Batetik bestera - 09
Urrutizkiñez deitu deutsanean, Zizili ezetz esateko
gauza ez da izan, ta ugazaba jaun-andrak kanpoan
dirala ta ortik emendik, Nikanor bere uzia ta apeta
zitala, bete-urren dago.
Ezkongeiak ete diranentz? Oraindaiño ez edo;
baiña emakumeak, azkenean sarriegi buru izan oi
diran arren, maitakuntza asieran, lenengo urratsetan,
andrazkoa bigunago izaten da geienbat, aurkitu barri
dauan printze urdiña galtzeko lazturaz edo.
Ta ordu jakiñean, emen dator Nikanor. Neskamearen etxe ondorantz. Arratsalde erdia da. Garaitiko neskamenak ez dagoz etxean, aldeta baiño. Jai arratsal-
deko ordu laburretan, amaobstean bein, askatasun
apurra alai antzean gozartu nairik.
Etxe aurrean lorategi txikerra dago ta sartzaierako
ate nagusia, burdiñazkoa, dotore egiña, zabalik.
Etxearen saiats aldera, beste ate bat, mirabetzen
diarduenak sartu-urten egin dagien.
Zizili artega dago, ta gurago izango eban mutilla
ara beintzat, agertu ezpa litzaio.
Edegi deutsa atea, lenengo oiñean, otseiñen atea,
Zizilik; eta barrura da Nikanor.
Isilik berba egiteko dirausa koziñari mardoak.
Barre karkaixak egiteko gogoa dauka, ostera, mutillak. Lotsabagea! Mesedez isil samar ibilteko esan
neskameak, eta etxaramon egin maitari-geiak. Iñoren
aurrean ez dagozala-ta, ba doakio au areri laztan egin
gurarik. Beso ta eskuak luzatu deutsaz Zizilik, eta erdi
asarrez, geldi ta bear dan lez egoteko, dirautsa.
–Ardau usain aundia dozu, Nikanor, ta dagoaneko
ez da ori ondo.
–Zer daukazu ba niri eskeintzeko, laztanik ez
dozun ezkero?
–Zerbait jan guraz ez al zara ba, egon?
–Jan bakarrik, ala?
Arrautzore ederra gertu deutsa, arin ariña, ta ogi
zuria ipiñi mai ganean, aren lagungarri. Ezagutzen
dogunez, markako ardaua eskatu deutsa urrengo,
mutillak.
Edariak, gitzpean dagoz aundiki etxean, eta Nikanor-ek, ganera, naikoa dauka euki aldean, neskatillearen eretxiz. Gerogarrenean zerbait emon bear izan
deutsa, ardau arronta, zaragitikoa. Ez dago kontentu
mutilla. Ez ardau markakorik, ez laztan gozorik.
Neskameak daukan eskuturreko erloiua, polita da
gero! Orixe diño prakadunak eta ikusi nai leuke eta
ikutu. Urregorri apurra ete dauka ganekaldean? Eskuratu dau Nikanor-ek, eta berari begira diardu.
–Onelako metalik ez dago gure «Gabontza»ren
tegian. Baiña auxe da metalik guriena, mardoena,
meiena izan arren. Auxe da munduko giltza!
Askaria jan dau eta edan bere dezente egin dau,
neskame mazalaren gogoaz kontra. Barriren barri
estutu dau neskatillea beso artean, ta gura ta guraez
mosuka jardun izan dau. Alperrik gonadunaren eskari
makalak. Bakartadean, gizonezkoa aberekoiago biurtu dala dirudi, ta aldiaz aurretiko zor-eskubidea aitatu
nai dau. Indarka antzean doaz arrats leeneko orduak,
neska-mutil artean. Ez dago gertu Zizili orren errez
amore emoteko, orduaz aurretiko egiuneari buruz.
Oraiñarte lortu dau garaipena, baiña.
Zer? Leiopeko kale-zatian, zarata ezaguna zertu
dau Zizilik. Aguro doa leiorantz. Mutilla, ondorik.
Kalean, ate aurrean, etxeko jaunaren beribilla
geratu da. Txoperra bakarrean al dago barruan, ala
ugazaba jaun-andrak ete datoz etorri, euren jauregitxura?
Ene bada-ta! Batera nai bestera izan, neskamea
estura gorrian jarri da. Ugazabandrea bildurgarria da,
ta ez leuke laketuko, seguru asko, bere etxean neskamea gizonezko kanpotar bategaz bakarrean egin dala
jakiterik. Eta txoperra bera, ez da asko obea, lapiko
txikia dalako, ikusi-alean azlatzeko, bere biziko txirritolea izan bere-ta.
–Aguro kanpora, Nikanor! Urrengo domekan alkar
ikusiko dogu. Bildur nintzan, eta orra!... Ai ene!
