Asti orduetako bertsozko lanak - 3

Zer da orren pozgarri zu bertsolaria?
Nik erantzungo deutsat o adiskidia!
Esperantza bat oso dudarik bagia,
Aberats andia, ezerdun txikia,
Bardin ezeukia,
Poztuteko munduko bizidun guztia.

Bestetan zelan dakust nik nekazaria
Egunera baño len oetik jagia?
Soluetan lanean goisetik asia,
Itzaiña idiakaz arturik burdia,
Naiz eguraldia, izan otzegia,
Zein beroegia,
Ezpaleu esperantzan poza ipiñia?
Zenbat jakitun andi zoro diran jarri!
Diralako eunez ta gabaz ibilli,
Atseden emon baga iñoz gorputzari,
Ta bai eriotzea sarri buruari,
Eginik ekarri, zergaitik larregi,
Ziran ikaslari,
Pozturik gloriaren esperantzeari.
O! ta zenbat gerrari ziran azartuak,
Burruketan sarturik aiñ amurratuak,
Beingo baten istera etsaiak goituak,
Izan arren sarritan eurak menpetuak,
Edo lotsatuak, iges bialduak,
Baña sendotuak,
Esperantzak jarten dauz barriro gaixuak.

Itxasgizonak bere ditugu ikusten,
Arrisku andietan uretan ibilten,
Ta onen onenean sarri ondatuten,
Ontzi ta ontzizaiñak bertantxe galduten,
Batzuek urteten, besteak itoten,
Diranak salbauten,
Ez dira esperantzaz ostera joaten?
Azkenez zer egin lei datzanak geisorik?
Osatu leiteala ez euki usterik?
Ez neuke sinistuko aiñ gauza okerrik,
Ta bai osagarriak gogo onaz arturik,
Jaunak lagundurik, ikusteko onik,
Len legez oraindik,
Esperantzeak dauka geisoa pozturik.
Errukarritzat ez dot iñoz ezeukia,
Aiñ gitxi aberats bat lurrera jausia,
Gerrari menpetu ta jakitun txikia,
Ez ta luzaro oian dagoan eria,
Orren azkarria, nik dot eretxia,
Dala mingarria,
Esperantza bagako errukigarria.

O! neure biotzeko esperantza ona!
Zuri begira pozik ni euki nozuna!
Ez egizu ez arren beti alan baña,
Poz onetan bakarrik ni bizi nadilla,
Ezpada bestera, obeto aurrera,
Esperantz ederra,
Sartu nagizu laster atsegin betera.
Egiaz ni geisorik ez naz iñoz izan,
Baña beti arlote bai mundu onetan,
Semetxo bat joanik dot Ameriketan,
Jakinik nago zelan aberastua dan,
Pozez nago alan, a datorren eran,
Urrengoko udan,
Aberats biziteko ni bere esperantzan.

Etorkizuna
Iragokoa irago ziñan,
Baña betiko irago,
Ai! ezagutu nik bazindudaz
Irago baño lenago;
Iragoaren biurtuterik
Ez dodalako geiago,
Etorkizunaz bildurrez larri
Eta ikaraz txit nago,
Enazalako etorkizunaz
Kontuan jausi gaurdaño.
Etorkizunak, etorkizunak,
Zelan ninduan poztuten!
Mendi gañeko zelai eder bat
Au jatan begitanduten,
Etorkizuna loraz jantzirik
Baneban bere ikusten,
Etorkizunaz sinislari au
Banintzan bere puztuten
Etorkizunaz desengañauta
Naz baña gaur esnatuten.

Ezkutau eustan etorkizunak
Bere eguzki argia,
Estaldu eustan etorkizunak
Bere goix zoragarria,
Ostendu eustan etorkizunak
Uda barriko arpegia,
Gorde betiko etorkizunak
Itxaropen on guztia,
Len pozgei jatan etorkizuna
Oraiñ jat illungarria.
Jaioa doa koskonduagaz
Lenengo ainbat urtean,
Gaztea bere goruntz igoaz
Bizitzan aldats latzean,
Piesta zaleen gisan zantzo ta
Uju-ujuka bidean,
Etorkizun bat alegerea
Topetea ustez gañean,
Ames egiñaz biziteko ondo
Gora elduten danean.

