Banhar - 8

bizi da bere salbaiekin. Bere aphezlagunak ez

ditu urrunetik urrunerat baizik ikusten ahal.
Supituki bezala hil behar du, aphez baten deitzeko denborarik gabe. Bainan Jainkoak behar diren
guziak eginen ditu: lehenik Aita Verdier igorri eta
Aita Combes kofesatuko da. Jada heriotzea
bidean da eta misionesta egundaino bezala bakharrik. Bakharrik? Ez, ezen nihork uste gabean
Aita Bao heltzen da nunbeitik, azken laguntzen
emateko aski goiz. Oi, Jainko maite eta ororen
nausia, zoin ona zaren haatik! Sinhestearen
hedatzen dabiltzanak nola laguntzen ditutzun!
Begia nola atxikitzen diozuten! Sekulan ahanzten banu guretzat duzun amodio ezin sinhetsiskoa, Jauna, ihar bekit eskua, eta ahoan geldi
mihia zure laudatzetik ixiltzen banaiz!
Berri hau herrian hedatu zenean, oro nigar
marraskaz hasi ziren xokho guzietan. Euria jautsahala ari zen, bainan halere laster jendez bethe
zen hilaren etxea. Irrisaren zain ziren bizkitartean gizon gehienak; atabalek lasterka itzularazi
zituzten herrirat Erran gabe doa burua galdu
zutela kasik girixtino berriek eta girixtinotzerat
zoazinek halako aita galdurik. Gau guzia etziren
handik higitu eta nigar egitetik ixildu…

Denbora hortan Aita Verdier eta nik ez
ginuen segurki holako heriotzerik gogoan. Biharamun arratsaldean gure bethiko lanetan ari
ginen bi mandatari Europako eskutitzekin ethorri
zauzkularik. Bazuten ere Aita Baoren hitz labur
bat. Etxeko berrien irakurtzen hasi ginen lehenik
hurrupaka. Hain goxo da urrun denean aita,
amatto eta etxeko guzien berrien ukhaitea!
Noizpeit irakurtu gintuen beraz Aita Baok igorri
lau hitz irakaragarri hauk: Aita Combes hil da!
Ortzia karraskan gainerat erori balitzaut ez
nintzen gehiago harrituko. Egundaino ez nuen
gogoan erabili holakorik gerta zitakeela ere.
Adixkide handiak ginen alde batetik Aita Combes
eta ni, eta bertzetik hura ginuen gure nausi eta
gidaria. Nola deusik egin haren argiak gabe?
Zorigaitzak lehertua, nigarrez hasi nintzen
purrustan. Bainan bihotza laster altxatu nuen
halere eta Jainkoari oihu egin nuen: «Jauna, zuk
eman zinaukuzun: zuk hartu daukuzu. Bai, egina
izan bedi Nausiak nahi duen bezala eta bethi,
bethi benedikatua izan dadiela Haren izen saindua!»

Berehala Koxamerat joan behar nuela segurki, bi mandatarieri galdetu nioten segi nindezaten. Baietz. Bainan ni lasterka nindoan, etzauzkidan jarraikitzen ahal izan eta berehala elgar
galdu ginuen. Egiazki su nuen. Ilhuntzeko bidetze ederra eginik, Moneyen nintzen, Bla dakizuen ibaiaren kontra. Ez nintzen han baizik ohartu odol-edaleak gerriraino lothuak nituela eta
dena odoletan nintzela! Ibaia arras loditua zen
hain xuxen aintzinetako euriteekin. Nihork ez
ninduen lagundu nahi izan bertzalderaino.
Debaldetan lehertua nintzen beraz: gauaren
nahi eta ez han iragaiterat bortxatua nintzen.
Eta hala egin nuen. Bainan biharamunean argiko
berritz bidean nintzen, eta lohi, euri, sasi eta ororen gatik Koxamen zazpi orenetako.
Nere beha zauden salbaiak. Zer begitartea
egin zautedan! Hitzik nihorekin erran gabe jada
banakien orok nere bihotzmina erdizkatu nahi
zutela. Bainan girixtino berriek, Aita Combesen
umexurtx dohakabeek unkitu ninduten gehienik.
Gozoki nigar egin ginuen elgarrekin. Etziten
arras lotsa, Josepen hobiaren gainean ezarriak

nituen hitzak errepikatu niozkaten: gu ez garela
esperantzarik ez dutenak bezala!
Jada kutxan sartua zuten Aita Combes bere
aphez jauntziekin. Nik egin nituen ehortzetak.
Koxamen egungo egunean ez dute oraino ahantzia misionest bihotzdun eta kartsu hura. Salbaiek berehala ahanzten dituzte oro: bizkitartean noiz-nahi bat edo bertze ikusten dut Aita
Combesen hobirat joana, belhauniko othoitzean
ari…

