🕥 31-minute read
Araibar zalduna - 09
Total number of words is 4012
Total number of unique words is 1813
33.0 of words are in the 2000 most common words
46.7 of words are in the 5000 most common words
52.2 of words are in the 8000 most common words
egunean, neskatxa beltxeran bat aldamenean ikusi,
eguzkiak mamitsuki gantzutua, emakume zurbil azaltxuria baiño?
Ondartzan, geroxeago, guztiak ziran antzeko;
betiko bezeruak eta eldu berriak, lendabizikoz joanak,
eta bertako egiñik bezela, olatuen joan-etorriak, uraren tiraiña, aitzarteetako kresalaren zurrunbilloa eta
egun bakoitzean itsas-azal eta barruak, ordurako zeukan seta biurria ala mana barea ezagutu uste zutenak.
An zeuden bada, guztiak barreaturik, sakabanaturik; erriko, erbesteko, kanpoko, eta atzerriko. Asko ta
asko, ondar berotuaren gaiñean etziñik, besoak zabal,
lotsati itxurarik gabe; beste batzuek uraren ondorago,
saltoka, pelota aundi koloretsuekin jolas alai eta liraingarrietan. Atzerritarrak, egia esan, geinetan nabarmentxoago zeuden, jantzi urriago, motxago, atzekaldeetan medarrago ere bai, ipur-mami zatiak ere,
eskeiñi guraz bezala iñoiz... Ikasleak ere, erraz biltzen
baitira gai oietarako, nai izan zezaketen aiei antzeman, baiña...
Apaiza, aitzartera joan zan; eta an, magurio, lapak
eta beste zerbait arrapatzen ote zuan, denpora pasa,
ari zan.
Araibar-ek bizkitartean, ara ta ona egiten zituan
inguruketa eta ibiltaldiak, batean ondar igarra zegoan
aldean; ondar ezea zegoanean, urrena. Ikusgarri zana
ikustatu zuan, eta eguneroko aldaketaz jabetua zan.
Agurnerengana jo zuan, eta agur gozoaz txeratu
ondorean, jende kanpotar aura, nontarra ote zan ea
zekian, galdetu ere bai.
–Bilbotarrak dirala, esan dute. Zein eliz-barrutikoak, ezdakit. Ez al duzu iñortxo ere ezagutu?
–Ez. Politak al dira bilbotarrak?
–Zuk jakingo duzu ori, nik baiño obeki.
–Bai, badira an politak; emen ere bai. Gaur ondartza ori, «ninfaz» bete da.
Neskatxak eztul egin zuan, eztul-gaizto, ezer
entzun ez bai luan; eta an nunbaitetik otsegin zioten
eta, utzi zuan Manu bere zerera.
–Egunon, apaiz jauna, zertan ari gera? –erran zion
Manu-k an aitzartean magurioak biltzen ziarduan elizgizon gazteari. Karramarruren bat ere, artuta zeukan,
aitzaren zulagune batean utzia, sabelaz gora, eta agiñak ausita.
–Ementxe ba, zertan edo artan. Txikiak dira bildu
ditudan zer oiek, eta jateko, ez dakit ezer izango ote
duten.
–Berotasuna ere gorputzeratuko zuan ba emen,
galanki. Aitzarte ontan beti ere itoago eta kixkalgarriago oi da eguzkiaren sua, aizeak ezpaitu lasai
artzen bazter onen kolkoa. Zergatik ez du etorri nai
ara, gure toldopera?
–Ez, ba, eskerrik asko; emen ez diot iñori kalterik
egiten eta...
–Kalterik, an ere ez. Apaiz batek ez dut uste, iñon
ere kalterik egin dezakenik.
Parre samur egin zuan apaiz gazteak ezer erantzun gabe, elizkoi aundiren batekin topo egin zuala
uste izanik.
–Gaiñera, beste gauza bat ere bai, apaiz jauna.
Zergatik ez du emen bustialdi gozo bat artzen?
–Emen? Jende asko dago-ta.
–Orra ba. Erriko apaizak ordu inguru auetan ez
dira etortzen beiñere, ori ez. Oiek, goizean edo illuntzean agertu oi dira murgilaldia egitera, gorputza ur
garbi eder ortaz ezotzera. Baiñan erbestetik datozten
apaizak, nik ikusten ditut sarri; oiek, beste edonor
bezela, gure antzean ibiltzen dira emen. Nai baldin ba
du, or baztertxorago eta uretan ere, alde ontarago.
Baiñan, batere... keri gabe. Apaizak ere, bere eskubidea du...! Nik diodana! ... An dut gerizpe atsegiña eta
etxola erosoa, jazteko eta erazteko. Ur-praka motzik
ez baldin ba du, ba ditut nik oietaz beste batzuk, eta
utzi dezazkioket.
