Batetik bestera - 01

Eusebio Erkiaga

BATETIK BESTERA

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
Liburu gehiago eskuratzeko:


Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena,
1962

Egileari buruzko informazioa:


Mertxe, ene emazte onari,
maitetasunez ESKEIÑIA.
Egilleak

LENENGO ZATIA

–I–
Gauaren isiltasuna urratu zan, bapatean. Deadar
eta txilioak entzun ziran Latseta aldean, larriak, esturazkoak. Batez bere, emakumeen oiuak ziran, aidean
durunda zoli eta samingarria egiten ebenak.
–Sua! Sua dago...
Gauerdia igarorik zan, nunbait bere, eta kaleetan
ez ebillen iñor. Aldaba-otsak asi ziran gerotxuago eta
banaka banaka leioak eta balkoietako ateak edegiten
zituen.
–Nundik nora ete dabiltz gau-jagolak, erriko iserenuak? –galdegin eban Martak, txiribogin andreak–.
Leentxuago emen ikusi ditugu baiña... Bestelako gaujagolok.
–Atetaren batean egongo dira lo –erantzun eutsan
auzoko batek.
–Orreekaitik, eleizea bera bere, ostuta eroango
leukie gauren batean.
–Astunegia ezpalitz.
–Ori esan ba.
–Martanean oraintsu egon baldin ba dira...
–Ez da edozelakoa, gero, Martaneko mama gozoa.

Eta gonadunen erretolika au zelanbait eragotzi
guraz, edo beintzat eten nairik, baita Martak berak,
argi ta garbi esan bere:
–Martak ez daki iserenuen ibilleren barririk.
Etxe zaar batek ziarduan su ta gar. Ba zituan
gitxienez bost jagimailla edo pisu, beetik goiraiño.
Ez egoan urian, alako su eta erretura ikaragarririk
zegaz itxungi. Alan bere, ez zan ori okerrena. Etxea,
ez zan bakarra; etxasail bateko muturra besterik ez
zan. Aren ondoan ba egozan amasei bat etxe, kaleko
guztiak, eskuaren alde aretatik.
Jendea asi zan batu eta batu, inguruetakoak batez
bere.
–Sakristaua bere, lo ete dago ba, kanpairik ez joteko?
–Ez dozu ori bapere mirari. Ezkonbarria da-ta.
–Ez diñozu guzurrik. A, oraindiño, lenengo loaren
asieran egongo da, bear bada.
–Zer darabille eurok! –esan eutsen asarrez, leen
ezagutu dogun Marta eperdizabalak–. Ezbearra euki
begien aurrean, eta alan ta guzti bere, maliziazko
berba nasaiak ao-miiñetan.

Asi ziran, ostera, kanpai astunak torre zaarrean
eta orduan agertu ziran erriko lagunak kaleak betean,
goitik eta beetik, iparraldetik eta egoetik.
–Nun dago Anton Okaran? –dei egin eban alkateak, orduantxe kafetxetik urtenaz, zigarro galanta
ezpanetan ebala.
–Ementxe dabil, alkate jauna –erantzun eutsen
albotik.
–Datorrela neugana.
Eta an joan ziran, ariñak arin auzoko gazte bi, Okaran-en billa.
Anton Okaran argiña zan, eta orrez ganera, erriko
su-iraungilleen nagusi zan, bonberuen buru. Ikustekoak izaten ziran, arrisku-aldirik ez zanean eta, noizean
noizean plaza-inguruan egiten zituen ekiñaldi ta ta mangerak zetan egozan jakiteko ta, sartzen zituen lurreko euren zulotxuetan. Toki egokian
doi-doi zertu arte, kontuak izaten ziran; zutunik oi
dagoan este-giltza edegi, giltza itxi. Edegi barriro, eta
urik urteten ez. Barriren barri, burdiña-taketok euren
tegitik atara, barruko boleari ikutualdiak egin. Lenengo norbaitek, urrengo besteak eta azkenez irugarren
batek beste biei ukondoakaz sekulako bultzakadak
egiñaz, eta onek bere, antxe aztamuka jardunaz. Eta,

