Batetik bestera - 07
Eldu da lenengo etxe erreskadea asten dan tokiraiño. Bideaz beste aldetik, mendi motza dago, eta
bizilekuentzat toki medarra danez, an ez dago etxerik,
sail luzean. Bide zabalari deutsala arpegi bataz eta
beste arpegi bideska bateri begira, muturreko etxea
bai litzan, bere jarraian olezko esi luzea daukan etxe
txapar bat dago. Olezko orma orren atzean, barruan,
ganezka agiri dira burdiñak eta txatarrak. Esiaren erdi
aldean, ate bikotxa edegita dago. Araxe begira jarri da
Nikanor.
Gizon gizen asko ez dauana, puzka, saka orreri ta
tira oneri dabil an lanean, burdiñak txatarra zikiñagoetarik banantzen. Izerditan, arterik artu eziñik, lerrenak egiten. Arpegia ez dau bapere polita, begi aundiak ditu, gautxoriaren antzera, talo palea lako arpegi
biribillean. Kaiskoan, uleentzako toki galanta bai,
baiña arean utsik, burumurri.
Aren alegiñak eta purrustadak geldi dauke Nikanor, begira. Gizon langillea dirudi, zuurra ta begiratua.
lana eskatuko ete deutsa? Zegaitik ez ba?
Ikusi ditu egun laburrean buruan bear-izana,
bakartadea, gose ta egarria, zikiña, eskaleak, ijitoak,
askatasuna...
–A gizon, nai al dozu lagun dagizudan?
–E?... Nor zaitut? Eskalea, bizar zakar orregaz. Ala
lapurra, ala alperra. Irurok bardin antzekoak dira-ta.
–Ez, jauna. Umezurtza naiz. Aitarik ez daukat, eta
ama, geisotegian dago; makalik, eta ez ondo bere. Ez
naiz emengoa. Urrunetik nator, lau eguneko bidean
gitxienez.
–Eta, zer gura zenduke?
Oiñez ta oiñez nabil. Gose naiz ta ez daukat nun
gelditu.
–Txarriaren bizimodua nai al dozu?
–Lan egingo neuke.
–Iñoiz egin al dozu?
–Bai.
–Zer egiten zenduan, ba?
–Egunerokoak saldu, eta txiringutsak garbitu eta
konpondu. Baraurik nago, ostera.
–Tira! Jantruke geratu nai baldin ba dozu...
–Nora ezean eta ezin bestean, ondo dago.
Barruti orreri deutsala dagoan etxean bizi da, dirudianez, gizon txatarra jabe au. Ots-egin dau, zintzilik
daukan burdiña bat, beste troko bategaz jota. kanpaia
dau orixe, ausaz, norbaiteri dei egiteko, obretan langilleak eguneko asi-amaitu aldiak adierazoteko oi dabenaren antzera.
Andra loditona bat agertu da, goialdean, leioan.
Aren ondoan, katu baltz bat, buztana tente.
–Mamer! Jatsi egizu ogi-kopau bat mutil onentzat,
eta bart gelditu ziran sardiña bi.
–Nor dozu ba, ori?
–Alogerekoa.
Berealakoan, otzaratxu bat eskegi dau soka mee
batetik, andra katudunak. Gizonak, otzara-estalkia
jaso, ta ogi-zatia emon deutsa mutillari. Barruan daukaz sardiña mardo bi. ugazabak, jaki bardiña dauka
eskuetan.
Mukit baten ganean jesarri da zaarra eta asi da
jaten. Mutillak, beste ainbeste egin dau. Gosez dagoanak, gozo deritxa edozeri.
Ekin deutsa gero, mutillaren laguntasunaz, burdiña ugertu eta ez ugertuak bananduten, eta luzera bardin samarrekoak alde baten ipinten lurrean. Ezker
eskoitara, olabe bi ditu. Orrezaz ganera, etxearen
azpi-tokiak bere, bere tegitzat daukaz. Alde batean,
baskula aundi bat dago, erdi erdian. Ementxe egingo
ditue pixau burdiñak, txatarrak, loroak. Beste gorapean, karru luzea ta beste txikerrago bat dagoz.
Gizonak, arpegian eta itzez agertu ezarren, pozarren artu dauala dirudi, gaztearen laguntasuna. Erdi
bete dabe burdia. Orduan ba dirautsa Nikanor-eri:
–Or, alde orretan dago zaldi bat lotuta. Gorristea
da, ta atzeko iztarrean izpil zuriak ditu. Ekarri egidazu.
Antxe egon da egon bere, zaldia. Burdiari lotzeko,
sartu deutse iduneko narrua, begietako estalkiak eta
ugal abarrak. Burdiaren pertikak zertu deutsez eta an
doaz gizona ta mutilla uri aundirantz, euren burdiña
txatarrak eroateko ustean.
