Banhar - 9
nere meneko Anamitak igorri nituen oihanerat
etxola handi baten argiko egiteko. Gero, nihor
ohartu gabe, eria harat ereman ginuen. Anamitek etzuten irriskurik, pikota orok ukhana baitzuten haurrean: ez-eta nik, ezen bizpahirur aldiz
bederen xertatua izana naiz
Erran bezala, biharamunean herri guzia bilarazi nuen herriko-etxerat eta egia ikaragarria
salatu nioten: «Bainan, haur maiteak, zer nahi
gerta dadien, gauden elgarrekin. Girixtinoek zerbeit badugu hiltzeak baino gehiago lotsatu behar
gaituena, hura da aphezik eta sakramendurik
gabe hiltzea. Eta bakotxa bere alde joaiten bada
ni ez naiz orotarat heltzen ahalko!» Orok batean
ihardetsi zautedan: «Ez, Aita, ez dugu ihesi joan
nahi. Hiltzekotz, zure ondoan nahi dugu hil!»
Etzen guti horren ardiestea. Bertze etxola
batzu eginarazi niozkaten, nihor eritzen bazen
ere. Lehen eri hura sendatu eta ongi sendatu
arte, nere Anamitak eta ni baizik, nihor etzitzaion hurbildu. Bertzerik etzen denbora hortan
eritu eta orok uste ginuen Koxam salbu zela. Bainan airea pozoinatua zen eta pikota oihan zokhoetaraino heldua. Koxam ere hartu zuen beraz
eta ederki zafratu. Nik errana baizik etzuten egin
halere Koxamarrek. Norbeit eritu orduko, oihaneko etxoletarat erematen zuten berehala, han
arthatzeko. Eri handienak berex han ere. Hauk
ikusten nituen maizenik, gorphutzak bezala arimak arthatzeko.
Oi, oihan zokho hartako ikaragarrikeria! Etzuten gehiago gizonak iduri eriek. Aldean ukhurtua, alde guzietarat zoakioten ustelduraren
erdian belhauniko hainitzetan, azken sakramenduen ematen hasten nitzaiotelarik, olio sainduak
ez zikhintzeko, erhiak xukatu behar nituen aldi
guziz. Zer bihotza behar den holakoetan goitika
ez hasteko! Lehen aldietan bihotzak gaindi egin
zautala ez dut gordeko. Geroztik barnea egin
zautan haatik! Ehortzetek ez ninduten batere
gutiago lotsatzen, herritik nihor ez baitzen haizu
hilari jarraikitzerat…
Hala hala, zer atseginak ere ez nituen! Gaixo
eriek hain ongi hartzen zituzten beren gaitz eta
heriotzeak nun uste baitut oro Jainkoarekin direla zeruan! Oraino pagano zirenak, bakar batzu
salbu, oro bathaiatu nituen, ematen giniozkaten
artha onek unkiturik. Oi, Jainkoa zoin ona den!
Hainitz eriarazi du… salbatzeko! «Felix calamitas!» oihu egin dezaket beraz nik ere, guzien
gatik: pikota ethorri ez balitzauku, hainitz eta
hainitz beren ilhunpetan egonen ziren!
Iduri luke, ikusi ginuenean gaitza ez ginezakela geldi bere bidetan, ez gintuela baitezpada
eriak zokho hartarat ereman beharko. Bainan ez
nintzen airerat ari. Paganoek etzuten guk bezala
egin beren herrietan, eta pikota hainitz lasterrago hedatu zitzaioten. Oro kasik batean eritu
ziren eta kanpo lanak nihundik etzituzten hortakotz egiten ahal izan. Pikotaren ondotik goseteak atxeman zituen beraz. Guk aldiz eriak arthatu gintuen, eta kanpo lan guziak egin, hain-
bertze eri ez ginuelakotz batean, eta gero selhauruak bethi bezala bethe ziren.
Eta Aita Besombes nere lagun berria zer ari
othe zen denbora hortan? Nola ez dutan aiphatu
zaudete segurki? Zertako? Bera eritu zaukulakotz. Etzuen haatik pikotak hartu, bigetan bederen xertatua izana baitzen, bainan oihanetako
sukharrak. Lehen ilhabetean ederki ihardoki
zuen eta lorietan erraten zautan. «Ikusiko duzu
ni ez naizela erituko! Ez dut egundaino orai
bezenbat indar ukhan!»—«Hobe, adixkidea,
hobe, bainan etzatzu lasterregi egin kukuruku:
badakit hemengo berri!»