HOGOITA LAUGARREN
KAPITULUA
Aita Dourisboure Koxamen.
Ponangoko elizadia
Gure lehen elizadia Koxamekoa zen eta uste
dut hango girixtinoak zirela hoberenak, Elizadi
hori behar zen beraz hobekienik zaindu eta artatu, oro jarraik zaizkion ondoko egunetan. Ez
ginen gehiago bi misionest frantses baizik, Aita
Verdier eta ni. Harek edo nik behar ginuen berehala Koxamerat joan. Nere lagunari galdetu nion
eia nahi zuen joan. Ezetz ihardetsi zautan, erisko
zela eta lotsa mintzaira berri baten ikasten hasteko osasun harekin. Kontrangeko girixtino hain
maite nituenak utzirik, niri zagon beraz Koxamerat joaitea. Urthe bat lehenago ez dakit aise eroriko nintzen hortarat, bainan zenbeit ilhabete
hartan, hainbertze eta hainbertze girixtino on,
hoberenak segur khenduz, orotarat egina ninduen Jainkoak.
Pagano eta girixtino, orok jada ezagutzen
ninduten Koxamen eta loriatu ziren ni nindoala

harat ikasi zutelarik. Hain maite zituzten misionest frantsesak! Aita Combesen dohain handiek
gogorrenak bilduko zituzten, alabainan! Beha.
Aita on hori hil eta biharamunean, bi Koxamar
Droez deithu herri batetarat joanak ziren. Arratsean Droeztarreri beren herriko berri handia
supazterrean erranik, norbeitek heriotze hortaz
atseginik baizik etzuela ihardetsi zioten. Edanskoa zen hola mintzatu zen dohakabea eta ilhunpean etzen bi arrotzeri ohartua. Hauk xutitu
zitzaizkon eta aintzinerat joan elhe horren xuritzeko: «Eta errak, to? Zer gaizki egin daik gure
Aitak egundaino? Zertako egiten dauk atsegin
haren heriotzeak?» Dohakabeak etzakien norat
itzul ez-eta zer ihardets. Barkamendu galdetu
zioten, edanak erranarazi ziola segur holako
elhea eta Aita Combes etzaukala segurki gizon
tzar batentzat. — «Ez, ez duk zeren berritz holako atheraldi zororik egin, Droez eta Koxam adixkide egotea nahi baduk! Euriaren gatik, gaua
hemen iragaiteko xedea ginikan: orai etzezakeguk! Agur…» Eta handik joan ziren berehala.
Koxamerat orduko, Droezen zer gertatu
zitzaioten orori erran zioten. Biharamunean

Koxamar guziak Droezen ziren elhearen xuritzen. Etzen gerlarik izan, bainan mihi luzeari bi
basa-idi eder gosta zitzaizkon haatik. Ez nintzen
oraino Koxamen, ni, hori gertatu zelarik. Joan
nintzeneko basa-idietarik bat eskaini zautaten
neretzat: ez nuen hartu…, bainan herritar guziek
ederki baliatu zuten nere partez. Orai errazue:
Koxamarrek ez othe zuten Aita Combes egiazki
maite?
Aita Bao Koxamen zen oraino. Inguruko
herrixka batek misionest bat galdeturik, neronek
ereman nioten urthearen ondarrerat. Xolang zen
herrixka hori: Anammeko bidearen gainean
arras, Koxametik doidoia bi orenetan zen.
Koxamen lehen-lehenik egin nuena da, girixtino-geien katiximarat deitzea. Etzen haatik lan
errexa neretzat katiximaren erakastea, banhar
mintzaira ahantzixea bainuen. Hemengo mintzairek arras ikusteko guti dute elgarrekin, zorigaitzez. Bainan Jainkoaren laguntzarekin eta
neroni ongi bermaturik, aski laster trebatu nintzen berritz eta urthe baten buruko hamabortz
bat bathaio banuen eginik.

