Artikulu bilduma - 01

Enrike Zubiri «Manezaundi»

ARTIKULU BILDUMA

I. ATALA
GERTAKIZUN ETA IPUINAK

AURITZEKO FERIETATIK
(Ene herritarren solas gisan)
—To, Pello, nun ahila? Auritzeat?
—Ba, hik ere bide bera deramak; eztea hala,
Manez?
—Hala uk. Nahi nikek behia eta ahetxaren
erosle hun bat kausitu.
—Altaa, Axantxa, Auritzeko tratulanta ibili uk
hor gaindi etxez-etxe miatzen eta eskaintzen.
—Bana haren eskeak apalxkoak zitukan
Pello, eta abiatu nuk hunat, hea eskale hobeagokorik gerthatzen den.
—Debriek sardakio! holako behi ederrak fite
izain ditik frango erosle. Zortzi ehun liberaz goiti
balio dik, ba. Ahetxeak ere zerbait inen dik;
hauta uk. Hire azinda bethi ederrenetarik, zaintzen baitituk artoski, eta hain xekatiak izanikan
yinen zauzkik ahurrerat erosliak.
—Ago, ago Pello, ehizala hain urrun yuan;
oraiko egunetan ez dituk, ez, nolanahika hatzemaiten; prezioak ere, dakikan bezala, arras
aphaldiak dituk.

—Debrien arima! Nahi dukana izanikan ere hi
bethi khexu hiz, Manez.
—Ba, hori atsaldian hiauk ikhusiko uk, Pello;
etzakala espantu haundirik in. Oraiko egunetan
ustegabe gerthatzen ez denik ez duk.
Gure gizonak tratu eder bat egin ondoan sartzen dira ostatuan.
—Hea, Gaxuxa, ekharzkin berehala bi pinta,
hoberenetatik.
—To, Pello, leher in behar nikek burutik pasatu balinbadut ere holako prezio pollita in behar
nikeela. Badakika zonbatian saldu dituan Baztandar tratulant galant hari?
—Bo, nik dakita, Manez.
—Mila eta berrehun ta berroita hamar liberetan biak.
—Gizona! Hori uk, hori, xantza. Debria, hiri
bethi dirua ahurtaka. To, ene lau zikhiro horien
eroslerik nihundik eztuk ageri.
—Yinen zauzkik, Pello, ehizala arrangura.
Guazen, guazen, hea Agoitzeko hura ikhusten
dugun.
Azkenian Agoiztarrak erosten dazko lau zikhiroak Pellori, eta berriz ostatuan sarturik eta biz-

pahiru pinta hustu ondoan abiatzen dira etxealderat egundainoko mozkorrarekin, hordi arrailak, doi doia xutirik egonez, besarkatuak, bideari zehiarka, harat-hunataka, irrintzina eta kalapita gorrian.
Ilhun beltzian, Gorosgaraiko laster-bide patar
hartan, bide ixtil eta lohitsuan lerraturik, firristan
bi gizonak badoatzi maldari behera itzulipurdika,
eta sasi baterat sartzen dira oldar gaitzian. Azkenian loale phizu batek garhaitzen ditu, eta gaua
han iragaiten dute.
Biharamunian, goizeko izotzño batek yatzarrarazten ditu eta buriak arindurik, emeki emeki
xutitzen dira.
—Atx! Pello ez dikiat zer debru dutan lepho
huntan, arras nekez higitzen ahal diat buria.
—To, nik ere Manez, sahets huntan, gerruntzian, min haundia diat. Ba eta sudurrian ere
badiat zerbait.
Manez, irri karkailan hasten da Pello-ren
begitartea ikhustian lohiz estalla, itxura bitxi eta
irringarrienean.
—Gaizua! haugi, haugi erreka hortarat zikhinkeria horien garbitzerat eta ikhuzterat.

Artoski garbitu ondoan abiatzen dira berriz
bideari, oraikoan xuxenkiago, eta azkenian
eguerdi irian sartzen dira bere etxetan, etxekoanderiak berantetsiak zaudelarik beren etxe
aitzinean, zerbait gerthakari itsusi igurikan eta
herabean.
—Bana errak, hi, Manez, hori dea etxeat yiteko tenoria? Alaintso! ze tresna dugun etxean!
Eta ahotik ateratzen zaizko emazteari elhausturia bizian itz larrienak.
—Alo, alo; nai duna ixilik egon? Badinat aski
egungo
Eta hitz horien ondotik, Manezek sakelatik
ateratzen ditu diru-paper yoriak, eta emaztearen
eskuetan ezarririk, erraiten dako erdeinuz:
—No, altxazkin; ni banian oherat, akhitia eta
trenpe xarrian nun.
Diruaren botberea! Holako diruketa ederrak
emaztearen kopeta ilhuna argiarazi zuen, eta
begiak pindarretan, Ahurrian tinki tinkiak atxikiz,
badoa behiaren eta ahetxearen sari ederraren
gordetzerat armairuko xoko kukutuenean