Eta egiazki gaitzak etzuen ordu arte hartu,
gero azkarkiago hartzeko baizik. Sukharrez bertzalde, hazteria zikhin bat ukhan zuen: bai-eta
barneko gaindidura batzu. Zainak hala hil zitzaizkon nun deusetako kalipurik ez baitzuen gehiago. Erran ditake beraz, guzien buruan pikota
denbora hartan nik baino gehiago ikusi zuela…
Jada errana dut eta berritz erran nahi: hemen
gaindi bada nausien nausi bat, sukharra. Nihork
ez dio buru egiten ahal. Salbaiak berak noizean
behinka hartzen ditu, bainan kanpotiar bati ez
dio barkatzen. Gutiz gehienak hobirat erematen
ditu. Sendatzen direnak, ongi eta ongi ahuldu
eta zehaturik uzten ditu. Eta utziko! Hau ongi
jakin dezatela gure ondokoek. Ez diotet lotsatzeko erraten: misionesta deusek ez du lotsatzen,
bainan ez diten lotsa! Misionest gazte batek
hunat ethortzean badu amets bat: martirgoarena. Hemen badute martirgoaren mentura. Zer
diot mentura? Segurantza, badute, segurantza.
Bainan martirgo hori ez da nahi luketen su, azote
eta odolarekilako martirgo hura. Bertze bat da,
luze eta samina! Ustea badut, bai eta esperantza, huni bertzeari bezen begitarte ona egiten
diola Jainkoak…
HOGOITA ZAZPIGARREN
KAPITULUA
Gau latzgarri bat. —
Jainkoa gure alde
Gutik egin zuen pikotak ez bazuen desegin
misionesten lan guzia. Solas horri lothu gabe,
bertze ixtorio bat nahi dautzuet haatik kondatu,
ikus dezazuen Jainkoak nola laguntzen gintuen
segurki. Gisa hortan, hein batean bederen, gure
Jainkoaren alderako zorra ttipituko dugu…
Pikota hasi baino urthe bat lehenago, zenbeit
koxamar makurtu ziren hauzo batzuekin eta
Tolehko herrirat joan egoterat. Toleh hamar bat
aneurkin edo kilometretan da. Zazpi joan ziren
denetarat: bortz pagano eta bi girixtino. Bertze
hirur ere baziren haatik katiximan ibiliak. Pikota
etxean sartu zitzaiotelarik lotsatu ziren, eta beldurtu ifernurat joan beharko zutela. Elgarrekin
mintzaturik, muthiko gazte bat ethorri zautan
bilha, izerdi uretan. Eguerdi zen. Aintzineko gaua
sukharrarekin iragana bainuen neronek, etzana
nindagon. Euria ari zen bertzalde parrapatan,
eta ibaiak jada handituak ziren. Banakien bertzalde arratsari buruz sukharrak berritz hartuko
ninduela. Bainan hirur bathaioren aintzinean
etzen sukharrik ez bertzerik: xutitu nintzen berehala eta abiatu. Koxametik Tolehrat joaiteko ez
da lur biderik oren erdi batez: nahi eta ez urez
joan behar. Bi Anamita hartu nituen, untziska
batean eremateko. Lur-biderat heldu ginelarik
Koxamerat itzularazi nituen, ongi eta ongi erranik ilhuntzeko toki bererat ethortzeko, sukharrak
han hartzerat utzi gabe, eta oinez jarraiki
nitzaion nere mandatari gazteari.
Erien etxean sartzean halako usainak sudur
guzia bethe zautan nun alditxartzer bainintzen.
Eri gaixoen loriak berehala phiztu ninduen haatik. Bi oren iragan nituen han, eta beharrenak
errepikaturik, hirur bathaio egin nituen. Ikusi
bazinute etxe hartako zoriona! Huna zer erran
zautan emazte gazte batek: «Aita, orai hil naiteke bederen! Ez dut deusen gutiziarik gehiago
lurrean!» Gaixoa! Jainkoak aditu zuen eta ondoko gauean berean deithu. Eta segur haren gorphutza ondoko egunetan ez bazitaken usteldura
meta bat baizik, arima zeruan zen bederen bat-
haioko garbitasun eta distiraduran! Bertze bigek
gaitza garhaitu zuten eta ez dute segurki ahantzia Jainkoaren dohaina.
Bainan iguzkia aphaltzen hasia zen eta etxerat itzuli behar nuen. Goizeko muthiko gazte
bera gidari, ur hegiari buruz taka taka abiatu nintzen. Ondikotz, etxetik ehun urhatsen buruko
horra nun hasten zaukun ortzia karraskan! Nere
laguna igorri nuen gibelat, bakharrik ere bidea
eginen nuela.
