Atze edo edesti laburra - 2
zen euskara ere, eta baldin hala ezpada, Euskaldunek
berek dute falta, ta ez euskarak».
Urte gutxi duela idatzi zuen Julio Urkijo jaunak,
Axular'en Gero orren iturburuetatik bat ote zen Granada'ko Fray Luis. Granada'ren jario gutxi ageri da, Axular'en toki bakar batzuk itzez itz euskeratuak baldin
badire ere. Lenbiziko zatian ez da zantzurik ere usmatzen; bigarrenean idazburu batzuk eta parrafo'ren bat
besterik ez. Baino Granada'k berak ere Elizaren Gurasoengandik artzen zuen bere liburuetako gaia. Axular'ek duen guzia erderatik euskeratua balitza ere
eluke gutxiago balio, ederki itzalgaiztu baitu erdera
ori. Euskeraz burutatua dirudi Axular'en liburua.
Gaurko irakurlea ez bijoa Axular'engana euskera
garbi-garbiaren billa. Mingarri idurituko zaio ainbeste
erdal-itz ikustea. Axular'en asmoa, burutapena den
bezala ta argi agertzea da, ta ez dijoa igesi beste asko
bezala buruan daukana adieraztetik. Asko ta asko,
gaur ere, erderaren igesi dijoazela, burutapenaren
igesi dabiltza. Alaere Axular'ek euskal-itz eder ugari
ba du, Mendiburu'k baino ugarigo. Axular bere itzez
zuzendua edo garbitua eman liteke dagon baino txukunago. Axular'en idaztankera bizia da, arraia, garbia,
ta zainduna. Naiz bitxikeri edo axekarako, naiz funtsez
eta gogor mintzatzeko gai dago beti. Orrek eman dio
Laphurdi'ko euskalkiari bere joera ta aria [9].
Onen atzetik etorri da idazle-sail ederra Laphurdi'ra. Laphurdiz esan diteke bere denboran Larramendi'k
ziona: «en lo impreso nos hace ventaja a todos el
labortano». Gaur bertan ere irakurri beintzat an egiten
da geienik. Geroz bai idatzi ere. Martial'ek esan zuana,
alegia: non scribit cuius carmina nemo legit = «ire
neurtitzak inork irakurtzen ez ba ditu, ik ez duk idazten, ez idaztea bezala duk ori». Laphurtar guzietaz
zerbait esan bear banu, luzatu eginen nitzake. Jaunenak edo buruenak bakarrik aipatuko ditut bada.
VI. AXULARTARRAK
Joannes Etxeberri
Eskuararen hatsapenak (1712). Julio Urkijo jaunaren esku zabalari esker, irakur dezazkegu batean
Joannes Etxeberri'ren idaz-lanak. Au dugu Axulartarrik
gartsuena. Sara'n jaioa bera, Gipuzkoa'ko Azkoitia'n
sendalari izana, Dotor edo Irakasle, euskera, frantseserdera, gaztel-erdera, latina, gisaz erabili oi zituena.
Axular'ek Jainkozko gauzetara bezala Etxeberri'k
jakingaietara egoki zuen euskera. Latin ikhasteko
hatsapenak eskaini zizkion Euskal-erriari. Aurretik
dakartzi Eskuararen hatsapenak. Larramendi'k bere
Iztegi'ko itz-aurrean bezalatsu, Gramatica orren aurretik emaiten ditu «euskeraren zuhurtziaren frogak,
eskuara garbia dela, noblea dela, bertze izkuntzetarik
ethorkirik gabekoa dela, zenbat gisetakoa den eta
nondik heldu den euskaldunen mintzaira differentea
dela, eta eskuara guztietan bat dela». Mariana'ren eta
beste gaizkiesaleen buruzki goraki adiarazten du, euskera gai dala ikhulurako ez ezen jakingaietan ere iardukitzeko. Larramendi'k erderaz ari izan zituen gairik
geientsunak, euskeraz ari izar zituen Etxeberri'k, Julio
Urkijo jaunak oarrarazten duenaz. Esanik dago onezkero, Etxeberri'ren lana kanorezkoa (importantea)
dela. Karmelo Etxegarai zenak esan izan zuen, euskal-
idazleak beren buruz edo beren gisa joan oi zirela,
bakarturik, bata besteren berririk gabe, ta kutsurik
gabe. Laphurtarretan beintzat ez dirudi ala denik, esanen dut Urkijo jaunarekin. Etxeberri'k, beste asko laphurtarrek bezala, Axular artu zuen bere buruzagitzat
eta gogotik ospatu ere. «Axular, Sarako Errotora,
eskuarazko autoretarik hautuena, eta famatuena».
