Asti orduetako bertsozko lanak - 8

Erreken kontra alper litzake
Artzea baña neurriak;
Mendietatik begiztatzean
Itxaso zelai aundiak
Zoratzen dira daudelakotzat
Antxe berentzat gloriak;
Ta uzten dituzte bein da betiko
Jaio ziraden tokiak,
An bizi arren ardiak pozik
Eta kantatzen txoriak.

Zeiñbat gisajo ere ur gisa
Iñozentzia garbian,
Goietan jaio ta aziagatik
Nastutzen dira urian,
Sinistu zuten kale ederretan
Zala aukera guztian,
Bizi izaten eroso eta
Pozgarri danen erdian,
Arzak maitea! baña aingeru
Gazte ziranak mendian,
Asko ez dira zartu ta txartu
Einda ill Babilonian?
Zeiñbat jakintsu fedegabekok
Erreka itsuen moduan,
Ere jarraitzen dute ill arte
Beren iritzi zoruan,
Zoriontasun billa jardunik
Arkitzen eztan lekuan,
Eta alferrik nekaturikan
Bizi guztian munduan,
Ondatzen dira, baña ez urdun
Ta bai itxaso suzkuan,
Ez irtetzeko andik geiago
Betikotasun osuan!

Anton kutuna! ezin niteke,
Baña ni emen mututu,
Ari onetan egi samiñak
Esaten nai det jarraitu;
Aita Adanek egin ezpalu
Bezela iñoiz bekatu,
Mundu au dala Paradisua
Askok oi digu sinistu;
Salbea jarri zuenak baña
Ez ote zuen asmatu
Negardun ibarraren izenaz
Lur au egiñaz markatu?
Adiskidea: Paradisua
Galtzeak gabiltz onela,
Jaiotzatikan begira ondo
Zer dan gizona bestela;
Itzik estaki batere egiten,
Negar maisuak bezela,
Nola ote da ark egitea
Mundura alako sarrera?
Baldin badator bizi izatera
Eta aiñ erri onera,
Nola jotzen du agoniako
Soñurik onen onena?

Nik esango det, lagun laztana,
Egi au barru barruti,
Negarrez asi nintzan bezela,
Ozta jaiorik lenbizi,
Seaska baten gero negarrez
Nintzala ere bai azi;
Len gaztetan ta oraiñ zartzean
Negarrez nazala bizi;
Negar gabeko egunik emen
Gaur arte ezpadet ikusi
Nondik ta nora aurreruntzean
Izan ninteke farreti?
Anton nerea! abereak txit
Alaia dute jaiotza,
Nik jostaketan ikusi oi det
Berealaxen bildotsa;
Jaio ta laster ikusi oi det
Txala poz pozik saltoka,
Orobat ere ikusitzen da
Txitoa nola beoka,
Negarrez baño lenago ere
Txoria txorrotxioka
Asitzen bada, nola ote da
Aurra asten illeta joka?

Errekak bera jetxiko diran
Bezela nago seguru,
Ez dala iñoiz lur au egingo
Guretzat biurtu zeru;
Pobretasunak bagaitu illuntzen
Eta diruak alaitu,
Aberats aundi ziran ainbestek
Nola buruak urkatu
Dituzte emen diruz biotzik
Egin gaberik asetu?
..................................
Arrosak nai ta zituztelako
Arantzak non nai arkitu.
Adiskidea, biok dakigu
Iya sei milla urtean
Gizon itxuak dabiltzatela
Zorionaren atzean;
Baña alferrik zergatik on
Iritxi dute lurrean
Santuak utsik, jarraiturikan
Jesusi leialtadean;
Jarraiturikan Golgotaraño
Aldapan bide latzean,
Sarri askotan kantatzen illik
Gurutze samin batean.

Adi zazute fedegabeak,
Emen bakarrik dontsuak
Izan dirala eta izango
Jesusen eskolakuak;
Illko zerate zuek bigar ta
Etzi biziko santuak;
Diradelako oien egintzak
Ez lurrak usteltzekuak,
Eta bai, andik ernetzen diran
Landare besangatsuak,
Mundua mundu eman ditzaten
Azi onaren frutuak.
Nere lagun on kristau zintzoa,
Aldapan gora igotzea
Ondo dakigu eztala berdin
Nola menditik jeistea;
Orregatikan txit erreza da
Errekai jarraitutzea,
Baña gloriak nola Olinpon
Daukan beretzat etxea,
Obeko degu guk fededunok
Aruntz artzea bidea,
Maiteturikan Jesusek goitik
Ekarri zuen legea.

