Agurra eta Ohorea - 4
Alboetan kandelak, argizaria edo olio-lanpara ipini eta isiotuta argi
egiten zaio gorpuari beilak irauten duen denboran. Elizan ere kandelak edo argizaria isiotu ohi zaio, edo zitzaion, sepulturan. Gai honi
buruz arakatzen hasten denak leku ugaritan irakur dezake Euskal
Herrian ohitura izan dela etxean norbait hiltzen denean, etxeko nagusia batik bat, erlauntza ondora joan eta erleari jakinaraztea, argia
behar dela eta argizaria egiteko eskatuz.
Etxean gorpuari beila egiten zaion gelan eta elizan ez ezik, segizioan ere, hilaren etxetik elizara bidean eta elizatik hilerrira alegia,
argia eramaten ei zen, eta argizainak, toki batzuetan ezkoanderia
esaten zitzaionak, bere leku propioa omen zuen. Ohartemangarria
da emakumea ohi dela beti edo gehienetan, gurean behintzat, hilotzaren gorpua prestatzen duena eta hilari argi eskaintza egiten diona.
Gorpu eramaile edo andari, berriz, nekez izango da.
2009ko martxoko Nora aldizkariaren 14. zenbakira gatoz berriro,
honela irakur zitekeen bertan: “ohitura zahar eta zabaldua izan da
hildakoek berekin beste mundura opariak eta ondasunak eramatea.
Gauzak, jakiak, animaliak ere sarri agertzen dira”.
69
Antzinatik ehorzketa lekuetan su txikiak isiotu ohi zituzten. On Joxe
Miel Barandiaran su eta argi eskaintza zirelakoan zegoen: “Erritu
horren gaur egungo bertsioa hilobietan kandelak pizteko ohitura da.
Hori sinismen jakin bati zor zaio, hildakoen arimek eskaintza horren
premia daukatela, haiek gabe beste munduko bizitzan inguratuko
lituzkeen ilunpeak uxatzeko”.
“Sepultura gainetan argia eta ogia eskaintzea ohitura oso zabaldua
da Euskal Herrietan eta dirau oraindik. Ogia ez ezik beste janari
asko ere eskaintzen zituzten oraindik orain; ardiak eta idiak elizetara
eraman ere”, dio Anastasio Arrindak Euskalerria eta eriotza lanean.
Baina, antzinate urrunean ere ohitura bazela dio: “Leizeetan bezala trikuharrietan ere animalien izter-hezurrak aurkitzen dira; hezur
horiek, han jarri zirenean, mamiarekin zeuden; hildakoek, nonbait,
euren ibilaldietarako, jana eta edana behar”.
Willian A. Douglassek Muerte en Murelaga lanean esaten du janaria
eta argia behar dituela defuntuak beste mundura bidean, eta ogia eta
kandelak, edo argizaria, eskaintzen zaizkiola hilobian.
Ez da, noski, soilik Euskal Herriko kontua hilei eskaintzak egitea.
Zenbait autorek gure ohituratzat aipatzen dituzten eskaintza berdinak edo berdintsuak ikusiko ditugu beste kultura batzuetan. Gurean idiak –adarretan ogi bana zutela, inoiz– edo ahariak eramaten
baziren hiletetara, Homerok ere idi, ahari eta enparauen eskaintzak
aipatzen ditu Patrokloren hiletetan.
Diego Blasco Crucesek bere La historia de la muerte liburuan dio
Sumer, Egipto, Txina eta Japongo erret hilobiek badutela zerbait
amankomuna: errege, noble eta apaizak ondo lagunduta dautzala,
70
Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga
alegia, emakume, musikari, jopu eta gudarien konpainian. Aurreraxeago, honela dio:
1927an, sir Leonard Wolley hasi zenean Ur-ko erret hilerria
aztertzen, mundu osoa harritu zuena aurkitu zuen. Inork ez
zuen espero han lurperatuta aurkitzea arpadun musikariek,
gudariek, dantzariek eta gorteko emazteek osatutako hileta
segizio harrigarri bat. Erregea zegoen segizioaren buru, eta
bera zen lurrez estaltzean hilik zegoen bakarra.
Batzutan ezin izaten da jakin beste mundura bidean konpainia egingo dien zerbait edo norbait eramatea, ala beraiek joan ondoren mundu honetan inor ez lagatzea den handiki horien nahia.