Sobera atsegin ukhana nuen arratsalde hartan: Jainkoarekin zorretan ninzen beraz. Euria
hasi zuen jauts-ahala… eta ur hegian nere gizonik nihun ez ageri! Beha egonik, Koxamerat itzuliak ziren, holako denborarekin eta eri, segurki
ez nintzela kanporat menturatuko. Hotz ikarak
jada hasiak nituen. Bada, handik Koxamerat
badakizue ez nuela lur biderik. Etzen alde guzietarik sasi beltza baizik. Eta horra nun urak atheratzen diren karraskan, zuhaitz eta oro errotik
atheraturik berenkin ereman nahi balituzte
bezala! Gaua, gau lodi bat ethorri zen hainbertzenarekin… eta ni bethi han! Han, eri eta atherberik gabe! Zer egin? Othoitz kartsuena Jainko
Maiteari bihotzaren erdi-erditik eskaini-eta, makhil bat pikatu nuen sasian eta abiatu. Abiatu,
norapeit. Ondikotz, menditik beheiti karraskan
ethorririk, ur tzar batek nere bidea hautsi zautan
laster! Etzuen iduri halako urik bazela: sartu nintzen. Belhaunetaraino nuen doidoia, bainan
halako indarra eta oldarra zuen nun, ohartu
gabe, laur hatzez gora han harat eremana baininduen! Beharrik Jainkoak ez ninduen utzi!
Haitz ondo baten ondoan iragaitean, adar
batzueri aztaparka lothu nintzen, xutitu eta uretik ahal nuen bezala atheratu. Erreka bi urhatsetan zoakidan karraska gorrian. Han sartu
banintz, nereak egin zuen… mirakuilu batez
kanpo.
Lehertua, lohiaren erdian jarri nintzen den
gutieneko bat nerebaitaratu arte. Hotzaren
hotzez sua nuen gorphutz guzian. Bainan sukharraren gatik errekaren bertzalderat joanez baizik
ez nezakela deus egin ikusirik, xutitu nintzen
berritz. Han berean etzen bertzalderat iragaiterik. Goraxago erreka hertsixago zitakeela, beraz
iragan errexago, gibelat itzuli nintzen hanhemenka galtza eta athorra phuska ederrik
utziz. Bainan deus guti dire horiek, gaineratekoen aldean. Halere, nere erreka tzarra iragan
nuen azkenean… sei oren handiz hirur kilometra
ttipi egin ondoan! Hameka orenak bezala ziren.
Haizea eta euria gelditu ziren hainbertzenarekin.
Ilhuna bethi bardin lodi zen haatik. Bi urhatsetan
nuen beltz zerbeiti hurbildurik, ongi haztatu
nuen eta ikusi zuhaitz lodi bat zela lurretik bi
metretan bi aldetarat zabaltzen zena. Xutik ez
nindagoken gehiago. Zuhaitzerat igan nintzen
beraz, hortzak ederki tinkatuz, eta ixtapeka
eman. Han pausatu nintzen, amets batzu bezala
egun hartako urhats eta gertakariak gogoan
nerabilzkala. Bainan errazue? Hirur lagunen bathaiatzeak ez othe du hoinbertze balio? Hala
heldu zautan bederen gogorat nere zaldi gogorraren gainean: «Ni zer naiz? Deus, eta deus
baino gutiago, bainan gaur bederen erran dezaket egiazki misionest naizela! Jainko maitea,
azkenean urrikaldu zitzauzkit, ezen gau huntan
zuhaitz baten gainean egin behar badut lo, zure
amodioak hortaratu nauela erraten ahal dut!» Ez
dut uste ohantze hura munduko tronurik ederrenarentzat trukatuko nuen orduantxe…
Gau guzia han iragaitea hobe nuela nindagon, hotza sartzen hasi zitzautalarik. Han egotea, hiltzea zen. Jainkoak badakiela oihanean ere
bere misionestaren zaintzen, belharrez belhar,
sasiz sasi abiatu nintzen eta joan, joan, joan
bethi, azkenean landa irrisa batetarat heldu arte.
Zaintzalearen etxola gogorat ethorririk, eskuin
eta ezker bilhatu nuen, eta noizpeit atxemanik,
sartu: «Orai banu su ttipi bat, idortzeko bederen!» Alabainan duen hura behinere etzaio aski
gizonari! Egia erran sukhar harekin eta larruraino bustia, ez da harritzeko nik sua gutiziaturik
ere! Nola egin ordean surik? Zerekin? Hain
xuxen horra nun su phizteko dohakabe bat zarpan atxematen dutan. Ez gero, biga: bat, bat
bakharra, dena ere bustia! Ikharan iraganarazi
nuen harri baten kontra… eta phiztu. Jainkoak
hala nahi duenean, oro alde joaiten zauzkitzu:
horra froga. Zer sua egin nuen! Ez dut uste gau
ondar hura nik baino gustuanago iragan zuen
gizonik badela munduan, Jainkoari oihuka: «Zoin
ona zaren! zoin ona zaren! eta zoin ona zaren!»