«Egiazki Eskualherrian hau da bakharra, hanbat autoren liburuetan zauntzan gauzek arantzepetik atherarik bezala eta Theologiaren mami hautua bildurik,
eskuaraz ederkienik argitara eman darokuna. Halatan
beraz baderraket, eskuarazko autoretarik hau dela
Aitzindaria, Buruzagia eta lehena» (pág. 61). Sara'ko
euskera zekien, «Euskal-herri guzian ospe handitakoa», eta Axular irakurri eta Etxeberri irakurri, ezin
uka diteke antza badutela. Oldartu zen arloa edo larda
zabaltzen. Arteraino Eliz-gauzetan bakarretan erabil
zuten izkuntza, yalgiarazi zuen jakingaietara ere. Filosofoen esanak eta poeta'enak eta abar egoki euskeraratzen ditu. Laphurdi'ko literaturan ezin-utzia da Etxeberri.
Larregi
Testamen Berria (1775). Bi liburutan eman zigun
Larregi'k Testament zaharreko eta berriko historioa,
M. de Rayaumont-ek egin izan zuenetik berriro eskararat itzulia...
«Ene artharik handiena izan da, –dio– klarki mintzatzea, eskalerri guzian adituren nauten bezala. Arrazoin hunek berak erakharri nau ere bortxa eta ahalik
gutiena ba da ere, lerratzerat frantseskara diren hitz
batzutarat. Horra beraz zergatik, ene burua hobeki
adiarazi nahiz baliatu behar izan naizen zenbait hitz
bakotxez, nahiko nuen bezain eskara garbian ez direnez».
Alaere egungo euskaldunak ez luke alperrik irakurriko Larregi'ren historioa. Ez du euskera garbi-garbia;
baino ez mordoiloa ere.
Haraneder
Testament Berria (1740-1855). Aspaldi irakurri
nituen Haraneder'en xati batzuek Arbelbide'ren liburu
eder batean: Jainkoaren Deia'n. Noizbait ere nere
eskuetara da Haraneder'en Testament Berria bera.
Eun urte ta geiagoren 1740'tik 1855'raino argitara
gabe egon izan zen. Dassance'k eta Harriet'ek argita-
razi zuten. Laphurdi'n baditute lau Evangelioen itzulpen ederrak; baino katolikoetan Haraneder'ena da
aurrena, Leizarraga protestanta baitzen, alegia. Euskera ederra, ugaria, garbia du. Itz bakar batzuk berritzen ere ditu. Mingarri da, euskal-libururik geienetaz
esan ditekena onetaz ere esan bearra. Nork erabil
dezake eskuetan? Nork ezagutzen du? Damurik, ez
euskaldunik geienak!
Haraneder'ek berak euskeraratu zituen S. Prantzisko Sales'koaren Philotea, (1749) eta Scupoli'ren
Gudu izpirituala (1750). Atsegin aundiz irakur ditezke.
Bakantxo arkituko dire Euskalerria'n.
Arbelbide
Jinkoaren Deia edo bokazionea (1887) eta Igandea
edo Jaunaren eguna (1895), ditu Arbelbide Kalongeak,
ezagutzen dugunik. Bi liburu oriek mami utsa dire,
bururen buru irakurri arteraino betarik eta egonik
emaiten ez dutenak. Euskalki edo dialektoak zerbait
naasten dituela, egia; baino barkakizun da orregatik.
Arbelbide'ren aitzin-solasak ere ongi burutatuak
eta mintzo ederrean esanak dire. Irakur bedi batez ere
A. Yoannategi'ren Sainduen Bizitzeen bigarren libu-
ruari eman zion aitzin-solhasa. Erabiltzez eta erriz
baino areago zekien euskera liburuetako ikastez, eta
ala ba ditu utsegintxo batzuk aditza edo verbo'an.
Esan dezagun aspertu gabe: euskaldun askok ezagutzen ote ditute liburu eder oriek?
Yoannategi
Au dut euskal-idazleetan maiteena. «Eskuara ederrarengatik aipatuak diren liburu batzu» irakurri izan
zituen bere orien antolatzeko, ta «herriz herri ibili ere
hai (herria) nola mintzo den». Geroz Aita Yoannategi'ren Sainduen Bizitzeak, ederki idatziak izaiteko bidea
badute. 1876'garrenean argitara zituen Ehun bat
Sainduen Bizitze, eta gendea geiagoren eske zegokion. Idazkera biguina, ixurbera, argia du. Ondikoz!,
aren liburuak ere ez dabiltza edozeinen eskuetan;
baino bein eskuetara ezkero, txoratzen du Yoannategi'k. A. Yoannategi, Beneditanoa, Sara'n Bikario izana,
erriz euskaldun ona ta ikastez ez motela. Laphurdi'ko
idazleen guna ta mamia berekin du. Euskera garbia,
baino adi-erraza. Iketa edo toketa egoki derabil. Sainduen Bizitzetan Garagarrileraino iritxi zen. Andik
aurrerakoa nik ez dut beintzat ikusi, ta bietatik lenbiziko liburua agortua dela badakigu.
