Artho-xuritzetan - 1

Jean Elizalde «Zerbitzari»

ARTHO-XURITZETAN

—Ikusi-mikusi…
—Zer ikusi?
—Ikusi-i-i… Gu…!
—Etsi, etsi, etsi.
—Ikusi «Gure Herria».
—Eta zer da hori?
—Ilabetekari berri bat, egun hautan lehen
aldikotz agertu dena. Estalgiarentzat berarentzat balio luke erostea; bainan axala baino
hobea du oraino mamia…
—Ongi ethorri dela segurki eta Jainkoak
eman dezola bizi luze bat: aspaldi bazen holako
zerbeiten beharra Eskual-Herrian!
***
—Errazu, Mañaña! Ikhusten duzu hantxet,
landa haren muthurrean, haitz eder bat?
—Zaude Ganix: zer duzu orai ere, ni atxemateko atheraldi zenbeit?
—Batere, Mañaña!
—Ikhusten dut beraz haitz hura. Ederskoa da
egiazkii.

—Ongi da. Orai, emazu haitz haren puntan
badirela hamar etxe-xori. Tiro batez hirur lurrerat botatzen ditutzu hilak. Zenbat gelditzen zaizkitzu puntan?
—Zazpi…
—Ez, ezen, tiroa aditu duteneko, zeruetan
barna airatu dira bertze zazpiak!
***
Duela zenbeit urthe, Akhelarreko herrian
bazen Xanti izena zuen gizon tresna bat. Lanari
aspaldi tiro emanik, jikutriaka bizi omen zen:
arraintzatik, ihizitik eta jokotik. Deabruak berekin baitzituen, uretik edo zubitik bere doia biltzen zuen: goserik etzeramakan, gose handirik
bederen. Are gutiago egarririk…
Goiz batez eguerdiri buruz, galtza iphurditarratatu pare bat soinean, espalakoinekin,
terren terren arraintzarat zoan. Bidean norbeitek
erraten dio bazkari handi bat badela jauregian.
—Noiz?
—Egun.

—Ba othe! Eta jaunak ez dautala gonbidu bat
igorri! Ez duk haatik gisa hek oilasko jaten eta
arno xahar edaten ari eta Xanti, tripa zimurrik,
arrainean eta urean egotea!
Eta lasterrago heltzeko, espalakoinak eskuetan harturik, taka-taka jauregirat badoa. Portaletan, oihuka hasten da sehi bati.
—Erran no, Gazuza, nausia nun dun?
—Xanti, zaude othoi ixiltxago. Nausiak jende
kanpokoak baditu eta oren erdi huntan mahainean dire, bazkaltzen hasiak.
—Zer ixilik eta mixilik! Erron Xantik baitezpada mintzatu nahi duela: ager dadien berehala
atheraino.
Hainbertzenarekin nausiak leihoak idekitzen
ditu, Xanti oihuka aditurik, eta keinu batez sar
dadin erraten dio, irrialdi bat ederra bazkaltierreri egin-arazi behar diotela oraikoan.
Xantik etzuen bertzerik nahi. Sartzen da agur
erranik. Mahainaren buru batean xutik, ez da
harek atheratzen ez duen bitxikeriarik. Denbora
badoa: jatekoak ere ba: eta nihork ez dio Xantiri
deusik eskaintzen. Denak karkaraka.

—Hori duzue, xoriak! Etzaizte nitaz gehiago
urrikaltzen! dio bere baitan gizagaizo gizonak.
Etzaio eder jaterat galdetzea: eta zozo da
mahain eder baten aldean goserik egotea!
Hauxe gogoratzen zaio orduan:
—Errazu, nausia, badakizu zer gertatu den
doidoia bidean?
—Eta zer bada?
—Ahuntx batek hirur ume egin dituela!
—Ah!
—Ba bainan badakizu lanean ikusi dutala
ahuntxama!
—Nola?
—Dakizun bezala, bi titi ditu… eta hirur ume.
Bi pitika berehala lotu zaizko eta hirurgarrena…
Hemen irriz kurkurkur hasten da Xanti bertzalderat itzulirik.
—Zer ari zen hirugarrena?
—Ori, jauna, ni zueri bezala bazterretik beha
hura ere!
***