Kontu apalagoetara etorrita, Dee Brown-i honela irakur diezaiokegu
Ehortzi ezazue nire bihotza Wounded Kneen liburuan:
Satank zaharra, urte hartan texastarrek hil zioten semeari negarrez ari zitzaion. Aita atsekabetuak, bizkarrean ekarri zituen
bere semearen hezurrak eta tipi berezi bat eraiki ondoren, plataforma altu baten gainean zeuzkan ipinita; hilda ez, baizik
lotan eduki balu bezala mintzatzen zen beti agure nahigabetua bere semeari buruz ari zenean, eta haren dendaren alboan
egunero janaria eta ura ipintzeaz arduratzen zen…
Apalak izan arren Satank zaharraren eskaintzak, Egiptoko, Mesopotamiako edo beste edozein lekutako handiki handiarena bezain
handi eta sakon zen, gutxienez, buruzagi Kiowaren atsekabea eta
samina.
71
Hilen omenetan egin ohi diren oturuntzetan ere badago alderik,
dudarik gabe, munduko leku batetik bestera. Oturuntza handiak,
Euskal Herrian ere hainbat etxe zorretan ezartzerainokoak, desagertuz joan dira, zenbait kulturatan oraindik jarraitzen duen arren
ohiturak.
Argia dela esan dut, hilari egiten zaizkion eskaintzen artean bat aukeratzekotan, aipatuko nukeena. Hala ere, loreak dira seguru asko argiaren lekua hartuko dutenak, hartua ez badute jadanik. Edo, behar
bada, argia adierazteko beste modu gisa edo osagarri moduan ere har
daitezke loreak, ilunean lagun izateko argitasuna eta bizi zantzua.
72
Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga
16. HILETA ERESIAK
Hilengatik negar egitea, hurko hilaren hutsunea eta harengatiko atsekabea sentitzea, leinu kide hilaren gorpua hobiratu zuten aurreneko
“homo” haiez geroztikakoa izango da gutxienez. Negarra eta erosta, hiletak eta eresiak, denak bateratsu edota bata bestearen jarraian
etorri ziren beharbada. Gure ‘erosta’-k ‘lamento’ esan nahi duela eta
ez dela abesten, ez duela kantatzen denik esan nahi dio, dena dela,
Azkuek bere kantutegian.
Abestuz ari dena edo kantu doinurik gabe jaulkitzen duena, unibertsala da seguru asko erostariaren irudia. Munduko edozein bazterretan, edozein kulturatan, modu batean edo bestean guztiek egin
izan dituzte eta egiten dituzte atsekabe adierazpenak, negar eta keinu
soiletatik hasi eta jantziak eta aurpegia urratzeraino, ile, bizar eta tximak erauztetik igaroz.
Baina erostak eta erostariak ez dira beti begi onez ikusiak izan, ezta
gutxiagorik ere. Baionako udal ordenantzak, esate baterako, 1298an
debekatu egin zuen hiletetan garrasi, negar eta samin adierazpenak
egitea, Juan Madariagak Historia social de la muerte en Euskal Herria
lanean dioenez. Gauza bera egin zuen Oñatiko udalak 1479an, aurpegiak ez urratzeko eta hilotzaren gainean aurpegiak ez igurzteko,
hilarengatik negarrik ez egiteko aginduz.
Gordexolan erostariak debekatu zituzten 1548an…
73
Bizkaiko jaurerritar zaldun aitonen semeen Foru Lege Berezi Frankeza ta
Herri-eskubideak gisa honetan zehazten ditu hiletetako hainbat zertzelada:
VI. Legea. Ildakoagatik zelan negar egin eta zelako illetasoiñekoa jantzi bear dan:
Baita, esan eben: Jainko gure jaunarentzat goragarri ta Jaun
Andiarentzat onuragarri ez diran negar aundiak eta beste
itsuskeri zantarrak egiten dirala Bizkaia’n (norbait ilten denean); au, barriz, onango negarrak eta itsuskeriak egiten
dituenentzat barruan gorabeera aundiko kaltegarri eta galgarri ta zantarkeri aundia zala, baita erri guztiarentzat bere.