Ordu arte bekaizgo eta trufek kalte handia
egina zaukuten. Iduri luke batzu eta bertzeak
berekin ehortzi zituela Aita Combesek. Bertzalde, girixtino berriak hain ezti eta lagunkin ziren
ororentzat, nun paganoak hasi baitziren herritar
horiek holakatzen ziozkaten erakaspenari begi
hobez behatzen. Urtherik ez da joan geroztik
bathaiorik gabe eta ez naiz egunik egon nere
katiximetan, ikaslerik gabe. Jainkoa ari zen. Bai,
Jainkoa! Eta ez segurki ni! Hamarretarik bederatzietan igurikatzen ez nituen lekhutik heldu zauzkidan nere ikusleak! Eta aldiz nik gehienik
othoiztu nuenak huts eginen zautan… edo
berantago ihardetsiko! Jainkoak konberti dezake
bakharrik: horra fedezko egia bat, misionestek
egun guziz beren gostuz frogatzen dutena…
Ibaiari gora, Koxametik oren erditsu baten
bidean da Ponang. Bi herri hautako salbaiek lokharri hainitz badute. Urthe bat bazuen bizkitartean Koxamen nintzela, lehen aldikotz Ponangerat joan nintzelarik. Berehala egiazko Jainkoaz
mintzatu nitzaioten, eta zabal zabala begietan
eman, beren jainko faltsoeri ukho egiten ez
bazuten, etzutela beren eginbidea bethetzen.

Aski beltzuri gaixtoa egin zautedan hori aditzean, bainan aski laster zenbeit bakhar hasi
ziren nere erraneri hobeki behatzen, eta horiek
batetarat ziten, etxe bat eginarazi nuen Ponangen. Nere Anamitetarik batek hasi ziozkaten
katiximak. Delako Anamita gizon zuzen eta ezti
bat zen, sinheste handikoa. Presondegian ere
egona zen-eta girixtinoa zelakotz!
Preso altxatu zutelarik Aita Chamaison,
misionest frantsesaren zerbitzari zen. Kuangnameko aintzindari batek zer-nahi ikusarazi zion
eta hiltzat utzi oihan batean. Handik ethorri
zitzaukun. Gurekin zen haste hastetik Banharretan eta haste hartako nekhe, buru-hauste eta
gainerateko guziak guk bezala jasanak zituen.
Hunat gurekin ethorri Anamitak bat bertzearen
ondotik hilak ziren, oro, hura salbu. Eta hura,
berrogoita hamar urthez goititan bethi gazte eta
suhar! Behin sor-herrirat izatu da. Ez du bidetze
hori egin anaiaren ikusteko bakharrik, bainan
bere etxe-partearen unkitzeko «urrikirik gabe,
dio berak, Jainkoaren aintzinean ager nadin!»
Horra Ponangerat igorri nuen gizona. Hango min-

tzaira ez baitzakien errotik, katixima larrienak
neretzat atxiki nituen haatik.
Zenbeit aste zuen doidoia Ponangen zela
nere Anamita, ondorio hoberenak ukhan zetzazken zerbeit gertatu zelarik. Aztaparka lothu
nitzaion. Ponang tokiz aldaratu nahi zuten, eta
aldaratzerat zoan. Holakoetan zer-nahi ziminokeria egiten dute salbaiek, eta uste dute orduan
eginak oro gero ez badituzte erreberritzen usuusua, heriotzea herrian alhatuko dela. Hala-hala
oitura zaharrak aldaira horietan utz ditazke irriskurik gabe. Denik ere zerbeit irriska dezake oitura horien kontra lehenik ahoa ideki duenak! Nere
baitan egin nuen: «To! Huna padara eder bat
jende gaixo horieri beren ziminokeriak utzarazteko… neronek lehenik utzirik! Beldur hori galtzen badute behin, hobeki entzunen naute!»
Herri berri bat egiten denean, ziminokeria
handienak galdetzen dituzten hirur gauzak dire,
etxeak atxikiko dituzten pilarren xutitzea, sukhaldearen moldatzea eta lehen pegar uraren
ekhartzea. Hirur gauza horiek nik egitea orotan
galdeturik… nere gisan egin nituen. Erran nahi
dut, behinere egiten etzituzten bezala egin

nituela irrisku guziak nere gain harturik. Eta oro
jarraiki zauzkitan ixil-ixila…
Europan etxe baten egiteko lehen harria pausatzen duenak morteroa berak eman behar dio
harriari: hemen aldiz haintzurkaldi bat nuen
emateko. Gero bertzeek egiten zuten gainerateko guzia. Pilarra doidoia eskuz unkitu eta, bertze
etxe batetarat joan! Sukaldetako lana ez nuen
gaixtoago: aski nuen sukaldearen erdian su bat
phiztea. Erran gabe doa artetan trufa ederrik
egiten niotela bere jainkoentzat! Gero, uraren
aldi. Herriko emazte batzu jarraiki zitzauzkidan
ithurrirat eta han kanabera muthur bana eman
zautedan bethetzeko… eta artha handienarekin
bethe niozkaten, irria begian eta trufa mihian!
Horiek nik nere gisan eginez geroztik, Ponangeko salbaiek etzuten bertze deus egitekorik.
Hanbat gaixto neretzat gaizki- egin banuen! Hek
niholaz hobenik etzuten, eta loriaren loriaz, bazkari eder bat eskaini zautedan. Bazkal ondoan
sari bat galdetu nioten: lehengo herriaren aintzinean xutik baitzuten harrizko jainko gerizatzaile
bat, hura: «Guk gogo onez emanen ginautzuke
segurki, bainan nor mentura haren unkitzerat?

