz— Iruñan luzazago ez egonik. Eskualerriko hiri guzien artean
aipagarriena da Iruña.
Hamaseigarren mendearen hastapenean,
Espainiako errege Ferdinand Katolikoa deitzen
dutenak hartu zuen, bainan, nahi bazuen edo ez,
nabartarrer utziz beren zuzenak. Geroztik hunat,
Nabar-Goitiko hiri-nausi dago bethi Iruña. Espainiaren meneko izana gatik, berez-bere dabil
asko zeretan; hango buruzagier daude gehienik,
gaur den egunean ere, Nabar-Goiti probintzia
zabaleko eskualdunak, hein batean —ez dakigu
noiz artio— lege zaharraren jabe, hala nola arbasoetarikako ekanduen bai eta mintzaiaren.
1521-ean, Jean d’Albret kondeak, Biarnoan,
Amikuzen eta Garazin-barna Iruñarat jo zuen
bere soldadoekin, hiriaren Espainiari kentzeko
xedetan; bainan jin-bidetik itzultzea behartu
zitzaion, ederki zafratua izanik.
Nabarreko erregeren alde gudukatu zen
orduan Inazio Loiolakoa. Saki bat itsusia egin
baitzioten belhaun batean biarnesek, zalditik
alditxar erori zen aitzindari gaztea, eta ereman
zuten ordu berean Gipuzkoako bere jauregirat.
Loiolaren ikusterat gu abiatuak egun, ez
denez bada deithoragarri, ez baitugu hartu-ahal
oren-erdi bat, San Inazioren orhoitzapenetan Iruñan eraikia izan den eliza handirat joaiteko, ikustaldiz!...
Duela mende baten ingurua, Iruñak gogor
egin zion halaber Napoleon Handiari, hunek itsumenduz ezarri zuelarik Espainiako erregetzat
bere aneia Joseph; bainan, xo! ez ditzagun
hemen lehengo zauriak berri...
Irria heldu zaiku berdin orori ezpainetarat,
ikusiz gure arnoketaria emeki gutaratzen, botoila beltz bat eskuan. Orozbat ohartzen gira badirela orai, laborari-etxearen aitzinean, ez bat bainan hiru haur, elgarri ukondoz-ukondo, lerroan
guri so daudenak begiak ernerik.
Ordu oneko jina dugu arnoa, oilasko-errekia
zintzurrean kokatzen zitzaikun. Badut uste haatik, derraiku karkailaz ekarzaleak, txakolin-pinta
bakar hau aski ukanen dugun aldi huntan. Erhiaren lodi hartzen dugu bakotxak geure basorat,
usaintzen, jastatzen, ahurraren barnean berotuz
untzia. hauta kausitzen dugu guziek. Badu, ba,
Axularrek erran zukena, zahagi-zapore kotsua,
halako jan-edan bethe bat ere ba; berriskoa dirudi; irestearekin, sudur-barnetarat gibel-aitzin
lanhotzen da pindarka; bainan zer berotasun
gozoa ez deramauku laster urdailerat, hainbertze urinki hotzer gain-behera su eman nahi baliote bezala!
Itzal handiko arnoa da zinez xakolin hau;
hurrupañoka dugu edaten, beldurrez... Oilasko-
en ondotik maionesa ruso titarratu guri leun bat
xirrixtatzen dauku eta akulatzen zalu patarrari
behera: berdin laguntzen derauku bidean,
mahats melatuz jorikako pudding tinki bat.
Zorionezko xakolina!
Hiru haurrak hurbilduak ditugu hariztegiaren
hegiraino; burdin-harien artetik beha dagozkigu,
sagu batzuen pare.
***
Gasna. Tuaxak. Madariak. Xakolinetik azken
hurrupa.
Etxearen leiho batetik ukurtzen da, erregebideari harat-hunat so, emazte adinetako bat. Ez
iduria gatik, ohartu zaikegu. Haurren ondotik
othe zabilan, bertzerik deus gogoan gabe?...
Hemen bederen, español olio higuingarriaren
usainak ez gitu nardatu, dio niri buruz itzulirik
gure zerbitzarietarik batek.
Egiaren aithortzeko, zor naizkon eskerren
bihurtzea ahantzia zitzaitan. Gai zenez da guzia
haatik, hainbertze jateko eta halakoak guri emanik. Han ginen bi medikuek lauda ginezakena
zinez, baginakielarik bidean dabilanak guti duela
behar jan —ogi eta gasna baizik ez, ahalaz,
zaharren eta jakintsu zonbaiten arabera— eta
edan are gutiago: xahakorik ez derabilanean,
ithurriko uretik bakarrik noizean behin zintzurra
bustiz.
