🕥 31-minute read
Araibar zalduna - 04
Total number of words is 4010
Total number of unique words is 1839
32.5 of words are in the 2000 most common words
46.4 of words are in the 5000 most common words
52.9 of words are in the 8000 most common words
Amorruz edota lotsaz, arrokeriaz edota sentimentuz.
Berak jakin zezakean iñork baiño obeki, bere gogoari
eta bere gorputzari azterraldia egin ezkero.
Egiña, egiña zegoan, ordea.
V
Udara ondorean, berriro ere asia zegoan futbolaldia. Jendea, erruz zetorren illuntze-aldean, kaleak
beteko ibaia iduri.
Baiñan beribillak, iraduzko izurriteak joak ziruditen, eta lagun-artetik igespidea aurkitu naiean, beuren turutak jo eta jo ari ziran, izugarrizko naasmendua
sortuaz. Zaarrak, bildurrez bezela sartzen ziran atadietan, eta aurren arduratan zeuden umezaiak, gurasoak eta senideak. Millaka automobillek egin zuten bai
atseden-aldi, inguruko lau kaleetan eta baita alderdi
artako beste zenbait kale luzeetan ere, eta alaber,
motxetan.
Adiskide batzuekin zioan Serafin, Araibar-en apoderadu zintzoa, eztabaika, partidu bukaeran tar itxuak
eta etsaixkak oi duten joran, beroaldi eta berriketa
miñez. Alegia, jokaldiko zerak, bakoitzak besteak
baiño obeki ikusi, ulertu ta mamitu zitualako. Iruzkin
oiek igandean asi oi ziran, obeto esan, aurreko ostiralean eta urrengo ostegunerarte jarraitzen zuten egunerokoetan, kafetxeetan, eta are lantokietan ere,
nagusien eta ugazaben amorruz eta madarikazioz.
Buztinkoloreko popo bat gelditu zan aren alboan,
Serafin zioan kale-munan bertan.
–Serafin! –otsegin zion popo barrutik emakume
aotsak.
–Aizu, Serafin, zure galde egiten dute emen eta zu
erdilo, beti bezela!
–Kontxo! –orduan Manuren ogipekoak arriduraz–.
Nor, eta ona emen Matilde bera, eta ez bakarrik gaiñera.
–Serafin –zion neskatxa ongi apaindu batek, irria
ezpaiñetan, betilleak medar eta zorrotz, begiak birakari–. Ez zera merkea ikusteko, orraitio, mutil!
–Matilde! Aspaldikoa... nundik nora ibillia zaitut?
–Kanpoan. Esango dizut urrengo batean. Toki
askotan ibili naiz.
–Idatzi ere gabe.
–Ixilik! Orrekin bait nago. Zera... au nire senargeia
duzu, Serafin. Aurkeztu ere ez dizut egin eta, Larrunbe-tar Joseba, inginadorea. Ori, nire adiskide ona izandakoa, Serafin Gezala.
–¿Zer modu? Asko poztutzen naiz.
–Berdin esan bear dut, Larrunbe jauna. Eta noizko
duzute... zera?
–Laister, Serafin. Zuk ez duzu nai izan eta, nik ezin
beti zai egoterik gura.
–Badakizu, ba, amaren seme bakarrak zer izan oi
duan.
–Bai, alaxen da.
–Eta nun biziko?
–Or, Euskalerritik ez irten bai irten. Batzuetan, Iruñan, eta besteetan Zaragoza-n.
–Zoroak ere, antxen ziran leenago.
–Zu beti narritari. Serafin.
–Zerbait bear dugu, umore apurtxoa edo. Emen al
duzu, Matilde, oraingoz egotea?
–Bai, ba. Nik deituko dizut egunen batean, itzaspertu bat izan dezagun, gure kontuak esateko. Eta
ea zer erregalu egiten didazun, Sera?
–Bai, bai, ongi dago diozun guztia. Agur, ba,
Larrunbe jauna.
–Agur!
–Agur, Matilde!...
Andara gorrian aldegin zuan beribil azkar arek,
beste millaka aien artean, iriaren biotzaldeko kaleak
iritxi bearrez.
–Aizu, Serafin! Ez dituzu nolanaiko ezagupideak,
e? –zirikatu zuten aura, adiskideak.
–Emakumeengandik askatua dan bizitza dala
esango digu, gero, onek, mundu ontako zerik ederrena. Esana bat, eta egiña bi...; ez siñistu ezer mutil zaarrari.
–Ez dakit, ez dakit... –gaiñeratu zuan irugarren
adiskideak.
–Geldi, lasai, gizonak! Ori, aintziñako neskatxa
ezagun bat baiño ez da.
–Ezaguna soil soillik?... Baiñan nik, denduan utziko
dut zure ele ori.
