🕙 29-minute read
Azkaine gure sorterria - 5
Total number of words is 3759
Total number of unique words is 1837
29.0 of words are in the 2000 most common words
41.9 of words are in the 5000 most common words
48.3 of words are in the 8000 most common words
laketuko duen eta bere burua maitaraziko duen
apez gisa da; ona, ixila, langilea. Agian hainitz
urtez, jaun apeza!
Eta badire zenbeit azpitik goiti heldu direnak:
biga badire jada helduak kasik, beren lehen
meza aurten emanen dutenaz geroz... menturaz
lerro hauk Gure Herrian agertu baino lehen:
Jeannot Ithurria, Miarritzeko jaun bikario doidoia
aipatuaren anaia, eta Onaindia, Gipuzkoatik
hunat etorri jaun apez batzuen iloba. Adixkide
gazteak, Dominus vobiscum!
Azkaineko apezen lantto hau hemen bururatzean, herritarrek barka dezagutela bakotxaz ez
menturaz merezi zuten ongi guzia erranik. Barka
dezagutela orobat ez baditugu doidoia aipatzen
baizik herriko hainbertze serora saindu. Ixiltasunaren ondotik joan ziren Angeluko, Uztaritzeko,
Ahurtiko eta bertze komentuetarat eta ixiltasunean nahi dute oraino han bizi. Jainkoak lagunt
eta gida detzala beti!...
MIRIKU ETA SASI-MIRIKU
Arimako mirikuak luzeki aipatu ondoan,
nahuzue aipa detzagun bertzeak? Egia erraiteko,
behinere ez dugu azkaindar mirikurik ezagutu.
Sasi-miriku zenbeit ba haatik. Biga bederen aipatu behar ditugu hemen...
Horietarat gabe ez ote diogu haatik bat zor
Pinatel Jaun mirikuari? Sortzez ez bazen azkaindarra, ez ote zen azkaindartua azkenekotz? Eta
hala azkaindartua, nun auzapez hautatua izan
baitzen eta auzapez izan hainbertze urtez! Baionatik adin batean etorria, Portuan bere egoitza
eginik, etzen azkaindarrik ezagutzen etzuenik:
Euskara etzakien, bainan errotik atxikitzen
zion... eta menturaz etzuen euskaraz ere bere
burua saltzerat utziko, deusik erran gabe! Gizon
pollita, miriku ezti eta jakina, bihotz handikoa,
eta osoki Jainkotiarra. Heriotze guti ikusten da
jaun harena baino ederragorik. Min tzar batek
ereman zuen, ezagutza osoan elizako guziak
harturik. Etzuten Azkainen ehortzi, bainan haren
oroitzapena han da oraino hainitz bihotzetan...
Sasi-miriku frango ezagutu dugu gure denboran: Jainkotipia, Jainkobeltza, Petillou, Daunatua,
bertzeak bertze. Handienaren heinekoa zen Baltatzar Azkainen. Etzuen eskolarik. Irakurtzen ba
ote zakien bederen? Ez dugu uste. Etzuen liburuetarik beraz bere jakitatea. Nun kausi halere
Baltatzar baino gizon artexagorik hezur ateratu
baten bere tokian ezartzeko? Donibanen, Miarritzen, Baionan eta nun-nahi ibilki zen mirikuntzan
eta egundaino nihungo mirikuek etzioten gerlarik bilatu.
Orduko mirikuak etziren oraiko batzu bezen
minbera... Hezur hautsien antolatzen ere ba
omen zakien, bainanbatere ez dugu gordeko
behin hezur bat hautsi baginu, Baltatzar baino
nahiagoko ginuela Lafourcade ikusi Baionan edo
Chavannaz Bordelen! Ez da lan bera hezur ateratuaren lekuan ezartzea eta hautsiaren antolatzea...
Hezurretan bezen trebe zen Baltatzar arrunteko gaitz batzuen artatzen. Etzuen landaretan
baizik sinisterik eta sekulan etzuen bertze sendagailurik. Guzien buruan, zer-nahi izen latin eta
graka ukanagatik, sendagailu gehien-gehienak
ez ote dire landaretarik heldu? Huna gure basamirikuaren landare maitatuenak: urtsu-belarra,
morroina, aragorria, xixari-belarra, erromania
eta, gutixago haatik, karraskila. Ez dakitenentzat
nahuzue bi hitzez erran dezagun zer eta zoin
diren sei landare balios horiek?
Urtsu-belarrari aigremoine erraiten diote
frantsesez, agrimonia eupatoria latinez. Bide
bazter eta pentze, trumilka nun-nahi kausi ditake. Zintzurreko minetan manatzen zuen Baltatzarrek.