Eta orrelako okerrak alboratu ta kentzeko, legetzat ezarriz,
aginten ebala, onantxe agindurik, aurrerantzean, Bizkaia’n
edo Bizkai’tik at iñor il ezkero, Itsasoan naiz Leorrean, Lurralde Lauan naiz Urietan eta Uriaundian, iñor ez daitela negarrik egiten ausartu, naiz uleak erauzi naiz aurpegia
urratu naiz buru-utsik agertu naiz kantaka negar egin naiz
marragazko jantzia jantzirik; zigor onenpean, besterik egiten dauanari, egin dagian bakotxeko, mila marairen…
“Iñor ez daitela”, “besterik egiten dauanari”, “egiten dagian bakotxeko…”. Horixe da, tamalez, bidenabar esanda, gizarte legeen eta
gizartearen historia. Debekua eta zigorra arau izan dituen eta oraindik dituen gizartea, ezin iritsi beste inora, iritsi den lekura baizik.
Erostak bai, baina hileta eresi ederrik ere ondu izan da gurean. Egoki delakoan berriro dakart orri hauetara Milia Lasturkoarena. Honela diote haren bertso batzuek:
74
Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga
Zerurean jausi da abea,
jo dau Lasturko torre gorea,
eroan ditu ango jauna ta andrea,
bata leen, orain bestea,
bidaldu dogu zeruetara kartea:
arren diguela geure andrea.
Mondragoeri artu deusat gorroto,
Gipuz andraok artu ditu gaxtoto;
Iturriotz kalean andra Maria Baldako,
Arte kalean andra Otxanda Gabiolako,
Errebalean andra Milia Lasturko.
Eta Santxa Otxoa Ozaetakoaren eresiatik ere bildu nahi izan dut
aipua, Aramaioko oñaztarrek hil zioten Martin Ibañez Artazubiagakoa senarraren hiletetan:
Oñetako lur hau jabilt ikara
lau aragiok berau bezala…
Berriagoa da Lizardiren Biotzean min dut hileta eresia, amonaren
ehortz egunean egina:
Biotzean min dut, min etsia,
Negar ixila darion miña.
Amonatxo bat nun: gaur, enarak
Etorri-garaiez, aldegiña.
75
Eguzkirik ez dute
leiotan zapiak;
aur-yolasik ez dago
gaur zure kalean.
Odeiek lits urratu;
itsasoak orro.
Gizadi bat geldirik;
gero, bat-batean:
Ots!
Ots!
bizion oñok…
errezka bi gizonek
argizari oriak;
gorputza lau bilobok;
atzetik andreak.
Ai, ene lor arin au
zein dudan larria!
Besoek ez lan arren,
biotzak nekeak…
…
Erostarien negar eta intziri ozenak isiltasun bilakatu dira jadanik;
“negar ixila darion miña” du gorpua daraman bilobak; “gizadi bat
geldirik”… ezer ez da entzuten, bizien –segizioan doazenen– oin
hotsak izan ezik.
Bizien oin hotsak dira, hiletetara doan jendearen oin hotsak, 1975eko
irailaren 29an Txikiren amak Zarautzen entzuten dituenak ere. Ekarriko dugu berriro hizpidera.
76
Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga
17. ANTIGONA
Hilei ez zaie beti bakea ematen, nahiz eta esaerak hori egiteko agindu. Gerretan ez ezik, nola-halako liskarretan eta “gerra zikinak”
deitzen ditugun horietan ere, behin eta berriz ikusi dugu estatuak,
gobernuak, agintariek zer errespetu eta itzal dioten arerio eroriari
eta haren senideei.
Etsai eroriarengatik direnak eta ez direnak esanez hanpatzen dira
komunikabideak, idatzizkoak eta ahotsezkoak. Agintariek euren
zerbitzari izateko desioz lerdetan daudenen bitartez gehienetan,
iraina eta ironia mikatza ereinez mendekua irauli izan dute askotan
etsai eroriarengan, gorpua laidoztatuz maiz, edo kultura bakoitzean
ohikoak diren hiletak eta gurtza ukatuz.
Eta hala ere, agintarien aginduei eta larderiari aurre egin izan diete
hamaikatan erorien senideek, ausardia garesti ordaindu arren.
Sofoklesen tragedietan ikusten dugu Menelao eta Agamenon buruzagiek debekatu egin zutela bere buruaz beste egin zuen Ayaxen
gorpua lurperatzea:
– Aizu; bai, zeuri diotsut: gorpu hori ez dezala inork uki: horrelaxe laga behar da, dagoen moduan –agindu dio Menelaok
Ayaxen anaiorde Teukrori.