tira ba, ostera bere, zutunik jarri tentekoa, erroak sendoro ipiñiaz, eta orra ba, alakoren batean, asten zan
uraren borbola beian, eta azkenen buruan, susmau
zeitekean busti antza, lurrean zear.
Egundoko txipirri txaparra soiñuaz asi oi zan bai,
noiz edo noiz, mangera puntatik ura urteten. Baiña bai
zera! Muturreko aozulotik baiño bere, edozein inguruko zulo ez-agirietatik urteten eben irristada eta zipristiñak, an begira egon oi ziran umeak pozaren pozaz
jarriaz. Orduan ekien esaten erriko gizon elduak, mangera jatorraren antza barik, angulatan joateko baiaren
antz andiago eukela erriko uradarrak.
Etxe errean bizi ziran lagunik geienak kalera ziran
itsumustuan. Gizon zaarkulduren bat ei egoan etxe
barruan, dana uatuta egoana. Eta arexeri eskillaretan
beera lagun egiteko ei ebillen gertuen, estu ta larri,
Anton Okaran. Orixe iñoen, zerzeladak zeatz ekiezala
uste ebenak.
Baiña alkateak, orri, ez eritxan zuzen. Besteren
batek egin egian ori, Okaranek bere zeregin nagusiagoak euki eukazan-ta.
Eldu ziran enparauko iraungilleak bere. Iru mangera ta eskillara luze bi ekarrezan. Guztitara, bederatzi
gizon ziran bonberuok. Lanbide au ez zan bakarra

eurentzat, ain zuzen; bakotxaren ogipide ta jardunak
zituen lanburutzat, eta orrezaz ganerakoa zan errian
sortu zeitekezan suak itxungitea.
–Etxe zaar orrek ez dauka zer salbaurik! –deadar
egin eutsen alkateak–. Albokoak su artu dagien egin
bear dozue alegin. Eta zuek bere bai, gizonok, tentelak ler, or begira egon bage.
–Orixe da esateakoa, alkate jauna –ebagi eutsan
Peru Lustreputx zapatariak–. Niri neuri, badaki ba,
umore-miñez nabilb eti bere-ta, ez yat iñundik iñora
komeni busti-antzik.
–Ardauaren bustitasunak ez deutsu ba, agiri
danez, larregizko kalte aundirik egiten, ezoa izan
arren.
Agertu zan Okaran. Gorri gorri eginda etorren,
arnasea ezin biraurik.
–Zer da, Anton? –dirautsa erriko buruak.
–Laster atarako dabe orko agure zaarra. Zirkiñik
bere, egin eziñik egoan, eta kosta yaku bere zeretik
lokatutea. Oiaren inguru eukan egoaneko sua; eta
oarka-barrenak garraren urre-samar eukazan.
–Beste etxeok ez dagiela su artu. Or dago untzea,
jazoa jazo.
–Ez al da agertu gure arkitetu... jauna?

–Kanpoan dala uste dot.
–Emen beti bardin –erantzun eban gazte batek.
–Zer beti bardin, gero? –zertu eutsan alkateak.
–Utsa! Geien irabazten dabenak, ezer bear
danean, ez dira errez aurkitzekoak izaten.
–Oraingo gazteen lotsabagakeria, nabarmena da;
bai bein.
Anton, batera ta bestera begira asi zan. Antxe
bear zan erriko arkitetua, nunbait bere. Baiña an ez
egoan Anton baiño beste teknikurik. Gizon eta gazte
batzuek bere, eskeiñi zituen euren buruan sua iraungiten lagunduteko asmoz.
Emakumeak, eurrez etozan, bakotxak bere kankarrua edo pedarra, bai eskuetan, bai buruan erakutsirik. Urduri egozan, artega, ainbesteko sua ikusi eta
ezer egiteko usteak, txakur-amesak izan zeitekezalakoan.
Kanpaiak dinbi daban ziarduen, eta urrun egozanak, erriko teillatuetaz gain, sekulako argitasuna ikusi
egien, gauaren aldera ortzean gorritasun dirdirak oartuaz.
Etxeetako aterik asko zabal egozan, ziran giñoan;
errietan, orrelako esturetan alkarri laguntzeko agertu
oi dan gogo zintzoa ta bata besteaganako jaierea.

Etxe doakabea antxiñakoa zan, eta bertan bizi
ziranak jente menuxa, beargiña, lagnillea, nekazalea;
txit ez-eukiak bere bai. Lagunak onik urten ezkero, ez
egoan balioari begiratuaz, zer galdu aundirik. Naizeta, bakotxari egokionez, guztia-bearrekoen gauzak,
osoro premiñagarriak izan.
–Ba dago gure alde zer bat –iñotsan Antonek, alkateari.
–Zer, Anton?
–Erriko aizea dagola, egoe-aizea, andren aizea.
Egia zan. Etxe-saillaren egoereari begiraturik,
aizearen bolada erkin-samarrak, garra etxadiaren
muturrerantz eroian. Arriskua, beraz, ez zan areago
izango, besteak erregai izateko.
–Baiñan, dana dala –geitu eutsan alkateak–.
Etxeok, zurezko ditugu geienbat, eta berotasun aundi
bage asiko litzakiguz su ta gar. Asi ba, lenbailen, etxeormai eta teillatuai ura parratadan botaten.
Esatea, ez zan gatxa izan. Egitea, ostera...
Burdin-esteak-eta sartu zituen lurreko ur-zuloetan
eta teillatu-ganetik soka luzeak bota eta batzuk an,
besteak etxeaurreko balkoietan, asi ziran bonberuak
euren ur-odiak eskuetan, uraren zarraztadak nundik
zear jaurtiko, entzuniko aginduen esanera.