Eta geroxoño, bozkarioan, bere senharra
ikhustean ohean zabal-zabala, lo zurrunga ederrenian, bere baitan dio:
Yinko huna! Izan ditekeen senharrik gisakuena eman daazu, Yauna».
(La Voz de Navarra, 1933/11/25)

DONIANEKO MERKATIAN
—Erran, Gaxuxa, noat hua hain aphaindia,
hain panpina?
—Donianeat, oizu.
—Alaintso, gero ere errain dine muthikoek
balakatzen hutela, hainbeste floka, xingola,
edergailu eta yauntzi ederrekin.
—Ze nauzu, Katalin, bakhotxa den bezala da.
—Alo, alo ba in zan pidaia hun bat eta hea
senargai galant bat kausitzen dunan.
—Hori, ikhusiko, [...]
Gaxuxa, Doniane Garazirat heldu bezain sarri
yartzen da egarritua. Kafe batetako athe aitzinean, mahain ttipi batean, eta handik ikhusten
du merkatu eguneko yendeketa, goiti eta behiti,
haro haundian.
Berari hurran, beste mahain batian, ohartzen
du yaun gazte mehar bat, tourista horietarik,
buru-has, bere galtzerdiak agerian belhaun azpiraino, pipa eder bat ahoan.
Behakoa bethi Gaxuxari itzatia, azkenian
ausartatzen da irriño bat ezpainetan agerraraz-

tea eta kheinu bat eginik entzunarazten du botz
aphalian, kasik ahapetik, Ah! la belle basquaise.
Gure Gaxuxak, alegiaz etzuela deusere
entzun etzituen higitu ere bere begiak, bainan,
nun khausi nexkato bat lausengu balakatzaile
horier kordokatzen eta hunkitzen ez duena bere
bihotza? Arrotza berriz ausartatzen da erraiterat
«Mais, que tu est charmante».
Bigarren lausengua aditu ondoan Gaxuxak
senditzen du bere bihotz zolan halako kilikaño
ezti bat eta buria doi bat itzulirik behako zalhu
batez soiten du muthiko arrotza, batbere kopeta
xarrian.
Ordian yaun gaztia xutitzen da eta garaitzale
harro baten itxuran yartzen da nexkatoaren
mahainean, erraiten dakolarik, «Vous permettez, madamoiselle?»
Gure gaizo Gaxuxa harritua, kasik ikharan,
bihotza yauzika ixiltzen da, ez yakinikan zer
erran, zer egin, gizon haren ausartziari ihardesteko eta ihardokitzeko.
Ixildura labur hau onhartze bat iduri zaiko
gizon hanpurutsuari eta kantitu gabe hurbiltzen
zako nexkatoari, anitzez soberaxko, futxo.

Gaxuxaren zuzentasuna bat-batian yazartzen
da eta xutiturik erraiten dako:
—«Debru franximent lizuna hail hementik
orai berian. Alaintso, norekin uste huk hintzala?»
gathulu bat eskian besua altxatua haren burian
puskatzeko xedean.
Muthiko galtzerdi nabarduna iziturik holako
nexkato kalipudunaz lekiak husten ditu zalhukara. Bainan anartean harramantzak yendea bilharazten du eta multzoaren artetik agertzen da
muthiko alimale bat, ukhondoka bidea idekiz,
eta Gaxuxari erraiten dako:
—Baña, ze gerthatu zain kalapita huntan?
—To, Yuanes, hetiko madarikatu gizontto
harek etzikiat zer uste nintzala iduri zitzaikon,
bere lizunkeriekin.
Yuanes haundiak hori entzun eta ximixta
bezala badoa .arrotzarenganat eta kondatzen
ahal ez diren paso, beharrondoko, ukhamilo
ukhaldi, eta ostiko, eho aldi gaitzian emaiten
dazko, oste haundiaren karkailetan.
Ba eta, asarrean mahaina uzkaildurik baxera
guzia puskhatu eta xehakatu zen, eta nausia
berehala oihuka oldartzen zaio Yuaneseri.