Eztularen kontra ez omen da morroin tizana
baino hoberik: baratzen batzuetan nahi baino
gehiago bada. Morroina bourrache officielle da
frantsesez, borrago officinalis latinez.
Xixari-belarra tanaisie vulgaire frantsesez,
tanacetum vulgare latinez, ez da egungo egunean ere arras bazterrerat utzia, ez Azkainen ez
nihun. Izenak berak erakusten du xixarien kontrako sendagailua dela.
Aragorria baino landare hedatuagorik ba ote
da Euskal-Herrian? Ez da beraz harritzeko Baltatzarrek ezagutzen bazuen. Ez du haatik aras izen
bera orotan: ahagoa erraiten diote hainitz
eskualdetan. Patience da frantsesez, rumez
patientia latinez. Purgatzeko ematen zuen aragorria Baltatzarrek.
Bainan ez da landarerik gure sasi-mirikuak
erromania baino maiteago zuenik. Alabainan
erromatismentzat manatzen zuen eta ez da
itsas-hegian eta mendiko ihintzetan ibilki eta bizi
direnetan erromatisma baino gaitz hedatuagorik. Maino idorrak manatzen zituen erromaniarekin. Romarin da frantsesez, erromania eta rosmarinus officinalis latinez.
Huna —artean— erromaniaz Gure Herria
zahar batek zer erraiten daukun: «Landare guti
da Euskal-Herrian “erremulia” baino maitatuago
denik. Pollita da, usain ona du, eta dohain hainitz
badu erromatisma zahar eta holakoen kontra.
Loreek jauntzietarik zimitzak urruntzen dituzte,
bertzalde». Eta badakizue Alemanian zeren kontra derabilkaten erromania? Ezkabearen eta
zorrien kontra...
Badakigu segurki Baltatzarrek karraskila ere
ezagutzen zuela, bainan etzuen sobera manatu
nahi: izitzen zuen karraskilak, behin berak galtxagorri ikusi baitzuen soberaxe bezala harturik.
In medio stat virtus. Zer ote da, bada, karraskila
(edo karraskaila)? Eskuin eta ezker galdetu izan
dugu hainitz miriku xaharri eta sendagailu egileri. Batzuen eta berzeen erranetarik iduri luke
landare mota bat baino gehiago badela izen hori
emaiten diotenik. Ainhoako aldean frantsesez
germandrée eta latinez teucrium pyrenaicum
deitzen den landareari erraiten diote karraskila,
Giron jaun apez zenaren arabera. Hendaia eta
Biriatuko aldean karraskila frantsesez yeuse eta
latinez Squercus coccifera deitzen den landarea
da. Eta bertze eskualde batzuetan, Sarako adixkide baten paperek diotenaz nerprun prugatif,
rhamus cathartica. Hau edo hura izan dadien,
nihork ez dezala nola-nahi har, Michel Labéguerie bezalako jaun miriku argitu bati aipatu gabe:
pozoina badu karraskilak. Eta menturaz ez leakete orok ihardok Baltatzar batek bezala.
Erran gabe doa Azkaineko sasi-mirikuak ez
zakizkala landare horien izen ez frantses ez latinak: zerbeit da euskarazkoen jakitea bera!...
Harritua gaude Baltatzarrek eztularen kontra
nola etzuen usuago manatzen idi-mihia, scolo-
pendre frantsesez: menturaz Azkainen orok
badakitelakotz deus ez dela hoberik...
Haurrak utzi ditu Baltatzarrek ete heieri bere
jakitatea. Ez dire haatik aita bezala hedatu orotarat. Bizkitartean batek bederen, Frantxeskak,
zerbeit egin omen zezaken eta ezta hanbat denbora Biriatuar batek ixtorio hau kondatu daukula: Igande arrats batez, arnoa nausi eta gidari,
Biriatuko mutil tzar batzuek asto bat ebatsi
zuten eta Jaun erretoraren portaleari estekatu.
Mattio, orok ezagutzen dute Mattio, etzen saltsan, bainan saltsa ikusi zuen eta egiterat utzi.
