Ama euskeriaren liburu kantaria - 11

Anton deituten deutse ta ganera Zoli.

IRAKURGEIAK

JAUNGOIKOAREN
PROBIDENTZIA
Saritua izan zan 1883an Markiñan
Gaizki dabilena
Gaizki amaitzen da.
Ondo bizi dana
Ondo ill.
(Esaera zarra)
Maiatzak oraindiño
Eguntxo bat eukan,
Erretxiñolak pozik
Kantetan erautsan,
Lorak egozan arro
Zelai ta landetan,
Soñera barriakaz
Lurra agiri zan
Iturritxoetan,
Ura murmurketan,
Ibai garbietan,
Zeruak barriz ziran
Biziro pintetan.

Arpegia añ argi
Eukan eguzkiak,
Begiratuteko duiñ
Etziran begiak,
Artuko eutsezala
Inguru guztiak,
Iñok ez eban uste
Añ laster odeiak,
Baña pilla andiak,
Baltz eta zuriak,
Añ izugarriak,
Laster burrukarako
Zirean jagiak.
Peru agura zarra
Pobretxo jantzirik,
Edur gisan burua
Oso zuriturik,
Ezin ebala bota
Oñkada ariñik,
Egoalako urtez
Guztiz astundurik,
Urbiñan urtenik,

Goisean goisetik,
Bizi zan etxetik,
Arantzazura doa
Promesa egiñik.
Eguzkia gorde zan
Alako batean,
Estalgi baltza jakon
Jazarri aurrean,
Peruk zelan ez eukan
Etxerik aurrean,
Mendian aurkitzen zan
Igo bearrean,
Sasoi ederrean
Larogei urtean,
Bizita lurrean,
Elgean goruntz doa
Baña aldatsean.
Trumoia asitenda
Burruka soñuan,
Tximista bat jaustenda
Peruren onduan,
Aretx bat birrintzen dau

Sarturik barruan,
Gizona larriturik
Jausten da soruan,
Añ une gaiztuan,
Eta txit estuan,
Al eban moduan,
Birjiña Arantzazuko
Deitzen dan beinguan.
Elorri batera zan
Nekez urreratu,
Bere anparupean
Jarrita geratu,
Arria zan bertatik
Goitik abiatu,
Orri eta erramak
Ugari apurtu,
Aiseak azkatu,
Euren putzak txistu,
Odeiak urratu,
Errekak euriagaz
Bertatik gañeztu.
Batetik zarra eta

Bestetik sustua
Errukari egoan
Peru gisajua,
Egun artan baraurik
Tripea ustua,
Komulgetako ustez
Garbirik barrua,
Berorik burua,
Leorrik aua,
Gorputza oztua,
Promesa betetako
Baña piñ gogua.
Zaldun bat agertzenda
Goian atertzean
Gordin osagillea
Zana Barrundian,
Peru gisajoaren
Tokira jastean,
Nai nok esango leuke
Alan ikustean,
Añ taju tristean,
Bakartasunean,
Leku urriñean,

Lagunduko eutsala
Al eban añean.
Euria ebalako
Barriz abiatu,
Zalditik an jatsirik
Gordin zan geratu,
Baña eskurik onek
Ez eutsan luzatu,
Ezta begi onakaz
Bere begiratu,
Añ gitxi lagundu,
Ikusirik estu,
Noz eban atertu,
Agurrik egin baga
Gordin zan aldendu.
Zaldira zelan igo
Munatxo batetik,
Asten jako lau oñan
Arinka bertatik,
Gordiñek bridai sendo
Tiratuagaitik,
Aberea gelditzen

Etzan orregaitik,
Doa arri artetik,
Naiz sastraketetik,
Zeñ bide ertzetik,
Bota arte nausia
Lurrera gañetik.
Entzuten da bertatik
Dei bat añ estua,
«Neure gogortasunen
Au dot kastigua!».
Arritzen da onegaz
Peru gisajua,
Karidadez bizturik
Ikustera dua,
Txit errukitua,
Oso samurtua,
Gordin arrizkua
Troka baten jausirik
Dakus zelaitua.
Berak gura ebana
Egiñ ebanean,
Tximista legez iges

Zaldia bajoian,
Egon arren añ makal
Peru gorputzean,
Laguntzeko usteaz
Al eban añean,
Erripa añ txarrean
Leku labanean,
Arrisku artean,
Pozik aurkituten zan
Beeratu zanean.
Baña Gordin egoan
Lekura eldurik,
Dakus au pultsu eta
Arnasa bagarik,
Burua arri ertzak
Erdi bi egiñik
Azkenetan dagola
Oso sinisturik,
Txito samurturik,
Belaunikoturik,
Jaunari gogotik,
Erregututen deutsa
Arimeagaitik.