Dohakabea erhauts lezake!» Ez nioten baimen
hori baizik galdetzen. Neroni joan nintzen beraz
delako jainkorat, eta, erroz gora ezarririk lehenik, bizkarrean hartu, Koxamerat ereman eta
hango urean sekulakotz pulunpatu! Uste dut
geroztik ez den hainitz mugitu errekako harri eta
belhar tzarren artetik.
Ondoko egun batez bertze hoinbertzeko edo
handiagokoa egin nioten oraino landetako jainkoen kontra…
Holako eta holatsuko bertze zozokeria
batzuen galarazteaz bertze egitekorik badu haatik misionestak. Jainkoak errana dio hau: «Hautatu haut errotik atheratu eta landa dezakan».
Beraz salbaia gaixo horien bihotzetan zerbeiten
landatzeko orena ethorria nuen. Hortzez eta
haginez hasi nintzen lan horri… eta urthe bat
gabe herri hortan banituen hamabortz girixtino
larri: neskatxa bat eta hamalau muthil gazte.
Zaharrenak etzituen hogoita bortz urthe oraino:
gazteena hamabortzetan zen. Piol zuen neskatxa horrek izena eta, nahiz deusik etzakien,
aspaldi bathaioaz nahitua zen. Ponangerat abiatu aintzinean, han eta hemen frangotan ikusia

nuen, eta bethi galde bera egiten zautan: «Nik
ere «Ba-Jang» ezagutu nahi bainuke, noiz ezagutaraziko dautazu»? «Ba-Jang» asmatzen duzue
nor den: Jainkoa. Neskatxa horri zerk emana zion
holako gutizia? Ez dakit. Arras girixtino ona da
bethi Piol…
Pikota sartu zitzaukunean Ponangen, jada
hiruetan hogoi girixtino banituen: erdiak hil ziren
pur pur pur. Bainan, emeki bada emeki, hileri
ordainak heldu zaizkote. Eta hautuzko ordainak,
eiki!
Hemen ez da lasterka aintzinatzerik. Salbaiak
ez ditazke arratsetan baizik ikus, lanetik lehertuak itzuli direlarik. Irrisa horitzen hasiz geroz ez
ditazke arras guziez ere ikus. Nola laster argi
beraz? Horrengatik bagoazi… bagoazi. Haatik
Ponangeko girixtino heien buruan zerbeit sararazteko, ez nintaken hainitz egon. Gau beltzean
nola itzul Koxamerat, alabainan? Ez ditazke
asma hango bidexkak… eta noiz-nahi euria
nuen! Dena dela, oro ahantziak ditut orai. Ahantziak, eta ederki ordainduak dauzkit Jainkoak,
Haren arthalde ttipian ardi batzu gehiago baiti-

re! Oxala berritz ere nekhatu behar banu… sari
berean!

HOGOITA BORTZGARREN
KAPITULUA
Aita Verdieren heriotzea
Saigonerat badoa Aita Dourisboure
Aita Besombes salbaietan
Ponangeko elizadia ezin xutituz ari nintzelarik Annameko erresuman gertatu zirenak ez
detzazket aiphatu gabe utz: guretzat ondorio
handiegiak izatu dituzte, ixiltzeko.
Touranneko itsas-hegian zenbeit denbora
egonik, Rigault de Genouilly itsas-aintzindari
famatua Saigonen sartu zen bere soldadoekin
1859-eko otsailean. Errabiaren errabiaz, girixtinoeri jazarri ziren Anamitak. Nunnahi ondotik
zabilzkioten eta bat atxematen zutenean, esklaboak berak baino garrazkiago zerabilkaten
beren erresumarat eremanik. Iduri zuen ifernu
guzia elizari gerlan lothu zela, behin bethikotz
lehertzeko. Ez dut haatik gerla hortaz deus xehetasunik eman. Guretzat ukhan dituen ondorioen
gatik aiphatzen dut bakharrik. Oro jada sutan
zirelarik bizkitartean bertze guzietan, Binhdine-