Horran nun biharamun goizean oihanean zuhaitz
baten pikatzen hasi orduko gainerat erortzen
zaion. Mattio gaizoa etzen aise heldu etxerat
errainetan hartu kaskakoarekin. Buruari eman
zuen Jainkoaren gaztigua zuela, gazte tzarrak ez
gibelaturik bezperako jokoan. Bururaino ixiltzekotz etzuen mirikurik deitu behar: etzuen deitu...
eta norbeit Azkainerat igorri zuen delako Frantxeskaren bila. Ongi egin baitzuen segurki! Hain
ongi artatu zuen Baltatzarren semeak nun ondoko egun batez, egia zilaturik, Hendaiako mirikuak Mattiori erran baitzion: «Sekulan ez nuen
sinetsiko holako ikaragarrikeria hoin ongi arta
zezakela Frantxeska batek! Nik ez nuen hobeki
eginen!». Jeinua badu —edo bazuen— aitak
bezala...
Castilla etzen azkaindarra sortzez. Hogoitabizpalau urte bazituen Azkainerat etorri zelarik
Espainiatik desertur. Handik aski laster Azkaindar batekin ezkondurik arras azkaindartu zen.
Euskara bera ikasi zuen, frantsesa bera ere ba
guti edo aski. Castillaren dohaina arras dohain
berezi bet zen: piko eta sistakoak otoitz batez
sendatzen zituen! Edo bederen odola geldiarazten zuen! Nihork ez dezala uste izan trufa dugula hori: hainitzek eta hainitzek finkatu, «tieso»
finkatu daukutena da! Hala nola Etchezarreta
bizi den batek! Eri bat segarekin pikaturik, Castilla deitu zuen, eta hau bizpahiruretan zeinatu
zen! Eta betbetan odola gelditu!!! Castillak hola
hola sendatu omen zituen Senpere Aspeltzeko
seme bat, pudaz kolpatua, eta Ganix Zigarroa,
sudurrean egin saki batetik! Eta Castillak zenbat
holako ez du egin eskuin eta ezker! Erran dezagun sasi-miriku hau gizon prestu bat zela, aho
onekoa eta elizako urratseri arras jarraikia...
Espainian saludador deitzen omen dituzten
holako miriku motak eta, Azkue jaun apezak
bere liburuetarik batean nunbeit erraiten daukunaz, hango Euskal-Herrian ba omen da frango.
Saludador izaiteko, familiako zazpigarren seme
behar da, artean arrebarik gabe. Mihi azpian
gurutze bat omen dute. Castillaren denbora bertsuan, Urrunan bazen holako bat: Xemartin
Luberrikoa. Adineko azkaindar gehienek ezagutu
dute eta ikusi: ez dakigu mihi azpirat behinere
behatu dioten haatik! Dena dela, Xemartin Luberrikoak ere sendatzen omen zuen...
Emazte batek ere ukan bide dezake dohaina,
familiako zazpigarren alaba balinbada... artean
anaiarik gabe. Ez du hainbertze denbora Ezpeletan emazte saludador bat ezagutu dutela. Hauk,
mihi gainean dute gurutzea!!!
Ez dute sineste hori Euskaldunek bakarrik,
Bretinian ere badute. Aitortuko ote dugu ez
dugula zurezko jainkoetan baino sinesten, guk,
saludador horietan? Baltatzarrek, ba, senda
zezaken bere landare eta belarrekin: Ezpeletako
neskatxari ez ginion behatzaren punta fidatu
nahiko. Castillak odola geldi ote zezaken ototiz
batez? Segurki Jainkak nor-nahiri eman dezoke
mirakuluaren dohaina, bainan ez dezakegu
erran hari edo huni eman diola: Eliza da juje.
Castilla kolpatuaren ganat heldu orduko, zenbeit
denbora joaiten zen... menturaz aski denbora
odola bera gelditzeko. Castillak etzuen dirurik
galdetzen, emana hartzen ba haatik. Beraz...
beraz! Bakotxak ikus.
Badakizue guk sasi-mirikuak deitzen ditugun
sendagile hauk nola deitzen zituen gure herritar
Hiribarrenek?
«Baziren ere bertze aireko-barberak
Sorgin kontra zuztenak balios indarrak!
Gaizo zenbeiti zuten ematen buruan
Etzuketela onik bere mirikuan...».
Ez ginuke nahi nihork uste izan dezan deus
sorginkeriarik bazela Castilla gaizoan. Herriko
apezak behin izan zitzaizkon odolaren gelditzeko
zer otoitz egiten zuen galdetzerat: hunat zer
ihardetsi zioten: «Zer otoitz egiten dutan? Nik ez
dakit egun guzietako otoitza baizik».
Bixtan da Castilla hamazazpigarren mendean
agertu balitz Azkainerat, laster eta laster D’Arguibel apeza bezala erreko zutela Santizpiritetan...
SORGINAK
Batere bilatu gabe, Castilla gaizoak huna nun
ekarri gaituen... sorginetarat. Bada ez ditake
Azkainez mintza, sorginez mintzatu gabe. Ez
dugu haatik nahi hemen sorgin ixtorio guzian
sartu: ito gintazke.