Gerlatik lekhora, amerikano gerlarietarik bia
Eskual-Herriko hiriska batean gelditu dire. Berek
dakite zertako. Egun gehienez elgar ikusten
dute. Arrats batez, bati iduritzen zaio laguna
gogoetan ari zaiola.
—Zer duk hik egun? Herriko mina lothu zaik
jadaneko?
—Ez muthikoa. Ez nauk eta herriaz orhoitzen
ere. Zer nahi duk hau baino lakhet-lekuago?
—Baina hik baduk egun zerbeit!
—To, ez duk egia bezalakorik. Ezkontzeko
xedea nikek.
—Aski duk ezkontzea. Hori lana!
—Bi neskatxa ezagutzen ditiat. Bat sosduna,
bainan itsusia; bertzea izarra bezen ederra,
baina pilik ez dik. Etzakiat zoin hauta.
—Hauta zat izarra benen ederra dena eta
bertzea… utzak neretzat!
***
Behin bi Mugertar baziren Tolosan soldado:
Martin eta Petri. Martinek aita-amak hilak zituen:

herriko jaun erretora zuen berrikitari. Maiz
berriak izaten zituen Martinek. Eta hain xeheki!
Asteazken batez, Petri heldu zaio Martini:
—Martin, badakik berria?
—Zer?
—Gure Jaun erretor ona hil dela!
—Ez diat sinhesten.
—Egia duk bizkitartean!
—Ez diat sinhesten.
—Sinhesten ahal duk!
—Ez eta ez. Ezen erretor gaizoak gaztigatzen
baitaizkit herriko berri ttikienak, hori ez ahal
zikan ahantziko!
***
Behin Pauen zen egiteko zerbeitez Oxobi.
Hantxe gauak atxemaiten du eta nihundik ere
ezin etxerat itzul lo egiteko. Badoa ostaturat.
—Oherik baduzue gau batentzat?
—Segurki.
Afari bat ederra egiten du: egunkari bat irakurtzen eta lo egiterat abiatzen da. Gelan sartzean, sehiari:

—Errazu: bihar lau orenetako ethorriko zare
othoi nere atzar-arazterat?
—Bai, jauna bainan hiruak eta erdietan xilintxa joko dautazu?
***
Hitz bat makurskoa aiditzea aski dute zenbeit
gizonek berehala tentutik atheratzeko. Huna
froga bat, bertzeak bertze.
—Ganitx? Zaren bezalakoa zu! Atzoko bi
arrain saltzaile hekieri zertako erran zinioten
aberatsa naizela?
—Anton, nik ez diotet holakorik erran…
—Ez duzu zeren uka: ber-berek salatua dautet.
—Gezur bat ederra sakatu dautzute.
—Zer erran diozute bada.
—Buru baino diru gehiago duzula. Ez da
gauza bera.
***

Nor nahi izan zaitezen, irakurtzailea, hitz
hauk sarzatzu buru-bihotzetan:
Datorkizula aberatsa, egiten duzu agurra:
Erromesari gibeletik igortzen duzu zakurra…
***
Miriku eskualdun batek bazuen behin muthil
kaskoin bat. Etzion pikorik egin nahi muthilak.
Eta futxo norbeit behar, etxerat heldu zitzaizkonen sar-arazteko baizik etzela ere, atxikitzen
zuen. Eta sosaren puntan oraino!
Goiz batez, mirikua deitzen dute eri batetarat: mugitzeko othoi, eria arras txar zela. Euria
ari zurrutan. Muthilari galdetzen diozka zapata
lodiak. Hau heldu zaio, noizbeit.
—Zer, denboraren buruan, zikhinak dekarzkidatzu, zapatak? Atzotik hunat etzinioten lohi
handiena bederen khentzen ahal? Zertako ez
duzu egin?
—Ori, Jauna, egun bardin zikhindu behar-eta,
etzuela balio!

Mirikua badoa. Bide guzian, zer egin behar
duen, buruan: ez duela ba kaskoin batek gisa
hortan eskualdun batez irri egin behar. Miatuaren bortxaz, atxematen du zer egin behar dion
kaskoinari. Eta eguerditan etxerat itzuli delarik,
ederki bazkaldu eta jateko guziak gordetzen ditu
gakhoz. Bi orenak alderat, kaskoina heldu zaio,
gosea dagola; eguerditan ez duela jatekorik
izan.
—Ori, gero ere gosetu behar-eta, etzinuela
jan nahi eguerditan egin dut!
***
Jaunskila bat arizana zen ostatuan herriko
jaun erretoraren kontra zer-nahi erranka: ba eta
deusik etzakiela, enganatzeko errexen-errexenetarik zela; behinik behin harek nahi zuenean
zakuan sartuko zuela. Norbeitek erretorari salatu.
—Datorla beraz: ikusiko dugu nork eginen
duen azkenik irri!