Joan-etorria egin ostean, bazkaria emon deutse
olabe bazterrean, ol legorrez eraturiko mai antzekoan.
Senar-emazteak bizi diran arako etxe txikerraren azpilekuan dago kortea, zaldientzat. Esaniko gorrizteaz
ganera, beste zaldi baltzagoa bere ba dago an. Ukuillu orren beste aldean, olak, kupelak eta lasto garbiagoak dagoz. Ementxe lo egingo dau mutillak, orain
beiñeon. Emazteak zirikatuta, utzi deutsaz bizarra egiteko tresnak, txaboe idorra, labain eta ipizki txikia.
Beste bat dirudi gazteak, arpegiko sasi antzerako
bizarra ebagi ostean.
–Ez dirudi morroe txarra –dirautsa Mamer andra
loditoenak bere senarrari.
–Langillea izatea, orixe da nik bear dodan zer
bakarra.
Logela baldar aretan egonik, ez dago beintzat
etxe bage. Jan bere egin dau, emakume batek gertauriko jateko ez lar ugaria.
Uri aundiko gauzen barriak bere, txit arriturik jarri
dau: ango aguro ibill-bearra, ango zaratea, ango kale
ugari ta luzeak. Lagunak aruntz, lagunak onuntz; zaldiburdiak, beribillak, tranbiak, oiñezkoak, txirringutsak... Aize, aro, durunda, iradua. Orra mundu barria
Nikanor-entzat.
Ez dago kale gorrian, eta tira! Lo egingo dau nasai,
eta egunak joan, egunak etorri.
Bizi-moduak berak erakutsiko deutsa biziten.
–III–
Urrengo goizean, ugazabak esaniko arazoetan
diarduala, andik igaroaz doazan gizonezko bik, mutillari begira egon, eta batak besteari badirautsa:
–Orra! «Gabontza», morroiaren jabe egin dala
dirudi.
–Mutil gaztea artu izango eban orrek, merkeago
ibiltearren.
Eta orretarik konturatu da Nikanor, morroe gaztea
berbera dala, ta «Gabontza» ugazaba izango dalakoa.
«Gabontza»! Izan bere, ba dirudi nagusiaren arpegiak; musu biribil, begiak bera betekoak, betozkoz edo
betillun, irribarrerik egiten bere ez dakiala.
Nikanor,
«Gabontza»ren
menpeko
morroia!
Barruak zarrada aundia egin deutsa, ta luzarorako ez
dala orko egoerea izango, zin egiten deutsa bere
buruari.
Alan bere, «Gabontza»ren emazteak, maratz eta
mazala emoten dau. Goizean katillukada esnea emon
deutsa, senarra agertu baiño leen, eta gero ogi-erregutada ederra ta ikomelau batzuk.
Seme-alabarik ez da etxe onetan izan, eta gizona,
bere ondasunen ardureak darabil geienbat; iñoiz etxeondoan, sarri an eta emen, bere zaldiaz, burdiaz ala
tilburiaz. «Asto» burdiñazkoak jagoten oitua egon da
Nikanor, bere leengo txirringustegian. Eta orain, zaldi
jatorraren zaitzaille bere, izan bearko dau. Galtzupilloa dago zaldiaren janari izateko, ta bitartean, mutillaren iñaurria lez da, oe garbiaren ordezkoa.
Etxekandreak,
bere
bakarraldiak
arinduteko
lagungarritzat, arako katu baltz lodia izan oi dau.
Egundoko kontuak izaten ditue; obeto, andreak esan
eta katuak entzun, lo ez dagoanean, nunbait bere.
Berbaroa susmauten dau sarri Nikanor-ek etxaldean,
eta adi-adi jarten baldin ba da, betiko jardun luze ta
deadarrak bere ba, entzun legiz; katu-jagolearenak
ain zuzen.
Eguberdirarte guztian ez da agertu «Gabontza».
Alakoren batean, ba dator etorri, bere zalpurditxuan,
eta atzekaldean ba dakar bertan, txatarra geiago bere
tegirako; burdiña zaarrak, baserritarai baturiko laia,
atxur, golde-zati, uztaiak eta edozer, burdiñazkoa edo
izan ezkero. Ugerra ta zikiña izan arren, txanpon garbi
dizdizariak ekarriko ditu etxalderantz geroago.