Bertzalde, sorginen ixtorioa hemen gaindi
bururen buru ikasi nahi duenak, aski du Gure
Herria eskuratzea eta ixtorio hori han irakurtuko
du, luma ederrenaz, lehenik gure adixkide handi
Apesteguy zenak kondatua, gero Larzabal gure
herritarrak. Hau da guk erran behar duguna:
Azkaindarrek orai galduxea badute sorginetako
sinestea, hainitz denboraz supazterretan ez dela
bertzerik aipatu.
Gure xaharretarik zenbat aldiz ez dugu geronek De Lancre famatu haren izena aditu! Nor
zen, bada, jauntto hori? Henri IV, Frantziako
erregearen dretxo-zale eta mandatari bat, Bordaletik Euskal-Herrirat sorginen atxemaiteko eta
gaztigatzeko igorria. Egiaz, memento hartan jendeak predikari kartsu batzuen behar handiago
zuen holako juje baten baino. Gehiago dena
Frantzia guzian etzen De Lancre zoroaren hautua baino tzarragorik egiten ahal.
Beha zer erraiten duen hartaz Pierre Larzabalek, berak hainitz liburu eskuetan ibili ondoan:
«Tipi tipitik sorgin ixtorioetan hazia, sorginez
idatzi liburu gehienen jakitateaz hantua, gure
gizonak Euskaldunek berek baino sineste handiagoa zuen sorginkeria baitan. Sorginak airetan
ibiltzen zirela, haurrak beren sehaskatik ebasten
zituztela, debruekin ezkontzen zirela, eta holako
zorokeria batzu nehork etziozkan burutik aterako. Alabainan bai san Agustinen, bai san Tomas
Akinokoaren, bai bertze frango idazleen irakaspena zen hori. Ezagutua ere zen orotan Sprenger
izeneko fraile baten liburua, zointan xeheki irakutsiak baitziren Alemanian sorginek zeramatzaten sail ikaragarriak». Horra 1609-ean Baionan
barna, Lapurdin sartu zen legetiar gizonttoa.
«Hogoita hamarbat mila arima zitaken Lapurdin orduan. Harrotu, eta ederki harrotu behar
zituen gure Bordelesak. Hau Larrun puntatik
Hendaiaraino jauzi egiten ikusi zutela, hura ez
dakigu nungo xerriaren eriarazlea zela, eta mila
holako estakururentzat, zenbat eta zenbat jende
gaixo etzuen hilarazi!!!». Azkenekotz apezeri
jarraiki zen delakoa, baizik-eta «sorginkeriaren
erroak apezen baitan zirela eta hauk suntsitu
gabe deus onik etzezakela egin». Hirur apez
bederen hilarazi zituen. Bat azkaindarra.
Utz dezagun berritz ere Pierre Larzabal mintzatzerat: «D’Arguibel, Azkainko erretora zen.
Jadanik lauetan-hogoi urtetan iragana, zentzua
pixka bat nahasten hasia zitzaion. Bere buruarekin noiz-nahi solasean zagon eta haren mintza
eta kurri-manerak bitziak ziren. Sorgintzat ekarria, De Lancrek erretor-etxea mia-arazi zuen eta
huna zer zuten atxeman: egurrezko gurutzeko
hautsi bat, gaineko adarraz, gabetua! Bazen
aski. Gurutzen bat hirur adarrekin? Nun zen laugarrena? Erretor sorginak trufaz moztua zuela,
dudarik nehork ez zezaken izan, De Lancren arabera...». Hortakotz kondenatu zuten D’Arguibel,
Pierre Larzabalek dionaz.
Bertzerik erraiten daukue Joseph Nogaretek:
«Le curé d’Ascain, nommé Arguibel, vieillard de
75 ans, tombé en enfance, fut condamné sur
l’affirmation de deux femmes qui dirent l’avoir
vu au sabbat. Le malheureux avoua tout ce
qu’on voulut». Dena dela, Santizpiritetako elizan
bere apez-jauntzi guziak kendurik, zaku tzar bat
ordain emanik, eliza aintzinean hanxet erre
zuten!
Nahuzue pollitaren pollitez begien aintzinean
ezar dezazuegun Paul Vovard jada aipatuaren
zati bat? «Au début du XVII siècle, De Lancre fit
mourir trois pêtres, dont un curé d’Ascain, prétendant que ce malheureux se rendait de nuit au
Sabbat à cheval sur un bâton, après avoir acquis
le don diabolique de se déplacer dans les airs en
se trottant le corps avec de la graisse d’enfant
égorgés...». Holakorik buruan eman ditakela.