Hain xuxen arrats hartan berean jaunskila
badoa aphez etxerat. Agur eta agur. Jaunskilak
berea gogoan: aphezak ere ba.
—Zer nahi duzu adixkidea?
—Jaun erretora, atzo gauerdi alderat, elizako
ondoan halako itzal handi bat ikusi dut! Deus
onik etzen hura!
—Ez othe?
—Ez, ifernutik ethorri norbeit zitaken?
—Zeren planta eman diozu?
—Asto larri batena!
—Etzaitela lotsa beraz: zure itzala zinuen!
Ez dut uste gehiago ahorik ideki zuen arrats
hartan gure jaunskilak: ez-eta berritz itzalik ikusi
zuela elizako ondoan…
***
Eskualdun bat nihundik etzitakeen mozkortu
gabe Elizaldeko ostatuan sar. Larunbat batez
kofesatzen da eta aphezari hitzemaiten dio
sekulan gehiago ez duela Elizaldean zangorik
sartuko. Eta atheratzen da elizatik.

Urruntxago, Elizaldea. Eta futxo gure gizona
egarri.
—Ez diat ba gelditu behar…
Bainan hurbilduago eta barneko kalda handiago. Gogor egiten du halere. Elizaldeko aintzinean, edateko errabia ikharragarri batek hartzen
du. Bainan gaizo gizona azkar bere xedean: ez
diola segurki aphezari bere hitza janen. Eta aintzinat badoa, burua itzulirik.
Haratxago, bertze ostatu bat: Ostaleria. Han
iragaitean gure gizonak:
—Hau haatik bertzerik duk. Nere barnea
ederki garhaitu baitut hantxet, hemen pinta bat
irabazia dik. Ostaleria ez da Elizaldea, jaun erretor maitea. Zertako ez dautazu hau ere debekatu!
Eta sekulako mozkorra biltzen du Ostalerian…
***
Eskualdun bat bazen konkorra eta okherra.
Denetan badire holakoak. Debruak berekin

zituen eta nihork etzuen sekulan tentutik atheraaraziko.
Behin badoa besta batetarat. Bainan sartzeko ordaindu (pagatu) behar eta sosik aski ez
izaki gure Eskualdunak. Norbeitek erraten dio:
—Etzare sartuko: bizkarreko bultu horrengatik, bi aldiz gehiago ordaindu behar zinuke, zuk!
Orduan Eskualdunak:
—Izatekotz ere, erdia ba; nik begi batekin
ikusten baitut bakharrik!
Mundu guzia irriz hasi eta… urririk sartu
orduan gure Eskualduna. Dena ere on.
***
Mozkor bat urerat erortzen da. Beharrik ez du
ithotzeko aski ondo. Xutitu nahi eta behin, bietan, hiruetan lerratzen. Berritz abia eta berritz
urak eror-arazten, ahoa beheti. Nardatua azkenekotz, bizkarrez itzultzen da urari eta han mugitu gabe dagoelarik:
—To, debruen ergela, ez dik berdin balio: ez
haut maite eta ez haut edanen!

***
Muthil gaizo bat bazuten etxe batean. Nausiak, astirik ez izanez, muthil hori igortzen du
merkaturat zaldi gei bat pollita eros dezon. Arratsean muthila heldu zaio asto ttiki bat sokatik.
—Burutik egin zauk naski Pello?
—Zertaz hori?
—Nik zaldi gei bat pollita erosteko eta, asto
bat dakarrak?
—Gaztea da.
—Zer erran nahi dik!
—Hainitz erran nahi. Adin hortan holako
beharriak dituenaz geroz, munduko zaldirik ederrenak baino ederrago egin behar du asto
hunek…
***
Bethi balio du burua behar ordu txarretan ez
galtzeak. Huna behin nola baliatu zitzaion Saratar bati eta nola enganatu zituen menttako inguruetan bi ohoin.

Kantaz, bidean zoan arratseko hamarrak
alderat. Bi ohoin heldu zaizko.
—Bizi ala moltsa.
Saratarrak ihardesten diote:
—Zer den haatik! Nik ere gauza bera galdegin gogo nautzuen!
Eta han deus egitekorik ez dutela, bi ohoinak
berritz oihan beltzean sartzen dire…
***
Halako neska bulunbasko bat, kaskoina, sehi
sartu da Baionako jaun aberats baten etxean.
Arratsean jaunak bere zapatak ematen ditu athe
gibelean, garbi detzon sehiak. Bainan biharamun
goizean hek hala-hala. Kexatzen da nausia: oihu
egiten dio sehiari:
—Zapata horiek ez dituzu gau huntan unkitu?
—Bertzeak bertze, jauna, ez naiz ohoina!
***
Mahain saindurat hurbilduak dire ezkontzeko
amerikano zahar bat eta neskatxa gazte bat, iza-