–O, millesker, jauna. Orren bestean kuturtu nauan
ezkero, mustatu bear izango dugu ba, ur garbi ori.
Apaizgei nintzanean ez nintzan makalena igarian. An,
Saturraran-en egiten genituan gure saio izugarriak.
Orain, ez dugu ainbeste aukerarik, ez astirik.
Manu-k eskeiñi zion galtza motza artu, eta sartu
zan etxola batean. Aguro gertu zan igarilari soiñekoz,
eta agertu berriro, bere laguntzaillearengana.
–Ikusten al dituzu gazte beltzeran bi oiek? –ziotsan
Manu-k, leen esandakoaren bermagarri bezela.
–Bai.
–Apezak dituzu. Barkatu, jauna, orain zuka eraso
ba diot.
–Barkaturik dago. Beraz, apezak, e?
–Alaxen, jauna. Alemanak gaiñera, illeak beltz
xamarrak dituzten arren.
–Eiki.
–Geroago ikusi al izango dituzu beuren apaiz jantziekin. Galtza luzeekin, noski, eta burutsik, beti burutsik, emen beintzat, egun eder auetan. Automobilla
ere ekarri dute, norena ez dakit; agian, norbaitek
utzia...
–Guk ere ekarri dugu ba, beribil galanta.
–Apaizarena, ez ordea.
–Ori ez. Gure irabaziak ez digute ainbesterako
ematen, eta bear ere ez dugu; bear gorririk beintzat.
–Bilbotik elduak, ezta? Jendea erruz etortzen da
andik onera. Batzuek, eguzkia artzera edo... Besteak,
kresalaz, itsasertzeko uraz soiña bustitzera. Eta
ardandegiko ur beltzez barrua bustitzera ere, bai.
Guztietarako zaletasunak ditugu-ta. Eta aizu, nai al
duzu uraren ezpaiñerago joan gaitezen, emen baiño
ozkirriago egon oi da-ta?
Elizgizonak bestearen onua aintzat arturik, joan
ziran itsasalderago.
–Ikusten al duzu zeinbat kristau emen, amak
emandako jantzia baiño zertxobat geiago dutelarik?
Emakumeak ugariago dira, noski; gizonak lanean eta
beste zeretan jardun bearra dutelako, nonbait. Baiñan
betiere, emakumeak zaleago dira ondartzan ere,
euren buruak agertzeko. Gizasemeak, noiznai ta
nunai, beti lotsatiago, nik uste.
–Nola dan.
–Bai, ziur asko. Ara: elizan bertan ere, ez al dituzue ikusten? Ni oroitzen naiz beintzat, gazte nintzanean zer gertatzen zitzaidan. Joaten nintzan lenengoetarik jaunartzera, eta ez dakit nundik edo nola, baiñan emakumeak, gaztetxoak ez ainbeste, baiñan zerbait adiñekoak, oiek besteentzat begiramenik gabe,
sartzen ziran aurreko aldean, beraiei tokatu gabe. Eta
ortarako, bultz emendik, oiñak zapaldu bestetik; eta
iñoiz, emen, urdaillean bertan ere, ukalondoz sekulako takatekoak emanaz, niri eta edozeiñi, batere kezka
ta zer gabe. Lotsatiak aiek?... Eta emen ere, esan
bezela, mutil sasoiko batek lotsa geiago izango du,
bat-batean eta oituragabe egonik, galtza motxetan
soil geiditzeko, neska batek «jantzen» oietako batez...
ikusgarri agertzeko baiño.
–Alarik ere, oraindiño ba dira neurriak zorionez,
neskatxa zintzoengan, emakume guztiak ezpaitira
aziera berdiñekoak ez aiurri berekoak; eta batez ere,
barrubizitza garbia daramatenak, oiek, ba dute beuren antza, beuren zera, alegia, osoro lotsagabe eta
nabarmen gorri ez agertzeko.
–Eta zurekin etorri diran neska oriek ongi ezagutzen al dituzu?
–Baietz uste dut.
–Eta ementxen daude, egunero etortzen diranekin
batean. Ikusi ditut asko, eta liraiñak ere ba dira, nire
iritziz. Aien gogoak ezagutzea...
–Aien gogoak ia osoro ikusten ditut, baztertxoren
bat, agian, izan ezik; iñor gutxik agertzen baitu alderenalde gogoa, luze-sakon-zabalean.
–Eta nik, apaiz jauna, nola esango nuke... Nik,
emen dauden neskatxen gorputzak ia osoro ikusi
ditut, baztertxoren bat izan ezik, zuk esan bezela.
–Gogortxo ez ote duzu itzegin?
–Ez dut uste, ez dan gauzarik esan dudanik.