–Edegi giltzak aguro! –agindu eban alkateak.
Giltzak edegi zituen edegi. Urik, orraitiño, ez zan
mutur zilloetatik agertzen, kanpora nairik.
–Olakorik! –oiu egin eban Okaranek arriturik–. Iturrizain alua bere, lo ete dago ba oraindiño?
–Doala nonor Txomin Egarriren galde.
–Neu joango naiz –jardetsi eban mutiko batek.
–Ba al dakik nun bizi dan? –iñotsan alkateak.
–Bai, Lepoker jauna –mutillak txarrik barik.
–Zeeer? Alkate jaunari ezizenez aitatu berbere
pertsonatasuna?
–Ba... jauna, ez dakit nik, ba. Nik beti entzuten dot
Lepoker gora, ta Lepoker beera... berorregaitik.
–Zelan dok izena, mutil?
–Nik izena, Nikanor... baiña Zorrizto esaten deuste
danak.
–Ba, oa aguro eure eginkizunera. Aurretiaz, ostera, eta bein ta betiko, jakin egik erri onetako alkate,
Lukas Letamendi jauna doala.
–Bai, Lepo... mendi jauna.
Bien bitartean, ura bai ura eskatzen eben teillatuganeko bonberuak eta baita balkoietan egozanak
bere; ura gizonak, ura emakumeak, ura gazteak...
Txomin Egarri, erriko ur-arduradunak ezik.

–II–
Biaramonean, goizean goizetik langille ta emutsak
euren zeregiñetara abiau ziranean, alpertxuagoak ainbesteko priesa ta iradumin bage urteten eben euren
etxe zirkilluetatik eta uriko ardandegi goiztarrenean
ate-ondoratuak egozan, ganean eben etorkizun baltza
ontzat artu baiño leeon, bearreko yaken kemen eta
adoreaz jabetu nairik-edo.
Mordobikoren ardandegia, txokorik begikoena zan
erri zeeko gizonentzat. Antxen batzen zituen eurak
erriko kotuen bizar-buztanak, eta bestela baitakoan,
Mordobiko gizon mardoak, antxen garbituten eutsezan egarberaa aei, aldean euki egiezan lauko ta txanponak. Txanponon ordez, barri ta albista ernamiñak
ezagutu-erazo ta urdaillarentzat berotasuna ta azkua
eskeintzen eutsen.
–Bart bai ikusgarrizko sua, e?
–Bai, orrelan izan ei zan, seguru bere.
–Ez al zenduan ikusi?
–Ez nik –erantzun eutsan Mordobiko gizenak. Zeuk
bai ala?
–Ezta nik bere.

–Orduan kitu gagoz.
–Nik bai, barriz, ziñotsen mutiko sostor batek.
–Umeak ez dabe nagusien autuetan zetan sarturik. Ospa.
–Eta Txomin Egarriren billa joateko, nori esan
eutsan ba,.. Lepomendi jaunak?
–Ori dok ona! Noiztik arraio zuzendu deutse lepoa
orreri, okerraren truke, mendia ipiñiaz?
–Lepomendi edo Letamendi bardin deust –jardetsi
eban ausardiz, mutikoak–. Kontua da, egin bear dana
egitea, eta ez barriketan jardutea, noiz eta biaramon
goizean.
–Gero! Esku-artean artzen ba...
Alperretariko baten esanaldi ori amaitu orduko,
Nikanor-ek anka-egin eban ardandegitik. Izan bere,
gauzen bigarren zerari itxaroten tentela lez egon
barik, beste toki ta arlo barrietarantz alde egiteko
joera urdurikoa zan, mutikoa.
Kalean, mutil taldea aurkitu eban. Oneek gazteak
ziran, eta txikizaar baten inguru egozan kontu-entzuten. Etxe zaarrak egin eban berea, uriko uradarrak,
bear zan lez, gertu baiño leen. Sua, berez berez,
makaldu, alpertu eta itxungi egin zan.