ko eskualdean nihun deus etzen. Hango misionestek irriskurik gabe elgar ikus zezaketen eta
beren berriak oraino aise helarazten zauzkuten.
Bainan 1860garrenean bideak hetsi ziren: Binhdineko eskualdea ere suak hartu zuen. Nihundik
ez nuen beraz gehiago berririk.
Zenbeit ilhabete geroxago, bertze zorigaitz
handi batek bihotza hautsi zautan arras: Aita
Verdier hil zitzautan. Kontrangen utzi nuen Koxamerat ethorri nintzelarik. Jada arras ahuldua zen
ordukotz geroztik egunetik egunerat oraino
gehiago ttipitua zen. Ez dakit zer eritasun zuen:
hiratuz zoan, behinere halako min handirik gabe.
Etzitakeela han senda ohartu zelarik, bertze
norapeit joaitea galdetu zautan eta berehala hitz
bat igorri nion Nere Jaun Cuenoti, bere ganat
deith zezan eta Singapour-eko eskualdean sendatzerat igor. Zorigaitzez jaun aphezpikuak
etzautan berehala ihardetsi… eta gero badakizue bideak nola hetsi zauzkun nihorat abiatzeko:
Banharren erdian preso ginen.
Etzuen hiltzeak lotsatzen Aita Verdier eta
berehala erori zen Jainkoaren nahi saindu guzietarat. Aski denboraz oraino, nahiz etzitaken niho-

rat joan gehiago, noizetik noizerat bere meza
ematen ahal zuen. Azkenekotz hortako ere
etzuen gehiago indarrik. Egunak, asteak eta ilhabeteak etzanik iragan behar, kasik higitu gabe,
bizirik hila! Etzuela gehiago denbora handirik
bizitzeko, Rohaieko etxerat eremanarazi nuen,
bizkarrez. Bi aste zuen han zela, goiz batez erran
zautalarik: «Jainko maiteak ni hiltzea nahi duenaz geroz, nere girixtinoen artean nahi dut hil.
Ereman nezazue beraz lehenbailehen Kontrangerat».
Hala egin ginuen. Etzen gehiago hezur eta
larru baizik. Bidean uste izatu ginuen hil behar
zitzaukula. Ez. Etxean hil zen, ezti-eztia,
1861garrenean, Aphirilaren 21-ean, Han dago
hura ere Kontrangeko oihanean, Josep Nguiren
aldean, berritz phiztu arte! Eta ni, bekatoros
dohakabea, oraino bizi? Nik ehortzi behar nere
lagun maiteak, ez naizelakotz on eta gei Jainkoaren aintzinean agertzeko!
Nere mihiak ez du aski hitz saminik hemen
errateko zer bihotzmina eman zautan nere
azken lagun frantsesaren galtzeak! Segurki bi
aphez on banituen nere ondoetan, Aita Do eta

Aita Bao: bainan ez jaun aphezpikuarekin ez bertze misionestekin berririk ez nezaken gehiago
gurutza, eta erran ditake galdua bezala nintzela!
Sor-lekutik hoin urrun, kontseilari bat gabe, adixkiderik gabe, laguntzailerik gabe, salbaiekin!
Trabak baztertzeko, ilhunbeak argitzeko bakharrik! Bakharrik, ni hoin ttipia, ni hoin ezdeusa, ni
hoin jakitaterik gabea! Oi, ez ninduen gabeziak
lotsatzen ez-eta diru eskasak! Ez! Bizkitartean
hunat ekharri nituen soineko hek aspaldi higatu
ziren eta Jainkoak daki zer pildak nerabilzkan!
Zapata pare bat gelditzen zitzautan doidoia, eta
hura ere joantxea, eta, begiko ninia bezala,
meza sainduaren emateko begiratzen nituen!
Eta, gehiago dena, bide guziak hetsirik, beldurtzeko baitzen behin-behin ez nuela irinik eta
arnorik eskuratuko, igandetako mezaz kanpo
bertzerik eman gabe egon behar! Eta arte hortan bathaioak emendatuz baitzoazin, irinik gabe
nola egin beharko nuen girixtino berrien Mahain
Saindurat hurbilarazteko?
Urrungoek misionestak urrikari dituzte nekhatzen direlakotz, maiz beharra dutelakotz lege.
Bada, deus ez dire horiek, jasaiteko dituzten