Baina Ulises dator, eta honela diotso Agamenoni:
– Entzun ezazu, bada: ez zaitez ausartu, jainkoengatik, lurrik eman gabe jaurtitzera gizon hori, hain gupidagabeki; ez
77
dadila amorrua garaitu zugan justizia zapaltzeraino gorrotatzeko moduan. Neuk ere ez nuen gudarostean Ayax baino etsaiagorik Akilesen armak neureganatu nituenetik…
Beraz, justiziaz, ez duzu laidoztatu behar, eta, hala egingo
bazenu, ez berari baina lege jainkotiarrei egingo zenieke irain. Ez da bidezkoa adoretsua zaurtzea hil ondoan, gorroto
bazenu ere.
Aurrerago, zentzabidean honela galdegiten dio Agamenonek:
– Hilari lur ematea aholkatzen didazu, beraz?”
Eta Ulisesek:
– Bai, eta neu joango naiz horretara”.
Tira, esaldiotan alde politak aurki daitezke edizio batetik bestera, eta
gure itzulpenak ez ditu agian asko taxutu gauzak, baina egingo nuke
irakurleak igarri diola nondik nora hedatu nahi ditugun.
Esango nuke, dena den, Ayaxenean baino erruz argiago –gordinago
ere bai– ageri dela auzi hau Antigonaren tragedian.
Antigona eta Ismena ahizpen neba biak, Eteokles eta Polinices hil
dira; Tebasen defentsan lehena, erasoan bigarrena.
– Zer gertatzen da? Esan behar didazunak goibeltzen zaituela dirudi
–dio Ismenak, eta honela erantzuten dio ahizpak:
78
Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga
– Eta nola ez bada!? Gure anaietako bati hobiratze ohorea
ematea eta besteari ukatzea erabaki du Kreontek. Eteokles
hobiratzeko agindu ei du, hilek ohorez har dezaten lurpean.
Baina Polinices zorigaiztokoari dagokionean, agindu bat atera
duela diote, haren gorpuari lur ematea eta harengatik negar
egite ere debekatuz. Dolurik gabe, lurrik eman gabe laga behar dela…
Aurrerago berean tematua ageri da Kreonte:
– Eteokles, hiriaren defentsan inork berdindu ez duen adorearekin borrokatuz hil baita, hilobi batean lurperatu dezatela
agintzen dut, eta ohorez hiltzen diren guztiei egiten zaizkien
eskaintzak egin eta opatu diezazkiotela. Bere anaiari, ordea,
erbestealditik itzuli eta aberria eta familiaren jainkoak goitik
behera sutan pasa, eta etxeko batzuen odola dastatu eta beste
batzuk jopu egin nahi zituen Polinicesi, berriz, hilobiekin nahiz malkoekin hiri honetan gurtzarik ez egiteko agindua eman
dut. Laga dezatela ehortzi gabe, zakur eta hegaztien sarraskitzat eta begiraleen ikusgarri zatartzat…
Antigonak anaia hilari lur eman nahi dio hala ere, eta ahizpari eskatzen dio laguntza. Baina Ismena ez da ausartzen horretara; men
egiten dio Kreonteren aginduari: “gauzak horrela badaude, nik hara
bultza edo hona tira, zer irabaz nezake?”.
Bakarrik doa Antigona, debekuak debeku, anaiaren gorpuari lur
ematera; baina zelatariek ikusi dute eta atxilo daramate Kreonteren
aitzinera:
79
– Emakume gaztea ikusi dugu gorpu biluziaren aurrean negarrez eta erostaka; aieneka, bidegabekeria hori egin dutenengatik gaizki esaka ekin dio. Lur hautsa bildu berehala bere eskuekin, eta zizelkatu dotoredun brontzezko ontzi batetik hiru
isuri-aldi egin ditu defuntuaren gainera. Hori ikustean, berehala joan gatzaizkio gainera; denon artean atzitu dugu, eta ez
du azaldu beldurtuaren itxurarik…
Bere debekuaren berri ez al zekien, aginduari jaramonik ez egiten ausartu al den, galdegin dio Kreontek, eta Antigonak honela erantzun:
– Ez da Zeus izan debeku hori eman duena, eta lurpeko
jainkoen laguna den Dike-k ere ez du egundo horrelako agindurik aldarrikatu gizakien artean. Eta ez dut pentsatu zure
arauek, hilkor zarenez, jainkoen lege idatz bako eta betierekoen aldean lehentasuna izan dezaketenik. Lege horiek ez
dira gaurkoak edo bart arratsekoak, betikoak baino; noiztik
datozen inork jakiteko baino antzinagokoak. Ez nuen, bada,
arazorik, gizonen aginduen beldur ez naizenez, zure debekua
zapuztu izanagatik jainkoen zigorraren beldur izateko. Zure
mandatua baino lehen nekien, nola ez jakin, hil behar nuela.