Olio-urrin bortitz hura baino jasangaitzagorik
bazen, lehengo urthetan bederen, Nabarreko eta
bertze probintzietako ostatuetan, diot ihardesten noizbait zerbitzariari.
Espainiako olioa berez-bere ona da, hoberenetarik; urrinari gizonki edozoin jarria zaioke zortzi egunik barne. Bertzerik da garbitasun-eskasa:
huntaz etzuten den-gutieneko axolarik hemengaindi, lehen. Mahain-gainak okaztagarriak
zituzten, jatekoak hautak zituztelarik eta gogaindigarriki nasaiak. Ez niz, bertzeak bertze, orhoit
janik nihun eskualde hotan bezalako saltsa onik.
Ikasi duketela garbitasuna geroztik hunat, ez dut
bizkitartean dudarik. Lurraren ipar-aldeko atzerritar hanitz baitzabilkion ikuskari, diot ahoan
bilorik gabe Lapurdi aitzinatuago izan dela bethi
garbitasunean.
Ganberak, aldiz, arras garbiak aurkitzen nintuen probintzietako ostatuetan. Bakarrik, oheko
zomiera zen, lauetarik hiruetan, erditik gainbehera kraskatu, hautsi, lehertua: erreka hertsi
batean luzaturik zineraman gaua. Gaztelarren
gain zoan bethi zomieraren askatze itsusi hura.
Egia erran, aditurik nago ez dela, Europan, nihun
ikusi gaztelarren sorjesekorik oheen xehatzeko,
bainan ez dakit egia denez. Ostatu hetan, atheratzen ere zaizkizun ba ardurasko, ohe-zur arteketarik, zimitz batzu guriki haziak. Zer harritzekoa ordean? Ez duguia Biarritzen berean ikusten,
oraiko egunean ere, horrenbertze?
Ene otomobil-lagunak keinu eginik irriño
batekin, hiru haurrak jinak ditugu aitzinerat
urrats ñimiñoka, erabearekin begiak larrituak.,
sorbaldez eta buruz zeihar-airean. Norat zoazkioken, etxetik atheratzen da oixtiko emazte adinetakoa, eta guri so gelditzen.
Bihotz oneko bezain sudur xorrotxeko baita
ene laguna, solas emaiten daie erdaraz, ondorat
bilduak dituen bi nexker eta muthikoñoari. jakiten ditugu izenak, adina, aitamak zer ari zaizko-
ten. Soin xumeko haur batzu dira, xuhurki haziak
itxuraz, bainan xailak beren ginartza mehean.
Pastitza-xerra bat eskaintzen daiegu bederari. Eskuan idukitzen dute, hunki gabe. Zendako
bada? Para la mamá, daukute ihardesten hiruek,
kasik batean.
Ohartuko zirete ardura, jende xeheen umeek
sendimendu maiteagoak erakusten handienenek
baino, dio bihotz-bethez gutarik batek. Atheraldi
gotorra! Irriño bat jauzarazten dauku bertze bazkaltiarrei.
Eskuaraz deitzen du orai gure lagunak haurren amaxo. Jiten zaiku emeki, urrats luzean haatik, soin-gaina den-gutien bat aitzineratua.
Hiruetan hogoi ta hamabortz bat urthe eman
zaioken atxo gurbil bat, zurpailduxea, zimurtua
apur bat, ttipoi batez gerruntzetik goiti jauntzia,
taulier-kantail bat petik-gora zeiharrean gerrirat
bildua, zangar-behereak zaia xaharraren azpitik
larru-has, espartin ihetxe batzuetan oinak zabal.
Motho adardun histu batek gordetzen dio burugibela. Bere begi beltz ttipietako dirdira iduri
luke zorroztua diotela urtheek.
***
Eskuaraz gogotik, lorietan, dauku erantzuten
emazte xaharrak; solas guti haatik: ihardesteko
baizik ez. Asko xehetasunen artetik, hau badatxikogu gogoan: ez girela lehenbizikoak, oihan
hartan ikusten gituenak; udan noiz-nahi baratzen direla han donostiar familiak, gu bezala
lurrean bazkariteko.