Arlo orretan asi zanean, txabola batean bizi zan,
oraintxe dagoan lekuan bertan. Geroago lurralde ori
esparru jarri eban, ta berak izerdiaren izerdiz irabaziriko diruz erosi eban lur-zatian bere barrutia sortu, ta
apurka apurka ormak jaso eta etxea osoro iragi. Ta
arrezkero, ez da langille lander eta emuts beartsua
soillik. Ugazaba da, etxe ta lur jabea; emaztearen
senar izanik etxeko jaun, eta oraindanik, bere
morroiaren nagusia.
Apurka ta astiro dirautsaz barruko geiok etxekandre mazalak Nikanor-eri, katuari ainbeste bidar esanak; eta oraingotuaz mutillari berari beste zerok bere
bai: soiñean daukanaz bakarrik ara agertu izan dan
arren, gizon egiteko aukerea ta eretia, nai izan ezkero, edonok izan oi dituala-ta, lan egiteko nekerik ez
dagiala iñoiz izan.
Nikanor burugiña da izan, eta ez da orain beiñeon,
ugazabandreari ezezka ta zerean ibilliko. Esaten deutsan guztia entzun eta or konpon, barruan zer pentsauten dauan besteri agertu ez. Aterpea ba dauka,
janaria bere bai, eta aurrera, mutillak!
Bere amari bialdu nai leuskeo albistaren bat, eta
orretarako papera, axota eta lumea eskatuko deutsaz
«Gabontza»ri. Ta zegaitik, ez ba? Baita zigarrutxu bat
edo beste bere. Iñoiz erabilli izan dau ke ugariago,
bedar orreri tenga ta tenga egiñaz, aspaldion baiño.
Kartagiñen diarduala, begira dagokio ugazaba, ta
mutillak, idazteko bizkortasuna dauala susmau. Baita!
Morroiak, lanean ezezik, eskola kontuan bere ba daki.
Labur esan, eskolea dauka. Eta «Gabontza» ez da tentela. Bere paperak bete eragingo deutsaz, eta orra!
zadorlaria izango dau etxean bertan, ta letra ez itxusiaz atan bere; auzoko iñorengana mesede eske joan
bearrik bage.
Gabeko orduak aurrera doaz. Amaitu dau kartea.
Seillua ipinteko dirurik ez dauka mutillak; eukantxua,
tabakutan eralgi izan ebalako. Egun latzak pasau ditu
ostera, ori dala ta eztala. Ain yaka atsegin, aotik eta
sudur-zilloetati keia gozaro kanporatzea.
«Gabontza»k, ostera, ez dau erreten; ez gero gustauten ez yakalako, dirua alperrean ez iraztearren
baiño.
Ain errez irabazten al dira ezkur banakak, keia ta
besterik ez dan tabakuaren su-garretan ondatuteko?
–Izan bere –dirautsa ugazabak–. Amari kartea egiteko ez daukazu dirurik, eta erreteko bai, izan dozu
oraintsu?
Barre muxiña egin deutsa mutillak. Emon begio
«Gabontza»k zorko ba da bere, geroko irabazkizunetatik.
***
Irugarren gauan, afal-ostean, bere etxazpiko tegira lotara joan baiño leen, uri aundiko kaleetarantz
urreratu da Nikanor.
Egaletako kaleetan, kanpo-aldeetakoetan, ez dau
apartekorik ezer nabari. Etxe banakak; gero, bata bestearen urrengo, lerrokada luzeetan. Dendak itxiak,
edaritegi ta ardandegiak soil-soillik edegita. Eurotan,
langille itxurako lagun ugari samar, iñoiz; eta beste
batzuetan, erdi utsik, txiribogiña nor sartuko danaren
begira, daukana eskeintzeko gertu.
Uriaren barruko alderantz joan da gero. Eta barruragotu ala, beste bizitasun eta joan-etorria susmau
daroa Nikanor-ek. Aruntz-onuntz, ibilli dabiltz tranbiak, euren errailletan zear, karraskada latzak eta
errebidetan intziri zoliagoak egiñaz. Noizean bein,
glan, glan, joten ditue kanpai nagiak.
Kale nagusietan argi ugariago dago, besteetan
baiño, letra aundiak agiri dira etxe batzuetan, teillatu-
tik lenengo oiñeraiño, letra zuri, gorri, urdin, berdeak.
Denda aundien iragarki apaiñak dira. Toki batzuetan,
letrak, ibilli dabiltz, mustur batean agertu, bestean
ostu; teillatu ganeko egaletan zear, antzez ta egokitasunez ibilli oi diran katu azkarre taiura.
Dendetako erakus-leioak gauzaz beterik dagoz
tontor, argiz josita; errietakoen ikusian guztiz dotore,
ta atsegingarri begientzat.
Aurkitu dauan norbaiteri zigarrotxu bat eskatu
deutsa, ta ibiltaun lez diardu ara onaka, jantruke biziten asi dan onek. Jatekoak diran zerak bere, agiri dira
esparate zabaletan, eta edariak orobat.
