Batetik bestera - 08
iñoiz edo bein jateko aozuri ta milingen gogorik izan
ezkero, nun zuzendu ta aurkitu, aragi illen antzean
biziak bere...
Zartzaroan, nafarreria. Olantxe diño erdal-esaera
batek. «Gabontza»ren emazteak, bere katu baltza eta
etxean daukan mutilla ditu begiko ta ardura gaillen,
bere senarraz ganera, jakiña.
Senar onek, bere aldiko oitura nabarmen baten
entzutean dauka, euki. Ta nundik eta nora ez dakiala,
aundien edo aundinaien usaiñaz jabeturiko gogoa ez
yaka, ba, sortu?
Labur esan, agurabidean dagoan oneri, bigarren
lorako maitakeria erne yaka biotzean. Bigarren lorako
aragi-zirikaldia. Maitetasunarena ez, ain zuzen; diruaren almenak eta kilikiliak gizonagan eratzen dauan
naikeria ta arrokeria baiño. Emaztearen ondotik aguro
ta bizkor iges egiteko dagoanak, geienbat, erakutsi oi
dau orrelako jita ta joerea. Auzoko larrera nai solora
joan guraz dagoan zekorraren gisa.
Diruaren soiñua gozoa danez, ate asko edegiteko
giltz parebakoa da. Ez daukanak ez daki asko, zelako
mundu barria sortzen yakan, ezerez ala gitxi eukirik,
goizetik gabera ondasun gizenen jabe egiten danari.
Aldakuntza zoragarria, zorri il-biztuarena! Zer gura, ta
axe lortzeko aukera bardingabea.
Ta «Gabontza»k bere, gaztetako urteetan izan
eban gorputzaldia sentidu gura eban barriren barri,
Fausto berraldatua bai litzan. Gorputzean, zirkin biziagoa. Zanetako odolean, berotasun jasoagoa. Aragiaren bigarren loraldia.
Katu baltzaren lagun zan aren emaztea, lo egoan
orrezaz. Oneri, bestera jazo yakan urte aetan. Zimeldu yaka aragia; bizi-iturria agortu. Ta bare-aldi urdiña
dauka bere inguru, odolaren gorriaz azturik.
Uri aundiko kaleetan zear doa Nikanor. Domeka
eguberdia da, ta etxerantz doa onezkero, amabiak
ondo jota dagoz-ta. Egurastegi apaiñean zear, bera
ezezik beste lagun asko bere, ba doa. Ene! Ta bai
ikuskari adigarria dakusala an jente artean. Aspaldian
aren begiak ikusi ez daben irudi atsegiña agiri da
antxe. Ta etorri dator. Ama izango da nunbait, Garbiñeren besondorik datorrena. Bai neskatilla maitagarri
ta liraiña, Garbiñe. Ta zelan jantzita, gero! Txairo
baiño txairoago.
Txapeltxu zuria dauka buruan, ta soiñeko berdez
estaldua bere gorputz polita. Gizonak eta mutil gazteak, dotoreak oneek bere, urrengorik urrengo, agur
txeratsua egiten deutse, kapelea erantziaz.
Ez daki zer egin mutillak. iges egin, aldendu, lagun
artean ostendu, bazterretik iragan ala arek ikusteko
moduan, aren aurretik igaro.
Bai, aurretik begiratuko deutsa, ta agur esango.
Or dator, berbertan, neskatxi gustagarria.
Ta Nikanor-ek, buru txut, soiña lerden, agur motela dirautsa agin artean.
Neskatilleak, unadatxu txit laburrean begirakune
bat egin deutsa, baiña... besterik ez. Ta aurrera doaz,
bakotxa bere bidean.
Ez ete dau ezagutu Garbiñek? Biurtuko ete da
Nikanor atzerantz, eta urrats btzuk arrapaladan egin
ostean, esan areri, argi ta garbi, bera nor dan, arako
erritxuko txirrunguts-erakuslea?
Atzetik begiraka dagokio Nikanor, neskatilleak
burua birauko ete dauanentz. Baiña, bai zera! Ez dau
arek ezer galtzekorik utzi atzean, nunbait. Begiratu,
baiña nori? Izan bere, ez euki bateri?
Ta Nikanor, beste bein legetxe, bere buruari begira asi da.
Zer dauka soiñean? Jantzi maskildu bat, dana
maiztua. Alkondara naikoa erabillia, idun bizartsuaz.
Oiñetako ez barriak; txapela, iñoiz barria izandakoa,
buruan.
An agurka diardutsen gazteak, barriz, dotore ta
kapeladunak izan, aroteri bakoak. Axe da inbidia! Zer
amets egin dagike, guraso landerren seme beartsuak,
menpeko otseiñen artean azitako andereño bategaz?