Erregu txit luze bat
Egin ebanean,
Oitura dan legetxe
Kristinau legean,
Illa bertan larga ta
Aldats garratzean,
Igo ezinik dabil
Atx mutur artean,
Eta goi aldean,
Begiratutean
Txakurraz nastean,
Bigun eizaria dau
Ikusten bidean.
O! Bigun eizaria!
Eutsan laster deitu,
Zurturik ots onegaz
Ezin zan geratu,
Peru nozbaiten jakon
Nekez urreratu
Puskaten atseden ta
Berbaz abiatu,
Zearo autortu,

Zer zan an gertatu,
Damua agertu,
Gizon bat añ dongaro
Zalako amaitu.
Bigunek eutsan dana
Entzun arduriaz
Errukitutzen zala
Osalari illaz,
Eta mirariturik
Peruren fediaz,
Bujakan erabillan
Jateko gauziaz,
Ardao ta ogiaz,
Gaztai ta aragiaz,
Al eban guztiaz,
Indartu eban Peru
Galdua gosiaz.
Azkenez esan eutsan
«Jaunak nai izan dau,
Gaur zure birtutea
Peru ondo probau,
Bere Probidentzia

Egizu alabau,
Berak oi gaitu bada
Guztiok gobernau,
Beragaitik dirau,
Ta dabil mundu au,
Berk ekarri nau,
Estutasun onetan
Zaidazan anaparau».

EUSKELDUN BATEN
GOGORAZIÑUAK
Zeruko egi ta argiaren arerioa
da inbernuko illunpe guzurtia

Argia ta illuna iñoz bat ez dira,
Adiskide bein ere ez, gaba ta eguna,
Egiak arerio beti dau guzura,
Ta sekula anaia onak ez dau txarra,
Zuzenak okerra, otzanak mukerra,
Sotillak zantarra,
Justuak kontra beti gaizkille zitala.
Alan gabak nai leuke eguna azpiratu,
On ta argi zaliak danak illunpetu,
Txarrerako gaiztuai lotsa ona kendu,
Agaitik Eguzkia oi da aserratu,
Errañuz agertu, su ta gar jarraitu,
Tximistak tiratu,
Illun baltza betiko albalei amaitu.

Argitzen dauz gizon on gabak itsutuak,
Illunak gordetako nai leukez zokuak,
Eguzkiak begiztau ezin bestekuak,
Baña nun topau leikez orren ezkutuak?
Ai! baña gaiztuak daukez billatuak,
Eta gertutuak,
Lendanaz lurpietan nun egon lekuak.
Eguzkiak artzen dau zeruaren goia
Ikuste arren ondo sorua guztia,
Baña gaba lurpian dago estalia,
Ezarri ez dagion ak goitik begia,
Dau ardura andia ikara larria,
Bildur ez txikia,
Galduko ete daben betiko auzia.
Eta asiagaz bat eguna beeruntza,
Nasaituten duako gabari biotza,
Ikusten dabelako zabaltzen keriza,
Zeñek emoten daben illunaren antza,
Au dalako motza, motel eta otza,
Gabaren laguntza,
Norentzat pozgarri dan beti gauza baltza.

Begietatik zelan juan Eguzkia,
Alan kerizpetuten da lurra guztia,
Illunak zabaltzen dau laster arpegia,
Balitz legetxe barau garaitzalaria,
Errege andia, Munduko nausia,
Ta agintaria,
Artu daioen danak obedientzia.
Eguzkia juan dok, alde egin egunak,
Goian an gure izar begi txikidunak,
Gañera illargiak zabal errañuak,
Orrexek dituk argi guretzat naikuak,
Eukazan kantuak ta ulu senduak,
Baten mosoluak,
Gabaz betete arren gurari gaiztuak.
Gabari eldu jakok nai eban eria,
Egunagaz batian juan dok lotsia,
Argiak baño onek jakak lege obia,
Zertarako juogu asaben fedia?
Ta kristandadia, eta Eleisia,
Ta bere legia?
Guk biak doguna dok gaur libertadia.

Bildur ziran abere ta egazti onak,
Txistuka gautxori, ta sagusar zantarrak,
Otso ta aiseriak barrezko algarak,
Ipurtargiak uste zirala izarrak,
Ango diadarrak, biba gu gautarrak!
Gu gaituk azkarrak,
Mundu barrian orain zoliak bakarrak.
Ollarra ots orreekaz laster iratzarri,
Lotan beguan legez entzun dana ak zoli,
Arbola adar baten eguan au geldi,
Eta zelan amaitu sermoia ontzari,
Ixillik bertati, dinotso olluari,
Urtxo eukanari,
Zoratu jakola uste dot mosoluari.
Zer uste al dan gabak edertuta antza?
Eruango deutsala egunari baza?
Illargi ta izarren argia ta otza,
Ipurtargia barriz ar txiki ta baltza...
Ezain eta utsa, eta barriz ontza,
Argitan da lotsa,
Illunpetan bakarrik dauka ak biotza.