Baina garaia baino lehen hil behar banaiz, neuretzat irabazia.
Nire antzera zorigaitz eta larrialdien artean denarentzat hiltzea ez al da, bada, irabazian irtetea? Beraz, zuk erabakita zain
daukadan azkenak ez dit sortzen estuasunik. Neure amaren
seme baten gorpua lurrik eman gabe egon eta horretan laga
izan banu, ordea, hori bai izango zitzaidala atsekabe zaurgarri.
Gainerakoak ez dit minik ematen. Eta halarik ere, iruditzen
bazaizu zoro baten jokabidean aritu naizela, egizu kontu agian
ero bat dela erotzat hartzen nauena.
80
Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga
Jopuei errieta egiten die Kreontek, hainbeste hitz egiten uzten diotelako Antigonari, eta zorrotz agintzen die:
– Eramazue, bada, eta, gangadun hobi batean hersten duzuenean esan dizuedan legez, utz ezazue bakarrik, babesgabe; hil
behar bada, hil dadila, eta, hala ez bada, hilobi bizitza egin
dezala esan dizuedan heriotz-etxean…
Harpeko zulo modu horretan, hilobi bizitza ez baina bere buruaz
beste egingo du Antigonak.
81
18. EZ GARA ALFERRIK PASAKO
Lurdes Iriondo eta Xabier Leteren abesti baten goiburua da hori;
abestiak honela dio:
Beste esku batzuek jasoko dute gure lana,
ez gera alferrik pasako.
Badu bizitzak etorkizun bat,
ez da ametsik hautsiko.
Izango gera egunaren hasieran gazte
eguerdiko berotan neke, ilunabar-sarreran atseden kabi.
Baina gero, beste egunsenti batean
gure herriko jendeak argi berrira esnatzean
altxako dira eskuak
ahots latz gogorrek esanen dute egia
eta ez da nehoiz itzaliko itxaropenaren argi gorria,
gizonaren bideak seinalatzen dituena.
Beste bihotz batzuek jasoko dute gure esperantza,
ez gera alferrik pasako.
Gure oinek markaturiko bideetatik
bihar eta etzi eta beti
anai berriek jarraituko dute justiziara daraman bidea.
Ez gera, ez gera, ez gera alferrik pasako!
Hil eta gero non “biziko” garen, “gure” etxea, herria, mundua zer
izango den, gure asmoak eta ametsak gauzatuko ote diren… Hauek
eta hauen antzeko kezka ugarik astintzen digu, dardarazten digu,
82
Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga
larritzen digu arima bizi garen bitartean, geure heriotza –gertaera
helegite gabea, amaia– gogoeta gai datorkigunean batik bat.
Gure bizitza ez genuke behar bada bide beretik eramango heriotzaren jakitun eta kontziente ez bagina, hil eta gero ere “bizitzen”
jarraitzeko nahirik ez bagenu. Gureen hilobiak zaintzen ditugu eta
haietara joaten gara, erromes antzo, beraietan dautzan asabak bizi
direlako gure oroimenean. Eta geu ere, ustez bederen, “biziko” gara
hil ondoan, gureek oroitzen gaituzteno.
Baina hilobiak, oroitarriak, hilerriak, aurrekoen egonleku sakratuak,
arerioen itu eta desagerrarazi beharreko bilgune ere izan dira maiz
historian zehar. Hilen egoitzak bizion etxeetan –haitzuloak, sukaldea, hilerria…– edo inguruan daude –egon dira–, eta bizion etxeak
erauztea adinako laidoa, sakrilegioa, zaie beste batzuei ere haien
egoitza suntsitzea:
“Non daude gaur egun peguotak? –galdetzen du Tecumseh, shawneesetakoak Ehortzi ezazue ene bihotza Wounded Kneen liburuan–. Non
narragansetak, mohikanoak, pokanoketak eta egunen batean gure
herriko tribu indartsu izan ziren beste batzuk? Gizon zuriaren dirugose eta zamapean desagertu ote dira udako eguzkipean elurra bezala? Guri dagokigunez, hondatu arte bakean utzi behar ote diogu
borroka egin gabe? Gure etxeei, Izpiritu Handiaren dohaina den
gure lurraldeari, gure hildakoen hilobiei eta guretzat maitagarria eta
sakratua den guztiari uko egin behar ote diogu? Badakit nirekin deiadar egingo duzuela: ‘Ez. Inoiz ere ez!’ ”.