Egia erran, holako sinestea ez ote da eritasun
bat? Hain aise hedatu zelakotz gure herrian,
helde, helde ikaragarri bat zela erran ginezake
kasik! Gure haur denbora batean Azkainen erien
puntan konda zitazken Gaxuxa Zipitria, izen
horrekin eta bere begi gorriekin, sorgintzat ez
zeraukatenak! Sortzez Senpertarra zen Gaxuxa
Zipitria. Deusik ez dakigu haren aintzinekoez.
Erromes gorria, bizia esketik biltzen zuen! Bainan hanbat gaixto gure Gaxuxa etxe batetarat
hurbiltzean, hango haurrak eroriko bat egiten
bazuen eta minartzen, hanbat gaixto Gaxuxa
etxe baten ondoan iragan-eta, hango urdea eritzen bazen, haren gain joanen ziren bat eta bertzea... eta bertze gerta zitazken makur guziak!
Ez, hainitzen burutik etzen aise kenduko Gaxuxa
etzela zuek eta ni baino sorginago.
Denboraren buruan oraino arras gogoan
dugu behin zer gertatu zitzaion Malakat-baitan.
Hango etxetiartsa eriturik, Gaxuxa ikusterat joan
zitzaion federik hoberenean. Goiz hartan hobeki
eginen zuen etxean egon balitz segur: Gaxuxa
etxean sartzen ikusi zueneko, arrunt burutik joan
zen Malakat eta, jauzian atea hertsirik, oihuka
hasi: «Sorgin tzarra, zuk eritu dautazu emaztea:
zoaz hemendik, eta zoaz gako zilo hortarik edo
ederrak hartuko ditutzu!». Eta Gaxuxa gizoa ez
baitzen gako zilotik ateratu, astoarenak eta
mandoarenak hantxe hartu zituen burutik beheiti! Hauzoak orroetarat etorri ez balire, nork daki
gizon koskak etzuen apo bat bezala han kalituko! Dena dela, josteta Gaxuxari gosta zitzaion
hamabortz egun ohe, eta Malakati bertze hainbertze presundegi! Erran gabe doa Azkaindarre-
tan erdiak segurik Malakaten alde zirela, auzia
Baionan xuritu arte bederen... eta ez ginezake
eria suan eman gero ere etzirela hala egon zenbeit!!!
Ez dugu Gaxuxaz geroztik, sorginik ezagutu
guk Azkainen, hura hala balin bazen. Badakigu
haatik egungo egunean oraino frango eta frangok ipurtargi bat gauaz nunbeit ikustea aski
dutela sorgin eta sorginkeriez supazterrean, eta
hauzoan, berehala mintzatzeko.
Eta ez du hainitz denbora ixtorio hunek gertatua dela. Etxe batean —ez dugu salatuko zointan— urdea zabal-zabala lurrean dagokiote eta
asearen aseaz ez du higitu nahi. Sorginek «konjuratu» diotela, jabea badoa hauzorat. Hauzoak
irria eta trufa maite, erraiten dio holakoetan ez
dela erremedio bat baizik, «behar dela talo burdina suan gorritu eta harekin hirur kaskako
urdearu buruan eman!». Sinetsiko ote duzue
hirurgarren kaskako baten beha egon gabe
urdea sendatua zela eta xutitua?... Bainan munduan ez da gizonik, jabearen buruan sar-araziko
duenik etzela han den gutieneko sorginkeriarik!
Eta badugu ustea egungo egunean herriak badi-
rela, Azkainek baino gehiago sorginetan sinesten dutenak! Ez dire Azkainekoak hitz hauk: sorgin-oiloa, sorgin-baratxuria, sorgin-orratza, eta
bertze batzu! Segur han eta hemen jakintsun
aintzinatu batzuek hameka ixtorio pollit balukete biltzeko, eta Gure Herriari igortzeko, Azkaindarrak bereak sobera luzatu gabe!...
LAMINAK
Neguko arrats luze hotzetan gaztainak
«pinpi-panpa» paderan erretzen ari zirelarik,
nork ez du Azkainen laminez mintzatzen aditu?
Bainan zer ziren laminak? Gu baino xaharragoek erran daukutenaz, mixteriozko gizon eta
emazte batzu ziren eta lezeetan bizi. Ez omen
ziren gauaz baizik ateratzen. Beren bokata bera
gauerditan egiten zuten, lamina guziak iturri
bererat bildurik, lerr-lerro, ilargi xuritan. Beren
buruzagiak bazituzten.