Intxauspe
Intxauspe apaiza, Xuberotarra, gero Kalongea,
euskal-idazlerik landuenetakoa izan duzu. Bonaparte'ren aginduz S. Mateo'ren Evangelioa poliki euskeraratu zuen. Jesukristen imitazionea (1883) itzuli zigun,
eta beste liburuto ta aitzinsolhas edo itzaurre batzuk
ere bai. Mariaren hilabethia duzu nere aburuz Xubero'n ez ezen Euskalerria'n den libururik aipagarrienetakoa idaztankeraz. Ez dut uste euskera zaintsuagorik, muindunagorik, gauzek labur eta indarrez esaiteko ta barne sarrarazteko euskaldunagorik oraindaino
idatzi denik.
Alaere beste lan batengatik aipabide aundiago
duela iduri zait. Intxauspe'k atera zigun 1864'garrenean Axular aundiaren irugarren ekhoizte edo argitarapena, ta ari esker irakurri nuen aurrenik, gerokoan
bigarrena arkitu ba dut ere. Aitzin-solhasean ageri da
Intxauspe zen bezalako idazlea. Norbaitek gaitzitu dio
Axular aldatuxe egin duela lenbiziko argitapenetik;
baino onetan bere burua garbitzen du Intxauspe'k:
«guti tokitan behar izan dugu Axularen mintzalia estali, aphaindu edo aldatu, orainko yenden delikatutasunagatik. Axular'en denboran, bai erdaraz, bai euskeraz, orai baino librokiagi eta nasaikiago mintzo ziren;
gauzen bere izenaz deitzeaz nehor etzen asaldatzen.
Oraiko azturak, nahiz eztiren ordukoak baino hobeago, ez garbiago, bai ordea, minberago dira beharriak;
eta benturaz gogoa ere gaizkiaren phentsatzera zalhuago ta lasterrago. Minberatasun horren ariaz eta
amoreakatik arima garbienek probetxuekin irakur
ahal dezaten Axularren liburu ederra, garbitu, leuntu
eta aphaindu ditugu lekhu harro, zakar, eta gordinegi
zirenak; alabaina osorik uzten dugularik Axularren
lanegina» (Aitzinsolhasa, IX).
Axulartarra da Intxauspe ere, Gero aipatua gogoz
irakurria. Etxeberri'rekin goraipatzen digu Axular euskal-idazleen tuturruraino. «Baditake, guztiarekin, euskara eskiriba daitekeiela Axularek iskiribatu duen
baino arthezkiago; baina nork erranen du mintza ditekela hobeki? Hunetan guztien, bai lehenekoen, bai
oraikoen, nabusi eta buruzagi da Axular. Nehork ez du
hain ederki, hain garbiki, hain lañoki eta hain ugariki
euskara mintzatu. Guziek behar diogu gure burua biluzi, agur egin eta nabusi ezagutu» (Aitzinsolhasa, X).
Euskal-aditza edo Verbo'a ta beste lanik ere badu
Intxauspe jaun jakintsuak; baino orain enaiz Gramatico-etaz ari.
VII. ORAINGO
IDAZLE LAPHURTARRAK
Eskualduna ta Gure Herria
Ez gaizteke nasai mintzo gurekin bizi direnetaz.
Bertanegi daude, begien ondoegian aiei bear bezala
begiratzeko. Laphurdi'n badituzu gure artekoetan bai
lenagokoetan ere idazle ugarigo; baino ez dugu luzatu nai. Kalonge, apaiz, mediku ta abar, oraindaino
bezala ederki ari dire orain ere. Laphurdi'ko euskalkia
landuxe dute ta lantzeari darraizkio. Baiona'ko astekari Eskulduna'n amika mintzaldi goxo irakur diteke
berrogei-garren urte ontan. Oraintsu zazpi urte duela
asi den Gure Herria'n ere or ari dituzu idazle apainak.