Bertze zer hau ere ba: garia bihitzen dutela
larrainean, bi behi uztartu espalen gainean lasterka erabiliaz; haratxago badela ba —erhiaz
erakusten dauku— herri bat, orok elgarrekin partzuer jarririk, gari-joiteko mekanika erosia
badaukana; makanikaz joiten dutela ba han
garia, ba, ba, bainan... Sineste ttipia du atxoak,
hobeki heltzen direla herri hartako laborariak,
beren moda berriarekin.
Biziki garbiki, ederki kasik, mintzo zaiku
eskuaraz emazte gaixoa; ez du arras Gipuzkoako
mintzaia, ez Baigorri-aldekoa, ez lapurdikoa;
halere, ezin xuxenago heltzen daukute adimenerat mihiak, ezpainek, jabearen gogo-erabakia.
Haurrak, jan zazue bada pastiza hori, huna
oraino gainera tuaxa eta madari batzu, diozte
ene aldekoak, eskuaraz, bi nexka maitagarrier
eta muttiko pollitari, udareak eskainiz.
Bat ez da hiruetarik kantitzen; eskuetan
dauzkate tinki madari, tuaxa eta pastiza. Gu
harrituak, haurño heien begiratuaz. Orduan
amaxok:
—Erdaraz mintza zaizkiote. ez dakite eskuara.
—Eskuara ez dakitela! Nolaz bada hori? Zuk
badakizu ontsa bizkitartean!
—Nik, ba.
—Ama da, orduan, ez dakikena?
—Ama ene alaba dute. Badaki eskuara ene
alabak.
—Aita beraz, ez dakikena batere?
—Aitak ere badaki ba, haratxagoko herri
batetakoa da-ta, Iruñ’alde.
—Eta haurrek ezdakitela eskuararik batere!?
Burua inharrosiz, amaxok adiarazten dauku
ezetz, ez dakitela haurrek eskuara-hitzik. Axola
handirik baduela ez du haatik iduri, ez da kexu,
etzaizko den-gutienik gorritzen mathelak. Ixildua
orai, behakoa ximixtan derabila gure dafailako
ondarretan gaindi.
Comed, diote azkenean erraiten bere haurtxoer, eta hok ausikiño bat doidoi pudding-xerrari, garaitikoa oso beiratzen dutelarik Para la
mamá.
Bagaude behin gure aldetik, ez jakin zer
asma, zer erran ez jakin.
Nunbaitik solasari berriz lotzeko, galdegiten
digogu atxoari etxetiar direnez, ala etxezain, ala
etxearen jabe.
Etxetiar dio, eta etxaldeaz guk elhe.
Aditzen dugu badela lan hanitz, jiteak xuhur
direla, bizia garesti, arrandak handi, zonbat
abere-buru duten, zer uzta biltzen urtheka.
Aditu bezala ditugu hartzen emaztearen erranak, begiz ez baititzazkegu egizta. Iduri luke bizkitartean alderdi huntako etxetiarrak gogorkixago bizi direla, nausiarekilakoaz bezenbatean,
Hazparne-aldeko dazkigun batzu baino.
Baditake haatik etxetiarrak hemen-bezain
guriki ez diren nihun, erran nahi dugu etxetiarrak Hazparneko eskualdean.
Abiatzen gira dafailako pusken biltzen. Amaxok bere taulier beheitituaz altzo, nexkek beren
jaka laburrez ohantze, muthikoñoak bere besoez
ustei. Baderamatzate hiruen artean direnak oro,
hiru botoila hustuak ahantzi gabe, esker-mila eta
agur bietan erdaraz erranik, ezpainetan irriño
bederarekin, begiak idurikatzen zuten afaritekoñoari landatuak.
V
BAZKAL-ONDO
Ezin-egon batek hartuak gitu guziak. Jar-tokiz
aldatzen gira, etzaten, jaikitzen, etzaten berriz,
burua pisu, zangoak malet, gogoa totolotua.
Beroarena othe den —samin baita beroa itzalpean ere— ala Rioja eta xakolina othe zaizkigun
beren oldar gaitzean nausitu? Loeria bat, ororen
gainera, betespalak erdi-hestera deramazkuna.
Eian hortik ixtorioño bat, daut eskatzen irriz
«Oihanarteko» andereak; iduri zait beharra baginukela, sekula ukaitekotz...
Ikustateño hori, segur zor diotala ene aminarre on maiteari. Bainan ez bainiz hain fleitean
nihau ere! Ez dakit nola, hurritu baitzait ene
buru-muñetako jogia!...