Ai! igo neban nik bere gora
Baña ez topau zelaitza,
Ezpada ota, sastraka asko,
Nartzea eta arantza;
Billatu neban mendi guena
Zelaien ordez zorrotza,
Poztu ninduan etorkizuna
Zan iduri uts, zan bitza,
Iduri utsa, bitza, amesa
Dalako gure bizitza.
Zartu egin dan guziak deutsa
Mendi orri igo gañera,
Baña atseden nun ez topaurik
Jarrai bear da aurrera,
Eguerdia artuagaz bat
Eguzkiaren antzera,
Gizona bere igaroten da
Bizitzan arratsaldera,
Etorkizuna joan ezkero
Baña ez dator atzera.

Atzea edo oste aldea
Gelditzen jaku gauturik,
Etorkizunak ezin dabela
Araño bota argirik,
Eguzki onek igex eginda
A geratu zen illunik,
Irago ezkero bide artatik
Aurreruntz baten bakarrik,
Ate sendoaz geratuten da
Bein ta betiko itxirik.
Zarturik nago arratsaldeko
Eguzkiaren antzean,
Aurkietan naz beeko zokora
Laster joteko urrean
Eriotzea jabetua da
Irago doan bidean,
Etorkizunak erakusten deust
Obi zakon bat aurrean,
Etorkizunak nora daroan
Orra gizona azkenean.

Urteroko kontuak
Etxegaraiko Karmelo neure adiskideari

Karmelo, alegere jaku agerketan
Udabarri zoroa urte guztietan,
Loraz apainketan,
Dituala kanpoak ederto jantzirik,
Urteroko soñua uts egin bagarik.
Udea egiten da bigarrengo sortu,
Beroaz egiteko mendiak leortu,
Txarkoak mututu,
Eroateagaitik Donosti aldera
Jentea orko aixe giroa artzera.
Irugarrenak Uda-azkena, izen dauka,
Au beti dator gari ta artoa opaka,
Sagardau botaka,
Askoz prestuago da beste biak baño,
Pobreai egiteko mesede geiago.

Baña gaur sartzen gara Karmelo, neguan,
Aurtengo au ez dakit zelan izango dan,
Aurkitzen naz dudan,
Edurrak beintzat atzo poztu ez ninduan,
Fara fara jausiten emen ziarduan;
Negu au bada igaz zan legez zitala,
Egurrik ez daukanak bildu dagiala,
Bestelan su baga,
Triste iragoko dan aurten Gabon gaba.
Gabon ondo irago o lagun laztana!
Zergaitik dirudian euskaldunen gaba,
Jesus jaio zana.
Itxaroten ala,
Dozu zeure ama,
Noz joko ete dozun etxean aldaba.
Baturik euskaldunak geure ezkatzetan,
Gabon kanta zarrakaz gomutau gaitezan,
Txurru bat geitxoago edan arren bere,
Esan leike Gabonez au dogula libre,
Eta nik sutondoan kantetako aurten,
Urrengo bertso biok ditudaz ipinten:
Biba Jesus, ta biba Maria ta Jose,
Anjela, edan daigun beste baso bete.

Eibarko burdin-bidearen
estreñako kantua
Ixi, ixi, ixildu
Txori barritsuak,
Ixildu errekatxo
Zentzun bagakuak;
Ixildu o abere
Basuetakuak!
Gagozalako emen
Gu bere mutuak,
Gazte, zar, aberats ta
Pobre gizajuak,
Entzun daiguzan ondo
Tren-txistu soñuak.
O egun, baña egun
Goguangarria,
Sekula ez da ilgo
Zure gomutia;
Kondairean izango
Zara ipiñia,
Bedeinkatu dagigun

Jaungoiko aundia,
Or or datorrelako
Tren txistularia,
Iragorik azpitik
Eizako mendia.
Ongi, ongi etorri,
Ongi tren dontsua,
Aspaldian genduan
Zure desiua,
Zu errezibitzeko
Jantzi da Zerua,
Eguzkia jagi da
Gaur argiagua,
Illargiak estreñau
Ei dau soñekua,
Izarrez iñoz baño
Apainduaga.
Zure lurrun ta keia
Jaku pozgarria,
Lur leorrari legez
Trumoi ta euria;
Geienez oi dalako

Au izan ogia;
Zu bere zara gure
Mesedegarria,
Zuk, zuk biztuko dozu
Gure industria,
Bizi dediñ! bai! bizi
Eibarko erriya!

Gizonaren altasuna

Jaungoikoak egiñik
Gizonari argi,
Onek atera ditu
Zeinbat gauza barri;
Oraindio badauka
Zer asma ugari,
Gure gendukelako
Aidian ibilli.
Etorriko balira
Asabak mundura,
Ez leukee ezagutuko
Jaio ziran lurra:
Aiñ da aundiya eze
Ein daben biurra,
Len bide luze zana
Gaur dogu laburra!