—Ixo, gero.
—Hea zonbat diren kalteak, ihardesten dako.
Hok pagatu ondoan, Gaxuxa nigarretan,
eskutik eremaiten du bere gerizapean, emazte
ezagutu batzuenganat. Herrirat itzultzean berriz
kausitzen du Kattalin mutxurdina, mihi gaixtoa
eta bekhaitzkorra, bethi xixta eta zimiko gutizian, eta erraiten dako nexkatoari, bere irri maltzurrarekin:
—«Ze, hatzeman duna bilatzen hiniena?»
Eta Gaxuxak:
—Zuri zertzaizu, atso zimurtia?
(La Voz de Navarra, 1933/12/12)

BATTITTAREN SOLDADOGOA
Bazterretxetako muthiko batentzat Iruñe
alderat yuaitea soldado-goaren egiterat, adina
heldu zakolarik, ez dezakete hemen asma zonbatetaraino den hitsa egun hori eskualdun menditarrarentzat.
Aita-semek gerthakari latzgarrienetarik daukate beren semearen etxetik urruntzea, ez bakharrik haren besoak beharrenezkoak direlakotz
etxeko funtsen lantzeko eta arthatzeko, bainan
izigarri zaiotelakotz soldado yuaitea, ustez eta
gudarat doala. Hain dute higuingarri eginbide
horren bethetzea, nun Kaliforniarat gogotiago
nahi dute yuan, han bederen gudu hirriskurik ez
delakotz eta gero eskualdunen artean direlakotz,
zeren eta denek dakigun bezala oste haundika
bilduak baitira eremu heietan, artzaingorat yuanak. Eta elgartzen dire beren mintzaira eta
Eskual-herriko ohidura guziak yarraikiz, hainbestetaraino nun han sorthu anitz badira eskuara
bezik ez dakitenak.

Eta badakizie, irakurleak, eskualduna berekoen artean delarik lorian dagola.
Gaixo aita-amentzat erdiragarri eta urragarri
da ikhustea beren Battitta maitea urruntzen.
Amak nigar punpulak matelari behiti, mokanesarekin begitartea ardura xukatu beharrez, besarkatzen du bere semea. Zintzurra hertsuran
ithoa, ezin hitzik athera, ahapetik, kheinuz, despeitzen du bere haur gaixoa.
Muthikoa bihozmin haundian baztertzen da
amaren besoetatik eta bururik itzuli gabe, hertsura gaitzian abiatzen da mokanes haundi
batean puska batzu bildurik, makhil bat eskian.
Buria aphal-aphala badoa aitzina eta alhor
urrundu batetarik aitzurle adixkide baten oihua
entzuten du:
—Battita!, ho. Battitta, intzak pidaia hun!
Gure muthikoak besoa altxaturik eskerrak
itzultzen dazko makhila goitituz.
Iruñerat heltzean haren igurikan zagon
hemen bizi den herritar bat, eta eremaiten du
Battitta soldadotegirat, eta han sartzean turruta
soinu samin batek beharri xiloa zulatzen dako
eta bihotza ikharatzen.

Bildotx xume bat bezala otsoaren harpean
sartzen dute gela alimale batean, eta han,
deneen aitzinean buluzarazten ahalge gorrian,
etxeko arropak utzirik soldadoaren soinekoak
yauntzteko.
Berehala ethortzen da soldado multzo haren
erakaslea soldadogo zeretan, bere begitarte idorrarekin eta biharamunetik aitzina eremaiten
ditu Iruñe bazterretako sorhopil zabal bathetarat
eta denak ibilarazten lerro luzian, urratsetan trebatzeko, bere oihuaren manuz «Un dos, un dos,
un dos»...
Zorionez Battittaren ondoan dago baztandar
bat erdara kutsia dakiena eta entzuten duelarik,
«Derecha, deré», baztandarrak ukhondo ukaldi
batekin erraiten dako, «eskuinerat».
Arratsaren iragaitea ere borthitz zako muthikoari, ehun lagunen artean, ohe andana lerrokatu batzuetan, turruta madarikatua berriz entzunik ixiltzeko manuarekin.
Hola iragaiten ditu sei ilhabethe, sei mende
bezain luziak eta uda hurbiltzean gogotik ez ditu
baztertzen ahal bere herriko bestak. Bulta luziak,