Ez ditugu denak aipatuko; aisa itzuriko digute bakarren batzuk. Barka bezate. Nik ezagutzen dizkizut
Adema osaba-ilobak (osabaz geroago ariko naiz),
Daranatz naiz itz neurrigabeetan naiz neurtuetan bizkorra ta biziki euskalduna; Hiriart, asteroko Eskuldu-
na'n Ebangelioa agertzen duena; Barbier, Ama Birjina
Lurden, Supazter Xokoan eta Piarres'en egile bikaina,
ta klopari ere garaia; Otxobi (Moulier) alegi arinen,
zailuen, gazien jabea; Anxuberro (Saint Pierre) Eskualduna'ren zuzendaria, ainbeste mintzaldi eder egin
dituena. Zerbitzari'k dio Gure Herria'n: «Euskalherrian egundaino izatu ote da Axular eta oro barne
olako idazlerik?» (Ilbeltz-Otsail, pag. 70). Zerbitzari
bera, (Elissalde), orien ondo ondokoa; Etxepare ta
Constantin sendagileak, beren euskalkian ager nabari
direnak... Bidasoa'z aindikoak barkatuko al didate
besterik aipatzen ezpadut. Euskaltzaindia'z mintzatuko naizenean beste bakar batzuk izendatuko ditut.
VIII. LAPHURDIKO POETA
LANDUAK EDO
ERDI-LANDUAK
Oihenart (1657)
Gizon landua ta asko-jakina duzu Oihenart. Atsotitzak edo errefrauak biltzen ari izan zelako esker onik
eman bear diogu euskaldunak. Baita ere poeta landuxea izanik, neurtitz politak utzi zizkigulako. Etxepare
baino landuagoa, zailuagoa, arinagoa. Maite-leloetan
ari izan zen maizenik. Baditu burutapen ugari, erderatik artu arren, euskerara ederki egokitzen dituenak.
Bein edo bein bere-berezko burutapena bide du. Maitearen eskuetaz dio:
...eskua argi
nola arroltze berri erruna.
Eskua argi, arroltze errun-berria bezala. Euskalyoskerarik eztute neurtitz oek, baino arruntean bai
Oihenart'enak.
Ortzak aintzintzen txuriz
e (do) zein esne ixurkorri
Gainerakoz bihotza
ala utritxa ala ordotsa,
duen, isterbegiak
porogatuz biotsa.
Gainerakoz, biotza urritxa (ezi-bera) duen ala
ordotsa (ezi-kaitza), arerioak progatutakoan esan
beza.
Biblia'ren usaia ere ba dario noizpenka.
Neurketa Dechepare'k baino banakoitzagoa: zortzi
silabaduna naiz bere bera, naiz zazpikoarekin naaste
badarabila; zazpikoa ere bai, seirekoaz, naiz zazpikoaz antai bedi ahapaldia. Bost silabadun neurtitz loargarria ere oitu zuen. Atzenik gerka-latiñen Asklepiade-ahapaldia euskerara aldatu zigun, edo antzekoa.
Gau-egun goiz-arrats, edate-yatean
ebilte-gelditze, yaikite-etzatean
zuzaz dizut pensamendu
ene penen luzamendu.
Gaur den egunean ere lanik aski Oihenart'en neurtitzak baino legunagorik, landuagorik, jasoagorik egiten. Notitia utriusque Vasconiae latinez baitago, besterentzat igorriko dizut, euskal-arloari nagokala. Latina ere landuxkoa zizun Oihenart'ek eta ez da atrigarri
euskal-idazle bikaina izan izatea.
Elizamburu
Nere etxea edo laboraria (1860-65). Etxe-jaun eta
nekazari, aiten aitek aukeratutako lurra lantzen ari
dena, deusen ments ez dena, mintzalari goxoa ta garbia, «eskualdun fededun»... poeta-gai dela igarri
dikioke. Etxea ta etxekoak maite, ta Jainkoaren itzalean bizi, zer zoriona! Zorion ori argi nabari da Nere
etxea edo laboraria deritzon poesian. Ardandegietan
ere entzun izan ditugu ahapaldi batzuk, euskaldunak
poesia'rako axolkabe ez direla ilargiarazteko. Ain ezaguna ta luzexkoa delako ez ditugu osotara aldatuko;
bai orde ahapaldi batzuk, baliteke guzi-guziak ez ezagutzea-ta.
Ikusten duzu goizean
argia hasten denean,
menditto baten gainean
etxe ttipitto aitzintxuri bat [10]
lau haitz handiren artean,
iturriño bat aldean,
xakur xuri bat atean?
Han bizi naiz ni bakean.
Naiz ez den gaztelua,
maite dut nik sorlekhua,
aiten aitek hautatua.
Etxetik kanpo zait iduritzen
nonbait naizela galdua;
nola han bainaiz sortua,
han utziko dut mundua
galtzen ez badut zentzua.
[...]
Etxean ditut nereak
akhilo, aitzur, goldeak,
uztarri eta hedeak.
Yazko bihiaz ditut oraino [11]
zoko guziak beteak;
nola iragan urtheak
ematen badu bertzeak
ez gaitu hilen goseak.