Legoak ta legoak
Itxirik atzian,
Egaztiak duiñ bizkor
Gaur guaz trenian;
Mundua jiraturik
Lau illabetian,
Barriro sartzen gara
Urtendako etxian.
Bergara, Plazenzia,
Eibar ta Durango,
Erri bat legez dira
Aurrera izango;
Lauretan egon leike
Ordu batgarrengo,
Mundu guztitik tren au
Ojala balego!

Homero euskalduna
(Iparragirreri kanta)
Ene adiskide on Federiko Baraibarkoari

Jaso nai nuke kantatzalle bat,
Mendiok baño gorago,
Jaso nai nuke albanezake
Odeiez ere arago.
Illargitikan Eguzkiraño
Andik izarretaraño,
Izarretara jaso dezadan
Almena baña non dago,
Egorik gabe nere buru au
Jaso ezinda banago?

Izarretara jaso dezadan
Betor andikan almena,
Goragotikan grazia, etorki
Eta doarik onena;
Betor zerutik mingañ eztitsu,
Leun bat aingeruena,
Arek gaur artu dezan gloria
Irabazita duena,
Dalako bera euskaldunetan
Neretzat euskaldunena.
Euskaldunetan euskaldunena
Kantatutzeko lur oni,
Mundu bietan euskaldunena
Kantatzen Euskera amari,
Orregatikan zorretan gaude
Euskaldun danok berari,
Koroi eder bat antolatzeko
Euskaldun umant zanari,
Urez anditik, zeñda emendik
Ain ospatsua danari.

Guri konsejo onak ematen
Bera zan euskaldunena,
Ark esan zuen batzar danetan
Eiteko gure izkera;
Eta biziko gerala emen
Pakez, garbiro onela,
Ots egiñikan lotsagaberik
Bizi dedilla Euskera,
Nork uste zuen au dala Jaunak
Zerutik jetxi duena.
Nola berari onrau zor zaion
Abiatzen naiz onratzen,
Zeren gitarra zartxo batekin
Zuen poztu, naiz tristetzen,
Zeren estutu, zeren lasaitu,
Arek zekien egiten,
Itxasoko urak diran erara
Apaldu zeñ da jaikitzen,
Modu berean gure biotzak
Zituela ill ta piztutzen.

Argatik Jaunak zabaldu zion
Laster izena Frantzian,
Ingelaterran, Alemanian,
Orobat ere Italian,
Beldurra nola ipiñi zuen
Ementxe gure Españian,
Erbestetu zan eragotzita
Bizitzen Euskal-errian,
Gero ogei bat urte egin zuen
Lurraren beste alderdian.
Ara baño len utzi zizkigun
Jarrita kantak ugari,
Beren artean samurrena bat
Adio Euskal erriari,
Beste kanta bat eder ederra
Aizkibel jakintsuari,
Oraindik berriz ederrago bat
Jarria Aritz zarrari,
Zeñek ematen dian gloria
Andi bat Euskal lurrari.

Au da kanta bat, mundu guztian
Zabaldu dana nai nora,
Kanta aiñ bikaiñ, aiñ ospatsu au,
Etzaigu illko iñola,
Zeruko argiz Joxe-Mari-ri
Uste det jetxi zaiola,
Homerok ere etzuelako
Jasoko obeki arbola,
Apolok ere beste kanturik
Noiz altxatu du aiñ gora?
Kanta dezagun batzar danetan
Kanta aiñ paregabea,
Kanta dezagun adoratuaz
Arbola santu gurea,
Kanta dezagun bera degula
Mantxik gabeko lorea,
Gogoraturik itz orietan
Iparragirre trebea,
Zergatik berak kanta zituen
Bizteko gure fedea.

O! zeiñ ederki biltzen gaituan
Aritz zarraren oñean,
Lau probintziok anaiaturik
Batzen an erramapean,
Irme ta sendo alkarturikan
Laurok korapill batean,
Laurokin lazo bat egiñikan
Fuerodun izan gaitean,
Goza ditzagun zorion danak
Guraso zarren legean.
O! zenbat bider Madrillen bertan
Entzun izan zan kant ori,
Euskal uriak adi zioten
Asmatzalle ez illkorrari,
Errietako konsejuetan
Askok ikasi berari,
Duda gaberik euskaldunetan
Kanturik onen dirudi,
Joseri baño nik enioke
Deituko errege iñori.