bere ohean yarririk, han dago gogoetan ardietsiko othe duen bere herrirat yuaitea bestetarat.
Bere adixkide baztandarra berriki Battittaren
andanako aitzindari egin dute, cabo mailerat iganik, eta erraiten dako othoi egin dezan inahala
hea unten ahal duten bere etxekoekin aste
baten iragaiterat besta egunetan.
Egun batez, hitstura haundian zelarik, arrunt
etsitua, hurbiltzen zako cabo baztandarra, begitartea argi, paperño bat eskian, bizkar aldian
gordetia, eta erraiten dako Battittari:
—Ze, gutiziarik bauka herrirat yuaiteko?
—Gizon dohatsuena nitekek to, hori ardiets
baneza, ihardesten du Battittak.
Eta cabo-ak luzatzen dako paperño yoria eta
erraiten:
—To, horrekin yuaiten ahal hiz nahukalaikan.
Gure Battittak hori entzun eta yauzi batez
xutitzen da, bere beharrier ezin sinetsiz holako
berri xoragarria.
Berehala soldado arropak utzirik etxeko soinekoekin yaunzten da, eta ximixta bezala badoa
La montañesa beribilian xartela hartzeko.

Ikhustekoa zen arratsean nolako bozkarioan
sartu zen etxean! Aita-amak eta haurrideak
harrituak eta erhotuak zauden Battitaren agertzeaz, bathere igurikatzen ez zutelarik.
Zortzi egun eder iraganik eta anitz yantzaturik berriz itzultzen da Iruñerat, bainan ez lehenbiziko aldian bezain hits, bertze sei ilhabeteretzat.
Abiatzean, ayui! ayui!, ahotik atheratzen
zeizkio soldadogoa urhenturik Urtheberriko itzultzekotan, bethi-bethikotz.
(La Voz de Navarra, 1933/12/20)

«KOKOTZ» ARRAINTZARIA
Ohartu bide zizte, irakurleak, herrixka guzietan badirela bi gizon bitxi, besteak ez bezalakoak direnak.
Bat, zozoa, buru haundi batekin, kuya alimale baten heinekoa, erdi mentsa , erdi ergela,
urratsak herremel eta hurri, lepho gainian duen
aztak nekatzen duela ibiltzeko iduri. Eta dohakabeak haurren trufak yasan behar dituela. Bainan,
kasu, egun batez samurtzen balinbada! zernai
itsuskeria egiten ahal du bere furfurian.
Bestea da, gizon bat, lanpide ezaguturik
gabekoa, abila eta ernea, bainan bandila. Ez da
laborari, ez da hargina, ez da zurgina, ez du
etxerik ere, eta gauak iragaiten ditu barruki edo
aterbe batean.
Bizkitartean badaki nunbaitik bere hazkurria
kausitzen, han edo hemen bere laguntza galdetzen baitute edozein lametako, xumeenak izanikan ere.
Holako gizon bat bazen gure denboran,
denek ezagutzen ginuena «Kokotz» izengoitiare-

kin; eta arraintzan zuen bere bizimolde lakhetena.
Hortan gizonik trebeena zen, eta biphila, eta
Arnegiko zubitik Gainekoletaraino errekako
zokho-mokho guziak ezagutzen zituen, eta izterrak buluzirik bazabiltzan harpe guzietan besoa
sarturik, eta eskuz atheratzen zituen arrain
ausarki.
Ttotta-eneko zurrunbako osinian aspaldidanik ohartua zuen arrain gaitz bat, sekula hain
haundia ikhusia den bat, eta udako ilhunabarretan yuaiten zen ikhusterat nola yauzi egiten
zuen ulitxen ondotik ur gainerat, osin guzia inharrosturik
Bethi aren ondotik zabiltzan, baina debaldetan. Behin, pertola haundi eta azkar bat egin
zuen, artha berexiarekin, eta ilhunabar batez
bota zuen, osin zolarat oroz-gainetik arrain yori
hura beretu nahiz. Biharamunian goiz-goizik
yuanik, harritua eta loriatua ohartzen du zerbait
itzulipurdika eta zalapartan badailala urian.
Zalhu buluzturik sartzen da osinian, eta igerika
urpian, esku batez tinki lothurik pertola atheratzen du lehiorreraino, eta han ikhusten indarka

eta buztan ukhaldika egundaino ikhusi ez duen
heineko arraina, hiru zehe luzetasunekoa gutienik.
Kokotz erotua da bozkarioz, eta sasi batean
untsa kalitua gorde ondoan, lehiakara yarraikitzen da berriz arraintzan, eta bulta baten burian
yiten da amabi arrain ttipiekin. Hek, zareño
batian sarturik eta haundia muthurretik dilindan,
buztana khasik lurrean herrestan, sartzen da
herriko karrikan, urguluz hantua, herritar guzien
harriduran, laudorio haundienak entzunik.
Ostatu batean berehala erosten dakote eta
haren sari ederrarekin hiru adixkideekin atsalaskari on bat nahi du egin egunaren ohoratzeko.
Bainan aitzinetik antolamendu bat eginik. Kokotzek emain ditu hamabi arrainak eta besteek
ezar dezatela ardoa eta ogi eta gazna. Guziak
adostu ondoan atsalaskari alegera eta nasai bat
egiten dute, ardoa ausarki kurriturik.
Buruak berotu ondoan, zer debru! bertze bi
pinta yokatuz musian lotzen dira birazka. Erregiak eta battekoak, erdiak eta dobliak badabiltza
han oihuka, eta azkenian ardoak yaidura tzarrak
yatzarraziz, egundainoko zalapartan inharrosten