Ondoko egunetan haatik, nahi banuen eta ez,
nere ohean luze-luzea egon behar izatu nuen, bi
bulharrak hartuak eta hatsa korrokan. Ez da
behinere deusetaz espantuka ari behar. Nik uste
bainuen bulharrak gaitz guziak baino azkarrago
nituela, horra!
Behin hiltzerat nindoala beldurturik, ez nion
nahi baino lasterrago nere bekatuen barkamendua emanarazi Aita Besombesi, eta harek barkamenduzko hitzak bururatu gabe, jada ezagutzarik gabe nintzen. Gaua hasterat zoan. Biharamunean nere baitaratu nintzelarik, badakizue zer
ikasi nuen? Oliodura Saindua bera ukhana nuela,
orok nitaz etsiturik! Bainan olio sainduarekin Aita
Besombesek nere zangoak unkitu zitueneko
bera alditxartu zen eta zabal-zabala lurrerat
erori! Herri guzia gure alderat bildu omen zen
berehala, nigar marraskaz oro! Uste dut norbeitek gure ehortzetak ere aiphatu zituen. Bainan
Jainkoak ez gintuen oraino nahi. Sendatu nintzen: Aita Besombes ere, ba. Behinere etzela
haatik arras ongituko, nere Jaun Charbonnier
gure aphezpiku berriak Cochinchinarat deithu
zuen. Bidea ahal zuen bezala egin zuen nere
lagun gaixoak, noiz-nahi hiltzeko irriskuan.
Aphezpikutegian urthe batez ukhan zituen artha
onek hobekitu zuten halere… eta oraino ikusiko
duzue Banharrekin borroka…
Bainan ez othe da ordu Jainkoak gure elizadi
berri maiteari igorri ziozkan frogantza ikharagarriak aipha detzadan azkenean? Ba naski.
Jada errana dut girixtino batek ekarri zaukula
pikota, itxura guzien arabera. Jada baginuen hortakotz mehatxu frango aditurik eskuin eta ezker.
Jainkoak bere gaztigua eman zion haatik,
gehien-gehienik gure kontra mintzatu zen dohakabeari: etxe guzia hustu zion, lau anaietarik
hasirik azken haurreraino, bera barne.
Debruak dohakabe horri ordainak atxeman
ziozkan halere gure kontra gerla hasteko edo
has-arazteko. Etsaiik ez ginuen aldeko herrietan.
Bi egunen bidean bilhatu zituen beraz: Xodangetarrak. Hauien xede gaixtoak aski laster beharritaratu zitzauzkun, bainan ez noiz jazarri beharrak gintuen. Horra zertako egun eta gau ikharan
ginauden. Damurik!
Hirur aldiz abiatu ziren guri buruz. Rohaieko
elizadia zuten gehienik begietan eta lehen xedetan, herri hortaz jabetuz geroz gaineratekoez
aise jabetuko zirela, inguru-herriak ez baitziren
segurki gure alde agertu nahi, kontra ez izana
gatik. Lehen aldian lau ehun Xodangetar baziren
jada bidean, hegaztinak kontrako aldetik hasi
zitzaizkotelarik kantuz eta gibelat eginarazi.
Bigarren aldian, oraino gerlari gehiago bildu
zen eta bideari lothu. Hastean hegaztinak alde
agerturik, airean Rohaieko ondoraino hurbildu
ziren. Han basa-gathu batek bidea pikatu zioten
haatik. Basa-gathu bat bidean, zer jainkoen
mehatxua! Berritz ere ukho egin zuten…
Hirurgarrenean, bortz ehunez goiti baziren.
Hitzartua zuten traba guzien gatik bururat helduko zirela, eta gauaz Rohaieko ondo-ondoraino
heldu ziren. Hain xuxen, salbu bizpahirur atxo
xahar eta zenbeit haur, Rohaitar guziak oihanean ziren, egoitza berrien egiten ari. Etsaiak
etzuen beraz hainitz irriskatuko Rohaien sartu
balitz: oro suntsitzen ahalko zituen nahi-nahirat.
Bainan Jainkoa etzagon lo aldi huntan ere eta
berritz salbatu gintuen.