Bultzadaka eroan dau mutilla serbitzuko ateraiño,
eta an egotzi dau malladiko unadan, eta atea arrapaladan itxi.
Saltari dabilkio biltza bularrean neskame gaisoari,
sekulako taupadak egiñaz. Axe izan da ikarea! Nikanor joan da, zorionen batean. Oraintxe konturatu da
Zizili, arek eskuturreko erliou urrezkoa daroatsana.
Urrengo jai egunean beraganatuko dau neskameak.
Bai bein!
***
Barri ez atsegiña jakin-erazo deutsa ugazabak
Nikanor-eri.
Izan bere, aspaldion eztabaida garratzak izan ditu
«Gabontza»gaz. Onen emazte «Mautsa», katu baltzaren jabea, a bere ez dago orain leen ainbatean Nikanor-en alde. Senarraren esanera dago, eta kale
gorrian beiñola artu eben mutil umezurtza esker txarrekoa dala autortu dau.
Albistea ez da besterik auxe baiño, orain beiñeon:
«Gabontza»k laster, garazkidea edo sozioa izango
dauala.
Nikanor, ausaz? Bai zera Nikanor! Ba yagok obarik.
Beste txatarreru bategaz bategingo dau ta bien
diru zatia ta beste zerak batu ezkero, aundiagoak
izango dira euren jardunak, arlo zabalagoak, sail edatsuagoak, eta orrezkero, mamintsuagoak irabaziak,
oiñarrien laingotasuna lortzea baldin egingarri balitz.
Langilleak, indarra alkartasunean dagola esan daroe-
ta, «Gabontza»k bere, dotriña bardiñaren onurea
eskuratu gura leuke. Ta «Gabontza», ez da tentela.
«Gabontza» ibilliko da, Nikanor-ek orrenbeste uste
izan ez dauan arren.
Argi dakus gaur mutillak, leenago susmau bere
egin ez dauana. Iñoren lepo, mantxunga jorian igari
ibilteko txakur-amesak, bapatean izotzak joko deutsaz, urrean. Ortik emendik nagosiari «iru zaku» egiten asi zanik ona, ain polito isillean diru mortxakak
eskuratzen eta...
Emoi gozagarria dakartsan iturburua, agortu egingo ete yaka lasterrean?
Legeak sortutako zera, legepe ta legtsua izan
bere-ta, laterriak ba ditu, jakiña, bereak eta bost.
Aspaldian gogoan izaniko eguna, egun iguin ta gorrotagarraia, eldu yaka Nikanor-eri. Esan deutsa esan,
Ezekiel laguntzarrak, gorabeera zipotea.
Zera, soldautzarako garbitasunak, zerzeladak, aziorraziak konpontzen, udaletxera joan bear dauala,
arek. Eta Nikanor, jaiotze urtebarru bardiñekoa izanik,
nunbait onek bere, dagoan urian agertu bearko dauala bere burua, naita dei berezirik ez jaso, erbestean
jaio zan-ta. Osterantzean, oi dan lez, itzuri edo igesle-
tzat joko leukee-ta bildurrari bere jaramon egin bear
ba, Ezekielen berbetaz.
Urte-adin latz eta bapere ez pozgarria mutillarentzat. Gau aretako orduank, ordikeri bage emon ditu,
apal, mandoak ilda lez. Buruko garunak urtu aiñean
dabil, jo ta su gogoetan, pentsamentuan.
Goiz batean, ba doa Udaletxera. Emen artu deutsez argitasunak. Beste egun jakin batean biurtu bearko dau barriro, lagun talde ugariaren geigarri. Neurriak bere izentau deutsez, luzera, bular-ingurua edo
saiets-uztaia, abelgorriai neurri-kordelaz egiten deutsen antzera. Etenik bere, ez dauka, sarri askotan
«Gabontza»k orrelako destaiñak arpegira jaurti arren.
Gaisorik ez dago, gatxik ez dauka, dirudianez,
ardauaz edan-sarri izatea eritzat joten ez dabelako,
adin orretan. Sendi gorabeerarik bere ez, umezurtz
gordiña; jarei ta bere esku gelditzeko, ez dau agertu
ezer indardunik.
Olarratz jaunaren irudi dotorea ikusi dau egunkarietan. Alduna izanaz ganera, kargu aundi bat emon
deutse laterri-arazoetan. Begira dagokio Nikanor, ta
leen baizen zaldu eta jauntxu deritxa.
Alan bere, oraingoan arenganik urrun dago, baiña
ona emen nundik nora dagoan liberal-kume batean
menpean. «Gabontza», zorri il-biztua, liberalen saillean sarturik!