–Nai baldin ba duzute... zerbait aparteko ezaguna;
adiskide aundia, garbi esateko.
–A!...
–Urte mordoxka izango da neskatxa ori ezagutu
nuala. Orduan, jakiña, orain baiño pertxentago zan.
–Orain, eztakigu, ez du popotik zirkiñik egin eta.
–Ez da, beraz, egun bateko edo biko ezaguera ori,
e, Serafin? Onek oraindio emango digu guri egun on
bat, gutxien uste dugunean.
–Ez da erraz izango. Amarekin ongitxo bizi naiz
eta, al dantxoan aren kontura irautea zer bikaiña da,
mutillak. Ama bezelako emazterik ez zegok!
–Ez da berdin, ordea. Amarekin, beti seme izango
zera, eta emaztearekin, alegia, izan bear dana, orain
badaezpadako ipuirik ugari entzuten dan arren.
–Zer diozu, bada? Adar kontu oriek, ala?
–Orrelakoak beti dute giro. Baiñan, beste... bizkarzale oiek dute orain entzute aundia; txarra badere.
Orain ere, or ibili dira ertzaiñak eta artu dituzte... zenbat esan zuten? Zensu galanta omen dute emen ere.
–Ezta egia izango!
–Ez, zera, auntzaren gaberdiko eztula!
–Baiñan, utzi dezaiogun orain zer orri. Zuk zer
asmo duzu, benetan, Serafin?
–Oraingoz ezer ez. Matilde orrekin ezkondu izango
nintzakean ni pozik ere; baiñan ama dala, eta
zerean... bestek eramaten utzi diot.
–Eta beste neskatxarik ez al da ba irian?
–Oiek, orren ugazabarentzat izango dira guztiak.
Orain ere, entzun dut nik zerbait... Araibar gora eta
Araibar beera.
–Tira, tira; emen ez dagoanagatik ez dugu gaizki
itzik egin bear.
–Onek dion bildurra ugazabari!...
–Begirunea eta esker ona ere bai, batipat. Lanik
gabe nengoanean, badakizute zergatik, aretxek eskei-
ñi zidan lanbidea, eta gero, ez duzute azturik noski,
sari polita eta kargu atsegiña ere eman dit. Ez al da
egia?
–Bai, bai, gizona, ez asarratu orregatik. Baiñan,
esan nai nuana, guk guztiok ongi ulertu dugu.
***
Ez zan, bada, ogei urteko neskatxa, Serafin-en
adiskide aundi agertzen zan Matilde. Arpegiz mee
xamarra, zango politak eta azal guri ta leguna zuan.
Illeak, beti bezela, gusto egokiz orraztuak, gaztaiña
kolorekoak. Aren begiak ez ziran ederrak, ez; kolorez
eta neurriz ez zuten batere ezer aipagarririk, baiñan
apaiñean, ezpa-ziran ere, jakituriaz eta zorroztasunez
ornituak zituan, egiazki. Ogetamar urte ingurukoa zan
orduan, eta latin zekiala esan ezkero, larregikeri izugarririk aitortu ere ez.
Ez zuan, noski, aren garriak amar bat urte leenago izandako liraintasunik ez zume-tankerarik. Ba
zituan, baiña, gorputzean, adin artan izan ez zituan
beste doai erakargarri batzuek, batipat, gizonei olesegin oi dietenak.
Uraxe ikustera joan zan Serafin, leenago ainbat
bider joan oi zan bezela.
–Matilde! –ziotsan mutillak, ark atea idiki eta bakarrik geratu ziranaz batera. Gustagarri aurkitu zaitut.
–Egitan, Serafin? Auxen da barregura! Eta orain
arte zeri begira bizi izan zera, ba?
–Joana joan, gaur egia bat azaldu bearra sentitu
dut barruan eta, orra, ba, argi ta garbi adierazi. Ta
zuk, esker txarra besterik ez.
–Aspaldion ikusi ez nauzulako ez ote da zure iritzi
ernagarri ori?
–Baliteke. Orain bestean, ostera, eztakit ba...
Goseak ere, asko eragiten du-ta.
–Lotsagabea! Bai, bai; argi ageri da zuri zaiñak
bizitzen uzten ez dizutela. Iñoiz agertu al didazu benetako ezkon-guraririk? Zu, bakarrik bizitzeko sortua
zerala esango nizuke, bein eta berriro. Zuk, ez duzu
nai lekukorik ez zure irabazietan ez zure logelan.
Bakarrik, beti olaxen. Puritanu tajua ez al duzu, ba?
–Oiek dituzu erasoaldi edentsuak! Ni... lotsagabea.
Ongi dago, ongi. Baiñan, ez ordea. Ni, betikoa naiz eta
oraindio ez naiz aldatu. Eeta badakizu; edota zurekin
edota... bakarti.