Nere anima, etzera ura,
Baizikan zera usoa,
Ezker aldean bezela dezu
Eskuian ere egoa;
Zera egazti guztiz azkarra
Ego zabal on bikoa,
Aldapan bera ur gisa narras
Etzera jetxitzekoa,
Ezpada aldez egan egiñaz
Zerura igotzekoa,
Goza dezazun atsegiñezko
Goiko itxaso gozoa.

Itsutasuna

Itsu dago gizona
Ainbat bider lurrean,
Amesak gerorako
Eiten dabillenean,
Zergaitik bere ames
Ta asmoak geienean
Zearretara urten
Egiten dabenean,
Diño: «nire begiak
Naikoa etzirean
Ikusteko ekarrena
Gerokoak bidean»,
Bear zan sasoia ta
Ordua eldutean.

Itsu dago gizona
Sinistzen dabenean
Lagun on bat daukala
Bere aldamenean;
Baña saldu egiten
Ak badau onenean,
Lotsatuta itxirik
Agirian kalean,
Laguntasuna uste
Eban ordu berean,
Deslai eta billoxik
Aurkietan danean,
Orduantxe ak dakus
Aldia joatean,
Itsu arukitzen zala
Lagun aren gañean,
Laztanaren ostetik
Burla bat artutean.
Itsu dago gizona
Bere zorigatxean,
Lanen bat egiteko
Artu oi dabenean,
Irabazteko ustez

Ta gero galdutean,
Zorrai erantzun ezin
Da eten agiñean:
Dakus jarri zalako
Arri leun labanean,
Oiñgarri segurutzat
Eukirik sinistean,
Len goian egoana
Jausita ikustean,
Diño: «itsu nengoan
Lurrean aurkitzean».
Itsu dago gizona
Illuntoki batean,
Bestela, zer egiten
Dau askok ezkontzean?
Batzandu oi da beti
Usterik onenean,
Ondo izatekotzat
Alkarregaz lurrean,
Alantxe lotzen dira
Mutill-neskak katean,
Ta sarritan amesak
Dongaro urtetean

Ikusiten ditugu
Biziera txarrean
Katea aiñ astuna
Eroan eziñean;
Infernu txiki baten
Beti euren etxean,
Bizi direalako
Gerran da ez bakean,
Ezkondute aurretik
Zergaitik etzirean
Ikusten ze jenio
Dunak garbi zirean;
Bata bestien kejak
Gero agertutean,
Diñoe: «ondo itsu
Aurkituten giñean,
Zorotan egin eta
Zintzo gagozanean,
Orain aurkitzen gara
Pagan ein bearrean».
Itsu dago gizona
Uste eztabenean,
Baña, alantxe dago

Alan dagoenean,
Diarduela lotan
Naiz zoli egotean,
Amesak txarto urten
Egiten dautsanean,
Bakarrik Jaungoikoak
Dana dakus aurrean,
Eta gizona dago
Itsurik geienean,
Etorteko dagozan
Gertaeren gañean,
Aberatsa illten da
Pobrezan onenean,
Eta pobrea iñoz
Ondasunen artean,
Danok dakigu jaio
Non eta noz giñean,
Baña ez non da zelan
Amaituko garean.

Tomasen eretxia
Jose ariñeketan
Aiñ goix nora zoaz?
–Medikuaren billa
Adiskide Tomas,
–Nor dago orren gaizki
Aiñ goix joateko?
–Berbarik baga dago
Manu Landabeko,
–Jesus! etzaitez joan
Medikutan bada,
Ezpada albaitere
Migel Antongana,
Arek daki igarten
Berbarik bageai;
–Nortzui igarri deutse?
–Gure abereai.

Kopak
Aguratu bagarik
Paulo, zuk ill bear,
Ai! Julik bearko dau
Egin gogoz negar.
–Jaio nintzala dira
Irurogei urte,
Ez alda bizitea
Naikoa, On Jose?
–Baña, ainbeste kopa
Ezpazendu edan,
Larogei urtekoa
Paulo illgo ziñan.
–Olaa! Jaioko nintzan
Orduan lenago?
–Jaio ez, gaur biziko
Ziñean geiago.

Danok irago bear

Olatu garratz samin artetik
Bizitzau mundu onetan
Danok irago bearra dogu
Gaztetan edo zarretan;
Zoriontasun danen erdian
Jaioagaitik askotan,
Jauregi eder aberats eta
Naiera gozodunetan,
Atarikoak bere ez dira
Gerora egun latzetan,
Ikusten ontzi ona galdurik
Sarritan itxasoetan?