Noz ebiltzan guztiak jolas onenetan,
Biba, gure eguna! Dau ollarrak kantetan,
Argia datorrela onek dau sometan,
Bildurra sartu eutsen txarrai biotzetan,
Zer izango ete zan egunez euretan,
Jarririk argitan,
Gordetan ez baziran laster zokuetan.
Urten zan andik laster goizeko izarra,
Onek jarri zituzan izu ta ikara,
Iruntsirik eguna oso ill etzala,
Eska eutsen ontzari uste bat on zana,
Esan egiala, berak eritxana,
Zeñek beriala,
Esaten deutse danai gorde zeitezala.
Otsua basuan i, koban aiseria,
Zuluetan sagusar, ta i gautxoria,
Sasipetan ezkutau ari ipurtargia,
Ta nik eleis-kamaran bajuat tokia,
Or nire eretxia, ta erabagia,
Ustez egokia,
Itxaron eldu arte era on barria.

Illuna bakar triste itxi eben danak,
Orduan, ai, zer pozik, ollo ta ollarrak!
Ixildu ziralako aiseri algarak,
Kukurrukuka sendo ango diadarrak,
Buruak zuzenak eregita danak,
Ta arro gangarrak,
Ixillik zokuetan gorderik gautarrak.
Gabak legez guzurrak artuta egiantza,
Zenbat eruan oi dauz bere alderuntza?
Egiten diriala milla oker gauza,
Galdurik arima ta askotan gorputza,
Ai zer zorigatxaga! Illun guzur utsa,
Da askoren poza,
Txar mueta guztiak ori dabe maita.
Guztiz antxiña onek asi eban gerra,
Zeruan baña laster bota eben beera,
Infernutik bere au igo zan lurrera,
Gizonak eukan ona ziero galtzera,
Illunpetutera, bere biziera,
Argi ta ain ederra,
Zorioneko toki lur au zan bestela.

O errakuntza baltza! Gizonak laztandu,
Munduak egi ontzat sarritan dau artu,
Nok zeruko argia nai daben lañotu,
Lurretik albaleike baita desagertu,
Baña alper nekatu, utsian saiatu,
Ezingo dau goitu,
Zeruko Eguzkia gaur dago indartsu.
Argi ta egia da gure Jaungoikoa,
Kristinau-Eguzkia Ebanjelioa,
Bere zale ez dana gau-batzarrekua,
Mosolo ta lagunen banderapekua,
Bardin judegua, ainbat paganua,
Maometanua,
Protestantia zeinda masoi artekua.
Zergaitik bizi diran oneek illunpian,
Zeruko argiari sendo gerra giñan,
Alperrik baña dabiltz ez dabe lurrian,
Jaditxiko garaitzau eta azkenian,
Lotsa gogorrian, etsaiok azpian,
Eleisa gañian,
Ikusteko ustia daukat biotzian.

GIZONAREN ZORIGATXA
Saritua izan zan Beran 1880an.

Arroztuta gaur dago lurrian gizona,
Narraz billan ezinda bere zoriona,
Adanek, Jaungoikuak emonik eukana,
Erraz eta bertatik ak galdu ebana,
Au ez da esana, egiaz izana,
Ai ezbalitz ala!
Ipuiñ kontagarri bat besterik ezpada.
Gizonak jaiotzatik obira artian,
Gauza baten damua dakar biotzian,
Jatorriz argitzia emen lazerian,
Zoriontasun utsez jaio biarrian,
Agaitik lurrian, dabill au lanian,
Arrastaka artian,
Poz oso baten billa bizitza guztian.

Amaren sabeletik ozta da agertzen,
Negar eta garrasiz bertati da asten,
Zer zorigatx dakarren ezautu ezarren,
Baña aren señaliak laster dauz emoten,
Baldin bada azten, ta aguratuten,
Beti uts ikusten,
Biotzian zulo bat ez dana betetzen.
O biotzaren zulo ezin dana itxi!
O! atsegiñ ez dana sekula jaditxi,
Galdu zanik geiago ez da, ez ikusi,
Alperrik orren billa burua asko ausi,
Naiz juan urruti, itxasoz ibilli,
Jira munduari,
Urten zanian legez zulodun etorri.
Gizon baten gatx ori giz-arraza danak
Jatorritik jatorri, daruaz negarrak,
Sortalde, Egoa, Ipar, nai Sartaldetarrak,
Gaurko eguneko ta lenagoko zarrak,
Izan zirianak, izango diranak
Bizi garianak,
Zoriondu bagarik duaz emen danak.