bihotzmin eta beldur gaixto batzuen aldean. Bainan zer diot? Misionesta egiazki misionest balinbada, gabeziak eta gaineratekoek ez dute lotsatzen: azkartzen eta sustatzen, ba. Neronek frogatua dut hori. Nik bezala egin dute bertze frangok. Bainan mina barnekoa delarik, ilhundura
eta desgustua bakharrik den bati heldu zaizkolarik, ah! orduan ikaragarri da! Orduan hameka
aldiz jarri naiz Koxameko ibaiaren ondoan, bertze orduz Israelitak Babyloneko ibaiaren ondoan
bezala eta nigarrez hasi: Cæpit pavere.
Bi urthe luze iragan nituen nihungo berririk
gabe. Bideak bethi hetsiak zirenaz geroz, banakien Annamen etziotela beraz oraino girixtinoeri
barkatzen. Noizean behinka hango merkatzale
ezagun batzuek Jakinarazten zautedan hango
edo hemengo girixtino gaixo batzueri oraino oro
ebatsi ziozkatela, eta larrutu eta biphildurik utzi.
Bainan merkatari horiek Ansonekoak baitziren
gutiz gehienak, beraz gerla tokietarik aski urrungoak, ez nituen arras sinhesten ahal. Zer zoakioten guzien buruan? Behin haatik merkatari
horiek berria ekharririk Anamitek gizon xuri bizar
luze bat preso ereman zutela bere adinaren

gatik, beldurtu nintzen Nere Jaun Cuenot othe
zen bederen. Hura zen, zorigaitzez. Geroztik jakina dut hilaraztekoa zutela, uste gabean hertzetako gaitz tzar batek ereman zuelarik…
Anhartean soldado eta mariñel frantsesak
Cochinchina behera guziaz jabeturik, nahi-eta ez
bakea eginarazi zioten Anamiteri eta hitzemanarazi girixtinoeri etziotela gehiago deusik eginen.
Misionestak ordutik nun-nahi ibil zitazken beren
erakaspenaren hedatzeko. Gizon gazte batek
ekharri zaukun berri on hori. Bazuen haatik berri
tzarrik ere, hala nola jaun aphezpikua presondegian hil zela, misionest frango ere bazela hilik,
girixtino hainitz desterraturik! Eta holako! Gizon
gazte horrek erran zaukun oraino nola gorde zen
Saigonen heriotzeari espakatzeko Aita Herrengt,
eta, Aita Sainduak bertze bat izendatu arte, hura
zela gure buruzagi eta nausia. Hitz bat igorri
nion berehala xehetasun guziekin. Denboraren
buruan orhoit naiz galde hau egiten niola: «Nor
dugu Aita Saindu?» Eta bertze hau ere ba: «Zer
du Frantziako errege edo enperadoreak izena?»
Ez dakit nola ez nion ere, bertze orduz Paule

ermitauak San Antoni bezala, galdetu oraino:
«Etxeak egiten othe dituzte oraino gizonek?»
Zenbeit ilhabeteren buruko bertze galtze
latzgarri bat ukhan ginuen. Nihork etzuen Aita
Herrengt horrek baino gei gehiago Nere Jaun
Cuenoten kargua hartzeko: «choléra» deithu
gaitz ikharagarriak ereman zaukun! Erromatik
jada jakinarazia zioten aphezpikutzat hautatu
zutela, bainan aphezpiku-titulua gibelat igorria
zuen, bere burua ttipiegi zaukalakotz holako
kargu baten bethetzeko. Paperak Erromako
bidean… eta Aita Herrengt jada bertze munduan! Zer den gizona!
Ez ginakien gehiago zer egin. Nor zen buruzagi? Nori eman gure berriak? Jakiteko, goiz batez
Annameko bidea hartu nuen.
Hamahirur urthe bazuen salbaietan nintzela.
Ez nuen Annameko erresuma ezagutzen. Frantziatik heldu nintzelarik, misionestak etzitazken
gauaz baizik ibil. Egia erran, aldi huntan ere aski
lotsa nintzen egunaz ibiltzeko. Anamitek segurki
hitza emana bazuten bakea utziko zaukutela,
hain aise badakite hitzaren jaten. Bertzalde ez
nuen paperik eta banakien legearen arabera