Orregatikan eo dezagun
Koroi bat artearekin,
Lau probintziok gaur dizaiogun
Jantzi burua berakin,
Molda dezagun, molda bertatik,
Molda alegin danakin,
Ez urre, ez perlaz, ez diamantez,
Ezpada obearekin,
Diña dalako, iñor bada diñ
Jazteko ostoarekin.
Aritz ostoz bai, jantzi dezagun
Euskaldun orren argia,
Arbola ostoz ornitu ari
Kopeta zabal garbia;
Utsik Arbola ostoz apaindu
Iparragirre andia,
Arbolarekin betiro bizi
Dakigun Jose Maria,
Arturikan gaur anaiok gandik
Illko etzaion saria.

Bizi zaitea Iparragirre,
Ortxe Parnaso mendian,
Zergatik musen maitetzallea
Ziñan bizitzan zu beian,
Apolok zauzka euskal kantari
Danen guztien erdian,
Deitu dakizun zuri Homero
Zerorren jaioterrian,
Naikunde on erabilli det
Iya aspaldi guztian.
Deitu bekizu, deitu euskaldun
Bertsolarien izarra,
Deitu bekizu ajola gabe
Maisua jotzen gitarra,
Zortziko soñu onak asmatzen
Zera danoen azkarra,
Kantatutzeko eztarritikan
Geien daukazu indarra,
Gañera zera eztitasunez
Erretxinola bakarra.

Beste Joserik ez dakust ez nik
Nere gidari zu zera,
Jaurtigi-dazu zure txinpart bat,
Jargoi ortatik lurrera,
Lagun zadazu Parnasotikan
Izaten zure antzera,
Jaso dezadan izkuntza zar au
Izkuntz berrien gañera,
Berau dalako geienen ama
Nere laztan dan Euskera.

Ekatxaren ondoko geraaldia
Ekatxak oso alde egin eban:
Dantzudaz txori kantuak,
Bidera atzera etorri eta
Klokadak daukaz olluak.
An sartaldean urdinduten da
Garbi jarririk zerua,
Mendi gañean bere agertu
Baserri illunpetua;
Ibar erditik garbiro doa
Arekan errekatxua.
Surrumurrua abietan da,
Poztuten oso biotza,
Eguneroko zeregiñetan
Asten da laster bakotxa.
Zeru ezoa ikusitean
Agertuten da atera
Beargillea kanta soñuan
Bere lanagaz astera;
Eta andratxoak urten nai leuke
Euri ur barria artzera.
Etxalde eta goietan barrez

Eguzkia da azaltzen,
Eta etxekoak galeria ta
Leioak dabez zabaltzen,
Entzuten dabez bide urriñeko
Kaskabel ots ta zaratak,
Baita ibilten abiau diran
Burdi irrintza garratzak.
Atseginduten biotz dana da,
Noz da aiñ gozo bizia?
Noz dau gizonak ikasiteko
Orren egarri andia?
Lan zarraz, zeinda barria asteko
Noz dau obea gogua?
Noz gitxiago gomutetan da
Bere gatxagaz burua?
Atsegiña, ume naiestuaren,
Poz zora, da izuaren,
Onek ikaraz oso jarrita
Bildur zan bai illtearen.
Nok gorrotetan eban bizia
Larri ikaraz miñetan,
Ixil, izerdiz, otz ta desmaioz

Jentea zan aurkietan.
Geure iraiñak zerren odeiak,
Tximista ta urakanak,
Ikusteak irabiatu
Zituela egin dandanak.
Sortiz maitea! onexek dozuz
Askorentzako zuk doiak,
Atsegiñetan ipinten gaitu
Penetatik urtetiak,
Zure eskuz gozuz asko penetan,
Damua azten da berez;
Baña atsegiña guztiz gitxitan
Dator au mirariz legez,
Naiesturen bat desegiteak
Dakarku nozbaiten errez.
Goijaunak maite alan zaituen
Giza arraza dontsua
Zara, nozbaiten atsekabetik
Bazagoz alderatua,
Eriotzeaz bazara osatzen
Zara zorionekua.

Napar ta euskaldun ikaslariak
kantetako jarria
(Zaragozari agur)
Agur, Ebro ertzeko
Zeruko Lorea
Aragoa apaintzen
Dozun Larrosea;
Agur, agur, Pillargo
Ama Birgiñea,
Itzalez begiratzen
Deutsugun Andrea;
Zuri zor jatzulako
Lenengo ondrea
Orra Euskaldunaren
Agur humildea.
Agur o! Zaragoza
Gure ikastegia
Umetxoak amari
Legetxe titia,
Zuri edanik goaz
Bai, jakituria,