Eta ori azalduaz batean, muin-egin zion laztankiro
esku-gaiñean neskatxari Serafin mutilzaar-gaiak.
Matilde-ri dirdaitxoa aterarazi zion egitada orrek, bere
begi zolietan. Silla batean eser-arazi zion mutillari, eta
bera, divan gorri zabalean jarri zan. Soiñekoak ez
ziran, noski luzeegiak, eta belaun gaiñetan –neskatxaren esku fin ekurugaitzak, zerbait egin bearrez edo–
tiraka eta tiraka asi zan emakumea. Serafin-ek irriparre makurra egin zion.
–Dendariak tela-ezunean al dabiltz?
–Beti biurria izan bear al duzu, Serafin?
–Eta zu beti itxuratia, ala? Tira, tira, utzi ezaiozu
gonabarrenari pakean, gomazkoa ere ez da-ta. Gaiñera, badakizu zure belaunak ikusi arren, aztoratuta
koloregorrl jarriko ez naizena. Aspaldi ikusi nizkizun
nik zuri belaunak eta... biotza ere.
–Zu koloregorri jarri? Ezta, ezta!... Eta azkenengo
esan duzun ori esateko kopeta duzu? Zuregatik, neska
zaar, zimel eta lerindu izango nintzakean. Agian, orain
nai izango duzu nirekin ezkondu. Beste bateri itza
eskeiñi diodaneko abagune ontan bertan. Ai, ez, maitetxo, berandu da. Martintxo illedun zanak bere maitatzakoari kantatua berresan bearko emen:
«Julitxo, berandu nator;
Julitxo, berandu da...
Adi ezazu, kupida zaite,
bestelan, ai, ni, galdua...».
–Zenbakarrena izango ote da senargai ori, Matilde?
–Lendabizikoa, maite, lendabizikoa. Beste guztiak,
zuk dakusazu, utsaren pare izan dira.
–Ni ere bai?
–Zu aparteko lekuan eduki zaitut beti. Eta oraindiño ere, badakit ongi zuregan nolako barru ona dagoan. Sentimentu geiegiz bizi izan zera zu beti, eta ezin
izan duzu zure toki bedegarra aurkitu, bear zan denporan. Orrek galdu zaitu eta... Onezkero gu, zu eta ni,
kemenik aski izan ba zendu aldi artan, aurtxo poxpoliñen jabe izan gindezkean. Ai!... Baiñan, egitasuna
besterik da eta, alkarrengandik oraingoxean banandu
bearra dugu. Zure kulpaz, e, zure erruz. Esan bezela,
ni ezin ba, geiagorik onelan deslai eta soil egon beti.
Ulertzen?
Arro arro jarri zan Serafin, neskatxa maitesarredunaren itz labanok entzunik. Eserita zegoan lekutik
aren ondora joan zan, eta divan artan bertan eseri.
Matilde-ri eskuetarik eldu, eta an egon ziran biak unetxo batean isilik, eta alkarri begira. Zalantzako ta
ezbaiko izakerak dakarren ondorena ager-arazten
zuan Serafin-ek. Ez zuan bere gazte denporan adore
naikorik izan eta, artean ez zaarrak ziralako, baiñan,
nagi eta atzerakor biurtzeko giro egokia sortua zuten.
Alkar maite izan eta ezkontzara joateko bildur; beste
iñor baiño atsegingarriago izan alkarri buruz, eta
aurrera sasoi egokian oiña botatzeko azku ta indarrik
ez izan gizasemeak. Eta Serafin-ek, tamalez, bere
inguru ta sasoian orrelako asko ta asko ikusten zuan.
Diru-urritasuna edota bizimodu jasoan bear diran
eskuarte eta zerak, edonork ere ugari ta parrastaka
izan nai dituan aldian, alaba ugari dutenak, eta apalago eskas dutenak ere, beuren buru-auste, ebazkizun
eta koxkak inguruan oi dituzte.
Aspaldiko maitetasun zaarraren gar zarkilduak
oraindio ere, distira berri berriak atera zizkien biek
bietara maite-urruma antzekoz ari ziran gazte egin
aiei. Mutillaren burugintzak ekarri omen zituan ein
artara; gizonezkoaren norberekoikeriak.
–Utz ditzagun kontu itunak, Serafin! Akeita ekarriko dizut, oso ona. Orain gertu gerturik izango dugu
berealakoan. Ementxe dut tubotxoa, ikusten? Lagun
birentzat oso egoki izango zaigu. Orrela izango dugu
gure azkenetariko askaritxoa.
–Tira, ba; gaur beintzat izango ditut gauza bi.
Neska eta akeita.
–Neska teoriz, e? Akeita, benetan.