Beharbada esan genezake aurrekoen borondatea bizi dela gugan.
83
Hamaikatxok esana du honez gero, herri aldarri handietan sarriago,
etxeko mahai inguru apalagoan inoiz, “harro leudeke gutaz”, gurasoez
edo lehenagoko arbasoez oroituz. “Pozik legoke ikusi bagintu” pentsatu ez ezik sinistu nahi genuke gure aurrekoren batez akordatuta.
Baina, alderantziz ere, zenbat aldiz ez ote dugu esan: “berriro hilko
litzateke, hori ikusiko balu”?
Ez ziren alferrik pasa, zinez, eta ez gara pasako; gure oinatzak hor
geratuko dira bidean, eta ondoren datozenek ezagutuko dituzte. Ez
gara alferrik pasako, eta nahi ere horixe nahi genuke: beste esku batzuek gure lana eta beste bihotz batzuek gure itxaropena jasotzea.
84
Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga
19. HILOBI BETEAK ETA HUTSAK
Hilerrian bertan edo hilerritik kanpo, momentuak eta oroitarriak
eraiki ohi zaizkie batzuetan hilei, agintaritzan, jakintzan edo beste
aferaren batetan erreferente izan direlako, gizartearen begietara merezimendua irabazi dutelako.
2011ko maiatzaren 22ko Berria egunkariko Igandea gehigarrian
irakurtzen ahal da Thomas Sankara 1983ko abuztuaren 4an heldu
zela boterera, ordura arte Volta Garaia zeritzan herrialde afrikarrean. Burkina Faso (gizon duinen herria) izena eman zion herriari
boterera iritsi eta urte betera.
1987ko urriaren 15ean estatu kolpea eman eta hil egin zuten Sankara. “Sankararen emazteak senarraren hiletaz edo hobiratzeaz arduratzeko eskaera egin zuen orduan, baina agintariek galarazi egin
zioten, haren hileta gobernu berriaren aurkako manifestazio bihurtuko zelako beldurrez. Eta txosten medikoa bidali zioten emazteari. Honela irakur zitekeen: Sankara Thomas Isidre Nöel, 1949ko
abenduaren 21ean Yakon jaioa, 1987ko urriaren 15ean hil da, arrazoi naturalengatik.
Hilaren aldeko hiletak eta omenaldiak debekatzea, ohitura unibertsal
bezain naturala da, dirudienez. Sankararen heriotza bezain naturala,
gutxienez. Ohartematekoa da, edozein dela ere erregimena, totalitarioek eta horien gerizpean eroso bazkatzen diren komunikabideek
darabilten hizkera. Hurbilekoa ikusteko ispilu egokia izan daitekeenez
urrutikoa, hartu itzazu Kolonbiako berripaperak, esate baterako, eta
asasinatze, erailketa, esango dute gerrillak norbait hiltzen duenean;
85
baina, gerrillaria bada hila, baja emana –dado de baja– idazten dute
dotore asko, “baja emaileak” zerutiar maitagarriak balira bezala.
Sankararengana itzuliz, “Ni, Sankara, pasaeran nago; geratu behar
duena herria da”, esan ei zuen, manifestazio batean jendea bere aldeko leloak oihukatzen ari zela ikusita. Baina bera geratu zen herriaren memorian, eta Uagaduguko hilerria herritarren bilgune izaten
da urtero.
Baina gertatu daiteke hilobirik ez egotea ere, agintariek begi zoliz
aurreikusi dituztelako leku horietan gobernuaren edo agintarien
aurkako manifestaldiak, aldarri deserosoak.
Afrikatik irten gabe, Kongon, “1961eko urtarrilaren 16an, armadaren abioi bat iritsi zen Thysvillera, Hardyko aerodromo militarrera.
Patrice Lumumba, Kongon demokratikoki hautatutako lehen gobernu burua, hartu zuen han abioiak. Gaur egungo Lumumbashiko
aireportuan ikusi zuten azken aldiz bizirik. Hantxe eduki eta torturatu zuten, leku ezezagunen batean bere kideekin batera erail zuen arte
pikete belgikar batek. Ondoren, sokekin lotu eta azido kloridrikotan
sartu zuten gorpua, krimenaren aztarrenak ezabatu eta bere izena
sekulako desagerrarazteko…”.