Apaiza oldozkor jarri zan eta itsasoko uiñen joanetorrian sortzen zan apar txuria, bits garbia ikusi ta
ikusi jardun zuan.
–Apaiz jauna...
–Barkatu. Pentsatzen ari nintzan. Olatu sendo
oiek, burrukan ari dirala, alkarrekin, aizearekin, naaspil eta odol-antzeko burruka ortatik zikiña besterik ez
luketela sortu bear, iduri du. Eta alaz ere, ekaitzaldi
gordiñetan izan ezik, bits txuria, apar gardena eskeintzen digute...
–Jauna, alberdanian esan dizut zirikada ori eta...
–Ez, ez kezkarik izan, esan duzun ezkero, adiskide.
Pentsamentu ori gogoan izango dut, ene apaiz gogoan. Alegia, zorrotza baita izan ere... «Anima, ia osorik
apaizari erakutsi; eta gorputza, ia osorik, edozein
gizoneri». Gogortxoa ezik, gogorra ere ba da.
–Ni, ario ortaz jarraiturik, geiago ere pentsaturik
nago. Nik an, Bilbon, teatru baten goi-mallako ardura
dut. Eta nire kolkorako esan ere bai: antxen jai eder
batzuek emtateko, kanpotik datozten tiple oiek baiño,
neskatxa zurbil eta mee eta gosekil antzeko oiek
baiño, naiago izango ez ote nitukean, (esaterako,
ondartza ontan dauden berrogei edo irurogei neskatxa mardulenak) an, eszenarioan agertu. Jantziak, berdin xamarrak dituzte, eta gaiñera alde aundia: larrua
beltz eta eder, eguzkiz betea eta gose itxura gabe.
–Lasaiki mintzatzen zatzait. Dana dala, gezurtia ez
dirudizu.
–An, teatruan, minuto laburretan pasatzen dira
batetik bestera, aurreko xubinko artatik ere. Gaiñera
distiraz beterik, pitxi dirdaiez, eta beti ere, soiñupean
edota dantza ariñez; soiñuak eman oi duan eder-giro
ta bizitasunez. Emen ordea, or daude ordu luzeetan,
gure ondoan ere, metro batera, eta urbillago ere bai,
eskuaz ukitzeko moduan, edonoren aurrean; eta urrurik, duan, ikuskariak. Nun oiek baiño vedette jatorragorik?...
–Barkatu, adiskide. Igari egimgo al dugu?
–Bai jauna, kunplimentu gabe.
«Aitaren eta Semearen» egin zuan apaizak, eta
Manu-k ere bai, ur txikian eskuak kresalez bustiaz.
Onek egin zuan lendabizi zanga, –buruz aurrera
urpean sartu–; orrela asierako ozkirri ximikoa bapa-
tean aizatzeko. Apaizak ere pozik egiten zituan bere
saioak; gaztetxotan egindakoak, nonbait, atsegin aundiz oroituaz.
Udaran batez ere, itsasertzeko ur garbiak duan
erakarpen gozo eta laketez betea, gorputzentzat, guztientzat erabat, eskaiñigarri da izan. Ordea...
«Zuk, animak ikusi ia billoiz; nik, gorputzak, alatsu»...
Esanera onek, durundu egiten zion belarrietan
apaiz animazale gartsu ari. Durundu eta kilika, kilika
eta imurtxi. Mingarria agian, mingarria...
Uretatik irtetzean, Araibar, apaizari zerbait geiago
esateko asmotan zegoan. Apaizaren kolkoan kezka
sartu zuan; baiñan bere barnean ere, Manu-k, ba
zuan, iñolaz ere, bere arbintasuna,kezka-nekea.
Alkar ezagutzen ote zuteneko zera, agertu edo ez,
zalantzan zebillen mutilla. Alaz ere, bere esku ibiltzen
oiturik bait zegoan, apaizaren ezagupideak edo adiskidetasunak, askatasun aura urritu eta eskastuko ote
zion, bildur-susmoa bezela zuan. Bide zabala estutzea
ez zitzaion atsegin. Buruenik ere, mintzatu gogoa
agertu zion apaizari. Eta ortarako ez zituan gero jarri,
leen ipiñita izan zituan betaurreko beltzak.
–Nik geienetan, ementxen ibiltzen dakit berriro
ere, azalean ditugun bustialdiko ur-tantoak legortu
arte –ziotsan Manu-k apaiz mazalari–. Atsegingarri izaten da, batez ere otzik ez dagoanean. Orrela, axala
gozatu eta beltz-igurtziz jazten da, eta oraingo modako kolore ortaz jabetzen gera, gizonok ere. Beste
batzuen ustez, ordea, kaltegarri da orrelakorik egitea.