Oren erdi baten bidean ziren Xodangetar gerlariak, gure elefantetarik bat, oihanean alhan ibilirik, bidearen erdian tente eman zitzaiotelarik.
Ilhargi bafada batek oro argiturik hainbertzena-
rekin, etsaieri odola berehala hoztu zioten zainetan… elefant harek, eta etziren nahi baino lasterrago beren etxetarat heldu, zin eginik girixtinoak hilen zituela nahi zuenak: ez, hek!…
Handik zenbeit egunen buruan mezua igorri
zaukuten etzirela gehiago hasarre eta adixkidetu nahi zutela: «Egin nahi ginautzuen gerla etzen
zuzena, gure jainkoek hirur aldiz trabak igorri
dauzkutenaz geroz! »
Jainkoak lagundu gintuen oraino. Bethi bardin
urrikal dakigula…
HOGOITA ZORTZIGARREN
KAPITULUA
Aita Besombes,
ederki lanean hasi orduko,
hiltzen da
Kasik gure girixtinoen erdia galdu ginuen
pikotarekin, eta zorigaitzez, Koxamen bederen
hoberen hoberenak. Pikota ethorri aintzinean
erran ditake girixtinoek egiten zutela Koxamen
legea. Paganoek deusetan etzioten buru egiten
behinere eta finka ditake kasik herri hori arras
girixtinotua zela, pagano bakhar-bakhar batzuekin. Nola, bertzalde, herriko buruzagiek deus ez
baitzuten hasten misionestari bere baimena galdetu eta baizik, sekulan etzen makhurrik. Herriko buruzagi on horietarik bat baizik etzen haatik
gehiago bizi: Hemur. Ondikotz, zahartzen hasia
hau ere! Etzioten beraz gehiago hainbertze
behatzen. Hemen gaindi nausi izateko, ez da
indarra eta bihotza bezalakorik, eta bigak galtzen dire adinarekin. Gaizo Hemur!
Hau ere aithortu behar dut: paganoetan bakhar batzu baziren oraino gure erakaspeneri aski
begi gaixtoz behatzen zutenak. Aintzinean gordetzen bazuten, kopeta altxatzen hasi zuten
girixtinoak gutitzean. Elhea goraxago zuten;
jada eztabaida batzuetan zuzen kontra ibiliak!
Eta horra nun Koxame hauzo-herri batekin
makurtzen den. Pagano eta girixtino, orori erran
ginioten berehala zer zuten egiteko, zuzenki ibili
nahi bazuten. Ez gintuzten entzun. Ez gintuzten
entzun, diot, ezen biga baginen hola mintzatzeko: Aita Besombes berritz nerekin nuen. Begiak
argitu zitzauzkun orduan eta ikusi ginuen gure
elizadiari erroak eginaraztekotz, bertze lur
batean landatu behar ginuela, edo bertze gisa
batetarat bederen.
Hastean pagano herrien erdi-erdian egiten
gintuen gure etxeak. Ez ginezaken bertzela egin,
egia erran. Hola girixtino berriak irrisku guzien
erdian ziren haatik. Horietarik urruntzeko, norapeit herriz kanpo ereman behar gintuen beraz.
Hala deliberatu ginuen. Bakhotxa gure alde
lanean hasiko ginen, toki hoberenetan. Ez
ginuen dudarik salbaiek, gure landa ederrak
ikusi eta, emeki-emeki gutarik hurbildu nahiko
zutela: aski ginuen orduan guk eman legeak
onhartu nahi zituztenak baizik ez hurbiltzerat
uztea! «Hanbat gaixto gure herrietarik urruntzeak kalte zenbeit balinbadu mementoan! Halahala hemen bizitzea baino ez othe dugu hobe
bertze nunbeit erroak ongi egitea?»
Hemen gaindi lurra ez da nihorena. Bakhotxak nahi duena eta on iduritzen zaiona hartzea
eta atxikitzea aski. Ez ginuen beraz beldurrik
norbeitek kontra egin zezan hauzo-herrietarik.
Halere eskuak bethe giniozkaten, lanean hasi
gabe, seguragoz. Girixtino batzuekin joan ginen,
bakhotxa gure alde, jarraiki nahi etzaizkigunak
aphez anamit baten eskuetan utzirik. Hauiekin
aise gururatzeko, ez ginen urrunegi joan. Eta
lothu ginen lanari, jozak eta emak. Bainan Aita
Besombesen lanak aipha detzagun lehenik.