Gizaldik gizaldira bidazti bat legez,
Giza-arrazia dua aurrera juanez,
Orain sei milla urte artu eban bidez,
Makurtu da guztia doialako oñez,
Ogia jan nekez, gerretan bildurrez,
Bakerik iñoz ez,
Geiso izurriakaz asko illten gatxez.
Atsedengarri oia dauka lur sorua,
Begiakaz bakarrik ikusten zerua,
Dirudi alan Job bat, zar ta aguratua,
Irurogei gizaldiz sarnaz estaldua,
Dana gaixotua, eta zauritua,
Zikiñ atsitua,
Satstegian etziñik errukarritua.
Ez dago Jauregi ta ez ta txabolarik,
Ez uri eder eta ez baserririk,
Nun iñoz entzun ez dan negar kurriskarik,
Bazter guztietara dago zabaldurik,
Aiñ barru sarturik, erruak botarik,
Susterrak arturik,
Zokorik gordienak daukaz billaturik.

Ez alzenduan egin, ene Jaungoikua,
Gizona zure antz ta bai irudikua?
Bakarrik berau baño obia Aigerua,
Beste guztia egin zeuntzan beeragua,
Eta mendekua, zelan zerukua,
Alan lurrekua,
Emonik jarlekutzat mundu bat osua.
Eguzkia emon zeuntsan argi egiteko,
Illargi ta izarrak gabez poztuteko,
Aixe gozo bigunak atseginduteko,
Negua ta udia ez gogaituteko,
Sua berotzeko, ura edateko,
Ogia jateko,
Abere ta pistiak bera serbitzeko.
Lotan egoanian gorde Eguzkia,
Zeru urdiña loraz goigoitik begira,
Pistia okerra bere bakian guztia,
Beste ainbeste txori eta egaztia,
Auntza naiz ardia, bior ta zaldia,
Baia zeiñ idia,
Iratzarri ezedin euren nagusia.

Baita bere emon jakon arima argitsua,
Gomuta, borondate ta adimentua,
Burura koroia ta eskura zetrua,
Purpuraz egindako Errege mantua,
Doez apaindua ta bedeinkatua,
Zan ikustekua,
Bigarren bazan legez berau Jaungoikua.
Ortu zoragarrian atsegiñ artian,
Gozotasun osuan bizi zeitekian,
Usain eztitsuetan atseden gabian
Zoriontasun danak eukazan aldian,
Nausi zan lurrian, anditasunian,
Zein eskubidian,
Nai eban arbolatik noz nai jan eukian.
Jaunak adierazo eutsan ari baña
Arbola batekua jan ez egiala,
Onik ak ez ebala gaiztuak ezpada,
Alan gorde zedilla ill ezedin bada,
Zergaitik bestela, galduko oso zala,
Alanbere baña,
Nai ta ez orretara biartzen etzala.

Orra bada gizona zeiñ gora jasua,
Oiñpeian eukalako mundu bat osua,
Jateko nai zer fruta, gañera eskua,
Abere guztietan barriz agindua,
Naiz izan gaiztua, zein otsan mansua,
Edo zelakua,
Ugazabatzat bera zan ezagutua.
Andia zan benetan bere Jauntasuna,
Alan arrotu Adan doe askoduna,
Agaitik egin eban oker aiñ astuna,
Zeiñen arraza txarra gaur bere ezagunda,
Jaunaren esana, ustzat bota dana,
Eta fruta txarra,
Ona bazan legetxe jan bildurrik baga.
O! aokada gaizto madarikatua,
O! Adan gure Aita zorigaldukua,
Nun dozu bada oraiñ jantzi urreztua?
Nun dozu arua ta nun dozu zetrua?
Zakustaz gaisua, oso billostua,
Eta mutilldua,
Ortu zoragarritik bere arroztua.

Lorategi au gero baso zan biurtu,
Pistia len otzana kontra amorratu,
Jaungoikua zeruan barriz aserratu,
Bertatik Adan eban ak madarikatu;
Lurra zan dollortu, zer jana ukatu,
Alperrik nekatu,
Asko ereinagaitik, puzkat nekez artu.