Lotsatu egingo ete da Nikanor, beiñola lez? Orixe
ez; mindu bai, benetan bere, mingarri yakalako. Asarratu egin yaka; amurruak jo dau Nikanor. Daukanaren kontrako gorrotoa nabari dau bere erraietan. Ezekielen esanak, egiaren indar betea dauke. Ez dago
munduan gizonak neurtzeko bae edo galbai bat baiño:
daukana eta ez daukana, uruna ta algotza, emoia eta
zikin-autsa. Azkenengoetarikoak ez dabe iñun begiramenik. Beste aek, ostera, edonorako dauke sarpidea,
ta jendaki goienekoaren txera ta adiguria.
Urduritasunak jo dau, eta eskuartean egiten diarduan zigarrotxua ez yaka itxurazkoa moldau. Arterik
artu eziñik dago, ta etxerazkoan aurkitzen dituan tasketan ardau zuri drugada itzelak edaten ditu. Erdi zerbeldurik eldu da erri-egaleko bere etxe urrunekora.
Zarpan ez dauka txanponik; utsik daukaz sakelak.
Putxik dago. Urdailla bete dau, orraitiño, lauzuriko urri
aien laiñean.
Etxera eldu, ta buruko miñez dagoala-ta, ezer bazkaldu bage, bere tegira doa, goiko gela txikerreko
oetxura. «Gabontza»k ez deutsa jaramon aundirik
egin. Gizonezkoak, barru gogorragokoak dira, iñoren
ondoezetan. Aren emaztea, barriz, arduratu da arezaz. Ta zer daukan, eta ezer nai ete leukean itandu
deutsa; mutilla oean sartu dala susmau dauanean
joan yaka, bere katu baltz potoloa ondorik izanik.
Mutillaren berbetatik, lo egiteko gogoa besterik ez
daukala, igarri dau. Baiña, barru-miña, asarrea,
mukertasuna ta iguiña da aren gaurko makalaldia. Bai
bein.
Orduak ordu iragan dira, nunbait, eta Nikanor-ek
loak lo egin ditu, bear ba da, amesez bateak, oraindikarren. Itzartu danean, ez da argitasunik nabari, leio
ertze-edegiaren zirrikituan zear. Gautu dau, nunbait.
An urrean, ez da isiltasuna besterik susmauten.
Onetan, etxekandreak, bere irribarrea dakartsa
arpegian. Jagiko ete da mutilla afaltzeko? Gorputzaldi
txarra ei dauka; ezer bere ez egiteko gogoa, ez jateko
ez jazteko. Gogoaren makalaldia, ala alperraren griña
baldarraren ernamiña ta ikutua?
Baso bete esne edango leukela, ba...
Ta baita etxekandreak ekarri bere.
Gerogarrenean, ez lo bai lo dagoala, alako berbotsa entzun dau mutillak beeko bizitzan. Berbaro ez
ezaguna. Etxekandrearen aotsa ta «Gabontza»rena
ba dantzu, doi doi. Baiña, beste aotsa garratzagoak
eta zakarragoak dira, urrean. Gizonezkoen berbak.
Aundia da, domekan, gabeko orduetan, euren etxean
iñor erbestekorik egotea, eta autu gogorrez ta erremuskada antzean...
Nortzuk ete dagoz beian, egon?
Ta egon eziñik zapart egin dau mutillak oetik. Izan
bere, ez dira etxekoen aotsak bakarrik. Nikanor-ek,
arako tranpa-ola jaso dau isil-isillik, eta zeozer ikusi ta
erdi-susmau egin dau. Erbestekoak, etxera sartu diranak, ez dira ain zuzen eskekoak, billa datozanak
baiño; txarrean ala onean billa datozanak, lapurrak
berba baten. Atadian dago gizonezko bat, kanpoaldean, zelatean eta zaindari, nunbait. Zapia dauka
arpegia estaltzeko eran, begiak agiri eta bisera urdiña
buruan. An, sukaldekoen autua aitu nairik dago.
–Ez daukat etxean dirurik –dirautsa estu ta larri
«Gabontza»k norbaiteri.
–Gu beargin beartsuak baiño ez gara –geitu dau
«Mautsa»k.
–Dirurik ez etxean? Orixe bere! –diño beste gizonezko batek, esakera garratzez–. Nun daukazuez, ba?
Aguro esaidazue, bestela tiro bana sartuko deutsuet
epel-epel, gibelean zear.
Nikanor-eri dart-egin deutsa gorputz osoak. Bertatik berotu yaka odola. Gaizkiñak daukaz teillape aretan; lapurrak, beartsu bizi dan etxean bere, naiz-ta
«Gabontza» bera, lauko ugarien jabe eginbarria izan.