Doala bada helduan-heldu ene ixtorioñoa,
diot mihi-zabal ihardesten, eta hauxe badarit
nolazpait:
Eskualde hotakoak bide ziren Garro’tar hiru
aneiak, hamalaugarren mendearen erditsurat,
1336an, bizitzera jin zirenak Gerezietarat, Lapur-
din. Ontsa jakin-nahia egon izan niz bethi, zoin
herritakoak zitazken sortzez, Nabar-Goitin, gizon
hek. Nehork ordean ez nu argitu-ahal nihoiz. Bertze aldi batez Iruñako liburutegien ikhertzea
behartuko zait nihauri.
Anartean, aditurik dakitana erranen dauzuet:
gerlari batzu zirela hiruak Nabarreko erregeren
meneko, jende xumeetarik ororen arabera, bainan emeki-emeki aitzindarigorat helduak.
Ase bide ziren azkenekotz menpeko ibiltzeaz,
Gerezietako zeluri gixena hautatu zutenaz geroz
egoitzatzat.
Biga ezkondu omen ziren, hirugarrenak donado hiltzearekin apur bat aberats uzten zituela
bertze biak. Hok aitatik semera, umez ume,
aldaskatu ziren Lapurdiko bazter hoberenetarat,
Landesetaraino hedatuz.
Gerezietako etxeñoa gaztelu egina zen
mende baten buruko. Zonbat jende handi athera
den handik, Baionako eskualdun museoak balakike; hanitz, diotenaz.
Eihartu zen bizkitartean azkenekotz familiako
arbola, eta hil: gain-gaineko abarraren puntaren
puntatik, «oro emaiten eta oro bere ganat ere-
maiten dituen lurrak» zeramala hura ere, zen
erori, lauetan hogoi ta bederatzi urthetan, ondoriorik gabe, Garro’tarren endako azken umea,
baron Armand d’Urtubie de Garro, nik ezagutu
dutan Garro’tar bakarra.
Ez dut behinere ikusi haren soin-izari oneko
gizonik. Zer urrats bizia, bertzalde! Eta zer burujasotze ederra!
Odol handikoa zen, pindarra zarion. Ez dakit
haatik noren ganik zituen, edo nundik, begi urdin
garrez-betherikako zuhail hek; etzuten Nabarrekoak iduri kolorez. Zintzurretik mintzo zen, idorki. Manua manu zen haren ahotik. Jauntziz ere ez
da halako jaunik agertu Gerezietan, ez eta hanbat bertze nihun. Eskuara maite zuen eta mintzatzen garbiki.
Beraz, egun batez, muthiko gazteskoa nintzelarik oraino, jauregirat joan behartu nintzaion.
Aurkitu nuen jan-tokiko sutondoan, zangoak
surat, bere pipa beltx fina astirekin murtxatuz
ahoratzen zuela khe. Jar-arazi ninduen ximiniaxokoan, eta maltzur-maltzurra:
—Bazkari hitsa egin diat egun, puttil!... Ah!
etzuian, ez eskualdun bazkaria... Ez hurbilik
ere... Badakika gero hik, zer den eskualdun bazkaria?
Ixil-ixila nindagon erabez, begiak larri, bi
beharriak zabal. Ezetz erran nion, ahapetik,
kasik izitua. Sinesten ahal nuzu: ez nuen oraino
jan, adin hartan egun oihan huntan egin dugun
bazkaria bezalakorik. Harek, aitzina:
Bazterra frango badiat kurriturik, ikusirik ere
ba mahaian ederra frango. Bainan bego bethi
nausi eskualdun bazkaria. Eskualdunek bakarrik
zakie jaki ona zer den, zer eta nolako jakiek
duten egiten apairu ona.
Geroago harrituago nuen entzuten Garro
jauna, herriko auzapeza ere baitzen.
Adizak ontsa, puttil, eta ez ahantz. Lehenbizikorik, harzkik hirekin hiru lagun onak, ahalaz
adin, jite eta gostu beretakoak. Etxe-barneaz ez
axolarik ukan, garbia den ber; mahainak dik izan
behar, mahainak guziz, garbia: dafaila xunaren
gainean, ahorat poxien eremaiteko zerak ez
bakarrik xilarrak, bainan zilarrezkoak.
Emazterik ez mahainean! Zerbitzaritzat haatik neskato gazte gurbil, eder, mathela gorriño
bat etzaitak niri hastio. Bahiza?