Ba eben, orraitio gazteok, beste zebait elebidetzat.
–Egun-sentiak argia ekarri deuskunean, erriko
lagunik geienak nik neuk ezagutzen nituelakoan-ta,
ainbat eta ainbat ezagutu eziñik ibilli nok –iñoan txikizaarrak.
–Zelan?
–Belan ta kapelan! Esangodeuat, ba. Gizonezkoak,
umeak eta andra egiñak, oneek bai, errez zertu yoadaz.
–Eta, orduan, nortzuk izan dituk ba, arpegi gatxok?
–Nortzuk? Neskatilletarik asko. Aek ez ituan bestetakoak.
–Zer ba?
–Jantziak, ortik emendik, tira ba. Baiña aen begitarteak...
–Loaren faltaz, aurki.
–Baita zera be! Dendako kolore faltaz yegoazan,
mutil, matrailla guztiak zurbil, eta ezpanak tximur ta
kolorga.
–Ik esateko ez dok asko, Burduntzi.
–Nor da Burduntzi? –galdegin eban Nikanor-ek,
autua entzuten isil-isillik egon ta gero.

–Mustur erre oskilla –deadar egin eutsan bertatik,
erre erre, txikizaarrak mutikoari–. Umeak etxera, amagana.
–Eu baiño umeago nor dok ba, amalau urte ta erdigaz oraindiño oian txiza egiten dok-eta!...
Oin bizkorrak zituan Nikanor-ek, etu eurei esker,
bera baiño andiagoaren zemaiak ustel urten egian,
beingoan aldegin eban andik.
Kale labur eta luzeak iragan ostean, etxe aundi,
zabal eta zakar baten aurreraiño eldu zan. Atetako
atetzat biak edegita egozan, oi zan lez. Eskolea zan
etxe eskerga ori, eta erriko kale bazter eta aldedun
batean egoan.
Ba etozan mutikoak banan banan euren ikastelekurantz. Asko, goiztarrak, orduzale zintzoak, barruan
egozan ordurako. Azken txoriak ziran unekada aretan
agertuten ziranak, nagiak menpean artuak bai lituan.
Oneetariko batzuk, Nikanor-en itz erdia, irakaslearen esana baiño errezago artu oi eben gogoan. Nikanor-en agindupean gogozago ekien egoten, maisuaren esanaldi ta jakinbear illun eta nekagarriak ausnartu ta eio eziñik, zazpi alegiñetan jardun baiño.
–Liburua asmau ebana, oba litzateke inpernuan ba
lego.

Orixe zan Nikanor-en esanetarik bat, bere kide ta
gaztetxuago ziran umekondoentzakoa. Umeentzat,
eskolazale ez ziranentzat esan nai da, gauza biok
ziran alkarren antzekoak, biok bildurgarriak: inpernua
ta liburua. Auxe, bear bada, okerrago bestea baiño,
urrago ta bertarago eukelako.
Begien bistakoa zan mutiko urtentxuon alkar-ikuste ondoko egitamua, sarri askotan.Lenengo ta bat,
sasi-eskola egin, piper. Izan bere, aen nagi ta astuntasuna, aen larri-usaiña, oin eta belaunak lanean jarri
bearrez, eskolako mailletan gora joateko.
Egotaldi luzea egiten eben atadian, nora joan erabagi baiño leen. Eguraldi zikiña edo bustia baldin ba
zan, atetan bertan egotea bere, tira! Orduan, ez
egoan errekreo-unerik, eta eskolako jarduna egitaldi
osokoa izaten zan, bai goizean, bai arratsaldean. Maisuak, bein barrura ezkero, ez eben urteten arik eta
eskolaldia zearo amaitu arte. Une orretan agertzen
ziran, etxerantz joateko, umeteri biurri ta jolasgarria
aurretik ebela; umekondo geienak eskolatik urten ala,
alde guztietara begira, txiza urrunerantz egin ondoren.
Arriskua eban, ostera, atadian luzaro egoteak.
Erriko txiñeletarik batek oitura onak maite zituan, eta

beste txiñel nagiagoak egiten ez ebena, egin eroian.
Zera, noizean bein eskoletxeko ateta enas ta maskildu aretara agerraldia egin, ikasle baldar ta piperzaleak ezi ta mendu nairik. Ez zituan begiko ezelan
bere, sasi-eskola egiteko edonoiz gertu egon oi ziran
neska-mutikoak. Neskatoen ikasgua andik aparte
samar egoan, baiña zana zala.
Goiz aretan, geienetan lez, Nikanor-en gogoa
askatasun-miñez egoan. Bakarrik ibiltea gustatzen
yakan arren, iñoizka beste asmoa bere izaten eban;
gizartekoia bere, aldarteka, ba zalako izan. Lagunak
billatu nai zituan, beraz, eta orretarako ondotxu ekian
arek, arraiñai amuskia eta txoriai zepoko artagaraua
nai lakirioaren lurreko arra erakargarri oi yaken lez,
mutikoai bere, zerbait pozgarri, eskintzaria egitea
gizaki zuurraren antzera jokatzea zana.
Gurasoen bildurragaitik baiño ezpa zan bere, asko
ziran, naita berandu izan, eskolako atetaraiño beintzat
joaten ziranak. Gero, barruna sartzea, ori, bigarren
artikulua izan oi zan. Ikasle atzera oneek zituan Nikanor-ek gogoko. Azken-unean ipiñi lakirioa eta orduantxe, geldi ta bare, bertan beera lotzen ziranak aren
esanera.