Xolangeko elizadia suntsituxea zen pikotarekin. Hil etziren girixtino bakharrak eskuin eta
ezker joaiteko bezperan ziren Hadrongetarren
beldurrez. Aita Besombes galdetzerat joan
zitzaioten eia nahi zuten herri bat egin harekin.
Baietz, gogotik. Bainan guziak ongi adi detzatzuen, hitz bat erran behar dut Hadrongetarrez.
Motongeko hegoaldean badire lehenik zelhai
handi batzu, gero mendixka lerro bat, eta gibelean aran eder eta aberatsenak. Haratago.
mendi mazelan dagozi, Motongetik bi egunen
bidean bezala, delako Hadrongetarrak. Gerla
arras maite dute eta tzarrak dire. Lurrak hoberenetarik baitituzte eta ibil-errexak, emazteeri eginarazten diozkate lanak, berak Banharren kitzikatzerat joaiteko. Holako itzuli bakhotxean
esklabo bat edo bertze erematen dute hemendik
berentzat edo Laostarreri saltzeko. Gu hunat
ethorriz geroztik ere, eskualde hartan ehun bat
herri bada gutienetik Hadrongetarren lotsaz husturik. Eta orai horra eskualde bat osoa hain ibilerrexa litakelarik, larre doana! Hadrongetarren
izena bera aiphatzea aski zaiote hemen gaindiko
haurreri ikhara jauzarazteko.
Aita Besombes ibili zen oihanez oihan Xolangetik Hadrongetarren herriraino, nun atxemanen
zuen lur hoberena eta herri baten egiteko egokiena. Han elizadi bat egin-eta, Hadrongetarrek
etzirela alde huntarat gehiago abiatuko egiten
zuen. Guk geronek ez dugu salbai horien beldurrik. Ez daukute egundaino minik ez kalterik
egin: berak lotsatuko dire gutarik ttipienari zimiko baten egiteko ere. Bainan gure meneko gizonak gu bezen aise utz othe letzazkete oihanetan,
bat edo bertze preso ereman gabe, etzakitelakoan gure meneko zirela? Hori ez ginakien oraino,
bainan Aita Besombes fida zen haren kopetak
Hadrongetar tzarrenak lotsatuko zituela eta bide
xuxenean atxikiko. Bere lagunekin hitzartu zuen
beraz bera joanen zela lehenik hautatu tokirat
eta landa bat ederra eginen langile batzuekin,
uztaren mementoan makhurrik ez bazen, Xolangetar guziak joanarazteko.
Artean errateko, Aita Besombes bezalako
gizon bihotzdun guti da: deusek etzion burua
galarazten. Etzakien kexatzea zer den irrisku
handienetan ere. Iduri zuen-eta kasik irriskua
etzuela ikusten! Huna zerbeit Aita Besombes
elhe guziek baino hobeki ezagutaraziko dautzuetena. Cochinchinan bizi zen orduan. Gau batez
heldu zaizko basa-gathu handi bat badela etxe
inguruan. Hartzen du bere xixpa eta kanporat
badoa. Hara bi argi sasian: basa-gathuaren
begiak. Xuxen-xuxena badoa bi urhatsetaraino
eta tiro batez, zabal-zabala, marruma bat eginarazi gabe, sasian etzaten du basa-gathua. Bertze
holatsuko zer-nahi erraten zuten hartaz, ongi
ezagutu zutenek. Horra zertako salbaiek nahiago
zuten hari fidatu armada oso bati baino. Horra
ere zertako hain aise onhartu zuten harekin herri
baten altxatzea, Hadrongetarren bide-bidean
izanagatik…
1866garren urthearen ondarrean ginen, hola
bakhotxak gure alde hartu ginuelarik. Xolangerat joan zen lehenik eta handik oihanerat. Aita
Baoren beharrik etzen beraz gehiago Xolangen:
Koxamerat igorri nuen, hango lanaren egiteko.
Aita Besombes etzen bakharrik joan toki berrirat;
hamazazpi edo hemezortzi lagun ereman zituen
berekin. Hautarik sei Anamitak; bertze guziak
salbaiak, ezkondu eta ezkongei. Oro, ordu arte,
Aitaren muthil eta zerbitzari zirenak. Etzoazin
urrun: doidoia orentsu baten biderat. Bainan
sobera zen hori bera goizean eta arratsean egiteko: Aitak berehala etxola handi bat eginarazi
zioten beraz han egoteko alderat eta etziren
ondoan baizik hasi oihanaren errotik atheratzen
landaren egiteko eta irrisaren eraiteko.