–Ez, biak batean. Ez al dio or neska-kafe?
–Txoroa!
Bere ibillera jatorrez tiki-taka joan zan neskatxa
liraiña sukalderantz ur irakiña ekartera. Bea ta bea
egon zitzaion mutilla joakeran, eta itzuli-arteko aldiari
luze iritzirik, zerbait egin bearrez zegoan ekurugaitz.
Maitxo baten gaiñean neskatxaren kartera beltza
artu zuan, eta etxekotasun aundiz idiki ere egin zuan,
eta barruko zerak ikusten asi.
Zapitxo bat, txanpon batzuek, ezpaiñetarako
gorrimiña, ispillu bat, beste zapitxo bat, eta libutxo
antzeko zertxo bat, zeuden kartera-barruan.
Urduri ta jakin-miñez atera zuan auxe, eta iriki ere
bai. Lendabiziko orrietan izenak, kale izenak, eta abar.
Asko eta asko. Auek ez zituan irakurri ere egin Serafinek. Ba zekian bere adiskide laztan arek jendeen aipamen eta ezagupidean izaten zuala bere argaltasuna,
auleria. Geroago, orrialde bakoitzean argazki bat agiri
zan, foto bat. Gazte eder, ondo jantzi, apain itxurako-
ak ziran geienak. Guztiak pasatu zituan, eta an ez
zegoan ez Larrunberenik, ez bererik, Serafin-enik.
–Zertan ari zera, ausart ori? –galdetu zion garraixi
antzeko oiu mintzoz, baiñan gazi-geza, asarrekuntza
izpirik gabe–. Nork agindu ote dio oneri orrelako azterketak egitekorik? Ona nago ni, neure isilpekoak onen
esku-urbil ba nitu!...
–Zure isilpeko asko jakin izan ditut nik.
–Oraiñarte bai, baiñan emendik gorakoak, zuretzat, baterez. Naikoa izango al duzu katillutxo au? Opil
goxo auek ere zuretzat ekarri ditut. Tamalez, laister
joan bear dut, arengana. Gaur zazpi ta erdietan adierazi dit, eta... ezin utsik egin ba.
–Niri egiten zenizkidan ba...
–Zu orduan, nireganago zeunden au dagoan
baiño. Alaz ere, ez zazuila uste izan, atsegin ez zaidanik eta nire joera alde ez duanik. Zuk, badakizu zer
adierazi nai dizudan.
–Beroa dago,arranotan! Ia erre naiz.
–Ez zera beingoan erreko zu. Entzun, zera aztu
zait. Edaria ere edango duzu, ez? Ekarriko dizut.
–Ez, niregatik, aski duzu. Zure itzak naiago ditut,
edari beroak baiño.
–Sasoi oneko arrantzak!
Neskatxa urrutiratu zanean berriro ere, ekin zion
argazki aiek ikusi ta ikusi. Geroago esan ere bai
–Zertarako duzu albuntxo au, Matilde?
–Ortxe bildu nituan apurka apurka zer oiek, eta
gogoangarri diranez, beude alkarren ondoan atseden
betean.
–Eta guzti oiek izan al dute aukera zurekin maitetasuna banatzeko?
–Bai zera! Ezagupidea, eta naikoa da konturik.
Beti batera ta bestera bizi bearra izan baitut, nik umezurtz onek, detua izan dut oiekin eguneroko nolabaiteko ori egiteko. Orain erreta ere, berdin samar izango litzake, baiñan.
–Au bai, polita arpegiz.
–Orrek? Txori politaren lumak izan zituan orrek.
Bai nik aguro asko ezagutu ere! Bigarren egunerako
galde, eske asi ez zitzaidan ba?
–Zeren eske?
–Edozer nai zuan, txankame orrek. Esan nion bilbotarra nintzala, eta kontuak ateratzeko. Eskuan izan
nuan aterkiñak, puxka bategatik, a zer nolako maastijorratzea egin zukean aren bizkarrean!! Ba dira or,
ordea mutil onak ere. Baiñan onenak, nik zera izandakoak, ortik kanpora daude.
–Bat nor?
–Orixe entzun nairik zaude, ezta? Ez duzu entzungo ba, sugetzar orrek!
–Nire poza aundia da, oraiñarte zintzo ikusi izan
zaitudalako. Orain, ba zoazela somatzen dut, eta betiko joan ere.
–Zuk ere zerbait egin bear zenduke. Ez al daude
emen millaka neskatilla eder eta on, gizon bateri ezin
esan alako poza eta atsegiña emateko?
–Bai, gure aldrako batek esan oi du, ez dirala berdiñak izaten emakumeak, ezkondu baiño leen eta
ezkondu ta gero. Aurretiaz, laztana itz asko, eta andik
aldi laburrean, kirtena, astoa, eta ortik gorako goxoki
litxarrak. Ai, ai, ai!