Olaf B. Rader-en Tumba y poder liburutik hartu dugu aurrekoa eta
bertatik jarraituko dugu oraindik. Mehdi ben Barka Parisen desagertu zen 1965ean:
Ben Barkak Marokoren independentziaren alde borrokatu
zuen batez ere. 1956an, helburu hori lortu zenean, konbentzimendu ezkertiarrak zituen Ben Barkak talka egin zuen Moha-
86
Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga
med V.a eta bere oinordeko Hasan II.aren erregetzarekin, eta
behin baino gehiagotan ospa egin zuen erbestera. Bere aberrian bitan heriotzara kondenatua eta Hasan II.aren zerbitzu
sekretuek antzinatik zelatatua, polizia frantsesak hitzordu politikoa ipini zion bere heriotza egunean, eta gero bahitu egin
zuten. Marokoar erregeren mandatariak egin ziren atzituaren
kargu eta Rabatera eraman zuten abioi militar batean… Tratu
txarrak eman zizkioten, eta zapi batekin ito azkenean. Gorpua… azidotan desegin zuten.
Eta honela dio hamaikagarren kapitulu honen azken lerroetan:
Norbaiti hilobia ukatzeko bi arrazoi daude, bada: batetik, oroitzapen leku bat ezartzea ezinezko bihurtzen du. Hilobia, behintzat, jadanik ezin da izan oroimen leku finko bat. Eta beste zerbait ere lortzen da:
kulpa betierekotzea… hilobirik ez duenak atsedenik
ez du…
87
20. GORPU KONDENATUAK
“Badakigu jaun ahaltsuak direla hilak”, zioen Sigmund Freudek Totema eta tabua liburuan.
896tik 897rako neguan, sinodoa ospatu zen Erromako basilika batean. Olaf B. Rader-en Tumba y poder-etik hartuaz itzuliko dugu:
Engoitik usteltzen ari den gorpu bat, pontifize jantzitan, gotzain tronuan zegoen eserita. Haren aurrean, kontzilio asanblada goren batek inguratuta, Esteban VI. aita santua (896-897)
ari zen salaketa errezitatzen. Horretarako izendatutako diakono bat arduratu zen defentsaz. Bederatzi hilabete lehenago
hildako Formoso aita santua (891-896) zen salatua, aurretik
Portoko gotzain kardinal izana bera. Gotzainek, ordea, debekatua zeukaten eliz barruti bat besteagatik aldatzea. Aldaketa
debeku hori hautsi izanean oinarritzen zen salaketa. Honela
aldarri egin zuen, dirudienez, Esteban VI.ak: “Zergatik saiatu
zinen, Portoko apezpiku zinela, urguiluak bultzatuta, kristandade osoko subirano gisa San Pedroren katedraz jabetzen?”.
Jarraian, hilari jantzi sainduak eranzteko, eskuko hiru atzamar
mozteko, eta gorpua Tiber ibaira jaurtitzeko agindu zuen; eta
hark ordenaturiko apaiz guztiak beren duintasunaz gabetu, eta
berriro ordenatu egin zituen.
Aurrerago, honela jarraituko du Rader-ek:
Liutprandok (Cremonako apezpikua) ematen ez dizkigun xehetasun zenbait bildu daitezke beste iturri batzuetatik, gertatuaren ikuspegia aberastuz: horrela, aita santu jantziak eta iku-
88
Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga
rrak degradatuz bezala erauzita, hil osteko kargugabetzearen
ondoren eta bedeinkatzeko erabiltzen zuen eskua moztu eta
gero, oinetatik tatarrazka atera zuten gorpua kontzilio-elizatik.
Hirira erromes joanda hiltzen zirenak lurperatzen zituzten lekuan
hobiratu zuten halako batean Formoso aita santu ohia. Baina, hara
zer diren eta zer izan diren zeruetatik eta Jainkoarengandik hain
hurbilak ohi diren sotanadun handiki hauen gorabeherak. Esteban
VI.ari ez zitzaion aski “damnatio corporis” iruditu bere aitzindari
Formoso halako lekuan hobiratzea, eta lurpetik atera eta Tiber ibaira
botatzea agindu zuen.
Ez da hor amaitzen Formosorena, baina utzi dezagun hortxe, ur beti
berritan, engoitik betierekoa denez ez da itoko eta.