Eguzkiak berebiziko aukera izaten omen du gure azalean jorraketa mamia egiteko, gorri-gorri utzi eta
geroago zauritxoak sortuaraziaz. Ta gerri inguruan
ere, soiñeko bustiz irauteak, ez omen du batere onik
egiten.
–Beraz, beingoan legortzea ta aldatzea izango da
egokien, ezta?
–Nai duzun bezela. Ta... gustatu al zaizu emengo
ur garbi ederra? Emengo ondartza txukuna, emengo
edertasun guztiak?
–Bai, aspaldi ez naiz emen egon, eta orra, gure
neskatxak asmo ona izan dute onera etorriaz. Bustialdia ere artu dugu ba, eta ori, zuri eskerrak eta gure
Jaunari ere bai. Zenbat zor diogun Berari! Zenbat
edertasun eta zenbat onura, sarritan aietaz gaizki
baliatzeko!
–Ondartzak buruauste aundia ematen diete elizgizonai Euskalerria-n, ezta?
–Bai, olaxen da. Gauzen neurria, izari egokia aurkitzea ez da beti erraz izaten; eta bizkitartean, izaten
dira, bai, oker-ulertze, ezin-aditu eta naasmendu ta
asalda biurriak.
–Nik neuk, neurri edo esteri kontu orixe da, egundo zertu ezin izan dudana. Jainkoak gizona libre egin
zualarik, gero uztarri oiek... Gaztetxotan ikasia dut, e?
Geroztik ez dut batere sakondu gai ori; egia.
–Aske ta bere esku, bai. Eta orain, galerazpenak
eta neurriak eta esiak arkitzen dituzu nunai, ezta?
–Bai, nik nai nukean baiño maizago bai beintzat.
Eta ori, nik uste, arako teori-buruaz mutur-joka dabil.
Ez dakit nik.
–Teoriak gure animaren iduria du, ez du neurrirík
sarri askotan. Baiñan gure gorputzak bai, neurria du,
eta motxa gaiñera. Eta biok ditugu guk alkarrekin,
bata bestean sartua edo iregazia, oraingo ibillaldi
ontan.
–Barkatu, apaiz jauna. Zigarrotxo bat orain, atsegarri bezela?
–Ez, gaur ez dut erreko ba. Ori ere, neurri bat
dugu, borondatezkoa ordea. Legeak, neurriak eta
loturak dituan bezela, borondateak ere, esi eta naikoespenak ditu.
–Nire borondateak, ateak zabal izaten ditu, geinbat. Ez naiz zale izaten langa estuak ipintzeko, bitarte
aundidunak baizik.
–Esaterako...
–Ba, esango dizut. Ni, ezkongei naiz, eta uztarri ori
artu bearrak alako narda erakarten dit biozpera.
–Eta, ez al duzu beiñere neskatxen batez maitetasun gorabeerarik izan? Ba dira gizonezko batzuek,
lotsor edo lotsatiagatik izanik, emakumeenganako
narda edo destaiña-kerrua izaten dutenak. Oraingo
gutxiesmen ospatsu orren kutsua edo, dutenak.
–Ai, olakorik ez, Aita. Emakumeak ezagutzen ez
ditudalako ez da, eiki. Larregi ere ezagutu ditut,
agian. Emakumearen gogoak ez du niretzat misterio
ta zador geiegirik, uste dut.
–Orduan,... franku ibillia zera, beraz? Gai sakona
artu dugu eta tamala litzake... Zera, barkatu; ze ordu
da orain?
–Ordu biak ez dira oraindio, iñolaz ere.
–Ederki. Jantzi egingo naiz beingoan eta... solas
orri eutsiko diogu. Nirekin bat al zatoz?
–Bai, jauna.
Etxolan berriro sartu eta izan ere, berealakoan
agertu zan apaiza, bere oi-jantziz apaindua. Manu-k
ere beste ainbeste egin zuan. Apaizak ez zuan,
artean, asitako aririk naastu ez eten.
–Orra ba. Esan nai nizun, emakumeen gogoa ezagutzeko, urte asko ta asko bear dirala entzuna naiz;
eta zuk, ez duzu ainbeste urterik.
–Eldu gera ba, zerera. Leentxoago ere agertu nai
izan dizut, baiña ez dut egin eta, oraingoan bai. Zera,
iñoiz alkarrekin itz egin dugula, gaur baiño leen. Orixe
diotsut.
–Baaai? Ez naiz gogoratzen. Ni, ortarako aaztuberaa naiz eta. Gaiñera zenbat gauza entzun, eta beste
ainbeste aantzi bearreko baita, apaiza! Barkatu, bada,
nire axolagabekeria, ta nire buru txar au.
Eta orduan, Manu-k azaldu zion bere buruaren
zera. Bilbon trenbidean il zan edota trenak azpian
arturik andik laisterrera garbitu zan neskatxa aura.