Gizartea, lur eta sorkari diran zer guztien jabe egitrea, orixe da mutillaren arau-burua. Gizarte-zaletasuna bear dau langilleak, gitxiren menpe dagoana, askoren esku geldi dedin. Baiña esanak esan, liberal izatea
dirua izatea baldin ba da, ez leuke, ziur asko, beste
ezer izatea gura izango Nikanor-ek, orixe baiño: liberal. Zer esan bakoa.
Bertan beera gelditu zan Ziziligazkoa. Onek, bein
eta barriro adiskideta ezagun batzuen bitartez, eskatu deutsa eskuturreko erloiua biurtu dagiola, aspaldion Nikanor aren begien bistara bere, agertu ez dalako.
–Ankerra ta guzurtia! –diño Zizilik mutillagaitik–.
Erloiua ostu deust zantar orrek. Nire begira ebillelakoan nengoan ni, ta orra! Naiago izan dau, arean, nire
orduari urrezkoa. Errizaiñari jakin-erazoko ete deutsat? Baiña, nor daukat lekukorik?
Eta orretan geratu da erloiuaren auzia, eta Zizili,
ain barik. Ez orduari apaiñik, ez senargei zatarrik, ainbestean bere, tira.
Dakianak ba daki jakin, eta baita Nikanor-ek bere,
ba dau ezaguerea «Gabontza»ri bere ondasunetan
atximurkada txiki bat zelan egin legion.
Asmo bikotxa agergarri da. Diruaren premiñaz
dago mutilla: edan, erre, ara-ona ibilli, neska billoiz
arteratu alik sarrien... Eta diru ori, nun aurkitu legian
bere badaki.
Iñor konturatu bage, egin nai leuke azpi-joko ori.
Ta egingo dau, okerrik ez-pa da.
Bankuetxean, «Gabontza»ren kontuan zenbat
dagoan badaki. Or dago aska ona, jan-edanaren jabe
egiteko; ortxe, eskuarte ugaria, artu al izan ezkero.
Lenengo eretiaz balaiuko dala, zin egin deutsa bere
buruari. Jaungoikoaren egia!
Eldu barri dan korreutik artu dau, andik sei illebetero bialdu oi deutsan kontu-zeetasuna. Ta antxe, zenbaki bat aldatu dau; ta ogei milla erreal beerago utzi,
«Gabontza»ren alde azken lerroan agertzen dan oiñarri barria. Etxean bertan daukan liburutxuan bere,
aldaketa bardiña egin dau, ardura aundiz, ta egiñikoa
polito batean erabiauta utzi dau. «Gabontza»k ez dau
ezer igarriko. Ez da agiri ezer oargarri.
Ugazaba agertu danean, ezarian, beste kontu
batzuekaz naaste, ikusi eragin deutsa areri mutillak,
eldubarri dan kontu-bilbea. Eta «Gabontza»k ustekabean, iraizez begiratu eta beste askok lez, Bankuetxeak iñoiz ez dabela okerrik egiten-ta, ainbestean
onetsi dau ikusirikoa. Bai ba, meta aundian galburu
batzuk gora-beera, igarri bere ez. Bai, orraitio, orain
ogei urte izan ba litz! Orduan, «Gabontza»k lurrezko
lapikotxuan gordeten bere laukoak...
Ta egunak aurrera... Burdiña txatarrak ba dakarrez, eta ba daroez urtuteko, laba aundietara-ta:
oneek saldu arako; ortik ekarri erosiak, urrengoari
eskeintzeko. Sal-erosketa jatorra, eta bitartekoz geitu
danak, eralgi-bearrak kendu ezkero, orra or irabazia;
erdoiez ta ugerrez betea izan arren, garbia amaieran.
Kanpoan ei dabil, baiña laster etorriko ete dan
«Gabontza»ren erkide barria, sozioa. Urrunetan
dituan ondasunak diru biurtu ta aregaz batean, biak
bietara egundoko garatzak egiteko. Eta norbait ori,
dana dalakoa izan, Nikanor-entzat eragozpen itzela
izango dana, begien bistakoa argiago ezin.
–Sasoia dok zeozer egiteko, Nikanor –dirautsa
bere buruari.
Ez dago lo. Soldautza-paperak, zapokeriz emendiauko deutsaz norbaitek; brigada bat artu bitarteko,
ta beronegaz itundu da.
Onek atzendu ta erabiauko dau aurtengo soldau-geien
lerrokadatik Nikanor-en izena; baiña zerbaiten truke,
ez geiagoko barik.
«Gabontza»-ren txeke-txortatik erauzirik, txeke
berdeska bat bete dau, lerro-une utsak orniduaz. Ogei
milla erreal izango ditu kobrau-gei. Arako brigada maltzurrari emongo deutsaz milla erreal edo. Sari polita
orren errez irabazteko, arean bere.