behar nituela. Binhdinen nihor ez atxemanik,
Saigoni buruz abiatu nintzen denborarik galdu
gabe. Bainan urez joan behar bainuen, untzi
baten beha gelditu nintzen Giako ondoan. Anamita gazte batek berri on bat ekharri zautan
harat: Giako porturat misionest bat ethorri zela.
Aita Besombes zen. Bi jauziz joan nintzen porturat eta nere lagun berria goxoki besarkatu. Aita
Verdier hilez geroztik, begitarte xuririk ez nuen
nihun ikusi. Eta badakizue? Aita Besombes frantsesez elheketa hasi eta ez nion aise ihardetsi:
frantsesean harrozten hasia nintzen zinez!
Irri frango eginarazi nion. Nere ganat heldu
zen Banharren elizadietarat, bainan ez baitzauzkidan nahi nituen xehetasun guziak ematen ahal
izan, bere bidean utzi nuen eta nereari jarraiki:
«Ahal bezen laster itzuliko naiz haatik, eta hainbertze herritarren Saigonen ikusteko atseginak
ez daut ahantzaraziko nere eginbidea Banharretan dela!»
Saigonen iduritu zitzautan Frantzian berean
nintzela. Untzi hek ikusi nituelarik soldado eta
mariñel frantsesez betheak, karrika luze eder
hetan sartu nitzelarik, guziz hango eliza xuri eta

ederretan kantu batzu aditu nituelarik eta eliza
horietako meza eta elizkizun paregabeak
entzun, xoratu nintzen eta uste izan nuen amets
luze batetik atheratzen nintzela. Nigarrak jauzi
zauzkidan. Bainan Saigoneko xoramenduek
etzautedan burua galarazi halare eta ikasteko
nituenak ikasi orduko, egiteko nituenak egin
orduko, begiak eta bihotza laster nere Banhar
maiteetarat itzuli nituen! Berehala nahiko nuen
abiatu, bainan Nere Jaun Lefebvre, Cochinchina
behereko jaun aphezpikuak nere osasunaren
gatik zenbeit egun egonarazi ninduen. Pausatuxe nintzelarik eta berritz joaitea deliberatu,
egundaino bezala bertze zerbeitek gibelatu ninduen, eta arte hortan Binhdineko eskualdean
sekulako nahasmenduak jauzi ziren.
Huna zertako. Aita Besombes bere paperekin
zen eta nihork etzezoken deusik egin. Xixpa
batzu Salbaietarat bazeramatzan: horien ageria
ere bazuen. Bainan nola nihor ez baitzen fida
Hueko erregeak eginen zuenaz, orok hitz baten
jateko gei baitzaukaten, Aita Besombes, gu
lehen aldian bezala, gauaz eta gordeka ibilki
zen. Bera mugazaineri aise espakatu zen eta

Banharretarat heldu. Bainan horra nun mugazainek delako xixpak atxematen dituzten. Etzuten
bertzerik behar eta nahi han gaindiko aintzindarixka txar batzuek oihuka eta zalapartaka berritz
girixtinoeri jazartzeko. Gaixo girixtinoak! Doidoia
desterrutik itzulirik, beren egoitzen xutitzen eta
antolatzen hasterat zoazin!
Horiek aditurik, Aita Besombes xuxen-xuxena
prefetari joan zitzaion haatik, eta, paper guziak
eskuan, bere xixpak galdetu. Hainbertzenarekin
aintzindari handi bat harat ethorririk, oro antolatu ziren eta gerla hori phitzarazi zutenek beren
karguak galdu zituzten. Jada erran baitugu frangotan Jainkoak bethi badakiela gaizkitik ongiaren atheratzen, hala egin zuen aldi huntan ere:
Hueko erregeak, ikharan bizi baiginen, Banharren eskualdetako elizadi guzieri bere baimena
eman zioten, eta misionesteri behar zituzten
paper guziak igorri harat-hunat ibiltzeko.
Saigonetik ez nintzen mugitua, ni, denbora
hortan. Hango erretorgoa emana zautan Nere
Jaun Lefebvrek. Sei ilhabeteren buruan hartu
nuen bakharrik etxeko bidea.

Ez dakit zenbat herritar eta adixkide kausitu
edo ikusi nuen Saigonen. Hainitz. Eta batzu bertzeak baino maitagarriago! Bihotzak zimiko bat
egin zautan beraz eta begi bat busti agur erraterat joan nitzaiotelarik lerro lerro. Ez dut ere sekulan ahantziko zoin onak izan ziren neretzat bai
Carmeseko bai Jondoni Pauloren serora maiteak.
Saigoneko girixtinoek ere gogotik atxikiko omen
ninduten segurki! Bainan ez nintzen hangoa eta
untzia hartu nuen joaiteko. Saigoneko auzapheza eta hango jauneria gehiena untziraino ethorri
zitzautan, azken agur baten erraterat! Oi, zer
jende onak! Hoinbertze atxikimenduk nola unkitu ninduen! Binhdinen Aita Besombes nere beha
zagon. Elgarrekin egin ginuen handik goitikako
bidea.