Igaz etxetik ona
Illun etorria,
Doialako burutik
Zuz argi jarria,
Kantau bear deutsugu
Azkentzat gloria.
Egun au bada gozo
Eta ez mingotza,
Diñotsugu zugaitik
Dala gaurko poza,
Zugaz ez da aztuko
Ikaslen biotza,
Euskalduna zergaitik
Ez dan iñoz otza
Zeruraño jasorik
Alegiñez boza,
Kantauko dogu bizi
Bedi Zaragoza!
Napar ta euskaldunok
Agurturik gaur zu,
Bagoaz dogulako
Kurtsoa amaitu;

Bagoaz Zaragoza,
Trena dago estu,
Goazela aguro
Txistuka dirausku,
Bagoaz, bagoaz, bai,
Artu arren damu,
Ez daigun onenean
Biajea galdu.
Zelaietatik goaz
Mendi arteetara,
Leku eguzkitsutik
Kerizpietara,
Zatoze emengoak
Zuek bere ara,
Artzean ango aixe
Eztitsua dana
Ots egin dagizuen
Danok bereala,
Udan Euskalerria
Zerutxo bat dala.

Munduko goraberak
Seaska eder sedaz jantzian nintzan jaio,
Baita lenengo urtea bere an irago;
Palagu eta eregu danak nituala,
Baña joan zan ango aldia bereala.
Aurrera bere bizi nintzan ni naikeretan,
Mizkeria ta arigura gozoetan;
Beti gu izan giñealako eukitsuak,
Aberatsetan errian goren gorenguak.
Gaur baña zelan aurkitzen nazan oso pobre,
Enazalako lengo eukien baten jabe;
Ai! ezbearrak nebazalako izan asko,
Okertu ziran gauza guztiak niretzako.
Aldakuntze au mundu onetan ikustea,
Gatx eingo jatan aldi batean sinistea;
Neure bizian egin ez arren on uste,
Kolerari legez lagunak iges deuste.

Gaztezaroan alkarren kutun gu giñean,
Genbiltzalako beti batera jolasean;
Eskolan bere ibilli giñan beti nasi,
Anaia batzuk legez giñean iya bizi.
O! baña oraiñ areik goi goian ta ni beian,
Aurkitzen gara oso desbardin suertian;
Zeinbat alditan eurai jo arren nik atea,
Jaunak lagundu daizula dabe limosnea.
Albotik bere sarritan jataz iragoten,
Senide urtzat len jatazanak autortuten;
Jausi nintzanik ona ez deuste ein agurrik,
Eztu zuzendu nire alderuntz arpegirik.
Baña pobretu arren, ondrarik galdu neban?
Ausaz au ez da len legez bizi gaur enegan?
Ausaz agurrik egin ez arren aberatsak,
Neugan egoan azpiratzea zorigatxak?
Pelotatxo bat guztiz errez da biurtzea,
Naiz da etorri indar askogaz aterea;
Iñor da bada gizon argal ta gisajua,
Atzeratzeko Probidentzia indartsua?

Edur artean egiten bada erabilli,
Mokilia joan oi da egiñaz beti andi;
Nire lagunak jarraitu dabe andituaz,
Zeinbat zarrago diru geiago pillatuaz.
Eta ni barriz, asi ezkero mallak galtzen,
Lurra jo arte enaz gelditu beratuten;
Galdu jatazan uste bagarik ondasunak,
Ala ez dakit baziran bere txartasunak.
Ni nintzan legez, bizi danen bat jausitea,
Gertau leiteke, ta kantaz ezin nasaitzea;
Jausi arren nik, kanturik ezin neike laga,
Naiz da negarrez itxi egiak esan baga.
Ez da ardura biotza illun euki arren,
Berau dagoan aroan kantau nai dot emen;
Egunak bere oz dira danak goi urdiñak,
Batzuk argiak, besteak motzak desbardiñak.
Alantxe bada errama baten soñuetan,
Ez da txoria ikusten egun guztietan;
Batzuetan dan kantetan tantai gallurrean,
Beste askotan lenengo daukan adarrean.

Entzun izan dot Jaungoikoaren lanbidea,
Eskellarak bai, dala egiten jardutea;
Bekoak askok igo dagien zeruraño,
Eta goikoak jatsi daitezan lurreraño.
Ta niri bere gertatu bajat jatsitea,
Beste askori oi jakon legez igotea,
Mundu onetan beti dakusguz gora berak,
Suerte on ta txarrak eztira gizonenak.