Zinetxe bikaiñak dagoz lekuan lekuan; sarrera
txartelak saltzen, neskatilla liraiñak, koloretez beteak.
Eta atezaiñak, sekulako jake luzangak ditue, lebita
urdin, nabar ta orlegiak.
Kaleburu batzuetan, bere errian iñoiz ikusi eza,
txiñelak dagoz zutunik, besoak gora, besoak beera ta
gurutzetara, urdin-illunez jantziak, eta buruan gelapoto antzeko zuriak, eta bardin zuriak, eskuturretako
gogorrak bere.
Aldean osasuna besterik ez dauka-ta, barriro doa
mutilla etxerantz, ikusgarriok begiztau ostean. Bere
etzangu beartsuan, galtzutzan, gaua emoteko asmoz.
Egun guztiak ez dira bardiñak, alanbearrez ta
zorionez. Ola aundi batera daroaz Nikanor-ek bigarrenez burdiña txatarrak, ugazaba lagun dauala. Ango
gazte batek, begitarte ona egin deutsa, ta orra or,
nundik nora egin dauan ezagupidea, lantegi aretako
gazte aregaz.
Ezekiel deritxa mutil oneri. Arpegi zurbilla, sudur
kakoa, begi zuriak, belarriak motxak. Ez da ezer ez
dakiana. Baiña bai buru eretxia bere. Munduko problema barri, sakon ei daki. Langillea da, esku-langillea;
lanbide ori izteko gogoz bizi dana, ostera. Auxe izango da, agian, Nikanor-en maisua erri aundian. Bizimoduaren barri ondotxu daki, ta adiskide barriari munduko jakituriaren albista zeatze emon dagikeo.
Ba dago mundu zabalean, eta uri onetan ain
zuzen, arako liberal eta edu askotako eliza-zaleak
baiño geiagorik bere. Gizarte auzia gero ta beroago
dator. Ezekielek ba dauka orren ezaguerarik naikoa;
aurretikoengandik, belaunik-belaun, gizasemeak
euren barruan daroen zuzentasun-egarria, askatasunjoera ta bakotxaren norberatasunaren alde, adoretsu
jarduteko gogo ta egokitasuna ernamin ditu beragan.
Beti ez da zillegi eta zuzen, amore-emotea. «Erriko
Etxe» sozialistara daroa Nikanor, beste egun batean.
Ezekiel arakatu dau zerbait baiño geiago Marx-ek
irakatsi eban arloan. Giza-talde ugariak ez dira, seguru bere, beste mortxaka urri batzuen menpe, ertsi ta
eutsi, esan ezin-alak jasateko. Bardintasuna lortu gura
da gizonen artean, antzeko samarrak izate, ondasunetan guztiak esku izatea, zelanbaitean; baiña artean
baiño sakabanatuago ezarririk, ondasuna sortzeko gai
diran izakiak. Orretarako, ostera, bardintasun orretarantz bideak egiteko, burruka taldeaksortu bear dira,
eukitsuen aurkez aurke, aberatsen kaltean, aundikien-ala era guztietan jarduteko. Gizon mueten burruka asarrekoia, besteen aurre, morroko ta gorrotope
jarriaz.
Aoa zabalik dagokio Nikanor. Dotriña barriak beretzat, begi belarri gozartu nai ditu. Ezekiel mutil azkarra da nunbait, buru argia eta mingain bizkorra. Erpizia da, uri aundiko semea. Nikanor-en barruan eta
buruan laburkiro ta errotsujarri nai ditu ustari indartsuok, lur barri samurrean landra susterrakoi diran
antzera.
Ez dauke beartsu ta emutsak geiago dirutsuen
apetapean zetan egon orain artean lez, isillik eta apalapal aen esanera ta gogara. Aundikien itza onartzea,
orixe da joputzea. Buztarri zikiña da, ta besterik ez,
aberats eta altsuen onurea zuzentzat izatea. Elizaren
irakatsi bigun eta errukitsuak, beti eroapenaren
magal makalean kulunkatuak, ez dira emakumeentzakoak baiño. Ikurrin urdiñak-eta, zuriak-eta...? Bai zera!
Aundikien seme-alabak ugaritasunean murgil, igari
gurian ibilli daitezan euren bizitza osoan, emutsak eta
alogerakoak semealabatsuak izan daitezala, aentzako
lanak eta arazoak egin dagiezan. Ikurrin gorria izango
dabe beartsuak, lauburu gorria, odola ta sua aiñakoa,
maitetasuna ainbatean gorroto itz erraibagea adierazoten dauana.