Orai, segidan, oren bat barne: oilo-salda, ogiaxal gogorño batzuekin, amarrain uretik atheraberriak olioan errerik, erbia saltsan, errekitzak
bihian hazi oilaskoa, entselada lagun.
Ura heldu baitzitzaitan ahorat, galdegiten
diot orduan gora-gora:
—Eta gero?
Ez dut ahantziko bizi nizano zer behako
garratzaz itzatu ninduen ene xokoari.
—Gero?!!... Penarekin ikusten diat ehizala
izanen, hi, sekula deustako; aseko hiz behar
bada noizean behin, jaki onaren jakituz jaten
jakinen dukan ez diat uste.
Gero, to, ardi-gasna-xerraño bat, ahoaren
garbitzeko, eta pastiza-xafla mehe bat, ahamen
bat edo bien doian. Kafe beroa ondotik, ez beltzegi ez azkarregia, kopa bat koñaka fin, eta
zigarro ontto bat, pipa baino laketago zaionarentzat. Bertze oren bat jan-edan eta ondoko
horiendako, artetan gozoki eginez irri, alegia
zonbaiti esker.
Aitzinxago emana zaundan sista bihotzaren
gaineana bainuen, oldartu nintzaion aitoren
seme hari:
—Arnoak?
—Arno bat, bat bakarra, ahalaz Medokeko
gorritik; dena, neurriñoan.
Hortan, haatik, etzaundan arras egia erran.
Handik zonbait urtheren buruan bazkariten gertatu bainintzan harekin Lekorneko dakizun etxe
batean, eta eskaini baitzioten amarrainen ondotik Sauternesko arno xuritik, ikusi nuen ahotik
ezin utziz ttinttaka zeramala, harritzeko begirunearekin.
Supazter-xokoko azken solasa, hau izan zuen
ene alderat jaun baroinak:
—Orhoit hadi, nik erranik: eskualdun bazkaria
bezalakorik ez duk. Harek bakarrik dik egiten eta
uzten gizona dena odol, dena ginarri, dena zain.
***
Ez dakit amak ontsa hartzen zauzkitanez
solas harrosko horiek oihanean, ez othe nuenez
ere ohartu-gabean apur bat apaldu egun hartako bazkaria; dena den, irriño batekin entzun ninduen bururaino.
Bertze lagunak ja aspaldiskoan loa ezingaraituz zabiltzan, burua koskatuz batzutan haritzen enborrari. Ez ninduten hek aditu; aditu
banindute ere, baditake lokartuko ziren berdin,
ene kondera luzeak loa emanik, ematurik bere
zilinaz xakolinaren beraren zihika gaixtoa.
Bat-batean ikusten dut ene otomobil-gidaria
aharrosi handi batekin besoak goititzen, gero
eskuez betespalak thorratzen, diolarik oihuz:
Nun gira hemen?... Zer tenore da?... Beranta
ditake engoitik!... Goazin berehala norapait, kafe
bero batez lanho dorpe hok ditzagun lehen-bailehen aizka.
Xutitzen gira, eta oihan hartan bethierekotz
utzirik gure bihotzetik zerbait, berriz igaiten otomobiletarat.
Bide-bazterreko laborari-etxearen leihoetarat
etzaiku agertzen nehor...
Bospasei minutaren buruko, herri bat; hobeki
erraiteko, erregebidearen bazterretik eskuin eta
ezker etxe-pollit-lerro bat lauzpabortz ehun
metraren luzetasunean: Lekunberri.
Geldiarazten ditut otoak: bada hemen hôtel
bat hauta, duela zonbait urthe aloitu zituen haz-
pandar batzuek Lapurdirat ekarri zuten omenaren arabera. Lekunberrirat jiten da bertzalde
gaztelar hanitz, indarren berritzera udan. Mahain
bat bezain ordoki da zelaia; gure begi-ukaldi
laburra ez da ohartzen badutenetz orhoitgarri
zerbait, ipar ala eguerdi-aldetik hesten duten
mendixka lerroek. Iguzkiak erre nahi du, hanbatenaz non ez baita zuhatz handirik ezagun, bidebazterretakoez bertzalde. Zertako othe duten
gaztelarrek hunarateko lerra hoinbertze, zoazi
zu.
Hiruak eta erdia ditake.
Herrian sartu orduko, hôtela ikusia dugu eta
begiztatua. Etxe handi bat da, ezkerretarik, bertze guziak baino larriagoa.
Erregebiderat du athea. Zabal, gibelerat
luzesko, bi estaiez gora da, harri pikatuz hegitu