Oiñaldean, txeke orrek, «Gabontza»ren fimearen
antz-antzekoa dauka, Nikanor-ek arretan ta ikarabage, esku artetsuz egiña. Aspaldian, zenbat ekiñaldi ta
aproba, aren taiuko idatz-aztarren berregiña zertu
arte! Bardiña dala esan leiteke firma ori. Zelako arrerea egingo ete deutsa Banku-ko leiatillan dagoan ogipeko zuurrak?
«Aitearen» egin dau Nikanor-ek, aspaldion orrelako gauza santu-usaiñekoetatik urrun erabilli arren
bere bizimodua. Sartu da Bankura. Oraindiño lagun
gitxi dago, bezeruetarikorik. «Gabontza» bere tegira
goizetik ager baledi, esango deutsa ango beste
morroiak, Nikanor soldautza-paperak egiten joan dala,
orretarako dei egin deutselako.
Bankuetxean jesarri da, ta ango joan-etorriai aldi
dagokie. Norbaiteri itxaroten bai legoan, egunkari bat
mai ganean zabaldu ta irakurten diardu, nasai asko.
Goiz erdia iraganaz, ba daotr laguna gero ta ugariago,
gero ta sarriago.
–Oraintxe da eretia –diño bere kolkorako.
Ta ba doa jente-lerroaren musturrera. Bat, bigarrena, urrengoak, enparaukoak... Eta orra, Nikanor
leiatilla aurrez aurre.
Ango gizonak, antiparrakaz begiratu deutsa txekeari. Artu eta ba doa barrurantz.
–Ene! Igarri egingo ete deutsa, agiri ori egiazkoa
ez dana? Sasikoa dana?
Beste ogipeko gazte bat urreratu yaka leiotxura.
Arranoa! Zerbait esango deutsa. Zarragoa, joan doa
eta ari begira dagokio Nikanor. Joan doa, baiña ofizinako tokian zear, ingurubira datorrela dirudi. Bizkarretik oratuko ete deutsa? Ala, belarritik, nagosiak mutikoari zigor-antzean oi deutsanez?
Ate batetik urte dau, ta ba dator onantz. Bai. Oker
dabillenaren oiñak, beti makur...
Ez, orraitio. Ba doa gizona beste ate batetik, eta
onetan leiatillako gazteak ba dirautsa otoz otoan:
–Zelan nai ditu berorrek, bost milla pesetak?
Zabaldu yaka bularra mutillari eta arnasea nasaitu. Lotsagaldukoak bere, izaten ditue, antza, euren
esturak.
–Ogeikotan.
Eta taka-taka, emon deutsaz, amarreko mortxakadetan, bost liburutxu. Liburu eder maitagarriak, arako
eskona, Etxabelar jaunagaz ibilli zanean baiño geiago
irakatsi ez, baiña nunbait bere, Nikanor aziari atsegin
aundiagoa eskeintzen deutsenaz!...
Andik urten, eta beingoan artu ditu zuriko batzuk,
estularriaren ondar mingotsa albait lenen gozatuteko.
Eta orduan, azkar doa lanera, pozik, bekokitik
darion izerdiaz arduratu bage. Ez dau ikusi «Gabontza» une aretan, eta nai bere ez, jakiña.
Arratsaldean, billa abil errekluta-etxean, arako brigada amarruaren bizilekua non ete danentz jakin
gurarik. Araxe doa aguro. Berba labanak eta azalpen
zeatzak emon deutsaz gudu-gizonak. Egoki geratuko
dira zer guztiak. Zer esan bakoa!
–Zenbat?
–Esanikoa. Milla errealtxugaz, ainbatean.
Sakeletik atarau, eta ba damotsaz aitaturiko
diruak. Ogeiko bi ta erdi. Eta alderdi biak pozarre, irabazia bientzat dan ezkero.
Nikanor-ek ez dauka orain astirik galtzeri. Ba doa
beste illuntzetan lez, Ezekiel adiskidearengana. Azkenagurra egingo deutsa. Uri onetatik alde egingo dau.
Ez dau nai ez soldau joan, ez beragandu-barri dituan
txanponak, diru gozoak, arriskuan jarri.
Tamalez dago Ezekiel, aspaldion lagun eta adiskide izan daualako. Ez dabe lanik alkarregaz egin, baiña
ibillaldi atsegiñik bai, arean. Irakatsi deutsazan dotriñak, berberak baiño obeto mamurtu, iruntsi ta eio
ditualako. Nikanor-ek bere, ba dau pentxua baiña.
Orain ori, mutil umezurtza, egia esan, leena ez dana!
Onen biotza, gogor samarra bazan izan;orain, ostera,
latza, idorra, samurtasun bagea dala esan bearko.