Zer heinetakoak ote ziren? Handiena gaitzeru batean sar omen zitaken! Ez du iduri gaixtoak
zirela: ohoinak, denik ere, Azkainen bederen.
Senperekoek haatik ez omen zuten ohointzan
ibiltze beharrik, Jean Barbier zenaren liburu
baten arabera: hango laminak aberats puxantak
ziren. Puxantak! Urpean bazituzten beren gaztelu ederrak: ez ditake jaten zuten ogia baino
xuriagorik: urrezko orraze batzu bazituzten:
laguntzen zituztenak gain-gainetik sariztatzen
zituzten. Eta ez dakigu zer oraino! Ez, etziren
holakoak Azkainen!
Nundik heldu ote zaiote izen hori lamineri?
Guk ez dakigu: goazen beraz jakintsunetarat. Ez
dugu ezagutzen Euskal Herriari doazkonetan
Azkue jaun apez zena baino handiagorik. Huna,
bada, zer erraiten duen Euskal Herriaren Jakintza
delako liburuan: «Lamiaren izena Greziarrena
omen da. Beren Mitolojian Frigiako erregina dela
diote, galanta eta ederra. Zeus-ek (Erromarren
Jupiterrek) bere emazte egin zuelarik, lengo
emazte Herak gorrotoz eta kurrukaz beren
seme-alaba guziak hil zituen». Erran gabe doa
nihor ez dela ifernurat joanen hori sinetsi ez duelakotz...
Lapurdin badire erran-zahar batzu, norbeitek
lehen-bai-lehen bildu eta argitaratzen ez baditu,
laster ahantziko eta galduko direnak. Huna haatik zenbeit Haranederreko nausi xahar zenari
adituak:
«Arrain-saltzaile Bidarteko,
Dena sorgin Getariako,
Xokolet-edale Donibaneko,
Moko-zikin Ziburuko,
Ohore-nahi Urrunako,
Arrano-jale Biriatuko,
Ikatz-egile Sarako,
Belaun-buru handi Senpereko
Zoko-moko Azkaineko».
Harritzeko izanen zen Azkaineko zoko-mokoetan ez baginu lamina ixtoriorik kausitu. Bat
eman dezagun hemen, pollita delakotz. Uhaldeko harrubian ba omen ziren laminak, lehen. Gau
guziez ximiniari behera Uhaldeko sukalderat sartzen ziren, «firri-farra», eta han esne-untzi
guziak husten. Etzezaketen buru Uhaldeko nausi
gaixoek. Etxekandereak behin bere baitan eginik
josteta horrek aski iraun zuela, hamar orenetako
oro oherat igorri zituen eta bera sukaldean gelditu. Berea gogoan, zartain bat eman zuen suan
olioz betea. Gauerdi zen lehen lamina ximiniari
behera jautsi zelarik. Jo eskuin, jo ezker abiatu
zen lamina, leihotik mahainerat, mahainetik
pegartegirat, bainan nihun deusik ezin atxemanez, etxekandreari hurbildu zitzaion:
—«Zer erretzen duzu zartain hortan, atsotto?
—Neronek nere burua, lamintto!
—Zer?
—Neronek nere burua! Hurbil zaite gehixago,
ikusteko!».
Eta hainbertzenarekin, laminari ohartzeko
astirik utzi gabe, zartaina bere olioarekin besainka igorri zion bi begien erdirat! Laminaren karrasiak! Etxe guzia iratzar-arazi zuten. Erran gabe
doa lekuak «atxatxo» hustu zituela laminak eta,
bi jauziz, han zela harrubian, bere lagunen
erdian!...
—«Nork ezarri zaitu planta hortan laguntto?
Nor da hoin tzarra?
—Neronek nere burua!».
Eta etzioten lagunek bertzerik ateratu dohakabeari, marruma ikaragarri batzu baizik. Egia
asmatu zuten halere eta biharamun arratsean
mendekatzea deliberatu. Etzioten denborarik
utzi Uhaldeko etxekandreak: heriko erretora
eguerdi gabe etxerat deitua zuen eta inguruetako zilo guziak benedika-araziak; Aitare eta
Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenean!
Otoitz horiek hil ote zituzten edo urrundu laminak? Azkaindar xaharrenek ez dakite. Menturaz
Arraioko lamina ziloetarat joan ziren eta han
kokatu. Uhaldean ez omen da beti geroztik bat
bakara agertu.