Ugazaba, ta onen emazte manatsu ta baratza,
arriskuan dakusaz. Obeto esan, etxeko guztiak dagoz
arriskupe, Nikanor berbera alaber.
Zer egingo? Lapurren alde? Ez, etxe onetan bizi
dediño. Lo egin nasai, oera sartu oilloa lez? Ezin ba,
bere burua koldartzat jo, edonoren aurrean bere. Zer
egingo?
A!... Izan bere! Ba eban «Gabontza»k an nunbait
zer egokia ereti aretarako. Iñoiz erbitan joan oi zan
«Gabontza», ta Nikanor-ek ba daki, gitxi gorabeera
nun dagoken aren iskillua.
Ortozik, dagoan lez, isilean dabil Nikanor eskopetearen billa. Eskopetea odi bikoa. Nun? eta erloiu zaar
luzearen kaixa zutiñaren barruan gordetan. Ementxe
dago! Ta baita su-ornia bere. Ementxe ditu nagosiak,
kartutxuak bere, atabaka batean, batzuk utsik, besteak perdigoiez beterik.
Aufa!... Kartutxuak sartu ditu praketako sakeletan,
eta bi, kamaran bertan ipini ditu, su-egiteko gertu.
Zer egingo dau? Eskilarretan beera jatsi, ta eskillara-burutik eupadea bota? Baiña, zenbat ete dira arerioak? Ala, tranpa-zulotik bertatik tiro-egin, uts ala
bete?
Bai, orixe egingo dau, zuurrago jokatuaz. Berak
besteen barri ziurrik ez dauan arren, besteak ez-usteko zerbait aurkituko dabe. Jaungoikoaren egia.
Eta geiagoko bage...
Braun!!...
Atadian egundoko takarradea egin dabe perdigoiak, eta an egon dan argi-bonbillea zazpi zati egiñik,
illunpean geratu da etxaleku au.
–Ik egin al dok tiru ori, kirten orrek? –dirautsa suetean dagoan lapurrak, atadikoari.
Baiña, onek, erantzuna esateko adorea baiño izu
ikarea izan leenago ta beiñago, ta kalera anka egin
dau, antza. Iretargi zuria dago zeruan, eta kanpoko
atea zabalik dagoalarik, argitasun itsa dator atadira.
Nikanor gertu dago bigarren tirua jaurtiduteko, ta
barruko lapurrari burutik beera, ganera, orrelan gertau ezkero. Beste kartutxu bat geitu deutsa mutillak,
bere iskillu azkarrari.
–Nok egin dau su? Nor dago besterik etxe onetan?
–deadar egin dau sukaldean dagoan morroe zatarrak.
Eta orduantxe, zoro antzean, bere senetik erdi
urtenik, barre karkaixa ozen eta gangarra egiñaz, oiu
zakarra egiten deutsa Nikanor-ek:
–Urte egik oillo orrek sukalde orretatik, osterantzean ikusiko dok eure narrua, ta laster ikusi ber, sator
bideak baiño zulo geiagoz!...
Ta ori esanaz, bigarren tirua jaurti dau Nikanor-ek,
lenengoak baiño zarata aundiagoa egin dauana.
Barruko lapurra, dardaganean jarri da, nunbait.
Bere laguna ez da agiri atadian. Il egin ete deutse?
Lauko batzuen billa etorri, eta narrua bertan utzi bearko ete dabe? Ta egia izan leiteke, euren pistola tiro
bakarrekoaren kontra, an norbaitek perdigoiez ziplizapla diardu-ta.
Geiago murtik bere egin bage, an doa arin kanpora suetean egon dan lapurra bere, tximistearen antzera.
Orduan Nikanor leioratu da, ta iskillua eskuetan,
an bide ertzean aurrera, iretargi zuripean doazan
morroe bien gerize ingururantz, danba! irugarren zartakoa erantsi dau, kanpoko isiltasunean alako durunda artegatsua sortuaz.
–Nikanor zaitugu? –dirautsa «Gabontza»k, lauorria
astinduaz ta arnasea bakanago ta nasaiago egiñaz,
atadi erdian.
–Bai, ugazaba neurea. Ertsi begi nasai, kanpoko
atea, barrutik langa sendoa ezarriaz. Bidean beera
joan dira morroe bi.
–Eskerrik asko, Nikanor –esan deutsa intzirika ta
negar-antzean, etxekandreak–. Bestelako ikarea
emon deutse gure biotzai morroe zantarrok.
Auzokoak, egundoko barreak egingo ditue ganeko
egunetan, domeka gabean lapurrak ao bete agiñez
geratu ziralako.