Batzuetan, opari ta eskain kilikariak egiñaz, zirikatu ta limurtu oi zituan bere jarraitzaille ta menpekogarriak. Zigarro argal eta metxu bat; karameluren
batzuk; txikot eta lokarri zatiak; su-arriak; imanen
bat... Betun-kutxak, pospolu-atabakak; idazteko lumamuturrak; aizto ta kaiñubetak; berun-zatiak; erloiu
zaarren bat, ikusi ta ikusu egiteko bakarrik... Irudidun
errebistaren bat, neskak-eta ikusteko; tebea zikin tximurtuak...
Amaika urte ingururako ez egozan lo.
Eta batez bere, ez asko baiña, txanponak, zentimu
bikoak, txakurtxiki ta aundiak; iñoiz edo bein zidarrezko dirutxuak, erreal biko politak, peseta zuriak. Diruaren dirdaia bai zoragarria! Ez zan ezer, adin aretan,
dirua ta askatasuna baiño maitagarriagorik. Ez gordeta eukiteko ain zuzen; esku-aldatuz ainbat eta ainbat
gauzaz jabetuteko erdikaririk egokiena ta errezena
zalako izan. Orduan, eta arrezkero bere!...
Goiz aretan, sozio bi zuritu zituan, bere menera
jarri. Bata, gogo osoz, eskurakoiagoa zan-ta. Bestea,
ortik-emendik, Nikanor-en ganako bildur-usaiñez.
Lenengoa, Anton Okaranen semea zan, Matxin
Zakatz, eskolan azkenengo ibilten zana; eta beste au,
Senentxu, irurotarik gaztena. Nikanor-en argumen-

tuan indarra zala, ala euren ikasteko gogorik eza zala,
beingoan jarri ziran aren esanera. Egitamua? Lenengo
ta bein, eguna euren esku artu, jarei ta libre, buztarri
ta loturarik bage. Bigarren, andik alde egin, alde eskolatik.
Erriaren bizkarra bai litzan, erriari eutsola egoan
mendiska batera igon eben. Antxe eukan Nikanor-ek
beretzat zerturik gordelekutxu bat, erdi arpe, erdi
aterpe. Berezi sarratu baten egal batean, aitz aundi
biri txapeltzat ezarririk, gurbiz-adar moltzoa, teillatua
bai litzan. Bazter zulo ori eukan babes antzera; antxe
izten zituan bere gauzatxuak, atxaren irrikitu batean.
Arako Robinson-en entzutea edo, ba eban Nikanor-ek; eta bere moduan, Diego Montes-en irudiaren
erraiñu-distirak amesez ezarten zituan, bere asmamen zoranga gaztean.
Barregarriak izan zeitekezan kozkondua edo agiñak bardindua zan edonorentzat, Nikanor-ek an zokoraturik eukazan zertxuak. Baiña, amar-amaika urteko
mutikoak birlora-laiñoz ta sorgin-lanbropean ikusi ta
irudipetu oi ditue egunero milla gorabeera, gertakari
misteriozko biurturik.
Lakirio ta zepuak, tiragomak, manopla ugartuak,
txakur-ilgarri zan pistolatxua bere bai... Sinistu eragin-

da eukazan menpeko mutikoak: Nick Carter eta Buffalo Bill-en jazoerak eta! Indioen tomahawk zoragarriak
bere, berberak egiten zituala, eta an, egileor aretan
gorderik zituala-ta! Anbotoko Damea berbera bere!
Irudidun paper zikindu aetan irakurrik, eta baita beste
lagunzaarrago batzuei entzuniko kontu garratzak
eta... Egia. Ta orduko filme izugarriak, ainbeste domekatan amaitu eziñik erakusten zituenak, West-eko
mintz baltz, isil, itzik bakoak, eta beste toki batzuetakoak eta; Karpanta-ta, Rokanbole-ta... Beti arriskuan
eta beti onik atara-erazo mutil onak; eta barriro galduagiñean utzi neskatillea, mutil gaiztoaren menpe; ta
barriren barri, onak egundoko lepokadea emon gaizto
guztiai...
Nikanor-en itzak, orraitio, ez ziran izaten geienbat
ugari, etorri aundikoak eta amaitu eziñak; ez zan
barritsua, ardailla.
Baiña, berbazko erasoaldi luzeak aiñako iskillu
eragikorrak eta gertuak zituan. Aren arpegi-ziñu ta
begi-jokoak, aren eskuen azkartasuna eta ao-inguruko
zirkiñak eta ezpan-tximurtzeak, zarrada aundia eragiten eutsen arako biotz bigun eta meneko ziran mutiko
beratz eta ikaratiai. Ez zan Nikanor, beti burrukan ibi-