–Asteak guztiak ba lira jai! Ni bezelako alperrak
orixe nai.
–Gure amak daki ori esaten.
–Baita gure amonak ere bazekian. Eta orain ere,
orixe gertatzen da. Gizon alper asko dagola eta emaztea ta seme alabak azteko ta zertzeko lanean jardun
baiño naiago dutela bar txairoan sartuta egon, eta...
–Bear izanak ere izaten dituzte ta, ezta guztia
osoa.
–Orduan, lotsagabeki or ibiliko dira bazterrik bazter nai duten inguma edo julis itxurakotxo baten billa.
Eta aurrera! Ezagutuko ezpa genitu ere...! Mutil zaar
santutzako askok, aldarea falta sasoia danean.
–Nola dakizu zuk orrenbeste erretolikarik? Gizasemeak, emakumeak baiño lotuago ta gurbillago izan oi
dugu mingaiña, gure zerak gordetzeko-ta.
–Ez! Baiñan, azkenerako ere, esan egiten dituzte
gizonak beuren abilkeriak, bestelan jakin ezik, ezerezean gelditzen omen dira-ta.
Txikare urdiñetara ateratako kafeari lurriña urriagotzen zioakion.
–Onezkero, onik egongo da, ez otz ez bero. Ederra
dago! Etxekandre atsegiña izango du Larrunbe jaunak.
–Mermelada puxka ere dastatuko duzu, ezta?
–Esku oiek ematen dutena izan ezkero, nola ez ba?
Eta cake goxoari zati meeak ebaki zizkion neskatxak. Pastel mizkea ere atsegin izan oi zaio gizonari,
eskain samurra danean. Eta antxen zeuden aspaldiko
kontuak oroitu eta oroitu.
–Matilde, oroitzen al zera noiz egin nizun lenbiziko
musua masail guri ortan?
–Ez, ez dakit. Aoan ordea, ez dizut beiñere utzi.
Egia ez al da?
–Bai egia. Kanpoan, ordea, gazteak beti musuka
aritzen dira, entzun dudanez, eta pelikuletan ikusten
dugunez.
–Euskaldunok ez gera lar musu-zaleak izan. Ortik
entzuna izango duzu bein baiño sarriago arako esana:
«musumerke». Bertzalde, kanpoko gauza asko emen
ez dira atsegin.
–Esaterako?
–Esaterako... Emen ez duzute nai gizonak dendetara joan etxerako gauzak erostera eta gero besoetan
ekartzeko. Aurren kotxeak ere, atzerrian sarri askotan
aita diranak erabiltzen dituzte kalerik kale, eta ama
begira dagoan artean. Emengo gizonak olakorik egin!
Aizu, eta are geiago. Igandeetan, toki askotan gizonak
etxeko lanak egiten omen dituzte... sala argizagitu
eta, marruskatu eta, brotxatu, alegia, eta aurren pizoialak garbitu ere bai. Eta emakumeak, ere, musuak
eta laztanak erraz eman bai, baiñan gero senarra bere
zerean dan artean, beste... prakadunen batekin dantzatu eta... Eta! Kanpoko gauza asko ez ditugu nai
emen, ao-miietan beste esanaldiak izan arren...
–Zer somatzen duzu nire bizkar aldean, maite?
Etsairen bat al dut.
–Bai, Serafin, etsai bat duzu. Ez naiz konturatu ain
belu danik, eta orduari orrek errai ankerrak ditu, azkar
dabil eta gure gaurko batzartxoa bukatu bear dugu.
Iruña-kafetxean itxarongo dit laister zerak. Baiña,
askaritxoa amaitzeko beta izango dugu.
–Askaritxoa bakarrik?
–Zer duzu ba, zer? Gure artean esiak izan dira eta
oraindio ere ba dira. Ezin ba, besterik ezer eskaiñi.
Gaur, zinera ere ezin joan, bear ba da, azkenengo
aldiz. Muin egingo dizut, bat kopetan eta bestea
masaillean. Anai-arreba bezela izan gera gutxigorabeera orain arte, eta gero ere, olaxen bearko. Egun
gogorretan alkar ezagutu genduan, gogoratzen? Serafin, zu zuen aitarengana eta ni gure osabarengana
joaten giñanetan? Aiek orduan, arrisku gogorretan bizi
izan ziran, eta arnasa batek arnastu ginduzan orduan.
Geroztik, munduak beste biderantz eraman gaitu
eta...
Negar-malkoak erten ziran neskatxaren begi-leiarretara. Gozoki ma egin zion, esan bezela, mutillari bi
aldiz, eta onek ere, arnasa bakan izan zuan une artan.