rra bezen ederra. Itsusi da errateko, bainan burhasoek alaba saldu diote amerikanoari bere
sosarentzat.
Hurbiltzen zaiote apheza eta ezkontzako
sakramenduaz erraten diozkate ezkont-geieri
behar diren guziak.
Eta gero amerikanoari, ohi den bezala:
—Nahi duzu hartu…
Amerikanoak, laster-lasterra:
—Bai, jauna.
Aphezak orduan neskatxari:
—Nahi duzu hartu…
Neskatxak:
—Ori, jauna, nihork ez daut egundaino galde
hori egin!
***
Berritan, Frantzia barne hortan hil zaiote
deputatu bat, aski aiphatua. Parisen, maiz haren
aldi zen mintzatzeko. Deputatuetan hamarretarik zortzi ahate mutuak baino ixilago baitaude,
harek egun gehienez bazuen bere hitza errateko. Ez dakit eskas handirik egiten duen Fran-

tzian. Dena dela, bertze bi deputatu, heriotze
hori ikasi duteneko, hasten dire hilaz elheketa.
—Eta, errazu, zoin zaitzu hilaren denboran
entzun duzun mintzaldirik ederrena?
—Elizan aphezak egin diona!
***
Eskualdun bat sartu zen behin Miarritzeko
ostaturik ederrenan eta han oilasko bat nolakoa
jan. Gero ziren lanak: deusik erran gabe atheratzeko barneak ez ematen eta pilik ez zarpan. San
Antoni othoitz bat eginik, nausiari oihu egiten
dio:
—Zenbat dautzut orai zor?
—Berrogoi-ta hamar libera.
—Baduzu naski burutik?
—Froga dezadazut burutik badutala eta kito
gare.
—Errexki frogatuko dautzut. Burutik ez duenak ez da, diru hori balio duen oilaskorik, hiltzen!
***

Huna hitz pollit bat; bainan irakurtuko duten
mirikueri ez gaitzitzekotan ematen dut, mila
gogoeta egin eta. Den gutieneko gaixtakeriarik
gabe errana da bertzalde.
Donapaleoko edo ez dakit nongo karrikan
gizon bat zabal-zabala erori zen behin, hotzak
jorik. Mundua biltzen da berehala. Apheza urruntxago lasterka heldu, hatsa galdua. Oihu egiten
du:
Hila da?
Norbeitek orduan:
—Ez, jauna, ez: mirikua ez da oraino ethorria…
***
Bere auzo batekin makurturik, Milafrangar
bat badoa Baionako lege-gizon baten ganat eta
othoitzen du haren alde mintza dadien. Ezetz.
—Zertako bada jauna?
—Ori, ez da egia bezalakorik: zure partidari
hitzemana diot. Eta bizkitartean, afera ona duzu,
damu da beransko ethorri baitzare nere ganat.

—Baina, jauna, nik afera ona balinbadut,
nere partidak ez du hala?
—Hori, ondoko egunetan ikusiko duzu…
Zoazte gero zuek lege-gizonetarat!
***
Xuhurrenerat sehi ethorri zen goiz batez
debruak berekin zituen neskatxa bat. Ongi-ethorri pollita baino pollitagoa egiteko, etxekoandreak erraten dio:
—Nahi bezala izanen zare gure etxean.
Hemen sehiek nausien arno bera edaten dute.
Sehi berriak:
—Andrea, ni beldur berritz nausiek dutela
sehien arno bera edaten…
***
Ez da dudarik noiz nahi gure mihia zaindu
behar dugula. Hain errex da adixkide minenari
uste gabean konplimendu txar baten egitea.
Beha bada.

Behin, Mugertar bat Baionan bazoan herrikoetxeari buruz, auzaphezari zerbeit galdetu behar
ziola edo ez dakit zertako. Hain xuxen herriko
etxean mende hartan ikusia etzuen adixkide bat
kausitzen du. Hasten dire elheketa, soldadogoaz, gerlaz eta denetaz.
—Eta, errak, Mugerre, orhoitzen haiz Tolosan
ezagutu ginuen Landibartar neskatxa hartaz?
—Katixa? Neskatxa pollit bat, bainan bera
bezen ergela. Zenbatetan ez diat nere buruari
erran urrikari izanen dutala haren senharra!
—Nere emaztea duk atzo zortzitik…
***
Hau da gezurti baten ederki atxematea! Hola
egiten baginiote guk ere guzieri, menturaz ixil
litazke.
Behin Pantxika Mihiluz ari zen, bidearen gainean, Gaxuxa Zorrotzi erran eta erran. Bazarion
hitz bezenbat gezur: hatsa ere gezurra zuen
naski.
—Badakin, Gaxuxa, gure Beñat ttikiari bi
hortz galdu kausitu diozkatala?