Amodioaren abia
Igaroaz doiala
Gizona lurrean,
Bizitzako bide latz
Arantzaz betean
Ikusten ditu bada
Ain bide luzean,
Uste bagako gauzak
Takean, takean,
Ikusten dau munduak
Kopea eskintean,
Irudiz dala gozo,
Mingotz edatean,
Baita inoz laguntzat
Eukana aurrean,
Zelan zan etsai daki
Bertatik atzean;
Orri berde mardoak
Igarrik jaustean,
Gogoratuten jako
Etorkizunean;
Zer gertatu lekion

Bati azkenean,
Edo uste bagarik
Emen onenean;
Agaitik esperantzak
Daukaz baibenean,
Len bere txarto urten
Zergaitik zirean,
Agaitik ainbat gauzak
Barrua mintzean.
Bagaukaz andra on ta
Umeak etxean.
Areik poza sartuko
Deutse biotzean,
Ez bestek lur onetan
Bizi dan artean,
Biziten bada bere
Larogei urtean.
Baña, kanpotik triste
Etxera sartuten,
Bada seme alabak
An deutse urteten
Danak ao batetik:
Aitatxo, deituten,

Danak eskuetatik
Arin oratuten,
Danak negua bada
Sutondoan jarten,
Dira antxe batera
Berotute arren;
Baña, gazteak arin
Asirik aspertzen,
Ez diralako zale
Geldirik egoten,
Minutu gitxi barru
Dirala jagiten,
An deutse jolasean
Guztiak ekiten,
An alkarreri keskan
Gero sendo joten,
Gerratxo bat dabela
Bertan konponduten;
Ama orduan zelan
Dan aserratuten,
Asten da norbaiteri
Zurrea emoten,
Astenda negartia
Laztanka ixilltzen,

Oi danez gaztiena,
Dalako izaten;
Alan bertatik ditu
Bakeak egiten,
Neba eta arrebak
Adiskidetuten,
Lentxoago aserre
Ziranak ikusten,
Jolasean dirala
Barriro asiten.
Orduantxe aitari
Barreak urteten,
Deutsa komedi on
Danean jazoten,
Orduan asten jako
Barrua nasaitzen,
Nonbaiten dabelako
Poztasuna artzen,
Daukalako andra bat
Zeñek maite daben,
Bera ta umeak gaitik
Zeiñ illgo liztzaken,
Eurentzat zoriona
Jaritxite arren...

Onelako gizonak
Kantau lei benetan,
Daukala ugarte bat
Itxaso onetan,
Itxaso oi dalako
Bizitzau pintetan,
Zergaitik asko larri
Gabiltzazan bertan;
Baña sukaldean bat,
Bada aurkietan,
Bere emazteagaz
Autuak kontetan,
Ikusten dituala
Umeak olgetan,
Kantau lei: ementxe ni
Bizi naz pozetan,
Kantau lei gloria dot
Abia onetan,
Zerren amodioak
Daben erreñetan,
Ta au dagoan lekuan
Nago zeruetan
Maitetasun zintzoa

Dalako gozetan,
Emendik kanpora zeiñ
Iñongo lekutan,
Gizartean ez dodan
Gaur arte topetan.

Eskoriatzako mediku
Jaun Biktoriano Illunbe
ta bere andre
Eustakia ezkonberriai

Senar emazte gazte doatsu
Amorez zintzo garbiak,
Zeraten biok lotu zaituzte
Bai Sakramentu aundiak;
Ezin obeki zaituztelako
Elkartu bere graziak,
Korapill baten baturik sendo
Biotz bi maitelariak
Urte luzeetan iraun dezala
Zuen ezkontza berriak,
Zoriontasun osoz gozatu
Egiñik egun guztiak.

Biktoriano Illunbe, nere
Adiskide txit maitea,
Ditxarik asko da iristea
Bertutetsu dan andrea;
Dirudiana larrosa eder
Amore garbiz betea,
Dirudiana lirio zuri
Animan loirik gabea;
Nola dan bada zure Eustakia
Doai oietxen jabea,
Bera izan da Eibartarretan
Usai ederdun lorea.
Erori zaion loteriakin
Ain bioleta gordea,
Nik sinistzen det zeruak gura
Zuela sariztatzea;
Probidentziak dakialako
Danoi emazen gurea,
Modu berean eman diola
Eustakiari berea,
Emateakin bere senartzat
Alako gizon noblea,
Galai zaldun ta Kristau on eta
Mediku ezin obea.