GANBOA TA OÑEZ
Saritua izan zan Arantzazun 1886an
Errodrigok Birjina Arantzazukok,
eta Errodrigoren aitak
ERRODRIGOK
Lengo aldian bati
Entzun neutsan, aita,
Etxe asko erre, ta
Zituela bota;
Batalla andiren bat
Or Bizkai aldean,
Diñoe, izan dala
Askoren kaltean.
AITAK
Errodrigo maitea,
Aiñ dira andiak
Guztizko luzaroan
Euskeldun-erriak
Daroazan zorigatx,

Damu, ta negarrak,
Gerrak daukezalako
Ondorengo txarrak.
Gizaldi erdi bat da
Erdibitu zala
Ulibarrin euskeldun
Erri on au ala.
Banda bat da Gamboa
Ots egiñikoa,
Oñez deitzen dabena
Beste aldekoa.
Arrezkero dabiltzaz
Beti emen gerran,
Ez dakit, noz jakuzan
Jarriko bakean.
Amaika etxe dabe
Biztuak ondatu,
Laboreak ugari
Erre, ta kizkaldu.
Beste guraso askok
Euren bizitzea
Galduta itxi dabe,
Ume zurtz etxea.
Gu emen atx arteetan

Bizi gara ondo,
Orrelako negarrik
Eldu ez dalako!
ERRODRIGOK
Aita, kantau oi dabez
Batzuk, ta besteak
Euren aldeko garaitz
Gloriaz beteak.
Baña, nik kantetan dot
Aloñan bakea,
Bertan irago gura
Neuke denporea.
Ene artaldeari
Jaramonik ondo,
Ene txabolatxoan
Gabez eginda lo.
Taloa, ta esnea
Jan arren bakarrik,
Besterik baga bizi
Naz pozez beterik.
Ez alda etorriko
Araño gerrea,
Ondatu ez daiguen

Gure artaldea.
Zerren gerra zaleen
Tronmpetaren otsa,
Nire txistuagazko
Oso da garratza.
Nire soñuak poztu
Oi dauz arditxoak,
Gerrarien tronpetak
Larritzen gaixoak.
Aita banoa, bada,
Orain eurakgana,
Zergaitik zaiñ bagarik
Egin daben gaba.
Badakizu nintzala
Bart Baltzategira
Etorri talogeitzat
Urunaren billa:
Eta gaur Domekea
Zalako gaeñra,
Jasteko entzutera
Mezea kalera.
Bestelan Aloñan nik
Nai dot bada bizi,
Kalerik ez dot gura

Aldala ikusi.
Antxe daukadalako
Naikoa pozgarri,
Landa zabal berdeak
Naitean jazarri,
Kerizpeak aukeran,
Ditudaz topetan
Urak zelakoak nai
Iturritxoetan.
Txirritxirrien soñu,
Txorien txistuak
Orreek dira entzuten
Ditudan kantuak.
Txabolako atean
Jarririk gabetan,
Ikusgarri ederrak
Ditut zeruetan.
Illargiari beti
Deutsat jaramoten,
Egunik egunera
Ze alde dakarren,
Baita izar batzuri
Oi deutset igarri,
Nundik, nora, ta zelan,

Oi diran ibilli;
Eta adoraturik
Euren Egillea,
Zein dan Jaungoiko
Naurririk bagea.
Beragan neure uste
Dana ipiñirik,
Neure kamañatxoan
Jarten naz etzunik.
Agur, aita maitea,
Domekara artean,
Ez aldozu izango
Okerrik astean.
AITAK
Zorionekoa da
Gizona munduan,
Bizi bada asabak
Zirean moduan;
Euren lurrak landuaz
Euren baserrian
Euren oitura zar, ta
Siniste garbian;
Munduko andikien

Egarri bagarik
Iguiñ baga etxeak
Dakarrena janik,
Izan ez arren gauza
Urian lakoak
Osasungeitzat, baña,
Dira obagoak.
Noberen artaldeai
Eginik jaramon,
Gizendurik urtean
Txarri, edo zekor,
Taloa ta esnea
Urdai, ta aragia,
Naikoa bada ez da
Txarra baserria.
Gañera laboreai
Gagoz gu begira,
Adurra darigula
Ontxoak badira.
Ez daukagu munduko
Andien amesik,
Abere ta lurrakaz
Bizi gara pozik.
Goixetan egiñagaz

Geure erregua
Jaunari eskiñiaz
Egun zabaldua.
Berari opaturik
Geure neke lanak,
Gaberaño izaten
Ditugun dan danak.
Errosariotxoa
Gabean gabean
Errezaurik uts baga
Apari ostean
Etzatzera goaz gu
Biotz zabalagaz,
Eguna ondo juan
Jakun usteagaz.
Alantxe bizi gara,
Ene semetxoa,
Jaunari zor deutsagu
Eskerra naikoa.
Izan zaite, bai, izan
Baserri zalea,
Maitetuten dozula
Zeure txabolea,
Diñozun legez antxe

Bizi zara ondo,
Iñon bere etzara
Obeto izango.
Zoaz ordu onean,
Domekan etorri,
Lagunduko deutsut nik
Mezatara zuri.
ERRODRIGOK
Jaungoikoak dizula
Aitatxo egun on,
Domekea baño len
Ona, emen nator.
AITAK
Zetan zatoz semea
Zapatua izanik
Orrelan arnasarik
Bere artu eziñik?
Zer gertatuten jatzu
Ze barri dakazu?
Esan egidazu.
Agur zuk etzenduan
Domekara arte?