Hirur ilabete zituen Beñatek.
—Harritzeko dun! Badakin zer kausitu nion
nik, sortu zenean gure Maiteri?
—Eta zer?
—Urhezko hortz faltsu bat…
***
Donibane-Lohitzuneko jauregi batean bazuten sehi bat Senperekoa ala ez dakit Sarakoa.
Etxeko-andrea gaizoa bezen ernea neskatoa.
Estakuru baten ondotik zabilan jauregitik atheratzeko: laster ezkondu beharra zen bertzalde.
Egun batez badoa etxeko-andrearen ganat:
—Zer nahi duzu orai ere?
—Andrea, ikatz pikorrik ez da gehiago.
—Zer darasazu, ikatzik ez dela?
—Ez, andre.
—Eta zertako egon zare orai arte horren errateko? Zertako etzare lehenago mintzatu?
—Lehenago bazelakotz…
***

Behin muthiko gazte bat ezkondu zen auzoko
neskatxa batekin. Hau sosduna zen, bainan itsusia. Handik zenbeit egunen buruan, norbeitek
erraten dio muthiko gazteari:
—Adixkidea, harritua nago nola ezkondu
zaren zu neskatxa horrekin. Uste nuen begi
hobea zinuela!
Muthikoak orduan, den gutienekorik kexatu
gabe…
—Ez dut begirat hartu, …bainan pisurat.
***
Ganixek Piarresi:
—Harrigarri duk haatik hire zinkurinak zer
diren! Bizkitartean hire emazteak berrogoi-tahamar mila libera ekharri daizkik bere moltsattoan…
Piarresek Ganixi:
—Ba, gizona, eta moltsaz ez nauk den gutienekorik errenkura: emazteaz ditiak bakharrik
erratekoak!
***

Errana da emaztekiak ez direla aise ixiltzen
eta guti aski dutela orenak eta orenak elheketa
galtzeko. Bainan ez da erran behar, hiltz pollitik
ere atheratzen dute. Huna bat galtzerat utzi nahi
ez dutana. Itsasun entzuna dut.
—Erran, Manana, hire senharrak maiz badin
ahoan jaun erretorak igandean aiphatu dituen
hitz gizen hetarik!
—Ba, ba, Kattalin.
—Eta zoin zabilkan maizenik?
—«Ihurtzuria».
—Jesus, Maria eta Josepe! zer «ximixtak»
ahal dituen orduan begietan!
***
Amak alabari:
—Zer eman hezake, haurra, ni bezen ederra
izateko.
Alabak amari:
—Zuk ni bezen gaztea izateko eman zinezakena!

***
Baionan elkarrekin soldado ziren bi aspaldiko
ezagun: bat Pausukoa eta bertzea Biriatuarra.
Alde-aldean egiten zuten lo. Gau batez, oihu egiten dio Biriatuarrari Pausuarrak:
—Errak to, Biriatu, lo hago?
—Eta zer nahi huke, lo ez banindago?
—Zor ttiki bat egin diat egun hirian eta bihar
ordaintzeko (pagatzeko) pilik ez zarpan. Ez huke
bortz liberako txar bat, hik?
—Adixkidea, lo nagok oren huntan.
—Ez hago lo, kuia, ihardesten dukanaz geroz!
—Muthikoa, ametsetan ari nauk…
***
Kofesatzerat zoan, Umiasaindu bezperan
herri bateko muthiko gazte bat, mendia bezen
zabala eta haga bezen handia. Mugazain kixkila
batek oihu egiten dio ostatutik:
—Norat hoa tenore huntan, Ganix?
—Kofesatzerat.

—Nahi duk hunat sartzen haizela, pinta bat
huts dezagun! Handiegi haiz hi hemendik goiti,
kofesatzeko!
—Handiskoa nauk egiazki; bainan nola belhauniko emaiten bainauk kofesatzeko, ez duk
den gutieneko makhurik…
Azkaindar batek ihardesteko ederki ihardetsia hori! Ohore Azkaindarrari.
***
Nihundik ere elizan sarthu nahi meza sainduko denboran, bere nausiaren ondotik, zakhur
zuri alimale batek eta aintzinean emaiten zaio
elizako giltzaina. Zakhurrak, klask, aztaletik
ausiki egiten.
Erhortzen da gure giltzaina eta, eman ahala
eman, muthurrean ostiko bat emanik, han-harat
igortzen du zakhurra, marrumaka.
Nausiak orduan, itzulirik:
—Zaren bezalako bihotzgabea: zakhur hori
ez othe zitzaitzun urrunduko ostikoa buztanaren
gainean emanik ere, muthurrean eman gabe?