Aierra, etxeramon zalea, minkorra...
«Gabontza»ri bere, zerbait adierazi bear deutsa,
ezer esateke aldegingo ba leu, susmo txarra artzea
izan leitekela-ta.
–Jauna, ba noa ni emendik, eta uri onetatik.
–Nora? Erbestera zertan?
–Nire anaia nagosia, anai bakarra, uriburu gorenean ikusi dabela, esan deust ezagun batek. Eta aren
billa noa, ganora barik dagoala entzun dot-eta.
Guzur biribilla da ori izan, baiña «Gabontza»ri ziri
ederra sartu nai deutsa.
–Laster biurtuko zara, ostera.
–Baietz uste dot. Bada ezpadan, gauzak euren
zerean utzi nai ditut. Emen dagoz paperak eta zer guztiak. Zor dagoana; ordaindua; arturenak. Eskabideen
erreskadak; eskeintza zaar ta barriak. Eta Bankuan
zenbat dagoan, leengo egunean ikusi genduan biok.
–A, bai. Artez egoala esan genduan, ezta?
–Bai, jauna.
–Asteko saria eskuratuko deutsut oraintxe berton.
Eta nai ba dozu, etorkizunaren aurreztua... biderakota?
–Tira, ba. Eskerrik asko. Zera... etxekandreari
adierazo mesedez.
–Jakiña ba. Eta zatozan arte. Ba dakizu datorren
astetik beste ugazaba bat geiago izango dozuna.
Urrundu da Nikanor, munduan zear asi zanean,
lenengo abetaldu eben etxe apaletik. Amaika gomuta
ba datorkioz gogora, baiña eziña onezkero, urratsak
atzerantz egiterik.
–Ugazaba bat geiago, lantoki berberean? Orixe
txarra –dirautsa Nikanor-ek bere buruari–. Ez naiok ni
geiago arrapauko ez «Gabontza»k, ez aren sozio barri,
dana dalako Mozolo orrek!...
Diru preskuaren jabe egin dan zorri il-biztuak,
lenengo egitekoa, soiñeko dotoreak erostea izan oi
dau. Ez dago astirik, baiña, orain orretarako. Biar goizeko trenean, anka! Bien bitartean okerrik ez baldin
ba da, beintzat.
Agur, Ezekiel laguntzarra! Agur, Zizili martzala,
erloiu jabe izan, eta ain barik geratu dana, Nikanor-ek
diru-truke saldu daualako.
«Gabontza» ta Mozoloa alkarregaz atondu daitezala, gura ba dabe. Or konpon! Katu balzdun andreari
ez deutsa arpegirik agertu. Txatarradunen menpean
egoteko morrontza apala amaitu da, bein eta betiko.
Soldata mamintsua beragandu dau, ugazabaren
borondatearen kaltez izan arren.
Ostatuko etxekandreari ez deutsa ezer adierazoko, ez gaur ta ez biar. Dagoala, noizbaitean Nikanoren zorrak kitutuko dituaneko itxaropen gozoan...!
–VIII–
Lanerako jagi bear ez danean, ez dauka gorputzak
ainbeste nagirik. Atzoko egunaren ondorena, gaur, ez
da orraitio, bigaramona. Goizetik dabil norbait. Nikanor-ek, lenengo trenean alde dau uritik. Andiagoaren
billa doa. Ez doa utsik; ba dau esku-arteko Zorrak bere
bai, baiña or konpon esanaz, errez laga ditu garbitutzakotzat.
Langilleak dakusaz, soiñeko maizturikoz, txapelak
buruan, eskuetan zimeratxuak, ola aundietarantz...
Egun osoan lanean jardun dagien. Ogiaren billa, jauntxuen menpean, liberalen azpian. Emuts errukarriak,
beargin doakabeak.
Beste modutan bizi dira ugazabak eta... lapurrak.
Eta ugazabak eta eukitsuak, zelan eratu dabe ainbeste diru ta ondasun? Lapurretan eginda, geienbat.
Eguzkia guztientzat agertzen ei da egunero. Nikanor amarrutsuak, ez deritxa orreri zuzen esana danik.
Gaurko eguzkia ez dau atzokoa, onek. Munduko gauza
asko ez dira zer diranez, nori-ka baiño.
Ordu batzuk egin ditu trenean, erriska batzuk iraganaz. Andiagoak bere bai. Begien aurrean dituan
lurraldeak, apurka apurka aldatuak dira, bardingak,
bestelakoak. Aren erriko ezetasuna urrituaz doakio
lurrari. Bedar orlegi, landa gizenak gero ta urriago
agiri dira. Beste antz bat, beste kuntza ta arpegikerea
ta jantzia darakuse zugatzak, mendiak, etxeak, gizaseme ta gizalabak.