Uhaldeko laminak hortan utzirik, beldurra
baitudu Oxobi, Piarres eta So-egile batzuek lerro
hauk irakurtuko dituztela... eta aski punttakoak
direla Euskarari buruz... goraxago egin huts
batez barkamendu nahi diotegu, orai berean,
galdetu: lamina «ximinia» behera jautsi zela
erran dugu: zer hitz itsusia! Gisa bereko ixtorio
batean Jean Barbier zena «su-pizkiaz» mintzo
da. Hori hitz pollit eta maitagarria! «Su-pizkia»
cheminée! Bainan idazle handi zenak nundik
ateratu ote du hitz hori? Berak asmatu ote du?
Nahi badu, ba: erran dezogun orok ongi-etorri.
Hitz bat bazterrerat utzi behar ote da, berria
delakotz? Oro, berri izan dire noizpeit!!!
PURRUXKA BATZU
Baionako katiximak huna zer dion sineskeriaz: «Sineskeria edo superztizionea da sinestea
holako jendeak edo holako gauzak baduela botere bat, Jainkoak ez Elizak eman ez diona». Zorigaitzez, hameka eta hameka azkaindar bada
oraino aise bekatu hortan eror litakenik. Hauxe
bera ez ote da sineskeria? Behi bati kalitxak
heldu zaizkonean, aski da gorozti aldaxka bat
herriz kanpotik ekartzea, bidean ur errekarik iragan gabe, eta aldaska hura heian ezartzea.
Goroztia eihartu gabe kalitxak eroriko zaizko
behiari... Eta badire hori sinesten duten azkaindarrak!!!
Azkainen aditua:
«Lertsunak lerro-lerro airean doazi
Beroaren lekurat hotzaren ihesi...».
Azkainen zenbeit emaztek ttotta aski maite
omen zuten denbora batez eta ixtoio bat konda-
tzen aditu izan dugu supazterrean. Senpereko
adorazione batez, hogoi apez lekuko, Azkaineko
erretorak pario hau egin zuen Senperekoarekin:
argitik iluna arte Azkaineko hirur emaztek hamabortz pinta aguardient edaten zituztela. Arratsean, etxerat itzuli zelarik, Katalin Beltza deitu
zuen berehala, eta Senperen zer pario egin zuen
erran.
—«Parioa ez dautzugu gal-araziko, jauna.
—Nor hartuko dun lagun? Gazuza Moko?
—Ba, jauna: ohore eginen dautzu...
Hirugarren Manana Motza?
—Fa, jauna! Bizpahirur pinta hustu orduko,
elea nausitua du!!!
Kontrabando ixtorio hainitz balitake Azkainen, bildu nahi lituzkenarentzat. Huna bat. Duela
ehunbat edo gehixago urte, Mazondo delako
espainol batek osoki harrituak zauzkan mendirat
menturatzen ziren guziak: kontrabandixta bezen
ohoina zen eta arras axola guti zuen nor-nahiren
biziaz. Jada bazituen bizpahirur gizon hilak Frantzian, eta bertze hainbertze naski Espainian.
Dena dela, horra nun goiz batez Piarres Elizalde
mugazainak handik edo hemendik zilatzen duen
Mazondo ondoko gauean zerbeit kontrabanda
baliosekin irgaitekoa dela Martinaurrenbordan
gaindi. Gaztea zen Elizalde eta bihotz gaitzeko
gizona. Aitzindarieri galdetzen diote Martinaurrenbordako inguruetarat igor dezaten zerbitzuz.
Baietz, hala nahi duenaz geroz, bainan... gertatuko dena haren gain! Horra nola zen Elizalde
gau hartan Mazondoren bidean gertatu. Ganix
Handia zuen laguntzat. Birikak bere lekuan
zituean mugazaina hau ere eta norbeiti kuskako
baten emaiteko batere lotsa etzena. Bada,
gauerdi alderat otarditik urrats batzu aditzen
dituzten bi mugazainek, eta zango punten gainean abiatzen dire harrabotseri buruz. Ilargi
bafada batean horra nun ikusten bi gizon kargatuak. Hauk ere ikusi dituzte haatik mugazainak.
Bat haizea bezala ihesari eman zen; bigarrena
etzen hain lotsakor —Mazondo zen— eta bidea
segitu zuen, deus ez balitz bezala, mugazainen
ondoraino.
—«Geldi hor, Mazondo!
—Hik geldiarazirik beti ez, Piarres!».
Ez ote? Eta Elizaldek jauzi egiten dio gainerat. Hango borroka partida! Bainan horra nun
kanibetkaldi batez Mazondok alde bertze iragaiten dion eskuineko eskua mugazainari. Lagunaren orro saminek burutik joanarazten dute Ganix
Handia eta bere xixparen gibelaz kaskoa arrailtzen dio Mazondori. Berritz gibelat itzulia hogoibat urratsetarik beha zagon bigarren kontrabandixta: Jainkoa lekuko, zirurikan tiro bat igorri zion
Ganix Handiari, huts egin eta ihesari eman,
Ganix Handia jarraik zakioken eta tiroa pagaraz.