Larratxorien gisan itxirik
Egazti andiak bean,
Igotakoak odeietara
Suerte onak jotean,
Eta orlako asko naiz bizi
Ondo geienen ustean,
Aberasturik dagozalako
Emen, an edo bestean,
Baña etziran jaio beartsu
Ezeukidunen artean,
Goian Zeruaz, beian soruaz,
Utsagaz aldamenean?
O! eta zeinbat dirudun barriz
Beti aberats bizirik,
Ikusten diran osasun baga
Poza billatu eziñik;
Ta zeinbat pobre osasundunak
Diru egarriz tristerik,
Gomutau bere baga munduan
Badago gexotasunik;
Batzuk legetxe besteak bizi
Ez dira naibageturik,
Bakotxa bere olatuetan
Ur mingoztuak edanik?

Zeinbat gazte eder bere dakuzguz
Arrotu eta jagirik,
Dirudiela jaungoikotxoak
Askoi agurrak arturik,
Lora galant bat zirudiana
Atzo oraindik guririk,
Baña, ez dogu gaur ikusiten
Zimeldutera asirik,
Bizimoduko itxasoari
Arpegi enion eziñik,
Atsekabezko ur mingotzetan
Lengo poz dana galdurik?
Ai! zeinbat zoli jakituriaz
Diranak zaratatsuak,
Dituezanak erakutsiten
Orriz jantzirik buruak,
Naiz umant izan baña al dira
Atsekaberik bakoak?
Ez, orreik bere urrean daukez
Etsai ta arerioak,
Zeintzuk eregi eiten deutsezan
Olatu arnorratuak,
Edan erazo oi deutsezala
Zurrutada ospiñezkuak.

Pozari miñak beti nora nai
Jarraitu oi deutsa egan.
Gizona beti dabil zabuka
Ontzia dabillan eran;
Antxiñakoak alan ebiltzan,
Gaurkoak dabiltz orrelan,
Urrengokoak bere ez dira
Bizi izango bestelan;
Emen ondatu bearrean ta
Ur miñak egiñik edan,
Ai! itxasoa irago bear
Jaiotakoak nai zelan!

Andra Mari Begoñakoari
bere koroñaziñoko egunerako

Kantau beioez gura dabenak
Lur oni beko gloriak,
Kantau beioe aberatsenak
Bizkaiak daukaz mendiak,
Kantau beioe berdetasunez
Dirala eurak jantziak,
Kantau zeiñ baño zeiñ ederrago
Dirala buruz jagiak,
Emon gurarik legez geroko
Egun obien barriak,
Gagozalako gaur iragoten
Illun ta negargarriak.

Kantau beioe badaukazala
Beste milla bat onari,
Zelan Gernikan daukan Aretx bat
Askoren bisitagarri,
Zelan dukazan osagarrizko
Iturri onak ugari,
Bai eta kantau bere itxasoak
Guztizko mesedegarri,
Direalako erdaldun asko
Ona oi dala etorri,
Uda aldia egite arren
Bertan irago egoki.
Kantau beioe ta eskribidu
Luma obea daukenak,
Eta zerutik nik baño doe
Geiago artu dabenak,
Euskal-legeak izan zirala
Lege danetan onenak,
Ta kantau eurak erakartea
Atzera gura leukeenak,
Dirala danak erritar onak,
Semez euskaldun zarrenak,
Zerren poztuten ez gaituezan
Oitura erdaldunenak.

Kantau beioez gloria orreik
Kantari jaiotakoak
Direalako danak egiak
Guztiak benetakoak;
Baña nik kantau gura nitukez
Oraiñdik goragokoak,
Beiñ diralako lur gauzak baño
Izarren anditikoak,
Direalako espirituko
Edo Jaungoikotikoak,
Direalako betiko edo
Ill bere ez egitekoak.
Orretarako zatoze baña
Zerutar egari taldak,
Aingeru galant onak astindu
Ego lumatsu zabalak,
Zuen laguntza baldin ezpadu
Ni lako gizon argalak,
Zelan billatu? nun topau leikez
Berba egoki diranak,
Entzun dagizan poz pozik zuen
Erregiña andi laztanak,
Atarakotzat guretzat bere
Gaur ipintea nai danak?

Bai, Artagan-go Rakel ederra,
Jaungoiko baten maitea,
Etzara ez, zu izarrak baño
Beragotiko gauzea,
Motzik badaukat esku onetan
Orain daukadan lumea,
Zuretzat berau litzate bere
Balitz zorrotz ta obea,
Zarealako Bizkaiko Andra,
Erregiña ta Jaubea,
Zarealako gure Poztasun,
Gloria eta Ondrea.
Noztik daukazun baneki barriz
Or dozun jazartokia,
Nozkoa dozun, Euskal-usoa
Baneki orko abia,
Asiera andik emon da kantau
Eingo neuskizu gloria,
Zeinbat gizaldi oneitan ortxe
Zarean agurgarria,
Ez jakiñ arren, baña badakit
O! gure Agintaria!
Zu zareala antxiñetako
Begoñako Andra Maria.