dute ostatua, karrikako zakhurrak erausika arrarazi artio.
Aherraren ithurburua zen, Kokotzek hogoita
hamekarekin eskutik irabazi zuelakotz yokorat,
eta hunen trufak eta ihakintzak galtzaleak ezin
yasanez, hitz garratz eta larriekin itsuski laidostatzen du arraintzalia.
Bainan Kokotz gizon gaitzikorra eta minbera
baita ohoreko eta omeneko zeretan, paso batez
aurtikhitzen du lurrerat mustupilka. Herri zaina
kalapitak sarrarazten du ostaturat, eta beste bi
gizonen laguntzarekin eremaiten du indarka presundegirat, bizpahiru egun iragan ditzan han
itzalian arraintzari suharrak.
Horra nola Kokotzek bere biziko egun ospatsuenean, berri guziaren goresmenak goizian
entzun ondoan, iragan behar izan zuen gaua
presundegi ilhunean «debru muslari kopeta-xar
haren ganik» sudur zilotik odol.
(La Voz de Navarra, 1933/12/26)

AFARIAREN ONDOKOA
Gilen eiharazaina ezkontzen zen. Bethidanik
ezkontzaren etsaia izanikan ere, zonbait aldiz
igurikatzen ez dena gerthatzen baita, horra nun
gure donado burukoia berrogoi urthetan debru
nexkato pollit batek bihotza guritzen dakon. Eta
nola!, arrunt xoratua ezarri artio, haren gogotik
neholere ezin baztertuz Maittipi-ren begitarte
lilluragarria.
Poxiño bat ahalgetzen zen adixkideen aitzinean berari iduri zitzaikon ahulkeriaz, ustez eta
haren gizontasuna aphaltzen zela. Bainan bihotzaren deiari, nola ihardoki, nola
bihurri?
Gilenek nahi zuen bere donadogoko azken
eguna ohoratu, eta oldoztu zuen adixkide mineneeri afari nasai baten emaitea. Goizian eiharako nazan bizpahiru pertoletatik altxatu zituen
arrain larri eder batzu atseko oturuntzarendako.
Ostatuan aphaindu zakoten diteken aphairurik ederrena.

Arrainkiak, xerrikiak, ollakiak eta errakiak
ausarki. Gauaz leher eta zapart egiteko yakhi
pizuenak; bainan zoazi tetelekeria horiekin zola
gabeko sabeleri! Zahagi ardo gorriño bat ere han
zuten aitzinetik ekharria eta hauta, gero, ez
nolanahikoa.
Denak mahain luze bathean lerrokatu ondoan hasten dira klika lehiatsuarekin yakhien iresten eta ahamenak badoatzi barnerat zalukara,
ardoz ihintztatuak, errexkiago lerra diten zintzurrian.
Afaria aitzinatzen den arau elhausturia ere
badario ezpainetatik kalaka haundian eta azkenian errakiaren ondotik ikhustekoa zen zer
harrabots eta zalapartan zabiltzan oihu, irri, ixtorio bipherdun, karkaila urragarrietan.
Kalapita hortan zirelarik sartzen da Frantses
bat tresna batzuekin besapian eta erraiten du:
—Pardon Messieurs, le photographe veut
vous faire un portrait.
—To, Gilen, erraiten dakote adixkideek, arras
untsa zaizkiuk hori. Izain diauk gau huntako oroitzapen bat. Frantsesak hedatzen ditu bere tresnak eta hok landatu ondoan ohartzen dira nola