Biyar arte semetxo
Etzinduan uste.
ERRODRIGOK
Etzaite ikaratu,
Aitatxo maitea,
Barri eder bat dakart,
Zeruko gauzea.
Jakin egizu, jakin,
Zelan gaur goixean
Gezaltzatik aurrera
Ardien atzean
Niñoala santa bat
Billatu dodala,
Ain eder, ain galanta
Ikusteko dana.
Andra guztizko bat da
Umeaz besuan,
Jantzita Erregiña
On baten taiuan.
Aranz arbola baten
Ain bakartokian
Errañua botiaz
Dago agirian.

Dala, diño, Artzaiña
Ama Erregiña,
Eta txabolatxo bat
Dabela premiña.
AITAK
Zelan izan ete da
Alan agertzea,
Askorentzat izango
Da gatx, sinistea;
Baña, zelan daukadan
Nik sendo fedea
Jaunarentzat ez da gatx
Nai zer egitea.
ERRODRIGOK
Aita neuk bere ezin
Eginmda sinistu,
Ikusi arren bere
Dudan naz aurkitu;
Mirarien bat zala
Ziertu izango,
Umill umill jarririk
Azartu natxako.

Berbaz al dan ondoen
Egiñaz berari;
Baña, berak obeto
Erantzun deust niri.
Entzungo dozu laster,
Zer erantzun deustan
Baña nik neuk lenengo
Auxe deutsat esan.
***
Nor zara o! Andrea
Umeaz besuan?
Nundik sortu zatxakuz
Emen eremuan?
Nundik agertu zara
Oren miragarri
Erregiña andi bat
Dozula irudi?
Buruan koroia ta
Purpuraz soiñean,
Ezin asmaurik nago
Nor ete zarean,
Al zara artzaiñen bat

Baña, nor zaintzeko
Ezpadozu ardirik
Begiratuteko?
Badazaut zareala
Seme orren Ama,
Arpegiz dozulako
Beorren antz dana.
Eta noren Erregiñ
Izan zindekez zu,
Basoan nok adorau
Iñor ezpadozu?
Eta toki oberik
Zuretzako etzan,
Aukeratu bagarik
Orrelan arantzan?
BERAK ERANTZUN DEUST
Iru gauza orreek naz,
Errodrigo ona,
Ama, Erregiña, ta,
Gañera Artzaiña,
Jaungoikoa da nire
Seme, ta Bildotsa;
Zeru, eta lurrean

Neuk daukat agintza.
Orra zelan ni nazan
Iru gauza orreek,
Munduan ainbat doe
Ez dauz beste batek.
Umilla nintzalako,
Jaunak nindun egin
Gizon danenetzat Ama,
Artzain, ta Erregiñ.
Berak dauka emonik
Niri ardurea
Zuen guztioena
Oso ta betea. Errodrigo etzaite
Alan ikaratu,
Onezkero nor nazan
Dozu ezagutu.
GERO NEUK ESAN DEUTSAT
Badazaut zareala
Zeruko gauzen bat,
Ikusiaz batera,
Au gogoratu jat.
Ez dodalako iñoz
Aiñ andra ederrik

Munduan ezagutu
Gaur arteraño nik.
Dirudizu Eguzki
Goixetik jagia,
Alegeretuteko
Euskeldun Erria.
Berau dagoalako
Aspaldiko urteetan
Gorrotoan sarturik
Gerra gaiztoetan;
Eta zelan dagoan
Artzen kastigua,
Deritxat errukitu
Jakola zerua.
Uste dot, o! Andrea,
Bien bitarteko
Jainko, eta gizonen
Zareala izango.
Asarrez ez deusku, ak
Bialtzen euririk,
Agorrez bizi gara
Danok erdi illik;
Eta baldin bazara
Zu Jaunaren Ama,

Euria zeuk jaditxi
Zengi bereala.
Gure Artzaiñ, Erregiñ,
Ta Ama bazara,
Euskal-lurra artu-izu
Zeure ardurara.
BERAK ERANTZUN DEUST
Jakizu Errodrigo
Ene gogokua,
Euskeldunetan zaitut
Zu aukeratua.
Adierazoteko
Gauza oneek zuri,
Ta nai dot igarri
Daiozun aitari
Beti izan dodala
Zuen ardurea,
Eta gura dodala
Emen txabolea.
Bertatik zainduteko
Erri euskalduna,
Zein dan niretzat jente
Laztan ta kutuna.