Apaiz batekin izan zuala, aitorpena eta beste argitasun batzuek esateko aukera doi-doia. Zerbait oroitzen
zan apaiza, eta abizena ere Okendo, Ayala, edo...
–Ez, jauna, Mena zan. Loli Mena. Eta aren adiskide
lendabiziko izandako aura, ni nintzan; eta nire ofizinan
itzegin genduan.
Bizitza aldatu ote zuan, galdetu zion apaizak
berealakoan. Eta besteak, orrenbeste ez, baiñan aldatu gogoa ba zuala, erantzun zion. Ez zan egia osoa ori.
Ez zuan aren barruan kezka zorrotzak egonezin aundirik sortu. Ordurarteko akuillukadak ez zuten bear ainbateko azku ta indarrik izan. Aldaketa ea komeni ez
ote zitzaion uste zuan, galdetu zion apaizak. Agian,
aldaketa, izan zitekela osoro ez erraza. Neurriaz eta
askatasunaz leen jardunik zeuden. Min ematen zion
zaldunari, askatasuna galtzeko susmorik txikerrenak
ere.
–Min ematen dizu, ezta? –ziotsan apaizak–. Baiñan
beldurrik ez, eztut siñisten. Askatasuna, barkatu
baiña, aspaldi galdu zenduan zuk. Bai, zeuk. Griña
orrek menpean artu zinduanean. Zeure gogoaren
askatasuna. Eta zure nagusia, gogoa ez, baiñan aragi
ilkorra izan da.
Jendea bildu zan an arrapatakan uraren ertzean.
Betikoa izango zan: norbait uretatik atera erdi-itoan,
geienetan erbesteko norbait; edota oiñean min arturik
zegoan kristauren bat; alegia, xabiroiak isil isillik
ezpia, bere bizar zorrotza, oinpean sartuta miñez
zegoanen bat. Manu eta apaiza ere abiatu ziran, an,
zurrunbillo artan zerbait ikusteko edo entzuteko
ustez. Izan ere, an zegoan mutiko bat, frantsesa bera,
oipean zuan miñaren aundiz, negarrez; eta bere oiñari gogor elduaz; ordubete inguru edo izango baitzuan
ala espatsu ori. Arrak edo usanak ipintzen zazkie zauri
ondoan, edota tintura batez igurtzia eman; oiñazea
ibitu eta makalagotu dedin. Arraitxo oiek ur txikian
eta ondarpean-edo egoten dakite.
–Min artu du orrek eta urrengoan kontuz jokatuko
du toki oietan. Aragian artutako-miñak ematen digun
kezka eta nekea! Ori, ikusi bezela egiten dugu, gorputzeko miña; eta ikusten ez duguna, gure gogoaren
eria, gure animaren geisoa, gure barruko zauria izan
oi da –ziotsan apaizak Manu-ri–. Eman dezagun zuk
dirua poliki duzula; gaur bertan kenduko ba lizukete,
izango zenduke miña; jakiña ba, gogoan, ez gorputzean. Emazte on bat ba zendu, eta olaxen izango al
da luzaro baiño leen! eta bapatean, eriotzak edota
gizon gaizto batek eramango ba lizu, nun izango zenduke miña, gorputzean? Ez, zeure sentipenean,
barruan. Gurasoak bizi al dituzu?
–Ez. Aitarik ez nuan ezagutu ere egin. Eta ama, nik
zazpi urte edo nituala il zan.
–Betikoa !... Ama gabe azia zera zu ere, zorigaitzez; zure bizitzako urterik xamur eta zaillenetan, zure
gogoa eder-kimetzez beterik zegoan aro bikain artan.
Auxe adierazi nai nizun: aita edo ama batez ere, il
zitzaizunean izan zenduan utsa, uts-miña, gabezia,
zerbaiten ezunea. Tamalez, erkatze onek ustel irten
dit. Labur: zure bizitza zergatik ez duzu aldatu, zer zio
duzu, zer eragozpen, edota graziaren eskabiderik ez
al duzu bear aiñean egin? Askatasuna izan duzu oraiñarte.
–Ori bai, askatasuna beti.
–Adiskide, leengo arira bertara jo dugu. Zuk ez
duzu askatasunik izan. Bizitzak zarama koloregabeko
malda arreska batean barruna. Dirua, gonak, edaria...
agian? Orixe duzute gizonok, trilogiarik atsegiñen.
Laugarren almena, aginpidea, indarra izan oi da.
Askatasuna, ustez, norberarentzat; lege estuak, txonilla zutik, inbutua, zabala gure aldera; estua... geidearentzat. Jauntxokeria, itz batean esateko. Zuetarikoen
okerrik aundiena ta larriena auxe da: bide soil batez
noizbait abiatu izana, eta beste biderik danik ere ez
uste izatea. Mundukotarren zidorraz zaletu ta begililluratu, ta gogoak uzi aundien lukean bidea, Jainko bidea
ain zuzen, gutxiestea edota iraizean ere, ez ezagutzea.