Batpatean, Olarratz datorkio gogora Nikanor-eri.
Aundiki arroa, jauntxu madarikatua... ta aren menpeko adurti ta koipatsuak, bizkar-azur manuak. Gero...,
bere errira biurtuko zan, ango jente laua ta erdi-baserritarra, gizarte atzeratu ta buru nagia iratzartuteko;
menpeko bizimodua, egoera ta jarduera bakartzat
arturik, ainbestean bizi ziran tentel eta buru illunak,
gizon barri biurturik jarteko.
Askatasunak, beste ikuskera, alderdi ta isurkera
barri erakarkor ta zoragarriak izan, arranotan! Eta
artean, edonok ez jakin.
Eta Nikanor-ek berberak, artu barri dauan biziera
narrats eta guztia bearrekoaz, zer uste ete dau orain
beiñean?
–IV–
«Gabontza»k irabazten dau dirua. Ordaindu bere,
egin bearko dau. Gaur berton, erabagirik dauka Nikanor-ek, edegi-erazoko deutsaz begiak «Gabontza»ri.
Onek, aspaldi ditu begiak zabalik, beretzat. Eta Nikanor-ek bere, oraindixerik edegiko ditu bereak, eta adimeneko zentzun gazteak, biotzaren griñeaz batean.
Etxe ta olabe ondotik igaroten da trena. An ba
ditu, ganera, bitarte illak, orga eta bagoiak egoten
diran lekuak. Antxe ikusten ditu sarri neska-mutil gazteak, atso-agurak bere bai, auts eta sutauts artean,
arrikatz apurrak batu gurarik. Bear izana, gabezia illuna.
Iñoiz ikusi ditu Nikanor-ek, bere errian ez ikusitakoak. Esaterako, zarma-kankarruetan eta olezko kaixetan, zikin-artean al dana bananduten. janariak, ogizatiak, eta abar. Txarrientzat eroateko gero; ala, billatzailleak eurak jateko, iñoiz baiño sarriago.
Ala ta bere,oerik bageko gizasemerik ez eban ezagutu Nikanor-ek bere errialdean; eta orain, barriz, or
dago biziten, lasto, bedar eta galtzu artean, manda-
zaiñen morroe pobreena bai litzan; Errioxatikako mandazain otsein apalena lez, soillik.
–Ezin negi nik, onelan jarraitu.
–Zer ba? –dirautsa «Gabontza»k.
–Irabazi bage, ez dau iñortxuk lanik egin bear. Ta
ganera, lastategietan, alperrak lo egin legie. Baiñan
ez, lan egiteko dauanak.
–Orduan...
–Oea bear dot, lo egiteko.
–Oea?
–Bai, zeuk lez, eta edonok lez. Ala sasiko umea ba
nintz al naukazu? Oe garbirik izan bakotzat? Eta are
geiago. Alogera, dirutan izango dot, eta ez jantruke
soillik. Dirua premiñazko yat, edonori lez, jazteko,
eskuartea izateko.
–Jantruke ez al zindudazan artu?
–Egia. Baiña egunerik egunera nik, geroago ta lan
geiago egiten deutsut.
–Orduan... goiko zerean lo egin ziñegi.
–Eta alogera?
–Jai-egunean zerbait emongo deutsut.
–Emon, ez. Ordaindu egin bear deustazuz nire
izerdi-nekeak. Biar arte, ba dozu epe naikoa, erantzu-
na emon dagidazun. Eta kontuan izan egizu, ba dakidala emen baiño geiago nun irabazi negian.
Nikanor-ek egi biribillak jaurti deutsaz arpegira.
Mando ta zaldia zaindu, burdiñak ekarri, txatarrak
eroan, kontuak egin garbi, paperetan... Orra or zenbat
arlotan ekiten deutsan mutillak, bere nagusi esku-idor
ta zekenaren onerako.
«Gabontza»k, ostera, gogoan izan, nunbait, arako
esana: «emonak, urritzea dauka».
Lan onuragarria egiten, barriz, mutillak. Eta beragaz oitu danik ona, asti ugariago dauka ugazabak ara
ta ona, zetan edo atan jarduteko. Egia esan, mesedegarri izan yaka, mutil ori agertua. Zer aloger jarriko
ete deutsa? Nebozio kontuak emazteari adierazotea,
geienetan, ez da bapere egoki, gonadunen arloa ori ez
dalako.
–Nikanor-ek, eskabidea egin deust.
–...?
–Kristiñauaren antzera, oean lo egin nai leukelata.
–Ez da txarto esana. Bein baño sarriago erabilli dot
nik ori gogoan. Zuri, bear bada, olakorik otu bere ez,
baiña...