Baña, alan bearrez
Gaur zorigaiztuan
Aurkietan da agorraz
Ia ondatuan.
GERO NEUK ESAN DEUTSAT
Banoa arin-arin
Aitari etxera
Emen jazoten dana
Iragarritera.
Erregutuko deutsat
Laster txabolea
Egin bear jatzula,
Amatxo maitea.
Bestela ez dozula
Egingo euririk,
Geratu etzaitean
Oso ondaturik.
***
Auxe da, ene aita,
An dana gertatu,
Zuri esan artean

Etorri naz estu.
Goazan, arturik laster
Alditugun zurak,
Sentigarri liztake
Busti daian urak,
Nire ustean dauka
Ak erabagia
Artuta bereala
Eiteko euria;
Eta zuk badakizu
Eurien premiñan,
Zelan gaizki gagozan
Emen aspaldian.
AITAK
Goazan, ene semea,
Dagoan lekura,
Zergaitik ikustea
Nik bera dot gura.
Jaungoikoaren Ama
Ziertu dalako,
Txabolatxo bat baño
Geiago zor jako,
Goazan Errodrigotxo

Goazan bereala,
Ondrau daigun, mirariz
Agertu dan Ama.
ERRODRIGOK
Etorri zaitez aita
Neure ondorean,
Neu joango natxatzu
Aurretik bidean;
Zergaitik bear dogun
Guk toki txarretan
Irago atx arte ta
Leku labanetan;
Baña begiratuaz
Astiro astiro,
Elduko gara miñik
Egin baga ondo.
Goazan an agiri dan
Artalde azpira,
Eta andik garbiro
Tokia agiri da.
Goazan egonagaitik,
Aldapa gogorra,
Alimo, ene aita,

Igo arte gora.
AITAK
Arañoko bidea
Ia ez da asko,
Bildur naz, baña, ete dan
Andik ikusiko.
ERRODRIGOK
Ara, ara, an aita,
Ara nun dagoan,
Antxe arako sasi
Andien alboan.
Ez dozu begiztetan
Arantza gañean
Esan deutsudan legez
Zeuri len etxean?
Begira egiozu
Dauka artzaiñ antza,
Arpegiko azala
Baltzerana dauka.
Baña, ederrez zelan
Dan paregabia,
Dudarik bapere da

Birjiña Maria.
AITAK
Goazan aguroago,
Adoradu daigun,
Mirari bat dala au
Garbi da ezagun,
Gero joan bearko
Dozu Oñatira,
Alperrik erreguka
An neketan dira,
Ez dabe ez euririk
Au ikusi arte,
Zerutik eratsiko
Ezetara bere,
Lenengo bear dabe
Onaxe etorri,
Ama-Semeok zelan
Dagozan ikusi.
Eurok adorau, eta
Gero txabolea
Bearko deutse egiñ,
Semetxo maitea.
Baña, geuk aurrenengo

Daiogun erregu,
Pekatoriokgaitik
Daitezan bigundu.
ERRODRIGOK
Zeuk ala neuk asiko
Dogu erregua?
Asi-zu zeuk zergaitik
Zara gurasua.
AITAK
Asi zaite lenengo
Zeu ene semea,
Zarealako bere
Aurkitutzallea.
Belauniko jarririk
Berorren oñetan,
Abe Maria asi
Zaitez errezetan.
ERRODRIGOK
Agur, Agur Maria
Graziaz betea,
Jaungoikoa da zugaz,

Birjiña maitea,
Andra danetan zara
Zu bedeinkatua,
Ta Jesus zure sabel
Dontsuko Frutua.
AITAK
Pekatariokgaitik,
Jainkoaren Ama,
Erregutu egizu
Orain arren bada;
Eriotzako orduan
Begiok gugana
Zuzendu, ta eroan
Gagizuz zeugana.
ERRODRIGOK
Amen.

ANTXIÑAKO DENPORAN
Saritua izan zan Iruñan edo Panplonan 1883an
Urkiolako bentan Abenduko gau ekatx
andiko baten batu zirean sei bersolariak

LENENGOA: OLETAKO BIDARI BAT
Gaur eldu jaku gau bat, aiñ otz eta tristea,
Odei pillo arreak dabiltzaz batuten,
Gorde dau Illargiak arpegi zurbildua,
Zeruan izartxo bat ez da agertuten.
Len erdi entzuten zan aiseen durundua,
Oiz aldetik orra, orra nun datorren,
Troketan jausten diran ur minduak ez dira
Aiene, ta aiene, txilioz ixilltzen.