Orrelaxen agur egin zioten alkarri maite izaniko
gazte ez-gazte bi aiek. Izaki bakoitzak barruan daraman zadorrik ezagutzerik ez da izaten ordu-ordu
danean.
Albiako arbola luzeen babesean, ba dira an eserlekuak ugari. Oietako batean zegoan eserita, geroxeago, arratsaldeko egunkaria irakurten bai legoan, beste
askoren artean, zalduntxo bat. Noizean bein, Larreategi kale aldera beatzen zuan adi-adi. Serafin zan, eta
zerbait berriro ikusi naiak eraman zuan eraman, toki
artaraiño.
Ez zan, ordea, ikusgurea bakarrik. Barruan sortzen
asi zitzaion espa eta bekaizkeri-sustertxoa ere ba zan,
iñolare. Aspaldi ez zuan Matilde ez ikusi eta ez geiegi
gogoratu. Orduan, alegia, lasai bizi zan, eskuarki bait
zuan eta eskurakoi errez ere bai, aren ustez. Baiñan,
osasunaz gertatu oi dana gertatuko zitzaion nunbait,
Serafin-i ere. Danean, bonbon; eztanean egon. Gorputza, bere zer guztiekin egoki, jator eta indartsu dabilleno, ez du iñortxok ere batere kezkarik izaten. Osasuna, saltzeko ere izan ba-ta, saltzeko lain ere...!
Gero, muturrak estu dituan mamarro urbiltzerakoan,
orduan kontuak.
Eta Serafin-ek ere orixe ikusi zuan orduan. Otsoaren belarriak urbil. Eta kezka ta bildurra baiñon ere,
zuana edota zuala uste zuana eskuartetik irrist egiteko gal-urren ordua somatzean, barrena larritu ta
arbindu egin zitzaion. Matilde zoragarria, ainbestean
laztan izaniko emakume kutuna, beste batek eraman
bearra!...
Eta ikusi ta obeki siñistu eta egokiroago etsiko
zualakoan edo, antxen zegoan gure gizona bere
barruko zeraz mingostasuna gustorago milizkatzen,
oiñazepean bere gogorapen-eiotzen. Samiña, samiñagotzen; nekea laztantzen, agian.
Antziñatik ezagutzen zuten alkar. Ezagutzenago ta
laztantzenago eraman izan zuten aldi batean, biitza.
Geroago, tokiz banantzeak eta joerak zerbait aldetzeak, otzagotu eta erkiñagotu zituan aien alkar-aiumak. Inguruko jende askok bestera uste izan arren, ez
ziran, nunbait, alkarrentzako sortuak izan aiek...
Serafin-ek bildurra omen zion ezkontza-bizitzeari.
Egia esan, ama bizirik zuan eta onen begiko ninia zan,
beste anai-arrebak illak baitziran. Orregatik esaten
zioten uztarriak, ez zirala aren bizkarrerako edo sorbaldarako egin. Gaiñerakoan on utsa zan, gizarajoa.
Inguruko dendak asi ziran beuren argiak estaltzen,
ateak bilduaz. Azken jolasak bukatuaz, aurrak eta
beuren zaitzailleak ba zioazten etxeetarantz. Eta
beste azitxoago batzuek eskolatik eta ikastetxeetatik,
liburuak besapean, iragaiten ziran jardin aietan zear.
Alako batean ikusi zuan etortzen neska pertxenta,
ogei urteko neskatxa askok ez duten ibilkera eta garrieragiñez. Zapata-adarrak luxeak zituan, eta soiñekoa
arro arroa, azpiko kan-kan gogorrak ematen zion
zabalkeraz, ballet antzeko iduri meekor burduntzia
gogoratuaz. Polita zan, eder zoragarria ezpa zan ere!
Gatza zuan, beiñepein, beste batzuek mami zardaituak baiño ez dituen ondoan. Atsegingarria zan, eta
ordurarte ez zuan ainbeste pentsatu Serafin-ek.
Galdu-bearraren beaztun-ordua! Ura, ezkonduko
zan, eta mutilla... Txirrita-ren bertsu zati ezten au
bururatu zitzaion:
«Allegatu naiz irurogeita
amaseigarren urtian;
ze lastima dan ezkondu gabe
sartu bearra lurpian...».
Ez zuan, noski, ainbeste urterik; urteak txirimara,
uste izan gabe ugaltzen diran arren.
Matilde azkar eta bizkor, sartu zan «Iruña» kafetxean. Eta bizkitartean, an zegoan Serafin, Shakespeare zoliaren txotxa zutitu ala etzin bearrez. «Ba gaituk, ala ez gaituk». Orra or koxka.
Nork eramango zuan zera zerera? Serafin-ek ala
besteak? Goiz gorrian jeiki arren, ez-paita eguna leenago zabalduko.