Landako hiru behiak
esnez hanpatu dithiak
aratze eta ergiak;
bi idi handi kopetazuri
bizkarbeltz adar-handiak,
zikhiro, bildots guriak,
ahuntzak eta ardiak,
nereak dire guziak.
Bere onek ba ditu beste poesi onesgarri zenbait;
nik dakizkidanetan Aingeru bati ederrentsuna, begirapenaz eta maitez ihiztatua.
Salaberri
Solferino'ko itsua (1864). Oso osorik aldatuko
dizut ezpaituzu aurki ezagutuko, Solferino'ko gudujasan begietako argia galdu zuen Salaberri aren neurtitzaldi txoragarria. Ortatik igarriko diozu itsu onek
poeta izenik merezi ote duen, eta euskeraz zenbait
barnerik eta samurrik adiarazi ote diteken.
Harmen [12] hartzera deitu ninduen gazterik
zorte etsaiak
Urrundu nintzen, herri alderat itzuliz usu [13]
begiak,
itzuliz usu
begiak.
Zorigaitzean baitut ikusi Zolferino'ko hegia
alferretan dut geroztik deitzen iguzkiaren
argia,
iguzkiaren argia.
Nihoiz enetzat ez da jaikiren goizeko argi ederra,
zeru-gainetik nihoiz enetzat dirdiraturen izarra,
dirdiraturen izarra.
Bethiko gaua, ¡gau lazgarria!, begietara zait
jausi,
ene herria, ene lagunak nihoiz ez behar ikusi...
nihoiz ez behar ikusi.
Ene amaren begi samurrak bethiko zaizkit
estali,
maiteñoaren begithartea behin bethiko itzali,
behin bethiko itzali.
Ez aipha niri landa hegitan sortzen den lili ederra;
othoi, ez aipha ur-axalean arinik doan ainhara,
arinik doan ainhara.
Larrainetako haritz gaztaina, mendietako ithurri,
oriek oro enetzat dire amets histu bat iduri,
amets histu bat iduri [14].
Herriko bestan gazte-lagunak kantuz plazara
doazi,
eta ni beltzik etxe-zokoan irri egiten ahantzi,
irri egiten ahantzi.
Oraino gazte, gogoz ez hoztu, eta biziak lotsatzen?
Dohakabea! Zer eginen dut Juanak ez banau
laguntzen,
Juanak ez banau
laguntzen!
Ai aski hola! Jainkoa barka! Begira zure haurrari;
kontsolamendu zerbait emozu; noizbait duzun
urrikari,
noizbait duzun
urrikari.
Etxaon
Ondikoz!, ez dut ezkuetara Etxaon, Euskalerriko
Verlaine delakoa, ta ez dezazuket ezer esan. Aski esan
ez ba dizut, orizu bein geiago: euskaldunak arlote izan
zirela idazteko; gu arloteago irakurtzeko edo beintzat
berriro aien idaztiak argitaratzeko.
Artxu, Goietxe, Otxobi
Alegiak edo fableak. Leenbiziko biek Lafontaine ta
Samaniego artu zituten euskeraratzeko; irugarrenak
bere buruz ere asmatu ditu. Artxu erderari lotuegia
bere itzulpenetan; Goietxe eskukoago duzu. Bien-alabiek esan dudanaz ez biziki aipagarriak. Otxobi'k
aldiz, alegi arinak, arraiak, maitagarriak atera ditu.
Neurtitza leguna du aingirea antzo, zailua basauntzaren gisa, mintxoa musika bezala, Xubero'ko dantzariek bezain jauzilaria ta biguina. Irakur Bi garratoinak
esaterako. Ez dizut esanen Esopo dunik burutapenaz,
ez itz beteaz eta laburrez alegietan. Biziki erraz da
neurtitzetan ari izan ezkeroz alfer-itzen bat jariotzea
–Esopok etzuen neke onenik izan, ez paitzituen neurri– ta bein edo bein edatuxego ari duzu gure Moulier;
baino ez duzu berritxua, ez burugabea. Oraindainoko
alegi-idazleak goitu dituela nago.
Adema Zaldubi
1907'garrenean aldegina dugu mundu ontatik
euskaldun begi begiko au. Ezinutzia da naski poetaetan, eta Lafontaine euskalduna izendatua; baino edozein aritarako ere biguina duzu: irakasteko, beroarazteko, irri eginarazteko.
Lau zatitara ditezke aren poesiak: Katiximako kantak; Eliz-kantak; alegiak; beste gisako poesi batzuk.