Orregatikan kantauko det
Daukadan indar guztiaz,
Eskoriatza pozik dagola
Alako gizon argiaz;
Kantauko det Biktoriano
Mediku jakinduriaz,
Dala bikaiña, dala aparta,
Eta au diot egiaz;
Pruebak eman dituelako
Sarri askotan eriaz,
Bestek sendatu ezin zuena
Sendatutako zauriaz.
Suerte ona egin dezula
Esango dizut kantuan,
Zuk Eustakia, ain gizon ona
Daukazulako albuan;
Nork irabazi egingo dizun
Errian eta kanpuan,
Eta zuk berriz zintzo gorderik
Arraultzak kabiatxuan,
Txit aberatsa izan zintezke
Urte gitxiren buruan,
Zer kanta dedan bertso onetan
Iduki zazu kontuan.

Kanta ezazu zuk ere iñoiz
Koplau arturik goguan,
Erlien gisa zabiltzanean
Lanetan etxe barruan;
Txoria daukat arrapaturik
Beti betiko eskuan,
Au bizi bazait enaiz erruki
Ni onezkero munduan;
Zeren goseak ez didan illko
Berau sekulan neguan,
Dakialako alea biltzen
Elurra ein arren soruan.
O! baña nola ezin gintezken
Gu beti bizi kantetan,
Senar on orri baita lagundu
Zotin ta zizpuruetan;
Amorioa ezagutzen da
Geienez naigabietan.
Ta amorioa eten gaberik
Ezpada ezkonduetan,
Ez ta izango beren bizitza
Doatsu mundu onetan,
Purgatorio luze bat baño
Zeñ ezdiodan txantxetan.

Amoriozko batasun zailla
Ez da diruaz ordaintzen,
Amoriozko batasun ona
Ez da ezekin berdintzen;
Amoriozko batasun on
Dauka duenak iristen,
Au da gauza bat, gura duenai
Goiak diena bialtzen,
Biktoriano ta Eustakiari
Nola mesede orixen,
Jaunak ein dien, beren ezkontzaz
Lagunok poztu gaitezen.
Poztu gaitezen, eta bedeinka
Ditzala intzaz Zeruak,
Bedeinkazioz eman ditzaten,
Landare oiek frutuak;
Bedeinkazioz izan ditezen
Beren aitamak lakuak,
Izan ditezen euskaldun utsak,
Kristau garbi ta prestuak;
Maite izango dituztenak bai,
Gure lege zar dontsuak,
Zeintzuen izen euskalduna dan
Jaungoikoa eta Foruak.

Fedearen arerio bat
Bolnei, eskribitzalla asmo txarrekoa
Zalako, benetan zan zorigaldukoa,
Beste batzukaz naste joiala ontzian,
Ekatx eskerga batek arturik azpian,
Eta zelan andra bat eurakaz batean
Joian, eta arrisku txarra ikustean,
Beingoan aterata errosarioak,
Errezetan asi zan bost misterioak;
Eta eskribitzalla gaiztoak orduan,
Bildur ta ikarea somaurik barman,
Andra ari kendurik errosarioak,
Eta oi daben legez gizon fedetsuak,
Belauniko jarririk bera errezetan,
Ontziko jente danen aurrean asi zan;
Eta ekatxak aldez, itxasoa geldi,
Jarri zanean laster, lagun batek ari
Esan eutsan: –Zelan zan zuk errezetea
Guzurtzat beti euki badozu fedea?
Zergaitik bada andra mamala aren gisan
Bolnei, gaur erregutu egin dozu izan?

–Adiskidea, ez da bardin itxasuan
Aurkitzea bat zein da, leor seguruan,
Ni izan arren gauza, bat gabinetean,
Uretan ondatzea uste nebanean,
Trumoia burrundaraz, tximistaka goitik,
Olatuak adarka, ontziari betik;
Itxasoak zabalik eukala agua,
Nok eukan irunsteko danok amorrua,
Au ikustean, nori etxakon bildurra,
Sartuko ikareaz batera barrura?
Zeñek laguntasuna ez deitu zerura
Egoanean urrin guregandik lurra?
Orduan sinistzera da bat beartuten,
Badala Jaungoikoa baita autortuten.

Nere adiskide maite
Juan Teodoro Ibarzabal zanari
(Amalauduna)
Esker oneko izan-gureak deust eragiten,
Gomutagarri txiki au zure izenean;
Zeñegaz dodan neure damua erakutsiten
Dala andia ill zareala jakitean;
Zure alabak gau eta egun negar egiten,
Ase ezinda dagoz umezurtz aurkitzean;
O! nik baneki luma onegaz iragarriten,
Ze pena miña zu baga dauken biotzean!
Eriotzeak zelan ez eutsun gura parka
Etorri jatzun korañeagaz oe aurrera;
Nok emoniko golpeaz zinan otzik geratu
Ez biurtzeko berorik iñoz gorputzera;
Baña arimea zanean egiñ ortik azkatu,
Irrada baten igo zan zeru ederrera.