–Ta nun billatzen dute batzuek bide ori? Nik neuk,
ez dut nire ibilaldian besterik aurkitu auxe, nire au baizik.
–Jakiña! Nik ere, gaur arte bezela jarraitzekotan,
esaterako... ez dut beiñere txinatarren izkuntzarik
jakingo. Ezpaitut ortarako sentimenturik nabari eta
ezta zaletasun pitiñik ere. Alarik, ez da berdintze au
egokia. Eta, ba al dakizu zergatik? Nik, noski, ez dut
izango onezkero –ez jakin ba, agian– txinatarren
izkuntza jakin bearrik. Jainkoarekikoa, ordea, luza
dezakegu, ez beti, amar urte, ogei, irurogei, eun. Alabaiñan elduko da ordu latza, gure kontuaren garbiketa zeatza eman-bear ordua.
–Ori ere, betiko leloa da.
–Noski, ez atsegingarria alaz ere geien geienentzat. Baiñan, garbi esan: zu ba al zera eriotzaren bildur? Ni neu, bai. Besterik esatea, gezurra zabaltzea
litzake.
–Eriotzaren bildur guztiok izan oi gera.
–Orduan, askatasun-zaleak ere, ba dute bildur ori.
–Bai.
–Beraz, bide biok okerrak dirala esango al didazu?
Bi biok azken berdiñera jotzen bai dute. Ona emen
gure lerro asarreak, non egin duten bat. Bildurra?...
Bai zera! Askatasuna duanak ez du iñoren ez ezeren
bildurrik. Edota... ez du askatasun ori!
–Bukatu egin zait oraintxe nire gogoetaren aria.
–Ondorena billa dezagun bertatik. Zure esanak
nireak aiñean ez baldin ba dira zindo ta tinkoak, zu,
galtzaille, nire aldera zaite. Eta azkenean ere, apaiz
nauzu; ta apostolugintza ezin dezakegu, ziñez, iñoiz
ez iñon aldebatera laga bertanbeera.
–Eta zuek ez al duzute oporraldirik?
–Gaia saiestu nai duzu, adiskide. Ezta axolik
ordea, orain. Ba ez; ezdukegu guk oporraldirik, iñoiz
atseden egunak izan arren. Medikuak ere, esanera
betean, gure idurikoak dira. Aiek ordea, erantzun lezakete iñoiz: «orain ez, ez da ordu; gaba da; berandu
da...». Eta apaizak, ez. Anima bat bizirik eta laguntasun eske baldin ba dago; iltamuan dagoenean; ilta
gero ere... apaiza an joango da pertsonaren ondora,
aldamenera, aura aitortzeko, poza emateko, animarentzako indarra eramateko, barkapena eskeintzeko;
ilta gero ere, aren gogoaren alde otoi egiteko. Medikuaren lanak, beraz, muga motxagoak ditu apaizarenak baiño. Ez da munduan agian, iñor zoritxarrekoagorik izango, bere izatea ukatu nai izan duan elizgizon
ordenatua baiño. Ain zuzen, ikusi al duzu oraintsu Le
défroqué film izugarri ori?
–Bai, eta barruan alako zerbait...
–Zeeer? Zimikoren bat sentitu al zenduan? Zer
adierazi zion zure animari apaiz biotz gogor aren
jokaerak? Egia esan, ez du edonork alaere, bear litzaken prestaera, orrelako film gordiñak ulertzeko.
–Niri neuri, neke larria, tristea barnera zidan. Eta
sarri askotan, orixe berbera somatzen dut katolikoen
gauzetan. Alegia, tristezi-bidea dala zuena. Ainbeste
galerazpenez, bizitza au nekez betea jartzen duzutela.
–Ai, adiskide, zure bizitza esigabearen azkenean
ere, larritasun berdiña aurkitu dugula leen, ez ezazu
aaztu. Baiñan, beste zer bat agertuko dizut. Zure itz
oietan gauza bat bakarra dakusat argi ta garbi: zure
animan aspaldi ez dala graziaren kutsurik batere izan.
Bestelan... Ikusi al dituzu, esaterako, bai monja gazteen komenturen bateko barne-bizitzako gorabeerak,
eta fraile-etxe askotako gizasemeen bizitzaro, pozez
ta gozotasunez beteak? Ez noski, ez duzu ikusi; eta
ezta ortaz ezertxo pentsatu ere. Ori, lau orma tartean
sartuta daudenetaz. Eta, beste gure gaztedi ederrak,
berriz! Nirekin etorri diran neskatilla gazte oiek ere, ez
duzu esango, alai, alasoko ta artadunak ez diranik.