Euskera garbia dizu, yayoa, erraxa, bakuna, funtsezkoa edo itz alferrik gabea, leguna, erritarra. Gogoetarik goraenak eta biotzaldirik bizkorrenak gisaz agertzen ditu. Aindiko Euskalerri osoan kantatzen ditute
Zaldubi'ren kanta batzu-batzuk. Neurtitz ederretan
adiarazten zituen erlisioneko egiak eta nahikariak.
Euskaldunik beroenetakoa, gure oikuntzen eta mintzoaren aldezkari goria: «mintza gaitezen euskuaraz;
iskriba dezagun eskuaraz».
Badakit idatzi zuela gainera itz-neurketaz edo bertsoetaz, Eliz-himnoen neurriarekin euskal neurtitzena
bekaldetzen zuela. Berak agitz yaioki egoki zuen
Asklepiade-neurtitza gure izkuntzara. Ikus Jesusen
azken-afaria.
IX. LARRAMENDI
TA BERETARRAK
1. Eliz-idazleak
Larramendi
Gogora beza irakurleak sarreran esan duguna:
Larramendi euskal-idazle ez ta idazarazle dela. Ederrago ba derizkiozu, Mariana ta Mayans eta Ebro'z aindiko erdaldunak eragin zioten euskera erdi-galduari.
Izkera «totela ta lazkarra» ginuela; erderatik artu
ginuela geren izkuntza, gure jabetasunaren ardiesteko; erri asto bat ginela, «asna nación», eta olako astakeri oriek esnarazi zuten euskera. Mingarria da Larramendi'k euskeraz geiago ez idatzi izaitea. Argitaratzeko neke aundia zela dio garai artan, eta ala izan bear
zuen ere. Erderaz iarduki zuena euskeraz iardukitzen
alegin balu J. Etxeberri'k bezala, euskerak indar aundiagoa artuko zuen bear ba da. Bear ba da diot, ale-
gia, idatzi ta ere ezpaitzuten irakurriko erdaldunak
gure izkeraren alde esaten zuena, ta ez euskaldunak
ere: orain bertan ere neke baita irakurtzea.
Larramendi'k Aita Mendiburu'ri Jesusen Biotzaren
debozioa euskera ederrean idatzi zuelako, gutun
sutsu bat egin zion, gero itzaurretako argitara zutena.
Orixta bat edo beste xurixtatzen ba dizkiogu, gaur den
egunerako ere ez du lotsarik «Garagorri» edo Larrramendi'ren euskerak. Ona zer diotson Aita Mendiburu'ri:
«Beste batzuek dituzu gure Euskeran nai ez lukeenak beste izkundeetatik iztxo bat ere; eta onen bidez
epaitzen eta ziatzen bezela dira jolasean. Bestelako
ergelkeria! Etzaiteala zu malmeti. Euskerari eransi
zaizka gaztelaniatik, latiñetik, edo beste izkundeetatik
itz asko, baño adituaz ta oituaz, euskerazkoak beziñ
ongi aditzen diranak; eta oiek utzi bear eztitugu, ta
bear ba da noiz edo berriz obeko da onelakoak usatzea euskerazkoak baño, batez ere Eliz-gauzetan ta
gure animen salbazioari dagozten egikarietan. Lajatuko ditugu erbesteko itz oriek, nai badegu, gure euskerarenak pixkabana usatuaz ta erabiliaz, eskukoi ta
jakiñak egingo diranean. Ongi egin dezu Naparroako
itzen batzuek ekartzea, egokiak diranean, eta besterik
eztanean; zeren lenbizian ta bat-batetan aditzen
ezpadira ere, aurki adituko dira ta geienak dagoneko
aditzen ere ba dira; ta ala euskera bide batez edertzen ta ugaritzen da».
San Agustiñen goraipamena ez dakit ezagutzen
ote duzun. Goxo ez ezen zorrotz ere ari da Larramendi mintzaldi artan, «ens ut scio» eta beste filosofietarako euskera gai dela erakutsiz. Idaztankeraz ezpada
ere, bere eragitez, eta bere Gramatika'rekin eta Iztegia'rekin Irakasle ta buru izan da Larramendi oraintsuraino.
Mendiburu
Euskal-idazlerik oberena au uste dute zenbaitek
eta Cicero euskalduna izena ipini diote. Axular'en
ondo-ondoan beintzat tokia merezi du. Euskera garbiagoa du Oyartzuarrak Urdazubiarrak baino; ez orde
ugariagoa. Jesusen Biotzaren debozioa (1747) Aita
Croisset'ek prantsesez egindakotik egoki zigun euskerara; ez itzuli. Au da Mendiburu'ren libururik bikainena
idaztankeraz eta euskalkiz. Eman zizkigun gainera
beste iru liburutan Otoitz-gaiak (1759) ikaskizunez eta
azkuz beteagoak. Orkaiztegi zenari esker, gaur iraku-
rri dezazkegu euskaldunak erraz. Irakurgaiak, bi liburu, oraindio argitara gabe daude, ondikoz! Euskeraren
garbitzen orainotsu ez da Mendiburu'k adina alegin
duenik. Urrena, biotzez ari da, ta maitagarri agertzen
du bere burua; Jainkotiarra ta sutsua, duzu; idaztankera berdin-antza du beti. Irakurgai orien begira gaude;
eztakigu noiz argitarako diren.