Zarika eta nekosta
Atsekabez egoan igaz beiñ zarika,
Illerri eder baten negarrez zotinka;
Anpuluzko errekak jakozala jausten,
Azpiko obi gaña eban sopinduten;
Eta bere alboan egoan nekosta,
Zeiñek negar tantarik ez eban nai bota,
Bata makurrik eta bestea zardenik,
Ikusitean biai itandu neutsen nik:
Zertatik jaioten zan euren goiberea,
Non artu neban laster erantzuerea.
Zarikak esan eustan: makurrik beruntza
Illakgaitik bizi naz damuz zizpuruka;
Eta nekostak diñost: zuzen goruntza
Ara joan daitezan nago erreguka...
Euren alde andia nik beingo batean
Ezaguturikoan auxe esan neban:
«Agiri da garbiro zarikak munduan
Gura dabela bizi, nekostak zeruan,
Orregaitik au dago araxe begira,
Illen arima onak doiazan errira».

Alper
Udako goix batean bostetatik laster
Kalean goitik bera deika joian Alper;
–Emoten ezpadeuste gaur nonbaiten zer jan,
Ezingo dot nik gaba jaritxi ezelan.
Atxurlari alboti zelan irago zan,
Alperri bereala onek esan eutsan;
–Ator atxurketara neu noian lekura,
Ta artoa emongo jak jaten zeinbat gura.
–Arto truke ez baña, diru gitxigaitik
Laga egingo deustat nai badok gogotik,
Seiretan asi eta isteko seiretan,
Peseta bategaitik ni naiak prestetan.
–Eutso peseta ta, ator neugaz nasi,
Sei seiretan lanari daiogun esetsi.
Baita seiren drangadan abiau zirean,
Baita ikustekoa Alper zan lanean;
Atxurlari egokan begira zurturik;
Alper aren beargin zintzo ikusirik;
Bana, onek zer eukan laster egiteko,

Atxurlarik ez eban barruntetan asko;
Erriko erlojuak jo aldi danetan,
Zelan ordua eban errepetietan,
Bigarren seirak joten asiaz batera,
Atxurra bertan bera batarik lurrera,
Alper peseteagaz doa tabernara,
Berealaxe bertan zeatz gastetara;
Egun santu guztian non jan eta edan
Gaberako peseta bi gastu eiñ eban;
Orduan bai aurkitzen Alper zala larri!
Zer asmau bear eutsan tabernariari!
Sartu eban eskua, bada partikaran,
Ta zelan peseta bat bakarra eukan an
Asi zan goian beian: «Peseta bitik bat,
Ostu deuste ta oraiñ bat baño ez daukat;
Badakit ziur ziur nik ona ekarri,
Ditudala goixean? peseta zuri bi;
Lanean irabazi neutsan alogera,
Atxurlariri atzo goixetik gabera;
Amaika modutako jentea bagagoz,
Lapur danak kartzelan oraindik eztagoz,
Baneki nor izan dan beiñik beiñ nirea,
Gaur litzateke azken eguna berea;

Zergaitik jarri naben lotsa gogorrean,
Peseta baten zorra itxi bearrean,
Eta baldin ezpadeust ostua biurtzen
Ez al da zeruetan ikusiko sartzen».
***
Zeiñbat bider pintetan egitzat guzurra,
Alper izan ete zan bizkorra ta zurra!
Zeiñbat bidar jentea aora begira,
Eukan ziñoan dana esanaz arira!
Zeinbatek deitzen eutsen, Alper-iturria,
Eten bagarik zerren eukan etorria;
Baña, tabernariaz ez eutsan balio,
Iñoz baño leunago naiz berbak erio,
Arek zelan ekian Alper asmutsua,
Zala aixeri zoli sartzen larakua
Zelan ekian ondo peseta dontsua
Zala Atxurlariri garbiro ostua
Zelan ikusten eban ibilli ta ibilli,
Etorkala kargea azkenez berari;
Zelan ikusten eban iñoz ez atzera,
Alperren zorra beti joiala aurrera,
Zelan orduan bere lau koska zotzean;

Beartzen zan egiten bosteunen atzean;
Azkenez ikustean emoten eutsana,
Errekara botaten ebala dan dana;
Etzan milagro eta, odolak burura,
Igo eta arturik alboko egurra,
Beragaz bero bero egiñik lepoa,
Alperri emon eutsan betiko kanpoa;
Ta zotza ez egion milla koskaz bete,
Emonak galdu eta sutan eban erre;