Oiek ordea, ez dute geientsuak bakartade-bizitzarako
deirik izan. Ala ta guztiz ere, ikusi beuren gatza, jasa,
tankera. Ez dute oiek memel-itxurarik ez zuntzunaizerik.
–Zer nai duzu, ba? Nire begietan ala izan oi da.
–Apaizarentzat ere, barruko pakerik gabeko gizonak berdintsu azaltzen dira: irudi triste, azalez koloregorri ta irritsu agertu arren. Gose-egarri, ase-antza
eman arren. Griñapetuak edo nekapetuak, jauntxo
bete ta bizitza-isurtzaille bezela agertu arren.
«Mobylette» batean eldu zan gazte bat ondartzaertzeko bidezabalean zear. Jatsi zan. Eta Peru-rengana zuzen joan zan. Norbaiten galde zetorren, enura
gabe. Telegrafuetako morroia zan. Peru asi zan batera ta bestera bea ta bea. Ikuskatu zituan inguruak eta
bai begiz jo ere billatu nai zutena.
–Araibar jauna, antxen daudenetarik apaiza ez,
baiña bestea duzu, gafa belzduna.
Manu-k papertxoa artu, firmatu ta eman zion;
eskupekotxoa ere bai. Askatu zuan bildurik zegoana,
eta beingoan irakurri ere.
–Ikusten al duzu? Bart nire etxekandrea, min eginda dago. Iztar-ezurra edo puxkatu omen zaio. Jakiña!
Ba duzu esaera bat: «Ibillian ibillian...». Zera, andre
onek igande arratsaldetan egiten du etxean oi dan
asteko bukata, garbitasuna.
–Igandeetan, e?
–Bai jauna, moda berria; igandeetan. Goizean
entzungo ditu, ori bai, iru edo lau meza; ortarako kupo
zabala du arek betiere. Baiñan, geroago, asiko zaizu,
esan bezela, asteko ikuzketan, eta llluntze inguruan,
garbitu berri dituan erropa ta oialak guztiak isekiko
ditu barlan, alderen alde lokarri luzeak egokiro erabilliaz. Eta orra, atzo, bere karga ta guzti erori da lurrera, sukaldean bertan, zorionez; leiotik kanpora ere
izan zitekean eta; min artu du gaixoak, eta eraman
dute klinikara. Joan bearko dut bereala. Onek ere
ederki santutzen du jai-eguna! ... Esaten diot ba nik!
Arraio arraioa!
–Ai, adiskide, aditzen duzu zein errez dan eta zein
aise, iñoren begiko zamarra ikustea.
–Tamalez, atsekabe ematen dit egia esan; baiñan,
atso langillegi orrek zerbait merezi zuan.
–Guk ere maiz, aundiagorik ez dezagula merezierantzun zion apaizak.
Biaramonean, Araibar bere iri nagusira eldu, etxekandrea ikustatu eta bere ofizinara eldu zanean, Serafin, beti bezela ere bai, baiña zerbait erneago ta artatsuago somatu zuan. Lanen gora-beera laburki adierazi zion, eta eguneko korreoa batere atzerapen gabe
zegoala. Gai bi edo iru soli soillik ikasteko eta erabakitzeko. Ez zuala nai, alegia, zer asko utzi pillaturik.
Oporraldia izango ote zuan, galdetu zion Araibar-ek,
leen ere zerbait arturik zuala-ta. Oporraldi luzetxoagoaren ustea, ulertarazi zion nagusiari.
–Jauna, garbi esan, beste zerik dut, eta laisterrean
gaiñera.
–Zer gero?
–Ezkondu egingo naizela –erantzun zion Serafinek.
–Ezkondu...? Eta norekin?
–Matilde-rekin.
–Aura beste batekin ez al zan ba ezkondu?
–Ez, ba. Alegia, senargeiak ez bear aundia izan du
leengoan, eta ezertarako gauza ez dala geratu da.
Makiña batek tartean artu zuan, eta nola ez zekiala,
oxta oxta bizirik atera zan. Eta burua argi duala, bere
zerarekin itz egin du, eta gizarajoa bat etorri da Matilde-rekin, eta ezkontza, utzi egin dute bertanbeera.
Matilde, Bilbon zegoan, aste batzuek leenagotik,
Manu-k ori ez jakin arren. Orregatik zirikatu zuan
berriro ere, Manu-k bere menpekoa:
–Eta aste betean limurtu al zaitu uztarpean jartzeko? Arrigarria da. Leen amar urtetan egin ez dana,
orain amar egunetan...
–Ez, karta batzuek ere egin zizkidan eta...
–Noizko izango dugu ba, zorioneko egunsenti ori?