heien gainean ezartzen dituen gathuluño bathian herrauts batzu.
—Zertako othe dira herrauts horiek?
—Nik dakita, dio Gilenek.
Etzakiten bathere, zozoek, gauaz lan hori egiteko behar zela argi bizi-bizi bat, magnesiun deitzen zena.
Anartean frantsesa etsitua zen yende hura
etzaitekelakotz geldirik egonarazi. Denek nahi
zuten atherarazi itxura bitxienetan. Azkenian
Gilen lau hazkan, astoaren gisan ezarri zen, eta
haren gainian zaldizko adixkide bat, baso bat
arno eskian gaineraino bethea, besoa altxaturik.
Ordian, sartzen da ostatuko nausia eta botz
lodi larderiatu batekin oihu egiten du:
—Alo, debru erhoak, nahi duzea ixilik eta geldirik egon?
—Ixo...!
—Baziztea?
—Baaaaa!!, ihardesten dute guziek batian.
Iduri atheratzaileak su emaiten du herrautsari, eta... bunba!!!...
Nola erran han gerthatu zena? Ihortziri bat
erori bazen ere etzuen izidura haundiogorik

sarraraziko gizon heien bihotzetan. Itsutiak, eta
erdi ithoak, khe lodi madarikatu batek zintzurrari behiti yuanik denak eztul zalapartan zauzkan,
hatsa ezin hartuz. Ba eta gehiago dena, norbaitek gaixtakeriaz eta trufaz argi elektrika itzali
zuen, eta han zauden ilhun beltzian, athea ezin
hatzemanez. Azkenian, ithotzeko pundian ardietsi zuten idokitzea.
Izigarriko kalapita hartan Gilenen gainian
zenak hunen burian ixuri zuen basoko ardoa.
Zonbait ere aldi-xartu ziren, denak nahasiak khe
tzar haren ganik, eta eztul zalaparta haren ondorioz gohaindika eta okhaka gehienak kanpoan
hustu zituzten sabelak... Frantsesak, itxura txarreko harramantza hura ikhusi zuelarik lekiak
hustu zituen zalhukara, bere saria galdegin
gabe.
Arras trenpe xarrian Gilen ohatu zen, eta sendagileak debekatu zakon yaikitzea bizpahiru
egunez, sendagailu bat emanik barnea untsa
garbitzeko.
Bere ezteia gibelatu zen, beraz, zonbait egunez.

—Debrien arima! urde kaskoin tzar hura ene
eskien artean banu, itho nezakek, to, erraiten
zakon adixkide bati Gilenek.
(La Voz de Navarra, 1934/1/13)

IRUÑEKO ITZULIA
Mañex gogoetan zagon aspalditik behar ziela
Iruñeko hiria ikhusi. Hainbeste aldiz aditzen zuen
halakoa eta holakoa zela, espantu haundietan
eta nahi izan zien bere begiez frogatu erraiten
zakotena, ustez ez othe ziren gezurtari batzu
haundikeria horiek salatzen zituztenek.
Egun batez sos parrastaño bathekin barnekoaren sakelak bethe ondoan abiatzen da Iruñe
alderat.
Mañexek ere bertze anitzek bezala Doniane
Garazitik iphar alderat, eta Auritzetik hego alderat fitsik etzien ezagutzen mundua. Xoko horietarik sekula etzen athera.
Guazen ba, gu ere, erraiten zuen bere baitan,
munduaren kurritzera. Ez nezatela hemendik
aitzina orai artio bezala sudurrerat botha ahalgegarri hitz hauk.
—Asto pullo bat biz, bethi aphotzarra bezala
zilotik ez urrundu nahiz. Gizona ez duk deus bere
herritik ez bada lekhutzen. Sathorra ere hatsa
hartzeko munhutsetik atheratzen duk noiztenka.

Ez, etzien gehiago yasainen holako trufa eta
ihakintzak.
Iruñen sartu eta Mañex badoa karriketan
barna begiak larrituak dena ikusten, ohartzen
eta ikhertzen. Juan zen merkaturat eta han
zagon lorian. Sekulako fruitu ederrenak elemeniaka metatuak baziren alderdi guzietan. Ze
mahatsak, ahotik ezin utziak beren eztitasunez,
iranyak, udariak, eta piko beltz haundi batzu,
mami gorrizkoak. Aiei!, zein goxoak. Ze asea
egin zuen Mañexek!
Gero ikhusi zien kuya meta haundi bat, eta
harritua zagon zonbat erosle zen, eta ganibet
batekin zerraka moztu eta zoin goxoki yaten
zuten. Etzitzakon burian sartzen nola yan ahal
ditaken kuya gordin bat. Uste zuen bere alhorretakoak bezalakoak zirela.
Hain errekesta haundia ikhustean, nahi izan
zien yastatu Mañexek ere, eta zerra bat ezpainetarat hurbiltzean hain zukretua izanikan ere, utzi
zuen, halako gustu bitxi bat kausitzen baitzakon.
Eta bizkitartean melon deitzen zuten kuya
hura yende hek yaten zuten goxotasun haundian.