lli oi diranetarikoa. Azeriaren jokaera atsegiñako
yakan, txakur zaunkalariarena baiño.
Matxiñek ikusirik eukan iñoiz Nikanor-en isil-txokoa, onek erakutsia, orixe bai. Ez zan berakautako
zera, bazter itzalgarri ta erdi-santu aretara joatea!
Nagusiaz batera joan zeitekean. Eta iñoiz, iñoiz, aren
baimen berarizkoaz bere bai, baiña beste iñor laguntzat eroan barik. Baimen bage araiño eltzea, oben
aundia zan, bear bada, parkatu eziñekoa, Nikanor-ek
berberak izan ezik. Baltsakoa edo aldrakoa ez zanik
ara eltzea, nai ara urrerantz baimen bage alegiñetan
iñor susmautea, toki gurgarria oin zikiñez iraindu ta
lerdez laidostutea zan. Ilgarri edo aren batekoa izan
zeitekean, ausardikeri ori eginbidean jarritako mutiko
biurri ta urtena.
Bere leku zorapenezko aretara eroan baiño leen,
Nikanor-ek, egun aretan neofitutzat artu eban Senentxuri, orrelakoxe gogoetak eragin eutsazan; biotzean,
ezarian ezarian, alako laztura etenkorra sortu erasoaz. Isil-zokondo axe, gitxienez Inka ospatsuen altxorraren gordairu edo ez ete zan, siñistuta egoan Senentxu.
Gorago aitaturiko tresna ta iskilluetaz gain, beste
batzuk bere ba ziran an; matraillu, gabi txiki, atxur txi-

ker kirtenik bakoa... burdiña-negarrez beteriko artaziak, giltz ingelez ao bakoa. Ainbat eta ainbat erreminta zaar, mika arrapakariaren antzera, Nikanor-en esku
batzailleak bestela baitakoan, asterik aste araxe eroanak.
Toki ori ikusita gero, entzunikoak entzun ostean,
eta gauzarik ugari eskuetan erabilli ondoren, egiaz eta
benetan ulertzen eban Senentxuk, eskolarako baiño
gogo aundiago izango ebala Nikanor-ek nai edonok,
antxe mendi bazterrean ibiltzeko ta egoteko. Etxera,
bai, jaten eta lo-egiten. Baiña osterantzean, antxe
ederto: gauzak artu, gauzak itxi; eskuetan erabilli,
sakelean sartu; gero, atara. Bidekurutzera joan, eta
andik igaroaz joan zeintekean edonori, «geldi or ta
eskuak gora» dei egiteko gertu, pistolatxua eskuan,
bestean kutxilloa, ta begiak ezik arpegia bere, mozorroz edo sudur-zapiaz estaldurik...
Orrelako zerak entzuteak, Senentxuri, dardara
berarizkoa ernerazoten eutsan burutik oiñetara. Ain
zuzen aldi aretan, arratsaldeko ozkorri legunaren
ostean, neskatoak, an plaza inguruan, soka-jokoan
ikotika ziarduan artean, kantau oi eben arako:
«De Zaragoza ha venido

un valiente bandolero,
que se llama Florentino
y se apellida Ballestero.
Ballestero tiene un hijo
que se quiere meter fraile
y su madre le contesta:
Torero, como tu padre...».
Beste gauza baten jabe egiteko asmoa erabillen
Nikanor-ek. Asmoa ta gogoa. Erriko zaldun batek
baratz ikusgarria eukan. Eta an, etxe txiker bat egoan,
solo-lanak egiteko tramankulu ta lanabesak gordeteko. Orrezaz ganera, zaldun ori, Olarratz jauna bere
abizenez, eiztari fiña zanez, eskopeta eder bat eta
batez bere, makilla zoragarri baten jabe zan. Makilla
ori, kanpotik bardin antzekoa zan, goi-aldean narruzko azalduna; baiña eskuturra edo kirtena zan tokiaren
barruan, puñal zorrotz eta meia ei eukan; eta orrelan
makilla arrunta eritxi batean agiri arren, barruan
ezkutaurik eukan izkillu orren gurari biziaz ebillen
Nikanor Zorrizto, kutiziatsu, minberaa, gogatsu.
Baratz aretan sartzeko gauza, bakarrik bere, ba
zala uste eban Nikanor-ek. Laguntzaille batzuk izatea,
orraitiño, batzuetan kaltegarri ez dala izaten-ta, bere