—Ori, jauna, ez da dudarik buztanaren gainean emanen niola, …buztanarekin ausiki banindu.
***
Donibane Lohitzuneko inguru-herri batean
bazen laborari bat gerlan okhertua. Ez dute,
segurki eta halere, holakoek trufarik merezi, bainan bethi badire gizon bihotz gabeak. Eta guziz
kaskoin horietan. Horra nun, egun batez ostatuan jaunskila kaskoin bat laboriari hasten zaion
trufaka. Hau etzaio den gutienekorik kexatzen.
—Adixkidea nahi dituzu barne huntan diren
lagun guzien hameketakoak jokatu nik begi
batekin ikusten dutala zuk biekin ere ikusten ez
duzunik?
Ezetz. Baietz. Hameketakoak jokatzen dituzte, lau lekuko harturik. Orduan Eskualdunak:
—Nik ikusten dauzkitzut bi begi. Eia zuk ikusten dauzkidatzun? Galdua duzu…
Halere merke atheratu zen kaskoina. Hogoi
liberako bat baizik etzitzaion gosta Eskualdunaz
trufatzea. Utz gaitzatela gure uliekin!

***
Behin astekari «Eskualdunak» galdatu zuen
langile bat, diru kondatzeen eta egiteko. Buruzagiari heldu zaio gizon adineko bat.
—Badakizu lan hortan?
—Bai aspaldi.
—Badakizu barnean egon beharko duzula
goizean lau oren eta arratsaldean bertze hainbertze?
—Aise egin ditake hori.
—Lehen ere egon zare naski hola?
—Ba eta gehixago ere: zortzi urthe presondegian egona bainaiz, behinere atheratu gabe…
***
Herri bateko auzapheza ohartu zen herri hartan emaztekiak ere ostatuan zabiltzala eta ostalerek maiz arno eskasa zutela etxean. Galde
hemen, han galde, auzaphezak ikasten du bospasei emazteki dituela herriko edale pizkorrenak

eta naski pinta… keta handisko batek ere ez
dituela doña horiek losatzen.
Orduan etzen orai bezala sosaren puntan.
Ikusi behar duela beraz eia famaren araberako
obrak dituzten emazteki horiek, bat deitzen du
bere etxerat: Kattalin Zintzur.
—Erran no, Kattalin: diru puska bat norbeitekin jokatu dinat bi lagunekin husten ditunala
ehun pinta arno argitik argirat. Hiri zer zaun?
—Bai jauna, ez da ezin egina.
—Nor hartuko ditun laguntzat?
—Zuk nahi ditutzunak, jauna.
—Maria Mamutsa, bat.
—Bai jauna: aski barne ona du.
—Eta Mikaela Zorrobeltz, bertzea?
—Mikaela, jauna! Ez segurki. Zure dirua galdua zinuke: dozena bat pinta edan orduko, elhea
nausitzen zaio!
***
Gerlan ibili direnek badakite aleman aintzindarien urguiluak etzuela neurririk eta itsasoa
bera bezen handia zela. Denez trufatu beharrak

ziren. Bainan uste etzuten lekuan, kausitu baitute zenbeit aldiz erbia lo, hek ere!
Egun batez, hamahirur-hamalau urtheko beljikano muthil koxkor bat bazoan Gand deitzen
den hiri ederreko karriketan gaindi asto gainean.
Oihu egiten dio aleman kapitain buru eta begi
zuri batek:
—Errak to, nola dik asto horrek izena?
—Ez du izenik.
—Izenik ez badu, Albert deithuko duk hemendik goiti.
Albert Beljikako errege onaren izena zen.
Haurrak ez du holakorik nahi segurki:
—Jauna ez diot sekulan izen hori emanen
nere astoari. Hori egiteko, sobera maite dut nere
erregea!
—Bainan hire erregea ez duk gehiago Albert.
Hire erregea orai, Guillaume gure enperadore
handia duk!
Haurrari orduan halako irri zuri maltzur bat
ezpainetan ikusirik, berehala kapitainak, kexukexua, erraten dio:
—Eta hire onetan ez duk gero Guillaume deithuko beharri luze hori!