Illen zelaiko zugatz orriak ikaraka
Aiserik bere baga daukazanagana,
Ontz bat uluka joian, zerren bere azpian
Gizonen bat lurpetu ei eben bein bada.
Gañera ikusi dot Anbotoruntza egan
Joiala azurruts bat koraña bategaz,
Eta desagertu jat oñeztu bat legetxe,
Norbaiti ekitera uste dot goguaz.
Beintzat txakur auziak, Atxin baño gorago
Txabola baten ziran estu ta larriak
Duda bagarik esan nai ebela uste dot,
Nausia ill jakola, aren intziriak.
Aise putzak txistuka, pago erramatzarrak
Baibenka darabillez ausi agiñean,
Soñu orreek entzunaz otso bat topau neban
Lotan ta korrozaka baten adarpean.
Bidariak ezin lei biderik billatu gaur,
Zerren zeru ta lurrik etxakon agiri,
Bildur ikaraz dabil, lokatz ala arritzan,
Egingo ete daben ankea ipiñi.

Bardin sartzen da nartzan, bidetik aldendurik,
Bardin zelaian bere labandurik jausi,
Erreken murmulloa entzun gura leukela,
Nun doian jakite arren dabil barregarri.
Tope egin ez daian mugarritzarren baten
Eta bertan ez dedin ill otzik geratu,
Gura leuke odeiak, burrukan egiñagaz,
Oñeztuak baleiez sarri sarri sortu.
Mamu bildurgarriak ara ona dabiltzaz,
Arreak, zurbillak ta zuri eta baltzak,
Gaba gabekoentzat, gizonenetzat eguna,
Niretzako ez dira illunezko gauzak.
Oraiñ ulu triste bat, oraiñ ixilltasuna,
Oraiñ sunbil bategaz bildurtuten nintzan,
Illak obietatik urtenik dabilltzala,
Gabetan uste dot nik deslaituten gisan.
Nekez emen eldu naz, benta onetara gaur,
Gaban edola bere bertan egitera,
Errukitu zakidaz zerren galdurik nator
Ostatu onetako ugazaba jauna.

BIGARRENA:
ATXARTEKO EIZARI BAT
Goietan aiseak indartsu ebiltzan,
Euria jausten zan geratu baga,
Mendi-megopea Atxaretn ebillan
Batetik bestera egan jiraka.
Bere ots eskergak, trumoien antzera,
Bildur ta ikaraz bat eben jarten,
Atx arrien batzuk jausiko ete ziran
Neu beiñik bein asko nintzan izutzen.
Urakan gogorrak mendi goietatik
Beor eta beiak bota dauz beera,
Eurien euriaz otzak kilkildurik,
Gaisoak joiazan atxpeietara.
Errekaka sendaro bitza dariela,
Doaz zuzenduta amorraturik,
Ez da azartuko saltoz iragoten
Arriskurik baga ni lako zarrik.

Atxarten dagoan txabolatxo atan,
Eizariak gara sustoz esnatu,
Aise putz zorrotzak zerren irrizkitu
Guztiak zituzan laster askatu.
Danok asi arren bedar ta orbelez
Zarratu gurarik arrapataka,
Txarko bat sarturik uste uste baga,
Bear izan dogu urten karraka.
Illinti igarrak euki arren surtan,
Bat batean zeatz deuskuz amatau,
Biar ezingo dau ara eltzen danak
Eurakaz sugarrik samur barriztau.
Artzain gisajoak atxera igo dau,
Berak an dakian koben batera,
Gabau joan arte beraren barruan,
Aldaben modura atsedetera.
Nire laguntxoak artzaiñari deutse
Jarraitu atzetik toki atara,
Ez nebalako nai arei jarraitzerik
Bentaria nator Urkiolara.

IRUGARRENA:
ZAIBEGIKO IKAZKIÑ BAT
Mendietatik aiseak beeraturik zakonera,
Ikazkiñai loak artzen ez euskuen itxiten,
Alako baten tantai bat ondotik ausi dabe ta,
Gure txabolea joaz ondoan jaku jausten.
Ordu erdi tertzioan txabolatik ni urtenik
Pago zugatz arro baten gorde bear izan naz,
Gau guztia iragoko bertantxe poz pozik neban,
Galduko nintzan bildurra euki ezpaneu otzaz.
Zaibegiko tontorrean lañoz erdi estaldurik,