Kardaberaz
Euskera ez du garbia, erderakeri asko, ta idaztankera ez euskaldunak geienaz. Oso gizon Jainkotia zen
eta Santutzat zedukatena. Bere burubide ta burutapenak oso erderaz ernatzen zituen eta euskeraz ezin
esan; baino ala ere euskal-idazle gisakoa ziteken euskaldun biziera gai artu balu. Santa Monika'k aurtzaroan izan zuen okerkeritxo bat (edari-zalea), ta baserritar baten eriotza, zer poliki idatzi zituen! Euskeraren
berri onak irakurri ba ditugu, an daukazu euskaldunai
«Andre donostiarraren erretorika» ta «Andre Elorrioarraren erretorika». Gainerakoz zeru-gaietan ari izan
zen, eta Euskalerria'n onik ugari egin ere bai, jende
xumeari ez ezik apaizai ere, euskeraz bear bezala ari
zitezela esanaz. «Sazerdote Jaunen Ministerio Sagra-
duetan euskeraz baizik emen egin ta esan bear ez
dala. Ta lengo aitzakiarik orain edolarik ez dute askok:
bada Aita Manuel Larramendi'k neke gogor ta estudio
esan al baño aundiagorekin, ezin izango ta ezin egingo zan bere Arte'a egiñik, eziñak eta nekeak lazki
garaitu zituen, ta ori ta bere Iztegi edo Diccionarioa
Maisuak bezala eman dizkigu». Liburu asko eman zizkigun Kardaberaz'ek: politena aurki Euskeraren Berri
onak, eta Ondo eskribitzeko ondo irakurtzeko ta ondo
itzegiteko Erreglak, Cura Jaun eta eskola-maisu zelosoai, Asteteren Dotriña (1760?); Kristauaren bizitza
(1744; bir. 1790); Euskeraren berri onak (1761); Ejerzizioak (1761; bir. 1790); Aita San Iñazioren bizitza
(1790; bir, 1824); Ondo iltzen ikasteko (1762; bir
1765; irur 1787; laur 1816); Jesus Maria ta Joseren
debozioa (l766); San Isidro ta bere emazte Santua
(1766; bir 1885); Meza eta Comunioa (1782), lauretan
argitaratua; Eskuliburua (1889); Ama Josefa'ren bizitza (1882) eta beste apurren batzuk. Ejerzizioen bigarren partea (1865); irugarren partea (1761); laugarren
partea (1765). Geienak agortuak bide dira.
Añibarro
Añibarro ta Zarauz'ko Prantziskotarrak. Zarautz'en
badugu Komentu bat Euskalerria'ren eta euskeraren
alde lan poliki egin diguna. Añibarro ta Ubillos ta
Zabala daduzkat orain gogoan. Añibarro bizkaitarra,
Arratiarra izanik, beste euskalkiak ikasten ere alegina
egin zuen. Laphurdi'ko euskeratik Bizkai'kora aldatu
zigun Axular'en Gero, ta bere Iztegitxoa antolatu ere
bai, argitara ikusi ezpadugu ere. Esku-liburua du idaztankeraz baliotsuenik (1802); euskera ere garbia, landua, ugaria. Euskal-eliz-liburuetan bai politentsuna,
txiki samarra dena. Lora-sorta aldiz, ez dirudi batena;
erdalkeriz josirik dago. Bi liburutxo oriek erderatik
artuak dire: lenbizikoa Pinamonti'rengandik eta bigarrena Aita Palacios'engandik.
Agirre ta Bartolome
Agirre'ren erakusaldiak eta Bartolome'ren ikaskizunak. Asteasu'ko Erretore Juan B. Agirre'k anima
gauzetan ederki ari izan zuen euskera. Moral-gaia oso
osorik latiñetik euskerara zuen eta Eliz-gauzetan beretan ere euskeraren landa zabaldu zigun.
Idaztankera argia, izkera erraza, garbia, irakurriago ta maitagarriago dena. Euskeraz ere ikasia zen eta
laphurtarren jario apurra ba duela emaiten du: argitasunez beintzat bai.