Eta bera pozik al dago? Zure egoneziña ta alaitasuna,
begien bistako gauza bai ditut. Ai, ai, ai!
–Bera eldu da nire galde-ta!... Udazkenean edo,
belu xamarrean ba da ere.
–Tira ba, ez lo egon. Arek berak gerturik izango
ditu zer guztiak. Zuk bear dituzu orain amabost urteko nagiak astindu eta aurrerako urratsa leenbaileen
egin. Leen gazteago zanean, eta ziñanean, lo egon.
Orain, batbatean dira joan-etorriak. Zaartzako bildurrak jorik bezela.
–Besoetakoak edo aitamabitxiak bear ditut. Gure
ama zaarra da, eta, gaiñera, nik auxe nai nuan: aitabitxi, zeu, Araibar jauna; eta amabitxi, zure... ernaztegeia. Neskatxa politen bat ba omen da or itsasaldean,
eta...
–Nork esan du ainbesteko berri aurreraturik? Nik
oraindiño...
–Ez da, alaz ere, itxedopen-argla iñoiz itzalitzat
eman bear. Badakizu; erbiaren ipuia: gutxien uste
danean... an ziak!
–Orixe ez nizuke ukatuko.
Araibar-en biozpean beste kezka edo kilima igurtzia sortarazi edo ernarazi zuten Serafin-en itz paketsu baiña esangiñak. Bere barneko zadorra iñork ezagutzen ez zualakoan bizi izana zan, egiazki, beintzat,
gogo-jauntxokerian, askatasunean, zer nai eta uraxe,
bizimoduan. Orain, ordea, apaizak zer aundiak agerrarazi zizkion. Eta gero, Serafin xaloak ere, nunbait usai
artu, antxen izpazterrean omen zegoan neskatxak,
bere nagusiari barruan maite-ikutua egin ote zion.
Eta diotenean zerbait izan oi da ta, bere buruaz
eta beste norbaitenaz ere pentsatzen asi bide zan
Araibar, zaldun jarei eta eragozpen-zale ez zana.
XIV
Itsasertzetan, udako gauak ere, ba dute beuren
ordu eme ta malgua, gorputzak laket-eske edota
irrits-egarri oi diranean. Batipat, erri-jai luzeetan.
Goienkaleko baztertxo batean, soiñu berri zekarren beribil bat gelditu zan. Illuntzea zan, eta eguzkiaren izpiak, beste lurralde ta itsasoetarantz bialiak
zituzten bero –zizta zuzen eta zorrotzenak.
Gazte bi, mutil sendokoteak, atera ziran eta
kalean batera-bestera beatu ostean, etxe baten orma
zutak arakatuaz, leioak ikuskatuaz, teillaturaiño soaldi
atsegiñak egin zituzten. Jantzietan zuten agiri: Amerika aldetik zetozten. Anaiak ziran, sei urte leenago
diru-gosez joanak, Venezuelako lur zabaletara.
Bata, Tomas zan, eta aren anai gazteagoa, Martin.
Gazte azkar, langille ta jolastiak. Urteroko jaien usaiñak bultzarazita zetozten, eta adian, beste asmotxoren bat ere... Etxean ama aurkitu zuten; uste-uste
gabeko etorrera artaz zerbait arritua, noski, seme
eder aiek etxera orrela isil-isillik agertzean.
Auek ere, Algorta-ko arako indianuak egin zuana
bera, berriztu gogo zuten, antza. Gizontxo aura, Ame-
rika aldera joana zan aspaldi. Urteak joan, urteak etorri, eta senarraren berririk eskas zuten etxe artan.
Iñoiz edo bein bai, andik zetorren norbaitekin edo,
bialtzen zizkion emazte egoarritsuari goraintziak eta
zerbaixka diru, beiñere ez larregirik. Dana dala; beiñola, Algortako amerikanu ori etxemiñak jo zuan, eta ez
karta ta ez albista, dan-dan-dan! etxeko atean ots
egin zuan. Artean, iñork ez zekian arnasik ere, etorrera artaz.
Emazteak, atea iriki eta itzetik ortzera bere senar
ederra aurrez-aurre ikustean, arrimenez eta pozkarioz, bai esan ere
–Ene! Kartatxo bat ere, ez diguzu igorri ta... guk
ezertxo ere ez jakin, ba.
–Kartatxoa? Zertarako, ordea? Ni neu baiño karta
zeragorik aurkitu al zenezake ba, emazte laztan?
***
Elduberriok, etxeko ta senideen galdea egin
ostean, geiago ere egiteko gogoa izango zuten nonbait. Eta izan ere, kanpotik datorrenak beste gauza
oiek entzun baiño naiago izaten ditu bere begi-belarriz
eta sentipenez somatu ta biziz-bete.

You have read 1 text from Basque literature.