asmuok egosten ziarduan txapelpean. Orma sendo ta
goiti luzeak zituan baratz arek, eta inguruko bidean,
bada ezpada, zer gertauko, albomutil erazko eta aiutuak izatea, zuur jokatzen zan.
Albomutil edo estaltzailleok, ostera, zintzoak bearko eben izan, eta edozein lapikotxiki edo euli. Isilik
egoten ekiana. Bildurtia ez zana.
Orretan, egundoko buruausteak izaten zituan
Nikanor-ek, bera ondo ezagutzen ez ebenak orrelakorik uste izan ezarren.
Iñoiz baiño sarriago lapurretan ibillia ie zan. Orixe
iñoen miin zitalak. Zeren giñoko edota zein esteritako
lapurretak egin ete zituan Zorriztok? Areri berari
entzun ezkero, baiña, beste soiñu zoli ta garbia entzun
zeitekean aren aotik: erabilten zituan gauzatxu guztiak... aurkituak izaten ziran.
Zorionekoa zan, izan bere gero, Nikanor, edonoiz
ta edonun pitxi, iskillu ta erreminta politak, eta baita
dirua bere, sarri bai sarri topauten ebalako.
Orra, Senentxuren buruera sakona...

–III–
Bizi zan erri aretan ez zan jaio. Erbestetik eldu zan
Nikanor, bederatzi urtekoa zala. Alarguna zan aren
ama; beste anai bat bere, ba eban mutikoak, etxetik
antziña aldegiña, eta aspaldian ez eben aren barririk.
Atzerrira, estranjeri aldera joana ete zan; baiña beste
aztarrenik eta argitasunik bage egozan ama-semeak.
Umezurtza zan ba aitaren aldetik, eta ume bakarra lez zan bere amarentzat. Andra oni Zenone beartsua edozein esanguratan. Buruz
ariña, zentzun aundibakoa; gogoa ta kemena, guztia
bearrekoak; ondasunetan, ez eukia; gorputzez, itsusi
samarra, eta bizitzaldiko gorabeeretan, doakabea.
Ogia, an or emen irabazten eban; beretzat eta semetxuarentzat, gosea zuritu eta ibituteko lain batzen
eban, erdi lanean, erdi eskean.
Ama baiño argiago zan, ardura barik, Nikanor gaztetxua. Begiak ez zituan ederrak, eta arpegi zurbillaren ganealdean ule gorristea. Sudurra zapal zamarra
eukan, eta euretako zilloak agertu nairik lez, matrailla
pekatsu bien erdian.

Pelotaka, leberra ta azkarra zan, bere adiñean
gitxi lakoa. Jokoaldi laburrak egitea gustauten yakan,
ostera, eta al izanik, beste iñor begira ez egoala. Eztabaidetan, eta, iñoren lagutnasuna arerioaren alde
makurtzeko arriskurik gertau ez zeiten.
Diru-jokoan bere, ez zan azkena. Txanpan eta
parretean, puntura eta arpegi-gurutzetara jakituri
aundiz jarduten eban; eta lauko mamiñak –guztira
bere, zenbat ba?– errezto bereganduten zituan. Baiña,
bera baiño gazteagoekin jokatzen eban gustoren, asarrera ezkero, burrukazale ziranekin alkar-joten eta
muturka ibiltea, aren gogoko ez zan-ta.
Lagun artera agerraldiak eta ezkutaldiak, tximistearen antzekoak izaten zituan sarri askotan. Aldikadetan, egunak egun iragaten eben Nikanor-en irudiaren gerizerik ikusi barik aren laguntxuak eta eskolamaisuak.
Jokaera orreri ez eritxan egoki ta erazkoa Etxabelar maisu jaunak, eta aren amari esanak-esan eta
deiak-dei egitea alperrekoa zala igarririk, Auzoetxean
jakiñerazo eban, sasi-eskolakoen artean, Nikanor
Zumala puntarengotzat ezarriaz.
Alkateari ez eutsan bapere begia argitu bere menpekoen semeak eskolara zale ez zirala jakiteak. Ortik