Zarelako antxiñetako
Euskaldun Andra entzuna,
Gizaldi asko onetan zara
Bizkaitar danen kutuna,
Alan itxasoz zeinda leorrez
Zara agertu dozuna,
Zu zareala Emakume bat
Bardiñik ez daukazuna,
Eta gañera Jaunaz ostean
Guztia aldaikezuna,
Zarealako bere urrengo
Zeruko nausitasuna.
Zarealako goi ta beietan
Bakarrik Etxanderea,
Ai! zeinbat bidar agiri izan dan
Au dala egi betea;
Erakusteko ekatxen kontra
Daukazun alizatea,
Olatupean larri dagonak
Deitzean «Ama neurea»
Otsoturiko itxasoari
Zuk ezarrita katea,
Sarritan ez da jazo ontzia
Bakez kalara eltzea?

Orretariko mirari asko
Egiaztuak zu zara,
Mindun, geiso ta elbarrietan
Beste ainbeste etzara?
Pitean beiñ zuk darakuskuzu
Gizonak ezin ebana,
Zu zareala osatuteko
Sendatzallea bakarra,
Zure bitartez jatsi zalako
Osasungiña gu gana,
Geixotasuna bere mendean
Azpiraturik daukana.
Olatutzarra atxa jotean
Gelditzen bada triskaurik,
Zelan iruntsi arek al gaikez
Zu gogorrago izanik?
Zeiñ gatxek, Ama, etorri arren
Asarrez amorraturik
Dragoetzar bat dirudiala
Erpa zorrotzak zabalik,
Nondik ta nora ak gu arrapau
Zuk ez istera bakarrik,
Bagiña legez ez daukagunak
Zugaz gurasotasunik?

Guraso baño gurasoago
Zaitugulako, Maria,
Zure mesedez gañez egiñik
Daukagu Euskal erria,
Dazaugulako guri deuskuzun
Larregiko ardura andia,
Bidezkoa zan gomutetea
Egin dan legez Bizkaia,
Alan artuizu abegi onaz
Beronen ordaingarria,
Ederragoa bere zergaitik
Daukazun irabazia.
Goazen, bai, goazen bizkaitar danok
Artaganera gaur ariñ,
Aberats, pobre, andi ta txiki
Guztiok daigun alegin;
Ango Maria gure aurrean
Koroez jantzi gaur dedin,
Erregepean bestek jarteaz
Len bagenduan artu miñ,
Erregiñatzat Amau jartean
Dogulako artzen atsegiñ,
Begoñatarra serbitze arren
Nai dogulako ill egin.

O! Begoñatar Andra andia!
Betiko gure ongiña,
Zarelako bear zatxakuz
Izan aurrera Erregiña,
Zu eregiten egiña gaitik
Lengoak euren lagiña,
Gaurkuok arei artzea gura
Dogu aurrea ta gaina,
Orregaitiño nai izan gure
Koroia urrez egiña,
Diamantez bai, egingo jatzun
Aldunak izan bagiña.

Ordi baten poza

Katuagaz kalean
astelen batean
Karlos zapataria
zabuka bajoian
joakola mutiko
pillo bat atzean
mix-mix deitzen eutsela
pitean, pitean.
Permin bere egokan
begira etxetik
adurra eriola
pozarren aotik.
Ta Karlosek diñotsa:

–Zu orrelan Permin,
zek poztuten zaituzan
gura neuke jakin.
–Ni nau gomuteteak
jai ta domekakin
zeu legez ibillteko
mutill txikiakin.