Merkatutik yuan zen Plaza del Castillo haundirat, eta ohartu zen nola yendea sartzen zen lur
pian, eskaler bati behiti. Ze othe zuten han?
Mañex ere yausten da eta begiek etzien sinetsi nahi han ikhusi zuena. Debru hiritarrak, zer
gauzak asmatzen dituzten! Egundaino ikhusi ez
diren pixitegi ederrenak eta garbienak. Bainan,
nolakoak! Baziren ere bizpahiru ganbera edo
gela behar haundiagokoak eta premiatsuak egiteko.
Iruñerat helduzkioz Manexen tripak ere nahasixeak baitzauden, han sartu eta utzi zituen bere
gorphutzak atxiki nahi etzituenak...
To, orai nuk, orai, arin eta gustian Zion gizonak.
Badoa aitzina plazan eta soinulariek duten
atherbe ondoan zelarik eguerdi irian, ifernuko
orro itsusi eta gaitz bat aditzen du, beharriak
tutatzen dazkonak. Ikharagarrizko khexu luze
hura entzutean egiazki izitu zen. Bainan, ze othe
zen hura? Amerikano eskualdun batek erran
zakon eguerdiko orduaren agintza zela, eta orro
samin hura sirena deitu tresna batek egiten
zuela.

—Ze izialdura eman daan tresna tzarrak, dio
Mañexek.
Gero nahi zuen ikhusi xerrien merkatua, bainan urrunsko baitzen, amerikanoak erran zakon
nahi balinbazuen harekin yuain zela, eta erakutsiko zakola.
Han sartzean ikhusi zituen lau edo bost ehun
zerri.
—Hau duzu, hau, gauza ederra, erraiten
zakon amerikanoari. Ze borthakoak, zoin ederrak eta gizenak! Soizu, soizu, ze xingarrak ditien
hunek. Anglés muthur bihurtu horietarik da:
arraza hautakoa.
Bazkaiteko tenorea baitzen sartu ziren berehala Iruñen. Mañex badoa ostaturat eta untsa
yan ondoan, kafia hartu eta berriz karrikaz gaindi ibili zen, denetaz ohartu nahiz.
Atsalde hartan berean itzuli zen etxerat.
Herrirat heltzean erraiten dakote adixkidek:
—Alo, alo, Mañex, gustatu zaika Iruñe? Hea,
hea zoin iduri zitzaikan han ikhusi gauzarik ederrena?

Manex ixildua zagon, ez ihardetsi nahiz. Bizpahiru aldiz adixkideek kitzikatu ondoan ausartatzen da erraiterat:
—To, gorphutzaren arintzeko tokiak...
—Ai urde zerri haundia!!! Hortako yuana hintzana Iruñerat?
(La Voz de Navarra, 1934/2/3).

MANDO PUTARKARIA
Pettan eta Betti negu heze eta hotz borthitzaren ondorioz, batek gerruntzian eta bertzeak belhaunian, zernahi pairatu zuten errumatismaz,
eta laneko ezinduak zauden astian bizpahiru
egunez, ohetik ezin higituz.
Azkenian yuan ziren Akizeko (Dax) uretarat, edo
hobeki erraiteko, lohietarat, hango mainhu beroek mirakuluzko sendatzeak egiten baitzituzten.
Hamar bat egun han iragan ondoan osoki
sendatu ziren eta min guziak itsabasiturik, iduriz
sekulakotz lorian zauden. Eta handik etxeratekoan adostu ziren Baionan gelditzeko zonbait egunez, beren oinhazeen ondotik behar zutela yostatu, gogo hitsa bozkarian bilhakatzeko.
Eskualdun ostatu batetarat yuan ziren. Hotel
des Basques deithua, eta han, eskualdunen arthean hain goxoki zauden, nun sekula etziren
higituko beren etxeko lanek ez baluzte bortxatzen aitzurrari lotzea.
Bainan etxetik kanpo izanez geroz behar
zuten bidenabar, mainhuen estakuruarekin,