Erran gabe doa holakoetan bethi lehen lanak
direla bortitzenak eta Aita Besombes etzen hainitz jostatu lehen egunetan. Zenbeit ahuntz bainituen Annametik ukhanak, bizpahirur igorri
niozkan. Hola, esne xorta bat bederen bazukeen,
hasteko, bainan basagathu batek ebatsi ziozkan.
Zaldi bat ere banion emana Xolangerat ibiltzeko;
hura ere ebatsi zion basa-gathu berak edo bertze batek. Zaldirik gabe etzuen Xolangerat joaiterik eta gauak han iragan behar zituen nahi eta
ez. Langileak hain lotsa ziren Hadrongetarrentzat, berak uzteko!
Eta egia erran, gaixoek bazuten Hadrongetarrentzat lotsatzeko arrazoina frango. Behin, Aita
Besombes norapeit bazterturik, kanabera landare batzuen bilha edo ihizi zerbeiten ondotik,
Hadrongetarrak ustegabean gainerat ethorri
zitzaizkoten langileeri, eta neskatxa bat ebatsi
zioten. Aita itzuli zelarik, oro nigarrez atxeman
zituen eta, han irrisku sobera bazela, ihes abiatzeko heinean. Aitak hitzeman zioten, munduko
etsai guzien gatik, neskatxa joan bidetik itzuliko
zela laster etxerat. Ohoinak nungoak ziren jakin
zueneko, bi Anamita igorri ziozkaten eskutitz
motz hunekin: «Neskatxa hori aitaso Kinh ongi
ezagutzen duzuenarena baita, errazue zer gaizki
egin dautzuen. Bainan hobenik ez badu eta
zuzen kontra ebatsi badiozue, lehenbailehen
itzuliko duzue». Eta Hadrongetarrek neskatxa
itzuli zioten. Egundano menturaz etzioten nihori
deusek hola itzuli! Bixtan da berri hori ere laster
hedatu zela orotarat eta Aitaren fama etzela ttipitu. Langileak etziren gehiago lotsa eta goizetik
arratserat gogo onez ari ziren beren oihan zokhoan.
Zuhaitzak atheratu eta tokia garbitu zuten
segidan, zikhin guziak errerik. Gero lurra aphaindurik, irrisa erain. Irrisa ederki abiatua zen jada,
herriko-etxea landaren erdi-erdian hasi zutelarik.
Gero, selhauruen aldi. Ezen selhauruak ere egin
behar ziren, irrisa polliki horitzerat baitzoan! Zer
egun goxoen esperantza! Baduk hoberik: horra
nun eritzen den Aita Besombes, betbetan!
Berri hori ekharri zautedanean, berritz ere
sukharrarekin nintzen. Nere laguna ni baino eriago zitakeela, jeiki nintzen nere ohe txarretik eta
bideari lothu. Lotsatzen hasia zen Aita Besombes. Etzakien batere zer zuen, bainan etzezaken
jan eta edanik atxik. Mirikurik ez den tokietan ez
da sendagailu bat baizik: othoitza. Gero sendatzea edo hiltzea, Jainkoaren gain!
Gau hura eriarekin iragan nuen. Biharamun
goizean hobekixago iduri zuen. Kofesatu nuen
halere eta nere etxerat itzuli nintzen, Andredena
Mariak han iragaiteko. Bideak sukharra emendatu zautan oraino eta bi egunen buruan mandatua ekharri zautedalarik Aita Besombes gaizkitu
zela, ez nintaken higi. Aita Bao joan zen beraz
Xolangerat. Elhea galdua omen zuen ordukotz
eri gaixoak. Ezagutza bazuen oraino eta zerbeit
gisaz Aita Baori adiarazi zion berritz ere bere
bekatuen barkamendua nahi zuela, eta Aita
Baok barkamenduaren hitzak erratean eskua
altxatu zuelarik eriaren gainerat, huni bi nigar
gozo jauzi zitzaizkon begietarik. Berehala oliodura saindua eman zion. Horren beha bezala zagon
Aita Besombes azken hatsaren emateko:
1867garren urthea eta agorrilaren hamaseia
zen, Andredena Mariaren phesta biharamuna. Ez
da dudarik Ama Onak deithu zuela bere ondotik
aingeru eta sainduen egoitza ederrerat sar-arazteko.
Nork erran behinere Jainkoa zer xedek dabilkan! Horra misionest gazte bat. Gazte bezen kartsua da, eta iduri du Banharren elizadian ez ditakeela deus onik gehiago egin hori gabe. Eta
horra nun, lanean hasi deneko, Jainkoak bere
ganat deitzen duen! Gure Aita Zeruetakoa, halere bethi egin bedi zuk nahi duzuna! Neroni eri
eta nere adixkide bakharra hila, nola erran nere
bihotzmina!