Temoso bien ezkontzea
I
Ibilli nintzala ni baten ezteguan,
Ogei urte irago dira zapatuan;
Noz zirean temoso pirri bi ezkondu,
Ezin ziranak gero ezelan konpondu;
Nai ebelako beti biak izan nausi,
Etxe atan bakerik iñoz etzan bizi;
Ebiltzan beti beti keskan, ez eta bai,
Bakotxak ebalako bereaz urten nai;
Augaitik deitzen eutsen Praiskari, berekor,
Praiskori erri danak barriz buru-dekor;
Nori arratserako berotzen odolak,
Bajakozan ziertu ziran teniolak.
Nok esan Praisko ala Praiska zan obia?
Diñot, biak eukela beti errazoia;
Diñot, nik nekusala Praisko gizartean,
Beti gogor zaillduten berak esanean;
Praiska ezdazaut ondo, baña bere ama,

Diñot, suge izpia duiñ zorrotza dala;
Bakit barriz billdurrez bizi zala Praisko,
Burua ete eutsan Praiskari ausiko;
Ta aiñ arri labanean jarraitzea baño,
Desezkontzea zala pentsaturik obago,
Praiskari zer asmetan eban esan eutsan,
Eta bananduteko au bere poztu zan.
Ze laster Praisko joan Abadeagana,
Egin zan jakitera zer zirautzan bada;
Zeiñek erantzun eutsan gatxa izan arren,
Ebazala askatuko, biak gura beben;
Atarako Eleixan biaramonean,
Agertzeko zazpirak joten ebenean.

II
Eleixeratu ziran zazpiren drangadan,
Ta aurrez abadea egoan altaran;
Jantzita bear legez prest bere lekuan,
Burdiñezko isopo bategaz eskuan;
Nore aurrean ziran ezkondamutuak,
Belaunikotu makur jarririk buruak;

Ta Aitearen eginda danak bereala,
Gauzeak urten eian ondo ta erara;
Abadea asi zan ixillik esanaz,
Lantzean beiñ berba bat, baña ez euskaraz;
Eta nozik nozera isopo gogorraz,
Joaken koskorreko ederrak emonaz;
Bostgarren burukoan Praiskak eban negar,
Baña, Praiskok amorru ta arrabioz dedar.
–On Luis, guk onetara banandu ezeze,
Laster galduko dogu bizitzea bere;
Isopokadak artzen, noz artean jauna
Eukiko gaitu emen, naikoa ez alda?
Irri barrez diñotsa: –Eztogu naikoa,
Benturaz lan au dogu aste guztikoa,
Ez aldakizu Praisko desezkondutea,
Dala bietatik bat alargundutea?
Zuen buruak illun dotriña bagarik,
Dagoz ta bear ditut jarri argiturik;
Banandu ezetara ezin zaikiet nik,
Bat edo besteori itxi arte illik;
–Ola! ezteusku gitxi jauna eskatuten,
Ori jakin bagendu ona ezkentozen;

Errazoia eukan bai, erremediua,
Zala gatxa, gañera barriz kostosua;
Jagi Praiska, ta goazen, ill baño lenago,
Ill ezkero guztia amaitua dago,
Burruka eta abar obe dogu bizi,
Ez benturaz biziak biok emen itxi...
Kar, kar, kar abadea, itxirik barreka,
Eurak bostna burukoz miñez aieneka;
Seigarren bana laster arrapau baño len,
Eleixatik tximistaz biak urten eben;
Eta kale guztia lotsari artean,
Iragota sartzean euren suetean,
Asi zirean laster sendatzen buruak;
Abadeak mallatu eta argituak.
Bai, mallatuagaitik eutsezan argitu,
Bestelan gaur daiegun eurai begiratu;
Len beti gerran bizi baziran etxean,
Bizi direalako gaur oso bakean;
Ain bestean ein dabez jenioak ondu,
Alan eztabe gura oraiñ desezkondu.

Itxasoari itauna bat
–Urzelai zabal gizon askoren ito lekua,
Ni bere beti bizi naz zugaz aserratua;
Ezauerea dodan ezkero dot sinisturik
Zugaitik ezin neiala aratu oñez mundurik,
Ontzian barriz etzaitut gura zeartutea,
Arriskuetan ezdodalako nai sartutea,
Zer diñostazu goi urdiñ orrek bere azpian
Zure ostetik aurkietan dan leortegian,
Bauka au baño gizonarentzat leku obarik,
Etorkizunak dakarzan gora berak bagarik?
Jaio ta azi, bizi ta zartu aide onetan
Ni nazalako, ibilli baga erbestietan
Emengo gauzen aldantza andiak gaur gomutetan
Zure ondoan jarri natxatzu muna onetan;
Zeinbat atx mendi zelai ta erreka ditut irago,
Ordu bardiñik bi erreskadan emen ez dago,
Zeinbat eguntxo gaurko au legez jagi arrorik,
Eta etzaten ikusi ditut motel gaxorik
Zeu bere lentxo izanagaitik zoragarria,
Etzoaz iya aldatuagaz gozo aldia?
An olatuak abiau dira asarre atzean,