ederki iragan bizpahiru egunez Laphurdiko hiri
nausian.
Bazkalondoan Miarritzeko itsas lehiorraren
ikhusterat yuan ziren, eta harrituak zauden
hango botiga, Casino eta yauregi ederrez, denak
aberats okhituez betheak, eta sosa xahutzen
dutenetarik ahurtaka barreatuz beren yostakerietan, hainbeste dohakabe eta errumesek doidoia ahorat ahamen bat nekhez helarazten dutelarik...
Gero hurbildu ziren itsas hegirat eta han
ikhusi zituzten yendeak erdi buluziak uhinen arthean, emazte ausartak bathere axolarik gabe
beren buluztasunaz.
Atsalaskaria Bar batian egin ondoan Baionarat itzultzian ohartu ziren bazter guziak emokatuak zirela hitz larri batzuez, Cirque Français,
Cirque Français alderdi guzietan.
Eskualdunari arras lakhet zaio Circo-ko yostakeriak eta Juanes, beren adixkideak Iruñen ikhusi zituen debrukeriak entzun ondoan gutizia
phiztu zitzaizkoten. Afal ondoan badoatzi, beraz,
Circo-rat, eta sartzean harritu ziren ikhustean

barne haundi hura dena yendez koka-ahala mukhurru.
Ikhusliar oste guzia irri karkailan zagon.
Circo-aren erdian baziren bi gizon zirtzil, soineko
irringarri batzuekin yauntziak. Begitarteak irinez
xurituak, ezpainak asto baten heinekoak, gorri
gorriak, eta begi bat uspeldua edo lehertua itxuran, erdi hetsia. Paltoak hain zabal eta lazo zituzten, nun baten barnian kokatzen ahal ziren bien
gorphutzak. Bulta luze bat zartaka ibili ondoan,
batek agintzen du:
—Yaun anderiak. Oral atheratuko dugu
mando putarkari eta izikor bat, eta norbaitek
ardiesten balinbadu haren gainean egoitea ehun
liberaz saristatua izanen da.
Bizpahiru gizon gazte, banazka, ausartatu
ziren, bainan neholere etziteken hurbildu debru
mando basa hari. Burla aphaldu eta izigarriko
putarrak birazka bothatzen zituen airez aire,
gizon baten buria xehakatzeko indarrezkoak.
Eta, futxo! beldurtiak zauden muthikoak.
Pettan hamar urthe egona zen Kalifornia-ko
zelaietan zaldi basa hezten, eta geldi geldia
zagon bere lekhian, irriño bat ezpainetan.

Azkenik badoa mandoarenganat izpirik durduzarik gabe, bainan emeki, begiak zorrotz, eta
haren yauzi eta putarreri itzulia harturik gathu
baten zalhutasunarekin besarkatzen da mandoaren lephoari, eta tinki lothurik han dago dilindan.
Mando basak zazpi ahalak egiten ditu phizu
haundi hura aurthikitzeko, buria ezin altxatuz.
Eta lehertua maltsotu delarik, Pettan, yauzi
batez igaiten da bizkarrerat eta bere izter luziak
triparen azpian kurutzaturik, lapharra bezala han
dago lothua.
Oste guzia xutiturik esku zartaka goresten
eta ohoratzen dute Pettan-en kalipua eta trebetasuna.
Eta Circo-aren nausiak begitarte ilhun doi
batekin emaiten dako ehun liberako paper yoria.
(La Voz de Navarra, 1934/2/18)

PARISEN
Pellok bazien Parisen ahaide bat, lehen kusia,
eta bethi ari zatzaikon yuan zaila harat, harekin
zonbait egunen pasatzea.
Erraiten zakon azken aldian:
—Haugi hunat, ehiz enheatuko, baduk
hemen nun yosta eta zer ikhus.
Pello abiatzen da Frantziako hiri eder nauslari buruz eta harat heltzian, treinetik yaustian han
zagon Beñat, bere kusia, haren igurikan. Azkarki
biak besarkatu eta badoatzi ahaidearen etxerat,
eta askari hun bat egin ondoan hiriko edertasunen ikhusterat atheratzen dira.
Heldorra ahantxu ezpainetan, harritua eta
zozotua zagon Pello, karrika nasai hetako haro,
harramantza, eta yendeketa ikhusirik, denak
urrats zalhutan.
—Debrien arima!, bainan errak, Beñat, bethi
kalapita huntan bizi dea hemen yendea?
—Ba, gizona, eta berari yarrizkioz ez gituk
ohartzen ere, eta loa ez diaukak kentzen.

—To, zion Pellok, nahiago diat, ba, gure bazterretxetako ixiltasuna. Lo zurrunga ederragoak
egiten ditiauk han, seurki.
—Ago, ago, yarriko hiz hemengo biziari, ihardesten dako irriz Beñatek.
Karrika guziak autoez milaka estaliak badoatzi aitzina, eta heltzen dira Eiffel dorre aiphatuaren azpiraino.
Haren gohoratasunaz izitzen da Pello, eta
erraiten dako bere ahaideari:
—To, arranoen kokatzeko lekhu hauta.
—Nauka igan giten kaskoraino?