Orraitiok, o!... «Gabontza»ren etxera gautxoriak
eldu lapurretan, eta aren otseiña egundoko eiztaria
izan, barriz!...
–VI–
Egun gitxi barru dira auteskunde barriak. Laterriburura joango diran aldunak izentauteko. Pelotatokian
izan da bart, liberalen itzaldi mordoa. Langilleen alkartasunak, jai egitea erabagi dau arratsaldean, zezenplazan egingo daben billera zaratatsura lagunak
eurrez joan daitezan.
Nikanor-ek bere, jai egingo dau, ugazabak gura
ezarren. Arako lapurrak eldu ziranetik, aloger itxurazkotxuagoa eskeintzen deutsa «Gabontza»k. Baiña ez
dau mutillak, ezkur orregaz,praka barri askorik egingo. «Gabontza»ren gogoa, orduan, bero berotan,
eskuzabal agertzekoa izan zan. Baiña, sarri askotan,
biotzetik eskuetaraiño bide luzeegia edo.
Zezentoki inguruan, ba da laguna ugari. Aldrak eta
aldrak datoz, kanta soiñuz, deadarka ta zarataka; oial
zuriak letra baltzez beteak, makilla artean buruen
gain zut eta lerden dakarrezala.
«Langille ta umeen gurasoak! Batu guztiak!».
Edota: «Onean ala txarrean, lanari bere ordaiña emon
bearko deutse». «Gora Laterriz-ganekoa».
Ikurrin gorri aundiak aizetan zabal erakusten
ditue, eta «Marselletarra» ta «Internazionalen» doiñuak entzun-erazo.
Konkortuta dago Nikanor. Bere begientzako edertasun jatorra dan ikuskari orrek, odola berotzen deutsa; ta ames-zorabioz beteten deutsez buruko garunak, an tribuna luzean, urrengorik urrengo itz egiten
daben gizonak.
Ango entzuleak, erriko semeak, jende apala dira
geienbat, beargiñak, ogipekoak, emakumeak bere
bai. Aundikirik bat bere ez, egin egiñean. Aberatsik ez
da urretan bere. Beartsuen batzarra da, ez-eukien
billera griñatsua.
Eukitsuen gain joango dira lepokadarik mamintsuenak. Oneek, txiroen odola edanaz bizi dira. Landerraren izerdiak gizentzen ditu aen gerrontzeak eta aen
seme alaba guri ta alperrenak. Langilleak eskubiderik
ez dauke, betekizunak baiño, ta euron osasuna ta
indarra ezezik, izaten dituen seme ta alabak bere,
ondasunez atsiturikoen serbitzurako izango dira, ogi
gogorraren apurrekin biziteko soillik. Antziñako jokuak
barriren barri sortu ditue gizartean; eta gizonak, gizona dauka menpeko ta otsein garbi, abere bai litzan.
Siñismenik ez dau bear gizon askeak. Siñesmena
aomiiñetan arturik, goikoak, beekoak lo jarteko baiño
ez darabille. Gizartean gudu ikaragarria eratu bear da,
nora ezean, buztarri lotsagarria bein betiko birinduteko...
Andik urteieran, Nikanor-en burua, lilluraz gonburu dago. «Laster dator eguna...». Amaika bidar amesturiko egun eldu-ezin antzekoa.
Ezekielen ondotik urten dau, jente-arte izerditsuan. Bapatean, emakume gazteak oratu deutse
besondotik, eta saillak eta aldrak asi dira kaleetan
zear oiuka ta deadarrez, pilloka ta pilloka; uiolaren
antzean doa kaleak betean gizon-ibaia.
Agintarienganantz, nunbait, batzarreko asmo ta
erabagiak ezagutu-erazoteko ustez. Zabalkundea egiteko alegiña ta erakusketea, langille makal eta bildurtiai deia, alkartasun osoko indarra lortu narik. Txiñelak
eta laterri-jagolak or dabiltz inguruetan, zispa motzak
sorbaldetan zintzilik dituela. Arik lasterrean, zaldi
ganekoak bere agertu dira, ta kale ertzetan dagoz seiñan seiñan, erne, artega, urduri.
Kale estuagoak iragan, eta zabalagoetara eldu da
jente sail gero ta mordoagoa. Ikurrin gorri gorriak
eurrez agiri dira euren eskuetan. Kanta zoliak ta deadar entzungarriak aizetan.
Bapatean, erdi geratu egin da uiol bizia. Norbaitzuek, etxe aundi bateko mailladiak gora asi dira.
Altsuen biltokia da, liberalen leku guri ta erosoa. Balkoira agertu dira ta an ikurrin gorria ezarri dabe.
Barruan, tirotsak entzun dira. Eta berealakoan, kalean
bertan bere, su ta danba.