ba, maitabidea ta aolku bigunen erasoa deusezak
diranean, jagoleen arreta ta ardura zolia astindu ta
erne bear zala otu yakan agintari nagusiari. Eta orra
ba, nundik nora erriko almameru zaarra ebillen geiago bere, gertu ta begi zorrotz, Nikanor eta aren antzekoen atzean.
Noizean bein, ostera, onu ta esan gomutagarriren
bat adierazoten eutsan amak. Gatz aundi bage, egia
esan. Eskolea ikastea ta, kartak egiteko ta, soldautzara joan zeitenean amari idazteko... Guztiz itzala zala
eskolarik ez jakitea.
Nikanor-ek orraitiño, gudari-aroaren gorabeerarik
bat bakarra baiño ez eukan gogoan. Arako bere osaba
batek egin ebana, soldau ez joatearren. Ori egin ezkeroan, berak bere, ez eukean, ziur asko, letrarik ikasi
bearrean zetan jardun, larregian beintzat, eta ain
zuzen soldautzea zala ta ez zala.
Aren osaba ori, mutiko zanean, okerra baiño okerragoa izan zan. Txikiena izan be-ta, uzkarrumeak
geienetan ondu ta gozartu oi dituen bigunkeri ta parkatute ugariegi ezagutu zituan. Bein baiño sarriago,
etxekoak euren zeregiñetan ziarduelarik, goiz erdian
nai goiz beranduan, etxeko sukaldera eltzen zan,
amaren alde-unadak zelatean zainduaz. Eta orduan,

lapikoan egon zeitekean ongrria atara –okela, urdai,
makillau eta abar–, eta zatitxu mardoak bere ao gozagarritzat beingoan urdailleratuaz, barriro isil-isillik eta
ardura aundiz utzi oi zituan, lapikoen eta enparaukoen estalkiak, barruko janarien batzar usaintsuak bakebaketan bai lirauan. Amaren begietan, batzuetan, jaki
ongarriok murritzak eta meaztuak zirudien, baiña suaren lanak egiñiko urritzea izango zalakoan egoten zan.
Gazunaskako aragia, zeziña, orixe yakan atsegiñen Nikanor-en osabeari. Beiñola, lobeak osabeari
berari entzuna, zezin-zati batzuk jan ostean, aen
ordezko ta truke, berak apartean gerturiko zezin-aizuna edo sasi-zeziña, merkeago beti bere, sartu ei eban
lapikoan, eta ezetariko kezkarik bage, egin bere:
sagua, aurretiaz il eta narru gorrian gatz emonda
jarria.
Osaba aren bizitza-lerroaren zati onexek, lorratz
sakona egin eutsan biotzean eta kolkoaren ondarretan, eta aren buruak argiro gorde oi eban, batez bere,
umezaroko urte sail luzean. Auxe zan: soldau joan
bearreko ordua eldu yakan osaba areri, artean euskaldunak aren laterriko lege nagusi orren azpian buztarripetu barriak izan ziralako. Bizimodu noraezeko
orren zaletasun erbatzik bere, ez izan, ba, aren osaba

zuurrak! Bildurra eutsan aldikada areri, gosez ornidua
geienbat, garbitasunez eskasa, etxetik urrundua,
amaren gonapetik asago aldegin bear mingotsa.
Eta zer egingo, zer ez egingo, dapa, erabagi zeatz
eta sustarrekoa artu eban.
Mingarria izango zan, arean. Itxusperaa jarri bearra izango eban, aurki... Erabagi gogor eta errea zan:
ortz agiñak, guztiak tutarrez atara, bat bakarra bere,
oietan egonean utzi barik. Eta esan, eta egin. Ogetabat urte mugara eldu zanean, agintarien mezu ta deia
jasoteko unea orduko, eta lasterrekoa zan, aren aoak
egundoko sarraskia izan eban; eta agiñak eta ortzak
banan banan eta urrengorik urrengo erauziaz, egun
gitxiren buruan aren matrailla-azurretako oiak, patata
ereiteko gertu dagon soloaren itxurea artu eben,
lerroz-lerro zuloz edo potxiz beterik.
Osabearen jazoera garai ori, Nikanor-ek amaika
bidar kontaua bere adiskide ta jarratzailletxu bakartiai, oneek ao zabalik, isil eta konkortuta egozalarik...
Ez zan, orraitio, osoro ez jakiña Nikanor. Bederatzi-amar urte zituanean eskolara zintzoago ibilli zanez,
ta berez argi samarra bere bai, aurrerakada ezagun
ezaguna egin eban, eta bai orixe abertidu bere, Etxabelar irakasle errimeak. Ori zala-ta, garbaiz ta errukiz

ikusten eban maisuak, mutikoaren zabarkeria, berezko doai aitorren jabe izanik.
Mutikoaren gogoa ta maisuaren ustea, ez etozan
bat, beraz.