–Ori, ez da ezer. Alogera bere, eskatu deust.
–Izan bere, amasei urte aspaldi egindako mutillak,
zerbait bear leuke pozgarria, esku-artean.
–Ori, neure sakelaren kaltean da.
–Bai, ta zer egingo, ba?
–Bestela, joan egingo dala; aldegingo dauala
emendik.
Emaztea, penaz beterik gelditu da ori entzunaz.
Andra loditoneari «Mautsa» deritxa Nikanor-ek, bere
taiuari dagokiola. Zeruak ez deutsa seme-alabarik
bialdu, eta emakume askok biotzaren sakonean izan
oi daben ama-griñea, amatasun-lera sakona, emaro,
baratze baratze azkortuten asia dauka andratxu onek
bere erraietan. Eta mutilla begiko yakana, zer esan
bakoa da. Guztientzako jatekoa egin arren, iñoiz
eskeiñi deutsa zeozer geiago mutillari senarragandik
aparte, ta iñoiz baita eskupekoren bat emon bere.
Aren katu baltzak, iñartziz ta ziñu txarrez ikusi
daroa, ugazabandreak mutil eldu-barriari egiten deutsazan adiguri ta txera berarizkoak. Bein batean,
katuak, oiaren ganekoa urratu deutsa erpe zorrotzak
antxe lauskituaz, mutillarentzat jarri-barri daben ganbarako oean.
«Gabontza» sarri askoten kanpoan ibilten dan
ezkero, «Mautsa»k ba dauka euki nogaz berba egin,
nok erantzun; berba batean, nogaz banandu bere
bakartadea, katuaz osterantzean, mutillari esker.
Zegaitik ez ba, ordaindu, lanaren saria?
Emakume onek, ordea,pixua gizenetan daukana,
ariurrian falta dau, jenioan dau utsa, peitua. Manabarea, erabagi urrikoa izan ba. Bere egoera erdi unatuak, erbal-joera makurrak menperaturik daukatsaz
gorputza ta barruko sua. Ez eukan bildurrik zetan izan
«Gabontza»k, emaztea mutil gazteaz bakarrean utzi
arren.
***
«Gabontza» ez da txaldana. Bizigillea da, beargiña
aiñean.
Baietz esan deutsa mutillari, alogera izentauko
deutsala. Onenbesteko bat. Amasei urteko mutil
batek, opiziua oraindiño ez dakian batek, zenbat irabazi legi? Askorik ez. Baiña dana dala; alogera, izentaua izan bedi. Beste aldetik, «Gabontza» ugazaba da,
ta ostatu jabea, mutillari buruz. ostatariak, bearko dau
ordaindu janaria, oea, etxean egotea, etxeko ta soiñeko jantzien garbitasuna.
Ba daki «Gabontza»k, Ezekiel nor dan. Ondotxu
jakin bere. Argitasunak eta zeaztasunak batu ditualako. Bere menpekoak uri aundian eginbarri dituan ezagupideak artez zelatau ditualako.
–Zenbat irabazten dau Ezekielek? Eta, nok emoten
deutsa jaten? Etxeaz ta garbitasunaz, zela konponduten da? Bere dirutik egin bearko ditu gorabeera guztiok, ezeukien semeak serbitzari dubakorik ez daukelako.
Isilik itxi dau Nikanor. Zer erantzun jakiteke. Ugazaba, lenengo lenengoan zelan zirikatu, jakin izan
dau; aren erantzun mingotsarentzako osterakorik ez
dau, alabaiña, gertau.
Gogoragarria da mutillari oe garbia eskeiñi deutsenekoa.
Gau onetan, mutilla etxera afalduteko eldu
danean, etxekandre biribillak esan deutsa:
–Nikanor! Zatoz neugaz gora. Gaurtik ortxe, goian
izango dozu zeure gelatxua. Beste aldean, ganbaran
bertan, ba dakizu gure gizonaren gauza sko dagozana, tegi aretan utzita.
Nagi ta bagi igon dau gora, ta arnasestuka andra
gizenak; mutilla atzetik. Izan bere, gelatxu polita
gertu, gazteari. Oe estu bat, aulki maiztua, leio bat.
Etxearen lurreko oiñean, ate bakarra dago kanporako. Atadia zabala da, ta ezker-eskui ateak dagoz;
bata, sukalderako bidea da, ta orrezaz gañera, ortik
barrura dagoz etxeko logelarik onenak eta jantokia
eta abar. Beste aldeko atea da gorakoa, mailladi
estuaren bitartez, mutillaren gelara ta abar, doana.
Atadiaren inguruan, eta onen erdian, goiko
sapaiak tranpa-zuloa dauka; ta zulo orretan zear igoten ditu gora «Gabontza»k bere txatarra fiñagoak,
beste metalezko zatiak eta apurrak, tupiki, berun,
estaiñu ta abarreria.