Kontua da epaiketak, aita santu jantzitan auzipetu gisa ipintze soiletik hasita, jantziak eta ikurrak erauzteak, oinetatik tatarrazka elizatik
ateratzeak eta ondorengo guztiak erakusten duela, garaiko botere
gose eta tirabiren norainokoaz gain, zein mailataraino iritsi daitekeen boteredunaren mendeku nahia, larderia eta zabarkeria. Historian zehar gaur arte milaka kasutan errepikatu den mendeku nahi,
larderia eta zabarkeria, bestalde.
Hilobien funtzio nortasun sortzailea, beraien ebaspenean nabarmentzen da era harrigarrian. Naturaz gaindiko ordena baten nahi gisa, txikizioa eta ezerezera kanporatzearen amorrua
jasan duten gorpuak ez ezik, hilobiak ere, memoriaren ustezko
leku bezala, suntsiketen helburu izan dira behin eta berriz.
Oroitzapenak “damnatio memoriae”-raino ezabatu beharra…
hilobiak suntsitzerainokoa da.
89
Egin dezagun jauzitxoa Iparramerikara Mary Ruiz de Zarateren Del
Bravo a la Patagonia liburuarekin, eta ikusiko dugu aita santua adinako handikia izan beharrik ere ez dagoela hurkoari beste munduko
atsedena ukatu nahi izateko. Bufalo Bill deituriko Willian Cody koronela urte askoan bizi izan ei zen mendi larretan bufalo ehiztari
gisa. Indioen ohiturak eta haien bizimodua ikasi omen zituen han,
eta baita zeukatena txoritzeko beraietaz hobekien nola baliatu ere.
Azal gorridunen erlijio animista ezagututa, bazekien haien sinestea
zela hil ondoren tximetatik tiraka eramaten zituela Espiritu Handiak
bere egoitzara… Bufallo Billek, beraz, narru eta guzti erauzten zien
buruko txima menperatzen zituen azal gorriei, haien artean izua eragiteko.
Ume ginenean indio basatien aurka borrokatzen zuen heroi zuri haren kapeluan zer zegoen ikusi nahi nuen, eta erakutsi ere bai, kapitulu hau amaitu aurretik. Ikusi beharrik izan gabe ere badakigu orain.
Beti Rader-en edo beste hainbat autoreren lanetara, Mundu Berrian
eginiko gehiegikerietara edo antzinako adibideetara joan beharrik
gabe, gaur ere, eta etxean bertan, aisa aurki ditzakegu hilen gorpuak
bahitu eta polizien aginduetara hobiratzen diren kasuak, senide eta
lagunen azken agurra debekatuz. Edo epaileen aginduz kentzen diren oroitarriak; hilobietan oroitzapen elkarretaratzeak egiteko debekuak; omenaldi saioetan urtez urte errepikatzen diren polizien
indarkeria eta larderia erakustaldiak; omendu eta gogoratu nahi den
hila, oroimenean daramaten senide eta lagunak zafratzea eta umiliatzea helburu dutenen ozarkeria.
90
Agurra eta Ohorea
Jokin Urain Larrañaga
Hileta ekitaldiek ordena politiko eta soziala legitimatzen dute ezbairik
gabe. Bestearena ukatzen eta zanpatzen dutenek eurena hanpatzen
dute, eta ezinbestean datozkigu begietara estatu-hileta solemneen
irudiak, eulien distrakziorik ere onartzen ez duen zurruntasunez egiten direnak, agintari zibil eta militarrak lepo, denak hunkituta…
91
21. MANU ETA TXILIBITA
1984ko irailaren 17ko gauean, guardia zibilek kamioia tirokatu eta
barruan zihoazen Manu Urionabarrena eta Juanito Oiarbide Txilibita hil zituzten Irungo mugan.
Zapatua zen –dio Manuren alaba Izaskunek–. Autobidean,
Irungo ordainlekuan, gaueko 10etan Guardia Zibilak gure aita
eta beste bi kide harrapatu zituen. Gu hurrengo egunean enteratu ginen, irratiak esanda; Komando Araba jausi zela esaten
zuen irratiak behin eta berriro. Bagenekien aita bertan zegoela.
Berri argirik ez genuen izan; bi hildako zeudela esaten zuten
irratian, baina ez nortzuk ziren. Guri inork ez zigun abisatu;
irratian entzuten genuena besterik ez genekien.
Hildako bat Txilibita zela esan zuten goiz erdi aldera, baina
besteari buruz ezer ez. Gorpua identifikatzeko arazoak zituztela esan zuten, eta gezurra zen; gure aita ondo zegoen,