—Etzazula beldurrik izan, jauna: hori egiteko,
sobera maite dut nere… astoa!
***
Eskual-Herriko xokho pollit batean nonbeitko
jaunskila bixarduna hautatua dute auzapez
bezala. Zertako? Herritarretan nihor ez delakotz
ohore gose edo jaunskilak bere xapel xuriarekin
denak xoratu dituelakotz. Dena dela, hau erran
ditake: auzaphez berriari xapelak ez diola burua
hanbat bethetzen eta orai lehen bezela bidea
luze… bezen asto dagola. Bainan badakizue zer
den holakoetan gertatzen: gutiena dakitenek
dute gehienik jakintsun agertu nahi!
Egun batez, delako auzapheza badoa beraz
herriko eskolarat, haur guziak bere jakitateaz
harritu behar dituela. Eta galde hau egiten diote:
—Eia nork dakien zer den «deusere»? — Hori
galdea egiteko! Zer den «deusere»?
Haur batek ihardesten dio, ahotik athera dueneko:
—Ori, jauna, egun hoitan zure zaldia atxiki
eta eman dautazuna!

***
Euskalzainburua izentzat harturik, duela
urthe pare bat Donostian egin dute gure mintzaira paregabearen alde lan egiteko batasun bat.
Han biltzen diren hamabi jaunek badute jada
zerbeit eginik eta zerbeit egin gogo oraino. Hitz
berri bat egiten dute ba, gutiz gehienak orroaz
hasten dire ez dugula hitz berri beharrik. Eta
Eskuara emeki emeki galtzerat doa. Bi gauzentzat, hitz bat. Hala nola, erretreta. Zer da erretreta? Aphez arrotzak herri batean zortzi, hamar,
hamabortz egunez egiten dituen mintzaldi sarkorrak… eta ere asko besta arratsetan argi batzu
makhilen puntan, musikarekin egiten den karriketako itzulia.
Makhur bidea hori ere. Huna froga. Azkaingo
jaun erretor zenak Uztailaren zazpian bere populuari erran zion ondoko astean eman-araziko
zuela lehen komunioneko erretreta: handiek ere
ongi eginen zutela erretretari jarraikitzea.

Uztailaren hamaulauean bazen bertze erretreta hura ere. Neska tzar bat han zabilan musikarien ondotik, puttinka. Amak ikusten du.
—Erran, no, horiek ditun manerak? Adin hortan?
—Ama, bainan jaun erretorak manatu daukueta handiak ere jarraik gaitezen ahal bezenbat
erretretari: adin guzietan zerbeit ikas ditakela!
***
Paristarrek uste dute zer-nahi badakitela.
Hangoa izatea aski. Hanbatik hanbatean, EskualHerrirat bizpahirur asterentzat heldu direlarik
sinhesten balituzte, Eskualdunek bizitzeko
molde berri batzu hartu behar lituzkete deus
onik egitekotz. Zer den haatik!
Zer dakite Paristarrek, Eskualdunek baino
gehiago? Othe dakite Eskualdunek bezenbat
ere?
Uda huntan, Donibaneko inguruetan, laborari
bat ari zen baratzeko alhor batean ongarri hedatzen. Paristar bat heldu zaio, espartin xuritan.

—Zer ari zare hor, gizon maitea? Ez duzu
ikusten ongarri horrek zure lur guzia usteldu
behar dautzula!
Egiazko ametsetako lukainka!
***
Laphurdiko herrixka batean bazen mugazain
kaskoin bat. Urtheak baitzuen harat ethorria
zela, arras egina zen herriko. Eskuara ere guti
edo aski ikasia. Bainan kaskoina bethi kaskoin:
aho betheka zerabilkan espantua: pilotan ere
kasik herriko hoberenaren kontra ariko. Nihork
etzion bada partidarik egin nahi; paperak xuri
nahi dituzte Eskualdunek.
Delako kaskoinari artzain batek bazion hartzeko puskatto bat. Demuntreari nola khen
ordean sos bat ere! Galdetzea ikusi eta merezi
zuen bezala inharrosteko barneak ez ematen!
Lanean zen segurki artzain gaizoa. Igande goiz
batez haatik xoria ederki eskurat ethorri eta,
etzuen eskapatzerat utzi.