Ibai zabalaren ertz gizenetan zear doa trena, gero
ta aguroago. Ona emen eguerdi-aldea, ta bultzia geratu egin da. Geltoki azi ta zabala dago begi-aurrean.
Lagun asko jatsi dira. Baita Nikanor bere. An dago
kantiña txiker bat; alborago jantoki edatsuagoa. Maitxuak an or emen, erdi gertu. Ederto. Aldean dirua
daukanak, ez dau zetan goserik ikusi. Bazkari mamiña
eskatu dau Nikanor-ek: salda, lebatz, saiets-okela zati
biribilla; ardau ona, ogi zuria. Ta akeita, txola ta txokorra.
Trenaren txiliñak oles-egin dau. Ez da, ostera,
mutilla bere jesarlekutik lokatu. Doala. Beste ibilpideren bat lortuko dau.
Kalean zear doala, saltzaille ibiltaun bat ikusi dau,
bere gauzak eskeintzen. Automobil sostor bat dauka
onek. Joan egingo ete da uri orretatik?
–Zera... trena uts egin dot eta, mesedez, norantz
joan bear dozu, iparralderantz ala ibaiaren urak ainbatean?
–Bai, ibaibeerantz joango naiz, ta laster ganera.
An doa gerotxuago, saltzaillearen beribil tartaiñean Nikanor bere. Bidean alkarri ez deutse jaramon
andirik egiten. Orduak ordu, gau leena baiño ez
danean, beste uri aundi batera jo dabe. Eskatu deutsana ordaindu deutsa mutillak. Eta banandu dira.
Txiologa edo ostatu-etxe batean sartu da. Ez dago
lagun askorik emen. Gela polita eskeiñi deutse ta afari
atsegiña, pipar miña larregi, arean. Egon leiteke
emen, diño bere kolkorako; baiña oraindiño «Gabontza»gandik urreegi dagola deritxa.
Gabaz, ostera, lotarakoan, ez daki dirua nun
gorde. Mordoa ekiten oitu eza. Ta galtzeko bildurra,
kenduko ete deutseneko kezka urduria. Burkopean
sartu dau, sudur-zapian bilduta.
Barriro trenera biaramonean, ta ba doa urrunduaz
urrunduaz. Bidean jango dau, jan-organ. Baiña urrengo uri aundira eltzean dagola, geltoki koskor batean
jatsi da. Barruko arrak darabil artega ta geraka.
Geroago, kamioiren bat topau dau, berak nai
dauan bidean zear doakena. Ta barriren barri, trenera
urrengo erriska batean. Katu-emea orrelantxe ibilli oi
da bere kumakaz, Nikanor bere poltsa ostuaz dabillen
araura.
Lur billoiz murritzen ostean, barriro dakus mutillak, lurralde gizenagoa. Zeruan zear, txori sail galantak ikusten ditu. Trenbideak luze ta luze egin dira,
mendi txikerren isurki mamiñean. Ango zugatzak,
lerroz lerro jarriak dira, bai luze bai zabal. Arbola ez
ezagunak mutillarentzat. Bere jaioterrian ikusi
bageak.
Olibadi edatsuak, maasti ta ardantza zabalak;
masti-ondo motxak, lurretik eskas jagiak. Trenean
arantz onantz biurguneak bide-lerroa aldatukeran,
ikusgarri agiri dira arbola erreskadak, marratsaren
ariak zuta-zearrak oi dituan antzera.
Illuntzean, zeru-aldean zuri gorri zoragarriak.
Almendra-ondoak, iko orri zabalak, ur erreten bereziak ormatxu estuetan urbideak dituela, gizonaren
ezkur sorturiko errekastoak.
Laster, illuntasun baketsua. izarrak dirdiz zidarrezkoak egiten ditue. Geldiune onetan jatsi da Nikanor.
Andik ordu bi ala irura dago uri aundi bikaiña. Erri sos-
torra, etxe apalak edonun, oinbizitza bakarrekoak
geienbat. Ango lagunak baltzez jantzita dagoz, emakume ta gizonezkoak: alkondarak, prakaka, biserak;
gonak, jantziak, oiñetakoak. Etxeak, ostera, zuri
zuriak dira, ta lurrak gorri antzekoak. Usain berezia
dago etxe-artean. Algarroba usaiña. Nikanor-ek atzetasuna erakusten dau. Begiak zabal ibilli da egun
zatian, inguruok ikusiaz. Ortze aldea kolore garbiaz
dago. Urdin gardena dauka jantzitzat eta eguzkiak
alako urre-isuria dau, jarraipena gozoa eskeiñirik.