Onekin bereiz ipini bear dugu Santa Teresa'ren
Aita Bartolome, Markiña'ko Karmeldarra, gai onetan
berean ari izana, ez Agirre bezain edatuki, bai orde
sakonago ta beroago. Idaztankera ez du Agirre'k
bezain jasoa ta txukuna, baino indartsuagoa ta etorritsugoa. Euskera baldanagoa du bai, baino gaur bertan
ere onturrez irakurri diteke. Agirre'ren iru liburu gizenak ez dabiltza edozeinen eskuetan eta euskaldunak
eztakit bear adina ezagutzen dituten. Bartolome ere
aditzeaz bakarraz idukiko dute batzuren batzuk gogoan.
Lardizabal
Testamentu zarreko ta berriko Kondaira, nork eztu
ezagutzen? nork eztu irakurri bein baino geiagotan?
Biblia'ren laburpen polita egin zigun euskera eder,
garbi, ugari askian. Gipuzkoa'n noizbait ere maiz irakurtzen zen. Orain eztakit ainbeste. Gramatika-lanetan ere jakintsua zen.
Arrue
Langile bikaina bide zen, ogeitamar urtez euskeralanetan. Asko ta ederki idatzi edo euskeratu zuen
Mazo'ren dotriña euskeraz (1858); Esku-liburua
(1863); S. Iñazioren hizitza (1866); Santa Genoveva'ren bizitza (1868); Villacastin'en Meditazioak (1880);
Mariaren Gloriak (1881); Salbazioko aingura (1883);
San Alfonso'ren bisitak (1887); Maiatzeko illa (1888);
Beargillearen argia (1897). Baino nere ustez Jesukristoren imitazioa du libururik onuratsuena euskerarentzat. Gaur bertan ere, errirako beintzat ez dut uste
oberik denik. ¡Agortua da zorigaitzez!
Beste eliz-idazle batzuk
Luzatu eginen nitzake ain kanorezko eztiren idazleetaz bakoizka ari bear banu. Ubillos, Mogel, Astarloa, Otxoa Arin, Etxeberria ta abar, ez dire ain aipagarri gure Eliz-literaturan. Laphurdi'n ere asko utzi ditugu, ta ez al dire muturtuko Bidasoa'z oneindikoak,
edesti labur batean bakoitzari leku aisen emaiten
ezpadiogu.
2. Mogel ta Iztueta
Mogel
Bizkaia'n ez ezik Euskalerria'n argitara den libururik ederrenetakoa da Peru Abarka (1881). Euskalbiziera gai artu zuen, eta orregatik zaigu zalegarriago.
Peru nekazari, eskolagabea, euskeraz besterik eztakiena, Maisu Juan sendagilearekin ariarazten du. Peru
ederki bezain Maisu Juan gaizki mintzatzen da. Gure
Basarteko Irakasleak erakusten dizkio Maisu Juan'i ta
guri ola, errota, eundegi, ardandegi ta gainerako lantegietan eta bildegietan diren gauzak eta itzak. Esaera, oikuntza, neurtitz, atsotitz eta olakoak edertzen
dute liburu au. Atzenean eratxiki ditu latiñeko itzulpen
batzuk: Curtius, Salustius, T. Livius, Cicero, ez ditu oso
motel ari euskeraz. Izkera apaina, bizia, etorria, ugarria ta egokia du.
Iztueta
Gipuzkoako dantzak ainbesteko balioa ba dute
(1824) alegin edo oldar bizkorra adiarazten baitute
euskera jakin-gaietara ere edatzeko. Etxeberri'ren
urrena ez du gutxi egin Iztueta'k. Dantza orien antz-
egitea edo deskriptioa ez da gauza erreza, ta argatik
euskera gogor-antza du batzu-batzutan; berak asmatu-itzak ere bai usu-samar; bai aspaldi-itzak ere, Axular eta beste euskaldunengandik artuak. Gipuzkoako
Kondaira (1847), bere zartzaroan egina, idaztankeraz
ixurberagoa da ta apain askia. Au ere jakin-gaietaz
den ezkeroz, gogoangarria da euskal-literaturan, eta
gai ontan aurren-lana, nik dakidanaz. Itz eta esaera
ugari bildu ditezke an emen. Euskalerria barne-barnetik maite zuela ikusi dezazuke. Biotzaldi beroekiko
gizona, irakurlea ere beroazten duena da. Irurogeita
emezortzi urte zituen azken- lan ontan ari zelarik;
baino biotza gazte zedukan ala ere. Euskalerria'k bere
mendi, ibia, zuaitz, iturri, eize, arrain eta abar-ekin;
Euskaldunak bere erlijio, oikuntza, lan, josteta, gizon
gogoangarrien egite ospetsuekin, gai zabala eman
zioten.
Neurtitzetan ere ari izan zen Iztueta. Garai artan