Zaldiganeko ertzaiñak emen datoz lauazka.
Batzuk mauserrak gertu, besteak sable sendoak
aidean, zirti zarta asi dira, jentea burutik beera joten.
Gorantz tiruak, beso zartadak beerantz, orko aienean
ta ango biraoa.
Lagun metea bakanduten asi da; emaztu dira gizonezkoak eta emakumeak igesari emon deutse. Txiñel
geiago dator, oiñez eta zaldiz. Txingurriak lez egoan
taldea, ara ona sakabanatu da aguro. Tranbia zatar
ba, eperdiz gora irauli dabe ta iru edo lau automobil
sutan jarri, gasoliñaz igurtzirik.
Lurrean, lagun bi datzaz illik. Ainbat, zauriturik
daroez osatetxera. Asko ta asko, atxilloturik.
Al dauanak al dauana, Nikanor-ek bere, ospa egin
dau, erdi bildur, erdi durduri, illunpean dagoan kale
estu zaar batean zear.
Urian, itxaso asaldauaren marru asarrearen antzekoa sentidu da, ta aizea burruka-sundaz ta oiartzunez
bete da.
Nikanor-en amesaren birlora-atal lenengoa, laburra izan da, ta damurik. Langille-sailla ez da, argi asko,
oraindaiño beintzat, munduko ardatz eta nagusi.
Ala ta bere, bigaramonerako aolku mingotsak,
agindu barriak zabalduaz zabalduaz doan urian. Oporketa nagosia egingo da. Langille guztiak –orixe da
guraria, beiñipein– ezer ez dabe egingo, kaleetan ibilli
baiño. Agintari liberalak ikusi bearko dabe, azpikoen
indarra ta batasuna.
Oporketa nagosi ori, ostera, laburra izan da. Ta
baketsua; orrelan nai izanik, ala bildurrak esitua?
Egun bakarra laster da joana. Urrengo egunean, ogia
erosteko-ta bear dan diruaren eske antzean, joango
dira beargiñak, etxeko premiñak bultzeragiñik.
Eta Nikanor-ek, ikusten dituanak ikusirik, bere
erritxuan mutiko bardingoa zanean eukan egote nasai
baketsuaz gomutak gomuta egin ditu oeratzean.
Adiñak eta bizitzeak, ezkutuan egon oi diran zerik
asko azlaeratzen ditue. Eziña da gizona atzerantz joa-
tea; ez adiñean, ez barruko beste izakai askotan.
Astiaren alabearra, ankerra ta errukibagea izan.
Askatasun-egarria asetzeko, buru-jabetasuna gero
ta beteagoa izango da. Esker onaren agiritzat,
«Gabontza»k, egia, aloger mengela geitu eutsana
Nikanor-eri.
Baiña, gizona, ogiaz bakarrik bizi ez, eta... Nikanor-ek aren menpeko, lanean jardun arren, aurrerantzean, ez dau bizilekutzat «Gabontza»ren etxea bera
izango. Urira doa, adiskide ta lagunengandik urreago
egoteko, etxerako erretiru orduetan askatasuntsuago
izateko, eta, egia au bere, «Gabontza»ri matorduetaneta, ezetz esan bear deutsanean, makaleriz baietz ez
esateko.
Ez da Nikanor, «Gabontza»ren etxera sartu zanekoa. Ez. Ori, ondotxu daki onek. Eta arako mutiko zintzo ta esaneko zirudiana, ez da orain eztabaida zalea
baiño. Ez dau alegin larregirik egiteko gogorik agertzen aspaldion. Zetan geiegi lanik egin, ugazaba aberastuteko, ala?
Ganera, ba daki Nikanor-ek, ugazabandreak ez
dakiana. Ala, beintzat, erakusten emoten ez dauana.
Zera... «Gabontza»ren ate-osteko emakumea, Irune
neska zuntzuna dana.
Neskatilla auxe, begiko yakan, bai Ezekieleri, eta
baita Nikanor-eri bere. Zaarraren diruak, orraitio,
errez erosi dau, antza, arrain merke ori. Orregaitik
bere, ezin ikusia gero ta sakonagoa, txatarreru zikotxari.
Irune gaztea, ostera, udako odeiaren irudikoa izan
da agurearentzat, eta gozotasun lar eskeiñi orduko,
egalak bizkortu ei ditu. Beste morroe bat aurkitu ei
dau, ta aregaz egan joan ei da aguro ta pozik,
«Gabontza»ren garramura asi-barriari, barau-egun
opaturik.
Au jakiñik, baretu da zerbait Nikanor-en gorrot isillekoa, ta ba diardu, ba diardu. Ganera, oraingo aldian,
goraldi ezaguna egin dau «Gabontza»ren garatzak.