Kaskoinak nihundik ere buruz-buruka ari
nahi, artzaina ezker xoilaz. Artzainak etzela bi
eskuekin ere ariko.
—Zer zare beraz galtzea beldur?
—Ez, jauna, ez naiz galtzea beldur… bainan
irabaztea!
***
Oraiko haurrek zazpi izpiritu badituztela ez
da dudarik. Hamar urtheko nexka bat nigar eta
nigar gelatik sukalderat heldu zaio amari. Lekhornen holakorik gerta ditakela ere ezin sinhetsia da.
—Zer duzu maitea?
—Ama, bazinaki…
—Etzazu nigarrik egin othoi. Zer da?
—Gelako mirail handia nere panpinak hautsi
duela!
***
Senharrak emazteari:

—Harrigarri da, Ganaxume, nik erranetarik
bat ez duzula zuretzat atxikiko; herri guziak jakin
behar denak!
Emazteak senharrari:
—Piarres maitea, nik aise atxik nezake; bainan aski dut hauzoko hirur emazteki mihi luze
horieri erratea, horiek berehala hedatzeko.
Zozoak beleari beltza dela…
***
Behin bazen Miarritzeko ostatu handi batean
sehi eskualdun bat: Luxina. Uste dut Bidarraitarra zen. Dena dela, Eskualduna zelakoan, hura
zabilkaten sehi lagunek mahain batetik bertzerat
jende mindusko norbeit heldu zitzaioten guzietan. Luxinari bardin zitzaion: bazakien denekilakoaren egiten eta behar orduan, bakhotxaren
bere lekhuan ematen.
Egun batez heldu zaio halako jaunskila zango
luze bat bergako muthurrarekin eta jaterat galdetzen du. Sehi batek erematen diozka lehenik
salda, gero oiloa aza egosiekin, hirurgarrenekorik saltsa. Gure jaunskilak ez ditu mihi puntaz

baizik unkitzen, tzarrak direla. Bertzerik ez dela,
ekhar detzotela bederen bi arroltze.
Zer gerta ere sehi lagunak Luxinari ematen
diozka bi arroltzeak jaunskilari ereman detzon.
Eta badoako Luxina, haya-haya.
Arroltzeak ikusi ditueneko, jaunskilak:
—Ongi arroltze ttikiak ditutzu hauk!
Luxinak batere kexatu gabe:
—Jauna ez da harritzeko: doidoia goizean sortuak dire eta…
Bergako muthurra bazuen sartzean jaunskila
zango luzeak, atheratzean berga bat eta erdikoa
zuen gutien-gutienetik!
***
Eskualdunak zozo batzu garela baitiote kaskoin zenbeitek, hekientzat hitz hauk, Eskuararik
balinbadakite bederen…
Etxeko-andrea baratzean lur-sagar atheratzen ari zen denboran, sukaldeko manka gainetik pastiza puska bat eskastu zitzaion behin.
Ohartu orduko, oihu egiten dio etxeko mutilari: hamar urthe zituen doidoia hunek.

—Pettan, Pettan?
—Zer nahi duzu, etxeko-andrea?
—Nun da mankaren gainean utzia nuen pastiza puska?
—Ori, goseak hila zagon mutiko bati jan-arazi
diot.
—Ah, halere ez da gaizki hori! Bainan nun da
mutiko hura hamar soseko bat eman dezodan?
—Emadazu beraz neri: ni nintzen hala gosetua!!!
***
Egun batez bi Eskualdun mahain baten puntan bi pinta jokaturik zoinek bertzea ixil-araz ari
ziren, erran eta erran.
Batek — Nere aita 95 urthetan hil zukan eta
ama 102-etan.
Bertzeak — Hori duk? To, nereak ez dituk
oraino hilak!
***

Bi Mehaindar Hazparneko merkatuan, Mayiren ostatuko athean tente.
—Nik ez diat gehiago zangorik sartu nahi
ostatu hortan.
—Zertako?
—To, azken merkatuan nere gapelua hartu
baitzautan norbeitek eta berea utzi!
—Hortako eta bereko sartu behar duk ba!
menturaz egun atxemanen duk hire gapelua!
—Ez nikek nahi ere: nerea zaharra zukan
eta… utzi dautatena berria!!!
***
Kalixtro eta Xiriku elheketa ari dire, bidearen
erdi-erdian.
—Ez diat gehiago ahaide hurbilik.
—Zer dituk hil?
—Ez: aberastu!
***

—Errazu, Ganix, ehun liberako bat, duela
urthe bat eta erdi, eman bainautzun, urthe
batentzat, ez ahal duzu ahantzi?
—Orhoitzen naiz segurki.
—Orai behar nuke. Itzuliko dautazu othoi zortzi egun gabe? Eskualdunak ez du hitz bat baizik!
—Ori, Pettan, nik ere ez dut bertzerik!
***
Milafrangar bati behin gain-gainetik Baionako
lege-gizon gazte bat aiphatu zioten, lastersko
auzi zerbeit bazuelakotz. Kaskoina zen lege
gizon hori.
—Jakintsuna da?
—Ez duzu jakintsunagorik!
Eta Milafrangarrari ez iduritzen halere kaskoinetan bazela jakintsunik, bera badoa taka-taka