Aurrera egin bear dau oraindiño, erri txikietan ikusia ta ezagutua izan leitekela uste daualako. Bera
lenengo egon zan inguruetan agirian dagopan ormako
armarri bateko esana dauka, nunbait, gomutan:
«Kalte dagianak, bizarra lepoan».
Eta uri aundian sartu ta onelantxe ezkutauko dau
bere burua, leenari agur mukerra egiñaz.
–IX–
Zerua ta itxasoa urdin urdiñak diran uri aundiraiño
eldu da Nikanor. Mediterraneu ertzeko uri aundi, eder,
bikaiña! Ementxe bizi nai leuke mutillak, jaun eukisuaren antzean. Ez da asmo ta burubide txarra; baiña
ezta erreza bere.
Txiologa apal batean topau dau beretzat abiatxua.
Jan ta lo egiteko alogua. Berrogei ostatari ba dagoz an
orretarako. Esan deutse bere gelearen numerua. Ango
arduradunak, ostera, goitik beera begiratu deutsa. Ez
al dakar mutil gazte onek maletarik ez pardel txikienik
bere? Ostatuko nagosia ez dago guztiz erara.
–Nundik zatoz? Eta, ba al dituzu zeure buruazko
agiri ta paperak? Loturarik ala pardelik bapera ez?
Euki ez dauka, arako zedulea baiño. Orduan, barriro laster biurtuko dala, ta maleta billa doala dirautsa.
Kalera danean, pentsiño-etxe areri begirakune errea
egin deutsa. Utikan! Ba doa besteren baten billa, uri
zabaleko kale medarragoetan zear. Aldean naikoa
diru dauan gazteari, izan bere, nok eta txologa bateko
arduradunak egin bear ete deutsaz ainbeste itaune?
Bere bizialdikoan, lenengoz daki Nikanor ek orrelango
konturik. Lapur-usaiña eta dario ba?
Billa dabillenak idoro oi dau-ta, aurkitu dau nai
leukeana. Etxe apala, lo egiteko bakarrik. Senaremazte naikoa zaarrak dagoz bertan eta seme bat,
langillea berau, bizi dira an. Beste gela bi ditue iñori
eskeiñiak; besteak, gizon gazte bat eta emakume ez
gaztea dira. Etxe orretan lo egingo dau soillik. Emen
ez deutse ezer galdetu, ez nora doanik ez zer dakarrenik bere. Orixe nai eban Nikanor-ek.
Jan, edonun egingo dau. Jan eta edan. Uri erakusmeneko ori ezagutzeko, aukerarik zoragarriena izango
dau. Ba dauka patrikeran diru beroa, ta indianuen
erara bizi izango da, jan ta ibilli, laukoak amaitu arte.
Amaitu daitezanean, ez dago zetan ardurarik izan,
zelan zaindu, zelan banandu. Dagonean, bon-bon; ez
danean, egon.
Jentearen azkar ibilli bearra ikusgarri yaka. Leenago bere oarturikoa, bere erritxutik aldegiñik, «Gabontza»renera jo ebanean.
«Gabontza»! Zelan ete dabil txatarradun zeken
au? Artu ete dau erkidea, sozioa? Konturatuko ete da
iñoiz, ogei milla erreal gitxiago dituanik Bankuetxean?
Ez beste urte-erdian, gauzak artez ta euren senean
badabiltz. Ala ta bere...
Uriaren edertasunak amaibakoak dirudie. Alako
giro, epel-aro, nasaitasun, lur naro eta jendaki erne ta
eragiñak edonon ondasuna arrotu ta barreatzen dauala esan leiteke. Alderdi lilluragarri ta gogokoa.
Kale luze luzeak, etxe zabal jasoak, zugazti ikusgarriak, lorategi polit eta txukunak, inguru aberats
aitorrak; kai ontziz betea, joan-etorrizko tren ta beribil
saillak, tranbien zaparradak, gau-argi dotoreak kale
ertzetan. Janaritegiak, kafetxe izugarri edatsuak,
antzoki ta zine-aretoak nunai; emakumeen toki erosoak...
Guztiok bere urrean, alboan, eskuar, aukeran, asaasa.
Indianu jatorren bizimoduaz jarduteko, etorria
bear, ostera. Ta Nikanor-ek etorririk ez euki, ekarria
baiño. «Gabontza»ri egin eutsan atximurkadea, besterik ez. Eta kendu bai, ta ez ipini, ez dauka orain burko
azpian bere diru-mordoa zetan gordeten ibilli. Zarpa
ori ezagunean zimeldu da, zaragi emonkorraren
antzean, bere barrukoa muturretik txitean pitean
mozkindu ezkero.