Beste mutil bi artu ditu menpean eta lanik astunenak,
oneek egiten ditue; eta orra nundik nora, Nikanor ogipekorik zaarrena etxean. Ez ori bakarrik; etxekandrea,
umoreak edo ubilleriak jota dago, ta neskato surmotz
bat etxeratu dau, lagungarri.
Liberal egin da, gizona, «Gabontza» bera! Ta zelan
ez ba, garatza ta dirubidea egunean baiño egunean
mardoago ta emonkorrago jadetsi ezkero? Eta garai-
tzailleen burdira igotea, gizon geienentzat munduko
zerua izan...
Bidebagakeriak dirala-ta, agintari nagosiak neurri
estu gogorrak ezarri ditue politika bizitzan, gizartearazoan.
Lan egitea dagokio beartsuari, ta Nikanor-eri bere
bai, beraz. Buruko asmoak, ostera, umotuaz ta egosiaz daroaz. Beargiñaren eskubidea geienbat aintzat
artu bakoa...
Ezekielez gañera, beste adiskide batzuk bere ba
ditu Alkartasunekoen artean. Bere lanbideaz, barriz,
aspertuten asita dago. Burdiñak gora, txatarrak atzera-aurrera; onenbeste ekarri, orrenbeste eroan; ainbeste pixuan jarri, neurri ta eretxi batean –norentzat
dan–, salneurri bereziak izaten ditu nagosi jaunak. Eta
Nikanor-ek, gaiok eta zerzelada guztiak, apuntau ta
idatzi. Egia esan, aspaldion ez dau izerdirik ataraten,
eta Ezekielek bai sarritan esan bere:
–Errefiñau egin zara, Nikanor, eta moduetan gero!
Zuk bere, aldi onetan, langille zakarraren eskuak
baiño legunagoak daukazuz, laguntzarra, kaillu ta azal
gogorrik bage.
Baiña Nikanor-ek, barre egiten deutsa, ta gozaro
ta lotsabaga egin bere. Izerdiaz gorputza bustitzen
dabenak soillik egiten al dabe lan? Esku, beso, gerro
ta bizkar-lanak ba dira, abere indarrez egin bearrekoak. Baiña, buruz, adimen-argitasunaz jokatuaz eta...
paperak erabilliaz, ez al da arazorik goitarrena egiten?
Iñoren menpe ta aloger orde jardutea, beti da aberatsaren eta nagusiaren onerako.
Ez deutsa, ostera, gizarte-auziak beti galduerazoten baretasuna Nikanor-eri. Egiten ditu bai dantzaldi
luzeak bere, domeka ta jai egunetan, gaberantz ardau
edaten ibilli orduko. Auzoko erri txiki batean, erromeri guztizkoak izan dira, ta antxe, dantza ta barriketa,
eta barriketa ta dantza, ezagupidetxua egin dau neskatilla morroskana bategaz. Trenean bere, alkarregaz
etorri dira. Ezekiel-eta, beste neskatilla batzukaz
autuan; baiña, Nikanor, bere potolo begi aundiagaz.
Langillea da Nikanor gura dauanean, beargin lan
astunekoa jopua, bere izerdiz, ugazaba gerrieder ta
okitu biurtzen dauana.
Morroskaneari, ostera, ez deutsa olakorik esan.
Ofizinistea dala esan deutsa.
Neskatilla gaisoak, edegi deutsa bere barrua, eta
naikoan, ain zuzen. Au, koziñaria da; jateko onak egin
eta jaten ei ditu, serbiduten dagoan etxean. Zizili deritxa, ta erri koskor bateko alabea da. Dagoan etxea,
oso ona da; an egunero batzen ditue kankarrukada
gizenak, txarrientzako-ta, ondakintzat; aragia dala,
ortuariak, nai ogi zati itzelak direla...
Urrengo jai egunerarte egin deutse alkarreri agur,
neskatillea mirabe dagoan etxeko kale-ertzean.
Koziñari gaztea, emakumea a bere, amesaren birlora bigunak ikuturik dago ta mutillagaz pozarren asi
da maitetasun artu-emonetan. Adiskideak igarri deutse Nikanor-eri, ta bai Ezekielek irri gaizto biurriz aitatu bere:
–Ez al dozu Zizili ori, arako kanta zaarrekoaren
antzekoa izango?
–Zer, gero?
–Zuk entzun egizu, ta orduan...
«Etxebarriko Zizili,
arek emoten dau isi-isillik...».