Egundoko masaillekoa eman nai izan zion Serafinek bere buruari. Txoriak iges egin ta gero zebillen
kaiola egokia nola billatuko.
Albia-ko zugatz tantai aietan, besoak utsik eta
billoiz geratzen zioazten. Orri panpoxa izaniko zer
orlegi ta biziak, orduan, orbel biurturik, xirxir isilean
zetozten lurrera, apal-kutsuz, azken-galdez, deusezaren eske. Adar maiteetatik erauziak, antxen sorturiko
aur panpiñak. Durundu egin zioten arako neurtitz
aiek, espa eme ta makalez.
«La feuille d'automne
emporté par le vent
en rond montone
tombe en tourbillonnant.
Colchiques dans les prés fleurissent;
Colchiques dans le prés,
C'est la fin de l'été...».
Udazkeneko orbelak noren irudia, urrun xamar
bederik, gogoratzen ote zion? Kemenik gabeko gizonaren kantu motela zebilkion barruan, adur biurriz,
gun-gunetan, muiñetan, maitale-nai eta maitale-erdira ere eldu etzan Serafin gizarajoari.
VI
Ba du bai luzera ederrean txoko polit eta paketsurik Mazarredo kale bakanak. Batez ere illunabar eta
jarrai dioazkon orduetan. Pakezale diranak antxen
zear oi dute beuren gogarako ibillera eta orobat egotaldi ere. Gazte maitemindurik asko joaten baita arri
aietan aurrera, eta gora eta beera. Amaika ametsen
kabi epel, eserleku aiek!
Negu leeneko arrats batean, an egin zuten egotalditxoa Loli-k eta Manu-k ere. Artean, auen alkar-joerak
mardul iraun-gogo zuan.
Lendabiziko otzaren oxkirriak uzkurtuxe, neguko
jantzi lodikoteai deia egiñik ziran bilbotarrak. Batez
ere emakumeak. Gizonezkoak, gabardiña zer bat izan
ezkero, jo ta aurrera. Eldu zan bada, sorbaldak eta
paparra eta bizkar-aldea ere estaldu bearra. Pixu
nekagarria egun luzeak eltzean; astuntasun maitagarria berriro aitona Negu makurra kalean eta mendian
eta ibai-ertzean somatzean. Eta batean eta bestean,
andrazkoen soiñekoak izaten du aldaketarik lurraren
axalak aiña. Urak gora, urak beera; batean jasoago,
bestean apalago. Eztu paralelo orrek beti marra zeatz,
ziur eta tinketza izaten. Orobat andreen soiñekoak
ere. Iñoiz, belarrondotik belaun ganeraiño; iñoiz,
bular-ingurutik aztal erdiraiño. Iñoiz, eskuturreraiñoko
besoak; iñoiz soiñekoak batere besorik gabe; iñoiz,
guante luzeak atzaparretatik asi eta besaperaiño eta
gero, ezer gutxi gaiñerakoan.
Loli, txukun jantzia zegoan, aundizkeri gabe. Bere
diruz egiten al zituan soiñekoak, ala Araibar-en ezkurrak ontzen al zuan aren ziskua? Kobalto koloreko gaiñekoa zuan; eta urdintasun arek ederki egiten omen
zion, musuko kolorea zertuaz.
–Beiñere ez naiz alderdi ontan egon, Manu.
–Ni bai sarri egon naiz, ordea. Batez ere emendixek urbil bizi izan nintzanean.
–Orain nun bizi zera? Ain zuzen gaur da eguna
orixe jakiteko betarik izan ez dudana.
Eta Manu-k isilari eutsi, ori aditu arren.
–Emendik urre bizi nintzanean... Txikia nintzan ni
orduan, gaztetxoa.
–Oraindio ere ez zera zaarra.
–Ez, siñisten dizut, neuk ere orixe uste baitut. Bestela galduta nengoke.
–Galduta, zergatik?
–Oraindio bizitza ontan asegarri asko, atsegin
ugari gozartu nai nukealako.
–Ez al duzu asiera izan nirekin ere?
–Asiera bai, baiñan, badakizu gizon baten zera
asetzeko emakume bat naikoa eztana. Atsegiña! Orretxegatik eldu nintzan zuregana, eta zuk, nik nai
aiñean eman ez didazuna.
–Ez dizut ulertzen. Ez al dizut nire maitetasuna eta
neskatasuna zuri eman?
–Eta zer da ortan arrigarririk? Jakin bear zenduke
ortarako ditugula munduan neskatxak.
–Bere denpora danean, agian...
–Beti da denpora, gazte geran bitartean. Berriketa
utsaz, gizonak aspertu egiten dira. Berriketa ezta
gorua!...
–Aspertu egiten al zera nirekin?