Ozkarbi ederrak urdin urdin dirau, ta itxaso gardenak, zoragarri. Edari fiñak, tabaku gorria, emakume
liraiñak izan ditu aukeran. Burpillik ez dabil ondo koipeztu ezik, eta zati baterako zeru gozora eldu zala
uste ebanak, aizeetako amesak erreta, goranaiko
egoak ausita, jo dau legor idorra, ontzi gobernubakoak atx gogorra legetxe.
Bizibearra, barriz, eguneroko zera izan-ta, azkenengo laukoak iraungi orduko, erabagiren bat gogartu
dau Nikanor-ek, arako «aberats» uste izanikoak. Besteren menpe jartea, azkena izanik, bere kontura asiko
da zer edo a, egiten. Ta zegaitik ez saltzaille, kalean,
ibiltaun? Bai; iñoren azpian egiten dana, ugazaba
gizenduteko baiño ez da. Aspaldion, egia esan, erdi
ala oso aazturik izan ditu Ezekielegandik ikasiriko
gizarte-dotriñak. Izan bere, ziskuan txanponak bolbol
irakiñean diarduenean ez dauka, daukanak, gizarteauzirik, bakotxa bere ona ta onura leguna baiño.
Usain gozoa, urrin ta likurta zorabiogarrizkoa bere,
erabilten izan dau, ta angoen erara, urrezko erastuna
jarri bere atzamar makalean. Ortxe dauka orain ondasun apur bat, ondo ordaindua leen, geroago galduaz
salgei jarteko. «Gabontza»ren diruak emoniko jabetasun ta jauntasuna apaldu ta ezereztu bidean dago.
Altsuak bere, beia joten al dabe? Dirutsuak iñoiz errekara joan al dira, amillagan beera?
Egunaren lenengo lan-orduetan, lo egiten izan
dau. Eguberdiko argi urretsupean kaleratu, ta leku
apaiñetan jan-edanak egin. Illuntzean, ikusgarrietan
atsegindu; gaupean, neska julis alai ta daldaxekin joslatu, soiñu eme ta leratsuak entzunaz. Bere lo-gela
merkea sarritan utsik egon oi zan egunsentirarte.
Beste askoren artean, neskatilla bategaz egin dau
ezagupide sakonagoa. Aragizko ta itzezko ezagupidea. Emakume gautxoria, gorputza salgei izatekoa
dala uste dabenetarikoa. Beronike deritza, ta dan
baiño zaarrago emoten dau. Andrakume txaparra da,
betea. Nikanor-ek «Bero-Bero» deritxa, ta ba daki
onek zegaitik. Gau batean ezagutu eban akeitetxean,
alkarregaz afaldu eben, eta baita luzaro bata bestearen ondoan egon bere. Adiskidetasunak iraun dau,
bata alde batetik eta bestea bestetik sarri askotan
joan arren. Mutillak, arengan, artu ta utzi, bizilagun
aldartetsua besterik ez dakus. Bero-Berok, ostera,
mutil onenganako joera ta naia agertu dau. Mutillaren
garramuraz asi zan lera gori bezau eziña, alkarrenganako gurari ta lokarri zintzoa, ziur ta ez aldakorra izatea nai leuke neskeak. Arinkeriaz asiriko joko eroa ta
ezea, gizon-emakume zindotuen alkartasun biurtu
gura dau Berok. Nikanor, aren ustez, erdi ordi ta naikoa lizun izan arren, ez da edozelako mutilla. Ba dago
zerbait aren biotz ondarrean jasogarri litzakenik.
Barre egiten deutsa mutillak, olako esaera zentzunezkoak entzunik... emagaldu batenganik. Dirurik ez dan
tokian, emakume dubakorik izan ezin leitekelako,
agur egin gura deutsa Nikanor-ek. Azkenengo txanponak kendu nai deutsaz oneri, berak gorde ta ganoraz
ainduko deutsazala-ta.
Zelan? Bere diru apurrak emakume lizun bateri
utzi, maite-itzak esan deutsazala ta beste barik? Ezin
orrelakorik siñistu bere. Gero, diru ta guzti, beste gizonezkoren bategaz joan daiten?
Emakumeak samurkiro berba egiten deutsa. Nikanor-en biotza, barriz, ez da orren errezto beraatuko.
Andren erostak, belarri batetik sartu, ta bestetik
urten... Ta ganera, buruauste barririk gura al dau
orain, ain zuzen, beretzako lain euki ez, eta emakume
baten ardurarik artzeko? Maitetasuna zer dan ez
dakianak, ez dau emazteren premiñarik.
Sakel biribilla izan bitartean, tokidotoreetan ibilli
izan da. Orain asi da beste erri-zati apalagoak ezagutzen. Kale estu ta medarretan gauero, jentea ugari
ibilten da. Mutil eta gizon gazteen esanak entzuten