Eta or datoz alkarri danak jarraika ertzean,
Eta zeinbati gertetan jakon urreratzean,
Ondartzan gora igo ezinda ukatutean,
Lotsaz biurtu lengo bidetik egiñ bearra,
Oso isilldu eginda ekarren barallatzarra;
Eta o! zeinbat ondartzen ordez jotean atxa
Au apurtzeko dalako gogor zaill eta gatxa,
Danak birrintzen dira usterik gitxienenan,
Ulu, deadar eta garras¡ miñen artean;
Ze itsua dan olatuentzat etorkizuna!
Jazotekoa suretzako dan legez illuna,
Atzera bere itauntzen deutsut gaur itxasua,
Beti bat alda beste aldeko bizimodua?
Esaidazu zeuk jasorik zeure dedar zolia,
Zer gertetan dan urez anditik egi egia;
–Ementxe legez an bere dago aldasdun lurra,
Baita gizonak gerokoaren dauke bildurra,
Zergaitik ara joana gaitik dirutzen billa,
Lau aberastu orduko pobre ill oi da milla;
Ai! irakurri bale¡ gizonak etortekoa,
Zuk irakurten dozun legez gaur iragokoa;
Ni asieran bere enintzan orain lakua,
Emen ill diran ainbeste millen kanpo santua;
Augaitik ez da zetan arritu banaz gazia,

Gaur nazalako negar malkoen pozu andia;
Ez da mirari nik egitea urrumak sarri,
Neure egiñak gomuteteak jarten nau larri;
Nire arrañak sarritan izan dira txakurrak,
Jateko pozik gizonen mamin eta azurrak!...
Bai, banaz bere itxaso gogor antxiñakoa,
Gauza andi ta asko ikusi eginikoa,
Bala alanbere ez dazaut ondo etortekoa,
Daukalako orrek nik baño barru zakonagoa,
Bestela, zelan udan datortaz ibai gizenak
Bide onean neguan jatsi bear leukenak?
Dana da bada gauza bat nai ta, beste bat jazo,
Alan nik bere askori deutsat negar erazo.
***
Benetan zara zakon illuna etortekua,
Zuri igarten alperrik nekau oi da burua,
Ai! naiz ez izan orain artean itxaso zale,
Nor daki bertan ito egingo banaz ni bere?
Gaur garbitzeko nai ez dodan ur lizunduagaz,
Egarria ill bear izan nei biar beragaz!

Kurutze barriari
kantetako mañariarrak
ogei garren gizaldian
Kantaridia
Agur! Salbaziñoko
Gure Ankoria!
Agur! Kristau maitien
O! Esperantzia!
Eskuan zaitugula
Azken arnasia,
Mañariar danok nai
Dogu emotia
Kantatxoak
Ogei garren gizaldi
Kurutzearena,
Bizi dakigun zure
Gomuta ederra,
Untzilla atxera goaz
Zutunik jartera
Guretzako bandera
Jesukristorena;

Au zalako zerutik
Beratu lurrera,
Kurutzan pekatutik
Gu askatutera.
Kurutziarena da
Beti Mañaria,
Fedia daukalako
Kristiñau garbia,
Beragaitik emongo
Nok leuken bizia,
Jesus izan zalako
Kurutzan josia;
Zeñi deutsagun danok
Alan zor andia,
Gorputz arima eta
Dogun on guztia.
Nai leukie gaur dongak
Mundutik kentzia,
Ainbeste gizaldidun
Gure ezaungarria,
Arbola bedeinkatu
Parerik bagia,

Ziñan, zara ta izango
Ill arte guria;
Zarelako JesuKristoren giltzea,
Zugaz edegiteko
Zeruko atia.
Untzilla-atxian orain
Zaitugu jasoten,
Zuk kerizpe eginda
Gu bizi gaitezen,
Ikusla izan bitez
Atxok bada arren,
Ze urtetan guk jarri
Zinduguzan emen;
Alegin eingo dogu
Zutik zu eukiten,
Mundua dan artean
Iraun daizun. Amen.

Joan-etorri bat Gernikara

Gaztezaroan neukan aldian
Alegera biotza,
Txairoagoa barriz gaur baño
Bideetarako gorputza;
Joan etorri arin bat neban
Nik egin Gernikaruntza,
Eta gaur kantau nai neuke zelan
Ibilli nintzan aruntza.
Basorik baso Solluben zear
Jatsiaz beruntz niñoian,
Mendiak berde nekutsazala
Itxas urdiña aurrean;
Etxalde zuri asko or emen
Gorderik zugatz artean,
Non bizi ziran len bizkaitarrak
Aukera bete betean.