Ez nuen Aita Besombes ehortzterat uzten
ahal oraino arras finkatua etzen herri batean.
Lan bat da haatik hemen gaindi gorphutz baten
toki batetik bertzerat erematea, ezen salbaiek
uste dute kutsua bidean ixurtzen duela. Egitekotz, bideko herri guzieri zerbeit eman behar
zaiote… kutsuaren urruntzeko. Nik ez nuen holako antolamendurik onhartzen ahal. Gerlarik ere
ez nuen behar haatik. Anamita eta langileeri
urez bertzaldetik ekharrarazi nioten gorphutza,
nihungo herririk unkitu gabe. Gau bat osoa eman
zuten bidean Rohaieraino heltzeko eta han neronek egin nituen elizkizun guziak.
Aita Besombes gaixoaz ez erratekorik gehiago izaiteko, berehala huna zer gertatu zen. Ogia
utzi ala segitu behar zen? Hastean segitzea hobe
zela egin nuen eta Aita Do harat igorri. Etzuen
hainitz denbora berritz, gurekin zela. Lan handihandirik ez baitzen oraino eginik, lotsa zitaken.
Ez: etzen lotsatu eta hilak zerutik lagundu
zuen. Uzta ederra sartu zen urthe hartan selhauruetan. Gero, orok elgar lagunduz egoitza berri
batzu egin zituzten eta, hitzartuak ziren bezala,
Xolangeko girixtino guziak ethorri zitzaizkoten
han egoterat. Herri berriari «Tou-Er» eman
ginion izena, ondo hetako ibai handi baten izenetik. Egungo egunean hirur ehun bat bizitzale
bada han. Girixtino baino pagano gehiago oraino, bainan hurbiltzen ari zauzku emeki-emeki
hauk ere, eta esperantza dut laster bertze girixtino berri andana eder bat ukhanen dugula.
HOGOITA BEDERATZIGARREN
KAPITULUA
Bertze herri bat: Jo-Ri-Krong.—
Lagun berri bat: Aita Suchet eta
hunen heriotzea.— Banharren
elizadia zertan den
Aita Besombes bere oihanean lanean ari zen
denboran, hitz dautzuet ni ere ez nindagola
eskuak gurutzaturik. Badakizue Koxamen hasten
dela Rongaoko zelhai ederra, Bla ibaiaren bi
aldetan egun baten bidean hedatzen dena.
Eskuineko aldean hautatu nuen toki berria,
Koxam eta Rohaien artean. Ez da lur ustel horiek
baino aberatsagorik. Tresna on batzuekin laster
baratze xoragarri bat iduri luke eremu guziak.
Urthe guziz uholdeek busti aldi bat ederra ematen diote alde batetik, eta bertzetik ez ditake
asma zenbat xirripa on heldu zaion mendietarik… irrisa aise landa ditaken zokho busti guzia
aiphatu gabe. Bainan salbaiek ez dute aski tresna holako lan bati lotzeko.
Eta egiazki orai arte bederen ongi egin dute
ez lotzea! Esku hutsekin edo halatsu egin behar
direlarik oro, ez du balio amets handiegitan hastea. Zertako uste duzue salbaiek maldak bilhatzen dituztela, edo mendiak edo oihanak, beren
landen egiteko? Heien etsaiik handiena belharra
baita, eta beren irrisa beheretan edo toki urtsu
batean egiten badute, laster irrisa horri belharra
nausituko baitzaio. Holako toki batean, sarraahala, belharra sortzen da, eta arratsean ez da
ageri goizean nun zer sarratu zen. Gehiago
dena, ez da aski belharraren errotik atheratzea
ere, berehala ez erretzekotan: ondoko gauean
berean ihintzak egundaino bezala har-araz lezoke.
Koxametik urruntzeko jada eman dauzkitzuetan estakuruez kanpo, berze hau ere banuen
beraz: bere lur txarrekin Koxam niholaz etzitakeela gehiago zabal eta handi, hango patarretan
golderik ez baitzitaken higi. Bada, ongi ikusten
nuen girixtino berrieri baitezpada irakutsi behar
niozkatela nekhazaritzako molde berriak, oihanetarat joan etziten. Oro toki aberats eta ibil-
errex batean bilduz baizik ez nezaken gehiago
zerbeit egin…
Ongi buruan ibiliak nituen oro: nere herri
berria laborari etxe handi bat izanen zela, eta
holako. Nere Anamitak lehenik igorri nituen
Hagou deithu salbaietarat, idi eta basa-idi
batzuen erosteko. Gero Cochinchinarat joan