–Ez dizut orrelakorik aipatu. Gaur ez nuan beste
iñoiz bezin gogo berorik, eta, utz dezagun solas ori.
Isilaldiñoa izan zan kale paketsu eta bakarti artan.
–Ikusten al duzu orain orko etxe berri aundi ori,
artean amaitugabe dagoana? Ortxen, leenago, jardin
polita zegoan, eta barruan txalet txanbeliña. Bazter
batean beste etxe tipiagoa zegoan.
–Orrelakoxea gustatzen zait niri gu biok bizitzeko
–esan zion lilluraz Loli atzipetuak.
Manu-k xistu egin zuan agiñartean, au esan nairik
bezela: «ortarakoxe zegok egon, Manu-ren larrua, irekin ezkontzeko; zuntzuna ez bestena».
Ez zuan jaso neskatxak xistuketa destaiñazkoaren
esanai ta iragarpena.
–Etxe txiki ortan –jarraitu zuan mutillak– bizi izan
nintzan ni. Emengo aldean zegoan jardiñerako ate
zabala eta beste txikerrago bat. Eta beste aldean
beste ateño bat, jardiñerako eta gure etxetxorako.
Aitarik, enuan ezagutu, eta ama doi doi. Zazpi urte
nituala il baitzan; alborengo batek garbitu zuan. Alaz
ere ni bizi nintzan ango andreak, gure ama penaz, bai,
il zala esaten zuan.
–Gaztetxotik zera, beraz, umezurtza zu!
–Bai.
–Eta, zuen ama etxeño artan bizi izan zala esan al
duzu?
–Ez. Aura or bizi, ez. Aura il zanean, ni ekarri ninduten orraxe. Or, senar-emazteak bizi ziran, eta aiek
seme-alaba gabeak ziran. Orko ortulau bezela zan, eta
iñoiz neskameak eta, txaletean bakarrik bildurrik izan
ez zezaten, senar-emazte biak zituzten zaitzaille ta
lagun bezela.
–Orregatik zera zu ernaia ta pizkorra gai askotan.
–Eskerrik asko. Emakumeak bear bezela ezitzen
ez dut ikasi ordea oraindio. Ez duzute zuek gure guraria eta jitea ezagutzen maiz.
–Gaur nire kontra al zagoz?
–Bai, egon bearko. Eskatzen dizudana orrenbestean zuk uka ezkero, ezin gure artean batasun mamitsurik egon.
–Manu! Zuri ta beste iñori ez diot ba nik askatasunik eman. Batzuetan bildurrak artzen nau, eta urrutiegi joan gerala uste izaten dut. Manu, ez nuan ongi egin
illuntze artan denpora baiño leen zuri utziaz...
–Loli! Asarretu egingo al zera orain? Norentzat
dituzu begitxo oiek, norentzat? Eta masail politok eta
aotxo eze ori, norentzat? Eta beste loretxo geiago
ere...?
–Zuretzat, noski, zu lapur biurturik, nire zeron
ebasle izan baitzera!
–Musutxu bat, Loli.
Batera eta bestera zioazten bidaztiak, bakartiak,
biñakoak, saldozkoak, etzioten geienbat jaramonik
egiten an eserlekuetan gauero maitaketan aritzen
ziran bikote pinpirrinduai. Izadiaren legeak berez oi
dute indar sarkorra eta zabalkorra.
–Ez duzu ezeren bildur izan bear, Loli! Esango
dizut egunen batean. Ni ez naiz, nornai bezelakoa
gauz oietan. Ez duzu zertan izurik izan laztantxo!
Neguko gauak oi duten izerdi jarioa, intz otz eta
ezoa izan oi da; eta aren igesi, jaiki ziran eserlekutik,
eta bar dotore batera eraman zuan Loli bere xalantak.
Bar artan sartzeko unean bertan, andik neskatxa
eder batek kanporako bidea artu zuan. Manu-k nai bai
ta nai ez, aren begietara so egin zuan, eta ezin ba
esan zer ikusi uste zuan. Baiñan, bapatean, zalantzaz
josia geratu zan Manu, eta ez barrura bai barrura,
azkenean ere kanporantz egin zuan, atera zan neskatxari oles egin bearrez.
Artean neskatxa eder aura, lurrak edo irentsi
zuan, an iñun ezpaitzan agiri, Manuren damu aundiz.
Loli konturatu zan egitada ortaz, eta Manu-ri besotik
eta solapetatik ere eldu nai izan zion. Belarrondokoa
jaso zuan, ostera, Loli izutu-berriak. Eta Manu, ari izan
zan ara ona beatu ta beatu. Alperrik ordea.
Bizkitartean, Loli, miñez eta amurruz beterik,

You have read 1 text from Basque literature.