Bagilla zan da, zugatz guztiak
Egozan orriz jantziak
Perlaz legetxe loreagotu
Eginda lora guztiak;
Inontz gozoak eukazalako
Txipristiñakaz bustiak,
Gari buruak mardo egozan,
Artoak sendo jagiak.
Astiro bera jatsi nintzan da
Lauan banoa aurrera,
Zoratuagaz begiratzean
Alde bat zeiñda bestera;
Nor ez zoratu ikusitean
Aren ikusgei ederra,
Txori politak txorrotxioka
Eztitzen beben gañera?
Eguzkia zan goizetik jagi,
Errañu meiak jaurtika,
Laster txuntxurrak asi jakozan
Barreka iratzarrita;
Bildots ta txalak ikotian da
Ibai errekak dizdizka,
Alako goizik ez dot ikusi
Ikusi arren amaika.

Bizkaiak ditu ibar galantak,
Danetan baña nausia
Uste dot dala Gernika aldeko
Zelaitza zabal andia;
Ain da malatsa, aiñ lur ugari,
Madura zoragarria,
Non bizi oi dan neke gitxigaz
Eroso nekazaria.
Begiztetean baña Gernika
Toki aiñ entzutetsua,
Samurtu jatan biotza laster
Bai eta poztu barrua;
Bera zalako joateko ara
Bien eustana gogua,
Bera zalako gure ertegi
Gure Batzarren lekua.
Bai, antxe neban garaitxo baten
Begiztau etxe santua,
Gure legien ol zar zabalen
Gordetegi aiñ dontsua;
Zugazti batek eukala ondo
Egoki kerizpetua,
Baña zugatz bat an ortu baten
Nekusan berarizkua.

Antxe egoan maitetzen neban
Aretx danetan autua,
Zeiñen aurrean itzalez laster
Billostu neban burua;
Ikusitean baña zartuta
Osoro aguratua,
Begietatik abiau jatan
Tantakaz jausten malkua.
Malko artean deituten deutsat:
O! Aretx itzalgarria!
Zizpuru luze bat egin eta
O! Zugatz agurgarria!
Zeruak daki noztik zagozan
Or erne eta azia,
Izan zinaiten Bizkaiarentzat
Bere banderan jarria.
O! Aretx dontsu busti bagea
Erejiako euriak,
Zure ezkurrak agaitik ziran
Danak osasungarriak;
Beti ezkotu eutsuzalako
Erroma aldeko odeiak,
Gorputz susterrak, buru besangak,
Abar, kimu ta orriak.

Etzinduezan iñoz eurendu
Gaztelar ta arrotz gaiztuak,
Nai izan arren areik sarritan
Izan bai zure goikuak;
Baña bat einda pillo batean
Asaba antxiñakuak
Gorde ebezan akatsik baga
Euren lege zar dontsuak.
Osterantzean esan daiela
Gaur Padurako mendiak,
Zirealako eurak an izan
Orduan ikuslariak,
Burua arro ekarri arren
Ordoño bildurgarriak,
Ea etziran bere odolaz
Gorritu ango arriak.
Autortu beie Gordexolako
Txuntxur andi ta txikiak,
Zeintzuk dagozan orduan zelan
Alan gaur bere zutiak;
Ze zurra artu eban Juan Zerda
Zeken azartu andiak,
Ta ze garaipen barriz bestera
Jaritxi eban Bizkaiak.

Autortu begi Anbotok eta
Autortu begi Gorbeiak,
Zer artu eban bigarren aldiz
Zerda betiko etsaiak;
Urreratzean Otxandiora
Ta askok galtzean biziak,
Ea irakin ezpeutsen ari
Orduan errai larriak.
Kantau begie Sollubek eta
Mungia aldeko tontorrak,
Ezpazirean izan beste beiñ
Asabak ausiezkorrak;
Non erdaldunai emon eutsezan
Gomutagarri gogorrak,
Ez eukalako neurririk bere
An bota eben odolak.
Egun guztian an ekin eutsen
Alderdi biak sutuak,
Lantza ezpataz eta su-armaz
Biziro amorratuak;
Baña nagusi urtendakoan
Bizkaitar otso zintzoak,
Bildotsak legez emendik doaz
Bildurrez Gaztelakoak.

Orretaraxe zirealako
Izan len gure Asabak,
Gorputza sendo gorde zenduan
Baita besangok zabalak;
Erakutsita arrotz guztiai
Euren bizkaitar bizarrak,
Aukeran emen eiten ebezan
Zure azpiko batzarrak.
Agur o! Aretx aztu eziña
Banoa oraiñ etxera,
Etzaitez arren oraindik jausi
Alditxo baten lurrera;
Semetxo orrek bota artean
Kerizpe zabal ederra,
Bizi gaitean Asaben gisan
Lege zarrakaz aurrera.
Zeruak alan gura da
Landara barri samurra,
Aitak legetxe ugari emon
Arren egizu ezkurra;
Artu egizu baita zuk bere
Eiten deutsudan agurra,
Ikusiko al zaitut barriro
Egin baño len agura.