Nikanor-en ezerako seta barrukoa, gero ta billoizago dago agirian. Gogaikarri yaka bizimodua; argi
esan, lan egin baiño ez egin, gurago leuke. Ai, berbe-
tan ondo ba leki, berbea bere, ibilliko litzake «Langilleen Alkartasunezko» buruekin eta izlariekin. Buru
eritxia da, ez-ta bazterrean egoteko zale, lan eta lan
isillean. ola aundietako beargiñak baiño obeto bizi dira
euren artezkari agertzen dira izlariak, burukideak,
jauntxu-usaiñekoak oneen artean bere. Nikanor-ek
damurik, ezin au ainbeste. Baiña, ai, al ba leu, al.
Ziziligaz amultsurik diardu, loraketan. Emakume
au alper-usain bakoa da, beargin suarra, ekiña, berakatz atala baiño fiñagoa. Zegaitik artu ez ba, laguntzat, onek etxera irabazia ekarteeko aukera ta jasa ta
gogoa dauala susmau dau-ta? Ba dira senarrak emaztearen lepotik bizi diranak.
–Zuk egindako jatekoak, gozoak izango dira ba,
Zizili?
–Etxeko jaun-andrak beintzat, pozarren daukadaz.
–Urrengo domekan, ezin urten ziñegi-ta, zer deritxazu alako meriendatxu bat ipiñiko ba zeuskit?
Mutillaren ausarkuntzea aundia da, ta koziñari
neskameak ez daki zer erantzun, baietz ala ezetz.
–Ugazabak etxean egoten al dira beti? –dirautsa
mutillak.
–Geienetan bai. Beste batzuetan, joan egiten dira
euren seme-alaben etxeetara-ta; euren batzoki apaiñetara-ta.
–Orduan, urrutizkiñez ots egingo deutsut eta zuk...
–VII–
«Gabontza»renean bizi zanean, Nikanor, beartsuago izan zan, jantruke-ta egon zalako lenengoan.
Gerorantz, ostera, edozein langille edo alogereko aiña
egin danean, eukitsuago da, itxura batean. Jateko ta
jazteko irabazten ei dau. Asteak joan, asteak etorri, ez
dau, orraitio, diru ganezkakorik izaten beregan. Ostatua oradainduteko, narras ta guztia bearrean ibilten
da. Txanponak nekez datorkioz; joan, barriz, errez.
Edan bere egin bear da, ta egunero; erre bere bai,
tasarri ganera egun bakotxean; zine-teatruak ikusi,
ostiko-jokoetara eldu, eta baita ukabilkarien burruketa anketara bere. Eta jaiegun inguruetako gau-txoriketak, eta abar.
Ostatuko etxekandreari priesa bage ordainduko
deutsa, ta ez osoro, bere zorra. Atzeratuak ditu
zorrok, eta metatuaz metatuaz doazan ezkero, emakume arduratsu arek ezin ba gogo onez jasan, orrelako ostatari nagirik.
Izaten dau, bere aldetik Nikanor-ek, atxaki ta akiakula ederrik, luzapideak lortzeko. Gitxi irabazten
dauala; laster jasoko ete deutsan lan-saria ugazabak;
zapi, alkondara, kaltzerdi eta barrukoak ez dirala astero agertzen garbitu ostean, eta barri barriak erosi bearra izaten duala txitean pitean. Beste ostatu batzuetan, merkeagoan dagozala, gitxiago kentzen deutsela,
obeto maneuak izaten direala areetako jatekoak, eta
are, ugariagoak. Emen barriz, gosearen musturrak
noizean bein agertzen dirala ta etxetik kanpora jan
bear izaten dauala askari-iskia, baldin barruko arra
apur bat zertuko ba da.
Etxekandrak moiñoluzeak ez deutsaz aintzat
artzen atxakiok, eta aren zorrak arturik nai litukela
izan, Nikanor-eri despatxua emoteko...
Urteen kateak ba ditu bere mailla ta guneak. Muga
berezi ta oargarria, ostera, ogei urte ingurukoa. Gizasemeak, gizaldiz gizaldi ta belaunik belaun, jator ta
egokitzat etsi dau lotsea. Muga orretan dendunez ta
zentzun ikutuz beteko dau. Ala, joera makur ta esan
eziñekoaren menpe jarriko dau, gazteak, bere bizitzako aria, jarduan.
Antziñatik ezaguna izan arren, ez leuke gaur edonok ezagutuko Nikanor. Arako gazte ausart axe,
orduan iñoiz ta iñori atsegingarri izana, orain ausardia
ganezturik, lotsabaga saillean sartu dala adierazi lei-
teke. Zintzotasun-ikututxua ba eukan euki leenago;
baiña orain ez da leena. Argi ta garbi.