Arro dago bere buruaz Nikanor, aspaldiko partez,
bere logela txukun apala ta oe biguna daukazala ikusirik. «Gabontza»ren emazte «Mauts» andereak, ez
dirudi txarra. Baiña Ezekiel izan da, geienbat, begiak
argitu deutsazana.
Lo gozoaren ostean itzartu da, eta jaun deritxa
bere buruari. Ba dauka nun lan egin, nun jan, nun irabazi, eta lo egiteko oe txukuna. Amari idatziko deutsa,
barriren barri, ta argazkia atara, ta bialdu egingo deutsa.
Alabearreko egun goibelez argitua! Erriko bat ikusi
dau, ta amaren ilbarria damotsa. Egun pozgarrizkoa,
its eta illun biurtu dan, zearo! Biotzean zauri zitala
edegi yaka mutil umezurtz osokoari. Argi ta illun, poz
ta neke, atsegin eta negar, irribarre ta malkoak: munduko bizitzearen irudi bete betea!
***
Jai-bezperea eldu da. Zazpiretan itxarongo deutsa
Ezekielek Nikanor-eri, uri aundiko toki jakin batean.
Jantzi garbia soiñean, langilleak sapatu gabaz asten
dau jai-aurrekoa, jaia bera baiño gustagarriagoa,
agian.
Ba dauke zarpan, txanpon bat edo beste, euren
lanaren ordaiñari dagokion zati aundiago ala txikerragoa. Ezekielek, amari emon ez deutsantxua; Nikanorek, ugazabak eskeiñi deutsan guztia.
Goialdeko edantokietan ibillaldia egiteko dago au,
lenengo aldiz. Ardau ta beste edari artean, kantasoiñu ta dantzariak bere, ikusiko ditue. Dantzari azkarrak, ez dira mutillak izango, ain zuzen, neskatilla
gazte liraiñak eta ain gazte eta ain lirain ez diran emakume ezeberaak baiño.
Langille ta alogerekoak mordoka eltzen dira edaritegiotara, eta etengabeko sartu-urtenean ikusgarri
drai Bako-ren tenplu zirtzillok. Kaleak betean dabiltz
ordu batzuetan gizaseme ta gizalabak; gero, aldraka;
geroago banaka. Geldi bere bai ateta ondoetan, kafetxe ta ardandegietako ate eta leioetan, kale-ertzetan,
kantal-barrenetan; autu isil, barriketa ozen, barre
zoro, irri gangar, itz gozo, berbeta eze, mozkor-deadar... Edari-zale ta aragi-griñea, jasangatx, igarian
dabil emakume ta gizonezko oneen gorputzetan.
Gizarte-arloko eztabaidak, amuruzko jardunak.
Txiroen artean bere, nagitasunik ez dauken lapur
eskubiurriak, bai ar, bai eme lingirdak. Gorrotozko
asmoak, odol-eske dagozan begiak eta iskillu zorrotz
ala tirogilleak, gogo baldarren agindura...
Ikusi ditu Nikanor-ek ainbat eta ainbat arpegi
barri. Arpegi illun, gazte tximurtu, mingain nabarmen,
billoizkeri limurituak. Neskatilla orraztu bageak,
ezpain gorri ta kolore zuriak, lotsagalduko talde jausia; etxebazter beartsuak, eskillara baltzak, gela
usaintsuak, oe zikiñak, izara garbi izandakoak...
Gau baltzean, etxera biurtzerakoan, egundoko
eztabaidea daroa bere barruan. Beste bizitza-sail bat
agertu deutsa Ezekielek begien bistara. Munduko ibillaldi laburrean aurkitu barri dauan egongu erdiragarria. Milla pentsamentu datorkioz burura, oeratzean.
Etxekandreak gozaro ta maitaro jarri deutsan oe
zurian etzun danaz batera, edan dituan txetxuak
emon deutse zorabio antza uxatuaz doakio, ta adimenean argiaren izpiak ba darabiltz ara-ona.
Aurtemein arte, aurreragoko asteetan, lastategi
zakarrean egiten izan dau lo. Ez izan konforme orrezaz, eta zorionen batean, lazkiro berba egin daulakao,
jadetsi dau bere oe txiker baiña garbia.
Egia izan bere, oe txiker garbia! Ume ta gaztetxutan bere ama zanak, enasa ta utzi zabarra izan arren,
maitakiro gertau oi eutsana. Oetxu bakartia, berarentzakoa soillik. Eta orain, ikusi barri ditu oe baltzak, oe
zikiñak, edonorenak, aragi-tratuan jarduteko tresna
madarikatuak, ostatari denpora laburrekoak zain
dagozan oe lizunak.