Ez: Piarres Elizalde alditxartzen ari zela oharturik, bizkarrean hartu zuen eta, artatzeko, bi jauziz Martinaurrenbordarat ereman. Piarres artatua, bigak, berriz otardirat zirelarik Mazondo
bila, oro sutan ziren: etzuten Mazondorik atxeman, jada errea zen. Herri guziak ez omen zuen
atsegin ttikia ukan!
Azkaindar xahar-xaharretan nor edo nor
baditake oraino Luis Handia ezagutu duenik.
Haren indarreko gizonik ez omen da gehiago
ikusten. Nihork nihun etzion uli handirik bilatzen.
Ez da harritzeko. Behin lau peon ari omen ziren
harri alimalebati tiraka alde guzietarik eta ezin
higi. Luis hurbildu zitzaioten, ederki trufatu... eta
berak harria galtzarrean bere tokirat ereman, bi
liberako ogi bat bezen aise!
Handiagokoa Landesetan egin omen zuen
behin. Adixkide baten etxerat joana zen pestalier. Hain xuxen pesta guzia omen zen «eliza aintzinean zen kanoi zahar bat zoinek doidoia higi».
Errotak haxetaraino sartuak zituelakotz, nihork
etzuen kanoia higitu astelehenean. Astearte goizean ere ez. Eta horra nun eguerdi alderat fama
hedatzen den arratsaldean Euskaldun batek higituko duela eta hamar metretarat eremanen! Ba
ote? Arratsaldean mila Kaskoin baziren kanoiaren aldean, beren kapelu handiak buruan... eta
jada trufa ezpainean! Luis Handia agertu zen,
oro bazter-arazi, kanoia terrepente bere ziloetarik ateratu eta han-harat ereman ondoan...
uzkaili.
Arratsean, ostatuan, zer-nahi ohore egin zioten, mozkor-arazi ere ba —omen— nihork halere
gerlarik bilatu gabe. Quo pentsi!
DURRUTY ETA HARANEDER
Itsasotik ginenian
Sartu gure familian,
Azkaingo herri noblian
Zer zen gertatu nuen aditu
Bi notablien artian:
Nola ziren justizian
Sartu hitz baten gainian
Donibaneko hirian...
Donibanen zer gertatu,
Gauza nola zen pasatu,
Behar dugu deklaratu.
Bazkal-denbora bere gogora
Durrutik ez du pasatu.
Konpainiaz da trufatu,
Xitxi, saltsa eta fruitu,
Guziak iretsi ditu...
Huna nola zen afera,
Jin zirenian kafera,
Etorri zen Theodora,
Sei lagunena, neurri ona
Eman zuen mahainera:
Durruty saltatu bera,
Lehenik agorrientera
Ongi beterik kikera.
Lauek zutenekotz hartu
Agorrienta zen finitu,
Bi xorta gabe gelditu.
Hori ikusiz Durruty irriz
Zitzaioten abiatu.
Haranederri gaitzitu:
«Ergel xirtxila zer duzu?»
Hitz hortaz du ajornatu...
Ez den bada nardagari
Norat joan den jaun hori!
Ez fida musde Lacori.
Noges sarjanta, gizon galanta,
Hartu du kontseilari.
Ai, zer sujeta gidari!
Saltsa tzarren xuxentzari
Hori da beti ibili...
Errozu musde Nogesi
Gizon bihotzgabe horri
Nere partez goraintzi.
Gizon mendratzen jende tronpatzen
Ari izan dela aski:
Zor pagatzen dadin hasi,
Bertzeak bere gisa utzi,
Edo doala ihesi!
Jujaz naiz estonatu
Lekuko xoil bat aditu
Halere du kondenatu
Unus testis, nullus testis,
Zizeronek erran du;
Legia gida har zazu,
Bi lekuko behar tutzu
Bertzela deus ez zira zu!
Aspaldikoak dire pertsu hauk: ehun urtetarat
doazke; bainan zer gatz-biperrak dituzten
orano... Noges batzu ezagutu dituztenentzat.
ITZAL ETA ARGI ZONBEIT
Pazkagi hoberenetan iraka sor ditake: ez da
beraz harritu behar Azkainen ere ukan bada Jean
Baigorri bat... Mila zortzi ehun eta hiruetan

You have read 1 text from Basque literature.