HOGOITA SEIGARREN
KAPITULUA
Pikota
Bake osoan bizi zen gure elizadia. Paganoek
etzioten gehiago trufarik ez bertzerik egiten
girixtinoeri eta arthaldea bethi handituz zoan,
eta ni, ni lehen halako ilhunaldiak nituena, orai
irriz eta kantuz ari nintzen ardura! Bihotz guzia
loriaz bethea nindagon, egundaino ukhan dugun
zigorraldirik ikaragarriena Jainkoak eman zaukularik. Bi urthez pikotak erhautsi gintuen, eta
girixtinoetan hiruetarik bat hil zitzaukun. Pikota
zer den salbaiek etzakiten ordu arte, salbu
xahar-xahar zenbeitek beren haurrean aiphatzen aditurik. Izenak berak lotsatzen zituen
xahar hauk. Zorigaitzez, itxura guzien arabera
girixtinoek ekharri zaukuten pikota! Huna nola.
Girixtino bat beharrarekin borroka ari zen
Ansonen eta lotsatu zen, han egonen zeno urtheak etzituela aise gurutzatuko. Bere etxekoekin
guri buruz abiatu zen. Ondikotz, bidean zerbeit
gisaz pikotak hartu zuen eta Rohaien Aita Doren

zerbitzari guziak ohartgabean kutsatu zituen eri
dohakabeak Cochinchinarat joana zen Aita Do,
hain xuxen. Bainan aski hurbil bazen bertze
misionest bat eta hel egin zioten. Eritasunaren
berri jakin zuteneko, salbaiak arrunt lotsatu ziren
inguru guzietan eta Komkomeko girixtinoek
berek etzuten gehiago gurutzatu nahi Rohaiekoekin. Kanabera punta zorroztuak bi herrien
artean landatu zituzten eta!
Nihori etzitzaion haizu Rohaieko erien ikusterat joaitea. Aphezari berari debekatua zitzaion.
Bainan bazakien aphezak artzain onak bere
ardientzat hil behar duela eta huna nola jokatu
zen, eritasuna Rohaien kokatu zeno. Botoinetarik laster ageri baitzen eri batek laster hil behar
zuen ala ez, bat hiltzerat zoala ikusi orduko, norbeit lasterka kanabera-punta artez-arte Aitaren
bilha joaiten zen, gauak gauari. Biharamun goizeko eri gaixoak sakramendu guziak hartuak
zituen eta, argia gabe, Aita berritz etxean zen.
Eta nihor etzen ohartu! Neronek gero eta gero
ikasiak ditut horiek…
Zenbeit astez pikota Rohaien egon zen, bainan gero fama hedatzen hasi zen han eta hemen

ere agertzen hasi zela. Azkenekotz orotarat
hedatu zen. Ez ditake erran mundua nola lotsatua zen! Etzen gehiago ez ahaidegorik ez adixkidantzarik: eri etzena ihesi zoan ahal bezen laster
eta ahal bezen urrun, oihan zokhoetaraino, han
zuhaitz erro eta belhar tzarrez biziko bazen ere.
Eriak, bakharrik ari behar zuen gaitzarekin
borroka. Gose eta egarriak, bertzalde! Baziren
sukharrarekin ezin egonez, urerat jauzi egiten
zutenak freskatzeko eta han ithotzen, indarrek
utzirik. Hilak ere nun-nahi atxeman zitazken,
bideetan, oihanetan, landetan, basagathu eta
abere gaixto batzuek jada erdi iretsiak! Herrietan hiltzen zirenek han berean usteldu behar
zuten, nihor ez baitzen ehortzeko. Ez da beraz
harritzeko gaitza zabaltzen ari bazen egunetik
egunerat.
Koxamen nintzen orduan. Gaitza etzitzaukun
berehala agertu. Inguruko herri guziak jada erdi
hustuak gaitzaren gatik, eta gu oraino ere
sendo! Gau batez athea jo zautan norbeitek eta
leihorat erran: «Aita, eri bat badugu etxean, zato
laster ikusterat. Ez dakigu ez othe duen pikota!»
Mandatariari jarraiki nitzaion berehala, eta eria

ikusi orduko ez nuen dudarik ukhan: pikota zuen.
Ez nioten etxekoeri gorde hala zuela. Harritu
ziren. Oro ihesari ematerat zoazin berehala,
neronek gelditu ez banitu: «Norat nahi duzue
joan? Jainkoak nahi gaitu frogatu: benedika
dezagun Haren izen saindua! Bainan girixtinoek
ez dute, paganoek bezala, elgar utzi eta ukatu
behar. Herri Guzia neronek bilduko dut bihar eta
elgarrekin orok ikusiko dugu zer egin. Ordu arte,
ez lotsa». Eta berehala etxe hartako sendoak eta