Eta batez bere...
Ezagutu izan ditu Nikanor-ek, asko ez baiña,
barrukotasunez ez baiña, arako neskatilla polit eta
atsegingarriak, alaiak, irribarre zindoa egiten ekienak,
arpegi legunak, guriak..., garbiak.
Biotzean alako zarradatxua, zirkin edo zotin kilikaria egin eutsenak: baserriko neskato axe, txalagaz
errira etorri zana... Garbiñe ederra, Olarratz jauntxu
azeriaren loba txairoa, Tutuluren alaba Mari-Asun
bera bere...
Gau onetan ikusi barri dituanen ikusian, bestelako
aldea! Gaurkoak, gizonen aragi-mirabetzarakoak dira
soillik; eurekin jolastuteko; garramurra zolitua asetzeko; zorra ordaindu ostean, agur esan eta bertanbeera
ta betiko aztuteko...!
Ez izan emakumeak, danak bardiñak, esanak
gora-beera.
Lekutan egozan bere errian ezaguturiko neskatxa
gurbil orbanbakoak eta ikutu-bageak, eta uri aundiko
emakume merkeak.
Gaztearen biotzean burrukan dirauen zuzentasunegarria, eta adiñak sortzen dauan aragi-gar gunekoa,
indarrez betea.
Eztabaida, ausarkeri, lotsa-joeratxua ta samurraldia, danak batan dituan mutillak loak artu dau, buruan
mundu naastauaren irudi lauskitua jira-bira zorapenezkoan dauala.
–V–
Auzune bateko edanetxe ezagunean batzen dira
langille gazteak, Ezekiel-ta, Nikanor-ta. Illuntzetan
izan oi da euren bigira edo batzartxua. Lanaren
nekea, ugazaben nausikeria ta zekeneria, ordain urria,
beartsuen eskubideak eta beargiñen eskabideak, kirolak, neskatilla gazteen autuak... orra eguneroko jardunak mutillen artean.
Badago edanetxe orretan, samai luzeaz andik,
neskatilla polita. Irune da aren izena. Politasunaren
araura ez dauka, bear ba da, bere gurbiltasuna eta
gogojabetasuna. Aurki, daldaxa da, ariña.
Atsegiñez begiratzen deutsa Nikanor-ek, eta aregaz, bakarrean, gurari biziz berba egingo leuke. Aren
begietan, oi eza dan zerbait susmauten dau. Beronen
ames-ernamiñak besterik ez ete dira? Izan bere, Irune
dalako orrek, util guztiai bardin samar itz egiten deutse; berba ta begiramen antzekoa eskeintzen deutse
gizonezko gazteai. Zaartxuai ez ainbeste.
«Gabontza»ren irabaziak anditzen doaz, negutean
ibaiak lez. Eroskaiak, noizean bein izaten daben goral-
di ala beeraldia, izan dabe orain bere. Urruneko laterri batzuetan gudu-otsak entzun dira, ta ara-ta-ona
dabiltz itxasuntzi aundiak.
Txatarra kontua ondo jarri da, daukanarentzat.
Saltzai mamintsuak egin ditu ta diru gozoak beragandu. Aukera gizena izan dau, ta ez da lo egon, begi
erne baiño. Diruaren eiña edo egoerea lokaberea da
izan, erreka sakonean arri biribiltxua egoneziña dan
antzera.
Lur-sailla erosi dau, trenbideari deutsala dagoana,
sail jasekoa, luze bai zabal. Diru ederrak emon ditu
aren orde, baiña ez yaka damutuko, seguru asko.
Lurraldeak erosteko eretia ta ara bere dirua aukeran
daukenak, ziskua gilbortuteko bidean jarri oi dira, ainbat eta areago, lurraldeok toki eratsuan, uri aundiko
etxebarrutian edota alboko alderrietan baldin ba
dagoz.
Ta «Gabontza»k orixe egin dau. Diru-etxean dana
gordeta eukiteke, zati mardoa lurretan ezarri.
Aren emazteak ez ekian iñoiz senarraren atzeraaurrera guztien barri. Jateko lain ataraten eutsan, bai,
eta iru baiño ez izan ba, jateko. Senarra, Nikanor eta
bera.
Jazteak ez eutsan ardura aundirik emoten «Mautsa»ri. Izan bere, etxean sartuta egon oi zan ia beti,
bere loditasuna zala-ta edo. Auzoko dendatxuetan lortzen eban janaria ta ortuaria, ta senarrak, aparteko
jataldia bikaiñik ez eutsan eskatuko. Ba ekian onek,