Berberak bere, ba daki ori, ta edonok entzun legio
areri arrokeriaz agertu oi dauana:
–Ogei urtera urreratu arte edo, egon naiz ni erdi
lo; baiña, ori amaitu da, jaunak. Egin dagiela lan tentelak eta lotsadunak edo lotsatiak. Lan egin bage bizitzeko, adorea bear da, motzaillak esan oi dabenez.
Adorea ta arpegia, arpegi aundia.
Mundukoak irakatsi deutse dotriña ori. Aspaldion
entzun dituanak entzun eta ikusi dituanak ikusita
gero, orra Nikanor azkar ta oillar barriak, bere burubidea azladu.
«Beartsuak lan egin dagiela... gure gurasoak egin
eben legetxe»...
Eta lanaren igesi asirik, iñorena maiteago dau
orain. Sozial-irakatsiaz mamurtu ditu eta ausnartu, ta
orrezkero, egiteko baiño bestek egiña batzeko, gertuago dago. Ezagun ezagunean alpertu da, ta alegiña
ta nekea auzokoarentzat egokiagoak dirala, norberentzat baiño.
Jagiteko ordua aguroegi eltzen yaka goizean, eta
ostatu sostorreko oeko izarak, aren berbetatik zikin
samarrak diran-arren, ederto asko inkauten yakaz
egunaren etorreran. Eta era orretan, zelan jagi? Ta
zetarako, ganera, gorputza nekatu, jateko lain ozta
irabazteko?
«Gabontza»k beste modutan aituten dau bizimodua. Burdiña zaarrak eta metal-txatarrak an artu,
ona ekarri ta geroago ara sakabanatu edota pillatu,
nasai asko gizendu dau bere zarpa leen zimela izana.
Eta, zegaitik beste ainbeste ez egin norberak? Ori
esan ba.
Goizetan, Nikanor-ek, gauzak argiago dakusaz;
baiña gabera ezkero, sakelean txanponik ba dauka,
ala ardaua nok pagaua izan ba legi, lausopean jarten
yakaz buru ta begiak; eta orduan, atsegiñago ditu irri
zoroa ta ardurarik eza, buruauste ta gorabeeren
artean bizitea baiño.
Ardaua beraz gustauten yaka, ta ez edozein
ardau, gero! Oba, beti bere, alako edari indartsu ta
markakoak; jakiña ba. Langilleak edatea merezi ez
baldin ba dau, nok orduan, merezi izango dau? Kapitalistak, ala? Domuak zer egingo leuke ba, langille ta
emuts bulartsurik ez baldin ba lego, emuts otsein eta
morrontzapetuak?
Erabagirikoa egitea dagokio.
Ugazaba, egun osorako kanpora joan dala-ta, burdikada bete txatarra eroan eragin deutsa Nikanor-ek
beste morroe gazteari, ain lekutara. Bete dabe burdia,
ta joan da. Laster biurtu da utsik. Gero, beste eskari
batzuk gertauten jardungo dabe Nikanor-en esanera,
morroe biak.
Lenengo joan dan burkadea, landa baten itxi
dabe, trenbidearen ondoan. Andik gerora, artu ditu
burdiñakiok beste txatarreru batek eta an daroaz bere
tegira. Merke samar eroan dau, baiña orren balioa,
Nikanor-en sakelerako izango da. Ondotxu daki ori
erosleak; baiña, lapurrak lapurrari laztan.
Ortik dator mutillaren lenengo irabaziak. Iragazi
garbiak, ezer jarri ez, eta guztia jaso... Garatz bitxia,
negozio zindoa, arranotan! Erosi bage saldu, gatxik
eta galtzairik jasateke.
Zer egin ete eban «Gabontza»k berak, asieran?
Eta, orain, beti dabilkio asarreka, lanera berandu
eltzen dala, kontuak atzeratu egiten yakazala, Nikanor-ek ez dakiala naikoa, kontuak gero ta ugariagoak
jasean eta artez erabilteko, eta alogera erdi ostu egiten ete deutsan, baldankeria ori dala-ta. Ta azkenen
buruan, ondasunak –diño «Gabontza»k– ez dira guztienak, mutillak azaltzen dauanez, sortu eta eratuten
dituanarenak baiño. Lanari, onenbesteko bat emon
ezkero, egoki ordainduta dago ordu eskas batzuetako
lana ta jarduan...
Ugazaba tinki-minki egon arren, bost ardura deutsa Nikanor-eri. Onen zerak, beronen ustez, jo ta kea
dabiltz, egunean baiño egunean erosoago.
Jai arratsalde onetan, bere asmo bat beterazo nai
dau. Andikien etxean, askari on bat egitea, jan eta
edan dezente, iñoren lepo. Zizili morroskana zintzoari,
maite dauala adierazoko deutsa barriro bere, eta...