Nik emon neutsan berba orixe
Sarri jatana gomutau,
Beti egiterik ezelan bere
Baña biotzak nai eztau:
Arbola zarra ill zan betiko,
Semeak poztuten enau,
Ai! gure lur on Bizkaia zana
Vizkaitu dalako danau!!!

Nora arte
Nere adiskide zar eta on
Ramon Artola jaunari amalaudun bat
Al izatea baldin baneuka nere eskuan,
Eingo nituken ala ez ere, eztakit nik,
Gazte aldiko doai ederrak nere buruan
Piztu erazi barrundik nola azaletik;
Gaztetasunak berdiñik ez du ezer munduan
Aginpiderik, itzaltasunik ez dirurik,
Beste gauzarik ez duelako arrek goguan
Poz, jostaketa, farra, irrintza ta besterik.
Gaztetasuna guzientzat da Udaberria,
Giltza batekin nork al lezaken bera gorde,
Ramon joana joanik dago o! zeñ egia!
Bakizu gure gaztetasuna non dan ere,
Bakizu nondik noraño doan txarko bizia,
Gu noruntz, nola, joan da joan, nora arte.

Beti gazte
Rosario Artola bertsolariari
amalaudun bat
Zorakeria diote dala anziñakoa,
Urteak dauzka baña, kontuan erortzeko,
Nola etzaio zentzuz betetzen baña burua?
Zer du aiñ gitxi urte askokiñ jakiteko?
Gizaldi denak ikusi dute beti gaurkua,
Zer ote dauka illerikan ez elurtzeko?
Mundu au balitz bezela toki txit doatsua
Lore ederrez bere burua estaltzeko?
Bustin izanda, urre dirudi nai duen orri,
Nola da andre eta gizonak sinistzea?
Arrosategi deitzen badio lartegi oni,
Baita kantatu bizitza dala txit luzea?
Sei milla urtez baldin ezautu ezpadu ori,
Zorakeria beti izango da gaztea.

Premiak eragin
Nere adiskide on Jose Artola
jaunari amalaudun bat
Pepe, guretzat premia oi da eragilia,
Uste etziran erabakiak artutzeko,
Umetandikan zana pobre ta errukarria,
Aberastuta maiz oi dalako gota jaso;
Duda gaberik asmoz dalako arrigarria.
Gau eta egun iñoiz prest dago nekatzeko,
Aurrerapenak ari diote gaur zor aundia,
Beragatikan argitaratu diralako.
Baña ala ere gaiztoak baita oi ditu sortu,
Kartzeletara beragatik da asko juan,
Baita biguñdu argatikan da aski gogortu,
Beartasuna utsik badakust inguruan,
Ai! zeinbat diran premian damuz ongi aitortu,
Apaizarekin aitzena eldu dan orduan!

Zorioneko afaria
Nere adiskide Ramon Artola
gazteari amalaudun bat
Doatsua dan Juan Iñazio bart illuntzean
Sorotik sollik kantuz zijoan etxeratzen,
Non illargiak egiten zion lagun bidean,
Erori gabe joan zedin ta baita zuzen;
Bere andrea zebillelarik ezkaratzean,
Atsegingarria zitzaien jana gertu jartzen,
Poz pozik bere seme alaba bien artean,
Irurak laster aita zutela itxedoten.
Noiz sentitzen dan eldua zala norbait etxera
Aitaren eztul bakantxoa zan atarian,
«Aita, aita da» otsez umeak irtenda atera,
Farrez irurak sartu ziraden sukaldian,
Talo ta esnez beste gaberik ezer gañera,
Juanak prest zeukan zorioneko afaria an.

Ama Birjiña Arantzazukoaren
laguntasuna

Gerrara zoaz, seme maite, ta
Ez aztu ama tristeaz,
Eroaidazu neure biotz au,
Bat bat eginda zeuriaz;
Badakit zelan burrukarako
Zoazan biotz andiaz,
Zaindu egizu gure bandera,
Daukazun odol guztiaz.
Zoataz ondo gerrara baña
Gero poz emon, nok niri?
Ill zareala ames eginda
Eingo naz beti jagi ni;
Eutsi semetxo mun einda jantzi,
Eskuplario eder ori,
Goix eta arrats errezetako